Konklusioa
Ari naiz amaierara hurbiltzen. Orain arte, Estatu Batuen etorkizunaz mintzatzean, neure gaia hainbat zatitan banatzen saiatu naiz, bakoitza arreta handiagoz aztertu ahal izateko.
Orain ikuspegi bakar batean bildu nahi nituzke guztiak. Esango dudana zehaztasun gutxiagokoa izango da, baina ziurragoa. Ez dut hain garbi bereiztuko gauza bakoitza; ziurtasun handiagoz hartuko ditut egitate orokorrak. Hiri zabal baten harresietatik irtetean, inguruko muinora igotzen den bidaiaria bezala izango naiz. Hiritik urrutiratu ahala, han utzi dituenak galdu egiten ditu bistatik; haien egoitzak nahastu egiten dira; ez ditu jada herri-plazak ikusten; nekez bereizten du kaleen trazaketa; baina haren begiradak errazago jarraitzen ditu hiriaren inguru-mugak, eta, lehen aldiz, forma atzematen du. Era berean, arraza ingelesak Mundu Berrian izan lezakeen etorkizun osoa neure aurrean aurkitzen dudala iruditzen zait. Koadro zabal honen xehetasunak itzalean gelditu dira, baina nire begiradak orotasuna hartzen du, eta guztiaren ideia garbia sumatzen dut.
Gaur egun Amerikako Estatu Batuek okupatzen edo jabetzan daukaten lurraldea lur populatuen hogeiko bat izango da gutxi gora-behera.
Muga horiek oso zabalak izan arren, okerra litzateke pentsatzea arraza angloamerikarra beti hor itxita egongo dela; askoz harantzago doa dagoeneko.
Garai batean guk ere nazio frantses handi bat sortzeko aukera izan genuen Amerikako basa eremuetan, ingelesekin batera orekatuz Mundu Berriko destinoak. Antzina, ia Europa osoa bezain lurralde zabala izan zuen Frantziak Ipar Amerikan. Kontinenteko hiru ibairik handienak oso-osorik gure legepeko lurraldeetan zeuden orduan. San Lorenzoren bukaeratik Mississippiren deltaraino bizi diren indioen nazioek gure hizkuntza bakarrik entzuten zuten; lurralde itzel hartan barreiaturiko establezimendu europar guztiak aberriaren oroitzapena gogorarazten zuten: Louisbourg, Montmorency, Duquesne, Saint-Louis, Vincennes, Nouvelle-Orleans, guztiak ere izen kuttunak Frantziarentzat eta gure belarriek entzunak.
Baina hemen zerrendatzeak300 luze joko lukeen hainbat zirkunstantziak, bat eginda, ondare zoragarri hartaz gabetu gaitu. Frantsesak urri eta gaizki ezarririk zeuden alde guztietan desagertu egin dira. Gainerakoak leku txiki batean pilatu dira eta beste lege batzuen menpera igaro. Kanada Behereko laurehun mila frantsesak, nazio berri baten uhin artean galduriko herri zaharraren hondakinak bezala dira gaur egun. Berauen inguruan etengabe ari da gehitzen biztanleria arrotza; alde guztietara zabaltzen da hau; lurraren antzinako jabeen artean ere sartzen da, nagusi da haien hirietan eta hizkuntza desnaturalizatzen die. Populazio hau Estatu Batuetakoaren berdin-berdina da. Arrazoi dut esatean arraza ingelesa ez dela Batasunaren mugetan gelditzen, baizik eta askoz harantzago doala ipar-ekialderantz.
Ipar-mendebaldean, garrantzirik gabeko establezimendu errusiarren batzuk bakarrik daude; baina hego-mendebaldean, Mexiko hesi bat bezala dago angloamerikarren aurrean.
Honela, bada, eta egia esateko, bi arraza lehiakide bakarrik daude, Mundu Berria elkarrekin banatzen dutenak: espainolak eta ingelesak.
Bi arraza hauen banatzaile izango diren mugak tratatu bidez finkatu dira. Baina tratatu hau angloamerikarrentzat oso mesedegarria izan arren, ziur nago laster hautsiko dutela.
Batasunaren mugez harantzago, Mexiko aldetik, oraindik biztanlerik gabeko probintzia zabalak daude. Estatu Batuetako jendea bakarleku horietan sartuko da, horiek okupatzeko eskubidea dutenak baino ere lehenago. Lurraz jabetuko dira, gizartea eraikiko dute eta, azkenean, legezko jabea agertzen denean, eremua emankorturik eta atzerritarrak lasai asko beraren ondarean ezarrita aurkituko ditu.
Mundu Berriko lurra lehen okupatzailearena da, eta han agintzea da lasterketaren saria.
Jadanik jendeztaturik dauden herrialdeak ere nekez libratuko dira inbasiotik.
Aurrez hitz egin dut Texaseko probintzian gertatzen denaz. Egunez egun, Estatu Batuetako jendea sartzen da pixkana-pixkana Texasen, lurrak erosten ditu eta, hango legeetara makurtu arren, beren hizkuntza eta ohituren agintea ezartzen du. Texaseko probintzia oraindik Mexikoren agintepean dago, baina laster han ez da mexikarrik izango. Angloamerikarrak beste jatorri bateko herriekin kontaktuan jartzen diren leku guztietan gertatzen da antzerako zerbait.
Ezin da disimulatu arraza ingelesak ikaragarrizko nagusitasuna lortu duela Mundu Berriko beste arraza europar guztien gain. Hauek baino askoz gehiago da zibilizazio, industria eta botereari dagokionez. Bere aurrean herrialde hutsak edo gutxi jendeztatuak dituen bitartean, bere bidean populazio bilduekin topo egin eta aurrera egitea ezinezko gertatu arte, hedatzen jarraituko du etengabe. Ez da geldituko hitzarmenetan marrazturiko lerroetan, baizik eta alde guztietatik gaindituko ditu irudizko dike horiek.
Arraza ingelesak Mundu Berrian duen garapen bizkor hori ikaragarri errazten duen beste gauza bat bertan duen kokaleku geografikoa da.
Iparraldean dituen mugetatik iparralderago jotzen denean, poloetako izotzekin topo egiten da, eta hegoaldeko mugetatik behera gradu batzuk jaistean, ekuadoreko suetan sartzen da. Amerikako ingelesak, beraz, kontinenteko zonarik epelenean eta zatirik bizigarrienean daude kokatuta.
Estatu Batuetan biztanleriaren hazkundean ohartzen den mugimendu harrigarri hori independentziaz geroztikoa dela pentsatzen da. Ez da egia. Sistema kolonialean gaur egun bezain bizkor hazten zen biztanleria; orain bezalaxe, bikoiztu egiten zen hogeita bi urteka gutxi gora-behera. Baina orduan milaka biztanleekin gertatzen zen hori; orain, berriz, milioika biztanleekin. Duela mende bat oharkabean pasatzen zen egitate berak izpiritu guztiak harritzen ditu orain.
Kanadako ingelesak, errege bati obeditzen diotelarik, gehitzen ari dira kopuruz eta Estatu Batuetako ingelesak bezain bizkor zabaltzen dira ia, hauek gobernu errepublikarraren pean bizi direlarik.
Independentzi gerrak iraun zuen zortzi urteetan, biztanleriak hazten jarraitu zuen lehen aipaturiko proportzioan.
Orduan, mendebaldeko mugetan, ingelesekin lotuta indioen nazio handiak zeuden arren, mendebalderantzako migrazio-mugimendua sekula ez zen moteldu, nolabait esateko. Arerioak Atlantiar kostak errausten zituen bitartean, Kentucky, Pennsylvaniako mendebaldeko barrutiak, Vermonteko estatua eta Mainekoa jendez bete ziren. Gerraren ondorengo desordenak ez zion biztanleriari haztea eragotzi, ezta basa eremuan aurrera zeraman bidea geldiarazi ere. Honela, lege-ezberdintasunak, bake- edo gerra-egoerak, ordena edo anarkiak, eragin ia igartezina izan dute angloamerikarren garapen etengabean.
Erraz ulertzen da hau. Ez dago kausa nahiko orokorrik, hain lurralde zabaleko puntu guztietan aldi berean sentiarazteko modukorik. Honela, beti dago lurralde-zati handi bat, non ziur aurki daitekeen beste zatia harrapatzen duten ezbeharren kontrako babesa, eta, gaitzak oso handiak izan arren, eskainitako erremedioa are handiagoa izaten da beti.
Ez da pentsatu behar, beraz, arraza ingelesaren hedapena geldiaraz daitekeenik Mundu Berrian. Batasunaren zatiketak -gerra kontinentera eramanez- eta errepublikaren abolizioak -bertan tirania sartuz- atzeratu egin dezakete garapena, baina ez bere destinoaren beharrezko osagarria lortzea eragotzi. Ez dago munduan botererik, alde guztietatik industriara irekiak dauden eta ezbehar guztietarako babeslekua eskaintzen duten eremu emankor horietarantz migrariek daramaten bidea itxiko duenik. Etorkizuneko gertakariek, nolanahikoak izanik ere, ez diete amerikarrei kenduko ez beren klima, ez barne-itsasoak, ez ibai handiak, ezta lurzoruaren emankortasuna ere. Lege txarrek, iraultzek eta anarkiak ezingo dute haien artean suntsitu ongizatearen gustua eta haien arrazaren ezaugarri dirudien enpresa-izpiritua, ezta erabat itzali ere haien jakintzargiak.
Honela, etorkizunari buruzko ziurtasunik ezaren erdian, bada ziurra den gertakari bat gutxienez. Hurbiltzat jo dezakegun garai batean, herrien bizitzaz ari baikara hemen, angloamerikarrek bakarrik beteko dute poloetako izotzen eta tropikoen arteko espazio zabala; Atlantiar ozeanoko hondarretatik Hego itsasoko ertzetaraino hedatuko dira.
Pentsatzen dut, arraza angloamerikarrak egunen batean estaliko duen lurraldea Europaren hiru laurdenak bezainbatekoa izango dela301. Batasuneko klima, oro har, Europakoa baino hobea da; haren abantaila naturalak ere ez dira txikiagoak; garbi dago hango biztanleria ere egunen batean gurearen proportziozkoa izango dela.
Europa, hainbat herri ezberdinetan banatua; Europa, Erdi Aroan etengabe sortzen ziren gerretan eta barbarotasunean zehar, lekoa karratuko laurehun eta hamar biztanle302 izatera iritsi da. Zein kausa izan liteke hain ahaltsu Estatu Batuei beste horrenbeste izatea eragozteko?
Oraindik mende asko igaroko da Amerikako arraza ingelesaren kimu ezberdinek fisionomia komun bat izateari uzterako. Ezin da aurrikusi zein garaitan ezarriko duen gizakiak baldintza-ezberdintasun iraunkorra Mundu Berrian.
Bakeak edo gerrak, askatasunak edo tiraniak, oparotasunak edo lazeriak familia angloamerikar handiaren kimuen destinoan egunen baten sartuko dituzten ezberdintasunak edozelakoak izanik ere, guztiek izango dute hala ere gizarte-egoera antzekoa eta komunak izango dituzte egoera honetatik datozen usadioak eta ideiak.
Erdi Aroan erlijioaren lokarri bakarra aski izan zen, Europa jendeztatu zuten arraza ezberdinak zibilizazio berean elkartzeko. Mundu Berriko ingelesek beste lotura asko dute beren artean, eta gizakien artean gauza guztiek berdintzera jotzen duten mendean bizi dira.
Erdi Aroa zatiketa-garaia zen. Orduan herri, probintzia, hiri, familia bakoitzak joera bizia zuen indibidualizatzeko. Gaur egun, kontrako mugimendua sumatzen da, eta herriak batasunerantz doazela dirudi. Lokarri intelektualek elkartzen dituzte beren artean munduko alderik urrunduenak, eta jendeak ezin iraun dezake egun bakar bat ere elkarrekiko arrotz, edo unibertsoko edozein bazterretan gertatzen denaren berri izan gabe. Horregatik, gaur egun ezberdintasun gutxiago sumatzen da europarren eta Mundu Berrian dituzten ondorengoen artean -nahiz eta Ozeanoak banatzen dituen-, xiii. mendean ibai batek bakarrik banatzen zituen zenbait hiriren artean baino.
Asimilazio-mugimendu honek atzerriak hurbilarazten baditu, arrazoi gehiagoz kontra egiten dio herri bereko kimuak beren artean arrotz bilakatzeari.
