Truman doktrina

Wikitekatik

Ameriketako Estatu Batuen kanpo-politikaren helburu nagusietako bat honako hau izan behar da: baldintza egokiak sortzea bai geuk, bai eta beste nazio batzuek ere inoren indarpean bizi gabe aske izateko aukera izan dezagun. Horixe izan zen, hain zuzen ere, Alemaniaren eta Japoniaren aurka izandako gerraren oinarrizko arrazoietariko bat. Beren borondatea eta bizimodua beste nazio batzuei inposatu nahi zieten herrialdeei gerra irabazi genien.

(...) Ez ditugu geure helburuak lortuko, herrialde libreei lagundu ezean erregimen totalitarioak inposatu nahi dizkieten mugimendu erasotzaileei aurre egiten, beren erakunde libreei eta integritate nazionalari euts diezaieten. Bestela esanda, zintzotasunez aitortzen dugu herrialde libreei ezarritako erregimen totalitarioek —zuzenean edo zeharka erasoz lortutakoek— nazioarteko bakearen oinarriak zulatzen dituztela eta, beraz, Ameriketako Estatu Batuen segurtasuna.

Berriki, erregimen totalitarioak onartzera behartu dituzte munduko erresuma asko eta askotako herriak, beren borondatearen kontra. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak sarritan egin du protesta hertsatzearen eta larderiatzearen aurka, Jaltako Hitzarmena haustearen kontra, hain zuzen, Polonian, Errumanian eta Bulgarian besteak beste. Azpimarratu behar dut herrialde askotan jazo direla antzeko gertaerak.

Munduaren historiako une honetan, bizitzeko zein aukera nahi duen hautatu behar du herrialde bakoitzak, Baina sarritan erabakia ez da libre hartzen.

Gehiengoaren erabakian oinarritzen da bizitzeko aukeretariko bat, eta honako ezaugarri hauek izateak bereizten dute: erakunde libreak, ordezkariz osaturiko Gobernuak, hauteskunde libreak, norbanakoaren askatasuna bermaturik izateak, adierazpen- eta erlijio-askatasunak, eta mendekotasun politikotik askatua izateak.

Gutxiengoaren nahia gehiengoari indarrez ezartzean oinarritzen da beste aukera. Funtsezkoak izaten dira beldurra eta zapalkuntza, irrati eta komunikabideen kontrola, iruzurra hauteskundetan eta norbanakoaren libertateak kentzea.

Nire ustez, Ameriketako Estatu Batuek lagundu egin behar diete gutxiengo armatuen aurka borrokan ari diren herriei eta indarrez menderatu nahian kanpotik egindako presioei aurre egiten ari direnei.

Nire ustez, berek hautatutako etorkizuna beren erara gauzatzen lagundu behar zaie herri libreei.

(...)

Greziari eta Turkiari laguntzeari utziko bagenio, une erabakigarri honetan, eragin handia izango lukete ondorioek bai Mendebaldean, bai eta Ekialdean ere.

Erabakitasunez eta berehala jokatu behar dugu.

Greziari eta Turkiari laguntzeko baimena eskatzen diot Kongresuari; hori bideratzeko 400.000.000 dolar behar dira 1948ko ekainaren 30era bitartean.

1946


Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 102-104.

Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 46-47.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.