Lehen Zatia
I.Amerikarren metodo filosofikoaz
[aldatu]Uste dut mundu zibilizatuan ez dagoela herrialderik Estatu Batuak baino gutxiago arduratzen denik filosofiaz.
Amerikarrek ez dute beren filosofi eskola berezirik, eta oso gutxi kezkatzen dira Europa banatzen duten eskola guztiez; apenas dakiten hauen izenik ere.
Erraza da ikustea, ordea, Estatu Batuetako biztanle gehientsuenek era berean zuzentzen dutela bere izpiritua, eta erregela berberen arabera gidatzen; alegia, haiek badute guztientzat komuna den nolabaiteko metodo filosofikoa, nahiz eta sekula ez duten horren erregelak zehazteko lanik hartu.
Hona hemen nik amerikarren metodo filosofikoa deituko nukeenaren ezaugarri nagusiak: sistema-izpiriturik, azturen uztarririk, famili maximetatik, klase-iritzietatik eta, puntu bateraino, nazio-aurreiritzietatik ihes egitea; tradizioa informazio-bidetzat bakarrik hartzea, eta egungo egitateak beste era batera eta hobeto jokatzeko ikasbide onuragarritzat hartzea; nork bere kabuz eta beregan bakarrik bilatzea gauzen arrazoia, bitartekoaren menpe gelditu gabe emaitzarantz jotzea eta formaren bitartez hondora jotzea.
Oraindik urrutirago joan eta ezaugarri ezberdin horien artean nagusiena eta ia beste guztiak labur ditzakeena bilatzen badut, izpirituaren eragiketa gehientsuenetan amerikar bakoitza bere arrazoimenaren ahalegin indibidualaz bakarrik baliatzen dela topatzen dut.
Amerika da, beraz, Descartesen printzipioak gutxien aztertu eta ongien jarraitzen dituzten munduko herrialdeetako bat. Honek ez gaitu harritu behar.
Amerikarrek ez dituzte irakurtzen Descartesen obrak, beren gizarte-egoerak aldendu egiten dituelako espekulaziozko azterlanetatik; baina hemen maximak jarraitzen dituzten, gizarte-egoera horrek berez eramaten dituelako maxima horiek onartzera.
Gizarte demokratikoaren baitan nagusi den etengabeko mugimenduaren erdian, belaunaldiak elkarren artean batzen dituen lokarria lasaitu edo eten egiten da; bakoitzak erraz galtzen du arbasoen ideien arrastoa, edo apenas kezkatzen den horietaz.
Horrelako gizarte batean bizi direnek ezin dituzte sineskizunak beren klasekoen iritzietatik atera, zeren eta, nolabait esateko, ez baita jada klaserik existitzen, eta oraindik badirenak ere hain elementu mugikorrez osaturik daudenez, gorputz orokorrak ezin du benetako botererik zertu bere atalen gain.
Gizaki baten adimenak beste batenaren gain izan lezakeen eragina, halabeharrez oso murritza da herrialde batean, non hiritarrek, gutxi gora-behera antzeko bilakatuak, oso hurbiletik ikusten duten elkar, eta non, handitasun eta nagusitasun ukaezinaren aztarnarik beren arteko inorengan sumatzen ez dutenez, etengabe beren arrazoimen propiorantz eramanak diren, egiaren sorbururik nabarien eta hurbilekoena bailitzan. Ez da, orduan, gizaki jakin batenganako konfiantza bakarrik suntsitzen, baita edozeini bere hitzagatik sinesteko zaletasuna ere.
Bakoitza bere baitan ixten da estu-estu eta handik epaitu nahi izaten du mundua.
Judizio-erregela beren baitan bakarrik bilatzeko amerikarrek duten usadio horrek beste aztura batzuetara eramaten du haien izpiritua.
Bizitza praktikoan azaltzen zaizkien zailtasun txiki guztiak laguntzarik gabe konpontzea lortzen dutela ikustean, hortik erraz ondorioztatzen dute munduan dena dela esplikagarri eta ezerk ez dituela gainditzen adimenaren mugak.
Honela, gogotik uko egiten diote ulertu ezin dutenari. Honek fede gutxi ematen die ohikoa ez denarekiko eta ia gaindiezina den nazka naturaz gaindikoarekiko.
Beren lekukotasun propiora jotzeko ohitura dutenez, aztergaia oso garbi ikustea gustatzen zaie; ahal duten guztia kentzen diote gainazala, gai horretatik banatzen dituen guztia baztertzen dute eta bistatik ezkutatzen dien guztia kentzen, hurbilagotik eta argi-argitan ikusi ahal izateko. Izpirituaren jarrera horrek berehala eramaten ditu formak gutxiestera, beren eta egiaren artean jarritako alferrikako estalki ezerosoak iruditzen baitzaizkie.
Amerikarrek ez dute, beraz, beren metodo filosofikoa liburuetatik atera beharrik izan; beren baitan aurkitu dute. Beste horrenbeste esango nuke Europan gertatu denaz.
Metodo hau berau Europan ezarri eta bulgarizatu bada, baldintzak berdinago eta jendea antzekoago bihurtu diren neurrian bakarrik izan da.
Azter dezagun une batez zikloen katea:
XVI. mendean, erreformatzaileek arrazoi indibidualaren menpe jarri zituzten antzinako fedearen dogmetako batzuk; baina ez zioten utzi beste guztien eztabaidan sartzen. XVII.ean Baconek, natur zientzietan, eta Descartesek, filosofian, abolitu egin zituzten hartutako formulak, tradizioen agintea suntsitu eta maisuaren autoritatea irauli zuten.
XVIII. mendeko filosofoak, azkenean printzipio bera orokortzean, beren sineskizun guztien gaia gizaki bakoitzaren azterketa indibidualaren menpe jartzen hasi ziren.
Nork ez du ikusten Luther, Descartes, eta Voltaire metodo berberaz baliatu zirela, eta haien arteko alde bakarra metodoa gehiago edo gutxiago erabiltzeko asmoan zegoela?
Erreformatzaileak zergatik itxi ote ziren hain estu erlijiozko ideien esparruan? Descartesek –bere metodoaz gai jakin batzuetan bakarrik baliatu nahi izanik, nahiz eta guztiei aplikatzeko egoeran prestua eduki-, zergatik aitortu ote zuen nork bere kabuz filosofi gauzetan bakarrik epaitu behar zuela eta ez politikakoetan? Nola gertatu zen XVIII. mendean metodo berorretatik bat-batean aplikazio orokorrak ateratzea, Descartesek eta haren aurrekoek ohartu ez edota aurkitu nahi izan ez zituenak? Azkenik, hizpide dugun metodoa, zergatik irten ote zen garai hartan bat-batean eskoletatik, gizartean sartu eta adimenaren arau komun bihurtzeko? Eta zergatik, frantsesen artean oso herrikoi izan ondoren, Europako herri guztiek ageri-agerian onartu edo ezkutuan jarraitu ote zioten?
Metodo filosofiko hori XVI. mendean sortu zen, eta XVII.ean zehaztu eta orokortu; baina ezin izan eskuarki onartua izan bi mende haietan. Lehen kausa hauetatik sorturiko lege politikoak, gizarte-egoeran, izpiritu-azturak horren kontra zeuden.
Gizakiak berdintzen eta elkarren artean antzekotzen hasita zeuden garaian aurkitu zen. Baina orokorki jarraitua, baldintzak gutxi gorabehera antzeko bilakatu eta jendea ere ia berdintsua zen mendeetan bakarrik izan zitekeen jarraitua.
XVIII. mendeko metodo filosofikoa ez da, beraz, frantsesa bakarrik, baita demokratikoa ere, eta honek esplikatzen du zergatik izan den hain erraz onartua Europa osoan, beronen itxura aldatzen hain eragin handia izan duelarik. Frantsesek mundua irauli badute ez da beren antzinako sineskizunak aldatu eta antzinako ohiturak mudatu dituztelako, baizik eta lehenengoak izan zirelako metodo filosofiko bat orokortzen eta argitara ematen, metodo horren laguntzaz erraz eraso zekiekeelarik antzinako gauza guztiei eta bidea ireki berri guztiei.
Orain galdetzen badidate gaur egun zergatik den metodo hori berori zorrotzago jarraitua eta sarriago aplikatua frantsesen artean amerikarren artean baino, nahiz eta hauen artean ere berdintasuna erabatekoa eta zaharragoa izan, hori neurri batean bi zirkunstantziaren ondorio dela erantzungo dut, ongi ulertarazi behar direnak.
Erlijioak sortarazi ditu gizarte angloamerikarrak; hau ez da inoiz ahaztu behar. Estatu Batuetan erlijioa nahastu egiten da, beraz, aberriak sortarazten dituen aztura nazional eta sentimendu guztiekin. Indar berezia ematen dio honek.
Arrazoi indartsu honi beste hau ere erantsi behar zaio, ahulagoa ez dena; Amerikan, nolabait esateko, erlijioak bere buruari jarri dizkio mugak; bertan ordena erlijiosoa eta ordena politikoa erabat ezberdinak dira, eta honela erraz aldatu ahal izan dira antzinako legeak, antzinako sineskizunak astindu gabe.
Kristautasunak, beraz, aginte handia gorde du amerikarren izpirituan eta –nik hau azpimarratu nahi dut bereziki- ez du bakarrik aztertu ostean onartzen den filosofiak bezala agintzen, baizik eta eztabaidatu gabe sinesten den erlijioak bezala.
Estatu Batuetan, kristau-sekten ugaritasuna mugagabea da eta etengabe aldatzen dira, baina kristautasuna bera egitate ongi ezarria eta geldiezina da, ez zaio ez erasotzen, ez defendatzen.
Amerikarrek, kristau-erlijioaren dogma nagusienak azterketarik gabe onartu dituztenez, beharturik daude era berean hartzera horietatik datozen eta horietan oinarritzen diren egia moral asko. Honek muga estuen barnean ixten du azterketa indibidualaren ekintza, eta giza iritzi garrantzitsuenetako batzuk azterketa horretatik kanpo uzten ditu.
Aipatu dudan beste zirkunstantzia hauxe da:
Amerikarrek gizarte-egoera eta konstituzio demokratikoak dituzte, baina ez dute iraultza demokratikorik izan. Gutxi gora-behera guk orain ikusten ditugun bezalaxe iritsi ziren okupatzen duten lurraldera. Oso kontuan hartzekoa da hau.
Ez dago iraultzarik antzinako sineskizunak mugiarazten ez dituenik, aginpidea ahuldu eta ideia komunak iluntzen ez dituenik. Iraultza ororen ondorio da gehixeago edo gutxixeago gizakiak beren kasa uztea eta bakoitzaren izpirituaren aurrean espazio huts eta ia mugagabea irekitzea.
Gizarte zaharra osatzen zuten klase ezberdinen arteko borroka luzearen ondoren baldintzak berdindu egiten direnean, inbidia, gorrotoa eta auzokoaganako mesprezua, harrokeria eta nork bere buruarekiko konfiantza exageratua sartzen dira, nolabait esateko, giza bihotzean, bertan ezarriz beren agintea aldi baterako. Honek, berdintasunetik aparte, eragin handia du jendearen zatiketan, batzuek besteen judizioaz mesfidatzen eta argia beren baitan bakarrik bilatzen dutelarik.
Bakoitzak bere buruaz aski nahi du izan eta gauza guztiei buruz bere iritzi propioak eratzean jartzen du bere aintza. Interesek bakarrik elkarlotzen dituzte gizakiak eta ez ideiek; eta giza iritziek, alde guztietatik astintzen den halako hauts intelektual bat baizik ez dutela osatzen esan liteke, inon biltzen eta finkatzen ez dena.
Honela, berdintasunak iradokitzen duen izpiritu-independentziak handiena eta larregizkoena berdintasuna ezartzen hasten den momentuan ematen du, eta berdintasun hori finkatzeko lan neketsuan zehar. Beraz, arretaz bereizi behar da berdintasunak eman dezakeen askatasun intelektuala, iraultzak ekartzen duen anarkiatik. Bi gauza hauetako bakoitza aparte hartu behar da kontuan, etorkizunerako larregizko itxaropen edo beldurrik ez izateko.
Gizarte berrietan biziko direnek arrazoi indibiduala sarritan erabiliko dutela uste dut; baina ez dut inola ere uste sarri abusatuko dutenik horretaz.
Herrialde demokratiko guztiei orokorkiago aplika dakiekeen kausa bati zor zaio hori, pentsamenduaren independentzia indibiduala luzarora muga finkoen, eta batzuetan estuen, artean edukiaraziko duena.
Ondorengo kapituluan azalduko dut.
II. Sineskizun sorburu nagusia herrialde demokratikoetan
[aldatu]Sineskizun dogmatikoak ugariago edo urriagoak izaten dira, garaien arabera. Era ezberdinetan sortzen dira eta beren forma eta edukia alda ditzakete; baina ezinezkoa da sineskizun dogmatikoak, hau da, jendeak konfiantzaz eta eztabaidatu gabe hartzen dituen iritziak, desagerraraztea. Bakoitzak bere iritzi guztiak bere kabuz eratu eta nork berak bakarrik zabaldutako bideetatik egia bilatu nahi izango balu, ziur aski sekula ez litzateke jende-kopuru handia bilduko sineskizun komun baten inguruan.
Nolanahi ere, erraza da ikustea ez dagoela gizarterik antzeko sineskizunik gabe aurrera egin dezakeenik, edota, hobeto esanda, ez dagoela gizarterik horrela irauten duenik; zeren eta, ideia komunik gabe, eta ekintza komunik gabe, oraindik bada gizakirik, baina ez gizarte-gorputzik. Gizarteak existitzeko, eta are gehiago gizarte horrek aurrera egiteko, beharrezkoa da hiritarren izpiritu guztiak beti bildurik eta elkartuta egotea ideia nagusi batzuen bidez; eta hau ezinezkoa litzateke horietako bakoitzak ez balitu batzuetan bere iritziak sorburu beretik aterako eta aurrez moldaturiko sineskizun batzuk bereganatzea ez balu onartuko.
Orain gizakia aparte kontsideratzen badut, konturatzen naiz sineskizun dogmatikoak bakarrik bizitzeko bezain beharrezkoak zaizkiola bere hurkoekin komunean jarduteko ere.
Gizakiak bere buruari frogatu beharko balizkio egunero erabiltzen dituen egia guztiak, sekula ez luke bukatuko; atariko frogapenetan ahituko litzateke, aurrera egin gabe; bere bizialdi laburragatik astirik ez duenez, ezta bere izpirituaren mugengatik horrela jokatzeko ahalmenik ere, beharturik dago ziurtzat hartzera egitate eta iritzi-pila bat, bere kabuz aztertzeko eta egiaztatzeko astirik eta ahalmenik izan ez badu ere, beste iaioago batzuek aurkitu dituztenak edo jendeak onartzen dituenak. Lehen oinarri honen gainean eraikitzen du berak bere pentsamendu propioen eraikina. Ez da bere borondatea honela jokatzera bultzatzen duena; bere izaeraren lege aldagaitzak behartzen du horretara.
Ez dago munduan hain filosofo handirik, milaka gauza beste baten fedean oinarrituz sortzen ez duenik, eta berak ezarriak baino askoz egia gehiago suposatzen ez dituenik.
Hori beharrezkoa ez ezik, desiragarria ere bada. Dena bere kabuz aztertu nahi lukeenak, denbora eta arreta gutxi eskaini ahal izango lioke gauza bakoitzari; lan honek asaldura etengabean edukiko luke haren izpiritua, egia bakar batean ere sakontzea eta ziurtasun bakar batean ere sendo finkatzea eragotziko liokeelarik. Haren adimena independentea eta ahula izango litzateke aldi berean. Beharrezkoa zaio, beraz, giza iritzien eduki ezberdinen artean aukeraketa bat egitea eta sineskizun asko eztabaidatu gabe onartzea, berak bakarrik aztertzeko gordetako gauza gutxi batzuetan hobeto sakondu ahal izan dezan.
Egia da beste baten hitzean oinarrituz iritzi bat hartzen duenak esklabo bihurtzen duela bere izpiritua; baina esklabutza hori osasungarria da, askatasunaren erabilera ona egiteko aukera ematen diona.
Edozein zirkunstantziatan beti da beharrezkoa autoritatea nonbait egotea adimen eta moralaren munduan. Leku hori alda daiteke, baina derrigorrez nonbait egon behar du. Norbanakoaren independentzia handiago edo txikiagoa izan daiteke, baina ezin da mugagabea izan. Honela, arazoa ez da demokrazi mendeetan autoritate intelektualik badagoen ala ez jakitea, baizik eta non kokatua dagoen eta zein neurritakoa den.
Aurreko kapituluan erakutsi dut baldintza-berdintasunak nola sortarazten duen gizakiengan halako sinesgogortasun bat naturaz gaindikoarekiko, eta ideia oso jasoa eta exageratua sarri giza arrazoimenarekiko.
Berdintasun-garaiotan bizi direnek, beraz, nekez jotzen dute autoritate intelektuala, zeinetara makurtzen baitira beraiek, gizadiaz kanpo gainetik jartzera. Beren baitan edota beren antzekoengan bilatzen dituzte normalean egiaren sorburuak. Hau aski litzateke frogatzeko honelako mendeetan ezin dela erlijio berririk ezarri eta sortarazteko ahalegin guztiak inpioak ez ezik, barregarri eta zentzugabeak ere izango liratekeela. Pentsa daiteke herri demokratikoek ez dutela erraz jainko-misioetan sinetsiko, gogotik barre egingo dutela profeta berriez eta gizadiaren mugen barnean, eta ez harantzago, aurkitu nahiko dutela beren sineskizunen arbitro nagusia.
Baldintzak berdinak ez eta gizakiak ere antzekoak ez direnean, beti izaten dira gizabanako batzuk oso ilustratuak, oso jakintsuak, bere adimenagatik oso ahaltsuak, eta jendetza handi bat oso ezjakina eta oso mugatua. Beraz, aristokrazi garaietan bizitzen direnek berez jotzen dute pertsona edo klase baten arrazoi nagusia beren iritzien gidaritzat hartzera, eta aldi berean ez dira prest egoten masaren infalibilitatea onartzeko.
Kontrakoa gertatzen da berdintasun-mendeetan.
Hiritarrak berdinago eta antzekoago bilakatu ahala, pertsona edo klase jakin batengan itsu-itsuan sinesteko bakoitzak izan lezakeen joera murriztu egiten da. Masari sinesteko jarrera areagotu egiten da, eta gero eta gehiago iritzi publikoa izaten da mundua gidatzen duena.
Iritzi komuna da bakoitzaren arrazoimenari herri demokratikoetan gelditzen zaion gidari bakarra; baina gainera iritzi horrek askoz ere ahalmen handiagoa du horrelako herrietan beste inon baino. Berdintasun-garaietan, gizakiek, beren antzekotasunagatik, ez dute inolako federik batzuek besteengan; baina antzekotasun horrek berorrek konfiantza ia mugagabea ematen die iritzi publikoan; ez baitzaie sinesgarria iruditzen, guztiek antzeko jakintzargiak izanik, egia ez egotea gehiengoaren aldean.
Herrialde demokratikoetan bizi denak bere burua inguruko guztiekin konparatzen duenean, hauetako bakoitzaren berdina dela sentitzen du harrotasunez; baina bere antzeko guztien aurrez aurre jartzen denean eta gorputz handi horren ondoan bere burua jartzen duenean, berehala abailtzen dute bere ezerezak eta ahuleziak.
Bere herrikide bakoitzagandik independente bihurtzen duen berdintasun honek beronek gehiengoaren ekintzaren esku uzten du, isolatua eta babesgabe.
Herri demokratikoetan publikoak botere berezia du, nazio aristokratikoetan imajinatu ere egin ezina. Ez da saiatzen bere sineskizunei buruz jendea konbentzitzen; inposatu egiten ditu eta arimetan sarrazten, guztien izpirituak bakoitzaren adimenean zertzen duen presio ikaragarriaren bidez.
Estatu Batuetan gehiengoa arduratzen da aurretiaz moldaturiko iritzi-pila bat gizabanakoei emateaz, eta iritzi propioak eratu beharraren zama kentzen die gainetik. Filosofi, moral- edo politika-gaietan teori kopuru handia dago, bakoitzak, inolako azterketarik gabe, iritzi publikoan duen fedean oinarrituz onartzen duena; eta hurbil-hurbiletik begiratzen bada, ikusiko da han erlijioa bera nagusi dela, gutxiago doktrina errebelatu izateagatik iritzi komun izateagatik baino.
Badakit amerikarren artean, lege politikoak diren bezalakoak direlako, gehiengoak subiranoki arautzen duela gizartea, eta honek asko areagotzen du han gehiengoak adimenaren gain berez zertzen duen agintea. Zeren eta ezer ez baitzaio gizakiari ohikoago bera zapaltzen duenari jakinduria handiagoa aitortzea baino.
Izan ere, gehiengoak Estatu Batuetan duen ahalguztiduntasun politiko honek areagotu egiten du publikoaren iritziek, ahalguztiduntasun hori gabe, hiritar bakoitzaren izpirituan zertuko luketen eragina, baina ez da eragin honen oinarria. Berdintasunean bertan bilatu behar dira eragin honen sorburuak, eta ez maila bereko jendeak beretzat ezar ditzakeen erakunde –gehixeago edo gutxixeago- herritarretan. Pentsatzekoa da gehiengoaren aginte intelektuala ez litzatekeela erregearen menpeko herri demokratiko batean demokrazia huts batean bezain absolutua izango; baina oso absolutua izango da betiere, eta, berdintasun-mendeetan gizakien gobernurako lege politikoak edonolakoak izanik ere, aurreikus daiteke iritzi komuneango fedea nolabaiteko erlijio bilakatuko dela, eta gehiengoa berorren profeta.
Honela, autoritate intelektuala ezberdina izango da, baina ez txikiagoa; eta, desagertu egin behar duenik inola ere pentsatu gabe, iragartzen dut handiegi bilakatuko dela erraz, eta gerta litekeela giza espeziearen handitasun eta zorionari komeni baino muga estuagoetan ixtea arrazoimen indibidualaren ekintza. Argi eta garbi bi joera ikusten ditut berdintasunean: bata, pertsona bakoitzaren izpiritua pentsamendu berrietara eramaten duena; eta bestea, gehiago ez pentsatzera gogotsu murriztuko lukeena. Eta ikusten dut demokraziak, zenbait legeren agintepean, iraungi egingo lukeela gizarte-egoera demokratikoak bultzatzen duen askatasun intelektuala, eta honela, antzina klaseek edo pertsonek jartzen zizkioten traba guztiak apurtu ondoren, giza izpiritua estu kateatuko litzaiokeela gehiengoaren borondate orokorrari.
Arrazoimen indibidualaren aurrerapena neurriz gain oztopatzen edo atzeratzen duten indar ezberdin guztien lekuan, herri demokratikoek gehiengoaren botere absolutua jarriko balute, gaitzak ez luke izaeraz aldatu baino egingo. Gizakiek ez lukete independente bizitzeko biderik aurkituko; aurkituriko gauza bakarra, gauza zaila, joputzaren fisionomia berri bat litzateke. Hor badago, ez dut inoiz gehiegi errepikatuko, adimenaren askatasunean gauza santu bat ikusten dutenei eta despota ez ezik despotismoa ere gorrotatzen dutenei sakon gogoeta eragiteko motiborik. Niri dagokidanez, bekokian boterearen eskuaren pisua sumatzen dudanean, gutxi axola dit nork zanpatzen nauen jakiteak, eta ez nago prestago lepoa uztarpean jartzera, milioi bat besok aurkezten didatelako.
III. Zergatik duten amerikarren ideia orokorretarako gaitasun eta gustu gehiago, arbaso ingelesek baino
[aldatu]Jainkoak ez du gizadian orokorrean pentsatzen. Begiratu bakar batez eta banaka ikusten ditu gizadia osatzen duten izaki guztiak, eta bakoitza beste guztiengana hurbiltzen duten antzekotasunekin eta besteengandik isolatzen duten ezberdintasunekin ikusten du.
Jainkoak ez du, beraz, ideia orokorren beharrik; alegia, ez du inoiz gauza-kopuru handi bat forma bat beraren menpe jarri beharrik sentitzen, horietan erosoago pentsatu ahal izateko.
Ez zaio berdin gertatzen gizakiari. Giza izpirituak aurrean jartzen zaizkion kasu partikular guztiak banaka aztertu eta epaitu nahi izango balitu, laster galduko litzateke xehetasunen ugaritasunean eta ez luke ezer ikusiko; egoera honetan, prozedura akasdun baina beharrezko batez baliatzen da, beraren ahulezia lagundu eta frogatzen duena.
Gauza-kopuru jakin bat gaingiroki aztertu eta antzekoak direla ohartu ondoren, izen bera ematen die guztiei, aparte utzi eta bere bideari jarraitzen dio.
Ideia orokorrek ez dute giza adimenaren indarra adierazten, honen gutxiegitasuna baizik, naturan ez baitago zehatz-mehatz antzeko den izakirik, ezta egitate identikorik edo, bereizgabe eta era berean, hainbat gauzari aldi berean aplika dakiokeen erregelarik ere.
Ideia orokorrek zera dute miresgarri: gauza-kopuru handi bati buruz aldi berean eta bizkor iritziak sortzeko aukera ematen diotela giza izpirituari; baina, bestalde, nozio osagabez bakarrik hornitzen dute, eta beti zehaztasunean galarazten diote zabaleran ematen diotena.
Gizarteek, zahartu ahala, egitate berriak ezagutzen dituzte, eta, ia oharkabean, egia partikularren batzuen jabe egiten dira egunero.
Horrelako egia gehiagoren jabe den neurrian, gizakia bultzatua sentitzen da berez gero eta ideia orokor gehiago asmatzera. Ezin da egitate partikular asko banaka ikusi, azkenean aurkitu gabe elkartzen dituen lokarri komuna. Banako batzuek espeziearen nozioa ulertarazten dute; espezie batzuek generoaren noziora eramaten dute derrigorrez. Herri baten jakintzargiak zenbat eta antzinakoagoak eta ugariagoak izan, orduan eta handiagoa izango da bertan ideia orokorren aztura eta gustua.
Baina badira beste arrazoi batzuk ere jendea bere ideiak orokortzera edota honetatik urruntzera bultzatzen dutenak.
Amerikarrek askoz sarriago erabiltzen dituzte ideia orokorrak ingelesek baino, eta askoz atsegin handiagoa hartzen dute horiekin; honek oso bitxia dirudi lehen begiratuan, kontuan izanik jatorri bera dutela bi herriek, lege berberen menpe bizi izan direla mendeetan zehar eta oraindik ere etengabe trukatzen dituztela beren iritzi eta ohiturak. Kontrasteak are harrigarriagoa dirudi gure Europari begiratzen zaionean eta bertan bizi diren bi herri ilustratuenak alderatzen direnean.
Esan liteke ingelesen artean giza izpirituak nekez eta saminez baino ez diola uzten egitate partikularren kontenplazioari, hortik kausetara igotzeko, eta gogoz kontra bakarrik egiten duela orokortzea.
Gure artean, aitzitik, badirudi ideia orokorretarako gustua grina bortitz bihurtu dela, kosta ahala kosta asetu behar dena. Goizero, esnatzerakoan, lege orokor eta betikoren bat aurkitu dela jakiten dut, nik ordura arte inoiz entzun gabea. Ez dago idazlerik, erdipurdikakorik ere, bere lehen saioan nahikoa duenik erresuma handi bati aplikatzeko moduko egiak aurkitzearekin, eta bere buruaz atsekabetuta geldituko ez denik, ezin izan badu bere diskurtsoaren gaian gizadi osoa sartu.
Horrelako desberdintasuna bi herri oso ilustraturen artean harrigarria gertatzen zait. Azkenik, nire izpiritua Ingalaterrara zuzentzen badut eta azken mende erdian bere baitan zer gertatzen den azaldu nahi badut, esan dezakedala uste dut ideia orokorretarako gustua garatzen ari dela bertan, herrialdearen antzinako konstituzioa ahuldu ahala.
Beraz, jakintzargiak aurreraxeago edo atzeraxeago egotea ez da aski esplikatzeko zerk iradokitzen dion giza izpirituari ideia orokorrekiko atxikimendua, edota horietatik aldentzea.
Baldintzak oso desberdinak eta desberdintasunak iraunkorrak direnean, poliki-poliki gizabanakoak hain desberdin bihurtzen direnez, zenbat klase hainbat gizadia ezberdin dagoela esan liteke; aldi bakoitzean sekula ez da bat baino gehiago aurkitzen, eta, gizadiaren altzo zabalean guztiak elkartzen dituen lokarri orokorra bistatik galtzean, pertsona batzuk bakarrik ikusten dira eta ez gizakia.
Gizarte aristokratikoetan bizi direnek inoiz ez dute, beraz, oso ideia orokorrik zertzen beren buruez, eta hau aski izaten da ideia horiekiko ohiko mesfidantza eta instintuzko nazka sortzeko.
Aitzitik, herrialde demokratikoetan bizi denak ez ditu bere inguruan antzeko samarrak diren izakiak baizik aurkitzen; ezin du, beraz, gizadiaren zati batean bakarrik pentsatu, bere pentsamena handitu edo zabaldu ez bada egiten multzo guztia hartu arte. Berari aplika dakizkiokeen egia guztiak, iruditzen zaio berdin edo era berean aplika dakizkiokeela bere herrikide edo hurkoetako bakoitzari. Gehien saiatzen den eta gehien interesatzen zaizkion azterlanetan ideia orokorretarako aztura bereganatu ondoren, aztura hau berau beste guztietara eramaten du, eta honela, gauza guztietan erregela komunak aurkitu beharra, gauza-kopuru handi bat forma bat berean itxi beharra eta egitate-multzo bat kausa bakar baten bidez esplikatu beharra, giza izpirituaren grina sutsu eta sarritan itsu bilakatzen dira.
Aurreko hori egia dela ezerk ez du hobeto erakusten esklaboei buruz antzinatean zeuden iritziek baino.
Erroma eta Greziako jeinurik zabal eta sakonenak ezin izan ziren iritsi hain orokor eta aldi berean hain sinplea den ideia honetara: gizakien antzekotasuna eta bakoitzak, jaiotzerakoan, askatasunerako duen eskubide berdina; eta esklabutza naturan zegoela frogatzen saiatu ziren, eta beti iraungo zuela. Are gehiago, aske bilakatu aurretik esklabo izan ziren antzinakoetako haiek ere, batzuek idazki ederrak utzi dizkigutenak, joputzari buruz ikuspegi berbera zutela adierazten du orok.
Antzinateko idazle handi guztiak ugazaben aristokraziaren parte ziren, edo gutxienez aristokrazia hori protestarik gabe ezarria ikusten zuten beren aurrean; haien izpiritua, hainbat aldetara zabaldu ondoren, puntu horretan mugatua aurkitu zen, eta Jesukristok etorri behar izan zuen mundura gizadiko kide guztiak berez antzeko eta berdinak zirela ulertarazteko.
Berdintasun-mendeetan, gizaki guztiak independenteak dira elkarren artean, isolatuak eta ahulak; ez da egoten inor bere borondatearen bidez iraunkorki gidatzen dituenik jendetzaren mugimenduak; honelako garaietan, gizadiak beti bere kabuz ibiltzen dela ematen du. Munduan gertatzen dena esplikatzeko, kausa handi batzuk ikertzera mugaturik gaude, zeinek, gure hurkoetako bakoitzarengan era berean eragitean, guztiak nor bere borondatez bide berari jarraitzera bultzatzen baitituzte. Honek ere berez eramaten du giza izpiritua ideia orokorrak zertzera eta horietarako zaletasuna izatera.
Lehen erakutsi dut baldintza-berdintasunak nola bultzatzen zuen bakoitza egia bere kabuz bilatzera. Erraza da ikustea horrelako metodo batek ohartzeke bultzatu behar duela giza izpiritua ideia orokorretarantz. Neure arrazoiaren ahaleginen bidez bakarrik jarraibidea bilatzeko klase-, lanbide- edo famili tradizioak baztertzen ditudanean, aurreko ereduaren aginteari ihes egiten diodanean, neure iritzien zioak gizakiaren izaeratik bertatik ateratzeko joera izaten dut, eta honek derrigorrez eramaten nau, ia oharkabean, oso orokorrak diren nozioen kopuru handi baterantz.
Aurreko honek guztiak esplikatzen du ingelesek zergatik duten ideien generalizaziorako askoz gaitasun eta gustu gutxiago beren ondorengo amerikarrek baino, eta batez ere beren auzoko frantsesek baino, baita gaur egungo ingelesek zergatik duten beren arbasoak baino gehiago ere.
Ingelesak oso herri ilustratua eta aldi berean oso aristokratikoa izan dira luzaroan; jakintzargiek ideia oso orokorretarantz bultza egiten zieten etengabe, eta aztura aristokratikoek ideia oso partikularretan eusten. Hortik sortu da filosofia bat, aldi berean ausart eta herabea, zabal eta estua, orain arte Ingalaterran nagusi izan dena, eta oraindik ere hainbat izpiritu zanpatuta eta mugiezinik dauzkana.
Gorago aipatu ditudan kausa horietaz gain, badira beste batzuk ere, ez hain nabariak, baina ez eraginkortasun gutxiagokoak ere, ia herri demokratiko guztietan ideia orokorretarako gustua, eta sarri grina, sortarazten dutenak.
Ongi bereizi beharra dago horrelako ideien artean. Badira adimenaren lan geldo, zehatz eta arduratsuaren emaitza direnak, eta hauek zabaldu egiten dute giza ezagupenen esparrua.
Badira beste batzuk izpirituaren lehen ahalegin bizkor batetik erraz sortzen direnak, eta oso nozio axaleko eta zehaztugabeak baino eragiten ez dituztenak.
Berdintasun-mendeetan bizi direnek jakingura handia izaten dute eta denbora libre gutxi; bizitza hain praktikoa, hain konplikatua, hain asaldatua eta hain aktiboa dutenez, asti gutxi gelditzen zaie pentsatzeko. Demokrazi mendeetakoek gogoko izaten dituzte ideia orokorrak, honela ez baitute kasu partikularrak aztertu beharrik; zilegi bazait honela esatea, gauza asko dute bolumen txikian eta emaitza handia sortzen dute denbora laburrean. Arretarik gabeko azterketa labur baten ondoren, zenbait gauzaren artean erlazio komun bat hautematen dutela iruditzen zaienean, ez dute beren bilaketa urrutiago eramaten, eta, gauza horien arteko antzekotasun edo ezberdintasunak zehatz-mehatz aztertu gabe, guztiak formula beraren menpe sailkatzen dituzte bizkor, beste zerbaiti ekin ahal izateko.
Demokrazi mendeen bereizgarrietako bat, arrakasta erraz eta oraingo gozamenetarako guztiek sentitzen duten zaletasuna da. Hau lanbide intelektualetan nahiz beste guztietan aurkitzen da. Berdintasun-garaietan bizi diren gehienek gutizia bizi eta aldi berean motel batez beteak daude; arrakasta handiak lortu nahi izaten dituzte berehala, baina ahalegin handirik egin beharrik gabe. Kontrako joera hauek ideia orokorrak bilatzera eramaten dituzte zuzenean, eta harrotu egiten dira ideia hauen laguntzaz oso gai zabalak deskribatzen dituztelako kostu txikiz, eta publikoaren begirada erakartzen dutelako, nekerik gabe.
Ez dakit ez ote dabiltzan oker honela pentsatzean; zeren eta haien irakurleak ere beraiek bezain beldur baitira sakontzeaz, eta izpirituaren lanetan ez dute normalean atsegin erraz eta lanik gabeko informazioa baino bilatzen.
Nazio aristokratikoek ez badituzte ideia orokorrak behar beste erabiltzen, sarritan begirunerik gabeko mesprezua erakutsiz, alderantziz gertatzen da herri demokratikoetan, hauek beti prest egoten baitira honelako ideiez abusatzeko eta beroriengatik zentzugabeki berotzeko.
IV. Amerikarrak zergatik ez diren inoiz politika-arloan frantsesak bezain grinatsuak izan ideia orokorretarako
[aldatu]Esan dut lehen amerikarrek frantsesek baino zaletasun gutxiago zutela ideia orokorretarako. Hori, batez ere, politikari buruzko ideia orokorretan da egia.
Nahiz eta amerikarrek ingelesek baino askoz ere ideia orokor gehiago sarrarazi legerian, eta askoz ere gehiago arduratu arren giza arazoen praktika teoriara moldatzeko, Estatu Batuetan sekula ez da ikusi ideia orokorren zaleago den gorputzik gure artean Batzar Konstituziogilea eta Konbentzioa izan ziren baino; nazio amerikar osoa sekula ez da horrelako ideiekin grinatu XVIII. mendeko herri frantsesa bezala, eta sekula ez du izan hain fede itsurik inolako teoriaren ontasunean eta egia absolutuan.
Amerikarren eta gure arteko diferentzia hau hainbat kausatatik sortua da, baina, batez ere, ondorengo honetatik:
Amerikarrek arazo publikoak beti beren kabuz gidatu dituen herri demokratiko bat osatzen dute; eta gu, berriz, arazo horiek gidatzeko modurik onenean luzaroan pentsatu baino egin ez duen herri demokratiko bat gara.
Jadanik gure gizarte-egoerak oso ideia orokorrak sortarazten zizkigun gobernu-gaietan, baina orduan gure konstituzio politikoak eragotzi egiten zigun ideia horiek esperientziaz zuzentzea eta poliki-poliki horien gutxiegitasunaz ohartzea; amerikarren artean, ordea, bi gauza horiek etengabe orekatzen dira eta elkar zuzentzen.
Lehen begiratuan badirudi hau aurrez esan dudanaren kontra-kontrakoa dela, alegia, nazio demokratikoek beren bizitza praktikoko asalduretatik beretatik ateratzen zutela teorietarako azaltzen duten zaletasuna. Azterketa arretatsuagoak erakusten du ez dagoela batere kontraesanik horretan.
Herrialde demokratikoetan bizi direnak ideia orokorren gose izaten dira, asti gutxi dutelako eta ideia hauei esker ez dutelako kasu partikularrak aztertzen denborarik galdu behar; hori egia da, baina beren ohiko eta beharrezko gogoeta-gai ez diren gauzei dagokienez bakarrik. Merkatariek lehiatsu eta zehatz aztertu gabe onartuko dituzte filosofia, politika, zientzia eta arteei buruz aurkezturiko ideia orokor guztiak; baina ondo aztertuta bakarrik hartuko dituzte merkataritzari buruzkoak eta kontu handiz bakarrik onartuko.
Gauza bera gertatzen zaie estatu-gizonei, politikari buruzko ideia orokorrak, jokoan daudenean.
Beraz, gai bat dagoenean, zeinetan bereziki arriskutsua den herri demokratikoak itsu-itsuan eta neurriz kanpo ideia orokorretara dedikatzea, erabil daitekeen zentzabiderik egokiena, berorretaz praktikoki egunero arduraraztea da; orduan derrigorrez sartu beharko dute xehetasunetan, eta xehetasunek teoriaren alde ahulak ikusaraziko dizkiete.
Erremedioa mingarria da sarritan, baina, ziur egon, izango du ondoriorik.
Erakunde demokratikoek, hiritar bakoitza gobernuaz praktikoki arduratzera behartzen dutelarik, honela moderatzen dute politika-arloan berdintasunak sortarazten duen teoria orokorretarako gehiegizko zaletasuna.
V. Nola Estatu Batuetan erlijioa baliatzen den joera demokratikoez
[aldatu]Aurreko kapituluetako batean frogatu dut jendea ezin dela bizi sineskizun dogmatikorik gabe, eta oso desiragarria ere badela horrelakoak izatea. Erantsi behar dut orain, sineskizun dogmatiko guztien artean, desiragarrienak erlijio-arloko sineskizun dogmatikoak iruditzen zaizkidala; oso garbi deduzitzen da hau, baita mundu honetako interesak bakarrik aztertzen badira ere.
Ia ez dago giza ekintzarik, oso partikularra izanda ere, gizakiek Jainkoaz, honek gizadiarekin dituen harremanez, arimaren izaeraz edo hurkoekiko betebeharrez zertu duten ideia oso orokor batetik sortzen ez denik. Ezinbestekoa da ideia horiek izatea gainerako guztiaren sorburu komuna.
Beraz, gizakiei biziki axola zaie Jainkoari, beren arimari, beren egilearekiko eta hurkoekiko betebehar orokorrei buruz ideia oso finkoak izatea, zeren eta lehen puntu hauei buruzko zalantzak zoriaren esku utziko bailituzke haien ekintza guztiak, desordena eta ezintasunera kondenatuak, nolabait ere.
Beraz, gai horretan du garrantzirik handiena gutariko bakoitzak ideia finkoak izatea, eta zoritxarrez berorretan da zailena bakoitza, bere kasa utzia eta bere arrazoimenaren ahaleginez bakarrik, bere ideiak finkatzera iristea.
Bizitzako kezka arruntetatik oso aske dauden izpirituak, oso sarkorrak, oso sotilak, oso trebatuak bakarrik sar daitezke hain beharrezkoak diren egia horietaraino, denbora eta arreta handiaren laguntzaz.
Hala ere, ikusten dugu filosofo horiek beroriek ziurtasunik ezaz inguraturik daudela ia beti; pauso bakoitzean ilundu eta itzaltzeko mehatxua egiten die argitzen dituen argitasun naturalak, eta, berorien ahalegin guztiak gora-behera, ezin izan dute oraindik aurkitu nozio kontraesankorren kopuru txiki bat baino, hauen artean etengabe dabilelarik giza izpiritua milaka urtetan, egiari tinko heldu ahal izan gabe eta errakuntza berririk ere aurkitu gabe. Horrelako azterlanak gizakien batezbesteko gaitasunaren oso gainetik daude, eta, gizaki gehienek, horietan murgiltzeko gai izango balira ere, garbi dago ez luketela astirik izango.
Jainkoari eta giza izaerari buruzko ideia finkoak nahitaezkoak zaizkie gizakiei beren bizitzako eguneroko praktikan, baina praktika honek beronek eragozten die ideia horiek lortzea.
Honek ez duela parekorik iruditzen zait. Zientzien artean badira batzuk, jendearentzat onuragarriak eta bere irispidean daudenak; beste batzuk gutxi batzuen eskura bakarrik daude eta ez ditu gehiengoak lantzen, horien aplikaziorik urrutikoenak bakarrik behar baititu; baina mintzagai dudan honen eguneroko praktika ezinbestekoa da guztientzat, nahiz eta hori aztertzea ez egon gehiengoaren eskumenean.
Beraz, ideia guztien artean, Jainkoari eta giza izaerari buruzko ideia orokorretan da komenigarriena horiek arrazoi indibidualaren ohiko jardueratik kanpo uztea, autoritate bat onartuz ere horietantxe baitago irabazteko gehien eta galtzeko gutxien.
Lehen helburua, eta erlijioen abantaila nagusienetako bat, funtsezko arazo hauetako bakoitzean jendeari irtenbide garbi, zehatz, ulergarri eta oso iraunkorra ematea da.
Badira erlijioak oso faltsuak eta zentzugabeak; hala ere, adierazi dudan esparruaren barruan gelditzen den erlijio orok eta hortik irteteko asmorik ez badu –batzuk saiatu diren bezala, giza izpirituaren garapen askea alde guztietatik gerazten-, esan daiteke uztarri osasuntsua ezartzen diola adimenari; eta onartu beharra dago, gizakiak beste munduan salbatzen ez baditu, gutxienez oso onuragarria dela hemengo honetan berorien zorion eta handitasunerako.
Hau herrialde askeetan bizi direnentzat da, batez ere, egia.
Herri batean erlijioa suntsitzen denean, zalantzan nagusitzen da adimenaren parterik gorenenez eta erdizka geldiarazi egiten ditu beste guztiak. Bakoitza ohitu egiten da bere hurkoei eta berari gehien axola zaizkion gaietan nozio nahasi eta aldakorrak izaten; gaizki defendatzen ditu bere iritziak edota bertan behera uzten, eta, giza destinoak planteatzen dituen arazorik handienak berak bakarrik konpondu ahal izateaz etsi egiten duenez, horietan pentsatu ere ez egitera mugatzen da koldarkeriaz.
Horrelako egoerak derrigorrez ahuldu behar arimak; lasaitu egiten ditu borondatearen eragingarriak eta joputzarako prestatzen ditu hiritarrak.
Orduan, gertatzen da, beraiei askatasuna ken diezaieten uzteaz gain, sarritan baita entregatu ere egiten dutela haiek berek.
Erlijio-gaietan jada autoritaterik ez dagoenean, ezta politikagaietan ere, gizakiak laster izutzen dira mugarik gabeko independentzia honen itxuraz. Gauza guztien etengabeko astinketa honek kezkatu eta nekatu egiten ditu. Adimen-mailan dena mugitu egiten denez, maila materialean gutxienez dena tinko eta egonkorra izatea nahi dute, eta, jada beren lehengo sineskizunak berrartu ezin dituztenez, ugazaba bat ematen diote beren buruari.
Nik neuk zalantza dut gizakiak inoiz jasan ote dezakeen erabateko erlijio-independentzia eta aldi berean askatasun politiko osoa; eta joera dut pentsatzeko, federik ez badu, jopu izan behar duela, eta, aske bada, sinetsi egin behar duela.
Ez dakit, hala ere, erlijioen onura handi hau ez ote den are nabariagoa baldintzak berdinak dituzten herrietan beste guztietan baino.
Onartu beharra dago berdintasunak, mundura gauza on asko ekartzen duenak, hala ere oso joera arriskutsuak sortzen dizkiela gizakiei, aurrerago erakutsiko dudan bezala; batzuk besteengandik isolaraztera jotzen du, eta bakoitza bere buruaz bakarrik arduratzera bultzatzen du.
Neurrigabe irekitzen die arima gozamen materialen zaletasunera.
Erlijioen abantailarik handiena kontra-kontrako instintuak sortaraztea da. Ez dago erlijiorik gizakiaren nahien helburua lurreko ondasunez harantzago eta gainetik jartzen ez duenik, eta arima zentzumenena baino askoz goragoko eskualdeetara jasotzen ez duenik berez. Ez dago ere erlijiorik bakoitzari jartzen ez dionik gizadiarekiko –edo beronekin komunean- nolabaiteko betebeharrik, honela, noizean behin, bere buruaren kontenplaziotik atereaz. Hau erlijiorik faltsuen eta arriskutsuenetan ere ikusten da.
Beraz, herri erlijiosoak indartsuak dira berez, hain zuzen ere herri demokratikoak ahulak diren puntu horretantxe; eta honek garbi ikusarazten du zein garrantzitsua den jendeak bere erlijioari eustea berdinak bilakatzen.
Ez dut eskubiderik, ez gogorik ere, gizakiaren bihotzean erlijio sineskizun bat nagusiarazteko Jainkoak erabiltzen dituen naturaz gaindiko baliabideak aztertzeko. Une honetan giza ikuspegi hutsetik aztertzen ditut erlijioak; hurbiltzen ari zaizkigun demokrazi mendeotan beren aginteari erarik errazenean nola euts ote diezaioketen ikertzen ari naiz.
Ikusarazi dut, jakintzargien eta berdintasunaren garaietan, giza izpirituak nekez ametitzen duela sineskizun dogmatikoak hartzea, eta hauen premia bizia erlijio-gaietan bakarrik sentitzen duela. Honek esan nahi du lehenik, horrelako mendeetan erlijioek beste guztietan baino askoz zuhurtzia handiagoz jokatu behar dutela dagozkien mugen barnean, horietatik irteten saiatu gabe; zeren eta, beren boterea erlijio-gaietatik urrutiago zabaldu nahi izatean, sinesgarritasuna gai guztietan galtzeko arriskua baitute. Arretaz mugarritu behar dute, beraz, giza izpiritua geldi edukitzeko behar duten esparrua, eta hortik kanpo erabat libre utzi bere kabuz ibili ahal izateko.
Mahomak zerutik jaitsarazi zituen, eta Koranean ezarri, doktrina erlijiosoak ez ezik, baita maxima politikoak, lege zibil eta kriminalak, eta teoria zientifikoak ere. Ebanjelioak, ordea, jendeak Jainkoarekin eta elkarren artean izan beharreko harreman orokorrez soilik hitz egiten du. Hortik kanpo, ez du ezer irakasten, ezta ezer sinestera behartzen ere. Beste hamaika arrazoiren artean, hau bakarrik aski da erakusteko bi erlijio horietako lehenak ezin duela luzaroan nagusi izaten jarraitu jakintzargi eta demokrazi garaietan, bigarrena honelako mendeetan nahiz beste guztietan ere nagusi izatera destinatua dagoen bitartean.
Ikerketa honetan aurrerago jarraitzen badut, konturatzen naiz, gizakien eran hitz eginez, erlijioek demokrazi mendeetan iraun ahal izateko, ez dela nahikoa erlijio-gaien esparruan kontu handiz babestuta egotea; horien boterea aitortzen dituzten sineskizunen, hartzen dituzten kanpo-formen eta inposatzen dituzten betebeharren izaeran ere badatza, neurri handi batean.
Lehen esan dudana, hots, berdintasunak oso ideia orokor eta zabaletara eramaten duela jendea, erlijio-arloan ulertu behar da, batez ere. Antzeko eta berdinak diren pertsonek erraz zertzen dute Jainko bakarraren nozioa, bakoitzari arau berberak ezarri eta geroko zoriona prezio berean ematen dien Jainko bakarrarena; gizadiaren batasun-ideiak Egilearen batasun-ideiara eramaten ditu etengabe. Aitzitik, elkarren artean oso banaturik eta oso desberdinduta daudenek gogo onez onartzen dituzte herri, kasta, klase eta familia adina jainko, eta zerura joateko mila bide partikular trazatzen.
Ezin da ukatu kristautasunak berak ere jasan duela nolabait gizarte- eta politika-egoerak erlijio-sineskizunetan zertzen duen eragin hau.
Kristau-erlijioa munduan agertu zen momentuan, Probidentziak, zalantzarik gabe munduan beraren etorrerarako prestatzen ari zenak, bildua zuen gizadiaren zati handi bat, artalde zabal bat bezala, zesarren aginte-makilaren menpe. Jendetza hura osatzen zutenek ezberdintasun handiak zituzten beren artean; baina, hala ere, bazuten puntu komun bat: guztiek lege berberei obeditzen zieten; eta haietako bakoitza hain ahul eta txikia zenez printzearen handitasunaren aldean, guztiek berdinak ziruditen harekin konparatzen.
Aitortu beharra dago gizadiaren egoera berri eta berezi honek prestatu egin zuela jendea kristautasunak erakusten dituen egia orokorrak onartzera, eta orduan giza izpirituan zein erraz eta bizkor sartu zen esplikatzeko balio du.
Kontra-froga inperioa suntsitu ondoren gertatu zen.
Erromatarren mundua, nolabait esateko, mila zatitan apurtu zelarik, nazio bakoitza bere aurreko banakotasunera itzuli zen. Laster, nazio haien barnean, klaseak mugagabeki mailakatu ziren; arrazak bereizi egin ziren, kastek hainbat herritan zatibanatu zuten nazio bakoitza. Gizarteak beren burua imajinatu ahal beste puskatan zatibanatzera bultzatzen zituen ahalegin komun honen erdian, kristautasunak ez zituen bistatik galdu argitara ateraraziak zituen ideia orokor nagusienak. Baina, hala ere, bazirudien, bere esku zegoen neurrian, gizadiaren zatiketak sortarazten zituen joera berriak onartzeko prest zegoela. Gauza guztien egile eta iraunarazle den Jainko bakar bat gurtzen jarraitu zuten gizakiek; baina herri bakoitzak, hiri bakoitzak eta, nolabait esateko, gizaki bakoitzak aparteko pribilegioren bat lor zezakeela pentsatu zuen, eta ugazaba subiranoaren ondoan babesle partikularrak sortarazi. Jainkotasuna banatzerik ez zegoenez, gutxienez ugaldu eta neurrigabe handitu zituzten beraren agenteak; aingeru eta santuei zor zaien omena ia kultu idolatra bihurtu zen kristau gehienentzat, eta kristau-erlijioak, berak menperaturiko erlijioetarantz, atzera egingo ote zuen beldurra sortu zen momentu batean.
Nabarmena iruditzen zait gizadiaren baitan nazioak, eta herri bakoitzaren barnean hiritarrak, elkarren artean banatzen dituzten hesiek desagertzera egiten duten neurrian, are gehiago jotzen duela giza izpirituak, bere kabuz, izaki bakar eta ahalguztidunaren ideiarantz, honek berdin eta era berean lege berberak ematen dizkiolarik gizaki bakoitzari. Beraz, demokrazi mendeotan axola da, batez ere, bigarren mailako agenteei emandako omena ez nahastea Egileari bakarrik zor zaion kultuarekin.
Beste egia bat ere oso argi dagoela iruditzen zait: demokrazi garaietan erlijioek kanpo-praktikez gutxiago arduratu behar dute beste guztietan baino.
Amerikarren metodo filosofikoa dela eta, ikusarazi dut, berdintasun-garaietan formetara makurtu behar izatea dela giza izpirituarentzat gogaikarriena. Garai hauetan bizi direnek ezinegonez jasaten dituzte irudiak; sinboloak ume-artifizioak iruditzen zaizkie, zenbait egia haien begietara ezkutatzeko edo apaintzeko erabiltzen direnak, nahiz eta naturalagoa izango litzatekeen estalkirik gabe eta egun-argitan erakustea; zeremonien itxurak hotz uzten ditu eta badute berezko joera kultuko xehetasunei bigarren mailako garrantzia besterik ez emateko.