Iritsiko da, beraz, garai bat, zeinetan ikusi ahal izango diren Ipar Amerikan ehun eta berrogeita hamar milioi pertsona303 beren artean berdinak, guztiak familia berekoak, eta guztiek abiapuntu bera, zibilizazio bera, hizkuntza bera, erlijio bera, aztura berak eta ohitura berak izango dituztenez, hauen bidez pentsamendua forma berberaz ibili eta kolore berberez pintatuko da. Gainerako guztia dudazkoa da, baina hau gauza ziurra. Edonola ere, hona hemen munduan zeharo berria den egitate bat; beronen irispidea irudimenak berak ere ez du atzematen.
Badira gaur egun munduan bi herri handi, puntu ezberdinetatik abiatuz helmuga bererantz doazela diruditenak: errusiarrak eta angloamerikarrak.
Ilunbetan haziak dira biak; eta gizakien begiak beste norabait begira zeuden bitartean, bat-batean nazioen lehen mailan jarri dira, eta ia aldi berean izan du munduak horien jaiotzaren eta handitasunaren berri.
Badirudi beste herri guztiek gutxi gora-behera lortuak dituztela naturak ezarritako mugak, eta kontserbatzea baino ez dutela egiten; baina beste bi horiek hazten ari dira304. Gainerako guztiak gelditu egin dira edota neke handiz egiten dute aurrera; bi horiek bakarrik egiten dute aurrera, abiada erraz eta bizkorrean, oraindik ezin delarik ikusi lasterketa horren helmuga.
Naturak jartzen dizkion oztopoen kontra borrokatzen da amerikarra; errusiarra gizakiekin ari da lehian. Bata basa eremu eta barbarotasunaren kontra ari da borrokan; bestea, bere arma guztiez hornituriko zibilizazioaren kontra. Honela, amerikarraren konkistak laborariaren goldaz egiten dira, errusiarrarenak soldaduaren ezpataz.
Bere helburua lortzeko, lehena interes pertsonalean oinarritzen da, eta jarduten uzten die, gidatu gabe, gizabanakoen indarrari eta arrazoiari.
Bigarrenak pertsona batengan biltzen du, nolabait ere, gizartearen botere guztia.
Batak ekintza-bide nagusitzat askatasuna du; besteak, esklabutza.
Abiapuntua diferentea dute, eta bideak ezberdinak; hala ere, bakoitzak, Probidentziaren asmo ezkutu batez, munduaren erdiaren destinoak bere esku izatera deitua ematen du.
Oharrak
[aldatu]A) 1704ko apirilean agertu zen lehen egunkari amerikarra. Bostonen argitaratu zen. Ikus Collection de la Société historique de Massachusetts, VI. bol., 66. or.
Okerra litzateke pentsatzea aldizkako prentsa beti erabat askea izan dela Amerikan; izan zen tentaziorik aurretiko zentsuraren eta fidantzaren antzeko zerbait ezartzeko.
Hona hemen Massachusettseko legegintza-dokumentuetan aurkitzen dena, 1722ko urtarrilaren 14an.
New England Courant izeneko egunkariaren arazoa aztertzeko Batzar Nagusiak (probintziako gorputz legegileak) izendaturiko batzordeak "pentsatzen du aipatu egunkariaren joera erlijioa barregarri uztea eta mesprezugai bihurtzea dela; bertan autore santuak era profano eta begirune gutxiz erabiltzen direla; Ebanjelioaren ministroen portaera maltzurkeriaz interpretatzen dela; Erreginaren gobernua iraindu egiten dela, eta probintzia honetako bakea eta lasaitasuna nahastu egiten dituela aipatu egunkariak; ondorioz, batzordearen iritzian, James Franklin inprimatzaile eta editoreari aurrerantzean galarazi egin beharko litzaioke aipatu egunkaria edo beste edozein idazki inprimatu eta argitaratzea, aurrez probintziako idazkariari aurkeztu gabe. Suffolk kantonamenduko bake-epaileak arduratuko dira aipaturiko Franklin horri fidantza bat jartzeaz, aurten beraren portaera ona bermatuko duen fidantza".
Batzordearen proposamena onartu egin zen eta lege bihurtu, baina ez zuen inolako ondoriorik izan. Egunkariak ihes egin zion debekuari zutabeen barrenean James Franklin ordez Benjamin Franklin izena jarrita, eta azkenean iritzi publikoak justizia egin zion neurri horri.
