X. Estatu Batuetako lurraldean bizi diren hiru arrazen egungo egoeraz eta izan lezaketen etorkizunaz zenbait gogoeta
Dagoeneko betea dut neure buruari ezarritako zeregin nagusiena; erakutsi dut, ahal bezain ongi, zein ziren demokrazia amerikarraren legeak; beraien ohiturak zein ziren ere ezagutarazi dut. Isildu ahal izango nintzateke hemen, baina agian irakurleari irudituko litzaioke ez dudala itxaro zuena ase.
Amerikan bada demokrazia zabal eta betea baino zerbait gehiago; ikuspegi batetik baino gehiagotatik azter daitezke Mundu Berrian bizi diren herriak.
Obra honetan zehar, neure gaiak sarri eraman nau indio eta beltzei buruz hitz egitera, baina ez dut astirik izan deskribatzen aritu naizen herri demokratikoaren erdian bi arraza hauek zer-nolako egoera duten azaltzeko; esan dut zein izpirituren arabera eta zein legeren laguntzaz eratu zen angloamerikarren konfederazioa; oso azaletik eta oso modu osagabean bakarrik adierazi ahal izan ditut konfederazio hori mehatxatzen duten arriskuak, eta ezinezkoa izan zait zehatz azaltzea irauteko dituen aukerak, lege eta ohituretatik aparte. Errepublika batuez hitz egitean, ez naiz ausartu errepublika-formek Mundu Berrian izan lezaketen iraupenaz aierurik egiten, eta Batasunean dagoen merkataritza sarri aipatu arren, hala ere, ezin izan naiz aritu amerikarren etorkizunaz, herri merkatari gisa.
Arazo hauek, nire gaia ukitu arren, ez dira bertan sartzen; amerikarrak dira demokratikoak izan gabe, eta nik demokraziaren erretratua egin nahi izan dut, batez ere. Beraz, bazter utzi behar izan ditut hasieran; baina horietara itzuli behar dut bukaeran.
Gaur egun Amerikako Batasunak hartzen edo erreklamatzen duen lurraldea Atlantiar ozeanotik Hegoaldeko itsasoaren ertzetaraino iristen da. Ekialde edo mendebaldera, kontinentearen muga berberak ditu; hegoaldera tropiko-ertzetaraino doa, eta gero gora jotzen du iparreko izotzetaraino.
Espazio honetan barreiaturiko pertsonak ez dira, Europan bezala, familia bereko beste horrenbeste kimu. Lehen momentutik nabari dira haien artean hiru arraza, berez ezberdin, eta ia esango nuke etsai, direnak. Hezkuntzak, legeak, jatorriak eta kanpo-itxurak berak hesi ia gaindiezina eraiki du haien artean; zoriak lurralde berean bildu ditu, baina nahastu arren ezin izan ditu bat egin, eta nork bere aldetik jarraitzen dio bere destinoari.
Hain ezberdin diren gizaki haien artean, begirada lehenengo erakartzen duena, bere jakintzargi, botere eta zorionagatik, gizaki zuria da, europarra, berez gizaki dena; honen azpitik beltza eta indioa ageri dira.
Zorigabeko bi arraza hauek ez dute amankomunean ez jaiotza, ez itxura, ez hizkuntza, ez ohiturarik; zoritxarrak bakarrik dituzte antzeko. Biak daude zuriak baino maila apalagoan herrialde hartan; biek jasaten dituzte tiraniaren ondorioak; eta beren atsekabeak ezberdinak badituzte ere, eragile berberak akusa ditzakete.
Munduan gertatzen dena ikusita, ezin ote da esan europarra beste arrazetako gizakientzat gizakia bera animalientzat bezalakoa dela? Zerbitzatzera behartzen ditu bere mesederako, eta ezin dituenean makurrarazi, orduan suntsitu egiten ditu.
Kolpe batean zapalkuntzak gizatasunaren pribilegio ia guztiak kendu zizkien afrikarren ondorengoei! Estatu Batuetako beltzak bere herrialdearen oroitzapena ere galdu du; ez du jadanik gurasoek hitz egiten zuten hizkuntzarik entzuten; uko egin dio haien erlijioari eta haien ohiturak ahaztu ditu. Honela, Afrikakoa izateari utzi arren, ez du lortu inolako eskubiderik Europako ondasunekiko, baizik eta bi gizarteen artean gelditu da; isolaturik gelditu da bi herrien artean; batak saldua eta besteak zapuztua, ez du unibertso osoan bere nagusiaren etxea baino aurkitzen, aberriaren irudi osagabea eskain diezaiokeenik.
Beltzak ez du familiarik; emakumeagan ezin du bere plazerretako lagun iragankorra baino ikusi, eta, jaiotzean, seme-alabak dira beraren mailakide.
Jainkoaren onegintza ala haren suminaren azken madarikazioa deituko ote diot gizakia ezbeharrik handienekiko axolagabe bihurtzen duen arima-jarrerari, sarritan bere zoritxarren kausarekiko halako gustu deprabatu bat ere ematen dion horri?
Gaitzen leize horretan murgildurik, beltzak ez du ia bere zorigaitza sentitzen; bortxakeriak esklabutzara eraman zuen, joputzaren usadioak esklabuaren pentsamenduak eta gutizia eman zizkion; gorrotatu baino gehiago miretsi egiten ditu bere tiranoak, eta bera zapaltzen dutenen jopu-imitazioan aurkitzen ditu poza eta harrotasuna.
Adimena bere arimaren mailara jaitsi zaio.
Beltza aldi berean sartzen da joputzan eta bizitzan. Zer diot? Sarritan amaren sabelean dagoela erosten da, eta nolabait esateko jaio baino lehen hasten da esklabu izaten.
Premiarik gabe eta atseginik gabe, bere buruarentzat ezertarako ez dela, existentziaz hartzen dituen lehen nozioen bidez besteren baten jabego dela ulertzen du, eta honi bera zaintzea interesatzen zaiola; bere zoriaz arduratzerik ez zaiola ametitzen ohartzen da; pentsamenaren erabilera bera ere Probidentziaren alferrikako dohaina iruditzen zaio, eta bere txikitasunaren pribilegio guztiez gozatzen du lasai-lasai.
Aske izatera iristen bada, sarri esklabutza bera baino ere katea astunagoa iruditzen zaio independentzia, zeren eta bere bizitzan zehar gauza guztietara makurtzen ikasi baitu, arrazoira izan ezik; eta arrazoia bihurtzen zaionean gidari bakar, ezin izaten du honen ahotsa ezagutu. Premia berri ugarik inguratzen dute, eta ez du beharrezko ezagutza eta energiarik horiei aurre egiteko. Premiak gudukatu beharreko nagusiak dira, eta makurtzen eta esanekoa izaten bakarrik ikasi du beltzak. Honela, zoritxarraren azken muturreraino iritsi da, joputzak zabartu eta askatasunak galbideratu egiten duelarik.
Zapalkuntzak ez du eragin txikiagoa izan indioen arrazetan, baina ondorioak ezberdinak dira.
Zuriak Mundu Berrira iritsi baino lehen, Ipar Amerikan bizi zirenak lasai bizi ziren basoetan. Bizitza basatiaren ohiko gora-beheretara emanak, herri zibilizatu gabeen bizio eta bertuteak zituzten. Europarrek, indioen tribuak basa eremuetan urrun barreiatu ondoren, batetik bestera noraezean ibiltzera kondenatu dituzte, adieraztezinak diren zorigaitzez josita.
Nazio basatiak iritzien eta ohituren bidez bakarrik gobernatzen dira.
Ipar Amerikako indioen artean aberri-sentimendua ahultzean, haien familiak sakabanatu, tradizioak ilundu, oroitzapenen katea eten, aztura guztiak aldarazi eta premiak neurrigabe haztean, ziren baino ere desordenatuago eta inzibilizatuago egin ditu europarren tiraniak. Aldi berean herri hauen egoera morala eta fisikoa etengabe txartu da, eta zenbat eta zoritxarrekoago orduan eta barbaroago bilakatu dira. Halaz guztiz, europarrek ezin izan dute erabat aldatu indioen izaera, eta, suntsitzeko boterea izan arren, ez dute sekula izan zibilizatzekoa eta menperaraztekoa.
Beltza joputasunaren azken mugetan dago jarria; indioa, askatasunaren muga-mugetan. Esklabutzak ia ez du lehenarengan ondorio tamalgarriagorik eragiten, independentziak bigarrenarengan baino.
Beltzak bere buruaren jabetza ere galdu du, eta ezingo litzateke bere bizitzaz baliatu nolabaiteko lapurreria egin gabe.
Basatia bere kontu gelditzen da jardun dezakeen momentutik. Ia ez du familiaren aginpiderik ezagutu; sekula ez du bere borondatea bere hurkoenera makurtu; inork ez dio irakatsi borondatezko obedientzia eta menpekotza lotsagarria bereizten, eta legearen izena ere ez daki. Berarentzat, aske izatea gizarteetako lotura ia guztietatik ihes egitea da. Atsegin du independentzia barbaro hori, eta nahiago luke hil dezaten zatirik txikiena sakrifikatu baino. Zibilizazioak ahalmen txikia du horrelako gizakiagan.
Beltzak alferrikako hamaika ahalegin egiten du bera baztertzen duen gizartean sartzeko; zapaltzaileen gustuetara makurtzen da, haien iritziak bereganatzen ditu eta, haiek imitatzean, beraiekin bat egin nahi izaten du. Jaio zenetik esan zaio bere arraza zuriena baino kaskarragoa dela berez, eta ez zaio asko falta sinesteko; hortaz, bere buruaz lotsatzen da. Bere ezaugarrietako bakoitzean esklabutzaren arrasto bat aurkitzen du eta, ahal balu, pozik onartuko luke bere burua guztiz zapuztea.
Indioak, aitzitik, irudimena bete-betea du bere jatorriaren balizko nobleziaz. Bere harrotasunaren amets horien erdian bizi eta hiltzen da. Bere ohiturak inola ere gureetara moldatu nahi ez eta barbarotasunari atxikitzen zaio bere arrazaren bereizgarri bat bailitzan, eta zibilizazioa errefusatzen du, dion gorrotoagatik baino gehiago europarren antzeko izatearen beldurrez agian204.
Gure arteen perfekzioari, basa eremuko baliabideak bakarrik kontrajarri nahi dizkio; gure taktikari, bere kuraia indiziplinatua; gure asmoen sakontasunari, bere izaera basatiaren berezko sena. Lur jotzen du berdintasunik gabeko borroka honetan.
Beltzak bere burua bat egin nahiko luke europarrarekin, eta ezin du. Indioak arrakastaz lortu ahal izango luke neurri bateraino, baina gutxietsi egiten du saiatzea ere. Bataren joputasunak esklabutzara bideratzen du, bestearen harrotasunak heriotzara.
Gogoan dut, oraindik Alabamako estatua betetzen duten oihanetan nenbilela, egun batez aitzindari baten etxolara iritsi nintzela. Ez nuen amerikarraren egoitzan sartu nahi izan, eta une batez atseden hartzera joan nintzen urrutira gabe basoan zegoen iturri baten ondora. Leku hartan nengoen bitartean, emakume indiar bat etorri zen (creek-en nazioak hartutako lurraldetik hurbil geunden orduan); bospasei urteko neskatila bat zekarren eskutik, arraza zurikoa, eta aitzindariaren alabatxoa izango zela pentsatu nuen. Emakume beltz bat zetorkien atzetik. Halako luxu barbaro bat ageri zen indioaren janzkeran: metalezko txirrindolak zeuzkan sudur eta belarrietatik zintzilika; adatsa, beirazko aletxoz apaindua, aske jausten zitzaion sorbaldan, eta ez zela ezkondua ohartu nintzen, birjinek ezkon-ohean ipini ohi duten maskorrezko lepokoa baitzeraman; beltzak europarren jantziak zeramatzan, ia zarpailduak.
Iturri ondoan eseri ziren hirurak eta gazte basatiak, haurra besoetan harturik, laztanak egiten zizkion, ama baten bihotzak agindutakoak ematen zutenak; beltzak, berriz, trikimailu xume ugariren bidez kreol txikiaren arreta bereganatu nahi zuen. Honek bere mugimendurik txikienetan gehiagotasun-sentimendua adierazten zuen, bere ahulezia eta adinarekin kontraste bitxia eginez; bazirudien amore emanez bezala jokatzen zuela laguntzaileen zainketak hartzean.
Bere ugazamaren aurrean kokoriko, haren desira guztiak espiatzen, beltzak erdibitua zirudien amatasunezko atxikimenduaren eta neskame-beldurraren artean; baina emakume basatiaren samurtasun-adierazpenetan halako jite aske, harro eta ia menperagaitz bat sumatzen zen.
Hurbildu eta ikuskizunari begira egon nintzen isilik; zalantzarik gabe, nire ikusmina ez zen indioaren gogoko izan, zeren eta bat-batean altxatu, haurra beragandik aldenarazi zakar samar eta, suminduta niri begiratu ondoren, basoan barneratu zen.
Sarri suertatu zitzaidan Ipar Amerikan bizi diren hiru giza arrazetako jendea leku berean elkartuta ikustea; ikusia nuen makina bat ondorio ezberdinetan zuriek zertutako nagusitasuna; baina aipatu berri dudan eskena horretan bazegoen zerbait bereziki hunkigarria: maitasun-lokarri batek biltzen zituen han zapalduak eta zapaltzaileak, eta naturak, haiek hurbilarazten ahaleginduz, are harrigarriago bihurtzen zuen aurriritziek eta legeek beraien artean ezarritako tarte itzela.
Batasuneko lurraldean bizi diren tribu indiarren egungo egoera eta izan lezaketen etorkizuna
[aldatu]Bertako arrazen desagerpen mailakatua.- Nola gauzatzen den.- Indioen migrazio behartuek eragiten dituzten zorigaitzak.- Ipar Amerikako basatiek bi bide baino ez zituzten suntsipenari ihes egiteko: gerra edo zibilizazioa.- Ezin dute jada gerrarik egin.- Zergatik ez duten zibilizatu nahi, egin ahal izango luketenean; eta zergatik ezin duten jada, nahi izatera iritsitakoan.- Creek eta cherokee-en jarraibidea.- Estatu partikularren politika indio horienganako.- Gobernu federalaren politika.
Garai batean Ingalaterra Berriko lurraldean bizi ziren tribu indiar guztiak (narragansetts-ak, mohikanoak, pecots-ak) dagoeneko jendearen oroimenean bakarrik bizi dira; lenapeak, duela ehun eta berrogeita hamar urte Delaware ibaiaren ertzetan Penn-i harrera egin ziotenak, desagerturik daude gaur egun. Egona naiz azken irokesekin: eskean ari ziren. Aipatu berri ditudan nazio guztiak itsasertzeraino iristen ziren antzina; orain ehun lekoa baino gehiago barneratu beharra dago kontinentean indio batekin topo egiteko. Basati hauek atzera eginda ezezik, suntsituta ere badaude205. Bertakoak urrutiratu eta hil ahala, haien lekura itzelezko herri bat iristen da eta etengabe handitzen. Nazioen artean sekula ez da ikusi hain garapen miragarririk, ezta hain suntsipen bizkorrik ere.
Suntsipen hau gauzatzeko modua azaltzea erraza da.
Basa eremuan, nondik deserriratzen baitituzte gaur egun, indioak bakarrik bizi zirenean, oso urriak ziren haien beharrak; berek egiten zituzten armak, ibaietako ura bakarrik edaten zuten, eta jantzietarako animalien hondakinak erabiltzen zituzten, haragia jateko hartu ondoren.
Ipar Amerikako indigenen artean europarrek sartu zituzten su-armak, burdina eta pattarra; europarrek erakutsi zieten gure oihalak erabiltzen, haien xumetasunak ordura arte pozik onartutako jantzi barbaroen ordez. Gustu berriak berenganatzean, indioek ez zuten ikasi gustu horiek asetzeko artea, eta, beraz, zurien industriara jo behar izan zuten. Berak sortzen ez zekien ondasun horien ordainetan, basatiak ezin zuen ezer eskaini, bere basoetan artean bazeuden larru baliotsuak izan ezik. Aurrerantzean, ehizak ez zituen haien beharrak bakarrik ase behar izan, baita Europako grina hutsalak ere. Jadanik ez zituen basoetako piztiak bere burua janaritzeko bakarrik ehizatu, baita eman ziezazkigukeen trukegai bakarrak eskuratzeko ere206.
Honela, bertakoen beharrak areagotuz zihoazen bitartean, haien baliabideak gutxitu egiten ziren etengabe.
Indioak bizi direneko lurraldearen inguruan europarren establezimendu bat jartzen den egunean, ehiza izutu egiten da207. Milaka basatik, oihanetan noraezean, bizileku finkorik gabe, ez dute izutzen; baina europarren industriaren etengabeko zaratotsak nonbait entzuten diren unean, ehiza ihesi hasten da mendebalderantz, senak esaten baitio oraindik aurkituko dituela han basa eremu mugagabeak. "Bisonte-taldeak etengabe erretiratzen dira", diote Cass eta Clark jaunek 1829ko otsailaren 4an Kongresuari egindako txostenean; "duela urte batzuk, artean iristen ziren Alleghany-en oinetaraino; urte batzuk barru, agian nekez ikusiko dira Mendi Harritsuen aurreko lautada zabal horietan ere". Baieztatu didate zurien hurbilketaren ondorio hau beraien mugatik berrehun lekoatara ere igartzen zela sarri. Honela, zurien eragina izenez ere ezagutzen ez dituzten tribuen gain zertzen da, eta hauek eragileak ezagutu baino askoz lehenago jasaten dituzte usurpazioaren gaitzak208.
Abenturari ausartak laster sartzen dira indioen eskualdeetan; zurien azken mugatik hamabost edo hogei lekoa barrurago sartzen dira, eta gizaki zibilizatuaren egoitza barbarotasunaren erdi-erdian eraikitzen dute. Erraz egiten dute hau, herri ehiztarien lurraldearen mugak gaizki finkaturik egoten baitira. Bestalde, lurralde hau nazio osoarena da eta ez zehazki jabe jakin batena; banakoaren interesak ez du, beraz, berorren zatirik babesten.
Familia europar batzuek, oso urrutiko lekuak berenganatzean, behin-betiko aldenarazten dituzte lurralde horien arteko basapiztiak. Indioei, ordura arte nolabaiteko ugaritasun-egoeran bizi izanak, nekeza gertatzen zaie bizirik irautea, eta are nekezagoa trukerako behar dituzten gauzak eskuratzea. Berauen ehizari ihes eragitea, gure laborarien soroak agor bihurtzea bezala da. Ia guztiz faltako zaizkie bizibideak laster. Orduan, zorigabe horiek otso gosetiak bailiran ikusten dira baso hutsen erdian, noraezean. Aberriaren berezko maitasunagatik, jaio zireneko lurraldeari atxikitzen zaizkio209, eta zorigaitza eta heriotza baino ez dute bertan aurkitzen. Halako batean zirt-zart egiten dute; irten egiten dira, eta ihesi doazen altze, bufalo eta kastoreei jarraitzen diete urrutitik; basapiztia hauen gain uzten dute aberri berria aukeratzeko ardura. Zehatz esanda, ez dira europarrak Amerikako indigenak botatzen dituztenak, gosea baizik; zorioneko bereizketa hau oharkabean pasatu zitzaien antzinako kasuistei, eta doktore modernoek aurkitu dute.
Imajinaezinak dira derrigorturiko migrazio hauek ekartzen dituzten zorigaitz beldurgarriak. Indioak, gurasoen landetatik irten orduko, aunaturik eta gutxituta zeuden. Beren egoitza ezarri nahi duten eskualdean, etorri berriei jeloskor begiratuko dieten herriak bizi dira. Atzean gosea dute, aurrean gerra, alde guztietan zorigaitza. Horrenbeste etsairengandik ihes egiteko, sakabanatu egiten dira. Isolatzen saiatzen da nor bere aldetik, isilka-misilka bere bizibideak aurkitu ahal izateko, eta basa eremu zabaletan bizitzen da, proskribatua gizarte zibilizatuen baitan bezala. Aspaldidanik ahuldurik zegoen gizarte-lotura apurtu egiten da orduan. Jadanik ez zen aberririk haientzat, eta laster herririk ere ez da izango; ia ez da familiarik geldituko; izen komuna galdu egiten da, hizkuntza ahaztu, jatorriaren aztarnak desagertu. Nazioak utzi egin dio izateari. Ozta-ozta bizi da Amerikako antikuarioen oroimenean, eta Europako eruditoren batzuek bakarrik ezagutzen dute.
Ez nuke nahi irakurleak pentsatzerik exageratzen ari naizela deskribapen hauetan. Nik neuk ikusi ditut azaldu berri ditudan zorigaitzetako batzuk; eta adierazi ezin ditudan ezbeharrak ere ikusi ditut.
1831. urtearen bukaeran Mississippiren ezkerraldean nengoen, europarrek Memphis deritzoten leku batean. Hantxe nengoen bitartean, choctaws-en (Louisianako frantsesek "chactas" deitzen dituzte) talde handi bat iritsi zen; basati haiek beren herrialdea utzi eta Mississippiren eskuinaldera igaro nahi zuten, non gobernu amerikarrak agindutako babeslekua aurkitzea espero baitzuten. Negu minean ginen orduan, eta urte hartan ezohiko laztasunez jotzen zuen hotzak; elurra gogorturik zegoen lurrean, eta izotz-kosko handiak zekartzan ibaiak. Indioek familiak zeramatzaten berekin; zaurituak, gaixoak, jaio berriak eta hilzorian zeuden zaharrak ere bai atzetik arrastaka. Ez zuten dendarik, ez gurdirik, hornigairen batzuk eta armak bakarrik. Ibai handia zeharkatzeko untziratzen ikusi nituen, eta ikuskizun zirraragarri hura ez zait oroimenetik sekula joango. Bildutako jendetzaren artean ez zen ez negar-zotinik, ez kexarik entzuten; isilik zeuden. Haien zoritxarrak antzinakoak ziren eta ezinbestekoak iruditzen zitzaizkien. Jadanik indio guztiak zeuden eraman behar zituen untzian; haien txakurrak artean ibaiertzean zeuden; azkenean, betiko banatzen ari zirela ikusi zutenean animaliek, denek batera ulu beldurgarriak bota eta, aldi berean Mississippiko ur izoztuetara oldartuz, nagusien atzetik joan ziren igerian.
Indioen desjabetzea gaur egun era arautuan eta, nolabait esateko, guztiz legepean egiten da sarri.
Nazio basati bat bizi deneko basa eremura europarrak hurbiltzen hasten direnean, Estatu Batuetako gobernuak eskuarki enbaxada solemne bat bidaltzen du bertara; zuriek lautada zabal batean biltzen dituzte indioak, eta, beraiekin jan eta edan ondoren, esaten diete: "Zer egiten duzue gurasoen lurraldean? Laster beraien hezurrak atera beharko dituzue bizi ahal izateko. Orain duzuen eskualde hau, zergatik da beste bat baino hobea? Ez al dago basorik, padurarik eta belardirik zaudeten lekuan baizik, eta zeuen eguzkipean bakarrik bizi ote zaitezkete? Han zerumugan ikusten dituzuen mendiez harantzago, zuen lurraldearen mendebaldeko mugan dagoen lakuaz harantzago, eskualde zabalak daude eta beraietan oraindik basapiztiak ugari; saldu guri zeuen lurrak eta zoazte haietara zoriontsu bizitzera". Hitzaldi honen ondoren, indioen aurrean su-armak hedatzen dituzte, artilezko jantziak, pattar-upelak, beirazko lepokoak, estainuzko eskumuturrekoak, belarritakoak eta ispiluak210. Aberastasun hauen guztien aurrean oraindik ere zalantzan badaude, eskatzen zaien adostasunari ezingo diotela uko egin ematen zaie aditzera, eta laster gobernua bera ere ez dela gai izango dagozkien eskubideen gozamena bermatzeko. Zer egin? Erdi komentzituta, erdi behartuta, indioak aldendu egiten dira; basa eremu berrietan bizitzera joaten dira, non zuriek ez dituzten bakean hamar urtez utziko. Horrela lortzen dituzte amerikarrek prezio kaskarrean probintzia osoak, Europako erregerik aberatsenek ere ordaindu ezingo lituzketenak.
Azaldu berri ditut gaitz handiak, eta ezinbestekoak iruditzen zaizkidala gaineratuko dut. Ipar Amerikako indioen enda desagertu egingo dela uste dut halabeharrez, eta ezin diot utzi pentsatzeari europarrak Ozeano Barearen ertzetan ezartzen diren egunean, enda horrek utzi egingo diola izateari212.
Ipar Amerikako indioek bi salbazio-bide bakarrik zituzten: gerra ala zibilizazioa; beste era batera esateko, europarrak suntsitu behar zituzten ala hauen mailakide bihurtu.
Koloniak sortzen hasi zirenean, indioek, beren indarrak batuz, lortu ahal izango zuketen kontinenteko ertzetara iristen ziren atzerritar-kopuru txikiak suntsitzea213. Behin baino gehiagotan saiatu ziren hori egiten, eta lortzeko zorian egon ziren. Gaur egun baliabideen desoreka handiegia da, horrelakorik bururatu ere egiteko haiei. Hala ere, indioen nazio artean sortzen da oraindik jende buruargirik herri basatiei egokituko zaien azken zoria aurrikusten duenik eta europarren aurkako gorroto komunean tribu guztiak biltzen saiatzen denik. Baina beraien ahaleginak ezinean gelditzen dira. Zurien inguruko tribuak dagoeneko ahulegiak dira haiei eraginkortasunez aurre egiteko; beste batzuk, izaera basatiak biharamunarekiko duen ume-arduragabekeria horrekin, arriskua etorri arte gelditzen dira zain zerbait egiteko; batzuek ezin dute, besteek ez dute ezer egin nahi.
Erraz aurrikus daiteke indioek ez dutela inoiz zibilizatu nahiko, edota, nahi izatera iristean, beranduegi saiatuko direla horretan.
Leku bat berean zertutako gizarte-lan luzearen emaitza izaten da zibilizazioa, belaunaldi ezberdinek batzuek besteei segidan legatzen dietena. Zibilizazioari herri ehiztarien artean kostatzen zaio gehien bere agintea ezartzea. Artzain-tribuak lekuz aldatzen dira, baina beren migrazioetan ordena erregular bati jarraitzen diote beti, eta etengabe itzultzen dira ibilitako bidetik; ehiztarien egoitza, pertsegitzen dituzten animaliena bezalaxe aldatzen da.
Hainbat aldiz egin dira indioen artean jakintzargiak sartzeko saioak, ibiltari gisa dituzten ohiturekin jarraitzen utziz; jesuitak Kanadan ahalegindu ziren, puritanoak Ingalaterra Berrian214. Ez batzuek eta ez besteek ez zuten ezer iraunkorrik lortu. Zibilizazioa etxolapean jaiotzen zen eta gero basoetan hiltzen. Indioen legegile horien hutsegite handia zera izan zen: ez ulertzea, herri bat zibilizatzera iristeko, lehenik eta behin nonbait finkatzea lortu behar dela, eta hori lurra landuz bakarrik egin lezakeela; beraz, indioak laborari bihurtu behar ziren lehenik.
Indioek, zibilizazioaren ezinbesteko aurrebaldintza hori ez betetzeaz gain, oso nekeza dute lortzea ere.
Ehiztarien bizimodu astitsu eta abenturatsua behin dastatu duen jendeak atsekabe ia gaindigaitza sentitzen du lur-langintzak eskatzen dituen lan iraunkor eta erregularren aurrean. Gure gizarteen baitan ere ikus daiteke hori; baina askoz nabariagoa da ehiza-azturak nazio-ekandu bilakatu diren herrietan.
Kausa orokor honetatik aparte, bada beste bat hori bezain ahaltsua eta indioen artean bakarrik aurkitzen dena. Jadanik azaldu badut ere, berriro aipatu behar dudala uste dut.
Ipar Amerikako indigenei lana, gaitz bat ezezik, desohorea ere iruditzen zaie, eta haien harrotasuna nagitasuna bezain setati borrokatzen da zibilizazioaren aurka215.
Ez dago indiorik hain miserablerik, zuhaitz-azalezko etxolapean bere balio indibidualaren ideia bikainik zertzen ez duenik; industri ardurak eginkizun doilorgarritzat dauzka; laboraria ildoa egiten duen idiarekin parekatzen du, eta gure arte guztiak esklabu-lanak iruditzen zaizkio. Kontua ez da ez daukala iritzi bikaina zurien botereaz eta hauen adimenaren handitasunaz; baina, gure ahaleginen emaitza miresten badu ere, hori lortzeko erabili ditugun baliabideak mesprezatzen ditu, eta, gure nagusitza jasaten badu ere, halaz guztiz gu baino gehiago dela uste du. Ehiza eta gerra iruditzen zaizkio gizonaren ardura duin bakarrak216. Indioa, bere basoetako lazeriaren erdian, Erdi Aroko aitonen semeak bere gaztelu gotortuan zituen ideia berberez elikatzen da, eta haren antzeko izateko konkistatzaile bihurtzea bakarrik falta zaio. Honela, gauza bitxia!, Mundu Berriko oihanetan aurkitzen dira gaur egun, eta ez hango itsasertzetan bizi diren europarren artean, Europako antzinako aurriritziak.
Obra honetan zehar behin baino gehiagotan saiatu naiz gizarte-egoerak, nire ustez, jendearen lege eta ohituretan zertzen duen eragin harrigarria ulertarazten. Zilegi bekit gai honetaz beste zertxobait esatea.
Gure arbasoen -germaniarren- eta Ipar Amerikako tribu ibiltarien erakundeen arteko antzekotasunaz ohartzen naizenean, edota Tazitok azalduriko ekanduen eta batzuetan nik neuk ikusi ahal izan ditudanen artekoaz, ezinbestean pentsatzen dut kausa berak ondorio berberak eragin dituela bi hemisferioetan, eta, giza gauzen itxurazko ezberdintasunaren erdian ez dela ezinezkoa egitate sortzaile gutxi batzuk aurkitzea, gainerako guztien sorburu direnak. Tentaturik nago, beraz, germaniarren erakundeak deritzegun horietan barbaroen azturak baino ez ikusteko, eta ideia feudalak deitzen ditugun horietan, basatien iritziak.
Direnak direla Ipar Amerikako indioei nekazari eta zibilizatu bihurtzea eragozten dieten bizio eta aurriritziak, batzuetan premiak behartzen dituelako gertatzen da hori.
Hegoaldeko hainbat nazio garrantzitsu, cherokee eta creekak beste batzuen artean217, europarrek inguratuta bezala aurkitu dira, hauek, Ozeanoaren ertzean lehorreratuz, Ohio ibaian behera eta Mississippin gora, haien ingurura iritsi baitziren aldi berean. Ez zituzten, iparraldeko tribuak bezala, batetik bestera bota, baina pixkana-pixkana muga estuegien barnean itxi zituzten, ehiztariek lehenengo sasitza inguratzen duten bezala, gero denak batera barrura sartu baino lehen. Indioak, zibilizazioaren ala heriotzaren aurrean, beharturik aurkitu ziren zuriak bezalaxe lan eginez bizitzera; nekazari bilakatu ziren, beraz; eta beren azturak eta ohiturak guztiz baztertu gabe ere, bizirik irauteko behar-beharrezkoa zena sakrifikatu zuten berorietan.
Cherokeeak urrutirago joan ziren; hizkuntza idatzi bat sortu zuten, gobernu-era aski egonkorra ezarri zuten, eta, Mundu Berrian dena presaka ibiltzen denez, egunkari bat218 izan zuten, guztientzako jantziak izan baino lehen.
Europarren azturak indioen artean bizkor garatzea eragin duena mestizoen presentzia219 izan da, batez ere. Aitaren jakintzargietan parte hartuz, amaren arrazaren ekandu basatiak erabat baztertu gabe, zibilizazioaren eta barbarotasunaren arteko berezko lotura da mestizoa. Mestizoak ugaldu diren alde guztietan, basatiak pixkana beren gizarte-egoera aldatuz eta ohiturak mudatuz joan dira220.
Beraz, cherokee-en arrakastak frogatzen du indioek badutela beren buruak zibilizatzeko ahalmena, baina ez du inola ere frogatzen hori lor dezaketenik.
Zibilizazioaren menpe jartzeko indioek duten zailtasun hori kausa orokor batetik sortzen da, ia ezinezkoa zaielarik honi ihes egitea.
Historiari arretaz begiratuz gero, ikusten da herri barbaroak eskuarki beren baitatik, eta beren ahalegin propioz, igo direla pixkana zibilizazioraino.
Jakintzargia atzerriko nazioren batetik hartu dutenean, nazio horren aurrean garaile-mailan zeudelako zen, eta ez garaituen egoeran.
Herri konkistatua ilustratua denean eta herri konkistatzailea erdi basatia, Iparraldeko nazioak Erromako inperioan edota mongolak Txinan sartu zirenean bezala, garaipenak barbaroari ematen dion boterea aski da gizaki zibilizatuaren mailan jartzeko, eta honen mailakide bailitzan jokatzeko aukera ematen dio, lehiakide bihurtu arte; batak indarra du bere alde, besteak adimena; lehenak garaituen zientziak eta arteak miresten ditu, bigarrenak garaileen boterearen inbidia du. Azkenean barbaroek beren jauregian sartzen dute gizaki zibilizatua, eta gizaki zibilizatuak, berriz, bere eskolak irekitzen dizkie. Baina indar materiala daukanak aldi berean adimen-nagusitasuna ere baldin badu, garaitua nekez zibilizatzen da; erretiratu egiten da edo suntsitu egiten dute.
Honela, esan daiteke basatiak armak eskuetan dituztela joaten direla eskuarki jakintzargien bila, baina ez dituztela hartzen.
Orain kontinentearen erdian bizi diren tribu indiarrek zibilizatzen hasteko beren baitan aski energia aurkitu ahal izango balute, arrakasta izango lukete agian. Orduan, inguruko nazio barbaroak baino gorago egonik, indarra eta esperientzia hartuko lituzkete poliki-poliki, eta, azkenean beraien mugetan europarrak agertzean, beren independentziari eusteko egoeran ez balitz ere, gutxienez beren lur-eskubideak onartarazteko eta garaileen artean sartzeko egoeran egongo lirateke. Baina indioen zoritxarra herririk zibilizatuenarekin -eta munduko gutiziatsuenarekin, esango nuke- topo egitea izan da, beraiek oraindik erdi barbaro diren bitartean; beren hezitzaileengan ugazabekin topo egitea, eta aldi berean zapalkuntza eta jakintzargiak hartzea.
Basoetako askatasunean murgildua bizi zelarik, Ipar Amerikako indioa behar gorrian zegoen, baina ez zen beste inor baino gutxiago sentitzen; zurien gizarte-hierarkian sartu nahi duen momentuan, azken mailan baino ezin da jarri, ezjakin eta behartsu sartzen baita jakintza eta aberastasuna nagusi diren gizartean. Gaitzez eta arriskuz jositako bizimodu zalapartatsua, baina aldi berean zirraraz eta handitasunez betea221, eraman ondoren, existentzia monotono, ilun eta degradatura makurtu behar izaten du. Elikatzeko behar duen ogia lan neketsuen bidez eta lotsagarriro irabaztea, hauxe da, hark ikusten duenez, goraipatzen dioten zibilizazioaren emaitza bakarra.
Eta emaitza horixe lortzeko ere beti ez du ziurtasunik.
Indioak beren auzoko europarrak imitatzen eta hauek bezala lurra lantzen hasten direnean, oso konkurrentzia kaltegarriaren eraginpean aurkitzen dira berehala. Zuria nekazaritzako sekretuen jabe da. Indioak, berak ez dakien langintza bati ekiten dio zabarki. Batak nekerik gabe lortzen ditu uzta handiak, besteak ikaragarrizko ahaleginez bakarrik ateratzen dizkio lurrari bere emaitzak.
Europarra herri baten erdian dago, herri honen beharrizanak ezagutzen eta bere egiten dituelarik.
Basatia isolaturik dago herri etsai baten erdian, ez baititu bete-betean ezagutzen honen ohitura, hizkuntza eta legeak, baina hala ere ezin da hauek gabe bizi. Bere produktuak zurienekin trukatuz bakarrik lor dezake aisetasuna, laguntza txikia eman baitiezaiokete bere herrikideek.
Honela, bada, indioak bere lanaren emaitzak saldu nahi dituenean, ez du beti aurkitzen nekazari europarrak erraz aurkitzen duen eroslea, eta hark oso garesti baino ezin du ekoitzi beste honek oso merke ematen duena.
Indioa, nazio barbaroek jasan behar izaten dituzten gaitzetatik libratu bada, herri zibilizatuen zorigaitz handiagoetara makurtzeko bakarrik izan da, eta gure oparotasunaren erdian bizitzeko bere oihanen erdian adina zailtasun aurkitzen du ia.
Hala ere, bizitza ibiltariko azturak ez dira oraindik harengan desegin. Tradizioek ez dute beren agintea galdu; ehizerako zaletasuna ez da itzali. Behinola basoen erdian sentituriko gozamen basatiak are kolore biziagoz agertzen zaizkio orain bere irudimen asaldatuan; aitzitik, baso haietan pairaturiko gabeziak ez zaizkio hain ikaragarriak iruditzen, ezta hain handiak ere han aurkituriko arriskuak. Bere mailakideen artean gozatzen zuen independentzia oso bestelakoa da gizarte zibilizatuan dagokion jopu-mailaren aldean.
Bestalde, hain luzaroan aske bizi izan zeneko bakarlekua hurbil du oraindik; ordu batzuetako ibilaldia egin eta han legoke berriro. Zer jana ozta-ozta ematen dion soro erdi goldatuaren truke, handia iruditzen zaion ordaina eskaintzen diote auzoko zuriek. Europarrek eskaintzen dioten diru horrek, beraiengandik urruti, zoriontsu eta lasai bizitzeko aukera emango dio agian. Golda bertan behera utzi, berriro armak hartu eta indioa basamortura itzultzen da betiko222.
Koadro triste hau egiazkoa den ala ez, aipatu ditudan creek eta cherokee-en artean gertatzen denaz juzga daiteke.
Indio hauek, egin duten gutxian, Europako herriek beren eginkizunik handienetan bezainbat berezko jeinu erakutsi dute ziur aski; baina nazioek, gizakiek bezalaxe, denbora behar dute ikasteko, nolanahikoak izanik ere berorien adimena eta ahaleginak.
Basati horiek beren buruak zibilizatzen lan egiten zuten bitartean, beroriek alde guztietatik inguratzen jarraitzen zuten europarrek, gero eta esparru estuagoan egotera behartuz. Gaur egun, bi arrazek elkarrekin topo egin dute azkenean; elkar ukituz daude. Indioa bere arbaso basatia baino gorago dago jadanik, baina auzoko zuria baino askoz beherago oraindik. Beren baliabideen eta jakintzargien laguntzaz, europarrak laster jabetu dira zoruaren jabetzak indigenei eman ziezazkiekeen abantaila gehientsuenez: hauen artean finkatu dira, lurrak berenganatu edo oso prezio kaskarrean erosi dituzte eta porrot eragin diete, indigenek inola ere jasan ezin zuten konkurrentziaren bidez. Beren herrialdean isolaturik, indioak arrotz gogaikarriz osaturiko kolonia txiki bat besterik ez dira, herri kopurutsu eta menperatzailearen erdian223.
Washingtonek honela esan zion bere mezuetako batean Kongresuari: "Indioen nazioak baino ilustratuago eta ahaltsuagoak gara gu; ohore-kontua da guretzat horiekin ontasunez, eta bihozberatasunez ere, jokatzea".
Politika bikain eta bertutetsu horri ez diote, ordea, jarraitu.
Kolonoen gutiziarekin gobernuaren tirania elkartzen da normalean. Nahiz eta cherokee eta creekak europarrak iritsi baino lehen egon lur haietan bizitzen, nahiz eta amerikarrek atzerriko nazioekin bezala tratatu duten sarri haiekin, barnean hartzen dituzten estatuek ez dituzte herri independentetzat onartu nahi izan, eta jende hori, oihanetatik irten orduko, zurien magistratu, ekandu eta legeetara makurrarazteari ekin diote224. Zorigabeko indio horiek zibilizaziorantz bultzatu zituen lazeriak; gaur egun berriro barbarierantz bultza egiten die zapalkuntzak. Horietako asko, erdi goldaturiko soroak bertan behera utzi eta ohiko bizitza basatira itzultzen dira.
Hegoaldeko estatuetako legegileek harturiko tiraniazko neurriei, gobernarien jokabideari eta auzitegien egintzei arreta jarriz gero, erraz komentzitzen da indioen erabateko kanporaketa dela ahalegin guztien aldibereko azken helburua. Batasuneko alde horretako amerikarrek jelosiaz ikusten dituzte indigenek dauzkaten lurrak225; azken hauek bizitza basatiko tradizioak oraindik ez dituztela erabat galdu ohartzen dira amerikarrak, eta zibilizazioak lurrari tinko atxiki baino lehen, etsiarazi eta aldentzera behartu nahi dituzte.
Estatu partikularrek zapalduta, creek eta cherokee-ek gobernu zentralagana jo zuten. Honi axola zaizkio haien ezbeharrak, benetan nahi luke indigenen hondarrak salbatu eta berak bermatu dien226 lurraldearen edukitza askea ziurtatu, baina, bere egitasmoa betearazi nahi duenean, estatu partikularrek oso gogor egiten diote kontra, eta orduan erraz erabakitzen du tribu basati batzuk, dagoeneko erdi suntsituak, desagertzen uztea, Amerikako Batasuna arriskuan ez jartzearren.
Indioak babesteko ahalmenik gabe, gutxienez berauen zoria eztitu nahi luke gobernu federalak; helburu honekin, beste leku batzuetara garraiatzeari ekin dio, berak ordainduta.
Ipar-latitudeko 33 eta 37 graduen artean, eskualde zabal bat dago, zeharkatzen duen ibai nagusitik Arkansas izena hartu duena. Alde batetik, Mexiko du mugakide, bestetik Mississippiren ibaiertzak. Erreka eta ibaitxo ugarik zeharkatzen du alde guztietatik, klima eztia du eta zorua emankorra. Basati-talde ibiltariren batzuk baino ez daude han. Herrialdeko parte horretara, Mexikotik hurbilen eta amerikarren establezimenduetatik oso urruti dagoen horretara, eraman nahi ditu Batasuneko gobernuak hegoaldeko herri indigenen hondarrak.
Ziurtatu zigutenez, 1831. urtearen amaieran, jadanik 10.000 indio eramanak zituzten Arkansas ibaiaren ertzetara; eta egunero iristen omen ziren beste batzuk. Baina Kongresuak, indio horien destinoa arautu nahi duelarik, ezin izan du oraindik berorien artean adostasun osorik lortu: batzuek pozik onartzen dute tiraniaren erdigunetik urruntzea; ilustratuenek uko egiten diote ernetzen ari zaizkien uztak eta beren egoitza berriak lagatzeari; pentsatzen dute, zibilizazioaren lana eten egiten bada, ez duela inoiz jarraipenik izango; beldur dira egonkortasun-azturak, hartu berri-berriak dituztelarik, behin-betiko galduko ote diren oraindik basati diren eskualdeetan, non ezer ez dagoen prestaturik herri laborari batek bizirik irauteko; badakite basa eremu berriotan horda etsaiak aurkituko dituztela, eta haiei aurre egiteko ez dute jadanik barbarotasunaren kemenik, eta ez dute oraindik lortu zibilizazioaren indarrik ere. Bestalde, indioak berehala ohartzen dira proposatzen zaien establezimendu horrek duen behin-behinekotasunaz. Nork ziurtatuko die azkenean bakean egon ahal izango direla beren babesleku berrian? Han eustera konprometitzen dira Estatu Batuak; baina orain daukaten lurraldea ere zin-hitzik solemneenez bermatu zitzaien aspaldi227. Egia da gaur egun gobernu amerikarrak ez dizkiela lurrak kentzen, baina inbadi ditzaten uzten du. Urte batzuk barru, zalantzarik gabe, orain inguruan metatzen zaien jendetza zuri hori berori atzetik izango dute berriro Arkansaseko bakarlekuetan; orduan gaitz berberekin topo egingo dute erremedio berberarik gabe; eta lehentxeago edo geroxeago lurra faltako zaielarik, etsi egin beharko dute eta heriotza onartu.
Gutizia eta bortxa gutxiago dago Batasunak indioekin jokatzeko duen moduan estatuek jarraituriko politikan baino; hala ere, bi gobernuei berdin falta zaie uste ona.
Estatuek, beren legeen onura deitzen dutena indioengana hedatzean, espero dute hauek nahiago izango dutela urruntzea menpera makurtzea baino; eta gobernu zentralak, zorigabe hauei mendebaldean babesleku iraunkorra agintzean, badaki ezin diela hori bermatu228.
Honela, estatuek, beren tiraniagatik, ihes egitera behartzen dituzte basatiak; Batasunak, bere agintzariez eta baliabideen laguntzaz, erraztu egiten du ihes hori. Helburu bera duten neurri ezberdinak dira229.
"Unibertsoa gobernatzen duen zeruko gure Aitaren borondatez", esaten zuten cherokee-ek Kongresuari egindako eskarian230, "gizaki gorrien arraza txiki bilakatu da, arraza zuria handi eta ospetsu.
"Zuen arbasoak gure itsasertzetara iritsi zirenean, gizaki gorria indartsua zen eta, ezjakin eta basatia izan arren, eskuzabaltasunez hartu zituen zuetarrak eta haiek beren hanka hozminduei lehorrean atseden eman ziezaieten onartu zien. Gure eta zuen gurasoak elkarri eskua eman adiskidetasunaren adierazgarri eta bakean bizi izan ziren.
"Zuriak bere premiak asetzeko eskatu zuen guztia, indioak berehala eman zion. Orduan indioa zen nagusi, eta zuria erregutzaile. Gaur egun egoera aldatu egin da: gorriaren indarra ahulezia bilakatu da. Auzokoak ugaldu ahala, gero eta urriagoa izan zen gorriaren boterea; eta, zuek Estatu Batuak deritzozuen honetan lehen makina bat tribu ahaltsu bazegoen ere, orain banaka batzuk baino ez dira gelditzen, hondamendi orokorretik libratu direnak. Iparraldeko tribuak, behinola beren ahalmenagatik gure artean hain ospetsuak, ia desagertu dira jadanik. Horra hor Amerikako gizaki gorriaren destinoa.
"Hona hemen gu, geure arrazako azkenak; hil egin behar ote dugu guk ere?
"Aspaldi-aspaldidanik, guztion Aitak, zeruan dagoenak, gure arbasoei eman zien orain daukagun lurra; arbasoek eskualdatu egin digute beren ondare bezala. Begirunez gorde dugu, beraien errautsak dituelako. Eman edo galdu al dugu inoiz ondare hori? Utziguzue apalki galdetzen ea herri batek bere lurraldea izateko eskubide hoberik duen ondare-eskubidea eta aspaldiko edukitza baino. Badakigu eskubide hori galdu egin dugula esaten dutela orain Georgiako estatuak eta Estatu Batuetako lehendakariak. Baina oinarririk gabeko alegazioa iruditzen zaigu hori. Noiz galdu dugu? Zer krimen egin dugu geure aberria kendu ahal izateko? Independentzi Gerrakoan Britainia Handiko erregearen banderapean borrokatu izana aurpegiratzen al zaigu? Hori bada aipaturiko krimena, zergatik ez zenuten gerraosteko lehen hitzarmenean aldarrikatu galdua genuela geure lurren jabetza? Zergatik ez zenuten hitzarmen hartan honelako artikuluren bat sartu: “Estatu Batuek ongi deritzote cherokee-en nazioari bakea emateari, baina, gerran esku hartu izanagatik zigortzeko, aurrerantzean lurraren errentari bakarrik izango direla aldarrikatzen dugu, eta alde egin beharko dutela inguruko estatuek horrela eskatzen dietenean”? Hura zen honela hitz egiteko momentua, baina inori ez zitzaion bururatu egiterik, eta gure gurasoek ere sekula ez zuketen onartuko beren eskubide sakratuenik gabe uztea eta beren herrialdea kentzea ondoriotzat zuen hitzarmenik".
Honela mintzo dira indioak: diotena egia da; aurrikusten dutena saihestezina iruditzen zait.
Ipar Amerikako indigenen destinoa zeinahi aldetatik aztertuta ere, gaitz konponezinak baino ez dira ikusten: basati jarraitzen badute, aurrera bultza egiten zaie joan daitezen; beren buruak zibilizatu nahi badituzte, beraiek baino zibilizatuago direnekiko harremanak zapalkuntza eta lazeriara eramaten ditu. Basamortuz basamortu ibiltzen jarraitzen badute, haienak egin du; finkatzea erabakitzen badute ere, haienak egin du. Europarren laguntzaz bakarrik ilustra daitezke, eta europarren hurbiltasunak gaiztotu eta barbarotasunerantz bultza egiten die. Beren bakarlekuetan uzten zaien bitartean, uko egiten diote ohiturak aldatzeari, eta, azkenean, hori onartzera beharturik daudenean, orduan beranduegi da jada.
Espainolek txakurrak botatzen dituzte indioen kontra basapiztien kontra bezalaxe; Mundu Berrian arpilaketan ibiltzen dira erasoan menperaturiko hiria bailitzan, ezer bereizi gabe eta gupida barik; baina ezin da dena suntsitu, suminak badu mugarik. Sarraskietatik ihes egindako herri indiarren hondarra azkenerako garaileekin nahasten da, eta hauen erlijioa eta ohiturak bereganatzen ditu231.
Aitzitik, Estatu Batuetako amerikarrek indigenekiko duten jokabideak formen eta legaltasunaren maitasunik garbiena erakusten du. Indioek egoera basatian jarraitzen badute, amerikarrak ez dira inola ere haien arazoetan sartzen eta herri independente bezala tratatzen dituzte; ez dute indioen lurrik berenganatzerik onartzen, behar bezala kontratu bidez lortzen ez badira; eta, kasualitatez, nazio indiar bat ezin bada jada bere lurraldean bizi, anaitasunez eskutik heldu eta haiek berek eramaten dute hiltzera gurasoen herrialdetik kanpo.
Espainolek, adieraztezinezko basakerien laguntzaz, beren buruak ezabaezinezko lotsaz estaliz, ez dute lortu indioen arraza suntsitzea, ezta beren eskubideetan partaide izan daitezen eragoztea ere; Estatu Batuetako amerikarrek erraztasun miresgarriz lortu dituzte bi emaitza horiek, lasaitasunez, legalki, filantropikoki, odolik isuri gabe, moralaren printzipio handietariko bakar bat ere hautsi gabe munduaren aurrean232. Ezin dira gizakiak suntsitu gizatasunaren legeak hobeto errespetatuz.
Arraza beltzak Estatu Batuetan duen posizioa (233); horren presentziak zurientzat dakartzan arriskuak
[aldatu]Esklabutza abolitu eta beronen arrastoak desagertaraztea, zergatik den zailagoa modernoen artean antzinakoen artean baino.- Estatu Batuetan, zurien aurriritzia beltzen kontra areagotu egiten dela ematen du esklabutza suntsitu ahala.- Beltzen egoera iparraldeko eta hegoaldeko estatuetan.- Zergatik abolitzen duten amerikarrek esklabutza.- Joputzak, esklabua zabartzen duelarik, ugazaba pobretzen du.- Ohio ibaiaren eskuineko eta ezkerreko ertzen artean nabari diren ezberdintasunak.- Zeri egotzi behar zaizkion ezberdintasun horiek.- Hegoaldeko estatuek dituzten eragozpenak esklabutza abolitzeko.- Etorkizuneko arriskuak.- Izpirituen kezka.- Kolonia beltz baten fundazioa Afrikan.- Hegoaldeko amerikarrek, esklabutza begi onez ez ikusi arren, aldi berean zergatik areagotzen dituzten berorren garraztasunak.
Indioak isolamenduan hilko dira, bizi izan diren bezalaxe; baina beltzen destinoa nolabait ere lotua dago europarrenarekin. Bi arrazak daude bata bestearekin lotuta, baina nahastu gabe horregatik; elkarrengandik zeharo banatzea bezain zaila zaie elkartzea.
Estatu Batuetako etorkizuna mehatxatzen duten gaitz guztietako beldurgarriena lurralde hartan beltzak egotetik sortzen da. Batasuneko egungo arazoen eta geroko arriskuen kausa bilatzen denean, ia beti lehen egitate horretara iristen da, edozein aldetatik abiatuta ere.
Orokorrean gizakiek ahalegin handi eta etengabeak egin behar izaten dituzte gaitz iraunkorrak sortzeko; baina bada gaitz bat munduan isilka sartzen dena. Hasieran ia ez da nabaritzen agintearen ohiko abusuen erdian; historiak izena ere gogoratzen ez duen norbaitekin hasten da; hazi madarikatua bezala uzten da lurrean nonbait; gero bere buruaz elikatzen da, ahaleginik gabe hedatu eta berez hazten da onartu duen gizartearekin batera. Gaitz hau esklabutza da.
Kristautasunak suntsitu egin zuen joputza; hamaseigarren mendeko kristauek berriro ezarri zuten; hala ere, sekula ez zuten onartu beren gizarte-sistemako salbuespentzat baino, eta giza arrazetako bakar batera mugatzeko ardura izan zuten. Honela, zauri txikiagoa egin zioten gizadiari, baina askoz ere zailagoa sendatzeko.
Bi gauza bereizi behar dira arretaz: esklabutza bera eta honen ondorioak.
Esklabutzak eragindako berehalako gaitzak beretsuak ziren antzinakoen artean eta modernoen artean, baina gaitz hauen ondorioak ezberdinak ziren. Antzinakoen artean, esklabua bere ugazabaren arraza berekoa zen, eta sarritan heziketa eta jakintzargi gehiagokoa234. Askatasunak bakarrik banatzen zituen; askatasuna emanez gero, erraz nahasten ziren elkarrekin.
Antzinakoek, beraz, oso bide erraza zuten esklabutzatik eta honen ondorioetatik libratzeko; emantzipazioaren bidea zen hori, eta orokorki erabili zuten momentutik, lortu ere egin zuten libratzea.
Hala ere, antzinatean, joputza suntsitu eta gero ere, beronen arrastoek iraun egin zuten aldi batez.
Bada berezko aurriritzi bat gizakia, bera baino gutxiago izan dena gutxiestera bultzatzen duena, mailakide bihurtu eta askoz geroago ere; zoriak edo legeak eragindako benetako ezberdintasunaren atzetik, irudipenezko ezberdintasuna sortzen da beti, sustraiak ohituretan dituena; baina antzinakoen artean, esklabutzaren bigarren mailako ondorio honek muga bat zuen. Libertoa, jatorri askekoen hain antzeko zenez, laster bihurtzen zen bereiztezin azken hauen artean.
Antzinakoen artean legea aldatzea zen gauzarik zailena; modernoen artean, ohiturak aldatzea; eta, guretzat, benetako zailtasuna antzinakoentzat amaitzen zen puntuan hasten da, hain zuzen.
Eta hau, modernoen artean esklabutzaren egitate inmaterial eta igarokorra arraza-diferentziaren egitate material eta iraunkorrarekin modurik txarrenean konbinatzen delako sortzen da. Esklabutzaren oroitzapenak arraza desohoratzen du, eta arrazak esklabutzaren oroitzapena betikotzen du.
Ez dago afrikarrik aske etorri denik Mundu Berriko itsasertzetara; eta, ondorioz, gaur egun han aurkitzen diren guztiak esklabuak edo libertoak dira. Honela, beltzak, biziarekin batera, bere ignominiaren kanpo-ezaugarria eskualdatzen die ondorengo guztiei. Legeak suntsi dezake joputza; baina Jainkoak bakarrik desagertaraz dezake horren arrastoa.
Esklabu modernoa, askatasunagatik ezezik, jatorriagatik ere bereizten da ugazabagandik. Eman diezaiokezue beltzari askatasuna, baina ez duzue lortuko bera ez egotea arrotz bezala europarraren aurrean.
Hala ere, hori ez da dena. Apaltasunean jaiotako gizaki horri, joputzak gure artean sartu duen arrotz horri, ozta-ozta aitortzen dizkiogu gizatasunaren ezaugarri orokorrak. Berorren aurpegia higuingarria iruditzen zaigu, adimena mugatua, gustuak apalak; gutxi falta da aberearen eta gizakiaren arteko izakitzat har ez dezagun235.
Modernoak, esklabutza abolitu ondoren, hori baino askoz helezinago eta setatiagoak diren hiru aurriritzi suntsitu beharrean daude oraindik ere: ugazabaren aurriritzia, arrazaren aurriritzia eta azkenik zuriaren aurriritzia.
Oso zaila gertatzen zaigu guri, naturak gure antzeko eta legeak gure mailakide egin dituenen artean jaiotzeko zoriona izan dugunoi, oso zaila gertatzen zaigu, diot, Amerikako beltza europarragandik zelako tarte gaindigaitzak banatzen duen ulertzea. Baina urruneko ideia bat zertu dezakegu analogiaz arrazoituz.
Behinola ezberdintasun handiak ikusi genituen geure artean, beren printzipioak legerian baino ez zituztenak. Zer fiktizioagorik legezkoa bakarrik den gutxiagotasuna baino! Zer senaren aurkakoagorik nabariki antzekoa den jendearen artean ezarritako ezberdintasun iraunkorrak baino! Ezberdintasun hauek, ordea, mendetan zehar iraun dute; oraindik ere makina bat lekutan diraute; irudipenezko aztarnak utzi dituzte edonon, baina denborak ia ezabatu ezinak. Legeak bakarrik sortutako ezberdintasuna sustraigabetzea hain zaila baldin bada, nola suntsitu, gainera, bere oinarri aldaezinak naturan bertan dauzkala ematen duena?
Nik neuk, gorputz aristokratikoak, edozelakoak izanik berauen izaera, herri-masarekin bat egitera zein nekez iristen diren, eta herriagandik banatzen dituzten hesi idealak mendetan zehar gordetzeko hartzen duten ardura itzela kontuan hartzen dudanean, galdu egiten dut itxaropena zeinu ageriko eta hilezinetan oinarrituriko aristokrazia desagertzen ikusteko.
Egunen batean europarrek beltzekin bat egingo dutela espero dutenak ametsetan ari direla iruditzen zait. Arrazoiak ez narama horrelakorik sinestera, eta egitateetan ere ez dut hori adierazten didan ezer ikusten.
Orain arte zuriek, ahaltsuenak izan diren alde guztietan, doilorkerian edo esklabutzan eduki dituzte beltzak. Beltzek, ahaltsuenak izan diren alde guztietan, suntsitu egin dituzte zuriak; bi arraza hauen artean ez da inoiz beste konturik izan.
Gaur egungo Estatu Batuak hartzen baditut aztergai, garbi ikusten dut, herrialdearen zati jakin batean, bi arrazak banatzen dituen hesi legala beheratzeko joera dagoela, baina ez ohituretan dagoena. Esklabutzak atzera egiten duela ohartzen naiz; baina hori sortarazi duen aurriritzia mugitu gabe dago.
Dagoeneko beltzak esklabu ez diren Batasun-zatian, hurbildu al dira hauek zuriengana? Estatu Batuetan bizi izan den oro ohartuko zen kontrakoa gertatu dela.
Arrazaren aurriritzia indartsuagoa iruditzen zait esklabutza abolitu duten estatuetan oraindik ere badutenetan baino; eta inon baino intoleranteagoa, joputza sekula ezagutu ez duten estatuetan.
Egia da Batasunaren iparraldean legeak uzten diela beltz eta zuriei legezko ezkontzak egiten; baina iritzi publikoak zitaltzat jotzen du emakume beltz batekin elkarturiko zuria, eta oso zaila litzateke horrela gertatu den kasu bakar bat aipatzea.
Esklabutza abolitua dagoen estatu ia guztietan, hauteskunde-eskubideak eman zaizkio beltzari; baina botoa ematera joaten bada, bizia arriskuan jartzen du. Zanpatuta, kexa daiteke, baina zuriak bakarrik aurkituko ditu bere epaileen artean. Hala ere, legeak ematen dio epaimahaietan esertzeko aukera, baina aurriritziak errefusatu egiten dio jarlekua. Haren seme-alaba ezin da joan europarren ondorengoa ikastera doan eskolara. Antzokietan urre-prezioan ere ezingo luke erosi ugazaba izandakoaren ondoan esertzeko eskubidea; ospitaleetan, aparte egoten da. Uzten zaio beltzari zurien Jainko berari erregutzen, baina ez aldare berean otoitz egiten. Beltzak bere apaiz eta tenpluak ditu. Ez zaizkio zeruko ateak ixten; hala ere, ezberdintasuna apenas beste munduaren mugan ere gelditzen den. Beltza hiltzen denean, haren hezurrak aparte botatzen dira, eta baldintza-ezberdintasuna heriotzaren berdintasunean ere aurkitzen da.
Honela, bada, beltza aske da, baina ezin du zuriaren eskubide, plazer, lan, samin edota hilobian parterik izan, nahiz eta beronen mailakide deklaratu duten; ezin du inon zuriarekin topagunerik izan, ez bizitzan, ez heriotzan.
Hegoaldean, oraindik ere esklabutzak irauten duen lekuan, beltzak ez dituzte hain arretatsu apartatzen; batzuetan zurien lan eta plazerretan esku hartzen dute; neurri bateraino utzi egiten zaie zuriekin nahasten; legeria gogorragoa da beraiekiko; azturak, jasankorragoak eta eztiagoak.
Hegoaldean, ugazaba ez da beldur esklabua bere mailaraino goratzeko, bai baitaki beti ahal izango duela, nahi izanez gero, berriro hautsetara bota. Iparraldean, zuriak ez du dagoeneko garbi ikusten arraza doilortu batengandik bananduko duen hesia, eta are arreta handiagoz aldentzen da beltzagandik, egunen batean honekin bat egitera iritsiko den beldur baita.
Hegoaldeko amerikarren artean, naturak, batzuetan bere eskubideak berreskuratuz, une batez berdintasuna ezartzen du zurien eta beltzen artean. Iparraldean, harrotasunak isilarazi egiten du gizakiaren grinarik bortitzena ere. Iparramerikarrak onartuko luke agian emakume beltz bat bere plazerkide iragankor bihurtzea, legegileek aldarrikatu izan balute beltza ezin dela gizon zuri baten ohaide izan; baina beraren emazte bilaka daitekeenez, halako izu batez urruntzen zaio gizon zuria.
Honela, Estatu Batuetan beltzak baztertzen dituen aurriritzia areagotu egiten dela dirudi, beltzek esklabu izateari uzten dioten neurrian; eta ezberdintasuna ohituretan grabatzen da legeetatik ezabatzen den neurrian.
Baina Estatu Batuetan bizi diren bi arrazen egoera erlatiboa erakutsi berri dudana bezalakoa bada, amerikarrek, zergatik abolitu dute esklabutza Batasuneko iparraldean, eta zergatik iraunarazten diote oraindik hegoaldean eta nondik dator bertan esklabutzaren garraztasunak larriagotzea?
Erraza da erantzutea. Estatu Batuetan esklabutza suntsitzen bada, ez da beltzen interesagatik izaten, zurienagatik baizik.
Lehen beltzak 1621. urte aldera ekarri zituzten Virginiara236. Amerikan, beraz, gainerako mundu guztian bezalaxe, joputza hegoaldean sortu zen. Handik zabaldu zen poliki-poliki; baina esklabutza iparraldera zihoan neurrian, esklabuen kopurua murriztuz joan zen237; oso beltz gutxi ikusi izan da beti Ingalaterra Berrian.
Koloniak eratuak zeuden; igaroa zen mende bat jadanik, eta aparteko egitate bat hasi zen begirada guztiak erakartzen. Batere esklaburik ez zeukaten probintziak esklabuak zeuzkatenak baino bizkorrago hazten ziren biztanleria, aberastasun eta ongizateari zegokienez.
Lehenengoetan, hala ere, jendea beharturik zegoen bere eskuz lurra lantzera, edo beste norbaiten zerbitzuak alokatzera; bigarrenetan, jendeak bere eskura zituen langileak, hauen ahaleginik ordaindu beharrik gabe. Beraz, lana eta gastuak zeuden alde batean, aisia eta aurrezkia bestean; hala ere, lehenengoak ari ziren aurrea hartzen.
Emaitza honek are ulergaitzagoa zirudien migrariek, guztiak arraza europar berekoak izanik, aztura berberak baitzituzten, zibilizazio bera, lege berak, eta garrantzi gutxiko ñabardurek ezberdintzen zituzten.
Denborak aurrera egiten zuen. Atlantiar ozeanoko ertzetatik irtenda, angloamerikarrak gero eta gehiago barneratzen ziren mendebaldeko bakarlekuetan; lurralde eta klima berriekin topo egiten zuten han; izaera ezberdineko eragozpenak gainditu behar izaten zituzten; haien arrazak nahastu egiten ziren, hegoaldeko jendea iparraldera igotzen zen, iparraldekoa hegoaldera jaisten. Kausa hauen guztien artean, egitate bera agertzen zen etengabe; eta, oro har, esklaburik ez zeukaten koloniak jendeztatuago eta oparoago bilakatzen ziren esklabutza indarrean zeukatenak baino.
Aurrera egin ahala, beraz, sumatzen hasi ziren joputza, esklabuarentzat ankerra izanik, ugazabarentzat ere oso txarra zela.
Baina egia honen azken froga Ohio ibaiaren ertzetara iristean aurkitu zen.
Indioek Ohio -edo Ibai Ederra- deitu zutenak, gizakiak sekula bizilekutzat hartu duen ibarrik zoragarrienetakoa bustitzen du bere urez. Ohioren bi ertzetan lursail muinotsuak daude, non lurrak egunero eskaintzen dizkion altxor agortezinak laborariari. Bi ertzetan giroa osasuntsua da, eta klima eztia; bietako bakoitza estatu zabal baten azken muga da: ezkerrean Ohiok bere bidean egiten dituen sigi-saga ugariei jarraitzen diena Kentucky da; besteak ibaiari berari hartu dio izena. Bi estatuak gauza bakar batean ezberdintzen dira: Kentuckyk ametitu egin ditu esklabuak, Ohioko estatuak guztiak bota ditu bere baitatik238.
Ohioren erdian kokatu eta ibaia Mississippin bukatu arte korronteari jarraitzen dion bidaiaria askatasunaren eta joputzaren artean joaten da, nolabait esateko; aski du bere ingurura begiratzea berehala ohartzeko zein den gizatasunaren aldekoagoa.
Ibaiaren ezkerraldean, biztanleak barreiaturik daude; noizean behin esklabu-talde bat ikusten da, erdi hutsik dauden landetan zehar arduragabe noraezean; hasierako oihana berriro agertzen da etengabe; gizartea lokartuta dagoela esan daiteke; gizakiak zereginik gabe dirudi, natura agertzen da han ekintzaile eta bizi.
Eskuinaldetik, ordea, halako zurrumurru nahasi bat sortzen da, urruti dagoen industrigintza aldarrikatuz; uzta bikainak daude soroetan; egoitza dotoreek laborariaren gustua eta ardurak adierazten dituzte; oparotasuna nabari da alde guztietan; gizakiak aberats eta pozik dirudi: lan egiten du239.
Kentuckyko estatua 1775ean sortu zen; Ohioko estatua hamabi urte geroago bakarrik. Hamabi urte Amerikan, Europan mende erdi baino gehiago da. Gaur egun Ohiok 250.000 biztanle gehiago ditu Kentuckyk baino240.
Esklabutzaren eta askatasunaren ondorio ezberdin hauek erraz ulertzen dira; aski dira antzinako zibilizazioaren eta gaur egungoaren arteko ezberdintasun asko esplikatzeko.
Ohioren ezkerraldean lana bat eginda dago esklabutzaren ideiarekin; eskuinaldean, ongizate eta aurrerapenaren ideiarekin; han lana degradaturik dago, beste honetan ohoratu egiten da; ibaiaren ezkerraldean, ez dago arraza zuriko langileak aurkitzerik, beldur dira-eta esklabuen antzeko izateko; beltzen lana erabili behar izaten da. Eskuinaldean, berriz, alferrik bilatuko da aisian dagoenik; zuriak lan guztietara hedatzen du bere jarduera eta adimena.
Honela, bada, Kentuckyn lurreko aberastasun naturalak ustiatzeko ardura dutenek ez dute ez gogo berorik, ez buru-argitasunik; eta bi gauza hauek izan litzaketenek, berriz, ez dute ezer egiten, edo Ohiora pasatzen dira, hango industriaz baliatzeko eta lotsarik gabe lan egiteko.
Egia da Kentuckyn ugazabek ordaindu beharrik gabe eragiten dietela lan esklabuei, baina hauen ahaleginari fruitu gutxi ateratzen diote; eta dirua langile askeei emanez gero, berriz, interes eta guzti berreskuratuko lukete hauen lanaren balioagatik.
Langile askeari ordaindu egin behar zaio, baina esklabuak baino bizkorrago lan egiten du, eta zeregina bizkor betetzea da ekonomiaren elementu handietako bat. Zuriak saldu egiten ditu bere zerbitzuak, baina erabilgarri direnean bakarrik erosten zaizkio; beltzak ezin du ezer eskatu bere zerbitzuen ordainetan, baina elikatu beharra dago beti; mantendu egin behar da zahartzaroan nahiz heltzaroan, haurtzaro antzuan nahiz gaztaroko urte emankorretan, gaixo dagoenean nahiz osasuntsu dagoenean. Honela, ordainduz bakarrik lortzen da bi pertsona hauen lana: langile askeak soldata hartzen du; esklabuak hezkuntza, elikagaiak, zainketak, jantziak. Esklabua mantentzeko ugazabak gastatzen duen dirua gutxika eta xehetasunetan joaten da; ia oharkabean. Langileari ematen zaion soldata aldi bakar batean ematen zaio, eta hartzen duena bakarrik aberasten duela dirudi; baina benetan esklabua pertsona askea baino gehiago kostatu da eta haren lanak ez dira hain emankorrak izan241.
Esklabutzaren eragina urrutirago ere iristen da; ugazabaren ariman bertan ere sartzen da, eta honen ideia eta gustuei halako norabide berezi bat ematen die.
Ohioren bi ertzetan, naturak izaera saiatu eta kementsua eman dio gizakiari, baina kualitate komun hori ez du berdin erabiltzen ibaiaren alde bakoitzean.
Eskuinaldeko zuriak, bere ahaleginez bizitzera behartua, ongizate materiala hartu du bizitzako helburu nagusitzat; eta bizi deneko herrialdeak baliabide agortezinak ematen dizkionez industriarako eta erakarpen beti berriak eskaintzen dizkionez jarduerarako, dena eskuratzeko irrikak giza gutiziaren ohiko mugak gainditu ditu. Aberastasun-nahiak atsekabeturik, ausardiaz sartzen da zoriak irekitzen dizkion bide guztietatik; berdin zaio marinel, aitzindari, esku-langile edo laborari bihurtzea, iraunkortasun berdintsuz jasanez lanbide ezberdin hauei dagozkien neke edo arriskuak. Bada zerbait miragarria haren adimenaren baliabideetan, eta halako heroismo bat beraren irabazi-irrikan.
Ezkerraldeko amerikarrak, lana ezezik, lanari esker aurrera egiten duen eginkizun oro ere mesprezatzen du; aisiazko erosotasunean bizi delarik, lanik egiten ez dutenen gustuak ditu; diruak galdua du harentzat balioaren zati bat; aberastasuna baino gehiago bilatzen ditu zalaparta eta plazerra, eta honetara bideratzen du auzokoak beste nonbait erabiltzen duen kemena; grina biziz maite ditu ehiza eta gerra; atsegin ditu gorputzaren ariketarik bortitzenak; ohiturik dago armak erabiltzen, eta umetatik ikasi du borroka berezietan bizia jokatzen. Hortaz, esklabutzak aberats daitezen eragozteaz gain, horretarako gogoa ere kentzen die zuriei.
Kausa berberek etengabe eragin dute bi mendez kontrako zentzuan Amerikaren iparraldeko kolonia ingelesetan, eta azkenerako ikaragarrizko ezberdintasuna sortu dute hegoaldeko eta iparraldeko jendearen merkataritza-gaitasunean. Gaur egun iparraldeak bakarrik ditu itsasuntziak, manufakturak, trenbideak eta kanalak.
Ezberdintasun hau, iparraldea eta hegoaldea alderatzean ezezik, hegoaldeko jendea bere artean konparatzean ere nabaritzen da. Batasuneko estaturik hegoaldekoenetan merkataritzan diharduten eta esklabutza erabili nahi duten ia guztiak iparraldetik etorriak dira; egunetik egunera, iparraldeko jendea Amerikako lurraldearen parte hartan hedatzen da, han beldur gutxiago baitiote konkurrentziari; bertako biztanleek sumatu gabeko baliabideak aurkitzen dituzte han, eta, gaitzesten duten sistema batera beren burua makurtuz, onura gehiago ateratzen diote, sistema hori sortu eta oraindik iraunarazten diotenek baino.
Paralelismoa urrutirago eraman nahi izango banu, erraz frogatuko nuke hegoaldeko eta iparraldeko amerikarren izaeran nabari diren ezberdintasun ia guztiak esklabutzatik sortuak direla; baina hau neure gaitik irtetea litzateke. Une honetan ez naiz ari joputzaren ondorio guztiak zeintzuk diren ikertzen, baizik eta onartu dutenen oparotasun materialean horrek dituen ondorioak aztertzen.
Esklabutzak aberastasunen ekoizpenean zuen eragin hau nola-hala baino ezin zuten ezagutu antzinatean. Mundu zibilizatu osoan zegoen orduan joputza, eta ezagutzen ez zuten herriak barbaroak ziren.
Horrela, esklabuaren eskubideak baliaraziz suntsitu zuen kristautasunak esklabutza; gaur egun, ugazabaren izenean ere eraso dakioke. Puntu honetan bat datoz interesa eta morala.
Egia hauek Estatu Batuetan nabaritu ahala, esklabutzak poliki-poliki atzera egiten zuen esperientziaren argitan.
Joputza hegoaldean hasi zen eta ondoren iparraldera hedatu; gaur egun erretiratzen ari da. Askatasuna, iparraldetik abiatuta, hegoalderantz doa gelditu gabe. Estatu handien artean, gaur egun Pennsylvania da esklabutzaren azken muga iparraldera, baina erasopean dago muga horien berorien barnean ere; Maryland, Pennsylvaniaren azpian hurrengo dagoena, etengabe ari da esklabutzarik gabe bizitzeko prestatzen, eta Virginia ere, Marylandi jarraitzen diona, jada eztabaidatzen ari da esklabutzaren onura eta arriskuak242.
Giza erakundeetan ez da aldaketa handirik ematen, aldaketa horren kausen artean oinordetza-legea aurkitu gabe.
Hegoaldean ondareen banaketa-desberdintasuna nagusi zenean, familia bakoitzaren ordezkari gizon aberats bat zen, ez zuena sentitzen ez lanerako beharrik, ez horretarako gusturik; beraren inguruan era berean bizi ziren, beste hainbat landare parasito bezala, legeak herentzia komunetik bazter utzitako senitartekoak; orduan hegoaldeko familia guztietan ikusten zen gaur egun oraindik Europako zenbait herrialdetako familia nobleetan ikusten dena, alegia, senide gazteagoak, maiorazgoa bezain aberats izan gabe, hau bezalaxe egoten direla lanik egin gabe. Antzerako efektu hau berdintsuak ziren kausek eragiten zuten Amerikan eta Europan. Estatu Batuetako hegoaldean, zurien enda osoak gorputz aristokratiko bat osatzen zuen, beronen buru gizabanako pribilegiatu batzuk zeudelarik, aberastasuna iraunkorra eta aisia herentziazkoa zutenak. Amerikako nobleziaren buru horiek arraza zuriaren ohiko aurriritziak betikotzen zituzten berek ordezkatzen zuten gorputzean, eta ohore bezala mantentzen zuten aisi egoera. Aristokrazia honen baitan, aurki zitezkeen behartsuak, baina ez langileak; nahigarriagoa zirudien lazeriak industriak baino; beraz, langile beltz eta esklabuek ez zuten lehiakiderik, eta, hauen lanaren onuraz zernahi pentsatuta ere, erabili beharra zegoen, ez zegoen besterik eta.
Oinordetza-legea abolitu zen momentutik, aberastasun guztiak urritzen hasi ziren aldi berean, eta bizi ahal izateko lana beharrezko gertatzen den egoerara hurbildu ziren familia guztiak mugimendu berberaz; horietako asko erabat desagertu ziren; guztiek aurrikusi zuten nork bere premiak ase beharko zituen momentua. Gaur egun oraindik ikusten da aberatsik, baina jada ez dute gorputz trinko eta herentziazkorik osatzen; ezin izan dute izpiritu bat gauzatu, berorretan iraun eta maila guztietan sarrarazi. Beraz, elkar harturik, ahazten hasi ziren lana gaitzesten zuen aurriritzia; behartsu gehiago sortu zen, eta behartsuak bizibidea bilatzeaz arduratu ziren, lotsaz gorritu gabe. Honela, ondareen banaketa-berdintasunaren ondoriorik hurbilenetako bat langile askeen klasea sortaraztea izan zen. Langile askea esklabuarekin lehian jarri zen momentuan, azken honen gutxiagotasuna nabaritu zen, eta esklabutzari bere printzipioan bertan egin zitzaion eraso, ugazabaren interesean, alegia.
Esklabutzak atzera egin ahala, arraza beltzak jarraitu egiten dio atzerakada horretan, eta tropikoetarantz itzultzen da berarekin, handixe etorri zelarik hasieran.
Hau, lehen begiratuan harrigarria bada ere, berehala ulertuko da.
Joputzaren printzipioa abolitzean, amerikarrek ez dituzte esklabuak aske uzten.
Agian nekez ulertuko litzateke ondorengoa, adibide bat aipatuko ez banu; New Yorkeko estatukoa aukeratuko dut. 1788an, New Yorkeko estatuak esklabu-salmenta debekatzen du bere baitan. Zeharka bada ere, inportazioa debekatzeko modua zen. Une horretatik aurrera, beltzen kopurua biztanleria beltzaren berezko hazkundearen arabera bakarrik hazten da. Zortzi urte geroago, neurri erabakigarriagoa hartzen da, eta 1799ko uztailaren 4tik aurrera guraso esklabuengandik jaiotako haur guztiak aske izango direla aldarrikatzen da. Esklabutza hazteko bide guztiak itxita daude horrela; oraindik bada esklaburik, baina esan daiteke jada ez dela joputzarik.
Iparraldeko estatu batek esklabuen inportazioa honela debekatzen duen garaitik aurrera, ez da hegoaldetik beltzik ateratzen hara eramateko.
Iparraldeko estatu batek beltzen salmenta debekatzen duen momentutik, esklabua, bera daukanaren eskuetatik jada irten ezin denez, jabetza ezeroso bihurtzen da, eta hegoaldera eramateko interesa sortzen da.
Iparraldeko estatu batek esklabuaren seme-alaba aske jaioko dela aldarrikatzen duen egunean, esklabuak bere salmenta-balioaren zati handi bat galtzen du, beraren ondorengoak ezin baitira merkatuan sartu, eta honengatik ere interes handia sortzen da hegoaldera eramateko.
Honela, lege berak hegoaldeko esklabuei iparraldera etortzea eragozten die, eta iparraldekoei hegoaldera bultza egiten die.
Baina hona hemen aipatu ditudan guztiak baino beste kausa ahaltsuago bat.
Estatu batean esklabu-kopurua gutxitzen den neurrian, langile askeen beharra nabaritzen da. Langile askeak industriaz jabetzen diren neurrian, esklabuaren lana hain emankorra ez denez, hau jabetza kaskar edo alferrikako bihurtzen da, eta honengatik ere interes handia sortzen da hegoaldera eramateko, han ez baitago konkurrentziaren beldurrik.
Esklabutzaren abolizioak ez du, bada, esklabua askatasunera eramaten; ugazaba aldarazten dio bakarrik: iparraldetik hegoaldera igarotzen da.
Beltz emantzipatuei eta esklabutza abolitu ondoren jaiotakoei dagokienez, ez dira iparraldetik hegoaldera joaten, baina indigenenaren antzeko egoeran aurkitzen dira europarren aurrean; erdi zibilizaturik eta eskubiderik gabe gelditzen dira askoz ere aberatsago eta ilustratuago den herri baten erdian; legeen tirania243 eta azturen intolerantzia jasateko arriskupean daude. Indioak baino ere zorigabeago neurri batean, esklabutzaren oroitzapenak dituzte beren kontra, eta ezin dute lurzati bakar baten edukitza ere erreklamatu; asko eta asko lazeriak menperatzen ditu244; besteak hirietan biltzen dira, non, lanik zakarrenak berenganatuz, badaezpadako eta atsekabezko bizimodua eramaten baitute.
Bestalde, askatasunik ez zuten garaian bezala hazten jarraituko balu ere beltzen kopuruak, esklabutza abolitu ondoren bi aldiz bizkorrago gehitzen denez zurien kopurua, beltzak laster geldituko lirateke herri arrotz baten uhin artean irentsita bezala.
Esklabuek kultibaturiko herri batek gizaki askeek kultibaturikoak baino biztanle gutxiago izaten du normalean; gainera, eskualde berria da Amerika; estatu batek esklabutza abolitzen duen momentuan, erdi betea baino ez dago artean. Joputza suntsitu eta langile askeen beharra sumatu orduko, herrialdeko bazter guztietatik abenturari ausart askok jotzen du bertara lasterka; industriarako izango diren aukera berriez baliatzera etortzen dira. Lurra beren artean banatzen dute; zati bakoitzean zurien familia bat ezartzen da, lurzatiaz jabetuz. Halaber, estatu askeetarantz bideratzen da Europako migrazioa. Mundu Berrira aisetasun eta zorionaren bila doan Europako behartsuak, zer egingo luke lana lotsagarritzat jotzen den herrialdera joango balitz bizitzera?
Honela, berezko mugimenduagatik hazten da biztanleria zuria eta, aldi berean, sekulako emigrazioagatik; bitartean biztanleria beltzak ez du migraririk hartzen eta ahulduz doa. Laster alderantzikatu egiten da bi arrazen artean zegoen proportzioa. Zorigabeko hondakin batzuk baino ez dira beltzak, tribu txiki behartsu eta ibiltari bat, lurraren jabe den herri handi baten erdian galdua; jasanarazten zaizkien bidegabekeria eta garraztasunengatik bakarrik sumatzen da bertan daudela.
Mendebaldeko estatu askotan, arraza beltza ez da inoiz agertu; iparraldeko estatu guztietan desagertzen ari da. Esparru estu batean datza, beraz, etorkizuneko arazo handia; honela, ez da hain beldurgarria gertatzen, baina ez da hala ere konpontzeko errazagoa.
Hegoaldera jaitsi ahala, are zailagoa da esklabutza onuragarriro abolitzea. Honen zergatia hainbat kausa materialetan dago, eta komeni da azaltzea.
Klima da lehena. Egia da, europarrak tropikoetara hurbildu ahala, are zailagoa gertatzen zaiela lan egitea; amerikar askok dioenez, halako latitude batean hilgarri ere gertatzen zaie, beltzak inolako arriskurik gabe egin dezakeen bitartean245; baina ez dut uste ideia hau, hegoaldeko gizakiaren nagikeriaren hain aldeko dena, esperientzian oinarritua dagoenik. Batasuneko hegoaldean ez du Espainia edo Italiako hegoaldean baino bero handiagorik egiten246. Zergatik ezin ditu europarrak lan berberak egin han? Eta Italian eta Espainian esklabutza abolitu bada ugazabak desagertu gabe, zergatik ez litzateke Batasunean gauza bera gertatuko? Ez dut uste Georgia edo Floridetako europarrei naturak debekatuko zienik, heriotzaren mehatxupean, berek ateratzea lurretik beren bizibidea; baina lan hau Ingalaterra Berriko biztanleei baino nekagarriagoa eta emankortasun gutxiagokoa gertatuko zaie ziur aski247. Honela, hegoaldean langile askeak galdu egiten duenez esklabuari buruz duen gehiagotasunaren parte bat, han onura gutxiago du esklabutza abolitzeak.
Europako landare guztiak Batasuneko iparraldean hazten dira; hegoaldeak produktu bereziak ditu.
Ikusi da esklabutza era garestia dela laboreak lantzeko. Joputzarik ezagutzen ez den herrialdean garitara emanak normalean ez du bere zerbitzura langile-kopuru txiki bat baino izaten; egia da uzta-garaian eta erein bitartean beste asko ere bereganatzen dituela; baina hauek aldi labur batez bakarrik bizitzen dira haren egoitzan.
Bere bihitegiak bete edo soroetan hazia ereiteko, esklabuak dituen estatu batean bizi den laborariak urte osoan zerbitzari-kopuru handia mantendu behar izaten du, nahiz eta egun batzuetan bakarrik izan horien beharra; langile askeak ez bezala, esklabuak ezin dira lana alokatzera noiz etorriko zaizkien zain egon, bitartean beren kontura lan eginez. Esklabuak erosi beharra dago beraietaz baliatzeko.
Esklabutzak, bere eragozpen orokorrez gain, berez erabilgarritasun txikiagoa du laboreak lantzen diren herrialdeetan beste produktu batzuk lantzen direnetan baino.
Tabakoaren, kotoiaren eta, batez ere, azukre-kanaberaren langintzak etengabeko zainketak eskatzen ditu. Emakume eta haurrak ere erabil daitezke lan horietan, baina ez garigintzan. Honela, esklabutza berez egokiagoa da aipatu berri ditudan produktuak ekoizten dituzten herrialdeetarako.
Tabakoa, kotoia eta kanabera hegoaldean bakarrik hazten dira; bertako aberastasunaren iturri nagusiak dira. Esklabutza suntsitzean, hegoaldeko jendea bi aukerabide hauen aurrean aurkituko litzateke: edo beren langintza-sistema aldatzera behartuta, eta orduan konkurrentzian hasiko lirateke iparraldekoekin, hauek aktiboagoak eta eskarmentu handiagokoak direlarik; edo aurreko produktu berak lantzera behartuta, baina esklaburik gabe, eta orduan hegoaldean esklabutzarekin jarraitzen duten beste estatu batzuen konkurrentzia jasan beharko lukete.
Honengatik, hegoaldeak baditu bere arrazoi partikularrak esklabutzari eusteko, iparraldeak ez dituenak.
Baina hona hemen beste guztiak baino motibo ahaltsuago bat. Hegoaldeak, estu-estuan, abolitu ahal izango luke joputza; baina nola libratu beltzengandik? Iparraldean aldi berean kentzen dira esklabutza eta esklabuak. Hegoaldean ezin liteke espero izan bi emaitza horiek aldi berean lortzea.
