Zutik Euskal Herria
ZUTIK EUSKAL HERRIA
Egoeraren eta euskal prozesu politikoaren azterketa egin du Ezker Abertzaleak. Eztabaida egin du. Ez gutxiren artean edo ezkutuko gelan. Aitzitik, kidegoak eta oinarri sozialak osatzen duten batzar gela nagusira ekarri dugu eztabaida. Ariketa demokratikoa izan da; ariketa demokratiko eraginkorra, gainera, ezinbesteko dugun estrategia politikoa zehazteko balioko duena.
Ez da eztabaida hutsa izan, aldi berean Ezker Abertzaleak egoera politikoan egin eta eragin behar izan baitu. Ezin gintezkeen gure etxean isolatuta gelditu, noizbait guzti-guztia argituko genuelakoan. Egoera politikoan eragin behar genuen eta eztabaidarekin batera ekimenak burutu behar genituen. Azken batean, estrategia eraginkorra gauzatzeko, Ezker Abertzaleak ildo politikoa eta baita jarduera ere egunerokoan argitu behar ditu. Horregatik, kurtso politiko berriaren hasiera-hasieratik ekin genion lan ildoa hezurmamitzeari, ekinbide eta proposamen zehatzekin. Eta halaxe jarraitu beharko dugu datozen hilabeteotan ere. Gure erantzukizuna da. Guri eta ez beste inori dagokigu ardura hartzea.
Denbora termino politikoetan ulertu beharra dago. Baldintza politikoek eta sozialek finkatzen dute apustuak egiteko unea. Gaur egun baldintzak egon badaude, ederki kostata lortu ditugunak, eta horregatik ari gara egiten, horregatik ari gara eragiten. «Fase politikoaren eta estrategiaren argipena» txostena egin izanak eta Altsasuko Adierazpena plazaratzeak barne hausnarketari eta prozesu politikoan eman beharreko urratsei erantzuten diete. Gure oinarri sozialaren babes zabal-zabalarekin bi horiek berresten ditugu, Herritarren Batasunean ezadostasunek ere lekua dutela kontuan hartuta. «Fase politikoaren eta estrategiaren argipena» txostenaren inguruan irekitako eztabaidak eta Altsasuko Adierazpenaren aurkezpenak argi eta arbi erakutsi dute aldaketa politikoa gauzatzeko eta prozesu demokratikoaren bidetik ibiltzeko Ezker Abertzaleak duen borondatea.
Izan ere, eztabaidari esker zer egin behar dugun ikusi dugu, eta zertan asmatu dugun eta zertan egin dugun huts ere bai. Horregatik, gure proiektuaren eta ibilbidearen erroak berretsi ditugun bezalaxe, sakoneko autokritika ere egin dugu. Lorpenekin eta akatsekin, askapen prozesua aldaketa politikora ekartzea lortu dugu. Orain, zinezko aldaketa atzeraezin egitea dugu erronka. Eta aldaketa gauzatzeko erronka barneratzeak geure burua aldatzea ere eskatzen du.
Euskal Herria eta euskal herritarrak, askapen mugimenduaren oinarriak
[aldatu]Euskal Herria. Euskal herritarrak. Euskal gizon-emakumeak. Euskal jendartea. Horiek ditugu erreferentzia bakarra egitasmo politikoa marrazteko orduan. Herriari eta herritarrei begiratzeko, haien gogo eta nahiak iparrorratz izateko eta Euskal Herriaren borondatea errespetatzeko nahiz errespetarazteko konpromisoa berresten du Ezker Abertzaleak. Izan ere, konpromisoaren ordua da. Urratsak egiteko ordua. Eta une honetan, Ezker Abertzaleak jakin badaki gako nagusia ez dela gainerako eragileak zer egiteko prest diren ezagutzeko zain egotea. Gakoa guk geuk egin beharrekoan dago, gure herriari erantzuteko. Hartara, gure indarrak eta arrazoibideak egoera berriak sortuko ditu, gainerako eragileen jokabidea baldintzatu ahalko dute eta, are garrantzitsuagoa dena, Euskal Herria bere buruaren jabe izateko bidean gero eta herri babes handiagoa sortuko dute.
Apustu politiko hau egitea gure erabakia izan da, askapen prozesuan aurrera egiteko bide eraginkorra delako, eta gure herriaren nahiari erantzuten diolako. Gure erabakiek gure borondatearen eta herri gogoaren ondorio izan behar dute beti, ez beste ezerk behartuta, ez beste inoren borondatearen ez beste ezeren menpekoa.
Estatuek erabilitako herri inposizioa eta bidegabekeria ez dira inoiz ezkerreko independentisten proiektuaren osagaiak izango. Ez gara haiek bezalakoak, ezta errepresioaren basakeriari eta herri asimilazio saiakerari aurre egiten diogunean ere. Ez gara inoiz izan, ez gara inoiz izango.
Hitza ematen dugu. Egoera demokratikoa eskuratzeko azken urteotan ereindako itxaropena eta baldintzak ez ditugu galtzen utziko. Urrutira joan gabe, azken boladako herri mobilizazioek garbi erakutsi dute prozesu demokratikoa bitarteko politikoen bidez modu egokian bideratzeko masa kritikoa izan badela. Gainera, Ezker Abertzaleak baiezta dezake beste eragile batzuk, bai Euskal Herrian bai nazioartean, bidaia hau elkarrekin egiteko prest direla, bakoitza bere erabaki propioetatik. Hori dena sendo gara ahal dadin, Ezker Abertzale osoari dagokio baldintzak elikatzea. Ez diogu gure historiari huts egingo. Ez diogu gure herriari huts egingo.
Etorkizuna gaurdanik dugu irabazteko. Independentziaren aukera ireki da. Europan estatuak sortu dira eta eztabaida ireki-irekia da zenbait lekutan. Estatu berrien sorrera aukera erreala da gehiengo demokratiko sendoak egituratzeko gaitasuna baldin badago. Euskal Herria herri antolatua da, dinamikoa eta prestatua, heldutasun nahikoarekin eta oinarri politiko, sozial zein ekonomiko sendoekin. Konfiantza osoa dugu gure herrian, beste ezertan baino gehiago.
Aurrekari politikoak, konfiantza izateko arrazoiak
[aldatu]Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu. Orain, Francoren heriotzaren gerorako diseinatutako operazio politikoa -Euskal Herria asimilatzea helburu zuena- gainditu eta gero, marko demokratikoa eraikitzeko helburu duen aro berriaren atarian gaude.
Hamarkadotan aurrerapauso eta tarteko garaipen franko lortu ditugu. Estatuen erasoei erantzuteaz gain, ildo politikoa garatzeko gaitasuna izan dugu. Independentismoa suntsitzeko ahaleginei aurre egin diegu eta, aldi berean, eztabaidak irekitzeko eta irabazteko gai izan gara, baita eduki eta proposamen zehatzak panorama politikoaren erdigunean jartzeko ere.
Ez da bide samurra izan. Sufrikarioa izan da gatazka politiko eta konfrontazio armatuko ziklo luze honen ondorio lazgarria. Bat baino gehiago hau ezkutatzen saiatzen bada ere, sufrikario horren sorburua nabarmena da: Euskal Herriaren eskubideen ukapena. Horrek sortu du gatazka politikoa, eta errepresio estrategiak elikatu du. Egoera hori gainditzea eta gure proiektu politikoa defendatzeko agertoki demokratikoa lortzea beharra da. Urte hauetan guztietan, Ezker Abertzaleak ikaragarrizko lana egin du. Lan horren logika politikotik eta egindako ibilbideak ematen duen konfiantzatik formulatu du hurrengo aroko ildoa. Gure historiak eta gure arrazoibideak ematen digu gure buruan ziurtasuna.
Fase politikoa, aldaketaren fasea
[aldatu]Agorturiko fase politikoan gaude, eta horrek, bistan da, proiektu nazionalari eta sozialari aukera historikoak eskaintzen dizkio. Aldaketa politiko eta instituzionalerako aukerek ezaugarritzen dute Euskal Herriko egoera, aukera horiek, Hego eta Ipar Euskal Herrian, molde eta intentsitate ezberdinekoak badira ere.
Egia da blokeo egoera nahi baino gehiago luzatzen ari dela, nagusiki estatuek, errepresio estrategiaren bidez, hala erabaki dutelako. Beraz, zehazki Hego Euskal Herrian, ziklo politikoen arteko igarobidean jarraitzen dugu: agortutako zikloaren eta oraindik guztiz ezaugarritu gabeko ziklo berriaren artean. Hala, uneko taupada politikoa edota bataila nagusia zabaldu beharreko ziklo berriaren norabidearen eta nolakotasunaren gainekoa da. Sakoneko aldaketa politikorako aukera, Euskal Herriaren ukazioaren menpeko ziklo estatutarioa gainditu eta marko demokratikoa irekitzeko aukera, zabal-zabalik da. Hamarkadotako lana, esfortzua eta borrokaren bidez zabaldutako ate hori zeharkatu eta aldaketa politikoa gauzatzea da orain erronka. Badago horretarako nahikoa baldintza. Baldintza horiek probestuz aldaketa gauzatuko duen estrategia eraginkorra zehaztean datza gakoa.
Ipar Euskal Herrian, erabateko ukapen jarrera bortitza mantentzen du Parisek. Baina izan dadila aldarrikapen instituzionalaren inguruan, euskararen defentsan, herri eraikuntzan edo eremu sozio-ekonomikoaren borroketan, herri mobilizazioak behin eta berriz erakutsi du Herri honen bizi gogoa eta aitortza erdiesteko determinazioa. Euskal Herriaren lurraldetasuna aintzat hartua izan dadin oinarriak pausatuak daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeetako jendartean. Parisen aitzinean, indar metaketaren bidez, indar harreman fase berri bat ireki behar dugu hiru herrialdeen onarpen instituzionala eta Euskal Herriaren hitza eta erabakiaren errespetua irabazteko. Fase politikoa aldaketa politikoaren fasea da. Behin aldaketarako baldintzak sortuta, aldaketa gauzatzekoa. Beraz, fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da.
Prozesu demokratikoa, ziklo aldaketaren palanka
[aldatu]Prozesu demokratikoa da ziklo aldaketarako palanka, fase politikoaren oinarrizko lanabesa. Negoziazioa, akordio politikoa eta herri parte-hartzea oinarri izango dituen prozesu demokratikoa artikulatu beharra dago. Halako prozesua jorratzea da marko aldaketa egiteko bide posible bakarra.
Prozesu demokratikoa egituratzeko ordua da. Eta prozesu demokratikoak helburu jakina du: autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren korapiloak askatuta, marko demokratikoa eraikitzea. Marko demokratikoak proiektu politiko guztiak egingarri bihurtu behar ditu, baita independentistona ere. Prozesu demokratikoak lortu beharreko osagaia estatuek errespetatuko duten Euskal Herriko indar ezberdinen arteko akordio politiko erabakigarria da. Protagonista nagusiak, euskal herritarrak eta Euskal Herria dira, prozesua abiarazteko, hari bultzada emateko, konponbide akordioak berresteko eta barne antolakuntzari zein kanpo harremanei buruzko azken erabakiak hartzeko. Prozesua modu egokian garatu ahal izateko - hau da, esku-sartzerik, bidegabekeriarik edota indarkeriarik gabe garatzekobaldintzak eraiki behar dira.
Altsasuko Adierazpenean esan bezala, prozesu demokratikoa abiaraztea Ezker Abertzalearen alde bakarreko erabakia da. Arazoak gorabehera, prozesu demokratikoa denboran eutsi beharko diogun erronka izango da, sartu-irteerarik gabekoa. Haren garapenerako aldebiko eta alde askotako akordioak bilatu beharko dira; euskal eragile politikoekin eta nazioarteko komunitatearekin. Eta gatazka gainditu ahal izateko, estatuekin.
Berariaz eta konfiantzaz, esperotako beste eragile batzuk lagun eta aurreikus daitekeen botere gune garrantzitsuak etsai, Ezker Abertzaleak hiru geltoki aurreikus litzake jada abiarazten ari den prozesu demokratikoan Hego Euskal Herriari dagokionez, Ipar Euskal Herrian jendarte atxikimenduaren bidez indar harreman berri bat sortzen dugun bitartean Parisi begira. Hauexek dira hiru geltokiok:
Gutxieneko oinarri demokratikoak. Prozesu demokratikoa garatu ahal izatea ahalbidetuko duten ezinbesteko oinarriak lirateke. Indar politiko guztien aukera berdintasuna eta salbuespen neurriak gainditzeari buruzko akordioak edota erabakiak gauzatu beharko lirateke.
Akordio demokratikoa. Azken negoziazio prozesuan landutako eduki politikoen baitako akordio garatua litzateke. Hau da: Euskal Herriaren nazio izaera aitortuz, proiektu politiko guztiak gauzagarri bilakatzea bermatuz eta euskal lurraldeek -euren artean eta Estatuarekin- harremanak finkatzeko bide juridiko-politikoak egituratuz.
Marko demokratikoa. Akordio demokratikoaren gauzapen juridiko-politikoa litzateke. Herri borondateari esker osatuko litzateke eta Euskal Herriak pairatzen dituen egiturazko ukapenak gainditzea bermatuko luke. Hortxe kokatuko luke Ezker Abertzaleak erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen lau herrialdeetako autonomia lortzeko ahalegina, Anaitasuneko proposamenaren bidetik Hego Euskal Herrian, eta Uztaritzeko proposamenaren haritik hiru herrialdeetarako autonomia erdiestearen helburua Ipar Euskal Herrian.
Estrategia eta lanabes berriak, aurrera egiteko bitartekoak
[aldatu]Fase berriari ekiten ari gara, eta horrek estrategia eta lanabes berriak eskatzen ditu. Aldaketa egiteko ezinbestekoa da geroz eta zabalagoa izango den indar metaketa bideratzea eta konfrontazioa estatuak ahulen diren eremura eramatea; hau da, konfrontazioa eremu politikora eramatea.
Eztabaidaren ondorioa da eragiteko molde guztiak fase politiko berriak eskatzen duen apustuaren zerbitzura kokatzea, ziklo berriak eskatzen duen indar metaketaren mesedetan alegia. Beraz, indar metaketaren norabidean masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira prozesu demokratikoaren tresna bakarrak. Herri babesa izango da berme bakarra, eta herri mugimendua akuilurik eraginkorrena.
Soilik bitarteko politiko eta demokratikoak erabiliko dituen ekintza batasunaren eta herri aktibazioaren eraginarekin eraikiko da marko demokratikoa.
Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz. Inork ezingo du indarkeria edo mehatxua erabili alde anitzeko negoziazioaren garapena edo emaitza baldintzatzeko, ezta prozesu horretan erdietsitako akordioa aldatzeko ere.
Prozesu demokratikoak geroz eta antolakuntza, indar metaketa, borroka eta babes herritar handiagoa ekarri behar du berarekin, eta horri guztiari esker tarteko helburuak eta ekimenak bideratu ahalko dira: besteak beste, gutxieneko askatasun demokratikoak eskuratu eta presoen askatasunerako urratsak egin, nazio eraikuntza eta egituraketa arnasberritu, nazioarte mailako ofentsiba politikoa indartu, eta negoziazio politikoari bultzada eman.
Zehazten ari garen estrategiak lan eremu zehatzak ditu. Praktikotasuna du eta urratsak egiteko aukera eskaintzen du. Independentziaren eta burujabetzaren aldeko indarrak biltzea, askatasun demokratikoen eta presoen aldeko dinamikak azkartzea, prozesu demokratikoaren garapenerako -eta, zehatzago, negoziazio eremua bizkortzekolanabesak eta ekimenak bideratzea, eta Ezker Abertzalea bera indarberritzeko bidea marraztea ditugu lan ildo nagusiak. Horiek guztiak garatzea eta zehaztea izango da datozen hilabeteotako lan teorikoa eta praktikoa.
Prozesu demokratikoa eta nazio eraikuntza elkar lotzen ditugu. Nazio eraikuntzak berebiziko garrantzia du oraingo fase politikoan ere. Izan ere, indar metaketarako eta prozesuak norabide egokia hartzeko lanabesa izango da. Ziklo aldaketan kokatu behar dugu nazio eraikuntza. Are gehiago, ziklo aldaketak nazio eraikuntza modu eraginkorragoz aitzinatzeko aukera eskaini behar du, herri mugimenduko eta erakundeetako lana uztartuta. Gure azterketaren arabera fase berri batean sartuko litzateke nazio eraikuntza ere.
Aldaketa politikoari Ezker Abertzaleak aldaketa soziala gehitu nahi dio, elkarlotzea bien berme dela uste baitu. Aldaketa sozialik gabeko aldaketa politikoa hanka-motz geratuko litzateke, eta aldaketa politikorik gabeko aldaketa soziala ezinezkoa da. Beraz, eredu neoliberalak ezartzen duen bidegabekeriari aurre egiteaz gain, aldaketa politikoaren norabide egokia eta herri zein langile sektoreen indar metaketa ere ahalbidetuko lituzke garatu behar dugun ezkerreko borrokak. Sindikalgintzak egin behar duen lana funtsezkoa da.
Aldaketa soziala nahi dugu ezkerreko independentistok, eta horretarako ezinbestekoa da, besteak beste, herri mugimenduaren, praktika feministaren, hizkuntza eta hezkuntza eredu berrien, kulturgintzaren eta gazte indarraren hauspoa.
Apustu politiko honetan aurrera egiteko, etorkizunean Ezker Abertzaleak eremu politiko eta instituzionalean eta, jakina, gatazkaren konponbiderako akordio politiko erabakigarria lortzeko alderdien mahaian ordezkaturik izateko, eragile politiko legal baten beharra izango du. Beraz, prozesu demokratikoan garatu beharreko jardun politiko, mobilizatzaile, ideologiko eta instituzionalean aritzeko berau izango da independentista eta sozialista guztien erreferentzia Euskal Herri osoan, dena dela hartzen duen izena eta egitura legala.
Ezker Abertzalea, 2010eko otsaila