IX. Estatu Batuetan errepublika demokratikoari irauten laguntzen dioten kausa nagusiak
Kausa horietako batzuk albora utzi eta, ez nahi izan arren, neure gaiaren korronteak aurrera eraman nau, bidenabar aipatu baino ez ditudalarik egin urrititik. Beste batzuez ezin izan naiz arduratu, eta luze aztertu ahal izan ditudanak nire atzean gelditu dira xehetasunen azpian ezkutaturik bezala.
Beraz, urrutirago joan eta etorkizunaz hitz egin aurretik, oraina esplikatzen duten arrazoi guztiak esparru estu batean bildu behar ditudala pentsatu dut.
Laburpena bezalako honetan laburra izango naiz, zeren eta oso gainetik baino ez baitiot gogoraraziko irakurleari dagoeneko ezagutzen duena, eta oraindik azaltzeko aukerarik izan ez dudan egitateen artetik, nagusienak bakarrik aukeratuko baititut.
Estatu Batuetan errepublika demokratikoari irauten laguntzen dioten kausa guztiak hirura murriz daitezkeela iruditu zait:
Probidentziak amerikarrei eman dien egoera berezi eta akzidentala da lehena.
Legeetatik dator bigarrena.
Aztura eta ohituren ondorio da hirugarrena.
Estatu Batuetako errepublikari irauten laguntzen dioten kausa akzidental edo probidentzialak
Batasunak ez du auzokorik.- Ezta hiriburu handirik ere.- Amerikarrek jaiotzaren zoria beren alde izan dute.- Hutsik dagoen herrialdea da Amerika.- Nola zirkunstantzia honek asko laguntzen dion irauten errepublika demokratikoari.- Nola jendeztatzen diren Amerikako basa eremuak.- Angloamerikarren irrika Mundu Berriko bakarlekuez jabetzeko.- Ongizate materialak amerikarren iritzietan duen eragina.
Bada makina bat zirkunstantzia, giza borondatearekin zerikusirik gabea, Estatu Batuetan errepublika demokratikoa errazten duena. Batzuk jakinak dira, beste batzuk jakinarazteko errazak. Nagusienak azaltzera mugatuko naiz.
Amerikarrek ez dute auzokorik, eta, beraz, ezta gerra handi, finantza-krisi, hondamendi edo konkistaren beldur izan beharrik ere; ez dute behar ez zerga handirik, ez armada ugaririk, ez jeneral handirik; horiek guztiak batera baino errepublikentzat izurri arriskutsuagoa den zerbaiten -aintza militarraren- beldurrik ere ez dute ia zertan izan.
Nola ukatu aintza militarrak herriaren izpirituan duen eragin itzela? Jackson jenerala, beren buru izateko amerikarrek bi aldiz aukeratua, izaera bortitz eta erdi-mailako gaitasuna duen pertsona da. Bere karrera osoan zehar ez zuen inoiz frogatu herri aske bat gobernatzeko beharrezko kualitaterik zuenik. Honela, Batasuneko klase ilustratu gehienak kontra izan ditu beti. Nork jarri du, beraz, lehendakariaren aulkian eta nork mantentzen du oraindik bertan? Duela hogei urte, Orleans Berriko murrupean, lortu zuen garaipenaren oroitzapenak; nolanahi ere, Orleans Berriko garaipen hura arma-egintza oso arrunta izan zen, eta ez litzaioke jaramon handirik egingo batere gudurik ez duen herrialderen batean izan ezik; eta aintzaren ospeak honela herrestatzen duen herri hori, munduko herri guztien artean hotzena, kalkulatzaileena, izpiritu militar gutxienekoa eta, honela esan badezaket, prosaikoena izango da, ziur aski.
Amerikak ez du hiriburu handirik196, bere zuzeneko edo zeharkako eragina lurraldearen zabalera osoan sentiarazteko modukorik, eta hau iruditzen zait niri Estatu Batuetako erakunde errepublikarren iraupenaren lehen kausetako bat. Hirietan nekez eragotz daiteke jendea ados jartzea, elkarrekin berotzea eta bat-bateko erabaki grinatsuak hartzea. Hiriak batzar handiak bezala dira, biztanle guztiak direlarik batzarkide. Hirietan herriak eragin izugarria zertzen du magistratuengan, eta sarritan bitartekaririk gabe betearazten du bere borondatea.
Probintziak hiriburuaren menpe jartzea, ez da bakarrik aginterri osoaren destinoa herriaren zati baten esku jartzea, bidegabea den gauza, baina baita bere kabuz diharduen herriaren esku uztea ere, eta hau oso arriskutsua da. Hiriburuen nagusitasunak kalte handia egiten dio ordezkapen-sistemari. Nagusitasun horrek errepublika modernoak antzinako errepubliken akatsetan erortarazten ditu, sistema hori ezagutu ez zutelako desagertu zirelarik guztiak.
Erraz egingo nuke hemen Estatu Batuetan errepublika demokratikoaren ezarpena bultzatu eta iraupena ziurtatzen duten bigarren mailako kausa askoren zerrenda. Baina zirkunstantzia mesedegarri ugariren artean, bi iruditzen zaizkit nagusienak, eta berehala aipatuko ditut.
Dagoeneko esan dut aurrez Estatu Batuen egungo oparotasuna eragin ahal izan duten kausa guztien arteko lehena eta eraginkorrena amerikarren jatorrian, beraien abiapuntua deitu dudan horretan, ikusten nuela. Amerikarrek beren alde izan dute jaiotzaren patua. Aspaldi batean arbasoek ekarri zuten orain bizi direneko lurraldera baldintza- eta adimen-berdintasuna, egun batean honetatik sortuko zelarik errepublika demokratikoa berezko sorburutik bezala. Hala ere, ez da dena; gizarte-egoera errepublikarrarekin batera, errepublika lorarazteko aztura, ideia eta ohiturarik egokienak utzi zizkieten ondorengoei. Jatorrizko egitate hori zerk eragin ote zuen pentsatzen dudanean, Amerikaren destino osoa itsasertzera iritsi zen lehenengo puritanoaren baitan ikusten dut, giza enda osoa lehenengo gizakiaren baitan bezalaxe.
Estatu Batuetan errepublika demokratikoaren ezarpena bultzatu eta iraupena ziurtatu duten beste zirkunstantzia mesedegarri batzuen artean, garrantzizkoena amerikarrak bizi direneko herrialdearen beraren aukeraketa da. Berdintasun eta askatasunarekiko maitasuna eman zieten arbasoek, baina Jainkoa bera izan da, mugarik gabeko kontinente bat ematean, beren artean berdin eta aske luzaroan izateko baliabideak eman dizkiena.
Ongizate orokorrak gobernu guztien egonkortasuna sendotzen du, baina batez ere gobernu demokratikoarena, hau gehiengoaren erabakietan, eta bereziki beharrik handienak dituztenen erabakietan, oinarritzen baita. Herriak gobernatzen duenean, beharrezkoa da hau zoriontsu izatea, Estatua iraul ez dezan. Ezbeharrak sortzen du herriarengan gutiziak erregeengan eragiten duena. Nolanahi ere, ongizatea sor lezaketen kausa materialak eta legeekiko independenteak ugariagoak dira Amerikan, munduko beste edozein herrialdetan historiako edozein garaitan izan direnak baino.
Estatu Batuetan, demokratikoa ez da legeria bakarrik, naturak berak ere herriarentzat lan egiten du.
Gizakiaren oroitzapenen artean, non aurkitu Ipar Amerikan gertatzen ikusten dugunaren antzekorik?
Antzinako gizarte ospetsuak herri etsaien artean sortu ziren guztiak, eta etsai haiek menperatu egin behar izan zituzten bertan ezartzeko. Gizarte modernoek ere Hego Amerikako zenbait aldetan eskualde zabalak aurkitu dituzte, berak baino gutxiago ilustraturiko jendez populatuak, baina jadanik zoruaren jabe zirenak landu egiten zutelako. Estatu berriak sortzeko, herri ugari suntsitu edo esklabuztatu behar izan dute, eta beren garaipenekin zibilizazioa lotsarazi dute.
Baina Ipar Amerikan tribu ibiltariak bakarrik bizi ziren, lurreko natur aberastasunak erabiltzeko asmorik ez zutenak. Zehatz esanda, artean hutsik zegoen kontinente bat zen Ipar Amerika, basa eremu bat, biztanle zain zegoena.
Guztia da apartekoa amerikarren artean, gizarte-egoera nahiz legeak; baina are apartekoagoa dena, horien oinarri den lurzorua da.
Egileak gizakiei eman zienean, lurra gazte eta agortezina zen, baina gizakiak ahul eta ezjakinak; eta lurrak bere baitan zeuzkan altxorrez baliatzen ikasi zutenerako, lurgaina estaltzen zuten jadanik, eta laster borrokan hasi behar izan zuten bertan babeslekua eduki eta askatasunean atseden hartzeko eskubidea izateko.
Orduantxe aurkitzen da Ipar Amerika, Jainkoak gorderik eduki eta uholdearen azpitik irten berria balitz bezala.
Kreazioko lehen egunetan bezala, agortzen ez den iturburutik sortutako ibaiak daude; bakarleku berde eta hezeak, alor mugagabeak laborariaren goldeak oraindik landu gabeak. Amerika egoera honetan ez zaio jadanik lehen garaietako gizaki isolatu, ezjakin eta barbaroari eskaintzen, naturako sekreturik garrantzizkoenen jabe den gizakiari baizik, bere antzekoekin elkarturik dagoen eta berrogeita hamar mendetako esperientzia duenari.
Mintzo naizen une honetan, hamahiru milioi europar zibilizatu ari dira hedatzen lasai asko basa eremu emankorretan, berauen baliabideak eta hedadura oraindik zehazki ezagutu gabe. Haien aurretik, hiruzpalau mila soldaduk daramate bultzaka bertakoen enda ibiltaria; jende armatuaren atzetik, egurgileak dabiltza: basoak irekitzen dituzte, piztia basatiak uxatzen, ibaibideak esploratzen eta zibilizazioaren garaipenezko ibilia prestatzen dute eremuan zehar.
Obra honetan zehar, sarri aipatu dut amerikarrek duten ongizate materiala; haien legeen arrakastaren kausa handietariko bat bezala azpimarratu dut, gainera. Makina batek emana zuen arrazoi hori nire aurretik. Nolabait ere europarron zentzumenetatik sartu delako edo, gure artean oso ezagun bihurtu den bakarra da. Ez naiz, beraz, luzatuko hain sarri aztertua eta hain ongi ulertua den gai batean; datu berri batzuk bakarrik erantsiko ditut.
Eskuarki, Amerikako eremuak migrari europarren laguntzaz jendeztatzen direla imajinatzen dugu, urtero Mundu Berriko itsasertzetara iristen direlarik, biztanleria amerikarra arbasoek okupaturiko zoruan hazten eta ugaltzen den bitartean. Oso ikuspegi okerra da hori. Estatu Batuetara iristen den europarra lagunik eta sarritan baliabiderik gabe iristen da hara; bizi ahal izateko, bere zerbitzuak alokatu behar izaten ditu, eta nekez gainditzen du Ozeanoaren luzeran dagoen industrialde handia. Ezin da basa eremua goldatu kapitalik edo krediturik gabe; basoetan zehar arriskatu aurretik, gorputza ohitu beharra dago klima berri baten lazkerietara. Amerikarrak dira, beraz, beren jaioterritik etengabe irten eta jabego zabalak sortzera urrutira doazenak. Honela, europarra bere etxolatik irten eta Atlantikoaz bestaldeko itsasertzetara doa bizitzera, eta itsasertzotan jaiotako amerikarra, berriz, Ertamerikako bakarlekuetan barrena sartzen da. Migrazio-mugimendu bikoitz hau ez da sekula amaitzen: Europaren barruan hasten da, Ozeano handiaren gainetik jarraitu eta Mundu Berriko bakarlekuetan zehar segitzen du. Milioika pertsona doaz aldi berean zeru-ertzeko puntu bererantz: beren hizkuntza, erlijio eta ohiturak ezberdinak dituzte, baina helburua komuna. Esan zaie nonbait mendebaldera dagoela aberastasuna, eta presaka doaz harantz.
Ezer ez dago gizadiaren etengabeko desplazamendu horren parekorik, Erromako inperioa erori ondoren gertatutakoa izan ezik agian. Gaur egun bezalaxe, orduan ere saldoan puntu bererantz lasterka joan eta arrapaladan puntu beretsuetan elkartu zen jendea; baina Probidentziaren asmoak bestelakoak ziren. Etorri berri bakoitzak suntsipena eta heriotza zeramatzan berekin; gaur egun horietako bakoitzak oparotasun eta bizi-hazia darama berekin.
Amerikarrek mendebalderantz duten migrazio honen ondorio urrunak oraindik ezkutatu egiten dizkigu etorkizunak, baina erraz imajinatzekoak dira berehalako emaitzak: jaio zireneko estatuetatik urtero biztanle zaharretako batzuk urruntzean, estatu hauek oso astiro jendeztatzen dira, nahiz eta zahartuz joan; honela, Connecticuten, oraindik ere milia karratuko berrogeita hemeretzi biztanle bakarrik dituelarik, biztanleria laurden bat bakarrik hazi da azken berrogei urteotan, eta denbora berean Ingalaterrakoa heren bat gehitu da. Europako migraria erdi hutsik dagoen herrialde batera iristen da beti, non eskulana falta zaion industriari; bizimodu erosoko langile bihurtzen da; beraren semea herrialde huts batera joaten da aberastasun bila, eta jabe aberats bihurtzen da. Bigarrenak erabiltzen duen kapitala metatzen du lehenak, eta ez dago lazeriarik ez atzerritarraren, ez bertan jaioaren etxean.
Estatu Batuetan legeriak ahal den guztia bultzatzen du jabetzaren zatiketa; baina legeria baino kausa ahaltsuago batek eragotzi egiten du jabetza neurririk gabe zatitzea197. Hau garbi ikusten da azkenengo betetzen hasi diren estatuetan. Massachusetts da Batasuneko herrialderik jendetsuena; milia karratuko laurogei biztanle daude bertan, Frantzian baino askoz ere gutxiago, hemen ehun eta hirurogeita bi baitaude espazio berean.
Hala ere, jadanik arraroa da Massachusettsen jabetza txikiak zatitzea. Eskuarki zaharrenak hartzen du lurra; gazteagoek basa eremura jotzen dute aberastasun bila.
Legeak abolitu egin du lehenseme-eskubidea; baina esan daiteke Probidentziak berriro ezarri duela, inork ez duelarik zertaz kexatu, eta oraingoan behintzat ez dio justiziari kalterik egiten.
Datu bakar bat aski izango da ulertzeko zenbat jende irteten den horrela Ingalaterra Berritik bere bizilekua basa eremura eramateko. Ziurtatu zaigunez, 1830ean Kongresuko kideen artean hogeita hamasei ziren Connecticuteko estatu txikian jaioak. Connecticuteko biztanleriak, Estatu Batuetakoaren aldean berrogeita hiru partetik bat bakarrik izanik, ordezkarien zortzirena ematen zuen, beraz.
Connecticuteko estatuak berak, hala ere, bost diputatu bakarrik bidaltzen ditu Kongresura; gainerako hogeita hamaikak mendebaldeko estatu berrien ordezkari gisa agertzen dira han. Hogeita hamaika pertsona hauek Connecticuten gelditu izan balira, jabe aberatsak izan ordez, agian laborari txiki izaten jarraituko zuketen, karrera politikorik egin ezinik ilunbetan biziko ziratekeen, probetxuzko legegile izatera iritsi gabe, hiritar arriskutsu izango ziratekeen.
Gure gogoeta hauek ez dira amerikarren izpirituarentzat ere ezezagun.
"Ukaezina da, dio Kent kantzilerrak bere Zuzenbide amerikarrari buruzko Tratatua delakoan (IV. bol., 380. or.), jabegoen zatiketak kalte handiak eragingo dituela muturrera eramaten bada, lurzati bakoitzak ezingo baitu familia bat mantentzeko adina eman; baina eragozpen hauek sekula ez dira sumatu Estatu Batuetan, eta belaunaldi asko igaroko dira sumatu orduko. Gure lurralde jendegabearen zabalera itzela, inguruko lurraren ugaritasuna eta migrazio-korronte iraunkorra -Atlantikoaren ertzetatik abiatuz herrialdearen barrualdera etengabe doana- aski dira eta oraindik aski izango dira luzaroan ondareen zatikapena eragozteko".
Zaila izango litzateke adieraztea zelako irrikaz oldartzen den amerikarra zoriak eskaintzen dion harrapakin handi horren gainera. Hori lortzearren, beldurrik gabe egiten die aurre indioaren geziari eta basa eremuko gaixotasunei; basoetako isiltasunak ez du izutzen, basapiztien hurbiltasunak ez dio zirrararik eragiten; bizitzeko gogoa baino grina ahaltsuago batek akuilatzen du etengabe. Ia mugarik ez duen kontinentea zabaltzen zaio aurrean, eta esan liteke, lekurik gabe gelditzeko beldurrez, presaka ibiltzen dela beranduegi ez iristeko. Antzinako estatuetako migrazioaz hitz egin dut; baina zer esan berrietakoaz? Ez dira berrogeita hamar urte igaro Ohio sortu zenetik; biztanle gehienak ez dira bertan jaioak; hiriburuak ez ditu hogeita hamar urte ere, eta egundoko basa eremu zabalek estaltzen dute oraindik lurralde hura; hala ere, dagoeneko hasia da Ohioko biztanleria mendebalderantz joaten. Illinoiseko zelai emankorretara jaisten diren gehienak Ohioko biztanleak dira. Pertsona hauek beren lehen aberritik irten ziren ongizatearen bila; bigarrenetik ere irten egin dira are hobeto bizitzeko. Ia alde guztietan aurkitzen dute aberastasuna, baina ez zoriona. Ongizatearen desira grina urduri eta sutsu bihurtu zaie, ase ahala areagotzen zaiena. Aspaldi eten zituzten jaio ziren lurraldearekiko lokarriak; geroztik ez dute besterik sortu. Beraientzat, migrazioa behar bat izan zen hasieran; gaur egun, beraien ikuspegitik azare-joko bilakatu da, honen zirrarak irabaziak beste maite dituztelarik.
Batzuetan, gizakia hain bizkor doanez aurrera, basa eremua berriro agertzen da beraren atzean. Oihana makurtu baino ez da egiten haren hankapean; gizakia igaro ondoren, berriro altxatzen da. Mendebaldeko estatu berrietatik ibiltzean, ez da arraroa izaten basoen erdian bertan behera utzitako bizilekuak aurkitzea; sarritan etxola baten aztarnak aurkitzen dira bakardaderik handienean, eta harrigarria gertatzen da lantzen hasitako lurrak zeharkatzea, aldi berean giza ahalmenaren eta aldakortasunaren lekuko baitira. Soro abandonatuon erdian, egun bateko hondakinon gainean, antzinako oihana laster ernaberritzen da; animaliak beren aginte-eremuaz jabetzen dira berriro. Natura irribarretsu etortzen da gizakiaren aztarnak adar berdez eta lorez estaltzera, eta honen arrasto iragankorrak desagertarazten lehiatzen da.
Gogoan dut, New Yorkeko estatuan oraindik ere badiren kantonamendu hutsetako bat zeharkatzean, munduaren hasieran bezala dena oihanez inguraturik zegoen laku-ertz batera iritsi nintzela. Uharte txiki bat zegoen uraren erdian. Bertan zegoen basoak, bere hostaia inguru guztian zabalduz, erabat estaltzen zizkion ertzak. Laku-ertzean ezerk ez zuen adierazten gizakiaren presentziarik; zerumugan bakarrik begiztatzen zen ke-adar bat: zuhaitzen gainetik hodeietaraino zuzen-zuzen zihoanez, gehiago zirudien zeru goitik zintzilika zegoela behetik gora zihoala baino.
Hondarretan botata indioen piragua bat zegoen; hura erabili nuen hasieratik nire begirada erakarri zuen uhartea bisitatzera joateko, eta laster nintzen beraren ertzean. Uharte osoa Mundu Berriko bakarleku zoragarri horietako bat zen, gizaki zibilizatuari ia basa bizitzaren irrika sortarazten dion horietakoa. Landaretza joriak bere miragarrien bidez zoruko aberastasun paregabeak iragartzen zituen. Ipar Amerikako basa eremu guztietan bezalaxe, isiltasun sakona zen han nagusi, pagausoen urruma monotonoak edo arbolen azalean okil berdeak emandako kolpeek bakarrik etena. Ez nukeen inola ere sinetsiko leku hura antzina jendeztatua egon zenik, naturak zeharo bere kasa utzia ematen baitzuen; baina, uhartearen erdira iristean, bat-batean gizakiaren aztarnak aurkitu nituela iruditu zitzaidan. Orduan arretaz aztertu nituen inguruko gauza guztiak, eta laster ziur egon nintzen europarren bat joana zela leku hartara babes bila. Baina zein itxuraldatua zegoen beraren egintza! Bere aterpea egiteko hark aspaldi presaka eraitsitako basoa ernaberritua zen gero; haren hesiak palaxu bilakatuak ziren, eta haren etxola basotxo bihurtua. Sastraka artean, sumatzen zen oraindik suak beztutako harririk, errauts-metatxo baten inguruan sakabanatuta; dudarik gabe, sukaldeari zegokion toki hura; tximiniak, behera erortzean, hondakinez estalia zeukan. Pixka batean isilik miretsi nituen naturaren baliabideak eta gizakiaren ahulezia; eta azkenean, leku liluratu haietatik aldendu behar izan nuenean, tristuraz errepikatzen nuen: "Horra! Hondakinak dagoeneko!"
Europan gizarte-arrisku handitzat jo ohi ditugu izpirituaren egonezina, aberastasunen irrika neurrigabea, independentzi zaletasun handia. Hain zuzen ere, gauza hauek guztiak dira errepublika amerikarrei etorkizun luze eta baketsua bermatzen dietenak. Grina urduri hauek gabe, jendetza halako leku batzuen inguruan bilduko litzateke, eta laster, gure artean bezalaxe, beharrizan asegaitzak sentituko lituzke. Zorioneko herrialdea Mundu Berria, non gizakiaren bizioak ia beraren bertuteak bezain onuragarri baitira gizartearentzat!
Honek eragin handia zertzen du bi hemisferioetan giza ekintzak epaitzeko eran. Sarritan amerikarrek industria laudagarri deitzen diote guk irabazi-nahia deritzogunari, eta haiek nolabaiteko bihotz-ahulezia ikusten dute guretzat desira-neurritasuna den horretan.
Frantzian gustu-sinpletasuna, ohitura-lasaitasuna, famili izpiritua eta jaioterriaren maitasuna, estatuarentzako lasaitasun eta zorionaren garantia handitzat hartzen dira; baina Amerikan ezerk ez dirudi gizartearentzako kaltegarriago horrelako bertuteek baino. Kanadako frantsesek, antzinako ohituren tradizioak zintzo gorde dituztenek, dagoeneko badute zailtasunik beren lurraldean bizitzeko, eta jaio berri den herri txiki hau ere laster harrapatuko dute nazio zaharretako miseria berberek. Kanadan jakintzargi, abertzaletasun eta gizatasun gehien dutenek ikaragarrizko ahaleginak egiten dituzte herria nazka dadin oraingoz aski zaion zorion sinple horretaz. Aberastasunaren abantailak ospatzen dituzte, agian gure artean kaxkarkeria zintzo baten xarmak laudatuko lituzketen bezalaxe, eta arreta handiagoa jartzen dute giza grinak akuilatzen beste alde batzuetan horiek baretzeko egiten den ahalegina baino. Aberriak behartsuari berari ere eskaintzen dizkion plazer garbi eta lasaien ordez, ongizateak atzerriko zerupean ematen dituen gozamen agorrak aukeratzea; gurasoen etxetik eta arbasoak dautzaneko lurretatik ihes egitea; aberastasunen atzetik lehiatzeko bizi direnak eta hildakoak bertan behera uztea, ez dago ezer gauza horiek baino laudagarriagorik haien ikuspegirako.
Gaur egun, Amerikak askoz ere esparru zabalagoak eskaintzen dizkio jendeari, ustiatzeko behar den industria baino.
Amerikan, beraz, ezingo litzateke jakintzargi gehiegi eman, zeren eta, jakintzargi guztiak, dauzkanarentzat onuragarri izan daitezkeen aldi berean, ez dauzkanarentzat probetxugarri ere bihurtzen baitira. Han ez dago zertan izan premia berrien beldur, eragozpenik gabe asetzen baitira behar guztiak. Han ez dago grina gehiegi sortarazteko beldur ere izan beharrik, grina guztiek aurkitzen baitute elikagai erraz eta osasuntsua; han ez dago gizakiak askeegi egiterik, ez baitute ia inoiz askatasunaz gaizki baliatzeko tentaziorik izaten.
Gaur egungo errepublika amerikarrak negoziolarien konpainiak bezala dira, Mundu Berriko lurralde hutsak amankomunean ustiatzeko eratuak eta gero eta oparoagoa den merkataritzan dihardutenak.
Amerikarrak sakonenean asaldatzen dituzten grinak merkataritza-grinak dira eta ez grina politikoak, edota, hobeto esateko, negozio-azturak eramaten dituzte politikara. Ordena maite dute, hau gabe ezingo luketelarik negozioek aurrera egin, eta bereziki baloratzen dute ohitura-erregulartasuna, familia onen oinarri dena; nahiago izaten dute zentzua, aberastasun handiak sortzen dituena, jeinua baino, honek sarritan xahutu egiten baititu. Ideia orokorrek izutu egiten dituzte haien izpirituak, kalkulu positiboetara ohiturik baitaude, eta haien artean praktika ohoratuagoa da teoria baino.
Amerikara joan behar da ulertzeko ongizate materialak zer-nolako boterea zertzen duen ekintza politikoen gain, baita iritzien beren gain ere, nahiz eta hauek arrazoiaren menpe bakarrik egon beharko luketen. Hau egia dela atzerritarren artean ohartzen da, batez ere. Europako migrari gehienek Mundu Berrira eramaten dute independentzia eta aldaketaren maitasun basati hau, gure ezbeharren artean hain sarri sortzen dena. Batzuetan aurkitzen nituen Estatu Batuetan iritzi politikoengatik aspaldi beren herrialdetik ihes egin beharra izan zuten europarrak. Guztiek uzten ninduten harrituta beren hizkeraz, baina batek txunditu ninduen beste guztiek baino gehiago. Pennsylvaniako barrutirik urrutienetako bat zeharkatzen ari nintzela, gauak harrapatu ninduen, eta landatzaile aberats baten etxera joan nintzen babes eske: frantsesa zen. Sutondoan eserarazi ninduen, eta solasean hasi ginen askatasun osoz, beren jaioterritik bi mila lekoatara baso baten barrenean elkarrekin topo egiten duen jendeari dagokion bezala. Nik banekien nire ostaria berdintasunaren oso aldekoa eta demagogo sutsua izana zela berrogei urte lehenago. Beraren izena historian geratua zen.
Beraz, izugarri harritu ninduen jabetza-eskubideaz ekonomilari batek -ia esan nuen jabe batek- bezalaxe hitz egiten zuela entzuteak; zoriak gizakien artean ezartzen duen beharrezko hierarkiaz hitz egin zuen, ezarritako legeari zor zaion obedientziaz, ohitura onek errepubliketan duten eraginaz, eta ideia erlijiosoek ordenari eta askatasunari ematen dieten laguntzaz. Oharkabean bezala, Jesukristoren aginpidea aipatzeraino iritsi zen, bere iritzi politiko baten alde.
Hari entzutean, giza arrazoiaren ahultasuna miresten nuen. Gauza bat egiazkoa ala gezurrezkoa da: nola jakin zientziaren ezbai eta esperientziaren irakaspen ezberdinen artean? Nire zalantza guztiak uxatzen dituen gauza berri bat gertatzen da. Behartsu nintzen, eta hona hemen aberastuta. Ongizateak, nire jokabidean eragitean, bereizmena aske utziko balit gutxienez! Baina ez, aberastasunarekin batera iritziak ere aldatu egin zaizkit, eta nire onurarako izan den zorioneko gertakarian aurkitu dut benetan ordura arte falta zitzaidan erabateko arrazoia.
Ongizatearen eragina are askeago zertzen da amerikarrengan atzerritarrengan baino. Amerikarrak beti elkarturik eta aldi berean ibiltzen ikusi izan ditu bere aurrean ordena eta oparotasun publikoa; ez zaio buruan sartzen bananduta egon daitezkeenik. Ez du, beraz, zertan ahaztu ezer, eta ez du zertan galdu, europar askok bezala, bere lehen hezkuntzan harturikoa.
Legeen eragina Estatu Batuetako errepublika demokratikoaren iraupenean
[aldatu]Errepublika demokratikoaren iraupenaren hiru arrazoi nagusi.- Forma federala.- Udal-erakundeak.- Botere judiziala.
Liburu honen helburu nagusia Estatu Batuetako legeak ezagutaraztea zen; helburu hori lortu baldin badut, dagoeneko irakurleak berak erabakia izango du lege horien artean zeintzuk diren errepublika demokratikoaren iraupenerako benetan lagungarri direnak eta zeintzuk arriskuan jartzen dutenak. Liburu osoan zehar hau ez badut lortu, are gutxiago kapitulu batean.
Ez dut, beraz, berriro abiatu nahi dagoeneko egina dudan bidetik, eta lerro banaka batzuk aski izango dira laburtzeko.
Badirudi hiru gauza direla Mundu Berrian beste guztiak baino lagungarriago errepublika demokratikoaren iraupenerako:
Lehena, amerikarrek onartu duten forma federala, horrela Batasuna gai baita errepublika handi baten boterea izateko, baita txikiaren segurtasuna ere.
Bigarrena, gehiengoaren despotismoa eztitzen duten udal-erakundeak, herriari askatasun-zaletasuna eta, aldi berean, aske izateko artea ematen diotenak.
Hirugarrena botere judizialaren eraketa da. Erakutsi dut zenbateraino balio duten auzitegiek demokraziaren desbiderapenak zuzentzeko, eta, gehiengoaren mugimenduak inoiz geldiaraztera iritsi gabe, nola lortzen duten horiek mantsotu eta gidatzea.
Ohituren eragina errepublika demokratikoak iraun dezan Estatu Batuetan
Esan dut gorago ohiturak iruditzen zitzaizkidala Estatu Batuetan errepublika demokratikoari iraunarazten dioten kausa orokor handietariko bat.
Hemen ohiturak esatean, antzinakoek mores hitzari ematen zioten zentzuan hartzen dut; ez diet ohitura-ohiturei bakarrik aplikatzen, bihotz-azturak dei daitezkeenei alegia, baita gizakien nozio ezberdinei, beraien artean dabiltzan iritzi ezberdinei eta izpirituaren azturak eratzen dituzten ideia guztiei ere.
Hitz honetan, beraz, herri baten egoera moral eta intelektual osoa sartzen dut. Nire helburua ez da ohitura amerikarren deskribapena egitea; haien artean erakunde politikoen iraupenerako mesedegarri dena ikertzera mugatzen naiz une honetan.
Erlijioak, erakunde politikotzat harturik, zelako balio indartsua duen amerikarren artean errepublika demokratikoari iraunarazteko
Ipar Amerika, kristautasun demokratiko eta errepublikarra zeukatenek jendeztatua.- Katolikoen etorrera.- Gaur egun zergatik osatzen duten katolikoek klaserik demokratikoen eta errepublikarrena.
Erlijio bakoitzaren ondoan iritzi politiko bat egoten da, kidetasunez berari atxikia dagoena.
Utziozue giza izpirituari bere joerari jarraitzen, eta era bat berean arautuko ditu gizarte politikoa eta jainko-hiria; ausartzen banaiz esatera, lurra zeruarekin harmonizatzen saiatuko da.
Amerika ingelesaren zatirik handiena jendeztatu zutenak, aita santuaren aginpidetik ihes egin ondoren, inolako erlijio-nagusitasunen menpe egon gabeak ziren; hortaz, Mundu Berrira eraman zuten kristautasuna, demokratikoa eta errepublikarra zela esanda baino hobeto ezingo nuke azaldu, eta hau bereziki lagungarria gertatu zen arazo publikoetan errepublika eta demokrazia ezartzeko. Hasieratik, politika eta erlijioa bat etorri ziren, eta geroztik horrela jarraitu dute beti.
Gutxi gora-behera duela berrogeita hamar urte hasi zen Irlanda jendetza katolikoa Estatu Batuetara bidaltzen. Bere aldetik, katolizismo amerikarrak proselitoak egin zituen. Gaur egun Batasunean milioi bat kristau baino gehiagok aitortzen ditu Erromako elizaren egiak.
Katoliko hauek leialtasun handikoak dira beren kultu-egintzetan, eta gogobero eta sugartsuak beren sineskizunekiko; hala ere, Estatu Batuetan dagoen klaserik errepublikarren eta demokratikoena osatzen dute. Hau harrigarria gertatzen da lehen begiratuan, baina hausnartuz gero erraz aurkitzen dira ezkutuko kausak.
Erlijio katolikoa demokraziaren berezko etsaitzat hartzea okerra dela iruditzen zait. Aitzitik, kristau-doktrina ezberdinen artean, katolizismoa iruditzen zait baldintza-berdintasunaren aldekoenetako bat. Katolikoen artean, gizarte erlijiosoa bi elementuz bakarrik osatzen da: apaiza eta herria. Apaiza bakarrik dago fededunen gainetik; beraren azpian dena berdina da.
Dogma-gaietan, katolizismoak maila berean jartzen ditu adimen guztiak; sineskizun berberen xehetasunetara makurrarazten ditu jakintsua nahiz ezjakina, jeinu handia nahiz pertsona arrunta; praktika berberak ezartzen dizkio aberatsari zein behartsuari, laztasun berberak jasanarazten ahaltsuari edo ahulari; ez dio trikimainarik onartzen inori eta, gizaki guztiei neurgailu bera aplikatzean, gizarte-klase guztiak aldare beraren aurrean nahastea gustatzen zaio, Jainkoaren aurrean nahasturik dauden bezalaxe.
Katolizismoak fededunak obedientziara bideratzen baditu ere, ez ditu ezberdintasunerako prestatzen. Kontrakoa esango nuke protestantismoaz, honek orokorrean independentziara baino askoz gutxiago eramaten baitu jendea berdintasunera.
Katolizismoa monarkia absolutu bat bezala da. Kendu printzea, eta baldintzak errepubliketan baino berdinagoak dira horietan.
Sarritan gertatu izan da apaiz katolikoa santutegitik irten dela gizartean botere bat bezala sartzeko, eta gizarte-hierarkiaren erdian eseri dela; horrelakoetan, batzuetan, bere eragin erlijiosoaz baliatu da ordena politiko baten iraupena ziurtatzeko, bera ere ordena horretako partaide izanik. Halaber, orduan ikusi ahal izan dira katoliko batzuk aristokraziaren alde, erlijio-izpirituz.
Baina behin apaizak gobernutik aldenarazi ondoren edo berez aldendu ondoren, Estatu Batuetan bezala, ez dago pertsonarik, bere sineskizunengatik, katolikoak bezain prest dagoenik baldintza-berdintasunaren ideia politika-arlora ekartzeko.
Nahiz eta Estatu Batuetako katolikoak ez izan beren sineskizunen izaeragatik iritzi demokratiko edo errepublikarretara bortizki eramanak, berez ez dira behintzat hauen aurkako ere, eta beren gizarte-posizioak eta kopuru txikiak lege bihurtzen diete horiek onartzea.
Katoliko gehienak behartsuak dira, eta hiritar guztien gobernua behar dute eurak ere gobernura iristeko. Katolikoak gutxiengo dira, eta eskubide guztiak errespetatzea behar dute beren eskubideak aske erabili ahal izango dituztela ziurtatzeko. Bi kausa hauek bultza egiten diete, konturatu ere egin gabe, doktrina politiko jakin batzuetarantz, aberats eta gehiengo izango balira hain gogo beroz onartuko ez lituzketenak agian.
Estatu Batuetako klero katolikoa ez da saiatu joera politiko horren kontra borrokatzen; gehiago ahalegintzen da justifikatzen. Amerikako apaiz katolikoek bitan zatitu dute adimen-mundua: batean dogma errebelatuak utzi dituzte, eztabaidatu gabe onartuz; bestean egia politikoa ezarri dute, eta pentsatzen dute gizakiek libre ikertu dezaten utzi duela Jainkoak. Honela, Estatu Batuetako katolikoak fededunik menpekoenak eta hiritarrik independenteenak dira aldi berean.
Esan daiteke, beraz, Estatu Batuetan ez dagoela erlijio-doktrina bakar bat ere erakunde demokratiko eta errepublikarren kontra agertzen denik. Han klero guztiek dute hizkera bera; han iritziak bat datoz legeekin, eta, nolabait esateko, ez dago korronte bakarra baino giza izpirituan.
Behin-behinean Batasuneko hiririk handienetako batean bizi nintzela, bilera politiko batera gonbidatu ninduten; poloniarrei laguntzeko helburua zuen, armak eta dirua bidaliz.
Bizpahiru mila pertsona aurkitu nituen beraientzako prestatua izan zen areto zabal batean. Laster, apaiz bat, bere eliz jantziekin, hizlarientzako zegoen mintzalekura aurreratu zen. Bildutakoak, kapelak kendu ondoren, zutik gelditu ziren isilik, eta honela hitz egin zuen apaizak:
"Jainko Ahalguztiduna! Armaden Jainkoa! Zuk, gure gurasoak independentzia nazionalaren alde ari zirenean, beraien bihotzari eutsi eta besoa gidatu zenuen horrek; zuk, zapalkuntza higuingarriaren gain garaipena, eta gure herriari bakearen eta askatasunaren onura eman diozun horrek; oi Jauna!, begira ezazu onginahiz beste hemisferiorantz; begiraiozu errukiz herri heroiko bati, guk antzina egin genuen bezalaxe eta eskubide berberen alde gaur egun borrokan ari den herriari! Jauna, gizaki guztiak eredu beraren arabera egin dituzuna, ez ezazu onar despotismoak zure egintza desitxuratu eta lurgainean desberdintasunari iraunaraztea. Jainko ahalguztiduna! Zain ezazu poloniarren destinoa, egin itzazu aske izateko duin; izan bedi zure jakinduria nagusi haien batzarretan, eta bego zure indarra haien besoetan; zabaldu izua haien etsaien gain, sakabana itzazu haien hondamendia nahi duten botereak, eta ez utzi berrogeita hamar urteotan munduak ikusi duen bidegabekeria orain burutzen. Jauna, herrien nahiz gizakien bihotza zure esku ahaltsuan daukazun horrek, sortaraz itzazu bidezko eskubidearen kausa sakratuaren aliatuak; altxa dadila azkenean nazio frantsesa eta, buruzagiek eragindako lozorrotik ateraz, berriro ere borroka dadila munduko askatasunaren alde.
"Oi Jauna! Ez iezaguzu inoiz zure aurpegia ezkuta, eta izan gaitezela beti herririk erlijiotsuena eta askeena.
"Jainko ahalguztiduna, entzun gaur gure otoitza; salba poloniarrak. Gizaki guztion salbamenerako gurutzean hil zen zure seme maitearen, Jesukristo gure Jaunaren, izenean eskatzen dizugu. Amen".
Batzar osoak amen errepikatu zuen barne-bildutasun handiz.
Estatu Batuetako gizarte politikoan erlijio-sineskizunek duten zeharkako eragina
Kristautasunaren morala, sekta guztietan dagoena.- Erlijioaren eragina amerikarren ohituretan.- Ezkon-loturarekiko begirunea.- Nola ixten duen erlijioak amerikarren irudimena muga batzuen barnean eta nola moderatzen duen beraien berritzeko grina.- Amerikarren iritzia erlijioaren erabilgarritasun politikoaz.- Egiten dituzten ahaleginak erlijioaren agintea hedatu eta ziurtatzeko.
Oraintxe azaldu dut erlijioak politikan duen zuzeneko eragina Estatu Batuetan. Are indartsuagoa iruditzen zait berorren zeharkako eragina, eta askatasunaz hitz egiten ez duenean orduan irakasten die ongien amerikarrei aske izateko artea.
Sekta-kopuru ikaragarria dago Estatu Batuetan. Guztiek iritzi ezberdinak dituzte Egileari eman behar zaion kultuaz, baina denak bat datoz gizakiek elkarrenganako dituzten eginbeharretan. Beraz, sekta bakoitzak bere erara gurtzen du Jainkoa, baina sekta guztiek moral berbera predikatzen dute Jainkoaren izenean. Gizabanakoarentzat bere erlijioa egiazkoa izatea oso garrantzizkoa bada ere, ez da hori horrela gizartearentzat. Gizarteak ez du beste bizitzaren inolako beldur edo itxaropenik; eta gehien axola zaiona ez da hiritarrek egiazko erlijioari jarraitzea, erlijioren bat izatea baizik. Bestalde, Estatu Batuetako sekta guztiek bat egiten dute kristau-batasun handian, eta kristautasunaren morala berbera da alde guztietan.
Zilegi da pentsatzea amerikar batzuek, Jainkoari ematen dioten kultuan, beren uste sendoei baino gehiago azturei jarraitzen dietela. Bestalde, Estatu Batuetan aginte subiranoa erlijiosoa da, eta ondorioz hipokresia gauza arrunta izan behar; baina, hala ere, Amerikan du kristau-erlijioak arimen gain beste inon baino ahalmen handiagoa; eta gizakiarentzat zein onuragarri eta naturala den, beste ezerk baino hobeto erakusten du honek: gaur egun erlijio horrek aginte handiena duen herrialdea da aldi berean ilustratuena eta askeena ere.
Esan dut apaiz amerikarrak askatasun zibilaren aldeko direla orokorki, erlijio-askatasuna onartzen ez dutenak ere salbuetsi gabe; hala ere, ez diote beren laguntza inolako sistema politikori bereziki ematen. Arazo publikoetatik kanpo gelditzeaz arduratzen dira, eta ez dira alderdien jokoan sartzen. Ezin da esan, beraz, Estatu Batuetan erlijioak legeetan eragiten duenik, ezta iritzi politikoen xehetasunetan ere, baina bai ohiturak gidatzen dituela, eta familia arautuz lan egiten duela Estatua arautzen.
Ez dut inolako zalantzarik Estatu Batuetan nabari den ohitura-zorroztasunak sineskizunetan duela bere lehen sorburua. Han sarritan erlijioak ezin izaten dio gizakiari eutsi, zoriak aurkezten dizkion tentazio ugarien erdian. Ezin du gauza guztiek akuilatzen duten aberasteko irrika hori baretu, baina erabateko nagusitasuna du emakumearen ariman, eta emakumea da ohiturak egiten dituena. Amerika da ziur aski ezkon-loturarekiko begirunerik handiena duen munduko herrialdea, eta ezkon-zorionaren ideia goren eta zuzenena duena.
Europan gizarteko desordena ia guztiak etxe inguruan sortzen dira, eta ez ezkon-ohetik urrun. Jendeari hor bururatzen zaizkio berezko loturen eta zilegizko plazerren mesprezua, desordenaren zaletasuna, bihotz-kezka eta desiren egonkortasunik eza. Bere egoitza sarri nahaspilatu duten grina zalapartatsuek asaldatua, europarra gogoz kontra baino ez da jartzen Estatuko botere legegileen menpe. Amerikarra politika-arloko asalduretatik irten eta familiaren baitara itzultzen denean, han ordenaren eta bakearen irudia aurkitzen du berehala. Han plazer guztiak xume eta naturalak dira, pozak hobengabe eta bareak; eta zoriontasunera bizitzako erregulartasunez iristen denez, nekerik gabe ohitzen da bere gustuak eta iritziak ere arautzera.
Etxeko atsekabeetatik ihes egiteko europarra gizartea astintzen saiatzen den bitartean, amerikarrak ordenaren maitasuna aurkitzen du bere egoitzan, ondoren estatu-arazoetara pasarazten duena.
Estatu Batuetan, erlijioak ez ditu ohiturak bakarrik arautzen, baita adimenaren gain ere hedatzen du bere agintea.
Angloamerikarren artean, batzuek sinesten dutelako aitortzen dituzte kristau-dogmak, beste batzuek sinesten ez duten itxura ematearen beldur direlako. Kristautasuna nagusi da eragozpenik gabe, guztiek aitortzen dute eta; ondorioz, beste nonbait esan dudan bezala, dena ziur eta tinkoa da moralaren arloan, nahiz eta politika-arloak badirudien jendearen eztabaida eta probetara utzia dagoela. Honela, giza izpirituak sekula ez du bere aurrean mugarik gabeko alorrik ikusten. Edozelakoa izanik ere bere ausardia, hesi gaindigaitzen aurrean gelditu egin behar duela sumatzen du noizean behin. Berritzen hasi aurretik, beharturik dago oinarrizko printzipio batzuk onartzera eta bere ideiarik gogorrenak mantsotu eta geldiarazten dizkioten forma jakin batzuen menpe jartzera.
Amerikarren irudimena, bere gehiegikeriarik handienetan ere, ziurtasunik gabea izango da, baina zuhurra; ibilera oztopotsua du, eta egintzak osagabeak. Moderazio-aztura hauek gizarte politikoan aurkitzen dira berriro, eta bereziki mesedegarriak dira herriaren lasaitasunerako, baita bere buruari eman dizkion erakundeen iraupenerako ere. Naturak eta zirkunstantziek ausarti bihurtua zuten Estatu Batuetako biztanlea; erraz froga daitekeen gauza da, aberastasunaren atzetik nola joaten den ikusiz. Amerikarren izpiritua traba guztietatik libre balego, laster aurkituko lirateke beraien artean munduko berritzailerik gogorrenak eta munduko logikaririk zorrotzenak. Baina Amerikako iraultzaileak beharturik daude kristau-moral eta ekitatearekiko halako begirune bat nabariki aitortzera, eta honek ez die uzten legeak erraz hausten beraien egitasmoen kontrakoak direnean; eta beren eskrupuluen gainetik jartzeko gai balira, hala ere beretarren eskrupuluek geldiarazita sentituko lirateke. Gaur arte inor ez da aurkitu Estatu Batuetan maxima hau aldarrikatzera ausartu denik: dena zilegi da gizartearen interesagatik. Fedegabeen maxima, askatasun-mende batean asmatua dirudiena, etorkizuneko tirano guztiak legitimatzeko.
Honela, bada, herri amerikarrari legeak dena egiten uzten dion bitartean, erlijioak edozer gauza asmatzea eragozten dio eta edozertara ausartzea galarazten.
Erlijioa, gizartearen gobernuan zuzenean sekula nahasten ez dena amerikarren artean, berauen erakunde politikoetako lehenengotzat jo behar da; zeren eta, askatasun-zaletasuna ematen ez badie ere, berorren erabilera behintzat asko errazten baitie.
Halaber, ikuspegi honetatik ikusten dituzte erlijio-sineskizunak Estatu Batuetako biztanleek berek. Nik ez dakit amerikar guztiek fedea duten beren erlijioan, zeren eta, nork irakur ditzake bihotz-barrenak? Baina ziur nago beharrezkotzat jotzen dutela erakunde errepublikarrei iraunarazteko. Iritzi hau ez dagokio hiritar-klase edo alderdi bati, nazio osoari baizik; maila guztietan aurkitzen da.
Estatu Batuetan politikari batek sekta bati erasotzen badio, hau ez da arrazoi sekta horren aldekoek bera ez laguntzeko; baina sekta guztiei batera erasotzen badie, ihes egingo diote guztiek eta bakarrik geldituko da.
Amerikan nengoen bitartean, lekuko bat agertu zen New York estatuan dagoen Chester Konderriko auzitegian eta Jainkoaren izatean eta arimaren hilezkortasunean berak ez zuela sinesten aitortu zuen. Lehendakariak ez zuen haren zin-hitza kontuan hartu, zeren eta, esan zuenez, lekukoak suntsitua baitzuen aurrez bere hitzek izan zezaketen sinesgarritasun guztia198. Egunkariek komentariorik gabe eman zuten gertakariaren berri.
Amerikarrek beren izpirituan hain osoro nahasten dituztenez kristautasuna eta askatasuna, ia ezinezkoa gertatzen da haiei bata bestea gabe ulertaraztea; eta beraientzat ez da iraganak orainari legatzen dion sineskizun antzu horietako bat, bizirik baino gehiago arimaren barrenean lozorroan dagoela dirudien horietako bat.
Ikusi ditut amerikar batzuk elkar hartzen, mendebaldeko estatu berrietara apaizak bidali eta han eskolak eta elizak sortzeko; beldur dira erlijioa ez ote den basoen erdian galduko, eta sortuko den herria ezingo ote den abiapuntukoa bezain askea izan. Aurkitu dut Ingalaterra Berriko jende aberatsa, bere jaioterria utzia zuena, kristautasun eta askatasunaren oinarriak ezarri nahirik Missouri ertzera edo Illinoiseko zelaietara joateko helburuaz. Honela erlijio-garra etengabe berotzen da Estatu Batuetan abertzaletasunaren baitan. Pentsatuko duzue jende honek beste bizitzaz oroituz bakarrik diharduela, baina oker zaudete: betiko bizitza ez da haien arduretariko bat baino. Kristau-zibilizazioaren misiolari hauei galdetzen badiezue, zeharo harrituta geldituko zarete mundu honetako ondasunez hain sarri hitz egiten entzutean, eta erlijiosoak bakarrik zeudela uste zenutenean jende politikoarekin topo egitean. "Errepublika amerikar guztiak solidarioak dira elkarren artean", esango dizuete; "mendebaldeko errepublikak anarkian edo despotismoaren uztarpean jausiko balira, Atlantiar ozeanoren ertzetan loratzen diren erakunde errepublikarrak arrisku larrian egongo lirateke; interesatzen zaigu, beraz, estatu berriak erlijiozale izatea, guk aske izaten jarraitu ahal izateko".
Horra hor amerikarren iritziak; baina nabaria da haien okerra: egunero ikusten dut oso argi dena ongi dagoela Amerikan, miresten dudan erlijio-izpiritu horixe izan ezik, hain zuzen; eta esaten didate Ozeanoaz bestaldeko giza espeziearen askatasun eta zorionari falta zaion gauza bakarra, Spinozarekin batera munduaren betikotasunean sinestea dela, eta, Cabanisekin batera, zerebroak pentsamendua jariatzen duela sinestea. Egia esan, honi ez daukat ezer erantzuteko, salbu horrela hitz egiten dutenak ez direla Amerikan egon eta ez dutela inoiz herri erlijiosorik, ez herri askerik ikusi. Handik itzultzen direnean, zain izango naute, beraz.
Bada jendea Frantzian erakunde errepublikarrak bere handitasunaren tresna igarokortzat hartzen dituena. Horiek bistaz neurtzen dute beren bizio eta ezbeharrak botere eta aberastasunetatik banatzen dituen tarte itzela, eta leize horretan hondakinak pilatu nahiko lituzkete betetzen saiatzeko. Hauek askatasunarekiko Erdi Aroko konpainia mertzenarioak erregeekiko bezala dira; beren kontura egiten dute gerra, nahiz eta haren ikurrak eraman. Errepublika beti biziko da horiek oraingo beheralditik ateratzeko behar hainbat luze. Ez natzaie horiei mintzo. Baina badira beste batzuk errepublikan egoera iraunkor eta lasaia ikusten dutenak -beharrezko helmuga bat, ideiak eta ohiturek egunero helmuga horretarantz herrestatzen dituztelarik gizarte modernoak-, eta horiek jendea aske izateko prestatu nahiko lukete benetan. Hauek erlijio-sineskizunei erasotzen dietenean, beren grinei jarraitzen diete eta ez beren interesei. Federik gabe iraun dezakeen despotismoa da, baina ez askatasunik gabe. Erlijioa askoz beharrezkoagoa da goresten duten errepublikan erasotzen duten monarkian baino, eta errepublika demokratikoetan beharrezkoagoa gainerako guztietan baino. Nola egon gizartea galbideratu gabe, lotura politikoa lasaitzen den bitartean lotura morala ez bada estutzen? Eta zer egin bere buruaren jabe den herri batekin, Jainkoaren menpe ez baldin badago?
Amerikan erlijioa ahaltsu bihurtzen duten kausa nagusiak
[aldatu]Eliza eta Estatua banatzeko amerikarrek hartu zituzten neurriak.- Legeek, iritzi publikoak, apaizen beren ahaleginek ere emaitza horretarako laguntzen dute.- Kausa honi egotzi behar zaio Estatu Batuetan erlijioak arimetan duen ahalmena.- Zergatia.- Zein den gaur egun gizakien egoera naturala erlijio-gaietan.- Zein kausa partikular eta akzidentalek eragozten duen, zenbait herrialdetan, jendea egoera horretara moldatzea.
XVIII. mendeko filosofoek oso erraz azaltzen zuten zergatik ari ziren sineskizunak poliki-poliki indarra galtzen. Haiek ziotenez, erlijio-garra itzali egingo da askatasuna eta jakintzargiak gehitu ahala. Tamalgarria da egitateak bat ez etortzea teoria horrekin.
Europako jendetza baten fedegabetasuna bere zabarkeria eta ezjakintasunaren pareko bakarrik da, eta Amerikan, berriz, munduko herririk aske eta ilustratuenetako bat ikusten da erlijioaren kanpo-eginbehar guztiak gogo beroz betetzen.
Estatu Batuetara iritsi nintzenean, herrialdearen alde erlijiotsuak harritu ninduen lehenik. Egonaldia luzatu ahala, egitate berri hauen ondorio politiko handiez jabetuz joan nintzen.
Gure artean ikusiak nituen erlijio-izpiritua eta askatasun-izpiritua ia beti kontrako zentzuan ibiltzen. Amerikan elkarri estu-estu loturik aurkitu nituen, eta biek batera agintzen zuten lurralde berean.
Fenomeno hau zerk eragiten zuen jakiteko gogoa areagotuz joan zitzaidan egunetik egunera.
Horretarako, erlijio-elkarte guztietako partaideak itaundu nituen; apaizen lagundia bilatu nuen, batez ere, hauek zaintzen baitute hainbat sineskizunen gordailua, eta interes pertsonala dute horrek iraun dezan. Neuk aitortzen dudan erlijioak klero katolikora hurbildu ninduen bereziki, eta laster lortu nuen halako barne-kidetasun bat beraietako zenbaitekin. Nire harridura agertu eta zalantzak agertzen nizkion bakoitzari. Pertsona haiek guztiak xehetasunetan bakarrik ezberdintzen zirela ohartu nintzen; baina, batez ere, Elizaren eta Estatuaren erabateko banaketari egozten zioten guztiek herrialde hartan erlijioak duen aginte baketsua. Ez naiz beldur esateko, Amerikan egin nuen egonaldian ez nuela pertsona bakar bat ere aurkitu, apaiz edo laiko, puntu honetan bat ez zetorrenik.
Honek eraman ninduen ordura arte baino arretatsuago aztertzera apaiz amerikarrek gizarte politikoan duten posizioa. Harriduraz konturatu nintzen ez zutela inolako kargu publikorik egikaritzen199. Ez nuen bakar bat ere administrazioan aurkitu, eta batzarretan ere ez zeudela ordezkatuta ohartu nintzen.
Zenbait estatutan legeak ixten zien karrera politikoa200; gainerako guztietan iritzi publikoak.
Azkenean, kleroaren beraren izpiritua ikertzeari ekin nionean, ohartu nintzen kiderik gehienak beren borondatez urrundu bide zirela boteretik, eta halako harrotasun profesional bat zutela boterearekiko arrotz irautean.
Gutiziaren eta fede txarraren aurka anatema botatzen zuten, edozelakoak izanik ere horiek estaltzeko erabilitako iritzi politikoak. Baina, haiei entzunez, ikasi nuen jendea ezin daitekeela Jainkoaren aurrean kondenatu iritzi horiengatik, zintzoak direnean behintzat, eta ez dela bekatu handiagoa gobernu-gaietan huts egitea, egoitza bat eraiki edo ildo bat egiteko eran huts egitea baino.
