The Economic Consequences of the Peace
Hiru dira Alemaniak hitz eman duen diru-kopurua kitatzeko bideak: (1) urre, ontzi eta atzerri-titulu bezalako bat-bateko aberastasun transferigarrien bidez; (2) armistizioari jarraituz utzitako edo errenditutako lurralde-jabetzaren balioa dela medio; (3) zenbait urtetan zehar banatutako urteroko ordainketen bidez, zati bat dirutan eta beste zati bat harrikatz-produktuak, potasak eta tindagaiak bezalako gaietan.
Aurrekoen multzotik kanpo geratzen dira etsaiaren lurralde okupatuetan hartutako jabegoak, esaterako errusiar urrea, belgikar eta frantziar tituluak, azienda, makineria eta arte lanak. Gai horiek identifikatuak eta itzuliak izan daitezkeen heinean, argi eta garbi euren egiazko jabeei itzuli behar zaizkie, eta ezin dira atera ordaintza-fondo orokorretik. Hau espresuki aipatzen da itunaren 238. artikuluan.
3. Zenbait urtetan zehar banatutako urteroko ordainketak
Nabarmena da Alemaniaren ahalmena atzerriari urteko zerga bat ordaintzeko oso murriztu dela kolonia ia guztien, itsasoz-haraindiko harremanen, merkataritza-flotaren eta atzerrian zituen jabegoen galerak direla eta; bere lurraldearen eta populazioaren %10aren ematea dela eta; bere harrikatzaren heren baten eta bere burdina-mearen hiru laurdenen galera dela eta; bizitzaren adin hoberenean zeuden bi milioi gizonen heriotza dela eta; gerra-zorraren zama handia dela eta; bere dibisaren antzinako balioaren zazpiren baterako desbalioztapena dela eta; bere aliatuekiko eta hauen lurraldeekiko etetea dela eta; bertan gertatutako iraultza eta inguruetako boltxebismoa direla eta; eta dena xahutu zuen lau urteko gerrak eta azkeneko porrotak neurtu ezineko indar eta itxaropenen hondamena direla eta.
Batek uste du hau dena nabarmena dela, eta hala eta guztiz ere Alemaniak ordaindu beharreko kalte-ordainari buruzko kalkulu gehienak oinarritzen dira etorkizunean, iraganean egin zuena baino merkataritza handiagoa egiteko gai izango delako ustean.
Edozein kasutan, Alemaniak ezin izango du ordaindu zenbait salgaien esportazioari esker ez bada (...). Izan ere Alemania, urte batzuetan zehar, ordainketari aurre egiteko inportazioak jaitsi eta esportazioak handitzera behartuta egongo da, hots, aldeko balantzea handitzera (...).
Alemaniar esportaziorik garrantzitsuenak hauek ziren:
- Burdinazko salgaiak (%13,2)
- Makineria (%7,5)
- Harrikatza eta kokea (%7)
- Artilezko artikuluak (%6)
- Kotoizko artikuluak (%5,6)
(...)
Salgai hauek esportazio osoaren %39,2a biltzen dute. Argi dagoenez salgai hauen guztien izaerari dagokionez, gerra hasi aurretik Alemania eta Ingalaterra artean konkurrentzia oso gogorra zen. Ondorioz, itsasoaz haraindirako edo Europarako esportazio horiek asko handitzen badira, britainiar esportazio merkataritzarako ondorioak latzak izango dira neurri berean (...). Burdin eta ikatz manufakturei dagokienez, Alemaniari bere esportazioak handitzeko gaitasuna kendu zaio, Polonia, Silesia Garaian eta Alsazia-Lorrainen egindako emateak direla-eta (...).
Esportazio eta inportazioen ondorengo analisia ere esanguratsua da. 1913ko Alemaniako esportazioetatik, %18a Britainiar Inperiorantz bideratzen zen; %17a Frantzia, Italia eta Belgikara; %10a Errusia eta Errumaniara, eta %7a Estatu Batuetara. Hots, esportazioen erdiak baino gehiagok Ententeko herrialdeetan aurkitzen zuen bere merkatua (...). Hortaz, aliatuak alemaniar produktuen esportazioa bultzatzeko prest ez badaude behintzat, [esportazioen] bolumen osoaren hazkunderik ez da gertatuko merkatu neutralak guztiz bereganatzen ez baditu.
John Maynard Keynes
1919
Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez, Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den
Iban Zalduaren baimenaz).
Bigarren iturria: kondaira.eus
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |