Ostera berriro hastera
Ostera berriro hastera (2018) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Ostera berriro hastera
Urte politikoaren irekiera ofizialaren astea izan da hau, alderdi eta instituzio nagusien zeremonia-ekitaldi ohikoena. “Maravillas auzia” tarteko, dinamika politikoa tenperatura hartzen hasia zen pasa den astetik, ordea. Nafarroan harrabots handia sortu duen Maravillas gaztetxearen desalojoak zentraltasun mediatikoa irabazi duen arren, izan dira bestelako gertaera larri batzuk ere azken egunetan, kasu batzuetan behar beste denbora eta espazio hartu ez dutenak medioetan eta sare sozialetan: lan istripuak izan ditugu, 2018an 41 langile hil dira guztira Euskal Herrian; mugimendu feministaren loraldiak eraso matxistak geldiarazten ez dituela frogatu dute jaiek; migratzaileen etorrerak baliabide instituzionalak kolapsatu ditu; pentsionistek gelditzeko etorri direla eta zeresana ematen jarraituko dutela iragarri digute Bilboko Aste Nagusian.
Pasa den urte politikoa ez-ohikoa izan zen mobilizazio sozialari dagokionez eta, azken aste eta egun hauei zeharka begiratuz, badirudi hasi berria den honek ere joera horri eutsiko diola. Seguruenez, beste gai batzuk ere egingo dute lekua agenda sozialean datozen hilabeteetan, hezkuntza sisteman gertatzen ari den klase/jatorri segregazioak adibidez. Euskal gizartea borborka dago eta agenda politikoa markatzeko ahalmena duen mobilizazio gaitasuna erakusten ari da. Ikus bestela nola alboratu duen EAJk euskal oasiaren diskurtsoa. Hauteskunde urtea da hau eta eragile politiko nagusiek ekin diote motorrak berotzeari. Azken egunetako batzuen eta besteen adierazpen eta jokamoldeei erreparatuz, urte honen dinamika politikoaren bektore nagusiak zeintzuk izango diren igarri liteke: Urkulluk bere lehentasunak adierazi ditu. Begi bistakoa da EAEko estatus politikoarekin EH Bilduk eta EAJk erdietsi duten adostasunarekin gustura ez dagoela, eta akordioa transbertsalizatzeko nahiak konfrontazio demokratikoa ekiditeko asmoa erakusten duela, bagenekiena; ELA ere entzun dugu akordio hau baloratzen. Zaila da Txiki Muñozek adierazi duena baloratzea, zer esan duen ere ez baitago batere garbi. Idatziz adieraziko dutela iragarri dute eta esperoan gelditzen gara. Momentuz dakiguna da estatus politiko berrirako oinarrietan gehiengo sindikal abertzalearen aldarrikapen historikoak jasota ere, ELAk akordioaren aurka egingo duela, eta, beraz, etsai bat gehiago batu zaiola akordioari Vocentoz, PPz eta PSEz gain.
Geroa Baik ere, “Maravillas auzian” hartutako erabakiekin eta egindako kudeaketa txapuzeroarekin, aldaketaren legealdi honen azken hilabeteak norabidetu ditu. Zaila zait ulertzen jokabide batzuen logika politikoa, baina, edozein kasutan, desalojoaren erabaki unilateralak aldaketaren eragile politikoen arteko zubiak kaltetu ditu nabarmen, eta, beraz, aldaketa bera ahuldu du, balizko Geroa Bai-PSN gobernu baten hipotesia hauspotuz. Horrekin batera, gaztetxeak aldaketa kaltetzeko erabiltzen ari den sektore bat ere ikusi dugu. Hori ere badago, eta egoten jarraituko du datozen hilabeteetan, eta konplexurik gabe lehiatu behar da termino ideologikoetan.
Marlaskak agerraldia egin du Kongresuan. Presoei dagokienez fase berri batean gaudela berretsi genezake, baina urratsak nahi eta behar baino motelago etorriko direla ere bai. Urte politiko berri honetan lehen mailako garrantzia duen presoen auziak nondik nora jo dezakeen igartzen laguntzen digu honek: ezin ezeren esperoan egon; hurbilketa bakoitza, gradu progresio bakoitza, kaleratze bakoitza borrokatu beharreko zerbait izango da. Presoei dagokienez, gizarte-presioa eraginkortzeko urte politikoa, beraz.