Bigarren Zatia
I. Zergatik azaltzen duten herri demokratikoek maitasun sutsu eta iraunkorragoa berdintasunarekiko askatasunarekiko baino
[aldatu]Baldintza-berdintasunak sortarazten duen lehenengo grina eta biziena, ez dago esan beharrik, berdintasun berorrekiko maitasuna da. Ez da harritzekoa, beraz, nik horretaz hitz egitea beste guztiez baino lehen.
Mundu guztiak ohartarazi du, gure garaiotan, eta batez ere Frantzian, berdintasunaren grina honek egunetik egunera leku handiagoa hartzen duela giza bihotzean. Hamaika aldiz esan da gure garaikideek maitasun askoz sutsuago eta setatiagoa dutela berdintasunarekiko askatasunarekiko baino; hala ere, ez zait iruditzen oraindik inork behar hainbat aztertu dituenik egitate horren kausak. Horretan saiatuko naiz ni.
Imajina daiteke muturreko puntu bat, non askatasunak eta berdintasunak elkar ukitu eta bat egiten duten.
Demagun hiritar guztiek parte hartzen dutela gobernuan eta guztiek eskubide berdina dutela partehartze horretarako.
Orduan, inor ez delarik bere hurkoekiko ezberdin, inork ezingo du aginte tiranikorik zertu; jendea erabat aske izango da, guztiak berdin-berdinak direlako; eta guztiak berdin-berdinak izango dira, erabat aske direlako. Ideal honetarantz jotzen dute herri demokratikoek.
Horra hor berdintasunak munduan har dezakeen formarik beteena; baina badira beste asko, hain osabeteak izan gabe ere, aipaturikoa bezain gogoko dituztenak herri horiek.
Gerta liteke berdintasuna gizarte zibilean ezartzea, eta politika-arloan nagusi ez izatea. Eduki daiteke plazer berberetara dedikatzeko eskubidea, lanbide berberetan sartzekoa, leku berberetan elkartzekoa; labur esanda, eduki daiteke ere berean bizi eta aberastasuna baliabide berberez lortu nahi izateko eskubidea, guztiek parte berbera izan gabe gobernuan.
Politika-arloan ere ezar daiteke nolabaiteko askatasuna, bertan ez egon arren askatasun politikorik. Bakoitza bere herrikide guztien berdina da, batena izan ezik; hau guztien nagusi da, bereizketarik gabe, eta era berean, guztien artetik, bere boterearen agenteak aukeratzen ditu.
Erraza litzateke beste hainbat hipotesi egitea, horien arabera erraz konbinatu ahal izango litzatekeelarik berdintasun oso handia askatasun gehixeago edo gutxixeago erakundeekin, edo baita batere askatasunik gabekoekin ere.
Nahiz eta jendea ezin den iritsi erabat berdin izatera guztiz aske izan gabe, eta ondorioz berdintasuna, bere azken-azken mailan, askatasunarekin batu egiten den arren, beharrezkoa da bata eta bestea bereiztea.
Jendeak askatasunarekiko duen gustua eta berdintasunarekiko sentitzen duena bi gauza bereizgarri dira, egia esateko; eta gainera esango nuke, herri demokratikoetan, bi gauza ezberdin direla.
Arretaz aztertzen bada, mende bakoitzean egitate berezi eta nagusi bat aurkitzen dela ikusiko da, horri lotzen zaizkiolarik besteak; egitate horrek pentsaera nagusi bat, edo grina printzipal bat, sortarazten du ia beti, gero beregana erakartzen eta bere bidean arrastaka eramaten dituelarik sentimendu eta ideia guztiak. Ibai handia bezala da, eta inguruko erreka guztiak bertarantz doazela ematen du.
Askatasuna garai ezberdinetan eta forma ezberdinekin agertu izan zaio jendeari; ez zaio lotu gizarte-egoera bakar bati soilik, eta demokrazietatik kanpo ere aurkitzen da. Ezin da, beraz, demokrazi mendeen ezaugarri izan.
Mende horiek bereizten dituen egitate partikular eta nagusia baldintza-berdintasuna da; garai horietan jendea mugiarazten duen grina nagusia berdintasun horren maitasuna da.
Ez galdetu zer xarma berezi aurkitzen dion demokrazi garaietako jendeak berdintasunean bizitzeari, ezta ere zer arrazoi berezi ote duen gizarteak aurkezten dizkion beste ondasunei baino lehen berdintasunari hain temati atxikitzeko. Berdintasuna da beraiek bizi diren garaiko ezaugarria; hori bakarrik ere aski da esplikatzeko beste guztia baino nahiago izatea haiek.
Baina arrazoi honetaz gain, badira beste batzuk, edozein garaitan jendea bultzatuko dutenak askatasuna baino berdintasuna nahiago izatera normalean.
Herri batek inoiz lortu ahal izango balu bere baitan nagusi den berdintasuna suntsitu edo murriztea, ahalegin luze eta neketsuen bidez bakarrik egingo luke hori. Bere gizarte-egoera aldatu beharko luke, legeak abolitu, ideiak berritu, azturak aldatu eta ohiturak mudatu. Baina askatasun politikoa galtzeko, aski zaio ez eustea, eta ihes egingo dio.
Jendea ez zaio berdintasunari atxikitzen maite duelako bakarrik; baita betiko iraun behar duela uste duelako ere.
Askatasun politikoak bere gehiegikerietan partikularren lasaitasuna, ondarea eta bizia konprometi ditzakeela, ez dago pertsonarik horretaz ez ohartzeko bezain mugatu eta kaskarinik. Aitzitik, pertsona arretatsu eta buruargiek bakarrik hautematen dituzte berdintasunaren mehatxu-arriskuak, eta normalean ekidin egiten dute seinalatzea. Badakite beraiei beldurra ematen dieten ezbeharrak –oraingo belaunaldia apenas kezkatzen duten horiek- urruti daudela, eta etorkizuneko belaunaldiek bakarrik jasango dituztelakoan daude. Askatasunak ekartzen dituen gaitzak berehalakoak izaten dira batzuetan; guztiek ikus ditzakete eta, gutxi-asko, guztiek sentitzen dituzte. Erabateko berdintasunak eragin ditzakeen gaitzak pixkanaka baino ez dira agertzen, poliki-poliki iradokitzen dira gizarte-gorputzean; noizean behin baino ez dira ikusten, eta, gogorren izatera iristen diren momentuan, jada ez dira azturagatik sentitzen.
Askatasunak ematen dituen ongiak luzarora bakarrik agertzen dira, eta ez da beti erraza gertatzen zein kausak sortarazten dituen jakitea.
Berdintasunaren abantailak berehala sentiarazten dira, eta egunez egun beren sorburutik irteten ikusten dira.
Askatasun politikoak, lantzean behin, plazerik bikainenak ematen dizkio hiritarren kopuru jakin bati.
Berdintasunak gozamen txiki ugari ematen dizkio egunero pertsona bakoitzari. Berdintasunaren xarmak une oro sentitzen dira, eta irispidean daude, bihotzik bikainenak ez dira horiekiko axolagabeak, eta arimarik arruntenek ere bere atsegin bihurtzen dituzte. Berdintasunak sortarazten duen grinak, beraz, kementsua eta orokorra izan behar du aldi berean.
Jendeak ezin du askatasun politikoaz gozatu sakrifizioren batzuen bidez lortu gabe, eta sekula ez dira berorren jabe egiten ahalegin handirik gabe. Baina berdintasunak ematen dituen atseginak berez eskaintzen dira. Bizitza pribatuko gora-behera txiki bakoitzak sortarazten dituela ematen du, eta, horietaz gozatzeko, bizi baino ez da egin behar.
Herri demokratikoak garai guztietan maite izaten dute berdintasunak, baina aro batzuetan eldarnioraino eramaten dute berarekiko grina. Hau gertatzen da antzinako gizarte-hierarkia, luzaroan mehatxatua, azken barne-borrokaren ondoren suntsitu egiten denean, eta hiritarrak banatzen zituzten hesiak azkenean eraisten direnean. Orduan, jendea berdintasunaren gain oldartzen da konkista baten gain bezala, eta kendu nahi zaien ondasun preziatu bati bezala atxikitzen zaizkio berari. Berdintasunaren grina alde guztietatik sartzen da giza bihotzean, bertan hedatu eta oso-osorik betetzen du. Ez iezaiezue esan gizakiei, hain itsuki grina esklusibo bati beren buruak ematean, beren interesik kutunenak konprometitzen ari direla; gortuta daude. Ez iezaiezue erakuts beste aldera begira dauden bitartean eskuetatik ihes egiten dien askatasuna; itsu daude, edo hobeto esanda, unibertso osoan ez dute ikusten inbidiagarri izan daitekeen ondasun bakarra baino.
Esan dudana nazio demokratiko guztiei aplikatzen zaie. Ondorengoa guri bakarrik dagokigu.
Nazio moderno gehienetan, eta Europako kontinenteko herri guztietan bereziki, faktore baldintzatzaileak berdintzen hasi zirenean, berdintasun horren berorren ondorioz bakarrik hasi ziren sortzen eta garatzen askatasunaren gustua eta ideia. Errege absolutuak izan ziren lan handiena egin zutenak menpekoen artean gizarte-mailak berdintzeko. Herri horietan, berdintasuna askatasunaren aurretik ibili da; berdintasuna antzinako gauza zen, askatasunaren aurretik ibili da; berdintasuna antzinako gauza zen, askatasuna, gauza berria; batak sortuak zituen bere iritziak, usadioak, legeak, eta bestea, berriz, bakarrik irteten zen eta lehen aldiz egun-argitara. Honela, askatasuna ideietan eta gustuetan bakarrik zegoen artean, eta berdintasuna, berriz, sartua zen azturetan, jabetua zen ohiturez eta emana zien halako ukitu berezi bat bizitzako ekintzarik txikienei ere. Nola harritu gaur egungo jendeak bata nahiago izatea bestea baino?
Uste dut herri demokratikoek askatasunaren berezko gustua dutela; beren kasa utziak, bilatu eta maitatu egiten dute, eta saminez hartzen dute berorretatik banatzea. Baina berdintasunarekiko grina sutsu, aseezin, betiko eta garaiezina dute; berdintasuna askatasunean nahi dute eta, ezin badute lortu, esklabutzan ere nahi izatea dute. Pobrezia, joputza, barbarotasuna jasango dituzte, baina ez dute aristokrazia jasango.
Hau garai guztietan da egia, eta batez ere gurean. Indar jarkiezin honen aurka borrokatu nahi duten gizaki eta botere guztiak irauli eta suntsitu egingo ditu horrek. Gaur egunean, askatasuna ezin da ezarri horren laguntzarik gabe, eta despotismoa bera ere ezingo litzateke nagusitu hori gabe.
II. Indibidualismoa herrialde demokratikoetan
[aldatu]Erakutsi dut nola, berdintasun-mendeetan, pertsona bakoitzak bere baitan aurkitzen zituen bere sineskizunak; orain erakutsi nahi dut nola, horrelako mendeetan, beregana bakarrik bideratzen dituen sentimendu guztiak.
Indibidualismoa adierazpide berria da, ideia berri batek sortarazia. Gure arbasoek berekoikeria bakarrik ezagutzen zuten.
Berekoikeria norbereganako maitasun grinatsu eta exageratua da, den-dena nork bere buruari lotzera eta gizakia oroz gain bere burua nahi izatera eramaten duena.
Indibidualismoa sentimendu hausnartu eta baketsua da, hiritar bakoitza bere hurkoen artetik isolatzera eta bere familia eta adiskideekin aparte egotera bultzatzen duena; horrela, bere erabilerarako gizarte txiki bat sortu ondoren, gogotsu uzten du gizarte handia bere kasa.
Berekoikeria joera itsu batetik sortzen da; indibidualismoa, iritzi oker batetik gehiago sentimendu gaizto batetik baino. Izpirituaren akatsetan nahiz bihotzaren bizioetan dauka sorburua.
Berekoikeriak bertute guztien hazia ihartzen du. Indibidualismoak hasieran bertute publikoen sorburua bakarrik lehortzen du; baina, luzarora, beste guztiei ere eraso egin eta suntsitu egiten ditu eta azkenean berekoikerian murgiltzen da.
Berekoikeria mundua bezain bizio zaharra da. Ez dagokio gizarte-mota bati beste bati baino areago.
Indibidualismoak jatorri demokratikoa du, eta garatzeko arriskua du baldintzak berdindu ahala.
Herri aristokratikoetan, familiek egoera berean jarraitzen dute mendez mende, eta sarri leku berean. Horrek, nolabait esateko, garaikide bihurtzen ditu belaunaldi guztiak. Pertsona batek ia beti ezagutzen ditu bere arbasoak eta errespetatu egiten ditu; jada birlobak ere sumatzen ditu, eta maitatu egiten. Gogotsu ezartzen dizkio bere buruari batzuen nahiz besteenganako betebeharrak, eta sarri bere gozamen pertsonalak sakrifikatzen ditu jada existitzen ez diren edota oraindik sortu ez diren izaki horiengatik.
Erakunde aristokratikoek, gainera, pertsona bakoitza bere herrikideetako batzuekin lotzen dute estu-estu.
Herri aristokratikoaren baitan klaseak oso ezberdinak eta mugigaitzak izanik, horietako bakoitza aberri txiki bat bezala bihurtzen da osatzen dutenentzat, aberri handia baino nabariagoa eta maitatuagoa.
Gizarte aristokratikoetan, hiritar guztiak postu finkoetan daudenez, batzuk besteen gain, gertatzen da bakoitzak beti ikusten duela bera baino gorago norbait, zeinen babesa beharrezko baitzaio, eta bera baino beherago besteren bat, zeinen laguntza eska baitezake.
Aristokrazi mendeetan bizi direnak ia beti daude estu lotuta beraiengandik kanpo dagoen zerbaiti, eta prest egoten dira sarri beren buruaz ahazteko. Egia da, mende horietan, hurkoaren nozio orokorra iluna izaten dela, eta nekez pentsatzen dela nork bere burua horretara ematerik gizadiaren kausagatik; baina pertsona jakin batzuengatik sarritan sakrifikatzen da jendea.
Demokrazi mendeetan, aitzitik, non banako bakoitzak espeziarekiko dituen betebeharrak askoz garbiago baitaude, pertsona batenganako atxikimendua arraroagoa izaten da. Giza afektuen lokarria hedatu egiten da eta lasatu.
Herri demokratikoetan, familia berriak etengabe irteten dira ezerezetik, beste batzuk etengabe erortzen dira bertan, eta irauten duten guztiak itxuraz aldatzen dira; garaien bilbaketa edo trama apurtu egiten da une oro, eta belaunaldien arrastoa ezabatu. Erraz ahazten ditugu geure aurrekoak, eta ez dugu batere ideiarik jarraituko digutenez. Hurbilenekoak bakarrik interesatzen zaizkigu.
Klase bakoitza besteengana hurbildu eta hauekin nahasten denean, horietako kideak axolagabe bihurtzen dira, elkarren artean arrotz baliran. Aristokraziak katea luze bat egina zuen hiritar guztiekin, laborariagandik erregeaganaino; demokraziak katea hori apurtu eta kate maila bakoitza aparte ipintzen du.
Baldintzak berdindu ahala, gero eta pertsona gehiago aurkitzen da, hurkoen zorian eragin handia zertzeko behar hainbat aberats edo ahaltsu izan gabe ere, badutenak nahikoa jakintzargi eta ondasun beren buruaz aski izateko. Hauek ez diote inori ezer zor, ez dute inorengandik ezer espero; beren burua, bakarrik baleude bezala, hartzen ohitzen dira, beren destinoa oso-osorik beren esku dutela imajinatzen dute atseginez.
Honela, demokraziak ez dio bakarrik pertsona bakoitzari bere arbasoak ahantzarazten, ondorengoak ezkutatu ere egiten dizkio eta garaikideengandik banatu ere bai; bere baitara itzularazten du etengabe eta azkenean bere bihotzaren bakardadean erabat itxita uzteaz mehatxatzen du.
III. Nola indibidualismoa handiagoa den iraultza demokratikotik irtetean beste garai batzuetan baino
[aldatu]Aristokraziaren hondakinetan gizarte demokratikoa eratzen den momentuan izaten da, batez ere, nabarien gizakien arteko isolamendu hori eta horren ondorio den berekoikeria.
Horrelako gizarteek ez dute bakarrik hiritar independenteen kopuru handia izaten; gainera, independentziara iritsi berri-berriak izanik, beren botere berriaz hordituta dauden pertsonaz beterik egoten dira egunero. Hauek konfiantza harroa izaten dute beren indarretan, eta, aurrerantzean hurkoen laguntza eskatu beharra izan dezaketenik imajinatu ere egin gabe, beren buruaz bakarrik pentsatzen dutela erakusten dute eragozpenik gabe.
Aristokrazia batek borroka luzearen ondoren bakarrik lur jotzen du, eta borroka horretan gorroto gupidagabeak pizten dira klase ezberdinen artean. Grina horiek garipenaren ondoren ere irauten dute, eta ondorengo nahasmendu demokratikoaren erdian ere jarrai dakioke horien arrastoari.
Suntsituriko hierarkian lehenengo ziren hiritarrek ezin dute hain arin ahaztu antzinako handitasuna; luzaroan arrotz sentitzen dira gizarte berrian. Gizarte horrek ematen dizkien parekide guztiengan zapaltzaileak ikusten dituzte, hauen destinoak ezin dielarik begikotasunik sortu; bistatik galduak dituzte antzinako parekideak eta interes komunak ez ditu jada haiekin lotzen; aparte erretiratu eta bere buruaz baino ez duela arduratu behar uste du bakoitzak. Aitzitik, lehen gizarte-eskalaren barrenean kokaturik zeudenek eta bat-bateko iraultzari esker maila komunera hurbildu direnek halako kezka ezkutu batez gozatzen dute independentzia lortu berriaz; antzinako nagusietakoren batzuk aurkitzen badituzte ondoan, garaipen eta beldurrezko begiratuak egiten dizkiete, eta beraiengandik urruntzen dira.
Beraz, gizarte demokratikoen hasieran agertzen dute hiritarrek isolatzeko joerarik handiena.
Demokraziak hurkoengana ez hurbiltzera eramaten du jendea; baina iraultza demokratikoek elkarrengandik ihes eragiten diete eta desberdintasunak sortutako gorrotoak iraunarazten dituzte berdintasunaren baitan.
Iraultza demokratikorik jasan beharrik gabe demokraziara iritsi izana da amerikarren abantaila handia, eta berdintasunean jaio izana horretara iritsi beharrik gabe.
IV. Nola erasotzen dioten amerikarrek indibidualismoari erakunde askeen bidez
[aldatu]Despotismoak, izaeraz beldurtia, gizakien isolamenduan ikusten du iraupenaren garantiarik ziurrena eta, normalean, jendea isolatzera bideratzen du ardura guztia. Ez du giza bihotzaren beste biziorik berekoikeria bezain atsegin duenik. Despotak erraz barkatzen die gobernatuei bera ez maitatzea, elkar ere maitatzen ez badute behintzat. Ez die eskatzen estatua gidatzen lagun diezaioten; aski da haiek berek ere gidatu nahi ez izatea. Izpiritu zurrunbilotsu eta artega deitzen die oparotasun komuna sortzeko beren ahaleginak elkartu nahi dituztenei, eta, hitzen berezko esanahia aldatuz, hiritar on deitzen die estu-estu beren baitan ixten direnei.
Honela, despotismoak sortarazten dituen bizioak berdintasunak bultzatzen dituenak dira, hain zuzen. Bi gauza hauek elkar osatzen dute eta elkarri laguntzen oso era txarrean.
Berdintasunak elkarren ondoan jartzen ditu gizakiak, eutsiko dien lokarri komunik gabe. Despotismoak hesiak eraikitzen ditu jendearen artean eta banatu egiten. Hark hurkoengan ez pentsatzera bultzatzen du jendea, eta despotismoak bertute publiko bihurtzen du axolagabezia.
Despotismoa, garai guztietan arriskutsua, batez ere demokrazi mendeetan gertatzen da beldurgarri.
Erraz ikusten da jendeak askatasunaren premia berezia duela mende horietan.
Hiritarrek, arazo publikoez arduratu behar dutenean, beren interes indibidualetatik irten egin behar izaten dute halabeharrez eta beren buruari begira egoteari ere utzi, noizean behin.
Arazo komunak komunean tratatzen diren momentutik, pertsona bakoitza ohartzen da ez dela hasieran uste zuen bezain independentea hurkoekiko, eta, hauen laguntza bereganatzeko, sarritan bere laguntza eman behar diela berak.
Publikoak gobernatzen duenean, ez da inor egoten onginahi publikoaren balioa ezagutzen ez duenik eta hori lortzen saiatzen ez denik ingurukoen estima eta afektua beregana erakarriz.
Orduan, bihotzak izoztu eta zatitzen dituzten grinetako batzuk arimaren barrenera erretiratu eta bertan ezkutatu beharrean aurkitzen dira. Harrokeria disimulatu egiten da; mesprezua ez da agertzera ausartzen. Berekoikeria bere buruaren beldur da.
Gobernu aske baten menpe funtzio publiko gehienak hautapenezkoak direnez, beren arimaren goitasun edo desiren egonezinagatik bizitza pribatuan estu dauden pertsonek inguruko jenderik gabe ezin direla bizi sentitzen dute egunero.
Gertatzen da orduan gutiziagatik pentsatzen dutela hurkoengan, eta sarritan nolabait ere beren buruaz ahaztean datzala haien interesa.
Badakit hauteskunde batek sortarazten dituen azpikeria guztiak aipa daitezkeela hemen, hautagaiek maiz erabiltzen dituzten baliabide lotsagarriak eta haien arerioek zabaltzen dituzten kalumniak. Gorrotorako okasioak izaten dira, zenbat eta sarriago egin hauteskundeak orduan eta maizago agertzen direnak.
Gaitz hauek handiak dira, zalantzarik gabe, baina igarokorrak, horiekin batera sortzen diren gauza onek iraun egiten duten bitartean.
Aukeratua izateko gogoak momentuz elkarri gerra egitera eraman dezake zenbait jende; baina desira horrek berorrek luzarora guztiak eramaten ditu elkarri laguntzera; eta, hauteskunde batek bi adiskide banatzen baditu ere halabeharrez, hauteskunde-sistemak hiritar asko hurbiltzen du iraunkorki, bestela elkarrekiko arrotz izaten jarraituko zuketenak. Askatasunak gorroto partikularrak sortzen ditu, baina despotismoak axolagabetasun orokorra.
Amerikarrek askatasunaren bidez borrokatu dute berdintasunak sortarazten duen indibidualismoa, eta garaitu egin dute.
Amerikako legegileek ez dute uste izan demokrazi garaietan gizarte-gorputzari hain berezko eta hain kaltegarri zaion gaitz hori sendatzeko nahikoa denik nazio osoari bere buruaren ordezkaritza bat eskaintzea; horretaz gain, lurralde-zati bakoitzari bizitza politikoa ematea komeni zela pentsatu dute, horrela elkartuta jarduteko aukera hiritarrentzat mugagabeki ugaldu eta elkarrekiko mendetasuna dutela egunero sentiarazteko.
Hori buru-argitasunez jokatzea izan da.
Herrialde bateko arazo orokorrez hiritar printzipalak bakarrik arduratzen dira. Horiek noizbehinka bakarrik elkartzen dira leku beretan; eta, gero sarritan elkar bistatik galtzen dutenez, ez da horien artean lotura iraunkorrik ezartzen. Baina kantonamendu bateko arazo partikularrak bertan bizi direnek arautu behar dituztenean, pertsona berberak elkarrekin harremanetan egoten dira beti, eta nolabait ere beharturik elkar ezagutu eta ongi konpontzera.
Pertsona bat nekez aterako duzu bere baitatik Estatu osoaren destinoaz interesa dadin, ez baitu ongi ulertzen Estatuaren destinoak bere zorian zertu dezakeen eragina. Baina bide bat pasatu behar bada haren sailaren ertzetik, lehen begiratuan ikusiko du erlazioa dagoela arazo publiko txiki horren eta bere arazo pribatu handiagoen artean, eta, inork erakutsi gabe, puntu horretan interes partikularra interes orokorrarekin batzen duen lokarri estuaz ohartuko da.
Hiritarrei, arazo handien gobernua ematen zaienean baino areago, txikien administrazioaren ardura ematen zaienean sortarazten zaie on publikoarekiko interesa, eta on hori lortzeko etengabe elkarren beharrean daudela ikusarazten zaie.
Balentria baten bidez lor daiteke bat-batean herri baten ongi-nahia; baina inguruko jendearen maitasuna eta begirunea irabazteko, zerbitzu txikien, distirarik gabeko egintza onen segida luzea behar da, onginahirako aztura etengabea eta interesgabe jokatzen den ospe sendoa.
Tokian tokiko askatasunek, hiritar askok preziatu egiten duelarik auzokoen eta hurbilekoen afektua, pertsonak elkarrengana bultzatzen dituzte etengabe –elkarrengandik banatzen dituzten joerak gora-behera- eta elkar laguntzera behartzen dituzte.
Estatu Batuetan hiritarrik oparoenak kontuz ibiltzen dira herriagandik ez isolatzeko; aitzitik, etengabe hurbiltzen dira harengana, gogotsu entzun eta egunero hitz egiten diote. Badakite demokrazietako aberatsek behartsuen premia dutela beti eta, demokrazi garaietan, maneren bidez gehiago erakartzen direla behartsuak onegintzaz baino. Onegintzen handitasunak berak, egoera-ezberdintasuna agerian uzten duelarik, isilpeko amorrua sortzen du horietaz profitatzen direnengan; baina maneren sinpletasunak xarma ia jarkiezinak ditu. Horien familiartasuna erakargarria da eta horien zabarkeria bera ere ez da beti desatsegina gertatzen.
Egia hori ez da lehen kolpean sartzen aberatsen izpirituan. Normalean kontra jartzen zaizkio iraultza demokratikoak iraun bitartean, eta iraultza hori burutu eta berehala ere ez dute ametitzen. Gogotsu onartzen dute herriari on egitea; baina, kontuz, urrutira eduki nahi izaten dute. Hori aski dela uste dute; baina oker dabiltza. Horrela, porrot egin lezakete inguruan duten jendetzaren bihotza berotu gabe. Ez da diruaren sakrifizioa honek eskatzen diena, harrokeriarena baizik.
Esan liteke Estatu Batuetan ez dagoela irudimenik, aberastasuna gehitzeko eta hiritarren premiak asetzeko bide bila agortzen ez denik. Kantonamendu bakoitzeko biztanlerik ilustratuenak etengabe baliatzen dira beren jakintzargiez, oparotasun komuna areagotzeko sekretu berri egokien bila; eta, batzuen batzuk aurkitu orduko, jendeari ematen dizkiote bizkor asko.
Amerikan gobernatzen dutenei sarri ikusten zaizkien bizioak eta ahuleziak hurbiletik aztertzean, harrigarri gertatzen da herriaren oparotasun hazkorra, baina ez dago zertan harritu. Ez da magistratu hautatua demokrazia amerikarrari aurrera eragiten diona; baina honek aurrera egiten du magistratua hautapenezkoa delako.
Bidegabea litzateke pentsatzea amerikarren patriotismoa eta haietako bakoitzak herrikideen ongizatearekiko azaltzen duen gogo beroa ez direla batere errealak. Nahiz eta Estatu Batuetan ere, beste askotan bezalaxe, interes pribatua izan giza ekintza gehienak gidatzen dituena, ez ditu guztiak erregulatzen.
Esan beharra dut sarri ikusi ditudala amerikarrak sakrifizio handi eta benetakoak egiten gauza publikoaren alde, eta hamaika aldiz ohartu naizela behar izanez gero laguntza zintzoa eskaintzen ziotela elkarri.
Estatu Batuetako jendeak dauzkan erakunde libreek eta hainbeste erabiltzen dituzten eskubide politikoek etengabe eta mila eratara gogorazten diote hiritar bakoitzari gizartean bizi dela. Izpiritua ideia honetarantz bideratzen diote une oro: alegia, jendearen eginbeharra nahiz interesa hurkoentzako mesedegarri izatea dela; eta, horiek gorrotatzeko arrazoi berezirik ez duenez, sekula ez baita horien esklabo, ezta nagusi ere, bihotza erraz makurtzen zaio onginahirantz. Lehenik premiagatik arduratzen da interes orokorraz, eta gero bere aukeragatik; lehen kalkulu hutsa zena sen bihurtzen da; eta, herrikideen onerako lan egitearen poderioz, azkenean horiek zerbitzatzeko aztura eta gustua bereganatzen ditu.
Frantzian jende askorentzat lehen gaitza baldintza-berdintasuna da, eta bigarrena, askatasun politikoa. Bata jasan beharrean gertatzen direnean, gutxienez besteari ihes egiten saiatzen dira. Eta nik diot, berdintasunak sor ditzakeen gaitzen kontra borrokatzeko, erremedio eraginkor bakarra dagoela: askatasun politikoa.
V. Elkartzeaz amerikarrek egiten duten erabilera bizitza zibilean
[aldatu]Ez dut hitz egin nahi gehiengoaren ekintza despotikoaren edo errege-agintearen erasoen aurka defendatzeko jendeak erabiltzen dituen elkarte politiko horietaz. Dagoeneko hitz egin dut honetaz beste nonbait. Garbi dago, hiritar bakoitzak, indibidualki ahulago bilakatu eta, ondorioz, askatasuna bere kasa zaintzeko gaitasun txikiagoa izan ahala, askatasun hori defendatzeko hurkoekin elkartzen ikasiko ez balu, tirania derrigorrez areagotu egingo litzatekeela berdintasunarekin. Hemen bizitza zibilean sortzen diren elkarteez bakarrik ari naiz, beren xedean ezer politikorik ez dutenez.
Estatu Batuetan dauden elkarte politikoak xehetasun txiki bat besterik ez dira, elkarte guztiek han osatzen duten koadro zabalaren barruan.
Adin guztietako, egoera guztietako, izpiritu guztietako amerikarrak etengabe elkartzen dira han. Merkataritza- eta industri elkarteak ez ezik, zeinetan guztiek esku hartzen baitute, beste mila motakoak ere badituzte: erlijiosoak, moralak, serioak, hutsalak, oso orokorrak eta oso partikularrak, ikaragarri handiak eta oso txikiak; amerikarrak festak egiteko elkartzen dira, edo seminarioak sortzeko, babesetxeak egiteko, elizak eraikitzeko, liburuak banatzeko, antipodetara misiolariak bidaltzeko; era honetan ospitaleak, presondegiak, eskolak sortzen dituzte. Jarraibide bikain baten laguntzaz egia bat argitara atera edo sentimendu bat garatzea baldin bada kontua, elkartu egiten dira. Eginkizun berri baten buruan Frantzian gobernua eta Ingalaterran jauntxo handi bat ikusten duzuen leku guztietan, Estatu Batuetan elkarte bat ikusiko duzue.
Aurkitu ditut Amerikan elkarte-mota batzuk –zeinetaz aitortu beharrean nagoen ideiarik ere ez neukala-, eta sarritan miretsi izan dut Estatu Batuetako jendeak zelako trebezia handiz lortzen zuen pertsona-kopuru handi baten ahaleginei helburu komuna ezartzea, eta helburu horretarantz nola joanarazten zituen askatasunean.
Geroztik ibilia naiz Ingalaterran, amerikarrek bertatik hartu dituztelarik legeetako batzuk eta usadioetako asko, eta iruditu zait han ez dela oraindik hain iraunkor eta trebeki erabiltzen elkartzea.
Sarritan ingelesek isolatuki egiten dituzte gauza handiak, amerikarrak egitekorik txikienarentzat ere elkartzen diren bitartean. Garbi dago lehenengoei ekintza-bide indartsua iruditzen zaiela elkartzea; baina besteok badirudi ekintzarako bide bakarra ikusten dutela horretan.
Honela, gaur egun herrialde guztien artean munduko herrialderik demokratikoenean perfekzionatu de gehien jendeak bere desira komunen xedea komunean bilatzeko artea, eta objektu-kopuru handienari ere bertan aplikatu diote zientzia berri hori. Ustekabeko zerbaiten ondorio ote da hori, ala ba ote da beharrezko erlazioren bat elkarteen eta berdintasunaren artean?
Gizarte aristokratikoek beti izaten dute beren baitan, bere kabuz ezer ezin duen jendetza handi baten erdian, hiritar oso ahaltsu eta aberatsen kopuru txiki bat; hauetako bakoitzak eginkizun handiak gauza ditzake berak bakarrik.
Gizarte aristokratikoetan, jendeak ez dauka elkartu beharrik jarduteko, tinko batuta egoten baita beti.
Hiritar aberats eta ahaltsu bakoitza elkarte iraunkor eta derrigorrezko baten buru bezala izaten da, bere menpe dituen eta bere proiektuak egikaritzeko erabiltzen dituen guztiek osaturiko elkartearen buru.
Herri demokratikoetan, aitzitik, hiritar guztiak independente eta ahulak izaten dira; ezer gutxi egin dezakete beren kabuz, eta haietako inork ezin ditu bere hurkoak laguntza ematera behartu. Beraz, ezintasunean jausten dira guztiak, askatasunean elkar laguntzen ikasten ez badute.
Herrialde demokratikoetan bizi direnek ez balute helburu politikoetarako batzeko ez eskubiderik, ez gusturik izango, haien independentziak arrisku handiak jasango lituzke, baina luzaroan gorde ahal izango lituzkete beren aberastasun eta jakintzargiak; baina bizimodu arruntean elkartzeko usadiorik lortuko ez balute, zibilizazioa bera egongo litzateke arriskuan. Partikularrek isolatuki gauza handiak egiteko gaitasuna galdu eta horiek komunean sortzeko ahalmenik lortuko ez balu herri batek, laster bideratuko luke bere burua barbarotasunerantz.
Zoritxarrez, herri demokratikoentzat elkarteak hain beharrezko bihurtzen dituen gizarte-egoera berberak beste guztientzat baino zailago bihurtzen ditu horientzat.
Aristokrazia bateko zenbait kidek elkartu egin nahi dutenean, erraz lortzen dute hori. Bakoitzak indar handia jartzen duenez elkartean, kide kopurua oso txikia izan daiteke, eta, kideak gutxi direnean, erraza gertatzen zaie elkar ezagutzea, ulertzea eta arau finkoak ezartzea.
Nazio demokratikoetan ez da aurkitzen horrelako erraztasunik, eta beharrezkoa izaten da elkartuak asko izatea elkarteak indar pixka bat izan dezan.
Badakit nire garaikide askorentzat hau ez dela kezkagarria. Hiritarrak ahulago eta ezgaiago bihurtu ahala, gobernua iaioago eta aktiboago bihurtu behar dela esaten duten, gizabanakoek jada ezin dutena gizarteak egin ahal izan dezan. Hori esanda guztiari erantzun diotela uste dute. Baina oker dabiltzala iruditzen zait.
Gobernuak hartu ahal izango luke Amerikan elkarte handienetako batzuen lekua, eta, Batasunaren barruan, zenbait estatu partikular jasa saiatu da horretan. Baina zein botere politiko izango da inoiz aski, Amerikako hiritarrek elkarteen laguntzaz egunero zertzen dituzten eginkizun txiki ugariak betetzeko?
Erraz ikusten da badatorrela garaia, pertsonak gero eta gaitasun txikiagoa izango duena bizitzako gauzarik arrunt eta beharrezkoenak haziko da, eta bere ahaleginek berek handiago bihurtuko dute egunetik egunera. Botere horrek zenbat eta gehiago hartu elkarteen lekua, partikularrek, elkartzeko ideia galduz, orduan eta gehiago beharko dute berorren laguntza. Etengabe sortzen diren kausak eta ondorioak dira. Azkenean, hiritar isolatu batek egin ezin dituen zeregin guztiak zuzendu beharra izango ote du administrazio publikoak? Eta, lur-jabetza hainbesterainoxe banatzearen ondorioz, lurra mugagabeki zatitu eta laborari-elkarteek bakarrik landuko duten momentu bat iristen bada, gobernu-buruak utzi egin beharko ote du estatuaren gidaritza goldari eusteko?
Herri demokratiko baten moralak eta adimenak ez lituzkete beraren negozioak eta industriak baino arrisku txikiagoak izango, gobernuak elkarteen lekua hartuko balu alde guztietan.
Sentimenduak eta ideiak ez dira berritzen, bihotza ez da handitzen eta giza izpiritua ez da garatzen pertsona eta besteen arteko elkarrekintzaz baizik.
Ikusarazi dut ekintza hori ia deuseza dela herrialde demokratikoetan. Beraz, horietan artifizialki sortarazi behar da. Eta hori elkarteek bakarrik egin dezakete.
Aristokrazia bateko kideek ideia berri bat onartu edo sentimendu berri bat zertzen dutenean, nolabait ere ondoan ipintzen dute beraiek daudeneko teatro handian, eta, jendearen aurrean honela erakutsiz, erraz sarrarazten dituzte inguruko guztien izpirituan edo bihotzean.
Herrialde demokratikoetan, berez gizarte-boterea bakarrik dago horrela jokatzeko egoeran, baina erraz ikusten da beraren ekintza inoiz ez dela aski eta bai sarri arriskutsua.
Gobernu bat ez da aski sentimendu eta ideien zirkulazioa bere kabuz mantendu eta berritzeko herri handi batean, ezta bertan eginkizun industrial guztiak gidatzeko ere. Bide berri horretatik abiatzeko eremu politikotik irteten saiatuko balitz, tirania jasangaitza zertuko luke, nahi gabe ere; zeren eta, gobernu batek erregela zehatzak ematen baitaki bakarrik; berak bultzatzen dituen sentimenduak eta ideiak ezartzen ditu, eta nekeza izaten da beti haren aholkuak aginduetatik bereiztea.
Are okerragoa litzateke bere benetako interesa ezer ez mugitzea datzala uste balu. Orduan, mugitu gabe geldituko litzateke, bere burua borondatezko lozorroan murgilduta.
Bakarrik ez jardutea behar da, beraz.
Herri demokratikoetan, elkarteek hartu behar dute baldintza-berdintasunak desagerrarazi dituen partikular ahaltsuen lekua.
Estatu Batuetako zenbait biztanlek munduan sortarazi nahi duten sentimendu edo ideia bat zertu orduko, elkar bilatzen dute, eta, elkar aurkitu dutenean, batu egiten dira. Une horretatik aurrera, jada ez dira gizaki isolatuak, baizik eta urrutitik ikusten den botere bat, hitz egiten duen eta entzun egiten den botere bat, eta beraren ekintzak jarraibidetzat hartzen dira.
Estatu Batuetan ehun mila pertsona edari biziak ez edatera publikoki konprometitu zirela lehen aldiz entzun nuenean, gauza barregarria gehiago iruditu zitzaidan serioa baino, eta hasieran ez nuen ongi ulertzen hiritar hain neurritsu haiek zergatik ez ziren konformatzen ura familiaren baitan edatearekin.
Azkenerako ulertu nuen ehun mila amerikar haiek, inguruan hordikeriak egiten zuen aurrerapenagatik izututa, beren babesa eman nahi izan ziotela edari-neurritasunari. Haien jokaera, hain zuzen ere, hiritar arruntei luxuarekiko mesprezua sortzearren oso sinpleki jantzitako jauntxo handi batena bezalakoa izan zen. Ehun mila pertsona haiek Frantzian bizi izan balira, pentsa daiteke haietako bakoitzak banan-banan gobernuarengana joko zukeela, erresumako taberna guztiak ikuska zitzan erregutzeko.
Nire iritziz, Amerikako elkarte intelektual eta moralak dira gure arreta berenganatzea merezien dutenak. Amerikarren elkarte politiko eta industrialak oso nabariak gertatzen zaizkigu, baina besteek ihes egiten digute; eta aurkitzen baditugu, gaizki ulertzen ditugu, ia sekula ez dugulako antzekorik ikusi. Hala ere, onartu beharra dago horiek besteak bezain beharrezkoak zaizkiola Amerikako herriari, eta gehiago agian.
Herrialde demokratikoetan, elkartze-zientzia da zientzia nagusia; beste guztien aurrerapena honen aurrerapenaren menpe dago.
Gizarteak arautzen dituzten legeen artean, bada bat beste guztiak baino zehatz eta argiagoa ematen duena. Jendeak zibilizaturik jarrai dezan edo zibiliza dadin, beharrezkoa da elkartzeko trebetasuna garatu eta hobetzea, baldintza-berdintasuna areagotzen den neurri berean.
VI. Elkarteen eta aldizkarien arteko erlazioa
[aldatu]Jendea ez dagoenean bere artean era sendo eta iraunkorrez lotua, ezin da lortu kopuru handi batek amankomunean jokatzea, laguntza eman behar dutenetako bakoitza ez bada behintzat komentzitzen, bere interes partikularrarentzat beharrezkoa dela bere borondatez bere ahaleginak beste guztienekin elkartzea.
Hori ezin daiteke normalean eta erosotasunez egin aldizkari baten laguntzaz ez bada; aldizkariak bakarrik lor dezake pentsamendu berbera une berean mila burutara helaraztea.
Aldizkaria, bila ibili beharrik ez dagoen kontseilaria da, bere kabuz agertu eta arazo komunaz egunero hitz egiten dizuna labur, zeure arazo partikularretan eragozpenik sortu gabe.
Beraz, aldizkariak are beharrezkoago bihurtzen dira jendea berdinago eta indibidualismoa beldurgarriago bilakatu ahala. Berorien garrantzia gutxitzea litzateke, askatasuna bermatzeko bakarrik balio dutela pentsatzea; zibilizazioari eusten diote.
Ez dut ukatuko herrialde demokratikoetan hiritarrak elkarrekin oso eginkizun lotsagabeak zertzera bultzatzen dituztela sarri aldizkariek; baina, aldizkaririk ez balego, ia ez litzateke ekintza komunik izango. Sortzen duten gaitza, beraz, sendatzen dutena baino askoz txikiagoa da.
Aldizkari baten ondorioa ez da bakarrik pertsona-kopuru handi bati egitasmo berbera iradokitzea; bakoitzak berak zerturiko egitasmoak amankomunean egikaritzeko bideak ere ematen dizkie.
Herrialde aristokratiko batean bizi diren hiritar printzipalek urrutitik ere komunikatzen dute elkar; eta, indarrak batu nahi badituzte, elkarrengana abiatzen dira, atzetik jendetza handia dutela.
Aitzitik, herrialde demokratikoetan sarri gertatzen da elkartzeko nahia edo beharra duen jende askok ezin duela hori egin, zeren eta, guztiak oso txikiak eta jende artean galduak izanik, ez baitute elkar ikusten eta ez dakite non elkar aurkitu. Aldi berean, baina aparte, haietako bakoitzari sorturiko sentimendua edo ideia argitara ematen duen aldizkari bat sortzen bada, guztiak bideratzen dira berehala argi horretarantz, eta aspaldidanik ilunpean elkarren bila noraezean zebiltzan izpiritu horiek azkenean elkar aurkitzen dute eta batu egiten dira.
Aldizkariak hurbilarazi egin ditu, eta beharrezkoa zaie elkarturik jarraitzeko.
Elkarteak herri demokratikoetan indarra izan dezan, bazkide askokoa izan behar du. Elkartea osatzen dutenak espazio zabalean sakabanaturik daude, eta bakoitzak bizi deneko tokian egon behar izaten du, ez duelako aberastasun handirik eta honek arreta txikiak baina amaigabeak eskatzen dizkiolako. Egunero, elkar ikusi gabe, elkarrekin hitz egiteko era behar dute, eta, bildu beharrik gabe, adostasunean aurrera egiteko bidea. Horrela, ia ez dago elkarte demokratikorik aldizkaririk gabe iraun dezakeenik.
Beharrezko lotura dago, beraz, elkarteen eta aldizkarien artean. Aldizkariek elkarteak egiten dituzte, eta elkarteek aldizkariak; eta egia bada elkarteak ugaldu egiten direla baldintzak berdindu ahala, ez da egia txikiagoa aldizkarien kopurua hazi egiten dela elkarteak ugaldu ahala.
Halaber, Amerika da munduko herrialde guztien artean elkarte gehien eta aldi berean aldizkari gehien duena.
Aldizkari-kopuruaren eta elkarteenaren arteko lotura honek beste bat aurkitzera eramaten gaitu aldizkako prentsaren egoeraren eta herrialdea administratzeko formaren artean, eta administrazio-zentralizazioa handiago edo txikiagoa den neurri berean herri demokratikoetan handiagoa edo txikiagoa den neurri berean herri demokratikoetan aldizkari-kopurua gutxitu edo gehitu egingo dela erakusten digu. Zeren eta, herri demokratikoetan tokian tokiko botereak ezin dira hiritar printzipalen esku utzi, aristokrazietan bezala. Botere horiek abolitu egin behar dira edota horien erabilera pertsona-kopuru handi bati onartu. Hauek benetako elkarte bat osatzen dute, lurralde-zati bat administratzeko legeak iraunkorki ezarria, eta beren arazo txikien artean egunero aldizkari batekin topo egin behar dute, arazo publikoaren egoeraren berri izan dezaten. Zenbat eta ugariagoak izan toki-botereak, orduan eta handiago kargu horiek betetzera legeak deiturikoen kopurua, eta zenbat eta gehiago sentitu behar hori une oro, are ugariagoak aldizkariak.
Administrazio-boterearen zatikatze izugarria da, askatasun politiko handia eta prentsaren erabateko independentzia baino gehiago, aldizkari-kopurua hainbeste ugaltzen duena Amerikan. Batasuneko biztanle guztiak hautesle balira –beren hautets-eskubidea estatuko legegileak aukeratzera mugatuko lukeen sistema baten menpeko hautesle, alegia-, aldizkari-kopuru txiki bat besterik ez lukete beharko, okasio gutxi –garrantzizkoak, baina oso gutxi- izango bailukete elkartuta jokatzeko; baina nazio-elkarte handiaren baitan, legeak probintzia bakoitzean, hiri bakoitzean eta, nolabait esateko, herri bakoitzean elkarte txikiak ezarri ditu, helburutzat toki-administrazioa dutenak. Horrela, amerikar bakoitza herrikideetako batzuekin eginkizun komun batean elkarlanean jardutera behartu du legegileak, eta bakoitzak aldizkari bat behar du besteek egiten dutena jakiteko.
Uste dut, nazio-ordezkaritzarik ez, baizik eta toki-botere txiki asko lukeen herri demokratikoak[1] azkenerako aldizkari gehiago izango lukeela, hautazko legebiltzarraren ondoan administrazio zentralizatua leukakeenak baino. Estatu Batuetan eguneroko prentsak izan duen garapen harrigarria ongien esplikatzen duena zera da: amerikarren artean askatasun nazionalik handiena edozein motatako toki-askatasunekin elkartzen dela.
Oro har, Frantzian eta Ingalaterran uste izaten da aski dela prentsaren gaineko zergak kentzea aldizkariak mugagabeki ugaltzeko. Horrelako erreforma baten ondorioak asko exageratzea da hori. Aldizkariak ez dira prezio merkeari esker bakarrik ugaltzen, baita gizaki-kopuru handi batek elkar komunikatzeko eta amankomunean jarduteko daukan premia iraunkor handiago edo txikiagoaren arabera ere.
Halaber, aldizkarien botere hazkorra normalean aipatzen diren baino arrazoi orokorragoei ere egotziko nieke nik.
Aldizkari batek ezin du iraun pertsona-kopuru handi batek amankomunean duen doktrina edo sentimenduren bat ez badu zabaltzen. Aldizkari bat, beraz, elkarte bat izaten da beti, eta bere ohiko irakurleak, elkarte horretako kide.
Elkarte hori zehaztasun handiago edo txikiagokoa izan daiteke, zabal edo estuagoa, ugariagoa, eta urriagoa, baina hazi edo ernamuin gisa gutxienez izaten da izpirituetan, eta horregatik bakarrik ez da aldizkaria hiltzen.
Horrek azken gogoeta batera garamatza, kapitulu hau bukatzeko.
Zenbat eta berdinagoak baldintzak, gizakiak orduan eta ahulagoak izaten dira banaka hartuta, are errazago eramaten ditu jendetzaren korronteak eta are nekezagoa gertatzen zaie jendetza horrek bazter utzitako iritziari beraiek bakarrik eustea.
Aldizkariak elkartea errepresentatzen du; esan daiteke bere irakurleetako bakoitzari hitz egiten diola beste guztien izenean, eta zenbat eta ahulagoak izan banaka, hainbat errazago herrestatzen ditu.
Aldizkarien aginteak, beraz, hazi egin behar du gizakiak berdindu ahala.
VII. Elkarte zibilen eta elkarte politikoen arteko erlazioak
[aldatu]Mundua nazio bakar batean erabiltzen dute egunero helburu politikoz elkartzeko askatasun mugagabea. Nazio hori berori da munduan bakarra non hiritarrei bururatu zaien bizitza zibilean ere elkartze-eskubideaz etengabe baliatzea, horrela berenganatuz zibilizazioak eskain ditzakeen ondasun guztiak.
Elkartze politikoa debekaturik dagoen herri guztietan, elkartze zibila ere oso gutxi gertatzen da.
Ez dirudi hori kasualitate hutsa denik; normalagoa litzateke ondorioztatzea berezko eta agian beharrezko loturaren bat badela bi elkartze-mota hauen artean.
Pertsona batzuek kasualitatez interes komuna dute gai jakin batean. Gidatu beharreko merkataritza-ekintza bat izan daiteke, edo burutu beharreko eragiketa industrialen bat; elkarrekin topo egin eta batu egiten dira; horrela poliki-poliki elkartzen ohitzen dira.
Zenbat eta gehiago ugaldu arazo txiki komun horiek, jendeak orduan eta gaitasun handiagoa izaten du, oharkabean ere, handiak lortzen amankomunean hasteko.
Elkarte zibilek, beraz, elkarte politikoetarako bidea errazten dute; baina, bestalde, elkartze politikoak bereziki garatzen eta perfekzionatzen du elkartze zibila.
Bizitza zibilean, pertsona bakoitzak bere buruaz aski duela imajina dezake estu-estuan. Politikan, sekula ezin imajinatu horrelakorik. Herri batek bizitza publikoa duenean, elkartzearen ideia eta elkartzeko gogoa egunero agertzen dira hiritar guztien izpirituan. Jendeak amankomunean jarduteko senti dezakeen berezko nazka gora-behera, beti izango dira prest alderdi baten interesean jarduteko.
Honela, politikak orokortu egiten du elkartzearen gustua eta aztura; batu nahia sortzen dio eta hori nola lortu irakasten dio bestela beti bakarrik biziko zatekeen jendetza bati.
Politikak, elkarte ugari ez ezik, elkarte oso zabalak ere sortzen ditu.
Bizitza zibilean nekez gertatzen da interes batek berak jende-kopuru handia berez erakartzea ekintza komun batera. Trebetasun handiz bakarrik lortu ohi da horrelako interes bat sortzea.
Politikan, okasioa berez sortzen da une oro. Nolanahi ere, elkarte handietan bakarrik nabarmentzen da elkartzearen balio orokorra. Banaka ahulak diren hiritarrek aurrez ez dute ideia garbirik zertzen baturik lor dezaketen indarraz; erakutsi egin behar izaten zaie uler dezaten. Horregatik, sarritan errazagoa gertatzen da helburu komun baten inguruan jendetza handia biltzea pertsona batzuk baino; mila hiritarrek ez dute ikusten zer interes duten batzeko; hamar milak, bai. Politikan, eginkizun handietarako elkartzen da jendea, eta arazo garrantzizkoetarako elkartzetik ateratzen duten probetxuak erakusten die, praktikoki, txikietan elkar laguntzeak duen interesa.
Elkarte zibil gehienetan ez da sartzerik egoten nork bere ondarearen zati bat arriskatu gabe; hori gertatzen da industri eta merkataritza-konpainia guztietan. Pertsonak elkartzeko artean gutxi trebaturik daudenean eta erregela nagusiak ere ez dakizkitenean, beldur izaten dira, lehen aldiz elkartzean, beren esperientzia garesti ordainduko ote duten. Nahiago izaten dute, beraz, arrakasta-bide ahaltsu bat gabe gelditzea, horrek berekin dituen arriskuetan sartzea baino. Hala ere, zalantza gutxiago izaten dute elkarte politikoetan parte hartzeko, arrisku gabeak iruditzen baitzaizkie, eta ez dute horietan beren dirurik arriskatzen. Nolanahi ere, ezin dira luzaroan elkarte horietako partaide izan, pertsona-kopuru handi baten erdian ordena nola mantentzen den aurkitu gabe, eta zein prozeduraz lortzen den, kide guztiak batera eta metodikoki, helburu bererantz joanaraztea. Beren borondatea beste guztienaren menpe jartzen ikasten dute elkarte horietan, eta beren ahalegin partikularrak ekintza komunaren menpe jartzen, bata eta bestea ere elkarte zibiletan elkarte politikoetan bezain jakin beharrekoak.
Elkarte politikoak, beraz, doako eskola handitzat har daitezke, non hiritar guztiek ikasten duten elkarteei buruzko teoria orokorra.
Elkartze politikoak ez balu zuzenean elkartze zibilerako balioko ere, lehena suntsitzea bigarrenari kalte egitea litzateke.
Hiritarrak kasu batzuetan bakarrik elkar daitezkeenean, prozedura arraro eta bitxitzat jotzen dute elkartzea, eta nekez pentsatzen dute horretan.
Edozertarako aske elkartzen uzten zaienean, azkenerako jendeak, hainbat helburu lortzeko erabil dezakeen baliabide unibertsaltzat eta, nolabait esateko, bakartzat hartzen du elkartzea. Premia berri bakoitzak ideia hori iratzartzen du berehala. Orduan, elkartzeko artea, gorago esan dudan bezala, zientzia nagusi bilakatzen da; guztiek aztertzen eta aplikatzen dute.
Elkarte jakin batzuk debekaturik eta beste batzuk baimendurik daudenean, zaila gertatzen da lehenak eta bigarrenak aurrez bereiztea. Zalantza-egoeran, guztiak baztertzen ditu jendeak, eta halako iritzi publiko bat sortzen da edozein elkarte zeregin ausart eta ia ez-zilegitzat jotzen duena[2].
Ameskeria hutsa da pentsatzea elkartze-izpiritua, puntu batean erreprimituta, kemen berberaz garatuko dela beste guztietan, eta jendeari amankomunean zenbait eginkizun zertzen uztea aski izango dela, horretan presaka ahalegintzeko. Hiritarrek edozertarako elkartzeko ahalmena eta aztura izaten dutenean, handietarako bezain gogotsu elkartuko dira txikietarako. Baina txikietarako besterik ezin badira elkartu, ez dute izango ez egiteko gogorik, ez gaitasunik. Alferrik utziko diezue beren negozioan amankomunean jarduteko askatasun osoa. Axolagabeki baino ez dituzte erabiliko emandako eskubideak; eta, debekaturiko elkarteetatik urrunarazteko ahaleginetan indarrak ahitu ondoren, harrituta geldituko zarete ezingo dituzuelako komentzitu baimenduriko elkarteak osa ditzaten.
Nik ez dut esaten ezin daitekeenik elkarte zibilik egon elkartze politikoa debekaturik dagoen herrialdean;
zeren eta gizakia ezin baita inoiz gizartean bizi nolabaiteko eginkizun amankomunen bat zertu gabe. Baina diodana da, horrelako herrialde batean, elkarte zibilak oso gutxi izango direla beti, ahul ideiatuak eta zabar gidatuak, eta inoiz ez dutela egitasmo zabalik egingai izango, edota porrot egingo dutela egikaritu nahi izatean.
Honek berez narama pentsatzera elkartze-askatasuna politika-arloan ez dela uste bezain arriskutsua lasaitasun publikorako, eta gerta litekeela, aldi batez Estatua astindu ondoren, irmotu ere egitea.
Herrialde demokratikoetan, elkarte politikoak dira, nolabait esateko, Estatua erregulatzeko nahia izan dezaketen partikular ahaltsu bakarrak. Horregatik, gaur egungo gobernuek, Erdi Aroko erregeek koroaren basailu handiak bezalatsu, ikusten dituzte elkarte-mota horiek. Berezko izu-ikara sentitzen dute horiekiko, eta aukera duten guztietan egiten diete kontra.
Aitizitik, berezko onginahia dute elkarte zibilekiko, berehala ohartzen baitira, hiritarren izpiritua arazo publikoetarantz bideratu ordez, horietatik apartatzeko balio dutela elkarte hauek, eta, bake publikorik gabe bete ezin daitezkeen proiektuetan gero eta gehiago konprometituz, aldendu egiten dituztela iraultzetatik. Baina ez dira konturatzen elkarte politikoek ikaragarri ugaltzen eta errazten dituztela elkarte zibilak, eta gaitz arriskutsu bat baztertzean erremedio eraginkor batez ere gabetzen direla. Iritzi politiko bat nagusiarazteko edo estatu-gizon bat gobernura igoarazteko edo beste bati agintea kentzeko helburuaz amerikarrak egunero aske elkartzen ikusten dituzuenean, kosta egiten da ulertzea hain independentea den jendea ez erotzea une oro libertinajean.
Bestalde, Estatu Batuetan amankomunean zertu nahi izaten diren industri eginkizunen kopuru mugagabea hartzen bada kontuan, eta egitasmo garrantzitsu eta zailen bat –iraultzarik txikienak desbideratuko lukeena- gauzatzeko alde guztietan atsedenik gabe amerikarrak lanean ikusten direnean, erraz ulertzen da hain lanpeturik dabilen jende horrek zergatik ez duen tentaziorik estatua asaldarazteko, ezta beraiek profitatzen duten lasaitasun publikoa suntsitzeko ere.
Aski al da gauza horiek bakoitza bere aldetik ulertzea, lotzen dituen korapilo ezkutua aurkitu gabe? Estatu, izpiritu eta adin guztietako amerikarrek egunero elkarte politikoetan hartzen dute elkartzeko zaletasun orokorra, baita horretara ohitzen ere. Elkarte horietan ikusten dute elkar kopuru handian, eta elkarri hitz egin, entzun eta adore ematen diote edozelako eginkizunak zertzeko. Gero, horrela lorturiko nozioak bizitza zibilera aldatzen dituzte eta aplikazio askotarako erabiltzen dituzte.
Beraz, amerikarrek askatasun arriskutsu batez baliatzean ikasten dute askatasunaren arriskuak txikiago bihurtzeko trebetasuna.
Nazio baten bizitzan une jakin bat aukeratzen bada, erraza da frogatzea elkarte politikoek arazoak sortzen dizkiotela estatuari eta industria geldiarazten; baina herri baten bizitza osoa hartzen bada kontuan, agian erraza izango da frogatzea politika-arloan elkartzeko askatasuna mesedegarri izaten dela hiritarren ongizaterako, baita lasaitasunerako ere.
Esan dut obra honen lehen zatian: “Baina elkartzeko askatasun mugagabea arlo politikoan ezin da erabat nahastu idazteko askatasunarekin. Bata ez da bestea bezain beharrezkoa, baina aldi berean bai arriskutsuagoa. Nazio batek mugak jar diezazkioke, bere buruaren jabe izateari utzi gabe; batzuetan horrela egin behar izaten du existitzen jarraitzeko”. Eta aurrerago erantsi nuen: “Ezin da ukatu elkartzeko askatasun mugagabea politika-gaietan, askatasun guztien artetik herri batek jasan dezakeen azkena dela. Anarkian erorarazten ez badu, beronen ondo-ondoan ibilarazten du etengabe”.
Honela, ez dut uste nazio batek beti utz diezaiekeenik hiritarrei politika-arloan elkartzeko eskubide absolutua, eta zalantza dut, gainera, herrialderen batean eta garairen batean zuhurra izango ote litzatekeen elkartzeko askatasunari mugarik ez jartzea.
Horrelako herri batek, esan ohi da, ezingo lioke bakeari bere baitan eutsi, legeekiko begirunea sortu edo gobernu iraunkorrik eratu, ez badu muga estuetan ixten elkartzeko eskubidea. Horrelako ondasunak baliotsuak dira, zalantzarik gabe, eta ulertzen dut horiek eskuratu edo gordetzeko nazio batek bere buruari eragozpen handiak ezartzea momentuz; eta on da gainera zehatz jakin dezan zer kostatzen zaizkion ondasun horiek.
Pertsona baten bizia salbatzeko, beso bat moztea ulertzen dut; baina ez diezadatela esan besokerra izango ez balitz bezalakoxe trebetasuna izango duenik.
VIII. Nola borrokatzen diren amerikarrak indibidualismoaren aurka ongi ulerturiko interesaren doktrina bidez
[aldatu]Mundua gizabanako ahaltsu eta aberats gutxi batzuek gidatzen zutenean, gizakiaren eginbeharren ideia gorena zertzea maite zuten haiek; atseginez aldarrikatzen zuten loriatsua dela nor bere buruaz ahaztea, eta ongia interesik gabe egitea komeni dela, Jainkoak berak bezalaxe. Hori zen hartako doktrina ofiziala moral-arloan.
Ez dakit jendea bertutetsuagoa izango zen aristokrazi mendeetan besteetan baino, baina egia da etengabe hitz egiten zela orduan bertutearen edertasunari buruz; ezkutuan bakarrik aztertzen zen zein aldetatik ote zen baliagarri. Baina irudimena beheragotik ibiltzen den eta nor bere gauzetara mugatzen den neurrian, moralistak izutu egiten dira sakrifizioaren ideia horrekin eta jada ez dira ausartzen giza izpirituari hori eskaintzera; beraz, hiritarren onura indibiduala guztien zorionerako lan egitea izan ote daitekeen ikertzera mugatzen dira; eta, interes partikularrak interes orokorrarekin topo egin eta elkarrekin nahasten diren puntu horietako bat aurkitzen dutenean, argitara ateratzen dute berehala; poliki-poliki ugaldu egiten dira antzeko oharpenak. Oharpen isolatua baizik ez zena doktrina orokor bihurtzen da, eta azkenean gizakiak hurkoa zerbitzatzean bere burua zerbitzatzen duela uste izaten da, eta ongia egitea dela haren interes partikularra.
Jada erakutsi dut obra honetako zenbait tokitan nola Estatu Batuetako, jendeak beti jakiten duen ongizate propioa herrikideenarekin batzen. Hemen azpimarratu nahi dudana hori lortzen laguntzen dien teoria orokorra da.
Estatu Batuetan, ia ez da esaten bertutea ederra denik. Onuragarri dela aldarrikatzen da, eta egunero frogatzen da hori. Moralista amerikarrek ez dute esaten hurkoengatik sakrifikatu behar denik gauza bikaina delako hori egitea; baina argi eta garbi esaten dute horrelako sakrifizioak, bere buruari ezartzen dizkionarentzat bezain beharrezkoak direla horietaz profitatzen direnentzat.
Ohartu dira, beren herrialdean eta garaian, gizakia bere baitara eramaten duela indar jarkiezin batek, eta, hori geldiarazteko itxaropenik gabe, gidatzea baino ez dute amesten.
Ez dute, beraz, ukatzen pertsona bakoitzak ezin dionik bere interesari jarraitu, baina saiatzen dira frogatzen zintzoa izatean datzala bakoitzaren interesa.
Ez dut hemen sartu nahi haien arrazoien xehetasunetan, urrutiratu egingo baininduke neure gaitik; nahikoa dut esatea komentzitu egin dituztela beren herrikideak.
Aspalditxo esan zuen Montaignek. “Bide zuzenari bere zuzentasunagatik lotuko ez banintzaio ere, lotuko nintzaioke esperientziaz aurkitu dudalako azken finean bera izan ohi dela zoriontsuena eta erabilgarriena”.
Ongi ulerturiko interesaren doktrina ez da, beraz, berria; baina gaur egungo amerikarren artean unibertsalki onartua da; ospetsu bihurtu da: ekintza guztien atzean aurkitzen da; diskurtso guztietan zehar azaltzen da. Behartsuaren ahotan adina aurkitzen da aberatsarenean.
Interesaren doktrina Amerikan baino askoz zabarragoa da Europan, baina aldi berean ez dago hain hedatua eta batez ere gutxiago agertzen da; hala ere, jada sentitzen ez den atxikimendua aitortzen zaio egunero.
Amerikarrek, aitzitik, atsegin dute ongi ulerturiko interesaren laguntzaz beren bizitzako ia ekintza guztiak esplikatzea; atseginez erakusten dute beren buruaren maitasun zuhurrak nola etengabe bultzatzen dituen elkarren artean laguntzera eta nola prestatzen dituen beren denbora eta aberastasunen parte bat Estatuaren onerako gogotsu sakrifikatzera. Uste dut honetan sarri gertatzen zaiela beren buruari justiziarik ez egitea; zeren eta batzuetan Estatu Batuetan, beste edonon bezalaxe, hiritarrak gizakiari berezko zaizkion bulkada desinteresatu eta hausnargabeetara abandonatzen direla ikusten baita; baina amerikarrek nekez aitortzen dute horrelako mugimenduei amore ematen dietenik; nahiago izaten dute beren filosofia ohoratzea beren burua baino.
Gelditu ahal izango nintzateke hemen, idatzi berri dudana epaitzen saiatu gabe. Gaiaren zailtasun handia hartuko nuke aitzakitzat. Baina ez dut horretaz profitatu nahi eta nahiago dut neure irakurleek, zeren bila nabilen garbi ohartuta, jarraitzeari uko egitea nik beraiek zintzilika uztea baino.
Ongi ulerturiko interesarena ez da goi-mailako doktrina, baina argia eta ziurra. Ez ditu helburu handiak lortu nahi izaten, baina ahalegin handiegirik gabe lortzen ditu lortu nahi dituenak. Adimen guztien irispidean dagoenez, guztiek ulertzen dute erraz eta nekerik gabe gordetzen diote. Gizakien ahulezietara miresgarriro egokitzen denez, aginte handia bereganatzen du erraz, eta ez zaio zaila egiten horri eustea, interes pertsonala bere buruaren kontra itzultzen baitu eta, grinak gidatzeko, zaztatzen dituen eztenaz baliatzen da.
Ongi ulerturiko interesaren doktrina ez du atxikimendu handirik sortzen; baina sakrifizio txikiak iradokitzen ditu egunero; bere kabuz bakarrik ezin du pertsona bertutetsu egin; baina arautu, neurritsu, arrazoizko, aurrikusle eta bere buruaren jabe den hiritar-kopuru handia sortzen du; eta, borondatearen bidez bertutera zuzenean eramaten ez badu ere, hurbildu behintzat egiten du oharkabean azturen bidez.
Ongi ulerturiko interesaren doktrina moral-arloa erabat menperatzera iritsiko balitz, aparteko bertuteak bakanagoak izango lirateke, dudarik gabe. Baina orduan galdukeria zabarrak ere ez liratekeela hain arruntak izango pentsatzen dut. Ongi ulerturiko interesaren doktrinak agian eragotzi egingo die pertsona batzuei gizadiaren ohiko maila baino askoz gorago igotzea; baina beste askok, beherago eroriko liratekeenak, maila horretan jarraitzen dute. Gizabanako batzuk kontuan hartuta, beheratu egiten ditu. Espezie osoa kontuan hartuta, goratu.
Beldurrik gabe esango dut ongi ulerturiko interesaren doktrina, teoria filosofiko guztien artetik, gure garikoen premietarako egokiena iruditzen zaidala, eta beren buruaren kontra gelditzen zaien garantiarik indartsuena ikusten dudala horretan. Beraz, gaur egungo moralisten izpirituak horretarantz bideratu behar luke, batez ere. Nahiz eta akasduntzat jo, hala ere beharrezkotzat onartu beharko da.
Oro har, ez dut uste berekoikeria gehiago dagoenik gure artean Amerikan baino; diferentzia bakarra, han ilustratua dela eta hemen ez. Amerikar bakoitzak badaki bere interes partikularretako batzuk sakrifikatzen gainerakoak salbatzeko. Guk guztiari eutsi nahi diogu, eta sarritan guztiak ihes egiten digu.
Neure inguruan ikusten dudan jende guztiak, bere hitz eta jarraibidez, baliagarri dena sekula ez dela okerra erakutsi nahi die egunero bere garaikideei. Ez ote dut inoiz aurkituko zuzena dena baliagarri ere izan daitekeela ulertarazten saiatuko denik?
Ez dago munduan botererik baldintza-berdintasun hazkorrak giza izpiritua onuragarriaren bilakuntzara eramatea eragotz dezakeenik eta hiritar bakoitza bere baitan ixtera bultzatzen ez duenik.
Espero behar da, beraz, interes indibiduala bihurtuko dela inoiz baino gehiago giza ekintzen eragile nagusia, bakarra ez bada; baina jakiteke geratzen da pertsona bakoitzak nola ulertuko duen bere interes indibiduala.
Hiritarrek, berdinak bilakatzean, ezjakin eta zabar izaten jarraituko balute, nekez aurreikus daiteke haien berekoikeria zer-nolako gehiegikeria zentzugaberaino iritsiko litzatekeen, eta aurrez ezin esan zer-nolako miseria lotsagarrietan murgilduko luketen beren burua, hurkoen oparotasunaren mesedetan beren ongizatea zertxobait sakrifikatzeko beldurrez.
Ez dut uste interesaren doktrina, Amerikan aldarrikatzen den bezala, hain nabaria denik bere alde guztietan; baina egia nabari asko du bere baitan, aski delarik jendea ilustratzea horiek ikus ditzan. Ilustra ezazue, beraz, kosta ahala kosta; zeren eta jada abnegazio itsuen eta instintuzko bertuteen mendea gugandik urruti baitoa ihesi, eta ikusten dut hurbiltzen ari dela garaia, non askatasunak, bake publikoak eta gizarte-ordenak berak ezingo duten jakintzargirik gabe iraun.
IX. Amerikarrek nola aplikatzen duten ongi ulerturiko interesaren doktrina erlijio-gaietan
[aldatu]Ongi ulerturiko interesaren doktrinak mundu hau bakarrik izango balu bistan, ez litzateke inola ere aski izango; zeren eta sakrifizio-kopuru handia baitago bere saria beste munduan bakarrik aurki dezakeena; eta bertutearen baliagarritasuna frogatzeko edozein izpiritu-ahalegin eginda ere, bete izango da zail ongi biziaraztea hil nahi ez duen pertsona bati.
Jakin behar da, beraz, ea ongi ulerturiko interesatzen doktrina erraz batera daitekeen erlijio-sineskizunekin.
Doktrina hau irakasten duten filosofoek esaten diote jendeari, bizitzan zoriontsu izateko, zaindu egin behar dituela grinak eta kontuz erreprimitu horien gehiegikeria; zoriontasun iraunkorra mila gozamen iragankorri uko eginez bakarrik lor daitekeela eta, azkenik, nor bere buruari gailendu behar zaiola etengabe bere onurarako.
Erlijio guztien sortzaileek hizkera berbera erabili izan dute gutxi gora-behera. Jendeari beste bide bat erakutsi gabe, helmuga atzeratzea baino ez dute egin; ezartzen dituzten sakrifizioen saria mundu honetan kokatu ordez, bestean ipini izan dute.
Hala ere, ez dut sinetsi nahi bertutea erlijio-izpirituz praktikatzen duten guztiek sariaren itxaropenez bakarrik jokatzen dutenik.
Aurkitu ditut kristau gartsuak beren buruaz etengabe ahazten zirenak guztion zorionerako are gogotsuago lan egitearren, eta honela beste munduko ondasunak merezitzeko bakarrik jokatzen zutela entzun diet; baina beren burua engainatzen dutela pentsatzen dut. Gehiegi errespetatzen ditut hori sinesteko.
Kristautasunak esaten digu, eta egia da, zerua irabazteko nork bere burua baino nahiago izan behar dituela besteak; baina halaber kristautasunak esaten digu hurkoei on egin behar zaiela Jainkoaganako maitasunagatik. Adierazpen bikaina da hori; gizakia bere adimenaren bidez jainko-pentsamenduan sartzen da; Jainkoaren xedea ordena dela ikusten du; egitasmo handi horrekin bat egiten du askatasunez; eta, bere interes partikularrak gauza guztien ordena miresgarri horren menpe jartzean, ez du beste saririk espero berori begiesteko atsegina baizik.
Ez dut sinesten pertsona erlijiosoen motibazio bakarra interesa denik; baina uste dut interesa dela erlijioek berek erabiltzen duten baliabide nagusia gizakiak gidatzeko, eta ez dut dudarik alde horretatik heltzen diotela jendetzari eta arrakasta lortzen.
Ez dut, beraz, argi ikusten ongi ulerturiko interesaren doktrinak zergatik apartatu behar lukeen jendea erilijio-sineskizunetatik; eta, aitzitik, horietara hurbildu egiten duela iruditzen zait.
Demagun, mundu honetako zoriona lortzeko, pertsona batek aurre egiten diola instintuari okasio guztietan, eta hotz-hotzean arrazoitzen dituela bere bizitzako ekintza guztiak, eta, bere lehen gurarien irrikari itsu-itsuan amore eman ordez, horiei nola eraso egin ikasi duela, eta momentuko plazerak bizitza osoko interes iraunkorraren menpe ahalegin handirik gabe sakrifikatzera ohitu dela.
Horrelako pertsonak fedea baldin badu aitortzen duen erlijioan, ez zaio asko kostako ezartzen dizkion eragozpenetara makurtzea. Arrazoiak berak aholkatzen dio hori egitea, eta ohiturak aurrez prestatua du hori sufritzeko.
Zalantzak baldin baditu bere esperantza-gaiaz, ez dute horiek erraz geldiaraziko, eta zuhurra irudituko zaio mundu honetako ondasun batzuk arriskatzea bestean agintzen zaion ondare neurrigaberako eskubideak gorde ahal izateko.
“Kristau-erlijioa egiazkotzat jo eta tronpatuz gero, esan zuen Pascalek, ez dago zer galdu handirik; baina zelako zoritxarra faltsutzat jo eta tronpatuz gero!”. Amerikarrek ez dute beste bizitzarekiko arduragabezia zabarraren itxurarik egiten; ez dute ume-harrokeriaz jokatzen baztertzea espero duten arriskuak gutxietsiz.
Beren erlijioa, beraz, lotsarik eta ahuleziarik gabe praktikatzen dute; baina normalean, haien sugarraren erdian, zerbait lasai, metodiko eta kalkulatua ikusten da, eta ematen du arrazoia dela bihotza baino gehiago aldare-oinetara gidatzen dituena.
Amerikarrek ez diote beren erlijioari interesagatik bakarrik jarraitzen, baina sarritan mundu honetan kokatzen dute jarraitzeko izan dezakeen interesa. Erdi Aroan, apaizek beste munduaz bakarrik hitz egiten zuten; ez ziren arduratzen frogatzeaz kristau zintzoa izan daitekeela zoriontsu hemen behean ere.
Baina predikari amerikarrak etengabe itzultzen dira lurreko gaietara, eta neke handiz baino ez dute begirada hemendik kentzen. Entzuleak hobeto hunkiarazteko, egunero ikusarazten diete nola erlijio-sineskizunak askatasun eta ordena publikoarentzat mesedegarri diren, eta, haiei entzutean, sarritan zaila izaten da jakitea erlijioaren helburu nagusia beste munduan betiko zoriona ala hemengo honetan ongizatea lortzea den.
X. Ongizate materialarekiko gustua Amerikan
[aldatu]Amerikan ongizate materialaren grina ez da beti esklusiboa, baina bai orokorra; guztiek ez badute ere berean esperimentatzen, guztiek sentitzen dute behintzat. Gorputzaren premiarik txikienak asetzeko eta bizitzako erosotasun txikiez hornitzeko ardurak izpiritu guztiak kezkatzen ditu han.
Antzeko zerbait ikusten da gero eta gehiago Europan.
Bi munduetan antzeko eragin hauek sortzen dituzten kausen artean, hainbat dira nire gaia ukitzen dutenak, eta adierazi behar ditudanak.
Aberastasuna familia berberetan dagoenean herentziaz finkaturik, gizaki-kopuru handiak gozatzen du ongizate materialaz, ongizatearen gustu esklusiboa sentitu gabe.
Giza bihotza bizikien lotzen duena ez da izaten objektu baliotsu baten edukitza baketsua, baizik eta edukitzeko desira erabat asegabea eta galtzeko beldur etengabea.
Gizarte aristokratikoetan, aberatsak, sekula ez dutenez ezagutu berenaz bestelako egoerarik, ez dira aldatzeko beldur izaten; nekez imajinatzen dute beste egoerarik. Beraz, ongizate materiala ez da izaten haientzat bizitzaren helburua; bizitzeko era bat da. Nolabait ere, izateko modutzat hartzen dute, eta pentsatu ere egin gabe gozatzen dute.
Gizaki guztiek berez eta senez sentitzen duten ongizatearen gustua nekerik eta beldurrik gabe honela asebetetzean, beraien arima beste norabait bideratzen da eta animatu eta erakarriko duen eginkizun zailago eta handiagoren bati ekiten dio.
Horrela, gozamen materialetan bertan ere, aristokrazia bateko kideek mesprezu harroa agertzen dute sarri gozamen horiekiko eta indar bereziak aurkitzen dituzte horietaz gabetu beharra dutenean. Aristokraziak astindu edo suntsitu dituzten iraultza guztiek erakutsi dute soberakora ohitutako jendea zein erraz molda daitekeen beharrezkorik gabe; aisetasunera nekez iritsitakoak, berriz, ia ezin izaten dira bizi hori galdu ondoren.
Goiko gizarte-mailetatik beheko klaseetara pasatzen banaiz, antzeko ondorioak ikusiko ditut, kausa ezberdinek eraginak.
Aristokraziak gizartea menperatu eta geldi edukitzen duen nazioetan, azkenerako herria ohitu egiten da bere txirotasunera, aberatsak oparotasunera bezalaxe. Hauek ez dira arduratzen ongizate materialaz, nekerik gabe daukatelako; hark ez du horretan pentsatzen, ez duelako lortzeko itxaropenik eta ez duelako desiratzeko beste ere ezagutzen.
Horrelako gizarteetan behartsuen irudimena beste mundurantz bideratzen da; bizitza errealeko ezbeharrek estutu egiten dute; baina ihes egin eta gozamenak kanpoan bilatzera jotzen du.
Aitzitik, gizarte-mailak nahastu eta pribilegioak suntsitzen direnean, ondareak banatu eta jakintzargia eta askatasuna zabaltzen direnean, ongizatea lortzeko gogoa sortzen zaio behartsuaren irudimenari, eta galtzeko beldurra aberatsaren izpirituari. Erdi-mailako aberastasun-pila ikaragarria sortzen da. Horien jabeek badute gozamen materialei gustua hartzeko beste gozamen, baina ez behar hainbat horiekin konformatzeko. Sekula ez dituzte lortzen ahaleginez baizik, eta izuti murgiltzen dira berorietan.
Beraz, hain gozamen preziatu, osagabe eta iheskor horiek lortu edo iraunarazten saiatzen dira etengabe.
Beren jatorriaren iluntasunak edo aberastasunaren kaskartasunak zirikatu eta mugaturiko jendearentzat berezkoa den grina baten bila hasten banaiz, ongizatearen gustua baino egokiagorik ez dut aurkitzen. Ongizate materialaren grina erdi-mailako klasearen grina da, batez ere; klase horrekin hazi eta hedatzen da; berorrekin bihurtzen da nagusi. Hortik iristen da gizarteko goi-mailetara eta herriaren baitaraino jaisten.
Ez dut aurkitu Amerikan hiritar hain behartsurik aberatsen gozamenen gain itxaropen eta inbidiazko begiradarik botatzen ez zuenik, eta zoriak setati ukatzen zizkion ondasunez haren irudimena aurrez jabetu ez zenik.
Bestalde, Estatu Batuetako aberatsen artean inoiz ez dut ikusi ongizate materialarekiko mesprezu harro hori, aristokraziarik oparoen eta galduenetan ere batzuetan aurkitzen dena.
Aberats horietako gehienak behartsuak izanak dira; premiaren ziria sentitu izan dute; luzaroan borrokatu dira zori etsaiaren aurka, eta orain, garaipena lortu dutenean, bizirik irauten dute borrokan sortu zitzaizkien grinek; mozkortuta bezala gelditzen dira berrogei urtez lortu nahi izan dituzten gozamen txiki horien erdian.
Kontua ez da Estatu Batuetan, beste edonon bezalaxe, ez dagoela aberats-kopuru handi samar bat, beren ondasunak herentziaz hartu dituztenez, berek lortu ez duten oparotasuna ahaleginik egin gabe daukatenak. Baina hauek ere ez daude gutxiago atxikiak bizitza materialeko gozamenei. Ongizatearen maitasuna zaletasun nazional eta nagusi bihurtu da; giza grinen korronte handia alde horretarantz doa, eta dena darama arrastaka bere bidean.
XI. Gozamen materialen maitasunak demokrazi mendeetan eragiten dituen ondorio bereziak
[aldatu]Esandakoaren ondoren pentsa liteke gozamen materialen maitasunak amerikarrak ohitura-desordenarantz eramango dituela etengabe arrastaka, familiak nahastera eta, azken finean, gizartearen beraren zoria arriskuan jartzera.
Batzuetan gertatzen da arazo publikoetako lasaikeriak, aberastasun-gehiegikeriak, sineskizunen hondamenak eta estatuaren gainbeherak poliki-poliki gozamen materialetarantz bakarrik desbideratzen dutela aristokraziaren bihotza. Beste batzuetan, printzearen indarrak edo herriaren ahuleziak botererik aldentzera behartzen ditu nobleak, aberastasunaz gabetu gabe, eta, eginkizun handietarako bidea ixtean, beren grinaldien menpe uzten ditu; orduan beren buruari begira jartzen dira astun-astun eta gorputzaren gozamenetan bilatzen dute iragandako handitasunaren ahanztura.
Honela, gorputz aristokratiko bateko kideek gozamen materialen maitasunerantz soilik jotzen dutenean, normalean horretara bakarrik zuzentzen dute boterearen aztura luzeak eman dien energia guztia.
Horrelako jendearentzat ez da nahikoa ongizatea bilatzea; luxuzko galdukeria eta ustelkeria deigarria behar dute. Gurtza paregabea egiten diote materiari, eta zabarkeriaren artean nor gehiago nabarmenduko ibiltzen direla ematen du.
Zenbat eta indartsu, aintzatsu eta askeago izan aristokrazia, hainbat eta galduago agertuko da orduan, eta, nolanahikoa izanik ere haren bertuteen distira, ausartzen naiz iragartzera beti handiagoa izando dela bizioen oihartzuna.
Gozamen materialen gustuak ez ditu herri demokratikoak antzeko gehiegikerietan eramaten. Ongizatearen maitasuna grina setati, esklusibo eta unibertsala da herri horietan, baina bere neurrian. Arazoa ez da pertsona baten grinak hobeto asetzeko jauregi itzelak eraikitzea, natura garaitu edo tronpatzea, edo unibertsoa ahitzea; kontua landei toesaren batzuk gehitzea izaten da, baratzaren bat landatzea, egoitzaren bat handitzea, une oro bizitza errazago eta erosoago bihurtzea, arazoak eragoztea eta premiarik txikienak ahaleginik gabe eta ia gasturik gabe asetzea. Helburu hauek txikiak dira, baina horiei atxikitzen zaie arima; egunero hartzen ditu kontuan, eta oso hurbiletik; azkenerako munduaren gainerakoa ezkutatzen diote, eta batzuetan beraren eta Jainkoaren artean kokatzen dira.
Hori aberastasun kaskarreko hiritarrei bakarrik aplika dakiekeela esango da; eta aberatsek aristokrazi mendeetan zituzten gustuen antzekoak agertuko dituztela. Ez nator bat horrekin.
Gozamen materiala kontuan, demokraziako hiritarrik oparoenek ez dute herriaren aldean oso bestelako gusturik agertuko, bai, herriaren baitatik irtenak direnez, gustu horiek benetan berenak dituztelako, bai horien menpe jarri behar dutela uste dutelako. Gizarte demokratikoetan, publikoaren sentsualitateak halako jite neurritsu eta lasai bat hartu du, zeinetara arima guztiek moldatu behar duten. Arau komun horretatik bizioengatik ihes egitea bezain zaila da bertuteengatik ihes egitea.
Nazio demokratikoetan bizi diren aberatsak, beraz, beren premiarik txikienak asetzen saiatzen dira, ezohiko gozamenak baino lehen; desira txiki pila asetzen dute eta ez dira grina desordenatu handietan murgiltzen. Honela grina gaiztoetan baino gehiago erortzen dira nagikerian.
Demokrazi mendeetako jendeak gozamen materialetarako duen gustu berezi hau ez da berez ordenaren kontrakoa; aitzitik, bere burua asetzeko ordenaren beharra du sarri. Ez da ere ohitura-erregulartasunaren etsai; zeren eta ohitura onak onuragarri baitira lasaitasun publikorako eta mesede egiten diote industriari. Sarritan nolabaiteko moraltasun erlijiosoarekin ere konbinatzen da; ahalik eta ongien egon nahi da mundu honetan, baina besteko aukerak galdu gabe.
Ondasun materialen artean, batzuen edukitza kriminala da; horietaz abstenitzeko ardura egoten da. Beste batzuen erabilera onartu egiten dute erlijioak eta moralak, ondasun horietara bete-betean zuzentzen da bihotza, irudimena eta bizia, eta, horiek lortzen saiatzean, bistatik galtzen dira giza espeziearen aintza eta handitasun dien ondasun preziatuagoak.
Nik berdintasunari egozten diodana ez da gozamen debekatuen atzetik jendea arrastaka eramatea, gozamen debekatuen atzetik jendea arrastaka eramatea, gozamen baimenduen bilaketara erabat bideratzea baizik.
Honela, nolabaiteko materialismo zintzoa ezarri ahal izango litzateke munduan, arimak ustelduko ez lituzkeena, baina bigundu eta azkenerako isil-isilik indar guztiak ahulduko lizkiokeena.
XII. Zergatik amerikar batzuek agertzen duten hain izpiritualismo sutsua
[aldatu]Nahiz eta amerikarren grina nagusia mundu honelako ondasunak eskuratu nahia izan, badira atseden-tarte batzuk, eta hauetan arimak eusten dioten lokarri material guztiak bat-batean hautsi eta oldartsu zerurantz ihes egiten duela ematen du.
Jainkoaren hitza lekuz leku zabaltzen duten predikariak, batzuetan, Batasuneko estatu guztietan aurkitzen dira, baina, batez ere, mendebaldean erdi jendeztaturik dauden eskualdeetan.
Familia osoak, zaharrak, emakumeak eta haurrak leku zailak zeharkatu eta jendegabeko basoetan sartzen dira, oso urrutitik etorri eta predikari horiei entzuteko; eta aurkitu ondoren, hainbat gau eta egunez ahaztu egiten dituzte beren arazoak, baita gorputzaren premiarik beharrezkoenak ere.
Badira han-hemenka, gizarte amerikarraren baitan, Europan nekez ikusten den izpiritualismo sutsu eta ia basatiz beteriko arimak. Noizean behin, sekta arraroak sortzen dira, betiko zorionerantz aparteko bideak irekitzen dituztenak. Erokeria erlijiosoak oso ohikoak dira han.
Honek ez gaitu harritu behar.
Infinituaren gustua eta hilezkorraren maitasuna ez dio gizakiak eman bere buruari. Instintu goren horiek ez dira sortzen haren borondatearen kapritxorik. Haren izaeran dute oinarri mugigaitza; bera ahalegindu edo ez, berdin existitzen dira. Oztopatu eta desitxuratu egin ditzake, baina ez suntsitu.
Asetu beharreko premiak ditu arimak; eta, bere baitatik aldenarazten saiatu arren, laster gogaitzen da, urduritu eta astindu egiten da zentzuen gozamenen erdian.
Noizbait gizadiaren gehiengo handiaren izpirituak ondasun materialen bilaketa hutsari ekingo balio, pentsa daiteke erreakzio harrigarria zertuko litzatekeela pertsona batzuen ariman. Hauek izpirituen munduan sartuko lirateke itsu-itsuan, gorputzak ezarri nahi dizkien traba estuegietan katigatuta gelditzeko beldurrez.
Ez da harritzekoa, beraz,.bere pentsamenduan mundu hau bakarrik duen gizarte batean, gizaki-kopuru txiki bat aurkitzea zerura bakarrik begiratu nahi duena. Harrituko nintzateke, bere ongizateaz baino arduratzen ez den herri batean, mistizismoak ez egitea laster aurrerapenik.
Esan ohi da enperadoreen pertsekuzioek eta zirkoko oinazeek jendeztatu zituztela Tebaidako basamortuak; baina nire ustez eragin handiagoa izan zuten Erromako atsegin eztiak eta Greziako filosofia epikurearrak.
Gizarte-egoerak, zirkunstantziek eta legeek ez balute amerikarren izpiritua hain estu mugatuko ongizatearen bilaketara, pentsa liteke, gauza inmaterialez arduratzerakoan, zuhurtasun eta esperientzia handiagoa erakutsiko lukeela, eta erraz moderatuko litzatekeela. Baina preso sentitzen da muga batzuen barruan, eta badirudi ez zaiola hortik irteten utzi nahi. Muga horiek gainditzen dituenean, ez du jakiten non finkatu eta sarritan lasterka joaten da, gelditu gabe, zentzuaren muga gainetik harantzago.
XIII. Zergatik sentitzen diren amerikarrak hain kezkati beren ongizatearen erdian
[aldatu]Oraindik batzuetan, Mundu Zaharreko zenbait zoko baztertutan, aurkitzen dira herri txiki batzuk zirriparra unibertsalaren erdian ahazturik bezala eta mugitu gabe egon direnak, haien inguruan dena mugitzen ari zen bitartean. Herri horietako gehienak oso ezjakinak eta behartsuak dira; ez dira sartzen gobernu-arazoetan eta sarritan gobernuek zanpatu egiten dituzte. Hala ere, itxura lasaia agertzen dute normalean, eta sarritan jai-giroan daudela ematen dute.
Amerikan gizakirik askeenak eta ilustratuenak ikusi izan ditut, munduan eman litekeen egoerarik zoriontsuenean kokatuak; eta normalean haien aurpegiak hodei-moduko batek estaltzen zituela iruditu izan zait; serio eta ia triste zeudela iruditu izan zait beren plazeretan ere.
Honen arrazoi nagusia zera da: lehenengoek ez dutela pentsatzen jasaten dituzten gaitzetan; bigarrenek, ordea, etengabe dituzte buruan falta zaizkien ondasunak.
Bitxia gertatzen da ikustea amerikarrek zelako gogo-berotasunez bilatzen duten ongizatea, eta nola dauden etengabe atsekabetuak ongizatera iristeko aukeraturiko bidea laburrean ez ote den beldurrez.
Estatu Batuetako biztanlea mundu honetako ondasunei atxikitzen zaie, ez dela hilko ziur balego bezala, eta bere irispidean pasatzen direnak hartzeko hain lehiatsu ibiltzen denez, esan liteke horietaz gozatu baino lehen bizitzeari utziko ote dion beldur dela une oro. Guztiei heltzen die, baina tinko eutsi gabe, eta laster uzten die eskuetatik ihes egiten, gozamen berrien atzetik korrika joateko.
Estatu Batuetan pertsona batek arretaz eraikitzen du bere egoitza zahartzaroa han emateko, eta teilatua jartzen ari den bitartean saldu egiten du; baratza landatzen du, eta emaitzak dastatzear zegoenean alokatu egiten du; soroa goldatzen du, eta beste batzuei uzten die uzta biltzeko ardura. Lanbide bat hartu eta bertan behera uzten du. Leku batean finkatzen da, baina berehala alde egiten du handik bere gurari aldakorrak beste norabait eramateko. Arazo pribatuek atsedenik uzten badiote, politikaren zurrunbiloan murgiltzen da berehala. Eta lanez beteriko urte baten bukaeran, oraindik astirik gelditzen bazaio, bere jakingura aseezinak batetik bestera ibilarazten du Estatu Batuen muga zabalen barnean. Honela bostehun lekoa egingo ditu zenbait egunetan, bere zorionetik hobeto desbideratzeko.
Halako batean iristen zaion heriotzak geldiarazi egiten du, beti ihesi doan zoriontasun osoari alferrik jarraitzeari utzi baino lehen.
Hasieran harrigarria gertatzen da hainbeste jende zoriontsuk, beren ugaritasunean bertan, agertzen duten asaldura berezi hori ikustea. Ikuskizun hau, ordea, mundua bezain zaharra da; herri osoak ematen duela ikustea da berria.
Gozamen materialen gustua amerikarren ekintzetan agertzen den egonezin ezkutu horren eta egunero erakusten duten aldakortasunaren lehen sorburutzat hartu behar da.
Bere bihotza mundu honetako ondasunen bilaketara soilik bideratu duena estu eta larri ibiltzen da beti, denbora mugatua baitu horiek aurkitzeko eta horietaz jabetzeko eta gozatzeko. Bizitzaren laburtasunaren oroitzapenak etengabe eztenkatzen du. Berak dauzkan ondasunez aparte, beste mila imajinatzen ditu une oro, presaka ibiltzen ez bada, heriotzak gozatzen utziko ez dizkionak. Pentsamendu honek nahasmen, beldur eta atsekabez betetzen du, eta etengabeko asalduran edukitzen dio arima, une oro egitasmoz eta lekuz aldatzera eramaten duelarik.
Ongizate materialaren gustuari eransten bazaio gizarte-egoera bat, non ez legeak, ez ohiturak, ez duen inor leku batean egonarazten, honek asaldura handia gaineratzen dio izpirituaren egonezin horri. Orduan etengabe aldatzen da jendea bidez, zorionera eramango duen biderik laburrena galtzeko beldurrez.
Bestalde, erraza da ulertzea gozamen materialak gogotsu bilatzen dituztenek biziki desiratzen badituzte, biziki desiratzen badituzte, erraz aspertuko direla horietaz; gozatzea izanik azken helburua, horretara iristeko bideak bizkorra eta erraza izan behar du, eta gozamena lortzeko nekeak ez dezala gozamena gainditu. Arima gehienak, beraz, sutsuak eta epelak izaten dira aldi berean, bortitzak eta ahulak. Sarritan heriotza baino beldurgarriagoa izaten da helburu bat bererantz jotzeko ahaleginen jarraikortasuna.
Berdintasunak are bide zuzenagotik eramaten du azaldu berri ditudan ondorioetako batzuetara.
Jaiotza eta aberastasun-prerrogatiba guztiak suntsitzen direnean, lanbide guztiak guztiei irekiak daudenean, eta nor bere kabuz horietako bakoitzaren gailurrera irits daitekeenean, badirudi lasterketa neurrigabe eta erraza egiteko aukera agertzen zaiola jendearen gutiziari, eta hauek destino handietara deiturik daudela imajinatzen dute gogotsu. Baina ikuspegi okerra da hori, esperientziak egunero zuzentzen duena. Hiritar bakoitzari itxaropen ikaragarriak zertzeko aukera ematen dion berdintasun horrek berorrek, banaka ahul bihurtzen ditu hiritar guztiak. Alde guztietatik mugatzen dizkie indarrak, beraien gurariei zabaltzen uzten dien aldi berean.
Beren kasa indargeak izateaz gain, urrats bakoitzean egundoko oztopoak ere, hasieran ohartugabeak, aurkitzen dituzte.
Beren hurkoetako batzuen pribilegio gogaikarriak suntsitzen dituzte; guztien konkurrentziarekin topo egiten dute. Muga formaz aldatu da lekuz baino gehiago. Jendea gutxi gora-behera antzekoa denean eta bide berari jarraitzen dionean, oso zaila da horietako inor bizkor joatea bera inguratzen eta estutzen duen jendetza uniformean zehar bere bidea eginez.
Berdintasunak sortarazten dituen instintuen eta hauek asetzeko eskaintzen dituen baliabideen arteko kontrakotasun iraunkor horrek atsekabetu eta nekatu egiten ditu arimak.
Imajina daitezke pertsona batzuk, erabat asetzen dituen askatasun-mailara iritsiak. Orduan beren independentziaz gozatzen dute, kezkarik eta gogo-berotasunik gabe. Baina jendeak ez du inoiz aski izango zaion berdintasunik ezarriko.
Herri batek ahalegin handiak egin arren, ez du lortuko baldintzak berdin-berdinak izatea bere baitan; eta berdintasun absolutu eta erabateko horretara iristeko zoritxarra izango balu, artean ere adimen-desberdintasuna geldituko litzateke, honek, zuzenean Jainkoagandik datorrenez, beti ihes egingo baitie legeei.
Herri baten gizarte-egoera eta eraketa politikoa oso demokratikoak izan arren, pentsa daiteke hiritar bakoitzak bera menpean hartzen duten zenbait puntu ikusiko dituela inguruan, eta aurreikus daiteke alde horretarantz bakarrik zuzenduko duela setati bere begirada. Gizarteko lege komuna desberdintasuna denean, desberdintasunik bizienak ez dira harrigarri gertatzen; dena gutxi gora-behera maila berean dagoenean, txikienek ere zauritu egiten dute. Horregatik, berdintasun-nahia gero eta asegaitzago bihurtzen da berdintasuna handiagoa den neurrian.
Herri demokratikoetan, jendeak erraz lortzen du nolabaiteko berdintasuna; baina ez lortu nahi lukeen adinakoa. Honek egunero atzera egiten du haien aurrean, baina inoiz ezkutatu gabe bistatik, eta, erretiratzean, erakarri egiten ditu bere atzetik. Harrapatuko dutela pentsatzen dute etengabe, baina etengabe ihes egiten die haien ahaleginei. Beraren xarmak ezagutzeko behar bezain hurbil ikusten dute, baina ez zaizkio gozatzeko behar beste hurbiltzen, eta hil egiten dira beraren eztitasunak erabat dastatu baino lehen.
Kausa hauei egotzi behar zaie herrialde demokratikoetako biztanleek oparotasunaren baitan erakusten duten malenkonia berezia, baita bizimodu eroso eta lasaiaren erdian batzuetan jasaten duten bizitzeko gogorik eza ere.
Frantzian kexu dira suizidio-kopurua hazi egiten delako; Amerikan suizidioa arraroa da, baina, diotenez, zoramena beste inon baino ohikoagoa da han.
Gaitz beraren sintoma ezberdinak dira.
Amerikarrek, oso nahastuta egon arren, ez dute beren buruaz beste egiten, erlijioak debekatu egiten dielako, eta haien artean ia ez dagoelako materialismoak, nahiz eta ongizate materialaren grina orokorra izan.
Haien borondateak kontra egiten du, baina arrazoia ahul agertzen da sarri.
Demokrazi garaietan gozamenak biziagoak dira aristokrazi mendeetan baino, eta, batez ere, horietaz gozatzen direnen kopurua askoz handiagoa izaten da; baina, bestalde, onartu beharra dago itxaropenak eta desirak sarriagotan frustratzen direla han, arimak hunkituago eta asaldatuago egoten direla, eta ardurak ere sakonagoak izaten direla.
XIV. Gozamen materialen gustua nola elkartzen den, amerikarren artean, askatasunaren maitasunarekin eta arazo publikoen ardurarekin
[aldatu]Estatu demokratiko bat monarkia absoluturantz bihurtzen denean, aurrez arazo publiko eta arazo pribatuetarantz bideratzen zen ekintzak bat-batean azken hauetara jotzen duelarik, ondorioz oparotasun material handia sortzen da hasiera batean; baina mugimendua moteldu egiten da laster eta produkzioaren garapena gelditu.
Ez dakit aipa daitekeen manufaktura- eta merkataritza-herri bakar bat ere, tiriarrengandik florentziar eta ingelesenganaino, herri aske izan ez denik. Lotura estua eta beharrezko erlazioa dago, beraz, bi gauza hauen artean: askatasuna eta industria.
Hau, oro har, nazio guztietan da egia, baina nazio demokratikoetan batez ere.
Ikusarazi dut gorago nola berdintasun-mendeetan bizi den jendeak elkartzeko premia iraunkorra duen gutiziatzen dituen ondasun gehienak eskuratzeko, eta, bestalde, erakutsi dut nola askatasun politiko handiak perfekzionatu eta bulgarizatu egiten duen haien baitan elkartzeko artea. Askatasuna, mende horietan, bereziki onuragarria da aberastasunak ekoizteko. Aitzitik, despotismoa bereziki etsai zaiola ikusten da.
Botere absolutuaren izaera, demokrazi mendeetan, ez da ez ankerra, ez basatia, baina bai zehatza eta gogaikarria. Honelako despotismoa, nahiz eta ez duen gizadia hankapean hartzen, merkataritza-jeinuaren eta industri joeren aurkakoa da zuzen-zuzenean.
Honela, demokrazi garaietako jendeak aske izateko beharra du etengabe irrikatzen dituen gozamen materialak errazago eskuratu ahal izateko.
Hala ere, batzuetan gertatzen da gozamen horien gehiegizko zaletasunak, agertzen den lehen nagusiaren esku uzten dituela. Orduan, ongizatearen grina bere buruaren kontra bihurtzen da eta, oharkabean, urrundu egiten du bere irrika-gaia.
Hain zuzen ere, bada arrisku handiko une bat herri demokratikoen bizitzan.
Herri horietako batean gozamen materialen zaletasuna jakintzargiak eta askatasun-azturak baino bizkorrago garatzen denean, momentu batean jendea garraiatua eta bere baitatik kanpo bezala jartzen da, lotzear dituen ondasun berri horiek ikusiz. Aberasteaz bakarrik arduraturik, ez dira ohartzen bakoitzaren aberastasun partikularra guztien oparotasunarekin elkartzen duen lokarri estuaz. Hiritar horiei ez dago dauzkaten eskubideak kendu beharrik; beraiek gogoz uzten diete ihes egiten. Beren betebehar politikoak zertzea eragozpen gogaikarria iruditzen zaie, beren zereginetatik desbideratzen dituena. Kontua bada ordezkariak aukeratzea, agintariei laguntza ematea, gauza publikoa amankomunean tratatzea, ez dute astirik izaten; hain denbora baliotsua ezin dute alferreko lanetan galdu. Zereginik ez dutenentzako jolasak dira horiek, pertsona serio eta bizitzako interes serioez arduratzen direnentzako desegokiak. Pertsona horiek interesaren doktrinari segitzen diotela uste dute, baina berorren ideia zabarra besterik ez dute, eta, beren arazo deitzen dituztenak hobeto zaintzeko, nagusiena ahazten dute, beren buruaren jabe irautea, alegia.
Lan egiten duten hiritarrek ez dute gauza publikoan pentsatu nahi, eta bere aisialdia betetzeko eginkizun horretaz ardura zitekeen klasea jada existitzen ez denez, hutsik bezala dago gobernuaren lekua.
Kinka larri horretan, gutiziatsu iaio bat botereaz jabetzen bada, usurpazio guztietarako bidea zabalik aurkitzen du.
Aldi batez interes material guztiek aurrera egin dezaten arduratzen bada, erraz barkatuko zaio gainerakoa. Batez ere, ziurta dezala ordena. Gozamen materialen grina dutenak normalean lehenago ohartzen dira askatasunaren zalapartak ongizatea nahasten duela, askatasunak ongizate hori lortzeko balio duela baino; eta, beren bizitza pribatuko gozamen txikietan grina publikoen zaratotsik txikiena sartzen bada, esnatu eta kezkatu egiten dira; anarkiaren beldurrak etengabe zalantzan edukitzen ditu luzaroan, eta beti prest lehen desordenaren aurrean askatasunetik irteteko.
Eragozpenik gabe onartuko dut nik bake publikoa ondasun handia dela; baina ez dut, hala ere, ahaztu herri guztiak ordenaren bidez iritsi direla tiraniara. Ziur aski, hortik ez da ondorioztatzen herriek bake publikoa gutxietsi behar dutenik; baina bake hori ez zaie aski gertatu behar. Bere gobernuari ordenari eusteko bakarrik eskatzen dion nazio bat jada esklabo da bihotzaren barrenean; ongizatearen esklabo da, eta kateatuko duen pertsona laster ager liteke.
Fakzioen despotismoa pertsona bakar batena bezain beldurgarria da.
Hiritar gehienek arazo pribatuez soilik arduratu nahi dutenean, alderdi txikienek ez dute etsi behar arazo publikoen jabe bihurtzeaz.
Orduan ez da arraroa izaten munduko eszenatoki zabalean, baita gure antzokietan ere, jendetza handiaren ordezkari pertsona banaka batzuk ikustea. Horiek bakarrik hitz egiten dute, burua beste nonbait edo beste zerbaitetara emana duen jendetzaren izenean; horiek bakarrik jarduten dute mugiezintasun unibertsalaren erdian; beren kapritxoaren arabera, gauza guztiez baliatzen dira, legeak aldatu eta ohiturak beren gogara tiranizatzen dituzte; eta harrigarria gertatzen da ikustea herri handi bat nola eror daitekeen esku ahul eta ezduin gutxi batzuetan.
Orain arte, amerikarrek arrakastaz ekidin dituzte aipatu ditudan eragozpen guztiak; eta benetan miresgarriak dira horregatik.
Agian munduan ez da izango herrialderik Amerikak baino langabe gutxiago duenik, ezta lan egiten duten guztiak ongizatearen bila sutsuago ibiltzen direnik ere. Baina amerikarren grina gozamen materialekiko bortitza bada, gutxienez ez da itsua, eta arrazoiak, ezin moderatu arren, gidatu egiten du.
Amerikarra interes pribatuez arduratzen da, munduan bakarrik balego bezala, eta, unetxo bat geroago, gauza publikoari ekiten dio, interes haiek ahaztu balitu bezala. Gutiziarik berekoienak nahiz patriotismorik bizienak eragiten diola ematen du.Giza bihotza ezin da horrela banatu. Estatu Batuetako jendeak, txandaka, bere ongizate eta askatasunarekiko hain grina indartsua eta hain berdintsua agertzen duenez, pentsa daiteke grina horiek batu eta nahastu egiten direla haren arimako tokiren batean. Izan ere, amerikarrek askatasunean ikusten dute ongizateko tresnarik onena eta garantiarik handiena. Bi gauza hauek, bata besteagatik, maite dituzte. Ez dute pentsatzen arazo publikoez arduratzea beren arazo ez denik; aitzitik, nahi dituzten ondasunak eskuratzeko aukera emango dien eta lortu dituztenak bakean gozatzea galaraziko ez dien gobernua haiek berek ziurtatzea, hori iruditzen zaie eginkizun nagusia.
XV. Nola erlijio-sineskizunek aldizka amerikarren arima desbideratzen duten gozamen inmaterialetara
[aldatu]Estatu Batuetan, asteko zazpigarren eguna iristean, nazioko merkataritza- eta industri bizitza etenda gelditzen dela ematen du; hots guztiak amaitzen dira. Atseden sakona, edo halako barnebiltze solemne bat, sortzen da orduan; azkenean arima bere buruaz jabetzen da eta bere burua begiesten du.
Egun horretan, merkataritzara emaniko lekuak hutsik gelditzen dira; hiritar bakoitza, seme-alabez inguratua, tenplura joaten da; diskurtso arraroak entzuten ditu han, ez dutenak ematen hark entzuteko eginak. Harrokeriak eta gutiziak eragindako gaitz ugariez hitz egiten zaio. Gurariak arautu beharraz, bertuteari soilik atxikitako gozamen finez eta honekin batera doan benetako zorionaz berba egiten zaio.
Etxera itzultzean, ez du lasterka liburu-negozioetara jotzen. Idazteunak zabaltzen ditu; Egilearen handitasun eta ontasunaren azalpen bikain edo hunkigarriak aurkitzen ditu, baita Jainkoaren egintzen handitasun mugagabearen, gizakiei dagokien goi-destinoaren eta hauek hilezkortasunerako dituzten betebehar eta eskubideen azalpenak ere.
Honela, noizean behin, amerikarra bere buruagandik ezkutatzen da nolabait ere, eta, bere bizitza astintzen duten grina txikietatik eta bizitza hori betetzen duten interes igarokorretatik une batez aldenduta, mundu ideal batean sartzen da bat-batean, non dena handia, garbia, betierekoa baita.
Obra honetan beste nonbait aztertu dut amerikarren erakunde politikoen iraunkortasuna zein kasuari egotzi behar zaion, eta erlijioa iruditu zait horietatik garrantzitsuenetako bat. Orain, gizabanakoez ari naizelarik, berriro topo egiten dut berarekin eta iruditzen zait estatu osoari bezain onuragarri zaiola hiritar bakoitzari.
Demokrazia erlijioaz moralizatu beharra, amerikarrek bete-betean sentitzen dutela erakusten dute beren praktikaz. Honi dagokionez beren buruaz pentsatzen dutena egia hutsa da, eta egia horretaz nazio demokratiko orok egon behar du komentziturik.
Ez dut zalantzarik herri baten gizarte- eta politika-eraketak sineskizun eta gustu jakin batzuetarako gertatzen duela herri hori, gero bere baitan eragozpenik gabe ugalduko direlarik; baina kausa horiek beroriek zenbait iritzi eta joeratatik aldenarazten dute, berak horretarako ezer egin gabe eta, nolabait esateko, sumatu ere egin gabe.
Gizarteen berezko joera hauek aurrez ongi bereiztean datza legegilearen trebetasun guztia, hiritarren ahaleginari non lagundu behar zaion eta non eutsi beharko litzaiokeen jakin ahal izateko. Izan ere, betebehar horiek ezberdinak dira garaien arabera. Mugiezina den gauza bakarra gizadiak beti erreferentziatzat izan behar duen helmuga da; baina horra iristeko bideak etengabe aldatzen dira.
Aristokrazi mende batean jaio izan banintz –batzuen herentziazko aberastasunak eta besteen pobrezia konponezinak egoera hobetzeko ideiatik jendea berdin aldendu eta arimak lozorroan bezala beste mundu baten kontenplazioan edukiko lituzkeen nazio batean, alegia-, horrelako herri batean premien sentimendua estimulatu ahal izan nahiko nuke, neuk sortarazitako gurari berriak asetzeko biderik bizkorren eta errazenak aurkitzea amestuko nuke eta, giza izpirituaren ahaleginik handienak ikasketa fisikoetarantz desbideratuz, ongizatearen bilaketarako kilikatzen saiatuko nintzateke.
Pertsona batzuk neurrigabe gogo-berotuko balira aberastasunen atzetik eta gozamen materialen gehiegizko maitasuna agertuko balute, ez nintzateke izutuko; ezaugarri partikular horiek laster desagertuko lirateke fisionomia orokorrean.
Demokrazietako legegileek beste ardura batzuk izaten dituzte.
Emaizkiezue herri demokratikoei jakintzargiak eta askatasuna, eta utzi jarduten. Nekerik gabe lortuko dituzte mundu honek eskain ditzakeen ondasun guztiak; arte onuragarrietako bakoitza perfekzionatuko dute eta bizitza eroso, erraz eta eramankorrago bihurtuko dute egunero; beren gizarte-egoerak alde horretara bultza egiten die berez. Ez naiz geldituko diren beldur.
Baina gizakiak ongizatearen bilaketa zintzo eta bidezko horretan atsegin hartzen duen bitartean, beldur izatekoa da azkenean ez ote duen galduko bere ahalmenik bikainenen erabilera, eta bere inguruan dena hobetu nahi izatean, azkenean ez ote duen bere burua degradatuko. Horretantxe datza arriskua, eta ez besteen ezertan.
Beharrezkoa da, beraz, demokrazietako legegileak eta horietan bizi diren pertsona zintzo eta ilustratu guztiak atseden gabe saiatzea arimak goratzen eta zerurantz begira edukitzen. Beharrezkoa da gizarte demokratikoen etorkizunaz arduratzen diren guztiak elkar daitezen, eta guztiek, baturik, etengabeko ahaleginak egin ditzaten gizarte horien baitan infinituaren gustua, handiaren sentimendua eta plazer inmaterialen maitasuna zabaltzeko.
Herri demokratiko baten iritzien artean, dena gorputzarekin bukatzen dela sinestarazten diguten teoria kaltegarri horietakoren batzuk aurkitzen badira, horiek aldarrikatzen dituztenak har itzazue herri horren berezko etsaitzat.
Materialisten artean gauza asko daude mintzen nautenak. Haien doktrinak kaltegarriak iruditzen zaizkit, eta beraien harrokeriak asaldarazi egiten nau. Haien sistemak inolako onurarik egin badiezaioke gizakiari, bere buruaz ideia apala ematea izan daiteke hori. Baina ez dute horrela denik erakusten; eta, abere huts direla behar hainbat garbi utzi dutela uste dutenean, jainko direla frogatu balute bezain harro agertzen dira.
Materialismo nazio guztietan da giza izpirituaren gaitz arriskutsua; baina bereziki beldurgarria herri demokratikoetan, ederki batzen baita herri horiek ongien ezagutzen duten barne-bizioarekin.
Demokraziak gozamen materialen gustua bultzatzen du. Gustu hau, gehiegizko bilakatzen bada, guztia materia huts dela sinestera eramaten du jendea; eta azkenean materialismoak, bere aldetik, gogoberotasun zentzugabez herrestatzen du jendea gozamen horietarantz. Gurpil zoro horretan bukatzen dute nazio demokratikoek. On da arriskua ikusi eta beren buruari eustea.
Erlijio gehientsuenak baliabide orokor, sinple eta praktikoak baino ez dira, gizakiei arimaren hilezkortasuna irakasteko. Horixe da herri demokratiko batek sineskizunetatik ateratzen duen abantaila handiena, eta horretxek bihurtzen ditu horrelako herri batentzat beste guztientzat baino beharrezkoago.
Beraz, edozein erlijiok demokrazia baten baitan sustrai sakonak bota dituenean, ez ezazue suntsi, baizik eta gorde ezazue arretaz aristokrazi mendeetako ondare preziatuena balitz bezala; ez ahalegindu jendeari antzinako iritzi erlijiosoak erauzi eta haien ordez berriak sartzen, gerta bailiteke, fede batetik bestera pasatzean, arima une batez sineskizunik gabe aurkitzean, gozamen materialen maitasunak hedatu eta guztiz betetzea arima hori.
Ziur aski, metenpsikosia ez da materialismoa baino arrazoizkoagoa; hala ere, demokrazia batek bi horien artean aukeratzea behar-beharrezkoa balitz, nik ez nuke zalantzarik izango, eta pentsatuko nuke hiritarrek zabartzeko arrisku txikiagoa dutela beren arima zerri baten gorputzaren pasatuko dela pentsatuz arima ezer ez dela pentsatuz baino.
Aldi batez materiari lotzen zaion printzipio inmaterial eta hilezkor batetiko sineskizuna hain beharrezkoa zaio gizakiaren handitasunari, ezen ondorio ederrak eragiten baititu sari eta zigorren ideiarekin batera ez doanean ere, baita hil ondoren gizakiaren baitako jainko printzipioa Jainkoarengan zurgatzen edo beste izaki bati bizia ematera joaten dela bakarrik sinetsitakoan ere.
Horiek beroriek gorputza gure izaeraren bigarren eta behe-mailako zatitzat jotzen dute; eta gutxietsi egiten dute horren eragina, jasaten dutenean ere; baina berezko estima eta ezkutuko mirespena sentitzen dituzte gizakiaren alde inmaterialarekiko, nahiz eta batzuetan uko egin horren agintepean jartzeari. Hau aski da halako jite jaso bat emateko jende horren ideia eta gustuei, eta, interes propiorik gabe eta beren kabuz bezala, sentimendu garbi eta pentsamendu handietarantz bideratzeko.
Ez da egia Sokratesek eta haren eskolak iritzi oso finkoak zituztela gizakiari beste bizitzan gertatuko zitzaionaz; baina haiek ziur zeukaten sineskizun bakarra –arimak ez duela ezer gorputzarekin amankomunean eta hau hildakoan hark bizirik irauten duela- aski izan da filosofia platonikoari bere bereizgarri duen hats bikain hori emateko.
Platon irakurtzen denean, ikusten da haren aurreko garaietan eta beraren garaian, idazle asko zegoela materialismoa aldarrikatzen zuena. Idazle haiek ez dira gureganaino iritsi edota oso era osagabean egin dute. Ia mende guztietan gertatu da hori: literaturako izen ospetsu gehientsuenak izpiritualismoarekin elkartu dira. Gizadiaren senak eta gustuak doktrina hori bultzatzen dute, salbatu egiten dute sarri gizakien beren jarreraren gainetik eta berari atxikitzen zaizkionen izena iraunarazten du. Ez da sinetsi behar, beraz, edozein garaitan eta edozelakoa izanik egoera politikoa, gozamen materialen grina eta honek inplikatzen dituen iritziak aski gerta dakizkiokeenik herri oso bati. Uste baino zabalagoa izaten da gizakiaren bihotza; bere baitan lurreko ondasunen gustua eta zerukoen maitasuna eduki ditzake aldi berean; batzuetan ematen du bi horietako bati jarraitzen diola itsu-itsuan, baina sekula ez luzaroan bestean pentsatu gabe.
Erraz ulertzen bada batez ere demokrazi garaietan komeni dela iritzi izpiritualistak nagusiaraztea, ez da erraza esatea hori lortzeko zer egin behar duten herri demokratikoak gobernatzen dituztenek.
Ez dut sinesten filosofia ofizialen oparotasunean, ezta iraunkortasunean ere; eta, estatu-erlijioei dagokienez, beti pentsatu izan dut zenbati momentutan botere politikoaren interesak zerbitza baditzakete ere, lehentxeago edo geroxeago beti oso kaltegarri bihurtzen direla Elizarentzat.
Halaber, ez naiz pentsatzen dutenetakoa erlijioa herrien aurrean goratzeko, eta berak aldarrikatzen duen izpiritualismoa ohoratzeko, on dela erlijioaren ministroei legeak ukatzen dien eragin politikoa zeharka ematea.
Oso jabeturik nago erlijio-sineskizunek jasan beharreko arrisku ekidinezinez, horien interpretariak arazo publikoetan nahasten direnean; eta demokrazia berrietan kristautasunari kosta ahala kosta eutsi egin behar zaiola oso komentziturik nagoenez, nahiago nuke apaizak santutegian kateatzea hortik irteten uztea baino.
Zer bide gelditzen zaio, bada, agintaritzari gizakiak iritzi izpiritualistetara eramateko edota horiek sortarazten dituen erlijioan eusteko?
Esan behar dudanak ez dit onik egingo politikaren aurrean. Nire ustez, arimaren hilezkortasunaren dogma ohoratzeko gobernuek erabil dazaketen baliabide eraginkor bakarra, horretan sinetsiko balute bezala jokatzea da egunez egun; eta pentsatzen dut arazo nagusietan moral erlijioso horretara zorrotz egokituz bakarrik esan dezaketela harro arazo txikietan ere ezagutzen, maitatzen eta errespetatzen irakasten dietela hiritarrei.
XVI. Nola ongizatearen gehiegizko maitasunak kalte egin diezaiokeen ongizateari
[aldatu]Uste baino lotura handiago dago arima perfekzionatzearen eta gorputz-ondasunen hobekuntzaren artean; gizakiak bereiz ditzake bi gauza hauek eta txandaka aurre egin horietako bakoitzari; baina ezin erabat banatu, halako batean biak bistatik galdu gabe.
Animaliek gure zentzumen berak dituzte eta gutxi gora-behera irrika berak. Ez dago grina materialik haiekin amankomunean ez dugunik, eta bere hazia guregan bezalaxe zakur batengan ez duenik.
Zergatik dakite animaliek beren lehen premia gordinenak bakarrik asebetetzen, guk geure gozamenak mugarik gabe bariatu eta etengabe gehitzen ditugun bitartean?
Honetan animalien gainetik jartzen gaituena zera da: guk arima erabiltzen dugula ondasun materialak bilatzeko, eta haiek senak bakarrik gidatzen dituela horietarantz. Gizakiarengan, aingeruak piztiari irakasten dio bere burua nola hornitu. Gizakia gorputz-ondasunak gainditzeko eta bizia bera ere gutxiesteko gai delako –honetaz animaliek ideiarik ere ez dute-, gizakiak badaki ondasun horiek beroriek imajinaezinezko mailaraino ugaltzen.
Arima goratzen, handitzen, zabaltzen duen guztiak arrakastarako gaitasun handiagoa ematen dio, baita berarekin zerikusirik ez duten eginkizun horietan ere.
Ahultzen edo beheratzen duen orok, aitzitik, gauza guztietarako indargetzen du, nagusi nahiz txikienetarako, eta batzuetarako bezain ezgai bihurtzen du ia besteetarako. Honela,.beharrezko da arimak handi eta indartsu irautea, besterik ez bada ere, noizean behin, bere indarra eta handitasuna gorputzaren zerbitzura jar ditzan.
Gizakiak inoiz iritsiko balira ondasun materialekin konforme egotera, ziur aski ondasun horiek egiteko trebetasuna galduko lukete poliki-poliki eta azkenerako inolako bereizketa eta aurrerapenik gabe gozatuko lukete horietaz, abereek bezalaxe.
XVII. Nola berdintasun eta duda garaietan komeni den giza ekintzen helburua urruntzea
[aldatu]Fede-mendeetan, bizitzaren azken xedea bizitza ostean jartzen da.
Hortaz, garai horietako jendea ohitu egiten da beraz –eta nahi gabe, nolabait esateko-, urte-sail luzean mugigaitz bat gogoan izatera, etengabe jotzen dutelarik horretarantz, eta, aurrerapen sumagaitzen bidez, mila gurari txiki iragankor erreprimitzen ikasten dute, kezkatzen dituen desira handi eta iraunkor hori hobeto asebetetzera iristeko. Jende horrek berorrek mundu honetako gauzez arduratu nahi duenean, berriro aurkitzen dira aztura horiek. Hemen beheko ekintzei ere helburu orokor eta ziurra ezartzen diete gogotsu, horretarantz zuzenduz ahalegin guztiak. Ez dira egunero saiakuntza berrietan hasten; baina egitasmo finkoak dituzte, etengabe lortu nahi izaten dituztenak.
Horrek esplikatzen du herri erlijiosoek zergatik lortu dituzten sarri hain gauza iraunkorrak. Gertatzen da beste munduaz arduratzean, hemengo honetan arrakasta izateko sekretu nagusia aurkitu zutela.
Erlijioek etorkizunerantz begira jokatzeko aztura orokorra ematen dute. Ikuspegi honetatik beste munduko zorionerako bezain onuragarri dira bizitza honetako zorionerako. Hauxe da beraien ezaugarri politiko nagusietako bat.
Baina, fedearen argiak iluntzen diren neurrian, jendearen bista laburtu egiten da, eta esan liteke egunetik egunera hurbilago ikusten dutela giza ekintzen helburua.
Bizitza ostean gertatuko denaz ez arduratzera ohitu direnean, oso erraz jausten dira etorkizunarekiko arduragabezia erabateko eta basatian, hau bat datorrelarik giza espeziearen zenbait joerarekin. Beren itxaropen nagusiak epe luzera jartzeko usadioa galdu bezain laster, guraririk txikienak atzerapenik gabe gauzatu nahi sortzen zaie berez, eta ematen du, betierean bizitzeko itxaropena galtzen duen momentuan, prest daudela egun bakar batean bakarrik iraun behar balute bezala jokatzeko.
Sinesgabezi mendeetan beldur izatekoa da jendea ez ote den bere gurarien eguneroko gora-beheren menpe jarriko etengabe eta, ahalegin luzerik gabe lortu ezin den guztia erabat errefusatuz, ez ote duen ezer handi, baketsu eta iraunkorrik sortuko.
Honelako jarrera duen herri gizarte-egoera demokratiko bilakatzen bada, nik aipatu dudan arriskua areagotu egiten da.
Bakoitzak etengabe lekuz aldatzea bilatzen duenean, guztiak ikaragarrizko konkurrentzian hasten direnean, aberastasunak demokraziaren zalapartaren erdian une laburretan metatu eta xahutzen direnean, giza izpirituari aberastasun bat-bateko eta errazaren ideia aurkezten zaio, erraz lortu eta galduriko ondasun handien ideia, zoriaren irudia bere forma guztietan. Gizarte-egoeraren ezegonkortasunak gurarien berezko ezegonkortasuna bultzatzen du. Zoriaren betiko gora-behera horien erdian, oraina hazi egiten da; urrutiko etorkizuna ezkutatu egiten du eta biharamunekoaz bakarrik pentsatu nahi dute gizakiek.
Zoritxarrez erlijiogabetasunak eta demokraziak elkarrekin topo egiten duten herrialdeetan, filosofoek eta gobernariek etengabe jardun behar dute giza ekintzen helburua jendearen bistatik urruntzen; horra hor beraien eginkizun nagusia.
Beharrezkoa da, bere garai eta herrialdearen izpirituan murgilduta, moralistak bere burua defendatzen ikastea. Egunero saia dadila bere garaikideei erakusten, inguruko mugimendu etengabearen erdi-erdian, uste baino errazagoa dela eginkizun luzeak asmatu eta gauzatzea. Ikusaraz diezaiela, gizadiak itxuraz aldatu duen arren, mundu honetan oparotasuna lortzeko gizakiak erabil ditzakeen bideak lehengo berberak direla, eta herri demokratikoetan, beste guztietan bezalaxe, eguneroko hamaika grinatxo partikularri aurre eginez bakarrik hel daitekeela kezkatzen dituen zorion-grina orokorra asetzera.
Gobernarien zeregina ere ez da zehaztasun gutxiagokoa.
Garai guztietan komeni da nazioak gidatzen dituztenek etorkizuna kontuan izanda jokatzea.Baina hau are beharrezkoagoa da demokrazi eta sinesgabezi mendeetan beste guztietan baino. Honela jokatuz, demokrazietako buruek, arazo publikoak aurrerazi ez ezik, beren exenpluaz arazo pribatuak nola kudeatu ere irakasten diete partikularrei.
Ahal den neurrian, politika-mundutik zoria baztertzen ahalegindu behar dute, batez ere.
Gortesau bat bat-batean eta merezi gabe goratzeak zirrara igarokorra baino ez du eragiten herrialde aristokratikoetan, zeren eta normalean erakunde eta sineskizunen multzoak irten ezinezko bideetatik astiro-astiro aurrera egitera behartzen baitu jendea.
Baina ez dago ezer kaltegarriagorik herri demokratiko baten aurrean horrelako exenpluak jartzea baino. Izan ere, azkenerako, dena irensten duen malda baten behera botatzen dute herriaren bihotza. Beraz, batez ere eszeptizismo eta berdintasun-garaietan ebitatu behar da arretaz herriaren edo printzearen onginahiak –zeinetaz zoriak hornitzen edo gabetzen gaituen- jakintzaren eta zerbitzuen tokia hartzea. Desiragarri da aurrerapen bakoitzak ahalegin baten ondorio dela ematea, handitasun errazegirik egon ez dadin, eta gutizia bere begirada luzaroan helburu batean finkatzera beharturik egon dadin, helburu hori lortu ahal izan aurretik.
Beharrezkoa da gizakiei etorkizunaren gustua itzultzera dedika daitezen gobernuak, jada ez baitute hori erlijioak eta gizarte-egoerak ematen; baita egunero, hitzez esan gabe, praktikoki hiritarrei irakastea lanaren sari direla aberastasuna, ospea eta boterea, arrakasta handiak desira sakonen bukaeran daudela kokaturik, eta kostatu lortzen dena bakarrik izaten dela iraunkorra.
Jendeari, hemen behean gertatuko zaiona oso urrutirik aurreikustera, eta itxaropenaz elikatzera ohituta dagoenean, desatsegin gertatzen zaio bere izpiritua bizitzaren muga zehatzetan gelditu beharra beti, eta oso prest egoten da mugak gainditzeko, harantzago begiratzeko.
Beraz, ez dut zalantzarik mundu honetan hiritarrak etorkizunaz pentsatzera ohituz gero, pixkana-pixkana eta beraiek ere ohartu gabe, erlijio-sineskizunetara hurbilaraziko liratekeela.
Honela, jendeari neurri bateraino erlijiorik gabe bizitzeko aukera ematen dion bide bera izango da, azken finean, itzulinguru luze baten ostean gizadia federantz eramateko gelditzen zaigun bide bakarra
XVIII. Zergatik, amerikarren artean, lanbide zintzo guztiak hartzen diren ohoragarritzat
[aldatu]Herri demokratikoetan, non ez den herentziazko aberastasunik izaten, bakoitzak lan egiten du bizitzeko, edo lan egina da, edo lan egin dutenengandik jaioa. Beraz, lanaren ideia –gizadiaren izaera beharrezko, berezko eta zintzo bezala- alde guztietatik eskaintzen zaio giza izpirituari.
Herri horietan lana ez bakarrik ez da desohoragarri, baita ohoragarri ere; aurreiritzia ez da haren aurkakoa, aldekoa baizik. Estatu Batuetan, aberatsak uste du iritzi publikoari zor dion zerbait dela bere aisialdiak industrigintza, merkataritza edo betebehar publikoren batera dedikatzea. Ospe txarra duela usteko luke bizitzera bakarrik dedikatuko balitz. Lan egin behar honi ihes egiteko etortzen da Europara hainbeste amerikar; Europan gizarte aristokratikoen hondarrak aurkitzen dituzte, oraindik ohoragarri delarik lanik egin gabe bizitzea.
Berdintasunak ez du lanaren ideia bakarrik errehabilitatzen, irabaziak ematen dituen lanarena ere goratzen du.
Aristokrazietan ez da edozein lan gutxiesten, mozkinaren bila egindako lana baizik. Lana loriatsua da, gutiziak edo bertute hutsak eragiten duenean. Hala ere, aristokrazietan etengabe gertatzen da ohoreagatik lan egiten duenari irabazia ere erakargarri gertatzea. Baina bi desira hauek haren arimaren barren-barrenean bakarrik aurkitzen dira. Eta elkartzen direneko puntua arreta handiz ezkutatzen du begirada guztietatik. Bere buruari ere gogotsu ezkutatzen dio. Herrialde aristokratikoetan, funtzionari publiko gehientsuenek Estatua interes propiorik gabe zerbitzatzen dutela esaten dute. Beren soldata noizean behin pentsagai izaten duten xehetasuna da, baina horretan sekula pentsatzen ez duten plantak egiten dituzte.
Honela, irabaziaren ideiak eta lanarenak ezberdinduta jarraitzen dute. Nahiz eta egitatez batera egon, iraganak banatu egiten ditu.
Gizarte demokratikoetan, aitzitik, bi ideia hauek argi eta garbi egoten dira beti elkartuta. Ongizatearen ideia unibertsala denez, aberestasunak kaskarrak eta igarokorrak direnez, bakoitzak bere baliabideak gehitu beharra edo bere seme-alabentzat berriak prestatu beharra daukanez, guztiek oso argi ikusten dute irabazia dela –osorik ez bada ere, bai neurri batean- lanera bultzatzen dituena. Aintzaren bila jarduten duten horiek ere halabeharrez ohitzen dira horregatik bakarrik ari ez diren ideiara, eta ohartzen dira, zeinahi ikuspegi izan, bizi nahia beren bizitza ospetsu bihurtzeko nahiarekin nahasten dela beren baitan.
Alde batetik, hiritar guztiei lana giza izaeraren premia ohoretsua iruditzen zaien momentuan, eta, bestetik, lana, osorik edo neurri batean, ordainsariagatik egiten denean nabarmenki, gizarte aristokratikoetan lanbide-motak banatzen zituen tarte izugarria desagertu egiten da. Guztiz antzekoak ez badira ere, gutxienez badute antzeko ezaugarririk.
Ez dago lanbiderik, non ez den diruagatik lan egiten. Lansariak, guztietan dagoen zerbait, antzeko jitea ematen die guztiei.
Horrek lanbide ezberdinei buruz amerikarrek dituzten iritziak esplikatzeko balio du.
Lan egiten duela eta, Amerikako zerbitzariek ez dute beren burua beheratua ikusten, zeren eta, haien inguruan mundu guztiak lan egiten baitu. Ez dira apalduta sentitzen ordainsaria hartzeagatik, zeren eta Estatu Batuetako lehendakariak ere ordainsariagatik lana egiten baitu. Agintzeagatik ordaintzen zaio honi, haiei zerbitzu bat emateagatik bezalaxe.
Estatu Batuetan, lanbideek neke handiago edo txikiago dute, irabazi gehiago edo gutxiago ematen dute, baina sekula ez dira goi- edo behe-mailakoak. Lanbide zintzo oro ohoragarri da.
XIX. Zerk bultzatzen dituen ia amerikar guztiak lanbide industrialetarantz
[aldatu]Arte baliagarri guztietatik ez dakit nekazaritza ez ote den astiroen perfekzionatzen dena nazio demokratikoetan. Sarritan geldi geratzen dela ere esan liteke, beste hainbatek aurrera lasterka doala ematen baitu.
Aitzitik, berdintasunetik sortzen diren gustu eta aztura gehientsuenek jendea merkataritza eta industriarantz eramaten dute berez.
Imajina dezagun gizon bat aktibo, ilustratu, aske, aisetasunean bizi dena eta desiraz betea. Behartsuegia da lanik egin gabe bizi ahal izateko; baina aski aberatsa premiaren berehalako beldurraren gainetik sentitzeko, eta bere zoria hobetzeko asmoa du. Gizon horrek badu gozamen materialen zaletasuna; beste asko ditu aurrean zaletasun horretara emanak; bera ere hasia da horietara jotzen, eta gogo biziz bilatzen ditu gehiago asetzeko bideak. Hala ere, bizitza aurrera doa, denborak premiatu egiten du. Zer egingo du?
Lur-langintzak emaitza ia ziurrak agintzen dizkio bere ahaleginen truke, baina oso astiro. Poliki-poliki eta nekez baino ezin da aberastu nekazaritzaz. Nekazaritza, dagoeneko soberakin asko daukaten aberatsei edota bizitzea baino eskatzen ez duten behartsuei komeni zaie. Berehala egiten du aukera: landa saldu, bere egoitzatik alde egin eta arriskutsua den baina irabaziak ematen dituen lanbideren bati ekiten dio.
Nolanahi ere, horrelako jende asko dago gizarte demokratikoetan; eta, baldintza-berdintasuna areagotzen den neurrian, horrelakoen kopurua gehitu egiten da.
Demokraziak ez du, beraz, langileen kopurua ugaltzen bakarrik; gainera, jendea lan baterantz bideratzen du beste baterantz baino areago; eta, nekazaritzarako joera kentzen dien bitartean, merkataritza eta industriarantz zuzentzen ditu.[3]
Izpiritu hau hiritarrik aberatsenen artean ere ikusten da.
