Romanus Pontifex
Nikolas Apezpikua, Jainkoaren zerbitzarien zerbitzaria
Gauza guztien betiko oroitzapenerako. Erromatar pontifizeak, munduko herrialdeez ardura aitatiarraz pentsatuz, han bizi diren herrien nolakotasunak kontuan izan eta hauen salbazioa lortu nahian, maite duen maiestateari atsegingo zaiona agintzen du, eman zaizkien ardiak artegi bakarrera meneratuak izan daitezen eta betiko zoriontasuna lortu dezaten (...). Grazia bereziaren laguntzaz errege eta printze katoliko haiei hau ohartaraztea pentsatzen dugu: fede kristauaren atleta eta pugil ausarten gisa hertsatzen dituztela sarrazenoen eta beste etsai fedegabeen gogorkeriak eta urruneko inguruetan fedearen defentsa eta honen hedapena areagotzeko lanean ari direla, lana eta gastuak kontutan hartu gabe. Eta horrela egiten dugu aipaturiko erregeek eta printzeek edozein gastu jasan dezaten; eta hain lan duin eta laudatuan iraun dezaten adorea ematen diegu.
Orain dela gutxi gure entzumenetara ailegatu zen, eta ez gure espirituaren poztasun eta alaitasun barik, gure semeak, Portugaleko Enrike Infanteak (...) fedearen lanean beroturik eta arimen salbazioaren arduraz, Ozeanoan zenbait irla, bizilagunik gabe zeudenak, fededunez jendeztatu zituela eta bere lan eskergari esker bertako askok bataioaren sakramentua hartu zutela. Gainera berari iritzi zion Ozeano itsasoa ez zela behin ere itsastatua izan ez hegoaldeko ez ekialdeko itsasalderantz eta ez genuela hango jendearen benetako berririk; horrenbestez, Jainkoari zerbitzu egiten ziolakoan, bere ahaleginez aipaturiko itsasoa itsastatu zuen Indietaraino, esaten denez, Kristoren izena gurtzen zutenekin harremanetan jartzeko; eta hauek sarrazenoen aurka mugiarazi zituen kristauen laguntzan eta han dauden herri jentil eta paganoei gerra egin zien, Mahomaren sektaren eraginpekoei beraien artean ezagutzen ez duten Jainkoaren izen santua aldarrikatuz. Horregatik, beti erregearen agintepean, azken hogeita bost urteetan, lan arriskutsuz eta gastu handiz, karabela izeneko itsasontzi arinetan gudarosteak etengabe bidaltzen dira itsasoa eta itsas probintziak, hegoaldeko inguruak eta Polo Antartikoko lekuak aurkitzera. Itsasontzi hauek portu, uharte eta itsaso asko aurkitu ondoren, Gineako probintziara ailegatu ziren eta itsasketarekin jarraituz ibai handi baten itsasadarrera. Ondoren, ginear asko eta beste beltz batzuk ekarri zituen aipaturiko erresumetara, indarrez harrapatuz edo debekaturik ez dauden gauzen trukean atzemanez edo beste erosketa kontratu batzuen bitartez.
Orobat jakin dugu [Alfontso] erregeak eta [Enrike Jauna] infanteak, debekatu egin dutela euren itsasgizonek eta itsasontziek ez beste inork probintzia hauetara itsastatzea, itsasportu hauetan kontratatzea edo itsaso hauetan arrantza egitea; beldur baitziren batzuk diruzalekeriak bultzaturik nabigatu zezaketelako alde hauetara eta fruitu eta lan honen ospea kentzen ahaleginduko zirelako, lukurua eta maltzurkeria helburutzat harturik, fedegabeei burdina, armak eta lokarriak emanez edo itsastatzeko artea erakutsiz; horrela etsai indartsuagoak bilakatuko ziren eta enpresa honen jarraipena gelditu edo oztopatu egingo zen (...). Baina denborarekin gerta liteke beste erresumetako gizakiek ere nahi izatea bekaizkeriaz, amarruz eta diruzalekeriaz bultzaturik, horrela lortu diren aipaturiko probintzietan, itsasportuetan eta itsasoetan, itsastatzea, kontratatzea edo arrantza egitea. Guk, lehenago aipaturiko errege Alfontsori kasu eginez, beste epistola batzuen bidez baimentzen diogu edozein sarrazeno, pagano edo Kristoren beste etsaien aurka indarrez sartzea, konkistatzea, gainditzea eta meneratzea eta gizakiak betirako morrontzan hartzea eta haientzat eta bere ondorengoentzat bere erresumez, dukerriez, konterriez, jaurerriez, ondasunez eta edukinez jabetzea... Honez gain agintzen eta aldarrikatzen dugu lortu dituzten probintziak, uharteak eta abar, edo hemendik aurrera lortuko dituztenak, bai eta konkista hau ere, Bojador eta Nun Lurmuturretatik Ginea osoan zehar hegoaldeko hondartzetaraino (...), betirako ematen dizkiegula aipaturiko Alfontso erregeari eta bere ondorengo erregeei eta infanteari.
1455eko urtarrilaren 8an
Erreferentziak
[aldatu]Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Joseba Zuazoren baimenaz).
Bigarren iturria: kondaira.eus
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |