Tropismoak atarikoa
←Tropismoak | Tropismoak (2021) , translated by Luis Alfonso Lopez Labrador |
Tropismoak 1→ |
TROPISMOA.- Grezierazko τροπή tropế 'biratze, itzuli, ihesa, itzulbide puntua'.
Ingurumenaren estimulu bati zuzendutako gertakari-erantzun biologiko naturala, organismo baten haziera edo norabide aldaketaren adierazle dena.
(Wikipedia, la enciclopedia libre-tik euskaratua)
Bizitza dinamismoak bere oinarrizko antolaketari eusten dio inguruko gai eta energiaren zuzeneko asimilazioaren bidez. Prozesu bereganatzaile horren bidez, organismo guztiek hartu, itzuli eta handiagotu egiten dituzte bizi mantentze lanean, aldi berean etenik gabe, xahutu eta ingurumenari bihurtzen zaizkion indar organikoak. Energia korronte batek zeharkatu egiten ditu horrela, erritmikoki, banakoak, euren organoak, euren zelulak eta substantzia biziak dinamismo hartzigarri, analitiko sintetikoen konbinazio misteriotsu bati esker energia fisko-kimiko hauek erabili, eraldatu eta ezabatu egiten ditu, bai euren kontserbaziorako nola euren haziera eta ugalketarako.
(Christofredo Jakob-en «Del tropismo a la teo-
ría general de la relatividad» delako idazla-
netik hartutako lerroen itzulpena)
Zientzia hiztegitik hartu eta literatura eremura eramaniko tropismo terminoaren txertatzea da Nathalie Sarrauteren idazlanaren gogo bizia eta lorpen handia. Tropismoak, ozta-ozta nahitako eta lurpeko mugimenduak non jokaerak, sentipenak, egintzak sortzen diren; ezin hautemanezko bibrazio horiek dira, inpresio izendaezin horiek gizabanakoen arteko harremanak aldatu egiten dituztenak eta euren eguneroko erreakzioetan, euren keinu arruntenetan islatzen direnak; deribak, horiek guztiak, fisiologiko eta psikologikoa denaren arteko mugan bertan kokatuak.
(Tusquets argitaletxeko lehen argitaraldiaren
azal hegaletatik itzulia)
Behin irakurri nuen Ramon Saizarbitoriari egindako elkarrizketa batean «gazteak ginelarik Nouveau Roman delakoak zeharo liluratu egin gintuen», (beno, hori edo antzeko zerbait) esaten zuela. Horixe bera gertatu zitzaigun gutako batzuei fakultateko ikaskideak ginela pasa den mendeko 70eko hamarraldian. Neroniri Alain Robbe-Grilleten Le Voyeur eleberria aztertzea egokitu zitzaidan artean.
Geroxeago, idazle beraren Pour un nouveau roman izeneko saiakera irakurri ondoren, ustezko objektibismoaren eskolako beste hainbat idazleren lanak irakurtzeko aukera izan nuen. Horien artean, noski, Nathalie Sarrauteren Tropismes izenekoa zeina kritikari askorentzat aipatzen ari naizen literatura higikundearen giltza eta sortze testua izan baitzen.
Gogoan dut, bestalde, orain dela urte anitzeko oporretako Aste Santu ikaragarri euritsu eta narrasa noiz, nahiz eta gaztea izan, kalera ateratzea nahiko gauza desatsegina zen biziraupen kontuak tartean ez baldin baziren behinik-behin. Testuinguru honetan otu zitzaidan itzulpen josteta honi lotzea etxean bertan bainituelako Les Éditions de Minuit delako argitaletxearen jatorrizko liburua eta gaztelaniara Tusquets izenekoak ekarritako bertsioa. Horretaz aparte, papera, arkatza eta eskura nituen hiztegiak.
Aipatu Aste Santua baino denbora apur bat gehiago behar izan nuen nire saio horren ontzeko, jakina. Dena dela, denbora-pasa ariketa eginda zegoen eta, horrela geratu zen idazmahaiko tiraderetako batean.
Zenbait urte pasa ondoren, beste misantropialdi batek jota —eta ordenagailuen erabiltzea neuretua—, aspaldiko lantxoari heldu nion berriz ere. Horrela, klipek herdoildutako orri horixka multzoari hautsa kendu, haietan zeuden hitz eta idatz urratze andanarekin flipa egin eta inolako zikin eta orbanik gabe berriro kopiatze eta orrazteari ekin nion.
Bijoa lerro xume hauetatik nire esker on zintzoa urtetan euskal hiztegigintzan aritutako guztientzat; besteak beste, Ibon Sarasolaren Zehazki izenekoa eta Orotariko Euskal Hiztegia, ezin ordezkatuko laguntzaileak izan bainituen.
Eta kitto.
Fernando Pessoaren antologia poetikoaren egileetako bat den Miguel Ángel Viqueira-k bere liburuen aurkezpenean idatzitako hitzei parafrasea eginez, —eta, agian, solasaren izaera apur baten puztuz—, argitaratze honekin dudan desira bakarra —euskal irakurleak guztiz berritzaile izan zen literatura talde honetako idazle erabakigarrienetako bat ezagut eta irakurtzea— nola neronek neure buruari jarritako helburuak —horrela ere, honako sarrera honekin bukatutzat ematen baitut itzulpen ttiki hau— orain beteta daudela iruditzen zait, zeinak zoriontsu egiten nauen eta bihotz-bake handia ematen didan; izan ere, direnen artean, honako hauxe baita altxorrik preziatuena.
Aski.
Luis Alfonso López
- ↑ Honako liburutto hau itzuli nuenean ez zitzaidan burutik pasatu inolako sarrerarik beharko zuenik, izan ere hasiera-hasieratik «divertimento» edo jostatze ariketa soilez hartu bainuen. Berriz, Gotzon Egiari, gazte eta ikas garaiak gogora ekartzearren, eman nionean hark argitaratzea mereziko zuela esan eta, horrekin batera, aitzinsolas moduko bat idazten animatu ninduen.