Bozkariozko besta huntan
Ohore Ama Eskual Herriari!
Gure izar gidari ona
Egun zirade, Baigorri!
Zure plaza handi maitagarrik
ederrez ez du parerik
Agur, agur, izar pilotarik!
Agur gogotik deneri!
Egun Baigorrirat jin dira
Eskual Herriko haurrik baliosenak!
Gure hiru probintzietako
pilotari famatienak:
Badira gaztiak eta heiekin
adinak baztertu dituenak,
denek batian egin beharrez
familiarik goxoena.
Ahal oroz lagunt zazu, Ama.
Hoiek egun hasi lana!
Nun zituztegu, Perkain, Otharre,
Larralde, Xilhar, Leonis, Xikito?
Ta zuekin zonbat bertzerik
itzali direnak bethiko!
Ez da denbora labur bat baizik
Gure plazetan jokatzeko.
Hoiek utzi etsenplu ona ez dugu,
ez, ahantziko izanez denak gogo bereko,
ez da pilota galduko.
Batasun berri bat, gazteak,
zuentzat egina hemen bada egun
Hortara bil zaitezte denak:
Hemen giratezke lagun!
Elgarrekilan joko zaharra
gorenetik altxa dezagun,
ta kaskoin gutaz jelos direnak
atxiki ditzagun urrun...
Atzo, bihar, hala nola egun,
bego pilota eskualdun!