Edukira joan

Remi bakarrik falta zen

Wikitekatik
Remi bakarrik falta zen  (2001)  Ainhoa Oiartzabal, edited by Euskaldunon Egunkaria
gizartea
Jatorria
Euskaldunon egunkaria, 20010824.

Remi bakarrik falta zen

REMIGIO MENDIBURURI BURUZKO IKASTAROA. Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga eta Ricardo Ugartek Mendiburu eta Gaur taldea ekarri zituzten gogora, anekdotez baliaturik.

Ainhoa Oiartzabal. Donostia.

Atzo arratsaldean 45 urte egin genuen atzera Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroaren barnean, Hondarribiko Remigio Mendiburu eskultore handiari buruzko ikastaroan. Harekin izandako harremanaz hitz egitera bildu ziren Nestor Basterretxea eskultorea, Jose Antonio Sistiaga margolaria eta Ricardo Ugarte eskultorea. Mendiburuz gainera, Gaur taldearen sorrera, Txillida eta Oteizaren arteko tirabira, diktadura eta beste kontu asko izan ziren hizpide mahai inguru luzean. Aitona-amonen kontuak bezala, adi-adi entzun zituzten artista entzutetsu horien esanak ikastaroko ikasleek eta haien artean zeuden Mendibururen senitartekoek. Gaur taldeko kide eta Mendibururekin 1962. urtean Hondarribian lehen erakusketa antolatu zuen Nestor Basterretxeak esan zuen inoiz ez zela iritsi Remigio Mendiburu ongi ezagutzera: «Oso desberdinak gara. Nik ez bezala, izugarrizko maitasuna zion filosofiari. Filosofo alemaniarrak gustatzen zitzaizkion». Filosofiarekiko atxikimendu horrek Mendibururen izaera primitiboarekin talka egiten zuen, Basterretxearen irudiko: «Zuhaitzaren gainean egiten zuen lo , hegazti guztien izenak zekizkien ... oso primitiboa zen». haren obra ere halakoa dela uste du Basterretxeak, eta barrutik kanpora eginikoa omen da: «Muinetik abiaturik sortzen ziren formekin kanporantz egiten zuen lana». Horrek izugarrizko indarra sortzen zuela eta aurretik sumatu ezin diren ondorioak lortzen zituela dio Basterretxeak Mendibururen lanaren gainean. Euskararen dimentsioa Mendiburu ez ulertzeko arrazoia hizkuntza izan zitekeela argitu zuen Basterretxeak: «Euskararen dimentsioan bizi zen. Hala, bi lagun talde zituen; euskaldunena eta erdaldunena. Euskararen muga ikusezin horregatik ez nuen lortu harekin harreman zuzenagoa izatea». Mendiburu «oso euskalduna» eta originala zen, haren ustez. Jose Antonio Sistiaga margolariarentzat txirotasunaren artista zen Mendiburu: «Eskulturak egiteko akazien sustraiak zabortegietatik hartzen zituen, eta guk lagundu egiten genion». Txirotasun horrek sormena areagotzen laguntzen zion, Sistiagaren irudiko. Margolarizarentzat, pentsatzen duten eta pentsatzen ez duten pertsonak daude mundu honetan, «eta gu pentsatzen genuen artista talde bat ginen». Besteak beste, sormena gelarazten duten egiturei buruz eta «geure buruaz beste egitera gonbidatzen gaituen gizarte neoliberalari buruz» askotan eztabaidatzen omen zuten berak eta Mendiburuk. Hondarribiko eskultoreari buruzko azalpenekin bukatzeko, hark egiten zuen «formaren antropologia eskultorikoa» aintzat hartzekoa dela esan zuen Ricardo Ugarte eskultoreak. Gaur taldearen garrantzia Mendibururen gogoetek hura bizi izan zen garaiari eta gertaerei eman zien bide. Gaur euskal artista entzutetsuek -tartean atzoko mahai inguruan parte hartu zutenek-1966an sorturiko taldeari buruz aritu ziren luze eta zabal. «Normala zen horrelako talde bat eratzea», azaldu zuen Basterretxeak: «Oso ongi etorri zitzaigun gure artean ezagutu eta esperientziak trukatzeko». Pena Oteiza eta Txillidaren arteko eztabaidagatik taldea bertan behera uztea izan omen zen: «Europan erakusketak antolatzeko aukera galdu genuen». Orduan eginiko bereizketak gaurdaino iraun duela gaineratu zuen. Abagune hartan Barandiaran galeriak izan zuen zeregin garrantzitsua nabarmendu zuen Ugarte eskultoreak: «Abangoardia berreskuratu eta haize berriak ekarri zituen artearen mundura». Baina talde gisa egin zuten lana garrantzitsua izan arren, hura bezain nabarmengarria izan da atzo bildu ziren artisten irudiko banaka eginiko lana. «Euskaldun onak legez, oso gureak, barnerakoiak izan gara. Oso independenteak», esan zuen Basterretxeak. Gertaera politikoak, pasadizoak ... 60ko hamarkada gaur egungoa balitz bezala mintzatu ziren hiru euskal artista handiak. Mendiburu bakarrik falta zitzaien.

