Edukira joan

Amerikako Demokrazia I/VIII. Kapitulua

Wikitekatik

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
VIII. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VIII. Konstituzio Federala

Orain arte estatu bakoitza zera oso bat bailitzan hartu dut, eta bertan herriak mugiarazten dituen baliabide ezberdinak azaldu ditut, baita erabiltzen dituen ekintza-bideak ere. Baina independente bezala aztertu ditudan estatu horiek guztiak beharturik daude, zenbait kasutan, goragoko aginte bati obeditzera,

Batasunekoari, alegia. Iritsi da garaia Batasunari emandako subiranotasun-zatia aztertzekoa, eta Konstituzio federalari begiratu bizkor bat ematekoa121.

Konstituzio Federalaren historia

[aldatu]

Lehen Batasunaren jatorria.- Beraren ahulezia.- Kongresuak botere konstituziogilera jo.- Bi urteko tartea momentu honetatik Konstituzio berriaren promulgaziora bitartekoa.

Azken mendearen bukaeran, Ingalaterraren uztarria aldi berean astindu zuten hamahiru koloniek, esan dudan bezala, erlijio bera, hizkuntza bera, ohitura berberak eta ia lege berberak zituzten; etsai komun baten aurka borrokatzen ziren; arrazoi indartsuak izango zituzten, beraz, batzuk besteekin estu-estu elkartzeko, eta nazio bakar eta berean bat egiteko.

Baina haietako bakoitzak, beti bere izate bereizia eta gobernua bere esku izana zuenez, sortuak zituen interes eta usadio bereziak, eta onargaitza gertatzen zitzaien batasun solido eta osoa, bakoitzaren garrantzia garrantzi komun batean desagertaraziko zukeena. Hortik sortu ziren bi aurkako joera: bata, angloamerikarrak batzera zeramatzana, bestea, banatzera bultzatzen zituena.

Ama aberriarekin gerrak iraun bitartean, beharragatik batasun-printzipioa nagusitu zen. Eta batasun hau eratzen zuten legeak akastunak izan arren, lotura komunak iraun egin zuen, legeak gora-behera122.

Baina bakea sinatu zenean, legeriaren akatsak agerian gelditu ziren: Estatua bat-batean desegingo zela zirudien. Kolonia bakoitza, errepublika independente bihurtua, subiranotasun osoaz jabetu zen. Gobernu federalak, Konstituzioak berak ahuleziara behartua eta arrisku publikoaren sentimenduaren laguntzarik gabe, bere bandera Europako herri handien irainpean ikusi zuen, eta aldi berean ezin zuen behar hainbat baliabide aurkitu nazio indiarrei aurre egiteko eta Independentzi gerran eginiko zorren interesak ordaintzeko. Galzorian, berak aitortu zuen ofizialki bere ezintasuna eta botere konstituziogilera jo zuen123.

Amerikak inoiz jakin izan bazuen aintza-maila handi bateraino igotzen, bere biztanleen irudimen harroak beti erakutsi nahiko ligukeen mailaraino alegia, hori une goren hartan izan zen, botere nazionalak nolabait ere bere inperioaz abdikatu zueneko hartan.

Herri batek bere independentzia konkistatzeko indartsu borroka egitea, mende guztiek eskaini ahal izan duten ikuskizuna da. Bestalde, gehiegikeria askotxo esan da ingelesen uztarpetik irteteko amerikarrek egin zituzten ahaleginei buruz. Beren etsaiengandik 1.300 itsas lekoak banandurik, aliatu indartsu baten laguntzaz, Estatu Batuen garaipena hauen kokalekuari gehiago zor izan zitzaion, armaden adoreari edo hiritarren patriotismoari baino. Nor ausartuko litzateke Amerikako gerra Iraultza Frantseseko gerrekin alderatzera, eta amerikarren ahaleginak gureekin konparatzera, Frantziak, Europa osoaren erasoei aurre egin behar eta, dirurik gabe, krediturik gabe, aliaturik gabe, bere biztanleen hogeiko bat etsaien aurrera botatzen bazuen, erraiak kiskaltzen zizkion sutea esku batez itzali eta besteaz zuzia astintzen zuelarik bere inguruan? Baina herri handi bat, bere gobernu-mekanismoak gelditzen ari direla ohartu ondoren legegileei esker, zalaparta eta beldurrik gabe bere buruari begiratzen ikustea gauza berria da benetan gizarteen historian, baita ere gaitzaren sakontasuna aztertzen, sendabidea lasai aurkitzeko xedeaz bi urte osoz itxaroten eta, erremedioa aurkitu ondoren, bere borondatez erremedio horretara makurtzen ikustea, gizadiari batere malkorik edo odol-tantarik kostatu gabe.

Lehen Konstituzio federalaren gutxiegitasuna nabaritu zenean, iraultzak sortarazitako grina politikoen irakidura jadanik baretua zegoen neurri batean eta iraultzak sortutako pertsonaia handi guztiak bizi ziren artean. Zoriontasun bikoitza izan zen Amerikarentzat. Bigarren Konstituzioa idazteaz arduratu zen batzar urri samarrak124 Mundu Berrian sekula izan ziren izpiriturik bikainenetakoak eta izaerarik jatorrenetakoak bildu zituen. George Washington zen buru.

Batzorde nazional honek, azterketa luze eta sakonen ondoren, oraindik gaur egun Batasuna arautzen duten lege organikoen gorputza eskaini zion herriari, onespena eman ziezaion. Estatu guztiek onartu zuten, batak bestearen ondoren125. Gobernu federal berria 1789an hasi zen bere egitekoak betetzen, bi urteko hutsartearen ondoren. Amerikako iraultza gurea hasi zen une berean amaitu zen, beraz.

Konstituzio Federalaren azalpen laburra

[aldatu]

Botere-banaketa subiranotasun federalaren eta estatuenaren artean.- Estatuetako gobernua, zuzenbide komuna;- gobernu federala, salbuespena.

Lehen arazo bat sortu bide zitzaien amerikarrei. Subiranotasuna banatu beharra zegoen, baina betiere Batasuna eratzen zuten estatu ezberdinek barne-oparotasunari bakarrik zegokion guztian beren burua gobernatzen jarraitzeko moduan, nazio osoak, Batasunak ordezkatua, gorputz bat izateari eta bere beharrizan orokor guztiak hornitzeari utzi gabe. Arazo konplexua eta konpongaitza.

Ezinezkoa zen subiranotasuna banatu behar zuten bi gobernuetako bakoitzari zegokion botere-zatia, era zehatz eta osoan, aurrez erabakitzea.

Nork aurrikus zitzakeen herri baten bizitzako xehetasun guztiak?

Gobernu federalaren betebehar eta eskubideak sinpleak ziren eta nahiko erraz zehaztekoak, behar orokor handi batzuei erantzuteko xedeaz eratu baitzen Batasuna. Estatuetako gobernuaren betebehar eta eskubideak, aitzitik, ugariak eta zailak ziren, gobernu hau gizarte-bizitzako xehetasun guztietan sartzen baitzen. Arretaz definitu zituzten, beraz, gobernu federalaren ahalmenak, eta definizioan sarturik ez zegoen guztia estatuetako gobernuaren ahalmenetan sartzen zela aldarrikatu zen. Honela, bada, estatuetako gobernua zuzenbide komuntzat hartu zen; gobernu federala salbuespena izan zen126.

Baina, praktikan, salbuespenezko gobernu honen muga zehatzei buruzko arazoak sor zitezkeela aurrikusten zenez, eta arazo hauen konponbidea estatu ezberdinetan estatuek berek eratutako auzitegi arrunten esku uztea arriskutsua izan zitekeelako, auzitegi federal goren bat sortu zen127, auzitegi bakarra, eta honen eskurantzetako bat bi gobernu kontrarioen artean botere-banaketari eustea izan zen, Konstituzioak ezarria zuen bezala128.

Gobernu Federalaren eskurantzak

[aldatu]

Bakea edo gerra eta zerga orokorrak ezartzeko gobernu federalari emandako boterea.- Barne-politikako arazoak, bere ardurapean har ditzakeenak.- Batasuneko gobernua, antzinako monarkia frantsesean errege-gobernua baino ere zentralizatuago zenbait puntutan.

Herriak beren artean banakoak baino ez dira. Nazio batek atzerritarren aurrean abantailaz agertzeko du, batez ere, gobernu bakarraren beharra.

Batasunari eman zitzaion, beraz, bakea eta gerra egiteko eskubide esklusiboa, merkatal tratuak sinatzekoa, armadak eratzekoa eta flota hornitzekoa.

Gobernu nazionalaren beharra ez da hain biziki sentitzen gizarteko barne-arazoen zuzendaritzan.

Hala ere, badira interes orokor batzuk aginte orokorrak bakarrik zain ditzakeenak onuraz.

Batasunaren esku utzi zen diruaren balioari buruzko guztia arautzeko eskubidea; posta-zerbitzuaren ardura ere eman zitzaion, baita lurraldeko eskualde ezberdinak elkartu behar zituzten komunikazio handiak irekitzeko eskubidea ere.

Oro har, estatu ezberdinetako gobernuari askatasuna eman zitzaion bere esparruan; baina abusatu egin zezakeen independentzia horretaz eta neurri zuhurgabeekin Batasun osoaren segurtasuna arriskuan jarri; aurrez zehazturiko kasu bakan hauetarako, utzi egin zitzaion gobernu federalari estatuen barne-arazoetan esku sartzen131. Honela, errepublika konfederatuetako bakoitzari legeria aldatzeko boterea aitortu arren, debekatu egin zitzaion atzeraeraginezko legeak egitea eta bere baitan nobleen gorputz bat sortzea132.

Azkenik, gobernu federalak berari ezarritako obligazioak bete behar zituenez, zergak biltzeko eskubide mugagabea eman zitzaion133. Konstituzioak finkatu bezalako botere-banaketari arreta jartzen zaionean eta, batetik, estatu bakoitzak beretzat gorde zuen subiranotasun-zatia eta, bestetik, Batasunak bereganatu zuen botere-zatia aztertzen direnean, erraz ikusten da legegile federalek oso ideia garbi eta zuzenak zituztela aurrez aipatu dudan gobernu-zentralizazioaz.

Estatu Batuek ez dute errepublika bakarrik osatzen, baita konfederazio bat ere. Hala ere, aginte nazionala alderdi batzuetan han zentralizatuago dago garai berean Europako zenbait monarkia absolututan baino. Bi adibide bakarrik aipatuko ditut.

Frantziak hamahiru auzitegi subirano zeuzkan, gehienetan legea interpretatzeko eskubidea zutenak apelaziorik gabe. Gainera, bazituen pays d’Etat delako zenbait probintzia, eta hauek, nazioa ordezkatzeko ardura zuen aginte subiranoak zerga bat biltzeko agindu ondoren, uko egin ziezaioketen beren laguntza emateari. Batasunak auzitegi bakarra du legea interpretatzeko, eta legislatibo bakarra egiteko ere; nazioaren ordezkariek bozkaturiko zergak hiritar guztiak behartzen ditu. Funtsezko bi puntu hauetan, beraz, Batasuna zentralizatuago dago monarkia frantsesa zegoena baino; hala ere, Batasuna ez da errepublika konfederatuen batzarra baino.

Espainian, zenbait probintziak bere aduana-sistema berezia ezartzeko ahalmena zeukan, eta botere hau, berez, subiranotasun nazionalari dagokio. Amerikan, Kongresuak bakarrik du estatuen arteko merkatal harremanak arautzeko eskubidea. Konfederazioko gobernua, beraz, zentralizatuagoa da puntu honetan Espainiako erresumakoa baino.

Egia da, Frantzian eta Espainian errege-boterea erresumako konstituzioak galarazten ziona egiteko egoeran zegoenez beti, eta behar izanez gero indarrez, azken finean puntu berera iristen zela. Baina hemen teoriaz ari naiz ni.

Botere Federalak

[aldatu]

Garbi zehazturiko ekintza-esparru batean sartu ondoren gobernu federala, nola mugiaraziko zitzaion jakitea zen kontua.

Botere legegileak

[aldatu]

Gorputz legegilearen banaketa bi adarretan.- Ezberdintasunak bi ganbarak eratzeko moduan.- Estatuen independentziaren printzipioa nagusitu Senatuaren eraketan.- Subiranotasun nazionalaren dogma Ordezkarien Ganbararen osaketan.- Herriak gazteak direnean bakarrik izaten dira logikoak konstituzioak: honetatik sortzen diren ondorio bitxiak.

Batasuneko botereen antolamenduan, puntu askotan jarraitu zitzaion estatu bakoitzeko konstituzio partikularrak aurrez ezarritako planari. Batasuneko gorputz legegile federala Senatuak eta Ordezkarien Ganbarak osatu zuten.

Batzar hauetako bakoitzaren eraketan arau ezberdinak aplikatzea ekarri zuen adostasun-izpirituak.

Adierazi dut gorago, Konstituzio federala ezarri nahi izan zenean, aurkako bi interes aurkitu zirela aurrez aurre. Bi interes hauek bi iritzi sortarazi zituzten.

Batzuek estatu independenteen elkarte bezala egin nahi zuten Batasuna, kongresu bat bezala, non herri ezberdinen ordezkariak bilduko ziren guztien intereseko zenbait puntu eztabaidatzera.

Besteek antzinako kolonietako jende guztia herri bakar eta berean bildu nahi zuten, eta gobernu bat eman, beronen esparrua mugatua izan arren, esparru honetan behintzat nazioaren ordezkari bakar bezala jokatu ahal izateko moduan. Bi teoria hauen ondorio praktikoak oso ezberdinak ziren.

Honela, liga bat antolatu nahi baldin bazen eta ez gobernu nazionala, estatuen gehiengoari zegokion legea egitea, eta ez Batasuneko biztanleen gehiengoari. Zeren eta orduan estatu bakoitzak, handi nahiz txiki izan, botere independentearen izaera gordetzen baitzuen, eta erabateko berdintasunean sartzen baitzen Batasunean. Aitzitik, Estatu Batuetako biztanleak herri bakar eta bera osatuz hartzen baziren, normala zen Batasuneko hiritarren gehiengoak bakarrik egitea legea.

Subiranotasun federalari zegokionean, ulergarria da estatu txikiek ezin zutela doktrina honen aplikazioa ametitu beren izateari zeharo uko egin gabe; zeren eta botere koerregulatzaile izatetik herri handi baten zati ñimiño izatera igarotzen baitziren. Lehen sistemak botere neurrigabea emango ziekeen; bigarrenak deuseztatu egiten zituen.

Egoera honetan, ia beti gertatzen dena gertatu zen, interesak arrazoinamenduekin kontrajartzen direnean: bortxatu egin ziren logikaren erregelak. Legegileek erdibide bat onartu zuten, teorikoki bateraezinak ziren bi sistemak indarrez bat etorrarazteko. Estatuen independentzi printzipioa garaile atera zen Senatuaren eraketan; subiranotasun nazionalaren dogma, Ordezkarien Ganbararen osaketan. Estatu bakoitzak bi senadore bidali behar zituen Kongresura, eta ordezkari-kopuru bat, bere biztanleriaren arabera134.

Antolamendu honen ondorioz, gaur egun gertatzen da New Yorkeko estatuak berrogei ordezkari dituela Kongresuan eta bi senadore bakarrik; Delawareko estatuak bi senadore eta ordezkari bat bakarrik. Delawareko estatua, beraz, New Yorkeko estatuaren pareko da Senatuan, baina, Ordezkarien Ganbaran, bigarren honek lehenengoak baino berrogei aldiz eragin handiagoa du. Honela, nazioko gutxiengoak, Senatuan nagusituz, gehiengoaren nahiak -beste ganbarak ordezkatzen dituenak- zeharo geldiaraztea gerta daiteke, eta gobernu konstituzionalen izpirituaren kontra dago hau.

Argi erakusten du honek guztiak zein arraro eta zaila den legeriaren zati guztiak era logiko eta arrazoizkoan beren artean lotzea.

Denborak, luzarora, herri beraren baitan beti sortarazten ditu interes ezberdinak, eta eskubide diferenteak finkatzen. Gero konstituzio orokor bat ezarri behar bada, interes eta eskubide hauetako bakoitza berezko oztopo bihurtzen da, edozein printzipio politikori bere ondorio guztietara iristea eragozten diona. Beraz, gizarteen sorreran bakarrik izan daiteke guztiz logiko legeetan. Herri batek abantaila hau duela ikusten baduzue, ez ezazue azkarregi zuhurtzat hartu, baizik eta pentsatu gaztea dela.

Konstituzio federala eratu zen garaian, angloamerikarren artean bi interes bakarrik zeuden positiboki elkarren aurka jarrita: banakotasun-interesa estatu partikularrentzat, batasun-interesa herri osoarentzat; eta beharrezkoa izan zen konpromezu batera iristea.

Hala ere, aitortu beharra dago Konstituzioaren zati honek ez duela orain arte pentsa zitekeen gaitzik sortu.

Estatu guztiak gazteak dira; hurbildu egin dira elkarren artean; ohitura, ideia eta behar homogeneoak dituzte; tamaina handiago edo txikiagotik sortzen den diferentzia ez da nahikoa oso interes kontrajarriak sortarazteko. Sekula ez da Senatuan estatu txikiak handien asmoen kontra elkartu direnik ikusi. Bestalde, herri oso baten borondatearen legezko adierazpenean hain indar jarkiezina dagoenez, gehiengoa Ordezkarien Ganbarako organoaren bidez espresatzen denean, Senatuak oso ahul ikusten du bere burua.

Are gehiago, ezin da ahaztu ez zegoela legegile amerikarren esku beraiek legez hornitu nahi zuten herria nazio bakar eta bera bihurtzea. Konstituzio federalaren xedea ez zen estatuen izatea desegitea, baizik eta murriztea bakarrik. Bigarren mailako gorputz hauei benetako boterea uzten zitzaien momentutik (eta ezin zitzaien hori kendu), aurrez uko egiten zitzaion gehiengoaren borondatera makurrarazteko bortxa sarri erabiltzeari. Hau finkatuta, haien banakako indarrak gobernu federalaren engranaian sartzea ez zen ezer apartekoa. Zegoen zerbait konstatatzea baino ez zuen egiten, onartutako botere bat, kontuz erabili behar zena, bortxatu gabe.

Beste ezberdintasun bat senatuaren eta ordezkarien ganbararen artean

[aldatu]

Senatua, legegile probintzialek izendatua.- Ordezkariak, herriak.- Bi hautapen-maila lehenengoarentzat.- Bakarra bigarrenarentzat.- Agintaldi ezberdinen iraupena.- Eskurantzak.

Senatuaren ezberdintasuna beste ganbararekiko ez datza ordezkapenaren printzipioan bakarrik, baita hautapen-eran, agintaldiaren iraupenean eta eskurantza ezberdinetan ere.

Ordezkarien Ganbara herriak izendatzen du; Senatua, estatu bakoitzeko legegileek.

Bata zuzeneko hautapenaren emaitza da, bestea bi mailako hautapenarena.

Ordezkarien agintaldiak bi urte bakarrik irauten du; senadoreenak, sei.

Ordezkarien Ganbarak funtzio legegileak bakarrik ditu; ez du botere judizialean esku hartzen funtzionari publikoak akusatuz baizik. Senatuak legeen eraketan parte hartzen du; Ordezkarien Ganbarak bidaltzen dizkion delitu politikoak epaitzen ditu; gainera, nazioko kontseilu exekutibo handia da. Lehendakariak eginiko hitzarmenak Senatuak berretsi behar ditu; haren erabakiek, behin-betikoak izateko, gorputz beraren onespena behar dute135.

Botere exekutiboa

[aldatu]

136

Lehendakariaren menpekotasuna.- Hautapenezkoa eta erantzulea.- Bere esparruan aske, Senatuak zaindu egiten du eta ez du gidatzen.- Lehendakariari bere egitekotan hastean finkatzen zaio soldata.- Beto esekitzailea.

Legegile amerikarrek eginkizun zail bat zuten betetzeko: gehiengoaren menpeko izango zen botere exekutiboa sortu nahi zuten, baina bere esparruan bere kabuz askatasunez jarduteko nahikoa indartsu izango zena aldi berean.

Era errepublikarrari eusteak botere exekutiboaren ordezkaria borondate nazionalaren menpeko izatea eskatzen zuen.

Hautetsitako magistratu bat da lehendakaria. Honen ohore, ondasun, askatasun eta bizitzak herriari erantzuten diote etengabe bere botereaz egingo duen erabilera onaz. Botere hau egikaritzean ez da, bestalde, guztiz independentea: Senatuak zaintzen du atzerriko botereekin dituen harremanetan, baita lanpostuen banaketan ere; ez dezake, beraz, inork bera usteldu, ezta berak ere beste inor.

Batasuneko legegileek onartu zuten botere exekutiboak ezingo zuela duintasun eta onuraz bere zeregina bete, estatu partikularretan ematen zitzaion baino egonkortasun eta indar gehiago ematea lortzen ez bazuten.

Lehendakaria lau urterako izendatu zuten, eta berrautatua izan zitekeen. Etorkizun horrekin, bazuen adorerik on publikoaren alde lan egiteko, baita horretarako baliabiderik ere.

Lehendakaria Batasuneko botere exekutiboaren ordezkari bakar egin zuten. Beraren nahiak ez zituzten kontseilu batenaren menpe ere jarri: gauza arriskutsua, gobernuaren ekintza ahultzean gobernarien erantzukizuna gutxitzen baitu. Senatuak badu eskubiderik lehendakariaren egintza batzuk ondorio gabe uzteko; baina ezin du jardutera behartu, ezta berarekin botere exekutiboa banatu ere.

Legislatiboaren ekintza botere exekutiboaren gain zuzenekoa izan daiteke; oraintxe ikusi dugu hori horrela ez izateaz arduratu zirela amerikarrak. Zeharkakoa ere izan daiteke.

Ganbarek, funtzionari publikoari bere soldata kentzean, independentziaren zati bat kentzen diote; legeak egiteko jaun eta jabe izanik, beldur izatekoa da Konstituzioak eman nahi izan zion botere-zati hura poliki-poliki ez ote dion kenduko.

Botere exekutiboaren menpekotasun hau da konstituzio errepublikarren akatsetako bat. Amerikarrek ezin izan dute suntsitu batzar legegileek gobernuaz jabetzeko duten joera, baina joera hain jarkiezina ez izatea lortu dute.

Lehendakariari bere egitekotan hastean finkatzen zaio soldata, magistraturak iraun behar duen denboraldi osorako. Gainera, beto esekitzaileaz horniturik dago lehendakaria, Konstituzioak utzi dion independentzi zatia suntsi lezaketen legeak geldiarazteko aukera ematen diona. Hala ere, berdintasunik gabeko borroka bakarrik eman liteke lehendakariaren eta legislatiboaren artean, zeren eta hau, bere asmoekin jarraituz, jaun eta jabe baita beti hark jartzen dion erresistentzia gainditzeko; baina, gutxienez, egindako bidetik itzultzera behartzen du beto esekitzaileak; arazoa berriro hausnartzera behartzen du eta, oraingoan, bi herenen gehiengoz bakarrik erabaki dezake. Betoa, bestalde, herriarengana jotzeko era bat da. Botere exekutiboak -garantia hau gabe, ezkutuan zapaldu ahal izango zatekeena- bere kausa defendatzen du eta bere arrazoiak entzunarazten. Baina legislatiboak bere asmoetan jarraitzen badu, ezin al du jartzen zaion erresistentzia beti gainditu? Honi erantzungo diot herri guztien konstituzioan, edozelakoa izanik beronen izaera, badela puntu bat, non legegilea beharturik dagoen hiritarren zentzu eta bertuteaz fidatzera. Puntu hau hurbilago dago eta ikusterrazagoa da errepubliketan, eta urrutiago eta arreta gehiagoz ezkutatua monarkietan; baina beti egoten da nonbait. Ez dago herrialderik legeak dena aurrikus dezakeenik, eta erakundeek arrazoiaren eta ohituren lekua hartu behar dutenik.

Zertan bereizten den estatu-lehendakariaren egoera Frantziako errege konstituzionalarenaren aldean

[aldatu]

Estatu Batuetan botere exekutiboa mugatua eta salbuespenezkoa da, bere jardunaren oinarri duen subiranotasuna bezalaxe.- Botere exekutiboa Frantzian gauza guztietara hedatzen da, subiranotasuna bezala.- Erregea legearen egileetako bat da.- Lehendakaria ez da legea betearazten duena baizik.- Bi botereen iraupenetik sortzen diren beste ezberdintasun batzuk.- Lehendakaria oztopatua botere exekutiboaren esparruan.- Erregea aske da esparru horretan.- Ezberdintasun horiek gora-behera, Frantziak antz handiagoa du errepublikarena Batasunak monarkiarena baino.- Bi herrialdeetan botere exekutiboaren menpe dauden funtzionarien kopuruaren konparazioa.

Botere exekutiboak hain paper handia jokatzen duenez nazioen destinoan, puntu honetan gelditu nahi dut une batez, amerikarren artean zer leku duen hobeto ulertarazteko.

Estatu Batuetako lehendakariaren egoeraz ideia garbi eta zehatza izateko, mesedegarri da Europako monarkia konstituzional bateko erregearenarekin alderatzea.

Konparazio honetan gutxi aztertuko ditut boterearen kanpo-aztarnak; behatzailea engainatu gehiago egiten dute zuzen gidatu baino.

Monarkia bat poliki-poliki errepublika bihurtzen denean, bertan botere exekutiboak tituluak, ohoreak, begirunea eta dirua ere gordetzen ditu agintearen errealitatea galdu eta askoz luzaroagoan. Ingelesak, beren erregeetako bati lepoa moztu eta beste bat tronutik bota ondoren, artean belaunikatu egiten ziren printze haien ondorengoei hitz egiteko.

Bestalde, errepublikak bakar baten uztarpean erortzen direnean, botereak bere maneratan sinple, xume eta apal agertzen jarraitzen du, jadanik guztien gainetik ez balego bezala. Enperadoreak beren herrikideen ondasun eta bizitzaz despotikoki baliatzen zirenean, hala ere Zesar deitzen zitzaien beraietaz hitz egitean, eta adiskideen etxera joan ohi ziren lagunartean afaltzera.

Gainazala utzi eta barrurago sartu beharra dago, beraz.

Estatu Batuetan Batasunaren eta estatuen artean banaturik dago subiranotasuna; gure artean, berriz, bakarra eta trinkoa da; hortik sortzen da nik ikusten dudan lehenengo ezberdintasuna eta handiena Estatu Batuetako lehendakariaren eta Frantziako erregearen artean.

Estatu Batuetan botere exekutiboa mugatua da eta salbuespenezkoa, bere jardunaren oinarri duen subiranotasuna bezalaxe; Frantzian gauza guztietara hedatzen da, subiranotasuna bezala.

Amerikarrek gobernu federala dute; guk, gobernu nazionala. Hona hemen lehen gutxiagotasun-kausa bat, gauzen izaeratik bertatik sortzen dena; baina ez da bakarra. Bigarrena, garrantziari dagokionez, beste hau da: zehatz

hitz eginez, subiranotasuna legeak egiteko eskubidea dela esan daiteke. Erregea, Frantzian, botere subiranoaren parte da benetan, ez baita legerik izaten hark uko egiten badio berronesteari; gainera, bera da legeak betearazten dituena. Era berean, lehendakariak ere betearazten ditu legeak, baina legea egiten ez du benetan esku hartzen, bere onespena ukatuta ere ezin baitio izatea eragotzi. Ez da beraz subiranotasunaren parte; agentea besterik ez da.

Frantzian, erregea ez da subiranotasunaren parte bat bakarrik, baizik eta beste partea den legislatiboaren eraketan ere esku hartzen du. Ganbara bateko kideak izendatuz esku hartzen du, eta bestearen agintaldiaren iraupena bere nahierara amaiaraziz. Estatu Batuetako lehendakariak ez du gorputz legegilearen osaketan inola ere esku hartzen eta ezin du desegin ere.

Erregeak, ganbarekin zatibanaturik, legea proposatzeko eskubidea du.

Lehendakariak ez du antzeko ekimenik.

Ganbaren baitan erregea hainbat agentek ordezkatzen dute, hauek beraren ikuspegiak azaldu, iritziak defendatu eta gobernu-arauak nagusiarazten dituztelarik. Lehendakariak ez du Kongresuan sartzerik; beraren ministroak ere kanpo gelditzen dira bera bezalaxe, eta zeharkako bideetatik bakarrik sarrarazten ditu gorputz handi honetan bere eragina eta iritziak.

Frantziako erregea, beraz, parez pare ibiltzen da legislatiboarekin, honek ezin baitu hura gabe jardun, ezta hark ere hau gabe

. Lehendakaria legislatiboaren ondoan ezarria dago, beheragoko eta menpeko botere bezala.

Botere exekutiboaren egikaritzan -eta ematen du puntu honetan dutela antzik gehien haren egoerak eta Frantziako erregearenak-, lehendakariak badu, hala ere, garrantzizko zenbait gutxiagotasun-kausa.

Erregearen botereak Frantzian iraupenaren abantaila du lehenik, lehendakariarenaren aldean. Nolanahi ere, iraupena indarraren lehen elementuetarikoa da. Luzaroan iraun behar duenari bakarrik izaten zaizkio maitasuna eta beldurra.

Estatu Batuetako lehendakaria lau urterako hautaturiko magistratua da. Erregea, Frantzian, herentziazko buruzagi da.

Botere exekutiboaren egikaritzan, Estatu Batuetako lehendakaria begirada jeloskorraren menpe egoten da etengabe. Tratatuak prestatzen ditu, baina ez ditu gauzatzen; karguetarako proposamenak egiten ditu, baina ez ditu izendatzen137.

Frantziako erregea jaun eta jabe da botere exekutiboaren esparruan.

Estatu Batuetako lehendakaria bere egintzen erantzule da. Erregearen pertsona bortxaezina dela dio Frantziako legeak. Hala ere, bataren eta bestearen gainetik bada botere zuzendari bat, iritzi publikoarena. Botere hau Frantzian ez dago Estatu Batuetan bezain zehaztua; gutxiago aintzatetsia eta legeetan gutxiago formulatua dago, baina egon badago. Amerikan hauteskunde eta epaien bidez dihardu; Frantzian iraultzen bidez. Honela, Frantziak eta Estatu Batuek, konstituzio ezberdinak eduki arren, badute puntu komun hau: azken finean, iritzi publikoa dela bietan botere nagusia. Egia esateko, legeen printzipio sortzailea berbera da bi herrietan, nahiz eta berorren garapenak askatasun gehixeago edo gutxixeagokoak izan eta ateratzen diren ondorioak ere sarritan ezberdinak izan. Printzipio hau, bere izaeraz, errepublikarra da funtsean. Horregatik pentsatzen dut Frantziak, bere erregearekin, errepublikaren antz handiagoa duela, Batasunak, bere lehendakariarekin, monarkiarena baino.

Aurreko honetan guztian, kontuz ibili naiz ezberdintasun-puntu nagusiak bakarrik aipatzeko. Xehetasunetan sartu nahi izan banu, are harrigarriagoa izango zatekeen koadroa. Baina zeresan gehiegi dudanez, labur izan beharra dut.

Azpimarratua dut Estatu Batuetako lehendakariaren agintea subiranotasun murriztuaren esparruan bakarrik egikaritzen dela, eta Frantziako erregearenak, berriz, erabateko subiranotasunaren baitan jarduten duela.

Erakutsi ahal izango nukeen Frantziako erregearen gobernu-boterea bere berezko mugak ere gainditzen, hauek oso zabalak izan arren, eta gizabanakoen interesen administrazioan mila eratara sartzen.

Eragipen-kausa honi funtzionari publikoen kopuru handitik sortzen dena erants niezaioke, ia guztiek botere exekutiboari zor baitiote agintea. Kopuru honek muga ezagun guztiak gainditu ditu gure artean; 138.000koa da138. 138.000 izendapen hauetako bakoitza indar-elementutzat hartu behar da. Lehendakariak ez du eskubide absoluturik enplegu publikoetarako izendapenak egiteko, eta enplegu hauek ez dira 12.000 baino askoz gehiago139.

Botere exekutiboaren eragina dezaketen kausa akzidentalak

[aldatu]

Batasunak gozatzen duen kanpo-segurtasuna.- Igurikapenezko politika.- 6.000 soldaduko armada.- Zenbait itsasuntzi bakarrik.- Lehendakariak prerrogatiba handiak ditu, baina ez berauetaz baliatzeko aukerarik.- Jardutea dagokion esparruan, berriz, ahula da.

Botere exekutiboa Frantzian bezain indartsua ez baldin bada Amerikan, honen zergatia agian inguruabarrei gehiago egotzi behar zaie legeei baino.

Nazio bateko botere exekutiboa atzerritarrekiko harremanetan izaten du batik bat bere trebetasun eta indarra erakusteko aukera.

Batasuneko bizitza mehatxupean balego etengabe, interes handi hauek beste herri ahaltsu batzuenekin nahasirik baleude egunero, botere exekutiboa hazi egingo litzateke iritzi publikoan, bai beragandik esperoko litzatekeenagatik, bai berak zertuko lukeenagatik.

Egia esateko, Estatu Batuetako lehendakaria armadaren buru da, baina armada hau 6.000 soldadukoa da; flota ere bere agindupean du, baina itsasuntzi batzuk bakarrik ditu bertan; Batasunak atzerriekiko dituen arazoak berak gidatzen ditu, baina Estatu Batuek ez dute auzo-herririk. Munduaren gainerakotik ozeanoak bereizita, oraindik ahulegiak itsasoa menperatu nahi izateko, ez dute etsairik eta haien interesak eta munduko beste nazio batzuenak oso gutxitan egoten dira elkar ukitzen.

Honek garbi ikusarazten du gobernuaren praktika ez dela teoriaren arabera epaitu behar.

Estatu Batuetako lehendakariak errege-prerrogatibak ditu ia, baina ez du horietaz baliatzeko aukerarik, eta orain arte erabil ditzakeen eskubideak ere oso mugatuak dira: legeek indartsu izateko aukera ematen diote, zirkunstantziek ahul mantentzen dute.

Aitzitik, zirkunstantziak dira, legeak baino ere gehiago, Frantziako errege-aginpideari indarrik handiena ematen diotenak.

Frantzian botere exekutiboa egundoko oztopoen aurka borrokatzen da etengabe, eta egundoko baliabideak ditu garaitzeko ere. Hazi egiten da zertzen dituen gauzen handitasunagatik eta zuzentzen dituen gertakarien garrantziagatik, bere eraketa aldatu gabe horregatik.

Legeek Batasunekoa bezain ahul eta mugatua sortu izan balute ere Frantziako botere exekutiboa, beronen eragina laster bilakatuko zatekeen askoz handiagoa.

Zergatik ez duen Estatu Batuetako lehendakariak ganbaretan gehiengoa behar arazoak gidatzeko

Europan ezarritako axioma da errege konstituzionalak ezin duela gobernatu, ganbara legegileen iritzia berarenarekin bat ez datorrenean. Estatu Batuetan hainbat lehendakari ikusi da gorputz legegilean gehiengoaren laguntza galtzen, boterea utzi beharrik gabe eta hortik gizartearentzat gaitz handirik ere ondorioztatu gabe.

Hau aipatzen entzun izan dut Amerikako botere exekutiboak duen independentzia eta indarra frogatzeko. Halaz guztiz, aski da gogoeta pixka bat egitea, hor beraren ezintasunaren froga ikusteko.

Europako errege batek gorputz legegilearen laguntza lortu beharra du konstituzioak ezartzen dion zeregina betetzeko, ikaragarri handia baita zeregin hau. Europako errege konstituzional bat ez da legearen betearazle bakarrik; betearaztearen ardura hain osorik dagokionez berari, legea kontrako gertatuko balitzaio, geldiarazi ahal izango lituzke indarrak. Berak ganbaren beharra du legea egiteko, ganbarek beraren beharra dute betearazteko: bata bestea gabe bizi ezin diren botereak dira; eta hauen artean desadostasuna dagoen momentuan gobernuko mekanismoak gelditu egiten dira.

Amerikan lehendakariak ezin du legeen eraketa eragotzi; derrigorturik dago betearaztera ere. Beraren eskuhartze arduratsu eta zintzoa onuragarria da, zalantzarik gabe, baina ez beharrezkoa gobernuaren martxarako. Berak egiten duen funtsezko guztian, zuzenean edo zeharka legislatiboaren menpe jartzen da; honekiko guztiz independente den gauzetan, ia ezin du ezer egin. Bere ahulezia da, beraz, eta ez indarra, botere legegilearekiko kontrakotasunean bizitzen uzten diona. Europan, beharrezkoa da erregearen eta ganbaren artean akordioa izatea, berauen artean borroka latza sor daitekeelako. Amerikan, akordioa ez da derrigorrezkoa, borroka ezinezkoa da eta.

Lehendakariaren hautapena

[aldatu]

Hautapen-sistemaren arriskua areagotu egiten da botere exekutiboaren prerrogatiben hedapenaren arabera.- Har dezakete amerikarrek sistema hau, ez dutelako behar botere exekutibo indartsurik.- Inguruabarrek nola jokatzen duten hautapen-sistema ezartzearen alde.- Lehendakariaren hautapenak zergatik ez dituen gobernu-printzipioak aldarazten.- Lehendakariaren hautapenak bigarren mailako funtzionarien zorian duen eragina.

Hautapen-sistemak, herri handi bateko botere exekutiboaren buruari aplikatuta, baditu bere arriskuak, esperientziak eta historialariek nahikoa erakutsi dituztenak.

Hortaz, Amerikari buruz bakarrik hitz egin nahi dut nik.

Hautapen-sistemak sortaraz ditzakeen arriskuak handiagoak edo txikiagoak izango dira botere exekutiboak duen tokiaren eta Estatuan duen garrantziaren arabera, baita hautapen-eraren eta hautesle den herriak bizi dituen zirkunstantzien arabera ere.

Estatu-buruari aplikaturik, hautapen-sistemari aurpegiratzen zaiona, eta ez arrazoirik gabe, gutizia partikularrei hain erakarpen handia eskaintzea da, eta botere bila ibiltzeko hain biziki gogoberotzea; izan ere, sarritan, baliabide legalak aski ez dituztelarik, gutiziatsuek indarrera jotzen dute eskubideak huts egiten dienean.

Garbi dago, zenbat eta prerrogatiba gehiago izan botere exekutiboak, are handiagoa dela erakarpena; zenbat eta gehiago piztu izangaien gutizia, are laguntza handiagoa aurkitzen duela bigarren mailako gutiziatsu mordo baten artean, hauek boterea zatibanatzea espero baitute beren hautagaiak garaitu ondoren.

Hautapen-sistemaren arriskuak, beraz, hazi egiten dira botere exekutiboak Estatuko arazoetan zertzen duen eraginaren zuzeneko proportzioan.

Poloniako iraultzak ez zaizkio oro har hautapen-sistemari bakarrik egotzi behar, baita magistratu hautatua monarkia handi bateko buru izateari ere.

Hautapen-sistemaren ontasun absolutuaz eztabaidatu aurretik, bada beti aurrez erabaki beharreko arazo bat: sistema sartu nahi den herriaren kokapen geografikoak, legeek, azturek, ohiturek eta iritziek botere exekutibo ahul eta menpeko bat bertan ezartzen uzten ote duten jakin behar da; zeren eta Estatuaren ordezkaria botere handiz hornitua eta aldi berean hautatua izan dadin desiratzea kontraesankor diren bi gurari adieraztea da, nire ustez. Nire aldetik, bide bakarra ezagutzen dut herentziazko erregetza hautapenezko aginte-egoerara pasarazteko: aurrez beraren ekintza-esparrua murriztu beharra dago, poliki-poliki prerrogatibak gutxitu eta herria beraren laguntzarik gabe bizitzera pixkanaka ohitu. Baina Europako errepublikazaleak ia ez dira horretaz arduratzen. Horietako askok tirania gorrotatzen badute, beronen gogorkerien arriskupean daudelako da, eta, beraz, botere exekutiboaren hedapenak ez ditu kaltetzen; jatorriari bakarrik erasotzen diote, bi gauzak elkartzen dituen lokarri estuaz ohartu gabe.

Oraindik ez da inor aurkitu bere ohorea eta bizia arriskatzeko prest dagoenik Estatu Batuetako lehendakari izatera iristeko, lehendakariak aldi baterako boterea baitu, mugatua eta menpekoa. Zoriak egundoko saria jarri behar izaten du jokoan, etsigabeko jokalariak aurkez daitezen lehian. Gaur arte ez da izan hautagairik bere alde atxikimendu sutsu eta herri-grina arriskutsurik sortarazi duenik. Honen arrazoia sinplea da: gobernu-buru bihurtu ondoren, ezin die lagunei botere asko banatu, ezta aberastasun edo aintza handirik eman ere, eta Estatuan duen eragina ahulegia da, berau agintera iristea alderdiek beren arrakasta edo hondamenditzat har dezaten.

Herentziazko monarkiek abantaila handi bat dute: familia baten interes partikularra etengabe eta estu-estu Estatuaren interesari lotua dagoenez, hau ez da inoiz une bakar batez ere bertan behera utzia gelditzen. Ez dakit monarkia hauetan arazoak beste edonon baino hobeto zuzentzen dituzten ala ez; baina gutxienez bada beti norbait, ongi ala gaizki, bere gaitasunaren arabera, arazo horietaz arduratzen dena.

Hautapenezko estatuetan, aitzitik, hauteskundeak hurbiltzean eta askoz lehenagotik ere, gobernu-mekanismoak beren indarrez bakarrik ibiltzen dira, nolabait ere. Jakina, konbina daitezke legeak, hautapena kolpe bakarrean eta bizkor eginez, botere exekutiboaren egoitza sekula hutsik ez gelditzeko eran, nolabait esateko; baina, zernahi eginda ere, izaten da hutsunerik izpirituetan, legegilea ahalegindu arren.

Hauteskundeak hurbiltzean, botere exekutiboko buruak hurbiltzen ari den borrokan bakarrik pentsatzen du; ez du beste etorkizunik; ezin dio ezeri ekin, eta gogo txarrez bakarrik jarraitzen du agian beste batek burutuko duena egiten. "Neure erretiroko momentutik hain hurbil nagoenez", idazten zuen Jefferson lehendakariak 1809ko urtarrilaren 21ean (hauteskundeak baino sei aste lehenago), "neure iritzia adieraziz bakarrik esku hartzen dut jadanik arazoetan. Bidezkoa iruditzen zait neure ondorengoaren esku uztea zenbait neurriren ekimena, berak betearazi beharko baititu, baita erantzukizuna hartu ere".

Nazioa ere, bere aldetik, puntu bakar batera begira dago; prestatzen ari den erditze-lana zaintzeaz bakarrik arduratzen da.

Zenbat eta zabalagoa izan botere exekutiboaren zeregina arazoen zuzendaritzan, are handiagoa eta beharrezkoagoa izaten da haren ohiko ekintza, eta are arriskutsuagoa izaten da horrelako egoera. Botere exekutiboak goberna dezan -eta are gehiago, administra dezan- ohitu den herri batean, hauteskundeek asaldura sakona eragin behar ezinbestean.

Estatu Batuetan, inolako zigorrik gabe geldotu daiteke botere exekutiboaren ekintza, ahula eta mugatua baita berau.

Gobernu-burua aukeratu ondoren, egonkortasunik eza sortzen da ia beti Estatuaren barne- eta kanpo-politikan. Hau da sistema honen akats nagusienetariko bat.

Baina akats hori gehiago edo gutxiago nabaritzen da magistratu hautetsiari emandako botere-zatiaren arabera. Erroman gobernu-printzipioak ez ziren aldatzen, nahiz eta kontsulak urtero aldatu, Senatua baitzen botere gidaria, eta Senatua herentziazko gorputza zen. Europako monarkiarik gehienetan, erregea hautatu egingo balitz, erresuma itxuraz aldatuko litzateke hautaketa berri bakoitzean.

Amerikan lehendakariak aski eragin handia izaten du Estatuko arazoetan, baina ez ditu zuzentzen; botere nagusia ordezkaritza nazional osoan datza. Hortaz, herria orokorki aldatu behar da, eta ez lehendakaria bakarrik, politikako arau nagusiak alda daitezen. Beraz, Amerikan hautapen-sistemak, botere exekutiboko buruari aplikatuta, ez dio kalte nabariegirik eragiten gobernuaren finkotasunari.

Gainerantzean, hautapen-sistemak hain berea duenez finkotasunik eza, biziki nabaritzen da lehendakariaren ekintza-eremuan ere, nahiz eta hau oso mugatua izan. Arrazoiz pentsatu dute amerikarrek botere exekutiboko buruak, bere eginkizuna bete eta erantzukizunaren zama oso-osorik eramateko, ahal den neurrian aske izan behar duela bere agenteak aukeratzeko eta bere nahierara kentzeko; gorputz legegileak zaindu egiten du lehendakaria, gidatu baino gehiago. Ondorioz, hautaketa berri bakoitzaren ondoren, enplegatu federal guztien zoria esekita bezala gelditzen da.

Europako monarkia konstituzionaletan kexatu egiten dira administrazioko agente apalenen destinoa ministroen zoriaren menpe egoten delako sarri. Askoz ere txarragoa izaten da gobernu-burua hautatu egiten den estatuetan. Sinplea da arrazoia. Monarkia konstituzionaletan ministroak bizkor ordezten dira; baina botere exekutiboaren ordezkari nagusia ez da sekula aldatzen, eta honek halako muga batzuen barruan eusten dio berrikuntza-izpirituari. Honelako monarkietan, beraz, sistema administratiboak xehetasunetan gehiago aldatzen dira printzipioetan baino; ezingo lirateke bat-batean batzuk besteez ordeztu nolabaiteko iraultzarik sortu gabe. Amerikan iraultza hori lau urtero egiten da legearen izenean.

Horrelako legeriaren berezko ondorio diren zoritxar indibidualei dagokienez, aitortu beharra dago funtzionarien finkotasunik ezak ez dituela Amerikan beste alde batzuetan espero litezkeen gaitzak sortzen. Estatu Batuetan, bizimodu independentea sortzea hain erraza denez, funtzionari bati bere postua kentzeak bizitzako erosotasuna kentzea esan nahi du batzuetan, baina sekula ez bizibiderik gabe uztea.

Kapitulu honen hasieran esan dut botere exekutiboko buruari aplikaturiko hautapen-sistemaren arriskuak handiagoak edo txikiagoak zirela, hautesle den herriak bizi dituen zirkunstantzien arabera.

Alferrikakoa da botere exekutiboaren papera murrizten saiatzea; legeek ematen dioten garrantzia gora-behera, botere honek eragin handia du gauza batean, kanpo-politikan, alegia. Nekez eman dakioke hasiera eta jarraipen emankorra negoziazio bati, pertsona bakar batek izan ezik.

Zenbat eta kolokago eta egoera arriskutsuagoan egon herri bat, eta zenbat eta gehiago sentitu jarraipen eta finkotasun-beharra kanpo-arazoen zuzendaritzan, orduan eta arriskutsuago bihurtzen da hautapen-sistemaren aplikazioa estatu-buruari.

Amerikarren politika mundu osoaren aurrean sinplea da; esan liteke inork ez duela haien beharrik, ezta beraiek ere inoren beharrik. Sekula ez dago mehatxupean haien independentzia.

Beraz, haien artean botere exekutiboaren papera zirkunstantziek gehiago mugatzen dute legeek baino. Lehendakariak sarri alda ditzake bere ikuspegiak Estatuak nozitu edo galbidean jarri gabe.

Botere exekutiboak dituen prerrogatibak edozelakoak izanik ere, nazioaren krisialditzat hartu behar dira beti hauteskunde aurre-aurreko garaia eta burutzen diren bitartekoa.

Zenbat eta zailagoa izan herrialde baten barne-egoera, eta zenbat eta handiagoak bere kanpo-arriskuak, are arriskutsuagoa izaten da berarentzat krisiune hori. Europako herrien artean ere, gutxi dira konkistaren edo anarkiaren beldur izan beharko ez luketenak buruzagi berri bat aukeratzeko kasu guztietan. Amerikan bere kabuz eta laguntzarik gabe irauteko moduan dago eratua gizartea; han kanpo-arriskuak inoiz ez dira larriak izaten. Lehendakariaren hautapenak asaldura eragiten du, baina ez hondamendia.

Hautapen-era

[aldatu]

Hautapen-era aukeratzerakoan legegile amerikarrek erakutsi duten trebetasuna.- Gorputz hautesle berezi baten eraketa.- Hautesle berezien boto banandua.- Zein kasutan dagokion Ordezkarien Ganbarari lehendakariaren hautapena.- Konstituzioa indarrean dagoenetik egin diren hamabi hauteskundeetan gertatu dena. Printzipioari berez dagozkion arriskuez gain, badira beste asko hautatzeko moduetatik sortzen direnak eta legegilearen arretak ekidin ditzakeenak.

Herri batek, bere buruzagia aukeratzeko plaza publikoan armaturik biltzen denean, hautapen-sistemak berez dituen arriskuez gain, horrelako hautapen-era batek sortzen duen gerra zibilaren arriskua ere jasan behar izaten du.

Poloniako legeek erregearen hautapena pertsona bakar baten beto-aren menpe uzten zutenean, pertsona hori hiltzera gonbidatzen ari ziren, edo aurrez anarkia zertzen.

Estatu Batuetako erakundeak aztertu ahala eta bertako egoera politiko eta sozialari arreta handiagoz begiratu ahala, adostasun miresgarria aurkitzen da patuaren eta gizakiaren ahaleginen artean. Eskualde berria zen Amerika; hala ere, han bizi zen herria ordurako aspaldidanik hasia zen askatasuna erabiltzen: hona hemen barne-ordenaren bi oinarri sendo. Gainera, Amerika ez zen konkistaren beldur. Legegile amerikarrek, inguruabar mesedegarri hauez baliatuz, ez zuten eragozpenik izan botere exekutibo ahul eta menpeko bat ezartzeko; horrelakoa sortu ondoren, arriskurik gabe bihurtu ahal izan zuten hautapenezko.

Hautapen-sistema ezberdinen artean, arriskurik gutxienekoa aukeratzea baino ez zeukaten; honetarako egin zituzten arauek miresgarriro osatzen dituzte herrialdearen eraketa fisiko eta politikoak jadanik eskaintzen zituen garantiak.

Konpondu beharreko arazoa hautapen-modua aurkitzea zen, herriaren benetako nahiak islatzeaz gain, beronen grinak gutxi suspertu eta zalantza-egoeran ahalik eta gutxien edukiko zuena. Lehenik, legea gehiengo soilak egingo zuela onartu zen. Baina oso zaila zen gehiengo hori lortzea, gauza guztien gainetik ekidin nahi ziren luzamenduen beldur izan gabe.

Herri handi batean nekeza da, izan ere, pertsona bat sufragioen gehiengoa lehen saioan biltzen ikustea. Zailtasuna areagotu egiten da estatu konfederatuen errepublika batean, non eragin lokalak askoz garatuago eta indartsuagoak baitira.

Bigarren oztopo hau gainditzeko, bide bat aurkitu zen: nazioaren hauteskunde-ahalmenak bera ordezkatuko zuen gorputz baten esku uztea.

Hautapen-era honek lorgarriago bihurtzen zuen gehiengoa; zeren eta, zenbat eta gutxiago izan hautesleak, orduan eta errazagoa baitzaie elkar ulertzea. Garantia gehiago ere ematen zuen ongi aukeratzeko.

Baina hautatzeko eskubidea gorputz legegileari berari, nazioaren ohiko ordezkariari, eman behar ote zitzaion ala, aitzitik, hautesle-kolegio bat eratu behar ote zen, lehendakariaren izendapena egiteko xede bakarrarekin?