Alderdi guztietatik arretaz urruntzen ikusi nituen, eta horiekiko harremanetatik ihes egiten interes pertsonalaren berotasunez.
Egitate hauek, egia esan zitzaidala frogatu zidaten azkenean. Orduan egitateetatik kausetara jo nahi izan nuen: galdetu nion neure buruari nola ote zitekeen erlijio baten itxurazko indarra ahultzean beraren benetako boterea indartzea, eta hau aurkitzea ezinezkoa ez zela uste izan nuen.
Hirurogei urteko tarte laburrak sekula ez du gizakiaren irudimen osoa bere baitan hartuko; mundu honetako gozamen osagabeek ez dute inoiz beraren bihotza asebeteko. Izaki guztien artetik, gizakiak bakarrik erakusten du berezko atsekabea existentziarekiko, baita egundoko irrika ere existitzeko: bizia mesprezatzen du eta ezerezaren beldur da. Instintu ezberdin hauek etengabe bultzatzen diote arima beste mundu baten kontenplaziorantz, eta erlijioak gidatzen du horretara. Beraz, itxaropenaren forma berezia baino ez da erlijioa, eta itxaropena bera bezain berezkoa zaio giza bihotzari. Adimenaren nolabaiteko aberrazioagatik eta bere izaeraren gain zerturiko nolabaiteko bortxa moralaren laguntzaz urruntzen da jendea erlijio-sineskizunetatik; joera garaitezin batek eramaten ditu berriro horietara. Fedegabetasuna ustegabeko zerbait da; fedea da gizadiaren egoera iraunkor bakarra.
Erlijioak giza ikuspegi hutsetik bakarrik kontuan hartzean, esan daiteke erlijio guztiek gizakiagandik beragandik ateratzen dutela sekula faltako ez zaien indar-elementu bat, giza izaera osatzen duten printzipioetako bati dagokio eta.
Badakit garai batzuetan erlijioak, berea duen eragin honi, legeen botere artifiziala eta gizartea gidatzen duten botere materialen laguntza erants diezazkiokeela. Ikusi dira erlijioak munduko gobernuekin estu-estu lotuak, aldi berean izuaren eta fedearen bidez arimak menperatzen; baina erlijio batek horrelako elkargoa egiten duenean, beldurrik gabe esango dut, pertsona batek egin lezakeen bezala jokatzen du: etorkizuna orainaren aurrean sakrifikatzen du, eta berari ez dagokion boterea lortzean, arriskuan jartzen du bere legezko boterea.
Erlijio batek bere agintea gizaki guztien bihotza era berean atsekabetzen duen hilezkortasun-irrikan bakarrik oinarritu nahi duenean, unibertsaltasuna nahi izan dezake; baina gobernuren batekin batu nahi duenean, herri batzuei bakarrik aplika dakizkiekeen maximak hartu behar izaten ditu. Honela, bada, botere politiko batekin elkartzean, erlijioak bere boterea gehitzen du batzuen gain, eta guztien nagusi izateko itxaropena galtzen du.
Erlijioak, atsekabe guztien kontsolamendu diren sentipenen gain oinarritzen den neurrian bakarrik, beregana lezake gizadiaren bihotza. Mundu honetako grina garratzetan nahasturik, batzuetan ez maitasunak baizik eta interesak eman dizkion aliatuak defendatzera beharturik egoten da, eta etsaitzat errefusatu behar izaten ditu oraindik ere bera maite dutenak sarri, nahiz eta berarekin elkartutakoen kontra borrokan jardun. Erlijioa ezin da gobernarien indar materialaren parte izan, hauek sortarazten dituzten gorrotoetako batzuk bere gain hartu gabe.
Ongien ezarrita diruditen botere politikoek beren iraupenaren garantiatzat ez dituzte belaunaldi baten iritziak baino, mende baten interesak, pertsona baten bizitza sarritan. Lege batek aldatu egin dezake behin-betikoena eta finkatuena dirudien gizarte-egoera, eta honekin dena aldatzen da.
Gizarteko botereak gehixeago edo gutxixeago guztiak dira iheskorrak, gure urteak lurgainean bezalaxe; bizkor joaten dira batzuk besteen ondoren, bizitzako ardurak bezalaxe; eta sekula ez da ikusi giza bihotzaren jarrera aldaezin baten gainean ezarritako gobernurik, edo interes hilezkorren batean oinarritu ahal izan denik.
Horregatik, erlijio batek bere indarra historiako aro guztietan era berean birsortzen ikusten diren sentimendu, sen eta grinetan aurkitzen duen bitartean, aurre egiten dio denboraren hondamenari, edo behintzat beste erlijio batek bakarrik suntsi lezake. Baina erlijioak mundu honetako interesetan oinarritu nahi duenean, munduko botere guztiak bezain hauskor bihurtzen da ia. Bera bakarrik, espero lezake hilezkortasuna; botere igarokorrekin elkartuta, hauen zoriari jarraitzen dio eta berauen euskarri diren grina pasakorrekin batera erortzen da sarritan.
Botere politiko ezberdinekin elkartzean, erlijioak elkargo astuna hartzen du bere gain. Ez du botere horien laguntza beharrik bizi ahal izateko, eta horien zerbitzura jartzean hil egin daiteke.
Aipatu berri dudan arriskua garai guztietan dago, baina ez da beti hain erraz ikusten.
Mende batzuetan gobernuek hilezkorrak dirudite, eta beste batzuetan gizartearen existentzia gizaki batena baino ere hauskorragoa dela esan liteke.
Konstituzio batzuek halako lozorro sakon batean edukitzen dituzte hiritarrak, eta beste batzuek zalaparta bizian ibilarazten.
Gobernuek hain indartsu eta legeek hain egonkor ematen dutenean, jendea ez da ohartzen erlijioak, boterearekin elkartzean, jasan lezakeen arriskuaz.
Gobernuak hain ahul eta legeak hain aldakor agertzen direnean, guztiek ikusten dute arriskua, baina sarritan ez da astirik egoten arriskuari ihes egiteko. Beraz, urrutitik hautematen ikasi behar da.
Nazio batek gizarte-egoera demokratikoa bereganatu eta gizarteak errepublikarantz jotzen ikusten direnean, gero eta arriskutsuagoa gertatzen da erlijioa agintearekin lotzea; zeren eta hurbiltzen ari baita boterea eskuz esku igaroko den garaia, teoria politikoak elkarren ondoren pasatuko direnekoa, pertsonak, legeak eta konstituzioak berak egunez egun desagertu edo aldatu egingo direnekoa, eta hau ez aldi batez bakarrik, etengabe baizik. Asaldura eta ezegonkortasuna errepublika demokratikoen izaeran daude, higiezintasuna eta lozorroa monarkia absolutuen lege diren bezalaxe.
Amerikarrek, estatu-burua lau urtez behin aldatzen dutenek, bi urtez behin legegile berriak aukeratu eta administratzaile probintzialak urtero ordezten dituztenek; amerikarrek, politika-arloa berritzaileen saiakuntzen menpe utzi dutenek, ez balute beren erlijioa nonbait politikatik kanpo utzi izan, erlijio horrek zeri heldu ahal izango ote lioke giza iritzien atzera-aurreretan? Alderdi-borrokaren erdian, non geldituko ote litzateke zor zaion begirunea? Eta zer izango litzateke berorren hilezkortasuna, bere inguruan dena galdutakoan?
Apaiz amerikarrak beste guztiez baino lehen ohartu dira egia honetaz, eta beronetara moldatzen dute beren jokabidea. Eragin erlijiosoari uko egin beharra dagoela ikusi dute, botere politikoa lortu nahi izanez gero; eta nahiago izan dute boterearen laguntza galtzea, beronen gora-beheretan parte izatea baino.
Amerikan erlijioa ez da agian garai batzuetan eta herri jakin batzuetan izan den bezain ahaltsua, baina iraunkorragoa du bere eragina. Bere indarretara mugaturik dago, inork kendu ezin dizkion indarretara; zirkulu baten barruan bakarrik dihardu, baina guzti-guztian ibiltzen da eta esfortzurik gabe agintzen du bertan.
Alde guztietatik sortzen diren oihuak entzuten ditut Europan; sineskizunik eza deitoratzen da, eta erlijioari antzina zuen boteretik pixka bat nola itzul ote dakiokeen galdetzen da.
Lehen-lehenik, gaur egun erlijio-kontuetan gizakion egoera naturalak nolakoa izan beharko lukeen ikertu behar dela iruditzen zait. Orduan zer espero dezakegun eta zeren beldur izan behar dugun jakinik, argi eta garbi ikusiko dugu zein helburutarantz jo behar duten gure ahaleginek.
Bi arrisku handiren mehatxupean dago erlijioen izatea: zismen eta axolagabeziarenean.
Erlijio-gartsutasunezko mendeetan, batzuetan jendeak bertan behera uzten du erlijioa, baina honen uztarpetik ihes egitean beste baten menpe jartzeko izaten da. Fedea gaiz aldatzen da, baina ez da hiltzen. Orduan maitasun sutsuak edo gorroto amorratuak sortarazten ditu bihotz orotan antzinako erlijioak: batzuek suminduta lagatzen dute, besteak gogo-berotasun berriz atxikitzen zaizkio. Sineskizunak ezberdinak dira, erlijiogabetasuna ezezaguna.
Baina ez da gauza bera gertatzen erlijio-sinesmenaren kontra zenbait doktrinak, negatiboak deituko ditudanak, beren azpilana egiten dutenean, zeren eta, erlijio baten faltsutasuna baieztatu arren, ez baitute beste baten egiazkotasunik ezartzen.
Orduan, iraultza miragarriak zertzen dira giza izpirituan, itxuraz behintzat gizakiak bere grinez lagundu gabe eta, nolabait esateko, ohartu ere egin gabe. Ahaztuz bezala, beren itxaropen-gairik kuttunenari ihes egiten uzten dioten pertsonak ikusten dira. Korronte sumaezin batek arrastaka eramanak, beronen aurka borrokatzeko adorerik gabe eta gogoz kontra amore emanez, maite duten fedea lagatzen dute, etsipenera eramango dituen zalantzari jarraitzeko.
Aipatu berri ditugun mende horietan, gorrotoz baino gehiago hoztasunez uzten dira sineskizunak; ez dira errefusatzen, beraiek aldegiten diote jendeari. Egiazko erlijioan sinesteari uztean ere, berorri onuragarri irizten jarraitzen du sinesgabeak. Erlijio-sineskizunak giza ikuspegitik hartzean, ohituren gain duten agintea aitortzen die, legeen gain duten eragina. Sineskizun horiek jendea bakean biziarazi eta heriotzarako eztiki prestatzeko gai direla ulertzen du sinesgabeak. Beraz, fede-mina sentitzen du fedea galdu eta gero, eta, falta zaion ondasunaren balioa ongi ezagutzen duelarik, beldur da oraindik badutenei fede hori kentzeko.
Bere aldetik, sinesten jarraitzen duenak ez du beldurrik bere fedea guztien aurrean agertzeko. Bere itxaropenekin bat ez datozenak dohakabetzat gehiago jotzen ditu etsaitzat baino; badaki hauen estima beregana dezakeela berauen jarraibideari segitu gabe; ez dago, beraz, inorekin gerran; eta sinestun honek, ez duenez bere gizartea hartzen erlijioak etsai amorratu ugariren aurka borrokan egiteko lekutzat, maite izaten ditu bere garaikideak, nahiz eta aldi berean hauen ahuleziak gaitzetsi eta errakuntzengatik atsekabetu.
Sinesten ez dutenek, beren fedegabetasuna ezkutatuz, eta sinesten dutenek, beren fedea erakutsiz, erlijioaren aldeko iritzi publikoa sortzen da; erlijioa maitatu egiten da, lagundu, ohoratu, eta arimen barren-barreneraino sartu beharra egoten da egiten zaizkion zauriak aurkitu ahal izateko.
Gizakien gehiengoak, erlijio-sentimenduari atxikia jarraituz, ez du ezarritako sineskizunetatik aldenarazten duen ezer ikusten orduan. Beste bizitza baten senak erraz eramaten du aldare aurrera, eta bere bihotza fedearen agindu eta kontsolamenduetara ematen du.
Zergatik ez zaigu guri ere aplikagarri orain arte azaldutakoa?
Kristautasunean sinesteari utzi eta beste ezein erlijiori atxiki gabeko jendea ikusten dut gure artean.
Beste batzuek, zalantzan geldituta, jadanik sinesten ez duten plantak egiten dituztela ikusten dut.
Urrutirago, oraindik ere sinetsi bai, baina esaten ausartzen ez direnak aurkitzen ditut.
Lagun epel eta kontrako sutsu horien erdian, fededun-talde txiki bat aurkitzen dut azkenik, beren sineskizunen alde oztopo guztiak desafiatu eta arrisku guztiak gutxiesteko prest daudenak. Hauek giza ahulezia bortxatzen dute iritzi komunaren gain altxatzeko. Esfortzu honek beronek arrastaka eramanak, ez dakite zehazki non gelditu behar duten. Beren aberrian gizakiak independentziaz baliatuz lehenengo egin duena erlijioari erasotzea izan dela ikusi dutenez, garaikideen beldur dira eta, izuturik, urrundu egiten dira horiek lortu nahi duten askatasunetik. Sinesgabetasuna gauza berria iruditzen zaienez, gorroto berean biltzen dute berria den guztia. Hortaz, gerran daude beren mende eta herrialdearekin, eta bertan agertzen den iritzi bakoitza fedearen ezinbesteko etsaitzat hartzen dute.
Gaur egun honek ez luke izan beharko gizakion egoera naturala erlijio-gaietan.
Bada gure artean kausa akzidental eta partikular bat bere joerari jarraitzea eragozten diona giza izpirituari, eta berez gelditu behar duen mugetatik harantzago bultzatzen duena.
Uste sendoa dut politikaren eta erlijioaren arteko lotura estua dela kausa partikular eta akzidental hori.
Europako sinesgabeek etsai politiko bailiran pertsegitzen dituzte kristauak, kontrako erlijioso bezala baino gehiago. Sineskizun oker bat baino gehiago alderdi baten iritzi bezala gorrotatzen dute fedea; eta Jainkoaren ordezkari bezala baino gehiago errefusatzen dute apaiza boterearen laguntzat hartzen dutelako.
Europan kristautasunak onartu egin du munduko botereekin estu-estu lot zezaten. Gaur egun botere horiek jausten ari dira, eta kristautasuna lurperaturik bezala dago hondakinen azpian. Gorpuekin lotu nahi izan den gauza bizia da: ebaki eusten dioten lokarriak, eta altxatuko da berriro.
Ez dakit zer egin beharko litzatekeen Europako kristautasunari gaztetasunaren energia itzultzeko. Jainkoak bakarrik egin dezake hori; baina gutxienez gizakien esku dago fedeari uztea oraindik bere baitan dituen indar guztiez balia dadin.
Nola laguntzen duten erakunde demokratikoen arrakastan amerikarren jakintzargiek, azturek eta esperientzia praktikoak
Zer ulertu behar den Amerikako herriaren jakintzargiak esatean.- Giza izpirituak kultura gutxiago hartu du Estatu Batuetan Europan baino.- Hala ere, inor ez da ezjakintasunean gelditu.- Zergatik.- Pentsamendua zein bizkor zabaltzen den mendebaldean erdi hutsik dauden estatuetan.- Nola esperientzia praktikoa literatura-ezagupenak baino ere baliagarriagoa gertatzen den amerikarrentzat.
Obra honetan makina bat lekutan adierazi diet irakurleei amerikarren jakintzargiek eta azturek zer-nolako eragina zuten haien erakunde politikoen iraupenean. Beraz, gauza berri gutxi gelditzen zait esateko.
Gaur arte idazle aipagarri gutxi batzuk bakarrik izan ditu Amerikak; ez du historialari handirik, eta olerkari bakar bat ere ez. Han bizi direnek halako erreparo batez ikusten dute literatura hutsa; eta Europan bada hirugarren mailako hiririk urtean literatura-lan gehiago argitaratzen duenik Batasuneko hogeita lau estatuek batera baino.
Amerikarren izpiritua aldendu egiten da ideia orokorretatik; ez da aurkikuntza teorikoetara bideratzen. Politikak berak eta industriak ezin dute horretara bultzatu. Estatu Batuetan lege berriak egiten dira etengabe; baina oraindik ez da legeen printzipio orokorrak ikertzeko idazle handirik aurkitu.
Amerikarrek badituzte juristak eta iruzkingileak, baina publizistak falta zaizkie; eta politikan jarraibideak ematen dizkiote munduari irakaspenak baino gehiago.
Gauza bera gertatzen zaie arte mekanikoetan.
Amerikan zolitasunez aplikatzen dira Europako aurkikuntzak eta, perfekzionatu ondoren, ederki asko egokitzen dituzte herrialdeko beharretara. Jendea oso industrizalea da, baina ez dute lantzen industriaren zientzia. Langile onak daude han eta asmatzaile gutxi. Fultonek luzaroan erabili zuen bere jeinua kanpoko herrietan, bere herrialdean aplikatu ahal izan baino lehen.
Angloamerikarren artean jakintzargien egoera nolakoa den aztertu nahi duenak gauza bera bi alderdi ezberdinetatik ikusi behar du. Arreta jakintsuengan bakarrik jartzen badu, harritu egingo da hauen kopuru txikiaz; eta ezjakinak zenbatzen baditu, amerikarren herria munduko ilustratuena irudituko zaio.
Bi mutur horien artean kokatua dago biztanleria osoa; dagoeneko esan dut beste nonbait.
Ingalaterra Berrian hiritar bakoitzak hartzen ditu giza jakintzen funtsezko nozioak; bere erlijioaren doktrinak eta frogak zeintzuk diren ere ikasten du; bere aberriaren historia eta arautzen duen Konstituzioaren ezaugarri nagusiak jakinarazten zaizkio. Connecticut eta Massachusettsen nekez aurkitzen da pertsona bat gauza horien guztien ezagutza, erdizkakoa bada ere, ez duenik, eta batere ezagutzen ez dituena nolabait ere fenomenotzat har daiteke.
Alderatzen ditudanean Greziako eta Erromako errepublikak Amerikako errepublika hauekin, lehenengo haietan eskuz idatzirik zeuden liburu-multzoak eta bizi zen jendaila zabarra bigarren hauetan aurkitzen diren milaka egunkari eta jende ilustratuarekin; eta gero, pentsatzen dudanean oraindik ere zenbat ahalegin egiten den egungoak antzinako haien bidez epaitzeko eta, duela bi mila urte gertaturikoan oinarrituz, gaur egun gertatuko dena aurrikusteko, orduan neure liburuak erretzeko tentazioa izaten dut, hain gizarte-egoera berriari ideia berriak bakarrik aplikatzeko.
Gainerantzean, ez da bereizi gabe Batasun osora hedatu behar Ingalaterra Berriaz esan dudana. Zenbat eta gehiago joan mendebalderantz edo hegoalderantz, orduan eta urriagoa da jendearen heziketa. Mexikoko golkoaren inguruko estatuetan bada, gure artean bezalaxe, jende-multzo bat giza ezagupenen hastapenak ezagutzen ez dituena; baina alferrik bilatuko da Estatu Batuetan ezjakintasunean murgilduriko kantonamendu bakar bat. Arrazoia xinplea da: Europako herriak ilunbe eta barbarietik abiatu ziren zibilizazio eta jakintzargietarantz jotzeko. Aurrerapenak ezberdinak izan dira: batzuek korrika egin dute lasterketa honetan, beste batzuk normal ibili dira; beste zenbait geldi geratu dira, eta oraindik lo daude bidean.
Ez da gauza bera gertatu Estatu Batuetan.
Angloamerikarrak guztiz zibilizatuta iritsi ziren haien ondorengoak dauden lurraldera; ez dute izan ikasi beharrik, aski izan dute ez ahaztea. Nolanahi ere, amerikar haien beraien seme-alabak dira urtero, beren egoitzarekin batera, basa eremura eramaten dituztenak lorturiko ezagupenak eta jakintzaren estima. Hezkuntzak jakintzargien onura sentiarazi die, eta jakintzargi hauek ondorengoengana eskualdatzeko egoeran jarri ditu. Estatu Batuetan gizarteak ez du, bada, haurtzarorik; heltzaroan sortzen da.
Amerikarrek ez dute laborari hitza ezertarako erabiltzen; ez dute hitza erabiltzen, ideia ere ez dutelako; lehen garaietako ezjakintasunak, landako sinpletasunak, herriskako arruntasunak ez du iraun haien artean, eta ezin dituzte ulertu sortzen ari den zibilizazio baten bertute, bizio, aztura zabar eta grazia lainoak.
Estatu konfederatuetako bazterrik urrutienetan, gizartearen eta basa eremuaren mugan, abenturari ausarten multzo bat dago, gurasoen etxean jasan beharko zuketen pobreziari ihesi, Amerikako bakarlekuetan barneratu eta aberri berri bat bilatzeko beldurrik izan ez dutenak. Babesleku izango duten lekura iritsi orduko, aitzindariak berehala zuhaitz batzuk eraitsi eta etxola eraikitzen du hostailaz estaliz. Ezerk ez du egoitza isolatu hauek baino itxura kaskarragorik. Berauetara iluntzean hurbiltzen den bidaiariak, hormetan zehar, sukaldeko garrak ikusten ditu dir-dir; eta gauean, haizeak jotzen badu, sabaiaren hosto-hotsa entzungo du oihaneko zuhaitzen artean. Nork ez luke sinetsiko etxola kaskar hau zabarkeria eta ezjakintasunaren babesleku dela? Hala ere, ez da inolako loturarik ezarri behar aitzindariaren eta bere babeslekuaren artean. Dena primitiboa eta basatia da haren inguruan, baina bera hemezortzi mendeko lan eta esperientziaren emaitza da, nolabait esateko. Hiriko jantziak daramatza eta hiriko hizkuntzan mintzo da; badu iraganaren berri, etorkizunaren jakinmina du, orainaz argudiatzen du; oso gizaki zibilizatua da, aldi batez baso artean bizitzea onartu eta Biblia, aizkora eta egunkariarekin Mundu Berriko basa eremuetan barneratu dena.
Zaila da imajinatzea zelako arintasun sinestezinaz zirkulatzen duen pentsamenduak basa eremu horien baitan201.
Ez dut uste Frantziako kantonamendurik ilustratuen eta jendetsuenetan ere ematen denik mugimendu intelektual hain handirik202.
Ezin da zalantzan jarri Estatu Batuetan herriaren heziketa ikaragarri lagungarria dela errepublika demokratikoaren iraupenerako. Nire ustez, gauza bera gertatuko da izpiritua argitzen duen heziketa, ohiturak arautzen dituen hezkuntzatik banatzen ez den alde guztietan.
Hala ere, ez diot abantaila honi gehiegizko baliorik ematen eta ez dut inola ere sinesten, Europako jende askok bezala, nahikoa dela jendeari irakurtzen eta idazten irakastea berehalaxe hiritar bihurtzeko.
Benetako jakintzargiak esperientziatik sortzen dira, batez ere; eta amerikarrak ez balituzte poliki-poliki beren burua gobernatzera ohitu, dauzkaten ezagupen literarioak ez litzaizkieke gaur egun oso lagungarri izango hori lortzeko.
Asko bizi izan naiz Estatu Batuetako herriarekin, eta ez dakit nola esan zenbat miretsi dudan haien esperientzia eta zentzutasuna.
Ez ezazue amerikarra Europaz hitz egitera bultzatu; normalean hanpuruskeria handia eta harrokeria inozo samarra erakutsiko ditu. Herrialde guztietan ezjakinentzat hain baliagarri diren ideia orokor eta zehazgabeekin konformatuko da. Baina galdegiozue bere herrialdeaz, eta bat-batean desagertuko da haren adimena estaltzen zuen lainoa: haren hizkera argi, garbi eta zehatz bilakatuko da, beraren pentsamendua bezala. Bere eskubideak zein diren erakutsiko dizue, eta hauek egikaritzeko erabili behar dituen baliabideak; politika-arloa zelako usadioen arabera ibiltzen den ere jakingo du. Administrazio-arauak badakizkiela ohartuko zarete eta legeen mekanismoa ere ondo ezagutzen duela. Estatu Batuetako biztanleak ez ditu ezagupen praktiko eta nozio positibo hauek liburuetatik atera: bere heziketa literarioak horiek hartzeko prestatu du agian, baina eman ez dizkio eman.
Legegintzan esku hartuz ikasten du amerikarrak legeak ezagutzen; gobernatuz hezitzen du bere burua gobernu-moduetan. Gizarteko egintza handia beraren aurrean gauzatzen da egunero, eta beraren eskuetan, nolabait esateko.
Estatu Batuetan jendearen hezkuntza, oro har, politikarantz bideratua dago; Europan berorren helburu nagusia bizitza pribaturako prestatzea da. Hiritarren ekintza arazo publikoetan egitate arraroegia da aurrikusi ahal izateko.
Bi gizarteei begiratzean, beren kanpo-itxuran ere ageri dituzte ezberdintasun hauek.
Europan, bizitza pribatuko ideia eta azturak sarri sarrarazten ditugu bizitza publikoan, eta familiaren barnetik bat-batean Estatuaren gobernura igarotzen garenez, sarri ikusten gaituzte gizartearen interes handiei buruz eztabaidan, lagunarteko elkarrizketan ari bagina bezala.
Aitzitik, amerikarrek bizitza publikoko azturak pasarazten dituzte ia beti bizitza pribatura. Haien artean, epaimahaiaren ideia eskola-jokoetan aurki daiteke eta forma parlamentarioak oturuntza bateko ordenan ere nabaritzen dira.
Estatu Batuetan errepublika demokratikoaren iraupenerako legeek kausa fisikoek baino gehiago balio dute, eta ohiturek legeek baino gehiago
Amerikako herri guztiek dute gizarte-egoera demokratikoa.- Hala ere, erakunde demokratikoek angloamerikarren artean bakarrik irauten dute.- Hego Amerikako espainolek, angloamerikarrek bezain alde dutelarik natura fisikoa, ezin dute jasan errepublika demokratikoa.- Mexikok ere, Estatu Batuetako Konstituzioa bereganatu duelarik, ezin du jasan.- Mendebaldeko angloamerikarrek ekialdekoek baino nekezago jasaten dute.- Ezberdintasun hauen zergatiak.
Esana dut Estatu Batuetako erakunde demokratikoen iraupena zirkunstantziei, legeei eta ohiturei egotzi behar zitzaiela203.
Europar gehienek hiru kausa hauetako lehena bakarrik ezagutzen dute, eta berez ez duen nagusitasuna ematen diote.
Egia da angloamerikarrek baldintza-berdintasuna eraman dutela Mundu Berrira. Sekula ez da haien artean aurkitu ez plebeiorik, ez noblerik; han jaiotzari buruzko aurriritziak lanbideari buruzkoak bezain ezezagunak izan dira beti. Honela, gizarte-egoera demokratikoa izanik, demokraziak nekerik gabe ezarri zuen han bere agintea.
Baina egitate hau ez da Estatu Batuetakoa bakarrik; Amerikako ia kolonia guztiak, beren artean berdinak zirenek edo haietan bizitzean berdintasunera iritsitakoek sortu zituzten. Mundu Berrian ez dago leku bakar bat ere, non europarrek aristokrazia bat sortu ahal izan duten.
Hala ere, erakunde demokratikoek Estatu Batuetan bakarrik egiten dute aurrera.
Amerikako Batasunak ez du etsairik borrokan egiteko. Bakarrik dago basa eremuen artean, uharte bat ozeanoaren erdian bezalaxe.
Baina naturak era berean isolatu zituen Hego Amerikako espainolak, eta isolamendu honek ez die eragotzi armadak edukitzea. Atzerritarrak falta izan zaizkienean, beren artean egin izan dute gerra. Angloamerikarren demokraziak bakarrik iraun ahal izan du gaur arte bakean.
Batasuneko lurraldea mugarik gabeko esparrua da giza jarduerarako; elikagai agortezina eskaintzen die industriari eta lanari. Beraz, han aberastasunen maitasuna bihurtzen da gutiziaren ordezko, eta ongizateak alderdien sugarra itzaltzen du.