B) Konderrietako hautesle (lurralde-jabegoaren ordezkari) izateko, 1832an onetsi zen erreforma-bill-a baino lehen, beharrezkoa zen jabetza osoan edo hil arteko errentan 40 txelineko irabazi garbia emango zuen lursail bat izatea. Lege hau Henry VI.aren garaian egin zen, 1450. urte aldera. Kalkulatu da Henry VI.aren garaiko 40 txelinek gaur egungo 30 libra esterlinaren balioa izan zezaketela. Hala ere, 1832ra arte utzi zaio irauten xv. mendean onarturiko oinarri hari, honek Konstituzio ingelesaren bilakaera demokratikoa frogatzen duelarik, mugigaitz zegoela eman arren. Ikus Delolme, I. lib., IV. kap.; ikus halaber Blackstone, I. lib., IV. kap.
Epaimahai ingelesak konderriko sheriffak aukeratzen ditu (Delolme, I. tomoa, XII kap.). Sheriffa, oro har, konderriko gizon garrantzitsu bat izaten da; funtzio judizial eta administratiboak betetzen ditu; erregearen ordezkari da, eta honek izendatzen du urtero (Blackstone, I. lib., IX kap.). Bere posizioak, alderdien ustelkeri susmoen gainetik jartzen du; bestalde, beraren inpartzialtasuna dudan jartzen bada, osorik ezetsi daiteke berak izendaturiko epaimahaia, orduan beste ofizial bati ematen zaiolarik epaimahaiko berriak aukeratzeko ardura. Ikus Blackstone, III. lib., XXIII. kap.
Epaimahaiko izateko eskubidea edukitzeko, gutxienez 10 txelineko irabaziak emango dituen lursail baten jabe izan behar da (Blackstone, III. lib., XXIII. kap.). Ohartuko da baldintza hau Gilermo eta Mariaren erregetzapean ezarri zela, 1700. urte inguruan alegia, garai hartan diruaren prezioa gaur egun baino askoz ere handiagoa zelarik. Ikusten denez, ingelesek beren epaimahai-sistema ez zuten gaitasunean oinarritu, lur-jabetzan baizik, gainerako erakunde politiko guztiak bezalaxe.
Azkenerako errentariak ere onartu egin zituzten epaimahaian, baina errentamenduak oso luzeak izatea eskatu zitzaien eta 20 txelineko irabazi garbia lortzea, errentaz gain (Blackstone, idem).
C) Estatuek beren auzitegi partikularretan sartua zuten bezalaxe sartu du Konstituzio federalak epaimahaia Batasunekoetan; gainera, ez du arau propiorik ezarri epaimahaiak aukeratzeko. Estatu bakoitzak bere erabilerarako egiten duen epaimahai-zerrenda arruntera jotzen dute auzitegi federalek. Hortaz, Amerikan epaimahaien osaerari buruzko teoria ezagutzeko estatuetako legeak dira aztertu behar direnak. Ikus Story’s Commentaries on the Constitution, III. lib., XXXVIII. kap., 654-659 orr. Sergeant´s constitutional Law, 165. or. Ikus, halaber, 1789, 1800 eta 1802ko lege federalak gaiari buruz.
Epaimahaiaren osaerari dagokionean amerikarrek dituzten printzipioak ongi ezagutzeko, elkarrengandik urruti zeuden estatuetako legeetan arakatu dut. Hona hemen azterketa horretatik atera daitezkeen ideia orokorrak.
Amerikan hautesle diren hiritar guztiek dute epaimahaiko izateko eskubidea. New Yorkeko estatu handiak, ordea, ezberdintasun txiki bat ezarri du bi gaitasun horien artean; baina gure legeen kontrako zentzuan, hau da, New Yorkeko estatuan epaimahaiko gutxiago dago hautesle baino. Oro har, esan daiteke Estatu Batuetan epaimahai baten partaide izateko eskubidea, diputatuak aukeratzeko eskubidea bezalaxe, mundu guztiagana hedatzen dela; baina eskubide honen erabilera ez da, bereizketarik gabe, esku guztietan jartzen.