Amerikarrek nahiago izan zuten azken irtenbide hau. Pentsatu zuten ohiko legeak egitera bidaltzen ziren pertsonek ez zutela oso-osorik ordezkatzen herriaren nahia lehen magistratuaren hautapenari zegokionean. Bestalde, urtebete baino gehiagorako hautatuak zirenez, bazitekeen jadanik aldatua zen borondatea ordezkatzea. Botere exekutiboko burua hautatzeaz legislatiboa arduratzen bazen, honen kideak, hauteskundeak baino askoz lehenagotik, ustelkeriazko maniobra eta azpijokoen helburu bihurtuko zirela pentsatu zuten; hautesle bereziak, ordea, epaimahaien antzera, jendartean ezezagunak izango ziren jardun beharreko egunera arte, eta unetxo batez bakarrik agertuko ziren beren epaia emateko.

Beraz, estatu bakoitzak hautesle-kopuru bat izendatuko zuela ezarri zen140, gero lehendakaria aukeratuko zutenak. Eta oharturik zeudenez hautapenezko herrialdeetan gobernu-buruak aukeratzeko ardura zuten batzarrak grina eta azpijokoen biltoki bihurtzen zirela halabeharrez; eta kontuan izanik batzuetan beraiei ez zegozkien ahalmenez jabetzen zirela, eta sarritan haien eragiketak eta ondoriozko zalantza-giroa Estatua arriskuan jartzeko beste luzatzen zirela, hautesle guztiek botoa egun finkatu batean, baina bildurik egon gabe, emango zutela arautu zen141.

Bi mailako hautapen-era honek gehiengoa lorgarri bihurtzen zuen, baina ez zuen ziurtatzen, gerta baitzitekeen hautesleak ere beren artean bat ez etortzea beraien komisio-emaileak bezalaxe.

Kasu hau gertatuz gero, hiru neurri hauetakoren bat hartu beharra zegoen derrigorrez: hautesle berriak izendatzea, edo jadanik izendaturik zeudenak berriro kontsultatzea edota, azkenik, hautapena aginte berriren baten esku uztea.

Lehen bi metodoek, oso seguruak ez izateaz gain, geldotasuna inplikatzen zuten eta arriskutsua zen asaldura-giroa betikotzen.

Beraz, hirugarrena aukeratu zen, eta hautesleen botoak kartazal itxian Senatuko lehendakariari helaraziko zitzaizkiola erabaki zen; eta honek, finkaturiko egunean eta bi ganbaren aurrean, zenbaketa egingo zuela. Hautagaietariko inork ez bazuen gehiengoa biltzen, Ordezkarien Ganbarak berak ekingo zion berehala hautapenari; baina honen eskubidea mugatzeaz arduratu ziren. Ordezkariek ezingo zuten aukeratu sufragiorik gehien lorturiko hiru hautagaietariko bat baizik142.

Ikus daitekeenez, kasu arraro eta aurrikusgaitzen batean bakarrik dagokie hautapena nazioko ordezkari arruntei, eta honelakoetan ere hautesle berezien gutxiengo ahaltsu batek jadanik izendaturiko hiritar bat bakarrik aukera dezakete; zorioneko konbinazio honek herriaren borondateari zor zaion begirunea eta Estatuaren interesak eskatzen dituen exekuzio-arintasuna eta ordena-garantiak adosten ditu. Gainerantzean, adostasun gabeko kasuetan arazoa Ordezkarien Ganbarari erabakiaraziz, ez zen, hala ere, eragozpen guztien erabateko konponketa lortzen; zeren eta gerta baitzitekeen gehiengoa ere zalantzan egotea Ordezkarien Ganbaran, eta honelakoetan Konstituzioak ez zuen erremediorik eskaintzen. Baina derrigorrezko hautagaiak ezartzean, hauen kopurua hirura murriztean eta arazoa gizon ilustratu batzuen aukerara uztean, berdinduak zituen nolabait ere bere esku egon zitezkeen oztopo guztiak143; gainerakoak hautapen-sistemari berari zegozkion.

Konstituzio federala sortuz geroztiko berrogeita lau urteotan Estatu Batuek dagoeneko hamabi aldiz aukeratu dute beren lehendakaria.

Hamar alditan hautapena une batean egin zen, lurraldeko hainbat puntutan kokaturiko hautesle berezien aldi bereko boto bidez.

Ordezkarien Ganbara bitan bakarrik baliatu da desadostasun-kasuan erabil dezakeen salbuespenezko eskubideaz. Lehen aldiz, 1801ean, Mr. Jefferson-en hautapenekoan; eta bigarrena, 1825ean, Mr. Quincy Adams izendatu zutenean.

Hautapeneko krisia

[aldatu]

Lehendakaria hautatzeko unea nazioaren krisiunetzat har daiteke.- Zergatik.- Herriaren grinak.- Lehendakariaren kezka.- Hautapeneko asalduraren ondorengo barealdia.

Adierazi dut zein zirkunstantzia egokitan aurkitzen ziren Estatu Batuak hautapen-sistema hartzeko, eta jakinarazi ditut arriskuak gutxitzeko legegileek hartutako neurriak. Amerikarrak ohiturik daude hautapen-mota guztiak egiten. Esperientziak erakutsi die zer-nolako asaldura-mailaraino irits daitezkeen eta non gelditu behar duten. Beren lurraldearen hedadura handi eta biztanleen barreiaketagatik, beste inon baino probabilitate eta arrisku gutxiago dago han alderdi ezberdinek elkar jotzeko. Hauteskundeak direla-eta nazionak bizi izan dituen zirkunstantzia politikoek ez dute gaur arte benetako arriskurik batere sortu.

Hala ere, Estatu Batuetako lehendakaria hautatzeko momentua oraindik ere nazioaren krisi-garaitzat har daiteke.

Arazoen bilakaeran lehendakariak duen eragina ahula eta zeharkakoa da, zalantzarik gabe, baina nazio osora hedatzen da; lehendakariaren hautapena neurri batean bakarrik axola zaio hiritar bakoitzari, baina hiritar guztiei axola zaie. Nolanahi ere, interes bat, oso txikia izan arren, garrantzi handiko bihurtzen da, interes orokor bihurtzen den momentuan.

Europako errege baten aldean, zalantzarik gabe lehendakariak baliabide gutxi du bere jarraitzailerik sortzeko; hala ere, bere esku dituen postuak aski ugariak dira zenbait milaka hautesle zuzenean edo zeharka beraren kausaren alde jar daitezen.

Gainera, alderdiek, Estatu Batuetan beste alde batzuetan bezalaxe, pertsona baten inguruan bildu beharra sentitzen dute, honela jendeak errazago aditu ahal izateko. Beraz, oro har, ikur batez bezala baliatzen dira lehendakarigaiaren izenaz; honengan pertsonifikatzen dituzte beren teoriak. Honela, alderdiek interes handia dute hautapena beren aldeko izan dadin, ez hainbeste lehendakari hautatuaren laguntzaz beraien doktrinek arrakasta izan dezaten, baizik eta doktrina hauek, lehendakariaren hautapenaz, gehiengoa konkistatu dutela erakusteko.

Finkaturiko momentua iritsi baino askoz lehenago, lehendakariaren hautapena bihurtzen da jendeari axola zaion arazo handien eta, nolabait esateko, bakarra. Are sutsuago bihurtzen dira orduan alderdiak; herrialde zoriontsu eta lasai batean irudimenak sor ditzakeen grina artifizial guztiak, une horretan irteten dira asaldaturik argitara.

Lehendakaria, berriz, bere burua defendatzeaz arduratzen da. Ez du jadanik Estatuaren intereserako gobernatzen, bere berrautapenerako baizik; gehiengoaren aurrean makurtzen da eta, sarritan, honen grinei kontra egin ordez, egin beharko lukeen bezala, hor ibiltzen da beronen apeta edo nahikerien aurretik.

Hautapena hurbildu ahala, azpijokoak gero eta aktiboago bihurtzen dira, asaldura gero eta biziago eta hedatuago. Hiritarrak hainbat sailetan banatzen dira, bakoitzak bere hautagaiaren izena hartzen duelarik. Nazio osoa jotzen du halako sukarraldi batek, hautapena izaten da aldizkarietako eguneroko irakurgaia, elkarrizketa partikularretako mintzagaia, kudeaketa guztien xedea, gogoeta guztien helburua, momentuko ardura bakarra.

Egia da, halaber, zoriak erabaki ondoren, sugar hori itzali egiten dela, dena lasaitu eta une batez gainezka egin duen ibaia bere bidera itzultzen dela bare-bare.

Baina ez al da harrigarria ekaitza sortu ahal izana?

Lehendakariaren berrautapena

[aldatu]

Botere exekutiboko burua berrautagarri denean, Estatua bera izaten da azpikerian eta ustelkerian jarduten duena.- Berrautatua izan nahiak menperatzen ditu Estatu Batuetako lehendakariaren gogoeta guztiak.- Berrautapenaren eragozpena, Amerikari bereziki dagokiona.- Demokrazien berezko akatsa botere guztiak poliki-poliki gehiengoaren desirarik txikienetara makurtzea da.- Lehendakariaren berrautapenak akats hau areagotu egiten du.

Estatu Batuetako legegileek, zuzen ala oker jokatu ote dute lehendakaria berrautatzeko aukera onartzean?

Botere exekutiboko burua berrauta dezaten galarazteak arrazoiaren kontrakoa dirudi, lehen begiratuan. Jakina da pertsona bakar baten gaitasunek edo izaerak zer-nolako eragina duten herri oso baten zorian, inguruabar zailetan eta krisi-garaian, batez ere. Hiritarrei beren lehen magistratua berrautatzea galaraziko balie legeak, Estatua aurrerarazteko edo salbatzeko beraiek duten baliabiderik onena kenduko lieke. Bestalde, ondorio bitxi batera iritsiko ginateke horrela, hots, pertsona bat, ongi gobernatzeko gai dela erakutsi duen momentuan bertan izango litzatekeela gobernutik baztertua.

Arrazoi hauek pisuzkoak dira, noski; baina ezin ote zaizkie are indartsuago diren beste batzuk kontrajarri?

Azpikeria eta ustelkeria hautapenezko gobernuen berezko akatsak dira. Baina estatu-burua berrautagarria denean, akats hauek mugarik gabe zabaltzen dira eta herrialdearen izatea bera jartzen dute koloka. Hautagai arrunt batek, azpikeriaz igo nahi duenean, esparru mugatuan zertu ditzake bere azpijokoak. Aitzitik, lehian sartzen dena estatu-burua denean, gobernuaren indarra hartzen du berak erabiltzeko.

Lehen kasuan, pertsona bat da bere baliabide ahulekin; bigarrenean, Estatua bera da, baliabide ikaragarriekin, azpikerian eta ustelkerian diharduena.

Boterera iristeko azpijoko gaitzesgarriak erabiltzen dituen hiritar arruntak zeharka bakarrik kaltetu dezake oparotasun publikoa; baina botere exekutiboaren ordezkaria sartzen bada lehian, gobernuaz arduratzea bigarren mailako kezka bihurtzen zaio; kezka nagusia bere hautapena du. Negoziazioak, legeak bezalaxe, hauteskunde-konbinazioak baino ez dira berarentzat; postuak, ez nazioari baizik eta buruzagiari egindako zerbitzuen sari bihurtzen dira. Gobernuaren ekintza ez izan arren beti herrialdearen interesaren kontrakoa, gutxienez ez da honen zerbitzura ere jartzen, nahiz eta beronek bakarrik erabiltzeko izan egina.

Ezinezkoa da Estatu Batuetan gauzen ohiko bilakaera aztertzea, ohartu gabe lehendakariaren gogoetetan berraukeratua izateko nahia nagusi dela; bere administrazioaren politika osoa horretarantz bideratzen dela; eginbide txikienak helburu horretara makurtzen direla; krisiunea hurbildu ahala, batez ere, interes orokorraren ordez bere interesa gailentzen zaiola barnean.

Berrautapenaren printzipioak, beraz, hautapenezko gobernuen eragin ustelgarria hedatuago eta arriskutsuago bihurtzen du. Herriaren moral politikoa galbidean jartzen du eta abertzaletasunaren ordez bizkorkeria ezartzen.

Amerikan are hurbilagotik erasotzen ditu izate nazionalaren sorburuak.

Gobernu bakoitzak darama bere baitan berezko akats bat, bere bizi-printzipioari atxikia dirudiena; horretaz ongi ohartzean datza legegilearen jeinua. Estatu batek lege txar asko gaindi ditzake, eta sarritan exageratu egiten da hauek eragindako gaitza. Baina heriotza-hazi horren garapena eragiten duen lege oro nahitaez hilgarri bihurtuko da luzarora, beraren ondorio txarrak berehala ez nabaritu arren.

Hondamendiaren hasiera, monarkia absolutuetan, errege-boterearen hedapen mugagabe eta zentzubakoa izaten da. Beraz, konstituzioak botere horri ezarritako kontrapisuak kentzeko moduko neurri bat zeharo txarra izango litzateke, nahiz eta ondorioak ez direla sumatzen iruditu luzaroan.

Era berean, demokrazia nagusi den herrialdeetan, eta herriak etengabe dena beregana erakartzen duen horietan, ekintza hori gero eta bizkorrago eta jarkiezinezkoago bihurtzen duten legeek gobernuaren izateari erasotzen diote zuzenean.

Egia honetaz garbi ohartu eta praktikan jartzeko ausardia izana da legegile amerikarren meriturik handiena.

Herriaz gain, beronekiko guztiz independente izan gabe, beren esparruan askatasun-maila dezentea edukiko zuten beste botere batzuk beharrezkotzat jo zituzten; honela, gehiengoaren zuzendaritza iraunkorrari obeditzera beharturik, aldi berean honen nahikerien kontra borrokatu eta eskakizun arriskutsuei uko egin ahal izan ziezaieten.

Honetarako, nazioko botere exekutibo guztia esku bakar batean bildu zuten; lehendakariari prerrogatiba zabalak eman zizkioten eta betoaz hornitu zuten, legislatiboaren usurpazioei aurre egin ahal izateko.

Baina berrautapen-printzipioa sartzean, neurri batean suntsitu egin zuten beren egintza. Lehendakariari botere handi bat eman zioten, eta horretaz baliatzeko borondatea kendu.

Berrautagarria ez balitz ere, lehendakaria ez litzateke horregatik herriarekiko independentea izango, ez bailioke haren aurrean erantzule izateari utziko; baina herriaren laguntza ez litzaioke gauza guztietan beronen nahietara makurtu behar izateko bezain beharrezkoa gertatuko.

Berrautagarria izatean (eta hau, batez ere gaur egun, moral politikoa lasaitu eta pertsonaia handiak desagertzean, da egia), Estatu Batuetako lehendakaria tresna erabilgarri baino ez da gehiengoaren eskuetan. Honek maite duena maitatzen du berak, eta honek gorrotatzen duena gorrotatzen; honen nahia betetzen lehiatzen da, kexuei aurrea hartzen die, desirarik txikienetara makurtzen; gehiengoa gida zezan nahi zuten legegileek, baina atzetik jarraitzen dio.

Honela, pertsona baten dohainez Estatua ez gabetzeko, dohain hauek ia alferrikako bihurtu dituzte; eta aparteko zirkunstantzietan baliabide bat eduki ahal izateko, eguneroko arriskuen menpe jarri dute herrialdea.

Auzitegi federalak

[aldatu]

144

Botere judizialaren garrantzi politikoa Estatu Batuetan.- Gai hau aztertzeko zailtasuna.- Justiziaren erabilgarritasuna konfederazioetan.- Zein auzitegiz balia zitekeen Batasuna?- Justizia federaleko auzitegiak ezarri beharra.- Justizia federalaren antolamendua.- Auzitegi Gorena.- Hau zertan bereizten den ezagutzen ditugun justizi auzitegi guztietatik.

Batasuneko botere legegilea eta botere exekutiboa aztertu ditut. Botere judiziala aztertzea falta zait oraindik.

Hemen neure beldurrak azaldu behar dizkiet irakurleei.

Erakunde judizialek eragin handia dute angloamerikarren destinoan; zehatz esanda erakunde politiko diren horien artean oso toki garrantzitsua dute. Ikuspegi honetatik, bereziki merezi dute gure begirada erakartzea.

Baina nola ulertarazi auzitegi amerikarren ekintza politikoa, haien eraketa eta formei buruzko zenbait xehetasun teknikotan sartu gabe? Eta nola sartu xehetasunetan, horrelako gai batek berez duen lehortasunagatik, irakurlearen jakingura zapuztu gabe? Nola izan argi, labur izateari utzi gabe?

Ez naiz harrotzen arrisku ezberdin horiei ihes egin izanaz. Hala ere, luzeegi ari naizela irudituko zaio jende arruntari; legelariek laburregi ari naizela pentsatuko dute. Baina eragozpen hori nire gaiari dagokio oro har, eta une honetan aztertzen ari naizen gaiari bereziki.

Eragozpenik handiena ez zen gobernu federala nola eratuko zen jakitea, haren legeak nola obediaraziko ziren jakitea baizik.

Oro har, gobernuek bi bide dituzte gobernatuen kontrakotasuna gainditzeko: beren baitan aurkitzen duten indar materiala, eta auzitegien epaiek ematen dieten indar morala.

Legeak obediarazteko gerra bakarrik lukeen gobernua bere hondamenditik oso hurbil legoke. Bi gauza hauetako bat gertatuko litzaioke seguraski: ahul eta neurritsu izanez gero, ezinbestean bakarrik erabiliko luke indarra eta desobedientzia partzial asko utziko lituzke oharkabean pasatzen; horrela poliki-poliki anarkian jausiko litzateke Estatua.

Ausart eta ahaltsu izanez gero, bortxa erabiltzera joko luke etengabe, eta laster despotismo militar hutsean gainbehera abiatuko litzateke. Hura jardutea nahiz geldi egotea era berean lirateke gobernatuentzat kaltegarri.

Justiziaren xede nagusia bortxakeriaren ideiaren ordez zuzenbidearena ezartzea da, gobernuaren eta indar materialaren erabileraren artean bitartekariak jartzea. Harrigarria da auzitegien eskuhartzeari jendeak oro har ematen dion iritzi-ahalmena. Ahalmen hau hain handia denez, nahiz eta jadanik substantziarik izan ez, hala ere forma judizialari atxikitzen zaio; gorputza ematen dio itzalari.

Auzitegiek duten indar moralak askoz arraroago bihurtzen du indar materialaren erabilera, ordeztu egiten duelarik kasurik gehienetan; eta azkenean beharrezko bada indarrak jardutea, bestearekin elkartu eta bikoiztu egiten dio ahalmena.

Gobernu federal batek beste edozeinek baino gehiago desiratu behar du justiziaren laguntza lortzea, ahulagoa baita bere izaeraz, eta errazago sor baitaitezke kontrakotasunak beraren aurka145. Beti eta lehen mailan indarra erabili behar balu, ezingo luke bere zeregina bete.

Bere legeak obediarazteko hiritarrei, edo lege horien aurkako erasoei aurre egin ahal izateko, auzitegien behar berezia zuen Batasunak.

Baina zer-nolako auzitegiez baliatu behar zuen? Estatu bakoitzak bazuen jadanik botere judizial bat bere baitan antolatuta. Auzitegi hauetara jo behar ote zuen? Justizia federal bat sortu behar ote zen? Erraza da frogatzea Batasunak ezin zuela bere erabilerara egokitu estatuetan ezarritako botere judiziala.

Bakoitzaren segurtasunerako eta guztien askatasunerako garrantzizkoa da, zalantzarik gabe, botere judiziala beste guztietatik bananduta egotea; baina nazioaren existentziarako hori bezain beharrezkoa da Estatuko botere ezberdinek jatorri berbera izatea, printzipio berberei jarraitzea eta esparru berean jardutea, labur esateko, koerlatiboak eta homogeneoak izatea. Pentsatzen dut ez zaiola inori sekula bururatu Frantzian eginiko delituak atzerriko auzitegiei epaiaraztea, magistratuen inpartzialtasunaz ziurrago egoteko.

Amerikarrek herri bakarra osatzen dute, beren gobernu federalari dagokionez. Baina, herri horren erdian, zenbait gorputz politikori irauten utzi diote, gobernu nazionalaren menpeko zenbait puntutan, eta independente beste guztietan, beren jatorri berezi, doktrina propio eta jokabide bereziak dituztelarik. Batasuneko legeen exekuzioa gorputz politiko horiek ezarritako auzitegien esku uztea, nazioa atzerriko epaileen esku uztea zen.

Are gehiago, estatu bakoitza Batasunarekiko ez da atzerritar bakarrik, baita eguneroko etsai ere, Batasunaren subiranotasuna estatuenaren mesederako bakarrik gal daiteke eta.

Batasuneko legeen aplikazioa estatu partikularretako auzitegien esku uztean, nazioa, ez epaile atzerritarrei bakarrik, baita epaile partzialei ere, entregatzen zitzaien.

Bestalde, estatuetako auzitegiak helburu nazional baten zerbitzurako ezgaitzen zituena ez zen haien izaera bakarrik, baizik eta beraien kopurua, batez ere.

Konstituzio federala eratu zen momentuan, Estatu Batuetan baziren jadanik hamahiru justizi auzitegi apelaziorik gabe epaitzen zutenak. Gaur egun hogeita lau dira.

Nola onartu estatu batek iraun dezakeenik bere lege nagusienak aldi berean hogeita lau era ezberdinetan interpreta eta aplika daitezkeenean! Horrelako sistema arrazoiaren nahiz esperientziak erakusten duenaren aurkakoa da.

Amerikako legegileek, beraz, botere judizial federala eratzea hitzartu zuten, Batasuneko legeak aplikatzeko eta interes orokorreko zenbait arazo -aurrez arretaz zehazturikoak- erabakitzeko.

Batasuneko botere judizial guztia auzitegi bakar batean bildu zen, Estatu Batuetako Auzitegi Gorena delakoan. Baina arazoen izapideak errazteko, beheragoko auzitegiak erantsi zitzaizkion, garrantzi gutxiko kausak subiranotasunez epaitzeko arduraz, baita auzi larriagoak lehen instantzian epaitzeko ere. Auzitegi

Goreneko kideak ez zituen herriak edo legislatiboak hautatzen; Estatu Batuetako lehendakariak aukeratu behar zituen, Senatuaren iritzia eskatu ondoren.

Beste botereekiko aske izan zitezen, mugigaitz bihurtu ziren eta beraien soldata, behin finkatu ondoren, legislatiboaren kontrolpetik kanpo uztea erabaki zen146. Nahiko erraza izan zen justizia federalaren ezarpena printzipio-mailan aldarrikatzea, baina eskurantzak finkatu nahi izaterakoan sortu zen eragozpen asko.

Auzitegi federalaren eskuduntza finkatzeko era

[aldatu]

Konfederazioetako auzitegi ezberdinen eskuduntza finkatzeko zailtasuna.- Batasuneko auzitegiek beren eskuduntza finkatzeko eskubidea lortu zuten.- Erregela honek zergatik erasotzen dion estatu partikularrek berenganatua zuten subiranotasun-zatiari.- Estatu hauen subiranotasuna, legeek eta legeen interpretazioak murriztua.- Honela, benetakoa baino itxurazkoagoa den arriskua jasan behar estatu partikularrek.

Hona hemen sortu zen lehen arazoa: Estatu Batuetako Konstituzioak bi subiranotasun ezberdin jartzen zituen aurrez aurre, justiziari zegokionez bi auzitegi-ordena diferentez ordezkatuak; bi auzitegi-ordena hauetako bakoitzaren eskumena kontuz finkatu arren, ez zegoen eragozterik beren artean sarri elkarjotzea. Baina, kasu honetan, nori ote zegokion eskuduntza ezartzeko eskubidea?

Gizarte politiko bakar eta berbera osatzen duten herrietan, bi auzitegiren artean eskuduntza-arazoren bat sortzen bada, arbitroarena egiten duen hirugarren batengana eramaten da normalean.

Eragozpenik gabe egiten da hau, zeren eta herri hauetan eskuduntza judizialeko arazoek ez baitute inolako erlaziorik subiranotasun nazionaleko arazoekin. Baina estatu partikular bateko Auzitegi Gorenaren eta Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren gainetik, ezinezkoa zen beste auzitegirik ezartzea, bata ala bestea izango ez zena.

Beharrezkoa zen, beraz, bi auzitegietako bati bere kausan epaitzeko eskubidea ematea, eta auzitan zegoen gaiaren instrukzioa onartu edo erretenitzekoa. Pribilegio hau ez zegoen estatuetako auzitegi ezberdinei ematerik; Batasunaren subiranotasuna, zuzenbidez ezarri ondoren, egitatez suntsitzea izango zatekeen, zeren eta Konstituzioaren interpretazioak laster itzuliko baitziekeen estatu partikularrei Konstituzioaren terminoek kendutako independentzi zatia.

Auzitegi federal bat sortuz, estatuetako auzitegiei, bakoitzak bere erara interes nazionaleko arazoak epaitzeko eskubidea kendu nahi izan zitzaien, honela Batasuneko legeen interpretaziorako jurisprudentzia uniformeko gorputz bat eratzera iritsi ahal izateko. Helburua ez zatekeen lortuko estatu partikularretako auzitegiek, prozesuak federalak bezala epaitu gabe, federalak ez zirela pretendituz epaitu ahal izan balituzte.

Estatu Batuetako Auzitegi Gorena eskuduntza-arazo guztiak erabakitzeko eskubideaz hornitu zuten147.

Hau izan zen estatuen subiranotasunari emandako kolperik arriskutsuena. Honela, murrizturik gelditzen baitzen, ez legeengatik bakarrik, baita legeen interpretazioagatik ere; muga ezagun batengatik eta ezaguna ez zen beste batengatik; erregela finko batengatik eta erregela arbitrario batengatik. Egia esateko, Konstituzioak ezarriak zizkion muga zehatzak subiranotasun federalari, baina subiranotasun hau estatuenarekin lehian dagoen bakoitzean, auzitegi federal batek erabaki behar du.

Gainerantzean, jokaera honekin estatuen subiranotasunerako sortzen ziren arriskuak benetan ez ziren ematen zuten bezain handiak.

Aurrerago ikusiko dugunez, Amerikan benetako indarra gobernu probintzialetan dago, gobernu federalean baino gehiago. Epaile federalek, botere baten izenean dihardutelarik, botere horren ahulezia erlatiboa sentitzen dute, eta legeak eskumen-eskubidea ematen dien kasuetan eskubide hori abandonatzeko joera handiagoa dute, legezkontra erreklamatzekoa baino.

Eskumen-kasu ezberdinak

[aldatu]

Materia eta pertsona, eskumen federalaren oinarriak.- Enbaxariei egindako prozesuak,- Batasunari,- estatu partikular bati.- Nork epaitzen dituen.- Batasuneko legeetatik sortzen diren prozesuak.- Zergatik epaitzen dituzten auzitegi federalek.- Kontratuak ez betetzeari buruzko prozesuak, justizia federalak epaituak.- Honen ondorioak.

Eskuduntza federala finkatzeko era ezarri ondoren, eskuduntza hori zein eskumen-kasutan egikaritu behar zen zehaztu zuten Batasuneko legegileek.

Onartu zen bazirela zenbait auzilari auzitegi federalek bakarrik epai zitzaketenak, nolanahikoa izanik ere prozesuaren izaera.

Ondoren, ezarri zen bazirela zenbait prozesu auzitegi beroriek bakarrik erabaki zitzaketenak, nolanahikoa izanik ere auzilarien kualitatea. Pertsona eta materia bilakatu ziren, beraz, eskuduntza federalaren bi oinarriak.

Enbaxariek Batasunaren adiskide diren nazioak ordezkatzen dituzte; enbaxariei dagokien guztia nolabait ere Batasun osoari dagokio. Enbaxari bat prozesuan parte denean, nazioaren ongizateari dagokion arazo bilakatzen da prozesua; normala da auzitegi federal batek erabakitzea.

Batasunak berak ere izan ditzake prozesuak. Kasu honetan, zentzuaren kontrako zatekeen, baita nazioen usadioaren kontrako ere, berarenaz bestelako subiranotasuna ordezkatzen duten auzitegien judiziora jotzea. Auzitegi federalei bakarrik dagokie erabakitzea.

Bi gizabanakok, bi estatu ezberdinetakoak izanik, prozesua dutenean, ezinezkoa da kalterik gabe bi estatu horietariko bateko auzitegiek epaitzea. Seguruagoa da alderdi bati nahiz besteari susmo txarrik sortaraziko ez dion auzitegi bat aukeratzea eta hau, berez, Batasunekoa da.

Bi auzilariak, ez gizabanako isolatuak baizik eta estatuak direnean, ekitate-arrazoi berari lehen mailako arrazoi politiko bat eransten zaio. Honetan auzilarien kualitateak garrantzi nazionala ematen die prozesu guztiei; bi estaturen arteko liskar-arazorik txikiena Batasun osoko bakeari dagokio148.

Sarritan prozesuen izaera bera hartu behar izan zen eskuduntzaren erregelatzat. Honela, itsas merkataritzari buruzko arazo guztiak auzitegi federalek erabaki behar zituzten149.

Erraza da arrazoia adieraztea: arazo hauek ia gehienak Jendeen Zuzenbidearen alorrean sartzen dira. Ikuspegi honetatik, funtsean Batasun osoari dagozkio atzerritarren aurrean. Bestalde, itsasoa ez dagokionez esparru judizial bati beste bati baino gehiago, justizia nazionala bakarrik izan daiteke aditua itsas jatorriko auzietan.

Konstituzioak kategoria bakarrean sartu ditu beren izaeragatik auzitegi federalei dagozkien ia prozesu guztiak. Honi dagokionez ezartzen duen erregela sinplea da, baina bere baitan ideia-sistema oso zabala eta egitate ugari ditu.

Konstituzioak dioenez, auzitegi federalek Estatu Batuetako legeetatik sorturiko prozesu guztiak juzgatu beharko dituzte.

Bi adibideok oso garbi ulertaraziko dute legegilearen pentsaera.

Konstituzioak debekatu egiten die estatuei diruaren zirkulazioari buruzko legeak egitea; debekua gora-behera, estatu batek horrelako lege bat egiten du. Inplikaturiko aldeek uko egiten diote legea betetzeari, Konstituzioaren aurkakoa delako. Auzitegi federal batera joan behar da, erasorako bidea Estatu Batuetako legeetatik sortzen baita.

Kongresuak inportazio-tasa bat ezartzen du. Arazoak sortzen dira tasa honen bilketarako. Orain ere auzitegi federaletara jo beharra dago, Estatu Batuetako lege baten interpretazioan baitago prozesuaren kausa.

Erregela hau guztiz bat dator Konstituzio federalak onarturiko oinarriekin.

Egia esateko, Batasunak, 1789an eratu zen bezala, subiranotasun murriztua bakarrik du, baina esparru honetan herri bat bera eta bakarra osatu nahi izan da150. Esparru honetan, bere buruaren jabe da. Puntu hau proposatu eta onartuz gero, gainerako guztia erraza da; zeren eta Estatu Batuek, Konstituzioak ezarritako mugen barruan, herri bakarra osatzen dutela onartzen bada, eman beharra dago herri guztiei dagozkien eskubideak.

Baina, gizarteak sortu zirenetik, adostasuna dago puntu honetan: herri orok du eskubidea bere auzitegiek epai ditzaten bere legeak betearazteari buruzko arazo guztiak. Baina zera erantzuten da: egoera berezian dago Batasuna, gai batzuetarako bakarrik osatzen baitu herri bat; gainerako guztietarako ez da ezer. Zer ondorioztatzen da hortik? Bada, gai horiei buruzko lege guztietan behintzat, erabateko subiranotasunari onartuko litzaizkiokeen eskubideak dituela. Benetan zaila gai horiek zeintzuk diren jakitea da. Puntu hau erabaki ondoren (eta ikusi dugu gorago, eskuduntzarena aztertzerakoan, nola erabaki zuten), egia esateko, ez dago arazorik; zeren eta, prozesu bat federala zela -alegia, Konstituzioak Batasunari erreserbaturiko subiranotasun-zatian sartzen zela- ezarri ondoren, berez ondorioztatzen baitzen auzitegi federal batek bakarrik erabaki behar zuela.

Hortaz, Estatu Batuetako legeei eraso nahi zaien bakoitzean, edo nork bere burua defendatzeko inbokatu nahi direnean, auzitegi federaletara jo behar da.

Honela, Batasuneko auzitegien eskumena hedatu edo murriztu egiten da Batasunaren subiranotasuna bera murrizten edo hedatzen den neurrian.

Ikusi dugunez, subiranotasuna bi zati ezberdinetan banatzea izan zen 1789ko legegileen xede nagusia. Batean, Batasuneko interes orokor guztien zuzendaritza ipini zuten; bestean, beraren zatietakoren batzuen interes berezi guztien zuzendaritza.

Haien ardura nagusia gobernu federala nahiko boterez hornitzea izan zen, estatu partikularren usurpazioen aurka defendatu ahal izateko bere esparruan.

Estatu partikularrei zegokienez, beren esparruan aske uzteko printzipio orokorra onartu zen. Gobernu zentralak ezin ditu gidatu, ezta horien jokabidea ikuskatu ere.

Azken printzipio hau ez zutela beti errespetatu adierazi dut botere-banaketari buruzko kapituluan. Badira lege batzuk estatu partikular batek egin ezin dituenak, nahiz eta itxuraz berari bakarrik dagozkionak izan.

Batasuneko estatu batek izaera horretako lege bat egiten duenean, lege hau betearazteak kalteturiko hiritarrek auzitegi federaletara jo dezakete.

Honela, auzitegi federalen eskumena ez da beren sorburua Batasuneko legeetan duten prozesu guztietara bakarrik hedatzen, baita estatu partikularrek Konstituzioaren kontra egindako legeetatik sortzen direnetara ere.

Galarazi egiten zaie estatuei gai kriminaletan atzeraeraginezko legerik egitea; honelako lege baten indarrez kondenaturiko pertsonak justizia federalera jo dezake.

Era berean Konstituzioak galarazi egiten die estatuei kontratu baten indarrez lorturiko eskubideak suntsitu edo alda litzaketen legeak egitea (impairing the obligations of contracts)151.

Partikular bati iruditzen bazaio bere estatuko lege batek honelako eskubide bat lesionatzen duela, uko egin diezaioke betetzeari eta justizia federalera jo dezake152.

Xedapen honek estatuen subiranotasunari gainerako guztiek baino sakonkiago erasotzen diola iruditzen zait.

Helburu nazional nabarietarako gobernu federalari emaniko eskubideak zehatzak dira eta ulerterrazak. Aipatu berri dudan artikuluak zeharka ematen dizkienak ez dira hain nabariak, ezta hain muga zehatzetakoak ere. Izan ere, lege politiko asko daude kontratuen existentziari buruzkoak, eta honela botere zentralari usurpaziorako aukera eman liezaioketenak.

Auzitegi federalen prozedura

[aldatu]

Justiziaren berezko ahulezia konfederazioetan.- Legegileek egin beharreko ahaleginak, litekeen neurrian gizabanakoak bakarrik, eta ez estatuak, eramateko auzitegi federaletara.- Amerikarrek nola lortu duten hori.- Auzitegi federalen zuzeneko ekintza partikular hutsen gain.- Zeharkako erasoa Batasuneko legeak hausten dituzten estatuen aurka.- Justizia federalaren epaiak ez du lege probintziala suntsitzen; ahuldu egiten du.

Jakinarazi dut zeintzuk ziren auzitegi federalen eskubideak; hori bezain garrantzitsua da nola gauzatzen dituzten jakitea.

Subiranotasuna banatzen ez den herrietan, epaiak jotako gizabanakoaren kontra borrokan dagoen nazio osoaren ordezkari dira auzitegiak, eta hortik sortzen da justiziaren indar jarkiezina. Zuzenbidearen ideiari, zuzenbideari laguntzen dion indarrarena elkartzen zaio.

Baina subiranotasuna banaturik dagoen herrialdeetan ez da beti honela gertatzen. Gehienetan justiziak ez du bere aurrean gizabanakoa aurkitzen, nazioaren zati bat baizik. Beraren ahalmen morala eta indar materiala txikiagotu egiten dira.

Hortaz, estatu federaletan justizia ahulagoa da berez, eta auzipetua indartsuagoa.

Legegileak konfederazioetan etengabe lan egin behar du, subiranotasuna banatu ez duten herriek daukaten mailaren antzekoa emateko auzitegiei; beste era batera esanda, etengabeko ahaleginak egin behar dituzte justizia federalak nazioa ordezka dezan, eta auzipetuak interes partikular bat.

Gobernu batek, nolanahikoa izanik ere bere izaera, gobernatuen gain jardun beharra dauka, zor diotena ematera behartzeko; haien aurka jardun beharra dauka beraien erasoetatik babesteko.

Legeak obeditzera behartzeko gobernuak gobernatuen gain duen zuzeneko ekintzari dagokionez, auzitegi federalek, lege horien izenean jardunez, beti gizabanakoei buruz bakarrik jarduteko modua zertu zuen Estatu Batuetako Konstituzioak (eta hau izan zen beraren maisu-lana). Izan ere, Konstituzioak ezarritako esparruan konfederazioak herri bakar eta berbera osatzen zuela aitortua zegoenez, gertatzen zen Konstituzio horrek eraturiko gobernua, bere mugen barruan jardunez, gobernu nazionalaren eskubide guztiez horniturik zegoela, hauetako garrantzizkoena bere aginduak, bitartekaririk gabe, hiritar arruntarenganaino iristaraztea izanik. Beraz, Batasunak zerga bat biltzea agintzen zuenean, adibidez, ez zuen estatuengana jo behar hori hartzeko, Amerikako hiritar bakoitzagana baizik, bere kuotaren arabera. Justizia federalak, berriz, Batasunaren lege hori betearazteko ardura zuelarik, ez zuen estatu setatia kondenatu behar, zergapekoa baizik. Beste herrialde batzuetako justiziak bezalaxe, gizabanakoa bakarrik aurkitzen zuen bere aurrean.

Ohar gaitezen hemen Batasunak berak aukeratu zuela bere kontrarioa. Ahula aukeratu zuen; oso normala da honek lur jotzea. Baina Batasunak, eraso egin ordez, bere burua babestera mugatu behar duenean, zailtasuna areagotu egiten da. Konstituzioak legeak egiteko ahalmena onartzen die estatuei. Lege hauek Batasunaren eskubideak hauts ditzakete. Kasu honetan, halabeharrez, legea egin duen estatuaren subiranotasunarekin borrokan aurkitzen dugu. Ekintza-bideen artean, arriskurik gutxienekoa aukeratzea baino ez da gelditzen. Bide hau jadanik adierazia zegoen aurrez aipatu ditudan printzipio orokorretan153.

Suposatu berri dudan kasuan, Batasunak estatuari auzitegi federal baten aurrera dei ziezaiokeela pentsa daiteke, honek legea deuseztzat joko zukeelarik; hau ideien martxarik naturalena jarraitzea izango zatekeen. Baina, honela, justizia federala estatu baten aurrez aurre aurkituko zatekeen zuzenean, hauxe izanik, ahal zen neurrian, saihestu nahi zen gauza.

Lege berri bat betearaztean interes partikularren bat ez kaltetzea ia ezinezkoa zela pentsatu zuten amerikarrek.

Konstituzio federalaren egileak interes partikular horretan oinarritzen dira Batasunaren kexa eragin lezakeen legegintza-neurriari erasotzeko. Interes horri eskaintzen diote babesa.

Adibidez, estatu batek lurrak saltzen dizkio konpainia bati; urtebete geroago, lege berri batek beste erabilera bat ematen die lur beroriei, eta, honela, kontratuz lorturiko eskubideak aldatzea galarazten duen Konstituzio-zatia hausten du. Lege berriaren arabera erosi dituena lurrez jabetzera aurkezten denean, edukitzaileak, aurreko legearen bidez eskubideak dauzkanak, Batasuneko auzitegira eramaten du kasua eta bestearen titulua deuseztea eskatzen du154. Honela, errealitatean, justizia federala borrokan aurkitzen da estatuaren subiranotasunarekin; baina xehetasunezko aplikazio bati dagokionean eta zeharka bakarrik erasotzen dio. Legea bere ondorioetan jotzen du, ez bere printzipioan; ez du suntsitzen, ahultzen baizik.

Beste hipotesi bat gelditzen zen azkenik.

Estatu bakoitzak korporazio bat osatzen zuen, bere izatea eta eskubide zibilak aparte zituena; ondorioz, berak auzia jar zezakeen eta beste batzuek beraren aurka jar zezaketen. Estatu batek, adibidez, beste estatu baten aurka jo zezakeen justiziaren bidez.

Kasu honetan, Batasunak ez zeukan lege probintzial bati eraso beharrik, estatu bat parte zeneko prozesu bat epaitu baizik. Beste edozein prozesu bezalakoa zen; auzilarien nolakotasuna bakarrik zen ezberdina. Hemen oraindik bada kapituluaren hasieran adierazitako arriskua; baina oraingoan ezin da ekidin; Konstituzio federalen funtsari berari dagokiona da, honen ondorioa nazioaren baitan partikular aski ahaltsuak sortzea izango delarik beti, justiziak nekez joka dezan hauen kontra.

Estatuko botere handien artean auzitegi gorenak duen goi-maila

[aldatu]

Inongo herrik ez du amerikarrek bezain botere judizial handirik sortu.- Honen eskurantzen hedadura.- Eragin politikoa.- Bakea eta Batasunaren izatea bera ere zazpi epaile federalen zuhurtziaren arabera dago.

Auzitegi Gorenaren antolamendua zehatz-mehatz aztertu ondoren, eman zaizkion eskurantzak oro har aztertzeari ekiten zaionean, erraz ohartzen da sekula ez dela botere judizial handiagorik inongo herritan eratu.

Auzitegi Gorena beste edozein auzitegi ezagun baino gorago dago ezarria, bai bere eskubideen izaeragatik baita bere auziperagarrien espezieagatik ere.

Europako nazio zibilizatu guztien artean, gobernuak oso gogo gutxi azaldu du beti berari interesatzen zitzaizkion arazoak justizia arruntari erabakitzen uzteko. Gobernua zenbat eta absolutuagoa izan, are txikiagoa izaten da gogo hori. Aitzitik, askatasuna gehitu ahala, auzitegien eskurantzen esparrua ere zabalduz joaten da; baina Europako nazioetako bakar batek ere ez du oraindik pentsatu arazo judizial oro, nolanahikoa izanik berauen jatorria, zuzenbide komuneko epaileen esku utz daitekeenik.

Amerikan teoria hau praktikan jarri da. Estatu Batuetako Auzitegi Gorena nazioko auzitegi bakarra da.

Berak du lege eta tratatuen interpretazioaren ardura; itsas merkataritzari buruzko arazoak, eta oro har Jendearen Zuzenbideari dagozkion guztiak, beraren eskuduntza esklusiboak dira. Beraren eskurantzak ia oso-osorik politikoak direla ere esan daiteke, nahiz eta eraketa zeharo judiziala izan. Helburu bakarra Batasuneko legeak betearaztea du, eta Batasunak, gobernuak gobernatuekiko eta nazioak atzerritarrekiko dituzten harremanak baino ez ditu erregulatzen; hiritarren arteko harremanak, ia guztiak, estatuen subiranotasunak arautzen ditu.

Garrantziaren lehen kausa honi beste bat ere erantsi behar zaio are handiagoa. Europako nazioen artean partikularrak bakarrik auzipera ditzakete auzitegiek; baina Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak bere aurrera subiranoak etorrarazten dituela esan daiteke. Atezainak, auzitegiko harmailetan aurreratu eta hitz apur hauek "New Yorkeko estatua Ohiokoaren aurka" esaten dituenean, han justizia arrunteko auzitegi baten esparruan ez gaudela sumatzen da. Eta auzilari hauetako batek milioi bat pertsona, eta besteak bi milioi, ordezkatzen dituela pentsatzean, harrigarria gertatzen da zazpi epaileen erantzukizuna, beraien epaiak herrikideen hain kopuru handia alaitu edo goibelduko baitu.

Zazpi epaile federalen esku daude etengabe bakea, oparotasuna, Batasunaren izatea bera ere. Horiek gabe, Konstituzioa gauza hila da; botere exekutiboak beraiengana jotzen du gorputz legegilearen usurpazioei kontra egiteko; legislatiboak, bere burua botere exekutiboaren ekimenetatik babesteko; Batasunak, estatuek obedi diezaioten; estatuek, Batasunaren gehiegizko asmoak errefusatzeko; interes publikoak interes pribatuaren aurka; kontserbazio-gogoak ezegonkortasun demokratikoaren aurka. Epaile horien ahalmena ikaragarria da; baina iritzi-ahalmena da. Guztiahaldunak dira, herriak legeak obeditzea onartzen duen bitartean; honek legea gutxietsiz gero, haiek ezin dute ezer egin. Nolanahi ere, iritzi-ahalmena da erabiltzeko zailena, ezin baita esan mugak non dituen zehatz-mehatz. Sarritan muga horiek gainditzea beroriez behetik gelditzea bezain arriskutsua izaten da.

Epaile federalek ez dute, beraz, hiritar on, pertsona eskolatu eta prestu bakarrik izan behar, magistratu guztiek behar dituzten kualitateak; gainera estatu-gizon ere izan behar dute; beren garaiko izpiritua bereizten jakin behar dute, eta gaindi daitezkeen oztopoei aurre egiten eta, Batasunaren subiranotasuna eta legeei zor zaien obedientzia uholdeak berekin eramateko arriskua dagoenean, korrontetik alde egiten.

Lehendakariak egin dezake huts Estatuak nozitu gabe, eginbehar mugatua baitu lehendakariak. Kongresuak joka dezake oker Batasuna galbideratu gabe, beraren gainetik baitago hautesle-gorputza, kideak aldatuz Kongresuaren izpiritua alda dezakeena.

Baina egunen batean Auzitegi Gorena pertsona zuhurgabe eta ustelduek osatuko balute, anarkiaren edo gerra zibilaren beldur izan beharko luke konfederazioak.

Gainera, ez dadila inor engaina, arriskuaren lehen eragilea ez datza auzitegiaren eraketan, gobernu federalen izaeran bertan baizik. Ikusi dugu herri konfederatuetan beste inon baino beharrezkoagoa dela botere judiziala indartsu eratzea, zeren eta izaki indibidualak, gizarte-gorputzaren kontra borroka daitezkeenak, inon ez baitira haietan baino handiagoak eta ez daude gobernuaren indar materialaren erabilerari aurre egiteko egoera hobean ere.

Nolanahi ere, zenbat eta beharrezkoagoa izan botere bat indartsua izatea, orduan eta gehiago eman behar zaio hedadura eta independentzia. Zenbat eta hedatuagoa eta independenteagoa izan botere bat, orduan eta arriskutsuagoa da berorretaz egin daitekeen abusua. Gaitzaren jatorria ez datza, beraz, botere horren eraketan, Estatuaren beraren eraketan baizik, horrelako botere baten beharra duelarik.

Zertan den Konstituzio Federala Estatuetako konstituzioak baino gehiago

[aldatu]

Nola konpara daitekeen Batasuneko Konstituzioa estatu partikularretakoekin.- Legegile federalen zuhurtziari egotzi behar zaio batez ere Batasuneko Konstituzioaren nagusitasuna.- Batasuneko legislatiboak estatuetakoak baino menpekotasun txikiagoa du herriarekiko.- Botere exekutiboa, askeago bere esparruan.- Botere judiziala, gutxiago lotua gehiengoaren borondateari.- Honen ondorio praktikoak.- Legegile federalek gutxitu egin dituzte demokraziaren gobernuari dagozkion arriskuak; estatuetako legegileek areagotu egin dituzte arrisku horiek.

Estatuetako konstituzioaren aldean, Konstituzio federalaren funtsezko ezberdintasuna bere xedean datza, baina besteen antz handia du helburu hori lortzeko baliabideei dagokienean. Gobernu-helburua ezberdina da, baina gobernu-formak berberak dira. Ikuspegi berezi honetatik, onuragarriro egin daiteke konparaketa.

Konstituzio federala estatuetako konstituzio guztien gainetik dagoela uste dut nik. Nagusitasun honek hainbat kausa ditu.

Batasuneko egungo Konstituzioa estatu gehienetakoen ondoren sortu zen; beraz, hauetan lortutako esperientziaz baliatzeko aukera izan zuen.

Hala ere, edonor komentzituko da kausa hau bigarren mailakoa dela, kontuan izanik, Konstituzio federala ezarri ostean, konfederazio amerikarrak hamaika estatu berri hartu dituela, eta hauek ia beti gutxitu baino gehiago areagotu egin dituztela beren aurretikoen konstituzioetan zeuden akatsak.

Konstituzio federalaren nagusitasunaren eragile nagusia legegileen izaeran bertan datza.

Konstituzio hori eratu zen garaian, konfederazioaren hondamendiak berehalakoa zirudien; guztien aurrean zegoen, nolabait esateko. Egoera larri hartan, herriak ez zituen agian begikoen zituenak aukeratu, baina bai estimatuen zituenak.

Ohartarazi dut gorago Batasuneko legegileak ia guztiak aipagarriak izan zirela beren jakintzargiengatik, eta are gehiago beren abertzaletasunagatik.

Gizarte-krisiaren erdian heziak izan ziren guztiak, non askatasun-izpirituak etengabe borrokatu behar izan zuen aginpide indartsu eta menperatzaile baten aurka. Borroka amaiturik -eta, ohi bezala, jendearen grina asaldatuek aspaldi desagertuak ziren arriskuak borrokatzen jarraitzen zuten bitartean-, haiek geldi geratu ziren; baretasun eta sakontasun handiagoz begiratu zioten beren aberriari; behin-betiko iraultza bat burutua zela ohartu ziren, eta herria mehatxatzen zuten arriskuak aurrerantzean askatasunaren gehiegikerietatik bakarrik sor zitezkeela. Pentsatzen zutena esateko ausardia izan zuten, askatasun berorrekiko atxikimendu zintzo eta sutsua baitzuten bihotz barrenean; askatasuna murrizteaz hitz egiten ausartu ziren, ziur baitzeuden ez zutela suntsitu nahi155.

Estatuetako konstituzio gehienek Ordezkarien Ganbarari urtebeteko agintaldia bakarrik ematen diote, eta bikoa Senatuari. Honela, gorputz legegileko kideak etengabe eta estu-estu daude loturik beren hautesleen desirarik txikienekin.

Legislatiboaren menpekotasun ikaragarri honek ordezkapen-sistemaren ondorio nagusiak desnaturalizatu egingo zituela pentsatu zuten Batasuneko legegileek, herriarengan berarengan ezarriz ez botereen jatorria bakarrik, baita gobernua ere.

Hautetsien agintaldia luzatu egin zuten, diputatua gehiago baliatu ahal izateko bere aukeramenaz.

Konstituzio federalak, estatuetako konstituzio ezberdinek bezalaxe, bitan banatu zuen gorputz legegilea.

Baina estatuetan, legislatiboaren bi zati horiek osagai berberez eta hautapen-era berberari jarraituz eratu ziren. Ondorioz, gehiengoaren grina eta nahiek ganbara batean bestean bezain erraz eta bizkor aurkitu zituzten organo bat eta tresna bat. Honek izaera bortitz eta lasterra eman zion legeen eraketari.

Halaber, Konstituzio federalak herriaren botoetatik sortarazi zituen bi ganbarak; baina aldatu egin zituen hautagarri izateko baldintzak eta hautatzeko era; zenbait naziotan bezala, legislatiboaren zatietako batek ez bazituen besteak ez bezalako interesak ordezkatzen ere, zuhurtzia handiagoaren ordezkari izan zedin gutxienez.

Senadore izateko heltzarora iritsia izatea eskatzen zen, eta aurrez aukeratua izandako eta oso ugaria ez zen batzar bati eman zitzaion hautapenaren ardura.

Demokraziek berezko joera dute gizarte-indar guztia gorputz legegilearen esku biltzeko. Hau izanik herritik zuzenkien sortzen den boterea, berorren ahalguztiduntasunean partaidetza handiena duena ere bada.

Beraz, aginte-mota oro bere baitan biltzera eragiten dion ohiko joera ikusten da horrengan.

Botere-kontzentrazio honek, arazoen martxa egokia eragozteaz gain, gehiengoaren despotismoa ere sortzen du.

Estatuetako legegileak sarri erori izan dira demokraziaren joera horietan; Batasunekoak, berriz, adoretsu borrokatu dira beti horien aurka. Estatuetan botere exekutiboa magistratu baten esku uzten da, itxuraz legislatiboaren ondoan kokatua dagoena, baina, errealitatean, haren borondatearen egile itsu eta tresna pasibo baino ez dena. Nondik atera lezake bere indarra? Bere funtzioen iraupenetik? Normalean, urtebeterako bakarrik izendatzen dute. Bere prerrogatibetatik? Bat ere ez duela esan daiteke. Legislatiboak ezintasunean utz dezake, legeak betearazteko ardura bere baitan eraturiko batzorde bereziei emanez. Nahi izango balu, nolabait ere deuseztatu egin ahal izango luke, soldata kenduz.

Botere exekutiboaren eskubide guztiak, baita erantzukizun osoa ere, pertsona bakar batengan bildu ditu Konstituzio federalak. Lau urteko iraupena eman dio lehendakariari; soldata ziurtatu dio agintaldiak irauten duen denbora guztirako; bezeria bat ere eman dio eta beto esekitzaileaz hornitu. Hitz batean, botere exekutiboaren esparrua arretaz mugatu ondoren, ahal den neurrian eta esparru horren barruan, egoera indartsu eta askea eman nahi izan dio.

Botere guztien artetik, judiziala da botere legegilearekiko menpekotasunik txikiena duena estatuetako konstituzioetan.

Hala ere, estatu guztietan legislatiboari dagokio epaileen ordainsariak finkatzea, honek derrigorrez haren zuzeneko eraginpean jartzen dituelarik azken hauek. Estatu batzuetan aldi baterako bakarrik izendatzen dira epaileak, eta honek ere indar eta askatasun dezente kentzen die.

Beste batzuetan botere legegilea eta judiziala erabat nahasturik daude. New Yorkeko Senatua, adibidez, estatuko Auzitegi Goren bihurtzen da zenbait prozesutan.

Konstituzio federala, aitzitik, botere judiziala beste guztietatik ongi bereizteaz arduratu da. Gainera, epaileak independente bihurtu ditu, soldata finkoak eta eginkizun errebokaezinak ezarriz.

Ezberdintasun hauen ondorio praktikoak ikusterrazak dira. Adi begiratzen duenarentzat garbi dago Batasuneko arazoak edozein estatutako arazo partikularrak baino askoz ere hobeto zuzendurik daudela.

Gobernu federala estatuak baino zuzenago eta neurritsuagoa da bere jokabidean. Zuhurtzia handiagoa du bere ikuspegietan, iraupen eta jakinduria handiagoa bere proiektuetan, trebezia, jarraipen eta irmotasun handiagoa hartutako neurriak betearazterakoan.

Hitz gutxi batzuk aski dira kapitulu hau laburtzeko.

Bi arrisku nagusik mehatxatzen dituzte demokraziak:

Botere legegilearen erabateko morrontza hautesleriaren borondatearekiko.

Botere legegilean kontzentratzea gobernuaren beste botere guztiak.

Estatuetako legegileek arrisku hauen garapena bultzatu dute. Batasuneko legegileek ahal dutena egin dute hain beldurgarriak izan ez daitezen.

Amerikako Estatu Batuetako konstituzio federala beste konstituzio federal guztietatik bereizten duena

[aldatu]

Konfederazio amerikarra konfederazio guztien antzekoa da itxuraz.- Beraren ondorioak, ordea, ez dira berdinak.- Honen jatorria.- Konfederazio hau zertan bereizten den gainerako guztietatik.- Gobernu amerikarra ez da gobernu federal bat, gobernu nazional osagabea baizik.

Amerikako Estatu Batuak ez dira konfederazio baten lehenengo adibidea eta bakarra. Antzinateaz hitz egin gabe ere, Europa modernoan izan da zenbait kasu. Suitza, Inperio germaniarra eta Herbeheretako Errepublika konfederazioak izan dira edota dira oraindik.

Herrialde ezberdin hauetako konstituzioak aztertzen direnean, harriduraz ohartzen da horiek gobernu federalari emandako ahalmenak eta Konstituzio amerikarrak Estatu Batuetako gobernuari emandakoak berdintsuak direla gutxi gora-behera. Azken honek bezalaxe, aginte zentralari ematen dizkiote bakea eta gerra egiteko eskubidea, jendea erreklutatu eta dirua biltzekoa, premia orokorrak asetu eta nazioaren interes komunak arautzekoa.

Hala ere, herrialde ezberdin horietan gobernu federala ia beti ahul eta ezintasunean egon da, Estatu Batuetakoak arazoak tinko eta erraz gidatzen dituen bitartean. Are gehiago, lehenengo Batasun amerikarrak ezin izan zuen iraun gobernuaren gehiegizko ahuleziagatik, eta, hala ere, hain ahula zen gobernu hark gaur egungo gobernu federalak bezain eskubide zabalak zituen hartuak. Neurri batean, gainera, haren pribilegioak handiagoak zirela ere esan daiteke.

Estatu Batuetako egungo Konstituzioan badira, beraz, printzipio berri batzuk, hasieran deigarriak ez direnak, baina eragin sakona zertzen dutenak.

Konstituzio hau, lehen begiratuan bere aurretiko konstituzio federalekin nahasteko tentazioa ematen duena, teoria berri-berri baten gainean oinarritzen da, egungo zientzia politikoaren baitan aurkikuntza handitzat hartu behar delarik.

1789ko konfederazio amerikarraren aurretiko konfederazio guztietan, herriek, xede komun baten inguruan elkartzen zirelarik, gobernu federalaren aginduak betetzea onartzen zuten; baina Batasuneko legeen betetzea beren baitan agindu eta ikuskatzeko eskubidea gordetzen zuten.

1789an elkartu ziren estatu amerikarrek ez zuten bakarrik gobernu federalak legeak eman ziezazkien onartu, baita legeak hark berak betearaztea ere. Bi kasuetan eskubidea berbera da, eskubide horren egikaritza bakarrik da ezberdina. Baina diferentzia bakar honek berebiziko ondorioak ditu.

Egungo Batasun amerikarraren aurretik izan diren konfederazio guztietan, gobernu federalak, bere beharrak betetzeko, gobernu partikularrengana jotzen zuen. Agindutakoa ez bazen hauetakoren baten gogokoa, honek beti ihes egin ziezaiokeen obeditu beharrari. Indartsua bazen, armatara jotzen zuen; ahula bazen, jasan egiten zuen Batasuneko legeei -bere lege bilakatuei- jarkitzea, ezintasunaren aitzakia eman eta inertziaren indarrera jotzen zuen.

Honela, bi gauza hauetako bat gertatu izan da beti: elkarturiko herrietako ahaltsuenak, aginte federalaren eskubideak bere esku hartuz, gainerako guztiak menperatu izan ditu haren izenean156; edo gobernu federala bere indarrekin bakarrik utzi izan dute, eta orduan anarkia ezarri da konfederatuen artean, eta ezer egin ezinik gelditu izan da Batasuna157.

Amerikan Batasunak ez ditu estatuak gobernatzen, hiritar hutsak baizik. Zerga bat bildu nahi duenean, ez du Massachusettseko gobernuagana jotzen, Massachusettseko biztanle bakoitzagana baizik. Antzinako gobernu federalek herriak zituzten beren aurrean, Batasunekoak gizabanakoak ditu. Ez du indarra maileguan hartzen, bere baitatik ateratzen baizik. Bere administratzaileak ditu, bere auzitegiak, bere justizi ofizialak eta bere armada.

Zalantzarik gabe, honela eraturiko botere federalaren hedadura murriztera eta beraren borondatearekiko erresistentzi guneak sortzera jotzen dute estatu bakoitzeko nazio-izpirituak, grina kolektiboek, aurriritzi probintzialek; botere federalak bere subiranotasuna murriztua duenez, ezin da izan oso-osorik daukana bezain indartsu; baina hau sistema federalari dagokion gaitza da.

Amerikan estatu bakoitzak askoz aukera eta tentazio gutxiago du erresistitzeko; eta horretarako gogoa etortzen bazaio, ezin du gauzatu, Batasuneko legeak garbi hautsi, justiziaren ohiko martxa etenarazi eta matxinadaren ikurra altxatu gabe; labur esateko, mutur baten alde jarri behar du bat-batean, eta honetarako zalantza handia izaten du jendeak.

Antzinako konfederazioetan, Batasunari emandako eskubideak gerra-eragile gertatzen zitzaizkion, eta ez botere-eragile, eskubide horiek eskakizunak ugaltzen baitzizkioten, obediarazteko baliabideak gehitu gabe. Gobernu federalen benetako ahulezia beren botere nominalarekiko proportzio zuzenean hasten dela ikusi izan da ia beti.

Baina ez da honela gertatzen Batasun amerikarrean; ohiko gobernu gehienek bezalaxe, gobernu federalak, egiteko eskubidea duen guztia zertzeko ahalmena du. Giza izpirituak errazago asmatzen ditu gauzak hitzak baino: hortik dator hainbeste termino desegoki eta adierazpen osagabe erabiltzea.

Zenbait naziok liga iraunkorra eratzen dute eta aginte goren bat ezartzen; honek ez du gobernu nazional batek bezala hiritar hutsengan eragiten, baizik eta herri konfederatu bakoitzarengan, gorputz bezala harturik.

Gobernu honek, beste guztiengandik hain ezberdina, federal izena hartzen du.

Berehala aurkitzen da gizarte-forma bat, non zenbait herrik bat egiten duten interes komun batzuei dagokienez, gainerako guztietarako banandurik eta konfederatuta bakarrik jarraitzen dutelarik.

Hemen aginte zentralak bitartekaririk gabe jarduten du gobernatuengan, berak administratzen eta epaitzen ditu, gobernu nazionalek bezala, baina esparru murriztu batean bakarrik jokatzen du honela. Jakina, horretan ez da gobernu federal bat, gobernu nazional osagabea baizik. Honela, gobernu-forma bat aurkitu da, nazionala edo federala ez dena; baina hor gelditu da, eta gauza berri hori adierazi behar duen hitz berririk ez dago oraindik.

Konfederazio-mota berri hau ez ezagutu izanagatik iritsi dira Batasun guztiak gerra zibilera, morrontzara edo inertziara. Batasun horietako herriek ez zuten jakintzargirik izan beren gaitzen erremedioa ikusteko, edo adorerik aplikatzeko.

Lehen Batasun amerikarrak ere akats berberak egin zituen.

Baina Amerikan estatu konfederatuak, independentziara iritsi aurretik, inperio beraren parte izan ziren luzaroan; artean ez zuten beren buruak erabat gobernatzeko ohiturarik, eta aurriritzi nazionalek ez zuten sustrai sakonik botata; munduaren gainerakoa baino ilustratuagoak, beren artean berdinak ziren jakintzargietan, eta bizitasun gutxiz sentitzen zituzten botere federala hedatzearen kontra herrien artean normalean egon ohi diren grinak, eta grina hauen kontra hiritarrik bikainenak borrokatzen ziren. Amerikarrek, gaitza sentitzen zuten bitartean, irmotasunez aztertu zuten erremedioa. Zuzenketak egin legeetan eta onik atera zuten herrialdea.

Sistema federalak oro har dituen abantailak eta Amerikarako duen onura berezia

[aldatu]

Nazio txikiek gozatzen duten zoriona eta askatasuna.- Nazio handien boterea.- Inperio handiek zibilizazioaren garapena bultzatzen dute.- Nazioentzat indarra da sarritan lehen oparotasun-elementua.- Herriek beren lurraldearen handitasun eta txikitasunetik ateratzen dituzten abantailak elkartzea da sistema federalaren helburua.- Estatu Batuek sistema honetatik ateratzen dituzten abantailak.- Legea herrien beharretara makurtzen da, eta herriak ez dira legearen beharretara makurtzen.- Askatasunaren jarduera, aurrerapen, zaletasun eta erabilera herri amerikarren artean.- Batasuneko izpiritu publikoa abertzaletasun probintzialaren laburbilduma baino ez da.- Gauzak eta ideiak askatasunez mugitzen dira Estatu Batuetako lurraldean.- Batasuna aske eta zoriontsu da nazio txiki bat bezala, eta errespetatua handia bezala.

Nazio txikietan gizartearen begia edonon sartzen da; hobekuntza-izpiritua xehetasunik txikienetara iristen da; herriaren handinahia bere ahuleziak biziki apaltzen duelarik, beraren ahalegin eta baliabideak barne-ongizatera bihurtzen dira ia osorik, eta ez daude loriazko kealdi hutsaletan desagertzeko arriskuan. Gainera, bakoitzaren ahalmenak orokorrean mugaturik daudenez, desirak ere berdin daude. Aberastasunen kaxkarkeriak gutxi gora-behera berdindu egiten ditu egoerak; ohiturek ere bilakaera sinple eta baketsua dute. Honela, oro har, eta moralitate eta jakintzargien maila ezberdinak kontuan harturik, nazio txikietan handietan baino oparotasun, biztanleria eta lasaitasun handiagoa aurkitzen da normalean.

Tirania nazio txiki baten baitan ezartzen denean, beste edozein aldetan baino ezerosoagoa izaten da bertan, esparru murritzagoan jardutean, orotara hedatzen baita esparru horretan. Helburu handi bati heldu ezin dionez, txikikeria askotaz arduratzen da; bortitz eta nahastaile da aldi berean. Politikaren mundutik -zehatz esanda, hau du bere esparrua- bizitza pribatura sartzen da. Ekintzak arautu ondoren, gustuak ere arautu nahi izaten ditu; Estatuaren ondoren, familiak gobernatu nahi izaten ditu. Baina hau nekez lortzen du; askatasuna da, egia esateko, gizarte txikien berezko egoera. Gobernuak erakarpen gutxiegitxo eskaintzen dio gutiziari, partikularren baliabideak mugatuegiak dira, botere subiranoa pertsona bakar baten eskuetan erraz bildu ahal izateko. Hala egokituz gero, gobernatuei ez zaie zaila gertatzen bat egitea eta, guztien ahaleginez, tiranoa eta tirania aldi berean eraistea.

Betidanik nazio txikiak izan dira askatasun politikoaren sehaska. Horien arteko gehienek haztean askatasuna galdu egin dutela gertatu da; honek garbi erakusten du akats hori herriaren txikitasunari zegokiola eta ez herriari berari.

Munduaren historian ez dago luzaroan errepublika izaten jarraitu duen nazio handi baten kasurik158, eta ez zela egingarria esanarazi du honek. Nire ustez, ez da batere zuhurra gizakiak ahalgarri dena mugatu eta etorkizuna epaitu nahi izatea, berari beti ihes egiten baitiote errealak eta orainak, eta etengabe harrapatzen baitute ezustean ongien ezagutzen dituen gauzek ere. Ziurtasunez esan daiteke errepublika handiak txikiak baino arrisku handiagoak izango dituela beti.

Errepublikentzat galgarriak diren grina guztiak lurraldearen hedadurarekin areagotzen dira, baina lagungarri zaizkion bertuteak ez dira inola ere neurri berean hazten.

Partikularren gutizia Estatuaren boterearekin gehitzen da; alderdien indarra, beren buruari ezartzen dioten xedearen garrantziarekin; baina aberriaganako maitasuna, grina suntsitzaile horien aurka borrokatu behar duena, ez da errepublika handian txikian baino indartsuagoa izaten. Are gehiago, garapen eta botere gutxiago duela frogatzea ere erraza izango litzateke. Aberastasun handiak eta lazeria itzelak, metropoliak, ohituren galdukeria, norberekoikeria, interesen konplikazioa, ia beti Estatuaren handitasunetik sortzen diren beste hainbat arrisku dira. Gauza hauetako zenbaitek ez dio monarkiari kalterik egiten, eta iraunarazten ere lagun diezaiokete batzuek. Bestalde, monarkietan, gobernuak badu bere-berea duen indar bat; herriaz baliatzen da eta ez dago beronen menpe; zenbat eta handiagoa izan herria, are indartsuagoa printzea; baina arrisku hauen aurka gobernu errepublikarrak ezin du gehiengoaren laguntza baino erabili. Nolanahi ere, indar-elementu hau ez da, proportzioan, errepublika handian txikian baino ahaltsuagoa. Honela, erasorako baliabideak kopuruz eta ahalmenez etengabe gehitzen diren bitartean, erresistentzi indarrak bere horretan irauten du. Gutxitu ere egiten dela esan daiteke, zeren eta, zenbat eta ugariagoa izan herria, eta zenbat eta gehiago dibertsifikatu izpirituen eta interesen izaera, orduan eta zailagoa izaten baita gehiengo trinko bat eratzea.

Bestalde, giza grinak areagotu egiten direla ikusi ahal izan da, ez bakarrik lortu nahi duten helburuaren handitasunagatik, baita aldi berean sentitzen dituztenen kopuruagatik ere. Ez dago inor hunkituago egon ez denik berarekin batera hunkidura bera sentitzen zuen jendetza asaldatu baten erdian, berak bakarrik sentituta baino. Errepublika handi batean grina politikoak jarkiezin bihurtzen dira, ez bakarrik berorien helburua ikaragarria delako, baita milioika pertsonak era berean eta une berean sentitzen dituztelako ere.

Beraz, esan daiteke orokorrean ezer ez dela gizakien ongizate eta askatasunaren kontrakoago inperio handiak baino.

Hala ere, estatu handiek badituzte bere-bereak dituzten abantailak, aitortu behar zaizkienak.

Pertsona arrunten botere-nahia haietan beste inon baino sutsuagoa den bezalaxe, aintza-zaletasuna ere garatuago dago bihotz batzuetan, herri handi baten txaloak lortzea beren ahaleginentzako helburu duina iruditzen baitzaie, eta egokia nolabait ere beren buruak gainditzeko. Haietan pentsamenduak bultzada bizkorrago eta ahaltsuagoa hartzen du gauza guztietan, ideiak askatasun handiagoz ibiltzen dira, metropoliak egundoko zentru intelektualak bezala dira, non distiratsu konbinatzen diren giza izpirituaren izpi guztiak; honek azaltzen digu zergatik nazio handiek txikiek baino aurrerapen bizkorragoak eragiten dizkieten jakintzargiei eta zibilizazioaren kausa orokorrari. Gaineratu behar da aurkikuntza garrantzitsuek sarritan eskatzen duten indar nazionalaren garapena emateko, herri txiki bateko gobernua ez dela gauza izaten; nazio handietan gobernuak ideia orokor gehiago izaten du, gehiago askatzen da bere aurrekoen ohikerietatik eta berekoikeria lokaletatik. Jeinu handiagoa du bere asmaketetan, ausardia gehiago bere aurrerabidean.

Barne-ongizatea osoagoa eta banatuagoa izaten da nazio txikietan, bakean dirauten bitartean; baina gerra-egoera kaltegarriagoa zaie handiei baino. Azken hauetan mugen urruntasunagatik herriaren gehiengoa batzuetan hainbat mendez egoten da arriskutik urruti. Honi gerrak ondoeza gehiago eragiten dio hondamendia baino.

Bestalde, gai honetan, beste askotan bezalaxe, bada argudio bat beste guztiak menperatzen dituena: beharrarena.

Nazio txikiak bakarrik baleude eta handirik batere ez, gizadia askeago eta zoriontsuago izango litzateke seguraski; baina ezin da ekidin nazio handiak egotea. Honek nazio-oparotasuneko elementu berri bat sartzen du munduan, indarra, alegia. Zer axola dio herri batek ongizate eta askatasunaren itxura izateak, lapurtua edo konkistatua izateko arriskupean badago egunero? Zer axola dio industriari eta merkatari izateak, itsasoak beste norbaitek kontrolatzen baditu eta merkatu guztietan bere legea ezartzen badu? Nazio txikiak behartsuak izaten dira sarri, ez txikiak direlako, ahulak direlako baizik; handiek aurrera egiten dute, ez handiak direlako, indartsuak direlako baizik. Beraz, sarritan indarra da nazioentzat beren zorionaren, baita izatearen ere, lehenengo baldintzetakoa. Ondorioz, eta zirkunstantzia bereziak salbu, azkenean herri txikiak handiekin elkartzen dituzte bortxaz, edo beren borondatez batzen zaizkie bestela. Ez dakit egoera tamalgarriagorik dagoen bere burua defendatu ezin eta bere buruaz aski ez duen herriarena baino.

Nazioen handitasun eta txikitasunetik sortzen diren abantaila ezberdinak elkartzeko sortu zen sistema federala.

Aski da Amerikako Estatu Batuei begiratu bat ematea, sistema hau hartu izatetik datozkien onura guztiez ohartzeko.

Nazio zentralizatu handietan, legegilea beharturik dago legeei era bereko izaera ematera, leku- eta ohitura-aniztasuna kontuan hartu gabe; sekula ez duenez kasu partikularrik ezagutzen, arau orokorren bidez bakarrik jokatzen du; horrela jendea beharturik dago legeriaren beharretara makurtzera, legeriak ez baitaki jendearen premia eta ohituretara moldatzen; honek arazo eta ezbehar handiak eragiten ditu.

Eragozpen hau ez dago konfederazioetan: Kongresuak arautzen ditu gizarte-bizitzako egintza nagusiak; xehetasun guztiak legeria probintzialen esku uzten dira.

Imajinaezina da subiranotasunaren banaketa honek zenbateraino laguntzen dion Batasuna osatzen duten estatuetako bakoitzaren ongizateari. Gizarte txiki horietan, beren burua babestu edo handitzeaz batere arduratzen ez direnez, botere publiko guztia eta gizabanakoaren energia guztia barne-hobekuntzetara zuzentzen dira. Estatu bakoitzeko gobernu zentrala, gobernatuen ondo-ondoan dagoelarik, sumatzen diren premiez ohartarazia dago egunero. Honela, plan berriak aurkezten dira urtero, udal-batzarretan edo estatuko legislatiboaren aurrean eztabaidatu eta, gero, prentsak argitara eman ondoren, interes unibertsala eta hiritarren ardura sortarazten dituztelarik. Hobetu behar honek etengabe astintzen ditu errepublika amerikarrak, baina arazorik sortu gabe; han botere-irrikak ongizatearen maitasunari uzten dio leku, grina arruntagoa dena, baina arrisku txikiagokoa. Amerikan oso zabaldua dagoen iritzia da forma errepublikarren izatea eta iraupena Mundu Berrian sistema federalaren izate eta iraupenarekin loturik daudela. Hego Amerikako estatu berriek dituzten zoritxarretako asko, subiranotasuna zatitu ordez, errepublika handiak ezarri nahi izateari egozten zaio.

Izan ere, ukaezina da Estatu Batuetan gobernu errepublikarrarekiko zaletasuna eta usadioa udalerrietan eta batzar probintzialen baitan sortu zirela. Connecticut bezalako nazio txiki batean, adibidez, -non ubide bat irekitzea edo bide bat egitea den arazo politiko handiena, non Estatuak ez duen ordaindu beharreko armadarik edo mantendu beharreko gerrarik, eta non agintzen dutenei ezin zaien aberastasun askorik edo aintza handirik eman-, ezin da ezer naturalagorik edo gauzen izaerarekiko ezer egokiagorik imajinatu errepublika baino. Nolanahi ere, izpiritu errepublikar hori berori da, herri aske baten ohitura eta aztura horiek dira, estatu ezberdinetan sortu eta garatu ondoren, gero nekerik gabe herrialde osoari aplikatzen zaizkionak. Batasuneko izpiritu publikoa bera ere ez da nolabait abertzaletasun probintzialaren laburbilduma baino. Estatu Batuetako hiritar bakoitzak, bere errepublika txikiak sortarazten dion arreta, aberri komunarekiko maitasunera eramaten du, nolabait esateko. Batasuna defendatzean, bere kantonamenduaren oparotasun hazkorra defendatzen du, baita bertako arazoak zuzentzeko eskubidea eta bera aberastu behar duten hobekuntza-planak aurrera aterako diren itxaropena ere: gauza hauek guztiak, normalean, gehiago hunkitzen dute jendea herrialdeko interes orokorrek eta nazioaren aintzak baino.

Bestalde, biztanleen izpiritu eta ohiturek beste batzuk baino egokiago bihurtzen badituzte errepublika handi bati oparotasunean aurrera eragiteko, sistema federalak asko erraztu du zeregin hau. Estatu amerikar guztien konfederazioak ez du jende-samalda handien ohiko eragozpenik. Batasuna errepublika handi bat da hedadurari dagokionez; baina modu batean errepublika txiki batekin pareka liteke, bertako gobernuak oso gai gutxiren ardura baitu. Bere egintzak garrantzizkoak dira, baina bakanak. Batasunaren subiranotasuna oztopatua eta osagabea denez, subiranotasun honen erabilera ez da askatasunarentzako arriskutsua. Ez ditu errepublika handientzat hain kaltegarri diren botere eta ospe-irrika neurrigabe horiek ere sortarazten. Azkenean dena ez doanez derrigorrez erdigune komun batera, ez da metropoli zabalik ikusten, ezta ikaragarrizko aberastasunik, edo lazeria handirik, edo bat-bateko iraultzarik ere. Grina politikoak, une batean sugarraldia bezala herrialde osoan zehar zabaldu ordez, estatu bakoitzeko interes eta grina indibidualen kontra apurtzen dira.

Batasunean, ordea, herri bakar eta beraren baitan bezala, aske ibiltzen dira gauzak eta ideiak. Ezerk ez du ekimen-izpirituaren bultzada geldiarazten. Gobernuak beregana erakartzen ditu talentuak eta jakintzargiak. Batasuneko mugen barnean bake sakona da nagusi, inperio beraren menpe dagoen herrialdearen baitan bezala; kanpoan munduko naziorik ahaltsuenen artean kokatzen da; atzerriko merkataritzari zortziehun lekoa baino gehiagoko itsasertza eskaintzen dio; eta mundu oso baten giltzak bere esku dituelarik, azkeneko itsasertzetan ere errespetarazten du bere bandera. Batasuna aske eta zoriontsu da nazio txiki bat bezala, aintzatsu eta indartsu handi bat bezala.

