Amerikako Demokrazia I/VII. Kapitulua

Wikitekatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
VII. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VII. Judizio politikoa Estatu Batuetan

Autoreak zer ulertzen duen judizio politikoaz.- Judizio politikoa nola ulertzen den Frantzian, Ingalaterran, Estatu Batuetan.- Amerikan epaile politikoa ez da arduratzen funtzionari politikoez baizik.- Kargu-gabetzeak erabakitzen ditu zigorrak baino gehiago.- Judizio politikoa, ohiko gobernu-baliabidea.- Judizio politikoa, Estatu Batuetan ulertzen den bezala, biguna izan arren, eta bere biguntasunagatik agian, oso arma ahaltsua da gehiengoaren eskuetan.

Judizio politikoa, niretzat, gorputz politiko batek, une batez epaitzeko eskubideaz horniturik, ematen duen epaia da.

Gobernu absolutuetan alferrikakoa da judizioei forma bereziak ematea. Printzeak, zeinen izenean pertsegitzen den akusatua, auzitegien eta gainerako guztiaren jabe denez, ez dauka beste inon garantia bilatu beharrik beraren botereaz dagoen ideian baizik. Izan dezakeen beldur bakarra justiziaren kanpo-itxurak ere ez gordetzea litzateke, eta bere aginpidea, sendotu nahi izatean, desohoratu egingo ote den.

Baina herrialde aske gehienetan, non gehiengoak ezin duen inoiz printze absolutuak egingo lukeen bezala auzitegietan eragin, batzuetan gertatu izan da botere judiziala momentu batez gizartearen ordezkarien beraien eskuetan jartzea. Honela nahiago izan da botereak une batez nahastea gobernu-batasunaren beharrezko printzipioa haustea baino. Ingalaterrak, Frantziak eta Estatu Batuek judizio politikoa sartu dute beren legeetan. Bitxia da aztertzea hiru herri handi hauek nola baliatu diren horretaz.

Ingalaterran eta Frantzian, Pareen Ganbarak eratzen du nazioko Auzitegi Kriminal Gorena117. Ez ditu delitu politiko guztiak epaitzen, baina epai ditzake guztiak.

Pareen Ganbararen ondoan beste botere politiko bat aurkitzen da, akusatzeko eskubideaz hornitua. Puntu honetan bi herrialdeen artean dagoen diferentzia bakarra hau da: Ingalaterran, diputatuek nornahi akusa dezakete Pareen aurrean; Frantzian, berriz, erregearen ministroak bakarrik pertsegi daitezke era honetan.

Gainera, bi herrialdeetan, Pareen Ganbarak lege penal guztiak ditu bere esku gaizkileak zigortzeko.

Estatu Batuetan, Europan bezalaxe, legislatiboaren bi adarretako bat akusazio-eskubideaz horniturik dago, eta bestea, epaitzeko eskubideaz. Ordezkariek erruduna salatzen dute, Senatuak zigortu egiten.

Baina Senatura ordezkariek bakarrik jo dezakete, eta ordezkariek funtzionari publikoak bakarrik sala ditzakete. Honela, Senatuak, Frantziako Pareen auzitegiak baino eskuduntza murritzagoa du, eta ordezkariek gure diputatuek baino akusazio-eskubide zabalagoa dute.

Hona hemen Amerikaren eta Europaren artean dagoen diferentziarik handiena: Europan, auzitegi politikoek kode penaleko xedapen guztiak aplika ditzakete; Amerikan, errudun bat bere izaera publikoaz gabetu eta geroan inolako funtzio publikorik betetzeko ezduintzat jotzen dutenean, hor amaitzen zaie beren eskumena, eta auzitegi arrunten eginkizuna hasten da.

Demagun Estatu Batuetako lehendakariak traizio handiko krimen bat egin duela.

Ordezkarien Ganbarak akusatu egiten du, senadoreek kargutik kentzea erabakitzen dute. Ondoren, epaimahaiaren aurrean agertzen da, honek bakarrik ken diezaiokeelarik askatasuna edo bizia.

Honek biziki argitzen du aztergai duguna.

Judizio politikoa beren legeetan sartzean, europarrek kriminal handiak menderatu nahi izan dituzte, edozelakoa izanik hauen jatorria, maila edo Estatuaren barruan duten boterea. Honetara iristeko, gorputz politiko handi baten baitan, auzitegien prerrogatiba guztiak bildu dituzte une batez.

Legegilea magistratu bihurtu da orduan; krimena ezarri ahal izan du, sailkatu eta zigortu. Epailearen eskubideak ematean, betebehar guztiak ezarri dizkio legeak eta justiziaren forma guztiak betetzera behartu du.

Auzitegi politiko frantses nahiz ingeles batek funtzionari publiko bat baldin badu auzipetua eta kondenatzea erabakitzen badu, egitate honen bidez bere funtzioak kentzen dizkio eta etorkizunean besterik hartzeko ezduintzat jo dezake. Baina hemen kargu-kentzea eta interdikzio politikoa epaiaren ondorio dira eta ez epaia bera.

Beraz, Europan judizio politikoa egintza judiziala gehiago da neurri administratiboa baino.

Kontrakoa ikusten da Estatu Batuetan, eta erraza da komentzitzea han judizio politikoa neurri administratiboa gehiago dela egintza judiziala baino.

Egia da Senatuaren epaia judiziala dela formari dagokionez; epaia emateko, senadoreak beharturik daude prozeduraren solemnitate eta usadioen arabera jokatzera. Bere oinarrian dituen zioengatik ere judiziala da; orokorrean Senatua beharturik dago erabakiaren oinarritzat zuzenbide komuneko delitu bat hartzera. Baina administratiboa da bere xedeagatik.

Legegile amerikarraren helburu nagusia gorputz politiko bat botere judizial handiz hornitzea izan balitz benetan, ez zukeen bere ekintza funtzionari publikoen esparrura mugatuko, Estatuaren etsairik arriskutsuenak batere funtziorik gabe egon baitaitezke. Hau egia da batez ere errepubliketan, hauetan alderdien eragina izaten baita botereetan lehena, eta sarritan indartsuagoa izaten da legalki inolako botererik egikaritzen ez denean.

Legegile amerikarrak gizarteari berari eman nahi izan balio krimen handiak epaileak bezala eragozteko eskubidea, zigorraren beldurrez auzitegi politikoen esku utzi beharko zituzkeen kode penalaren baliabide guztiak; baina arma osagabea bakarrik eman die, kriminalik arriskutsuenak harrapatzeko gauza ez dena. Izan ere, gutxi axola zaio interdikzio politikozko epaia legeak berak ere irauli nahi dituenari.

Estatu Batuetan boterea gaizki erabiltzen duenari botere hori kentzea da judizio politikoaren helburu nagusia, eta hiritar honek beronek etorkizunean botererik izan dezan eragoztea. Ikusten denez, egintza administratiboa da, epaiaren solemnitatez hornitua.

Gai honetan, amerikarrek zerbait mistoa sortu dute. Kargu-kentze administratiboari judizio politikoaren berme guztiak eman dizkiote, eta judizio politikoari gogortasunik handiena kendu diote.

Puntu hau finkaturik, dena dago kateatua; horrela jakiten da konstituzio amerikarrek zergatik jartzen dituzten funtzionari zibil guztiak Senatuaren eskumen edo jurisdikziopean, militarrak salbuetsiz, nahiz eta hauen krimenak beldurgarriagoak izan. Maila zibilean, amerikarrek ez dute, nolabait esateko, funtzionari errebokagarririk: batzuk mugiezinak dira, besteek derogatu ezin den agintearen eskubideak dituzte. Boterea kentzeko, juzgatu beharra dago guztiak. Baina militarrak estatu-buruaren menpe daude, hau berau ere funtzionari zibila delarik. Estatu-burua harrapatzean, guztiak harrapatzen dira kolpe berean118.

Orain, sistema europarra eta sistema amerikarra alderatzen badira, bakoitzak eragiten dituen edo eragin ditzakeen ondorioei dagokienez, ez dira ezberdintasun txikiagoak aurkitzen.

Frantzian eta Ingalaterran, judizio politikoa aparteko armatzat hartzen da, eta gizarteak ez du honetaz baliatu behar arrisku handiko momentuetan salbatzeko baizik.

Ukaezina da judizio politikoak, Europan ulertzen den bezala, botere-banaketaren printzipio kontserbadorea hausten duela, eta etengabe mehatxatzen duela gizakien askatasuna eta bizitza.

Judizio politikoak Estatu Batuetan zeharkako erasoa bakarrik inplikatzen du botere-banaketaren printzipioarentzat; ez du hiritarraren bizitza mehatxatzen; ez dago, Europan bezala, buru guztien gainean, zeren eta, funtzio publikoak onartzean, aurrez beraren gogortasunera makurtu direnak bakarrik harrapatzen baititu.

Aldi berean ez da hain beldurgarria eta bai eraginkorragoa.

Estatu Batuetako legegileek ez dute hartu gizarteko gaitz handientzako azken erremedioa bailitzan, gobernatzeko ohiko baliabidetzat baizik.

Ikuspegi honetatik agian benetako eragin handiagoa izango du gizarte-gorputzean Amerikan Europan baino. Izan ere, ez gaitu liluratu behar legeria amerikarraren itxurazko gozotasunak judizio politikoei dagokienean. Azpimarratu behar da, lehenik, Estatu Batuetan judizio hauek erabakitzen dituen auzitegia eta akusatzeaz arduratzen den gorputza elementu berberez osaturik eta eragin berberen menpean daudela, eta honek bultzada ia geldiezina ematen diela alderdien grina mendekatiei. Estatu Batuetan epaile politikoek Europakoek bezain zigor zorrotzak erabaki ezin badituzte ere, aukera gutxiago dute absolbitzeko. Kondena ez da hain beldurgarria, baina ziurragoa bai.

Europarrek, auzitegi politikoak ezartzean, errudunak zigortzea izan dute helburu nagusia; amerikarrek, boterea kentzea. Judizio politikoa Estatu Batuetan prebentzio-neurria da, nolabait ere. Han ez dago, beraz, epailea definizio kriminal oso zehatzetan kateatu beharrik.

Ezer ez beldurgarriagorik lege amerikarren zehazgabetasuna baino, hertsiki krimen politikotzat har daitezkeenak definitzen dituztenean. "Lehendakariaren kondena eragingo duten krimenak (dio Estatu Batuetako Konstituzioak, IV. sekzioan, 1. art.an) goi-mailako traizioa, ustelkeria edo beste krimen eta delitu handi batzuk dira". Estatuetako konstituzio gehienak askoz ilunagoak dira oraindik.

"Funtzionari publikoak, dio Massachusettseko Konstituzioak, izandako portaera errudunagatik eta beren administrazio txarragatik kondenatuko dituzte"119. "Administrazio txar, ustelkeria edo beste delitu batzuengatik Estatua arriskuan jartzen duten funtzionari guztiak, esaten du Virginiako Konstituzioak, Diputatuen Ganbarak akusatu ahal izango ditu". Badira konstituzioak batere krimenik zehazten ez dutenak, funtzionari publikoen gain erantzukizun mugagabearen zama geldi dadin120.

Baina puntu honetan lege amerikarrak hain beldurgarri bihurtzen dituena haien biguntasuna bera dela esatera ausartuko nintzateke.

Europan funtzionaria kargutik kentzea eta interdikzio politikoa zigorraren ondorioetako bat zirela ikusi dugu, eta Amerikan berriz zigorra bera. Hortik dator Europan auzitegi politikoak eskubide beldurgarriz hornituak egotea, batzuetan nola erabili ere ez dakizkitenak; eta gehiegi zigortzeko beldurrez ez dutela zigortzen gertatzen zaie. Baina Amerikan ez da atzera egiten gizadiari intziri eragiten ez dion zigorraren aurrean: boterea kentzeko arerio politikoa heriotza-zigorrera kondenatzea, hilketa beldurgarria da guztientzat; botere hori berori edukitzeko kontrakoa ezduintzat deklaratzea, eta, askatasuna eta bizitza utziz, boterea kentzea, borrokaren emaitza zintzoa dela eman dezake.

Baina, erabakitzen hain erraza den judizio hori zoritxar ezin handiagoa da aplikatzen zaien guztientzat. Kriminal handiak arranditsu ibiliko dira berorren gogortasun hutsalen aurrean; jende xeheari, bere egoera suntsitzen, ohorea zikintzen eta heriotza baino lotsagarriagoa den aisiara kondenatzen dituen epaia irudituko zaio.

Judizio politikoak, Estatu Batuetan, zenbat eta beldur gutxiago eman, orduan eta eragin handiagoa du gizartearen martxan. Ez du zuzenean gobernatuengan eragiten, baina gobernatzen dutenen jaun eta jabe bihurtzen du gehiengoa; ez dio legislatiboari ikaragarrizko botererik ematen, krisi-egunen batean bakarrik erabili ahal izateko; ahalmen neurritsu eta erregularra hartzen uzten dio, egunero erabil dezakeena. Indarra txikiagoa bada ere, erabilera erosoagoa da eta abusua errazagoa.

Auzitegi politikoei zigor judizialak erabakitzea eragotziz, amerikarrek, tirania bera baino gehiago legegintzako tiraniaren ondoriorik beldurgarrienak saihestu dituztela iruditzen zait. Eta, azken finean, ez dakit judizio politikoa, Estatu Batuetan ulertzen den bezala, ez ote den izango gehiengoaren eskuetan sekula jarri den armarik ikaragarriena.

Errepublika amerikarrak galbideratzen hasten direnean, erraz ikusi ahal izango dela iruditzen zait: nahikoa izango da judizio politikoen kopurua gehitzen den ala ez ikustea (N).