Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Konbentzioa
Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Konbentzioa
Atarikoa
[aldatu]Konbentzio honetako estatu alderdiek,
a) Gogoraturik, Nazio Batuen Gutuneko printzipioek munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarri gisa aldarrikatzen dutela halako aitorpena, gizaki orori dagozkion duintasuna nahiz balioa, zer eta eskubideak berberak eta besterenduezinak izatea,
b) Aitortuz, Nazio Batuek, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta Giza Eskubideen Nazioarteko Itunetan, aitortu eta aldarrikatuaren haritik, pertsona orok dituela tresna horietan adierazitako eskubide eta askatasunak, inolako bereizkeriarik gabe,
c) Berretsiz, giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztien unibertsaltasuna, zatiezintasuna, interdependentzia eta erlazioa, bai eta pertsona desgaituek halakoak osotasunean eta bereizkeriarik gabe egikaritzea bermatzeko beharrizana ere,
d) Gogoraturik, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioa, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa, torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa, haurren eskubideei buruzko Konbentzioa eta langile migratzaile guztien eta horien familiakoen eskubideak babesteari buruzko Nazioarteko Konbentzioa,
e) Aitortuz, desgaitasuna etengabeko bilakaera duen kontzeptua dela, eta horren eragiletzat elkarrekintza hartu behar dela, bateko, gabeziak dituzten pertsonen, eta, besteko, pertsona horiek gizartean bete-betean eta eragingarritasunez parte hartzea, gainerakoen baldintza berberetan, saihesten duten jarrera- eta inguru-oztopoen artean,
f) Aitortuz, Ezinduentzako Munduko Ekintza Programak eta Pertsona Desgaituen Aukera Berdintasuneko Erabereko Arauek jasotako printzipioen eta jarraibideen garrantzia, maila nazionaleko, erregio-mailako eta nazioarteko plan, programa eta neurriak sustatu, azaldu eta ebaluatzeko eragile gisa, pertsona desgaituei aukera-berdintasun handiagoa emateko,
g) Nabarmenduz, desgaitasunari buruzko gaiak garapen jasangarriaren kasuan kasuko estrategien osagai gisa biltzearen garrantzia,
h) Era berean aitortuz, edozein pertsonaren aurka desgaitasunarengatik egindako bereizkeria gizakiaren duintasuna eta balioa urratzea dela,
i) Halaber aitortuz, desgai diren pertsonen aniztasuna,
j) Aitortuz, pertsona desgaitu guztien giza eskubideak sustatu eta babesteko beharrizana, barnean direla babes handiagoa behar dutenak,
k) Kezkaz beteta ikusirik, aipatu tresna eta jarduerak gorabehera, pertsona desgaituek oztopoak izaten jarraitzen dutela, gainerako pertsonen baldintza berberetan parte hartzeko gizarte-bizitzan, eta munduko toki guztietan euren giza eskubideak urratzen jarraitzen direla,
l) Aitortuz, nazioarteko lankidetzak duen garrantzia, pertsona desgaituen bizitza-baldintzak hobetzeko herrialde guztietan, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeetan,
m) Aitortuz, pertsona desgaituek ongizate orokorrari eta euren erkidego anitzei egiten dizkieten eta egin ahal dizkieten ekarpenen balioa, eta pertsona desgaituek giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak osotasunean izatea eta erabat parte hartzea sustatzen bada, horrek berarekin ekarriko duela, bai pertsona horiek euren burua gizarteko kide moduan gehiago sentitzea, bai eta gizartearen garapen ekonomiko, sozial eta gizalegezkoari eta txirotasuna desagerrarazteari dagokienez aurrerapauso garrantzitsuak ematea ere,
n) Aitortuz, pertsona desgaituentzat garrantzitsua dela euren banakako autonomia eta independentzia, barnean dela dagozkien erabakiak hartzeko askatasuna ere,
o) Kontuan harturik, pertsona desgaituek modu aktiboan parte hartzeko aukera izan behar dutela politikei eta programei buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan, eurak zuzenean ukitzen dituztenetan barne,
p) Kezka bizia izanik, pertsona desgaituek duten egoera zaila dela eta, bereizkeria-mota anitz edo astunduen biktima izateagatik, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala, jatorri etnikoa, jatorri indigena edo gizarte-jatorria, ondarea, jaiotza, adina edo beste edozein ezaugarri dela bide,
q) Aitortuz, emakume eta haur desgaituek arrisku handiagoa izan ohi dutela, etxebizitzan nahiz etxebizitzatik kanpo, indarkeria, lesioak edo abusua, abandonua edo zabarkeriazko tratua, tratu txarrak edo esplotazioa jasateko,
r) Era berean aitortuz, haur desgaituek oso-osoan izan behar dituztela giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, gainerako haurren baldintza berberetan, eta gogoraturik estatu alderdiek horren inguruan hartu zituzten betebeharrak haurren eskubideei buruzko Konbentzioan,
s) Azpimarratuz, pertsona desgaitu guztiek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osoan izatea sustatzeko jarduera guztietara genero-ikuspegia biltzeko beharrizana,
t) Nabarmenduz, pertsona desgaitu gehienak txirotasun-baldintzetan bizi direla, eta gogoraturik, horri dagokionez, pertsona desgaituengan txirotasunak dituen ondore negatiboak arintzeko funtsezko beharrizana,
u) Aintzat harturik, pertsona desgaituen erabateko babesa lortzeko, bereziki gatazka armatuek eta atzerritarren okupazioek iraun bitartean, ezinbestekoa dela bake- eta segurtasun-baldintzak izatea, Nazio Batuen Gutunaren asmoak eta printzipioak bete-betean errespetatzen dituztenak, eta giza eskubideen gaian indarrean dauden tresnak errespetatzea,
v) Aitortuz, garrantzitsua dela eskuragarri izatea inguru fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturala, osasuna nahiz hezkuntza, eta informazioa nahiz komunikazioak, pertsona desgaituek oso-osoan eduki ahal izateko giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak,
w) Jakitun izanik, beste pertsona batzuei eta euren erkidegoari begira betebeharrak dituzten pertsonek ardura dutena, bide guztiak baliatuta, ahaleginak egiteko Giza Eskubideen Nazioarteko Gutunean aitortutako eskubideak sustatu eta errespeta daitezen,
x) Jakinik, familia gizartearen berezko unitate kolektibo eta funtsezkoa dena, eta familiak eskubidea duena gizarteak eta estatuak babes dezaten, eta pertsona desgaituek eta horien familiakoek behar adinako babesa eta laguntza izan behar dutena, familiek lagundu ahal izateko pertsona desgaituek euren eskubideak oso-osoan eta baldintza berberetan izateari dagokionez,
y) Jakinik, pertsona desgaituen eskubideak eta duintasuna sustatu eta babesteko nazioarteko konbentzio zabal eta oso-osoko batek modu garrantzitsuan lagunduko duela pertsona desgaituen gizarte-desabantaila sakona arintzen, eta pertsona horien partaidetza suspertuko duela, aukera-berdintasuna eraginez esparru zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean, garapen-bidean dauden herrialdeetan nahiz herrialde garatuetan,
Hurrengoa hitzartu dute:
1. artikulua. Asmoa
[aldatu]Konbentzio honen asmoa da sustatzea, babestea eta ziurtatzea desgai diren pertsona guztiek oso-osoan eta berdintasun-baldintzetan izatea oinarrizko eskubide eta funtsezko askatasun guztiak, eta pertsona horien duintasuna errespeta dadila sustatzea.
Pertsona desgaituen artean badira epe luzera gabezia fisiko, mental nahiz intelektualak edo zentzumenezko gabeziak izango dituztenak, oztopo desberdinekin topo egitean gabezia horiek eragotzi ahal izango dutela pertsona horiek gizartean parte hartzea osotasunean eta eragingarritasunez, gainerakoen baldintza berberetan.
2. artikulua. Definizioak
[aldatu]Konbentzio honen ondoreetarako:
«Komunikazioak» bere baitara bilduko ditu hizkuntzak, testuak bistaratzea, Braillea, ukimen-komunikazioa, makrotipoak, sarrera errazeko multimedia-gailuak, bai eta idatzizko hizkuntza, entzumen-sistemak, hizkuntza erraza, digitalizatutako ahots-baliabideak eta komunikazioa gehitzeko edo ordezko komunikaziorako bestelako modu, baliabide eta formatuak ere, horien artean direla informazio-teknologia eta sarrera errazeko komunikazioak;
«Hizkuntzatzat» ulertuko dira ahozko hizkuntza nahiz zeinu-hizkuntza eta komunikatzeko beste modu batzuk, ahozkoak ez direnak;
«Desgaitasun-arrazoien ondoriozko bereizkeriagatik» ulertuko da edozein bereizketa, bazterketa edo murrizketa, desgaitasun-arrazoiengatik egiten dena, asmo edo ondore izanik giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztien aitorpena, gozamena eta egikaritza oztopatzea edo ondorerik gabe uztea, esparru politikoan, ekonomikoan, sozialean, kulturalean, zibilean edo beste mota bateko esparruren batean. Bere baitara biltzen ditu bereizkeria-mota guztiak, horien artean dela zentzuzko egokitzapenei ezezkoa ematea;
«Zentzuzko egokitzapen» gisa hartuko dira beharrezkoak eta egokiak diren aldarazpen eta moldaketak, halakoek ez dutenean ezartzen neurriz kanpoko edo ezegokia den zamarik, betiere, kasu jakin bati begira beharrezkoak badira, pertsona desgaituei berma dakien giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak izatea edo egikaritzea, gainerakoen baldintza berberetan;
«Diseinu unibertsal» gisa ulertuko da produktuen, ingurunearen, programen eta zerbitzuen diseinua, halakoak pertsona guztiek ahalik eta gehien erabil ditzaketenean, moldatu beharrik gabe, eta espezializatutako diseinurik gabe. «Diseinu unibertsalak» ez ditu baztertuko desgai diren pertsona-talde berezientzako laguntza teknikoak, halakoak behar direnean.