Zergatik ez dagoen sistema federala herri guztien esku, eta zergatik berenganatu ahal izan duten angloamerikarrek

[aldatu]

Sistema federal orotan daude berezko akatsak, legegileak eraso ezin dituenak.- Sistema federal ororen konplikazioa.- Egunero beren adimenaz baliatzea eskatzen die gobernatuei.- Amerikarren zientzia praktikoa gobernu-gaietan.- Batasuneko gobernuaren ahulezia erlatiboa, sistema federalari dagokion beste akats bat.- Amerikarrek murriztu egin dute akats hori, baina ezin izan dute zeharo desegin.- Estatu partikularren subiranotasuna Batasunarena baino ahulagoa da itxuraz, baina indartsuagoa praktikan.- Zergatik.- Legeez gain, beharrezkoa da, beraz, batasunerako kausa naturalak egotea herri konfederatuen artean.- Zeintzuk diren kausa horiek angloamerikarren artean.- Maine eta Georgia, elkarren artean 400 lekoa urrunduta, baina hala ere Normandia eta Britainia baino elkartuago berez.- Gerra da konfederazioen arriskurik nagusiena.- Batasunak ez du zertan gerra handien beldur izan.- Zergatik.- Europako herriek izango lituzketen arriskuak amerikarren sistema federala berenganatzean.

Hamaika ahaleginen ondoren, nazioen destinoan zeharkako eragina izatera iristen da batzuetan legegilea, eta beraren jeinua goraipatzen da orduan, baina sarritan herrialdearen kokapen geografikoak -hark ezin duelarik honetaz ezer egin-, edo beraren eskuhartzerik gabe sortutako gizarte-egoeraren batek, edo nondik sortu diren ez dakien ohitura eta ideiaren batzuek, edo ezagutzen ez duen abiapunturen batek gizarteari mugimendu jarkiezinak eragiten dizkio, berauen kontra alfer-alferrik borrokatu eta azkenean aurrean eramaten dutelarik legegilea.

Itsasoen erdian bere bidea ezartzen duenaren antzeko da legegilea. Bere ibilgailu duen untzia ere gida dezake, baina ezingo du untzi horren egitura aldatu, haizeak sortu edo hankapean altxatzea ozeanoari galarazi.

Erakutsi dut nolako abantailak ateratzen dituzten amerikarrek sistema federaletik. Sistema hau zergatik hartu ahal izan duten ulertaraztea falta zait orain, ezin baitituzte herri guztiek gozatu berorren onurak.

Sistema federalean badira funtsezkoak ez diren akatsak, legeetatik sortzen direnak; hauek zuzen ditzakete legegileek. Badira beste batzuk, sistemari dagozkionak izanik, berau hartzen duten herriek suntsitu ezin dituztenak. Beraz, herri hauek beren baitan aurkitu behar dute gobernuaren berezko akatsak jasateko beharrezko indarra.

Sistema federal orori dagozkion akatsen artean, erabiltzen dituen baliabideen konplikazioa da guztien arteko nabariena. Sistema honek halabeharrez bi subiranotasun jartzen ditu aurrez aurre. Bi subiranotasun hauen mugimenduak ahalik eta sinpleen eta berdinenak egitera iristen da legegilea, eta garbi zehazturiko ekintza-esparrutan sar ditzake biak; baina ezin duena lortu bat bakarrik egotea da, edo punturen batean elkar uki dezaten eragoztea.

Zernahi eginda ere, sistema federala teoria konplikatuan oinarritzen da, eta honen aplikazioak arrazoiaren argitasunaz egunero baliatzea eskatzen die gobernatuei. Normalean, ideia sinpleak bakarrik jabetzen dira herriaren izpirituaz. Ideia faltsu batek, argia eta zehatza bada, munduan indar gehiago izango du beti, egiazkoa baina konplexua den ideiak baino. Horregatik saiatzen dira alderdiak, nazio handi batean nazio txiki bezalakoak direnak, daukaten helburua eta erabiltzen dituzten bideak sarritan oso desegoki errepresentatzen dituen izen edo printzipio bat hartzen, berau gabe ezingo luketelarik ez iraun, ezta mugitu ere. Zehazten erraza den ideia edo sentimendu bakar batean oinarritzen diren gobernuak ez dira agian onenak izaten, baina bai indartsuenak eta iraunkorrenak.

Aitzitik, Estatu Batuetako Konstituzioa, ezagutzen diren konstituzio federal guztien arteko bikainena, aztertzen denean, txunditzekoa da zenbat ezagupen ezberdin eta zelako bereizmena suposatzen duen berak zuzendu behar dituenen artean. Batasuneko gobernua legezko fikzioen gain oinarritzen da ia osorik. Batasuna nazio ideial bat da, nolabait esateko izpirituetan bakarrik dagoena, beraren hedadura eta mugak adimenak bakarrik aurkitzen dituelarik.

Teoria orokorra ongi ulertu ondoren, aplikazio-zailtasunak gelditzen dira; hauek ikaragarri ugariak dira, zeren eta, Batasunaren subiranotasuna hainbesteraino dagoenez estatuenarekin elkarlotua, ezinezkoa baita lehen begiratuan mugak bereiztea. Dena konbentzional eta artifiziala da horrelako gobernu batean, eta aspalditik bere arazoak berak zuzentzera ohiturik dagoen herri bati eta bertan zientzia politikoa gizartearen azken mailetaraino iritsi bada bakarrik komeni dakioke. Ezertan ez dut amerikarren zentzua eta adimen praktikoa miretsiago izan, beren Konstituzio federaletik sortzen zaizkien eragozpen ugarietatik ihes egiteko duten eran baino. Amerikan ia inoiz ez dut jende xeherik aurkitu, Kongresuaren legeetatik sortutako betebeharrak eta bere estatuko legeetatik sortutakoak erraztasun harrigarriz bereizten ez zituenik, ezta, Batasuneko eskurantza orokorrei zegozkien gaiak eta legislatibo lokalak arautu beharrekoak bereizi ondoren, auzitegi federalen eskuduntza non hasten zen eta estatuko auzitegiena non amaitzen zen adierazteko gai ez zenik ere.

Estatu Batuetako Konstituzioa giza industriaren sorkuntza eder horien antzekoa da; asmatzen dituztenak aintzaz eta ondasunez betetzen dituzte, baina alferrikakoak dira beste esku batzuetan.

Hau da Mexikok ikusarazi diguna gaur egun.

Mexikoko biztanleek, sistema federala ezarri nahi zutelarik, eredutzat hartu eta ia osorik kopiatu zuten auzoko angloamerikarren Konstituzio federala159. Baina legearen letra beren artera eramatean, ezin izan zuten aldi berean eraman biziarazten zuen izpiritua. Beraz, etengabe behaztopatu ziren beren gobernu bikoitzaren mekanismoetan. Estatuen eta Batasunaren subiranotasunak, Konstituzioak ezarritako esparrutik irtetean, bata bestearenean sartzen ziren egunero. Gaur egun ere, Mexiko etengabe dabil anarkiatik despotismo militarrera bidean, eta despotismo militarretik anarkiarantz.

Bigarrena eta akats guztietako txarrena, sistema federalari berari dagokiola uste dudana, Batasuneko gobernuaren ahulezia erlatiboa da.

Konfederazio guztien oinarrian dagoen printzipioa subiranotasunaren zatiketa da. Zatiketa hau oso nabaria ez izatea lortzen dute legegileek; aldi batez bistatik ere ezkutatzen dute, baina ezin diote izatea eragotzi. Nolanahi ere, subiranotasun zatikatua beti izango da subiranotasun osoa baino ahulagoa.

Estatu Batuetako Konstituzioaren azalpenean ikusi da amerikarrek zer-nolako artea izan duten Batasunaren botereari, gobernu federalen esparru murritzean itxi arren, hala ere gobernu nazional baten itxura eta, neurri bateraino, indarra emateko.

Honela jokatuz, Batasuneko legegileek gutxitu egin dute konfederazioen berezko arriskua, baina ezin izan dute erabat desagertarazi.

Gobernu amerikarrak, esan ohi da, ez du estatuengana jotzen; bere aginduak zuzen-zuzenean hiritarrengana helarazten ditu, eta borondate komunaren agindupera makurtzen ditu banaka.

Baina lege federala bortizki joango balitz estatu baten interes eta aurriritzien kontra, ez ote litzateke gero estatu horretako hiritar bakoitza, obeditzeari uko egiten dion pertsonaren kausan interesaturik sentituko? Estatuko hiritar guztiak, aldi berean eta era berean Batasuneko aginteak honela lesionaturik aurkitzean, gobernu federala alferrik saiatuko litzateke beroriek isolatzen erasotzeko; beren buruak defendatzeko elkartu egin behar dutela adieraziko lieke senak, eta beren estatuari utzitako subiranotasun-zatian horretarako prest dagoen antolamendua aurkituko lukete. Fikzioa desagertu egingo litzateke errealitateari leku emateko, eta lurralde-zati bateko botere antolatua aginte zentralaren aurka borrokan ikusiko litzateke.

Beste horrenbeste esango nuke justizia federalaz. Prozesu partikular batean Batasuneko auzitegiek estatu bateko lege garrantzizkoren bat hautsiz gero, borroka, itxurazkoa ez bada ere bai behintzat benetakoa, estatu kaltetuaren eta Batasunaren artekoa izango litzateke, lehena hiritar batek ordezkatua, eta bigarrena bere auzitegiek160.

Mundu honetako gauzen esperientzia oso txikiaz bakarrik imajina daiteke, giza grinei asebetetzeko bidea utzi ondoren, beti eragotziko zaiela, fikzio legalen laguntzaz, bide horretaz ohartu eta balia daitezen.

Legegile amerikarrek, bi subiranotasunen arteko borrokari ahalgarritasuna kentzean, ez dituzte, hala ere, horren kausak suntsitu.

Urrutirago ere joan daiteke eta, borroka sortuz gero, botere federalari ezin izan diotela nagusitasuna ziurtatu esan daiteke.

Batasunari dirua eta soldaduak eman zizkioten, baina estatuek herrien maitasuna eta aurriritziak gorde zituzten.

Batasunaren subiranotasuna zerbait abstraktua da, kanpoko gauza gutxi batzuei bakarrik dagokiena. Estatuen subiranotasuna zentzumen guztiek hautematen dute; nekerik gabe ulertzen da; une oro ikusten da jardunean. Bata berria da, bestea herriarekin berarekin sortua.

Batasunaren subiranotasuna artearen obra da. Estatuen subiranotasuna berezkoa da; bere kabuz existitzen da, ahaleginik gabe, familiburuaren aginpidea bezala. Batasunaren subiranotasunak interes handi batzuetan bakarrik ukitzen ditu pertsonak; aberri zabala ordezkatzen du, urrutikoa, sentimendu lauso eta zehazgabea. Estatuen subiranotasunak, nolabait ere, hiritar bakoitza inguratzen du, eguneroko xehetasunetan eraginez. Berau arduratzen da hiritarraren jabetza, askatasuna eta bizitza bermatzeaz; etengabeko eragina du horren ongizate edo atsekabean. Estatuen subiranotasuna oroitzapenetan, azturetan, aurriritzi lokaletan, probintzi eta famili mailako norberekoikerian oinarritzen da; hitz batean, aberri-sena giza bihotzean hain ahaltsu egiten duten gauza guztietan. Nola zalantzan jarri horren abantailak?

Sistema federalak aurrez aurre jartzen dituen bi subiranotasunen artean elkarjotze arriskutsuak gertatzea legegileek eragotzi ezin dutenez, beharrezkoa da herri konfederatuak gerratik desbideratzeko ahaleginei herri hauek bakera eramateko xedapen bereziak eranstea.

Hortik ateratzen denez, itun federalak ez luke luze iraungo, aplikatzen deneko herrietan ez balitu halako batasun-baldintza batzuk aurkituko, bizitza komun hori eroso bihurtu eta gobernu-lana errazteko modukoak.

Honela, sistema federalak, arrakasta izateko, ez ditu lege onak bakarrik behar, inguruabarrak ere aldeko izan behar ditu. Konfederatu diren herri guztiek izan dituzte halako interes komun batzuk, elkarketaren lokarri intelektual bezala izan direnak.

Baina interes materialen gainetik, ideiak eta sentimenduak ere baditu gizakiak. Konfederazio batek luze irauteko, beharrezkoa da osatzen duten herri ezberdinen zibilizazioan eta premietan pareko homogeneotasuna egotea. Vaud kantonamenduko eta Uri kantonamenduko zibilizazioaren artean XIX. mendetik XV.era artekoa bezalako aldea dago; horregatik ez du Suitzak, egia esateko, inoiz gobernu federalik izan. Hango kantonamendu ezberdinen arteko batasuna mapan bakarrik dago; eta ongi ikusiko litzateke hori aginte zentralak lege berberak lurralde osoan aplikatu nahi izango balitu.

Estatu Batuetan bada gauza bat gobernu federalaren izatea asko errazten duena. Estatu ezberdinek gutxi gora-behera interes beretsuak eta jatorri eta hizkuntza bera izateaz gain, zibilizazio-maila bera ere badute, beren arteko akordioa ia beti gauza erraz bihurtzen duena. Ez dakit nazio europarrik dagoen, oso txikia izanik ere, bere zati ezberdinetan homogeneotasun handiagoa duenik herri amerikarrak baino, nahiz eta honen lurraldea Europaren erdia bezain handia izan.

Maineko estatutik Georgiakoraino laurehun lekoa inguru daude. Hala ere, ezberdintasun txikiagoa dago Maineko zibilizazioaren eta Georgiakoaren artean, Normandia eta Britainiakoaren artean baino. Mainek eta Georgiak, inperio zabal baten bi muturretan kokatuak, berez egiazko erraztasun gehiago aurkitzen dute konfederazioa eratzeko Normandiak eta Britainiak baino, hauek errekatxo batek bereizten dituen arren.

Herriaren ohitura eta azturek legegile amerikarrei eskaintzen zizkieten erraztasun horiei, herrialdearen kokapen geografikotik sortzen ziren beste batzuk gehitzen zitzaizkien. Azken hauei egotzi behar zaie batez ere sistema federala hartu eta bertan iraun izatea.

Herri baten bizitza marka dezakeen egintzarik garrantzizkoenetakoa gerra da. Gerran herri batek pertsona bakarra bailitzan jokatzen du atzerrien aurrean: bere izatearen beraren alde borrokatzen da.

Arazoa herrialdearen baitan bakeari eutsi eta oparotasuna bultzatzea bakarrik den neurrian, gobernuan trebetasuna, gobernatuengan zentzutasuna eta jendeak bere aberriarekiko ia beti duen berezko atxikimendua aski izan daitezke; baina nazioa gerra handi bat egiteko egoeran aurki dadin, sakrifizio ugari eta latzak egin behar dituzte hiritarrek. Jende-kopuru handi bat bere kabuz horrelako gizarte-eskakizunak bere gain hartzeko gai izango dela pentsatzea gizadia gaizki ezagutzea da.

Horregatik, gerra handiak egin behar izan dituzten herri guztiek, ia beren gogoaren kontra, gobernuaren indarrak areagotu behar izan dituzte. Hori lortu ez zutenak menperatu egin zituzten. Gerra luze batek ia beti aukerabide triste honetan jartzen ditu nazioak: porrotak suntsipenera eramaten ditu, eta garaipenak despotismora. Normalean gerran azaltzen da, beraz, erarik nabarien eta arriskutsuenean gobernuaren ahulezia; eta erakutsi dut gobernu federalei berez dagokien akatsa oso ahulak izatea zela.

Sistema federalean, zentralizazio administratiborik edo antzekorik ezer ez egoteaz gain, gobernu-zentralizazioa bera ere osagabea izaten da, eta hau beti da ahuleziaren eragile handia, zentralizazio hori oso-osoa duten herrien aurka defendatu beharra dagoenean behintzat.

Estatu Batuetako Konstituzio federalean, guztien artean gobernu zentralak benetako indar gehien duen horretan ere, biziki nabaritzen da gaitz hori. Adibide bakar bat aski izango da irakurleak juzga dezan.

Matxinada zapaldu edo inbasioari aurre egiteko, estatu ezberdinetako miliziari zerbitzu aktibora dei egiteko eskubidea ematen dio Konstituzioak Kongresuari; beste artikulu batek dioenez, kasu honetan Estatu Batuetako lehendakaria da milizia horren aginte-buru.

1812ko gerran, lehendakariak mugetara joateko agindua eman zien iparraldeko miliziei. Connecticutek eta Massachusettsek uko egin zioten beren jendea bidaltzeari, gerrak beraien interesak kaltetzen zituela eta.

Esan zutenez, Konstituzioak matxinada edo inbasio kasuan bakarrik ematen zion gobernu federalari miliziez baliatzeko baimena; eta ez zegoen, une hartara arte, ez matxinadarik, ez inbasiorik. Gainera, miliziei zerbitzu aktibora dei egiteko eskubidea Batasunari ematen zion Konstituzio berak, ofizialak izendatzeko eskubidea estatuei uzten ziela erantsi zuten; hortik ondorioztatzen zen, haien ustez, gerran ere Batasuneko ofizialek ez zutela milizien gain agintzeko eskubiderik, lehendakariak berak izan ezik. Nolanahi ere, ez honen, baizik eta beste baten, agindupeko armadan zerbitzatu beharra zegoen orduan.

Doktrina zentzugabe eta suntsitzaile hauek gobernari eta legislatiboaren onespenaz gain, bi estatuetako justizi auzitegiena ere izan zuten; eta gobernu federalak beste nonbait aurkitu behar izan zituen falta zitzaizkion gudalosteak161.

Zergatik, bada, Batasun amerikarra, bere legeen perfekzio erlatiboaz babesturik egon arren, ez da desegiten gerra handi baten erdian? Ez duelako zertan gerra handien beldur izan.

Kontinente handi baten erdian kokatua, non giza industria mugarik gabe heda daitekeen, Batasuna, ia alde guztietatik ozeanoak inguratuko balu bezain isolaturik dago mundutik.

Milioi bat biztanle besterik ez du Kanadak; biztanleak bi nazio etsaitan banaturik ditu. Klimaren gogortasunak lurraldearen hedadura mugatzen du eta sei hilabetez ixten ditu hango itsasportuak.

Kanadatik Mexikoko itsasgolkora badira oraindik tribu basati batzuk, erdi suntsituta, sei mila soldaduk aurrean darabiltzatenak.

Hegoaldean, Batasunak puntu batean ukitzen du Mexikoko inperioa; seguraski hortik etorriko dira egunen batean gerra handiak. Baina oraindik luzaroan, zibilizazioaren aurrerapen eskasak, ohituren ustelkeriak eta lazeriak nazioen artean goi-maila lortzea eragotziko diote Mexikori. Europako potentziei dagokienez, urrutiegi daude beldurgarri izateko (O).

Estatu Batuen zorion handia ez datza, beraz, gerra handiak egiteko aukera ematen dien Konstituzio federala aurkitu izatean, beren kokalekuagatik gerra horien beldurrik ez izatean baizik.

Ezin inork nik baino gehiago preziatu sistema federalaren abantailak. Sistema horretan, giza oparotasun eta askatasunaren aldeko konbinazio indartsuenetako bat ikusten dut. Inbidia ematen dit sistema hori berenganatu ahal izan duten nazioen zoriak. Hala ere, ezin dut sinetsi herri konfederatuak luzaroan borroka daitezkeenik gobernu-boterea zentralizatua duen nazio baten kontra, indarrak berdinduta badituzte.

Europako monarkia militar handien aurrean herri batek bere subiranotasuna zatituko balu, horregatik bakarrik, bere botereari -eta bere izateari eta izenari agian- uko egiten diola irudituko litzaidake.

Egoera miresgarria Mundu Berriarena, non gizakiak ez duen oraindik bere buruaz beste etsairik! Zoriontsu eta aske izateko, nahikoa du nahi izatea. Orain arte erakundeak aztertu ditut, lege idatziak azaldu ditut, Estatu Batuetako gizarte politikoaren egungo formak marraztu ditut. Baina erakunde guztien gainetik eta forma guztiez kanpo badago botere subirano bat, herriarena, horiek bere nahierara suntsitzen edo aldatzen dituena. Lege-menderatzaile den botere honek nola jokatzen duen ezagutaraztea falta zait; zein diren beronen sen eta grinak; zein eragingarri ezkutuk bultzatzen, atzerarazten edo gidatzen duen bere geldiezinezko aurrerabidean; zer ondorio sortzen duen berorren guztiahalak, eta zer-nolako etorkizuna dagokion.

Oharrak

[aldatu]

A) Oraindik europarrak sartu ez diren mendebaldeko lurralde guztiei buruz, ikus Long maiorrak eginiko bi bidaiak, gastuak Kongresuak ordainduta. Eremu edo basamortu amerikar handiari buruz, Mr. Longek dio, batez ere, Red ibaitik hasi eta Plate ibairaino lerro bat marraz daitekeela luzerako 20. graduarekin ia paraleloan (Washingtoneko meridianoa162). Imajinaturiko lerro honetatik Mississippi harana mendebaldean mugatzen duten Mendi Harritsuetaraino egundoko lautadak hedatzen dira, normalean nekazaritzarako landu ezin den hareaz estaliak edo granito-harriz josiak. Udan urik ere ez dute izaten. Bufalo eta basa zaldien talde handiak bakarrik aurkitzen dira bertan. Indioen andana batzuk ere ikusten dira, baina ez asko.

Long maiorrak entzuna zuen esaten Plate ibaia baino gorago joanez gero, norabide berean, beti eremu berbera aurkitzen zela ezkerretara; baina ezin izan zuen berak datu honen zehaztasuna egiaztatu. Long’s Expedition, II. bol., 361. or.

Long maiorraren kontaketak konfiantza merezi duen arren, ez da, hala ere, ahaztu behar aipatzen duen herrialde hori berak zeharkatu baino ez zuela egin, jarraitzen zuen lerrotik kanpo sigi-saga handirik egin gabe.

B) Hego Amerikak, tropikoarteko eskualdeetan, ikaragarrizko joritasunez sortzen ditu "aihen" izen orokorraz ezagutzen diren landare igokari horiek. Antilletako florak berak bakarrik baditu berrogei mota ezberdin baino gehiago.

Zuhaiska hauetako lirainen artean granadatxoa dago. Landare polit hau, hala dio Descourtiz-ek Antilletako landaretza deskribatzean, kiribil batzuen bidez zuhaitzei atxikitzen zaie, eta arkudura mugikorrak eratzen ditu, zutabe jori eta, apaingarri dituzten lore gorrimin eta urdinen edertasunagatik, dotoreak, lurrin gozo paregabea botatzen dutenak; I. bol., 265. or.

Zorro handiko akazia oso liana lodia da, bizkor garatzen dena eta, zuhaitzetik zuhaitzera igaroz, batzuetan lekoa erdi baino gehiago estaltzen duena; III. bol., 227. or.

C) Hizkunza amerikarrei buruz

Arktiar polotik Hornos lurmuturreraino Amerikako indioek hitz egiten dituzten hizkuntzak, denak eredu bat beraren arabera eraturik daudela esan ohi da, eta gramatika-arau berberen menpe; egiantz handiz ondoriozta daiteke hortik, indioen nazio guztiak jatorri berekoak direla. Kontinente amerikarreko leinu bakoitzak dialekto ezberdin bat hitz egiten du, baina hizkuntza-hizkuntzak oso gutxi dira, honek ere frogatuko lukeelarik Mundu Berriko herriek ez dutela oso jatorri zaharra.

Azkenik, Amerikako hizkuntzek erregulartasun itzela dute; litekeena da, beraz, horiek erabiltzen dituzten herriek oraindik iraultza handirik ez jasan izatea, eta atzerriekin, beharturik edo beren borondatez, ez nahastu izatea; zeren eta, normalean, zenbait hizkuntza bat bakarrean elkartzeak sortzen baititu gramatika-irregulartasunak.

Ez da denbora asko hizkuntza amerikarrek, eta Ipar Amerikako hizkuntzek batez ere, hizkuntzalarien benetako arreta erakarri dutela. Horrela jakin da, lehen aldiz, herri basati baten hizkuntza hori ideia oso konplikatu eta oso konbinazio jakintsuen sistema baten emaitza zela. Ikusi zen, halaber, hizkuntza hauek oso aberatsak zirela eta entzumenarentzako eztitasuna oso kontuan hartu zela beroriek eratzerakoan.

Amerikarren gramatika-sistema hainbat puntutan ezberdintzen da beste guztietatik, baina batez ere ondorengo honetan.

Europako herri batzuek, beste batzuen artean alemanek, adiera ezberdinak konbinatzeko ahalmena dute behar izanez gero, honela zentzu konplexua emanez zenbait hitzi. Indioek erarik harrigarrienean hedatu zuten ahalmen hau eta, nolabait esateko, puntu bakar batean ideia-kopuru handia finkatzera iritsi ziren. Hau erraz ulertuko da M. Duponceauk bere Mémoires de la Société Philosophique d’Amérique delakoan aipatzen duen adibide baten bidez.

Emakume delaware bat katu edo txakur batekin jolasean ari denean, batzuetan kuligatschis hitza esaten duela entzuten da. Honela osaturik dago hitz hau: k bigarren pertsonaren adierazle da, eta zu edo zure esan nahi du; uli, ouli ahoskatzen dena, wulit hitzaren zati bat da, eder, polit esan nahi duena; gat, wichgat hitzaren beste zati bat da, eta hanka esan nahi du; eta azkenik schis, chise ahoskatzen dena, hitz-amaiera txikigarria da, berekin txikitasunaren ideia daramana. Honela, hitz bakar batean, "zure hankatxo polita" esan du emakume indioak.

Hona hemen beste adibide bat, Amerikako basatiek hitzak zein ongi asmatzen zituzten erakusten duena.

Mutil gazte, delaware hizkuntzan, pilapé esaten da. Hitz hau garbi, errugabe esan nahi duen pilsit hitzaz, eta gizon esan nahi duen lénapé hitzaz osaturik dago, hau da, gizona bere garbitasun eta errugabetasunean.