Urtero udalerri edo kantonamenduetako magistratu-gorputz batek -Ingalaterra Berrian selectmen deituak, New Yorkeko estatuan supervisors, Ohiokoan trustees, Louisianan parrokiako sheriffs- epaimahaiko izateko eskubidea duten (eta izateko gaitasuna ere suposatzen zaien) hiritarren kopuru bat aukeratzen du kantonamendu bakoitzerako. Magistratu hauek, berauek ere hautapenezkoak izanik, ez dute mesfidantzarik sortzen; horien ahalmenak oso zabalak eta arbitrarioak dira, magistratu errepublikarrenak bezalakoak oro har, eta, esaten dutenez, sarritan baliatzen dira ahalmen horietaz, Ingalaterra Berrian batez ere, duin edo gai ez diren epaimahaiak deskalifikatzeko.
Honela aukeraturiko epaimahaikoen izenak konderriko auzitegira helarazten dira, eta izen hauen guztien artetik zozketaz aukeratzen da arazo bakoitzean erabaki behar duen epaimahaia.
Gainerantzean, amerikarrek ahal den guztia egin dute epaimahaia herriaren irispidean jartzeko, eta zeregin hori ahalik eta arinena izan dadin. Epaimahaikoak oso ugariak direlarik, bakoitzaren txanda hiru urtean behin bakarrik egokitzen da. Bilkurak konderri bakoitzeko hiriburuan egiten dira; konderria gutxi gora-behera bat dator gure barrutiarekin. Honela, auzitegia epaimahaira hurbiltzen da, epaimahaia bere ondora erakarri ordez, Frantzian bezala; azkenik, epaimahaikoak indemnizatu egiten dituzte, edo estatuak edo alderdiek. Normalean dolar bat (5,42 libera) hartzen dute eguneko, bidai gastuez gain. Amerikan, epaimahaiko izatea oraindik ere zamatzat hartzen da; baina zama eraman erraza, eta jendeak nekerik gabe onartzen duena.
Ikus Brevard’s Digest of the public statute Law of South Carolina, 2. bol., 338. or.; id., I. bol., 454 eta 446. orr.; id., II. bol., 218. or.
Ikus The general Laws of Massachusetts revised and published by authority of the legislature, II. bol., 331, 187. orr.
Ikus The revised Statutes of the State of New York, II. bol., 720, 411, 717, 643. orr.
Ikus The statute Law of the State of Tennessee, I. bol., 209. or.
Ikus Acts of the State of Ohio, 95 eta 210. orr.
Ikus Digeste général des actes de la législature de la Louisiane, II. bol., 55. or.
D) Epaimahai zibilaren eraketa ingelesen artean hurbiletik aztertzen denean, erraz ohartzen da epaimahaikoek sekula ez diotela ihes egiten epailearen kontrolari.
Egia da epaimahaiaren berediktuak, auzi zibil nahiz kriminaletan, orokorrean, egitatea eta zuzenbidea hartzen dituela enuntziazio xume batean. Adibidez: Berak erosi duela-eta Pedrok etxe bat erreklamatzen du; hona hemen egitatea. Kontrarioak saltzailearen gaitasun-eza kontrajartzen dio; hona hemen zuzenbidea. Etxea Pedroren esku uzteko esatera mugatzen da epaimahaia; egitatearen eta zuzenbidearen artean erabakitzen du honela. Epaimahaia arlo zibilean sarraraztean, ingelesek ez diote epaimahaiaren iritziari eman arazo kriminaletan, berediktua aldeko denean, ematen dioten infalibilitatea.
Berediktuak legearen aplikazio faltsua egin duela pentsatzen badu epaileak, errefusatu egin dezake hartzea eta berriro deliberatzera bidali epaimahaikoak.
Berediktua inolako eragozpenik gabe onartzen badu epaileak, hala ere prozesua ez dago erabat burutua: hainbat bide dago epaiaren kontra helegiteko. Nagusiena, berediktua anulatu eta epaimahai berri bat izendatzeko eskatzea justiziari. Egia da oso gutxitan onartzen dela honelako demanda bat, eta sekula ez bi aldiz baino gehiago; hala ere, nik neuk ikusi dut horrelako kasurik. Ikus Blackstone, III. lib., XXIV. kap.; id., III. lib., XXV. kap.