Demokrazi mendeetan erlijioen kanpo-forma arautzeko ardura dutenek oso kontuan hartu behar dituzte giza adimenaren berezko joera hauek, berauen aurka premiarik gabe borrokan ez egiteko.
Nik sendo sinesten dut formen beharrean; badakit egia abstraktuen kontenplazioan edukitzen dutela giza izpiritua, eta, egia horiei tinko atxikitzen laguntzen diotela izpirituari, honek gogo beroz onar ditzan. Ez dut imajinatzen erlijio batek iraun dezakeenik kanpo-praktikarik gabe; baina, bestalde, pentsatzen dut, hurbiltzen ari zaizkigun mendeotan, bereziki arriskutsua izango litzatekeela praktika horiek neurri gabe ugaltzea; aitzitik, murriztera jo behar dela uste dut, eta dogmaren beraren betiko iraupenerako behar-beharrezkoak bakarrik mantendu behar direla, dogma baita erlijioen funtsa[1], eta kultua horren forma besterik ez. Gizakiak berdinago bilakatu ahala, zehatzago, zurrunago eta betebehar txikiz zamatuago egongo litzatekeen erlijio bat, laster mugatuko litzateke defendatzaile sutsuen talde bat izatera jendetza sinesgabe handiaren erdian.
Badakit eragozpen gisa aipatuko zaidala erlijioak, guztiek izanik xedetzat egia orokor eta betikoak, ezin direla honela makurtu mende bakoitzeko joera aldakorretara, ziurtasuna galdu gabe jendearen aurrean. Hala ere, erantzungo diot horri oso kontuz bereizi behar direla sineskizun bat osatzen duten iritzi nagusiak –teologoen esanetan, fede-artikuluak direnak- eta horiei erantsitako nozio akzesorioak. Erlijioak beharturik daude lehenengoei tinko eustera beti, nolanahikoa izanik ere garaiko izpiritu berezia; baina ez zaizkie inola ere era berean atxiki behar bigarrenei, etengabe dena lekuz aldatzen den mendeetan eta izpirituak, giza gauzen ikuskizun aldakorrera ohitua, geldi geratu beharra nekez pairatzen duen mendeetan. Mugiezintasuna kanpoko eta bigarren mailako gauzetan ez zait iruditzen iraupenerako mesedegarri denik, gizarte zibila bera ere mugiezina denean baizik, beste edonoiz, arrisku bat dela pentsatuko nuke.
Ikusiko dugu, berdintasunak sorrarazten edo bultzatzen dituen grina guztien artean, badela eta bereziki bizia eta aldi berean gizaki guztien bihotzetan jartzen duena: ongizatearen maitasuna da hori. Ongizatearen zaletasuna da aro demokratikoen ezaugarri nabari eta ezabaezina.
Pentsa daiteke grina nagusi hori suntsitu egin nahiko balu erlijio batek, azkenean grinak erlijio hori berori suntsituko lukeela. Erlijio horrek gizakiak mundu honetako ondasunen kontenplaziotik erabat atera eta beste mundukoen hausnarketara bakarrik eraman nahi izango balitu, aurreikus daiteke azkenean arimek ihes egingo lioketela esku artetik, beragandik urruti, gozamen material eta oraingoen artean soilik murgiltzeko.
Berdintasun-garaietan gizakiek sentitzen duten ongizatearen zaletasun sutsuegi eta esklusiboegia araztu, arautu eta murriztea da erlijioen eginkizun nagusia; baina iruditzen zait oker jokatuko luketela erabat menperatzen eta suntsitzen saiatuko balira. Ez dute lortuko jendea aberastasunen maitasunetik aldentzerik, baina konbentzi dezakete baliabide zintzoz bakarrik aberats dadin.
Honek azken gogoeta batera narama, nolabait ere beste guztiak barne hartzen dituena. Gizakiak antzekoago eta berdinago bihurtu ahala, are garrantzizkoagoa da erlijioak, arazoen eguneroko zurrunbilotik kontu handiz aldenduz, beharrik gabe ez tupust egitea orokorrean onarturiko ideien kontra eta masan nagusi diren interes iraunkorren aurka; zeren eta iritzi publikoa baita gero eta gehiago botereetako lehena eta jarkiezinena; hortik kanpo ez dago berorren kolpeak luzaroan erresistitzeko bezain euskarri sendorik. Hau errepublikan bezain egia da despotaren menpe dagoen herri demokratikoan. Berdintasun-mendeetan, erregeek sarri lortzen dute agindua betearaztea, baina beti gehiengoa izaten da sinestarazten duena; hortaz, gehiengoari eman behar zaio atsegin fedearen kontrako ez den guztian.
Erakutsi nuen lehen liburuan apaiz amerikarrak nola aldentzen ziren arazo publikoetatik. Hori da haien zuhurtziaren adibiderik nabarmenena, baina ez bakarra. Amerikan erlijioa aparteko mundu bat da, non apaiza baita nagusi, baina kontuz ibiltzen da handik ez irteteko; mundu horren mugetan, berak gidatzen du adimena; hortik kanpo, gizakiak beren kasa uzten ditu eta beren izaerari eta garaiari dagozkion independentzia eta ezegonkortasunaren menpe uzten ditu. Inon ez dut ikusi kristautasuna forma, praktika eta irudi gutxiagoz inguratua Estatu Batuetan baino, ezta giza izpirituari ideia garbiago, sinpleago eta orokorragorik aurkezten dion herrialderik ere. Nahiz eta Amerikako kristauak sekta askotan banaturik egon, guztiek ikuspegi honetatik hartzen dute beren bezalaxe. Ez dago apaiz katolikorik norberaren betekizun txikiekiko edo salbamena lortzeko metodo aparteko eta partikularrekiko zaletasun gutxiago duenik Estatu Batuetako apaiz katolikoa baino, ezta legearen izpirituari atxikiago eta letrari gutxiago dagoenik ere; Jainkoari dagokion kultua, santuei ematea debekatzen duen eliz doktrina hori, inon ez da argiago irakasten eta hobeto jarraitzen. Hala ere, Amerikako katolikoak oso apalak eta oso zintzoak dira.
Beste oharpen bat ere egin daiteke konfesio guztietako kleroaz: apaiz amerikarrak ez dira saiatzen gizakiaren begirada guztiak geroko bizitzara bideratzen eta han finkatzen; gogotsu ematen dute bihotzaren zati bat oraingo arduretara; badirudi munduko ondasunak gauza garrantzizkotzat dauzkatela, nahiz eta bigarren mailakotzat; haiek berak ez badira industrigintzan sartzen ere, gutxienez arduratzen dira horren aurrerapenez eta txalotu egiten dituzte, eta fededunei beren beldur- eta itxaropen-gai handia beste mundua dela etengabe erakutsi arren, ez diete debekatzen ongizatea zintzoki bilatzea mundu honetan. Bi gauza hauek banatuta daudela eta kontrako direla erakusten saiatu gabe, zein puntutan elkar ukitzen eta lotzen diren aurkitzera dedikatzera dira.
Apaiz amerikar guztiek dakite gehiengoak zertzen duen aginte intelektuala, eta errespetatu egiten dute. Beharrezko borrokak bakarrik egiten dituzte berorren aurka. Sekula ez dira sartzen alderdien liskarretan, baina gogotsu onartzen dituzte beren herrialdeko eta garaiko iritzi orokorrak, eta beren inguruan gauza guztiak arrastaka daramatzan sentimendu eta ideien korrontearen norabidean lagatzen dituzte beren buruak, aurka egin gabe. Beren garaikideak zentzarazten saiatzen dira, baina ez dira hauengandik banatze. Beraz, inoiz ez dute iritzi publikoa etsai izaten; honek lagundu eta babestu gehiago egiten ditu, eta haien sineskizunak nagusi izaten dira bai beraiek duten indarragatik, baita gehiengoari hartzen diotenagatik ere.
Honela, bada, kontrako ez zaizkion joera demokratiko guztiak errespetatuz eta horietako batzuen laguntzaz, erlijioa arrakastaz borrokatzen da jarrera guztien artean beretzat arriskutsuena denaren kontra, independentzia indibidualarenaren kontra, alegia.
VI. Katolizismoaren aurrerapena Estatu Batuetan
[aldatu]Amerika da munduko eskualderik demokratikoena, eta aldi berean, albiste sinesgarrien arabera, erlijio katolikoak aurrerapen handiena egiten duen herrialdea. Honek harrigarria dirudi lehen begiratuan.
Bi gauza bereizi behar dira ongi: berdintasunak gizakiak bere kabuz epaitu nahi izatera bultzatzen ditu; baina, bestalde, gizarte-botere bakar, sinple eta guztientzako berberaren gustua eta ideia ere ematen dizkie. Demokrazi mendeetan bizi direnek joera handia dute, beraz, erlijio-aginte orotatik ihes egiteko. Eta, antzeko aginte baten menpe jartzea onartzen badute, hau bakar eta uniformea izatea nahi dute gutxienez; erdigune bat bererantz ez doazen botere erlijiosoek haien adimenarekin tupust egiten dute, noski, eta ia erlijiorik ez egotea bezain erraz onartzen dute asko egotea.
Gaur egun, aurreko garaietan baino gehiago, sinesgabe bihurtzen diren katolikoak eta katoliko bihurtzen diren protestanteak ikusten dira. Katolizismoa barnetik aztertuz gero, galtzen ari dela dirudi; kanpotik begiratzen bazaio, irabazten ari dela. Honek badu esplikaziorik.
Gaur egungo jendeak berez joera txikia du sinesteko; baina, erlijioren bat duen momenturik, berehala aurkitzen du beregan ezkutuko joera bat oharkabean katolizismorantz bultza egiten diona. Erromako Elizaren zenbait doktrina eta usadio harrigarri gertatzen zaio; baina haren gobernua miretsi egiten du ezkutuan, eta haren batasun handiak, erakarri.
Katolizismoak lortuko balu, noizbait, sortarazi dituen gorroto politikoetatik ihes egitea, zalantza gutxi dut hain kontrako duela ematen duen mende-izpiritu hori berori oso aldeko bihurtuko litzaiokeela, bat-batean konkista handiak egingo lituzkeelarik.
Giza adimenari ohikoen zaion ahulezietako bat kontrako printzipioak adiskidetu nahi izatea da, eta bakea erostea logika sakrifikatuz. Beraz, beti izan dira eta izango dira gizakiak, beren erlijio-sineskizunetako batzuk autoritateren baten menpe jarri ondoren, besteren batzuk beraren menpetik atera nahiko dituztenak, eta beren izpirituari obedientziaren eta askatasunaren artean batetik bestera kulunkatzen utziko diotenak. Baina iruditzen zait hauen kopurua txikiagoa izango dela demokrazi mendeetan beste mendeetan baino, eta gure bilobek gero eta joera handiagoa izango dutela bi zatitan soilik banatzeko: batzuk kristautasunetik erabat atereaz, eta besteak Erromako Elizaren baitan sartuz.
VII. Herri demokratikoen izpiritua panteismorantz makurrarazten duena
[aldatu]Geroago erakutsiko dut ideia oso orokorretarako gustua, herri demokratikoetan nagusi dena, politikan ere aurkitzen dela; baina orain filosofian duen ondorio nagusia azaldu nahi dut.
Ukaezina da panteismoak aurrerapen handiak egin dituela gaur egun. Europako zati bateko idazkiek nabarmen daramate horren marka. Alemanek filosofian sartzen dute, eta frantsesek literaturan. Frantzian argitara ematen diren irudizko obretan, gehienek dituzte doktrina panteistetatik hartutako iritzi edo deskribapenen batzuk, edota autoreen baitan doktrina horietarako nolabaiteko joera dagoela erakusten dute. Ez zait iruditzen hau akzidentala bakarrik denik, kausa iraunkor baten ondorio baizik.
Baldintzak berdinago bilakatu ahala, gizaki partikular bakoitza beste guztien antzekoago, ahulago eta txikiago bihurtzen da; hiritarrak ez, baizik eta herria bakarrik kontuan hartzera ohitzen da; banakoez ahaztu egiten da eta espeziean bakarrik pentsatzen du.
Honelako denboretan giza izpirituak aldi berean gauza ezberdin asko besarkatzea izaten du atsegin; ondorio-pila bat kausa bakar bati lotzea lortu nahi izaten du etengabe.
Batasunaren ideiak obsesionatu egiten du, alde guztietan bilatzen du, eta aurkitu duela uste duenean, beraren baitan gogotsu etzan eta atseden hartzen du. Munduan kreazio eta kreatzailea aurkitu bezain laster, gauzen lehen zatiketa honek ere gogait eragiten dio, eta gogotsu saiatzen da bere pentsamena zabaldu eta sinplifikatzen, Jainkoa eta unibertsoa osotasun bakar batean sartuz. Aurkitzen badut sistema filosofiko bat, zeinen arabera munduan dauden gauza material eta inmaterialak, ikuskorrak eta ikusezinak, izaki neurrigabe baten zati ezberdintzat bakarrik hartzen diren –izaki honek bakarrik irauten duelarik betiko, bere osagai guztien aldaketa iraunkor eta eraldaketa etengabearen erdian-, orduan ez dut eragozpenik izango ondorioztatzeko horrelako sistema batek, nahiz eta giza banakotasuna suntsitu, edota suntsitzen duelako hain zuzen, ezkutuko xarmak izango dituela demokrazian bizi denarentzat; bere aztura intelektual guztiek horretarako prestatzen dute, eta hori onartzeko bidean jartzen. Naturalki erakartzen du horien adimena eta finkatu egiten; izpirituaren harrotasuna elikatzen dio eta nagikeria lausengatzen.
Unibertsoa esplikatzen saiatzeko filosofiak lagungarri erabiltzen dituen sistema ezberdinen artean, panteismoa iruditzen zait egokienetako bat demokrazi mendeetan giza izpiritua seduzitzeko; sistema honen kontra elkartu eta borroka egin behar dute gizakiaren benetako handitasunaz liluraturik dauden guztiek.
VIII. Nola berdintasunak iradokitzen dien amerikarrei gizakiaren hobegarritasun mugagabearen ideia
[aldatu]Berdintasunak hainbat ideia iradokitzen dio giza izpirituari, hori gabe bururatuko ez litzaizkiokeenak, eta aurretiaz zeuzkan gehientsuenak aldarazten dizkio. Adibide gisa, giza hobegarritasunaren ideia hartuko dut, berau baita adimenak zertu dezakeen garrantzitsuenetako bat, eta teoria filosofiko handi bat bera bakarrik, honen ondorioak uneoro ikusten direlarik arazoen praktikan.
Gizakia hainbat puntutan animalien antzeko izan arren, bada ezaugarri bat berak bakarrik duena: gizakia hobetu egiten da, eta animaliak ez. Gizadiak etengabe topo egin du hasieratik diferentzia horrekin. Hobegarritasunaren ideia, beraz, mundua bezain zaharra da; berdintasunak ez du sortarazi, baina izaera berria eman dio.
Hiritarrak gizarte-mailaren, lanbidearen, jaiotzaren arabera sailkaturik daudenean eta zoriak jarri dituen bidean guztiak aurrera joatera beharturik daudenean, bakoitzak uste izaten du berengandik hurbil hautematen dituela giza ahalmenaren azken mugak, eta inor ez da saiatzen ekidinezinezko destinoaren kontra borrokatzen. Honek ez du esan nahi herri aristokratikoek erabat errefusatzen diotenik gizakiari hobetzeko ahalmena. Ez dute uste hau mugagabea denik; ulertzen dute hobekuntza, baina ez aldaketa; etorkizuneko gizarteen egoera hobea imajinatzen dute, baina ez erabat bestelakoa; eta gizadiak aurrerapen handiak egin dituela eta oraindik egin ditzakeela onartuta ere, halako muga gaindigaitz batzuen artean ixten dute aurrez.
Ez dute uste ongi goren eta egia absolutura iritsi direnik (zein pertsona edo zein gizarte izan ote daiteke hori pentsatzeko bezain zentzugabea?), baina beren burua konbentzitu nahi izaten dute lortu dutela gutxi gora-behera gure izaera akasdunaz lor daitekeen handitasun eta jakintza-maila: eta, beraien inguruan ezer mugitzen ez denez, dena bere lekuan dagoela imajinatzen dute gogotsu. Orduan legegileak betiko legeak promulgatu nahi izaten ditu, herriak eta erregeek mendeetan irauteko monumentuak bakarrik eraiki nahi izaten dituzte eta oraingo belaunaldiak geroko belaunaldiei beren destinoak arautzeko ardura ebitatu nahi izaten die.
Kastak desagertu, klaseak elkarrengana hurbildu eta jendea zalapartatsu nahastu ahala, usadioak, ohiturak eta legeak aldatu egiten dira; egitate berriak gertatu, egia berriak argitara eman, antzinako iritziak desagertu eta haien ordez beste batzuk sortu ahala, perfekzio ideal eta beti iheskor denaren irudia agertzen zaio giza izpirituari.
Orduan etengabeko aldaketak gertatzen dira uneoro pertsona bakoitzaren aurrean. Batzuen egoera gaizkoatu egiten da, eta oso ongi ulertzen dute herri bat, edo gizabanako bat, oso ilustratua izan arren, ez dela infaliblea. Beste batzuek hobetu egiten dute beren zoria, eta ondorioztatzen dute gizakia, oro har, hobetzeko ahalmen mugagabeaz hornitua dagoela. Bere zorigaitzek ikusarazten diote inor ezin dela harrotu ongi absolutua aurkitu izanaz; bere arrakastek, berriz, atsedenik gabe ongi horren bila jarraitzera bultzatzen dute. Honela gizakiak, beti bila, eroriz, altxatuz, sarri etsita, inoiz ez bihozgabetuta, etengabe jotzen du gizadiak oraindik egin behar duen lasterketa luzearen amaieran zirriborrotsu sumatzen duen handitasun ikaragarri horretarantz.
Zail da sinesten zenbat egitate ondorioztatzen den berez teoria filosofiko honetatik, gizakia mugagabeki hobegarria delako teoriatik, alegia; baita zein eragin harrigarria zertzen duen ere, jarduteaz bakarrik arduratu direlarik beti –eta pentsatzeaz batere ez-, ezagutu gabe beren ekintzak teoria horretara moldatzen dituztenengan.
Marinel amerikar bat aurkitu eta galdetzen badiot haren herrialdeko ontziak zergatik dauden gutxi irauteko moduan eraikita, zalantzarik gabe erantzungo dit nabigazioaren arteak egunetik egunera hain aurrerapen handiak egiten dituenez, ontzirik ederrena ere laster ia erabiltezin geldituko litzatekeela urte batzuk baino gehiago iraungo balu.
Gizon zahar batek eta egitate partikular bati buruz ustekabean botatako hitz horietan, nik ideia orokor eta sistematikoa hautematen dut, honen arabera gidatzen dituelarik herri handi batek gauza guztiak.
Nazio aristokratikoek berezko joera dute giza hobegarritasunaren mugak gehiegi estutzeko, eta nazio demokratikoek neurriz gain zabaltzen dituzte batzuetan.
IX. Nola amerikarren kasuak ez duen frogatzen herri demokratiko batek ezin duenik zientzia, literatura eta arteetarako gustu eta gaitasunik izan
[aldatu]Aitortu beharra dago gaur egungo herri zibilizatuen artean goimailako zientziek gutxitan egin dutela Estatu Batuetan baino aurrerapen txikiagorik, eta gutxik eman dutela artista handi, poeta distiratsu eta idazle ospetsu gutxiago.
Zenbait europarrek, ikuskizun honekin harrituta, berdintasunaren emaitza natural eta ezinbestekotzat jo dute, eta pentsatu dute gizarte-egoera eta erakunde demokratikoak noizbait munduan nagusituz gero, giza izpirituari pixkanaka ilundu egingo litzaizkiokeela dituen argiak, eta gizakia ilunpetan jausiko litzatekeela berriro.
Honela arrazoitzen dutenek, nire ustez, hainbat ideia nahasten dituzte, garrantzizkoa litzatekeelarik bereizi eta aparte aztertzea. Demokratikoa dena amerikarra baizik ez denarekin nahasten dute nahigabe.
Lehen migrariek bizi izan zuten eta ondorengoei utzi zieten erlijioa –sinplea bere kultuan, latza eta ia basatia bere printzipioetan, kanpo-zeinuen eta zeremonia arranditsuen etsai- ez da berez arte ederren oso aldeko eta gogoz kontra baino ez ditu onartzen plazer literarioak.
Amerikarrena oso antzinako herria da eta oso ilustratua, lurralde berri eta oso zabala aurkitu duena –bertan bere nahierara zabal daitekeelarik- eta nekerik gabe emankortzen duena. Ez dago honelako beste kasurik munduan. Amerikan beste edonon ez dauden erraztasunak aurkitzen ditu bakoitzak aberasteko edota aurretikoa areagotzeko. Gutizia beti irrikaz egoten da, eta giza izpiritua, irudimenaren plazeretatik eta adimenaren lanetatik uneoro aldendua, aberastasunaren bila bakarrik saiatzen da. Estatu Batuetan, beste herrialde guztietan bezalaxe, industriari eta merkatari-klaseak ikusten dira; baina gainera, inoiz ikusi gabeko zerbait, han guztiek dihardute aldi berean industrian eta merkataritzan.
Hala ere, ni konbentziturik nago, unibertsoan amerikarrak bakarrik egon izan balira, haien arbasoek lorturiko askatasun eta jakintzargiekin eta beraiei zegozkien grinekin, berandura gabe konturatuko ziratekeela ez dagoela zientzigintzan luzaroan aurrera egiterik teoria landu gabe; arte guztiek perfekzionatzen dutela elkar; eta, beren desira-gai nagusia lortzeari erabat emanak egon arren, laster onartuko zuketela noizean behin horretatik urrundu beharra dagoela hobeto lortu ahal izateko.
Bestalde, izpirituaren plazeretarako gustua gizaki zibilizatuaren bihotzari hain berezkoa zaionez, kultura handiko nazioetan ere –plazer horietarako joera txikiena dutenak- beti aurkitzen da hiritar-kopuru bat gustu hori baduena. Premia intelektual hau, behin sentitu ondoren, laster izango da asebetea.
Baina amerikarrek zientziari aplikazio partikularrak eta arteei bizimodua eroso bihurtzeko baliabideak bakarrik eskatzeko joera naturala zuten aldi berean, Europa jakintsu eta literarioak egiaren sorburu orokorretara jotzen zuen, eta aldi berean perfekzionatu egiten zuen plazeretarako lagungarri izan litekeen guztia, baita gizakiaren premietarako baliagarri izan behar duen guztia ere.
Antzinako Munduko nazio ilustratuen buruan, batez ere bat bereizten zuten Estatu Batuetako biztanleek, berarekin estu lotzen zituztelarik jatorri komunak eta antzerako azturek. Herrialde hartan jakintsu ospetsuak, artista trebeak eta idazle handiak aurkitzen zituzten, eta adimenaren altxorrak bil zitzaketen, horiek metatzeko lan egin beharrik gabe.
Zatitzen dituen ozeanoa egon arren, ezin dut onartu Amerika Europatik banatzea. Estatu Batuetako herria Mundu Berriko oihanak ustiatzeko ardura duen herri ingelesaren parte bat bezala hartzen dut, bitartean nazio honen beste parteak, asti gehiago eta bizitzako premia materialekiko ardura gutxiagorekin, pentsaketara eman eta giza izpiritua zentzu guztietan garatu dezakeelarik.
Amerikarren egoera erabat salbuespenezkoa da, eta pentsatzekoa da beste herri demokratiko bat ez dela inoiz egoera berean aurkituko. Haien jatorri erabat puritanoa, haien aztura komertzial hutsak, bizi direneko herrialdea bera –haien adimena zientzia, letra eta arteen azterketatik desbideratzen duela ematen duena-; Europarekiko auzotasuna, azterketa horiek ez egiteko aukera ematen diena, berriro barbarotasunean jausi gabe; mila kausa partikularrek, hauetatik nagusienak bakarrik azaldu ditudalarik, izpiritu amerikarra era berezian bideratu bide dute gauza erabat materialez arduratzera. Grinek, premiek, heziketak, zirkunstantziek, badirudi orok bultzatzen duela lurrerantz Estatu Batuetako biztanlea. Tarteka-marteka erlijioak bakarrik altxarazten dizkio begiak, pasakor eta arretarik gabe, zerurantz.
Utz diezaiogun, beraz, nazio demokratiko guztiak herri amerikarraren ikuspegitik ikusteari, eta saia gaitezen bakoitza bere ezaugarrien arabera kontuan hartzen.
Imajina daiteke herri bat ez kastarik, ez hierarkiarik, ez klaserik gabea; non legeak, pribilegiorik ez onartzean, berdin banatuko lituzkeen ondareak, eta aldi berean jakintzargi eta askatasunik gabea izango litzatekeena. Hau ez da hipotesi hutsala: despota batek izan dezake interesa menpekoak berdintzeko eta ezjakintasunean uzteko, esklabutzan errazago eduki ahal izateko.
Horrelako herri demokratiko batek ez du inolako gaitasun eta gusturik izaten zientzia, literatura eta arteetarako, baina gainera pentsa daiteke ez duela inoiz ere izango.
Oinordetza-legea bera arduratuko litzateke belaunaldi bakoitzean aberastasunak suntsitzeaz, eta inork ez luke berririk sortuko. Behartsuak, jakintzargirik eta askatasunik gabe, aberastasunerantz igotzeko ideia bera ere ez luke zertuko, eta aberatsak bere buruari pobretzen utziko lioke, nola defendatu ez dakiela. Bi hiritar horien artean laster ezarriko litzateke erabateko berdintasun garaiezina. Inork ez luke orduan ez astirik, ez gusturik izango adimenaren lan eta plazeretara dedikatzeko. Guztiak geldituko lirateke sorgortuta, ezjakintasun berean eta joputza berean.
Horrelako gizarte demokratiko bat imajinatzen dudanean, berehala sentitzen naiz behe-zokoetako leku ilun eta ito horietakoren batean, non kanpotik ekarritako argiak laster moteltzen eta itzaltzen baitira. Iruditzen zait bat-bateko astuntasun batek zanpatzen nauela, eta inguratzen nauten ilunpeetan arrastaka nabilela, aire zabalera eta egun-argitara eraman nezakeen irteeraren bila. Baina hau guztia ezin dakieke aplika jada ilustratuak direnei, ondasunak haien artean zenbait pertsona edo gorputzen eskuetan betiko finkatzen zituzten eskubide partikular eta ondarezkoak suntsitu ondoren, aske jarraitzen dutenei.
Gizarte demokratiko batean bizi direnak, ilustratuak direnean, erraz ohartzen dira ezerk ez dituela mugatzen, ez finkatzen, ez behartzen ere oraingo aberastasunarekin konformatzera.
Beraz, guztiek dute aberastasun hori areagotzeko ideia eta, aske badira, guztiak saiatzen dira lortzen, baina ez dute guztiek era berean lortzen. Egia da legeriak ez duela jada pribilegiorik ematen, baina naturak bai. Desberdintasun naturala hain handia izanik, aberastasunak ere desberdindu egiten dira, aberasteko bakoitzak bere ahalmen guztiak erabiltzen dituen momenturik.
Gainera, oinordetza-legea familia aberatsak sortzearen kontrakoa da oraindik, baina ez du eragozten aberatsak existitzea. Etengabe eramaten ditu hiritarrak maila komun batera, zeinetatik etengabe ihes egiten baitute;beraien jakintzargiak zenbat eta zabalagoak izan eta askatasuna handiagoa, orduan eta desberdinago bihurtzen dira ondasunetan.
Gaur egun sekta bat sortu da, bere jeinu eta nabarmenkeriengatik ospetsua; honek ondasun guztiak botere zentral baten esku bildu nahi zituen, gero botere hau arduratuko litzatekeelarik partikular guztiei banatzeaz, merituaren arabera. Honela ihes egingo omen litzaioke gizarte demokratikoak mehatxatzen dituen erabateko eta betiko berdintasunari.
Bada beste erremedio bat sinpleagoa eta hain arriskutsua ez dena: inori pribilegiorik ez ematea, baizik eta guztiei jakintzargi berdinak eta independentzia berdina eman eta bakoitzari uztea bere lekua aurkitzen. Berezko desberdintasuna laster azalduko da argitara, eta aberastasuna iaioenen aldera pasatuko da berez.
Gizarte demokratiko eta askeek beti edukiko dute beren baitan jende aberats edo bizimodu erosoko asko. Aberats hauek ez dira beren artean antzinako aristokrazi klaseko kideak bezain estu loturik egongo; joera ezberdinak izango dituzte eta ez dute ia inoiz haiek bezain aisialdi seguru eta erabatekoa izango; baina klase hura osatzen zuten kideen kopurua hamaika bider gaindituko dute. Pertsona hauek ez dira bizitza materialaren arduretan oso mugatua geldituko eta, maila ezberdinetan bada ere, adimenaren lan eta plazeretara dedikatu ahal izango dira. Eta bai dedikatuko ere, zeren eta, egia izanik giza izpirituak alde batetik gauza mugatu, material eta erabilgarrietara jotzen duela, bestetik gauza mugagabe, inmaterial eta ederretara jotzen baitu berez. Premia fisikoek lurrari atxikitzen dute, baina, bertan eusten ez dioten momentuan, bere kasa goratzen da.
Izpirituaren egintzez ardura daitezkeenen kopurua handiagoa izango da; baina, gainera, gozamen intelektualetarako zaletasuna poliki-poliki jaitsi egingo da, gizarte aristokratikoetan, dirudienez, horietarako astirik eta gaitasunik ez dutenen mailaraino.
Jada herentziazko aberastasunik ez dagoenean, ezta klase-pribilegiorik eta jaiotzagatiko prerrogatibarik ere, eta indarra nork bere baitatik bakarrik ateratzen duenean, garbi ikusten da jendearen aberastasunen artean ezberdintasun nagusia adimenak ezartzen duela. Adimena sendotu, hedatu eta apaintzeko baliagarri den guztia ere oso baliotsu bihurtzen da berehala.
Jakitearen onuragarritasuna oso argi azaltzen da jendetzaren begietara ere. Horren xarmak gogoko ez dituztenak ere ohartzen dira berorren ondorioez, eta zenbait ahalegin egiten dute lortzeko.
Mende demokratiko, ilustratu eta askeetan, gizakiek ez dute ezer beren postutik aldentzen edo bertan eusten dienik; berebiziko bizkortasunez goratzen edo beheratzen dira. Klase guztiek etengabe ikusten dute elkar, oso hurbil baitaude. Egunero komunikatzen eta nahasten dira elkarrekin, baita elkar imitatzen eta inbidiatzen ere; honek ideia, nozio eta desira-pila bat iradokitzen dio herriari, mailak finkatuak eta gizartea mugiezina balitz izango ez lituzkeenak. Nazio horietan, zerbitzariak ez du bere burua inoiz erabat arrotz jotzen ugazabaren plazer eta lanekiko, ezta behartsuak ere aberatsarenekiko; landan bizi dena hirian bizi denaren antzeko izaten saiatzen da, eta probintziak metropoliaren antzeko.
Honela, inork ez du erraz onartzen bizitzako ardura materialetara bakarrik mugatzea, eta artisaurik sinpleenak ere noizean behin begiratu irrikatsu eta ezkutukoak egiten dizkio adimenaren goi-munduari. Ez da herri aristokratikoetako izpiritu berberaz eta era berean irakurtzen, baina irakurleen zirkulua etengabe zabaltzen da eta azkenerako hiritar guztiak barne hartzen ditu.
Jendea izpirituaren jardueretan interesatzen hasten den momentutik, aintza, boterea edo aberastasunak lortzeko bide handienetako bat jarduera horietakoren batean nabarmentzea dela konturatzen da. Berdintasunak sortarazten duen guztia egonezina berehala zuzentzen da alde horretara, beste guztietara bezala. Zientziak, letrak eta arteak lantzen dituztenen kopurua ikaragarri hazten da. Bizitasun miresgarria agertzen da adimenaren munduan; guztiak saiatzen dira bideren bat irekitzen eta publikoaren begirada nor beregana erakartzen ahalegintzen da. Estatu Batuetan gizarte politikoan gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen da; egintzak sarri ez dira biribilak han, baina bai zenbatezinak; eta gizabanakoen ahaleginen emaitzak normalean oso txikiak izan arren, emaitza orokorra oso handia izaten da beti.
Ez da, beraz, egia demokrazi mendeetan bizi direnei berez ez zaizkiela zientziak, letrak eta arteak axola; aitortu beharra dago beren erara lantzen dituztela eta, alde horretatik, bere-bereak dituzten koalitate eta akatsen ekarpena egiten dutela.
X. Zergatik diren amerikarrak zientzien praktikara emanagoak teoriara baino
[aldatu]Gizarte-egoera eta erakunde demokratikoek giza izpirituaren aurrerabidea ez badute gelditzen ere, ukaezina da behintzat alde batera gehiago zuzentzen dutela bestera baino. Haien ahaleginak, honela mugatuak, oso handiak dira hala ere, eta espero dut barkatuko zaidala une batean gelditzea horiei begiratu bat egiteko.
Amerikarren metodo filosofikoaz jardutean hainbat oharpen egin dut, hemen aprobetxatu beharrekoak.
Berdintasunak dena bere kabuz juzgatu nahia garatzen du gizaki bakoitzarengan; ukigarri eta errealaren zaletasuna ematen dio gauza guztietan, eta tradizio eta formen mesprezua. Joera orokor hauek kapitulu honetako aztergai berezian azaltzen dira, batez ere.
Herri demokratikoetan zientziak lantzen dituztenak utopietan galtzeko beldur izaten dira beti. Sistemekiko mesfidantza dute, egitateetatik oso hurbil egon eta beren kabuz aztertu nahi izaten dituzte; beren hurkoetako inor gailentzerik erraz onartzen ez dutenez, sekula ez daude prest maisuaren esana autoritatetzat hartzeko, baizik eta, alderantziz, horren doktrinaren alde ahula bilatzen saiatzen dira etengabe. Tradizio zientifikoek aginpide gutxi dute haien gain; sekula ez dute denbora luzerik ematen eskola baten sotiltasunetan eta nekez erabiltzen dituzte hitz arranditsuak; ahal duten beste sartzen dira aztergaiaren zati nagusienetaraino, eta herri-hizkeran azaltzea gustatzen zaie. Horrela zientziek ibilera askeago eta ziurragoa izaten dute, baina ez hain jasoa.
Iruditzen zait izpirituak hiru zatitan banatzen duela zientzia.
Lehenak printzipiorik teorikoenak dauzka, noziorik abstraktuenak, aplikazioa ezezaguna edo oso urrutikoa dutena.
Bigarrenean egia orokorrak sartzen dira, teoria hutsaren mailakoak izan arren, hala ere bide zuzen eta laburretik praktikara daramatenak.
Aplikazio-prozedurek eta egikaritza-bideek osatzen dute hirugarrena.
Zientziaren zati ezberdin hauetako bakoitza aparte landu daiteke, nahiz eta arrazoiak eta esperientziak erakusten duten horietako bakoitzak ezin duela luzaroan aurrera egin, beste bietatik erabat bananduz gero.
Amerikan, soil-soilik praktikoa den zientzi zatia miresgarriro lantzen da, eta aplikaziorako berehala behar den zati teorikoaz ere arretaz arduratzen dira; alde honetatik amerikarrek izpiritu argi, aske, orijinal eta emankorra erakusten dute; baina Estatu Batuetan ia ez dago inor giza ezagupenetan, batez ere, teoriko eta abstraktua den arloa lantzen duenik. Honetan, nire ustez, maila txikiagoan bada ere herri demokratiko guztietan aurkituko den joera baten gehiegikeria erakusten dute amerikarrek.
Goimailako zientziak, edo zientzien zatirik gorena, lantzeko ez dago ezer meditazioa baino beharrezkoagorik, eta meditaziorako ez dago ezer desegokiagorik gizarte demokratiko baten barrua baino. Hor ez da aurkitzen, herri aristokratikoetan bezala, klase kopurutsu bat atsedenean dagoena, ongi sentitzen delako, eta beste bat mugitu ere egiten ez dena, hobetzeko itxaropenik ez duelako. Gizarte demokratikoetan guztiak mugitzen dira: batzuek agintea eskuratu nahi dute, besteek aberastasunez jabetu. Zirriparra unibertsal, behin eta berriro tupust egiten duten kontrako interes, gizakiek aberastasunerantz daramaten etengabeko martxa honen erdian, non aurkitu adimenaren konbinazio sakonetarako beharrezko baretasuna? Nola geldiarazi pentsamena puntu jakin batean, inguruan dena mugitzen ari denean eta guztia aurrera daraman korronte oldartsu horrek norbera ere egunero herrestatzen eta zabunkatzen duenean?
Ongi bereizi beharra dago lasai eta jada eratua dagoen demokraziaren baitako mugimendu etengabearen, eta gizarte demokratikoaren sorrera eta garapenean ia beti izaten diren mugimendu zirriparratsu eta iraultzaileen artean.
Oso herri zibilizatu batean bortxazko iraultza gertatzen denean, ezinbestean bat-bateko bulkada ematen zaie sentimendu eta ideiei.
Hau iraultza demokratikoetan da batez ere egia: herri bat osatzen duten klase guztiak aldi berean mugiaraztean, aldi berean hiritar bakoitzaren bihotzean ere ikaragarrizko handinahiak sortarazten baitituzte.
Frantsesek, antzinako gizarte feudalaren hondarrak suntsitzen zituzten une berean, bat-batean zientzia zehatzetan hain aurrerapen miresgarriak egin badituzte, bat-bateko emankortasun hori ez zaio demokraziari egotzi behar, honen garapenarekin batera eman zen eredurik gabeko iraultzari baizik. Orduan zertu zena gertaera berezi bat izan zen; ez litzateke zuhurra izango hartan lege orokor baten arrastoa ikustea.
Iraultza handiak ez dira ohikoagoak izaten herri demokratikoen artean beste herrien artean baino; gutxiago direla ere esango nuke. Baina nazio hauen baitan bada mugimendu txiki ezeroso bat, pertsona batzuen eta besteen arteko joan-etorri etengabe bat, izpiritua, adoretu eta jaso ordez, nahastu eta distraitzen duena.
Gizarte demokratikoetan bizi direnak meditazioan nekez hasteaz gain, baina gainera berez ere ez dute asko estimatzen. Gizarte-egoera eta erakunde demokratikoek etengabe jardutera bultzatzen dituzte gizaki gehienak; nolanahi ere, ekintzari komeni zaizkion izpiritu-azturak ez zaizkio pentsamenari beti komeni izaten. Jardunean dabilenak gutxi gora-beherakoarekin konformatu behar izaten du sarri, xehetasun bakoitza perfekzionatu nahi izanez gero ez bailitzateke inoiz bere xedearen helmugara iritsiko. Sakontzeko astirik izan ez duen ideietan oinarritu behar izaten du etengabe, berarentzat lagungarriago baita darabilen ideiaren egokitasuna, beraren zehaztasun zorrotza baino; eta, edonola ere, arrisku gutxiago dago harentzat printzipio faltsu batzuen erabileran, printzipio guztien egia ezartzen denbora ematean baino. Mundua ez da gobernatzen demostrazio sakon eta jakintsuen bidez. Gertaera berezi baten ikuskizun lasterrak, jendearen grina aldakorren eguneroko azterketak, momentuko kasualitateak eta honi heltzeko abileziak erabakitzen dituzten arazo guztiak.
Ia mundu guztia jardunean aritzen den mendeetan, normalean adimenaren bulkada bizkorrei eta axaleko ideiei gehiegizko balioa egozteko joera izaten da, eta, aitzitik, adimenaren lan sakon eta geldoa neurriz kanpo gutxiestekoa.
Iritsi publiko honek zientziak lantzen dituztenen irizpidean eragina izaten du; meditaziorik gabe ere helburuetan arrakasta izan dezaketela konbentzitzen ditu, edota meditazioa eskatzen dutenetatik aldentzen ditu.
Era asko daude zientziak aztertzeko. Jende-multzo batengan zaletasun egoista, merkantil eta industriala dago izpirituaren aurkikuntzekiko, baina hau ez da nahastu behar gutxi batzuen bihotzean pizten den grina desinteresatuarekin; gauza bat da ezagupenak erabiltzeko nahia, beste bat ezagutzeko desira hutsa. Ez dut dudan jartzen, tarteka-marteka, eta batzuengan, egiaren maitasun sutsu eta agortezina sortzen dela, bere baitatik elikatzen dena eta etengabe gozatzen duena sekula asetu ahal izan gabe. Egiaren maitasun sutsu, harro eta desinteresatua da, gizakiak egiaren sorburu abstraktuetaraino eramaten dituena, handik oinarrizko ideiak ateratzeko.
Pascalek probetxu handiren bat bakarrik espero izan balu, edota ospearen desira hutsak bakarrik mugiarazi balu, ez dut uste bere adimenaren ahalmen guztia bildu ahal izango zuenik, egin zuen bezala, Egilearen sekreturik ezkutukoenak hobeto aurkitu ahal izateko. Eta ikerlan honetara erabat dedikatzeko, bere arima bizitzako arduretarik atera zuela eta, gorputzarekin lotzen zuten lokarriak garaiz lehen apurtuz, berrogei urte bete gabe zaharrez hil zela ohartzean, txundituta gelditzen naiz orduan, eta ulertzen dut hain ahalegin ezohikoak eragin ditzakeen kausa ezin dela ohikoa izan.
Etorkizunak frogatuko du grina hauek, hain bakanak eta emankorrak, gizarte demokratikoen erdian aristokrazien baitan bezain erraz sortzen eta garatzen diren ala ez. Sinestea kosta egiten zaidala aitortzen dut nik.
Gizarte aristokratikoetan, iritzia gidatzen eta arazoez arduratzen den klaseak, iraunkorki eta herentziaz jendearen gainetik kokatua dagoenez, ideia paregabea zertzen du naturaltasun osoz bere buruaz eta gizakiaz. Honentzat gozamen loriatsuak imajinatzen ditu gogotsu eta helmuga zoragarriak ezartzen dizkie berorren gurariei. Aristokraziek ekintza oso tiranikoak eta ankerrak egiten dituzte sarri, baina oso nekez izaten dituzte behe-mailako pentsamenduak eta halako destaina harro bat agertzen dute plazer txikiekiko, nahiz eta berauetan murgildu. Honek oso goi-mailara altxatzen ditu arima guztiak. Aristokrazi garaietan gizakiaren duintasun, ahalmen eta handitasunari buruz ideia oso zabalak zertzen dira normalean. Iritzi hauek zientziak lantzen dituztenengan nahiz beste guztiengan eragiten dute; izpirituaren berezko abiadari pentsamenaren eremu gorenetarantz bultza egiten diote, eta egiaren maitasun sublime eta ia jainkozkoa zertzera prestatzen dute naturalki.
Garai hauetako jakintsuak, beraz, teoriarantz eramanak dira, eta sarritan praktikarekiko mesprezu begirunegabea zertzea ere iristen dira. “Arkimidesek, dio Plutarkok, bihotza hain goian izan zuenez, ez zuen inoiz idatziz utzi nahi izan gerra-makina horiek guztiak eraikitzeko erari buruzko obrarik; eta makinak asmatu eta osatzeko zientzia hori eta, oro har, praktikan jartzean onuraren bat dakarren arte oro zital, kaskar eta mertzenariotzat zeukanez, bere izpiritua eta azterlana, beharrarekin inolako zerikusirik gabeko edertasun eta sotiltasuna duten gauzak idazteko erabili zituen”. Hona hemen zientzien ikuspegi aristokratikoa.
Ezin gauza bera gertatu nazio demokratikoetan.
Nazio hauek osatzen dituztenetako gehienek irrika bizia dute oraingo gozamen materialetarako; dagokien posizioaz sekula pozik ez daudenez eta uzteko beti libre, beren aberastasuna aldatzeko edota gehitzeko eran bakarrik pentsatzen dute.
Honelako jarrera duten izpirituei, bide laburragorik aberastasunera daraman metodo berri oro, lanaldia laburtzen duen makina oro, produkzio-gastuak gutxitzen dituen tresna oro, plazerak erraztu eta areagotzen dituen aurkikuntza oro, giza adimenaren ahaleginik zoragarriena iruditzen zaie. Herri demokratikoak batez era alde honetatik atxikitzen zaizkie zientziei, alde honetatik ulertzen eta ohoratzen dituzte. Aristokrazi mendeetan, batez ere izpiritu mailako gozamenak eskatzen zaizkie zientzien; demokrazietan, gorputz mailakoak.
Nazio bat zenbat eta demokratikoago, ilustratuago eta askeagoa izan, hainbat eta gehiago haziko da jeinu zientifikoa interesen arabera baloratzen dutenen kopurua, eta industrian berehala aplikatzeko moduko aurkikuntzek orduan eta probetxu, aintza eta botere gehiago emango diete aurkitzaileei; zeren eta demokrazietan, lan egiten duen klaseak parte hartzen baitu arazo publikoetan, eta klase horren zerbitzura daudenek ohorea nahiz dirua espero dezakete berorrengandik.
Erraz imajina daiteke horrela antolaturiko gizarte batean giza izpirituak teoria baztertzera joko duela oharkabean, eta, aitzitik, kemen paregabeaz bultzatua sentituko dela aplikaziorantz, edota behintzat aplikatzen dutenentzat beharrezkoa den teori zati horretarantz.
Instintuzko joera batek giza izpiritua adimenaren eremu gorenetarantz jasotzen du alferrik, interesak erdi-mailakoetara ekartzen baitu berriro. Hor hedatzen du bere indarra eta jarduera pausagabea, gauza miresgarriak sortaraziz. Amerikar horiek beroriek, mekanikaren lege orokorretako bat bakarra ere aurkitu ez dutenek, munduaren itxura aldatzen ari den makina berri bat sartu dute nabigazio-arloan.
Jakina, ez dut inola ere esan nahi egungo herri demokratikoek giza izpirituaren argi traszendenteak itzaltzen ikusi beharko dituztenik, ezta horien baitan berririk piztuko ez denik ere. Gu bizi garen mundu-aroan, eta industri irrikak etengabe asaldatzen dituen hainbeste nazio ilustraturen artean, zientziaren zati ezberdinak elkarren artean batzen dituzten lokarriak ezin dira begi-bistatik desagertu; eta praktika-zaletasunak berak, ilustratua bada, teoria ez baztertzera eraman behar ditu gizakiak. Hainbeste aplikazio-saio eta egunero errepikaturiko hainbeste esperientziaren artean, ia ezinezkoa da, sarri ez agertzea, lege oso orokorrak; honela aurkikuntza handiak sarri egingo dira, nahiz eta asmatzaile handiak bakanak izan.
Bestalde, nik sinesten dut bokazio zientifiko handietan. Demokraziak ez badu jendea zientziak –zientzia hutsaren ikuspegitik- lantzera eramaten, bestalde ikaragarri gehitzen du horiek lantzen dituztenen kopurua. Ezin da sinetsi, hain jendetza handiaren artean, noizean behin jeinu espekulatzaileren bat sortuko ez denik, egiaren maitasunak bakarrik pizten duena. Ziurta daiteke hau ahaleginduko dela naturako misteriorik sakonenetan sartzen, edozelakoa izanik ere bere herrialdeko eta garaiko izpiritua. Ez dago horren garapenari lagundu beharrik; aski da ez geldiaraztea. Esan nahi dudan guztia hauxe da; baldintzen desberdintasun iraunkorrak egia abstraktuen bilatzen harro eta antzuan ixtera eramaten du gizakia; aitzitik, gizarte-egoera eta erakunde demokratikoek zientziei aplikazio berehalako eta erabilgarriak bakarrik eskatzeko prestatzen dute gizaki hori.
Joera hau berezkoa eta ekidinezina da. Bitxia da ezagutzea, eta beharrezkoa izan daiteke erakustea.
Egungo nazioak gidatu behar dituztenak argi eta urrutitik ohartuko balira joera berri hauetaz, laster ekidinezinak izango direnak, beraiek ulertuko lukete demokrazi mendeetan bizi direnek, jakintzargi eta askatasunarekin, derrigorrez perfekzionatu behar dutela zientzien industri arloa, eta aurrerantzean gizarte-boterearen ahalegin guztia goi-mailako ikasketak bultzatzera eta zientzi grina handiak sortzera bideratu behar dela.
Gaur egun giza izpirituari teoriaren esparruan eutsi behar zaio; bere kabuz praktikara doa lasterka, eta, bigarren mailako ondorioen azterketa zehatzera etengabe eraman ordez, on da batzuetan hortik desbideraraztea, lehen kausen kontenplaziora goratu ahal izateko.
Erromako zibilizazioa barbaroen inbasio ostean hil zenez, agian gehiegizko joera dugu pentsatzeko zibilizazioa ezin dela beste era batera hil.
Argitzen gaituzten argiak inoiz itzaliko balira, pixkanaka ilunduko lirateke, eta beren kabuz bezala. Aplikazioan ixtearen poderioz, printzipioak galduko lirateke bistatik, eta, printzipioak erabat ahaztu ondoren, gaizki aplikatuko lirateke haietatik ateratako metodoak; ezingo litzateke berririk asmatu, eta buruargitasunik eta arterik gabe erabiliko lirateke jada ulertu ere egingo ez liratekeen zientzi prozedurak.
Duela hirurehun urte europarrak Txinara iritsi zirenean, han ia arte guztiak nolabaiteko perfekzio-mailara iritsiak aurkitu zituzten, eta, puntu hartara iritsi ondoren, aurrerago ez joan izanaz harritu ziren. Geroago, ezagutza handiago batzuen aztarna galduak aurkitu zituzten. Nazioa industriala zen; metodo zientifiko gehientsuenek irauten zuten artean haren baitan, baina zientzia bera ez zen jada existitzen. Honek esplikatu zien hango mugigaiztasun berezi hura, non aurkitu baitzuten murgildua herri haren izpiritua. Txinatarrek, arbasoen arrastoari jarraitzean, haientzat gidari izandako arrazoiak ahaztu zituzten. Oraindik formulaz baliatzen ziren, baina zentzua bilatu gabe; tresna gordetzen zuten, eta ez zeukaten hura aldatzeko eta berregiteko artea. Txinatarrek ezin zuten, beraz, ezer aldatu. Hobekuntzari uko egin beharrean zeuden. Beti eta edozertan arbasoak imitatzera beharturik zeuden, azken hauek irekitako bidetik izpitxo bat ere aldenduz gero, ilunperik beltzenean ez erortzeko. Giza ezagupenen sorburua ia agorturik zegoen; eta, artean ibaian ura joan arren, honek ezin zuen bere emaria gehitu edo bidea aldatu.
Hala ere, Txinak mendeak zeramatzan bake-bakean bizitzen; konkistatzaileek hartuak zituzten bertako ohiturak; ordena zen han nagusi. Nolabaiteko ongizate materiala ikusten zen han alde guztietan. Iraultzak oso bakanak ziren, eta gerra ia ezezaguna, nolabait esateko.
Ez da, ordea, lasaitu behar barbaroak oraindik gugandik urruti daudela pentsatuz; zeren eta, jakintzargia eskuetatik ken diezaieten uzten duten herri batzuk badiren arren, badira beste batzuk beren oinpean itotzen dutenak.
XI. Zelako izpirituz lantzen dituzten amerikarrek arteak
[aldatu]Irakurleen eta neure denbora galduko nukeela uste dut saiatuko banintz frogatzen, aberastasunen kaskarkeria orokorrak, alferrikakorik ezak, ongizatearen desira unibertsalak eta hau eskuratzeko bakoitzak egiten dituen ahalegin unibertsalek erabilgarriaren zaletasuna sortzen dutela giza bihotzean, edertasunarekiko maitasunaren gainetik. Nazio demokratikoek, zeinetan aurkitzen baitira gauza hauek guztiak, bizitza eroso bihurtzeko balio duten arteak landuko dituzte, helburutzat edertasuna daukatenen aurretik behintzat; normalean nahiago izango dute zerbaitetarako erabilgarri dena ederra dena baino, eta ederra erabilgarri izatea nahiko dute.
Baina aurrerago joan nahi dut, eta, lehen ezaugarria aipatu ondoren, beste zenbait azaldu.
Gertatzen da normalean, pribilegio-mendeetan, arte gehientsuenen egikaritza pribilegio bihurtzen dela, eta lanbide bakoitza aparteko mundu bat dela, non ezin izaten baita jende guztia sartu. Eta, industria libre denean ere, nazio aristokratikoek berezkoa duten mugiezintasunaren ondorioz, arte bat berean diharduten guztiek azkenerako klase berezi bat osatzen dute, beti familia berberek osatua, non kide guztiek ezagutzen baitute elkar eta non laster sortzen baita iritzi orokor eta “corpus” edo kidego-harrotasuna. Horrelako klase industrial batean, artisau bakoitzak ez du aberastea bilatu behar bakarrik, baita begirunea gorde ere. Arautzat ez du bere interesa bakarrik, ezta eroslearena ere, kidegoarena baizik, eta kidegoaren interesa artisau bakoitzak maisulanak egitea da. Aristokrazi mendeetan, arteen goiburua ahalik eta ongien egitea da, ez ahalik eta bizkorren eta merkeen egitea.
Aitzitik, lanbide bakoitza guztiengana irekita dagoenean, horietan jendea etengabe sartu-irtenean dabilenean, eta kide ezberdinak –beren ugaritasunagatik- elkarrekiko arrotz, axolagabe eta ia ikusezin bihurtzen direnean, elkarte-lokarria suntsitu egiten da, eta langile bakoitzak, bere baitan itxita, gasturik txikienaz ahalik eta dirurik gehien irabaztea bilatzen du; kontsumitzailearen borondateak bakarrik mugatzen du. Nolanahi ere, eta aldi berean, azken honek ere jasaten du dagokion iraultza.
Aberastasuna, boterea bezala, esku batzuetan bildua eta horietatik irten gabe dagoen herrialdeetan, mundu honetako ondasun gehienen erabilera pertsona-kopuru txiki bati egokitzen zaio, beti berberari; premiek, iritziek, desiren moderazioak beste guztiak baztertzen dituzte horietatik.
Klase aristokratiko hau mugitu gabe –ez murriztu, ez handitu gabe- gelditzen denez kokaturik dagoeneko handitasun-puntuan, beti premia berberak sumatzen ditu eta era berean sentitzen. Klase hori osatzen duten pertsonek, herentziaz dagokien goi-mailako posizioagatik, naturalki lortzen dute ongi-ongi egina eta iraunkor denaren zaletasuna.
Honek jite orokor bat ematen die nazioaren ideiei arte-kontuan.
Herri hauetan sarri gertatzen da nekazariak berak ere nahiago duela irrikatzen duen gauzarik batere gabe gelditu, akatsen batekin eskuratu baino.
Aristokrazietan, langileek erosle-kopuru mugatuarentzat bakarrik lan egiten dute; hauek oso zailak direlarik pozik uzten. Lanaren perfekzioaren arabera dago, batez ere, espero duten irabazia.
Ez da gauza bera gertatzen, pribilegio guztiak suntsituak izan ondoren, gizarte-mailak elkarrekin nahastu eta gizakiak etengabe gora eta behera ibiltzen direnean gizarte-eskalan.
Herri demokratiko baten baitan beti aurkitzen da hiritar-kopuru handi bat, zeinen ondarea zatitu eta urritu egiten baita. Garai hobeetan berenganatuak dituzte premia batzuk, asetzeko gaitasuna galdu ondoren ere bizirik dituztenak, eta kezkati bilatzen dituzte zeharkako baliabideren batzuk premia horiek hornitzeko.
Bestalde, demokrazietan beti ikusten da pertsona-kopuru handi bat, zeinen aberastasuna hazi egiten den, baina haien desirak aberastasuna baino askoz bizkorrago hazten dira eta aberastasun honek agintzen dizkien ondasunak begiez irensten dituzte, eman baino ere askoz lehenago. Alde guztietatik bide laburragoak bilatzen dituzte hurbileko gozamen horietarako. Bi kausa hauen elkartzeak eragiten du demokrazietan beti egotea hiritar asko, baliabideak baino premia handiagoak dituztenak eta gutiziatzen duten horri erabat uko egin baino lehen osagabeki asetzea gogotsu onartuko luketenak.
Langileak erraz ulertzen ditu grina hauek, berak ere badituelako. Aristokrazietan, bere produktuak, oso garesti, banaka batzuei saltzen saiatzen zen; orain, aberasteko bide laburragoa ere egon daitekeela ohartzen da: guztiei saltzea, merke.
Nolanahi ere, bi era bakarrik daude salgai baten prezioa jaitsi ahal izateko.
Lehena, produzitzeko bide hobeak, laburragoak eta zentzuzkoagoak aurkitzea. Bigarrena, antzera samarreko gauzak askoz ugariago egitea, baina balio txikiagokoak. Herri demokratikoetan, langilearen adimen-gaitasun guztiak bi puntu horietara bideratzen dira.
Hobeto ez ezik, bizkorrago eta gastu gutxiagoz ere lan egiteko aukera emango dioten prozedurak asmatzen ahalegintzen da, eta, hori ezin badu lortu, egiten duen gauzaren koalitate intrinsekoak murrizten saiatzen da, izango duen erabilerarako zeharo desegoki bihurtu gabe. Erlojuak aberatsek soilik erabiltzen zituztenean, ia guztiak izaten ziren paregabeak. Gaur egun erdipurdikoak egiten dira, baina mundu guztiak du bat. Honela demokraziak giza izpiritua arte erabilgarrietara bideratu ez ezik, gauza inperfektu asko oso bizkor egitera ere bultzatzen ditu artisauak, eta kontsumitzailea, gauza horiekin konformatzera.
Behar izanez gero, demokrazietan artea gai da gauza miragarriak sortzeko. Hau ikusten da batzuetan, denbora eta nekea ordaintzeko prest dauden erosleak agertzen direnean. Industria guztien borroka honetan, ikaragarrizko lehia honen eta hainbeste saiakuntzaren erdian, langile paregabeak prestatzen dira, beren lanbidearen azken mugetaraino iristen direnak; baina hauek nekez izaten dute egiten dakitena erakusteko aukera. Arretaz ekonomizatzen dituzte ahaleginak; bere burua epaitzen duen kaskarkeria trebean mantentzen dira eta, daukan xedea baino harantzago joan ahal izango litzatekeelarik, lortzen dutena baino gehiago ez dute nahi izaten. Aristokrazietan, aitzitik, langileek dakiten guztia egiten dute beti, eta, gelditzen direnean, beren jakintzaren mugara iritsi direlako izaten da.
Herrialderen batera iritsi eta arteek sorturiko emaitza miresgarriak ikusten ditudanean, honek ez dit ezer erakusten herrialde horretako gizarte-egoera eta konstituzio politikoaz. Baina ikusten badut arte-ekoizpenak orokorrean behar bezala burutugabeak, oso ugariak eta merkeak direla, ziur egoten naiz hori gertatzen den herrian pribilegioak ahultzen ari direla, gizarte-mailak nahasten hasiak direla eta laster batu egingo direla.
Demokrazi mendeetan bizi diren artisauek ez dute beren produktu erabilgarriak hiritar guztien irispidean jarri nahi izaten bakarrik, baita ere saiatzen dira beren produktu guztiei berez ez dituzten koalitate distiratsuak ematen.
Klase guztien nahasmenean, ez den bezalakoa agertu ahal izatea espero du bakoitzak, eta ahalegin handiak egiten ditu horretara iristeko. Demokraziak ez du sortarazten sentimendu hori, giza bihotzari oso berezkoa zaiona; baina gauza materialei aplikatzen die. Bertutearen hipokresia garai guztietakoa da; luxuarena, demokrazi mendeetakoa, batez ere.
Giza harrotasunaren premia berri hauek asetzeko, arteek amarrukeria guztietara jo izan dute; batzuetan, industria hain urruti joaten denez bide honetatik, kalte egiten dio bere buruari. Diamantea hain bikain imitatzera iritsi direnez, erraza da nahastea. Sasi-diamanteak, benetakoetatik ez bereizteko moduan, fabrikatzeko artea asmatzen den momentuan, ziur aski baztertu egingo dira batzuk eta besteak, eta harkoskor bilakatuko dira.
Honek arte ederrak deitzen diren horietaz hitz egitera narama.
Ez dut uste gizarte-egoera eta erakunde demokratikoen beharrezko ondorioa arte ederrak lantzen dituztenen kopurua murriztea denik; baina kausa hauek eragin ahaltsua dute arte horiek lantzeko eran. Arte ederretarako zaletasuna kutsaturik zeuden gehienak behartsu bilakatzen, eta, bestalde, oraindik aberats ez direnetako asko, imitazioz, arte-edarretarako zaletasuna sentitzen hastean, kontsumitzaileen kopurua hazi egiten da oro har, eta kontsumitzaile oso aberats eta oso finak bakanago bihurtzen. Orduan, arte erabilgarriez hitz egiterakoan azaldu dudanaren antzeko zerbait gertatzen da arte ederretan ere. Beren obrak ugaltzen dituzte eta bakoitzaren meritua gutxitzen.
Handia lortzera jo ezin denez, dotorea eta polita dena bilatzen da; eta gutxiago jotzen da errealitatera, itxurara baino.
Aristokrazietan koadro handi batzuk pintatzen dira, eta herrialde demokratikoetan koadro txiki asko. Lehenengoetan brontzezko estatuak eraikitzen dira, eta bigarrenetan igeltsuzko estatuak husten.
New Yorkera lehen aldiz iritsi nintzenean, East River deritzan Atlantiar ozeanoaren aldetik, harrituta gelditu nintzen, hiritik halako tarte batera, ibaiertzean marmol zurizko hainbat jauregi txiki zuri ikustean, haietako zenbaitek antzinako arkitektura zutelarik; biharamunean, nire begirada bereziki erakarri zuena hurbilagotik ikustera joan nintzenean, hormak adreilu zuriztatuz eta kolumnak zur pintatuz eginak zituela konturatu nintzen. Gauza bera gertatzen zen bezperan miretsitako monumentu guztiekin.
Gainera, gizarte-egoera eta erakunde demokratikoek halako joera berezi batzuk ematen dizkiete imitazio-arte guztiei, erraz adieraz daitezkeenak. Sarritan urrundu egiten dituzte arima errepresentatzetik gorputzarenera bakarrik aplikatzeko; eta sentimenduen eta ideien errepresentazioaren ordez mugimenduen eta sentsazioena egiten dute; azken batean, idealaren lekuan erreala jartzen dute.
Ez dut uste Rafaelek gaur egungo marrazkilariek bezain azterketa sakonik egin zuenik giza gorputzaren xehetasunik txikienez. Puntu honetan, hark ez zion egungoek bezalako garrantzirik ematen zehaztasun zorrotzari, gainditu egin nahi baitzuen natura. Gizakia, gizakia bera baino gehiago izango zen zerbait egin nahi zuen; edertasuna bera edertzen saiatu zen.
David eta haren ikasleak, aitzitik, anatomista bezain pintore onak ziren. Izugarri ongi errepresentatzen zituzten begi-bistan zeuzkaten ereduak, baina nekez imajinatzen zuten ezer harantzago; haiek naturari jarraitzen zioten zehatz-mehatz, Rafaelek zerbait hobea nahi zuen bitartean. Haiek gizakiaren erretratu zehatza utzi digute, baina honek jainkotasuna sumarazten digu bere obretan.
Gaiaren aukeraketari berari aplika dakioke tratatzeko erari buruz esan dudana.
Errenazimentuko pintoreek normalean beren gainetik edo beren garaitik urrun bilatzen zituzten gai handiak, beren irudimenari eremu zabala eskainiko ziotenak. Gure pintoreek etengabe aurrean duten bizitza pribatuko xehetasunak zehatz-mehatz berregiten jartzen dute sarri beren talentu, eta alde guztietatik kopiatzen dituzte objektu txikiak, bestela ere naturan gehiegi dauden horietakoak.
XII. Zergatik eraikitzen dituzten amerikarrek aldi berean hain monumentu txiki eta handiak
[aldatu]Esan berri dut demokrazi mendeetan arte-monumentuak ugariagoak izaten zirela eta txikiagoak. Berehala esango dut erregela honek bere salbuespena duela.
Herri demokratikoetan, gizabanakoak oso ahulak dira; baina Estatua, guztiak ordezkatzen eta guztiak bere esku dituena, oso indartsua da. Hiritarrek inon ez dirudite txikiagoak nazio demokratikoetan baino. Nazioak berak inon ez dirudi handiagoa eta izpirituak inon ez du nazioaren ikuspegi zabalik errazago zertzen. Gizarte demokratikoetan, jendearen irudimena murriztu egiten da bere buruaz pentsatzen duenean; eta mugagabeki hedatzen da Estatuaz pentsatzen duenean. Horregatik gertatzen da egoitza estuetan apal-apal bizi den jende berberak sarri gauza erraldoietara jotzen duela monumentu publikoak egin behar direnean.
Amerikarrek, beren hiriburua egin nahi zuten lekuan, ikaragarrizko hiri baten esparrua jarri dute, gaur egun oraindik Pontoise baino askoz jendeztatuago ez dagoena, baina haien arabera egunen batean milioi bat biztanle izango dituena; dagoeneko erauzi dituzte zuhaitzak inguruko hamar legoatan, irudizko metropoli horretan etorkizuneko hiritarrentzat oztopo izan ez daitezen. Hiriaren erdian jauregi zoragarri bat eraiki dute Kongresuaren egoitza izan dadin, eta Kapitolio izen arranditsua eman diote.
Egunero estatu partikularrek berek eginkizun miresgarriak asmatzen eta gauzatzen dituzte, Europako nazio handien jeinua harrituko luketenak.
Honela, demokraziak ez du jendea obra txiki asko egitera bakarrik bultzatzen; monumentu oso handien kopuru txiki bat eraikitzera ere eramaten du. Baina bi mutur hauen artean ez dago ezer. Oso eraikin handien aztarna sakabanatu batzuek ez dute ezer adierazten eraiki dituen herriaren gizarte-egoera eta erakundeei buruz.
Nire gaitik kanpo badago ere, erantsiko dut ez dutela hobeto ezagutarazten herri horren handitasun, jakintzargi eta benetako oparotasuna.
Edozein botere, herri oso bat eginkizun bakar batera bideratzeko gai den guztietan, jakintza gutxi eta denbora luzez zerbait izugarria lortzera iritsiko da hain ahalegin handien bategiteaz, nahiz eta horretatik ez egon ateratzerik herria oso zoriontsu, oso ilustratu edo oso indartsu denik. Espainolek tenplu zoragarriz eta egundoko jauregiz betea aurkitu zuten Mexikoko hiria; baina horrek ez zion Cortesi eragotzi seiehun oinezko gerlari eta hamasei zaldirekin Mexikoko inperioa konkistatzea.
Erromatarrek hidraulikaren legeak hobeto ezagutu balituzte, ez zituzketen egingo beren hirien hondakinak inguratzen dituzten akueduktu horiek guztiak, eta beren botere eta aberastasuna hobeto erabiliko zituzketen. Lurrunezko makina asmatu izan balute, agian ez zituzketen beren inperioaren muturretaraino hedatuko erromatar bideak deritzen harritoki artifizial luze horiek.
Gauza horiek haien ezjakintasunaren eta aldi berean haien handitasunaren lekuko paregabeak dira.
Bere igarotzearen aztarna bakartzat lur barruan berunezko hodi batzuk eta gainean burdinazko barra batzuk bakarrik utzitako herriak erromatarrek baino hobeto kontrola zezakeen natura.
XIII. Mende demokratikoen fisionomia literarioa
[aldatu]Estatu Batuetan liburu-saltzaile baten dendara sartu eta apaletan dauden liburu amerikarrak ikustean, obra-kopuruak oso handia ematen du, eta autore ezagunen kopuruak, ordea, oso txikia.
Lehenik, giza ezagupenen hastapenak emateko oinarrizko tratatu-pila aurkitzen da. Hauetako gehienak Europan eginak dira. Amerikarrek berrinprimatu egin dituzte beren erabilerara egokituz. Ondoren, ia zenbatu ezin beste, erlijio-liburuak, bibliak, sermoiak, anekdota jainkozaleak, eztabaidak eta karitateko elkarteen txostenak. Azkenik, panfleto politikoen katalogo luzea agertzen da: Amerikan alderdiek, elkarri erasotzeko, ez dituzte liburuak egiten, liburuxkak baizik, ikaragarrizko arintasunez zirkulatzen dutenak, egun bateko bizia baino ez dutenak.
Giza izpirituaren produkzio ilun hauen guztien artean, europarrek ezagutzen dituzten edo ezagutu beharko lituzketen autore gutxi batzuen obrarik azpimarragarrienak agertzen dira.
Gaur egun literaturaz gutxien arduratzen den herri zibilizatua agian Amerika izango den arren, bertan, hala ere, jende-kopuru handia dago izpirituko gauzez arduratzen dena, eta gai hauek, beren bizitza osoko aztergai bihurtzen ez badituzte ere, bai behintzat beren aisialdiko gozagai. Baina Ingalaterrak hornitzen ditu eskaturiko liburu gehientsuenez. Obra ingeles handi gehientsuenak berrargitaratzen dira Estatu Batuetan. Britainia Handiko jeinu literarioak Mundu Berriko oihanen barreneraino bidaltzen ditu bere izpiak. Esplorazio-aitzindarien etxola gehienetan aurkitzen dira Shakespeareren liburuki solteren batzuk. Gogoan dut Henri V drama feudala log house (enbor-etxe) batean irakurri nuela lehen aldiz.
Amerikarrek egunero jotzen dute literatura ingeleseko altxorretara, baina gainera, egia esateko, beren lurrean bertan aurkitzen dute Ingalaterrako literatura. Estatu Batuetan literatur obrak egitera emana den kopuru txiki horretan, gehienak ingelesak dira funtsagatik eta, batez ere, formagatik. Honela, eredutzat hartua duten nazio aristokratikoaren baitan indarrean dauden ideia eta usadio literarioak demokraziaren baitara eramaten dituzte. Mailegaturiko kolorez pintatzen dituzte atzerriko ohiturak; ia inoiz ez dutenez sorterria bere errealitatean errepresentatzen, ez dira oso ezagunak izaten bertan.
Estatu Batuetako hiritarrek hain konbentziturik ematen dutenez liburuak ez direla beraientzat argitaratzen, beren idazleetako baten meritua aitortu aurretik, Ingalaterran probatu arte itxaroten dute normalean. Beraz, koadroekin egin ohi den bezala, orijinalaren egileari gogotsu uzten zaionean kopiaz bere epaia emateko eskubidea.
Zehatz hitz eginda, beraz, Estatu Batuetako biztanleek oraindik ez dute literaturarik. Amerikartzat jotzen ditudan autore bakarrak kazetariak dira. Hauek ez dira idazle handiak, baina bertako hizkeran mintzatzen dira, eta ulertarazi egiten. Besteak atzerritarrak iruditzen zaizkit. Errenazimentu garaian greziar eta erromatarren imitatzaileak guretzat izan zirena, hala dira hauek amerikarrentzat: jakingura sortzen dute, baina ez begikotasun orokorra. Izpiritua entretenitzen dute, eta ez dute ohituretan eragiten.
Dagoeneko esan dut gauzen egoera hau inola ere ez dagokiola demokraziari bakarrik, eta honekin zerikusirik ez duten hainbat zirkunstantzia partikularretan bilatu behar direla kausak.
Amerikarrek, bere gizarte-egoera eta legeak gordez, beste jatorri bat balute eta beste herrialde batera eramanak izango balira, ziur nago izango luketela literatura. Diren bezalakoak izanda ere, ziur nago izango dutela azkenerako; baina gaur egungo idazki amerikarretan agertzen denaz bestelako izaera izango du, bere-berea. Ez da ezinezkoa izaera hori nolakoa izango den aurrez esatea.
Demagun herri aristokratiko bat, letrak lantzen dituena; bertan adimen-lanak, gobernu-arazoak bezalaxe, klase subirano batek arautzen ditu. Literatura, izate politikoa bezalaxe, ia erabat mugatua dago klase honetara edota hurbilen dituenetara. Hau nahikoa dut gainerako guztiaren giltza izateko.
Pertsona-kopuru txiki bat, beti bera, aldi berean gauza berberez arduratzen denean, erraz ulertzen dute elkar eta elkarren artean erabakitzen dituzte kide bakoitza gidatuko duten arau nagusiak. Jende honen arreta literaturak erakartzen badu, izpirituko lanak ere laster jarriko dituzte lege jakin batzuen menpe, eta ez da onartuko horietatik aldentzea.
Jende hauek herentziazko posizioa baldin badute beren herrialdean, berezko joera izango dute ez bakarrik arau finkoen kopuru bat berentzat hartzeko, baita arbasoek berentzat ezarritakoei jarraitzeko ere; haien legeria zorrotza eta tradiziozkoa izango da aldi berean.
Gauza materialengatik derrigorrez kezkatuta ez daudenez –eta ez dira inoiz egon, eta beren gurasoak ere ez ziren askoz gehiago egon-, izpirituko lanez arduratu ahal izan dira hainbat belaunalditan zehar. Ulertu egiten dute literatur artea eta azkenerako maitatu egiten dute bere horretan eta atsegin errefinatua sentitzen dute beraren arauak bete egiten direlako.
Hala ere, hori ez da dena. Aipatzen ari naizen hauek bizitza hasi eta bukatu aisetasun edo aberastasunean egiten dute; hortaz, berez zertu dute gozamen aukeratuen zaletasuna eta atsegin fin eta delikatuen maitasuna.
Are gehiago, izpiritu eta bihotzaren halako fauntasun batek, hainbeste ondasunen erabilera luze eta baketsuaren artean sarri berenganatzen dutena, beren plazeretan ezustekoegi edo biziegitzat egon litekeena urruntzera eramaten ditu. Nahiago dute entretenimendua hunkipen biziak baino; interesa sor diezaieten nahi dute, baina ez arrastaka eramatea.
Orain, imajinatu literatur lan-pila, aipatu berri ditudan hauek eginak, edota berauentzat eginak, eta erraz imajinatuko duzue literatura guztiz erregularra eta aurretiaz koordinatua. Obrarik txikiena xehetasunik txikienetan zainduko dute haiek; artea eta lana gauza guztietan agertuko dira han; genero bakoitzak bere erregela partikularrak izango ditu, ezinezkoa izango zaio erregela horietatik aldentzea, eta beste guztietatik isolatuko dute.
Estiloa ideia bezain garrantzizkotzat joko da, forma fondoa bezain garrantzizkotzat, tonua leundua, neurritsua, uniformea izango da. Izpirituak han ibilera duina izango du beti, nekez martxa bizia, eta idazleek gehiago jardungo dute perfekzionatzen ekoizten baino.
Batzuetan, klase letraduneko kideek, beti elkarren artean bizi izan direlarik eta berentzat bakarrik idatziz, erabat galduko dute bistatik munduaren gainerakoa, eta honek arazeriara eta faltsura bultzatuko ditu; arau literario txikiak ezarriko dituzte berek bakarrik erabiltzeko, eta honek oharkabean zentzutasunetik aldendu eta azkenean naturatik kanpo eramango ditu.
Herri xeheak ez bezala hitz egin nahi izatearen poderioz, halako jerga aristokratiko batera iritsiko dira, herriaren patois bezain urruti dagoena hizkera ederretik.
Hauek dira literaturaren berezko arriskuak aristokrazietan.
Herritik erabat aparte gelditzen den aristokrazia oro ezintasunera iristen da. Hau egia da letretan politikan bezalaxe[2].
Orain koadroa atzekoz aurrera jarri eta azter dezagun beste aldea.
Eraman dezagun orain geure burua antzinako tradizioek eta oraingo jakintzargiek izpirituko gozamenetarako sentibera bihurtu duten demokrazia batera. Bertan nahasturik eta bat eginda daude gizartemailak; ezagupenak, boterea bezalaxe, mugagabeki zatiturik daude, eta, ausartzen banaiz esatera, alde guztietan sakabanatua.
Horra hor premia intelektualak asetu behar zaizkion jendetza nahastu bat. Izpirituko atseginen maitalea berri hauek ez dute guztiek heziketa bera hartu; ez dituzte jakintzargi berberak, ez dute arbasoen antzik, eta uneoro ezberdintzen dira beren artean ere, etengabe aldatzen baitira lekuz, sentimenduz eta aberastasunez. Horietako bakoitzaren izpiritua ez dago, beraz, beste guztienarekin elkartuta tradizioz eta aztura komunez, eta ez dute inoiz izan ez ahalik, ez borondaterik, ez astirik ere, elkar ulertzeko.
Hala ere, jendetza inkoherente eta asaldatu honen baitan autoreak sortzen dira, eta berak ematen dizkie mozkinak eta aintza.
Gauzak honela, erraz ulertzen dut horrelako herri baten literaturan zer aurkituko dudan: aristokrazi mendeetan irakurle eta idazleek identifikatzen dituzten konbentzionalismo hertsi horietako gutxi batzuk bakarrik. Garai bateko jendea bat etorriko balitz ere horietako zenbaitetan, honek ez luke ezer esan nahiko hurrengo garairako; zeren eta, nazio demokratikoetan, belaunaldi berri bakoitza herri berri bat izaten baita. Nazio hauetan, letrak nekez makurraraz daitezke arau estuetara, eta ia ezinezkoa da arau iraunkorren menpe egotea.
Demokrazietan, literaturaz arduratzen diren guztiek ez dute heziketa literariorik izaten, eta, letra ederren berniz pixka bat dutenen artean, gehienek karrera politikoa egiten dute, edota, izpirituko atseginez isilka gozatzeko, unetxo batzuetan bakarrik utz dezaketen lanbideren bat hartzen dute. Ez dituzte, beraz, plazer hauek beren bizitzako xarma nagusi bihurtzen; baizik eta atseden iragankor eta beharrezkotzat hartzen dituzte bizitzako lan serioen artean. Horrelakoek ezingo dute edertasunik delikatuenak preziatzeko behar bezain ezagutza sakona lortu literatur arteaz; ñabardura txikiek ihes egiten diete. Letretarako oso denbora laburra dutenez, ahalik eta probetxurik handiena atera nahi izaten diote. Nekerik gabe eskuratzen diren liburuak nahi dituzte, bizkor irakurtzen direnak, ulertu ahal izateko ikerketa sakonik eskatzen ez dutenak. Edertasun errazak eskatzen dituzte, berez zuzenean adierazten direnak, eta momentuan bertan gozatu ahal izateko modukoak; ezustekoa eta berria behar dute, batez ere. Bizimodu praktikora, zail eta monotonora ohituak, zirrara bizi eta bizkorrak behar dituzte, bat-bateko argitasunak, egia edo errakuntza distiratsuak, beren baitatik lipar batean atera eta bat-batean, bortxaz bezala, gaian sarraraziko dituztenak.
Zer gehiago esan behar dut? Nork ez du ulertzen ondorengoa, nik azaldu gabe ere?
Oro har, demokrazi mendeetako literaturak ezin du ordena-erregulartasun-, zientzi eta arte-irudirik eman, aristokrazi mendeetakoak bezala; normalean formarekiko axola gutxi agertuko da, eta mesprezua batzuetan. Sarritan idazkera arraroa izango da, ez zuzena, kargatuegi eta belaxka, ausart eta sutsua ia beti. Autoreek gehiago joko dute gauzak bizkor egitera xehetasunen perfekziora baino. Idazki txikiak ugariagoak izango dira liburu lodiak baino, izpiritua erudizioa baino, irudimena sakontasuna baino; pentsamenaren arloan indar landugabe eta ia basatia izango da nagusi, eta sarritan barietate oso handia eta emankortasun berezi bat haren ekoizpenetan. Atsegin ematea baino harritzea gehiago bilatuko da, eta grinak pizteko ahalegin handiagoa egingo da gustuari atsegin emateko baino.
