Edukira joan

Tropismoak 19

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XIX

Leun eta laua zen gizona, bi aurpegi apal — txandaka eskaintzen zituen haren masailak non, ezpain estutuez, muxu bana uzten baitzuten.

Haiek hartu eta xehatu egiten zuten, noranzko guztietara biratzen zuten, zapaldu egiten zuten, haren gainean etzan, iraulkatu egiten zuten. Birak emanarazten zizkioten, eta ea, ea, ea, «trompe-l'oeil» asaldagarriak erakusten zizkioten, ate faltsuak, leiho faltsuak zeintzuei buruz joaten baitzen, sinesbera, eta non kolpekatzen baitzen, min hartzen baitzuen.

Bazekiten betidanik hura nola menderatu osoki, freskura zokorik utzi gabe, atsedenaldi unerik gabe, nola irentsi azken apurra arte. Mugarriztatu egiten zuten, lursail ikaragarritan neurtzen zuten, koadrotan, noranzko guztietan ibiltzen zuten; batzuetan korrika egiten uzten zuten, jaregiten zuten, baina heldu egiten zioten sobera urrundu bezain laster, haren jabe egiten zuten berriro. Haurtzarotik zion gustua hartua suntsitze honi — etzan egiten zen, horren lurrin garratz eta eztia dastatzen zuen, bere burua eskaini egiten zuen.

Haiek bera giltzaperatua zuten munduak, non alde guztietatik inguratua baitzeukaten, ez zuen irtenbiderik. Leku guztietatik haren klartasun itzelak, dena sestratzen zuen haren argi itsugarriak, itzalak eta lazdurak ezabatzen zituen.

Ezagutzen zioten haien laidoztatzeko zaletasuna, haren ahuldadea, halaber ez ziren gogaitzen.

Egina zuten gizona ongi hustu eta bete egin eta, leku guztietatik, beste panpina batzuk, beste txotxongilo batzuk zizkioten erakutsi. Ezin zien hanka egin. Ezin zuen haienganantz, begirunez, haren masailen aurpegi leun biak biratu baino, bata bestearen atzetik, haien muxuaren zain.