Edukira joan

Amerikako Demokrazia II/Hirugarren zatia

Wikitekatik

Amerikako demokrazia II

Amerikako Demokrazia II  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
Hirugarren zatia: Demokraziak ohituretan duen eragina
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Hirugarren Zatia

I. Nola eztitzen diren ohiturak baldintzak berdindu ahala

[aldatu]

Zenbait mendetatik hona gizarte-baldintzak berdintzen ari direla ohartzen gara, eta aldi berean ohiturak eztitzen ari direla konturatzen gara. Bi gauza hauek garaikideak bakarrik ote dira ala ba ote da lotura ezkuturik horien artean, batak ezin duelarik aurrera egin besteari aurrera eragin gabe?

Kausa asko daude herri baten ohituren zabarkeria gutxitu dezaketenak; baina, kausa horien guztien artean, gizarte-baldintzen berdintasuna iruditzen zait indartsuena. Hortaz, baldintzen berdintasuna eta ohituren eztitasuna ez dira nire begietarako gertakari garaikideak soilik, baita egitate koerlatiboak ere.

Alegilariek animalien ekintzez ardurarazi nahi gaituztenean, giza ideiak eta grinak ematen dizkiete. Gauza bera egiten dute poetek jeinu eta aingeruez hitz egiten dutenean. Ez dago hain ezbehar sakonik, ezta hain zorion garbirik ere, gure izpiritua atzeman eta bihotza hunki diezagukeenik, horietan geure burua ez bazaigu errepresentatzen beste ezaugarri batzuekin.

Eta hori bete-betean aplikatzen zaio orain aztertzen ari garen gaiari.

Gizarte aristokratiko baten baitan pertsona guztiak beren lanbide, ondasun eta jaiotzaren arabera aldaezinezko eran sailkaturik daudenean, klase bakoitzeko kideek, guztiak familia bereko partaide bezala sentituz, begikotasun etengabe eta aktiboa sentitzen dute elkarrenganako, demokrazia bateko hiritarren artean sekula aurkitu ezin den mailan.

Baina ez da gauza bera gertatzen klase ezberdinekin, batzuen eta besteen artean.

Herri aristokratikoetan, kasta bakoitzak aparte ditu bere iritzi, sentimendu, eskubide, ohitura eta bizitza. Honela, kasta bakoitza osatzen dutenek ez dute beste guztien antzik; ez dute pentsatzeko eta sentitzeko era bera, eta nekez sinesten dute gizadi bereko partaide direnik.

Ezin dute, beraz, ongi ulertu besteek sentitzen dutena, ezta hauek beren kabuz epaitu ere.

Hala ere, elkarri sutsu laguntzen diotela ikusten da batzuetan; baina hori ez doa aurrez esandakoaren aurka.

Erakunde aristokratiko horiek beroriek, espezie bereko izakiak hainbeste ezberdindu zituztenek, lotura politiko estu-estuaz ere elkartu zituzten batzuk besteekin.

Nahiz eta jopua berez ez arduratu aitonen semeen zoriaz, hala ere, uste zuen sakrifikatu beharra zeukala haien artetik bere buruzagi zenaren alde; eta, aitonen semeak bere burua jopuena ez bezalakotzat eduki arren, hala ere, uste zuen, bere eginbehar eta ohoreagatik, defendatu egin behar zituela, bere bizia arriskuan jarrita ere, bere mendelurretan bizi zirenak.

Garbi dago elkarrenganako betebehar hauek ez zirela zuzenbide naturaletik sortuak, zuzenbide politikotik baizik, eta gizadiak berak bakarrik egin ahal izango zukeena baino gehiago lortzen zuela gizarteak. Ez zen pentsatzen gizonari zor zitzaionik laguntza, basailuari edo jaunari baizik. Erakunde feudalek oso sentibera bihurtzen zuten jendea gizaki jakin batzuen gaitzekiko, baina ez giza espeziaren ezbeharrekiko. Erakunde haiek eztitasuna baino gehiago oparotasuna ematen zieten ohiturei, eta, sakrifizio handietara bultzatu arren, ez zuten benetako sinpatiarik sorrarazten; antzeko jendearen artean bakarrik egoten baitira benetako sinpatiak, eta aristokrazi mendeetan nork bere kastako kideengan bakarrik ikusten ditu antzekoak.

Erdi Aroko kronikalariek, beren jaiotza edo azturengatik guztiak aristokraziakoak, aitonen seme baten amaiera tragikoa kontatzen dutenean, atsekabe ikaragarriz egiten dute; baina arnasaldi batean eta izukaitz ematen dute herriko jendearen sarraski eta torturen berri.

Eta ez pentsa idazle horiek etengabeko gorrotoa edo mesprezu sistematikoa sentitzen zutenik herriaganako. Artean ez zegoen piztuta estatuko klase ezberdinen arteko gerra. Senari gehiago jarraitzen zioten grinari baino; behartsuaren atsekabeen ideia garbirik ez zutenez, gutxi arduratzen ziren haren zoriaz.

Lokarri feudala eten orduko, gauza bera gertatzen zen herriko jendearekin. Basailuek beren jaunen alde egindako hainbeste sakrifizio heroiko ikusi zuten mende horiek beroriek, gero ankerkeria itzelen lekuko izan ziren, noizean behin beheko klaseek goikoen kontra egindako ankerkerien lekuko.

Ez da pentsatu behar elkarrenganako arduragabezia hori ordena eta jakintzargirik ezaren ondorio zenik, zeren eta agertzen baita horren arrastorik ondorengo mendeetan ere, ordenatu eta ilustratu bihurtu arren, artean aristokratiko diren mendeetan.

1675. urtean, Britainiako behe-klaseak altxatu egin ziren tasa berria zela eta. Matxinada haiek parekorik gabeko ankerkeriaz zapaldu zituzten. Hona hemen Mme. de Sévignék, izugarrikeria haien lekukoak, nola ematen dioen alabari gertatuaren berri:

Rocher-etan, 1675eko urriak 30

“Ene Jainkoa, bai atsegina zuk, alaba maitea, Aixetik bidalitako gutuna! Gutxienez errepasa itzazu zeure gutunak bidali aurretik. Jabetu zaitez beraien xarmaz, eta atsegin horrek kontsola zaitzala hainbeste idazteak ematen dizun nekeaz. Ikusi al duzu jada Probentza osa? Atseginik ez du Britainia osoa ikusteak, ardoa usaintzea gogoko ez baduzu. Nahi al duzu Rennes-eko berririk? Ehun mila ezkutuko zerga bat ezarri da, eta dirutza hori hogeita lau orduren buruan ez bada biltzen, bikoiztu egingo da eta soldaduek exijituko dute. Kale handi bat oso-osorik atxilotu eta deserriratu dute, eta jende horri abegi egitea debekatu dute heriotza-zigorraz mehatxatuz; eta hor ikusi ditugu atsekabetu horiek guztiak, erdiminetan zeuden emakumeak, zaharrak, haurrak hiritik irten eta noraezean negarrez, nora joan ez zekitela, zer jan edo non lo egin jakin gabe. Herenegun oinazetu zuten gurpilean paper tinbratuaren dantza eta lapurreta hasi zuen bibolinjolea; zatikatu egin zuten eta haren lau zatiak hiriko lau ertzetan jarri zituzten agerian. Hirurogei burges atxilotu dituzte, eta bihar hasiko dira esekitzen. Probintzia hau ikasbide ederra da besteentzat, batez ere gobernari eta gobernarisak errespetatzen dituztelako eta hauen lorategietara harririk botatzen ez dutelako[1].

Atzo Mme. de Tarente bere besoetan ibil zen eguraldi bikainaz. Ez du behar ostaturik edo jatekorik. Langatik sartzen da eta bide beretik itzutzen...”

Beste gutun batean eransten du:

“Atsegin handiz hitz egiten didazu gure ezbeharrez; ez gara hain gurpil-zaleak; bat zortzi egunean behin, justizia entretenitzeko. Egia da esekitzea bigunkeria iruditzen zaidala orain. Herrialde honetan nagoenetik, zeharo bestelako ideia dut justiziaz. Zuzen galeoteak jende zintzoen elkarte bat iruditzen zaizkit, bizimodu lasaia eramateko mundutik erretiratu direnak”.

Oker jokatuko genuke Mme. de Sévigné, lerro hauek idatzi zituena, gizaki berekoi eta barbaroa zela pentsatuz gero. Bihotz-bihotzez maite zituen seme-alabak eta oso sentibera zen adiskideen atsekabeekiko; eta, berak idatzitakoa irakurtzean, ohartzen da on eta bihozbera zela basailu eta zerbitzariekin. Baina Mme. de Sévignék ez zuen garbi ulertzen zer zen sufritzea norbait aitonen seme ez zenean.

Gaur egun gizakirik gogorrena, odolgabeenari idazterakoan ere, ez litzateke ausartuko aipatu berri dudana bezalako txantxa ankerrik horrelako odol hotzez egitera, eta, bere ohitura partikularrek hori egitea onartuko baliote ere, nazioko ohitura orokorrek debekatu egingo liokete.

Zergatik hori? Geure arbasoak baino sentiberago ote gara gu? Ez dakit; baina, ziur nago, gure sentiberatasuna gauza gehiagotara hedatzen dela.

Herri batean klaseak ia berdinak direnean, gutxi gora-behera guztiek dutenez pentsatu eta sentitzeko era beretsua, une batean haietako bakoitzak beste guztien sentsazioak epai ditzake. Aski zaio begirada bizkor bat ematea bere buruari. Ez dago, beraz, ezbeharrik berak nekerik gabe ulertzen ez duenik, ezkutuko sen batek horien hedadura erakusten diolarik. Berdin dio atzerritar edo arerioak izatea: irudimenak berehala jartzen du horien tokian. Zerbait pertsonala elkartzen du bere errukiarekin, eta berari ere sufriarazi egiten dio lagunurkoaren gorputza zatikatzen duten bitartean.

Demokrazi mendeetan, gizakiak nekez sakrifikatzen dira batzuk besteengatik; baina gupida orokorra izaten dute gizadiko kide guztienganako. Ez dute alferrikako gaitzik egiten, eta, beren buruari kalte handirik egin gabe, besteen minak arin ditzaketenean, atseginez egiten dute hori; ez dira interesgabeak, baina bai gozoak.

Amerikarrak, nolabait esateko, berekoikeria teoria sozial eta filosofiko bihurtu badute ere, ez daude horregatik askoz urrutirago errukitik.

Justizia kriminala Estatu Batuetan baino bigunago aplikatzen den herrialderik ez dago. Ingelesek Erdi Aroko aztarna odoltsuak legeria penalean estima handiz gorde nahi dituztela ematen duen bitartean, amerikarrek ia desagertarazi egin dute heriotza-zigorra beren kodeetatik.

Uste dut Ipar Amerika dela munduko lurralde bakarra azken berrogeita hamar urteotan inori bizia kendu ez zaiona delitu politikoengatik.

Eta amerikarren gozotasun berezi hau batez ere haien gizarte-egoeratik datorrela frogatzen duena beren esklabuak tratatzeko modua da.

Oro har, baliteke Mundu Berrian ez izatea kolonia europarrik beltzen egoera fisikoa Estatu Batuetakoa baino bigunagoa duenik. Hala ere, oraindik esklabuek zoritxar izugarriak jasaten dituzte han eta oso zigor ankerren arriskupean egoten dira etengabe.

Erraz ohartzen da dohakabe horien zoriak erruki gutxi sortzen diela nagusiei, eta beraientzat esklabutza, onura ateratzeko zerbait izateaz gain, gutxi hunkitzen dituen gaitza ere badela. Honela, hurkoenganako errukiz betea dagoen pertsona bera –aldi berean horiek bere parekide direnean behintzat- gero horien atsekabeekiko arduragabe bihurtzen da berdintasuna bukatzean. Hortaz, berdintasun honi egotzi behar zaio gozotasuna, zibilizazioari eta jakintzargiei baino gehiago.

Gizabanakoei buruz esan berri dudana herriei ere aplikatzen zaie neurri bateraino.

Nazio bakoitzak bere iritziak, sineskizunak, legeak, usadioak aparte dituenean, pentsatzen du berak bakarrik osatzen duela gizadi osoa, eta bere atsekabeek bakarrik hunkitzen dute. Honelako jarrera duten bi herriren artean gerra pizten bada, barbaria handiz egingo da derrigorrez.

Bere garairik ilustratuenetan, erromatarrek –garaile- lepoa mozten zieten jeneral etsaiei, gudu-gurdiaren atzetik arrastaka erabili ondoren, eta presoak basapiztien artera botatzen zituzten herriaren dibertimendurako. Zizeronek, hiritar bat gurutziltzatzea hainbeste deitoratzen duenak, ez du ezer gaitzesgarririk aurkitzen garaipenaren abusu anker horietan. Garbi dago, haren begietara, atzerritarra ez dela erromatarraren giza espezie berekoa.

Aitzitik, herriak beren artean antzekoago bilakatu ahala, elkarren ezbeharrekiko ere gupidatsuago agertzen dira eta nazioarteko zuzenbidea ere bigundu egiten da.

II. Nola demokraziak sinpleago eta errazago bihurtzen dituen amerikarren ohiko harremanak

[aldatu]

Demokraziak ez ditu pertsonak elkarren artean estu lotzen, baina errazago bihurtzen ditu horien ohiko harremanak.

Bi ingelesek kasualitatez elkarrekin topo egiten dute antipodetan; arrotzez inguraturik daude, haien hizkuntza eta ohiturak ia ezagutzen ez dituen jendez.

1Bi pertsona horiek hasieran jakinmin handiz behatuko diote elkarri eta nolabaiteko egonezin ezkutuz; gero elkarrengandik aldendu egingo dira edo, hurbildu egiten badira, behartuta eta oharkabean bezala hitz egingo diote elkarri, garrantzirik gabeko gauzak esanez.

Hala ere, ez da horien artean inolako etsaitasunik; aurrez sekula ez dute elkar ikusi, eta oso zintzotzat dauka batak bestea. Zergatik, orduan, hainbeste kontu elkarrekin topo ez egiteko?

Ingalaterrara itzuli behar da ulertzeko.

Aberastasunarekin loturarik gabe, jaiotzak bakarrik sailkatzen dituenean gizakiak, bakoitzak zehatz jakiten du gizarte-eskalan zein postu dagokion; ez da igotzen saiatzen, ez da beheratzeko beldur ere. Honela antolaturiko gizartean, kasta ezberdinetako jendea gutxi komunikatzen da elkarren artean; baina zoriak harremanetan jartzen dituenean, gogotsu lotzen zaio bata besteari, bat egiteko esperantzarik eta beldurrik gabe. Horien harremanak ez dira berdintasunean oinarritzen, baina ez dira behartuak ere.

Jaiotzazko aristokraziaren ordez diruaren aristokrazia ezartzen denean, ez da gauza bera gertatzen.

Batzuen pribilegioak oso handiak dira oraindik, baina horiek lortzeko aukera zabalik dago guztientzat; ondorioz, pribilegio horiek dituztenak beti kezkaturik egoten dira galtzeko beldurrez edo besteekin banatu beharrez; eta oraindik ez dituztenek eskuratu egin nahi izaten dituzte kosta ahala kosta, edota, lortu ezin badituzte, horren plantak egin; eta ez da ezinezkoa. Gizakien gizarte-balioa ez dagoenez jadanik nabarmen eta iraunkorki finkatua odolaren arabera, eta aberastasunaren arabera mugagabeki aldatzen denez, beti izaten dira gizarte-mailak, baina jada ez dira garbi eta lehen begiratuan ikusten zein dagoen horietan.

Laster hasten da gerra sorgorra hiritar guztien artean, batzuk beren gainetik daudenen artean benetan edo itxuraz sartzen ahalegintzen dira, amarrukeria ugariren bidez; besteek etengabe egiten dute borroka beren eskubideen usurpatzaile horiek errefusatzeko, edota, hobeto esanda, bi gauzak egiten ditu pertsona berak, eta, goragoko esparruan sartzen saiatu bitartean, atsedenik gabe borrokatzen da behetik datorren indarraren aurka.

Honelako da gaur egun Ingalaterrako egoera, eta uste dut batez ere egoera horri lotu behar zaiola gorago esana.

Ingelesen artean oraindik oso handia denez harrotasun aristokratikoa, eta aristokraziaren mugak zalantzatsu bihurtu direnez, beldur dira guztiak familiartasun gehiegizkoa izateko elkarren artean. Lehen begiratuan jakin ezin denez zein den aurrean topaturiko horien gizarte-egoera, zuhurtasunez saihestu egiten da harremanetan hastea. Zerbitzu txikiak egiten hasiz gero, beldurra zaio, nahi gabe ere, adiskidetasun desegokia sortzeari; mesedeen beldur dira, eta ezezagunaren esker on ausartegiari bezain arretatsu ihes egiten diote haren gorrotoari.

Jende askok kausa fisiko hutsez esplikatzen du ingelesen elkargaiztasun berezi eta umore gorde eta isilkoi hori. Ados nago odolak baduela horretan nolabaiteko eraginik, baina uste dut gizarte-egoerak askoz handiagoa duela. Amerikarren kasuak frogatzen du hori.

Amerikan, non sekula ez baita izan jaiotzazko pribilegiorik eta non aberastasunak ez baitio gozatzen duenari eskubide berezirik ematen, ezezagunak gogotsu elkartzen dira leku berberetan, eta ez dute ez abantailarik, ez arrikurik, aurkitzen beren pentsamenduak elkarri askatasunez komunikatzeko. Kasualitateaz elkarrekin topo egiten badute, ez dira ez elkarren bila, ez ihesi ibiltzen; haien topaketa, beraz, natural, leial eta irekia da; ikusten da ez dutela batzuek besteengandik ia ezer espero, eta ez direla ezeren beldur ere, eta ez direla saiatzen ez erakusten, ez ezkutatzen, dagokien postua. Haien portaera sarritan hotz eta serioa bada, sekula ez da harroa eta behartua izaten eta, elkarri hitzik egin nahi ez diotenean, hitz egiteko umorerik ez dutelako izaten da, eta ez isiltzea interesatzen zaiela uste dutelako.

Atzerrian, bi amerikar berehala bihurtzen dira adiskide, amerikar izate hutsagatik. Ez dago urruntzen dituen aurreiritzirik, eta aberri-komunitateak elkarrengana erakartzen ditu. Bi ingelesi odol berbera ez zaie aski, gizarte-maila berberak hurbildu behar ditu.

Amerikarrek gu bezain ongi ohartzen dira ingelesak elkargaitz bihurtzen dituen umoreaz, eta gu geu beste harritzen dira horretaz. Hala ere, amerikarrak jatorriz, erlijioz, hizkuntzaz eta neurri batean ohiturez ere, Ingalaterrari atxikiak daude; gizarte-egoerak bakarrik ezberdintzen ditu. Beraz, zilegi da esatea ingelesen izaera isilkoi hori herrialdearen eraketak eragina dela hiritarrenak baino areago.

III. Amerikarrek zergatik duten hain minberatasun txikia beren herrialdean eta zergatik agertzen diren hain minbera gurean

[aldatu]

Amerikarrek izaera mendekatia dute, herri serio eta zentzudun guztiek bezala. Ia sekula ez dute ahazten irain bat; baina ez da erraza haiek iraintzea, eta haien sumindura pizten bezain geldoa da itzaltzen.

Gizarte aristokratikoetan, non pertsona gutxi batzuek zuzentzen baitituzte gauza guztiak, jendearen arteko kanpo-harremanak gutxi gora-behera finkoak diren konbentzioen menpe daude. Orduan bakoitzak uste izaten du badakiela zehatz-mehatz zein zeinuren bidez aitortu behar den begirunea edo adierazi onginahia, eta ezagutu beharreko zientziatzat hartzen da etiketa.

Lehen klasearen usadio hauek beste guztientzat eredu izaten dira gero, eta, gainera, haietako bakoitzak bere kodea ezartzen du aparte, eta hartara moldatu behar izaten dute kide guztiek.

Kortesi arauek legeria konplikatua eratzen dute horrela, erabat menperatzea zaila dena, eta hala ere baztertu ezin dena arriskurik gabe; horrela, egunero jendea arriskuan egoten da etengabe zauri ankerrak egin edo hartzeko nahigabeki.

Baina gizarte-mailak ezabatu ahala, heziketaz eta jaiotzaz ezberdin ziren pertsonak leku berberetan nahastu eta bat egin ahala, ia ezinezkoa gertatzen da elkarbizitzako arauez ados jartzea. Legea ziurra ez denez, desobeditzea ez da krimena, ezagutzaren dutenen ikuspegitik ere; ekintzen muinari gehiago atxikitzen zaizkio formari baino, eta gizalege gutxiago eta liskar gutxiago izaten da aldi berean.

Bada hamaika xehetasun txiki amerikarrari axola ez zaizkionak; uste du ez dagozkiola berari, edo berari dagozkionik ez dakitela suposatzen du. Ez da ohartzen huts egiten diotenik, edota barkatu egiten du; haren manerak kortesia gutxiagoko bihurtzen dira, eta ohiturak sinpleago eta indartsuagoak.

Amerikarrek elkarrenganako azaltzen duten barkaberatasun hori eta elkarri aitortzen dioten konfiantza sendo hori kausa orokor eta sakonago batetik sortzen dira.

Jada adierazi dut honen aurreko kapituluan.

Estatu Batuetan, gizarte-mailek oso alde txikia dute gizarte zibilean eta batere ez politika-arloan; amerikarrak ez du uste izaten arreta berezirik eskaini behar dionik hurkoen arteko inori, eta beretzat eskatzerik ere ez zaio bururatzen. Bere interesa herrikideetakoren batzuen lagunartea sutsu bilatzea izan daitekeela ikusten ez duenez, nekez imajinatzen du berea errefusa daitekeenik; inor mesprezatzen ez duenez bere izaeragatik, ez du imajinatzen bera ere inork mespreza dezakeenik arrazoi beragatik, eta, irainaz argi eta garbi ohartu arte, ez du sinesten iraindu nahi dutenik.

Gizarte-egoerak berez huskeriengatik erraz ez iraintzeko joera ematen die amerikarrei. Eta, bestalde, gozatzen duten askatasun demokratikoagatik, azkenerako nazio-ohituretara igarotzen da otzantasun hori.

Estatu Batuetako erakunde politikoek klase guztietako hiritarrak harremanetan jartzen dituzte etengabe, eta eginkizun handiak amankomunean gauzatzera behartzen dituzte. Honela lanpeturiko jendeak ia ez du astirik izaten etiketaren xehetasunetan pentsatzeko eta, bestalde,gehiegi interesatzen zaie adostasunean bizitzea xehetasunetan erreparatzeko. Hortaz, erraz ohitzen dira, topatzen dituztenengan sentimenduak eta ideiak kontuagoan hartzera manerak baino, eta ez dira huskeriengatik hunkitzen.

Maiz ohartu naiz Estatu Batuetan ez dela erraza pertsona bati bere presentzia desegokia dela ulertaraztea. Horretara iristeko, itzulinguruak ez dira beti aski izaten.

Demagun etengabe kontra egiten diodala amerikar bati, bere berritsukeriak gogaitu egiten nauela adierazteko; eta une oro ahalegin berriak egiten ikusten dut ni komentzitzeko.Isiltasun tematian egoten banaiz, berak aurkezturiko egiei buruz hausnarketa sakonean ari naizela imajinatzen du. Eta azkenean, bat-batean alde egiten badiot aurretik, beste nonbait presazko arazoren bat dudala uste izaten du. Garbi esaten ez badiot, pertsona horrek ez du ulertuko nekatu egiten nauela, eta ezingo diot ihes egin bere etsai porrokatu bihurtu gabe.

Lehen begiratuan harrigarri gertatzen dena zera da: gizon hori berori Europara ekarri eta bat-batean oso arduratsu eta zail bihurtzen dela, eta hainbesterainoxe ezen, sarri, lehen atsekabetzea bezain zail gertatzen baitzait orain bera ez mintzea. Bi efektu hain ezberdin hauek kausa berak eragiten ditu.

Erakunde demokratikoek jendeari aberriaren eta bere buruaren ideia oso handia ematen diote, oro har.

Amerikarra bihotza harrotasunez puztuta duela ateratzen da bere herrialdetik. Europara iritsi eta ohartzen da, lehenik, hemen ez direla Estatu Batuez eta haietan bizi den herri handiaz berak uste bezainbat arduratzen. Honekin asaldatzen hasten da.

Entzun du esaten gizarte-baldintzak ez direla berdinak gure hemisferioan. Hain zuzen ere, ohartzen da, Europako nazioen artean, gizarte-mailen arrastoa ez dela erabat desagertu; aberastasunak eta jaiotzak badituztela oraindik dudazko pribilegio batzuk, horiei jaramonik ez egitea bezain zaila gertatzen zaiolarik zehaztea. Ikuskizun honek harritu egiten du eta egonezina sortzen dio, zeharo berria baita berarentzat; bere herrialdean ikusitako ezerk ez dio ulertzen laguntzen. Beraz, ez daki batere zein leku hartzea komeni zaion erdi-suntsituriko hierarkia horretan, elkar gorrotatzeko eta mesprezatzeko behar hainbat ezberdinak eta berak beti elkarrekin nahasteko behar hainbat hurbilekoak diren klase horien artean. Beldur da goregi kokatuko ote den eta, batez ere, beheregi mailakatua izateko: bi arrisku hauek iraunkorki atsekabetzen diote izpiritua eta etengabe oztopatzen bere ekintzak nahiz hitzak.

Tradizioak erakutsi dio Europan zeremoniala mugagabeki aldatzen dela gizarte-baldintzen arabera; beste garai bateko oroitzapen honek asaldatzen du azkenik, eta are beldur handiagoa sortzen dio zor zaizkion begiramenak ez ote dituen lortuko, ez dakielako zehazki zertan dautzan begiramenak horiek. Zelataz inguraturiko pertsona bezala ibiltzen da beti; gizartea ez da harentzat atsedengunea, lan nekeza baizik. Zure mugimendurik txikienak neurtuko ditu, zure begiradak aztertu eta zure hitz guztiak analizatuko ditu arretaz, ezkutuko zehar-hitz mingarriren bat ote duten beldurrez. Ez dakit inoiz izan den hura baino aitonen seme probintziano sentiberagorik elkarbizitza-kontuan; etiketaren legerik niminoenak betetzen saiatzen da, eta ezin du jasan horietakoren bat ahaztea berarekiko tratuan; eskrupuluz eta aldi berean exigentziaz betea dago; beharrezkoa bete nahi luke, baina gehiegi egiteko beldur da, eta bataren eta bestearen mugak ongi ezagutzen ez dituenez, halako isiltasun ezeroso eta harro batean geratzen da.

Hala ere, hori ez da guztia, eta hona hemen giza bihotzaren beste zoko-moko bat.

Amerikarrak egunero hitz egiten du Estatu Batuetan nagusi den berdintasun miragarriaz, oso ozen harrotzen da horretaz bere herrialdeari dagokionez; baina atsekabetu egiten da ezkutuan bere buruari dagokionez, eta goraipatzen duen ordena orokorrean bera salbuespen dela frogatu nahi izaten du.

Ia ezin da aurkitu amerikarrik jaiotzaz nolabaiteko harreman ez duenik kolonien lehen fundatzaileekin, eta, Ingalaterrako familia handien kimuez estalita iruditu izan zait Amerika.

Amerikar oparo bat Europara iristen denean, luxuzko aberastasun guztiez inguratzea izaten du lehen ardura; eta demokrazia bateko hiritar soiltzat hartuko ote duten oso beldur denez, hamaika eratara saiatzen da bere aberastasunaren irudi berri bat egunero zuen aurrean aurkezten. Normalean hiriko auzategirik nabarmenenean hartzen du ostatu; zerbitzari ugari izaten du etengabe inguruan.

Neuk entzun nuen amerikar bat kexatzen, Pariseko areto nagusienetan gizarte nahasia baino aurkitzen ez zelako. Beraietan nagusi den gustua ez zitzaion aski garbia iruditzen, eta trebeki ematen zuen aditzera, bere iritziz, molde onak falta zirela leku horietan. Ez zen ohitzen izpiritua hala ezkutatzen ikustera forma arrunten azpian.

Horrelako kontrasteek ez gaituzte harritu behar.

Antzinako bereizketa aristokratikoen arrastoa ez balitz hain erabat ezabaturik egongo Estatu Batuetan, amerikarrak ez lirateke hain sinple eta hain jasankor agertuko beren herrialdean, ezta hain exigente eta hain arranditsu ere gurean.

IV. Aurreko hiru kapituluen ondorioak

[aldatu]

Jendeak besteen ezbeharrengatik berezko gupida sentitzen duenean, harreman erraz eta ugariek egunero hurbiltzen dutenean inolako minberatasunek banatu gabe, erraz ulertzen da, behar izanez gero, laguntza emango diotela elkarri. Amerikarrak hurkoen laguntza eskatzen duenean, oso arraroa da hauek ukatzea, eta sarri ikusi dut espontaneoki ematen ziotela gogo beroz.

Bide publikoan ustegabeko istripuren bat gertatzen bada, alde guztietatik hurbiltzen zaizkio biktimari; ezusteko zorigaitz handiren batek familia bat jotzen badu, berehala zabaltzen dira milaka ezezagunen diru-poltsak; emaitza koxkorrak, baina oso ugariak, iristen zaizkio ezbeharrean laguntzera.

Munduko naziorik zibilizatuenetan sarri gertatzen da basatia basoetan bezain isolaturik aurkitzen dela dohakabea jendetzaren artean; honelakorik ia ez da ikusten Estatu Batuetan. Amerikarrak, beti hotzak beren maneretan eta sarri zabarrak, ia sekula ez dira bihozgabe portatzen, eta, beren zerbitzuak eskaintzeko lehiatzen ez badira ere, ez dituzte behintzat ukatzen.

Hau guztia ez doa aurrerago indibidualismoari buruz esan dudanaren kontra. Are gehiago, gauza hauek bat datozela ikusten dut, eta ez elkarren kontra.

Baldintzak-berdintasunak, gizakiei beren independentzia sentiarazten dien aldi berean, beren ahulezia erakusten die; aske dira, baina ustekabe ugariren arriskupean, eta esperientziak berehala erakusten die, normalean besteen laguntzaren beharrik ez badute ere, iritsiko zaiela hori gabe aurrera egiterik izango ez duten momentua.

Egunero ikusten dugu Europan lanbide bereko jendeak elkarri laguntzen diola gogotsu; gaitz berberen arriskupean daude guztiak; hori aski da elkar bermatzea bilatzeko, oso gogor eta berekoiak izan arren, bestalde. Hortaz, haietako bat arriskuan dagoenean, eta, sakrifizio txiki pasakor baten edo bat-bateko bulkada baten bidez, besteek arriskutik atera badezakete, ez dira saiatu gabe geldituko. Egia esateko, ez dira sakon-sakon arduratzen haren zoriaz; zeren eta, kasualitatez, laguntzeko egiten dituzten ahaleginak alferrikakoak badira, berehala ahazten dute eta beren baitara itzultzen; baina bada haien artean nolabaiteko akordio isileko eta ia nahi gabekoa, eta horren arabera bakoitzak besteei momentuko laguntza zor die, bere garaian beretzat ere eskatu ahal izango duena.

Soilik klase bati buruz esan dudana zabal ezazue herri osoagana eta ulertuko duzue nire pentsamendua.

Izan ere, demokrazia bateko hiritar guztien artean, bada aipatu dudanaren antzeko akordiorik; guztiak sentitzen dira ahulezia beraren eta arrisku berberen menpe, eta interesak, baita sinpatiak ere, lege bihurtzen du, behar izanez gero, elkarri laguntza ematea.

Zenbat eta antzekoago bihurtu gizarte-baldintzak, orduan eta gehiago agertzen du jendeak elkarri laguntzeko jarrera hori.

Demokrazietan, on-egintza handiak ia egiten ez badira ere, mesedeak etengabe egiten dira. Pertsona bat nekez sakrifikatzen da besteengatik, baina guztiak dira laguntzaile.

V.  Nola demokraziak aldatzen dituen zerbitzariaren eta nagusiaren arteko harremanak

[aldatu]

Europan zehar luzaroan bidaiaturiko amerikar batek esan zidan behin:

“Harrigarri gertatzen zaigun harrotasun eta aginkoitasunez tratatzen dituzte ingelesek beren zerbitzariak; baina, bestalde, guretzat pentsaezina den etxekotasun edo kortesiaz jokatzen dute frantsesek berenekin. Agintzeko beldur direla pentsa liteke. Goikoaren eta behekoaren jarrerei ez zaie behar bezala eusten”.

Oharpen hau zuzena da, eta makina bat aldiz egin dut neuk ere.

Beti iruditu izan zait munduko herrialdeen artean, gaur egun Ingalaterran dela estuena morrontzaren lokarria, eta Frantzian, berriz, mundu osoan lasaiena. Beste inon ez zait nagusia bi herrialde horietan baino altuago eta baxuago iruditu.

Amerikarrak bi mutur horien artean kokatzen dira.

Horra hor azalean eta itxuraz gertatzen dena. Aurrerago jo beharra dago horren kausak aurkitzeko.

Oraindik ez da gizarterik ikusi hain baldintza berdinak dituenik bertan aberats edo behartsurik ez izateko, eta, ondorioz, ezta nagusi eta zerbitzaririk ere.

Demokraziak ez du eragozten bi jende-mota horiek izatea, baina aldatu egiten ditu horien izpiritua eta harremanak.

Herri aristokratikoetan, zerbitzariek klase berezi bat osatzen dute, nagusiena bezain aldagaitza. Berehala sortzen da ordena finko bat; lehengoan, bigarrenean bezala, laster agertzen da hierarkia bat, sailkapen ugari, gizarte-maila markatuak, eta belaunaldiak elkarren segidan etortzen dira aldatu gabe. Bi gizarte dira, bata bestearen gain jarria, beti ezberdinak, baina antzeko printzipioz arautuak.

Eraketa aristokratiko honek apenas duen eragin txikiagoa zerbitzarien ideia eta ohituretan nagusienetan baino, eta, ondorioak ezberdinak badira ere, erraz ezagutzen da kausa berbera.

Batzuek eta besteek nazio txikiak osatzen dituzte handiaren barruan; eta azkenerako, beraien artean halako nozio iraunkor batzuk sortzen dira bidezkotasunaz eta bidegabekeriaz. Aldatzen ez den ikuspuntu berezi batetik begiratzen zaie giza bizitzako ekintzei. Zerbitzarien nahiz nagusien gizartean, gizonek eragin handia zertzen dute elkarren gain. Erregela finkoak aitortzen dituzte, eta, legerik ezean, gidatzen dituen iritzi publikoaz baliatzen dira; aztura ordenatuak dira haien artean nagusi, talde-antolamendu orekatua.

Beren patua obeditzea duten pertsona horiek ez dituzte aintza, bertutea, zintzotasuna edo ohorea nagusiek bezala ulertzen. Baina egina dute zerbitzariena den aintza, bertute eta zintzotasuna, eta asmatua dute, zilegi bazait honela esatea, nolabaiteko zerbitzari-duintasuna ere[2].

Klase bat behekoa delako, ez da pentsatu behar haren kide guztiak bihotz kaskarrekoak direnik. Oker handia litzateke hori. Oso behemailakoa izan arren, bertan lehen postuan dagoena eta hura uzteko asmorik ez duena, egoera aristokratikoan aurkitzen da, eta posizio horrek sentimendu jasoak, harrotasun bikaina eta bere buruaganako begirunea  sortarazten dizkio, bertute handi eta ezohiko ekintzetarako gai bihurtzen dutenak.

Baina honelakorik ez zen ia inoiz gertatzen zerbitzari-klasearen beheragoko mailetan. Ulergarria da morroi-hierarkian azken muturrean dagoena oso behean egotea.

Frantsesek hitz berezi bat ere asmatu zuten aristokraziaren zerbitzarietako azkenarentzat. Lekaio deitzen zuten.

Lekaio hitza, beste guztiek huts egindakoan, giza kaskarkeria adierazteko erabiltzen zen azken berba zen; antzinako monarkian, une batean gizaki zital eta degradatua azaldu nahi zenean, lekaio-arima zuela esan ohi zen. Aski zen hori. Zentzua erabatekoa eta argia zen.

Gizarte-baldintzen ezberdintasun iraunkorrak ez die zerbitzariei bertute eta bizio partikular jakin batzuk ematen bakarrik; egoera berezian ere jartzen ditu nagusien aurrean.

Herrialde aristokratikoetan behartsua, haurtzarotik, ohitua dago aginduak hartzera. Zeinahi aldetara begiratzen duela ere, berehala ikusten du hierarkiaren irudia eta obedientziaren aurpegia.

Gizarte-baldintzen ezberdintasun iraunkorra nagusi den herrialdeetan, nagusiak aise lortzen du zerbitzariengandik obedientzia berehalakoa, erabatekoa, begirunetsua eta erraza, hauek nagusia ez ezik, nagusien klasea ere gurtzen baitute harengan. Aristokraziaren pisu osoaz pisatzen du haien borondatearen gain.

Egintzak agintzen dizkie; neurri bateraino, haien gogoetak ere gidatzen ditu. Aristokrazietan nagusiak, oharkabean sarri, aginte ikaragarria zertzen du obeditzen diotenen iritzi, aztura eta ohituren gain, eta haren eragina beraren aginpidea baino askoz urrutiago ere hedatzen da.

Gizarte aristokratikoetan, ez dira bakarrik herentziazko zerbitzari-familiak sortzen, herentziazko nagusi-familiak bezalaxe; gainera, zerbitzari-familia berberak finkatzen dira, hainbat belaunalditan zehar, nagusi-familia berberen ondoan (lerro paraleloak bezala dira, elkarrekin bat egiten ez eta elkarrengandik aldentzen ez direnak); honek harrigarriro aldatzen ditu bi pertsona-maila horien arteko harremanak.

Honela, aristokraziaren menpean, nagusiak eta zerbitzariak beren artean berezko antzik batere ez izan arren, eta aberastasun, heziketa, iritzi edo eskubideek gizakien eskalan batzuk eta besteak oso urruti kokatu arren, azkenerako denborak elkarrekin lotzen ditu. Oroitzapen-komunitate luze batek elkartzen ditu, eta, oso ezberdinak izan arren, antzekotu egiten dira; demokrazietan, ordean, ia antzekoak izan arren berez, bete arrotz irauten dute elkarrekiko.

Herri aristokratikoetan, nagusiak bere buruaren beheragoko eta bigarren mailako partetzat ikusten ditu zerbitzariak, eta sarri arduratzen da horien zoriaz, berekoikeriazko azken ahaleginean.

Zerbitzariek, berriz, ia-ia ikuspegi horretatik ikusten dute beren burua, eta batzuetan nagusiaren pertsonarekin identifikatzen dira, eta honela nagusiaren osagai bihurtzen dira azkenerako, beren ikuspegian nahiz harenean.

Aristokrazietan, zerbitzaria menpeko egoeran egoten da, eta ezin izaten da hortik irten; harengandik hurbil, beste gizon bat egoten da, goragoko maila duena eta galdu ezin duena. Alde batetik, iluntasuna, pobrezia, betiko obedientzia; bestetik, aintza, aberastasuna, betiko agintea. Ezaugarri hauek beti ezberdinak eta beti hurbilekoak izaten dira, eta elkartzen dituen lokarria beraiek bezain iraunkorra.

Muturreko egoera horretan, zerbitzaria bere buruaz axolagabetu egiten da azkenerako; atxikimendua galtzen du; nolabait esateko, bere buruaz desertatzen du, edota, hobeto esateko, oso-osorik bere nagusiagan txertatzen da; eta horrela, imajinaturiko nortasuna sortzen du beretzat. Atseginez harrotzen da agintzen diotenen aberastasunaz; haien aintzaz loriatzen da, haien nobleziaz goratzen du bere burua, eta haiengandik harturiko handitasunaz elikatzen da etengabe, handitasun hau sarritan berak gehiago baloratzen duelarik bete-betean eta benetan daukatenek baino.

Bada zerbait hunkigarria eta aldi berean barregarria bi existentzia horien nahasmen hain bitxian.

Nagusi-grina horiek, zerbitzarien arimetara eramanak, dagokien postuaren berezko dimentsioak hartzen dituzte; uzkurtu eta beheratu egiten dira. Lehenengoarengan harrotasuna zena, ume-harropuzkeria eta handinahikeria kaskar bihurtzen da besteengan. Handiki baten zerbitzariak normalean oso sentikor bihurtzen dira nagusiari zor zaion begiramenduarekiko, eta hark baino arduratsuago zaintzen dituzte pribilegiorik txikienak ere.

Oraindik batzuetan aurkitzen da gure artean aristokraziako zerbitzari zahar horietakoren bat; bere arraza baino luzaroago bizi da eta laster desagertuko da berarekin.

Estatu Batuetan ez dut aurkitu antzekorik. Amerikarrek horrelako pertsonarik ez ezagutzeaz gain, oso nekez ulertzen dute inon egon daitekeenik ere. Guri esklabua erromatarren artean edo jopua Erdi Aroan imajinatzea bezain zaila gertatzen zaie horrelako pertsona ba imajinatzea. Izan ere, gizaki hauek guztiak maila ezberdinetan baina kausa bat beraren emaitza dira. Elkarrekin atzera egiten dute gure bistatik urrun eta iraganeko iluntasunera ihes egiten dute egunero, sortarazi zituen gizarte-egoerarekin batera.

Gizarte-baldintzen berdintasunak izaki berri egiten ditu zerbitzaria eta nagusia, eta harreman berriak ezartzen horien artean.

Baldintzak ia berdinak direnean, jendea etengabe aldatzen da postuz; oraindik badira zerbitzari-klasea eta nagusi-klasea; baina beti ez dituzte gizabanako berberek, ezta batez ere familia berberek, osatzen klase horiek; eta jada ez dago betikotasunik ez agintean, ez obedientzian.

Zerbitzariek, herri bat aparte osatzen ez dutenez, ez dute beren usadio, aurreiritzi edo ohitura propiorik; ez da haien artean halako izpiritu-jite jakinik edo sentiera berezirik sumatzen; ez dute beren egoerari dagokion bizio edo bertuterik ezagutzen, baina beren garaikideen jakintzargi, ideia, sentimendu, bertute eta bizioak konpartitzen dituzte; zintzoak edo okerrak dira, nagusiak bezalaxe.

Gizarte-baldintzak nagusien artean bezain berdinak dira zerbitzarien artean.

Zerbitzarien klasean gizarte-maila markaturik ez dagoenez, ezta hierarkia iraunkorrik ere, han ez da espero behar morroien arteko aristokrazietan eta beste guztietan ikusten diren kaskarkeria eta handitasuna aurkitzerik.

Estatu Batuetan sekula ez dut ikusi eliteko zerbitzariaren ideia gogoraraz ziezadakeen ezer;  Europan, berriz, gorde dugu horren oroitzapena; baina lekaioaren ideia ere ez dut aurkitu. Galdua da bataren nahiz bestearen arrastoa.

Demokrazietan zerbitzariak ez dira bakarrik beren artean berdinak; beren nagusien berdinak ere badirela esan daiteke, gainera.

Hau esplikatu beharra dago, ongi ulertzeko.

Une oro, zerbitzaria nagusi bihur daiteke eta hori nahi izaten du, gainera; beraz, zerbitzaria ez da nagusia ez bezalako norbait.

Hortaz, zergatik du lehenak agintzeko eskubidea eta zerk behartzen du bigarrena obeditzera? Haien bi borondateen momentuko akordio askeak. Berez, bata ez dago bestearen azpitik; momentu batean jartzen dira egoera horretan kontratuaren ondorioz. Kontratu horren mugen barruan, bata zerbitzari da eta bestea nagusi; hortik kanpo, bi hiritar dira, bi gizon.

Erregutzen diot irakurleari ongi kontuan hartzeko hau ez dela zerbitzariek beren egoeraz duten nozioa bakarrik. Nagusiek ere ikuspegi beretik ikusten dute morrontza, eta agintearen eta obedientziaren muga zehatzak bataren izpirituan bezain ongi finkaturik daude bestearenean.

Hiritar gehienek aspaldidanik gutxi gora-behera antzeko egoera lortua dutenean, eta berdintasuna egitate zahar eta onartua denean, zentzu publikoak –salbuespenek sekula eragiten ez dioten horrek- gizakiaren balioari muga batzuk ezartzen dizkio orokorrean, eta muga horien gainetik edo azpitik zaila da inor luzaroan egotea.

Aberastasunak eta pobreziak, aginteak eta obedientziak alferrik ezarriko dituzte akzidentalki tarte handiak bi pertsonaren artean, zeren eta, iritzi publikoak, gauzen ohiko ordenan oinarritzen delarik, maila komunera hurbiltzen baititu eta irudikaturiko berdintasun-mota bat sortzen du beraien artean, nahiz eta haien gizarte-egoerak benetan ezberdinak izan.

Iritzi ahalguztidun hau beren interesagatik kontra egon zitezkeenen ariman ere sartzen da azkenerako; iritzia aldatzen die eta aldi berean borondatea menperatzen.

Arimaren barrenean, nagusiak eta zerbitzariak ez dute beren artean desberdintasun sakonik sumatzen eta ez dute inoiz sortuko zaien ez esperantzarik, ez beldurrik. Mesprezurik eta suminik gabe bizi dira, eta elkarri begiratzean ez du batak bestea ez apal eta ez harro ikusten.

Nagusiak pentsatzen du kontratuan datzala bere boterearen jatorri bakarra, eta zerbitzariak ere horretan aurkitzen du obedientziaren kausa bakarra. Ez dute beren artean eztabaidatzen elkarrekiko duten posizioaz; baina bakoitzak ezagutzen du berea eta han jarraitzen du.

Gure armadetan gutxi gora-behera ofizialen klase beretsuetatik hartzen da soldadua, eta postu berberetara irits daiteke; graduazioak alde batera utzita, buruzagien berdin-berdin sentitzen da, eta izan ere, hala da; baina banderapean ez du obeditzeko inolako zailtasunik, eta haren obedientzia, borondatezkoa eta mugatua izateagatik, ez da bizkortasun, garbitasun eta erraztasun gutxiagokoa.

Honek zerbait adierazten digu gizarte demokratikoetan zerbitzariaren eta nagusiaren artean gertatzen denaz.

Zentzugabea litzateke pentsatzea bi pertsona horien artean inoiz sor daitekeela morrontza aristokratikoaren baitan batzuetan pizten diren afektu sutsu eta sakon horietakorik, edota ager daitekeela sakrifiziokasu deigarri horietakorik.

Aristokrazietan, zerbitzariak eta nagusiak tarteka-marteka ikusten dute elkar, eta sarritan bitartekari bidez bakarrik hitz egiten dute. Hala ere, normalean irmo eusten dio batak besteari.

Herri demokratikoetan, zerbitzaria eta nagusia oso hurbil daude elkarrengandik; haien gorputzek etengabe ukitzen dute elkar, arimak ez dira batere nahasten; eginkizun komunak dituzte, baina ia sekula ez interes komunak.

Herri horietan, zerbitzariak beti pasekotzat dauka bere burua nagusien egoitzan. Ez ditu hauen arbasoak ezagutu eta ez ditu ondorengoak ere ikusiko; ez du beraiengandik ezer iraunkorrik espero. Zergatik nahastu bere bizitza haienarekin, eta zerk bultza lezake bere buruaren abandonu berezi horretara? Elkarrekiko posizioa aldatu egin da; harremanek ere aldatu egin behar dute.

Aurreko horretan guztian, amerikarren kasuan nahi nuke oinarritu; baina ezin dut egin pertsonak eta lekuak kontuz bereizi gabe.

Batasuneko hegoaldean, bada esklabutza. Esan berri dudan guztia ezin daiteke han aplikatu.

Iparraldean, zerbitzari gehientsuenak emantzipatuak edo emantzipatuen seme-alabak dira. Pertsona horiek posizio eztabaidatua dute estima publikoan: legeak nagusien mailara hurbiltzen ditu; ohiturek setati ukatzen diete hori. Berek ere ez dute beren lekua garbi bereizten, eta ia beti lotsagabe edo zital agertzen dira.

Baina iparraldeko probintzia horietan berorietan, Ingalaterra Berrian batez ere, zuri dezente dago, soldataren truke, denboraldi batean besteen borondatera makurtzea onartzea dutenak. Entzun dudanez, zerbitzari horiek normalean zehaztasun eta buru-argitasunez betetzen dituzte beren egoerako eginbeharrak, eta, agintzen dienak baino berez gutxiago balio dutenik uste izan gabe, eragozpenik gabe onartzen dute obeditzea.

Iruditu izan zait haiek morrontzara pasatzen zituztela independentziak eta berdintasunak sortarazten dituzten aztura indartsuetako batzuk. Behin egoera gogorra aukeratu ondoren, ez dira egoera horretatik ihes egiten ahalegintzen, eta beren buruari aski begirune diote nagusiei ez ukatzeko askatasunez hitz eman dieten obedientzia.

Bestalde, nagusiek ez diete zerbitzariei eskatzen kontratua leial eta zorrotz betetzea baizik; ez diete begirunerik eskatzen; ez diete maitasun edo sakrifiziorik eskatzen; aski zaie puntual eta zintzoak baldin badira.

Ez litzateke egia izango esatea, demokrazian, zerbitzariaren eta nagusiaren arteko harremanak desordenatuak direla; beste era batera daude ordenatuta; araua ezberdina da, baina bada arau bat.

Ez noa hemen ikertzera azaldu berri dudan egoera berri hau bere aurretikoa baino kaskarragoa den edota, soilik, bestelakoa den. Aski zait arautua izatea eta finkoa; zeren eta gizakien artean garrantzizkoena ez baita ordena jakin bat aurkitzea, ordena baizik.

Baina zer esango dut garai triste eta zurrunbilotsu horietaz, berdintasuna iraultzaren zirriparraren erdian oinarritzen denean, eta bitartean demokrazia, gizarte-egoeran ezarria izan ondoren, aurreiritzi eta ohituren aurka nekez borrokatzen ari denean?

Dagoeneko legeak eta, neurri batean, iritziak aldarrikatzen dute ez dela gutxiagotasun berezko eta iraunkorrik zerbitzariaren eta nagusiaren artean. Baina fede berri hau oraindik ez da sartu nagusiaren izpirituaren barreneraino, edota, hobeto esanda, bihotzak errefusatu egiten du. Arimaren ezkutuan, nagusiak pentsatzen du oraindik ere bera espezie eta gorago batekoa dela; baina ez da esatera ausartzen, eta, dardaran, guztien mailara erakarriko dute, amore emanez. Haren agintea herabe eta gogorra da aldi berean; dagoeneko ez du bere zerbitzarienganako sentitzen boterealdi luze ukatu gabeak beti sortarazten duen sentimendu babesle eta onginahizkorik, eta harritu egiten da bera aldatu delarik, zerbitzaria ere aldatzea; berak nahi du zerbitzariak, morrontzatik igaro besterik ez egin arren, aztura erregular eta iraunkorrak beregana ditzala; gogobeterik eta harro senti dadila bere zerbitzari-egoeraz, lehentxeago edo geroxeago utziko badu ere; sakrifika dadila ez babestu, ez kaltetu, ezin duen pertsona batengatik, eta, azkenean, lot dadila betiereko lokarriz bere antza duten eta bera baino gehiago irauten ez duten izakiekin.

Herri aristokratikoetan, sarri gertatzen da zerbitzari-egoerak ez duela beheratzen horretara jarritakoen arima, ez dutelako besterik ezagutzen eta imajinatzen, eta beren eta nagusiaren artean ikusten den desberdintasun harrigarria iruditzen zaie Probidentziaren lege ezkuturen baten ondorio beharrezko eta saihestezina dela.

Demokrazian, morrontza-egoerak ez du ezer apalgarririk, askatasunean aukeratzen baita, iragankorki onartzen, iritzi publikoak ez du gaitzesten eta ez du inolako desberdintasun iraunkorrik sortzen zerbitzariaren eta nagusiaren artean.

Baina gizarte-egoera batetik bestera pasatzerakoan, ia beti gertatzen da momentu bat, zeinetan jendearen izpirituak zalantzak izaten baititu menpekotasunaren nozio aristokratikoaren eta obedientziaren nozio demokratikoaren artean.

Orduan obedientziak bere moraltasuna galtzen du obeditzen duenaren begietan; jada ez du hartzen nolabaiteko jainko-betebehartzat, eta oraindik ez du ikusten giza ikuspegi hutsetik ere; haren begietarako ez da ez santu, ez bidezko, eta egitate apalgarri baina probetxuzko bezala onartzen du.

Une horretan, berdintasunaren irudi nahasi eta osagabea agertzen zaio zerbitzarien izpirituari; lehen begiratuan ez dute bereizten beren eskubide duten berdintasun hori morrontza-egoeran bertan dagoen edo hortik kanpo, eta bihotz barrenean altxatu egiten dira berek onartu duten eta aprobetxatzen duten gutxiagotasunaren aurka. Onartu egiten dute zerbitzatzea, eta lotsatu egiten dira obeditzeaz; zerbitzaritzaren abantailak gogoko dituzte, baina ez nagusia; edo, hobeto esanda, ez daude ziur ez ote dagokien beraiei nagusi izatea, eta joera dute agintzen diena beren eskubidearen usurpatzaile bidegabetzat hartzeko.

Orduan ikusten da hiritar bakoitzaren egoitzan gizarte politikoak errepresentatzen duen ikuskizun tristearen antzeko zerbait. Etengabeko barne-gerra sorgorra ematen da beti susmagarri eta etsai diren botereen artean. Nagusia gogogaizto eta gozo agertzen da, zerbitzaria gogogaizto eta bihurri; batak, murrizketa desonesten bidez, babestu eta ordaintzeko betebeharrari ihes egin nahi dio, besteak obeditzekoari. Haien artean dabil kulunka etxeko administrazioaren burubidea, bakoitzak bereganatu nahi duena. Autoritatea tiraniatik, askatasuna libertinajetik, eskubidea egitatetik banatzen dituzten marrak haien begietara mordoilotu eta nahasturik agertzen dira, eta inork ez daki zehazki bera zer den, zer egin dezakeen edo zer egin behar duen.

Horrelako egoera ez da demokratikoa, iraultzailea baizik.

VI. Nola erakunde eta ohitura demokratikoek jotzen duten errentamenduen prezioa igotzera eta iraupena laburtzea

[aldatu]

Zerbitzari eta nagusiei buruz esan dudana jabe eta maizterrei aplikatzen zaie, neurri bateraino. Gaiak, ordea, aparte aztertzea merezi du.

Amerikan ez dago maizterrik, nolabait esateko; gizon oro da lantzen duen landaren jabe.

Onartu beharra dago lege demokratikoek joera indartsua dutela jabeen kopurua gehitu eta maizterrena gutxitzeko. Hala ere, Estatu Batuetan gertatzen dena herrialdeko erakundeei gutxiago egotzi behar zaie herrialdeari berari baino. Amerikan lurra gutxi kostatzen da eta edonor erraz bihurtzen da jabe. Lurrak gutxi ematen du, eta emaitzak nekez bana daitezke jabearen eta maizterraren artean.

Amerika kasu bakana da honetan, beste gauza batzuetan bezalaxe; eta hutsegitea litzateke jarraibidetzat hartzea.

Pentsatzen dut herrialde demokratikoetan, aristokrazietan bezalaxe, izango direla jabeak eta maizterrak; baina jabeak eta maizterrak ez dira era berean lotuak egongo.

Aristokrazietan, errentamenduak ez dira diruz bakarrik ordaintzen, baita begirune, afektu eta zerbitzuen bidez ere. Herrialde demokratikoetan, diruz bakarrik ordaintzen dira. Ondareak banatu eta eskuz aldatzen direnean, eta familien eta lurraren artean zegoen erlazio iraunkorra desagertzen denean, kasualitateak bakarrik jartzen ditu harremanetan jabea eta maizterra. Kontratuaren baldintzak eztabaidatzeko une batean elkartu, eta bistatik galtzen dira berehala. Bi arrotz dira, interesak elkarrengana hurbilduak eta beren artean arazo bat zorrotz eztabaidatzen dutenak, gai bakarra dirua delarik.

Ondasunak banatu eta aberastasuna han-hemen herrialde osoan zehar sakabanatzen denean, antzinako oparotasuna galbidean duen jendez betetzen da Estatua, eta aberats berriz, hauen premiak baliabideak baino bizkorrago hazten direlarik. Horientzat guztientzat mozkinik txikiena ere garrantzitsua da, eta horietako inor ez dago prest bere abantailetako bakar bati ere ihes egiten uzteko, ezta bere irabazietako zati bat galtzeko ere.

Gizarte-mailak nahasten eta aberastasun oso handiak nahiz oso txikiak bakanago bihurtzean, egunetik egunera tarte txikiagoa dago jabearen eta maizterraren gizarte-egoeraren artean; berez, batak ez du bestearen gain nagusitasun ukaezinik. Nolanahi ere, bi gizaki berdin eta behartsuren artean, zein izan daiteke alogera-kontratuaren gaia, dirua izan ezik?

Kantonamendu osoaren jabe izanik ehun etxalde dauzkanak ulertzen du hainbat milaka pertsonaren bihotza irabazi behar duela aldi berean; eta horretan saiatzea merezi duela iruditzen zaio. Hain helburu handia lortzeko, erraz egiten ditu sakrifizioak.

Ehun anega dituena ez da arduratzen kontu horietaz; gutxi axola zaio maizterraren onginahi partikularra bereganatzea.

Aristokrazia ez da hiltzen egun batean, gizakia bezala. Haren printzipioa astiro suntsitzen da arimen baitan, legeetan erasotua izan aurretik. Beraren aurkako gerra lehertu baino askoz lehenago, poliki-poliki ikusten da askatzen ordura arte goiko klaseak behekoekin batzen zituen lokarria. Alde batetik, arduragabezia eta mesprezua agertzen dira; bestetik, jelosia eta gorrotoa. Behartsuaren eta aberatsaren arteko harremanak bakanago eta garratzago bihurtzen dira; errentamenduen prezioa igo egiten da: Ez da oraindik iraultza demokratikoaren emaitza, baina bai benetan iragartzen duena. Zeren eta herriaren bihotzari bere eskuetatik behin-betiko ihes egiten utzi dion aristokrazia sustraiak ihartuta dituen zuhaitza bezala da; zenbat eta altuagoa izan, orduan eta errazago eraisten dute haizeek.

Azken berrogeita hamar urteotan, errentamenduen prezioa ikaragarri igo da, ez Frantzian bakarrik, baita Europa gehienean ere. Epe berean nekazaritzak eta industriak egin dituzten aurrerapen bereziak ez dira aski, nire ustez, fenomeno hori azaltzeko. Kausa indartsuago eta ezkutuagoren batera jo beharra dago horretarako. Pentsatzen dut kausa hori Europako zenbait herrik onartu dituzten erakunde demokratikoetan bilatu behar dela, eta, gutxi-asko, gainerako guztiak astintzen dituzten grina demokratikoetan.

Sarritan entzun ditut jabe ingeles handiak beren burua zoriontzen gaur egun beren mendelurretatik askoz diru gehiago ateratzen dutelako beren gurasoek ohi zutena baino.

Agian izango dute pozteko arrazoirik; baina, ziur aski, ez dakite zertaz pozten diren. Mozkin garbia ateratzen dutela uste dute, eta trukea besterik ez dute egiten. Beren eragina lagatzen dute eskudiruaren truke; eta dirutan irabazten dutena, boterean galduko dute laster.

Bada oraindik beste seinale bat, iraultza demokratiko handi bat gauzatzen edo prestatzen ari dela erraz adierazten duena.

Erdi Aroan, ia lur guztiak betiko ematen ziren errentan, edo oso epe luzerako behintzat. Garai hartako etxe-ekonomia aztertzen denean, ikusten da laurogeita hemeretzi urteko errentamenduak gaur egun hamabikoak baino ugariago zirela.

Orduan familien hilezkortasunean sinesten zen; gizarte-baldintzek betiko finkatuak ematen zuten, eta gizarte osoak hain mugigaitz ematen zuenez, ez zen pentsatzen haren baitan ezer alda zitekeenik inoiz.

Berdintasun-mendeetan, giza izpirituak beste joera bat hartzen du. Ezerk ez duela irauten imajinatzen du erraz. Ezegonkortasunaren ideia izaten da nagusi.

Egoera horretan, jabeak eta maizterrak berak berezko ikara sentitzen dute epe luzerako betebeharren aurrean; beldur dira egunen batean mugatu egingo ote dituen gaur onuragarri zaien hitzarmenak. Ilunki bada ere, bat-bateko eta ezusteko aldaketaren bat espero dute beren egoeran. Beren buruaren beldur dira; beldur dira, beren gustua aldatzen bada, beren gutizi-gai zena ezin uzteak atsekabetuko ote dituen, eta arrazoi dute horren beldur izateko; zeren eta demokrazi mendeetan gauzarik aldakorrena, gauza guztien mugimenduaren erdian, gizakiaren bihotza baita.

VII. Demokraziaren eragina lansarietan

[aldatu]

Zerbitzari eta nagusiei buruz hitz egiterakoan egin ditudan oharpen gehienak ugazaba eta langileei aplika dakizkieke.

Gizarte-hierarkiako arauak gutxiago betetzen diren neurrian, eta handiak beheratu, txikiak goratu eta pobreziak nahiz aberastasunak herentziazko izateari utzi bitartean, egunetik egunera murrizten da langilea ugazabagandik banatzen zuen egitatezko eta iritzizko tartea.

Langileak ideia jasoagoa zertzen du bere eskubide, etorkizun eta bere buruaz; handinahi berriak, gurari berriek betetzen dute, premia berriek inguratzen dute. Une oro, gutiziaz beteriko begiradak botatzen dizkie bera enplegatzen dutenen irabaziei, haietan parte izatera iristeko, bere lanari prezio garestiagoa jartzen saiatzen da, azkenerako baita lortu ere normalean.

Herrialde demokratikoetan, besteetan bezalaxe, industriarik gehienak aberastasun eta jakintzargietan beren enplegatuen maila komunetik gorago ez dauden gizonek gidatzen dituzte kostu txikiaz. Honelako industri enpresariak oso ugari dira; beren interesak ezberdinak; beraz, ezin erraz elkar ulertu eta ahaleginak konbinatu.

Bestalde, ia langile guztiek dituzte baliabideren batzuk ziurtaturik, eta horiei esker ukatu egin ditzakete zerbitzuak, beren ustez bidezkoa den lansaria eman nahi ez zaienean.

Bi klase horiek lansariengatik duten borroka etengabean, indarrak banaturik daude eta garaipenak txandakakoak dira.

Luzarora langileen interesa nagusitu egingo dela ere pentsa daiteke; zeren eta, jada lortu dituzten lansari handiei esker, gero eta menpekotasun txikiagoa baitute ugazabekiko, eta, independenteagoak diren neurrian, errazago lor baitezakete lansarien igoera.

Gaur egun gure artean, baita munduko nazio gehientsuenetan ere, oraindik ohikoena den industria hartuko dut adibidetzat: lur-langintza.

Frantzian, lurra lantzeko zerbitzuak alokatzen dituzten gehienek beren sailak dituzte, eta, behar izanez gero, iraun dezakete inorentzat lan egin gabe. Beren besoak lurjabe handiari edo auzoko maizterrari eskaintzen dizkiotenean, eta hauek uko egiten badiote lansari jakin bat emateari, beren lursail txikira itzuli eta beste aukeraren baten zain gelditzen dira.

Pentsatzen dut, gauzak oro har hartuta, lansarien igoera mantso eta progresiboa dela gizarte demokratikoak arautzen dituen lege orokorretako bat. Baldintzak gero eta berdinagoak diren neurrian, lansariak igo egiten dira, eta, lansariak altuagoak diren neurrian, baldintzak berdinago bihurtzen dira.

Baina, gaur egun, bada salbuespen handi eta zoritxarreko bat.

Aurreko kapitulu batean erakutsi dut nola aristokrazia, gizarte politikotik kanporatua, industri munduaren parte batzuetara erretiratu zen, han beste era batera ezarriz bere agintea.

Honek eragin handia du lansarien arloan.

Aipatzen ari naizen industria handiei ekiteko oso aberats izan behar denez, horiei ekiten dietenen kopurua oso txikia izaten da. Eta gutxi izanik, erraz elkartzen dira beren artean eta nahi duten prezioa jartzen lanari.

Horien langileak, aitzitik, oso ugari dira, eta kopurua etengabe hazten da; noizean behin aparteko oparoaldiak gertatzen dira, eta horietan, lansariak neurrigabe igotzen direnez, inguruetako jendea manufakturetara erakartzen dute. Nolanahi ere, behin jendea lasterketa horretan sartuz gero, ezin dela irten ikusten dugu, beste edozein lanetarako ezgai bihurtzen dituen gorputz- eta izpiritu-azturak hartzen baititu laster. Oro har, jakintzargi, industria eta baliabide gutxi dute pertsona horiek; beraz, ugazabaren menpe daude ia. Konkurrentziak edo ustekabeko beste gora-beheraren batzuek gutxitu egiten badituzte ugazabaren irabaziak, honek ia bere nahierara murriz ditzake haien soldatak, eta erraz berreskuratu haien lepotik zoriak kendu diona.

Demagun ados jarri eta lanari uko egiten diotela; ugazabak, gizon aberatsa izanik, erraz itxaroten dezake, porrot egin gabe, beharrak eramango dizkiola berriro; langileek, berriz, egunero lan egin behar dute ez hiltzeko, ez baitute beste ezer jabetzan beren besoak baizik. Zapalkuntzak txirotu egin ditu aspaldidanik, eta zenbat eta behartsuago, orduan eta errazagoak zapaltzeko. Inola ere ezin dira irten gurpil zoro horretatik.

Ez da harritu behar, beraz, soldatak, batzuetan bat-batean igo ondoren, hemen jaitsi egiten badira iraunkorki; beste lanbideetan, berriz, lanaren prezioa, oro har poliki-poliki igotzen dena, etengabe gehitzen da.

Gaur egun industri biztanleriaren zati batek bizi duen menpekotasun eta lazeri egoera hau salbuespenezko zerbait da, eta inguratzen duen guztiaren kontrakoa; baina, arrazoi berorrengatik, ez dago larriagorik, ezta legegilearen arreta berezia bereganatzea mereziago duenik ere; zeren eta, gizarte osoa mugitzen denean, zaila baita klase bat mugitu gabe edukitzea, eta, gehiengoak etengabe aberastasunerako bide berriak zabaltzen dituenean, zaila baita batzuei bakean jasanaraztea beren premia eta gurariak.

VIII. Demokraziaren eragina familian

[aldatu]

Oraintxe aztertu dut nola, herri demokratikoetan, eta amerikarren artean bereziki, gizarte-baldintzen berdintasunak hiritarren arteko harremanak aldatzen dituen.

Aurrerago joan nahi dut, eta familiaren baitan sartu. Hemen nire helburua ez da egia berriak aurkitzea, jada ezagunak diren egitateak nire gaiarekin nola lortzen diren erakustea baizik.

Mundu guztia ohartu da, gaur egun, harreman berriak ezarri direla familiako kideen artean, lehen aita semeagandik banatzen zuen distantzia laburtu egin dela eta aitaren agintea, suntsitu ez bada ere, aldatu behintzat egin dela.

Antzeko zerbait, baina are harrigarriagoa, ikusten da Estatu Batuetan.

Amerikan familiarik, bere zentzu erromatar eta aristokratikoan hartuta, ez dago. Horren aztarnaren batzuk haurren jaiotza osteko lehen urteetan bakarrik aurkitzen dira. Orduan aitak aurkakotasunik gabe zertzen du etxeko diktadura, haurren ahuleziak beharrezko bihurtzen duena, eta bere interesak eta nagusitasun eztabaidaezinak justifikatzen dutena.

Baina gazte amerikarra gizon-adinera hurbiltzean, seme-obedientziaren lokarriak laxatu egiten dira egunetik egunera. Bere pentsamenduen jabe, laster bihurtzen da bere jokabidearen jabe ere. Egia esateko, Amerikan ez dago adoleszentarorik. Lehen adinetik irtetean, gizona agertzen da eta bera hasten da bere bidea egiten.

Okerra litzateke pentsatzea barne-borrokaren ondoren lortzen dela hori, borroka horretan semeak, nolabaiteko bortxa moralaren bidez, aitak ukatzen zion askatasuna lortu balu bezala. Bata independentziari atxikitzera bultzatzen duten aztura eta printzipio berberek bultzatzen dute bestea independentziaren erabilera hori eskubide ukaezintzat hartzera.

Lehenengoarengan ez da, beraz, gorrotozko grina desordenaturik aurkitzen, ezarritako botere baten menpetik irten eta askoz geroago ere jendea astintzen duten horietakorik. Bigarrenak ez du garraztasun eta suminduraz beteriko sentimendurik izaten, erori den aginteak normalean ondoren izaten duenetakorik. Aitak urrutitik ikusi du zein mugatan amaitu behar zuen bere aginpideak; eta, denborak muga horretarantz hurbiltzen duenean, abdikatu egiten du atsekaberik gabe. Semeak aurreikusia du bere borondatea zein garaitan bihurtuko den bere arau, eta presarik eta ahaleginik gabe jabetzen da askatasunaz, zor zaion eta inork kendu nahi ez dion ondasun bat bailintzan[3]

Ez da agian alferrikakoa izango erakustea nola familian gertatzen diren aldaketa horiek estu lotuta dauden geure aurrean gertatu berri den gizarte- eta politika-iraultzarekin.

Badira gizarte-printzipio handi batzuk, herri batek edonon sarrarazten dituenak edo inon irauten uzten ez dituenak.

Aristokratikoki eta hierarkikoki antolaturiko herrialdeetan, botereak sekula ez du zuzenean jotzen gobernatu guztiengana. Pertsonak elkarri loturik daudenez, lehenengoak gidatzera mugatzen da; besteek jarraitu egiten diete. Hau familiari ere aplikatzen zaio, buruzagia duten elkarte guztiei bezalaxe. Herri aristokratikoetan, gizarteak ez du, egia esateko, aita baizik ezagutzen. Gizarte seme-alabekin aitaren bidez lotzen da; hark aita gobernatzen du eta honek seme-alabak. Aitak ez du eskubide naturala soilik, eskubide politikoa ere ematen zaio agintzeko. Familiaren egile eta euslea da; baita beraren magistratua ere.

Demokrazietan, non gobernuaren besoak jendetzaren artean pertsona bakoitza partikularki bilatzen baitu isolatuki lege komunetara makurrarazteko, ez da horrelako bitartekaririk behar; aita ez da, legearen begietara, seme-alabak baino hiritar zaharrago eta aberatsagoa baizik.

Gizarte-baldintzarik gehienak oso desberdinak direnean eta baldintza-desberdintasuna iraunkorra denean, goragoko norbaiten ideia hazi egiten da gizakien irudimenean; legeak ez balio prerrogatibarik emango, ohiturak eta iritzi publikoak emango lizkioke. Aitzitik, gizakiek elkarren artean alde handirik ez dutenean, ezta betiko desberdin irauten ere, goragokoaren nozio orokorra ahulago eta ilunago bihurtzen da; legegilearen borondatea alferrik saiatzen da obeditzen duena agintzea duena baino askoz beherago jartzen, ohiturek elkarrengana hurbiltzen baitituzte bi gizon horiek eta maila bererantz erakartzen egunero.

Beraz, herri aristokratiko baten legerian familiburuari emandako pribilegio berezirik ikusiko ez banu, hala ere, ziur egongo nintzateke beraren boterea oso errespetatua dela eta demokraziaren baitan baino zabalagoa, bai baitakik, edozelakoak izanik ere legeak, aristokrazietan goikoak gorago emango duela beti eta behekoak beherago herri demokratikoetan baino.

Jendea iraganaren oroitzapenaz oraingoaren arduraz baino gehiago bizi denean, eta arbasoek pentsatzen zutenaz hainbesteraino kezkaturik beren kabuz pentsatu ere egiten ez dutenean, aita izaten da berezko eta beharrezko lokarria iraganaren eta orainaren artean, bi kate horiek burutzen eta elkartzen dituen maila. Aristokrazietan, aita ez da, beraz, familiako buru politikoa bakarrik; tradizioaren organoa ere bada, ekanduaren interpretaria, ohituren arbitroa. Adeitasunez entzuten zaio; begirunez baino ez zaio hitz egiten, eta beraganako maitasuna beldurrak moderatzen du beti.

Gizarte-egoera demokratiko bihurtzean eta jendeak, antzinako sineskizunak informazio gisa, eta ez arau gisa, harturik, gauza guztiak nork bere kabuz epaitzea on eta bidezko dela printzipio orokortzat hartzen duenean, aitak seme-alaben gain zerturiko iritzi-agintea gutxitu egiten da, bere legezko boterea bezalaxe.

Demokraziak ekartzen duen ondare-zatiketak eragiten du, gainerako guztiak baino gehiago agian, aitaren eta haurren arteko harremanak aldatzea.

Familiburuak ondasun gutxi duenean, semea eta biak etengabe leku berean bizi izaten dira, eta lan berberak egiten dituzte elkarrekin. Azturak eta premiak hurbildu egiten dituzte elkarrengana eta bata bestearekin komunikatzera behartzen dituzte une oro, beraz, nolabaiteko kidetasun familiarra sortzen da haien artean, aginpidea hain absolutua ez izatea eragiten duena eta errespetuaren kanpo-formetara gaizki egokitzen dena.

Nolanahi ere, herri demokratikoetan, aberastasun txiki horiek dauzkan klasea izaten da ideiei indarra ematen diena eta ohiturei beren jitea. Alde guztietan nagusiarazten  ditu bere iritziak, baita bere nahiak ere, eta haren aginduei kontra egiteko joera biziena dutenak ere azkenean beraren jarraibideak erakartzen ditu. Ikusiak ditut demokraziaren etsai sutsuak berei hika hitz egiteko agintzen haurrei.

Honela, aginteak aristokraziari ihes egiten dion aldi berean, aitaren boterean zegoen laztasun, konbentzional eta lege kutsu hori ere desagertu egiten da, eta nolabaiteko berdintasuna ezartzen da etxe barruan.

Oro har, nik ez dakit gizarteak galdu egiten duen aldaketa horrekin, baina gizabanakoak irabazi egiten duela esango nuke. Ohiturak eta legeak demokratikoagoak diren neurrian, aitaren eta semearen arteko harremanak kutunago eta gozoago bihurtzen dira; arau eta aginpide gutxiago aurkitzen da horietan; konfiantza eta afektua handiagoak izaten dira sarri, eta berezko lokarria estutu egiten dela ematen du, gizarte-lokarri laxatu egiten den bitartean.

Familia demokratikoan, agurearen samurtasun eta esperientziari eman nahi zaion boterea baizik ez du erabiltzen aitak. Haren aginduei ez zaie agian jaramonik egingo; baina beraren aholkuak oso indartsuak izaten dira normalean. Begiramen ofizialez inguratua ez badago ere, semeak konfiantzaz hurbiltzen zaizkio gutxienez. Ez dago formula ezarririk berarekin hitz egiteko; baina etengabe hitz egiten zaio, eta gogo onez kontsulta egiten egunero. Nagusia eta magistratua desagertu egin dira; aita geratzen da.

Puntu honetan bi gizarte-egoera horien arteko aldea epaitzeko, aski da aristokraziek utzi dizkiguten famili gutunak aztertzea. Idazkera beti zuzena da, zeremoniatsua, zurruna, eta hain hotza. ezen bihotzaren berezko berotasuna nekez sumatzen baita hitzetan zehar.

Aitzitik, herri demokratikoetan semeak aitari zuzentzen, dizkion hitz guztietan bada zerbait aske, familiar eta samurra aldi berean, familiaren baitan harreman berriak ezarri direla erakusten duena lehen begiratuan.

Antzeko iraultzak haurrideen elkarrekiko harremanak ere aldatzen ditu.

Familia aristokratikoan, gizarte aristokratikoan bezalaxe, postu guztiak markatuta daude. Aitak aparteko maila izaten du, eta ikaragarrizko pribilegioak; gainera seme-alabak ere ez dira berdinak izaten beren artean. Adinak eta sexuak bakoitzari bere maila ezartzen diote era aldaezinean eta zenbait prerrogatiba ematen diote. Demokraziak eraitsi edo beheratu egiten ditu hesi horietako gehienak.

Familia aristokratikoan, seme zaharrenak ondasun gehienak eta ia eskubide guztiak heredatzen dituenez, buru bihurtzen da eta neurri bateraino neba-arreben nagusi. Berari dagozkio handitasuna eta boterea, besteei kaskarkeria eta menpekotasuna. Hala ere, okerra litzateke pentsatzea herri aristokratikoetan seme zaharrenaren pribilegioak berarentzat bakarrik direla abantailatsu, eta bekaizkeria eta gorrotoa baizik ez dutela inguruan sortzen.

Normalean maiorazkoa saiatzen da neba-arrebei aberastasuna eta boterea eskuratzen, etxearen distira orokorra beraren ordezkariagan islatzen baita; eta gazteagoak zaharrenari bere eginkizun guztiak errazten saiatzen dira, familiburuaren handitasun eta indarrak beste kimu guztiak goratzeko egoeran jartzen baititu gero eta gehiago.

Familia aristokratikoaren kideak, beraz, estu loturik daude batzuk besteekin; haien interesak elkarri atxikirik daude, izpirituak bat datoz; baina bihotzek nekez ulertzen dute elkar.

Demokraziak ere lotzen ditu neba-arrebak elkarren artean, baina beste era batera.

Lege demokratikoen menpean, haurrideak berdin-berdinak dira, eta independenteak, beraz; ezerk ez ditu indarrez hurbilarazten, baina ezta ezerk banatzen ere; eta, jatorri komuna dutenez, teilape berean haziak eta berdin zainduak direnez, bereiztu edo banatuko dituen prerrogatibarik ez dagoenez, erraz sortzen da haien artean lehen urteetako barne-kidetasun gozo eta gaztea. Bizitzaren hasieran honela eraturiko lokarria apurtzeko aukerarik ia ez da izaten, anaitasunak hurbiltzen baititu egunero gogait eragin gabe.

Demokraziak neba-arrebak elkarren artean lotzen baditu ez da interesengatik izaten, oroitzapen komun eta gustuen sinpatia askeagatik baizik. Ondarea banatu egiten die, baina arimak batzeko aukera ematen du.

Ohitura demokratiko hauen gozotasuna hain handia denez, aristokraziaren aldekoak ere erakartzen ditu, aldi batez dastatu ondoren, ez dute familia aristokratikoaren errespetuzko forma hotzetara itzultzeko tentaziorik izaten. Pozik gordeko lituzkete demokraziaren famili azturak, beraren gizarte-egoera eta legeak errefusatu ahal izango balituzte. Baina gauza hauek elkarri loturik doaz, eta ezin da batzuez gozatu besteez sufritu gabe.

Haurren maitasunez eta neba-arreben arteko samurtasunaz esan berri dudana naturan bertan espontaneoki sortzen diren grina guztiei buruz ulertu behar da.

Pentsaera edo sentiera jakin bat gizadiaren egoera berezi baten emaitza denean, egoera hori aldatzen bada, ezer ez da geratzen. Horrela, legeak estu-estu lot ditzake bi hiritar bata besteari; legea abolitzen bada, banatu egiten dira. Mundu feudalean ez zegoen ezer estuagorik basailua jaunarekin lotzen zuen korapiloa baino. Orain, bi horiek ez dute jadanik elkar ezagutzen. Lehenago elkarrekin lotzen zituen beldurra, esker ona eta maitasuna desagertu egin dira jada. Ez dago horien arrastorik.

Baina ez da gauza bera gustatzen giza espezieari berezko zaizkion sentimenduekin. Arraroa da legeak, nolabait ere menperatzen saiatzen bada, ez ahultzea; edo zerbait erantsi nahi badie, gauzaren bat ez kentzea, eta sentimendu hauek ez izatea beti indartsuagoak beren kasa utzita.

Demokraziak, antzinako gizarte-konbentzio gehientsuenak suntsitu edo iluntzen dituelarik eta konbentzio berriak jendeak erraz hartzea eragozten duelarik, erabat desagertarazten ditu konbentzio horietatik sorturiko sentimendu gehienak. Baina besteak aldatu baizik ez ditu egiten, eta ez zeukaten kemena eta gozotasuna ematen die sarri.

Uste dut ez dela ezinezkoa esaldi bakar batean sartzea kapitulu honen eta aurreko beste batzuen esanahi osoa. Demokraziak laxatu egiten ditu gizarte-lokarriak, baina estutu egiten berezkoak. Hurbildu egiten ditu ahaideak, eta aldi berean banatu hiritarrak.

IX. Neska gazteen heziketa Estatu Batuetan

[aldatu]

Sekula ez da gizarte askerik izan moraltasunik gabe, eta, obra honen lehen zatian esan dudan bezala, emakumea da morala eratzen duena. Beraz, emakumearen egoeran, beraren aztura eta iritzietan eragiten duen guztiak interes politiko handia du nire ikuspegitik.

Nazio protestante gehienetan, neska gazteak beren ekintzen askoz ere jabeago dira herri katolikoetan baino.

Independentzia hori are handiagoa da, beren burua gobernatzeko eskubidea gorde edo lortu duten herrialde protestanteetan, Ingalaterran adibidez. Orduan askatasuna aztura politiko eta sineskizun erlijiosoen bidez sartzen da familian.

Estatu Batuetan protestantismoaren doktrina oso eraketa librearekin eta oso gizarte-egoera demokratikoarekin konbinatzen dira; eta neska gaztea ez da beste inon hain bizkor eta hain erabat bere kasa uzten.

Amerikan ezkon arora iritsi baino askoz lehenago hasten dira neska amaren babespetik pixkana-pixkana askatzen; haurtzarotik erabat irten baino lehen, dagoeneko hasia da bere kabuz pentsatzen, aske hitz egiten eta bakarrik jokatzen; aurrean etengabe agertzen zaio munduaren ikuspegi zabala; bistatik kentzen saiatu ordez, egunetik egunera gehiago erakusten zaio, eta begirada irmo eta lasaiz so egiten irakasten zaio. Honela, laster azaltzen zaizkio gizarteak bere baitan dituen bizio eta arriskuak; argi eta garbi ikusten ditu, ilusiorik gabe epaitu eta beldurrik gabe aurre egiten die; konfiantza osoa baitu bere indarretan, eta konfiantza hori inguruko guztiek ere badutela ematen du.

Beraz, neska gazte amerikarrarengan ia inoiz ez da espero behar lainotasun birjinalik aurkitzea sortzen ari diren desioen artean, ezta haurtzarotik gaztarora igarotzean europarraren baitan normalean azaltzen diren xarma tolesgabe eta xaloak ere. Arraroa da amerikarrak, edozein adinetakoa izanik, haur-herabetasun eta ezjakintasuna azaltzea. Europako neska gazteak bezala, atsegingarri izan nahi du, baina badaki zehazki zein preziotan. Galbidean sartzen ez bada ere, ezagutzen du gutxienez; ohitura garbiak ditu, izpiritu kastoa baino areago.

Sarritan harritu nau eta ia izutu ikusteak Amerikako neska gazteek zelako trebetasun bereziz eta ausardia zoriontsuz eramaten zituzten beren gogoetak eta hitzak elkarrizketa bizi baten oztopo artetik; filosofoak hamaika aldiz egingo zukeen behaztopa, haiek istripu eta nekerik gabe korritzen zuten bide estuan.

Izan ere, erraza da aitortzea neska amerikarrak. lehen gaztaroko independentziaren erdian bertan, sekula ez diola erabat uzten bere buruaren jabe izateari; baimenduriko plazer guztiez gozatzen du, bere burua horietako bakar batera abandonatu gabe, eta haren arrazoimenak ez die uhalei jaregiten, sarritan laxatu egiten dituela dirudien arren.

Frantzian, non oraindik hain era bitxian nahasten ditugun geure iritzi eta gustuetan garai guztietako hondarrak, sarritan gertatzen zaigu emakumeei heziketa herabe, erretiratu eta ia klaustrala ematea, aristokraziaren garaian bezala, eta gero bat-batean bertan behera uzten ditugu, gidarik eta laguntzarik gabe, gizarte demokratikotik banaezin diren desordenen erdian.

Amerikarrak koherenteagoak dira beren buruarekin.

Ikusi dute, demokraziaren baitan, gizabanakoren independentziak oso handia izan behar zuela ezinbestean; gaztaroak goiztiarra, gustuek nekez eutsiak, ekanduak aldakorra, iritzi publikoak ziurtasun edo indarrik gabea sarri, aitaren aginpideak ahula eta senarraren botereak eztabaidatua.

Gauzen egoera honetan, iruditu zaie aukera gutxi zegoela giza bihotzaren grinarik tiranikoenak emakumearengan erreprimitzeko, eta seguruagoa zela haien kontra berak nola borrokatu behar zuen erakustea. Emakumearen bertutea sarri arriskuan egotea eragotzi ezin dutenez, defendatzen jakin dezan nahi izan dute, eta borondatearen ahalegin librean konfiantza handiagoa jarri dute, zartatu edo suntsituta dauden hesietan baino. Bere buruaganako mesfidantzan eduki ordez, bere indarretan konfiantza etengabe areagotzen saiatzen dira. Neska gaztea betiko eta erabateko ezjakintasunean edukitzeko ez aukerarik, ez gogorik dutenez, gauza guztien ezagutza goiztiarra eman diote azkar. Munduko ustelkeriak ezkutatu ordez, hasieratik ikus zitzan nahi izan dute, eta bera trebatzea horietatik ihes egiten, eta nahiago izan dute neskaren onestasuna bermatzea beraren inozentzia gehiegi errespetatzea baino.

Amerikarrek oso herri erlijiosoa izan arren, ez dute erlijiora bakarrik jo emakumearen bertutea defendatzeko. Beraren arrazoimena armatzen ere saiatu dira. Horretan, beste zirkunstantzia askotan bezalaxe, metodo berari jarraitu diote. Lehenik ahalegin handiak egin dituzte gizabanakoen independentzia bere kabuz arautzea lortzeko, eta, giza indarraren azken mugetaraino iritsi ondoren bakarrik dei egin diote erlijioari laguntza eske.

Badakit horrelako heziketak badituela bere arriskuak; badakit irizmena garatzeko joera izaten duela irudimenaren kaltetan, eta emakume zintzo eta hotzak egiteko joera, emazte samur eta gizonaren lagun maitagarriak baino areago. Horrela, gizartea lasaiago eta arautuago baldin badago ere, bizitza pribatuak xarma gutxiago du sarri. Baina bigarren mailako gaitzak dira horiek, interes handiago batek jasangarri egin behar dituenak. Gauden puntu honetan, ezin dugu aukerarik egin: heziketa demokratikoa behar da demokraziaren erakunde eta ohiturek inguruan jartzen dizkiote arriskuetatik emakumea babesteko.

X. Nola neska gaztea berraurkitzen den emaztearen ezaugarripean

[aldatu]

Amerikan emakumearen independentzia erremediorik gabe galtzen da ezkontzaren lokarrietan. Neska gaztea beste inon baino askeago baldin bada han, emazteak betebehar estuagoak ditu. Batak askatasun eta atsegin-toki egiten du aitaren etxea, betea klaustroan bezala bizi da senarraren etxean.

Bi egoera hain ezberdin horiek ez dira agian uste bezain kontrakoak, eta normala da amerikarrak batetik pasatzea bestera iristeko.

Herri erlijiosoek eta nazio industrialek ideia bereziki larria zertzen dute ezkontzaz. Batzuentzat emakumearen bizitzako erregulartasun da bere ohituren garbitasunaren bermerik onena eta seinalerik ziurrena. Besteek etxeko ordena eta oparotasunaren berme segurua ikusten dute horretan.

Amerikarrak nazio puritano eta herri merkataria dira aldi berean; haien erlijio-sineskizunek, baita industri azturek ere, emakumeari bere buruaren ukapena eskatzera eramaten dituzte eta eginbeharrengatik plazerrak etengabe sakrifikatzeko eskatzera, Europan nekez eskatzen zaion zerbait. Honela, nagusi da Estatu Batuetan iritzi publiko errukigabe bat, emakumea etxeko interes eta eginbeharren esparru txikian arretaz ixten duena eta bertatik irtetea eragozten diona.

Mundua sartzean, neska gazte amerikarrak irmo ezarriak aurkitzen ditu nozio horiek; horietatik ondorioztatzen diren arauak ikusten ditu; berehala komentzitzen da ezin duela une batez garaikideen usadioetatik ihes egin, aldi berean bere lasaitasuna, ohorea eta gizarte-bizitza arriskuan jarri gabe, eta usadio horietara makurtzeko indarra bera arrazoiaren irmotasunean eta heziketak eman dizkion aztura indartsuetan aurkitzen du.

Esan daiteke independentziaren erabileratik ateratzen duela borrokarik gabe eta marmarrik gabe sakrifizioa jasateko adorea, sakrifizioa onartu beharreko momentua iristen zaionean.

Amerikarra, bestalde, sekula ez da ezkontzaren lokarrietan jausten bere xalotasun eta ezjakintasunari ezarritako lakioan bezala. Aurrez erakutsi zaio zer espero zen beragandik, eta bere kabuz eta askatasunez jartzen da uztarpen. Adoretsu jasaten du egoera berria, berak aukeratu baitu.

Amerikan, aitaren diziplina oso lasaia eta ezkon-lokarria oso estua denez, neska gazteak zuhurtasunez eta beldurrez bereganatzen du lokarri hori. Nekez ikusten da han elkartze goiztiarrik. Amerikarrak beren arrazoimena trebatua eta heldua dagoenean baino ez dira ezkontzen; beste alde batzuetan, ordea, emakumeak beren arrazoia trebatzen eta heltzen ezkontzan bakarrik hasten dira.

Bestalde, oso urruti nago pentsatzetik Estatu Batuetako emakumeen aztura guztietan, ezkondu bezain laster, gauzatzen den aldaketa handi hori iritzi publikoaren eraginari bakarrik egotzi behar zaiola. Sarritan haiek beren buruari ezartzen diote beren borondatearen ahaleginez soilik.

Senarra aukeratzeko garaia iristean, munduaren ikuspegi askeak argitu eta irmotu duen arrazoimen hotz eta latz horrek adierazten dio emakume amerikarrari ezkon-lokarrietan izpiritu arin eta independentea etengabeko arazo-iturri dela, eta ez atsegin-iturri; neska gaztearen entretenimenduak ezin direla emaztearen denborapasa bilakatu, eta zorion-iturriak ezkon-egoitzan daudela emakume ezkonduareantzat. Etxeko zoriontasunerantz eraman dezakeen bide bakarra aurrez eta argi ikustean, lehen urratsetik sartzen da bide horretan eta azkeneraino jarraitzen du atzera itzultzen saiatu gabe.

Amerikako emazte gazteek beren egoera berriaren eginbehar latzetara bat-batean eta kexarik gabe makurtzeko azaltzen duten borondate-indar hori berori, haien bizitzako probaldi handi guztietan ere aurkitzen da gero.

Ez dago munduan herrialderik aberastasun partikularrak Estatu Batuetan baino ezegonkorrago direnik. Han ez da arraroa pertsona batek, bizitzan zehar, oparotasunetik txirotasunera doazen maila guztiak igo eta jaistea.

Amerikako emakumeek kemen bare eta menperagaitzez jasaten dituzte gora-behera horiek. Esan liteke gurariak murriztu egiten zaizkiela aberastasunarekin batera, areagotu ere egiten zaizkien bezain erraz.

Mendebaldeko bakarlekuak jendeztatzera urtero joaten diren abenturari gehienak, neure lehen obran esan nuen bezala, iparraldeko arraza angloamerikar zaharrekoak dira. Horrelako ausardiaz aberastasunerantz doazen horietako zenbait jadanik aisetasunean bizi ziren beren herrialdean. Emazteak eramaten dituzte berekin, eta honelako ibiliren hasierak beti izaten dituen arrisku eta ezbehar kontaezinak biziarazten dizkiete. Basa eremuaren muga-mugetan aurkitu izan ditut sarri, Ingalaterra Berriko hiri handietan esne-mamitan heziak izan ondoren, gurasoen egoitza aberatsetik basoan gaizki itxitako etxolara ia trantsiziorik gabe igarotako emakume gazteak. Sukarrak, bakarlekuak edo asperdurak ez zuen haien adorea apurtu. Haien hazpegiak eraldatuak eta higatuak zeuden, baina begirada tinkoa zuten. Goibel baina, aldi berean, erabakia hartuta ematen zuten. (B)

Ez dut dudarik gazte amerikar horiek beren lehen heziketan metatua zutela orduan erabiltzen ari ziren barne-indar hori.

Estatu Batuetan neska gaztea agertzen da berriro emaztearen ezaugarripean; papera aldatu egin da, azturak ezberdinak dira, izpiritua berbera.

XI. Nola baldintza-berdintasuna laguntzen duen Amerikan ohitura onei eusten (C)

[aldatu]

Filosofo eta historialari batzuek esan dute, edo aditzera eman dute, emakumeek beren ohituretan zorroztasun handiagoa edo txikiagoa zutela zenbat eta hurbilago edo urrutirago egon ekuadoretik. Hori arazoari erraz ihes egitea da, eta kasu horretan aski lirateke esfera eta konpasa gizadiak duen probelmarik zailenetako bat une batean ebazteko.

Ez dut ikusten doktrina materialista hori egitateetan oinarritua dagoenik.

Nazio berberak garbi edo lizunak izan dira beren historiako garai ezberdinetan. Beraz, haien ohituren erregulartasun edo desordena kausa aldakorren batzuei lotua zegoen, eta ez bakarrik herrialdearen naturari, hau ez baitzen aldatzen.

Ez dut ukatuko, zenbait klimatan, sexuen elkar-erakartzeak sortarazitako grinak ez direnik bereziki sutsuak; baina berezko gogo-berotasun hori gizarte-egoerak eta erakunde politikoek areagotu edo hoztu egiten dutela uste dut.

Ipar Amerika bisitatu duten bidaiariak ez datoz bat zenbait puntutan, baina guztiak ados daude esaterakoan han ohiturak askoz ere latzagoak direla beste inon baino.

Garbi dago, puntu honetan, amerikarrak askoz gorago daudela beren arbaso ingelesak baino. Bi nazioei gainbegiratu bat ematea aski da hori frogatzeko.

Ingalaterran, Europako beste alde guztietan bezala, maltzurkeria publikoak emakumeen ahuleziei eraso egiten die etengabe. Filosofo eta estatu-gizonak sarri kexatzen dira ohiturak ez direlako aski erregularrak, eta literaturak ere hori suposarazten du egunero.

Amerikan, liburu guztiek, nobelak salbuetsi gabe, emakumeak garbiak direla suposatzen dute, eta han inork ez du amorio-abenturarik kontatzen.

Amerikako ohituren erregulartasun handi hori, neurri batean behintzat, herrialdeari, arrazari, erlijioari zor zaio, dudarik gabe. Baina kausa hauek guztiak ere, edonon aurkitzen direnak, ez dira aski esplikatzeko. Arrazoi bereziren batera jo beharra dago horretarako.

Arrazoi hori berdintasunean eta honen ondoriozko erakundeetan datzala iruditzen zait.

Gizarte-baldintzen berdintasunak ez du berak bakarrik ohitura-erregulartasuna sortzen; baina ezin da zalantzan jarri erraztu eta areagotu egiten duela.

Herri aristokratikoetan, jatorriak eta aberastasunak hain izaki ezberdin bihurtzen ditu gizona eta emakumea, ezen inoiz  ez baitira iritsiko bata bestearekin elkartzera. Grinek hurbildu egiten dituzte, baina gizarte-egoerak eta honek sortarazitako ideiek eragotzi egiten diete iraunkorki eta agerian elkarlotzea. Hortik sortzen da ezinbestean elkartze iraunkor eta klandestinoen  kopuru handia. Natura ezkutuan mendekatzen da legeek ezartzen dioten estutasunaz.

Ez da hori gertatzen gizona eta emakumea banatzen zituen hesi guztiak, irudizko eta benetakoak, gizarte-baldintzen berdintasunak eraisten dituenean. Orduan ez dago neskarik bera begiz jo duen gizonaren emaztea izatera irits daitekeela uste ez duenik; eta horrek asko zailtzen du ohitura-desordena ezkontza aurretik. Zeren eta, nolanahikoa izanik ere grinen sinesberatasuna, ez baitago ia modurik emakume bat komentzitzeko norbaitek maite duela, ezkontzeko askatasun osoa izan eta, hala ere, ez bada berarekin ezkontzen.

Kasu berorrek, zeharkago bada ere, eragiten du ezkontzan.

Amodio ez-legitimoa legitimatzeko ezer ez hoberik, bizi dutenen edota ikusten duen jendetzaren begietara, elkartze behartuak edota itsumustuan eginak baino[4].

Emakumeak bere aukera beti askatasunez egiten duen herrialdean, bertan ongi aukeratzeko egoeran jarri duelarik heziketak, iritzi publikoa errukigabea da haren hutsegiteekin.

Amerikarren hertsitasuna hortik sortzen da neurri batean. Sarri kontratu astuntzat hartzen dute ezkontza, baina, hala ere, berorren klausulak zorrotz bete behar direla uste dute, aurrez ezagutu ahal izan baitituzte guztiak eta askatasun osoa izan dute beren buruak ezertara ez behartzeko.

Fideltasuna derrigorrezkoago bihurtzen duenak errazago bihurtzen du.

Herrialde aristokratikoetan ezkontzaren helburua gehiago izaten da ondasunak batzea pertsonak baino; horregatik gertatzen da batzuetan oraindik eskolan dabilela aukeratzen dela senarra, eta inudearekin dabilela emaztea. Ez da harritzeko senar-emazteen aberastasunak batuta dauzkan ezkontza-lokarriak haien bihotzak abenturarantz lerratzen uztea. Hori kontratuaren izpirituari berez dagokion zerbait da.

Aitzitik, laguna nork bere kabuz aukeratzen duenean, kanpoko ezerk oztopatu edo gidatu gabe, gustu eta ideien antzekotasuna izaten da normalean gizona eta emakumea elkarrengana hurbiltzen dituena; eta antzekotasun horrek berorrek eusten dio batari bestearen ondoan.

Gure gurasoak iritzi berezia zuten ezkontza-gaietan.

Beren garaian amodioz egindako ezkontza-kopuru txikiak ia inoiz atarramendu onik ez zuela izaten ohartuak zirenez, dudarik gabe ondorioztatu zuten horrelako gaietan oso arriskutsua zela nork bere bihotza kontsultatzea. Zoria begiargiagoa iruditzen zitzaien aukeraketa baino.

Hala ere, ez zen oso zaila ikustea begi aurrean zituzten kasuek ez zutela ezer frogatzen.

Lehenik esango dut, herri demokratikoek senarra askatasunez aukeratzeko eskubidea ematen badiete emakumeei, horrelako aukeraketa egiteko beharrezko izan litezkeen jakintzargiak izpirituari eta indarra borondateari aurrez emateaz ere arduratzen direla; herri aristokratikoetan, berriz, aitaren eskupetik isilka-misilka ihes egin eta ez ezagutzeko astirik, ez epaitzeko gaitasunik, eman ez zaien gizon baten besoetara ihes egiten duten neska gazteek ez dute garantia horietakorik batere. Ez da harritzekoa beren aukeramena gaizki erabiltzea, erabiltzen duten lehen aldian; ezta hain  hutsegite ankerretan erotzea ere, heziketa demokratikorik hartu gabe, ezkontzerakoan, demokraziaren ekanduei jarraitu nahi dietenean.

Baina bada gehiago.

Gizonak eta emakumeak gizarte-egoera aristokratikoko desberdintasunetan zehar elkarrengana hurbildu nahi dutenean, oztopo itzelak gainditu behar izaten dituzte. Seme-alaben obedientziaren lokarriak apurtu edo laxatu ondoren, azken ahalegin bat eginez ihes egin behar izaten dute ekanduaren agintetik eta iritziaren tiraniatik; eta, eginkizun gogor hori burutzera iritsi direnean, arrotz bezala aurkitzen dira berezko adiskideen eta ahaideen artean. Gainditu duten aurreiritziak banandu egiten ditu haiengandik. Egoera honek berehala kentzen die adorea eta garrazten bihotza.

Beraz, honela elkarturiko senar-emazteak lehenik zoritxarreko eta gero errudun gertatzen badira, hori ez zaio egotzi behar askatasunez elkar aukeratu izanari, horrelako aukeraketarik  onartzen ez duen gizartean bizi izateari baizik.

Bestalde, ez da ahaztu behar pertsona errore arrunt batetik bortizki ateratzen duen ahalegin berberak arrazoiaren alorretik ateratzen duela ia beti; norberaren mende eta herrialdeko ideiei gerra deklaratzea ausartzeko, nahiz eta legitimoa izan, nolabaiteko jarrera bortitz eta abenturaria behar da izpirituan, eta horrelako izaeradun jendea, zeinahi norabide hartzen duela ere, nekez iristen da zoriontasun eta bertutera. Eta, bide batez esanda, horrek esplikatzen du iraultzarik beharrezkoen eta santuenetan zergatik aurkitzen diren hain gutxi iraultzaile neurritsu eta zintzoak.

Aristokrazi mende batean, gizonari, ezkondu behar duenean, bere iritzi partikularra eta gustua besterik kontuan ez hartzea bururatzen bazaio, eta, ondoren, bere etxean ohitura-desordena eta ezbeharra laster agertzen badira, ez dago zertan harritu. Baina, jokatzeko era hau berau gauzen berezko eta ohiko ordenan dagoenean, gizarte-egoerak errazten duenean, aitaren aginpideak horretarako aukera eman eta iritzi publikoak goraipatu egiten duenean, ez dago dudarik familien barne-bakea handiagoa izango dela, eta ezkon-leialtasuna hobeto gordeko dela.

Demokrazietako gizon gehientsuenek karrera politikoa egiten dute edo lanbideren bat hartzen, eta, bestalde, aberastasunen kaskartasunak egunero etxe barruan egotera behartzen du emakumea, berak zuzen ditzan hurbil-hurbiletik etxeko burubidearen xehetasunak.

Lan ezberdin eta behartu horiek guztiak berezko hesiak bezala dira, sexuak banatzean, bataren zirikaldiak bakanago eta motelago bihurtu eta bestearen erresistentzia errazten dutenak.

Ezin da esan baldintza-berdintasunak gizona garbiago egiten duenik; baina haren ohitura-desordenari arriskua kentzen dio. Inork ez duenez orduan ez astirik, ez aukerarik, defendatu nahi diren bertuteei eraso egiteko, emagaldu asko eta emakume zintzo ugari ikusten da aldi berean.