Noski, tarteka-marteka aurkituko da beste bideren batetik ibili nahi duen idazlerik ere, eta hauek, aparteko meritua baldin badute, lortuko dute irakurriak izatea, beren akatsak eta koalitateak gora-behera; baina salbuespen hauek bakanak izango dira, eta beren obretan oro har usadio komunetik aldendu diren horiek beroriek, beti itzuliko dira berriro zenbait xehetasunetan.
Muturreko bi egoera azaldu ditut; baina nazioak ez dira bat-batean lehenengotik bigarrenera igarotzen; mailaz maila eta amaigabeko ñabarduretan zehar iristen dira. Herri eskolatu bat egoera batetik bestera eramaten duen pasabidean, ia beti iristen da momentu bat, zeinetan nazio demokratikoen jeinu literarioak aristokrazienarekin topo egin eta biek adostasunean giza izpirituan agindu nahi dutela ematen duen.
Garai iragankorrak izaten dira horiek, baina oso distiratsuak. Emankortasuna izaten da orduan, joritasunik gabe; eta mugimendua, nahasmenik gabe. Honelakoa izan zen Frantziako literatura XVIII. mendean.
Pentsatzen dudana baino urrutirago joango nintzateke nazio bateko literatura beti bere gizarte-egoera eta eraketa politikoaren menpeko dela esango banu. Badakit, kausa hauetaz aparte, badirela beste batzuk literatur lanei ezaugarri jakin batzuk ematen dizkietenak, baina niri beste haiek iruditzen zaizkit garrantzizkoenak.
Herri baten gizarte- eta politika-egoeraren eta bere idazleen jeinuaren arteko erlazioak oso ugariak izaten dira beti; bata ezagutzen duenari sekula ez zaio beste erabat ezezagun gertatzen.
XIV. Literatur industriaz
[aldatu]Demokraziak ez du bakarrik letretarako zaletasuna klase industrialetan sarrarazten; industri izpiritua literaturaren baitan ere sartzen du.
Aristokrazietan, irakurleak zailak izaten dira eta urriak; demokrazietan, ez da zaila horiei atsegin ematea eta kopuruz asko izaten dira. Ondorioz, herri aristokratikoetan, ahalegin izugarrien bidez bakarrik espero daiteke arrakasta izatea, eta ahalegin horiek, ospe handia eman dezaketen arren, ez dute inoiz diru asko ematen; aitzitik, nazio demokratikoetan, idazle bat harro egon daiteke erdipurdiko ospea eta aberastasun handia merke-merke lortzeaz. Horretarako ez da beharrezkoa miretsia izatea, aski da gustukoa izatea.
Beti gehituz doan irakurle-kopuruak eta hauek duten gauza berrien premia etengabeak gutxi estimaturiko liburuaren salmenta ziurtatzen du.
Demokrazi garaietan, publikoak sarri jokatzen du autoreekin, erregeek normalean beren gortesauekin bezala; aberastu eta gutxietsi egiten ditu. Zer gehiago behar dute gorteetan jaiotzen diren edo horietan bizitzea merezi duten arima salkorrek?
Literatura demokratikoak, letretan industria baino ikusten ez duten autorez beteta egoten dira beti, eta, idazle handiren batzuk aurkitzen direnerako, milaka ideia-saltzaile ikusten da horietan.
XV. Literatura greko eta latindarraren azterketa, zergatik den bereziki onuragarria gizarte demokratikoetan
[aldatu]Antzinateko errepublikarik demokratikoenetan herria zeritzonak ez zuen ia antzik guk herria deitzen dugunarekin. Atenasen hiritar guztiek esku hartzen zuten arazo publikoetan; baina hogei mila hiritar bakarrik zeuden hirurehun eta berrogeita hamar mila biztanle baino gehiagoren artean; beste guztiak esklaboak ziren eta gaur egun herriari, eta klase ertainei ere, dagozkien funtzio gehienak betetzen zituzten.
Atenas, bere sufragio unibertsalarekin, ez zen, azken finean, errepublika aristokratiko bat baino, non noble guztiek baitzuten gobernatzeko eskubide bera.
Ikuspegi beretik hartu behar da Erromako patrizioen eta plebeioen arteko borroka, hau ez baitzen familia bereko gazteenen eta zaharrenen arteko barne-liskarra baizik. Izan ere, guztiak ziren aristokraziakoak eta honen izpiritua zeukaten.
Gainera, azpimarratu behar da antzinate osoan liburuak bakanak eta garestiak zirela, eta zailtasun handia zegoela kopiak egin eta zirlukazioan jartzeko. Zirkunstantzia hauen ondorioz pertsona-kopuru txiki batek biltzen zuen letra-zaletasun eta erabilera, eta aristokrazia politiko handiaren baitan eliteko aristokrazia literario txiki bat bezalakoa osatzen zuen. Beraz, ezerk ez du adierazten greziar eta erromatarren artean letrak industriatzat hartu zirenik.
Herri hauek, aristokraziak eratzeaz gain, oso nazio zibilizatu eta askeak ere bazirenak, aristokrazi mendeetan literaturaren ezaugarri diren akats partikular eta koalitate bereziak eman behar izan zizkieten beren ekoizpen literarioei.
Antzinateak utzi dizkigun idazkiei begiratu bat ematea aski da ohartzeko idazleei batzuetan barietatea eta emankortasuna falta izan bazitzaizkien gaietan, edo ausardia, mugimendua eta generalizazioa pentsamenduan, betiere arte eta ardura miresgarria erakutsi zutela xehetasunetan; haien obretan ezerk ez du ematen presaka edo ausaz egina; han dena dago adituentzat idatzia, eta edertasun idealaren bilaketa etengabe agertzen da. Antzinakoen literatura da gehien nabarmenarazten dituena demokrazietako idazleei berez falta zaizkien koalitateak. Demokrazi mendeetan, beraz, ez dago beste literaturarik aztertzea komenigarriago denik. Azterketa hori da, guztien artean, mende hauei datxezkien akats literarioen aurka borrokatzeko egokiena; beren koalitate naturalei dagokienez, berez sortuko dira, lortzen ikasi beharrik gabe.
Hau ongi ulertu behar da.
Azterketa bat izan daiteke onuragarria herri baten literaturarako, eta ez egokia haren gizarte- eta politika-beharretarako.
Jendea bere aberastasuna gehitu edo mantentzeko normalean ahalegin bortitzak egitera behartua legokeen gizarte batean, letra ederrak bakarrik irakasten saiatuz gero setati, hiritar oso zibilizatuak eta oso arriskutsuak sortuko lirateke; zeren eta, egoera sozial eta politikoak egunero premia batzuk sortu eta hauek asetzen hezkuntzak ez liekeenez erakutsiko, greziarren eta erromatarren izenean Estatua asaldatuko bailukete, beren lanaren bidez emankortu ordez.
Nabaria da gizarte demokratikoetan gizabanakoen interesak, baita Estatuaren segurtasunak ere, gehiengoaren heziketa literarioa baino gehiago zientifikoa, komertziala eta industriala izatea eskatzen dela.
Grekoa eta latina ez dira eskola guztietan irakatsi behar; baina garrantzizkoa da beren izaera edo aberastasunagatik letrak lantzera destinatuek edota horietarako joera dutenek eskolak aurkitu ahal izatea antzinako literaturaz bete-betean jabetu ahal izateko, haren izpirituz erabat blai eginez. Helburu hori lortzeko, unibertsitate bikain batzuk hobeak lirateke ikastetxe kaskar asko baino, non gaizki egindako ikasketa hutsalek beharrezko ikasketak ongi egitea eragozten baitute.
Nazio demokratikoetan, letretan nabarmendu nahi duten guztiek antzinateko obrez elikatu behar dute sarri. Higiene osasungarria da.
Ez dut esan nahi antzinakoen literatur ekoizpenak akasgabetzat dauzkadanik. Soil-soilik uste dut koalitate bereziak dituztela, gure akats partikularren kontrapisu izateko balio izan dezaketenak. Erortzeko joera dugun aldetik eusten digute
XVI. Nola demokrazia amerikarrak aldatu duen hizkuntza ingelesa
[aldatu]Orain arte letrei buruz oro har esan dudana irakurleak ongi ulertu badu, erraz imajinatuko du gizarte-egoera eta erakunde demokratikoek zer-nolako eragina izan dezaketen pentsamenduaren lehen tresna denaren gain, hau da, hizkuntzaren beraren gain.
Egia esateko, autore amerikarrak Ingalaterran gehiago bizi dira beren herrialdean baino, idazle ingelesak etengabe aztertu eta eredutzat hartzen baitituzte egunero. Ez da gauza bera gertatzen jendearekin berarekin, honek mendetasun zuzenagoa baitu Estatu Batuetan eragina izan lezaketen kausa partikularrekiko. Ez da, beraz arreta lengoaia idatzian jarri behar, mintzatuan baizik, herri aristokratiko baten hizkuntza demokrazia baten hizkuntza bilakatzean jasan ditzakeen aldaketak hauteman nahi badira.
Ingeles ikasi batzuek, ñabardura sotil horiek nik baino gaitasun handiagoz preziatzen zituztelarik, sarri ziurtatu zidaten Estatu Batuetako klase ilustratuak aski ezberdinak zirela, beren hizkeragatik, Britainia Handiko klase ilustratuen aldean.
Haiek ez ziren amerikarrak hitz berri asko erabiltzen hasi zirelako bakarrik kexatzen –herrialdeen arteko ezberdintasuna edo urruntasuna aski zatekeen hori esplikatzeko-, baizik eta, batez ere, hitz horiek edo alderdien jergatik, edo arte mekanikoetatik, edota negozioen hizkuntzatik hartu zituztelako. Gaineratzen zuten antzinako hitz ingelesei adiera berri bat ematen zietela amerikarrek. Azkenik, esaten zuten Estatu Batuetako jendeak era berezian nahasten zituela estiloak, eta, batzuetan, ama aberriko hizkeran banandu egin ohi ziren hitzak elkarrekin jartzen zituztela haiek.
Ohar hauek, sinesgarritasuna merezi zuela iruditzen zitzaidan jendeak behin baino gehiagotan eginak, gaiaz gogoeta egitera eraman ninduten neu, eta nire gogoetek, teoriaren bidetik, haiek praktikaren bidetik iritsiak ziren puntu berera eraman ninduten.
Aristokrazietan, gauza guztiek berez duten gelditasun-egoera horretan parte hartu behar du hizkuntzak ere. Hitz berri gutxi asmatzen da, gauza berri gutxi egiten delako; eta gauza berriak egingo balira ere, ezagun diren eta tradizioak zentzua finkatua dien hitzez deskribatzen saiatuko lirateke.
Halako batean, gertatzen bada giza izpiritua astindu egiten dela berez, edota argiak, kanpotik sartzean, iratzarri egiten duela, orduan sortzen diren adierazpide berriek izaera eruditu, intelektual eta filosofikoa izaten dute, honek adierazten duelarik ez direla demokraziak sortarazitakoak. Konstantinoplaren erorketak zientzia eta letrei mendebalderantz bultza egin zienean, ia bat-batean hitz berri ugari sartu zen frantses hizkuntzan, guztiak grekoan eta latinean sustraituak. Orduan neologismo erudituak agertu ziren Frantzian, klase ilustratuek bakarrik erabiliak, eta haien eragina sekula ez zen herriarengan sumatu edota luzarora bakarrik iritsi zen honengana.
Europako nazio guztiek, batak bestearen ondoren, ikuskizun berbera eman zuten. Miltonek bakarrik seiehun hitz baino gehiago sartu zituen ingelesean, ia guztiak latin, greko edo hebraieratik hartuak.
Demokraziaren baitan beti nagusi den mugimenduak, aitzitik, etengabe berritzera jotzen du hizkuntzaren itxura nahiz arazo publikoena. Asaldura orokor eta izpiritu guztien lehia honen erdian, ideia berri asko sortzen da; antzinako ideiak galdu edo berragertu egiten dira; edota mugagabeki azpizatitzen dira ñabardura txikitan.
Beraz, sarri aurkitzen dira erabiltzeari utzi beharreko hitzak, eta beste batzuk berriro sarrarazi beharrekoak.
Bestalde, mugimendua berez dute gogoko nazio demokratikoek. Hau hizkuntzan ikusten da politikan bezalaxe. Hitzak aldatzeko beharrik ez badute ere, horretarako gogoa sentitzen dute batzuetan.
Herri demokratikoen jeinua ez da erabilerarako prestatzen duen hitz berrien kopuru handian bakarrik agertzen, baita hitz berri hauek errepresentatzen dituzten ideien izaeran ere.
Herri hauetan gehiengoak egiten du legea hizkuntza-arloan, gainerako guztian bezalaxe. Nolanahi ere, gehiengoa gehiago arduratzen da negozioez ikasketez baino, politika eta merkataritzako interesez gehiago espekulazio filosofiko edo literaturaz baino. Berak sorturiko edo onarturik hitz gehienek eramango dute aztura hauen marka; batez ere, industriaren premiak, alderdien grinak edo administrazio publikoko xehetasunak adierazteko balioko dute. Hizkuntza alde honetatik zabalduko da etengabe, eta aldi berean pixkana-pixkana urrundu egingo da metafisika eta teologiaren arlotik.
Nazio demokratikoak beren hitz berriak nondik ateratzen dituzten eta nola eratzen dituzten esatea erreza da.
Herrialde demokratikoetan bizi direnek ia ez dakite Erroman eta Atenasen mintzatzen zen hizkuntza, eta ez dira antzinatera jotzeaz arduratzen, falta zaien adierazpidea han aurkitzeko. Batzuetan etimologia erudituetara jotzen badute, normalean harropuzkeriak eramaten ditu hizkuntza hilen hondoan bilatzera, eta ez izpirituari berez eskaintzen dion erudizioak. Batzuetan zera ere gertatzen da, haien arteko ezjakinenak direla horrelakoak gehien erabiltzen dituztenak. Beren esparrutik irteteko desira guztiz demokratikoak eramaten ditu lanbide arrunt-arrunt bat izen greko edo latindarrez goratu nahi izatera. Lanbidea zenbat eta apalagoa izan eta zientziatik urrutirago egon, orduan eta arranditsuagoa eta erudituagoa izena. Honela gure soka gaineko dantzari edo txerpolariak akrobata eta funanbulu bihurtu dira.
Hizkuntza hilik ezean, herri demokratikoek gogotsu mailegatzen dituzte hitzak hizkuntza bizietatik; etengabe komunikatzen baitira elkarren artean, eta herrialde ezberdinetako jendeak elkar imitatzen du gogotsu, egunetik egunera elkarren antz handiagoa dutelako.
Baina herri demokratikoek beren hizkuntzan bilatzen dituzte, batez ere, berrikuntza-bideak. Tarteka-marteka, hiztegian sartzen dituzte berriro argitara atera dituzten ahazturiko adierazpideak, edota hiritarmota partikular bati berari dagokion termino bat kentzen diote, zentzu figuratuz ohiko hizkeran sarrarazteko; honela, hasiera batean alderdi edo lanbide baten hizkuntza berezian bakarrik zeuden adierazpide asko zirkulazio orokorrera pasarazten dituzte.
Hizkuntza arloan berrikuntzak egiteko herri demokratikoek erabiltzen duten biderik ohikoena, jadanik erabilia den adierazpide bati erabili gabeko esanahia ematea da. Metodo hau oso sinplea, bizkorra eta erosoa da. Ez da jakintzarik behar horretaz ongi bailatzeko; eta ezjakintasunak berak erraztu egiten du erabilera. Baina hizkuntza bera arrisku handian jartzen du. Herri demokratikoek, hitz baten esanahia honela bikoiztean, batzuetan zalantzazko bihurtzen dute bai lehendikakoa, baita berria ere.
Autore bat pixka bat desbideratzen hasten da adierazpide ezagun bat bere hasierako esanahitik, eta, honela aldatu ondoren, ahalik eta ongien moldatzen du bere gaira. Beste batek esanahia beste alde batetik hartzen dio; hirugarrenak bide berri batetik eramaten du berekin; eta arbitro komunik ez dagoenez, ezta epaimahai iraunkorrik ere, hitzaren zentzua behin-betiko finkatuko duenik, hau batetik bestera ibiltzen da. Ondorioz, ematen du idazleak ez zaizkiola inoiz pentsamendu bakar bati atxikitzen, baizik eta ideia-multzo baten erdira apuntatzen dutela, horietatik zien harrapatu den epaitzeko ardura irakurleari utziz.
Hau demokraziaren ondorio tamalgarri bat da. Nik nahiago nuke hizkuntza hitz txinatar, tatariar edo huroiez betetzea, hitz frantsesen zentzua zalantzazko bihurtzea baino. Harmonia eta homogeneotasuna lengoaiaren bigarren mailako edertasunak baino ez dira. Honelakoetan konbentziozko gauza asko dago, eta, estu-estuan, egin daiteke aurrera horiek gabe. Baina ez dago hizkuntza onik termino argirik gabe.
Berdintasunak beste zenbait aldaketa ere ekartzen dio, halabeharrez, lengoaiari.
Aristokrazi mendeetan, nazio bakoitzak beste guztietatik aparte gelditzera jotzen duenean eta bere-berea izango duen fisionomia eduki nahi izaten duenean, sarri gertatzen da jatorri komuna duten zenbait herri oso arrotz bihurtzen direla elkarrekiko, eta, elkar ulertu ahal izateari utzi gabe, ez dute guztiek ere berean hitz egiten.
Mende horietan berorietan, nazio bakoitza hainbat klasetan zatiturik egoten da, elkar gutxi ikusi eta batere nahasten ez diren klaseetan; hauetako bakoitzak hartu eta aldatu gabe kontserbatzen ditu berari bakarrik dagozkion aztura intelektualak, eta hitz eta termino jakin batzuk bereganatzen ditu lehentasunez, ondoren belaunaldiz belaunaldi pasatzen direnak, ondareak bezala. Orduan lengoaia berean behartsuen hizkuntza eta aberatsen hizkuntza aurkitzen dira, plebeioen hizkuntza eta nobleen hizkuntza, hizkuntza kultua eta hizkuntza arrunta. Zenbat eta sakonagoak izan zatiketak eta gaindigaitzagoak hesiak, are gehiago izan behar horrela. Gogotsu apustu egingo nuke Indiako kasten artean baietz ikaragarri ezberdindu lengoaia, eta paria baten hizkuntzaren eta brahman batenaren artean baietz egon ia beraien jantzien artean adinako ezberdintasuna.
Aitzitik, jendea bere postuan egotera beharturik ez dagoenean etengabe elkar ikusi eta komunikatzen duenean, kastak suntsitu eta klaseak berritu eta elkarrekin bat egiten direnean, hizkuntzaren hitz guztiak nahastu egiten dira. Gehiengoari komeni ez zaizkionak galdu egiten dira; gainerakoek masa komun bat osatzen dute, non bakoitzak ausaz aukeratzen duen gutxi gora-behera. Europako hizkuntzak zatitzen zituzten dialekto ezberdin gehientsuenek joera nabaria dute desagertzeko; ez dago patois-ik Mundu Berrian, eta egunetik egunera desagertuz doaz Zaharrean ere.
Gizarte-egoeraren iraultza honek hizkuntzan nahiz estiloan du eragina.
Ez bakarrik mundu guztia baliatzen da hitz berberez, baita horietako bakoitza bereizgabe erabiltzera ere ohitzen da gainera. Estiloak sortuak zituen erregelak ia suntsitu egiten dira. Ia ez da aurkitzen adierazpiderik bere izaeraz arrunt dirudienik, edota bikain ematen duenik. Gizarte-maila ezberdinetatik irtendakoek, erabiltzen zituzten adierazpideak eta terminoak, joan diren alde guztietara berekin eraman dituztenez, hitzen jatorria galdu egin da gizakiena bezalaxe, eta nahasmena sortu da lengoaian gizartean bezalaxe.
Badakit hitzen sailkapenean badirela erregela batzuk, ez dagozkionak gizarte-mota bati beste bati baino gehiago, baizik eta gauzen izaeraren ondorio direnak. Badira adierazpideak eta esaerak arruntak direnak, horiek adierazi behar dituzten sentimenduak benetan kaskarrak direlako, eta beste batzuk bikainak direnak, deskribatu nahi dituzten gauzak berez oso jasoak direlako.
Gizarte-mailek, elkarren artean nahastean, sekula ez dituzte ezberdintasun horiek desagerraraziko. Baina berdintasunak ezin du suntsitu gabe utzi pentsamenaren formetan konbentziozkoa eta arbitrarioa soilik dena. Ez dakit beharrezko sailkapena, gorago aipatu dudana, ez ote den beti herri demokratiko batean gutxiago errespetatuko beste batean baino; zeren eta, horrelako herri batean, ez baitago inor bere heziketa, jakintzargi eta aisialdiagatik prest dagoenik lengoaiaren lege naturalak iraunkorki aztertzeko eta lege horiek, berak betez, errespetarazteko.
Ez dut gai honekin bukatu nahi hizkuntza demokratikoen azken ezaugarri bat azaldu gabe, agian beste guztiek baino gehiago bereizten baititu honek.
Erakutsi dut lehen herri demokratikoek ideia orokorren zaletasuna, eta sarritan grina, zutela; bere-bereak dituzten koalitate eta akatsek eragiten diete hau. Ideia orokorren maitasun hau, hizkuntza demokratikoetan, termino generiko eta hitz abstraktuen erabilera iraunkorrean agertzen da, eta horiek erabiltzeko eran. Hori da hizkuntza hauen meritu handia eta ahulezia handia.
Herri demokratikoek grinatsu maite dituzte termino generikoak eta hitz abstraktuak, adierazpide hauek pentsamena zabaltzen dutelako, eta, espazio txikian objektu asko ixteko aukera ematean, adimenaren lanean lagungarri direlako.
Idazle demokratiko batek era abstraktu batean gogotsu esango du gaitasunak gai diren pertsonak aipatzeko, gaitasun hori aplikatzen zaien gauzak xehekatzen hasi gabe. Gaurkotasunaz hitz egingo du momentu horretan bere begien aurrean gertatzen diren gauzak kolpe batean deskribatzeko, eta ebentualitate hitzean sartuko du bera hitz egiten ari den momentutik aurrera unibertsoan gerta litekeen guztia.
Idazle demokratikoek etengabe sortzen dituzte horrelako hitz abstraktuak, gero eta zentzu abstraktuagoan hartuz hizkuntzako hitz abstraktuak.
Are gehiago, diskurtsoa bizkorrago bihurtzeko, idazleek pertsonifikatu egiten dute hitz abstraktu horien objektua eta benetako pertsona bat bailitzan jardunarazten diote. Gauzen indarrak gaitasunek goberna dezaten nahi duela esango dute.
Pentsatzen dudana neure adibide batez baino hobeto ezin dut azaldu:
Sarri erabili dut berdintasun hitza zentzu absolutuan; gainera, hainbat lekutan pertsonifikatu dut berdintasuna, eta honela iritsi naiz esatera berdintasunak zenbait gauza egiten zituela, edota beste batzuk ez. Esan daiteke Luis XIV.aren mendeko jendeak ez zuela horrela hitz egingo; haietako inori ez zitzaion bururatuko berdintasun hitza gauza partikular bati aplikatu gabe erabiltzea, eta lehenago uko egingo ziokeen hitzaz baliatzeari berdintasuna pertsona bizidun bihurtu baino.
Hizkuntza demokratikoak betetzen dituzten hitz abstraktu hauek, inolako egitate partikularri lotu gabe etengabe erabiltzen direlarik, handitu eta estali egiten dute pentsamendua; adierazpidea bizkorrago bihurtzen dute, eta ideia ilunago. Baina, lengoaia kontuan, herri demokratikoek nahiago dute iluntasuna lana baino.
Bestalde, nik ez dakit zehaztugabetasunak ez ote duen halako xarma ezkutu bat herri horietan hitz egin eta idazten dutenentzat.
Horietan bizi direnak, sarri beren adimenaren ahalegin indibidualetara emanak daudelarik, zalantzak atsekabetuta edukitzen ditu ia beti. Gainera, haien egoera etengabe aldatzen denez, inoiz ez ditu finko egonarazten iritzietan beren zoriaren mugigaiztasunak.
Beraz, herrialde demokratikoetan bizi direnek dudaz beteriko pentsamenduak izaten dituzte sarri; oso adierazpide zabalak behar izaten dituzte horiek laburtzeko. Sekula ez dakitenez gaur adierazitako ideia bihar izango duten egoera berriari egokituko zaion ala ez, termino abstraktuen zaletasuna sortzen zaie berez. Hitz abstraktu bat hondo bikoitzeko kaxa bezala da: nahi diren ideiak sartzen dira bertan, eta inork ikusten ez duelarik ateratzen dira gero.
Herri guztietan, termino generiko eta abstraktuek osatzen dute lengoaiaren funtsa; ez dut esan nahi, beraz, hitz horiek hizkuntza demokratikoetan bakarrik aurkitzen direnik, zera bakarrik diot: gizakien joera berdintasun-garaietan horrelako hitzen kopurua bereziki gehitzekoa izaten dela; beti isolatuta beren adierarik abstraktuenean hartzekoa, eta horiek etengabe erabiltzekoa, diskurtsoak eskatzen ez duenean ere.
XVII. Nazio demokratikoetako poesi iturri batzuei buruz
[aldatu]Hainbat esanahi oso desberdin eman izan zaio poesia hitzari. Irakurleak nekatu egingo nituzke zentzu ezberdin horietatik zein komeni den aukeratzea aztertzen hasiko banintz beraiekin; nahiago dut oraintxe bertan esatea nik aukeratu dudana.
Niri iritziz, idealaren bilakuntza eta pintaketa da poesia.
Existitzen denari zati bat kenduz, koadroari irudizko marra batzuk erantsiz, berez elkarturik egoten ez diren benetako zirkunstantzia batzuk konbinatuz natura osatu eta handiagotzen duena, hori da poeta. Honela, poesiaren helburua ez da egia errepresentatzea izango, baizik eta apaindu eta izpirituari irudi hobea eskaintzea.
Bertsoak lengoaiaren edertasun ideala irudituko zaizkit, eta, zentzu honetan, poetikoak izango dira zalantzarik gabe; baina, beren kabuz bakarrik, ez dira poesia izango.
Herri demokratikoen ekintza, sentimendu eta ideien artean ideala imajinatzeko balio duenik, eta arrazoi horregatik berezko poesi iturritzat hartu behar denik, ba ote den ikertu nahi dut.
Lehenik aitortu beharra dago idealaren gustua eta horren errepresentazioa ikusteak ematen duen atsegina ez direla inoiz aristokrazian bezain bizi eta hedatuak izaten herri demokratikoen baitan.
