Edukira joan

Tropismoak 2

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

II

Euren aurpegiak miatzen zituzten ispilu armairuetatik aldentzen ziren gogotxarturik. Oheetan agontzen ziren: «Zerbitzatua da, zerbitzatua da» zioen andreak. Mahai inguruan familia biltzen zuen, nor bere zuloan ezkutatua, bakarti, muzin, lur jota. «Baina zer gertatzen zaie neke itxura hori beti emateko?» zioen berak andere sukaldariarekin hitz egiten zuenean.

Orduak eta orduak ematen zituen sukaldariarekin hizketan, mahai inguruan asaldatua, asaldatua beti, beraientzako jakiren bat edo edabeak prestatuz, etxera etortzen ziren pertsonak, lagunak kritikatuz: «ilundu egingo duen urliaren ilea, amarenaren antzekoa izango da, eta tente; permanenterik behar ez dutenek suerte handia dute». — «Andereñoak ile polita dauka» zioen sukaldariak, «sarria da, polita, kizkurtzen ez den arren». — «Eta sandia, ezer ere utzi ez dizulakoan nago. Zekenak dira, zekenak, eta badute dirua, dirua badute bai, nazka ematen du. Eta ez dute ezertan gastatzen. Egia esan, nik ez dut ulertzen.» — «Ez ba!» zioen sukaldariak, «ez, ez dute beraiekin eramango. Eta alaba, oraindik ezkondu gabe, eta ez dago gaizki, ile ederra dauka, sudur ttikia, eta oso oin politak.» — «Bai, ile polita, egia da» zioen berak, «inork ez du maite, berriz, badakizu, ez dute gogoko. Oi! Barregarria, benetan».

Eta gizonak, gogoeta apal eta koipetsua, oinperatzailea, sukaldetik filtratzen sentitzen zuen, hor bertan beti oinperatzaile, hor bertan beti, inguruan biraka, biraka, zorabiaturik bailiran baina gelditzerik izango ez balute bezala, goralarriturik bailiran baina gelditzerik izango ez balute bezala, batek atzazalak kosk egiten dituen bezala, azala kentzen duen bezala larrutzen delarik, hazkura izatean hatz egiten duen bezala, loak hartu ezinik bueltaka ari den bezala, bere buruari plazer ematearren eta baita sufriaraztearren ere, ahitu arte, hatsa zintzurrean trabatu arte...

«Baina agian haientzako beste gauza bat zen.» Hori zen gizonak uste zuena, entzuten zuelarik, ohean etzanda, antzeko lerde likina bailitzan haien gogoeta berarengana sartzen zela, berari itsatsi eta barrutik gaineztatzen zuela.

Ez zegoen ezer egiterik. Ezer ere ez. Ezinezkoa zen horretaz ez jabetzea. Edonondik, makina bat itxura «traidore»ren bidez, («traidorea da gaurko eguzkia», zioen atezain andreak, «traidorea da eta gaixo jartzeko arriskuan zaude. Horra nere senar gizajoa; eta, hala ere, bere burua zaintzea gustatzen zitzaion...»), edonondik, bizitza beraren antzirudipetan, harrapatua zinen haginkada batez hortik igarotzean, atari aurretik korrika pasatzen zinenean, telefonoari erantzuten zenionean, familiarekin batera gosaltzean, lagunak gonbidatzean, edonori hitz egiten zenionean.

Erantzun eta adore eman behar zitzaien leunkiro, eta batik bat, batik bat ezta une batez ere ez sentiarazi zeure burua ezberdintzat hartzen zenuela. Makurtu, makurtu, ezabatu: «Bai, bai, bai, bai, egia da, bai noski», hona hemen esan behar zitzaiena, eta begikotasunez so egin, samurtasunez, bestelaz zarrasketa, urraketa, ustegabeko zerbait, bortitza gertatuko litzateke, inoiz gertatua ez zena eta ikara-garria izango litzatekeena.

Eta iruditzen zitzaion, orduan, bat-bateko egite, ahalmen lehertze batean, neurri gabeko indarrez, zapi zahar zikinak bailiran astindu egingo zituela, bihurtu, zarrastatu, zeharo txikitu egingo zituela.

Baina bazekien ere, seguraski inpresio faltsua zela. Haien gainean erortzeko betarik izan baino lehen — instintu seguru horrekin, defentsarako instintu horrekin, euren indarra zerbait artegagarri egiten zuen bizitasun errez horrekin, harengana buelta eman eta, kolpe batez, ez zekien nolaz, zanpatu egingo zuten.