Hitzak beren artean konbinatzeko ahalmen hau oso era bitxian nabarmentzen da aditz-eraketan. Ekintzarik konplikatuena aditz bakarraren bidez adierazten da sarritan; ideiaren ñabardura ia guztiek aditzari eragiten diote eta aldarazi egiten.

Nik oso gaingiroki baizik ukitu ez dudan gai hau zehaztasun handiagoz aztertu nahi duenak ondorengoak irakurri behar ditu:

1.º M. Duponceauk Rev. Hecwelder-ekin izandako posta-trukea, indioen hizkuntzei buruz. Gutun hauek Mémoires de la Société Philosophique d’Amérique delakoaren lehen bolumenean daude, Filadelfian, 1819an, Abraham Small-en inprimategian argitaratuak, 356-464. orr.

2.º Delaware edo lenape hizkuntzaren gramatika, Geiberger-ena, eta M. Duponceauk erantsitako hitzaurrea. Bilduma berean dago dena, III. bol.

3.º Lan hauen laburpen bat, oso ongi egina, Entziklopedia amerikarra-ren VI. bolumenaren bukaeran dagoena.

D) Charlevoix-en I. tomoko 235. or.an dago Kanadako frantsesek 1610ean irokiarren kontra egin behar izan zuten lehen gerraren historia. Hauek, nahiz eta geziz eta uztaiz armatuak egon, etsi-etsian kontra egin zieten frantsesei eta hauen aliatuei. Charlevoixek, kontalari ona ez izan arren, oso ongi ikusarazten du ondorengo pasartean europarren eta basati haien ohituren artean zegoen aldea, baita ohorea ulertzeko bi arraza hauek zituzten era ezberdinak ere.

"Han zeuden irokiarren gorpuak estaltzen zituzten kastore-larruazalez jabetu ziren frantsesak. Hauen aliatu huroiak zeharo eskandalizatu ziren jokaera hori ikustean. Baina hauek, beren aldetik, ohiko ankerkeriak egiten hasi ziren presoekin, eta hildakoetako bat jan zuten, frantsesak zeharo izuaraziz. Honela, gaineratzen du Charlevoixek, barbaro haiek harro zeuden beren ondasun-goserik ezaz, txundituta gure herrian aurkitzen ez zutelako, eta ez zuten ulertzen hildakoak biluztea hobea zenik berauen haragiaz, basapiztia ankerrak bezala, asetzea baino".

Charlevoixek berak, beste pasarte batean, I. bol.eko 230. or.an, honela azaltzen du Champlainek ikusi zuen lehen suplizioa, eta huroiak nola itzuli ziren beren herrira.

"Zortzi lekoa egin ondoren, dio berak, gure aliatuak gelditu egin ziren, eta, preso zeramatenetako bat harturik, beren nazioko gerlariei -haien esku jausitakoei- egindako ankerkeria guztiak leporatu zizkioten, eta era berean tratatua izatea espero behar zuela esan zioten, bihotzik baldin bazuen, abestuz erakutsiko zuela gaineratuz. Orduan, bere gudu-kanta hasi zuen berehala, eta zekizkien beste guztiak, baina oso doinuera tristeaz, dio Champlainek, artean honek ez baitzuen denborarik izan jakiteko basatien musika guztiak duela halako goibeltasun bat. Presoaren oinazeak, ondoren aipatuko ditugun izugarrikeria guztiekin, izutu egin zituen frantsesak, ahalegin guztiak egin zituztelarik alfer-alferrik hura amaiarazteko. Hurrengo gauean, atzetik jarraika zebilzkiela amets egin zuelarik huroi batek, erretirada benetako ihesaldi bihurtu zen, eta basati haiek ez ziren gelditu arrisku guztietatik libre egoteko moduko lekuan izan arte.

"Beren herriko etxolak begiztatu orduko, makila luzeak moztu eta haietan lotu zituzten banaketan egokitutako adatsak, garaitikur bezala eramanez. Hau ikustean, emakumeak lasterka irten zitzaizkien bidera, uretara igerian oldartu eta, kanoetara iritsi ondoren, artean odoletan zeuden adatsak senarren eskuetatik hartu eta lepotik zintzilikatu zituzten.

"Gerlariek Champlaini eskaini zioten trofeo beldurgarri haietako bat, eta uztai eta gezi batzuk ere oparitu zizkioten gainera, irokiarrei kendu nahi izan zizkieten harrapakin bakarrak, eta Frantziako erregeari erakusteko erregutu zioten". Champlainek bakar-bakarrik eman zuen negu oso bat basati haien artean, ez bera eta ez beraren gauzak une batez ere arriskuan egon gabe.

E) Amerikako kolonia ingelesen sorreran egon zen hertsitasun puritanoa dagoeneko asko ahuldu den arren, oraindik ere aztarna harrigarriak aurkitzen dira aztura eta legeetan.

1792an, Frantziako errepublika antikristauak bere izatealdi iragankorra hasten zuen garai berean, Massachusettseko gorputz legegileak ondoren irakurriko duzuen legea aldarrikatu zuen, hiritarrak igandea gordetzera behartzeko. Hona hemen legearen atarikoa eta xedapen nagusiak, irakurlearen arreta osoa merezi dutenak:

"Kontuan izanik, dio legegileak, igandea gordetzea interes publikokoa dela; etenaldi onuragarria sortzen duela lanean; bizitzako eginbeharrei eta gizadiak hain bereak dituen hutsegiteei buruz gogoeta egiteko aukera ematen diela gizakiei; pribatuan nahiz publikoan, unibertsoaren egile eta gobernari den Jainkoa ohoratzeko aukera ematen duela, baita kristau-gizarteen edergarri eta aringarri diren karitatezko egintzak egitekoa ere;

"kontuan izanik pertsona erlijiogabe edo arinek, igandeak ezartzen dituen betebeharrak eta hortik gizarteak ateratzen duen abantaila ahaztuz, egun honen santutasuna profanatzen dutela beren buruak atseginetara edo lanera emanez; jokabide hau, kristau bezala beraiek dituzten interesen kontrakoa dela; gainera, portaera hau haien jarraibideari segitzen ez diona asaldarazteko modukoa dela, eta gizarte osoari benetako kaltea eragiten diola, lasaikeria eta aztura zabarretarako joera sartzen diolako bere baitan.

"Senatuak eta Ordezkarien Ganbarak ondorengoa agintzen dute:

1.º Inork ezingo du igandean bere denda edo lantegia zabalik izan. Inor ezingo da egun horretan inolako lan edo negozioz arduratu, ezta ezelako kontzertu, dantza edo ikuskizunetara joan ere, ezta edozein motatako ehizik, joko edo jolasik egin ere, bestela isuna ezar dakioke eta. Isuna ez da 10 txelinekoa baino txikiagoa izango, ezta 20koa baino handiagoa ere, arau-hauste bakoitzeko.

2.º Bidaiari, gidari edo gurtzainak, beharrezko kasuan izan ezik, ezingo du igandean bidaiatu, bestela isun bera jasan dezake.

3.º Tabernariek, txikikako dendariek eta ostalariek eragotzi egingo dute beren udalerrian bizi den inor igandean beraiengana joan dadin, atsegin edo negoziotan denbora pasatzeko. Arau hau hautsiz gero, ostalariak eta ostariak biek ordainduko dute isuna. Gainera, ostalariak bere baimena gal dezake.

4.ª Osasunez ongi izanik eta bidezko arrazoirik gabe, hiru hilabetez Jainkoari gurtza publikorik ematen ez dionak 10 txelineko isuna izango du.

5.ª Tenpluaren esparruan behar bezalako jokabidea izaten ez duenak 5 txelinetik 40ra bitarteko isuna ordainduko du.

6.ª Lege hau betearazteko ardura udalerrietako tythingmen-ek163 izango dute. Hauek igandean ostatu eta leku publiko guztiak bisitatzeko eskubidea dute. Bere etxera sartzen uzten ez dien ostalariak, horregatik bakarrik, 40 txelineko isuna izango du.

"Tythingmen-ek geldiarazi egin beharko dituzte bidaiariak, eta igandean bidaiatzera behartu dituen zergatia jakin. Erantzuteari uko egiten dionak 5 libra esterlinako isuna izan dezake.

"Bidaiariak emandako arrazoia ez bazaio nahikoa iruditzen tythingman-ari, honek kantonamenduko bake-epailearen aurrera eramango du aipatu bidaiaria". 1792ko martxoaren 8ko Legea. General Laws of Massachusetts, I. bol., 410. or. 1797ko martxoaren 11n lege berri batek gehitu egin zituen isun-tasak, berauen erdia gaizkilea pertsegitzen zuenarentzat izango zelarik. Bilduma bera, I. bol., 535. or.

1816ko otsailaren 16an lege berri batek berretsi egin zituen lege hauek berauek. Bilduma bera, II. bol., 405. or. Antzerako xedapenak daude New Yorkeko estatuko legeetan, 1827an eta 1828an berrikusiak. (Ikus Revised Statutes, 1. zatia, XX. kap., 675. or.). Esaten da igandean inork ezingo duela ehizan, arrantzan edo jokoan egin, ezta edaritegietara joan ere. Inork ezingo du bidaiatu, beharrezko kasuan izan ezik. Hauek ez dira lehenengo migrari haien erlijio-izpirituak eta ohitura hertsiek legeetan utzitako aztarna bakarrak. New Yorkeko estatuko estatutu berrikusietan, I. bol.eko 662. or.an, ondorengo artikulua agertzen da:

"Hogeita lau orduko epean, jokoan edo apostuan 25 dolar (132 libera gutxi gora-behera) galdu edo irabazten dituena, delitu baten (misdemeanor) erruduntzat joko da, eta, egitatea frogatu ondoren, irabazi edo galdutako balioaren bost halakoko isuna ezarriko zaio gutxienez; isun hau udalerriko behartsuen begiralearen esku utziko da.

"25 dolar edo gehiago galtzen dituenak justiziaren aurrera jo dezake berreskuratzeko. Ez badu hori egiten, behartsuen begiraleak auzia jar dezake irabazlearen kontra eta irabazitako kopurua eta hiru halako ematera behartu dezake behartsuen onurarako". Oso berriak dira aipatu ditugun lege hauek; baina nork ulertu ahal izango lituzke kolonien jatorriraino bertaraino jo gabe? Ez dut zalantzarik gaur egun legeria honen alde penala oso gutxitan aplikatzen dela; legeek beren zurruntasunari eusten diote, ohiturak garai berrietara egokitu ondoren ere. Hala ere, igandea gordetzea da atzerritarra oraindik ere bizikien harritzen duena Amerikan.

Bada, batez ere, hiri amerikar handi bat, non larunbat arratsetik aurrera gizarte-mugimendua bertan behera bezala gelditzen den. Helduentzat negoziotarako eta gazteentzat atseginetarako egokiena dirudien orduan handik ibiltzen bazarete, erabateko bakardadean aurkituko zarete. Inork ere lanik ez egiteaz gain, inor ere ez dela bizi ematen du. Ez da lan-mugimendurik entzuten, ez poz-oihurik, ezta hiri handien baitatik etengabe sortzen den murmurio nahasi hori ere. Kateak jartzen dira eliz inguruetan; etxeetako kontraleihoek, erdi itxita, nekez uzten dute eguzki-izpirik sartzen hiritarren bizilekuan. Noizean behin gizon bakartiren bat ikusten da, bidegurutze hutsetan zehar eta kale abandonatuetan aurrera hotsik atera gabe joaten. Biharamun goizean, egunsentian, zalgurdien gurpil-hotsa, mailuen zarata eta jendearen deiadarrak entzuten dira berriro; hiria itzartu egiten da; jendeak zalapartaka merkatal eta industri guneetara jotzen du; dena mugitzen da, dena asaldatzen, dena lasterka hasten zuen inguruan. Lozorroaren ondoren ikaragarrizko ekin-beharra sortzen da; esan liteke bakoitzak egun bakarra baino ez duela aberastasuna eskuratu eta gozatzeko.

F) Esan beharrik ez dago, irakurri berri den kapituluan nire asmoa ez dela izan Amerikako historia egitea. Nire helburu bakarra, irakurlea lehenengo migrarien iritziek eta ohiturek kolonia ezberdinen eta oro har Batasunaren zorian izan zuten eragina baloratzeko egoeran jartzea izan da. Beraz, pasarte solte batzuk aipatzera mugatu behar izan dut.

Ez dakit oker nabilen, baina iruditzen zait, hemen adierazi besterik egiten ez dudan bideari jarraituz, aurkeztu ahal izango litzatekeela errepublika amerikarren lehen garaietako deskribapenik, jendearen arreta erakartzeko eta estatu-gidariei hausnargaia emateko modukorik, zalantzarik gabe. Nik neuk ezin dudanez lan hori egin, gutxienez beste batzuei erraztu nahi izan diet. Hortaz, iruditzen zait beharrezkoa dela hemen nomenklatura motz bat aurkeztea eta azterketarako interesgarrien iruditzen zaizkidan obren analisi labur bat egitea.

Onuraz kontsulta daitezkeen dokumentu orokorren artean, lehenik honako hau sartuko dut: Historical Collection of State Papers and other authentic documents, intended as materials for an history of the United States of America, by Evenezer Hazard.

Bilketa honen lehen bolumenean, 1792an Filadelfian inprimatua, Ingalaterrako koroak migrariei emandako karta guztien kopia testuala dago, baita kolonietako gobernuen hasiera-hasierako akta nagusiak ere. Beste batzuen artean, Ingalaterra Berriko eta Virginiako garai hartako arazoei buruz benetako dokumentu asko dago bilduman.

Bigarren bolumenak, ia oso-osorik, 1643ko konfederazioko aktak biltzen ditu. Indioei aurre egiteko Ingalaterra Berriko kolonien artean egindako itun federal hau angloamerikarren batasunaren lehen kasua izan zen. Geroztik izaera bereko beste konfederazio batzuk ere izan ziren, kolonien independentzia ekarri zuen 1776kora arte.

Filadelfiako bilduma historikoa Errege Liburutegian aurkitzen da.

Kolonia bakoitzak ditu gainera bere monumentu historikoak, hauetako batzuk oso baliotsuak. Virginiatik hasiko dut neure azterketa, lehenengo jendeztatu zen estatua baita.

Virginiako historialari guztien arteko lehena beraren fundatzailea izan zen, Jean Smith kapitaina. Smith kapitainak laurdeneko bolumen bat utzi digu, izenburu honekin: The General History of Virginia and New England, by Captain John Smith, some time governor in those countryes and admiral of New England, Londresen 1627an inprimatua. (Bolumen hau Errege Liburutegian dago). Smithen obra, inprimatu zen garaiko mapa eta grabatu oso bitxiz hornitua dago. Historialariaren kontaketa 1584tik 1626ra artekoa da. Smithen liburua estimatua da, eta merezi du. Autorea abenturaz beteriko mende hartan agertu zen abenturaririk ospetsuenetako bat da, mendearen azkenaldera bizi izan zelarik; liburuak berak badu garai hartako jendeak aurkikuntzekiko sentitzen zuen zaletasunaren eta enpresa-izpirituaren kutsua; bertan aurkitzen dira negozioarekin nahasten eta aberastasunak eskuratzeko erabiltzen ziren zaldun-ohiturak.

Baina Smith kapitainagan azpimarragarriena zera da, batez ere: bere garaikideen bertuteei haien arteko gehienek izan ez zituzten kualitateak erantsi zizkiela; beraren idazkera xume eta garbia da, kontaketa guztiek egiaren zigilua dute, deskribapenek ez dute apaingarririk.

Autore honek balio handiko argitasunak ematen ditu Ipar Amerika aurkitu zen garaiko indioen egoeraz.

Kontsultatu beharreko bigarren historialaria Beverley da. Beverleyren obra, 12reneko bolumena osatzen duena, frantsesera itzuli zen eta 1707an Amsterdamen inprimatu. Autoreak 1585ean hasten ditu bere kontaketak eta 1700ean amaitzen. Liburuaren lehen zatian, zehatz esanda historikoak diren dokumentuak daude, koloniaren haurtzaroari buruzkoak. Bigarrenak aspaldiko garai hartako indioen egoerari buruzko ikuspegi bitxia ematen du. Hirugarrenak oso ideia garbiak ematen ditu autorearen garaiko virginiarren ohitura, gizarte-egoera, lege eta aztura politikoei buruz.

Beverley Virginiakoa zen sortzez, eta honek esanarazten dio hasieran, "beraren obra kritika zorrotzegiz ez aztertzeko erregutzen diela irakurleei, bera Indiatan jaioa izanik, ez duelako hizkuntz garbitasunerako asmorik". Kolonoaren apaltasun hau gora-behera, autoreak obran zehar garbi uzten du arrenkuraz jasaten duela ama aberriaren nagusitasuna. Halaber, Amerikako kolonia ingelesek jada orduan bizi zuten askatasun zibilaren izpiritu horren aztarna asko aurkitzen da Beverleyren obran. Bestalde, haien artean hain luzaroan egon eta independentzia atzeratu zuten banaketen arrastoak ere aurkitzen dira bertan. Beverleyk higuina die bere auzoko Marylandeko katolikoei, gobernu ingelesari baino ere gehiago. Autore honen idazkera xumea da; beronen kontaketak interes handikoak dira sarritan eta sinesgarritasuna dute. Beverleyren historiaren itzulpen frantsesa Errege Liburutegian dago.

Kontsultatzea mereziko lukeen beste obra bat ere ikusi dut Amerikan, baina ezin izan dut Frantzian aurkitu; izenburua: History of Virginia, by William Stith.

Xehetasun bitxiak ematen ditu liburu honek, baina luze eta zehazgabe samarra iruditu zait.

Carolinetako historiari buruz kontsulta daitekeen dokumenturik antzinakoena eta onena laurdeneko liburutxo bat da; izenburua: The History of Carolina, by John Lawson, Londresen 1718an inprimatua.

Lawsonen obran lehenik Carolinaren mendebaldean egindako aurkikuntza-bidaia bat dago. Bidaia egunkari moduan dago idatzia; autorearen kontaketak nahasiak dira; oharpenak oso axalekoak; garai hartako basatien artean nafarreriak eta pattarrak eragiten zuten hondamenaren ikuspegi zirraragarria bakarrik aurkitzen da, baita haien arteko ohitura-ustelkeriaren deskribapen bitxia ere, europarren presentziak areagotzen zuena, hain zuzen.

Lawsonen obraren bigarren zatiak Carolinaren egitura fisikoa azaltzen du, eta hango produkzioa ezagutarazten.

Hirugarren zatian, garai hartako indioen ohitura, usadio eta gobernuaren deskribapen interesgarria egiten du autoreak.

Liburuaren zati honetan gatz eta originaltasun handiko pasarteak daude sarri.

Lawsonen liburua Charles II.aren garaian Carolinari emandako kartaz amaitzen da.

Obra honen tankera orokorra arina da, lizun samarra sarritan, eta garai berean Ingalaterra Berrian argitara emandako obren idazkera serioaren aldean oso bestelakoa.

Lawsonen historia oso dokumentu bakana da Amerikan, eta eskuraezina Europan. Hala ere, bada ale bat Errege Liburutegian.

Estatu Batuen hegoaldeko muturretik iparraldeko muturrera noa berehala. Bitartekoa geroago jendeztatu zen.

Lehenik bilduma oso bitxi bat aipatu behar dut; izenburua: Collection of the Massachusetts Historical Society, lehen aldiz 1792an Bostonen inprimatua, eta 1806an berrargitaratua. Obra hau ez dago Errege Liburutegian, ezta, nire ustez, beste inon ere.

Bilduma honetan (oraindik jarraitzen du) balio handiko dokumentu asko dago Ingalaterra Berriko estatu ezberdinei buruz. Eskutitz argitaragabeak eta artxibategi probintzialetan ahaztuta zeuden benetako piezak daude han. Indioei buruzko Gookin-en obra osoa sartu da bertan.

Ohar honi dagokion kapituluan zehar hainbat aldiz aipatu dut Nathaniel Mortonen obra; izenburua: New-England’s Memorial. Esan dudana aski da Ingalaterra Berriko historia ezagutu nahi duenaren arreta erakartzea merezi duela frogatzeko. Nathaniel Mortonen liburua 8reneko bolumen bat da, 1826an Bostonen berrargitaratua. Ez dago Errege Liburutegian.

Ingalaterra Berriko historiari buruz dagoen dokumenturik preziatuen eta garrantzizkoena Rev. Cotton Mather-en obra da; izenburua: Magnalia Christi Americana, or the ecclesiastical history of New-England, 1620-1698, 2 bol. 8renean, 1820an Hartford-en berrargitaratuak. Ez dut uste Errege Liburutegian dagoenik. Autoreak zazpi liburukitan banatu du bere obra.

Lehenak Ingalaterra Berriaren fundazioa prestatu eta eragin zuenaren historia azaltzen du.

Bigarrenak herrialde hura administratu zuten lehen gobernari eta magistratu nagusien bizitza dauka.

Hirugarrena garai berean han arimak zuzendu zituzten ministro ebanjelikoen bizitza eta lanari buruzkoa da.

Laugarrenak Cambridgeko (Massachusetts) Unibertsitatearen sorrera eta garapena ezagutarazten ditu.

Bosgarrenean Ingalaterra Berriko Elizaren printzipioak eta diziplina azaltzen ditu.

Seigarrena, berriz, Matherren arabera, Ingalaterra Berriko biztanleen gain Probidentziaren ekintza ongilea erakusten duten zenbait egitate azaltzeko da.

Zazpigarrenean, azkenik, Ingalaterra Berriko Elizak jasan behar izan zituen heresia eta arazoen berri ematen digu autoreak.

Cotton Mather ministro ebanjelikoa zen, Bostonen jaio eta bere bizitza han igaro zuena.

Ingalaterra Berriaren fundazioa eragin zuten erlijiozko sugar eta grina guztiak daude haren kontaketen muin eta bizitasunean. Sarri gustu txarreko aztarnak aurkitzen dira haren idazkeran; baina erakargarria da, gogoberotasunez betea egonik, azkenean irakurleari pasarazten baitio. Sarritan jasangogorra da, sarriagotan sinesbera; baina inoiz ez zaio engainatzeko gogorik sumatzen; batzuetan baditu haren obrak pasarte ederrak eta benetako gogoeta sakonak, ondorengoak bezalakoak:

"Puritanoak iritsi baino lehen", dio I. bol.ean, IV. kap.an, 61. or.an, "ingelesak hainbat aldiz saiatu ziren gu bizi gareneko herrialdea jendeztatzen; baina beren interes materialen arrakastaz gorago begiratzen ez zutenez, eragozpenek laster hartu zituzten menpean; ez zen horrela gertatu goiburu erlijiosoak bultzaturik eta sostengaturik Amerikara iritsi zirenekin. Agian beste kolonia-fundatzaile guztiek sekula aurkitu dituzten baino etsai gehiago aurkitu bazituzten ere haiek, beren egitasmoari eutsi egin zioten, eta haiek egindako establezimenduak oraindik ere iraun egiten du gaur egun".

Batzuetan Mather-ek goxotasun eta samurtasunez beteriko irudiak tartekatzen ditu bere koadroen gogortasunean. Erlijio-suak senarrarekin batera Amerikara eraman zuen eta erbestaldiko neke eta ezbeharrek laster lurperatu zuten andre ingeles bati buruz hitz egin ondoren, gaineratzen du:

"Senar bertutetsua, Isaac Johnson, bera gabe bizitzen saiatu zen, baina ezin izan zuen lortu eta laster hil zen" (I. bol., 71. or.).

Matherren liburuak oso ederki ezagutarazten ditu deskribatu nahi dituen garaia eta herrialdea.

Itsasoz harantz babesleku bila puritanoak zerk eraman zituen jakinarazi nahi digunean, honela dio:

"Zeruko Jainkoak bere herritarren artetik Ingalaterran bizi zirenei dei egin zien. Elkar sekula ikusi ez zuten milaka pertsonari aldi berean hitz eginez, beren aberrian zeuzkaten bizi-erosotasunak bertan behera uzteko eta ozeano beldurgarria zeharkatuz eremu izugarriagoetan ezartzera joateko irrikaz bete zituen, han oztoporik gabe beraren legeetara makur zitezen helburu bakarraz.

"Urrutirago joan aurretik, gaineratzen du, on da ezagutaraztea zeintzuk izan ziren ekimen honen zioak, ondorengoek ongi uler ditzaten; batez ere, garrantzizkoa da gaur egungo jendeari horiek gogoraraztea, gurasoek lortu nahi zuten helburua bistatik galdu eta Ingalaterra Berriaren benetako interesak ahaz ez ditzaten. Zio hauetako batzuk garai hartako eskuizkribu batean agertzen diren bezala jarriko ditut hemen.

"Lehen zioa: Elizari zerbitzu handia egitea litzateke munduko alderdi honetara (Ipar Amerikara) Ebanjelioa ekartzea eta hemen gotorleku bat eraikitzea fededunak Antikristoaren aurka babesteko, zeinen inperioa ezarri nahi baita unibertsoaren gainerakoan.

"Bigarren zioa: Europako beste Eliza guztiak jo ditu hondamenak, eta beldur izatekoa da gurearen kontra ere Jainkoak ez ote duen epai berbera eman izango. Nork daki ez ote duen leku hau (Ingalaterra Berria) prestatu suntsipen orokorretik salbatu nahi dituenen babesleku izateko?

"Hirugarren zioa: Bizi gareneko herrialdeak nekatua dirudi bere biztanleez; hemen gizakiak, izaki guztien arteko baliotsuenak, hankapean zapaltzen duen lurrak baino gutxiago balio du. Zama astuntzat hartzen da seme-alabak, auzokoak, lagunak izatea; ihes egiten zaio behartsuari; eta ordena naturalari jarraituz gero mundu honetako atseginik handienak eragin beharko lituzkeena baztertu egiten du jendeak.

"Laugarren zioa: Gure grinak iritsi dira puntu bateraino, non ez dagoen ondasunik pertsona batek bere parekoen artean bere mailari eutsi ahal izateko modukorik. Eta, hala ere, hori lortzen ez duena gutxiesgarri bihurtzen da; ondorioz, bidegabeki aberastea bilatzen da lanbide guztietan, eta nekeza gertatzen zaio jende zintzoari eroso eta desohorerik gabe bizitzea.