Nazio aristokratikoetan, gorputzak bere kabuz bezala jarduten du batzuetan, arima pisutsu zaion atsedenean murgildua dagoen bitartean. Nazio horietan, herriak berak agertzen ditu sarri gustu poetikoak, eta haren izpirituak bere ingurukoaren gainetik eta harantzago jotzen du batzuetan.
Baina demokrazietan, gozamen materialen maitasuna, hobeagoaren ideia, konkurrentzia edo arrakastaren xarma hurbila beste hainbat akuilu dira, gizon bakoitzak bidean ematen dituen urratsak bizkortzen dituztenak, eta unetxo batez ere desbideratzea eragozten diotenak. Arimaren ahalegin nagusia alde horretatik doa. Irudimena ez dago itzalita, baina erabilgarri denaz pentsatzera eta erreala errepresentatzera dedikatzen da ia soil-soilik.
Berdintasunak urrundu egiten ditu gizakiak idealaren errepresentaziotik; gainera, gutxitu egiten du deskribagaien kopurua.
Aristokraziak, gizarte mugitu gabe edukiz, erlijio positiboen irmotasuna eta iraupena bultzatzen ditu, erakunde politikoen egonkortasuna bezalaxe.
Giza izpiritua fedean eutsi ez ezik, fede jakin bat hartzera ere bultzatzen du beste baten aurretik. Herri aristokratikoak beti izango du Jainkoaren eta gizakiaren artean bitarteko botereak jartzeko joera.
Horretan aristokrazia poesiaren oso aldeko agertzen dela esan daiteke. Unibertsoa zentzumenek hautematen ez dituzten baina izpirituak aurkitzen dituen naturaz gaindiko izakiz populatua dagoenean, irudimena eroso sentitzen da, eta poetek, hainbat pintagai ezberdin aurkitzean, ikusle-kopuru zenbatezina aurkitzen dute beren koadroetan interesatua.
Demokrazia mendeetan, aitzitik, batzuetan sineskizunak flotatzen ibiltzen dira legeak bezalaxe. Orduan, zalantzak lurrera eramaten du poeten irudimena, eta ikusten den mundu errealean ixten ditu.
Nahiz eta berdintasunak ez suntsitu erlijioak, sinplifikatu egiten ditu; arreta desbideratu egiten du bigarren mailako agenteengandik, jaun subiranoagana bideratzeko, batez ere.
Aristokraziak iraganaren kontenplaziora eramaten du berez giza izpiritua, eta han finkatzen du. Demokraziak, aitzitik, gizakiei instintuzko nazka bat sortzen die antzinakoarekiko. Honetan, poesiaren askoz aldekoago da aristokrazia, zeren eta normalean gauzak handitu eta ilundu egiten baitira, urrundu ahala; eta bi ezaugarri horiekin egokiago gertatzen dira ideala errepresentatzeko.
Poesiari iragana kendu ondoren, berdintasunak oraina kentzen dio neurri batean.
Herri aristokratikoetan, izaten da pribilegiatu-kopuru bat, beren existentzia, nolabait esateko, giza egoeraz kanpo eta gainetik dutena; boterea, aberastasuna, aintza, izpiritua, delikadeza eta gauza guztietan bikaintasuna bere-berak dituztela ematen du. Jendeak sekula ez ditu hurbiletik ikusten, edo ez die xehetasunetan jarraitzen; ez du lan handirik ematen pertsona horien pintaketa poetiko bihurtzeak.
Bestalde, herri horietan berorietan badira klase ezjakinak, apalak eta jopu bihurtuak; eta hauek, beren zabarkeria eta miseriaren gehiegikeriagatik beragatik poesiarako aukera ematen dute, besteek beren finezia duten klase ezberdinak elkarrengandik oso banaturik daudenez eta elkar gaizki ezagutzen dutenez, irudimenak, horiek errepresentatzean, beti erants edo ken diezaioke zerbait errealari.
Gizarte demokratikoetan, non gizakiak guztiak baitira oso txikiak eta oso antzekoak, bakoitzak, bere burua ikustean, beste guztiak ikusten ditu berehala. Demokrazi mendeetan bizi diren poetek sekula ez lukete pertsona jakin bat hartuko beren lan poetikoaren gaitzat, zeren eta handitasun kaskarra duen gauza bat, eta alde guztietatik garbi bereizten dena, sekula ez baita idealerako egokia izango.
Honela bada, berdintasunak, lur gainean ezartzean, poesiaren antzinako sorburu gehienak agortzen ditu.
Saia gaitezen berriak nola aurkitzen dituen erakusten.
Dudak zerua despopulatu zuenean, eta berdintasunaren aurrerapenek gizaki bakoitza hobeto ezaguturiko proportzio txikiagoetara murriztu zutenean, poetek, aristokraziarekin batera ihesi zihoazen gai handi horien ordez zer ipin zezaketen imajinatu ezinik, natura bizigaberantz itzuli zituzten begiak. Heroiak eta jainkoak bistatik galtzean, lehenik ibaiak eta mendiak deskribatzeari ekin zioten.
Horrek sortarazi zuen, joan zen mendean, berez deskriptiboa deitu izan den poesia.
Batzuek pentsatu izan dute lurra estaltzen duten gauza material eta bizigabeen deskribapen edertu hori demokrazi mendeei berez zegokien poesia zela; baina nire ustez ez da egia. Uste dut garai iragankor bat bakarrik errepresentatzen duela.
Konbentziturik nago, luzarora, gizakiari kanpoko zaion guztitik irudimena desbideratu eta gizakiaren baitan bakarrik finkatzen duela demokraziak.
Herri demokratikoak diberti daitezke pixka batean natura aztertzen; baina beren buruak ikustean bakarrik animatzen dira benetan. Alde honetatik bakarrik aurkitzen dira poesiaren berezko sorburuak herri horietan, eta pentsa daiteke horietatik edan nahi ez duten poeta guztiek aginte osoa galduko dutela liluratu nahi dituztenen gain, eta azkenerako beren eldarnioen lekuko hotzak besterik ez dituztela aurrean izango.
Ikusarazi dut aurrerapenaren eta gizadiaren hobegarritasun mugagabearen ideia demokrazi garaiei dagokiena dela.
Herri demokratikoak gutxi arduratzen dira izan denaz, baina gogotsu amets egiten dute izango denaz, eta, alde horretatik, haien irudimenak ez du mugarik; neurririk gabe zabaltzen eta handitzen da.
Honek lan-arlo zabala eskaintzen die poetei, eta beren koadroari urrutitik begiratzeko aukera ematen die. Demokraziak poesiari iragana ixten dio, eta etorkizuna zabaltzen.
Gizarte demokratiko bat osatzen duten hiritar guztiak berdintsu eta antzeko samarrak izatean, poesia ezin da haietako batean bakarrik oinarritu; baina nazioa bera dauka pintzelaren aurrean. Gizabanako guztien antzekotasunak, bakoitza banaka hartuta poesi gai izateko desegoki bihurtzen duenak, guztiak irudi bat berean ixteko eta azkenean herria bera kontuan hartzeko aukera ematen die poetei. Nazio demokratikoek beste guztiek baino garbiago ikusten dute beren irudia, eta irudi handi hau oso egokia da ideala deskribatzeko.
Erraz onar dezaket amerikarrek ez dutela poetarik, baina ez, ordea, ideia poetikorik ez dutenik.
Europan asko jarduten dute Amerikako basa eremuez, baina amerikarrek berek ia ez dute horietan pentsatzen. Ez dira arduratzen natura bizigabeko gauza miresgarriez, eta inguruan dituzten oihan miragarriez ez dira ohartzen aizkora-kolpez eraitsi arte. Beste ikuskizun batek betetzen dizkie begiak. Herri amerikarrak basa eremu horietan zehar ikusten du bere burua, padurak lehortzen, ibaiak birbideratzen, bakarlekuak jendeztatzen eta natura menperatzen. Beren buruaren ideia zoragarri hori ez zaio noizean behin bakarrik aurkezten amerikarren irudimenari; esan daiteke ekintzarik txikienetan nagusienetan bezalaxe jarraitzen diola haietako bakoitzari, eta beti zintzilika egoten dela haien adimenaren aurrean.
Ezin da ezer txikiagorik, ilunagorik, interes kaskarrez beteagorik, hitz batean antipoetikoagorik, imajinatu, Estatu Batuetako pertsona baten bizitza baino, baina, gidatzen duten pentsamenduen artean, bada bat beti poesiaz betea dagoena, eta gainerako guztiari indarra ematen dion zain ezkutua bezala da hori.
Demokrazi mendeetan, jendea, bere mugikortasun izugarri eta desira urduriengatik, lekuz aldatzen da etengabe, eta herrialde ezberdinetako jendea elkarrekin nahasten da, elkar ikusi, entzun eta imitatu egiten du. Beraz, ez dira nazio bat bereko kideak bakarrik antzeko bihurtzen direnak; nazioak berak ere antzekotu egiten dira, eta guztiak batera demokrazia zabal bat osatzen dute ikuslearen ikuspegirako, bertan hiritar bakoitza herri bat delarik. Honek lehen aldiz ateratzen du argitara gizadiaren figura.
Gizadi osoaren existentziari, beraren gora-behera eta etorkizunari dagokion guztia, meategi emankor bihurtzen da poesiarentzat.
Aristokrazi garaietan bizi izan ziren poetek kontaketa-lan miragarriak egin zituzten, herri edo pertsona baten bizitzako gora-behera jakin batzuk gaitzat hartuta; baina haietako inor ez zen ausartu bere koadroan gizadiaren destinoak sartzera; demokrazi garaietan idazten duten poetek, ordea, egin dezakete hori.
Bakoitza, bere herrialdearen gainetik begiratuz, gizadia bera ikusten hasten den aldi berean, Jainkoa gero eta gehiago azaltzen zaio giza izpirituari bere maiestate bete eta osoan.
Demokrazi mendeetan, erlijio positiboekiko fedea sarri kolokan egon eta botere bitartekarienganako –zeinahi izen ematen zaiela- sinesmena ilundu egiten bada ere, bestalde jendea prest egoten da jainkotasunaren beraren ideia askoz zabalagoa zertzeko, eta beraren eskuartzea giza arazoetan argitasun berri eta handiago batez agertzen zaie.
Gizadia osotasun bakar bezala hartzean, erraz ulertzen dute egitasmo bat bera izatea nagusi gizadiaren destinoetan, eta, gizaki bakoitzaren ekintzetan, gizadia gidatzeko Jainkoak erabiltzen duen plan orokor eta iraunkor horren arrastoa aitortzera jotzen dute.
Hau ere poesi sorburu oso emankorra gertatzen da mende horietan.
Poeta demokratikoek txiki eta hotz emango dute beti jainko, demonio edo aingeruei gorputz-formak ematen saiatzen badira, edota zerutik jaitsarazi nahi badituzte munduaz nagusitzen saiatzeko.
Baina Jainkoak unibertsoarekiko dituen egitasmo orokorrak eta beraiek deskribatzen dituzten gertakari handiak lotu nahi badituzte, eta, maisu subiranoaren eskua erakutsi gabe, beraren pentsamendua azaldu nahi badute, miretsiak eta ulertuak izango dira, garaikideen irudimenak ere bide horri jarraitzen baitio bere kabuz.
Halaber, aurreikus daiteke garai demokratikoetan bizi diren poetek grinak eta ideiak gehiago deskribatuko dituztela pertsonak eta egintzak baino.
Demokrazietako jendearen hizkerak, janzkerak eta eguneroko ekintzek uko egiten diote ideala errepresentatzeari. Gauza hauek ez dira poetikoak berez, eta, izango balira ere, utzi egingo liokete izateari, ondoegi ezagutzen dituztelako horietaz hitz egin nahi zaien guztiek. Honek etengabe behartzen ditu poetak zentzuek hautemandako gainazalaren azpian sakontzera, arima bera ikusi ahal izateko. Nolanahi ere, ideala deskribatzeko ez dago gauza egokiagorik, honela bere izaera inmaterialaren sakontasunean harturiko gizakia baino.
Ez daukat zeru-lurretan zehar ibili beharrik gauza miragarri bat aurkitzeko, kontrastez, handitasun eta txikitasun mugagabez, iluntasun sakon eta argitasun bereziz betea, aldi berean errukia, miresmena, mesprezua eta izua sortarazteko gai dena. Aski dut neure burua kontuan hartzea. Gizakia ezerezetik irteten da, denbora zeharkatu eta Jainkoaren baitan desagertzen da betiko. Une batez bakarrik ikusten da noraezean, galtzen deneko bi leizeen mugan.
Gizakiak bere buruaz ezertxo ere ez baleki, ez litzateke poetikoa izango; ezin baita gauza bat pintatu, hartaz ideiarik ere ez baduzu. Bere burua garbi ikusiko balu, irudimena zereginik gabe egongo litzateke eta ez luke koadroari zer erantsirik izango. Baina gizakia aski agerian dago bere buruaz zerbait hauteman ahal izateko, eta aski estalia gainerakoa ilunperik beltzenean sartuta izateko, ilunpe horretan murgiltzen delarik etengabe, beti alferrik, ea behingoz bere burua ulertzen duen.
Beraz, herri demokratikoetan ez da espero behar poesia kondairatatik bizitzea, tradizioz eta antzinako oroitzapenez elikatzea, unibertsoa naturaz gaindiko izakiz betetzen saiatzea –jada ez baitute hauengan sinesten ez irakurleek, ez poetek-, ezta beren forma propioaz ikus daitezkeen bertuteak eta bizioak hotz-hotzean pertsonifikatzea ere. Baliabide hauek guztiak falta zaizkio; baina gizakia gelditzen zaio, eta aski da berarentzat. Giza destinoak, gizakia –bere garai eta herrialdetik aparte hartuta, eta naturaren eta Jainkoaren aurrean bere grina, zalantza, sekulako oparotasun eta miseria ulertezinekin jarrita- poesi gai nagusi eta ia bakar bihurtuko dira herri hauentzat. Eta hori ia ziurta daitekeen zerbait da, mundua demokraziarantz jiratu ondoren agertu diren poetarik handienek idatzi dutena kontuan hartzen badugu.
Gaur egun Childe-Harold, René eta Jocelynen ezaugarriak hain miresgarriro errepresentatu dituzten idazleek ez dituzte pertsona baten ekintzak kontatu nahi izan; giza bihotzean oraindik ilunak diren zenbait alde argitu eta zabaldu nahi izan dituzte.
Horra hor demokraziaren poemak.
Beraz, berdintasunak ez ditu poesiaren gai guztiak suntsitzen. Kopuruz urritu eta zabalago bihurtzen ditu.
XVIII. Idazle eta hizlari amerikarrak zergatik diren sarri hain hanpatuak
[aldatu]Sarri ohartu naiz amerikarrek –oro har arazoak hizkera argi eta lehorrez, batere apaingarririk gabe eta sarritan arrunta den sinpletasun ikaragarriz tratatzen dituztelarik- gogotsu jotzen dutela hanpatzera, estilo poetikoa erabili nahi dutenean. Orduan arranditsu agertzen dira etenik gabe diskurtsoaren mutur batetik besteraino, eta, barra-barra irudiak erabiltzen ikustean, pentsa liteke sekula ez dutela ezer sinpleki esan.
Ingelesak askoz nekezago erortzen dira horrelako akatsean.
Eragozpen handirik gabe adieraz daiteke honen zergatia.
Gizarte demokratikoetan, hiritar bakoitza gauza txiki bati begira egoten da normalean, bere buruari alegia. Gorago begiratzen badu, gizartearen irudi neurrigabeaz ohartzen da orduan, edo are handiago den gizadiaren figuraz. Oso ideia partikularrak eta argiak bakarrik izaten ditu, edota nozio oso orokorrak eta zehaztugabeak; tarteko espazioa hutsik dago.
Beren baitatik atera dutenean, beti espero du gauza harrigarriren bat eskainiko zaiola ikusteko, eta prezio horretan bakarrik onartzen du bizitza astintzen eta alaitzen dioten ardura txiki konplikatuetatik pixka batean aldentzea.
Iruditzen zait horrek aski ongi esplikatzen duela demokrazietako jendeak, orokorrean hain arazo kaxkarrak eduki arren, zergatik eskatzen dizkien poetei hain kontzepzio zabalak eta deskribapen neurrigabeak.
Beren aldetik, idazleek obeditu egiten diete beraienak ere badiren joera horiei. Etengabe puzten dute irudimena eta, neurriz gain hedatzean, erraldoizkoa iristarazten diote, horretarako sarri baztertuz handia dena.
Honela, momentuan bertan jendearen begirada erakarri eta beren inguruan erraz finkatzea espero dute, eta lortu ere lortzen dute sarri; zeren eta jendeak, poesian oso gai zabalak bakarrik bilatzen dituelarik, ez du astirik zehatz-mehatz neurtzeko aurkezten zaizkion gai guztien proportzioak, ezta ere gustu behar hainbat ziurrik proportziogabeak zertan diren erraz bereizteko. Autoreak eta publikoak elkar usteltzen dute.
Ikusi dugu, bestalde, herri demokratikoetan poesiaren sorburuak ederrak zirela, baina ez oso ugariak. Laster agortzen dituzte. Erreal eta egian idealaren errepresentazioarako gai gehiago aurkitzen ez dutenez, poetak erabat irteten dira horietatik eta munstroak sortzen dituzte.
Ez dut uste herri demokratikoen poesia herabe azalduko denik, ezta ere lurretik oso hurbil geratuko denik. Areago uste dut hodei artean galduko ote den une oroz eta azkenean ez ote dituen erabat irudizko eskualdeak deskribatuko. Beldur naiz poeta demokratikoen obrek ez ote dituzten sarri irudi neurrigabe eta inkoherenteak eskainiko, deskribapen gainkargatuak, konposizio arraroak, eta beraien izpiriturik ateratako izaki fantastikoek ez ote duten batzuetan mundu errealaren falta sentiaraziko.
XIX. Herri demokratikoen teatroari buruzko zenbait oharpen
[aldatu]Herri aristokratiko baten egoera sozial eta politikoa aldatu duen iraultza literaturan agertzen hasten denean, oro har teatroaren bidez agertzen da lehenik, eta hor irauten du beti agerian.
Antzezlan dramatiko baten ikuslea nolabait ere ustekabean harrapatzen du iradokitzen zaion inpresioak. Ez du bere oroimenera jotzeko astirik, ezta iaioak kontsultatzeko ere; ez du beregan agertzen hasi diren joera literario berrien kontra borrokatzerik pentsatzen; ezagutu aurretik ematen die amore.
Autoreak laster ohartzen dira zein aldetara jotzen duen isilean publikoaren gustuak. Alde horretan bideratzen dituzte beren obrak. Eta antzezlanek, prestatzen ari den iraultza literarioa ikusarazteko balio izan ondoren, hori gauzatu egiten dute laster. Demokraziarantz jotzen ari den herri baten literatura aurrez epaitu nahi baduzue, azter ezazue beraren teatroa.
Bestalde, nazio aristokratikoetan ere antzezlanak izaten dira literaturaren zatirik demokratikoena. Ez dago gozamen literariorik, jendeak eskurago duenik, eszenatokiaren aurrean sentitzen dena baino. Ez da prestakuntzarik, ez ikasketarik, behar horiek sentitzeko. Zeuen kezka eta zeuen ezjakintasunaren erdian harrapatzen zaituztete gozamen horiek. Izpirituko plazeretarako zaletasuna, oraindik zabar samarra, hiritarren klase batean sartzen hasten denean, teatrora bultzatzen du berehala. Nazio aristokratikoetako antzokiak, aristokrata ez ziren ikuslez beterik egon izan dira beti. Goi-klaseak antzokian bakarrik nahastu izan dira erdiko eta beheko mailakoekin eta antzokian bakarrik ametitu izan dute, azken hauen iritzia onartzea ez bada ere, bai behintzat hauek iritzia eman ziezaieten jasatea. Eruditu eta eskolatuek teatroan izan dute bete nekerik handiena beren gustua herriarenaren gain jartzeko, eta haren indar erakargarririk defendatzeko. Sarritan galeriakoek ezarri diete legea palkoetakoei.
Aristokraziari zaila gertatzen bazaio herria antzokian sar dadin eragoztea, erraz ulertuko da herria jaun eta jabe izango dela bertan, printzipio demokratikoak lege eta ohituretan sartu ondoren, gizarte-mailak nahastu egiten direnean, eta adimenak, aberastasunak bezalaxe, hurbildu egiten direnean, eta goi-klaseak, herentziazko aberastasunekin, bere boterea, tradizioak eta aisialdiak galtzen dituenean.
Herri demokratikoen berezko gustu eta joerak, literatur arloan, lehenik teatroan azalduko dira, eta bertan bortxaz sartuko direla aurreikus daiteke. Idazkietan, aristokraziaren lege literarioak pixkanaka aldatuko dira, mailaz maila eta, nolabait esateko, legezko eran. Teatroan, zalapartatsu irauliko dituzte.
Teatroak literatura demokratikoei dagozkien koalitate gehientzuenak eta ia bizio guztiak nabarmenarazten ditu.
Herri demokratikoek gutxi estimatzen dute erudizioa, eta ia ez dira arduratzen Erroman eta Atenasen gertatzen zenaz; beren buruez hitz egin diezaieten nahi dute, eta orainaren deskribapena da eskatzen dutena.
Horregatik, antzinako heroi eta ohiturak eszenatokian sarri antzezten direnean, eta antzinako tradizioekiko oso leial irauteko ardura dagoenean, aski da hori ondorioztatzeko klase demokratikoak ez direla oraindik teatroan nagusi.
Racine apaltasun handiz desenkusatzen da, Britannicus-en hitzaurrean, Junia bestalen sartu izanaz, non, Aulo Gelioren arabera, berak zera baitio: “ez zen inor onartzen ez sei urtez azpikorik, ez hamarrez gainekorik”. Gaur egun idatzi izan balu, ez zukeen pentsatu ere egingo horrelako krimen batez bere burua akusatu edo defendatzerik.
Horrelako egitate batek argitu egiten dit, ez bakarrik literaturaren egoera Racineren garaian, baita gizartearen beraren egoera ere. Teatro demokratikoak ez du frogatzen nazioa demokrazian dagoenik; zeren eta, oraintxe ikusi dugun bezala, aristokrazietan ere gerta baitaiteke gustu demokratikoek eszenatokian eragina izatea. Baina teatroan aristokraziaren izpiritua bakarrik bada nagusi, horrek argi eta garbi erakusten du gizarte osoa dela aristokratikoa, eta ausarki ondoriozta daiteke autoreen gidari den klase eruditu eta ikasi horrek berorrek gobernatzen dituela hiritarrak eta zuzentzen arazo publikoak.
Teatroa aristokraziak gobernatzen duenean, oso arraroa da beraren gustu errefinatuek eta handiusteko joerek ez bultzatzea, nolabait esateko, giza izaeran aukeraketa bat egitera. Gizarte-egoera jakin batzuk interesatzen zaizkio batez ere, eta atsegin du horien deskribapena eszenatokian aurkitzea. Iruditzen zaio bertute jakin batzuek, baita bizio jakin batzuek ere, bereziki merezi dutela antzeztuak izatea. Pozik onartzen du hauen errepresentazioa, beste guztiak bere aurretik urruntzen dituen bitartean. Teatroan, beste edonon bezalaxe, gizon handiak bakarrik aurkitu nahi ditu, eta erregeek bakarrik eragiten diote zirrara. Gauza bera estiloetan. Aristokraziak gauzak esateko modu jakin batzuk ezartzen dizkie autore dramatikoei, eta guztia tonu horretan esan dezaten nahi du.
Honela, teatroa gizakiaren alde bat bakarrik adieraztera iristen da sarri, edo batzuetan baita giza izaeran aurkitzen ez dena errepresentatzera ere. Izaera honen gainetik goratu egiten da eta irten.
Gizarte demokratikoetan, ikusleek ez dute horrelako preferentziarik, eta nekez agertzen dute antzerako ezinikusirik ere. Eszenatokian ere, aurrean ikusten dituzten egoera, sentimendu eta ideien nahasketa aurkitzea gustatzen zaie. Teatroa zirraragarriago, arruntago eta egiazkoago bilakatzen da.
Batzuetan, ordea, demokrazietan teatrorako idazten dutenak ere irten egiten dira giza izaeratik, baina beren aurrekoena ez bezalako bide batetik. Zehatz-mehatz antzeztu nahi dituztenez oraingo momentuko berezitasun txikiak eta pertsona jakin batzuen fisionomia partikularra, ahaztu egiten zaie espeziaren ezaugarri orokorrak trazatzea.
Teatroan klase demokratikoak nagusi direnean, gai tratatzeko eran adina askatasun sartzen dute gai horren aukeraketan bertan.
Gustu literario guztien artetik, teatroaren zaletasuna izanik herri demokratikoetan naturalena, autoreen eta ikusleen kopurua etengabe hazten da herri horietan, baita ikuskizunen kopurua ere. Horrelako jendetza batek, hain elementu ezberdinez osatua eta hainbeste leku ezberdinetan sakabanatua, ezin ditu erregela berberak onartu, ezta lege berberetara makurtu ere. Akordia ezinezkoa da hainbeste epaileren artean, eta, elkarrekin non topo egin ez dakitenez, bakoitzak bere aldetik ematen du epaia. Demokraziaren efektua, oro har, erregela eta konbentzio literarioak dudazko bihurtzea baldin bada, teatroan erabat deuseztatzen ditu, eta horien ordez autore bakoitzaren eta publiko bakoitzaren kapritxoak ezartzen ditu.
Halaber, teatroan ikusten da, batez ere, dagoeneko beste nonbait orokorki esan dudana literatura demokratikoetako estilo eta arteari buruz. Luis XIV.aren mendeko antzezlan dramatikoek sortarazten zituzten kritikak irakurtzen direnean, harrigarria gertatzen da publikoak egiantzarekiko zuen estima handia, eta zelako garrantzia ematen zion pertsonak –beti bere buruarekin bat etorriz- erraz esplikatu eta ulertzeko modukoa ez zen gauzarik ez egiteari. Harrigarria da, halaber, zenbat balio ematen zitzaien orduan hizkuntza formei eta nola sor zitezkeen, hitzak zirela eta, autore dramatikoen aurkako auzi literario txikiak.
Ematen du Luis XIV.aren mendeko jendeak oso balio exageratua ematen ziela xehetasun hauei, irakurgelan ohartzen direnak, baina ez eszenatokian. Zeren eta, azken finean, antzezlan baten helburu nagusia antzeztua izatea da, eta bere meritu nagusia hunkiaraztea. Garai hartako ikusleak aldi berean irakurle ere izateak eragiten zuen hau. Teatrotik irtetean, testu idatzia irakurtzen zuten etxean, azken epaia eman ahal izateko.
Demokrazietan entzun egiten dira antzezlanak, baina ez irakurri. Antzezjokoetara joaten diren gehientsuenek ez dituzte han izpirituko atseginak bilatzen, bihotzaren zirrara biziak baizik. Ez dute espero bertan literatur obrarik aurkitzea, ikuskizuna baizik, eta, ulertarazteko behar hainbat zuzen hitz egiten badu autoreak herrialdeko hizkuntza, eta haren pertsonaiek jakinmina eta sinpatia sortzen badituzte, ikusleak pozik. Fikzioari ezer gehiago eskatu gabe, berehala itzultzen dira mundu errealera. Estilo ez da, beraz, hain beharrezkoa, zeren eta, eszenatokian, ez baita hain garbi ohartzen erregelak betetzen diren ala ez.
Egiantzari dagokionez, ezinezkoa gertatzen da sarri gauza berriak, ezustekoak eta bizkortasuna eskaintzea, egiantzik galdu gabe gainera. Hau bazter uztea, ikus-entzuleak barkatu egiten du. Pentsa daiteke ez dela kezkatuko zein bidetatik eramaten duzuen, azkenean hunkituko duen zerbaiten aurrera eramaten baduzue. Sekula ez dizue aurpegiratuko erregelak hautsiz hunkiarazi duzuela.
Azaldu berri ditudan joera ezberdinak amerikarrek argi eta garbi erakusten dituzte teatrora doazenean. Baina onartu beharra dago haien arteko kopuru txikia joaten dela oraindik. Nahiz eta Estatu Batuetan ikusleak eta ikuskizunak ikaragarri hazi diren azken berrogei urteotan, oraindik oso uzkur agertzen da jendea entretenimendu-mota horretarako.
Honek bere kausa bereziak ditu, dagoeneko irakurleak ezagutzen dituenak, eta aski da bi hitzetan gogoraraztea.
Puritanoak, errepublika amerikarrak sortu zituztenak, ez ziren bakarrik plazerren etsai; gainera, bereziki izutzen zituen teatroak. Denborapasa higuingarritzat jotzen zuten, eta, haien izpiritua jaun eta jabe izan den bitartean, antzezpenak erabat ezezagunak izan dira haien artean. Koloniako lehen gurasoen ideia hauek arrasto sakonak utzi dituzte ondorengoen izpirituan.
Bestalde, Estatu Batuetan ikusten diren aztura-erregulartasun izugarria eta ohitura-zurruntasun handia orain arte ez dira oso mesedegarriak izan teatro-artearen garapenerako.
Ez dauka dramak egiteko gairik katastrofe politiko handirik bizi izan ez duen herri batek, eta bertan maitasunak bide zuzen eta errazetik beti ezkontzara eramaten badu. Asteko egun guztiak dirua metatzen eta igandea Jainkoari otoitz egiten ematen duen jendea ez da egokiena musa komikoarentzat.
Egitate bakar bat aski da erakusteko teatroa ez dela oso herrikoia Estatu Batuetan.
Amerikarrek, zeinen legeek adierazpen-askatasun eta lizentzia osoa onartzen duten gauza guztietan, hala ere, nolabaiteko zentsurapean jarri dituzte autore dramatikoak. Udalerriko administratzaileek baimendutakoan bakarrik egin daitezke antzezpenak. Honek garbi erakusten du gizabanakoak bezalakoak direla herriak. Erreparorik gabe ematen dute beren burua grina nagusietara, baina kontu handia izaten dute ezagutzen ez dituzten gustuetara gehiegi ez lerratzeko.
Ez dago literatur zatirik lokarri estuago eta ugariagoen bidez gizartearen egungo egoerari lotzen zaionik teatroa baino.
Garai bateko teatroa ez da inoiz hurrengo garairako egokia izango, bien artean garrantzizko iraultza batek ohiturak eta legeak aldatu baldin baditu.
Oraindik ere aztertu egiten dira beste mende bateko idazle handiak. Baina inor ez da joaten beste publiko batentzat idatzitako antzezlanetara. Iraganeko autore dramatikoak liburuetan bakarrik bizi dira.
Pertsona batzuen gustu tradizionalak, harropuzkeriak, modak eta aktore baten jeinuak aldi batez eutsi edo berreskuratu egin dezakete teatro aristokratikoa demokraziaren baitan; baina bere kabuz erortzen da laster. Ez da botatzen; bertan behera uzten da.
XX. Demokrazi mendeetako historialarien joera berezi batzuk
[aldatu]Aristokrazi mendeetan idazten duten historialariek, normalean, pertsona jakin batzuen borondate partikular eta umorearen menpe jartzen dituzte gertakari guztiak, eta gora-beherarik txikienei iraultzarik garrantzizkoenak egozten dizkiete. Zolitasunez azpimarratzen dituzte kausarik txikienak, eta sarri ez dira handienez ohartzen.
Demokrazi mendeetan bizi diren historialariek guztiz kontrako joerak agertzen dituzte.
Gehienek ez diote gizabanakoari ia inolako eraginik egozten espeziearen destinoan, ezta hiritarrei ere herriaren zorian. Baina, aldiz, kausa orokor handiak bilatzen dizkiete egitate partikular txiki guztiei. Kontrako joera hauek badute esplikazioa.
Aristokrazi mendeetako historialariek begiratu bat egiten diotenean munduko teatroari, lehenik aktore nagusien kopuru txiki-txiki bat ikusten dute, obra osoa zuzentzen dutenak. Pertsonaia handi hauek, eszenatokiaren aurreko aldean daudelarik, historialarien begirada erakarri eta beregan finkatzen dute. Pertsonaia horiei jokarazi eta hitz eragiten dieten ezkutuko zioak aurkitzen diharduten bitartean, ahaztu egiten dute gainerakoa.
Pertsona batzuek egiten dituzten gauzen garrantziak pertsona batek zertu dezakeen eraginaren ideia exageratua ematen die, eta jendetzaren mugimenduak esplikatzeko beti gizabanakoren baten ekintza partikularrera jo beharra dagoela sinestarazten die berez.
Aitzitik, hiritar guztiak independenteak direnean batzuk besteengandik, eta bakoitza ahula denean, masarengan ez da aurkitzen inor oso botere handia, eta are gutxiago iraunkorra, zertzen duenik. Lehen begiratuan gizabanakoek zeharo indargabeak, ematen dute masaren aurrean, eta esan liteke gizartea bere kabuz dabilela, osatzen duten gizaki guztien eskuartze aske eta espontaneoz.
Honek, jakina, hainbeste adimen batera astindu eta aldi berean alde bererantz bideratzea posible egin duen arrazoi orokorra ikertzera eramaten du giza izpiritua.
Oso konbentziturik nago, nazio demokratikotan beretan ere, zenbait pertsonaren jeinuak, bizioek edo bertuteek atzeratu edo aurreratu egiten dutela herriaren destinoaren berezko martxa; baina ausazko eta bigarren mailako kausa hauek askoz ere bariatuagoak, ezkutuagoak, konplikatuagoak, ahulagoak, eta ondorioz bereizteko eta jarraitzeko zailagoak dira berdintasun-garaietan aristokrazi mendeetan baino, azken hauetan, egiten den gauza bakarra, egitate orokorren artean, pertsona bakar baten edo batzuen ekintza partikularra analizatzea baita.
Historialaria laster nekatzen da horrelako lanarekin; haren izpiritua galdu egiten da labirinto horren erdian, eta, eragin indibidualak garbi bereiztera eta behar hainbat argitzera iritsi ezin denez, ukatu egiten ditu. Nahiago izaten du arrazen ezaugarriez, herrialdearen eraketa fisikoaz edo zibilizazioaren izpirituaz hitz egin. Horrek laburtu egiten dio lana eta, neke gutxiagoz, hobeto asetzen du irakurlea.
M. de Lafayettek nonbait esana du bere Oroitzapenetan kausa orokorren sistema exageratuak kontsolamendu miragarriak ematen zizkiela pertsona publiko kaskarrei. Nik erantsiko dut historialari kaskarrei eta kontsolamendu miresgarriak ematen dizkiela. Arrazoi bikainak ematen dizkie bere liburuko pasarterik zailenean korapilotik aise irteteko, eta izpirituaren ahulezia edo nagikeriarako bide ematen die beren sakontasunari ohore eginez betiere.
Niri dagokidanez, uste dut ez dagoela garairik non mundu honetako gertakarien parte bat ez zaien egitate oso orokorrei egotzi behar, eta beste zati eragin oso partikularrei. Bi kausa hauek beti topo egiten dute elkarrekin; erlazioa bakarrik aldatzen da. Egitate orokorrek gauza gehiago esplikatzen dute demokrazi mendeetan aristokrazi mendeetan baino, eta eragin partikularrak gutxiago. Aristokrazi garaietan, alderantziz; eragin partikularrak indartsuagoak dira, eta kausa orokorrak ahulagoak, ez bada behintzat kausa orokortzat hartzen baldintza-ezberdintasuna bera, honek pertsona batzuei aukera ematen dielarik beste guztien berezko joerei aurka egiteko.
Gizarte demokratikoetan gertatzen dena azaldu nahi duten historialariek arrazoi dute, beraz, zati handi bat kausa orokorrei egozterakoan, eta batez ere horiek aurkitzen saiatzerakoan; baina oker dabiltza gizabanakoen ekintza partikularra erabat ukatzerakoan, zaila omen delako aurkitu eta jarraitzea.
Demokrazi mendeetan bizi diren historialariak, egitate bakoitzari kausa handi bat bilatu ez ezik, egitateak beren artean lotu eta hortik sistema bat atera beharrean ere aurkitzen dira.
Aristokrazi mendeetan, historialarien arreta uneoro gizabanakoengana zuzendua dagoenez, ez dira ohartzen gertakarien kateamenduaz, edota, hobeto esanda, ez dute sinesten horrelako kateamenduan. Historiaren bilbe edo trama pertsona baten presentziak apurtu egiten duela iruditzen zaie une oro.
Demokrazi mendeetan, ordea, aktoreak askoz gutxiago eta ekintzak askoz gehiago ikustean, historialariak erraz ezar dezake hauen artean segida eta ordena metodiko bat.
Antzinako literaturak, hain istorio ederrak utzi dizkiguna, ez digu sistema historiko handi bakar bat ere eskaintzen, literatura moderno ziztrinenek ere ugari dituzten bitartean. Badirudi antzinako historialariek ez zituztela aski erabiltzen teoria orokor horiek, gure artekoak beti prest daudelarik berorietaz abusatzeko.
Demokrazi mendeetan idazten dutenek beste joera bat dute, are arriskutsuagoa.
Gizabanakoek nazioetan zerturiko ekintzaren arrastoa galtzen denean, sarri gertatzen da mundua mugitzen ikusten dela, baina motorea aurkitu gabe. Hiritar bakoitzaren borondatean aparte jardunez azkenean herriaren mugimendua eragiten duten arrazoiak hauteman eta aztertzea oso zail gertatzen denez, tentazioa egoten da sinesteko mugimendu hau ez dela borondatezkoa, eta gizarteek, menpean dauzkan indar handiago bati obeditzen diotela, ohartu gabe.
Gizabanako guztien borondate partikularra gidatzen duen kausa orokorra munduan aurkitu behar bada ere, honek ez du giza askatasuna ziurtatzen. Aldi berean milioika pertsonari aplikatu ahal izateko behar hainbat kausa zabalak, eta guztiak batera alde bererantz makurrarazteko behar hainbat indartsua denak, jarkiezina ematen du erraz; berari amore ematen zaiola ikusi ondoren, normala da sinestea ez dagoela hari aurre egiterik.
Demokrazi garaietan bizi diren historialariek, herriaren destinoaren gain eragiteko ahalmena hiritarren batzuei ukatu ez ezik, herriei berei ere kentzen diete beren zoria aldatzeko ahalmena, eta probidentzia zurrun edo fatalitate itsuren baten menpe jartzen dituzte. Historialari horien arabera, nazio bakoitza estu-estu lotua dago bere posizio, jatorri, aurrekari eta izaeragatik destino jakin bati, eta ahalegin guztiek ezingo lukete hori aldatu. Belaunaldien arteko elkartasuna sortzen dute eta, honela, aroz aro eta erabakigarriak izan diren gertakariz gertakari munduaren jatorriraino iristean, gizadi osoa biltzen eta lotzen duen katea estu eta neurtezina egiten dute.
Ez zaie aski egitateak nola gertatu diren erakustea; atsegin dute ikusaraztea ezin zitezkeela beste era batera gertatu. Bere historian puntu jakin bateraino iritsi den nazio bat aztertzen dute, eta horraino ekarri duen bideari derrigorrez jarraitu behar izan diola baieztatzen dute. Hori errazagoa da, bide hobea nola har ote zezakeen erakusten baino.
Aristokrazi garaietako, eta batez ere antzinateko, historialariek idatzia irakurtzean, ematen du gizakiak, bere zoriaren jabe bihurtu eta bere hurkoak gobernatzeko, bere burua dominatzen baino ez duela jakin behar. Gure garaiotan idatzitako historiak aztertzean, berriz, esan liteke gizakiak ezin duela ezer egin, ez bere gain, ez bere inguruan. Antzinateko historialariek agintzen irakasten zuten, gaur egunekoek ia obeditzen bakarrik irakasten dute. Beren idazkietan, autoreak handia ematen du sarri, baina gizadia txikia da beti.
Fatalitatearen doktrina hau, demokrazi garaietan historia idazten dutenentzat hain erakargarria dena, idazleengandik irakurleengana igarotzean, hiritarren masa osoan sartuko balitz, pentsa daiteke laster geldiaraziko lukeela gizarte berrien mugimendua eta kristauak turkiar bihurtuko lituzkeela.
Gauden garaian horrelako doktrina bereziki arriskutsua dela gaineratuko dut; gure garaikideek gehiegizko joera dute aukeramena zalantzan jartzeko, bakoitza alde guztietatik mugatua sentitzen baita bere ahuleziagatik, baina oraindik gogotsu aitortzen diete indarra eta independentzia gizarte-gorputzean elkarturiko gizakiei. Ez da ilundu behar ideia hau, arimak animatzea baita kontua eta ez erabat lur joaraztea.
XXI. Elokuentzia parlamentarioa Estatu Batuetan
[aldatu]Herri aristokratikoetan, jende guztia dago harremanetan eta batzuk besteen menpe; guztien artean lotura hierarkiko bat dago, honen bidez bakoitzari bere lekuan eta gorputz osoari obedientzian eusten zaiolarik. Antzerako zerbait aurkitzen da beti herri horietako batzar politikoen baitan. Alderdiak zerbait aurkitzen da beti herri horietako batzar politikoen baitan. Alderdiak buruzagi batzuen menpe jartzen dira berez, eta hauek esandakoa egiten dute, beste nonbait harturiko azturen ondorio den joeragatik. Gizarte handiko ohiturak txikira aldatzen dituzte.
Herrialde demokratikoetan, sarri gertatzen da hiritar-kopuru handi bat puntu bererantz bideratzen dela; baina bakoitza bere kabuz joaten da, edo behintzat horretaz harrotzen da. Bere mugimenduak bere bulkada pertsonalen arabera bakarrik arautzen ohitua, nekez makurtzen da arauak kanpotik hartzera. Independentziaren gustu eta erabilera hori nazio-kontseiluetara ere eramaten du. Proiektu bera gauzatzeko beste batzuekin elkartzea onartzen badu ere, arrakasta komunean bere erara esku hartzeko gai izaten jarraitu nahi du gutxienez.
Hortik dator, herrialde demokratikoetan, alderdiek nekez jasatea inork zuzen ditzan, eta ez dira inoren menpe jartzen arriskua oso handia denean izan ezik. Hala ere, buruzagien aginpidea, zirkunstantzia hauetan haien ekintza eta hitzetaraino irits daitekeena, ia sekula ez da iristen isilarazi ahal izateraino.
Herri aristokratikoetan, batzar politikoetako kideak aristokraziako kide izaten dira aldi berean. Bakoitzak du berez goi-maila egonkor bat, eta batzarrean duen postua bere ikuspegitik garrantzi gutxiagokoa da sarri, herrialdean daukana baino. Horrek kontsolatzen du arazo publikoen eztabaidan inolako paperik ez izatetik, eta paper kaskar baten bila irrika gehiegiz ez ibiltzera bultzatzen du.
Amerikan, normalean diputatua batzarrean daukan posizioa bera besterik ez da. Hortaz, etengabeko egonezina sortzen dio garrantzia lortu beharrak, eta une oroz bere ideiak agertzeko desira harroputza sentitzen du.
Horretara bultzatzen du, ez bakarrik bere harrotasunak, baita bere hautesleenak ere, eta hauei etengabe atsegin eman beharrak.
Herri aristokratikoetan, legebiltzarreko kidea nekez egoten da hautesleen oso menpe; sarritan, nolabait ere beharrezko ordezkari izaten da haientzat; batzuetan, honek haiek edukitzen ditu bere menpe-menpean, eta azkenean haiek botoa ukatzen badiote, erraz lortzen du beste nonbait izendatua izatea; edota, karrera publikoari uko eginez, oraindik distira den aisialdian murgiltzen da.
Estatu Batuak bezalako herri demokratiko batean, diputatuak ez du ia inoiz iraunkortasun-sentipenik sortzen hautesleen izpirituan. Hautesleria oso txikia izan arren, egonkaiztasun demokratikoak itxuraz aldarazten du etengabe. Egunero liluratu behar du, beraz. Inoiz ez dago haietaz ziur; eta, bertan behera uzten badute, berehala izaten da baliabiderik gabe; zeren eta, ez baitu berez aski maila alturik, berarengandik hurbil ez daudenek ere erraz ezagut dezaten; eta, hiritarrak independentzia osoan bizi direlarik, ezin du espero izan adiskideek edo gobernuak erraz lortuko dutenik bera ezagutu ere egiten ez duen hautesleria bati ezartzea. Hortaz, berak ordezkatzen duen kantonamenduan daude jarrita haren zoriaren hazi guztiak; lur-bazter horretatik irten behar du herriari agintzera eta munduaren destinoetan eragitera igotzeko.
Horrela, normala da, herrialde demokratikoetan, batzar politikoetako kideek beren hautesleengan gehiago pentsatzea alderdiarengan baino; aristokrazietan, ordea, beren alderdiaz gehiago arduratzen dira hautesleez baino.
Nolanahi ere, hautesleei atsegin emateko esan beharrekoa beti ez dator bat, daukaten iritzi politikoa ongi zerbitzatzeko egitea komeniko litzatekeenarekin.
Sarritan, alderdi baten interes orokorra zera izaten da: bere kide den diputatuak ez dezala inoiz hitz egin gaizki ulertzen dituen arazo handiez; gutxi hitz egin dezala arazo txikiez, hauek handien martxa eragozten dutenean, eta gehienetan isil dadila erabat. Isilik egotea da hizlari kaskar batek gauza publikoari egin diezaiokeen zerbitzurik onuragarriena.
Baina hautesleek ez dute horrela ulertzen.
Kantonamenduko bizilagunek hiritar bati ematen diote Estatuko gobernuan esku hartzeko ardura, pertsona horren merituaren iritzi bikaina dutelako. Pertsonek, gauza txikiagoz inguraturik dauden neurrian, handiagoak ematen dutenez, pentsatzekoa da, agintariak ordezkatzen dituenen artean zenbat eta txikiagoak izan talentuak, orduan eta hobea izango dela berari buruzko iritzia. Hortaz, sarri gertatuko da hautesleek zenbat eta gutxiago espero beharko luketen, orduan eta gehiago espero izatea beren diputatuarengandik, eta, hau oso ezgai izanda ere, beroni eman dioten mailaren araberako ahalegin bereziak eskatzea etengabe.
Estatuko legegileaz aparte, kantonamenduak legebiltzarrean duen babesle naturala ikusten dute hautesleek beren ordezkariarengan; eta ia-ia, aukeratu dutenetako bakoitzaren ahalduntzat ere hartzen dute, eta harro daude ez duelako hotzago jokatuko beraien interes partikularrak defendatzen herrialdearen interesak defendatzea baino.
Honela, hautesleak ziur daude aurrez beraiek aukeratuko duten diputatua hizlari trebe izango dela; ahal badu sarri hitz egingo duela, eta, mugatu beharra izaten badu, gutxienez saiatuko dela hitzaldi bakan horietan Estatuko arazo handi guztien azterketa egiten, beraiek dauzkaten kexa txiki guztien azalpenarekin batera; honela, ezingo duelarik sarri bere burua agertu, zer egiten dakien erakutsiko du aukera bakoitzean, eta, etengabe luzatu ordez, noizean behin oso-osorik kontzentratuko du esan beharrekoa bilduma txiki batean, honela bere ordezkatuen eta bere buruaren laburpen distiratsu eta betea eskainiz. Trukea, hautesleek hurrengo botoak agintzen dizkiote.
Honek etsipenera bultzatzen ditu pertsona zintzo baina talentu kaskarrekoak, beren burua ezagutzen dutelako, berez aurrera egingo ez luketenak. Diputatuak, honela xaxatua, hitza hartzen du adiskideen atsekabe handiz, eta, hizlaririk ospetsuenen artean zuhurtzia gutxiz jokatuz, debatea nahaspilatzen eta batzarra nekarazten du.
Aukeratua hauteslearen menpekoago bihurtzen duten lege guztiek ez dute legegileen portaera bakarrik aldatzen, beste nonbait adierazi dudan bezala, baita horien hizkera ere. Arazo publikoetan eta hitz egiteko eren eragiten dute aldi berean.
Nolabait esateko, ez dago Kongresuan kiderik etxera itzuliko denik aurrez hitzaldi bat gutxienez egin gabe, ezta ere etenaldirik jasango duenik Batasuna osatzen duten hogeita lau estatuei, eta batez ere berak ordezkatzen duen barrutiari, onuraz esan dakiekeen guztia bere hitzaldi sutsuaren mugetan sartu gabe. Beraz, entzuleen izpirituaren aurrean egia orokor handiak pasarazten ditu, sarri berak ere ulertzen ez eta nahasgarriro adierazten dituenak, edo ongi ezagutu beharko lituzkeen xehetasun txikiak, hauek aurkitzeko eta azaltzeko erraztasun handiegirik ez badu ere. Horregatik sarri gertatzen da gorputz handi honen baitan zehaztugabe eta gogaikarri bihurtzen dela eztabaida, lortu nahi den helbururantz normal joan ordez, arrastaka joango balitz bezala.
Demokrazietako batzar publikoetan beti antzerako zerbait ikusiko dela iruditzen zait.
Zirkunstantzia zoriontsuek eta lege onek lor lezakete herri demokratiko baten legebiltzarrera amerikarrek Kongresura bidaltzen dituztenak baino askoz pertsona bikainagoak erakartzea; baina sekula ez dute eragotziko bertan dauden gaitasun gutxikoek beren burua gogotsu erakustea gai guztietan.
Gaitza ez zait iruditzen erabat sendagarria, ez baitago batzarreko araudiarekin bakarrik lotuta, baita beraren eraketarekin eta herrialdearenarekin ere.
Estatu Batuetako jendeak berak ere badirudi ikuspegi honetatik ikusten duela gauza, eta bizitza parlamentario luzea izan dutela erakusten dute, ez hitzaldi txarrik egiten ez dutelako, horrelakoak entzutea adoretsu onartzen dutelako baizik. Etsipenez hartzen dute, ekidinezina den gaitza dela esperientziak erakutsi izan balie bezala.
Orain arte, eztabaida politikoek demokrazietan duten bazter txikia erakutsi dugu; orain ikusaraz dezagun alde bikaina.
Azken ehun eta berrogeita hamar urteotan Ingalaterrako parlamentuan gertatu denak sekula ez du oihartzun handirik izan kanpoan; hizlariek adierazitako ideia eta sentimenduek sinpatia gutxi aurkitu izan dute beti britainiar askatasunaren teatro handitik hurbilen zeuden herrietan beretan ere; aitzitik, Iraultza garaian Amerikako batzar kolonial txikietan eman ziren lehenengo debateek astindu egin zuten Europa.
Hori ez zuten zirkunstantzia partikular eta ausazkoek bakarrik eragin, baita kausa orokor eta iraunkorrek ere.
Nik ez dakusat ezer miresgarri eta ahaltsuagorik hizlari handi bat arazo handiei buruz batzar demokratiko batean hitz egiten baino. Han sekula ez dagoenez klaserik bere interesak defenditzeko ardurarekin bere ordezkariak dituenik, nazio osoari, eta nazio osoaren izenean, hitz egiten zaio beti. Honek bikaindu egiten du pentsamendua eta jite jasoa ematen hizkerari.
Han aurrekariek aginte gutxi dutenez, eta jada ez dagoenez ondasun jakin batzuei loturiko pribilegiorik, ezta gorputz edo pertsona jakin batzuei atxikiriko eskubiderik ere, izpiritua behartuta egoten da giza izaeratik ateratako egia orokorretaraino igotzera, mintzagai duen arazo partikularra aztertzeko. Horregatik izaten dute herri demokratikoetako eztabaida politikoek, oso txikia izan arren herri hori, orokortasun-izaera, gizadiarentzat erakargarri bihurtzen dituena sarri. Jende guztiak du interesa horietan, gizakia dutelako aztergai, eta gizakia berdina delako alde guztietan.
Herri aristokratiko handietan, aitzitik, arazorik orokorrenak garai bateko usadioetatik edo klase baten eskubideetatik ateratako arrazoi partikularren batzuetan oinarrituz tratatzen dira ia beti; eta hori, hain zuzen, klase horri bakarrik interesatzen zaio, edota gehienez ere klase hori bere baitan daukan herriari.
Nazio frantsesaren handitasunari eta entzuten duten herrien aldeko jarrera onari beste, kausa horri egotzi behar zaio gure eztabaida politikoek batzuetan munduan izaten duten eragin handia.
Gure hizlariek gizaki guztiei hitz egiten diete sarri, nahiz eta beren herrikideei bakarrik zuzendu.
[1] Erlijio guztietan, badira sinesmenaren substantziari datxezkion zeremoniak, eta horietan ez da ezer aldatu behar. Hau, batez ere, katolizismoan ikusten da, non sarri formak eta hondoak, hain estu elkarturik daudenez, bat egiten baitute.
[2] Hau dena, batez ere, luzaroan eta bake-bakean errege baten agintearen menpe egon diren herri aristokratikoetan da egia.
Aristokrazia batean askatasuna dagoenean, goiko klaseek etengabe baliatu behar izaten dute behekoez, eta, horietaz baliatzean, beroriengana hurbiltzen dira. Honek, sarritan, espiritu demokratikoaren zerbait sarrarazten du haien baitan. Bestalde, gobernatzen du haien baitan. Bestalde, gobernatzen duen gorputz pribilegiatu baten baitan enpresa-aztura eta kemena garatzen dira, mugimendu eta zaratotsaren gustua, literatura-lanetan derrigorrez eragiten duena.