Baina munduan non aurki daiteke basa eremu emankorragorik, ibai handiagorik, gutxiago ustiaturiko eta agortezinago den aberastasunik Hego Amerikan baino? Hala ere, Hego Amerikak ezin du demokrazia jasan. Zoriontsu izateko herriei aski balitzaie unibertsoko baztertxo batean kokatuak egon eta lurralde hutsetan beren nahierara hedatu ahal izatea, Hego Amerikako espainolek ez lukete beren zoriaz zertan kexatu. Eta Estatu Batuetako biztanleen zorion berberaz ez gozatu arren, Europako herrien inbidia sortu beharko lukete, behintzat. Ez dago, ordea, lurrean Hego Amerikakoak baino nazio behartsuagorik.
Honela, kausa fisikoek ezin dute inola ere hegoaldeko eta iparraldeko amerikarren artean antzerako emaitzarik sortu, baina gainera derrigorrez sortu behar lehenengoen artean Europan ikusten dena baino zerbait kaskarragoa, hemen kontrako zentzuan jarduten dutelarik kausa horiek.
Kausa fisikoek ez dute, beraz, uste den beste eragiten nazioen destinoetan.
Aberria laga, nahiz eta bertan aisetasuna aurkitzeko aukera izan, eta aberastasun bila basamortura joateko prest zegoen jendea aurkitu dut Ingalaterra Berrian. Handik hurbil, Kanadako frantsesak ikusi ditut, beraientzat txikiegia den esparruan estu-estu eginda, nahiz eta hurbil izan basamortu bera; eta Estatu Batuetako migrariak lanegun batzuetako sariaz lursail handia erosten zuen bitartean, kanadiarrak artean Frantzian bizi balitz bezain garesti ordaintzen zuen lurra.
Honela, naturak, europarrei Mundu Berriko bakarlekuak ematean, ondasun batzuk eskaintzen dizkie, baina beti ez dute horietaz baliatzen jakiten.
Amerikako beste herri batzuen artean angloamerikarrek dituzten oparotasun-baldintza berberak ikusten ditut, baina ez legeak eta ohiturak; eta herri hauek behartsuak dira. Angloamerikarren lege eta ohituretan datza, beraz, haien handitasunaren arrazoi berezia eta bilatzen ari naizen kausa nagusia.
Ez dut inola ere esan nahi erabat onak direnik amerikarren legeak. Ez dut uste herri demokratiko guztiei aplika dakizkiekeenik; eta lege haien arteko batzuk arriskutsuak iruditzen zaizkit Estatu Batuetarako ere.
Hala ere, ezin da ukatu amerikarren legeria, oro har, ongi egokitua dagoela arautu behar duen herriaren jitera eta herrialdeko naturara.
Amerikarren legeak onak dira, beraz, eta beraiei egotzi behar zaie demokraziaren gobernuak Amerikan duen arrakastaren zati handi bat; baina ez dut uste kausa nagusia direnik. Eta amerikarren gizarte-zoriontasunean herrialdeko naturak berak baino eragin handiagoa dutela iruditzen bazait ere, bestalde badut arrazoirik ohiturek baino eragin txikiagoa dutela pentsatzeko.
Lege federalek osatzen dute ziur aski Estatu Batuetako legeriaren zatirik garrantzizkoena.
Mexikok, angloamerikarren Batasuna bezain ongi kokatua, lege berberak bereganatu ditu, baina ezin da demokraziaren gobernura ohitu.
Bada, beraz, kausa fisiko eta legeekin zerikusirik ez duen arrazoiren bat, demokraziak Estatu Batuetan goberna dezan ahalbidetzen duena.
Baina hona hemen are froga handiagoa. Batasuneko lurraldean bizi diren ia guztiak odol beretikoak dira. Hizkuntza bera hitz egiten dute, era berean otoitz egiten diote Jainkoari, kausa material berberen menpe daude, lege berberak betetzen dituzte.
Nondik sortzen dira, bada, haien artean ikusten diren ezberdintasunak?
Batasuneko ekialdean, zergatik agertzen da gobernu errepublikarra hain sendo eta erregular, heldutasun eta patxadaz jokatuz? Zerk ematen die haren ekintza guztiei halako zuhurtzi eta iraupen-giro bat?
Aitzitik, nondik dator gizarte-botereak mendebaldean itsumustuan dabiltzalako itxura hori?
Zergatik dago han arazo publikoen mugimenduan zerbait desordenatua, grinatsua, ia sutsua esan liteke, etorkizun luzerik iragartzen ez duena?
Ez ditut jada angloamerikarrak atzerriekin konparatzen; orain angloamerikarrak beren artean jartzen ditut aurrez aurre, eta beren artean antzik ez izatearen zergatia ikertzen ari naiz. Hemen herrialdeko naturatik eta lege-ezberdintasunetik ateratako argudio guztiek huts egiten didate aldi berean. Beste kausaren batera jo beharra dago; eta kausa hau, non aurkituko dut, ohituretan izan ezik?
Angloamerikarrek ekialdean egin dute demokraziaren gobernuaren erabilerarik luzeena, eta han sortu dituzte gobernu-mota horrek iraun dezan azturarik eta ideiarik mesedegarrienak. Demokrazia poliki-poliki usadioetan sartu da, iritzietan, formetan; gizarte-bizitzako xehetasun guztietan aurkitzen da, baita legeetan ere. Herriaren heziketa literarioa eta hezkuntza praktikoa ere ekialdean izan dira biribilenak, eta erlijioa ere askatasunarekin hantxe nahastu da ongien. Zer dira aztura, iritzi, usadio, sineskizun horiek guztiak, nik ohitura deitu ditudanak baino?
Mendebaldean, aitzitik, falta da oraindik abantaila horien zati bat. Mendebaldeko estatuetako amerikar asko basoetan jaioak dira, eta gurasoen zibilizazioarekin bizitza basatiko ideiak eta ekanduak nahasten dituzte. Haien artean grinak bortitzagoak dira, erlijio-morala ahulagoa, ideiak tinkotasun gutxiagokoak. Jendeak ez du bere artean inolako kontrolik, ia ez dute elkar ezagutzen eta. Beraz, sortzen ari diren herrien esperientziarik eza eta araugabeko azturak agertzen dituzte, puntu bateraino, mendebaldeko nazioek. Hala ere, mendebaldeko gizarteak antzinako elementuz eratuak daude, baina hauen elkarketa berria da.
Batez ere ohiturek egiten dituzte Estatu Batuetako amerikarrak -eta amerikar guztien artean beraiek bakarrik- demokraziaren agintea jasateko gai; eta, halaber, ohitura horiek eragiten dute demokrazia angloamerikar ezberdinak gehiago edo gutxiago arauturik eta aurreraturik egotea.
Honela, Europan exageratu egiten da herrialdearen kokaleku geografikoak erakunde demokratikoen iraupenean izan lezakeen eragina. Garrantzi handiegia egozten zaie legeei, txikiegia ohiturei. Zalantzarik gabe, hiru kausa handi hauek balio dute amerikarren demokrazia arautzeko eta gidatzeko; baina sailkatu beharra balego, esango nuke kausa fisikoek legeek baino eragin txikiagoa dutela, eta legeek ohiturek baino askoz ere txikiagoa.
Komentzituta nago egoerarik zoriontsuenak eta legerik onenek ezin diotela ohituren kontrako konstituzio bati eutsi, baina ohiturek onura ateratzen dute egoerarik kontrakoenetatik eta legerik txarrenetatik ere. Ohituren garrantzia egia arrunt bat da, etengabe horretara eramaten dutelarik ikaskuntzak eta esperientziak. Iruditzen zait puntu nagusi bat balitz bezala aurkitzen dudala neure izpirituan; neure ideia guztien buruan aurkitzen dut.
Hitz bakar bat gelditzen zait esateke gai honetaz.
Amerikarren legeen iraupenerako haien esperientzia praktikoari, azturei, iritziei -hitz batean, haien ohiturei- ematen diedan garrantzia irakurleari obra honetan zehar sentiaraztea ez badut lortu, huts egin dut hau idazteko izan dudan helburu nagusian.
Amerikaz kanpo ere, aski izango ote lirateke legeak eta ohiturak erakunde demokratikoei iraunarazteko?
[aldatu]Angloamerikarrek, Europara ekarriak, beren legeak aldatu beharko lituzkete.- Bereizi beharra dago erakunde demokratikoen eta erakunde amerikarren artean.- Amerikarren demokraziak bere buruari emandakoak baino lege demokratiko hobeak, edo ezberdinak behintzat, asma daitezke.- Amerikaren jarraibideak zera bakarrik frogatzen du, legeen eta ohituren laguntzaz, ez dela etsi behar demokrazia arautzeaz.
Esan dut erakunde demokratikoen arrakasta Estatu Batuetan legeei berei eta ohiturei zegokiela herrialdeko naturari baino gehiago.
Baina ondorioztatzen al da hortik kausa hauek berauek beste edonora eramanda gaitasun bera izango luketela, eta herrialdeak ezin baditu legeak eta ohiturak ordeztu, hauek badezaketela hura ordeztu?
Erraz ulertuko da froga-elementuak falta zaizkigula. Mundu Berrian angloamerikarrez gain badira beste herri batzuk, eta haiek eta hauek kausa material berberen menpe daudenez, beren artean konparatu ahal izan ditut.
Baina Amerikatik kanpo ez dago naziorik, angloamerikarren abantaila fisiko berberarik gabe, hala ere hauen legeak eta ohiturak bereganatu dituenik.
Honela, bada, ez dago konparaziorik puntu honetan; iritziak bakarrik bentura daitezke.
Lehenik iruditzen zait kontu handiz bereizi behar direla Estatu Batuetako erakundeak eta erakunde demokratikoak orokorrean.
Europako egoeraz, bertako herri handiez, hiri jendetsuez, armada bikainez eta politikaren konplikazioez gogoeta egitean, ezin dut sinetsi angloamerikarrak berak, beren ideia, erlijio eta ohiturekin gure lurraldera ekarrita, beren legeak dezente aldatu gabe bertan bizi ahal izango liratekeenik.
Baina suposa daiteke herri demokratiko bat amerikarren herria ez bezala antolaturik.
Ezin al daiteke imajina gobernu bat, gehiengoaren benetako borondatean oinarritua, baina non gehiengoak, berezko zaion berdintasun-sena -ordenaren eta estatu-egonkortasunaren alde- bortxatuz, botere exekutiboaren eskuduntza guztiak familia edo pertsona bakar bati ematea onartuko lukeen? Ezin al daiteke imajina gizarte demokratiko bat, non nazio-indarrak Estatu Batuetan baino zentralizatuagoak liratekeen, non herriak arazo publikoetan lukeen agintea ez litzatekeen hain zuzeneko eta jarkiezina izango, eta non, hala ere, hiritar bakoitzak, zenbait eskubidez hornitua, bere esparruan, gobernuaren martxan esku hartuko lukeen?
Angloamerikarren artean ikusi dudanak pentsarazten dit horrelako erakunde demokratikoek, gizartean zuhurtasunez sartuak, gutxika-gutxika azturekin nahastu eta poliki-poliki herriaren iritziekin bat eginez gero, Amerikatik kanpo ere iraun ahal izango luketela edonon.
Estatu Batuetako legeak imajina daitezkeen lege bakarrak edo aurki litezkeen bikainenak izango balira, ulertuko nuke ondorioztatzea Estatu Batuetako legeen arrakastak ez duela, oro har, lege demokratikoen arrakastaz ezer frogatzen, natura hain aldeko ez duten herrialdeetan behintzat.
Baina amerikarren legeak puntu askotan akastunak iruditzen bazaizkit, eta erraza gertatzen bazait beste batzuk imajinatzea, herrialdeko natura bereziak ez dit frogatzen erakunde demokratikoek ezingo luketenik arrakastarik izan beste herri batean, zirkunstantzia fisikoak hain aldeko ez izanik, legeak hobeak balituzte.
Jendea beste alde batzuetan ez bezalakoa balitz Amerikan; hango gizarte-egoerak haien artean aztura eta iritzi berezi batzuk sortaraziko balitu gizarte-egoera berorrek Europan sortarazten dituenen aurkakoak, orduan Amerikako demokrazietan gertatzen denak ezer ez luke erakutsiko beste demokrazietan gertatu beharrekoaz.
Amerikarrek beste herri demokratiko guztiek bezalako joerak izango balituzte, eta joera horiei bidezko mugetan eusteko haien legegileak herrialdeko naturaz eta zirkunstantzia mesedegarriez baliatu izan balira, orduan Estatu Batuetako oparotasunak, kausa fisiko huts horiei egotzi beharko litzaiekeelarik, ez luke ezer frogatuko, haien abantaila naturalik izan gabe, beraien etsenpluei jarraitu nahi lieketen herrien alde.
Baina egitateek ez dituzte suposamendu hauetako ez bata eta ez bestea egiaztatu.
Europan ikusten ditugun grinen antzekoak aurkitu ditut Amerikan: batzuk giza bihotzaren izaerari berari zegozkion; besteak, gizartearen egoera demokratikoari.
Honela, baldintza guztiak berdintsu samarrak izanik, bakoitzak gora egiteko aukera beretsuak ikusten dituenean gizakientzat berezkoa den bihotz-kezka aurkitu nuen Estatu Batuetan. Inbidiaren sentimendu demokratikoa aurkitu nuen, hamaika era ezberdinetan adierazia. Ohartu nintzen herriak harropuzkeria eta ezjakintasunezko nahasmendu handia agertzen zuela arazo publikoen gidaritzan, eta hortik ondorioztatu nuen Amerikan, gure artean bezalaxe, jendea akats berberen menpe dagoela eta ezbehar beretsuen arriskupean.
Baina gizartearen egoera arretaz aztertzeari ekin nionean, berehala ohartu nintzen amerikarrek ahalegin handi eta arrakastatsuak egin zituztela giza bihotzaren ahulezia horien kontra borrokatzeko eta demokraziaren berezko akats horiek zuzentzeko.
