Otxandiotik Baionara
Otxandiotik Baionara (2017) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Ostera berriro hastera
Korrikaren 20. edizioaren lehen urratsak gertutik bizi izan ditut asteon. Gure herriko kaleak ilusioz eta etorkizunez koloreztatu dituen milaka lagunen uholdean nahasi naiz ni ere. Nahiz Euskal Herri mindu honetako bizidunok ohitu(egi)ak gauden lantzean behin horrelako eztanda emozionalak jasotzera, nire gogo-bihotzak ez daude oraindik zirrara bereziak sentitzetik salbuetsita –eta hala bedi urte luzeetan!–. Herri honen ilusionistak, su-irensle optimistak, trapezistak, malabaristak, alkimistak, bizirauten espezialistak elkar hartuta pausu biziz, esperantza mezu ezkutu bat euskal herrietatik igaroz, lankidetzan, batzuk nekatu ahala besteei luzatuz lekukoa, etenik gabe helmugaraino. Esan dezagun hau ere: Korrika euskal herrigintza senak eman duen asmakizun bikainenetako bat da, zalantzarik gabe.
Uholde horren parte izan naizelarik, beste behin ere herri sen indartsu bat sentitu dut arnasestuka, herri honen bulkada transformatzailearen bertsio jatorrena. Egun handiaren azkenetan, estasiaren biharamunean ordenagailuaren aurrean jarri naizelarik, zaila da emozioei eutsi eta arrazionaltasuna gailenaraztea. Baina aspaldiko kontua da iraultzak buru hotzak haina bihotz beroak behar dituela. Eta datozen bi-hiru urteek eman dezaketena imajinatzeari ekin diot.
Imajinatu dut euskal berpizkunde berri bat, euskal estatuen eraikuntzaren aukera errealak irekitako euskararen eta euskal kulturaren loraldia. Imajinatu ditut prozesu konstituienteak euskal lurraldeetan: euskal garapen ereduaren, hezkuntza sistemaren, babes sozialaren, pentsio sistemaren, lan-harreman esparruaren eta komunikazio sistemaren gaineko eztabaida sozial biziak, zeinetan euskal gehiengo sindikala baden nor langileen interesen defentsan. Imajinatu dut herrietan garatzen ari diren egitasmo komunitario eraldatzaileen sarea, Euskal Herria berrikuntza sozialaren esperimentazio esparru erreferentziazkoa bihurturik Europa mailan. Imajinatu dut gazte mugimendu desobediente indartsu bat, “Ez gaituzue exilio ekonomikora kondenatuko! Euskal Herriko kaleetan gelditzen gara bizi izatera, lan egitera eta herri hau eraikitzera! Gu gara independentzia irabaziko duen belaunaldia!” oihuztatuz, mende erdiko borrokaren ondarearen jasotzaile eta ideia profetikoak gauzabidean jartzeko kontzientzia historikoaren jabe. Imajinatu dut euskal iraultza demokratiko bat Europaren bihotzean, Euskal Errepublikari ateak parez pare zabalik. Eta imajinatu ditut presoak eta iheslariak Euskal Herriko kaleetan libre.
Uste dut garai bereziotan ezker abertzaleak bertso txikiak alboratu eta bere buruarekin berradiskidetzeko tenorea duela. 1978ko erregimenaren krisiak, Kataluniako prozesu independentistaren fase erresolutiboak, eskoziarren bigarren saiakerak edota Ipar Irlandan erreferenduma ospatzeko aukerak ezin gaitu doluaren hamaikagarren etapan harrapatu. Herri honi zor gatzaizkio eta ezin dugu hutsik egin.
Korrikari amaieraren parean iritsiko zaigu beste erakustaldi baterako aukera. Apirilaren 8an Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako trapezistek, alkimistek, ilusionistek armak argitaratuko dituzte. Estatu boteretsuen zikoizkeriari eta epe motzeko interes partidistei gain harturik gizarte zibilak eraitsiko du herri honi aurrera egin ez dezan jarri dioten murruetako bat. Fase politiko honek eskatzen duen tonua eta determinazioa ikusi ditut bakegintza prozesuetako estandar guztiak hankaz gora jarri dituen ekimen honetan. Berriz ere herrigintza sen miresgarri hori. Bide horretan aurrera, tinko.
Malabaristen, alkimisten, ilusionisten, optimisten artean badago frustrazioan eta akzio-errepresioaren gurpil zoroan ito nahi gaituen profeta faltsuren bat edo beste ere. KAS alternatiba berrirakurtzeko gonbita luzatuko nieke profeta faltsuen sirena hotsek liluratutako horiei, eta historia existitu ez den ezker abertzale baten irudiaren gainean berridatzi nahi dutenei entzungor egiteko eskatu. Haustura demokratikoaren alde egin zuen ezker abertzalearen ondare historikoa apirilaren 8an Baionan izango da, Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoari segida emanez, ilusionisten, trapezisten, malabaristen eta optimisten artean murgildurik.