Herrialde demokratikoetan, gizon bat, oso aberatsa dela uste izan arren, ia sekula ez da pozik egoten bere aberastasunaz, bere aita bezain aberats ez dela iruditzen baitzaio eta beldur da semeak bera baino gutxiago izango ote diren. Demokrazietako aberats gehienek, beraz, aberasteko bideekin amets egiten dute etengabe, eta begiak merkataritza eta industriarantz zuzentzen dituzte naturalki, biderik bizkorrenak eta eraginkorrenak iruditzen baitzaizkie aberasteko. Puntu honetan bat datoz behartsuaren instintuekin, nahiz eta honek bezalako premiarik ez izan; edota, hobeto esateko, premiarik bizienaren bultzada sumatzen dute: atzera ez egitea.
Aristokrazietan, aberatsak aldi berean gobernariak dira. Arazo publiko handiei etengabe eskaintzen dieten arretagatik, aldendu egiten dira merkataritzak eta industriak eskatzen dituzten ardura txikietatik. Hala ere, kasualitatez, haien arteko norbaiten borondateak negoziorantz jotzen badu, bere gizarte-gorputzaren borondateak berehala ixten dio bidea; zeren eta, honen kopuruaren agintearen aurka altxa litekeen arren, sekula ez baitu erabat ihes egiten horren uztarripetik, eta nazio-gehiengoaren eskubideak aitortzeari setatien uko egiten dioten gorputz aristokratikoen baitan bertan, gobernatu egiten duen gehiengo partikularra eratzen baita. (A)
Herrialde demokratikoetan, non diruak ez duen jabea agintera eramaten, sarritan aldendu baizik, aberatsek ez dakite zer egin beren aisialdiekin. Haien desiren kezka eta handitasunak, baliabideen hedadurak, apartekoaren zaletasunak –jendetzaren gainetik nolabait ere goratzen direnek ia beti sentitzen dutena- ekintzara bultzatzen ditu. Merkataritzaren bidea bakarrik gelditzen zaie zabalik. Demokrazietan ezer ez dago merkataritza baino handiago eta distiratsuagorik; honek erakartzen ditu publikoaren begiradak eta jendearen irudimena betetzen; horretarantz zuzentzen dira grina indartsu guztiak. Ezerk ezin die aberatsei horretara dedikatzea galarazi, ez beren aurreiritziek, ez beste inorenek.. Demokrazietako aberatsek ez dute inoiz ohitura eta araudi propiorik duen gorputzik osatzen; beren klasearen ideia partikularrek ez dituzte geldiarazten, eta beren herrialdeko ideia orokorrek bultza egiten diete. Herri demokratikoen barruan ikusten diren aberastasun handiek jatorria ia beti merkataritzan dutenez, hainbat belaunaldik igaro behar izaten du jabeek erabat galdu arte negozio-azturak.
Politikak uzten dien espazio estuan itxita, demokrazietako aberatsek merkataritzara jotzen dute alde guztietatik; jarduera horretan hedatu eta beren abantaila naturalez balia daitezke; eta, nolabait ere, haien enpresa industrialen ausardiaren beraren eta handitasunaren arabera epaitu behar da industriari egingo zioketen kasu txikia aristokraziaren baitan jaio izan balira.
Oharpen bera aplika dakieke demokrazietako pertsona guztiei, behartsu nahiz aberats izan.
Ezegonkortasun demokratikoaren erdian bizi direnek aurrean izaten dute etengabe zoriaren irudia, eta, azkenerako, zoriak zerikusirik duen eginkizun guztiak maite izaten dituzte.
Beraz, guztiak merkataritzarantz bultzatuak dira, agintzen zaien irabaziagatik ez ezik, baita eskaintzen zaizkien emozioak maite dituztelako ere.
Mende erdi besterik ez da Ingalaterraren menpekotza kolonialetik irten zirela Amerikako Estatu Batuak; aberats handien kopurua oso txikia da han, eta kapitalak ere urriak oraindik. Ez dago, ordea, munduan herririk amerikarrek bezain aurrerapen bizkorrik egin duenik merkataritzan eta industrian. Gaur egun munduko bigarren itsas nazioa dira; eta haien manufakturek ia gaindigaitzak diren oztopo naturalen aurka borrokatu behar badute ere, egunetik egunera garapen berriak izaten dituzte.
Estatu Batuetan industri eginkizunik handienak nekerik gabe gauzatzen dira, biztanleria osoa arduratzen baita industriaz, eta honetarako hiritarrik behartsuen nahiz oparoenek gogotsu batzen dituzte beren ahaleginak. Beraz, harrigarria gertatzen da egunero ikustea ia aberatsik ez daukan nazio batek nekerik gabe zertzen dituen lan itzelak, Amerikarrak atzo bertan iritsi ziren bizi diren lurraldera, eta dagoeneko iraulia dute naturaren ordena osoa beren probetxurako. Hudson ibaia Mississippirekin elkartu eta Atlantiar ozeanoa Mexikoko golkoarekin komunikarazi dute, bi itsasoak banatzen dituen bostehun lekoako lur lehorrean zehar. Gaur egunera arte egin diren trenbiderik luzeenak Amerikan daude.
Baina Estatu Batuetan niri harrigarriena gertatzen zaidana ez da zenbait industri eginkizunen handitasuna, enpresa txikien ugaritasun zenbatezina baizik.
Estatu Batuetako ia nekazari guztiek erantsi diote merkataritza-jardueraren bat nekazaritzari; gehienek nekazaritza merkataritza bihurtu dute.
Laborari amerikarra oso gutxitan finkatzen da betiko lurralde batean. Mendebaldeko probintzia berrietan, batez ere, landa bat garbitzen bada, berriro saltzeko izaten da eta ez uzta ateratzeko; eta etxea eraikitzen bada, biztanleak ugaltzearen ondorioz herrialdearen egoera laster aldatuko dela eta prezio onean salduko dela aurreikusten delako izaten da.
Urtero, iparraldeko jende-multzo handi bat hegoaldera jaisten da eta kotoi eta azukre-kanabera hazten diren eskualdeetan ezartzen da. Jende horrek lurra lantzen du; urte gutxitan ekoitzarazitakoaz aberasteko beste atera eta, honela lorturiko aisetasunaz gozatzeko, jaioterrira noiz itzuliko zain egoten dira. Hortaz, amerikarrek merkataritza-izpiritua ekartzen dute nekazaritzara, eta industriarako haien grina beste gauza guztietan bezalaxe agertzen da hor.
Amerikarrek aurrerapen izugarria egiten dute industrian, guztiak batera arduratzen direlako industriaz; eta kausa honengatik beronengatik jasan behar izaten dituzte ustegabeko industri krisi ikaragarriak ere.
Merkataritzara ere guztiek jotzen dutenez, haien artean merkataritzak eragin zenbatezin eta oso konplikatuak jasaten ditu, eta ezinezkoa gertatzen da aurrez jakitea sor daitezkeen eragozpenak. Gehixeago edo gutxixeago guztiek dutenez industriarekin zerikusia, negozioek tupustekorik txikiena hartzen duten momentuan, aberastasun partikular guztiek behaztopa egiten dute aldi berean, eta Estatuak zabuka egiten du.
Industri krisien itzulera gaitz endemikoa dela uste dut gaur egungo nazio demokratikoetan. Lor daiteke hain arriskutsu ez izatea, baina ez sendatzea, ez baita ezustean gertatzen den zerbait, herri hauen izaerari berari dagokion zerbait baizik.
XX. Nola sortu ahal izango litzatekeen aristokrazia industriatik
[aldatu]Erakutsi dut nola demokrazia mesedegarri gertatzen den industri garapenerako eta nola neurri gabe ugaltzen duen industriarien kopurua; orain ikusiko dugu industriak zein desbiderapenen bidez eraman ahal izango lukeen jendea aristokraziarantz.
Onartua dago langile bat egunero xehetasun berberaz bakarrik arduratzen zenean, errazago, bizkorrago eta ekonomia handiagoz iristen zela obraren ekoizpen orokorrena.
Halaber, onartua dago zenbat eta eskala handiagoan, kapital handi eta kreditu handiagoz ekin industria bati, are merkeagoak izaten zirela produktuak.
Egia hauek aspaldidanik sumatzen ziren, baina ez dira orain arte frogatu. Dagoeneko garrantzi handiko hainbat industriatan aplikatzen dira, eta pixkanaka horietaz jabetuz doaz txikienak ere.
Politika-arloan ez dut ikusten legegilea gehiago arduratu beharko lukeen beste ezer industri zientziaren bi axioma berri hauek baino.
Artisaua etengabe eta soil-soilik gauza bakar bat fabrikatzera emana dagoenean, azkenerako trebetasun bereziz zertzen du lan hori. Baina izpiritua lanaren zuzendaritzara bideratzeko ahalmen orokorra galdu egiten du aldi berean. Egunetik egunera iaioago bihurtzen da, baina ez industriatsuago, eta esan daiteke berarengan gizakia degradatu egiten dela langilea hobetu egiten den bitartean.
Zer espero daiteke bizitzako hogei urte orratz-buruak egiten eman dituenarengandik? Eta sarri mundua astindu duen giza adimen ahaltsu hori, aurrerantzean zertara aplika daiteke pertsona horrengan, orratz-buruak egiteko erarik onena bilatzera baizik?
Langile batek bere izatearen zati handi bat horrela erabili duenean, pentsamena geldi du betiko bere zereginen eguneroko gai horren inguruan; gorputzak ere hartuak dizkio zenbait aztura finko, jada ezin dituenak inola ere baztertu. Hitz batean, ez da jada bere buruaren jabe, aukeratu duen lanbidearen menpe baitago. Alferrik arduratuko dira legeak eta ohiturak pertsona horren inguruan hesi guztiak apurtzeaz eta alde guztietatik aberastasunerantz mila bide ezberdin irekitzeaz; ohiturak eta legeak baino indartsuago den industri teoriak lotu du lanbide bati, eta utzi ezin duen leku bati sarritan. Teoria horrek gizartean postu jakin bat izendatu dio, eta ezin da bertatik irten. Mugimendu unibertsalaren erdian, mugigaitz bihurtu du.
Lan-banaketaren printzipioak aplikazio beteagoa hartzen duen neurrian, langilea ahulago, mugatuago et menpekoago bihurtzen da. Arteak aurrera egiten du, artisauak atzera. Bestalde, zenbat eta manufaktura zabalagoa eta kapitala handiagoa izan, industria baten produktuak orduan eta hobeak eta merkeagoak direla garbiago ikusten den neurrian, pertsona oso aberats eta ilustratuak agertzen dira industriak ustiatzeko, ordura arte artisau ezjakin edo behartsuen esku utzitako industriak. Behar diren ahaleginen handitasunak eta lor daitezkeen emaitzen neurrigabetasunak erakartzen ditu.
Honela, bada, industri zientziak langileen klasea etengabe beheratzen duen aldi berean, goratu egiten du ugazabena.
Langileak adimena xehetasun bakar baten azterketara bideratzen duen bitartean, ugazabak egunero multzo zabalago baten gain begiratzen du, eta honen izpiritua zabaldu egiten da bestearena murriztu egiten den neurri berean.
Langileak laster indar fisikoa bakarrik beharko adimenik gabe; ugazabak zientzia behar du, eta ia jeinu izatea ere bai arrakasta izateko. Batak gero eta antz handiagoa du inperio zabal baten administratzailearena, besteak aberearena.
Ugazabak eta langileak ez dute, beraz, inolako antzik, eta egunetik egunera ezberdinagoak dira elkarren artean. Bien arteko erlazioa katea luze baten muturretako bi begiena bezalakoa da. Bakoitzak berarentzat egindako lekua betetzen du, inoiz irten gabe handik. Bata etengabeko menpekotasun estu eta beharrezkoan dago bestearekiko, eta esana egiteko jaioa ematen du, besteak agintzeko bezala.
Zer da hau, aristokrazia baizik?
Baldintzak gero eta berdinagoak izanik nazio-gorputzean, gauza manufakturatuen beharra orokortu eta areagotu egiten da, eta gauza horiek aberastasun ertainen irispidean jartzen dituen prezio merkea arrakastaren elementu nagusi bihurtzen da.
Hortaz, gero eta pertsona aberats eta ilustratuagoek industriara bideratzen dituzte aberastasunak eta jakintza, eta, lantegi handiak ireki eta lana zorrotz banatuz, alde guztietan agertzen ari diren gurari berriak asetu nahi dituztela ikusten da.
Honela, nazioaren gehiengoak demokraziarantz jo ahala, industriaz arduratzen den klase partikularra gero eta aristokratikoago bihurtzen da. Jendea gero eta elkarren antzekoagoa da batean, eta gero eta ezberdinagoa bestean, eta ezberdintasuna areagotu egiten da gizarte txikian, handian gutxitu egiten den neurri berean.
Honela, sorburua jotzen denean, badirudi aristokrazia berezko ahaleginez demokraziaren beraren baitatik sortzen dela.
Baina aristokrazia honek ez du aurretik izan direnen batere antzik.
Lehenik, industriari eta industri lanbide batzuei bakarrik aplikatzen zaielarik, salbuespen bat, munstro bat dela ikusiko da, gizarte-egoera osoaren baitan.
Gaur egungo demokrazia itzelaren erdian industria batzuek sortzen dituzten gizarte aristokratiko txikiek, antzinako gizarte aristokratiko handiek bezala, pertsona batzuk oso aberatsak eta jendetza bat oso behartsua daukate beren baitan.
Behartsu hauek oso bide gutxi dute bere egoeratik irten eta aberats bihurtzeko, baina aberatsak etengabe bihurtzen dira behartsu, edo negozioa utzi egiten dute irabaziak egin ondoren. Honela, behartsuen klasea osatzen duten elementuak finkoak dira gutxi gora-behera; baina aberatsen klasea osatzen dutenak, ez. Egia esateko, aberatsak badiren arren, aberatsen klaserik ez dago; zeren eta aberats hauek ez baitute ez izpiritu, ez helburu komunik, ezta tradizio edo esperantza komunik ere. Badira kideak, beraz, baina ez kidego edo gorputzik.
Aberatsak ez daude sendo baturik beren artean, baina, gainera, esan daiteke ez dagoela benetako loturarik behartsuaren eta aberatsaren artean.
Ez daude betiko finkatuta bata bestearen ondoan; une bakoitzean interesak hurbildu eta banatu egiten ditu. Orokorrean, ugazaben menpe dago langilea, baina ez ugazaba jakin baten menpe. Bi pertsona hauek elkar ikusten dute lantegian eta ez dute elkar ezagutzen beste inon, eta puntu batean elkar ukitzen duten bitartean, elkarrengandik oso urruti jarraitzen dute beste guztietan. Manufakturariak lana besterik ez dio eskatzen langileari, eta langileak ordainsaria bakarrik espero du harengandik. Bata ez da babestera konprometitzen, ezta bestea ere defendatzera, eta ez daude iraunkorki lotuak, ez azturaz, ezta eginbeharraz ere.
Negozioa sortzen duen aristokrazia ia sekula ez da finkatzen berak zuzentzen duen biztanleria industrialaren erdian; haren helburua ez da hau gobernatzea, honetaz baliatzea baizik.
Honela eraturiko aristokraziak ezin eragin handirik izan berak enplegatzen dituenen gain; eta, une batez hauek atzematera iristen bada ere, laster ihes egiten diote. Ez daki zer nahi duen eta nora jo.
Iragan mendeetako lur-aristokrazia legeak behartzen zuen, edo ohiturek behartua sentitzen zen, bere zerbitzariei lagundu eta haien ezbeharrak arintzera. Baina gaur egungo aristokrazia manufakturariak, berak erabiltzen dituenak txirotu eta zabartu ondoren, krisi garaian karitate publikoaren esku uzten ditu honek elika ditzan. Hau aurrekoaren ondorio naturala da, noski. Langilearen eta ugazabaren artean harremanak ugariak dira, baina ez dago benetako elkartasunik.
Pentsatzen dut, ongi begiratuta, gure aurrean sortzen ikusten dugun aristokrazia manufakturaria munduan izan den gogorrenetarikoa dela; baina aldi berean murritzenetakoa eta arriskurik gutxienekoa ere bada.
Hala ere, demokraziaren adiskideek etengabe alde honetara begiratu behar dute kezkaz, zeren eta, baldintzen ezberdintasun iraunkorra eta aristokrazia inoiz sartzen badira berriro munduan, ate horretatik sartuko direla aurresan baitaiteke.
[1] Herri demokratiko bat esaten dut. Administrazioa egon daiteke oso deszentralizatua herri aristokratiko batean, egunkarien beharrik sentitu gabe, botere lokalak gizon-kopuru txiki baten eskuetan egoten baitira, isolatuki jarduten edo elkar ezagutzen dutenak eta erraz elkar ikusi eta entzun dezaketenak.
[2] Hau egia izaten da, batez ere, botere exekutiboa arduratzen denean bere nahierara elkarteak baimendu edo debekatzeaz. Legea zenbait elkarte debekatzera mugatzen denean eta desobeditzen dutenak zigortzeko ardura auzitegiei uzten dienean, gaitza askoz txikiagoa izaten da; orduan hiritar bakoitzak aurrez jakiten baitu gutxi gora-behera zer espero dezakeen; nolabait ere, bere burua epaitzen du epaileek baino lehen, eta, elkarte debekatuetatik aldenduz, baimenduriko elkarteetan sartzen da. Herri aske guztiek honela ulertu izan dute beti murritz zitekeela elkartze-eskubidea. Baina, legegileak gizon bati emango balio elkarte arriskutsuak eta onuragarriak zein diren aurrez bereizteko ardura, eta aske utziko balu elkarte guztiak sorreran suntsitzea ala jaiotzen uztea erabakitzeko, inork ezingo lukeenez aurrez jakin zein kasutan elkar daitekeen eta zeinetan abstenitu behar duen, inertziak erabat menperatuko luke elkartze-espiritua. Bi lege hauetako lehenak zenbati elkarteri bakarrik erasotzen dio; bigarrena gizarteari berari zuzentzen zaio eta min egiten dio. Ulertzen dut gobernu erregular batek lehenengora jotzea, baina ezein gobernuri ez diot onartzen bigarrena ezartzeko eskubidea.
[3] Hainbat aldiz esan da industriari eta merkatariek gozamen materialen gustu neurrigabea zutela, eta merkataritza eta industriari egotzi izan zaio hori; uste dut puntu honetan efektua hartu dela kausaren ordez.
Ez dira merkataritza eta industria gozamen materialen gustua gizonei sortarazten dizkietenak, baizik eta gustu hori da gizonak karrera industrial eta komertzialetara bultzatzen dituena, horietan beren burua osokiago eta arinago asetzea espero baitute.
Merkataritzak eta industriak areagotu egiten badute ongizatearen desira, hori dator grina oro indartu egiten delako berorretaz gehiago arduratu ahala, eta hazi egiten delako asetzeko egiten diren ahalegin guztiekin. Mundu honetako ondasunen maitasuna giza bihotzean nagusiarazten duten kausa guztiek industria eta merkataritza garatzen dute. Berdintasuna da kausa horietako bat. Honek merkataritza bultzatzen du, ez zuzenean, gizonei negoziorako gustua emanez, baizik eta zeharka, beraien arimetan ongizatearen maitasuna sendotuz eta orokortuz.