Edukira joan

Amerikako Demokrazia I/I. Kapitulua:

Wikitekatik

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
I. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I. Kapitulua: Nola esan daitekeen zehaztasunez Estatu Batuetan herria dela gobernatzen duena

Amerikan herriak izendatzen du legea egiten duena eta betearazten duena; berak eratzen du lege-hausteak zigortzen dituen epaimahaia. Erakundeak demokratikoak dira ez beren printzipioan bakarrik, baita beren garapen guztietan ere; honela herriak zuzenean izendatzen ditu bere ordezkariak eta oro har urtero hautatzen ditu, erabat bere menpe eduki ahal izateko. Herria da, beraz, gidatzaile duena, eta, gobernu-era ordezkapenezkoa izan arren, nabaria da herriaren iritzi, aurriritzi, interes eta bai grinek ere ez dezaketela aurki gizartearen eguneroko gidaritzan jardutea eragotziko dien oztopo iraunkorrik.

Estatu Batuetan, herria nagusi den herrialde guztietan bezalaxe, gehiengoa da herriaren izenean gobernatzen duena.

Gehiengo hau, batez ere, hiritar baketsuek osatzen dute, beren gustu nahiz interesagatik herrialdearen ongia zintzoki nahi dutenak. Hauen inguruan zalapartaka alderdiak ibiltzen dira etengabe, beren baitara erakartzen eta beren euskarri bihurtzen saiatzen direlarik.