3. artikulua. Printzipio orokorrak
[aldatu]Konbentzio honetako printzipioak izango dira:
a) Pertsonen duintasuna, banakako autonomia, barnean dela pertsonei dagozkien erabakiak hartzeko askatasuna ere, eta independentzia errespetatzea;
b) Bereizkeriarik eza;
c) Gizartean erabat eta eragingarritasunez parte hartzea eta modu horretara jardunez gizarteratzea;
d) Desberdintasuna errespetatzea eta pertsona desgaituak onartzea aniztasunaren eta giza baldintzaren alde gisa;
e) Aukera-berdintasuna;
f) Irisgarritasuna;
g) Gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna;
h) Haur desgaituek euren ahalmenei begira izan dezaketen garapena eta euren nortasunari eusteko duten eskubidea errespetatzea.
4. artikulua. Betebehar orokorrak
[aldatu]1. Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, pertsona desgaituen giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osoan egikaritzea ziurtatu eta sustatzeko, inolako bereizkeriarik egin gabe desgaitasun-arrazoiengatik. Ondore horretarako, estatu alderdiek hurrengo konpromisoak hartu dituzte:
a) Konbentzio honetan aitortutako eskubideak eragingarri egiteko neurri egoki guztiak hartzea, legegintzazkoak, administratiboak nahiz beste izaera batekoak;
b) Egoki diren neurri guztiak hartzea, legegintzazko neurriak barne, indarreko legeak, erregelamenduak, ohiturak eta eginerak aldarazi edo indargabetzeko, halakoek bereizkeria egiten dutenean pertsona desgaituen aurka;
c) Kontuan hartzea, politika eta programa guztietan, pertsona desgaituen giza eskubideen babesa eta sustapena;
d) Konbentzio honekin bateraezinak diren egintzak edo eginerak ez gauzatzea, eta agintari nahiz erakunde publikoek konbentzio honetan xedatutakoaren arabera jardun dezatela zaintzea;
e) Egoki diren neurri guztiak hartzea, pertsona, erakunde edo enpresa pribatuek ere bereizkeriarik egin ez dezaten desgaitasun-arrazoiengatik;
f) Ikerketari eta diseinu unibertsaleko ondasunen, zerbitzuen, ekipamenduaren eta instalazioen garapenari ekitea edo halakoak sustatzea, konbentzio honetako 2. artikuluko definizioarekin bat etorriz, betiere, horiek ahalik moldaketarik txikiena eta kosturik txikiena behar dutenean pertsona desgaituen beharrizan bereziak asetzeko; halakoen eskuragarritasuna eta erabilera sustatzea; eta diseinu unibertsala sustatzea arauak eta jarraibideak egiten direnean;
g) Ikerketa eta garapenari ekitea edo horiek sustatzea, eta teknologia berrien eskuragarritasuna eta erabilera sustatzea, horien barnean direla informazio- eta komunikazio-teknologiak, mugigarritasunerako laguntzak, pertsona desgaituentzako gailu tekniko eta laguntza-teknologia egokiak, lehentasuna emanez arrazoizko prezioa dutenei;
h) Pertsona desgaituentzat eskuragarri den informazioa ematea, mugigarritasunerako laguntzen, gailu tekniko eta laguntza-teknologien, horien artean teknologia berrien, bai eta bestelako laguntza-moten eta laguntza-zerbitzu eta -instalazioen inguruan ere;
i) Pertsona desgaituekin lan egiten duten profesionalen eta langileen prestakuntza sustatzea, konbentzio honetan aitortutako eskubideei dagokienez, eskubide horiek bermatzen dituzten laguntza eta zerbitzuak hobeto emateko helburuarekin.
2. Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideei dagokienez, estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute neurriak hartzeko, euren baliabideen arabera ahal denik eta gehien, eta, beharrezkoa denean, nazioarteko lankidetzaren esparruan, arian-arian lortzeko eskubide horien erabateko egikaritza, kalterik egin gabe konbentzio honetan jasotako betebeharrei, halakoak berehala aplikatzeko modukoak direnean nazioarteko zuzenbidearen ondorioz.
3. Konbentzio hau eragingarri egiteko legeria eta politikak prestatu eta aplikatzean, eta pertsona desgaituekin zerikusia duten gaiei begira erabakiak hartzeko beste prozesu batzuetan, estatu alderdiek hur-hurreko kontsultak egingo dituzte eta modu aktiboan elkarlanean arituko dira pertsona desgaituekin, baita haur desgaituekin ere, halakoak ordezkatzen dituzten erakundeen bidez.
4. Konbentzio honetan xedatutakoak ez ditu ukituko pertsona desgaituentzako xedapenak, halakoek ahalbide dezaketenean pertsona horiek euren eskubideak gehiago egikaritzea, betiere, eskubideok jaso direnean estatu alderdi baten legerian edo nazioarteko zuzenbidean, hori indarrean dagoenean estatu horretan. Ez dira murriztuko, ezta indargabetuko ere, konbentzio honetako estatu alderdietan, lege, konbentzio eta hitzarmenekin, erregelamenduekin edo ohiturarekin bat etorriz aitortutako edo izan badiren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak, aitzakia gisa jarriz eskubide edo askatasun horiek ez direla konbentzio honetan aitortu, edo, aitortuta ere, ez horrenbesteko pisuarekin.
5. Konbentzio honetako xedapenak aplikatuko zaizkie estatu federaletako zati guztiei, mugarik eta salbuespenik gabe.
5. artikulua. Berdintasuna eta bereizkeriarik eza
• Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona guztiak berdinak direla legearen arabera eta legearen ondorioz, eta eskubidea dutela legearen babes bera izateko eta legea modu berean baliatzeko inolako bereizkeriarik gabe.
• Estatu alderdiek debekatuko dute desgaitasun-arrazoien ondorioz egindako bereizkeria oro, eta pertsona desgaitu guztiei bermatuko diete legearen babes bera eta eragingarria, edozein arrazoitan oinarritutako bereizkeriaren aurka.
• Berdintasuna sustatu eta bereizkeria ezabatzeko helburuarekin, estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte zentzuzko egokitzapenak egitea ziurtatzeko.
• Konbentzio honen arabera, ez dira bereizkeriazkotzat joko pertsona desgaituen egitatezko berdintasuna gehitzeko edo lortzeko beharrezkoak diren neurri bereziak.
6. artikulua. Emakume desgaituak
[aldatu]• Estatu alderdiek aitortzen dute emakume eta haur desgaituek bereizkeria-mota anitz jasan dezaketela eta, horrenbestez, neurriak hartuko dituzte ziurtatzeko halakoek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osoan eta berdintasun-baldintzetan baliatu ahal izatea.
• Estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, emakumearen erabateko garapena, aurrerapena eta indartzea ziurtatzeko, asmoa izanik bermeak ezartzea, konbentzio honetan ezarritako giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak egikari edo balia ditzan.
7. artikulua. Haur desgaituak
[aldatu]• Estatu alderdiek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte ziurtatzeko haur desgaitu guztiek oso-osoan baliatzea giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, gainerako haurren baldintza berberetan.
• Haur desgaituekin zerikusia duten jarduera guztietan, lehentasuna izango du haurraren interes gorenaren babesak.
• Estatu alderdiek bermatuko dute haur desgaituek eskubidea izatea, bai iritzia askatasunez eman dezaten, eurengan eragina duten gai guztien inguruan, iritzi hori behar den moduan kontuan hartuko dela, aintzat hartuz haurraren adina eta heldutasuna, gainerako haurren baldintza berberetan, bai eskubide hori egikaritu ahal izateko euren desgaitasunaren eta adinaren arabera laguntza egokia jaso dezaten ere.
8. artikulua. Kontzientzia hartzea
[aldatu]• Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, hurrengoei dagokienez berehalakoak, eragingarriak eta egokiak diren neurriak hartzeko:
a) Gizartea sentsibilizatzea, baita familia-mailan ere, kontzientzia gehiago har dezan pertsona desgaituei begira, eta pertsona horien eskubideak eta duintasuna errespeta dadila suspertzea;
b) Bizitzako esparru guztietan borrokatzea pertsona desgaituei begira dauden estereotipoen, aurreiritzien eta eginera kaltegarrien aurka, baita generoan edo adinean oinarritutakoen aurka ere;
c) Pertsona desgaituen ahalmenen eta ekarpenen inguruan kontzientzia har dadila sustatzea.
• Helburu horretarako neurriek euren baitara biltzen dute:
a) Jendea sentsibilizatzeko kanpaina eragingarriak abian jartzea eta iraunaraztea hurrengo helburuekin:
i) Jarrera irekiak suspertzea pertsona desgaituen eskubideei dagokienez;
ii) Pertzepzio positiboak eta gizarte-kontzientzia handiagoa sustatzea pertsona desgaituei begira;
iii) Pertsona desgaituen ahalmenak, merituak nahiz trebetasunak eta pertsona horiek lan egiteko tokiari eta lan-merkatuari begira egiten dituzten ekarpenak aitor daitezela sustatzea;
b) Hezkuntza-sistemako maila guztietan pertsona desgaituenganako errespetu-jarrera suspertzea, baita adin goiztiarreko haur guztien artean ere;
c) Komunikabideetako organo guztiei eskatzea pertsona desgaituen inguruan zabal dezatela konbentzio honen helburuarekin bateragarria den irudia;
d) Sentsibilizazioari buruzko prestakuntza-programak sustatzea, halako programek kontuan hartu beharko dituztela pertsona desgaituak eta pertsona horien eskubideak.
