Ronald Reaganen bigarren inaugurazio hitzaldia
Ronald Reaganen bigarren inaugurazio hitzaldia (1985) |
Iturria: Hernández Alonso, J.J. eta González, L. (argit.) (1998): Documentos históricos de los Estados Unidos, Ediciones Colegio de España, Salamanca, 157-160.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 104. |
Orain dela lau urte kargua zin egin nuenean, tentsio ekonomikodun garaia zen. Ingurutik esaten zitzaigun atzerantz egin behar zela handitasuna eta loria aurkitzeko. Baina, gu, gaur egungo amerikarrak, ez gara atzerantz begiratu zaleak. Lur bedeinkatu honetan, beti egongo da hurrengo egun hobe bat.
PRINTZIPIO BERRI BAT
Orain dela lau urte, printzipio berri bati buruz hitz egin nuen eta gauzatu egin dugu, betiere beste zentzu bat emanda. Gure printzipio berria orain dela bi mende sortutako haren jarraipena da. Orduan, lehenengo aldiz, herriak ebatzi zuen gobernua ez zela gure ugazaba, zerbitzaria baizik, eta herriak berak emandako boterea baino ez zuela izango aurrerantzean.
Inoiz ez digu hutsik egin sistema horrek, nahiz eta sasoi batean geuk huts egin sistemari. Gobernuak ezin zituen eman eskatu genizkionak. Gobernu nazionalari eman genion agintea, baina, berez, estatuei, tokian tokiko gobernuei edo herriari berari zegokien.
Zergen eta inflazioaren bidez, gure irabaziak eta aurrezkiak ostu ziezazkiguten utzi genuen. Munduko herri produktiboena bihurtu gintuen makina industriala erritmoa galtzen ikusi genuen eta, era berean, langabeak gehitzen.
1980an ulertu genuen gure fedea berritzeko unea zela; geure indar guztiekin borrokatu behar genuen norberaren askatasun-maila gorena lortzeko, zuzenbidearen printzipioak gidatutako gizartearen arabera.
Orduan sinesten genuen, eta orain ere sinesten jarraitzen dugu: gizonak eta emakumeak libre izanez gero, ez dago mugarik gizakia hazteko eta aurreratzeko, ez beren ametsak betetzeko. Eta zuzen genbiltzan hori sinetsi genuenean. Gutxitu egin dira zergak, inflazioak beherakada izugarria izan du, eta inoiz baino lanpostu gehiago dago. Nazio kartsu, sendo eta bizia sortzen ari gara; baina oraindik mendi asko dugu eskalatzeko. Ez dugu atsedenik hartuko ahalik eta askatasun handiena, duintasun handiena eta aukera gehien izatea eskubide kenduezin bihurtu arte amerikar guztientzat. Errepublika handi honetako herritar garen aldetik, jaiotzetik ditugun geure eskubideak dira.
Erronka hori gauzatzea lortzen badugu, garai hau izango da amerikarrek aurrerapenean duten konfiantza eta tradizioa berreskuratu zuten garaia. Komunitatea, familia eta fedea (guztiak gure balio) aro modernorako birformulatu ziren garaia izango da; orobat, ekonomia behingoz gobernuaren kontrolpetik askatu zenekoa.
Ronald Reagan
Washington, 1985eko urtarrilaren 21a
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |