VI. Botere judiziala Estatu Batuetan eta beraren eragina gizarte politikoan
Gainerako herrietan bereizgarri dituen ezaugarri guztiekin gorde dute angloamerikarrek botere judiziala.- Hala ere, botere politiko handi bihurtu dute.- Nola.- Zertan bereizten den angloamerikarren sistema judiziala beste guztietatik.- Epaile amerikarrek zergatik duten legeak konstituziokontrakotzat deklaratzeko eskubidea.- Epaile amerikarrek nola erabiltzen duten eskubide hau.- Legegileak harturiko neurriak eskubide honen abusua eragozteko. Beharrezkoa iruditu zait botere judizialari kapitulu berezi bat eskaintzea. Hain garrantzi politikoa handia duenez, honetaz gain-gainetik bakarrik hitz egitea irakurleen aurrean gutxiestea izango litzatekeela iruditu zait.
Izan dira konfederazioak Amerikaz kanpo ere; izan dira errepublikak Mundu Berriko itsasertzetatik kanpo ere; ordezkapen-sistema Europako zenbait estatutan ere hartu da; baina ez dut uste, gaur arte, munduko beste nazioren batek amerikarrek bezala eratu duenik botere judiziala. Estatu Batuetan antolamendu judiziala da atzerritarrari gehien kostatzen zaiona ulertzea. Nolabait esateko, ia gertakari politiko guztietan entzuten du inbokatzen epailearen aginpidea; eta hortik ateratzen du, noski, Estatu Batuetan epailea dela botere politiko nagusienetakoa. Auzitegien eraketa aztertzeari ekiten dionean, lehen begiratuan ez ditu eskurantza eta aztura judizialak baino aurkitzen. Iruditzen zaio magistratua sekula ez dela arazo publikoetan kasualitatez baizik sartzen; baina kasualitate hau egunero gertatzen da.
Pariseko Parlamentuak eragozpenak jarri eta ediktu bat erregistratzeari uko egiten zionean, funtzionari prebarikatzaileren bat bere auzitegira joanarazten zuenean, garbi ikusten zen botere judizialaren eragin politikoa. Baina ez da horrelako ezer ikusten Estatu Batuetan. Amerikarrek mantendu egin dituzte botere judizialean beroni aitortu ohi zaizkion ezaugarri guztiak. Mugitu ohi deneko esparruaren barruan itxi dute zehazki. Botere judizialaren lehen ezaugarria, herri guztietan, arbitro-funtzioa betetzea da. Auzitegien aldetik akzioa egoteko, beharrezkoa da liskarra egotea. Epailerik egoteko, beharrezkoa da prozesua egotea. Legeren batek liskarrik sortzen ez duen bitartean, botere judizialak ez du lege horretaz arduratzeko aukerarik; ez du ikusten, hor egon arren. Prozesuren bat dela eta, epaileak prozesuari buruzko legeren bati erasotzen dionean, bere eskurantzen esparrua hedatzen du, baina ez da hortik irteten, zeren eta nolabait ere legea epaitu behar izan baitu prozesua epaitzera iristeko. Prozesu batetik abiatu gabe lege bati buruz erabakitzen duenean, bere esparrutik guztiz irten eta botere legegilearenean sartzen da.
Botere judizialaren bigarren ezaugarria kasu partikularrak erabakitzea da, eta ez printzipio orokorrak. Arazo partikular bat ebaztean epaileak printzipio orokor bat suntsitzen badu -printzipioaren ondorioetako bakoitza era berean jotzean printzipioa antzu bihurtzen den ziurtasuna dagoelako-, epailea bere jardunaren berezko esparruan gelditzen da; baina epaileak zuzenean erasotzen badio printzipio orokorrari, eta aurrean kasu partikular bat izan gabe suntsitu egiten badu, irten egiten da herri guztiek -adostasunez- itxi ohi duten esparrutik; zerbait garrantzizkoago bihurtzen da, magistratu bat baino onuragarriago agian, baina botere judizialaren ordezkari izateari uzten dio.
Botere judizialaren hirugarren ezaugarria ezin jardun izatea da ez bazaio deitzen edo, legezko adierazpenaren arabera, ez bada errekeritua izaten. Ezaugarri hau ez da beste biak bezain orokorra. Hala ere, uste dut, salbuespenak salbuespen, funtsezkotzat jo daitekeela. Bere izatez, botere judizialak ez du ekimenik; mugiarazi beharra dago mugi dadin. Krimen bat salatzen zaio, eta erruduna zigortzen du; bidegabekeria bat zuzentzeko dei egin, eta zuzendu egiten du; egintza bat aurkeztu, eta interpretatu egiten du; baina ez da bere kabuz kriminalak pertsegitzen hasten, bidegabekeriak bilatzen edo egitateak aztertzen. Botere judizialak nolabait ere bortxatu egingo luke izaera pasibo hori, ekimena bere kabuz hartuko balu eta legeen zentsore bihurtuko balitz.
Amerikarrek botere judizialaren hiru ezaugarri hauek gorde dituzte. Epaile amerikarrak ezin du erabaki liskarra dagoenean baizik. Sekula ez da kasu partikularrez baizik arduratzen; eta, jarduteko, beregana jo arte itxaron behar izaten du beti.
Epaile amerikarrak, beraz, beste nazioetako magistratuen antz oso-osoa du. Baina ikaragarrizko botere politikoaz horniturik dago. Nondik dator hori? Beste epaileen esparru berean mugitzen da eta baliabide berberez baliatzen da; zergatik du hark beste hauek ez duten boterea?
Honetantxe bakarrik datza kausa: beren erabakiak legeetan baino gehiago konstituzioan oinarritzeko eskubidea onartu diete amerikarrek epaileei. Beste era batera esanda, konstituziokontrakoak iruditzen zaizkien legeak ez aplikatzeko baimena eman diete.
Badakit beste herrialde batzuetako auzitegiek ere eskatu dutela batzuetan antzerako eskubiderik; baina sekula ez zaie eman izan. Amerikan, botere guztiek onartua dute; ez dago alderdi bakar bat, ezta pertsona bat ere, hori eztabaidatzen duenik.
Honen azalpena konstituzio amerikarren printzipioan bertan aurkitu behar da.
Frantzian, konstituzioa egintza aldaezina da, edo horrela hartzen da behintzat. Ez dago botererik ezer alda dezakeenik; hau da onarturiko teoria (L).
Ingalaterran, onartzen zaio Parlamentuari konstituzioa aldatzeko eskubidea. Ingalaterran, etengabe alda daiteke konstituzioa edota, hobeto esanda, egon ere ez dago. Parlamentua, gorputz legegile eta aldi berean gorputz konstituziogile da (M).
Amerikan, teoria politikoak sinpleagoak eta razionalagoak dira.
Konstituzio amerikar bat ez da aldaezinezkotzat jotzen Frantzian bezala; ezingo lukete gizarteko botere arruntek aldatu, Ingalaterran bezala. Aparteko obra da, herri osoaren borondatea ordezkatzen duenez, legegileak nahiz hiritar xeheak behartzen dituena, baina herriaren borondatez alda daitekeena, horretarako ezarritako formen arabera eta aurrikusiriko kasuetan.
Amerikan, konstituzioa aldagarria da, beraz; baina dagoen bitartean, botere guztien sorburu da. Berarengan bakarrik dago indar nagusia.
Erraza da ikustea diferentzia hauek zer eragin izan dezaketen gorputz judizialaren egoera eta eskubideetan, aipatu ditudan hiru herrialdeetan.
Frantzian, konstituziokontrakotzat jotzen dituztela argudiatuz, auzitegiek legeei desobeditu ahal izango baliete, botere konstituziogilea beren esku izango lukete benetan, beraiek bakarrik izango bailukete konstituzioa interpretatzeko eskubidea, beste inork ezingo lituzkeelarik horren terminoak aldatu. Nazioaren lekuan jarriko lirateke orduan eta gizartea menperatuko lukete, botere judizialari datxekion ahultasunak utzitako neurrian behintzat.
Badakit legeak konstituziokontrakotzat deklaratzeko eskubidea epaileei ukatzean, zeharka gorputz legegileari ematen diogula konstituzioa aldatzeko eskubidea, ez baitu geldiaraziko duen beste lege-hesirik aurkitzen. Baina hobe, hala ere, konstituzioa aldatzeko ahalmena erdizpurdika bederen herriaren nahiak ordezkatzen dituztenei ematea, beren burua bakarrik ordezkatzen dutenei ematea baino.
Are zentzugabeagoa litzateke epaile ingelesei gorputz legegilearen borondateari aurka egiteko eskubidea ematea, zeren eta Parlamentuak, legea egiten duenak, konstituzioa ere egiten baitu eta, ondorioz, inolako kasutan ere ezin da lege bat konstituziokontrakotzat jo hiru botereetatik sortua denean.
Bi arrazoibide horietako bat ere ezin da Amerikan aplikatu.
Estatu Batuetan, legegileak nahiz hiritar xeheak menperatzen ditu konstituzioak. Legeetako lehena da beraz, eta ezingo luke lege batek aldatu. Bidezkoa da beraz auzitegiek konstituzioari obeditzea, lege guztien aurretik. Hau botere judizialaren muinari berari dagokio: legezko xedapenen artean estukien lotzen dutenak aukeratzea da, nolabait ere, magistratuaren berezko eskubidea.
Frantzian ere, konstituzioa da legeetako lehena, eta epaileek eskubide bera dute beren erabakien oinarritzat hartzeko; baina, eskubide hau gauzatzean, ezin dute zanpatu gabe utzi berea baino sakratuagoa den beste bat: gizartearena, zeinen izenean jarduten baitute. Hemen arrazoi arruntak amore eman behar du estatu-arrazoiaren aurrean.
Amerikan, non nazioak, bere konstituzioa aldatuz, beti behartu ditzakeen magistratuak obedientziara, ez dago horrelako arriskuen beldurrik. Puntu honetan bat datoz politika eta logika, eta herriak, baita epaileak ere, bere pribilegioekin jarraitzen du.
Estatu Batuetako auzitegietan, epaileak konstituziokontrakotzat jotzen duen lege bat inbokatzen denean, epaile horrek uko egin diezaioke aplikatzeari. Botere hau da magistratu amerikarrak soilik duen bakarra, baina eragin politiko handia sortzen da berorretatik.
Izan ere, oso gutxi dira azterketa judizialari luzaroan ihes egin ahal izateko moduko legeak, zeren eta gutxi baitira interes indibidualen bat kaltetzen ez dutenak, eta auzilariek auzitegietan inbokatu ezin edo inbokatu behar ez dituztenak.
Nolanahi ere, epaileak prozesuan lege bat aplikatzeari uko egiten dion egunean, lege horrek berehala galtzen du bere indar moralaren zati bat. Kalte egin dienei ohartarazten zaie badela bide bat obeditu beharrari ihes egiteko. Prozesuak ugaldu egiten dira, eta legea ezintasunean erortzen da. Eta bi gauza hauetakoren bat gertatzen da orduan: herriak bere konstituzioa aldatzen du edo legislatiboak bere legea deusezten du.
Beraz, amerikarrek egundoko botere politikoa eman diete beren auzitegiei; baina legearen kontrako erasoak bide judizialetatik bakarrik egitera behartuz, asko gutxitu dituzte botere horren arriskuak.
Epaileak era teoriko eta orokorrean eraso ahal izan balitu legeak; ekimena hartu eta legegilea zentsuratu ahal izan balu, distiratsu sartuko zatekeen eskenatoki politikoan; alderdi baten txapeldun edo etsai bihurturik, herrialdea zatitzen duten grina guztiak deituko zituzkeen borrokan esku hartzera. Baina epaileak lege bati eztabaida ilun eta aplikazio partikular batean erasotzen dionean, publikoaren bistatik ezkutatu egiten du neurri batean erasoaren garrantzia. Beraren epaiak interes indibidual bati ukitzeko helburua besterik ez du; legea kasualitatez bakarrik gertatzen da kaltetua.
Bestalde, honela zentsuraturiko legea ez da suntsitua gertatzen: indar morala gutxitu egiten zaio, baina eragin materiala ez da etenda gelditzen. Poliki-poliki eta jurisprudentziaren kolpe errepikatuez bakarrik erortzen da azkenean.
Gainera, erraz ulertzen da legeen zentsura probokatzeko ardura interes partikularrari ematean, legeari egindako prozesua gizaki bati egindako prozesuarekin estu-estu lotzean, legeriari arinkeriazko erasorik ez zaiola egingo ziurtatzen dela. Sistema honetan, legeria ez dago alderdien eguneroko erasoen arriskupean. Legegilearen hutsegiteak adieraztean, benetako behar bati obeditzen zaio: egitate positibo eta baloragarri batetik abiatzen da, prozesu baten oinarri izan behar baitu.
Nik ez dakit auzitegi amerikarren jokaera hau, ordena publikoarentzat mesedegarriena izateaz gain, askatasunarentzat ere ez ote den mesedegarriena. Epaileak legegileei eraso egiteko modu bakarra aurrez aurre egitea balitz, garai batzuetan horretarako beldur izango litzateke; beste batzuetan, berriz, alderdi-izpirituak hori egitera bultzatuko luke egunero. Honela, legeek, sorburu duten boterea ahula denean, erasoak jasan beharko lituzkete, eta botere hori indartsua izanez gero, txintik esan gabe menpera makurtuko litzaizkioke; hots, legeei sarritan egingo litzaieke eraso errespetatzea onuragarriago litzatekeenean, eta errespetatu egingo lirateke beraien izenean zapaltzea erraza bihurtutakoan.
Baina epaile amerikarra gogoz kontra politikaren esparrura eramaten dute. Prozesu bat epaitu behar duelako bakarrik epaitzen du legea, eta ezin du ekidin prozesua epaitzea. Berak ebatzi behar duen arazo politikoa auzilarien interesari lotua dago, eta ezingo lioke erabakitzeari uko egin justiziari bidegabekeria egin gabe. Magistratu-lanari ezarritako betebehar estuak betetzean hiritar-egintza burutzen du. Egia da, honela, auzitegiek legeriaren gain zertzen duten zentsura judiziala ez daitekeela, bereizketarik gabe, lege guztietara hedatu, bai baitaude batzuk garbi formulaturiko liskar-mota hori, prozesua deitzen dena, eragin ezin dutenak.
Eta horrelako liskar bat egingarri denean, hala ere gerta liteke auzitegietara jo nahi duenik ez egotea.
Amerikarrek sarri sentitu dute eragozpen hau, baina erdizka jarri diote konponbidea, kasu guztietan eraginkortasun arriskutsua emateko beldurrez. Legeen konstituziokontrakotasuna erabakitzeko auzitegi amerikarrei emaniko ahalmena, bere mugetan itxia, batzar politikoen tiraniaren aurka inoiz ezarri den hesirik ahaltsuenetakoa da.
Epaile amerikarrei emaniko beste ahalmen batzuk
[aldatu]Estatu Batuetan hiritar guztiek dute funtzionari publikoak auzitegi arruntetan akusatzeko eskubidea.- Nola erabiltzen duten eskubide hau.- VIII. urteko Konstituzio frantsesaren 75. art.- Amerikarrek eta ingelesek ezin dute ulertu artikulu honen zentzua.
Ez dakit esan beharrik dudan, hain gauza normala baita, amerikarrena bezalako herri aske batean hiritar guztiek dutela funtzionari publikoak epaile arrunten aurrean akusatzeko eskubidea, eta epaile guztiek dutela funtzionari publikoak kondenatzeko eskubidea.
Legea hausten dutenean, botere exekutiboaren agenteak zigortzen uztea ez da auzitegiei pribilegio berezi bat ematea. Berezko eskubide bat kentzea izango litzateke hori debekatzea.
Ez zait iruditu Estatu Batuetan, funtzionari guztiak auzitegien aurrean erantzule bihurtzeagatik, gobernuaren baliabideak ahuldu egin direnik.
Aitzitik, iruditu zait amerikarrek, horrela jokatzean, areagotu egin dutela gobernariei zor zaien begirunea, hauek askoz gehiago arduratzen baitira kritikari ihes egiteko.
Ez dut, halaber, ikusi Estatu Batuetan prozesu politiko asko zertzen denik, eta erraz ulertzen dut. Prozesu bat, bere izaera gora-behera, beti da zail eta kostu handikoa. Erraza da pertsona publiko bat egunkarietan akusatzea, baina pisuzko zergatirik gabe inork ez du justiziaren aurrera dei egitea erabakitzen. Funtzionari bat juridikoki pertsegitzeko, beharrezkoa da beraz kexatzeko bidezko motiboren bat izatea; eta funtzionariek nekez ematen dute horrelako motiborik pertsekuzioaren beldur direnean.
Honek ez du zerikusirik amerikarrek hartu duten era errepublikarrarekin, esperientzia berbera egiten baita egunero Ingalaterran. Bi herri hauek ez dute pentsatu beren independentzia ziurtatua zutenik, boterearen agente nagusiak juzgatzeko bideak jarrita. Askatasuna bermatzea, hiritarrik xehenaren eskura egunero jarritako prozesu txikien bidez hobeto lortzen dela pentsatu dute, eta ez sekula erabiltzen ez diren edota beranduegi erabiltzen diren prozedura handien bidez.
Erdi Aroan, kriminalak harrapatzea oso zaila zenean, epaileek baten bat harrapatzen bazuten, sarritan atsekabe beldurgarriak jasan behar izaten zituen dohakabeak, baina honek ez zuen gaizkileen kopurua gutxitzen. Geroago jakin da justizia seguruago eta bide batez bigunago bihurtzean, aldi berean eraginkorrago ere bihurtzen zela.
Amerikarrek eta ingelesek pentsatzen dute arbitrarietatea eta tirania lapurreta bezala tratatu behar direla: pertsekuzioa erraztuz eta zigorra arinduz.
Errepublika frantsesaren VIII. urtean Konstituzio bat agertu zen, honela zioelarik 75. artikuluan: "Gobernu-agenteak, ministroak izan ezik, ezin dira pertsegitu beren funtzioei dagozkien egitateengatik, Estatu Kontseiluaren erabakiz ez bada; kasu honetan, prozesua auzitegi arruntetan zertuko da".
VIII. urteko Konstituzioa igaro zen, baina ez artikulu hau, gero ere iraun baitzuen; eta oraindik ere egunero kontrajartzen zaie hiritarren bidezko erreklamazioei.
Sarritan ahalegindu naiz 75. art. honen zentzua amerikarrei edo ingelesei ulertarazten, eta oso nekeza gertatu izan zait beti.
Lehenengo ohartarazten zutena, Estatu Kontseilua, Frantzian, auzitegi handi bat zela erresumaren erdian kokatua, eta halako tirania bat zegoela auzi-jartzaile guztiak lehen-lehenik bertara bidaltzean.
Baina Estatu Kontseilua, hitzaren ohiko zentzuan, gorputz judizial bat ez zela ulertarazten saiatzen nintzen, gorputz administratibo bat baizik, kontseilukideak erregearen menpe zeudelarik; izan ere, erregeak bere zerbitzarietako bati, prefektu delakoari, bidegabekeria bat egiteko subiranoki agindu ondoren, beste zerbitzarietako bati, estatu-kontseilari zeritzanari, lehenengoaren zigorra eragozteko agindu ziezaiokeen subiranoki; eta printzearen aginduak kalteturiko hiritarra, justizia egiteko baimena printzeari berari eskatu beharrean erakusten nien; baina ez zuten horrelako izugarrikeriarik sinetsi nahi eta gezurti eta ezjakintzat akusatzen ninduten.
Antzinako monarkian sarritan gertatzen zen delituren baten errudun zen funtzionari publikoaren atxiloketa agintzea Parlamentuak. Batzuetan errege-aginteak esku hartu eta prozedura deuseztarazten zuen. Despotismoa agerian gelditzen zen orduan, eta hari obeditzea indarraren menpe jartzea bakarrik zen. Gure arbasoak iritsi zireneko puntu hartatik, beraz, asko egin dugu atzera; zeren eta guk justiziaren itxurapean uzten baitugu egiten eta legearen izenean sagaratzen baitugu haiei bortxak bakarrik ezartzen ziena.