9. artikulua. Eskuragarritasuna
[aldatu]• Pertsona desgaituak modu independentean bizi daitezen eta bizitzako arlo guztietan bete-betean parte har dezaten, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte pertsona desgaituei ziurtatzeko eskuragarri izatea, gainerako pertsonen baldintza berberetan, ingurune fisikoa, garraioa, informazioa eta komunikazioak, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta jendaurreko edo erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuk, hiriguneetan nahiz nekazaritza-guneetan. Neurri horiek, eskuragarritasunerako trabak eta oztopoak identifikatu eta ezabatzea barne hartuko dutenak, aplikatuko dira, besteak beste, hurrengoei begira:
a) Eraikinak, bide publikoak, garraioa eta barruko nahiz kanpoko beste instalazio batzuk, hala nola, eskolak, etxebizitzak, mediku-instalazioak eta lan egiteko lekuak;
b) Informazio, komunikazio eta beste era bateko zerbitzuak, barnean direla zerbitzu elektronikoak eta larrialdi zerbitzuak ere.
• Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte hurrengoei begira ere:
a) Jendaurreko edo erabilera publikoko instalazioen eta zerbitzuen eskuragarritasunaren inguruan aplikatu beharreko gutxieneko arauak eta jarraibideak garatu, aldarrikatu eta gainbegiratzea;
b) Jendaurreko edo erabilera publikoko instalazioak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten erakunde pribatuek instalazio eta zerbitzu horiei dagokienez pertsona desgaituen eskuragarritasunerako alde guztiak kontuan har ditzatela ziurtatzea;
c) Pertsona desgaituek zein eskuragarritasun-arazoren aurka borrokatu behar duten aintzat hartu eta arazo horiek ukitutako pertsona guztiei prestakuntza eskaintzea;
d) Jendaurreko eraikinak eta instalazioak hornitzea Braillean eta erraz irakurri nahiz ulertzeko formatuetan dauden seinaleekin;
e) Giza edo animalia bidezko laguntza-motak eta bitartekariak eskaintzea, gidak, irakurgailuak eta zeinu-hizkuntzaren interprete profesionalak barne, eraikinetara eta jendaurreko beste instalazio batzuetara sartzea errazteko;
f) Pertsona desgaituei laguntza eta babesa emateko beste modu egoki batzuk sustatzea, horiek informazioa lortu ahal izatea ziurtatzeko;
g) Pertsona desgaituek informazio eta komunikazioetarako sistema eta teknologia berriak, Internet barne, eskuragarri izan ditzatela sustatzea;
h) Informazio eta komunikazioetarako sistema eta teknologia eskuragarrien diseinua, ekoizpena eta zabalkundea sustatzea etapa goiztiarrean, sistema eta teknologia horiek ahalik eta kosturik txikienarekin eskuratzeko modukoak izan daitezen.
10. artikulua. Bizitza-eskubidea
[aldatu]Estatu alderdiek berresten dute gizaki guztien bizitza-eskubidea, eta beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte, pertsona desgaituek eskubide hori eragingarritasunez izatea bermatzeko, gainerakoen baldintza berberetan.
11. artikulua. Arrisku-egoerak eta larrialdi humanitarioak
[aldatu]Estatu alderdiek, nazioarteko zuzenbidearen arabera eta, zehatzago, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera dituzten arduren ondorioz, ahal dituzten neurri gehienak hartuko dituzte, pertsona desgaituen segurtasuna eta babesa bermatzeko, halakoak arrisku-egoeran daudenean, egoera horien artean direla gatazka armatuak, larrialdi humanitarioak eta hondamendi naturalak.
12. artikulua. Aitorpen bera legearen arabera
[aldatu]• Estatu alderdiek berresten dute pertsona desgaituek eskubidea dutela edonon aitor dakieken nortasun juridikoa.
• Estatu alderdiek aitortuko dute pertsona desgaituek gaitasun juridikoa dutela, enparauen baldintza berberetan, bizitzako arlo guztietan.
• Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, pertsona desgaituei eskaintzeko nortasun juridikoa egikaritzean beharrezkoa duten babesa lortzea.
• Estatu alderdiek ziurtatuko dute gaitasun juridikoa egikaritzearen inguruko neurri guztietan babes egokia eta eragingarria eskaintzea, abusuak saihesteko, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz. Babes horiek ziurtatuko dute gaitasun juridikoa egikaritzearen inguruko neurriek pertsonaren eskubideak, borondatea eta lehentasunak errespetatzea, neurri horiek interes-gatazka eta bidegabeko eraginetatik aske izatea, pertsonaren inguruabarrekiko proportzionalak eta inguruabar horietara egokitutakoak izatea, ahalik eperik laburrenean aplikatzea eta aldizkako azterketen mende izatea, azterketok gauzatu beharko dituela agintari edo organo judizial eskudun, independente eta inpartzialak. Babes horiek proportzionalak izango dira, halako neurriek pertsonen eskubideetan eta interesetan duten eraginaren arabera.
• Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, estatu alderdiek egoki eta eragingarri diren neurri guztiak hartuko dituzte, pertsona desgaituen eskubidea bermatzeko, gainerakoen baldintza berberetan, jabe nahiz ondasunen jaraunsle izan daitezen, euren gai ekonomikoak kontrolatu ditzaten eta banku-maileguak, hipotekak eta bestelako finantza-kredituen modalitateak baldintza berberekin lor ditzaten. Halaber, estatu alderdiek zainduko dute pertsona desgaituak nahierara ondasunez gabetuak ez izatea.
13. artikulua. Justiziara jotzea
[aldatu]• Estatu alderdiek ziurtatuko dute pertsona desgaituek justiziara jo ahal izatea gainerakoen baldintza berberetan, baita prozeduraren inguruan egokitzapenak eginda eta prozedurok adinaren arabera moldatuta ere, pertsona horiek zuzeneko eta zeharkako parte-hartzaile gisa, lekukoak direnean barne, dituzten eginkizun eragingarriak errazteko, prozedura judizial guztietan, baita ikerketa-etapan eta aurreko beste etapa batzuetan ere.
• Pertsona desgaituek aukera izan dezaten justiziara eragingarritasunez jotzeko, estatu alderdiek sustatuko dute justizia-administrazioan lan egiten dutenen gaitasun egokia, baita poliziako eta espetxeetako langileena ere.
14. artikulua. Pertsonaren askatasuna eta segurtasuna
• Estatu alderdiek ziurtatuko dute pertsona desgaituei dagokienez, gainerakoen baldintza berberetan:
a) Pertsonaren askatasun eta segurtasunerako eskubidea izatea;
b) Askatasunaz legearen aurka edo nahierara ez gabetzea, eta edozein askatasun-gabetze legearen araberakoa izatea, eta desgaitasunak inola ere ez justifikatzea askatasunaz gabetzea.
• Estatu alderdiek ziurtatuko dute pertsona desgaituek, prozesu baten ondorioz askatasunaz gabetuak direnean, gainerakoen baldintza berberetan eskubidea izatea giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearekin bat datozen bermeak edukitzeko, eta konbentzio honetako helburu eta printzipioekin bat datorren tratua jasotzeko, baita zentzuzko egokitzapenak eginda ere.
15. artikulua. Torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako babesa
[aldatu]• Inork ez du torturarik edo bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk jasoko. Bereziki, inori ez zaio ezarriko esperimentu mediko edo zientifikorik, baldin eta halakoak jasan behar dituenak adostasunik ez badu ematen, askatasunez eta esperimentu horren inguruko informazioan oinarrituta.
• Estatu alderdiek eragingarri diren neurri guztiak hartuko dituzte, legegintza-, epaiketa-, eta administrazio-izaerakoak, edo beste izaera batekoak, saihesteko, gainerakoen baldintza berberetan, pertsona desgaituek tortura edo bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak jasatea.
16. artikulua. Esplotazioaren, indarkeriaren eta abusuaren aurkako babesa
[aldatu]• Estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, legegintza-, administrazio-, gizarte- eta hezkuntza-izaerakoak nahiz beste izaera batekoak, pertsona desgaituak babesteko, etxebizitzaren esparruan nahiz esparru horretatik kanpo, esplotazio-, indarkeria- eta abusu-mota guztien aurka, generoarekin zerikusia duten aldeak barne harturik.
• Halaber, estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, edozein esplotazio-, indarkeria- eta abusu-mota saihesteko, ziurtatuz, besteak beste, laguntza- eta babes-mota egokiak izatea, kontuan hartzen dituztenak pertsona desgaituen generoa eta adina, eta horien familiakoak nahiz zaintzaileak, bai eta esplotazio-, indarkeria- eta abusu-motak prebenitu, aitortu eta salatzearen inguruko informazioa eta hezkuntza ahalbidetzea ere. Estatu alderdiek ziurtatuko dute babes-zerbitzuek adina, generoa eta desgaitasuna kontuan hartzea.
• Esplotazio-, indarkeria- eta abusu-kasuak saihesteko helburuarekin, estatu alderdiek ziurtatuko dute pertsona desgaituentzako diseinatutako zerbitzu eta programa guztiak agintari independenteek eragingarritasunez gainbegiratzea.
• Estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, susta dadin pertsona desgaituek egoera fisikoa, kognitiboa eta psikologikoa berreskuratzea, eta pertsona horien birgaikuntza eta gizarteratzea, halakoak edozein esplotazio-, indarkeria- edo abusu-motaren biktima direnean, baita babes-zerbitzuak eskainita ere. Berreskuratze eta gizarteratze hori gauzatuko dira osasunarentzat, ongizatearentzat, autoestimuarentzat, duintasunarentzat eta pertsonaren autonomiarentzat mesedegarri den ingurune batean, zeinek kontuan hartuko dituen generoaren eta adinaren beharrizan bereziak ere.
• Estatu alderdiek legeria eta politika eragingarriak egingo dituzte, emakumea eta haurtzaroa oinarri hartzen dituzten legeria eta politikak barne harturik, ziurtatzeko pertsona desgaituen aurkako esplotazio-, indarkeria- eta abusu-kasuak detektatu, ikertu eta, hala denean, epaitu daitezela.
17. artikulua. Osotasun pertsonala babestea
[aldatu]Desgai den pertsona orok eskubidea du bere osotasun fisikoa eta mentala errespeta daitezen, gainerakoen baldintza berberetan.
18. artikulua. Joan-etortzeko eta naziotasuna izateko eskubidea
[aldatu]• Estatu alderdiek aitortuko dute pertsona desgaituen eskubidea, askatasunez joan-etortzeko, bizilekua askatasunez aukeratzeko eta naziotasuna izateko, gainerakoen baldintza berberetan, eta horretarako, hala behar izanez gero, ziurtatuko dute pertsona desgaituei dagokienez:
a) Desgaituek eskubidea edukitzea, naziotasuna eskuratu eta aldatzeko, eta euren naziotasunaz nahierara edo desgaitasun-arrazoiengatik gabetuak ez izateko;
b) Desgaituak gaitasunaz gabetuak ez izatea, desgaitasun-arrazoiengatik, gaitasun hori denean euren naziotasunari buruzko agiriak edo bestelako identifikazio-agiriak lortu, eduki edo erabiltzeko, edo prozedura egokiak baliatzeko, immigrazio-prozedura kasu, beharrezkoak izan daitezkeenak joan-etortzeko askatasunerako eskubidearen egikaritza ahalbidetzeko;
c) Desgaituek edozein herrialdetatik irteteko askatasuna izatea, baita euren herrialdetik ere;
d) Desgaituak euren herrialdera sartzeko eskubideaz gabetuak ez izatea, nahierara edo desgaitasun-arrazoiengatik.
• Desgai diren haurrak jaio eta berehala inskribatuko dira, eta jaiotzen direnetik eskubidea edukiko dute izena izateko, naziotasun jakin bat eskuratzeko eta, ahal den neurrian, euren gurasoak ezagutzeko eta gurasoen arreta izateko.
19. artikulua. Modu independentean bizitzeko eta erkidegora biltzeko eskubidea
[aldatu]Konbentzio honetako estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaitu guztiek baldintza berberetan eskubidea izatea erkidegoan bizitzeko, gainerakoen aukera berberetan, eta neurri eragingarri eta egokiak hartuko dituzte, pertsona desgaituek eskubide hori oso-osoan izan dezaten eta pertsona horiek erkidegora bil daitezen, eta bertan parte har dezaten, modu berezian ziurtatuz:
a) Pertsona desgaituek aukeratu ahal izatea euren bizilekua eta non eta norekin bizi nahi duten, gainerakoen baldintza berberetan, eta betebeharrik ez izatea, nahitaez bizitza-sistema jakin baten arabera bizitzeko;
b) Pertsona desgaituek eskura izatea etxeko laguntzarako zerbitzu, egoitzetako laguntzarako zerbitzu eta erkidegoko bestelako babes-zerbitzuen multzoa, halakoen artean izanik laguntza pertsonala, hori beharrezkoa denean pertsona desgaituak bizimodua ateratzeko eta pertsona hori erkidegora biltzeko, eta gizartetik isolatuta edo bananduta bizitzea saihesteko;
c) Erkidegoko instalazioak eta zerbitzuak, orokorrean herritarrentzat direnak, pertsona desgaituen eskuragarri izatea, berdintasun-baldintzetan, eta halakoak pertsona horien beharrizanak kontuan hartzea.
20. artikulua. Mugigarritasun pertsonala
[aldatu]Estatu alderdiek neurri eragingarriak hartuko dituzte, ziurtatzeko pertsona desgaituek mugigarritasun pertsonala izatea, ahalik independentziarik handienarekin; neurri horien artean izango dira:
a) Pertsona desgaituen mugigarritasun pertsonala ahalbidetzea, pertsona horiek nahi duten moduan eta unean, arrazoizko kostuan;
b) Ahalbidetzea pertsona desgaituek lortzea giza edo animalia bidezko laguntza-motak eta bitartekariak, laguntza-teknologiak, gailu teknikoak eta kalitateko mugigarritasunerako laguntzak, baita halakoak arrazoizko kostuan euren esku jarrita ere;
c) Pertsona desgaituei eta pertsona horiekin lan egiten duten langile espezializatuei mugigarritasunaren inguruko trebetasunetan gaitasuna eskaintzea;
d) Mugigarritasunerako laguntzak, gailuak eta laguntza-teknologiak fabrikatzen dituzten erakundeei eskatzea kontuan har ditzatela pertsona desgaituen mugigarritasunari buruzko inguruabar guztiak.
21. artikulua. Adierazpen- eta iritzi-askatasuna eta informazioa lortzea
[aldatu]Estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte pertsona desgaituek adierazpen- eta iritzi-askatasunerako eskubidea egikari ahal izateko, eskubide horretara biltzen dela, halaber, informazioa eta ideiak bildu, jaso eta emateko askatasuna, gainerakoen baldintza berberetan, eta konbentzio honetako 2. artikuluarekin bat etorriz aukeratzen duten komunikazio-mota edozein dela; neurri horien artean izango dira:
a) Pertsona desgaituei edozein pertsonari orokorrean zuzendutako informazioa ematea, modu egokian eta kostu gehigarririk gabe, erraz eskuratzeko formatuan eta desgaitasun-mota desberdinetara egokitutako teknologiekin;
b) Onartzea eta ahalbidetzea zeinu-hizkuntzaren, Braillearen, komunikatzeko modu, baliabide eta formatu handigarri eta ordezkoen, eta pertsona desgaituek harreman ofizialetan komunikatzeko aukeratzen dituzten gainerako modu, baliabide eta formatu eskuragarrien erabilera;
c) Orokorrean, baita Interneten bidez ere, pertsona guztiei zerbitzuak ematen dizkieten erakunde pribatuei eskatzea informazioa eta zerbitzuak eman ditzatela pertsona desgaituek erabili eta eskura izateko moduko formatuetan;
d) Komunikabideei, baita Interneten bidez informazioa ematen dutenei ere, eskatzea euren zerbitzuak egin ditzatela pertsona desgaituentzako eskuragarri;
e) Zeinu-hizkuntzak aitortzea eta halakoen erabilera sustatzea.
22. artikulua. Pribatutasuna errespetatzea
[aldatu]• Pertsona desgaituek, euren bizilekua edo bizikidetza-modalitatea gorabehera, ez dute jasango nahierarako edo legearen aurkako esku-sartzerik bizitza pribatuan, familian, etxebizitzan, korrespondentzian edo beste edozein komunikazio-motatan, edo euren ohorearen edo izen onaren aurka zilegi ez den erasorik. Pertsona desgaituek eskubidea izango dute legearen babesa baliatzeko esku-sartze eta eraso horien aurka.
• Estatu alderdiek babestuko dute pertsona desgaituei buruzko informazio pertsonalaren eta osasun- nahiz birgaikuntza-informazioaren pribatutasuna, gainerakoen baldintza berberetan.
23. artikulua. Etxebizitza eta familia errespetatzea
[aldatu]• Estatu alderdiek neurri eragingarri eta egokiak hartuko dituzte pertsona desgaituen aurkako bereizkeria amaitzeko, ezkontza, familia, aitatasuna eta harreman pertsonalekin zerikusia duten gai guztietan, eta pertsona desgaituak gainerakoen baldintza berberetan izan daitezela lortzeko, hurrengoak ziurtatzeko helburuarekin:
a) Ezkontza-adinean dauden pertsona desgaitu guztiei aitortzea ezkondu eta familia osatzeko eskubidea, ezkongaien adostasun aske eta osoan oinarrituta;
b) Errespetatzea pertsona desgaituen eskubidea, askatasunez eta modu arduratsuan erabakitzeko izan nahi duten seme-alaben kopurua eta jaiotza batetik bestera igaro beharreko denbora, eta eskura izateko euren adinerako informazio eta ugalketari nahiz familia-plangintzari buruzko hezkuntza egokiak, eta eskubide horien egikaritza ahalbidetzen dieten baliabideak eskaintzea;
c) Pertsona desgaituek, haurrak barne, euren ugalkortasunari eustea, gainerakoen baldintza berberetan.
• Estatu alderdiek bermatuko dituzte pertsona desgaituen eskubide eta betebeharrak, zaintza, tutoretza, jagoletza, haurrak adoptatzea edo antzeko erakundeei dagokienez, kontzeptu horiek legeria nazionalean jaso direnean; kasu guztietan ahalik eta gehien zainduko da haurraren interes gorena. Estatu alderdiek laguntza egokia emango diete pertsona desgaituei, seme-alabak haztean euren ardurak gauza ditzaten.
• Estatu alderdiek ziurtatuko dute haur desgaituek familia-bizitzari begira eskubide berberak izatea. Eskubide horiek eragingarri egiteko, eta haur desgaituak ezkutuan, abandonatuta, zabarkeria jasaten eta bananduta ez egotea prebenitzeko helburuarekin, estatu alderdiek zainduko dute haur desgaituei eta horien familiei aldez aurretik ematea informazio, zerbitzu eta babes orokorrak.
• Estatu alderdiek ziurtatuko dute haurrak gurasoengandik ez banantzea euren borondatearen aurka, salbu eta agintari eskudunek, azterketa judizialaren mende, erabakitzen dutenean, legearekin eta prozedura aplikagarriekin bat etorriz, banantze hori beharrezkoa dela haurraren interes gorenarentzat. Inola ere ez da adingabekoa bere gurasoengandik bananduko, adingabekoaren, bi gurasoen edo gurasoetako baten desgaitasuna dela eta.