"Bosgarren zioa: Zientziak eta erlijioa irakasten direneko eskolak hain usteldurik daudenez, haurrik gehienak -eta sarritan onenak, bikainenak eta itxaropenik sendoenak sortarazten zituztenak- zeharo galbideraturik daude ikusten duten eredu txar askorengatik eta inguruan duten lizunkeriagatik.

"Seigarren zioa: Ez al da lur osoa Jainkoaren baratza? Ez al die Jainkoak Adanen seme-alabei eman, landu eta edertu dezaten? Zergatik uzten ditugu lekurik ezagatik geure buruak goseak hiltzen, lurralde zabalak, gizakiak erabiltzeko egokiak, jenderik gabe eta landu gabe daudenean?

"Zazpigarren zioa: Eliza erreformatu bat sortu eta beronen hastapenetan sostengatzea; berau sendotu, aurrerarazi eta arriskuetatik -eta laguntza hau gabe agian izango lukeen erabateko hondamenditik- salbatzeko gure indarrak herri zintzoarenarekin elkartzea; ba ote hau baino eginkizun bikain eta ederragorik, kristau batentzat zeregin duinagorik?

"Zortzigarren zioa: Jainkozaletasun ezaguneko pertsonak, eta hemen (Ingalaterran) aberastasunaren eta zorionaren erdian bizi direnak, abantaila hauek Eliza erreformatu horren ezarpenean lan egiteko lagako balituzte eta Elizaren zori ilun eta neketsuarekin bat egitea onartuko balute, jarraibide bikain eta mesedegarria izango litzateke, koloniaren alde Jainkoari zuzentzen dizkioten otoitzetan sinestedunen fedea berpiztuko lukeena eta beste asko beraiekin bat egitera eramango lukeena".

Aurrerago, Ingalaterra Berriko Elizak moral-gaietan zituen printzipioak azaltzean, Mather-ek bortizki erasotzen dio topa egitearen usadioari, aztura pagano eta higuingarritzat dauka eta.

Zorroztasun berberaz debekatzen ditu emakumezkoek buruan eraman ohi dituzten apaingarri guztiak, eta errukirik gabe gaitzesten du lepoa eta besoak estali gabe ibiltzeko emakumeen artean sartzen ari den moda.

Bere obraren beste pasarte batean, Ingalaterra Berria asaldatu zuen zenbait sorginkeri egitateren azalpen luzea egiten digu. Garbi dago demonioaren ekintza nabaria mundu honetako gauzetan egia eztabaidaezin eta frogatua iruditzen zaiola.

Liburu honen beste pasarte askotan, autorearen garaikideen ezaugarri zen askatasun zibil eta idenpendentzia politikoaren izpiritua agertzen da. Sarri-sarri agertzen dira gobernu-gaietan zituzten printzipioak. Honela ikusten da, adibidez, Massachusettseko biztanleek 1630ean, Plymouth sortu eta hamar urte geroago, 400 libra esterlina erabili zituztela Cambridgeko Unibertsitatea sortzeko.

Ingalaterra Berriko historiari buruzko dokumentu orokorretatik beraren baitako estatuei buruzkoetara pasatzen banaiz, lehenik ondorengo izenburua duena aipatu beharko nuke: The History of the Colony of Massachusetts, by Hutchinson lieutenant-governor of the Massachusetts province, 2. bol. 8renean. Errege Liburutegian bada liburu honen ale bat; Londresen 1765ean inprimaturiko bigarren argitalpena da.

Hutchinsonen historia, ohar honi dagokion kapituluan zenbait aldiz aipatu dudana, 1628an hasi eta 1750ean amaitzen da. Egiantz handia du obra osoak; idazkera xumea eta apaingarririk gabea da. Historia hau oso zehatza da.

Connecticuti dagokionez kontsulta daitekeen dokumenturik onena Benjamin Trumbull-en historia da; izenburua: A complete History of Connecticut, civil and ecclesiastical, 1630-1764, 2 bol. 8renean, 1818an New Haven-en inprimatua. Ez dut uste Trumbullen obra Errege Liburutegian aurkitzen denik.

Historia honek izenburuan adierazitako garaian Connecticuten jazotako gertakari guztien azalpen argi eta objektiboa egiten du. Autoreak informazio-etorbide onenetara jo du, eta egiaren zigilua dute beraren kontaketek. Connecticuteko estatuaren lehen garaiei buruz esaten duen guztia oso-oso bitxia da. Beraren obran ikus, batez ere, 1639ko Konstituzioa, I. bol., VI. kap., 100. or.; baita Connecticuteko lege penalak ere, I. bol., VII. kap., 123. or.

Estimatua da, eta arrazoiz, Jeremy Belknap-en History of New Hampshire obra, 2 bol. 8renean, 1792an Bostonen inprimatuak. Belknapen obran ikus, batez ere, lehen bolumeneko III. kap. Beronetan autoreak balio handiko xehetasunak ematen ditu puritanoen printzipio politiko eta erlijiosoei buruz, haien migrazioaren kausa eta haien legeei buruz. 1663an egindako sermoi baten aipu bitxi hau aurkitzen da bertan: "Ingalaterra Berriak etengabe izan behar du gogoan helburu erlijioso, eta ez merkatal, batez izan dela sortua. Beraren bekokian irakurtzen da garbitasun-aitorpena egin duela doktrina- eta diziplina-gaietan. Merkatariak eta txanpona txanponaren gain metatzera emanak oroit daitezela, beraz, erlijioa izan dela, eta ez irabazia, kolonia hauek fundatzeko helburua. Munduaz eta erlijioaz egiten duen estimazioan lehena 13tzat eta bigarrena 12tzat bakarrik hartzen duenik baldin badago gure artean, honelako honek ez du Ingalaterra Berriko benetako seme-alabaren sentimendurik". Belknapen obran irakurleek ideia orokorragoak eta pentsamendu indartsuagoa aurkituko dute gaur arteko beste historialari amerikarrenetan baino. Ez dakit liburu hau Errege Liburutegian dagoen ala ez.

Erdialdean antzinatik dauden, eta gure arreta merezi duten, estatuen artean, New Yorkeko estatua dago eta Pennsylvaniakoa. New Yorkeko estatuaz dugun historiarik onena History of New York da, William Smith-ena, 1757an Londresen inprimatua. Bada itzulpen frantsesa, hau ere Londresen inprimatua 1767an, bol. 1, 12renean. Smithek xehetasun baliotsuak ematen dizkigu frantses eta ingelesen gerrei buruz Amerikan. Historialari amerikar guztien artetik berau da irokiarren konfederazio ospetsua ongien ezagutarazten duena.

Pennsylvaniari dagokionez, ezin Proud-en obra baino gauza hoberik aipatu: The History of Pennsylvania, from the original institution and settlement of that province, under the first proprietor and governor William Penn, in 1681 till after the year 1742, Robert Proudena, 2 bol. 8renean, 1797an Filadelfian inprimatuak. Liburu honek irakurlearen arreta berezia merezi du; dokumentu bitxi asko dauka Penn-i, kuakeroen doktrinari eta Pennsylvaniako lehen biztanleen izaera, ohitura eta usadioei buruz. Nik dakidanez ez dago Liburutegian.

Ez dut erantsi beharrik Pennsylvaniari buruzko dokumenturik garrantzizkoenen artean Penn beraren obrak daudela eta Franklin-enak. Irakurle askok ezagutzen dituzte obra hauek.

Aipatu berri ditudan liburu hauetako gehienak Amerikan egon nintzen bitartean kontsultatu nituen. Errege Liburutegiak on iritzi dio horietako batzuk lagatzeari; besteak Mr. Warden-ek utzi dizkit; hau antzina Estatu Batuetako kontsul nagusi izan zen Parisen, eta Amerikari buruzko obra bikain baten autore da. Ez dut ohar hau amaitu nahi hemen Mr. Wardeni nire esker ona adierazi gabe.

G) Jefferson’s Memoirs delakoetan ondorengoa aurkitzen da: "Ingelesak Virginian finkatu zireneko lehen garaietan, lurrak gutxiren edota ezeren truke lortzen zirenean, zenbait pertsona aurrikuslek, kontzesio handiak berenganaturik eta beren familiaren distirari eutsi nahirik, beren ondasunak ondorengoei utzi zizkieten. Jabetza hauen eskualdaketak belaunaldiz belaunaldi, deitura bereko jendearen artean beti, azkenerako famili mota berezi bat sortu zuen eta, beren aberastasunak betikotzeko pribilegioa ematen zielarik legeak, patrizioen ordena bezalako bat eratzera iritsi ziren, beren egoitzen handitasun eta luxuagatik nabarmentzen zirenak. Erregeak ordena honetatik aukeratzen zituen normalean bere kontseilariak" (Jefferson’s Memoirs). Estatu Batuetan, oinordetzei buruzko lege ingelesaren xedapen nagusiak erabat baztertu zituzten.

"Oinordetza-gaietan jarraitzen dugun lehen legea", dio Mr. Kentek, "honako hau da: Pertsona bat, testamenturik gabe hiltzen denean, ondasunak beraren oinordekoei pasatzen zaizkie zuzenean; oinordeko bakarra baldin badu, gizonezko nahiz emakumezko, berak bakarrik jasotzen du ondare guztia. Maila bereko oinordeko bat baino gehiago baldin badago, berdinki banatzen dute beren artean ondarea, sexu-bereizketarik gabe".

Arau hau lehen aldiz New Yorkeko estatuan 1786ko otsailaren 23ko estatutu batek agindu zuen (ikus Revised Statutes, III. bol.; Appendix, 48. or.); gero estatu bereko estatutu berrikusietan sartu zuten. Orain Estatu Batu guztietan da nagusi, salbuespen bakar batekin: Vermont-eko estatuan oinordeko gizonezkoak bi aldiz gehiago hartzen du. Kent’s Commentaries, IV. bol., 370. or.

Obra berean, IV. bol., 1-22. orr.etan, ordezkotzei buruzko legeria amerikarraren historia egiten du Mr. Kentek. Hortik ateratzen denez, Amerikako iraultza baino lehen, ordezkotzei buruzko lege ingelesak ziren kolonietako zuzenbide arrunta. Zehatz esanda ordezkotzak zirenak (Estates’ tail) 1776an abolitu zituzten Virginian (Jeffersonen mozioari jarraituz egin zen abolizio hau; ikus Jefferson’s Memoirs), eta 1786an New Yorkeko estatuan. Abolizio bera sartu zen gero Ipar Carolinan, Kentuckyn, Tennesseen, Georgian eta Missourin. Vermont, Indiana, Illinois, Hego Carolina eta Louisianan sekula ez dira ordezkotzak erabili izan. Ordezkotzei buruzko legeria ingelesa gorde egin behar zutela uste izan duten estatuek aldatu egin dute berorren ezaugarri aristokratiko nagusiak kentzeko. "Gobernu-gaietan ditugun printzipio orokorrak", dio Mr. Kentek, "jabetzaren zirkulazio askearen aldeko dira".

Ondorengotzei buruzko legeria amerikarra aztertzen duen irakurle frantsesari bereziki harrigarria gertatzen zaio gaiari buruzko gure legeak oraindik ere haienak baino askoz ere demokratikoagoak izatea.

Lege amerikarrek berdinki banatzen dituzte aitaren ondasunak, baina beraren borondatea ezagutzen ez den kasuan bakarrik: "zeren eta gizaki orok baitu New Yorkeko estatuan", dio legeak (Revised Estatutes, III. bol.; Appendice, 51. or.), "bere ondasunak edozeinen alde testamentuz erabiltzeko, legatzeko edo banatzeko askatasun, botere eta aginpide osoa, betiere ez badu gorputz politiko edo elkarte antolatu baten aldeko testamentua egiten".

Lege frantsesaren arabera, banaketa berdin edo ia berdina da testamentu-egilearentzako araua.

Oraindik errepublika amerikar gehienek onartzen dituzte ordezkotzak eta ondorioak murriztera mugatzen dira. Lege frantsesak ez du ordezkotzarik inolako kasutan onartzen.

Amerikarren gizarte-egoera oraindik ere gurea baino demokratikoagoa baldin bada, gure legeak, ordea, haienak baino demokratikoagoak dira. Uste baino errazagoa da honen azalpena: Frantzian oraindik ere suntsitzeaz arduratzen da demokrazia; Amerikan hondakinen gainean nagusi da lasai-lasai.

H) Estatu Batuetako hauteskunde-baldintzen laburpena

Hauteskunde-eskubideen gozamena hogeita bat urterekin onartzen dute estatu guztiek. Estatu guztietan da beharrezkoa bozkatzen deneko barrutian denboraldi bat bizi izatea. Denboraldi hau hiru hilabetetik bi urtera artekoa izan daiteke.

Zentsuari dagokionez, Massachusettseko estatuan, hautesle izateko, 3 libra esterlinako errenta behar da, edo 60ko kapitala.

Rhode-Islanden 133 dolarreko (704 liberako) balioko lurjabetza izan behar da. Connecticuten 17 dolarreko (gutxi gora-behera 90 liberako) errentako jabetza eduki behar da. Milizian urtebetez egoteak ere hauteskunde-eskubidea ematen du.

New Jerseyn 50 libra esterlinako ondasunak izan behar ditu hautesleak.

Hego Carolinan eta Marylanden, 50 akre lur eduki behar ditu hautesleak.

Tennesseen edozein jabetza izan behar du.

Mississippi, Ohio, Georgia, Virginia, Pennsylvania, Delaware eta New Yorkeko estatuetan, hautesle izateko, aski da zergak ordaintzea; estatu hauetako gehienetan miliziako zerbitzuak zergak ordaintzeak beste balio du.

Mainen eta New Hampshiren aski da behartsuen zerrendan ez egotea.

Azkenik, Missouri, Alabama, Illinois, Louisiana, Indiana, Kentucky eta Vermonteko estatuetan ez da eskatzen hauteslearen ondasunekin erlazionaturiko baldintzarik. Nire ustez, Ipar Carolinak bakarrik ezartzen dizkie Senatuaren hautesleei Ordezkarien Ganbararen hautesleei ez bezalako baldintzak. Lehenengoek 50 akre lurren jabe izan behar dute. Ordezkariak hautatu ahal izateko, ordea, aski dute zerga bat ordaintzea.

I) Sistema debekatzailea dago Estatu Batuetan. Aduanari gutxi eta kosta asko egoteak oso erraza egiten du kontrabandoa; hala ere, beste leku batzuetan baino askoz ere gutxiago dago, guztiak aritzen baitira berorren kontra.

Estatu Batuetan prebentziozko poliziarik ez dagoenez, Europan baino sute gehiago ikusten da han; baina oro har lehenago itzaltzen dira, inguruetako jendea bizkor joaten baita arrisku-lekuetara.

K) Ez da bidezkoa zentralizazioa Iraultza Frantsesetik sortu dela esatea; Iraultza Frantsesak biribildu egin du, baina ez sortu. Zentralizaziorako zaletasuna eta dena arautzeko mania legelariak gobernuan sartu ziren garaikoa da Frantzian, eta honek Felipe Ederraren garairaino garamatza. Ordudanik, bi gauza hauek hazi egin dira etengabe. Hona hemen M. de Malesherbes-ek, laguntza-auzitegiaren izenean hitz eginez, Louis XVI. erregeari 1775ean esaten ziona164.

"...Gorputz bakoitzari, hiritarren komunitate bakoitzari, gelditzen zitzaion bere arazoak administratzeko eskubidea; eta guk ez dugu esaten eskubide hau erresumaren antzinako Konstituzioaren osagai zenik, askoz lehenagokoa baitzen: eskubide naturala da, arrazoiaren eskubidea. Hala ere, kendu egin zaie zuen menpekoei, Jauna, eta ez dugu beldurrik puntu honetan administrazioa umekeriatzat jo daitezkeen gehiegikerietan jausi dela esateko.

Batzar nazionala deitzen ez uztea ministro ahaltsuek printzipio politiko bihurtu dutenez, ondorioz ondorio ibili gara herri bateko biztanleen deliberazioak intendente batek baimentzen ez dituenean deuseztzat jotzeraino; honela, komunitate horrek gasturen bat egin behar badu, intendentearen azpidelegatuaren onespena behar du, eta beraz hark onarturiko planari jarraitu, haren gogoko langileak erabili eta hark nahi bezala ordaindu; eta komunitateak prozesuren bat zertu behar baldin badu, honetarako ere intendenteak eman behar dio baimena. Auzia lehen auzitegi honek ikusi behar du justiziaren aurrera eraman baino lehen. Eta intendentearen iritzia biztanleen aurkakoa baldin bada, edota hauen arerioak intendentzian sinesgarritasuna badu, komunitateari kendu egiten zaio bere eskubideak defendatzeko ahalmena. Hona hemen, Jauna, zer-nola saiatu diren Frantzian udal-izpiritu oro itotzen eta, ahal izanez gero, hiritarren sentimenduak ere itzaltzen; nolabait esateko, nazio osoa ezgaitu da, eta tutoreak eman zaizkio".

Zer hoberik esan ote liteke gaur egun, Iraultza Frantsesak zentralizazio-gaietan bere konkistak deritzanak egin dituenean?

1789an Jeffersonek bere lagunetako bati idazten zion Parisetik: "Ez dago herrialderik gehiegi gobernatzeko maniak Frantzian baino sustrai sakonagoak bota dituenik eta gaitz gehiago eragiten duenik". Madison-i gutunak, 1789ko abuztuak 28.

Egia esateko, Frantzian, hainbat mendetan zehar, botere zentralak ahal duen guztia egin izan du zentralizazio administratiboa hedatzeko; ez du lasterketa honetan beste mugarik izan, bere indarrak izan ezik.

Iraultza Frantsesetik sortutako botere zentrala bere aurrekoak baino askoz aurrerago joan da honetan, beste guztiak baino indartsuago eta zuhurragoa izan delako. Louis XIV.ak udal-bizitzako xehetasunak intendente baten nahiaren menpe jartzen zituen; Napoleonek ministro batenaren menpe. Betiere printzipio bera da, bere ondorioetan urrutirago edo hurbilerago eramana.

L) Konstituzioaren aldaezintasun hau Frantzian gure legeek beharturiko ondorio bat da.

Eta lege guztien arteko garrantzizkoenaz hitz egitearren lehenik, tronurako ondorengotza-ordena arautzen duenaz alegia, zer dago bere printzipioan aldaezinagorik aitaren ondorengoa semea izateko ordena naturalean oinarrituriko ordena politikoa baino? 1814an, Louis XVIII.ak bere familiaren alde onartarazi zuen ondorengotza politikoaren betikotasun hau; 1830eko iraultzaren ondorioak arautu zituztenek haren jarraibideari segitu zioten, baina legearen betikotasuna beste familia baten onurarako ezarriz; honetan Maupeou kantzilerra imitatu zuten, honek antzinako Parlamentuaren hondakinen gainean berria eratzean, garbi utzi baitzuen ordenantza berean magistratu berriak aldaezinak izango zirela, beraien aurrekoak bezalaxe.

1830eko legeek, 1814koek bezalaxe, ez dute konstituzioa aldatzeko inolako biderik adierazten. Nolanahi ere, garbi dago legeriaren ohiko baliabideak ez liratekeela horretarako aski.

Norengandik hartzen ditu erregeak bere ahalmenak? Konstituziotik. Norengandik pareek? Konstituziotik. Norengandik diputatuek? Konstituziotik. Nola, bada, erregeak, pareek eta diputatuek, elkarturik, alda liezaiokete ezer legeari, beronen indarrez bakarrik gobernatzen baitute? Konstituziotik kanpo ez dira ezer; non kokatuko lirateke, bada, konstituzioa aldatzeko? Biotako batean: edo beraien ahaleginek indarrik ez dute kartaren kontra, honek haien gogoaren kontra ere irauten duelarik, eta, orduan, beronen izenean jarraitzen dute erreinatzen; edo karta aldatzea lortzen dute, eta, orduan, beraiek izanarazten zituen legerik ez dagoenez, beraiek ere ez dira jadanik ezer. Gutuna suntsitzean, beren buruak suntsitzen dituzte.

Hau oraindik ere garbiago ikusten da 1830eko legeetan 1814koetan baino. 1814an errege-agintea nolabait ere Konstituzioz kanpo eta gainetik kokatzen zen; baina 1830ean errege-aginteak aitortzen du Konstituzioak sortua dela eta ez dela deus hau gabe.

Honela, bada, gure Konstituzioaren zati bat aldaezina da, familia baten destinoarekin lotu delako; eta Konstituzio osoa ere aldaezina da, ez baita aurkitzen batere bide legalik aldatu ahal izateko.

Hau guztia ezin zaio Ingalaterrari aplikatu. Ingalaterrak konstituzio idatzirik ez duenez, nork esan dezake hango konstituzioa aldatu egiten dela?

M) Konstituzio ingelesari buruz idatzi duten autorerik estimatuenek elkarren lehian bezala ezartzen dute Parlamentuaren guztiahala.

Delolmek dio (X. kap., 77. or.): It is a fundamental principle with the English lawyers, that parliament can do everything, except making a woman a man or a man a woman.

Delolme baino, biziago ez bada ere, biribilkiago mintzo da Blackstone; hona hemen zer dioen:

"Sir Edward Coke-ren arabera (4 Hist. 36), Parlamentuaren boterea eta eskumena, pertsona nahiz arazoen gain, hain zabalak eta absolutuak direnez, ezin zaie inolako mugarik jarri... Auzitegi honetaz, gaineratzen du, egia esan daiteke: Si antiquitatem spectes, est vetustissima; si dignitatem, est honoratissima; si jurisdictionem, est capacissima. Horren aginpideak, subiranoa eta kontrolgabea, berretsi, hedatu, murriztu, derogatu, kontraerabaki, berriztatu eta interpretarazi egin ditzake, eliz, denborazko, zibil, militar, itsas eta kriminal gaiei buruzko legeak. Erresuma hauetako Konstituzioak Parlamentuari eman dio botere despotiko eta absolutu hau, gobernu orotan nonbait egon behar duena. Irainak, beharrezko erremedioak, legeen ohiko bidetik kanpoko erabakiak, aparteko auzitegi horri dagokio dena. Tronurako ondorengotza arautu edo alda dezake, Henry VIII. eta Gillermo III.aren erregealdietan egin zuen bezala; ezarritako erlijio nazionala alda dezake, zenbait zirkunstantziatan Henry VIII.aren eta haren seme-alaben menpean egin zuen bezala; erresumaren -eta Parlamentuen beraien- konstituzioa aldatu eta berregin dezake, Ingalaterra eta Eskoziako Batasun Aktaren bidez egin zuen bezala, baita hirurteko eta zazpiurteko hauteskundeetarako zenbait estatuturen bidez ere. Labur esateko, berez ezinezkoa ez den guztia egin dezake; beraz, inolako erreparorik gabe deitu zaio botere horri, agian gogor samarra den irudiaz, Parlamentuaren guztiahala".

N) Beste ezein gaitan ez dute konstituzio amerikarrek adostasun gehiago judizio politikoarenean baino.

Gai honetaz arduratzen diren konstituzio guztiek Ordezkarien Ganbarari ematen diote akusatzeko eskubide esklusiboa, Ipar Carolinako Konstituzioak izan ezik, eskubide hau berau epaimahai handiei ematen baitie (23. art.).

Ia konstituzio guztiek Senatuari, edo ordezko batzarrari, ematen diote epaitzeko eskubide esklusiboa.

Auzitegi politikoek erabaki ditzaketen zigor bakarrak hauek dira: kargugabetzea edo etorkizunean funtzio publikoak betetzeko ezgaitzea. Virginiako Konstituzioak bakarrik baimentzen du edozelako zigor-motak erabakitzea

Judizio politikora eraman dezaketen krimenak ondorengoak dira: Konstituzio federalean (IV. sek., I. art.), Indianakoan (3. art., 23. eta 24. orr.), New Yorkekoan (5. art.) eta Delawarekoan (5. art.) goi-mailako traizioa, ustelkeria eta beste krimen edo delitu handi batzuk.

Massachusettseko Konstituzioan (I. kap., II. sek.), Ipar Carolinakoan (23. art.) eta Virginiakoan (252. or.) portaera txarra eta administrazio txarra. New Hampshireko Konstituzioan (105. or.) ustelkeria, azpijoko hobendunak eta administrazio txarra.

Vermontekoan (II. kap., 24. art.) administrazio txarra.

Hego Carolina (5. art.), Kentucky (5. art.), Tennessee (4. art.), Ohio (I. art., § 23, 24), Louisiana (5. art.), Mississippi (5. art.), Alabama (6. art.) eta Pennsylvaniakoetan (4. art.) funtziotan egindako delituak.

Illinois, Georgia, Maine eta Connecticuteko estatuetan ez da inolako krimenik zehazten.

O) Egia da Europako potentziek itsas gerra handiak egin diezazkioketela Batasunari; baina beti da errazagoa eta arrisku gutxiagokoa itsasoan gerra egitea kontinentean egitea baino. Itsas gerrak mota bateko ahaleginak bakarrik eskatzen ditu. Merkatal herri batek, prest baldin badago bere gobernuari dirua emateko, beti izango ditu gerrauntziak. Nolanahi ere, nazioei askoz errazago eska dakizkieke diru-sakrifizioak giza sakrifizioak eta ahalegin pertsonalak baino. Bestalde, itsasoan porrot egiteak gutxitan jartzen du arriskuan herri menperatuaren izatea edo independentzia.

Gerra kontinentalei dagokienez, garbi dago Europako herriek ezin diotela gerra arriskutsurik egin Batasunari.

Oso zaila da Amerikara 25.000 soldadu baino gehiago eraman eta mantentzea, eta honek gutxi gora-behera 2.000.000 pertsonako nazioa esan nahi du. Europako naziorik handiena, honela Batasunaren kontra borrokan, 2.000.000 biztanleko nazio bat 12.000.000ko baten kontra egongo litzatekeen egoera berean dago. Erantsi honi amerikarrak bere esku dituela baliabide guztiak, eta europarrak 1.500 lekoara bereak, eta Estatu Batuetako lurraldearen zabalera itzela bera ere oztopo gaindigaitza izango litzatekeela konkistarako.