1
Ume eder bat ikusi nuen
Donostiako kalean,
hitz erditxo bat hari esan gabe
nola pasatu parean?
Gorputza zuen liraina eta
oinak zebiltzan aidean...
Politagorik ez det ikusi
nere begien aurrean.
2
Aingeru zuri, paregabea,
Euskal Herriko alaba,
usterik gabe zugana beti
nere bihotzak narama:
Ikusi nahian beti hor nabil,
nere maitea hau lana!...
Zoraturikan hemen naukazu
beti pentsatzen zugana...
3
Galai gazteek galdetzen dute:
"Aingeru hori non dago?"
Nere maitea nola deitzen dan
ez du inortxok jakingo.
Ez berak ere, ez luke nahiko:
konfiantza horretan nago
amoriodun bihotz hoberik
Euskal Herrian ez dago.