• Estatu alderdiek ahal den guztia egingo dute, hur-hurreko familiak ezin duenean desgai den haurra zaindu, ordezko arreta eskaintzeko familia zabalaren barruan eta, hori ezinezkoa bada, erkidegoaren barruan, familia-giroan.
24. artikulua. Hezkuntza
[aldatu]• Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaituen hezkuntzarako eskubidea. Eskubide hori eragingarri egiteko asmoarekin, bereizkeriarik gabe eta aukera-berdintasuna oinarri, estatu alderdiek maila guztiak eta bizitza osorako irakaskuntza barneratzen dituen hezkuntza-sistema ziurtatuko dute, helburu izanik:
a) Oso-osoan garatzea giza ahalmena eta duintasunaren nahiz autoestimuaren esangura, eta giza eskubideei, oinarrizko eskubideei eta giza aniztasunari zor zaien errespetua indartzea;
b) Ahalik gehiena garatzea pertsona desgaituen nortasuna, talentua eta sormena, bai eta horien gaitasun mental nahiz fisikoak;
c) Pertsona desgaituek gizarte aske batean eragingarritasunez parte hartzeko aukera izan dezatela ahalbidetzea.
2. Eskubide hori eragingarri egitean, estatu alderdiek ziurtatuko dute:
a) Pertsona desgaituak hezkuntza-sistema orokorretik baztertuta ez geratzea desgaitasun-arrazoiengatik, eta haur desgaituak dohaineko eta derrigorreko lehen irakaskuntzatik baztertuta ez geratzea, ezta bigarren irakaskuntzatik ere, desgaitasun-arrazoiengatik;
b) Pertsona desgaituek kalitateko edo dohaineko hezkuntza eskura izatea, lehen nahiz bigarren hezkuntza barne, gainerakoen baldintza berberetan, eurak bizi diren erkidegoan;
c) Zentzuzko egokitzapenak egitea banakako beharrizanen arabera;
d) Pertsona desgaituei beharrezko babesa ematea, hezkuntzari buruzko sistema orokorraren esparruan, horien heziketa eragingarria ahalbidetzeko;
e) Babes-neurriak eskaintzea, pertsonalizatutakoak eta eragingarriak, garapen akademikoa eta soziala ahalik gehiena suspertzen duten inguruetan, oso-osoko gizarteratzearen xedearekin bat etorriz.
3. Estatu alderdiek pertsona desgaituei emango diete bizitzarako eta garapen sozialerako trebetasunak ikasteko aukera, ahalbidetu dadin hezkuntzan horien partaidetza izatea erabatekoa eta baldintza berberetan, eta erkidegoko kide gisa. Horretarako, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, horien artean direla:
a) Ahalbidetzea Braillearen, ordezko idazkeraren, komunikatzeko beste modu, baliabide eta formatu batzuen, halakoak direnean handigarriak edo ordezkoak, eta orientazio- nahiz mugigarritasun-trebetasunen ikasketa, bai eta parekoen arteko tutoretza eta babesa ere;
b) Zeinu-hizkuntzaren ikasketa eta pertsona gorren hizkuntza-identitatearen sustapena ahalbidetzea;
c) Ziurtatzea pertsonen hezkuntza, eta bereziki haur itsu, gor eta gor-itsuena, bakoitzarentzat egokiena den hizkuntzan eta komunikazio-modu eta -baliabideetan, eta garapen akademiko eta sozialik handiena lortzea ahalbidetzen duten inguruetan.
4. Eskubide hori eragingarri egiteko helburuarekin, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, dela irakasleak enplegatzeko, desgaitasuna duten irakasleak barne, halakoak kualifikatuta daudenean zeinu-hizkuntzan edo Braillean, dela hezkuntza-maila guztietan lan egingo duten profesionalak eta langileak prestatzeko. Prestakuntza horrek bere baitara bilduko du kontzientzia hartzea desgaitasunaren eta komunikazio-modu, -baliabide eta -formatu handigarri nahiz ordezko egokien, hezkuntza-tekniken eta pertsona desgaituei laguntzeko materialen gainean.
5. Estatu alderdiek ziurtatuko dute pertsona desgaituek eskura izatea goi-mailako hezkuntza, lanbide-heziketa, nagusientzako hezkuntza eta bizitza osoko prestakuntza, bereizkeriarik gabe eta gainerakoen baldintza berberetan. Horretarako, estatu alderdiek ziurtatuko dute zentzuzko egokitzapenak egitea, pertsona desgaituei begira.
25. artikulua. Osasuna
[aldatu]Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaituek eskubidea dutela ahalik eta osasun-maila handiena izateko, desgaitasun-arrazoien ondoriozko bereizkeriarik gabe. Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, pertsona desgaituek eskura izan ditzaten osasun-zerbitzuak, kontuan hartu beharko dituztenak genero-arazoak, osasunarekin zerikusia duen birgaikuntza barnean dela. Bereziki, estatu alderdiek:
a) Pertsona desgaituei eskainiko dizkiete, hala osasun-programak eta -arreta, dohainik edo arrazoizko prezioetan, gainerako pertsonei eskaintzen zaizkien mota eta kalitate berekoak, baita sexu- eta ugalketa-osasunaren esparruan ere, nola herritarrei zuzendutako osasun-programa publikoak;
b) Emango dituzte pertsona desgaituek, euren desgaitasunaren ondorioz beren-beregi behar dituzten osasun-zerbitzuak, horien artean izango direla detekzio eta esku-hartze goiztiarra, bidezkoa denean, eta desgaitasun-mota berriak agertzea ahalik gehiena prebenitzeko eta murrizteko zerbitzuak; pertsona horien artean izango dira haurrak eta pertsona nagusiak ere;
c) Zerbitzu horiek emango dituzte pertsona desgaituen erkidegoetatik ahalik gertuena, baita nekazaritza-guneetan ere;
d) Osasun-arloko profesionalei galdatuko diete pertsona desgaituei arreta eskaintzea gainerako pertsonei eskaintzen dieten kalitate berarekin, askatasunez eta informatuta emandako adostasuna oinarri hartuta, beste modu batzuen artean, sentsibilizazioa izanik pertsona desgaituen giza eskubideen, duintasunaren, autonomiaren eta beharrizanen inguruan. Hori guztiori ahalbidetzeko, profesional horiek gaitu eta arau etikoak emango dira, esparru publiko eta pribatuetako osasun-arretari dagokionez;
e) Pertsona desgaituen aurkako bereizkeria debekatuko dute, osasun- eta bizitza-aseguruak ematean, halakoak baimenduta daudenean legeria nazionalean, eta zainduko dute aseguru horiek modu bidezko eta arrazoitsuan ematen direla;
f) Eragotziko dute, bereizkeria eginez ukatzea osasun-zerbitzuak edo osasun-arretarako zerbitzuak edota elikagai solido nahiz likidoak, desgaitasun-arrazoiengatik.
26. artikulua. Gaikuntza eta birgaikuntza
[aldatu]1. Estatu alderdiek neurri eragingarri eta egokiak hartuko dituzte, baita egoera berean dauden pertsonak babestuta ere, pertsona desgaituek, ahalik eta mailarik handienean, independentzia, gaitasun fisikoa, mentala, soziala nahiz bokazio-gaitasuna, eta bizitzako alde guztietan erabateko partaidetza lor ditzaten edo horiei euts diezaieten. Horretarako, estatu alderdiek gaikuntza eta birgaikuntzarako zerbitzu eta programa orokorrak antolatu, indartu edo gehituko dituzte, batik bat, osasunaren, enpleguaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen esparruetan, zerbitzu eta programa horiek:
a) Ahalik eta etaparik goiztiarrenean has daitezen eta oinarritzat har dezaten pertsonaren beharrizanen eta gaitasunen inguruan diziplina anitzetatik egin beharreko ebaluazioa;
b) Babes dezaten erkidegoan eta gizarteko alde guztietan parte hartzea eta horietara biltzea, borondatezkoak izan daitezen, eta pertsona desgaituentzat eskuragarri izan daitezen, euren erkidegotik ahalik gertuena, baita nekazaritza-guneetan ere.
2. Estatu alderdiek sustatuko dute hasierako eta etengabeko prestakuntzaren garapena, gaikuntza- eta birgaikuntza-zerbitzuetako profesionalentzat eta langileentzat.
3. Estatu alderdiek sustatuko dute pertsona desgaituentzako laguntza-teknologien eta gailuen eskuragarritasuna, ezaguera eta erabilera, gaikuntzaren eta birgaikuntzaren ondoreetarako.