Joputza hegoaldean iparraldean baino naturalago eta onuragarriagoa dela frogatzean, nahikoa adierazi dut esklabu-kopuruak askoz handiagoa izan behar zuela hegoaldean. Lehen afrikarrak hegoaldera eraman zituzten, eta beti askoz gehiago iritsi ziren hara. Hegoalderantz joan ahala, aisia ohoretzat daukan aurriritzia indartu egiten da. Tropikoetatik hurbilen dauden estatuetan ez dago zuri bakar bat lan egiten duenik. Honela, beltzak berez ugariago dira hegoaldean iparraldean baino. Gorago esan dudan bezala, egunetik egunera gehitzen dira; zeren eta, Batasuneko mutur batean esklabutza suntsitu ahala, bestean metatzen baitira beltzak. Honela, beltzen kopurua gehitu egiten da hegoaldean, ez bakarrik biztanleriaren berezko mugimenduagatik, baita iparraldeko beltzen migrazio behartuagatik ere. Afrikarren arrazak Batasuneko alde honetan hazteko dituen kausak, europarren arraza iparraldean hazarazten duten kausen antzekoak dira.
Maineko estatuan beltz bat dago hirurehun biztanleko; Massachusettsekoan, bat ehun biztanleko; New Yorkeko estatuan, bi ehuneko; Pennsylvaniakoan, hiru; Marylandekoan, hogeita hamahiru; Virginiakoan berrogeita bi, eta azkenik Hego Carolinan berrogeita hamabost248. Hori zen 1830. urtean beltzen proportzioa zuriekiko. Baina proportzio hori aldatzen ari da etengabe: egunetik egunera txikiagoa da iparraldean eta handiagoa hegoaldean.
Garbi dago Batasuneko estaturik hegoaldekoenetan ezin dela esklabutza abolitu, iparraldeko estatuetan egin zen bezala eta hauek ezagutu ez zituzten arrisku oso handietan sartu gabe.
Ikusi dugu iparraldeko estatuek nola antolatzen zuten esklabutzaren eta askatasunaren arteko trantsizioa. Oraingo belaunaldia katepean gordetzen dute eta etorkizuneko endak emantzipatzen dituzte; honela, beltzak poliki-poliki baino ez dituzte gizartean sartzen, eta bere independentzia gaizki erabil lezakeena joputzan edukitzen den bitartean, emantzipatu egiten da, bere buruaren jabe bihurtu baino lehen, oraindik aske izateko artea ikas dezakeena.
Zaila da metodo honen aplikazioa hegoaldean. Momentu batetik aurrera beltzaren seme-alaba aske izango dela esaten denean, askatasunaren printzipioa eta ideia joputzaren beraren baitan sartzen da. Legegileak esklabutzan mantendutako beltzak, beren seme-alabak esklabutzatik irteten ikustean, harritu egiten dira destinoak beraien artean egiten duen banaketa ezberdinaz; asaldatu eta amorratu egiten dira. Ordudanik, esklabutzak galdu egiten du haien ikuspegirako denborak eta ekanduak ematen zioten nolabaiteko ahalmen moral hori; indarraren abusu nabaria izatera bakarrik mugatzen da. Iparraldeak ez zuen kontraste horren beldur izan beharrik, beltzak gutxi baitziren iparraldean, eta zuriak oso ugari. Baina askatasunaren lehen egunsenti hori bi milioi gizaki aldi berean argitzera iritsiko balitz, zapaltzaileek dar-dar egin beharko lukete.
Beren esklabuen seme-alabak emantzipatu ondoren, hegoaldeko europarrak laster aurkituko lirateke onura hori beltzen arraza osoari eman beharrean.
Iparraldean, gorago esan dudan bezala, esklabutza abolitzen den momentuan, baita abolitzeko momentua hurbiltzen ari dela sumatzen den momentuan bertan ere, mugimendu bikoitza gertatzen da: esklabuak iparraldetik irteten dira hegoalderago eramanak izateko; iparraldeko estatuetako zuriek eta Europako migrariek esklabuek utzitako lekura jotzen dute.
Bi kausa hauek ezin dute era berean eragin hegoaldeko azken estatuetan. Alde batetik, esklabuen multzoa handiegia da han, bertatik irtetera behartu daitezkeela pentsatzeko; bestetik, europarrak eta iparraldeko angloamerikarrak beldur dira oraindik lana errehabilitatu ez den eskualde batera bizitzera joateko. Gainera, beltzen proportzioa zuriena baino handiagoa ala parekoa duten estatuak zoritxar handien mehatxupean daudela pentsatzen dute arrazoi osoz, eta ez dute beren industria horrelako aldeetara eraman nahi.
Honela, esklabutza abolitzean, hegoaldeko jendeak ez luke lortuko, iparraldeko beren senideek bezala, beltzak mailaz maila askatasunera helaraztea; ez lukete beltzen kopurua nabariki gutxituko, eta bakarrik geldituko lirateke hauei eusteko. Urte gutxiren buruan, beltz askeen herri handi bat ikusiko litzateke, kopuru berdintsuko zurien nazio baten erdian.
Gaur egun esklabutzari iraunarazten dioten botere-abusu berberak, zuriek hegoaldean jasan beharreko arriskurik handienen sorburu bihurtuko lirateke orduan. Gaur egun europarren ondorengoak bakarrik dauka lurra; industriaren jaun eta jabe da; bera bakarrik da aberats, ilustratu eta armaduna. Beltzak ez du abantaila horietako bakar bat ere; baina bizi daiteke horiek gabe, esklabu da eta. Aske bilakatuz gero, bere zoriaz berak arduratu beharko lukeelarik, iraungo ote luke gauza horietaz guztietaz gabetuta, hil barik? Esklabutza zegoenean zuriari indarra ematen zionak, esklabutza abolitu ondoren, arrisku ugariren menpe jartzen du.
Beltza joputzan utzita, aberearen antzeko egoeran eduki daiteke; aske bada, ezin zaio eragotzi bere gaitzen zabalera ebaluatu eta erremedioa sumatzeko behar beste hezitzea. Bada, bestalde, justizia erlatiboko printzipio berezi bat, giza bihotzean oso sakon sustraitua dagoena. Askoz zirrara handiagoa eragiten dio jendeari klase bat beraren baitako ezberdintasunak klase ezberdinen artean ohar daitezkeen ezberdintasunek baino. Ulertzen da esklabutza; baina nola ulertu hainbat milioi hiritar betiko laidora makurtuak eta herentziazko ezbeharren menpe egotea? Iparraldean, beltz emantzipatuen kopuru batek gaitz horiek jasaten ditu eta bidegabekeria horiek pairatzen; baina kopuru ahul eta murritza da; hegoaldean ugaria eta indartsua izango litzateke.
Zuriak eta beltz emantzipatuak lurralde berean bata bestearekiko herri arrotz bezala jartzea onartzen den momentutik, erraz ulertuko da bi aukera baino ez daudela etorkizunean: beltzek eta zuriek bat egin behar dute guztiz edo banatu.
Dagoeneko esan dut gorago zein zen nire uste sendoa lehen bideari buruz249. Ez dut uste arraza zuria eta beltza inon iritsiko direnik berdintasun-egoeran bizitzera.
Baina, gainera, uste dut zailtasun hori askoz handiagoa izango litzatekeela Estatu Batuetan beste inon baino. Gerta liteke pertsona bat erlijio-, herrialde- eta arraza-aurriritzietatik kanpo kokatzea, eta, pertsona hau errege bada, ikaragarrizko iraultzak eragin ditzake gizartean. Baina herri oso bat ezin da, nolabait ere, bere buruaren gainetik jarri.
Despota batek, amerikarrak eta hauen antzinako esklabuak uztarri beraren pean nahastuz gero, agian lortuko luke hauek bat egitea. Arazo publikoen buru demokrazia amerikarrak iraun bitartean, inor ez da ausartuko horrelako probarik egitera, eta, aurrikus daitekeenez, Estatu Batuetako zuriak zenbat eta askeago izan, orduan eta gehiago saiatuko dira beren burua isolatzen250.
Esan dut beste nonbait europarraren eta indioaren arteko benetako lotura mestizoa zela; era berean, zuriaren eta beltzaren arteko benetako trantsizioa mulatoa da. Mulato-kopuru handia dagoen edozein lekutan, bi arrazen arteko bategitea ez da ezinezkoa.
Amerikan badira leku batzuk, non europarra eta beltza hainbesterainoxe gurutzatu direnez, zaila baita erabat zuri edo erabat beltz denik aurkitzea. Puntu honetara iritsiz gero, arrazak nahastu egin direla esan daiteke benetan; edota, are gehiago, haien ordez hirugarren bat sortu dela, bietatik daukana, baina ez dena zehazki ez bata eta ez bestea.
Europar guztietatik, ingelesak dira beren odola gutxien nahastu dutenak beltzenarekin. Batasuneko hegoaldean iparraldean baino mulato gehiago ikusten da, baina beste edozein kolonia europarretan baino askoz ere gutxiago; mulatoak oso gutxi dira Estatu Batuetan; ez dute inolako indarrik beren kabuz, eta arraza arteko liskarretan zuriekin bat egiten dute normalean. Era berean, Europan jauntxo handien lekaioak beren buruak aitonen semetzat agertzen dituzte herriaren aurrean.
Jatorriaren harrotasun hau, ingelesak berezkoa duena, bereziki areagotu da amerikarraren baitan, askatasun demokratikoak sortarazten duen harrotasun indibidualagatik. Estatu Batuetako zuria harro dago bere arrazaz eta harro bere buruaz.
Bestalde, beltzak eta zuriak ez badira nahasten Batasuneko iparraldean, nola nahastuko dira hegoaldean? Imajina al daiteke une batez hegoaldeko amerikarrak, beti egongo delarik zuriaren -bere gehiagotasun fisiko eta moral guztiaz- eta beltzaren artean kokatua, pentsa dezakeela inoiz azken honekin bat egitea? Hegoaldeko amerikarrak bi grina bortitz ditu, beti isolamendura eramango dutenak: beltzaren -bere antzinako esklabuaren- antzeko bihurtzearen beldur izango da, baita zuria -bere auzokoa- baino beherago jaisteko beldur ere.
Etorkizuna aurrikustea behar-beharrezkoa balitz, esango nuke, gauzek eraman lezaketen bideari jarraituz, esklabutzaren abolizioak hegoaldean areagotu egingo duela bertan jende zuriak beltzenganako sentitzen duen nazka. Iritzi hau, dagoeneko iparraldean ohartu dudan antzeko zerbaitetan oinarritzen dut. Esan dut, legelariak zenbat eta gutxiago markatu zuri eta beltzen artean egon beharreko lege-banaketa, orduan eta arduratsuago urruntzen direla iparraldeko zuriak beltzengandik. Zergatik ez litzateke, bada, gauza bera gertatuko hegoaldean? Iparraldean, zuriak beltzekin nahastera iristeko beldur direnean, irudipenezko arrisku baten beldur dira. Hegoaldean, non arriskua benetakoa bailitzateke, ezin dut sinetsi beldurra txikiagoa izango litzatekeenik.
Alde batetik, hegoaldeko muturrean beltzak etengabe metatzen direla eta zuriak baino bizkorrago hazten direla aitortzen bada (eta egitatea ez dago dudan jartzerik); eta bestetik, beltzak eta zuriak nahastera eta gizarte-egoeratik abantaila berak lortzera noiz iritsiko diren aurrikustea ezinezkoa dela onartzen bada, ez al da hortik ondorioztatu behar, hegoaldeko estatuetan, beltzak eta zuriak borrokan hasiko direla lehentxeago edo geroxeago?
Zein izango da borroka honen azken emaitza?
Erraz ulertuko da puntu honetan aierupenen lausotasunean sartu beharra dagoela. Giza izpirituak kostata baina lortzen du etorkizunaren inguruan, nolabait ere, zirkulu handi bat marraztea; baina zirkulu horren barruan zoria mugitzen da, ahalegin guztietatik ihes egiten duena. Etorkizunaren koadroan, ilungune bat bezalakoa sortzen du zoriak, non adimenaren begia ezin baitaiteke sar. Esan daitekeena hauxe da: Antilletan arraza zuria da desagertzera destinatua ematen duena; kontinentean, arraza beltza.
Antilletan, zuriak isolaturik daude beltzen jendetza handi baten erdian; kontinentean, beltzak itsasoaren eta herri zenbatezin baten artean daude, hau masa trinko bezala beraien gain hedatzen dena dagoeneko, Kanadako izotzetatik Virginiako mugetaraino, Missouri ibaiaren ertzetatik Atlantiar ozeanoaren ertzetaraino. Ipar Amerikako zuriek baturik jarraitzen badute, zaila da sinestea beltzek ihes egin diezaioketenik mehatxatzen dituen suntsipenari: katepean edo lazerian egingo du haienak. Baina Mexikoko golkoan zehar metaturiko jendetza beltzak badu onik irteteko aukerarik, bi arrazen arteko borroka konfederazio amerikarra desegin ondoren hasten bada. Behin desegin ondoren lokarri federala, hegoaldeko jendeak oker jokatuko luke iparraldeko senideengandik laguntza iraunkorra izango duelakoan egongo balitz. Iparraldekoek badakite arriskuak ez dituela inoiz harrapatuko; eginbehar positiboren batek ez baditu hegoaldeari laguntzera behartzen, pentsa daiteke arraza-begikotasunak ez direla aski izango.
Gainerantzean, zeinahi izanik borroka-garaia, hegoaldeko zuriak, beren kontura utzita egonda ere, askoz jakintzargi eta bitarteko gehiagorekin aurkeztuko dira borrokara; baina beltzek kopurua eta etsipenaren kemena izango dituzte beren alde. Baliabide handiak dira hauek, armak eskuetan daudenean. Orduan, Espainiako mairuei gertatu zitzaiena gertatuko zaio agian hegoaldeko arraza zuriari. Herrialdea hainbat mendez okupatu ondoren, garai batean bere arbasoak irten zireneko eskualdera erretiratuko da pixkanaka, beltzen esku utziz Probindentziak hauei emana dirudien herrialdearen edukitza, nekerik gabe bizi baitira bertan, zuriek baino errazago lan eginez.
Batasuneko hegoaldean bizi diren beltzen eta zurien arteko borrokaren arrisku berehalako edo urrutikoa, baina saihestezina, etengabe agertzen da, amesgaiztoa bezala, amerikarren irudimenean. Iparraldeko biztanleek egunero hitz egiten dute arrisku horietaz, nahiz eta zuzenean ez duten zertan izan horien beldur. Alfer-alferrik saiatzen dira aurrikusten dituzten zorigaitzak uxatzeko bideren baten bila.
Hegoaldeko estatuetan isildu egiten dira; ez zaie atzerritarrei etorkizunaz hitz egiten; lagunei ere ez zaie azalpenik ematen; nork bere buruarentzat gordetzen du, nolabait esateko. Hegoaldeko isiltasunean bada zerbait ikaragarriagoa iparraldeko beldur zaratatsuetan baino.
Izpirituen ardura orokor honek ia ezagutzen ez den ekimen bat sortarazi du, giza arrazaren parte baten zoria alda dezakeena.
Azaldu berri ditudan arriskuen beldur, hiritar amerikar batzuek elkarte bat eratu zuten, gainean duten tiraniatik ihes egin nahi duten beltz askeak Gineako kostetara eramateko helburuaz, elkartekoek ordainduta betiere251.
1820an, aipatu dudan elkarteak, Liberia izeneko establezimendu bat sortzea lortu zuen Afrikan, ipar-latitudeko 7. graduan. Azken albisteen arabera, dagoeneko badira bi mila eta bostehun beltz bertan bilduak. Beren antzinako aberrira eramanak, beltzek erakunde amerikarrak ezarri dituzte han. Liberiak ordezkapen-sistema du, epaimahai beltzak, magistratu beltzak, apaiz beltzak; tenpluak eta egunkariak ikusten dira han, eta, mundu honetako gora-beheren itzuli bitxiagatik, galarazita dute zuriek hango harresien barruan finkatzea252.
Hona hemen ezpairik gabe patuaren kolpe bitxi bat! Bi mende igaro dira Europako jendea hasi zenetik beltzak berauen familia eta herrialdetik ateratzen Ipar Amerikako itsasertzetara eramateko. Gaur egun europarra berriro dabil lanpeturik beltz haien ondorengoak Atlantiar ozeanoan zehar garraiatzen, lehenago hauen gurasoak atera zituzten lurraldera itzultzeko. Barbaro batzuek joputzaren baitatik atera dituzte zibilizazioaren jakintzargiak eta esklabutzan ikasi dute aske izateko artea.
Gure egunotara arte, Afrika itxita egon da zurien arte eta zientzietarako. Europako jakintzargiak agian afrikarrek inportatuta sartuko dira bertan. Bada ideia eder eta handi bat Liberiaren fundazioan; baina ideia hau, Mundu Zaharrarentzat hain emankorra gerta daitekeena, antzua da Berriarentzat.
Hamabi urtetan, beltzen Kolonizazio Elkarteak bi mila eta bostehun beltz garraiatu ditu Afrikara. Denboraldi berean, zazpiehun mila inguru jaio dira Estatu Batuetan.
Liberiako kolonia urtero milaka biztanle berri hartzeko egoeran balego, eta hauek hara onuragarriro eramateko egoeran baleude ere; aipatu Elkartearen lekua Batasunak hartu eta urtero bere altxorrak253 eta itsasuntziak beltzak Afrikara esportatzeko erabiliko balitu ere, halaz guztiz ezingo luke orekatu biztanleriak beltzen artean duen berezko hazkunde hutsa; eta mundura etortzen direnak adina eraman gabe urtero, ez luke lortuko egunetik egunera bere baitan areagotzen ari den gaitzaren garapenari eustea ere254.
Arraza beltzak ez du jadanik kontinente amerikarraren ertzetatik aldegingo, Europako grina eta bizioek eraman zutelarik hara; ez da Mundu Berritik desagertuko, izateari utzita baizik. Estatu Batuetako jendeak urrunaraz ditzake beldurra sortzen dioten zorigaitzak, baina gaur egun ezin du horien kausa suntsitu.
Aitortu beharrean nago joputzaren abolizioa ez zaidala iruditzen hegoaldeko estatuetan bi arrazen arteko borroka atzeratzeko bidea denik.
Beltzak lurazoan egon daitezke esklabu, kexatu gabe; baina gizaki askeen kopuruan sartu ondoren, berehala suminduko dira hiritarren eskubide gehientsuenik gabe egoteagatik; eta zurien pareko izatera iritsi ezinik, berauen etsai agertuko dira laster.
Iparraldean, esklabuak emantzipatzea onuragarri zen alde guztietatik; honela, esklabutza amaiarazten zuten, beltz askeen batere beldur izan beharrik gabe. Hauek gutxiegi ziren inoiz beren eskubideak eskatzeko. Ez da gauza bera gertatzen hegoaldean.
Iparraldean esklabutzaren arazoa merkataritza- eta manufaktura-arazo bat zen ugazabentzat; hegoaldean, hil ala biziko arazoa. Ez dira, beraz, nahastu behar iparraldeko eta hegoaldeko esklabutza.
Jainkoak gorde nazala beltzen joputza-printzipioa justifikatzetik, autore amerikar batzuek bezala; zera bakarrik diot, printzipio lotsagarri hau garai batean onartu zuten guztiek gaur egun ez dutela askatasun bera hori baztertzeko.
Aitortzen dut, hegoaldeko egoera aztertzen dudanean, eskualde haietan bizi den arraza zuriarentzat bi jokabide baino ez ditudala aurkitzen: beltzak emantzipatu eta berauekin bat egin, ala hauengandik isolaturik iraun eta ahalik eta denbora luzeenean esklabutzan eduki. Erdibideak laster gerra zibilik beldurgarrienean amaituko liratekeela iruditzen zait, eta bi arrazetako baten hondamendian beharbada.
Hegoaldeko amerikarrek ikuspegi honetatik begiratzen diote arazoari, eta ondorioz jokatzen dute. Beltzekin bat egin nahi ez dutenez, ez dituzte aske ere utzi nahi.
Hegoaldeko biztanle guztiek ez dute esklabutza ugazabaren aberastasunerako beharrezkotzat jotzen; puntu honetan, haietako asko bat datoz iparraldekoekin, eta hauen ildotik gogo onez onartzen dute joputza gaitz bat dela; baina bizi ahal izateko gaitz honi eutsi beharra dagoela pentsatzen dute.
Jakintzargiek, hegoaldean areagotzean, esklabutza ugazabarentzat kaltegarri dela ikusarazi diote lurralde hartako jendeari, eta jakintzargi horiek beroriek erakutsi diote, ordura arte ikusia zuen baino argiago, ia ezinezkoa dela esklabutza suntsitzea. Hortik sortzen da kontraste bitxi bat: esklabutza gero eta ezarriagoa dago legeetan, beraren onuragarritasuna eztabaidatuagoa den neurrian; eta iparraldean horren printzipioa pixkanaka abolituz doan bitartean, hegoaldean gero eta ondorio zorrotzagoak ateratzen dira printzipio horretatik.
Hegoaldeko estatuetan esklabuei buruz dagoen legeriak badu gaur egun halako izugarrikeria bat sekula entzunbakoa, eta horrek bakarrik ere adierazten du asaldura sakonen bat gizadiaren legeetan. Aski da hegoaldeko estatuetako legeria irakurtzea, han bizi diren bi arrazen egoera etsia ulertzeko.
Batasuneko alde hartako amerikarrek ez dituzte prezeski areagotu joputzaren garraztasunak; aitzitik, eztitu egin dute esklabuen egoera materiala. Antzinakoek eskuburdinak eta heriotza bakarrik ezagutu zituzten esklabutzari eusteko; Batasuneko hegoaldeko amerikarrek berme intelektualagoak aurkitu dituzte beren aginteari iraunarazteko. Honela esan badezaket, izpiritualizatu egin dituzte despotismoa eta bortxa. Antzinatean, esklabuari kateak apurtzea eragotzi nahi izaten zitzaion; gaur egun, horretarako gogoa kendu nahi zaio.
Antzinakoek esklabuaren gorputza kateatzen zuten, baina izpiritua aske uzten zuten eta ilustratzea onartzen zioten. Honetan kontsekuenteak ziren beren buruarekin; joputzak bazuen horrela berezko irteera bat: egun batetik bestera esklabua aske bihur zitekeen eta ugazabaren mailakide.
Hegoaldeko amerikarrek, beltzak noizbait beraiekin nahastu ahal izango direla pentsatzen ez dutenak, galarazi egin dute, zigor gogorren mehatxupean, beltzei irakurtzen eta idazten irakastea. Beren mailara jaso nahi ez dituztenez, abere-mailatik ahalik eta hurbilen edukitzen dituzte.
Garai guztietan, askatasunaren itxaropena beti egon zen esklabutzaren baitan egoeraren garraztasuna eztitzeko.
Emantzipatua ezin bada egunen batean ugazabaren pareko bihurtu, emantzipazioak beti zituela arriskuak ulertu zuten hegoaldeko amerikarrek. Pertsona bati askatasuna eman, baina lazerian eta ignominian uztea, zer da, bada, esklabuen erreboltari etorkizuneko buruzagi bat ematea baizik? Bestalde, aspalditxotik sumatua zen beltz askearen presentziak halako egonezin zehazgabe bat sortzen zuela esklabu ez zirenen arima-barnean, eta beraien eskubideen ideia sarrarazten zuela, argitasun lauso bat bezala. Hegoaldeko amerikarrek ugazabei kendu egin diete, kasurik gehienetan, emantzipatzeko ahalmena255.
Batasuneko hegoaldean agure batekin topo egin nuen; antzina harreman ez-zilegietan bizi izana zen bere emakume beltzetako batekin. Zenbait seme-alaba ere izana, hauek mundura etortzean aitaren esklabu bihurtu ziren. Aitak hainbat aldiz pentsatu izan zuen gutxienez askatasuna legatzea, baina urteak igaro ziren legegileak emantzipazioari jarritako oztopoak kendu ahal izan zituenerako. Denbora horretan, zahartzarora iritsi eta hilzorian jarri zen. Orduan, bere seme-alabak azokaz azoka eramanak imajinatu zituen, eta aitaren aginpidetik arrotzen baten zartailupera igarota. Irudi beldurgarri hauek zorabioan murgiltzen zuten hiltzear zegoenaren irudimena. Etsipen eta atsekabeak jota ikusi nuen, eta orduan ulertu nuen naturak bazekiela mendeku hartzen legeek egiten zizkioten zauriengatik.
Gaitz hauek ikaragarriak dira, dudarik gabe; baina ez al dira sartzen joputza-printzipioak berak gaurkoen artean duen ondorio aurrikusi eta beharrezkoan?
Europarrek, esklabuak berena ez bezalako giza enda baten baitatik hartu dituzten momentutik -askok beste giza endak baino kaskarragotzat zeukaten arraza hori eta guztiak izutu egiten ziren noizbait berorrekin pareka zitezkeela pentsatzean-, esklabutza betikotzat jo dute; zeren eta, joputzak sortzen duen desberdintasun itzelaren eta independentziak gizakien artean berez eragiten duen berdintasun osoaren artean ez baitago bitarteko egoera iraunkorrik. Europarrek lausoki bada ere sumatu dute egia hau, baina aitortu gabe. Beltzen gaia atera den guztietan batzuetan beren interes edo harrotasunari obeditu izan diote, eta beste batzuetan beren gupidari. Beltzarekin, gizadiaren eskubide guztiak hautsi dituzte, eta gero eskubide horien balorea eta hautsiezintasuna irakatsi diote. Beren lerroak zabaldu dizkiete esklabuei, eta hauek, sartzen saiatzean, laidoz errefusatu dituzte. Joputza nahi zuten, baina, gogoz kontra edo oharkabean, beren burua askatasunerantz eramaten laga dute, adorerik gabe, ez erabat bidegabe izateko, ezta guztiz zuzen ere.
Ezinezkoa bada aurrikustea hegoaldeko amerikarrek beren odola beltzenarekin nahastuko duten garai bat, onar al dezakete, beren buruak galzorian jartzeko arriskurik gabe, beltzak askatasunera iristea? Eta beren arraza salbatzeko, beltzak katepean edukitzera beharturik baldin badaude, ez ote zaie barkatu behar hori lortzeko neurririk eraginkorrenak hartzea?
Batasuneko hegoaldean gertatzen dena, esklabutzaren ondoriorik ikaragarriena eta aldi berean naturalena iruditzen zait. Naturako ordena alderantzikatua ikusten dudanean, gizadia legepean alfer-alferrik deiadarka eta borrokan entzuten dudanean, aitortu behar dut ez dudala amorrurik sentitzen gure egunotako jendea, irain horien egilea, zigorkatzeko; baina nire gorroto guztia, mila urte baino gehiago berdintasunean eman ondoren, munduan joputza berriro sartu dutenen aurka bideratzen dut.
Gainerantzean, edozelakoak izanik hegoaldeko amerikarren ahaleginak esklabutzari iraunarazteko, ez dute hori beti lortuko. Esklabutza, munduko puntu bakar batera bildua, kristautasunak bidegabetzat eta ekonomia politikoak kaltegarritzat erasotua; esklabutza, gure garaiko askatasun demokratikoaren eta jakintzargien erdian, ez da iraun dezakeen erakunde bat. Esklabuaren egitatez edota ugazabarenaz amaituko da. Bi kasuetan, zoritxar handiak espero behar dira.
Hegoaldeko beltzei askatasuna ukatzen bazaie, azkenean berek hartuko dute bortizki; eman egiten bazaie, laster abusatuko dute horretaz.
Zein aukera du Batasun amerikarrak irauteko? Zein arriskuk mehatxatzen du?
[aldatu]Zerk eragiten duen indar nagusia estatuetan egotea Batasunean baino gehiago.- Konfederazioak ez du iraungo osatzen duten estatu guztiek berorren parte izan nahi duten neurrian baizik.- Elkarturik egotera bultzatu behar dituzten kausak.- Elkarturik egotearen onura, atzerritarrei aurre egiteko eta Amerikan atzerritarrik ez izateko.- Probidentziak ez du berezko hesirik eraiki estatu ezberdinen artean.- Ez dago interes materialik banatzen dituenik.- Iparraldeak duen interesa hegoalde eta mendebaldearen oparotasun eta batasunean; hegoaldeak, iparralde eta mendebaldearenetan; mendebaldeak, beste bienetan.- Amerikarrak elkartzen dituzten interes inmaterialak.- Iritzi-uniformitatea.- Konfederazioaren arriskuak hura osatzen duen jendearen izaera-ezberdintasunetik eta dituen grinetatik sortzen dira.- Hegoaldeko eta iparraldeko jendearen izaerak.- Batasunaren hazkunde bizkorra da bere arriskurik handienetako bat.- Jendearen joera ipar-mendebaldera.- Boterearen grabitazioa alde horretarantz.- Aberastasunaren mugimendu bizkor hauek sortarazten dituzten grinak.- Batasunak irauten duelarik, indar hartzeko ala ahultzeko joera ote du bertako gobernuak?- Ahuleziaren zenbait seinale.- Internal improvements.- Hutsik dauden lurraldeak.- Indioak.- Bankuaren gaia.- Tarifaren gaia.- Jackson jenerala.
