Edukira joan

Otartxo utsa

Wikitekatik
Biotz-begietan  (1930)  Xabier Lizardi
Otartxo utsa

Otartxo utsa


      (Alaba bakar zuenari, aita-alargunak) 

Zumezko otartxoa,
bazterrean utsik...
Noizdanik, gaixoa,
ez duzu lorerik? 

Udaberriero
baizenkustan ikus
lore-ontzi naro,
zergatik gaur ain uts?... 

Mendian ari da
kukua kantari;
Basoa ta Itzala
elkarren maitari; 

mitxeletak, ilkor-
ezik beren ustez,
badabiltza an ta or
lur apaindu gainez... 

Zumezko otarñoa:
udaberria izan
ta, nola, gaixoa,
zaude baxterrean? 

Yun baita, betiko
yun, aitaren poza!
Loreak biltzeko
ez izaki gauza! 

Beso biguin aiek
gogortu baitziran,
ta itzali begiek
gau etengabean!... 

Zumezko otartxoa,
erraidazu, arren,
uts duzun ondoa.
Ez ote, bederen, 

loreño bat aaztu
zure sabelean,
aita dadin poztu
bere negarrean? 

Ondar ximelenik
gabe zen otarra...
Yaso dut geldirik...
Ari dut negarra... 

Geroztik, iñoizka,
urbiltzen natzaio;
begira nagoka,
begira, luzaro 

Ta sarri (gogoan
iduritu bizi)
lore bat, ondoan,
eginik du mami. 

Lore bat, gorria,
mardul, eze, beti;
erts-ezin zauria
odolezko iduri... 

Oroitzezko lore,
laztan biotzeko,
itzali den nere
izarrarentzako.