Edukira joan

Travels into Poland, Russia, Sweden, and Denmark

Wikitekatik

Lituaniako nekazariek ez dute zinez ezer behar. Haien gurdietan ez dago burdinazkorik; bridak eta zaldien lokarriak zuhaitz-azalaz edo adar espartzatuz eginak dira. Txabolak, altzariak eta gurdiak egin ahal izateko lanabesen artean aizkora besterik ez dute. Janzteko aski dira alkandora eta oihal zarpailezko galtzak, artile kaxkarrezko jipoi-barnekoa edo ahari larruzko berokia, artilezko estalkidun feltrozko kapela biribila eta zuhaitz-azalaz egindako oinetakoak. Haien txabolak bata bestearen gainean jarritako zuhaitz enborrez eginak dira, oholez estalirik. Zinez desberdinak dira txabola hauek eta Suitzako nekazarien etxeak, nahiz eta material berberaz eginak izan. Eta ohiturak are desberdinagoak: den-denak azaleratzen ditu jarrera desberdinak. Suitzako nekazaria irekia, egiatia, trauskila baina jatorra da; aurkitzen duen jendea buruaren mugimendu batez edo kapelara eskua axolagabeki eramanez agurtzen du; baina gizabidearen ikurraz jantzita dago, harrokeria orok mintzen du eta ez du inolaz ere irainik onartzen. Aitzitik Poloniako nekazariak bere begirunea era doilorrez eta morronkeriaz adierazten du; lurreraino makurtzen da, kapela kentzen du eta begi bistatik desagertu arte ez du berriz jantziko: guk aurkitu genituenek gurdia geldiarazten zuten gure karroza ikusi bezain laster; hitz bitan beren portaera morrontza doilorraren froga da, eta honek negar eragiten die.

[...]

Errusiako nekazariek gizaki handien arrazakoak dirudite, nekagaitzak eta oso indartsuak. Ondokoa jantzi ohi dute: txano biribila edo kapela oso garaia, oihal txarreko jantzia, edo neguan belaunperaino luzatzen den ahari larruzko beroki gerrikoz lotua, zaku-oihal sendoz egindako bota garaiak, hankak inguratzen dituzten oihalezko edo franelazko zati luze edo azpantarrak, zuhaitz-azal espartzatutako sokaz egindako sandaliak, eta gai berbereko lokarriz lotuta hankaren inguruan zangar modukoak. Udan janzkera ohikoenak oihalezko alkandora eta prakak dira.

Hauen etxolak Lituaniakoak bezala eginak dira, baina askoz handiagoak eta altzari eta lanabes gehiagoz hornituak. Eite karratua dute eta zuhaitz enbor osoak erabiltzen dituzte bata bestearen gainean ezarri eta ertzetan koskaz lotuta... Teilatua bi isurikoa izan ohi da, zuhaitz-azalez eta oholez egina, buztinez eta soropilez estalirik.

William Coxe, 1784


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez, Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Joseba Zuazoren baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.