27. artikulua. Lana eta enplegua
[aldatu]1. Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaituek duten eskubidea lan egiteko, gainerakoen baldintza berberetan; horrek berarekin dakar eskubidea, bizimodua ateratzeko aukera izan dadin, askatasunez aukeratu edo onartutako lanaren bidez, pertsona desgaituentzako irekiak, integratzaileak eta eskuragarriak diren lan-merkatu eta -inguruetan. Estatu alderdiek babestu eta sustatuko dute lan egiteko eskubidearen egikaritza, baita enpleguak iraun bitartean desgaitasunen bat jasaten duten pertsonen kasuan ere, neurri egokiak hartuz, legeria ematea barne; neurri horien artean izango dira:
a) Desgaitasun-arrazoien ondoriozko bereizkeria debekatzea, edozein enplegu-motaren inguruko arazo guztiei dagokienez, horien artean direla hautatze-, kontratazio- eta enplegu-baldintzak, enplegu-jarraitutasuna, lanbide-aurrerakuntza eta lan-baldintza seguru eta onuragarriak;
b) Pertsona desgaituen eskubideak babestea, gainerakoen baldintza berberetan izan ditzaten lan-baldintza bidezko eta mesedegarriak, eta bereziki aukera- eta ordainsari-berdintasuna, balio bera duen lana egiteagatik, lan-baldintza seguruak eta onuragarriak, jazarpenaren aurkako babesa barne, eta jasandako kalteengatiko konponketak;
c) Ziurtatzea pertsona desgaituek lan- eta sindikatu-eskubideak egikari ahal izatea, gainerakoen baldintza berberetan;
d) Ahalbidetzea pertsona desgaituek eragingarritasunez eskura izatea orientazio teknikoko eta bokazio-orientazioko programa orokorrak, kolokazio-zerbitzuak eta lanbide-prestakuntza nahiz etengabeko prestakuntza;
e) Bultzatzea pertsona desgaituen enplegu-aukerak eta lanbide-aurrerakuntza lan-merkatuan, eta pertsona horiei laguntzea, enplegua bilatzeko, lortzeko edo enpleguari eusteko, eta berriro lanean hasteko;
f) Aukerak sustatzea, enpresei dagokienez, eta beregaineko enplegua sortzeari, kooperatibak eratzeari eta negozio berriei ekiteari dagokienez;
g) Pertsona desgaituak sektore publikoan enplegatzea;
h) Sektore pribatuan pertsona desgaituen enplegua sustatzea, egoki diren politika eta neurrien bidez, bere baitara bil ditzaketenak afirmazio-ekintzako programak, pizgarriak eta bestelako neurriak;
i) Lan egiteko lekuan pertsona desgaituentzako zentzuzko egokitzapenak egiten direla zaintzea;
j) Pertsona desgaituek lan-merkatu irekian lan-esperientzia har dezatela sustatzea;
k) Pertsona desgaituei zuzendutako programak sustatzea, bokazio- eta lanbide-birgaikuntzarako, enpleguari eusteko eta lanean berriro hasteko.
2. Estatu alderdiek ziurtatuko dute pertsona desgaituek ez jasatea esklabotza eta morrontzarik, eta babesa izatea, gainerakoen baldintza berberetan, derrigorreko edo nahitaezko lanaren aurka.
28. artikulua. Bizitza-maila egokia eta gizarte-babesa
1. Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaituen eskubidea, eurek eta euren familiek bizitza-maila egokia izateko, horretara biltzen direla elikadura, jantzi eta etxebizitza egokiak, eta euren bizitza-baldintzak etengabe hobetzeko; halaber, neurri egokiak hartuko dituzte, eskubide horren egikaritza babestu eta sustatzeko desgaitasun-arrazoien ondoriozko bereizkeriarik gabe.
2. Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaituen eskubidea, gizarte-babesa izateko eta eskubide hori baliatzeko desgaitasun-arrazoien ondoriozko bereizkeriarik gabe; halaber, neurri egokiak hartuko dituzte, eskubide horren egikaritza babestu eta sustatzeko, horien artean izango direla:
a) Ziurtatzea pertsona desgaituek berdintasun-baldintzetan eskura izan ditzatela edateko uraren zerbitzuak, eta euren desgaitasunari aurre egiteko zerbitzu, gailu eta beste mota bateko laguntza egokiak, arrazoizko prezioetan;
b) Ziurtatzea pertsona desgaituek, batik bat, emakumeek eta haurrek eta desgai diren pertsona nagusiek, eskura izan ditzatela gizarte-babeseko programak eta txirotasuna murrizteko estrategien inguruko programak;
c) Ziurtatzea txirotasun-egoeretan bizi diren pertsona desgaituek eta horien familiek eskura izan dezatela estatuaren laguntza, desgaitasunarekin zerikusia duten gastuak ordaintzeko, horien artean gaikuntza, aholkularitza, finantza-laguntza eta aldi baterako zaintza-zerbitzu egokiak;
d) Ziurtatzea pertsona desgaituek eskura izan ditzatela etxebizitza-programa publikoak;
e) Ziurtatzea pertsona desgaituek eskura izan ditzatela, berdintasun-baldintzetan, jubilazio-programa eta -onurak.
29. artikulua. Bizitza politikoan eta publikoan parte hartzea
[aldatu]Estatu alderdiek pertsona desgaituei bermatuko dizkiete eskubide politikoak eta halakoak gainerakoen baldintza berberetan baliatzeko aukera, eta hurrengo konpromisoak ere hartuko dituzte:
a) Ziurtatzea pertsona desgaituek parte hartzeko aukera izan dezatela, oso-osoan eta eragingarritasunez, bizitza politiko eta publikoan, gainerakoen baldintza berberetan, zuzenean edo askatasunez hautatutako ordezkarien bidez, aukera horrek bere baitan hartzen duela pertsona desgaituek duten eskubidea eta aukera botoa emateko eta hautatuak izateko, besteak beste, hurrengoak kontuan hartuta:
i) Bermatzea hauteskunde-prozedurak, -instalazioak eta -materialak egokiak, eskuragarriak eta ulertzeko nahiz erabiltzeko errazak direla;
ii) Babestea pertsona desgaituek duten eskubidea, hauteskunde eta erreferendum publikoetan larderiarik gabe botoa modu sekretuan emateko, eta hauteskundeetan modu eragingarrian hautagai aurkezteko, karguak izateko eta gobernu-maila guztietan edozein eginkizun publiko gauzatzeko; horretarako, bidezkoa denean, teknologia berrien eta laguntza teknologikoen erabilera ahalbidetuko da;
iii) Bermatzea pertsona desgaituen eskubidea, hautesle gisa euren borondatea askatasunez agertzeko, eta horretarako, beharrezkoa denean eta pertsona horiek hala eskatzen dutenean, ahalbidetzea eurek aukeratutako pertsona batek botoa emateko lagun diezaietela;
b) Modu aktiboan sustatzea pertsona desgaituek arazo publikoen zuzendaritzan oso-osoan eta eragingarritasunez parte hartu ahal izateko ingurunea, bereizkeriarik gabe eta gainerakoen baldintza berberetan, eta suspertzea pertsona horien partaidetza arazo publikoetan eta, besteak beste, hurrengoak:
i) Pertsona horien partaidetza gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteetan, halakoek zerikusia dutenean herrialdearen bizitza publiko eta politikoarekin, eta alderdi politikoen jardueretan eta administrazioan;
ii) Pertsona desgaituentzako erakundeen eraketa, erakunde horiek pertsona horiek ordezkatzen dituztenean nazioartean, nazio-mailan, erregio-mailan eta toki-mailan, eta pertsona desgaituen sarrera erakunde horietan.
30. artikulua. Kultura-bizitzan, jolas-jardueretan, aisialdian eta kirolean parte hartzea
[aldatu]1. Estatu alderdiek aitortzen dute pertsona desgaituen eskubidea, parte hartzeko, gainerakoen baldintza berberetan, kultura-bizitzan, eta egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, ziurtatzeko pertsona desgaituek:
a) Eskuragarri diren formatuetan lortzea kultura-materiala;
b) Eskuragarri diren formatuetan lortzea telebista-programak, filmak, antzerkia eta bestelako kultura-jarduerak;
c) Sartzea kultura-emankizunak edo -zerbitzuak eskaintzen diren tokietan, hala nola, antzerkietan, museoetan, zinemetan, liburutegietan eta turismo-zerbitzuetan eta, ahal den neurrian, sartzea kultura aldetik garrantzia nazionala duten monumentu eta tokietan.
2. Estatu alderdiek egoki diren neurriak hartuko dituzte, pertsona desgaituek ahalmen sortzaile, artistiko eta intelektuala garatu eta erabili ahal izateko, euren onurarako nahiz gizartea aberasteko.
3. Estatu alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz, ziurtatzeko jabetza intelektualeko eskubideak babesteko legeak ez direla oztopo handiegia edo bereizkeria eragiten duen oztopoa, pertsona desgaituek eskura izan ditzaten kultura-materialak.
4. Pertsona desgaituek eskubidea izango dute, gainerakoen baldintza berberetan, euren kultura- eta hizkuntza-nortasun berezia aitortuak eta babestuak izan daitezen, baita zeinu-hizkuntza eta gorren kultura ere.
5. Pertsona desgaituek gainerakoen baldintza berberetan parte har dezaten jolas-, aisialdi- eta kirol-jardueretan, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, helburu izanik:
a) Bultzatzea eta sustatzea, ahalik gehiena, pertsona desgaituen partaidetza kirol-jarduera orokorretan, maila guztietan;
b) Ziurtatzea pertsona desgaituek aukera izan dezatela halako pertsonentzako kirol- eta jolas-jarduera zehatzak garatzeari eta jarduera horietan parte hartzeari dagokienez, eta, horretarako, bultzatzea, gainerakoen baldintza berberetan eskain dakizkien heziketa, prestakuntza eta baliabide egokiak;
c) Ziurtatzea pertsona desgaituek sarrera izan dezatela kirol-, jolas- eta turismo-instalazioetan;
d) Ziurtatzea haur desgaituek, gainerako haurren moduan, eskura izan dezatela jarduera ludikoetan eta jolas-, aisialdi- eta kirol-jardueretan parte hartzeko aukera, baita eskola-sistemaren barruan gauzatzen direnetan ere;
e) Ziurtatzea pertsona desgaituek aukera izan dezatela, jolas-, turismo-, aisialdi- eta kirol-jardueren antolaketan parte hartzen dutenen zerbitzuetan sartzeko.
31. artikulua. Datuak biltzea eta estatistikak
[aldatu]1. Estatu alderdiek informazio egokia bilduko dute, estatistika- eta ikerketa-datuak barne, ahalbidetuko dietenak politikak azaldu eta aplikatzea, konbentzio hau betetzeko helburuarekin. Informazio hori bildu eta mantentzeko prozesuan modu honetara jardun beharko da:
a) Legeak ezarritako bermeak errespetatu beharko dira, datuak babesteko legeria barne, isil-gordea eta errespetua ziurtatzeko helburuarekin, pertsona desgaituen pribatutasunari dagokionez;
b) Nazioarte-mailan onartutako arauak bete beharko dira, babes daitezen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak, bai eta printzipio etikoak ere, estatistikak bildu eta erabiltzeari dagokionez.
2. Artikulu honekin bat etorriz bildutako informazioa banakatuko da, hala denean, eta laguntza moduan erabiliko da, estatu alderdiek konbentzio honi begira dituzten betebeharrak gauzatzen dituztela ebaluatzeko, bai eta pertsona desgaituek euren eskubideak egikaritzeko orduan dituzten oztopoak identifikatu eta ezabatzeko ere.
3. Estatu alderdiek euren gain hartuko dute estatistika horiek zabaltzeko ardura, bai eta estatistika horiek pertsona desgaituentzat eta beste pertsona batzuentzat eskuragarri direla ziurtatzeko ardura ere.
32. artikulua. Nazioarteko lankidetza
[aldatu]1. Estatu alderdiek nazioarteko lankidetzaren eta lankidetza hori sustatzearen garrantzia aitortzen dute, konbentzio honetako helburuak eta asmoa eragingarri egiteko esfortzu nazionalen babes gisa, eta ondore horretarako neurri egoki eta eragingarriak hartuko dituzte, estatuen artean eta, hala denean, kasuan kasuko nazioarteko eta erregio-mailako erakundeekin eta gizarte zibilarekin, batik bat, pertsona desgaituen erakundeekin. Neurri horien artean izan daitezke:
a) Zaintzea nazioarteko lankidetza, nazioarteko garapen-programak barne, pertsona desgaituentzako integratzailea eta eskuragarria izan dadila;
b) Gaitasuna susper dadila ahalbidetu eta babestea, horretarako trukatu eta zabal daitezkeela informazioa, esperientziak, prestakuntza-programak eta gomendatutako praktikak ere;
c) Ahalbidetzea ikerketa-arloko lankidetza eta jakitate zientifiko eta teknikoen eskuragarritasuna;
d) Bidezkoa dena kontuan hartuz, laguntza egokia, teknikoa eta ekonomikoa ematea, hori egin daitekeela, halaber, teknologia eskuragarriak eta laguntza-teknologiak lortzea ahalbidetuz, eta teknologia horiek tartekatuz, bai eta horiek eskualdatuz ere.
2. Artikulu honetako xedapenak aplikatuko dira, kalterik egin gabe estatu alderdi bakoitzak konbentzio honen ondorioz dituen betebeharrei.
33. artikulua. Aplikazio eta jarraipen nazionalak
[aldatu]1. Estatu alderdiek, euren antolaketa-sistemarekin bat etorriz, gobernu-erakunde bat edo gehiago izendatuko dituzte, konbentzio hau aplikatzeko ardura izango dutenak, eta sakon aztertuko dute koordinazio-mekanismoren bat ezarri edo izendatzeko aukera, kasuan kasuko neurriak sektore eta maila desberdinetan har daitezen ahalbidetzeko.
2. Estatu alderdiek, euren sistema juridiko eta administratiboekin bat etorriz, esparru bat iraunarazi, indartu, izendatu edo ezarriko dute, maila nazionalean, mekanismo independente bat edo batzuk izango dituena, konbentzio honen aplikazioa sustatu, babestu eta gainbegiratzeko. Mekanismo horiek izendatu edo ezartzen dituztenean, estatu alderdiek kontuan hartuko dituzte giza eskubideak babestu eta sustatzeko erakunde nazionalen izaera juridikoari eta jardunbideari buruzko printzipioak.
3. Gizarte zibilak, eta bereziki pertsona desgaituek eta horiek ordezkatzen dituzten erakundeek jarraipen-prozesuko maila guztietan presentzia izan eta oso-osoan parte hartuko dute.
34. artikulua. Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Komitea
[aldatu]1. Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Komitea sortuko da (aurrerantzean «Komitea» deituko dena), eta horrek gauzatuko ditu jarraian aipatuko diren eginkizunak.
2. Komiteak, konbentzio hau indarrean jartzen denean, 12 aditu izango ditu. Konbentzioak beste 60 berrespen edo atxikipen lortzen dituenean, Komitearen osaera handituko da, sei kide gehiagorekin. Beraz, 18 kide izango ditu gehienez.
3. Komiteko kideek euren eginkizunak modu pertsonalean gauzatuko dituzte, eta moral aldetik zintzotasun handikoak eta trebetasun nahiz eskarmentu nabarikoak izango dira, konbentzio honek aipatutako gaietan. Estatu alderdiei gonbita egiten zaie, euren hautagaiak izendatzen dituztenean, kontuan har dezaten konbentzio honetako 4. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako xedapena.
4. Estatu alderdiek hautatuko dituzte Komiteko kideak, kontuan hartuz geografiaren araberako banaketa orekatsua, zibilizazio-mota desberdinen eta antolamendu juridiko garrantzitsuenen ordezkaritza, orekatutako genero-ordezkaritza eta desgai diren adituen partaidetza.
5. Komiteko kideak boto sekretuaren bidez hautatuko dira, estatu alderdiek euren nazionalen artean izendatutako pertsonen zerrenda batetik, estatu alderdien Konferentziako bileretan. Bilera horretarako estatu alderdien bi herenak osatuko du quoruma, eta Komiterako pertsona hautatuak izango dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu parte-hartzaile eta boto-emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen dutenak.
6. Hasierako hautatzea egingo da konbentzio hau zein datatan indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro baino lehenago. Hauteskunde bakoitza zein datatan egin eta, gutxienez, data hori baino lau hilabete lehenago, Nazio Batuetako idazkari nagusiak gutun bat bidaliko die estatu alderdiei, euren hautagaiak bi hilabeteko epean aurkezteko gonbita eginez. Ondoren, idazkari nagusiak zerrenda prestatuko du, bertan jasoko direla, hurrenkera alfabetikoaren arabera, hala proposatutako pertsona guztiak, pertsona horiek proposatu dituzten estatu alderdiak zehaztuz, eta konbentzio honetako estatu alderdiei komunikatuko die hori.
7. Komiteko kideak lau urterako izendatuko dira. Berriro hautatu ahal izango dira, baldin eta hautagai-zerrendan berriro aurkezten badira. Hala ere, lehenengo hautaketan hautatutako sei kideren agintaldia bi urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, bilerako lehendakariak, artikulu honetako 5. paragrafoan aipatutakoak, zozketa bidez izendatuko ditu sei kide horiek.
8. Komiteko beste sei kideak hautatuko dira hauteskunde arruntak egiten direnean, artikulu honetako xedapen egokiekin bat etorriz.
9. Komiteko kideren bat hiltzen bada edo kideren batek postuari uko egiten badio edo adierazten badu, beste arrazoi baten ondorioz, ezin duela jarraitu bere eginkizunak gauzatzen, berau proposatu zuen estatu alderdiak beste aditu bat izendatuko du; aditu horrek agintaldia bukatu arte postua bete dezan, izan beharko ditu artikulu honetako xedapen egokiek jasotako kualifikazioak eta betekizunak.
10. Komiteak onetsiko du bere araudia.
11. Nazio Batuetako idazkari nagusiak behar adina langile eta instalazio ezarriko ditu, Komitearen eginkizunak eragingarritasunez gauza daitezen, konbentzio honekin bat etorriz, eta Komitearen lehenengo bilerarako deialdia egingo du.
12. Biltzar Orokorrak hala onetsi ondoren, konbentzio honen ondorioz ezarritako Komiteko kideek zerbitzu-sariak jasoko dituzte Nazio Batuetako baliabideen kontura, Biltzar Orokorrak erabakitako modu eta baldintzetan, kontuan hartuz Komiteak dituen ardura garrantzitsuak.
13. Komiteko kideek eskubidea izango dute, Nazio Batuentzako egitekoak gauzatzen dituzten adituei zein erraztasun, onurabide eta ukiezintasun aitortu eta halakoak eskuratzeko, Nazio Batuetako Onurabideen eta Ukiezintasunen Konbentzioko ataletan xedatutakoarekin bat etorriz.
35. artikulua. Estatu alderdiek aurkeztutako txostenak
[aldatu]1. Estatu alderdiek Komiteari txosten zehatza aurkeztuko diote, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren bidez, konbentzio honen ondorioz hartutako betebeharrak zein izan eta betebehar horiek gauzatzeko hartu dituzten neurrien inguruan, eta kasuan kasuko estatu alderdian konbentzio hau zein datatan jarri indarrean eta data horretatik bi urteko epean izandako aurrerapenen inguruan.
2. Gerogarrenean, estatu alderdiek, gutxienez, lau urterik behin aurkeztuko dute txosten gehiago, bai eta Komiteak hala eskatzen dieten bakoitzean ere.
3. Komiteak erabakiko ditu txostenen edukiari aplikatu beharreko jarraibideak.
4. Komiteari hasierako txosten zehatza aurkeztu dion estatu alderdiak ez du betebeharrik, gerogarreneko txostenetan aldez aurretik emandako informazioa errepikatzeko. Estatu alderdiei gonbita egiten zaie, Komitearentzako txostenak prestatzen dituztenean, prozedura irekia eta gardena izan, eta behar bezala kontuan har dezaten konbentzio honetako 4. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoa.
5. Txostenetan zehaztu ahal izango dira konbentzio honen ondorioz hartutako betebeharrak ez gauzatzeko orduan eragina izan duten inguruabar eta zailtasunak.
36. artikulua. Txostenak kontuan hartzea
[aldatu]1. Komiteak txosten guztiak kontuan hartuko ditu, horien inguruan egoki iruditzen zaizkion iradokizunak eta gomendioak egingo ditu, eta kasuan kasuko estatu alderdiari bidaliko dizkio. Kasuan kasuko estatu alderdiak erantzun ahal izango du, Komiteari bidaliz horrek nahi duen edozein informazio. Komiteak estatu alderdiei informazio gehiago eskatu ahal izango die, konbentzio honen aplikazioari buruz.
2. Estatu alderdiren bat gehiegi atzeratzen denean txosten bat aurkezteko, Komiteak estatu horri jakinarazi ahal izango dio estatu horretan konbentzio honen aplikazioa aztertzeko beharrizana, Komitearen esku jarriko den informazio fidagarria oinarri harturik, baldin eta kasuan kasuko txostena ez bada aurkezten hiru hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik. Komiteak gonbita egingo dio estatu alderdi interesdunari, azterketa horretan parte har dezan. Estatu alderdiak erantzuten badu kasuan kasuko txostena aurkeztuz, artikulu honetako 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.
3. Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu alderdi guztien esku jarriko ditu txosten horiek.
4. Estatu alderdiek euren herrialdeetan zabal hedatuko dituzte txostenak jendaurrean, eta ahalbidetuko dute eskura izatea txosten horien inguruko iradokizun eta gomendioak.
5. Komiteak, egoki iruditzen zaionaren arabera, estatu alderdien txostenak bidaliko dizkie Nazio Batuetako erakunde espezializatuei, funtsei eta programei, bai eta beste erakunde eskudun batzuei ere, helburu izanik bertan jasotako eskabide edo aipamen bat kontuan hartzea, eskaera edo aipamen hori denean aholkularitza teknikorako edo laguntzarako beharrizanaren ingurukoa; Komiteak txosten horiek bidaliko ditu eskabide edo aipamen horiei buruz berak egindako ohartarazpen eta gomendioekin, halakorik balego.
37. artikulua. Estatu alderdien eta Komitearen arteko lankidetza
[aldatu]1. Estatu alderdiak lankidetzan arituko dira Komitearekin eta euren kideei agintaldia betetzen lagunduko diete.
2. Komiteak estatu alderdiekin dituen harremanetan behar bezala kontuan hartuko ditu konbentzio hau aplikatzeari begira gaitasun nazionala hobetzeko bide eta baliabideak, baita nazioarteko lankidetzaren bidez ere.
38. artikulua. Komiteak beste organo batzuekin dituen harremanak
[aldatu]Konbentzio honen aplikazio eragingarria suspertzeko eta horren esparruan nazioarteko lankidetza bultzatzeko helburuarekin:
a) Nazio Batuetako erakunde espezializatuek eta gainerako organoek eskubidea izango dute ordezkatuta egoteko konbentzio honetako xedapenen aplikazioa aztertzen denean, betiere, xedapen horiek euren agintaldira biltzen badira. Komiteak gonbita egin ahal izango die, halaber, erakunde espezializatuei eta egokitzat jotzen dituen beste organo eskudun batzuei, konbentzioaren aplikazioari buruz aholkuak eman ditzaten, euren kasuan kasuko agintaldietara bildutako esparruetan. Komiteak gonbita egin ahal izango die Nazio Batuetako erakunde espezializatuei eta beste organo batzuei, txostenak aurkez ditzaten, euren jarduera-esparruetan konbentzioak duen aplikazioari buruz;
b) Komiteak, bere agintaldia gauzatzean, kontsultatuko ditu, bidezkoa dena kontuan hartuta, egoki diren beste organo batzuk, giza eskubideei buruzko nazioarteko tratatuen ondorioz eratutakoak, txostenak, iradokizunak eta gomendio orokorrak aurkezteari dagokionez bere jarraibideen koherentzia bermatzeko eta bere jarduerako zereginen bikoiztasuna eta gainjartzea saihesteko.
39. artikulua. Komitearen txostena
[aldatu]Komiteak bi urterik behin informatuko ditu bere jardueren gainean Biltzar Orokorra eta Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, eta izaera orokorreko iradokizun eta gomendio orokorrak egin ahal izango ditu, konbentzioko estatu alderdietatik jasotako txostenen eta datuen azterketa oinarritzat hartuta. Izaera orokorreko iradokizun eta gomendio horiek Komitearen txostenera bilduko dira, estatu alderdien oharrekin batera, halakorik balego.
40. artikulua. Estatu alderdien Konferentzia
[aldatu]1. Estatu alderdiak aldian-aldian estatu alderdien Konferentzia batean bilduko dira, konbentzio honen aplikazioari buruzko edozein gairen inguruan gogoeta egiteko.
2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak deituko du estatu alderdien Konferentzia, sei hilabeteko epean, konbentzio hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita. Gerogarreneko bilerak, bi urterik behin edo estatu alderdien Konferentziak hala erabakitzen duenean egin beharrekoak, Nazio Batuetako idazkari nagusiak deituko ditu.
41. artikulua. Gordailuzaina
[aldatu]Nazio Batuetako idazkari nagusia izango da konbentzio honen gordailuzaina.
42. artikulua. Sinadura
[aldatu]Konbentzio hau estatu guztiek eta integraziorako erregio-erakundeek sinatu ahal izango dute, Nazio Batuen egoitzan, New Yorken, 2007ko martxoaren 30etik aurrera.
43. artikulua. Betebeharrak hartzeko adostasuna
[aldatu]Konbentzio hau egongo da estatu sinatzaileen berrespenaren eta integraziorako erregio-erakunde sinatzaileen baieztapen ofizialaren mende. Konbentzioari atxiki ahal izango zaio berau sinatu ez duen edozein estatu edo integraziorako erregio-erakunde.
44. artikulua. Integraziorako erregio-erakundeak
[aldatu]1. «Integraziorako erregio-erakunde» gisa ulertuko da erregio jakin bateko estatu subiranoek eratutako erakundea, baldin eta bere estatu kideek eskumena transferitu badiote, konbentzio honek araututako gaiei dagokienez. Erakunde horiek, baieztapen ofizialaren edo atxikipenaren agirietan adieraziko dute euren eskumen-maila, konbentzio honek araututako gaiei dagokienez. Gerogarrenean, gordailuzainari informatuko diote euren eskumen-mailan izandako funtsezko aldarazpen oro.
2. Konbentzio honetan «Estatu alderdiei» egiten zaizkien erreferentziak aplikagarri izango dira erakunde horientzat ere, euren eskumenen mugen barruan.
3. 45. artikuluko 1. paragrafoan eta 47. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren ondoreetarako, ez da kontuan hartuko integraziorako erregio-erakunde batek gordailututako agiririk.
4. Integraziorako erregio-erakundeek, euren eskumeneko gaietan, boto-eskubidea egikarituko dute estatu alderdien Konferentzian, euren estatu kideetarik zenbat izan konbentzio honetako alderdi eta horrenbeste botorekin. Erakunde horiek ez dute boto-eskubiderik egikarituko, baldin eta euren estatu kideek boto-eskubidea egikaritzen badute, eta alderantziz.
45. artikulua. Indarrean jartzea
[aldatu]1. Konbentzio hau indarrean jarriko da berreste- edo atxikipen-agirietarik hogeigarrena zein datatan gordailutu eta hogeita hamargarren egunean.
2. Hogeigarren agiria gordailutu ondoren konbentzioa berresten duen, horri atxikitzen zaion edo hori modu ofizialean baieztatzen duen estatu edo integraziorako erregio-erakunde bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu edo integraziorako erregio-erakunde horrek zein datatan gordailutu bere agiria eta hogeita hamargarren egunean.
46. artikulua. Erreserbak
[aldatu]1. Ez da onartuko konbentzioaren xedearekin eta asmoarekin bateraezina den erreserbarik.
2. Erreserbak edozein unetan kendu ahal izango dira.
47. artikulua. Zuzenketak
[aldatu]1. Estatu alderdi orok zuzenketak proposatu ahal izango ditu konbentzio honen gainean, eta horiek Nazio Batuetako idazkari nagusiari aurkeztu ahal izango dizkio. Proposatutako zuzenketa Nazio Batuetako idazkari nagusiak komunikatuko die estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamena aztertu eta horren inguruko botazioa egiteko. Jakinarazpen hori zein datatan egin eta data horren ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietarik, gutxienez, herenak deialdi horren alde egiten badu, idazkari nagusiak Konferentziarako deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean. Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien bi hereneko gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta idazkari nagusiak zuzenketa hori Biltzar Orokorraren mende utziko du onespenerako, eta gerogarrenean estatu alderdien mende utziko du onarpenerako.
2. Artikulu honetako 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz hartu eta onetsitako zuzenketa oro indarrean jarriko da, gordailututako onarpen-agiriak zein datatan izan zuzenketa onartzerakoan zeuden estatu alderdien bi herena eta data horren osteko hogeita hamargarren egunetik aurrera. Gerogarrenean, estatu alderdi ororentzat zuzenketa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu alderdiak zein egunetan gordailutu bere onarpen-agiria eta hogeita hamar egun igaro ondoren. Zuzenketak lotesleak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzat bakarrik.
3. Estatu alderdien Konferentziak hala erabakiz gero, artikulu honetako 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz hartu eta onetsitako zuzenketak, halakoak direnean 34, 38, 39 eta 40. artikuluekin bakarrik zerikusia dutenak, estatu alderdi guztientzat indarrean jarriko dira, gordailututako onarpen-agiriak zein datatan izan zuzenketa onartzerakoan zeuden estatu alderdien bi herena eta data horren osteko hogeita hamargarren egunean.
48. artikulua. Salaketa
[aldatu]Estatu alderdiek konbentzio hau salatu ahal izango dute, Nazio Batuetako idazkari nagusiari idatziz zuzendutako jakinarazpenaren bidez. Salaketak ondoreak sortuko ditu, idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.
49. Formatu eskuragarria
[aldatu]Konbentzio honen testua formatu eskuragarrian hedatuko da.
50. artikulua. Testu kautoak
[aldatu]Kautoak izango dira, berebat, arabiarrez, txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden konbentzio-testuak.
Hori guztiori aitortuz, behean sinatzen duten botereguztidunek, euren gobernuek behar bezala baimenduta daudela, konbentzio hau sinatzen dute.