Haien udal-legeak beste hainbat hesi iruditu zitzaizkidan, hiritarren gutizia egonezinari esparru estu batean eusten ziotenak, eta Estatua irauli ahal izango zuketen grina demokratiko berak udalerriarentzat onuragarri bihurtzen zituztenak. Iruditu zitzaidan legegile amerikarrek lortua zutela, eta arrakastaz gainera, eskubideen ideia inbidi sentimenduen kontra jartzea; erlijio-moralaren mugiezintasuna, politika-arloko mugimendu etengabeen kontra; herriaren esperientzia, beraren ezjakintasun teorikoaren kontra, eta arazo publikoetan zuen aztura, desira-berotasunaren kontra.
Amerikarrek ez dute, beraz, beren herrialdeko naturara jo beren Konstituziotik eta lege politikoetatik sortzen diren arriskuen kontra borrokatzeko. Herri demokratiko guztiekin konpartitzen dituzten gaitzei, orain arte beraiek bakarrik erabili dituzten erremedioak aplikatu dizkiete; eta saiakuntza horietan lehenengoak izan arren, arrakasta izan dute.
Amerikarren ohitura eta legeak ez dira herri demokratikoentzat komenigarri izan litezkeen bakarrak; baina amerikarrek erakutsi dute ez dela etsi behar legeen eta ohituren laguntzaz demokrazia arautzeaz.
Beste herri batzuk -ideia orokor eta emankor hau Amerikatik hartuz, baina gainerantzean ideia honetaz amerikarrek egindako aplikazio partikularrean haiek imitatu nahi izan gabe- Probidentziak gaur egungo gizakiei ezartzen dien gizarte-egoerara egokitzen saiatuko balira, eta, horrela, beraiek mehatxupean dauzkan despotismo edo anarkiari ihes egin nahiko baliote, zer arrazoi dugu pentsatzeko porrot egingo luketela beren ahaleginetan?
Demokraziaren antolamendua eta ezarpena kristauen artean: hau da gure garaiko arazo politiko handia. Amerikarrek ez dute, noski, arazo hau konpontzen, baina irakaspen onuragarriak ematen dituzte konpondu nahi dutenentzat.
Aurreko horren garrantzia Europari dagokionez
Erraz asma daiteke zergatik egin ditudan aurreko ikerketa horiek. Planteatu dudan arazoa ez dagokie Estatu Batuei bakarrik, mundu osoari baizik; ez nazio bati bakarrik, gizaki guztiei baino.
Gizarte-egoera demokratikoa duten herriek ezingo balute aske iraun basa eremuetan bizi direnean baizik, etsi egin beharko genuke giza endaren etorkizunaz, zeren eta gizakia bizkor baitoa demokraziarantz eta basa eremuak betetzen ari baitira.
Egia balitz legeak eta ohiturak ez direla aski erakunde demokratikoei iraunarazteko, geldituko ote litzaieke nazioei beste babesik, bakar baten despotismoa baizik?
Badakit gaur egun jende zintzo asko dagoela etorkizun honek ia izutzen ez duena, eta, askatasunaz nekaturik, gustatuko litzaiekeela berorren ekaitzetatik urruti azkenean atseden hartzea.
Baina hauek oso gaizki ezagutzen dute bila dabiltzan portua. Beren oroitzapenez kezkaturik, antzina izan zenagatik epaitzen dute botere absolutua, eta ez gaur egun izan litekeenagatik.
Europako herri demokratikoetan botere absolutua berriro ezarriko balitz, ziur nago forma berria hartuko lukeela eta gure gurasoek ezagutu gabeko berezitasunekin agertuko litzatekeela.
Garai batean Europan legeak, baita herriaren adostasunak ere, ia mugarik gabeko boterez hornitu zituen erregeak. Baina hauek ia sekula ez ziren horretaz baliatzen.
Ez dut hitz egingo nobleziaren prerrogatibez, auzitegi subiranoen aginteaz, korporazioen eskubideaz, probintzi pribilegioez; hauek, agintearen kolpeak indargetuz, erresistentzi izpirituari eusten zioten nazioan.
Erakunde politiko hauetaz aparte -eta hauek nahiz eta sarritan partikularren askatasunaren kontrako izan, hala ere arimetan askatasunaren maitasuna mantentzeko balio zuten eta ikuspegi honetatik erraz ulertzen da berauen onuragarritasuna-, iritzi eta ohiturek errege-boterearen inguruan hesi ezezagunagoak -baina ez ahulagoak- eraikitzen zituzten.
Erlijioak, menpekoen maitasunak, printzearen bihozberatasunak, ohoreak, famili izpirituak, probintzi aurriritziek, ekanduek eta iritzi publikoak mugatzen zuten erregeen boterea, eta esparru ikustezin batean ixten beraien aginpidea.
Orduan herrien konstituzioa despotikoa zen, eta haien ohiturak askeak. Printzeek bazuten eskubidea, baina ez ahalmena, ezta desira ere, edozer egiteko.
Antzina tirania geldiarazten zuten hesietatik, zer gelditzen zaigu gaur egun?
Erlijioak arimetan zuen agintea galdu duelarik, ongia eta gaizkia bereizten zituen mugarik nabarmenena desagertuta dago; moralaren arloan zalantzazkoa eta ziurtasunik gabea dirudi orok; honetan itsumustuan dabiltza erregeak eta herriak, eta inork ezin du esan non dauden despotismoaren berezko mugak eta libertinajearen mugak.
Iraultza luzeen ondorioz betiko galdu da estatu-buruak inguratzen zituen begirunea. Estima publikoaren zamapetik aske, aurrerantzean printzeak beldurrik gabe murgil daitezke boterearen hordikerian.
Erregeak, herrien bihotza beren aurrera etortzen ikusten dutenean, bihozbera izaten dira, indartsu sentitzen direlako; eta menpekoen maitasun hori zaintzen dute, berori delako tronuaren euskarri. Orduan printzearen eta herriaren artean halako sentimendu-truke bat sortzen da, gozotasun honek famili giroa gogorarazten duelarik gizartearen baitan. Menpekoek, nahiz eta marmar egin erregearen kontra, ez diote gogait eragin nahi izaten, eta erregeak ere esku eztiz jotzen ditu menpekoak, gurasoak seme-alabak zigortzen dituen bezalaxe.
Baina erregetzaren ospea iraultzen zirriparran desagertu ondoren; erregeek, bata bestearen ondotik tronura iritsirik, herrien aurrean txandaka zuzenbidearen ahulezia eta egitatearen gogortasuna erakutsi dituztenean, jadanik inork ez du subiranoa Estatuaren aitatzat hartzen, eta guztiek nagusia ikusten dute harengan. Ahula bada, mesprezatu egiten dute; indartsua bada, gorrotatu. Bera ere suminez eta beldurrez beterik dago; bere herrialdean atzerritartzat ikusten du bere burua, eta borrokan garaituak bezala erabiltzen ditu menpekoak.
Probintziek eta hiriek aberri komunaren erdian beste horrenbeste nazio ezberdin eratzen zituztenean, hauetako bakoitzak izpiritu berezi bat zuen, joputzaren izpiritu orokorraren kontrakoa; baina gaur egun aginterri bereko zati guztiak, beren frankizia, usadio, aurriritzi, oroitzapen eta izenak ere galdu ondoren, lege berberei obeditzera ohiturik daudenean, ez da zailagoa denak batera zapaltzea bakoitza bere aldetik zapaltzea baino.
Noblezia bere botereaz baliatzen zen bitartean, eta galdu eta askoz geroago ere bai, ohore aristokratikoak aparteko indarra ematen zien banakoen erresistentziei.
Orduan, beren ezintasunaren gainetik, hala ere beren banako balioaren iritzi handia zutenak ikusten ziren, eta bakarka ere botere publikoaren indarrari aurre egitera ausartzen zirenak.
Baina, gure egunotan, azkenerako klase guztiak elkarrekin nahasten direnean, eta gizabanakoa jendartean gero eta gehiago desagertu eta iluntasun komunaren erdian erraz galtzen denean; gaur egun, ohore monarkikoak bere agintea ia galdu duelarik bertuteak ordeztu gabe, gizakiari bere gainetik ezerk eusten ez dionean, nork esan dezake non geldituko liratekeen boterearen exigentziak eta ahuleziaren nahikeriak?
Famili izpirituak iraun zuen bitartean, tiraniaren aurka borrokatzen zen gizakia sekula ez zen bakarrik egoten, bere inguruan bezeroak, herentziazko adiskideak, ahaideak aurkitzen baitzituen. Eta laguntza hau izan ez balu ere, arbasoen laguntzarekin eta ondorengoek adoretuta sentituko zatekeen. Baina ondareak zatitu eta, urte gutxiren buruan, arrazak elkarrekin nahasten direnean, non kokatu famili izpiritua?
Zer indar gelditzen zaie ekanduei itxuraz erabat aldatu den eta etengabe aldatzen den herri batean, non jadanik tirani ekintza guztiek duten aurrekari bat, non krimen guztiak oinarri daitezkeen aurreko etsenpluren batean, non ezin den ezer nahikoa antzinakorik aurkitu suntsitzeari uko egiteko modukorik, ezta ezer berriegirik asmatu ere ezin saia daitekeenik?
Zer erresistentzia eskaintzen dute dagoeneko hainbestetan makurtu diren ohiturek?
Zer egin dezake iritzi publikoak berak, lotura komun batek elkartuta hogei pertsona ere ez daudenean; ez dagoenean ez pertsonarik, ez familiarik, ez gorputzik, ez klaserik, ez elkarte askerik iritzi hori ordezkatu eta jardunean jarriko duenik; hiritar bakoitzak, besteak bezain indarge, behartsu eta isolatua egonik, gobernuaren indar antolatuari bere ahulezia indibiduala bakarrik kontrajar diezaiokeenean?
Orduan gure artean gertatuko litzatekeenaren antzeko zerbait imajinatzeko, ez dago gure analetara jo beharrik. Aski litzateke agian antzinako monumentuei galdetzea eta Erromako tiraniaren mende lotsagarrietara jotzea, non ohiturak ustelduta baitzeuden, oroitzapenak ezabatuta, azturak suntsituta, iritziak koloka, askatasuna -legeetatik kanporatua- babesleku bila, nora jo jakin gabe; non, hiritarrak jada ezerk bermatzen ez zituenez, ezta hiritarrek ere beren buruak, jendea giza izaerari iseka egiten ikusi baitzen, eta printzeak zeruaren bihozberatasuna agortzen menpekoen egonarria baino gehiago.
Ondo itsuak iruditzen zaizkit Henry IV.aren edo Louis XIV.aren monarkia berraurkitzea pentsatzen dutenak. Niri dagokidanez, Europako hainbat nazio zein egoeratara iritsi den eta gainerako guztiek zeinetarantz jotzen duten hausnartzen dudanean, joera dut pentsatzeko laster askatasun demokratikorako edo Zesarren tiraniarako baino ez dela lekurik izango horietan.
Ez al du honek hausnarketarik merezi? Izan ere, gizakiek denak aske edo denak esklabu, denak eskubide berekin edo denak eskubiderik gabeak, izan beharreko puntu horretara iritsi behar badute; gizarteak gobernatzen dituztenak aukerabide honetara mugaturik aurkituko balira (poliki-poliki jendetza beren mailara jasotzera ala hiritar guztiei gizatasun-mailatik behera erortzen uztera), ez ote litzateke hori aski izango zalantza asko gainditzeko, kontzientzia asko lasaitzeko eta guztiak sakrifizio handiak erraz egitera prestatzeko?
Orduan, ez ote litzateke erakunde eta ohitura demokratikoen garapen mailakatua, ez hoberentzat, baizik eta aske izateko gelditzen zaigun baliabide bakartzat hartu beharko; eta demokraziaren gobernua maitatu gabe ere, ez ote, orduan, prest egongo gizartearen egungo gaitzen kontrako erremediorik aplikagarrien eta garbiena bezala onartzeko?
Zaila da gobernuan parte harraraztea herriari; are zailagoa da ongi gobernatzeko falta zaion esperientziaz hornitu eta horretarako sentimenduak ematea.
Demokraziaren borondateak aldakorrak dira; beraren agenteak, zabarrak; legeak, akastunak; ados nago. Baina egia balitz laster ez dela inolako bitartekaririk izango demokraziaren agintearen eta pertsona bakar baten uztarriaren artean, ez ote genuke hobe baterantz jotzea, geure borondatez bestearen menpe jartzea baino? Eta, azkenean, erabateko berdintasunera iristea beharrezkoa izanez gero, ez ote hobe askatasunak, eta ez despota batek, berdintzea denok?
Liburu hau irakurri ondoren, nik hau idazterakoan angloamerikarren legeak eta ohiturak gizarte-egoera demokratikoa duten herri guztiek imitatzea proposatu nahi izan dudala pentsatzen badu norbaitek, oker handia egingo du; formari atxikiko zaio, nire pentsamenduaren muina bera baztertuz. Nire helburua, Amerikaren etsenpluarekin, legeak eta, batez ere, ohiturek herri demokratiko bati aske irauteko aukera ematen diotela erakustea izan da. Gainerantzean, ez dut inola ere uste amerikarren demokraziak eman digun etsenpluari jarraitu behar diogunik, ezta bere ahaleginen helburua lortzeko erabili dituen baliabideak imitatu behar ditugunik ere; zeren eta bai baitakit nolakoa den herrialdeko naturak eta aurreko egitateek konstituzio politikoetan zertutako eragina, eta gizadiarentzat zoritxar handitzat hartuko nuke askatasunak leku guztietan ezaugarri berberak izan beharra.
Baina pentsatzen dut erakunde demokratikoak poliki-poliki sartzea eta azkenean gure artean ezartzea ez bada lortzen, eta hiritar guztiei, lehenik askatasunerako prestatu eta gero askatasun horretaz baliatzeko aukera utziko dieten ideiak eta sentimenduak emateari uko egiten bazaio, ez dela inorentzat independentziarik izango, ez burgesarentzat, ez noblearentzat, ez behartsuarentzat, ez aberatsarentzat, baizik eta tirania berdina guztientzat; eta denborarekin ez bagara iristen gehiengoaren aginte baketsua gure artean ezartzera, lehentxeago edo geroxeago pertsona bakar baten botere mugagabera iritsiko garela aurrikusten dut.