IKASTAROA

[aldatu]

Mendibururen obra eta garaiaren azterketa Atzoko mahai inguruaren aurretik, Felix Marafia ikastaroaren zuzendariak, Pedro Manterola irakasleak eta Carlos Aurtenetxe idazleak eman zituzten Remigio Mendiburu eskultorea hobeto ulertzen laguntzeko hainbat zertzelada. Haren obraren azalpenaren bitartez biluzi zuten Mendiburu gizona. Haren lana eta pertsona izadia bera dela nabarmendu zuten. Atzo hasitako Remigio Mendiburu: devenir y origen. Naturaleza, etnografia y renovación formal en la escultura contemporanea ikastaroko bigarren eguna izango da gaurkoa. Juan Pablo Huercanos kazetari eta ikastaroaren zuzendarietako baten hitzaldiak artista bizi izan zen garaia ekarriko dute gogora. Gero, Rafael Serra Bartzelonako irakasleak hartuko du hitza, eskultorearen arkitektura lanei buruz jarduteko. Izan ere, baditu hainbat lan arkitektoniko. Horren ondotik, Juan San Martin euskaltzainaren txanda izango da. Hark Mendibururen obraren sormen originala izango du hizpide. Besteak beste, artistak euskal eskultura garaikideari eginiko ekarpenaz ariko da. Gabriel Intsausti irakasleak, berriz, artistaren lan prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu bihar goizeko hitzaldian. Goizeko lau hitzaldi horien ostean, arratsaldeko 17:00etan, Pedro Sota zinema zuzendariaren Nortasuna (1975) filma eskainiko dute Miramar jauregian. Film hori Remigio Mendiburu artista eta gizonaren lekukotasun paregabea da.

ESANAK

[aldatu]

NESTOR BASTERRETXEA «Eskultorea «Euskararen muga ikusezinagatik ez nuen lortu harekin harreman zuzenagoa izatea»

J. ANTONIO SISTlAGA Margolaria «Txirotasunaren artista zen Mendiburu. Horregatik, izugarrizko sormena zuen»

RICARDO UGARTE Eskultorea «Izadiaren formaren antropologia eskultorikoa egiten zuen»


Manex Goienetxe, sortzez garaztarra, Angelun bizi da. Ofizioz irakaslea da,hastapenean frantses eskoletan eta gero ikastoletan. Baionako fakultatean euskarazko kurtsoak ematen ditu.

■Nola sortu zen UEU Ipar Euskal Herrian?

1973an sortu genuen UEU. Ez nintzen bakarrik, beti lantalde batek eraman du lana. Idazkari bezala norbait behar zen eta nik hartu nuen lan hori. UEU hasi genuen Karlos Santamariaren laguntzarekin. Hutsune bat senti genuen garai hartan Euskal Kultur mugimenduan. Hamarkada horretan kultura ez zen bat ere azkarra. Ikastolak abiatuak ziren, irrati eta egunkaririk ez zegoen. Alfabetatze mugimendua azkartzen hasia zen, Ricardo Arregi batekin. Irekiak ziren eremua berri horiek behar genituen osagarritu. Herria historian zehar aitzina doalarik, unibertsitatea beharrezkoa zaio, hots alde horretatik basamortuan geunden.

■Norekin egin zenuen lan UEU muntatzeko?

Europan barreiatuak ziren irakasle eta ikasleekin muntatu genuen UEU. Belaunaldi desberdinetako jendeak bildu ziren lehen ekitaldian. Beraz, gazteak irakasle omen handikoekin elkartu ziren. Joan ginen Bartzelonarat Ibon Sarasola baten bila edo Parisera Txomin Peillenen bila. Quebecetik Piarres Xarriton ere etorri zen. Lehen lau urteak Ipar Euskal Herrian egin zituen UEU bainan gero Nafarroara joan zen, giro politikoa kanbiatu zelako. UEU ez da izan Ipar Euskal Herriko edo Nafarroako gauza bat, Euskal Herri osokoa izan da. Erran nahi baita Euskal Herri honetan hiru lurralde puskaturik direla eta bakoitza bere berezitasunarekin. Orduan UEU saiatu da lotura bat egitera muga horien gainetik, kontuan hartuz herri honen lurraldetasuna. Baionan edo Iruñean egin berdin da.

■Partaide anitz baziren hastapenean?

Lehen ikastaroan 85 ziren. Bigarrenean 124, eta orain bostehunetik goiti. Erran nahi dut behar bat bazela eta hutsune hori bete dugula neurri batean. UEUk beti egin ditu ametsak eta batzuentzat ametsak erran nahi du utopia. Gure ametsak konkretuki bideratzen saiatu gara beti.