Zein urrun
Zein urrun (2020) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Zein urrun
Eusko Jaurlaritzak urgentziaz eskatu die udalei aste honetan eskola jardunerako erabilgarri izan ditzaketen espazio publikoen zerrenda egin dezaten, ikasleak tokiz aldatzeko beharra sortuko balitz ere. Abuztuko azken astean, ikasturtea hasteko bi asteren faltan! Zaila da ulertzen, zaila denez, apirilaz geroztik beste lehentasunik izan ez duen Hezkuntza Sailak nola ez duen ikasturte berriaren hasiera beste era batera kudeatu. Nafarroan, hezkuntza komunitatearen eta oposizioaren kritikak badiren arren, Gobernuak neurri esanguratsuak iragarri zituen joan den astean –lanegun jarraitua, seiehun irakasle gehiagoren kontratazioa, baliabide materialen emendatzea–.
Ulergaitza da, ezbairik gabe, Eusko Jaurlaritzaren paralisia, erreakzio falta, kudeaketarik eza. Lehenago ere ikusi izan dugu: Zaldibarko zabor-jauzian, pandemiaren lehen egunetan, baita ondorenean ere –gogoratu EHUko PCR proben kasua–. Baina oraingo honek badu bereizgarri fundamental bat aurreko hilabeteetako kasuekin alderatuta, are larriago egiten duena: jakina zen egoera hau gertatuko zela, edo gutxien-gutxienik gertatzea oso probablea zela. Izan ere, udaberritik genekien kurtso hasiera erronka itzela zatekeela birusa desagertuko ez balitz. Eta denbora egon da egoera hau aurretiaz prestatzeko. Alta, ikasturtea hasi baino bi aste lehenago ez dakigu deus –atzo iragarri behar zuen Gobernuak bere plana–. Aldiz, badakigu beste herrialde eta komunitate autonomoetan, gehien-gehienetan, ikasleen ratioak jaisteko neurriak hartu direla, tartean irakasle gehiagoren kontratazioa martxan dela.
Zer dago erreakzio falta honen atzean? Ez dakit. Baina okurritzen zaizkidan erantzun posible guztiak dira tamalgarriak. Edozein kasutan, zein urrun dagoen Gobernu hau gobernantza eredu kolaboratiboetatik! Aukera izugarri polita galdu baita erretorika politikoan lekua hartu duen kontzeptu hau praktikan jartzeko. Maiatza zen unea udalekin harremanetan jarri eta erabilgarria izan zitekeen espazio publikoa identifikatzeko; hezkuntza komunitateko eragileekin bildu eta kurtso berriari begirako moldaketak adosteko –curriculumari, ebaluazio irizpideei edota baliabide pedagogikoei dagokienez–; hautatutako espazio berrietan egokitzapenak egin eta aurreikuspen sanitarioen arabera zenbat irakasle gehiago beharko liratekeen pentsatzeko.
Behin baliabide humano eta materialak aurreikusita, zentro bakoitzak ikasturte berria prestatzeko denbora izango luke tokiko hezkuntza komunitatearekin batera, horretarako lekuan lekuko indarguneak baliatuz. Udalek, Hezkuntza Sailarekin koordinatuta, tokiko hezkuntza komunitatea dinamizatzeko ardura hartu ahalko lukete, prestaketa prozesua gainbegiratuz, aurrez ezarritako baldintzak beteko liratekeela bermatuz. Hain logikoa, hain naturala, hain arrazionala.
Historia modernoan aurrekaririk ez duen pandemia baten erdian ikasturtearen hasiera modu partekatuan planifikatzea erronka itzela da. Ez dezagun fribolizatu, garai gogorrak dira gobernugintzarako. Baina ikasturte baten hasiera planifikatzea langintza aski sinplea da hurrengo hilabete eta urteetan mahai gainean izango ditugun erronka sozial hain konplexuekin alderatuz gero. EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa ezagutu dugu asteon: hain anbizio gutxikoa, hain lausoa, hain grisa. Gobernuaren konposizioa ezagutzea falta. Aurrekoaren sokakoa izango den itxura guztia du. Eta jarraiera hori da, hain zuzen, itogarri zaiguna. Hain baita gure gaitasun komunitarioen neutralizatzaile, hain kontserbadore, hain zahar. Generalitateak aurkeztu berri duen “Pla de reactivació econòmica i protecció social” dokumentuari begirada bat bota diot –shorturl.at/egnwT– eta zera otu zait: zein urrun dagoen Urkulluren Gobernua herri honek behar duen lidergo publikotik!