Thomas S. Duncombe-ren eskaera Erresuma Batuko Parlamentuari

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search

Zilegi bekit adeitasunez Parlamentuko atxikimenduari herrialdeko langile klaseetako 3.315.752 kidek izenpetutako eskaera bat aurkeztea...

Britainia Handiko eta Irlandako ohorezko komunei, parlamentuan bildurik. Erresuma Batuko herriaren eskaera.

Esan daiteke gobernua, erabat herriarengandik sortzen dena, askatasuna babestera eta ongizatea bultzatzera zuzendurik dagoela, eta bere aurrean erantzun behar du...

Eratu zenean bere gain hartu zituen helburuak betetzen ez dituen gobernu orok, herria ez badu erabat eta guztiz ordezkatzen, kontutan izanik hau gobernua eusteko zergak ordaintzera behartua dagoela eta dekretatzen dituen legeak betetzera behartua, konstituzioaren aurkakoa eta zapaltzailea dela eta aldatu egin behar dela.

Zuen ohorezko Parlamentua, orain eraturik dagoen bezala, ez duela herriak hautatu, eta honen agindurik gabe diharduela; eta ondorioz alderdiak bakarrik ordezkatzen dituela eta gutxiengoari egiten diola mesede, gehiengoaren miseria, kexuak eta eskaerak kontuan hartu gabe.

Eskatzaileek zuen Parlamentu ohoretsuari ziurtatzen diotela ezin dutela azaldu, eskaera honen mugetan, justiziaz azaldu ahal izango lituzketen bidegabekerien ehuneko hamarra ere; baina Parlamentu ohoretsu horrek egoki iritziko balio audientzia bat eskaintzea eskatzaileei ordezkarien bidez zuen Parlamentu ohoretsu horren aurrean, eskatzaileek azaldu ahal izango luketela zorigaitzen eta sufrimenduen historia, bidegabekeria onartezinena, gizon on eta eskuzabalen bihotzetan harridurarik handiena eragingo lukeena. Britainia Handiko eta Irlandako herriak denbora luzez lasaitasunez jasan dutela ezarri dioten egoera miserablea hautesleak inolako eskubiderik gabe kentzeagatik eta klase-legegintzaldiaren hainbat eta hainbat ustelkeriagatik.

Horren guztiaren ondorioz, eskatzaileek, konstituzioak ematen dizkien legezko eskubideen arabera, eskatzen dute zuen Parlamentu ohoretsuak konpon ditzala azaldu dituzten zorigaitz eta kalte guztiak eta lege-gisa bozkatu dezala, aldaketarik gabe, ezer kendu edo erantsi gabe, Herriaren Gutuna deituriko testua, gizonezko helduen ordezkaritza dakarrena, ezkutuko botoa, urtebeteko parlamentuak, boto zentsitarioa kentzea, diputatuen ordainketa eta hauteskunde-distritoen berdintasuna.

Thomas Slingsby Duncombe, 1842-05-02


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez, Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Mikel Aizpururen baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


UEU logoa.png
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.