Batasuna osatzen duten estatuetako bakoitzean dagoena mantentzea, Batasun horren iraupenaren menpe dago, neurri batean. Lehenik, beraz, Batasunak izan lezakeen zoria aztertu behar da. Baina, ezer baino lehen, puntu batean arreta jartzea komeni da: egungo konfederazioa apurtzera iritsiko balitz, eztabaidaezina iruditzen zait bera osatzen duten estatuak ez liratekeela hasierako indibidualitatera itzuliko. Batasun bakar baten ordez, bat baino gehiago eratuko lirateke. Batasun berri hauek zein oinarriren gain ezarriko liratekeen ikertzeko asmorik ez dut; azaldu nahi ditudanak, egungo konfederazioaren zatibanaketa ekar lezaketen kausak dira.
Horretarako, lehen ere ibilitako bide batzuetatik sartu beharko dut berriro. Dagoeneko ezagunak diren gai batzuk jarri beharko ditut berriro guztion bistan. Badakit honela jokatuz irakurlearen agirakak jasotzeko arriskuan nagoela, baina tratatu behar dudan gaiaren garrantzia hartuko dut aitzakitzat. Nahiago dut esandakoa zenbait aldiz errepikatzea ez ulertua izatea baino, eta nahiago dut autoreari kalte egitea gaiari baino.
1789ko Konstituzioa egin zuten legegileak botere federalari aparteko izatea eta indar nagusia ematen saiatu ziren.
Baina konpondu behar zuten arazoaren baldintzak berak mugatzaile gertatzen zitzaizkien. Ez zitzaien herri bakar baten gobernua eratzeko ardura eman, hainbat herriren elkartzea arautzekoa baizik; eta nolanahikoak izanik ere beraien nahiak, subiranotasunaren erabilera banatzera iristen ziren beti.
Banaketa honen ondorioak zeintzuk izan ziren ongi ulertzeko, bereizketa labur bat egin beharra dago subiranotasun-egintzen artean.
Badira gaiak beren izaeraz nazionalak direnak, hau da, gorputz bezala hartuta nazioari bakarrik dagozkionak, eta nazio osoa modurik osoenean ordezkatzen duen pertsonaren edo batzarraren esku bakarrik utz daitezkeenak. Hauen artean sartuko ditut gerra eta diplomazia.
Badira beste batzuk beren izaeraz probintzialak direnak, hau da, toki batzuei bakarrik dagozkienak eta tokian bertan bakarrik izan daitezkeenak behar bezala tratatuak. Honelakoa da udalerrietako aurrekontua.
Azkenik, badira gai batzuk izaera mistoa dutenak: nazionalak dira, nazioa osatzen duten pertsona guztiei interesatzen zaizkielako; probintzialak dira, ez delako beharrezkoa nazioa bera arduratzea horietaz. Honelakoak dira, adibidez, hiritarren egoera zibil eta politikoa arautzen duten eskubideak. Ez dago gizarte-egoerarik eskubide zibil eta politikorik gabe. Eskubide hauek, beraz, berdin interesatzen zaizkie hiritar guztiei; baina nazioaren existentzia eta oparotasunerako ez da beti beharrezkoa eskubide horiek uniformeak izatea, eta, ondorioz, aginte zentralak arautuak izatea.
Subiranotasunari dagozkion gaien artean, beharrezko bi kategoria daude, beraz; ongi eraturiko gizarte guztietan aurkitzen dira, nolanahikoa izanik gainerantzean gizarte-ituna ezartzeko hartu den oinarria.
Bi mutur horien artean daude kokaturik, flotatzen ari den masa bezala, gai orokorrak, baina ez nazionalak, mistoak deitu ditudanak. Gai hauek ez direnez ez nazionalak bakarrik, ezta erabat probintzialak ere, horien ardura gobernu nazionalari edo gobernu probintzialari egotz dakioke, elkartzen direnen itunen arabera, eta elkartearen helburua lortzeari utzi gabe.
Gehienetan, gizabanako hutsak batzen dira aginte subiranoa eratzeko, eta horien bilerak herri bat osatzen du. Beren buruari eman dioten gobernu federalaren azpitik, indar indibidualak edo botere kolektiboak bakarrik aurkitzen dira, hauetako bakoitzak subiranotasunaren zati txiki-txiki bat bakarrik ordezkatzen duelarik. Orduan, berez gobernu orokorrari dagokio gehien arautzea, ez bakarrik funts-funtsean nazionalak diren gaiak, baita dagoeneko aipatu ditudan gai mistoetako gehienak ere. Udalei beren ongizaterako ezinbestekoa duten subiranotasun-zatia bakarrik gelditzen zaie.
Batzuetan, elkarketa baino lehenagoko egitateren batengatik, aurrez antolaturiko gorputz politikoz osaturik aurkitzen da aginte subiranoa; orduan gertatzen da, beren izaeraz probintzialak bakarrik diren gaiez ezezik, aipagai izan ditugun gai misto guztiez edo batzuez ere arduratzen dela gobernu probintziala. Zeren eta nazio konfederatuek -batasunaren aurretik beraiek zirelarik aginte subiranoak, eta, batu egin diren arren, subiranotasunaren zati dezentea dagokielarik- ez baitute uste gobernu orokorrari laga diotenik Batasunarentzat ezinbesteko diren eskubideen erabilera baino.
Gobernu nazionalak, bere izaerari dagozkion prerrogatibetatik aparte, subiranotasunaren gai mistoak arautzeko eskubideaz horniturik dagoenean, indar nagusia izaten du. Eskubide asko izateaz gain, ez dagozkion guztiak ere eskumendean ditu, eta beldur izatekoa da ez ote den iritsiko gobernu probintzialei berezko eta beharrezko prerrogatibak kentzeraino ere.
Aitzitik, gai mistoak arautzeko eskubideaz horniturik dagoena gobernu probintziala denean, gizartean kontrako jarrera izaten da nagusi. Orduan, indar nagusia probintzian egoten da, ez nazioan; eta beldur izan behar da gobernu nazionalak ez ote duen amaituko bere existentziarako beharrezko pribilegioez ere gabetuta.
Herri bakarrek, beraz, zentralizaziorako joera izaten dute berez, eta konfederazioek zatiketarakoa.
Ideia orokor hauek Batasun amerikarrari aplikatzea baino ez da gelditzen.
Probintzialak bakarrik diren gaiak arautzeko eskubidea estatu partikularrei zegokien derrigorrez.
Are gehiago, estatu hauek berek gorde zuten hiritarren gaitasun zibil eta politikoa finkatzeko eskubidea, jendearen arteko harremanak arautzekoa, eta justizia egitekoa; eskubide hauek orokorrak dira beren izaeraz, baina ez dagozkio derrigorrez gobernu nazionalari.
Ikusi dugu nazio osoaren izenean agintzeko ahalmena Batasuneko gobernuaren esku utzi zela, nazioak banako bakar eta bat bera bezala jokatu behar zuen kasuetan. Berak ordezkatzen zuen nazioa atzerritarren aurrean; berak zuzentzen zituen guztien indarrak etsai komunaren aurka. Labur esanda, nazionalak bakarrik direla esan dudan gaiez arduratzen zen.
Subiranotasun-eskubideen banaketa honetan, Batasunaren zatiak oraindik ere estatuena baino handiagoa dela ematen du lehen begiratuan; azterketa sakonxeagoak benetan txikiagoa dela erakusten du.
Batasuneko gobernuak eginkizun handiagoak betetzen ditu, baina nekez sumatzen da jardunean. Gobernu probintzialak gauza txikiagoak egiten ditu, baina ez du inoiz atsedenik hartzen eta une oroz agertzen du bere existentzia.
Batasuneko gobernuak herrialdeko interes orokorrak zaintzen ditu, baina herri bateko interes orokorrek eragin eztabaidagarria bakarrik dute gizabanakoen zorionean.
Aitzitik, probintziako arazoek nabarmen eragiten dute bertan bizi direnen ongizatean.
Batasunak nazioaren independentzia eta handitasuna ziurtatzen ditu, partikularrengan berehalako eraginik ez duten gauzak. Estatuak askatasuna mantentzen du, eskubideak arautzen ditu, aberastasuna bermatzen du, bizia segurtatzen du, baita hiritar bakoitzaren etorkizun osoa ere.
Gobernu federala bere menpekoengandik tarte handira dago kokatua; gobernu probintziala, guztien irispidean. Aski da ahotsa goratzea azken honek entzuteko. Gobernu zentralak, gidatu nahi duten goi-mailako pertsonaren batzuen grinak ditu bere alde. Gobernu probintzialaren alde, bigarren mailako jendearen interesa aurkitzen da, beren estatuan bakarrik espero dutelarik boterea lortzea; eta hauek dira, herriagandik hurbil kokaturik, beronen gain aginte gehien zertzen dutenak.
Amerikarrek esperantza nahiz beldur handiagoa izan behar diote Estatuari Batasunari baino; eta, giza bihotzaren berezko joerari jarraituz, bizikiago atxiki behar zaizkio lehenari bigarrenari baino.
Honetan, azturak eta sentimenduak bat datoz interesekin.
Nazio trinko batek bere subiranotasuna zatikatu eta konfederazio-egoerara iristen denean, oroitzapenak, usadioak, azturak luzaroan borrokatzen dira legeen kontra eta hauek ukatzen dioten indarra ematen diote gobernu zentralari. Herri konfederatuak subiranotasun bakar batean biltzen direnean, kausa berberek kontrako zentzuan eragiten dute. Ziur nago Frantzia Estatu Batuetakoa bezalako errepublika konfederatu bilakatuko balitz, hasieran gobernua Batasunekoa baino kementsuago agertuko litzatekeela; eta Batasuna monarkia bihurtuko balitz Frantzia bezala, pentsatzen dut gobernu amerikarra gurea baino ahulagoa izango litzatekeela aldi batez. Angloamerikarren artean nazio-bizitza sortu zen momentuan, jadanik antzinakoa zen existentzia probintziala, beharrezko harremanak ezarrita zeuden estatuetako udalerrien eta gizabanakoen artean; gai batzuk ikuspuntu komunetik kontuan hartzeko ohitura zegoen, baita interes berezia zuten eginkizun jakin batzuez bakarrik arduratzekoa ere.
Batasuna ikaragarri gorputz zabala da, abertzaletasunari gauza zehazgabe bat eskaintzen diona besarkatzeko. Estatuak forma finkoak eta muga zehatzak ditu; bertan bizi direnentzat ezagun eta kuttun diren hainbat gauza errepresentatzen ditu. Lurraren beraren irudiarekin nahasten da, jabetzarekin identifikatzen da, familiarekin, iraganeko oroitzapenekin, orainaldiko eginbeharrekin, etorkizuneko ametsekin. Abertzaletasuna, gehienetan gizabanakoaren berekoikeriaren hedapena baino ez dena, Estatuan gelditu da, beraz; eta, nolabait esateko, ez da Batasunera igaro.
Honela, bada, interesak, azturak, sentimenduak bildu egiten dira benetako bizitza politikoa Estatuan kontzentratzeko, eta ez Batasunean.
Erraz ikus daiteke bi gobernuen indar-ezberdintasuna, bakoitza bere boterearen eremuan mugitzen ikusiz.
Estatu-gobernu bat pertsona bati edo pertsona-talde bati zuzentzen zaion guztietan, beraren mintzaira argi eta agintezkoa izaten da; gauza bera gobernu federalak gizabanakoei hitz egiten dienean; baina estatu baten aurrean aurkitzen denean, parlamentatzen hasten da: bere zioak azaldu eta bere jokabidea justifikatzen du; argudioak eta aholkuak ematen ditu, baina agindurik ia batere ez. Gobernu bakoitzaren ahalmen konstituzionalen mugei buruzko zalantzak sortzen badira, gobernu probintzialak adorez erreklamatzen du bere eskubidea eta bizkor eta kementsu hartzen ditu honi eusteko neurriak. Bitartean Batasuneko gobernuak arrazoitu egiten du; nazioaren zentzuari dei egiten dio, beronen interes eta aintzari; amore ematen du, negoziatu; azken-azken irtenbide gisa bakarrik erabakitzen du jardutea. Lehen begiratuan, pentsa liteke gobernu probintziala dela nazio osoaren indarrez hornitua dagoena, eta Kongresuak estatu bat ordezkatzen duela.
Gobernu federala, eratu dutenen ahaleginak gora-behera, eta beste nonbait esan dudan bezala, bere izaeraz gobernu ahula da, irauteko gobernatuen laguntza askea behar duena, beste edozeinek baino gehiago.
Erraz ikusten da estatuek baturik irauteko duten borondatea erraztasunez gauzatzea dela gobernu federalaren helburua. Lehen baldintza hau beteta, zuhur, indartsu eta zalua da. Normalean bere aurrean gizabanakoak bakarrik aurkitzeko moduan dago antolatua, eta borondate komunaren aurkako erresistentziak erraz gainditzeko moduan; baina gobernu federala ezartzerakoan ez da aurrikusi estatuek edo hauetako batzuek batuta egon nahi izateari utz diezaioketenik.
Gaur egun Batasunaren subiranotasuna estatuenarekin borrokan hasiko balitz, erraz aurrikus daiteke galdu egingo lukeela. Zalantza dut borroka hori ez ote litzatekeen inoiz serioski egingo. Gobernu federalari temati kontra egiten zaion guztietan, honek amore emango du. Esperientziak gaur arte erakutsi duenez, estatu batek gauza bat setati nahi eta tinko eskatu duenean, sekula ez da lortu gabe gelditu; eta zerbait egiteari argi eta garbi uko egin dionean256, horretarako ere aske utzi da.
Batasuneko gobernuak indar bat bere-berea izango balu ere, herrialdeko egoera materialak oso zail jarriko lioke berorren erabilera257.
Oso lurralde zabala hartzen dute Estatu Batuek; distantzia luzeek banatzen dituzte estatuak, biztanleria sakabanaturik dago oraindik erdi hutsik dauden eskualdeetan. Konfederatuei beren eginbeharrak armaz betearazten saiatuko balitz Batasuna, Ingalaterrak Independentziako Gerran izan zuen egoeraren antzekoan aurkituko litzateke.
Bestalde, gobernu batek, indartsua izanda ere, nekez ihes egin diezaieke printzipio baten ondorioei, behin printzipio hori onartu baldin badu bere burua arautzeko zuzenbide publikoaren oinarritzat. Konfederazioa estatuen borondate askez eratu da; hauek, elkartzean, ez dute beren nazionalitatea galdu eta ez dute bat egin herri bakar eta berean. Gaur egun estatu horietako batek bere izena kontratutik kendu nahi izango balu, nahiko zaila gertatuko litzateke ezin duela egin frogatzea. Kontra borrokatzeko, gobernu federala ez litzateke era nabarian oinarrituko ez indarrean, ez zuzenbidean.
Gobernu federalak erraz gainditu ahal izateko bere menpekoetako batzuek jar liezaioketen erresistentzia, hauetako baten edo batzuen interes partikularrak estu-estu loturik egon beharko luke Batasunaren iraupenarekin, konfederazioen historian sarri ikusi izan den bezala.
Demagun lokarri federalak elkartzen dituen estatu horien artean badaudela batzuk batasunaren abantaila nagusiez berek bakarrik gozatzen dutenak, edota beren oparotasuna guztiz batasunari zor diotenak; garbi dago hauengan laguntza handia aurkituko duela aginte zentralak besteak bere esanetara edukitzeko. Baina orduan ez du indarra bere baitatik aterako, bere izaeraren kontrako den printzipio batetik baizik. Batasunetik abantaila berdinak lortzeko bakarrik konfederatzen dira herriak; eta gorago aipaturiko kasuan, baturiko nazioen artean desberdintasuna nagusi delako da gobernu federala ahaltsu.
Demagun estatu konfederatu hauetako batek nahikoa nagusitasun lortu duela bera bakarrik aginte zentralaz jabetzeko; beste estatuak bere menpekotzat hartuko ditu eta, Batasunaren ustezko subiranotasunean, bere subiranotasun propioa errespetaraziko du. Orduan, gauza handiak egingo dira gobernu federalaren izenean, baina, egia esateko, gobernu honek ez du jada existentziarik izango258.
Bi kasu horietan, konfederazioaren izenean diharduen agintea, zenbat eta gehiago aldendu konfederazioen egoera naturaletik eta onetsiriko printzipiotik, orduan eta indartsuago bilakatzen da.
Amerikan, egungo batasuna onuragarria da estatu guztientzat, baina ez da funtsezkoa inorentzat. Nahiz eta hainbat estatuk lokarri federal hori eten, besteen zoria ez litzateke arriskuan jarriko, nahiz eta orotara zorion txikiagoa izango luketen. Bere existentzia edo oparotasuna egungo konfederazioarekin erabat lotua duen estaturik ez dagoenez, ez dago konfederazio horri eusteko sakrifizio pertsonal handiak egiteko prest dagoen estaturik ere.
Bestalde, ez da ikusten estaturik orain arte interes edo irrika handirik duenik konfederazioari gaur egun ikusten dugun bezala eusteko. Zalantzarik gabe, guztiek ez dute eragin bera kontseilu federaletan, baina ez da ikusten bat nagusi izateaz harrotu daitekeenik, eta federaziokideak txikiago edo menpeko bailiran erabil ditzakeenik.
Beraz, ziur nago Batasunaren zati batek benetan nahi izango balu besteagandik banatu, ezingo litzaiokeela eragotzi, eta, gainera, horretarako ahaleginik ere ez litzatekeela egingo. Egungo Batasunak, hortaz, bera osatzen duten estatu guztiek parte izaten jarraitu nahi duten neurrian bakarrik iraungo du.
Puntu hori finkatu ondoren, egoera errazagoan gaude: kontua ez da egun konfederaturik dauden estatuak banatu ahal izango diren ikertzea, baizik eta baturik jarraitu nahiko duten ala ez.
Egungo batasuna amerikarrentzat onuragarri egiten duten arrazoi guztien artean, bi nagusi aurkitzen dira, guztiontzat oso nabariak direnak.
Nahiz eta amerikarrak, nolabait esateko, bakarrik egon beren kontinentean, merkataritzak auzoko bihurtzen dizkie tratuan ezagutzen dituzten herri guztiak. Itxurazko isolamendua gora-behera, amerikarrek indartsu izateko beharra dute, beraz, eta ezin dira indartsu izan, guztiek elkarturik iraunez ez bada.
Estatuek, banatuz gero, atzerritarren aurrean beren indarra gutxitu ezezik, beren lurrean bertan atzerritarrak sortuko lituzkete. Une horretatik aurrera, barne-aduanen sisteman sartuko lirateke; haranak irudimenezko marraz banatuko lituzkete; ibaibideak preso hartuko lituzkete eta beren jabari izateko Jainkoak eman dien kontinente zabalaren ustiakuntza oztopatuko lukete era guztietan.
Gaur egun, ez dute zertan izan inbasioen beldur; beraz, ez dute armadarik mantendu beharrik, edo zergarik bildu beharrik. Batasuna apurtzera iritsiz gero, gauza horien guztien beharra berandura gabe sumatuko litzateke agian.
Amerikarrek, beraz, interes ikaragarria dute batuta jarraitzeko.
Bestalde, ia ezinezkoa da asmatzea gaur egun zelako interes materiala izan lezakeen Batasuneko zati batek besteengandik banatzeko.
Estatu Batuetako mapari begiratu bat bota eta Alleghany mendikatea ikusten denean, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera hedatua eta herrialdea 400 lekoatan zeharkatuz, zera sinesteko tentazioa sortzen da: Probidentziaren helburua Mississippiren arroaren eta Atlantiar ozeanoko kosten artean hesi natural horietako bat eraikitzea izan ote den, hesi horrek, jendearen arteko harreman iraunkorren kontra egonik, herri ezberdinen beharrezko mugak bezala eratzen dituelarik.
Baina Alleghanyen batezbesteko altuerak ez ditu 800 metro baino gehiago259. Beraien tontor biribilek eta beren esparruan dituzten haran zabalek sarbide erraza dute leku askotan. Are gehiago, urak Atlantiar ozeanora botatzen dituzten ibai garrantzitsuenek -Hudson, Susquehanna eta Potomac-ek- sorburua Alleghanyetan baino harantzago dute, Mississippiren arroa inguratzen duen lautada irekiaren gainean. Eskualde horretatik abiatuz260, mendebalderantz bidaliko zituela ematen zuen harresian aurrera egiten dute eta gizakiarentzat beti zabalik dauden bide naturalak egiten dituzte mendien artean.
Ez dago, beraz, inolako hesirik gaur egun angloamerikarrek betetzen duten herrialdeko zati ezberdinen artean. Alleghany mendiak ez dira inola ere herrientzako muga, eta estatuak ere ez dituzte mugatzen. New York, Pennsylvania eta Virginiak hartzen dituzte beren esparruan eta mendi hauetaz mendebaldera nahiz ekialdera hedatzen dira261.
Batasuneko hogeita lau estatuek eta, biztanleak badituzten arren, oraindik estatuen artean sartzen ez diren hiru distritu handiek gaur egun hartzen duten lurraldea 131.144 lekoa karratukoa da262; hau da, Frantziako azalera baino bost aldiz handiagoa ia. Muga hauetan lurzoru bariatua, tenperatura ezberdinak eta hainbat motatako produktuak daude.
Errepublika angloamerikarrek hartzen duten lurralde-hedadura handi horrek zalantzak sortarazi ditu beraien batasunaren iraupenaz. Honetan bereizi beharra dago: batzuetan interes kontrajarriak sortzen dira aginterri zabal bateko probintzia ezberdinetan, azkenean borrokan hasten direlarik; orduan, gertatzen da estatuaren handitasuna izaten dela bere iraupena gehien koloka jartzen duena. Baina lurralde zabal horretan dagoen jendeak ez badu bere artean kontrako interesik, hedadura horrek beraien oparotasunerako onuragarri izan behar du, gobernu-batasuna bereziki mesedegarria baita lurreko emaitza ezberdinekin egin daitekeen trukerako, eta hauen zirkulazioa erraztean, gehitu egiten die balioa.
Edonola ere, interes ezberdinak ikusten ditut Batasuneko zati ezberdinetan, baina ez zait iruditzen batzuk besteen kontrako direnik.
Hegoaldeko estatuak laborariak bakarrik dira ia; iparraldeko estatuak manufakturari eta merkatariak dira bereziki; mendebaldeko estatuak manufakturari eta laborariak dira aldi berean. Hegoaldean tabakoa, arroza, kotoia eta azukrea biltzen dira; iparralde eta mendebaldean, artoa eta garia. Horra hor aberastasun-iturri ezberdinak; baina iturri horiek ustiatzeako bada bitarteko komun bat, guztientzat mesedegarri dena, batasuna alegia.
Iparraldeak, angloamerikarren aberastasunak munduko alde guztietara eta unibertsoko aberastasunak Batasunera eramaten dituena, interes nabaria du konfederazioak iraun dezan gaur egun bezala, berak zerbitzatu beharreko ekoizle eta kontsumitzaile amerikarren kopurua ahalik eta handiena izan dadin. Iparraldea da bitartekaririk naturalena, Batasuneko hegoalde eta mendebaldearen artean batetik, eta munduaren gainerakoarekin bestetik; beraz, iparraldeak hegoaldea eta mendebaldea elkarturik eta oparo jarraitzea desiratu behar du, hauek beraren manufakturak lehengaiz horni ditzaten, eta itsasuntziak fletez.
Hegoaldeak eta mendebaldeak badute, beren aldetik, interes are zuzenagoa Batasunak iraun dezan eta iparraldea oparoa izan dadin. Hegoaldeko produktuak itsasoz bestaldera esportatzen dira, neurri handi batean; hegoaldeak eta mendebaldeak iparraldeko merkataritza-baliabideak behar dituzte, beraz. Batasuna itsas botere handia izatea desiratu behar dute, babes eraginkorra eman diezaien. Hegoaldeak eta mendebaldeak gogo onez lagundu behar dute itsas armadaren gastuak ordaintzen, nahiz eta ez eduki itsasuntzirik; zeren eta, Europako untziak hegoaldeko portuak eta Mississippiren delta blokeatzera etorriko balira, zer gertatuko litzaioke Carolinetako arrozari, Virginiako tabakoari, Mississippiko haranetan hazten diren azukre eta kotoiari? Ez dago, beraz, aurrekontu federalaren zatirik konfederatu guztientzat komuna den interes materialen baten kontserbazioari aplikatzen ez zaionik.
Onura komertzial horretaz gain, Batasuneko hego eta mendebaldeak abantaila politiko handia daukate beren artean eta iparraldearekin elkartuta jarraituz gero.
Hegoaldeak esklabu-kopuru ikaragarria du bere baitan, eta jendetza hau mehatxagarri bada gaur egun, are gehiago etorkizunean.
Mendebaldeko estatuek haran bakar baten hondoa hartzen dute. Estatu hauetako lurraldea bustitzen duten ibai guztiek, Mendi Harritsuetatik edo Alleghanyetatik abiatuz, beren urak Mississippikoekin nahasten dituzte, eta honekin batera Mexikoko golkorantz bideratzen dira. Mendebaldeko estatuak erabat isolaturik daude, beren kokalekuagatik, Europako tradizioetatik eta Mundu Zaharreko zibilizaziotik.
Beraz, hegoaldeko jendeak Batasunak irautea desiratu behar du, beltzen aurrean bakarrik ez gelditzeko, eta mendebaldeko jendeak ere bai, erdialdeko Amerikaren baitan itxita ez gelditzeko, munduarekin komunikazio askerik gabe.
Iparraldeak, bere aldetik, Batasuna ez zatitzea desiratu behar du, berak jarrai dezan gorputz handi hori munduaren gainerakoarekin lotzen duen kate maila izaten.
Bada, beraz, lotura estu bat Batasuneko zati guztien interes materialen artean.
Beste horrenbeste esango nuke gizakiaren interes inmaterialak dei litezkeen iritzi eta sentimenduei buruz.
Estatu Batuetako jendeak asko hitz egiten du aberriaganako duten maitasunaz; aitortzen dut ez naizela fido interesean oinarritzen den abertzaletasun hausnartu honetaz, interesak, xedez aldatzean, suntsitu egin dezake eta.
Garrantzi handiegirik ere ez diet ematen amerikarren adierazpenei, gurasoek bereganaturiko sistema federalari iraunarazteko asmoa etengabe azaltzen dutenean.
Hiritar-kopuru handi bati gobernu beraren menpe eusten diona, ez da hainbeste baturik irauteko borondate arrazoitua, baizik eta instintuzko akordioa -eta nahigabea, nolabait ere-, sentimenduen eta iritzien antzekotasunetik sortzen dena.
Ez dut inoiz onartuko jendeak gizarte bat eratzen duenik buruzagi berbera onartu eta lege berberak obeditzeagatik bakarrik; jendeak gauza askori ikuspegi beretik begiratzen dionean, gai askori buruz iritzi bera duenean eta, azkenik, egitate berek zirrara eta gogoeta berberak sortarazten dizkiotenean, orduan bakarrik egoten da gizartea.
Arazoa ikuspegi honetatik harturik, Estatu Batuetan zer gertatzen den aztertzen duena erraz ohartuko da hango biztanleek, hogeita lau estatu subirano ezberdinetan banaturik egonda, herri bakar bat osatzen dutela, hala ere; eta agian iritsiko da pentsatzera ere gizarte-egoera errealagoa dela Batasun angloamerikarraren baitan Europako zenbait naziotan baino, nahiz eta hauek legeria bakarra izan eta pertsona bakarraren menpe egon.
Angloamerikarrek hainbat erlijio izan arren, erlijioari begiratzeko era bera dute guztiek.
Beti ez dute elkar aditzen ongi gobernatzeko hartu beharreko neurriez eta iritzi ezberdinak dituzte gobernuari ematea komeni den formetako batzuei buruz, baina bat datoz gizarteak arautzeko behar diren printzipio orokorretan. Mainetik Floridetaraino, Missouritik Atlantiar ozeanoraino, botere legitimo guztien jatorria herriarengan dagoela uste dute. Askatasun eta berdintasunari buruz ideia beretsuak dituzte; prentsa, elkartze-eskubide, epaimahai eta botere-agenteen erantzukizunaz iritzi berberak aitortzen dituzte.
Ideia politiko eta erlijiosoetatik bizitzako eguneroko ekintzak arautzen dituzten eta jokabidea oro har gidatzen duten iritzi filosofiko eta moraletara igarotzen bagara, akordio bera ikusiko dugu.
Angloamerikarrek263 arrazoi unibertsalean jartzen dute aginpide morala, botere politikoa hiritarren unibertsaltasunean bezala, eta pentsatzen dute guztien irizpidea hartu behar dela kontuan baimendurik edo debekatuta zer dagoen, egiazko edo faltsu zer den, bereizteko. Haietako gehienek pentsatzen dute gizakiari aski zaiola ongi ulerturiko bere interesaren ezagutza bidezkotasun edo zintzotasunera gidatzeko. Jaiotzerakoan nork bere burua gobernatzeko ahalmena hartu duela uste dute, eta inork ez duela bere antzekoa zoriontsu izatera behartzeko eskubiderik. Guztiek dute fede bizia gizakiaren bikaingarritasunean; jakintzargien hedapenak nahitaez ondorio onuragarriak sortarazi behar dituela iruditzen zaie, eta ezjakintasunak oso ondorio txarrak ekartzen dituela; guztiek hartzen dute gizartea aurrerabidean dagoen gorpuztzat; gizadia koadro aldakortzat, non ezer ez dagoen, ezta egon behar ere, betiko finko, eta onartzen dute gaur ongi iruditzen zaienaren ordez oraindik ezkutuan dagoen zerbait hobea egon daitekeela bihar.
Ez dut esaten iritzi hauek guztiak bidezkoak direnik, baina amerikarrak dira.
Angloamerikarrak ideia komunen bidez beren artean honela elkarturik dauden bitartean, beste herri guztiengandik banaturik daude sentimendu bat medio, harrotasuna, alegia.
Azken berrogeita hamar urteotan Estatu Batuetako biztanleei etengabe errepikatu zaie beraiek direla herri erlijioso, ilustratu eta aske bakarra. Beren artean, eta gaur arte, erakunde demokratikoek aurrera egiten dutela ikusten dute, munduaren gainerakoan porrot egiten duten bitartean; beraz, ikaragarri iritzi ona dute beren buruaz, eta asko ez zaie falta gizadiaren barnean aparteko espezie bat osatzen dutela sinesteko.
Honela, bada, Batasun amerikarrarentzat mehatxagarri diren arriskuak ez ditu iritzi-ezberdintasunak sortzen interes-ezberdintasunak baino gehiago. Arrisku horiek amerikarren izaera-ezberdintasunean eta grinetan bilatu behar dira.
Estatu Batuetako lurralde zabalean bizi direnak jatorri berekoak dira ia guztiak; baina luzarora klimak eta, batez ere, esklabutzak ezberditasun nabariak sarrarazi dituzte Estatu Batuetako hegoaldeko eta iparraldeko ingelesen izaeren artean.
Oro har, gure artean uste da esklabutzak Batasuneko zati bati bestearen kontrako interesak ematen dizkiola. Nik ez dut ikusi hori horrela denik. Esklabutzak ez ditu hegoaldean iparraldekoen kontrako interesak sortu; baina aldatu egin du hegoaldeko biztanleen izaera, eta aztura ezberdinak eman dizkie.
Adierazi dut beste nonbait esklabutzak zer eragin zertu zuen hegoaldeko amerikarren merkataritza-gaitasunean; halaber, eragin bera hedatzen da haien ohituretara.
Esklabua, eztabaidatzen ez duen zerbitzaria da, eta edozertara makurtzen dena marmarrik gabe. Batzuetan hil egiten du ugazaba, baina sekula ez kontra egin. Hegoaldean ez dago familiarik esklabuak ez izateko bezain behartsurik. Hegoaldeko amerikarra, jaiotzatik, halako etxe-diktadura batez jantzia egoten da; bizitzari buruz hartzen dituen lehen nozioek agintzeko jaioa dela jakinarazten diote, eta bereganatzen duen lehen aztura nekerik gabe dominatzekoa izaten da. Hortaz, hezkuntzak joera indartsua du hegoaldeko amerikarra pertsona harro, oldartsu, suminkor, bortitz, bere grinetan sutsu eta oztopoen aurrean egonarri gutxiko bihurtzeko; baina adorea erraz galtzen dutenetakoa, ezin badu lehen saioan arrakastarik izan.
Iparramerikarrak ez du esklaburik bere sehaskara inguratzen ikusten. Ez du zerbitzari askerik ere aurkitzen, gehienetan beharturik baitago bere premiak berak asetzera. Mundura etorri orduko, beharraren ideia alde guztietatik etortzen zaio haren izpirituari; beraz oso goiz ikasten du bere ahalmenaren berezko muga bere kabuz zehatz-mehatz ezagutzen; ez du, beraz, berearen kontrako borondateak indarrez makurrarazterik espero izaten, eta badaki, bere antzekoen laguntza lortzeko, beraien begirunea irabazi behar duela, batez ere. Eramankor, burutsu, jasankor, ekiteko geldo eta bere egitasmoetan iraunkor izaten da, beraz.
Hegoaldeko estatuetan, gizakiaren premiarik larrienak aseta daude beti. Honela, bada, hegoaldeko amerikarra ez dago kezkaturik bizitzako ardura materialez; beraren ordez beste norbait arduratzen da horietaz. Alde horretatik aske, haren irudimena beste gai handiago eta hain zehatz definitu gabeko batzuetara zuzentzen da. Hegoaldeko amerikarrak handitasuna maite du, luxua, aintza, ospea, plazerrak eta, batez ere, aisia; ezerk ez du bizitzeko ahalegintzera behartzen, eta, beharrezko lanik ez daukanez, lokartu egiten da eta onuragarri liratekeenak ere ez ditu egiten.
Iparraldean ondasun-berdintasuna dagoenez, eta jada esklabutzarik ez, gizakia irentsi bezala egiten dute hegoaldean zuriak mesprezatu egiten dituen ardura material berberek. Haurtzarotik arduratzen da lazeria borrokatzeaz, eta izpirituaren eta bihotzaren gozamen guztien gainetik aisetasuna jartzen ikasten du. Bizitzako xehetasun txikietan kontzentratua, haren irudimena itzali egiten da, ideiak ez ditu hain ugari eta orokorrak, baina praktikoago, argiago eta zehatzago bihurtzen zaizkio. Bere adimenaren ahalegin guztiak ongizatearen azterketa bakarrera bideratzen dituenez, berehala nabarmentzen da horretan; miresgarriro daki naturaz eta gizakiez baliatzen aberastasuna sortzeko; ederki asko ulertzen du gizarteari, bere kide bakoitzaren oparotasunerako lagungarri izan dadin, eragiteko artea, baita bakoitzaren berekoikeriatik guztien zoriona ateratzeko artea ere.
Iparraldeko jendeak, esperientzia ezezik, jakinduria ere badu; ez du, hala ere, zientzia plazertzat hartzen, bitarteko bezala baizik, eta berorretatik aplikazio erabilgarriak bakarrik hartzen ditu irrikaz.
Hegoaldeko amerikarra espontaneoago, izpiritualago, irekiago, eskuzabalago, intelektualago eta distiratsuagoa da.
Iparraldeko amerikarra aktiboago, arrazoizkoago, ilustratuago eta trebeagoa da.
Batak aristokrazia guztien gustu, aurriritzi, ahulezia eta handitasuna ditu.
Besteak klase ertainaren ezaugarri diren kualitate eta akatsak.
Elkar itzazue bi pertsona, emaizkiezue biei interes berak eta neurri batean iritzi berak; beren izaera, jakintzargiak eta zibilizazioa ezberdina bada, aukera asko dago bat ez etortzeko. Oharpen bera aplika dakioke nazio-elkarte bati.
Esklabutzak ez dio, beraz, konfederazio amerikarrari zuzenean interesen bidez erasotzen, zeharka ohituren bidez baizik.
1790ean itun federalari atxiki zitzaizkion estatuak hamahiru ziren; gaur egun hogeita lau ditu konfederazioak. 1790ean ia lau milioikoa zen biztanleria lau aldiz handiagoa zen berrogei urte geroago; hamahiru milioi ingurukoa zen 1830ean264.
Antzerako aldaketak ezin dira zertu arriskurik gabe.
Nazioen elkarte nahiz gizabanakoen elkarte batentzat, hiru dira iraupen-aukera nagusiak: kideen zuhurtzia, berauen ahulezia indibiduala eta kopuru txikia.
Atlantiar ozeanoaren ertzetatik urrundu eta mendebaldera barneratzen diren amerikarrak uztarri-mota oro jasanezin zaien abenturariak dira, aberastasun-gosez daudenak, jaio direneko estatuetatik bidaliak sarri. Elkar ezagutu gabe iristen dira basa eremuen erdira. Han ez dute aurkitzen eutsiko dien tradiziorik, ez famili izpiriturik, ez jarraibiderik. Beraien artean ahula da legeen agintea, eta are ahulagoa ohiturena. Beraz, egunero Mississippiko haranak jendeztatzen dituztenak beheragoko mailakoak dira, ikuspegi guztietatik, Batasuneko antzinako mugetan bizi diren amerikarrak baino. Hala ere, jada eragin handia zertzen dute bertako kontseiluetan, eta beren buruak gidatzen ikasi baino lehen iristen dira arazo komunen gobernura265.
Kideak zenbat eta ahulagoak izan banaka, orduan eta iraupen-aukera gehiago gizarteak, ez baitute segurtasunik elkartuta jarraituz baizik. 1790ean, Amerikako errepublika jendetsuenak 500.000 biztanle ez zeuzkanean266, bakoitzak bere ezereztasuna sentitzen zuen herri independente bezala, eta pentsamendu honekin errazago obeditzen zion aginte federalari. Baina estatu konfederatuetako batek 2.000.000 biztanle dituenean, New Yorkeko estatuak bezala, eta lurraldearen azalera Frantziakoaren laurden bat adinakoa duenean267, indartsu sentitzen da bere kasa, eta, batasuna bere ongizaterako onuragarritzat jotzen jarraitzen badu ere, jada ez du izateko beharrezko jotzen; bizi daiteke hori gabe; eta, batasunean jarraitzea onartzen badu ere, laster nahi izaten du nagusi bihurtu.
Batasuneko kideen ugaltze hutsak lotura federala apurtzeko joera indartsua sortuko luke. Ikuspuntu berean kokaturiko pertsona guztiek ez dituzte gauza berak era berean ikusten. Are arrazoi gehiagoz gertatzen da hori ikuspuntua ezberdina denean. Amerikako errepubliken kopurua gehitu ahala, gutxitu egiten da lege berberen inguruan guztien adostasuna lortzeko aukera.
Gaur egun Batasuneko zati ezberdinen interesak ez dira beren artean aurkakoak; baina nork aurrikus ditzake etorkizun hurbilak herrialde batean sortaraz ditzakeen aldaketak, herrialde horretan egunero hiriak sortzen badira eta bost urtero nazioak?
Kolonia ingelesak eraiki zirenetik, biztanle-kopurua bikoiztu egiten da hogeita bi urteka gutxi gora-behera; biztanleria angloamerikarraren mugimendu hazkor hori hemendik mende batera geldiaraziko duen kausarik ez dut ikusten. Ehun urte igaro baino lehen, Estatu Batuek daukaten edo erreklamatzen duten lurraldea ehun milioi bizilagun baino gehiagoz betea eta berrogei estatutan zatitua egongo dela pentsatzen dut268.
Onartzen dut ehun milioi hauek ez dituztela interes ezberdinak; aitzitik, guztiei abantaila berdina ematen diet baturik jarraitzeko, eta indar ezberdineko berrogei nazio diferente osatzen dituzten ehun milioi direlako hain zuzen, gobernu federalak irautea zorioneko ustegabe bat baino ez dela esaten dut.
Nik ere sinetsi nahi dut giza bikaingarritasunean; baina gizakia izaeraz aldatu eta guztiz eraberritu arte, ez dut sinetsiko gobernuaren iraupenean, gobernu honek Europaren erdia bezalako zabaleran269 barreiaturik dauden berrogei herri ezberdin elkartuta eduki behar baititu, eta horien arteko etsaitasun, gutizia eta borrokak eragotzi behar, eta horien borondate independenteak egitasmo berberak gauzatzera bideratu behar.
Baina Batasunak handitzean duen arriskurik larriena bere baitan zertzen den indarren etengabeko lekualdaketatik dator.
Superior lakuaren ertzetatik Mexikoko golkora, zuzen-zuzenean, Frantziako laurehun lekoa inguru daude. Lerro luze honetan dabil sigi-saga Estatu Batuetako muga; batzuetan muga hauetaz honantz sartzen da, eta gehienetan mugez harantzago, basa eremuen artean. Kalkulatu da fronte zabal honetan guztian, zuriek batezbeste zazpi lekoa egiten zutela aurrera urtero270. Noizean behin oztoporen bat agertzen da: emankorra ez den barruti bat, laku bat, ustegabean bidean topaturiko indioen nazio bat. Orduan jende-ilara gelditu egiten da une batez; bi muturrak beren baitara biltzen dira eta, denak elkartu ondoren, bideari ekiten diote. Bada zerbait probidentziazkoa arraza europarrak Mendi Harritsuetarantz poliki-poliki daraman martxa iraunkor honetan: etengabe goratzen ari den giza uholdea bezala da eta Jainkoaren eskuak egunero altxatzen duena.
Konkistatzaileen lehen lerro horretan, hiriak eraikitzen dira eta estatu zabalak sortzen. 1790ean Mississippiko haranetan barreiaturiko aitzindariak milaka batzuk bakarrik ziren; gaur egun, haran horiek beroriek 1790ean Batasun osoak beste jende dute. Lau milioi ingurukoa da horien biztanleria271. Washington hiria 1800ean fundatu zen, konfederazio amerikarraren erdi-erdian; gaur egun muturretako batean dago kokatua. Mendebaldeko azken estatuetako diputatuak272, Kongresuko aulkira iristeko, beharturik daude Vienatik Parisera letorkeenak bezain bide luzea egitera.
Batasuneko estatu guztiak aldi berean doaz aberastasunerantz arrastaka; baina guztiek ezin dute proportzio berean hazi eta aurrera egin.
Batasuneko iparraldean, Alleghany mendikateatik irtendako adarrak Atlantiar ozeanoraino aurreratzen dira, eta han arrada zabalak eta itsasuntzirik handienentzako portu beti irekiak eratzen dituzte. Potomac-etik aurrera, aitzitik, eta Amerikako kostei jarraituz Mississippiren bokaleraino, lur lau eta hondartsua bakarrik dago. Batasunaren alde honetan, ia ibai guztien irteerak itsutuak daude, eta aintzira horien erdian lantzean behin agertzen diren portuek iparraldekoek baino sakonera txikiagoa dute, eta askoz erraztasun gutxiago merkataritzarako.
Naturatik sortzen den lehen gutxiagotasun honi legeetatik datorren beste bat gehitzen zaio.
Ikusi dugu esklabutza, iparraldean abolitua, badela oraindik hegoaldean, eta erakutsi dut ugazabaren beraren gain zertzen duen eragin txarra.
Iparraldeak, beraz, hegoaldeak baino merkataritza273 eta industria gehiago izan behar du. Normala da han biztanleria eta aberastasuna bizkorrago gehitzea.
Atlantiar ozeanoaren ertzean kokaturiko estatuak dagoeneko erdi populatuak daude. Hango lurrik gehienek jabea dute; ezin, beraz, haiek eta mendebaldeko estatuek migrari-kopuru bera hartu, hauek oraindik ere alor mugagabea baitute industriarako. Mississippiren arroa askoz ere emankorragoa da Atlantiar ozeanoko kostak baino. Arrazoi honek, beste guztiei erantsita, europarrak kementsu bultzatzen ditu mendebalderantz. Hau zorrotz frogatzen da zifra bidez.
Estatu Batuak osorik hartuta, berrogei urteotan biztanle-kopurua gutxi gora-behera hirukoiztu egin dela ikusten da. Baina Mississippiren arroa bakarrik hartuta, denboraldi berean, hor biztanleria274 hogeita hamaika aldiz handiagoa egin dela ohartzen da275.
Egunetik egunera, aginte federalaren erdigunea lekuz aldatuz doa. Duela berrogei urte, Batasuneko herritarrik gehienak itsasertzetan zeuden, gaur egun Washington dagoeneko inguru horretan; orain lehorrean barrurago dago eta iparralderago; zalantzarik gabe, hogei urte baino lehen Alleghanyez bestaldean egongo da. Batasunak irauten badu, Mississippiren arroa, bere emankortasun eta hedaduragatik, aginte federalaren erdigune iraunkor bilakatuko da derrigorrez. Hogeita hamar edo berrogei urte barru, Mississippiren arroa bere maila naturalera iritsia izango da. Erraza da kalkulatzea orduan hango biztanleria, Atlantiar ozeanoaren ertzetan kokaturiko estatuetakoaren aldean, 40-11ko proportzioan egongo dela gutxi gora-behera. Urte batzuk barru, Batasunaren zuzendaritzak erabat ihes egingo die sortu zuten estatuei, eta Mississippiren haranetako biztanleria nagusi izango da kontseilu federaletan.
Indarrek eta eragin federalak ipar-mendebalderantza duten etengabeko grabitazio hau hamar urtero azaltzen da, biztanleen erroldatze orokorra egin ondoren estatu bakoitzak Kongresura bidali behar duen ordezkari-kopurua berriro finkatzen denean276.
1790ean Virginiak hemeretzi ordezkari zituen Kongresuan. Kopuru hau haziz joan da 1813ra arte, hogeita hiruraino iritsiz. Geroztik, gutxitzen hasi zen. 1833an hogeita bat bakarrik ziren277. Denboraldi berean, New Yorkeko estatuak kontrako bilakaera eraman zuen: 1790ean hamar ordezkari zituen Kongresuan; 1813an hogeita zazpi; 1823an hogeita hamalau; 1833an berrogei. Ohiok ordezkari bakarra zuen 1803an; hemeretzi 1833an.
Nekez imajina daiteke batasun iraunkorrik bi herriren artean, bata behartsu eta ahul denean, eta bestea aberats eta indartsu, nahiz eta frogatua egon bataren indar eta aberastasuna ez direla bestearen ahulezia eta pobreziaren kausa. Are zailagoa da batasunari eustea bata indarra galtzen eta bestea irabazten ari den garaian.
Estatu jakin batzuen hazkunde bizkor eta proportziogabe honek besteen independentzia mehatxatzen du. New Yorkek, bere bi milioi biztanle eta berrogei ordezkarirekin, Kongresuan legea egin nahiko balu, lortu egingo luke agian. Baina estaturik ahaltsuenak txikienak zapaltzen ez saiatu arren, hala ere arriskuak iraun egingo luke, ia egitatean bertan bezainbat egitatearen posibilitatean baitago arriskua.
Ahulek nekez izaten dute konfiantzarik indartsuen justizia eta arrazoian. Besteak bezain bizkor hazten ez diren estatuek mesfidantzaz eta bekaizkeriaz begiratzen diete zoria aldeko dutenei. Hortik sortzen da Batasuneko zati batean sumatzen den atsekabe sakon eta egonezin zehazgabe hori, bestean nagusi den ongizate eta konfiantzarekin kontrastatzen duena. Uste dut hegoaldeak hartu duen aurkako jarrerak ez duela beste kausarik.
Amerikar guztien artean, hegoaldekoak dira Batasunaren aldekoenak izan beharko luketenak, batez ere beraiek sufrituko bailukete beren kasa utziak izanez gero; hala ere, beraiek dira konfederazioaren sorta apurtzeko mehatxua egiten duten bakarrak. Nondik dator hori? Erraza da esatea: hegoaldeak, konfederazioari lau lehendakari eman dizkiolarik278, badaki orain aginte federala ihes egiten ari zaiola, eta bere ordezkari-kopurua Kongresurako urtetik urtera gutxitzen ikusten du, iparralde eta mendebaldekoena hazi egiten den bitartean; hegoaldea, jende gartsu eta suminkorrez populatua, amorruz eta egonezinik jartzen da. Bere buruari begiratzen dio atsekabez; iragana galdekatuz, egunero itauntzen dio bere buruari ez ote den zapalduta egongo. Batasuneko lege bat argi eta garbi bere aldeko ez dela konturatzen bada, beraren aurkako indar-abusua dela deiadar egingo du; sutsu erreklamatzen du, eta ez bazaio esaten duena entzuten, sumindu egiten da eta gizartetik erretiratzeko mehatxua egiten du, gizarteko kargak jasaten dituelako, baina onurarik ez.
"Tarifa-legeek, esaten zuten Carolinako biztanleek 1832an, iparraldea aberastu eta hegoaldea hondatzen dute; zeren eta, horiek gabe, nola ulertu iparraldeak, klima gozagaitz eta lurzoru idorrarekin, bere aberastasunak eta boterea etengabe haztea, bitartean hegoaldea, Amerikako lorategia bezala dena, bizkor galbidean jausten ari bada279?"
Aipatu ditudan aldaketa horiek poliki-poliki zertuko balira, belaunaldi bakoitzak berak ikusitako gauza-ordenarekin desagertzeko astia izanez alegia, arriskua txikiagoa izango litzateke; baina bada zerbait presatuegia, iraultzailea esango nuke ia, gizarteak Amerikan egiten duen aurrerapenean. Hiritar berak ikusi ahal izan du bere estatua Batasunaren buru izaten, eta gero kontseilu federaletan ezinean gelditzen. Bada errepublika angloamerikarrik pertsona bat bezain bizkor hazi denik, eta hogeita hamar urtetan jaio, hazi eta heltzarora iritsi denik.
Hala ere, ez da imajinatu behar boterea galtzen duten estatuak despopulatu edo makaldu egiten direnik; haien oparotasuna ez da gelditzen; Europako edozein erresuma baino ere bizkorrago hazten dira280. Baina pobretzen ari direla iruditzen zaie, ez baitira auzokoa bezain bizkor aberasten, eta beren boterea galtzen ari direla uste dute, bat-batean berena baino botere handiagoarekin jartzen direlako kontaktuan281. Hortaz, haien interesak baino gehiago sentimendu eta grinak gertatzen dira kolpatuak. Baina hau ez al da aski konfederazioa arriskuan egoteko? Munduaren hasieratik herriek eta erregeek beren benetako onura bakarrik hartu izan balute kontuan, ia ez litzateke jakingo gerra zer den gizakien artean.
Honela, Estatu Batuak mehatxatzen dituen arriskurik handiena beraien oparotasunetik bertatik sortzen da; honek aberastasunaren gehikuntza bizkorrak berekin duen hordikeria sortzen du zenbait konfederaturen artean, eta, besteen artean, horren galerari sarri darraizkion bekaizkeria, mesfidantza eta atsekabeak.
Amerikarrak poztu egiten dira aparteko mugimendu hori ikustean; nire ustez, atsekabez eta beldurrez hartu beharko lukete. Estatu Batuetako amerikarrak, zernahi eginda ere, munduko herririk handienetako bat bilakatuko dira; beren ondorengoez ia Ipar Amerika osoa beteko dute; bizi direneko kontinentea beraien aginterria da, ezingo die ihes egin. Nork behartzen ditu oraintxetik horretaz jabetzera? Aberastasunak, botereak eta aintzak ezin diete huts egin, eta ondasun neurrigabe horren gain oldartzen dira, berorri heltzeko unetxo bat besterik ez balute bezala.
Frogatu dudala uste dut egungo konfederazioaren existentzia, elkartuta irauteko konfederatu guztien akordioaren menpe dagoela erabat; eta, datu honetatik abiatuz, banatu nahi izatera estatuak zerk eraman ote litzakeen ikertu dut. Baina Batasuna bi eratara amai daiteke: estatu konfederatuetako batek kontratutik erretiratu egin nahi izan dezakeelako eta honela bortizki apurtu lokarri komuna; kasu honi buruzkoak dira lehen egin ditudan oharpen gehienak. Edo gobernu federalak poliki-poliki gal dezakeelako bere boterea, batutako errepublikek beren independentziaren erabilera berreskuratzeko joera baldin badute aldi berean. Botere zentrala, bata bestearen ondoren prerrogatiba guztiak kenduta, isilpeko akordio batez ezintasunean utzia, ez litzateke gai izango bere helburua betetzeko, eta bigarren Batasuna lehena bezala amaituko litzateke zahartzaroko makaltasunez bezala edo.
Bestalde, lotura federala poliki-poliki ahultzea, azkenean Batasuna deuseztea ekarriz, bere horretan egitate ezberdin bat da, hain muturrekoak ez diren beste emaitza asko ekar ditzakeelarik aipaturiko hori baino lehen. Nahiz eta konfederazioak iraun, jadanik bere gobernuaren ahuleziak nazioa ezintasunean utzi, barruan anarkia eragin eta herrialdeko oparotasun orokorra mantsotu egin lezake.
Angloamerikarrak banatzera eramaten dituena ikertu ondoren, garrantzizkoa da aztertzea ea, Batasunak irauten duelarik, haien gobernuak zabaldu ala estutu egiten duen bere ekintza-esparrua, eta kementsuago ala ahulago bilakatzen den.
Nabaria da kezka handi batek arduratzen dituela amerikarrak. Munduko herri gehienetan, subiranotasun-eskubideen erabilera esku gutxi batzuetan biltzeko joera dagoela ikusten dute, eta azkenean beren artean ere horrela gertatuko dela pentsatzean izutu egiten dira. Estatu-gizonek berek ere badituzte beldur horiek, edo horren itxura egiten dute behintzat; zeren eta Amerikan zentralizazioa ez baita herrikoia, eta ezin da gehiengoa abilago lausengatu botere zentralaren ustezko usurpazioen kontra altxatuz baino. Amerikarrek ez dute ikusi nahi beldurtzen dituen zentralizazio-joera hau agertzen den herrialdeetan herri bakar bat dagoela, beren Batasuna hainbat herriren konfederazioa den bitartean; eta egitate hau aski da analogian oinarrituriko aurrikuspen guztiak desegiteko.
Amerikar askoren beldur horiek erabat irudipenezkotzat jotzen ditudala aitortu behar dut. Ez naiz inola ere subiranotasuna Batasunaren eskuetan sendotzearen beldur direnetakoa, eta iruditzen zait gobernu federala nabariki ahultzen ari dela.
Honetaz esaten dudana frogatzeko, ez dut antzinako gertakarietara joko, baizik eta neuk ikusi ditudanetara, edo geure garaian gertatu direnetara.
Estatu Batuetan gertatzen dena arretaz aztertzean, kontrako bi joera daudela ikusten da berehala; bi korronte bezala dira, bide beretik kontrako norantzan dabiltzanak.
Batasunak dituen berrogeita bost urteotan, denborak desagertarazi egin ditu hasieran beraren aurka zeuden aurriritzi probintziano asko. Amerikar bakoitza bere estatuari atxikiarazten zuen abertzaletasun-sentimendua ez da hain esklusiboa orain. Elkar hobeto ezagutzean, Batasuneko zati ezberdinak hurbildu egin dira. Posta, izpirituen lokarri handi hori, basa eremuen barren-barreneraino sartzen da gaur egun282; baporeek kostako puntu guztiak komunikarazten dituzte egunero. Merkataritza barnealdeko ibaietan gora eta behera ibiltzen da bizkortasun paregabez283. Naturak eta arteak sorturiko erraztasun hauekin, desiren ezegonkortasuna, izpirituen egonezina eta aberastasunen irrika elkartzen dira, amerikarra bere egoitzatik kanpo etengabe bultzatuz, herrikide askorekin komunikazioan jartzen dutelarik. Norantza guztietan zeharkatzen du bere herrialdea; bertan bizi diren herri guztiak bisitatzen ditu. Frantzian ez dago probintziarik, non biztanleek Estatu Batuetan dauden 13 milioiek bezain ongi elkar ezagutzen duten.
Amerikarrak, nahastu ahala, asimilatu egiten dira; klimak, jatorriak eta erakundeek haien artean sartutako ezberdintasunak gutxitu egiten dira. Gero eta hurbilago daude tipo komun batetik. Urtero, iparraldetik irtendako milaka pertsona Batasuneko alde guztietan banatzen da. Berekin batera beren sineskizun, iritzi eta ohiturak eramaten dituzte, eta haien jakintzargiak tokian tokikoenak baino handiagoak direnez, laster jabetzen dira arazo publikoez eta gizartea beren probetxurako aldatzen. Iparraldetik hegoalderako migrazio etengabe horrek, izaera probintzial guztiek nazio-izaera bakarrean bat egin dezaten laguntzen du, batez ere. Badirudi, beraz, iparraldeko zibilizazioa guztientzako neurri bilakatuko dela, egunen batean gainerako guztiek neurri horretara moldatu beharko dutelarik.
Amerikarren industriak aurrerapenak egin ahala, estatu konfederatu guztiak batzen dituzten lokarri komertzialak estutu egiten dira, eta batasuna azturetan sartzen da iritzietan sartu ondoren. Denborak, bere ibilian, 1789ko pertsona askoren irudimena atsekabetzen zuten beldur fantastiko asko desagertarazten ditu azkenerako. Aginte federala ez da zapaltzaile bihurtu; ez du estatuen independentzia suntsitu; ez ditu konfederatuak monarkiara eraman; Batasunarekin, estatu txikiak ez dira handien menpe erori. Konfederazioak hazten jarraitu du etengabe biztanle, aberastasun eta botereari dagokionez.
Komentziturik nago, beraz, gaur egun amerikarrek berezko zailtasun gutxiago dutela baturik bizitzeko, 1789an zeuzkatenak baino; Batasunak orduan baino etsai gutxiago du.
Eta, hala ere, Estatu Batuen berrogeita bost urteotako historia arretaz aztertzen bada, erraz ohartzen da aginte federala murrizten ari dela.
Ez da zaila fenomeno honen kausak adieraztea.
1789ko Konstituzioa promulgatu zen momentuan, dena anarkian hondatzen ari zen; desordena haren ondorengo Batasunak beldur eta gorroto asko sortarazi zuen; baina lagun sutsuak ere bazituen, premia handi baten adierazpena baitzen. Erasotuagoa orduan gaur egun baino, aginte federalak bizkor lortu zuen bere botererik handiena, bere indarrak borrokan sendotu ondoren garaipena lortzen duen gobernuari normalean gertatzen zaion bezala. Garai hartan, konstituzioaren interpretazioak subiranotasun federala murriztu baino gehiago zabaldu egiten zuela ematen zuen, eta Batasunak alderdi askotatik herri bakar eta bat beraren ikuskizuna eskaini zuen, gobernu bakar batek gidatua barnean nahiz kanpoan.
Baina puntu honetara iristeko, herria bere buruaren gainetik jarria zen, nolabait ere.
Konstituzioak ez zuen estatuen indibidualitatea suntsitu, eta gorputz guztiek, direnak direla, badute ezkutuko sen bat independentziara bultzatzen dituena. Sen hau are biziagoa da Amerika bezalako herrialde batean, non herritxo bakoitzak eratzen baitu errepublika moduko bat, bere burua gobernatzera ohitua.
Egin zuten, beraz, ahalegin bat nagusitasun federalaren menpe jarri ziren estatuek. Eta ahalegin oro, arrakasta handiz burututa ere, ahulduta gelditzen da sortarazi duen kausarekin batera.
Gobernu federalak bere agintea finkatu ahala, Amerikak bere maila berrartzen zuen nazioartean, bakea sortzen zen berriro mugen barnean, eta sinesgarritasun publikoa berreskuratzen zen; nahasmenaren ondoren ordena finkatu zen, gizabanakoaren industriari berezko martxan segitzeko eta askatasunean garatzeko aukera ematen ziona.
Oparotasun hau berau izan zen eragin zuen kausa ezkutarazten hasi zena; arriskua igaro ondoren, amerikarrek ez zituzten jada beren baitan aurkitu hura uxatzen lagundu zieten kemena eta abertzaletasuna. Kezkatzen zituzten beldurretatik aske, erraz itzuli ziren beren ohituretara eta erresistentziarik gabe abandonatu ziren beren joera arruntera. Gobernu indartsu bat beharrezkoa ez zirudien momentutik, gogaikarri zela pentsatzen hasi ziren berriro. Guztiak aurrera egiten zuen Batasunarekin, eta estatuak ez ziren Batasunetik apartatu; baina ez zuten sentitu nahi Batasunaren ordezkari zen boterearen ekintza. Oro har, baturik jarraitu nahi zuten, eta egitate partikular bakoitzean berriro independente izateko joera zegoen. Konfederazioaren printzipioa gero eta errazago onartua eta gutxiago aplikatua izan zen; honela, gobernu federalak, ordena eta bakea ezartzean, berak ekarri zuen bere hondamendia.
Izpirituen jarrera hori kanpora azaltzen hasi zenetik, alderdietako jendea, herri-grinetatik bizi dena, bere probetxurako erabiltzen hasi zen.
Ordudanik oso egoera kritikoan aurkitu zen gobernu federala; honen etsaiek herriaren begikotasuna zuten, eta gobernua ahultzeko hitza emanez lortzen zen herria gidatzeko eskubidea.
Garai hartatik aurrera, Batasuneko gobernua estatuetakoekin leihan hasi den bakoitzean, atzera egin izan du ia beti. Konstituzio federalaren terminoak interpretatu behar izan direnean, interpretazioa Batasunaren kontrakoa eta estatuen aldekoa izan da gehientsuenetan.
Konstituzioak gobernu federalari ematen zion nazio-interesak zaintzeko ardura. Izan ere, pentsatu zen berari zegokiola barnean egin edo bultzatzea Batasun osoaren oparotasuna areagotzeko moduko eginkizun handiak (internal improvements), kanalak, esate baterako.
Estatuak izutu egin ziren beren lurraldearen zati batez beste aginte bat hala balia zitekeela imajinatzean. Beldur ziren aginte zentrala, beraien baitan nagusitasun ikaragarria lortzean, ez ote zen iritsiko haiek oso-osorik beren agenteentzat bakarrik gorde nahi zuten eragina zertzera.
Alderdi demokrata, beti aginte federalaren garapen guztien kontra egon izan dena, ozen mintzatu zen; usurpazioaren akusazioa egin zitzaion Kongresuari, gutiziarena estatu-buruari. Gobernu zentralak, deiadar hauengatik izututa, bere hutsegitea aitortu zuen eta ezarri zitzaion esparruan itxi zen azkenean.
Konstituzioak Batasunari ematen dio atzerriekin tratatzeko pribilegioa. Batasunak, oro har, ikuspegi honetatik ikusi izan zituen bere lurraldeko mugetan zebiltzan indioen tribuak. Basati haiek zibilizazioaren aurrean ihes egitea onartu zuten bitartean, ez zitzaion zuzenbide federalari kontrarik egin, baina indioen tribu batek lurraren puntu batean ezartzea erabaki zuenean, inguruko estatuek lur horien edukitza-eskubidea erreklamatu zuten, eta bertan bizi zirenekiko subiranotasun-eskubidea. Gobernu zentralak berehala onartu zituen bata eta bestea, eta indioekin herri independenteekin bezala tratuan jardun ondoren, menpeko bezala utzi zituen estatuen legegintza-tiraniaren esku284.
Atlantiarraren ertzean eratutako estatuen artean, batzuk mugagabeki hedatzen ziren mendebalderantz, artean europarrak sartu gabeko basa eremuetarantz. Beren mugak kontraerabaki ezineko moduan finkaturik zituztenek begirada jeloskorrez ikusten zuten auzokoek aurrean zuten etorkizun zabala. Azken hauek, adiskidetasun-izpirituz eta Batasun Akta errazteko asmoz, mugak ezartzea onartu zuten eta konfederazioaren esku utzi zuten harantzago aurki zitekeen lurralde osoa285.
Garai harez geroztik, gobernu federala bilakatu zen hasieran konfederaturiko hamahiru estatuetatik kanpo aurki zitekeen lur landugabe guztiaren jabe. Bera arduratzen da zatitzeaz eta saltzeaz, eta lortzen den dirua Batasuneko altxortegirako bakarrik izaten da. Sarrera hauen laguntzaz, gobernu federalak indioei lurrak erosten dizkie, barruti berrietan bideak egin eta gizartearen garapen bizkorra bultzatzen du bere ahalmen guztiaz.
Edonola ere, Atlantiarraren ertzeko biztanleek antzina lagatako basa eremu hauetan denboraz estatu berriak eratu dira. Kongresuak saltzen jarraitu du, nazio osoaren probetxurako, estatu horiek oraindik beren baitan dituzten lur landugabeak. Baina orain estatu horiek esaten dute, behin eraturik daudenez gero, eskubide esklusiboa izan behar dutela salmenta horien emaitza beren erabilerarako aplikatzeko. Erreklamazioak gero eta mehatxagarriagoak bihurtzean, Kongresuak pentsatu zuen bere eginbeharra zela ordura arte izandako pribilegioetako batzuk Batasunari kentzea, eta 1832aren bukaeran lege bat egin zuen; honen bidez, mendebaldeko errepublika berriei beren lur landugabeen jabetza eman ez arren, hala ere beraien probetxurako bakarrik aplikatzen zuen lur horietatik lortutako irabazirik gehiena286.
Aski da Estatu Batuetan zehar ibiltzea herrialde hark bankatik ateratzen dituen abantailak baloratzeko. Hainbat motatakoak dira abantaila hauek; baina bada bat atzerritarra bereziki harritzen duena: Estatu Batuetako Bankuaren bileteak basa eremuetako mugetan Filadelfiako balio berberaz kotizatzen dira, azken honetan duen arren bere eragiketen egoitza287.
Hala ere, Estatu Batuetako Bankua gorroto handien helburu da. Beraren zuzendariak lehendakariaren kontra azaldu dira eta, honen hautapena eragozteko beren eraginaz abusatu izanaz akusatzen dituzte, ez egiantzik gabe. Lehendakariak, berriz, pertsona horiek ordezkatzen duten erakundeari erasotzen dio ezinikusi pertsonalaren berotasun guztiaz. Horrelako mendekuaren alde gehiengoaren ezkutuko instintuak zeudela ikustea izan da lehendakaria bide hori hartzera bultzatu duena.
Bankua da Batasuneko moneta-lokarri handia, Kongresua legegintzako lokarri handia den bezala, eta estatuak aginte zentraletik independente izatera bultzatzen dituzten grina berberek bultzatzen dute Bankuaren suntsipena ere.
Estatu Batuetako Bankuak beti izaten du bere esku banku probintzialen bilete-kopuru handi bat; edozein egunetan behartu ditzake azken hauek bileteak espezietan itzultzera. Bera, ordea, ez da zertan izan horrelako arriskuen beldur; erabil ditzakeen baliabideen handitasunak eskakizun guztiei aurre egiteko aukera ematen dio. Mehatxu hau gainean dutela, banku probintzialak beharturik daude zuhurtziaz jokatzera eta beren kapitalaren proportzioko bilete-kopurua bakarrik jartzera zirkulazioan. Banku probintzialek gogo txarrez jasaten dute kontrol osasungarri hau. Haiei salduta dauden egunkariek, eta bere interesagatik haien organo bihurturiko lehendakariak, sumindura handiz erasotzen diote Bankuari. Honen kontra tokian tokiko grinak eta herrialdearen demokrazi sen itsua suspertzen dute. Beraien iritziz, Bankuko zuzendariek gorputz aristokratiko eta iraunkorra osatzen dute, gorputz honen eragina derrigorrez sumatuko delarik gobernuan, lehentxeago edo geroxeago gizarte amerikarraren oinarrian dauden berdintasun-printzipioak aldaraziz.
Bankuak bere arerioen aurka duen borroka, Amerikan probintziek aginte zentralaren aurka, edo independentzi eta demokrazi izpirituak hierarki eta menpekotasun-izpirituaren aurka, duten gudu handiaren pasarte bat baino ez da. Ez dut esan nahi Estatu Batuetako Bankuaren arerioak, beste gai batzuetan gobernu federalari erasotzen dioten berberak direnik; baina diodana da Estatu Batuetako Bankuaren aurkako erasoak gobernu federalaren kontra militatzen duten instintu berberen emaitza direla, eta lehenak duen etsai-kopuru handia bigarrenaren ahuleziaren sintoma gogaikarria dela.
Baina Batasuna sekula ez zen ahulago azaldu tarifaren arazo ospetsuan baino288.
Iraultza Frantseseko eta 1812ko gerrek, Amerika eta Europaren arteko komunikazio askea eragoztean, manufakturak sortu zituzten Batasuneko iparraldean. Bakeak Europako produktuei Mundu Berrirako bidea berriro ireki zienean, aduana-sistema bat ezarri behar zutela pentsatu zuten amerikarrek, sortzen ari zen industria babesteko eta gerrak sortarazitako zorrak kitatu ahal izateko.
Hegoaldeko estatuak, bultzatu beharreko manufakturarik ez dutenez eta laborari baizik ez direnez, laster kexatu ziren neurri honetaz.
Hemen ez dut kexa haiek irudizko ala benetako ziren aztertzeko asmorik; egitateei buruz ari naiz.
1820. urtean, Hego Carolinak, Kongresuari egindako eskarian, tarifa-legea konstituziokontrakoa, zapaltzailea eta bidegabea zela aldarrikatzen zuen. Gero, Georgia, Virginia, Ipar Carolina, Alabamako estatua eta Mississippikoak erreklamazio bizixeago edo ahulxeagoak egin zituzten ildo beretik.
Marmar horiek kontuan hartu gabe, Kongresuak, 1824 eta 1828. urteetan, gehiago igo zituen tarifa-tasak eta berriro onetsi zuen printzipioa.
Hegoaldean orduan ekoitzi zen, edo hobeto esanda gogoratu, nulifikazio izena hartu zuen doktrina ospetsua.
Erakutsi dut bere lekuan Konstituzio federalaren helburua ez zela liga bat ezartzea izan, gobernu nazionala sortzea baizik. Estatu Batuetako amerikarrek, beren konstituzioak aurrikusitako kasu guztietan, herri bakar eta bat bera osatzen dute. Puntu hauetaz guztiez, nazio-borondatea, herri konstituzional guztietan bezalaxe, gehiengoaren bidez adierazten da. Behin gehiengoak hitz egin ondoren, hartara makurtzea da gutxiengoaren eginbeharra.
Hori da legezko doktrina, Konstituzioko testuaren eta ezarri zutenen asmo ezagunaren araberakoa den bakarra.
Hegoaldeko nulifikatzaileek diotenez, ordea, amerikarrek, elkartzean, ez omen zuten herri bakar eta bat bera osatu nahi izan, herri independenteen liga bat baizik; hortik ondorioztatzen denez, estatu bakoitzak, bere subiranotasun osoa gordetzean, ekintzan ez bada ere bai printzipioan, Kongresuaren legeak interpretatzeko eskubidea du, eta konstituzio edo justiziaren kontrako direla iruditzen zaizkion haien egikaritza bere baitan geldiaraztekoa.
Nulifikazioaren doktrina osoa, 1833an Estatu Batuetako Senatuaren aurrean Mr. Calhoun-ek, hegoaldeko nulifikatzaileen ageriko buruzagiak, adierazitako esaldi batean aurkitzen da:
"Konstituzioa, dio, kontratu bat da, non estatuak subirano bezala agertu baitira. Nolanahi ere, arbitro komun bat ez duten alderdien artean kontratua egiten den guztietan, bakoitzak gordetzen du bere betebeharra noraino iristen den bere kabuz epaitzeko eskubidea".
Garbi dago antzeko doktrina batek printzipioz suntsitu egiten duela lotura federala eta praktikan anarkia ekartzen duela, honetatik libratuak zituelarik amerikarrak 1789ko Konstituzioak.
Hego Carolinak ikusi zuenean Kongresuak entzungor egiten ziela beraren kexuei, tarifaren lege federalari nulifikatzaileen doktrina aplikatzeko mehatxua egin zuen. Kongresuak bere sistemari eutsi zion, eta iskanbila sortu zen azkenean.
1832an zehar, Hego Carolinako herriak289 konbentzio nazionala izendatu zuen hartu behar ziren aparteko neurriak erabakitzeko; eta urte bereko azaroaren 24an, konbentzio horrek, ordenantza deituraz, lege bat argitaratu zuen, non tarifaren lege federala deuseztatzen baitzuen, eta bertan ezarritako tasak biltzea eta auzitegi federaletan egin zitezkeen apelazioak kontuan hartzea debekatzen baitzuen290. Ordenantza hau ez zen indarrean jarri behar hurrengo otsailean baizik, eta esana zegoen, Kongresuak otsaila baino lehen aldatzen bazuen tarifa, Hego Carolinak mehatxuak ez gauzatzea onar zezakeela. Beranduago, arazoa estatu konfederatu guztien aparteko batzar baten esku utzi nahia adierazi zen, baina era lauso eta zehazgabean.
Bitartean, Hego Carolina bere miliziak armatzen eta gerrarako prestatzen ari zen.
Zer egin zuen Kongresuak? Kongresuak, erreguka jardundako menpekoei aurrez entzun ez zienak, armak eskuan ikusi zizkienean291 jaramon egin zien beraien kexuei. Lege bat egin zuen292, eta haren arabera tarifari zegozkion tasak pixkana-pixkana hamar urtetan zehar murriztu egin behar ziren, gobernuaren premiak ez gainditzeko puntura iritsi arte. Honela erabat baztertu zuen Kongresuak tarifaren printzipioa. Industria babesteko eskubidearen ordez neurri fiskal hutsa ezarri zuen293. Bere porrota disimulatzeko, gobernu ahulek asko erabiltzen duten irtenbidera jo zuen Batasuneko gobernuak: egitateetan amore eman eta zurrun azaldu printzipioetan. Kongresuak tarifari buruzko legeria aldatu zuen une berean, beste lege bat ere onartu zuen; beronen arabera lehendakariak aparteko agintea izango zuen jada beldurrik sortzen ez zuten erresistentziak indarrez menperatzeko.
Hego Carolinak ez zizkion garaipen-itxura ahul hauek ere Batasunari onartu; tarifaren legea deuseztatu zuen konbentzio nazional berak, berriro bildu eta eskaintzen zitzaion kontzesioa onartu zuen; baina aldi berean, nulifikatzaileen doktrinan are indartsuago mantentzen zela aldarrikatu zuen, eta, hori erakusteko, lehendakariari aparteko ahalmenak ematen zizkion legea deuseztatu zuen, nahiz eta oso ziur jakin inoiz ere ez zituela ahalmen horiek erabiliko.
Aipatu berri ditudan egintza gehientsuenak Jackson jeneralaren lehendakaritzapean gertatu dira. Ukaezina da, tarifaren arazoan, lehendakari honek trebetasun eta kemenez eutsi diela Batasunaren eskubideei. Hala ere, aginte federalak gaur egun dituen arriskuen artean, ordezkatzen duenaren jokabidea bera ere sartu beharra dagoela uste dut.
Jackson jeneralak bere herrialdeko arazo publikoetan zertu dezakeen eraginari buruz pertsona batzuek Europan duten iritzia oso arraroa iruditzen zaie gauzak hurbiletik ikusi dituztenei.
Entzun da Jackson jeneralak guduak irabazi zituela, gizon kementsua zela, izaeraz eta azturaz indarra erabiltzearen aldeko, agintezale eta despota gustuz. Hau guztia egia izango da agian, baina egia hauetatik atera diren ondorioak oso okerrak.
Imajinatu da Jackson jeneralak diktadura ezarri nahi zuela Estatu Batuetan, izpiritu militarra nagusiaraziko zuela han, eta askatasun probintzialentzako arriskutsua litzatekeen hedapena emango ziola aginte zentralari. Amerikan, horrelako eginkizunen eta antzeko pertsonen mendea ez da oraindik iritsi. Jackson jeneralak horrela dominatu nahi izan balu, ziur aski galdu egingo zukeen bere posizio politikoa eta koloka jarri bere bizia. Ez da horretan ahalegintzeko bezain zuhurgabea izan.
Aitzitik, aginte federala hedatzeko asmorik gabe, aginte hori konstituzioaren terminorik argien eta zehatzenetara murriztu nahi duen alderdia ordezkatzen du egungo lehendakariak, eta alderdi horrek ez du onartzen interpretazioa inoiz izan daitekeenik Batasuneko gobernuaren aldekoa; inola ere zentralizazioaren txapeldun izan gabe, jelosia probintzialen agente da Jackson jenerala; grina deszentralizatzaileak izan dira (honela esan badezaket) agintaritza gorenera eraman dutenak. Grina horiek egunero lausengatuz mantentzen da eta egiten du aurrera agintean. Jackson jenerala gehiengoaren esklabu da: honi bere borondate, desira eta erdi ageriko instintuetan jarraitzen dio, edota, hobeto esanda, igarri egiten dio eta lasterka beraren buru jartzen da.
Estatuetako gobernua Batasunekoarekin borrokan hasten den guztietan, arraroa da lehendakaria ez izatea lehena bere eskubidea zalantzan jartzen; botere legegilearen aurretik joaten da ia beti; botere federalaren hedadurari buruzko interpretazioa egin behar denean, bere buruaren kontra jartzen da, nolabait ere; txikitu egiten da, ezkutatu, ezabatu. Ez da berez ahul edo Batasunaren etsai; gehiengoa hegoaldeko nulifikatzaileen kontra agertu zenean, gehiengo haren buru jarri zen eta profesatzen zituen doktrinak garbi eta kementsu formulatzen eta indarrera jotzen lehenengoa izan zen. Alderdi amerikarren hiztegitik hartutako konparazio batez baliatuz, iruditzen zait Jackson jenerala gustuz federala dela, eta kalkuluz errepublikarra.
Gehiengoaren begirunea irabazteko bere burua horrela beheratu ondoren, Jackson jenerala goratu egiten da berriro; orduan gehiengoak berak lortu nahi dituen helburuetarantz edo jelosiaz ikusten ez dituenetarantz jotzen du jeneralak, bere aurrean oztopo guztiak eraitsiz. Bere aurrekoek eduki ez zuten laguntzaz indartsu, hankapean zapaltzen ditu arerio pertsonalak, topatzen dituen leku guztietan, eta ezein lehendakarik izan ez duen erraztasunez; bere ardurapean hartzen ditu aurrez inor hartzera ausartuko ez zatekeen neurriak; nazio-ordezkaritza ia iraingarri den destainaz erabiltzen du; uko egiten dio Kongresuko legeak berresteari, eta sarritan erantzun ere ez dio egiten gorputz handi horri. Batzuetan bere nagusia gaizki tratatzen duen balidoa da. Jackson jeneralaren agintea, beraz, etengabe gehitzen da; baina lehendakariarena gutxitu. Beraren eskuetan, gobernu federala indartsua da; baina ahulduta pasatuko da bere ondorengoagana.
Edo ni oso oker nago edo Estatu Batuetako gobernu federalak ahultzeko joera du egunetik egunera; poliki-poliki erretiratzen ari da arazo publikoetatik, gero eta gehiago murrizten du bere ekintza-esparrua. Berez ahul, indar-itxurak ere baztertu egiten ditu. Bestalde, Estatu Batuetan iruditu zait independentzi sentimendua gero eta biziagoa zela estatuetan, eta gero eta nabarmenagoa gobernu probintzialarekiko atxikimendua.
Nahi da Batasuna, baina itzal bat besterik izango ez dena. Kasu batzuetan indartsu izatea nahi da, eta beste guztietan ahul; gerra-garaian nazio-indarrak eta herrialdeko baliabide guztiak bere eskuetan bildu ahal izan ditzan nahi da, eta bake-garaian, nolabait esateko, existitu ere ez dadila egin; ahulezia eta kemenaren alternatiba hau naturan egongo balitz bezala.
Ez dut ikusten gaur egun izpirituen mugimendu orokor hau geldiaraz dezakeen ezer; sortarazi duten kausek ildo beretik eragiten segitzen dute. Jarraitu egingo du, beraz, eta aurresan daiteke, aparteko zirkunstantziaren bat gertatzen ez bada, Batasuneko gobernua ahulduz joango dela egunetik egunera.
Hala ere, uste dut oraindik urruti gaudela aginte federala, bere izatea babesteko eta herrialdeari bakea emateko ezgai izanik, nolabait ere bere kabuz iraungiko den egunetik. Batasuna ohituretan dago, desiratu egiten da; beraren emaitzak nabariak dira, onurak bistan daude. Gobernu federalaren ahuleziak Batasunaren izatea arriskuan jartzen duela sumatzean, ez dut dudarik indarraren aldeko erreakzio-mugimendu bat sortzen ikusiko dela.
Gaur egunera arte izan diren gobernu federal guztietatik, Estatu Batuetako gobernua da berez destinatuena dagoena jardutera. Bere legeen interpretazio bidez zeharka baino erasotzen ez zaion bitartean, beraren funtsa sakon aldarazten ez den bitartean, iritzi-aldaketa, barne-krisi edo gerra batek kolpean itzuli ahal izango lioke behar duen kemena.
Konstatatu nahi izan dudana hauxe bakarrik da: gure artean jende askok pentsatzen du Estatu Batuetan badela izpirituen mugimendu bat boterea lehendakariaren eta Kongresuaren eskuetan zentralizatzera bultzatzen duena. Nire ustez, garbi ikusten da kontrako mugimendua dagoela. Gobernu federalak, zahartzean, ez bakarrik ez du indar hartzen, ez estatuen subiranotasuna mehatxatzen, gainera egunetik egunera ahultzera jotzen duela esaten dut nik, eta Batasunaren subiranotasuna bakarrik dagoela arriskuan. Hona hemen orainak erakusten duena. Zein izango ote da joera honen azken emaitza? Zein gertakarik geldiaraz, atzeratu edo bizkorraraz dezake azaldu dudan mugimendua? Etorkizunak ezkutuan dauka hori dena, eta ez dut uste estalki hori kendu ahal izateko gai naizenik.
Estatu Batuetako erakunde errepublikarrak: zer aukera dute irauteko?
[aldatu]Batasuna ez da funtsezkoa.- Erakunde errepublikarrek etorkizun handiagoa dute.- Errepublika da, orain-oraingoz, angloamerikarren egoera naturala.- Zergatik.- Suntsitu ahal izateko, aldi berean lege eta ohitura guztiak aldatu beharko lirateke.- Amerikarrek dituzten eragozpenak aristokrazia sortzeko.
Batasunaren zatiketak -orain konfederaturik dauden estatuen artean gerra sartuz, eta honekin batera armada iraunkorrak, diktadura eta zergak sartuz- luzarora erakunde errepublikarren zoria jarri ahal izango luke koloka.
Hala ere, ez dira nahastu behar errepublikaren etorkizuna eta Batasunarena.
Batasuna funtsezko ez den zerbait da, zirkunstantziek laguntzen dioten bitartean bakarrik iraungo duena; errepublika amerikarren egoera, ordea, naturala iruditzen zait; kausa kontrarioen etengabeko eta beti norantza bereko jardunak bakarrik ekar dezake monarkiak haren tokia hartzea.
Batasuna, bera sortarazi zuen legean dago, batez ere. Iraultza bakar batek, iritzi publikoaren aldaketa batek, apur dezake betiko. Errepublikak sustrai sakonagoak ditu.
Estatu Batuetan errepublikaz ulertzen dena, gizarteak bere gain zertzen duen ekintza mantso eta barea da. Egoera erregular bat da, herriaren borondate ilustratuan benetan oinarritua. Gobernu adiskidetzailea da, non erabakiak luzaroan umatu, astiro eztabaidatu eta heldutasunez betetzen baitira.
Estatu Batuetan errepublikarrek ohiturak preziatzen dituzte, sineskizunak errespetatzen eta legeak aintzatesten. Haien iritzian herri batek, aske den neurrian, moral, erlijiozale eta moderatua izan behar du. Estatu Batuetan errepublika deritzona, gehiengoaren aginte lasaia da. Gehiengoa, bere burua ezagutzeko eta bere izatea konstatatzeko denbora izan duenetik, botereen sorburu komuna da. Baina gehiengoa bera ez da ahalguztiduna. Beraren gainetik, moralaren arloan, gizatasuna, justizia eta arrazoia daude; politikaren arloan, eskubide finkatuak. Gehiengoak onartzen ditu bi hesi hauek, eta batzuetan gainditu egiten baditu, grinak dituelako da, gizaki bakoitzak bezalaxe, eta, hauen antzera, gaizkia egin dezakeelako, ongia bereizi arren.
Baina guk aurkikuntza bitxiak egin ditugu Europan.
Errepublika, gutariko batzuen arabera, ez da gehiengoaren agintea, orain arte uste izan den bezala, baizik eta gehiengoaren alde gogor jokatzen dutenena. Honelako gobernuetan gidari ez da herria izaten, herriarentzat onena zer den ba omen dakitenak baizik; zorioneko bereizketa, kontsultatu gabe nazioen izenean jarduteko aukera ematen duena, baita hankapean zapaldu bitartean berorien aintzatespena eskatzeko aukera ere. Gobernu errepublikarra da, bestalde, dena egiteko eskubidea aitortu behar zaion bakarra, eta orain arte jendeak errespetaturikoa mespreza dezakeena, moralaren legerik gorenetatik zentzuaren arau arruntetaraino.
Orain arte pentsatu izan da despotismoa higuingarria zela, nolanahikoak izanik ere beraren formak. Baina orain aurkitu da bazirela munduan tirania legitimoak eta bidegabekeria santuak, betiere herriaren izenean zertzen badira.
Amerikarrek errepublikari buruz zertu dituzten ideiek berorren erabilera errazten diete, batez ere, eta iraupena ziurtatzen. Haien artean, gobernu errepublikarraren praktika sarri txarra bada ere, teoria behintzat ona da, eta azkenerako herriak beti moldatzen ditu teoria horretara bere egintzak.
Ezinezkoa zen hasieran, eta oraindik ere oso zaila litzateke, Amerikan administrazio zentralizatua ezartzea. Pertsonak espazio zabalegian barreiatuak eta natur oztopo gehiegiz banatuta daude, batek bakarrik gidatu ahal izateko haien bizitzako xehetasunak. Hortaz, batik-bat probintzi eta udal-gobernuaren herrialdea da Amerika.
Kausa honi -honen eragina berdin sentitzen zen Mundu Berriko europar guztien artean- angloamerikarrek beste zenbait kausa berezi gehitu zizkioten.
Ipar Amerikako koloniak ezarri zirenean, ordurako udal-askatasuna sartua zen lege nahiz ohitura ingelesetan, eta migrari ingelesek, beharrezko gauzatzat ezezik, bere balio osoa ongi ezagutzen zuten ondasuntzat ere onartu zuten.
Ikusi dugu, gainera, nola fundatu zituzten koloniak. Probintzia bakoitza, eta nolabait esateko barruti bakoitza, banatuki populatu zuen elkar ezagutzen ez zuen edo helburu ezberdinekin elkarturiko jendeak.
Estatu Batuetako ingelesak, hasieratik, hainbat gizarte txiki ezberdinetan banaturik aurkitu dira, erdigune amankomun bati lotugabeak, eta gizarte txiki horietako bakoitzak bere arazoez arduratu behar izan du, ez baitzen inon agintaritza zentralik ikusten ardura horiek berez hartu behar zituenik eta erraz konpon zitzakeenik.
Honela, bada, herrialdeko natura, kolonia ingelesak sortzeko era bera, lehen migrarien azturak, dena elkartzen zen han udal- eta probintzi askatasunak aparteko maila bateraino garatzeko.
Estatu Batuetan, herrialdeko erakundeak errepublikarrak dira funtsean; han errepublikaren oinarri diren legeak iraunkorki suntsitzeko, nolabait ere lege guztiak abolitu beharko lirateke aldi berean.
Gaur egun, alderdi bat Estatu Batuetan monarkia ezartzen saiatuko balitz, orain Frantzian errepublika proklamatu nahi lezakeena baino ere egoera zailagoan aurkituko litzateke. Erregetzak ez luke legeria aurrez beretzat prestatua aurkituko, eta benetan orduan ikusiko litzateke monarkia bat erakunde errepublikarrez inguratua.
Printzipio monarkikoa ere nekez sartuko litzateke amerikarren ohituretan.
Estatu Batuetan, herri-subiranotasunaren dogma ez da doktrina isolatu bat, azturetan eta nagusi diren ideietan oinarririk ez duena; aitzitik, angloamerikarren mundu osoa biltzen duen iritzi-katea baten azken mailatzat har daiteke. Probidentziak gizabanako bakoitzari, zeinahi izanik ere, beharrezko adimen-maila eman dio berari bakarrik dagozkion gauzetan bere burua gidatu ahal izan dezan. Maxima handi honen gainean oinarritzen da Estatu Batuetan gizarte zibil eta politikoa: familiburuak seme-alabei aplikatzen die hori, ugazabak zerbitzariei, udalerriak administratuei, probintziak udalerriei, estatuak probintziei, Batasunak estatuei. Nazio osora hedatuta, herri-subiranotasunaren dogma bilakatzen da.
Honela, Estatu Batuetan, errepublikaren printzipio sortzailea giza ekintza gehienak arautzen dituena bera da. Errepublika, beraz, eta zilegi bazait honela esatea, amerikarren ideia, iritzi eta aztura guztietan sartzen da, legeetan ezartzen den aldi berean; eta legeak aldatzera iristeko, nolabait ere guztiak osorik aldatu beharko lirateke. Estatu Batuetan, gehiengoaren erlijioa bera ere errepublikarra da; erlijio hark beste munduko egiak gizabanakoaren arrazoiaren menpe jartzen ditu, politikak guztien zentzuaren esku uzten duen bezala gizakiaren interesen zainketa; halaber, zerura gidatuko duen bidea gizaki bakoitzak askatasunez aukera dezan onartzen du, legeak herritar bakoitzari bere gobernua aukeratzeko eskubidea onartzen dion bezala.
Jakina, joera bereko egitate-serie luze batek bakarrik ordeztu dezake lege, iritzi eta ohitura-multzo hau: kontrako ohitura, iritzi eta lege-multzo batek.
Printzipio errepublikarrek desagertu egin behar badute Amerikan, sarri eten eta maiz berrarturiko gizarte-lan luzearen ondoren bakarrik joko dute lur; hainbat aldiz birsortu egiten direla emango dute, eta ez dira itzulbiderik gabe desagertuko herri guztiz berri batek gaur egun dagoenaren lekua hartu arte. Nolanahi ere, ezerk ez du sumarazten antzeko iraultzarik, eta ez dago hori iragartzen duen seinalerik ere.
Estatu Batuetara iristean gauzarik harrigarriena hango mugimendu zalapartatsua da, zeinen baitan dagoen kokatua gizarte politikoa. Legeak etengabe aldatzen dira, eta lehen begiratuan ia ezinezkoa dirudi bere borondateaz hain ziurtasun gutxi duen herri bat ez iristea laster bere egungo gobernu-eraren ordez guztiz berria den beste bat onartzera. Beldur hauek goiztiarrak dira. Erakunde politikoei dagokienez, badira nahastu behar ez diren bi ezegonkortasun-mota: bata bigarren mailako legeei dagokiena; honek luzaroan iraun dezake ongi oinarrituriko gizarte baten baitan; besteak konstituzioaren oinarriak berak suntsitzen ditu etengabe, eta legeen printzipio sortzaileei erasotzen die; honen ondoren arazoak eta iraultzak etortzen dira beti; hau pairatzen duen nazioa egoera bortitz eta iragankorrean aurkitzen da. Esperientziak erakusten duenez, legegintzako bi ezegonkortasun-mota hauek ez dute beren artean beharrezko loturarik, zeren eta, garai eta lekuen arabera, batera edo banaturik existitu izan baitira. Lehena aurkitzen da Estatu Batuetan, baina bigarrena ez. Amerikarrek sarri aldatzen dituzte legeak, baina konstituzioaren oinarria errespetatu egiten dute.
Gaur egun printzipio errepublikarra da Amerikan nagusi, Frantzian Louis XIV.aren menpean printzipio monarkikoa zen bezala. Orduko frantsesei, monarkiaren adiskide izateaz gain, ez zitzaien burura etortzen haren ordez beste ezer jar zitekeenik; onartu egiten zuten, eguzkiaren ibilbidea eta urtaroen gora-beherak onartzen diren bezalaxe. Haien artean, errege-botereak ez zuen ez aldekorik, ez etsairik.
Honela dago errepublika Amerikan, borrokarik gabe, aurkakotasunik gabe, probarik gabe, isilpeko akordio batez, consensus universalis moduko batez.
Hala ere, pentsatzen dut Estatu Batuetako jendeak, bere prozedura administratiboak hain sarri aldatzean, arriskuan jartzen duela gobernu errepublikarraren etorkizuna.
Legeriaren aldakortasun iraunkorrak etengabe oztopatzen duelarik bere proiektuetan, beldur izatekoa da errepublika ez ote den jendearentzat gizartean bizitzeko modu ezeroso bat bilakatuko; orduan, bigarren mailako legeen ezegonkortasunaren ondoriozko gaitzak koloka jarriko luke funtsezko legeen izatea, eta zeharka iraultzara eramango; baina garai hau oraindik oso urruti dago gugandik.
Gaur egun aurrikus daitekeena zera da, errepublikatik irtetean, amerikarrak despotismora pasatuko liratekeela bizkor, monarkian luzaroan gelditu gabe. Montesquieuk esan zuen ez zegoela ezer absolutuagorik errepublikaren ondorengo printzearen agintea baino, magistratu hautatuari beldurrik gabe emandako ahalmen zehazgabeak herentziazko buruzagi baten esku aurkitzen baitira orduan. Hau egia da orokorrean, baina bereziki aplika dakioke errepublika demokratikoari. Estatu Batuetan, magistratuak ez ditu herritarren klase berezi batek aukeratzen, nazioaren gehiengoak baizik; jendetzaren grinen ordezkari bihurtu berehala eta haren borondatearen menpe jartzen dira erabat; ez dute, beraz, ez gorrotorik, ez beldurrik sortarazten. Halaber, ohartarazi dut zein arreta gutxi jarri izan den ekintza-esparrua finkatuz beraien boterea mugatzeko, eta zein parte handia laga den beraien arbitrariotasunera. Gauzen egoera honek ondoren ere iraungo duten azturak sortarazi ditu. Magistratu amerikarrak bere botere mugagabea gorde egingo luke erantzule izateari uztean ere, eta ezinezkoa da esatea orduan tirania non geratuko litzatekeen geldi.
Gure artean bada jenderik Amerikan aristokrazia sortzen ikustea espero duenik, eta aginteaz noiz jabetuko den dagoeneko zehatz-mehatz aurrikusten duena.
Esan dut lehen, eta berriro diot, gizarte amerikarraren egungo mugimendua gero eta demokratikoagoa iruditzen zaidala.
Hala ere, ez dut esan nahi egunen batean amerikarrak ez direnik iritsiko beren artean eskubide politikoen esparrua murriztera, edo eskubide horiek pertsona bakar baten probetxurako konfiskatzera; baina ezin dut sinetsi horren erabilera esklusiboa herritarren klase berezi baten esku inoiz utziko dutenik, edo, beste modu batera esanda, aristokrazia bat sortuko dutenik.
Gorputz aristokratiko bat herritarren kopuru jakin batek osatzen du, jendetzatik oso urruti kokatua egon ez arren, hala ere honen gainetik dagoena iraunkorki; uki daitekeena, baina ez jo; berarekin egunero nahas daitekeena, baina ez bat egin.
Ezin da imajinatu naturaren eta giza bihotzaren ezkutuko instintuen kontrakoagorik ezer horrelako menpekotza baino. Bere esku utziz gero, jendeak nahiagoko du beti erregearen botere arbitrarioa nobleen administrazio erregularra baino.
Aristokraziak, irauteko, desberdintasuna ezarri behar du printzipiotzat, aurrez legeztatu, eta gizartean zabaltzen duen aldi berean familian sartu; gauza hauek guztiak hain higuingarriak zaizkio berezko ekitateari, ezen bortxaz bakarrik lor baitaitezke jendearengandik.
Gizarteak existitzen direnetik, ez dut uste, bere kabuz eta ahaleginez, bere baitan aristokrazia sortu duen herri bakar baten kasua aipa daitekeenik. Erdi Aroko aristokrazia guztiak konkistaren ondorio dira. Garailea aitonen semea zen, garaitua jopua. Orduan indarrak ezartzen zuen desberdintasuna, eta hau, behin ohituretan sartuz gero, bere kabuz mantentzen zen eta legeetara pasatzen naturaltasunez.
Izan dira gizarteak, beren sorrera aurreko gertakarien ondorioz, aristokratiko jaio zirenak nolabait esateko, eta gero mendez mende demokraziarantz eramanak. Hori izan zen erromatarren zoria, eta haien ondoren etorri ziren barbaroena. Baina herri batek, zibilizaziotik eta demokraziatik abiatuz, mailaz maila baldintza-ezberdintasunera hurbildu eta azkenean bere baitan pribilegio urraezinak eta kategoria esklusiboak ezartzea, hori gauza berria litzateke munduan.
Ezerk ez du adierazten Amerika izango denik lehena antzerako ikuskizuna eskaintzen.
Zenbait kontsiderazio Estatu Batuen merkataritza-handitasunari buruz
[aldatu]Amerikarrak itsas herri handi bat izatera deitu ditu naturak.- Beraien kostaldeen luzera.- Portuen sakonera.- Ibaien handitasuna.- Hala ere, angloamerikarren nagusitasun komertziala askoz gutxiago egotzi behar zaie kausa fisikoei, kausa intelektual eta moralei baino.- Iritzi honen arrazoia.- Angloamerikarren etorkizuna, herri merkatari bezala.- Batasunaren porrotak ez luke geldiaraziko bera osatzen duten herrien itsas garapena.- Zergatik.- Angloamerikarrak naturalki deituak Hego Amerikako biztanleen premiak asetzera.- Ingelesak bezala, munduko zati handi baten hornitzaile bilakatuko dira.
Fundy badiatik Mexikoko golkoan dagoen Sabine ibairaino, Estatu Batuetako kostak bederatziehun lekoako luzera du gutxi gora-behera.
Itsasertz hauek etenik gabeko lerro bakar bat osatzen dute; aginpide beraren menpe daude guztiak.
Ez dago munduan herririk amerikarrek baino portu sakon, zabal eta seguruagorik eskain dezakeenik merkataritzarako.
Estatu Batuetako biztanleek nazio zibilizatu handi bat osatzen dute, zoriak basa eremuen erdian kokatu duena, zibilizazioaren gune nagusitik mila eta berrehun lekoara. Beraz, Amerikak Europaren beharra du egunero. Denborarekin, amerikarrak beharrezko zaizkien gauzarik gehienak beren artean ekoitzi edo fabrikatzera iritsiko dira, zalantzarik gabe, baina bi kontinenteak sekula ezingo dira bata besteagandik erabat independente bizi. Berezko lotura gehiegi dago beraien behar, ideia, aztura eta ohituren artean.
Batasunak baditu guri beharrezko bilakatu zaizkigun ekoizpenak eta gure lurrak inola ere eman nahi ez dizkigunak, edo gastu handiz bakarrik eman ditzakeenak. Produktu hauen zati txiki-txikia kontsumitzen dute amerikarrek; saldu egiten digute gainerakoa.
Europa da, hortaz, Amerikaren merkatua, Amerika Europaren merkatua den bezala; eta amerikarrek gure portuetara beren lehengaiak ekartzeko bezain beharrezkoa dute itsas merkataritza gure produktu manufakturatuak beren artera eramateko.
Beraz, Estatu Batuek, edo biziki elikatu behar zuten itsas herrien industria, haiek berek uko eginez gero merkataritzari, Mexikoko espainolek gaur arte egin duten bezala; edo munduko lehen itsas indarretako bat bihurtu behar zuten. Alternatiba hau ezinbestekoa zen.
Angloamerikarrek itsasorako zaletasun bizia erakutsi dute beti. Independentziak, Ingalaterrarekin elkartzen zituzten lokarri komertzialak apurtzean, haien itsas jeinuari bultzada berri eta indartsua eman zion. Ordudanik, Batasuneko itsasuntzien kopurua biztanle-kopurua bezain bizkor hazi da ia. Gaur egun, amerikarrak berak dira Europako produktuen hamarretik bederatzi beren artera eramaten dutenak294. Halaber, amerikarrak dira Mundu Berriko esportazioen hiru laurdenak Europako kontsumitzaileei ekartzen dizkietenak295.
Estatu Batuetako itsasuntziek Havre eta Liverpooleko portuak betetzen dituzte. Untzi ingeles edo frantsesen oso kopuru txikia ikusten da New Yorkeko portuan296.
Honela, merkatari amerikarrak, konkurrentziari beren lurrean aurre egiteaz gain, atzerritarren aurka ere arrakastaz borrokatzen dira hauen lurrean.
Hau erraz esplikatzen da. Munduko untzi guztien artean, Estatu Batuetakoak dira itsasoak preziorik merkeenean zeharkatzen dituztenak. Estatu Batuetako merkataritza-flotak besteen aldean abantaila hori duen bitartean, konkistaturikoa gorde ezezik, egunetik egunera gehitu egingo ditu bere konkistak.
Amerikarrek beste jendeak baino merkeago zergatik nabigatzen duten jakitea nekeza da ulertzea. Hasieran, nagusitasun hori naturak haien irispidean bakarrik jarritako abantaila materialen batzuei egozteko tentazioa sortzen da, baina ez dago horrelakorik.
Merkataluntzi amerikarrak eraikitzea ia gureak eraikitzea bezain garestia da297; ez daude hobeto eraikita, eta, oro har, gutxiago irauten dute.
Marinel amerikarraren soldata Europakoarena baino handiagoa da; eta honen froga da Estatu Batuetako merkataritza-flotan dauden europarren kopuru handia.
Nondik dator, orduan, amerikarrek guk baino merkeago nabigatzea?
Uste dut alferrikakoa litzatekeela nagusitasun honen kausak abantaila materialetan bilatzea; kualitate intelektual eta moral hutsetan bilatu beharko.
Hona hemen nire pentsaera argituko duen konparazio bat:
Iraultzako gerren garaian, frantsesek taktika berri bat sartu zuten arte militarrean, jeneralik zaharrenak asaldatu eta Europako monarkiarik zaharrenak ia suntsitu zituena. Ordura arte gerrarako ezinbestekotzat jotzen zen hainbat gauza baztertzeari ekin zioten lehen aldiz; beren soldaduei ahalegin berriak eskatu zizkieten, nazio zibilizatuek sekula eskatu gabeak beretarrei; dena lasterka egiten zutela, eta lortu beharreko emaitzagatik jendearen bizia dudarik gabe arriskatzen zutela ikusi zen.
Frantsesak ez ziren beren etsaiak bezain ugari eta aberatsak; askoz ere baliabide gutxiago zeukaten; hala ere, garaile izan ziren etengabe, etsaiek ere haiek imitatzeko joera hartu zuten arte.
Amerikarrek antzerako zerbait sartu dute merkataritzan. Frantsesek garaipenagatik egiten zutena, amerikarrek prezio merkeagatik egiten dute.
Nabigatzaile europarra zuhurtziaz baino ez da menturatzen itsasoetan zehar; eguraldia bere komenientziara duenean bakarrik abiatzen da; ezusteko ezbeharren bat gertatzen bazaio, portura itzultzen da; gauez, ohialetako batzuk bildu egiten ditu, eta lehorrera hurbiltzean itsasoa zuritzen sumatzen duenean, abiada mantsotu eta eguzkia kontsultatzen du.
Amerikarrak ez die jaramonik egiten neurri horiei eta erronkaka ibiltzen da arriskuen aurrean. Oraindik ekaitza orroka ari dela itsasoratzen da; gauez nahiz egunez haizetara uzten ditu oihal guztiak; ibilian konpontzen du enbatak nekarazitako untzia, eta, azkenean, ibilaldiaren amaierara hurbiltzean, ziztu bizian jarraitzen du kostarantz, jadanik portua begiztatuko balu bezala.
Amerikarrak sarri naufragatzen du, baina ez dago nabigatzailerik hark bezain bizkor itsasoak zeharkatzen dituenik. Beste batek egiten dituen gauza berberak denbora laburragoan eginez, gastu gutxiagoz egin ditzake.
Ibilaldi luze bat burutzera iritsi baino lehen, Europako nabigatzaileak bere bidean hainbat aldiz lehorreratu behar duela uste izaten du. Denbora zoragarria galtzen du babes-portuaren bila edo handik irteteko zain, eta bertan egoteko eskubidea ordaintzen du egunero.
Nabigatzaile amerikarra Bostonetik irteten da tea erostera Txinara joateko. Kantonera iritsi, han egun batzuk eman eta itzuli egiten da. Lurrari bira osoa eman dio bi urte baino gutxiagoan, eta behin bakarrik ikusi du lehorra. Zortzi edo hamar hilabeteko itsasaldian, kresala edan eta okela gazituaz janaritu da; etengabe borrokatu da itsaso, eritasun eta asperduraren kontra; baina itzuli ondoren, libra tea merkatari ingelesak baino bost zentimo merkeago saltzen du: lortu du helburua.
Ezin neure pentsaera hobeto azaldu, amerikarrek merkataritza egiteko moduan halako heroismo bat jartzen dutela esanda baino.
Europako merkatariari oso zail gertatuko zaio beti Amerikako lehiakideari lasterketa berean jarraitzea. Amerikarrak, gorago azaldu dudan bezala jokatzean, ez dio kalkuluari bakarrik jarraitzen; bere izaerari obeditzen dio, batez ere.
Estatu Batuetako biztanleak zibilizazio aurreratuak sortarazten dituen behar eta desira guztiak sentitzen ditu, eta ez du bere inguruan aurkitzen, Europan bezala, gizarte bat zentzuz antolatua horiek guztiak asetzeko; beraz, sarritan bere kabuz eskuratu behar izaten ditu heziketak eta azturek beharrezko bihurtu dioten hainbat gauza. Amerikan batzuetan petsona berak lantzen du soroa, eraikitzen etxea, fabrikatzen lanabesak, egiten oinetakoak eta bere eskuez ehuntzen estaliko duen oihal zantarra. Hau kaltegarri da industriaren perfekziorako, baina ikaragarri laguntzen du langilearen adimena garatzen. Ezerk ez du lanaren banaketa handiak baino gehiago mekanizatzen pertsona, beraren egintzetatik arimaren aztarna ezabatuz.
Amerika bezalako herrialde batean, non espezialistak hain bakanak diren, ezin zaio ikaskuntza luzerik eskatu lanbide bati ekiten dion bakoitzari. Beraz, amerikarrek erraztasun handia dute egoeraz aldatzeko, eta honetaz baliatzen dira, momentuko premien arabera. Abokatu, laborari, merkatari, ministro ebanjeliko eta mediku izan den jendearekin topo egiten da. Amerikarrari, europarra bezain trebea ez bada ere industria bakoitzean, ia ezer ez zaio erabat ezezagun. Amerikarraren gaitasuna orokorragoa da, adimenaren esparrua zabalagoa. Estatu Batuetako biztanlea sekula ez da geldi geratzen inolako lan-axiomaren aurrean; lanbide-aurriritzi orori ihes egiten dio; ez dago eragiketa-sistema bati beste bati baino atxikiagoa; ez da sentitzen antzinako metodo bati berriago bati baino lotuagoa; ez du inolako azturarik sortu, eta erraz ihes egiten dio atzerriko azturek haren izpirituan zertu lezaketen aginteari, bai baitaki bere herrialdea ez dela beste inoren antzeko, eta bere egoera berria dela munduan.
Mirarien lurraldean bizi da amerikarra, beraren inguruan guztia mugitzen da etengabe, eta mugimendu bakoitzak aurrerapena dirudi. Haren izpirituan, beraz, berriaren ideia estu loturik dago onenaren ideiari. Inon ez du ikusten, naturak gizakiaren ahaleginei agian jarri dien mugarik; haren ikuspegirako, existitzen ez dena oraindik saiatu ez delako da.
Estatu Batuetan nagusi den mugimendu unibertsal hau, zoriak sarri egiten dituen itzulketa hauek, aberastasun publiko eta pribatuen ustegabeko lekualdatze hau, dena elkartzen da arima halako egonezin sutsu batean edukitzeko, ahalegin guztietarako miresgarriro prestatzen eta, nolabait esateko, gizadiaren maila komunetik gorago eusten diolarik. Amerikarrarentzat, bizitza osoa jokaldi bat bezala igarotzen da, iraultza-aldi edo gudu-egun bat bezala.
Kausa hauek berauek, aldi berean eraginez gizabanako guztiengan, energia jarkiezina ezartzen dute nazio-izaeran. Ausaz harturiko edozein amerikarrek gizaki sutsua behar du izan bere desiretan, saiatua, abenturazalea eta, batez ere, berritzailea. Hain zuzen ere, haren egintza guztietan aurkitzen da izpiritu hau; bere lege politikoetan sartzen du, erlijio-doktrinetan, gizarte-ekonomiako teorietan, industria pribatuan; berekin eramaten du edonora, basoen erdira nahiz hirien barnera. Izpiritu hau berau da, itsas merkataritzari aplikatua, amerikarra munduko merkatari guztiak baino bizkorrago eta merkeago ibilarazten duena.
Estatu Batuetako marinelek abantaila intelektual horiek eta beroriek ematen duten nagusitasun praktikoa gordetzen dituzten bitartean, beren herrialdeko ekoizle eta kontsumitzaileen beharrak haiek berek betetzen jarraitzeaz gain, gero eta gehiago joko dute, ingelesek bezala298, beste herrien hornitzaile izatera.
Hau hasia da gure aurrean gertatzen. Dagoeneko nabigatzaile amerikarrak, agente bitartekari gisa, Europako zenbait naziotako merkataritzan sartuta ikusten ditugu299; are etorkizun handiagoa eskaintzen die Amerikak.
Espainolek eta portugesek Hego Amerikan kolonia handiak fundatu zituzten, gero inperio bilakatuak. Gerra zibila eta despotismoa ari dira orain lurralde zabal horiek suntsitzen. Biztanleriaren mugimendua gelditu egin da, eta bertan bizi den pertsona-kopuru txikiak, bere burua babesteaz arduratuta, nekez sumatzen du bere zoria hobetu beharrik.
Baina ezin beti horrela izan. Europa, bere kasa utzia, bere ahaleginei esker iritsi da Erdi Aroko ilunbeak zulatzera; Hego Amerika kristaua da, gu bezala; gure legeak ditu, gure usadioak; bere baitan ditu nazio europarren eta hauen kimuen baitan garatu diren zibilizazio-hazi guztiak; Hego Amerikak gure jarraibidea ere badu: zergatik iraungo du beti barbaro izaten?
Denbora-kontua baino ez da hori. Lehentxeago edo geroxeago, iritsiko da garaia, hegoamerikarrek nazio loretsu eta ilustratuak eratuko dituztena.
Baina Hego Amerikako espainol eta portugesak herri zibilizatuen beharrak sentitzen hasten direnean, artean ezingo dituzte inola ere eurek asebete; zibilizaziora azken jaioak izanik, kide zaharragoek dagoeneko lortua duten nagusitasuna jasan beharko dute. Laborari izango dira luzaroan, manufakturatzaile eta merkatari izan baino lehen, eta atzerritarren bitartekaritza behar izango dute beren produktuak itsasoez harantzago saldu ahal izateko eta, trukean, behar dituzten gauzak eskuratzeko.
Ezin da zalantzan jarri iparramerikarrak egunen batean hegoamerikarren premiak asetzera deituak izango direla. Berauengandik hurbil jarri ditu naturak. Honela erraztasun handiak eman dizkie hegoaldekoen premiak ezagutu eta baloratzeko, herri haiekin harreman iraunkorrak antolatzeko eta pixkana-pixkana haien merkatuaz jabetzeko. Estatu Batuetako merkatariak Europako merkatariaren oso azpitik balego bakarrik galdu ahal izango lituzke abantaila natural hauek, baina benetan gainetik dago hainbat puntutan. Estatu Batuetako amerikarrek dagoeneko eragin moral handia zertzen dute Mundu Berriko herri guztien gain. Beraiengandik irteten da argia. Kontinente berean bizi diren nazio guztiak dagoeneko ohitu dira estatubatuarrak famili amerikar handiko kimurik ilustratuen, ahaltsuen eta aberatsentzat hartzera. Hortaz, Batasunerantz begiratzen dute etengabe, eta, ahal duten neurrian, hura osatzen duten herrietara asimilatzen dira. Egunero Estatu Batuetara jotzen dute doktrina politikoak berenganatu eta legeak hartzeko.
Estatu Batuetako amerikarrak Hego Amerikako herrien aurrean, arbaso ingelesak italiarren, espainolen, portugesen eta Europako beste hainbat herriren aurrean egon ziren bezalaxe daude, azken hauek, zibilizazio eta industrian atzeratuago zeudelarik, haien eskuetatik hartzen baitzituzten kontsumogai gehientsuenak.
Gaur egun Ingalaterra da bere inguruko nazio gehientsuenetako merkataritzaren erdigunea; beste hemisferioan Batasun amerikarra dago eginkizun bera betetzera deitua. Mundu Berrian sortzen edo hazten den herri bakoitza, nolabait ere angloamerikarren probetxurako sortzen eta hazten da.
Batasuna desegitera iritsiko balitz, osatu duten estatuetako merkataritza, zalantzarik gabe, aldi batez atzeratu egingo litzateke bere garapenean; uste baino gutxiago, hala ere. Garbi dago, zernahi gertatuta ere, estatu merkatariek bat eginda jarraituko dutela. Elkar ukitzen dute guztiek; iritzi-, interes- eta ohitura-batasun biribila dute beren artean eta berek bakarrik osa dezakete itsas indar handi bat. Batasuneko hegoaldea iparraldearekiko independente bihurtuko balitz ere, hortik ez litzateke ondorioztatuko bera gabe iraun dezakeenik. Esan dut hegoaldea ez dela merkatari; ezerk ez du oraindik adierazten izatera iritsiko denik. Estatu Batuetako hegoaldeko amerikarrek, beraz, atzerritarrengana jo beharko dute luzaroan beren produktuak esportatzeko eta beren premietarako beharrezko dituztenak hara eramateko. Nolanahi ere, izan ditzaketen bitartekari guztien artetik, iparraldeko auzokoak dira ziur aski gauza horiek merkeen zerbitza diezazkieketenak. Eta, beraz, zerbitzatu egingo dizkiete, prezio merkea baita merkataritzako lege gorena. Ez dago borondate subiranorik, ezta aurriritzi nazionalik ere, prezio merkearen kontra luzaroan borroka egin dezakeenik. Ezin da ikusi gorroto pozoituagorik Estatu Batuetako amerikarren eta ingelesen artean dagoena baino. Etsaitasunezko sentimendu hauek gora-behera, ingelesek hornitzen dituzte amerikarrak gauza manufakturatu gehienez, beste herriek baino merkeago ordainarazten dietelako bakar-bakarrik. Honela, amerikarren nahia gora-behera, Amerikako oparotasun hazkorra Ingalaterrako manufaktura-industriaren probetxurako gertatzen da.
Arrazoiak adierazten eta esperientziak frogatzen du ez dagoela handitasun komertzial iraunkorrik, ezin bada, behar izanez gero, indar militarrarekin elkartu.
Egia hau beste edonon bezain ongi ulertzen da Estatu Batuetan. Dagoeneko amerikarrak beren pabilioia errespetarazteko egoeran daude; laster beldurra sortarazi ahal izango dute.
Komentziturik nago Batasunaren zatiketak, amerikarren itsas indarrak urritu ordez, biziki gehitzea eragingo lukeela. Gaur egun, estatu merkatariak loturik daude ez direnei, eta azken hauek sarritan oso gogo gutxi izaten dute zeharka baizik probetxurik ekartzen ez dien itsas indar bat hazten laguntzeko.
Aitzitik, Batasuneko estatu komertzial guztiek herri bakar eta bat bera osatuko balute, merkataritza lehen mailako interes nazional bilakatuko litzateke beraientzat; beren untziak babestearren sakrifizio handiak egiteko prest egongo lirateke, eta ezerk ez lieke eragotziko puntu honetan beren nahiak betetzea.
Pentsatzen dut nazioek, pertsonek bezalaxe, lehen momentutik adierazten dituztela ia beti beren destinoaren ezaugarri nagusiak. Ikusten dudanean angloamerikarrek zer-nolako izpirituz zertzen duten merkataritza, honetarako aurkitzen duten erraztasuna, eta lortzen duten arrakasta, derrigorrez sinetsi behar dut egunen batean beraiek bilakatuko direla munduko lehen itsas indar. Itsasoez jabetzera bultzaturik daude, erromatarrak mundua konkistatzera bezala.