Gauzen egoera horrek zoritxar indibidual tamalgarriak sortzen ditu, baina ez du eragozten gizarte-gorputza prest, erne eta indartsu egotea; ez ditu suntsitzen famili lokarriak, ezta ahultzen ere nazio-ohiturak. Gizartea arriskuan jartzen duena ez da batzuen ustelkeria handia, guztien lasaikeria baizik. Legegilearen ikuspegitik, prostituzioa baino beldurgarriagoa da maitakeria.

Berdintasunak gizonari ematen dion bizimodu zirriparratsu eta zalapartatsu horrek ez du bakarrik maitasunetik urruntzen, horretarako astia kenduz; bide ezkutuago baina seguruagotik ere aldenarazten du maitasunetik.

Demokrazi garaietan bizi diren gizon guztiek gutxi-asko klase industrial eta merkatarien aztura intelektualak hartzen dituzte; haien izpirituak jite serioa hartzen du, kalkulatzaile eta positiboa; gogotsu desbideratzen dira idealetik, ikus daitekeen eta hurbil dagoen helbururen batera jotzeko, beren desira-gai natural eta beharrezkotzat agertzen zaien helbururen batera. Honela, berdintasunak ez du irudimena suntsitzen, baizik eta mugatu egiten du, eta lurretik hurbil-hurbil bakarrik uzten dio hega egiten.

Demokraziako hiritarrak ez dira batere ameslari izaten, eta nekez aurkitzen da inor bihotz-asaldura handiak eragiten dituzten eta normalean aurretikoak diren kontenplazio astitsu eta bakartietara emana bizi nahi duenik.

Egia da, ahalegin handia egiten dutela bizitzari xarma eta segurtasuna ematen dizkion afektu sakon, erregular eta baketsu hori eskuratzeko; baina ez dira gogotsu lasterka joaten bizitza asaldatzen eta laburtzen duten zirrara bortitz eta apetazkoen atzetik.

Badakit orain arte esan dudan guztia Amerikari bakarrik aplika dakiokeela erabat, eta ezin dela, gaur egun, Europara orokorki zabaldu.

Azken mende erdi honetan legeak eta azturak indar paregabez ari dira Europako zenbait herri demokraziarantz bultzatzen, eta nazio horietan ez da ikusten emakumearen eta gizonaren arteko harremanak erregularrago eta garbiago bihurtu direnik. Are gehiago, kontrakoa ikusten da zenbait lekutan. Klase batzuk hobeto erregulatuta daude; moralitate orokorra laxatuago dagoela dirudi. Ez naiz hori ohartarazteko beldur, ez baitut neure garaikideak  lausengatzeko gogo handiagorik beraiek maiseatzeko baino.

Ikuskizun honek atsekabea sortu beharko luke, baina ez harridura.

Gizarte-egoera demokratikoak azturen erregulartasunean zertu dezakeen eragin onuragarria luzarora bakarrik aurkitzen den gauza da. Baldintza-berdintasuna ohitura onen aldeko bada, gizarte-lana, baldintza horiek berdintzen dituena, oso kaltegarri zaie.

Frantziak eraberritzen daramatzan azken berrogeita hamar urteotan, gutxitan izan dugu askatasuna, beti desordena baizik. Ideien nahasmendu unibertsal eta iritzien asaldura orokor honen erdian, bidezko eta bidegabearen, egia eta faltsuaren, zuzenbide eta egitatearen nahasmen inkoherentearen artean, bertute publikoa ziurtasunik gabea bihurtu da, eta moraltasun pribatua dudazkoa.

Baina iraultza guztiek, zeinahi izanik beraien helburua eta agenteak, antzeko efektuak eragin dituzte lehenik. Eta azkenerako ohituren lokarria estutu dutenak ere laxatuz hasi ziren.

Sarritan ikusten ditugun desordenak, beraz, ez zaizkit iruditzen egitate iraunkorrak direnik. Seinale bitxiek iragartzen dute jada.

Ez dago ezer zorigaiztokiago usteldurik boterea galtzean bere aberastasunekin  jarraitzen duen eta, gozamen arruntetara mugatua, oraindik olgetarako asti asko duen aristokrazia baino. Garai batean animatu zuten grina kementsu eta pentsamendu handiak desagertu egiten dira orduan, eta apenas aurkitzen den berarengan marraskatzen duten bizio txiki pila bat baizik, gorpuari harrak bezala atxikitzen zaizkionak.

Inork ez du esaten azken mendeko aristokrazia frantsesa oso galdua ez zenik; bitartean antzinako azturek eta sineskizun zaharrek ohituraren errespetuari eusten zioten beste klaseetan.

Halaber, ez legoke eragozpenik onartzeko, gure garaiotan, nolabaiteko printzipio-zorroztasuna ikusten dela aristokrazia horren berorren hondarretan, ohituren desordena gizartearen erdi eta beheko mailetan hedatu bide den bitartean. Horrela, duela berrogeita hamar urte laxatuen agertzen ziren familia berberak ereduzkoenak agertzen dira gaur egun, eta demokraziak klase aristokratikoak bakarrik moralizatu dituela ematen du.

Iraultzak, nobleen aberastasunak zatitzean, beren negozio eta familiez etengabe arduratzera behartzean, seme-alabekin teilape berberean ixtean, azkenik haien pentsamenduei jite arrazoizkoago eta serioagoa ematean, erlijio-sineskizunen begirunea, ordenaren, plazer baketsuen, etxeko gozamenen eta ongizatearen maitasuna iradoki dizkie, oharkabean bada ere; eta bitartean nazioaren gainerakoa, berez gustu horiek beroriek zeuzkana, desordenarantz abaitu da, legeak eta ekandu politikoak aldatzeko eman behar izan den bultzadaren poderioz.

Antzinako aristokrazia frantsesak Iraultzaren ondorioak jasan ditu, eta ez ditu grina iraultzaileak sentitu, ezta parte hartu ere hori produzitu duen mugimenduan, mugimendu anarkikoa sarritan; erraz ulertzen da iraultza horren eragin osasuntsua bere ohituretan esperimentatzea, egin dutenek berek baino lehen.

Esan daiteke, beraz, lehen begiratuan harrigarria dirudien arren, gaur egun nazioko klaserik antidemokratikoenak direla ongien erakusten dutenak zer-nolako moraltasuna espero daitekeen zentzuz demokraziatik.

Sinetsi beharrean nago, iraultza demokratikoaren ondorio guztiak lortzen ditugunean, berak sortarazi duen zirriparratik irten ondoren., gaur egun batzuei buruz bakarrik esan daitekeena poliki-poliki guztiei buruz bihurtuko dela egia

XII. Nola ulertzen duten amerikarrek gizonaren eta emakumearen berdintasuna

[aldatu]

Erakutsi dut demokraziak nola suntsitzen edo aldatzen zituen gizarteak sortarazitako hainbat ezberdintasun; baina hori al da dena eta ez al du eraginik gizonaren eta emakumearen arteko desberdintasuna handian, gaur egunera arte bere betiko oinarriak naturan zituela ematen zuen horretan?

Uste dut aita eta semea, zerbitzaria eta nagusia eta, oro har, behekoa eta goikoa maila berera hurbiltzen dituen gizarte-mugimenduak goratu egiten duela emakumea eta gizonaren maila berekoago egingo duela gero eta gehiago.

Baina hemen sentitzen dut, beste inon baino gehiago, ongi ulertua izateko premia, zeren eta, gure mendeko irudimen zabar eta desordenatuak inon ez baitu askeago utzi bere burua gai horretan baino.

Bada Europan jenderik, sexuen atributu ezberdinak nahastuz, emakumea eta gizona, berdinak ez ezik antzeko ere egin nahi dituena. Batari nahiz besteari eginkizun berberak ematen dizkiote, eginbehar berberak ezartzen eta eskubide berberak onartzen; gauza guztietan nahasten dituzte elkarrekin, lanetan, plazerretan, negozioetan. Erraz ulertzekoa da sexu bat bestearekin honela berdintzen saiatuz, biak degradatzen direla; eta naturaren obren nahasmendu zabar horretatik sekula ez direla aterako gizon ahulak eta emakume lizunak baizik.

Amerikarrek ez dute horrela ulertu emakumearen eta gizonaren artean ezar daitekeen berdintasun demokratikoa. Naturak gizonaren eta emakumearen eraketa fisiko eta moralaren artean hain alde handia ezarri duenez, bere helburua, argi eta garbi adierazia, horien ahalmen ezberdinei erabilera ezberdina ematea zela pentsatu dute; eta iruditu zaie aurrerapena ez zela gutxi gora-behera gauza beretsuak eragitea izaki desberdinei, bakoitzak bere zeregina ahalik eta ongien bete dezan lortzea baizik. Amerikarrek bi sexuei aplikatu diete gaur egun industrian nagusi den ekonomia politikoaren printzipio handia. Arretaz banatu dituzte gizonaren eta emakumearen egitekoak, gizarte-lan handia hobeto egin ahal izateko.

Munduko herrialdeen artean, Amerikan izan dute ardurarik handiena bi sexuentzat ekintza-bide ongi banatuak trazatzeko, eta han biek pauso berdinaz aurrera egitea nahi izan dute, baina bi bide ezberdinetatik betiere. Ez duzue emakume amerikarrik ikusiko familiaren kanpo-arazoak zuzentzen edo negoziorik gidatzen, ezta esparru politikoan sartzen ere; baina laborantzako lan zakarretan edo indar fisikoa eskatzen duten ariketa neketsuetan jardutera beharturik dagoenik ere ez da aurkitzen. Ez dago familia hain behartsurik arau horrekiko salbuespen denik.

Emakume amerikarrak ezin badu ihes egin etxeko zereginen esparru baketsutik, bestalde, sekula ez dute hortik irtetera behartzen ere.

Hortik dator emakume amerikarrek sarritan gizonen arrazoimena eta oso kemen indartsua agertzea, orokorrean itxura fin-fina izan arren, eta beren maneretan beti emakume jarraitzea, nahiz eta  izpirituz eta bihotzez batzuetan gizon agertu.

Halaber, amerikarrek sekula ez dute imajinatu printzipio demokratikoen oinarria senarraren boterea iraultzea eta familian aginte-nahasmena sartzea zenik. Pentsatu izan dute elkarte orok, eraginkor izateko, buru bat izan behar duela, eta ezkon-elkartearen berezko burua gizona dela. Beraz, ez diote honi ukatzen emaztea gidatzeko eskubidea; eta uste dute, senarraren eta emaztearen gizarte txikian, gizarte publiko handian bezalaxe, demokraziaren helburua beharrezko botereak arautu eta legitimatzea dela, eta botere oro suntsitzea.

Iritzi hori ez dagokio sexu bati bereziki, eta ez dio besteak ere erasotzen.

Ez dut ikusi emakume amerikarrek ezkon-agintea bere eskubideen zorioneko usurpaziotzat hartzen zutenik, ezta horretara makurtzea beren buruak beheratzea zela uste zutenik ere. Aitzitik, iruditu izan zait nolabaiteko aintza zela haientzat beren borondatea aske entregatzea, eta handitasuna beren kasa uztarpean jartzea iruditzen zitzaiela, eta ez horri ihes egitea. Hori da, gutxienez, bertutetsuenek adierazten duten sentimendua; besteak isildu egiten dira, eta Estatu Batuetan ez da entzuten emazte adulteriogilerik emakumearen eskubideak zaratatsu erreibindikatzen, bere eginbeharrik santuenak hankapean darabiltzanean.

Sarri esan izan da Europan nolabaiteko mesprezua sumatzen dela gizonezkoek emakumeei zuzentzen dizkieten lausenguetan ere. Nahiz eta gizon europarra emakumearen esklabo bihurtu askotan, ikusten da sekula ez duela benetan bere parekidetzat hartzen.

Estatu Batuetan nekez goraipatzen dira emakumeak, baina egunero agertzen zaie estimatuak direla.

Amerikarrek konfiantza osoa erakusten dute beren emaztearen arrazoian, eta begirune sakona haren askatasunarekiko. Haren izpiritua gizonarena bezain gai daukate egia hutsa aurkitzeko, eta haren bihotza aski sendotzat egia horri jarraitzeko; eta sekula ez dira saiatu bataren bertutea aurreiritzi, ezjakintasun edo beldurretik bestearena baino gehiago babesten.

Badirudi Europan, non gizonak hain erraz makurtzen diren emakumeen aginte despotikora, hala ere, ukatu egiten zaizkiela giza espeziearen atributurik handienetariko batzuk, eta izaki seduzitzaile eta osagabetzat hartzen direla; eta harrigarriena da emakumeek berek ere azkenerako ikuspegi horretatik ikusten dutela beren burua, eta ia-ia pribilegiotzat daukatela funsgabe, ahul eta beldurti agertzeko uzten zaien aukera. Emakume amerikarrek ez dute honelako eskubiderik eskatzen.

Bestalde, ohitura-kontuan, esan liteke inmunitate berezia onartu diogula gizonari; eta horrela, bertute bat dago hark erabil dezan, eta beste bat bizilagunak erabiltzeko; eta, iritzi publikoaren arabera, egintza bera alternatiboki krimena edota hutsegite soila izan daiteke.

Amerikarrek ez dute ezagutzen betebehar eta eskubideen banaketa bidegabe hau. Haien artean, biktima bezain desohoratua da seduzitzailea.

Egia da amerikarrek gutxitan agertzen dizkietela emakumeei Europan eman nahi izaten dizkiegun begiramendu arretatsu horiek; baina, beren jokaeraren bidez, bertutetsu eta fintzat dauzkatela erakusten diete etengabe; eta emakumeen askatasun moralarekiko hain begirune handia dutenez, beraien aurrean guztiek arretaz zaintzen dituzte beren hitzak, minduko dituen hizkerarik entzun bakarrik izan ez dezaten. Amerikan, neska gazteak, bakarrik eta beldurrik gabe, bidaia luzeak egiten ditu.

Estatu Batuetako legegileek, kode penaleko xedapen ia guztiak eztitu dituzten arren, heriotzaz zigortzen dute bortxaketa; eta ez dago krimenik iritzi publikoak gogo sutsuagoz pertsegitzen duenik. Hona horren esplikazioa: amerikarrentzat emakumearen ohorea baino preziatuagorik ezer ez dagoenez eta haren independentzia bezain errespetagarririk ere ezer ez, pentsatzen dute ez dagoela zigor gogorregirik ohore hori gogoz kontra kentzen dietenentzat.

Frantzian, non krimen bera askoz pena txikiagoz  zigortzen den, askotan zaila izaten da kondenatuko duen epaimahairik aurkitzea. Kastitatearen mesprezua ote da, ala emakumearenganako mesprezua? Sinetsi beharrean nago bietatik duela zerbait.

Horrela, amerikarrek ez dute uste gizonak eta emakumeak gauza berberak egiteko ez obligaziorik, ez eskubiderik dutenik, baina estima bera agertzen dute bakoitzaren eginkizunarekiko eta balio berdineko izakitzat hartzen dituzte, nahiz eta destinoa ezberdina duten. Emakumearen kuraiari ez diote ematen gizonarenari ematen dioten ez forma, ez erabilera berbera; baina sekula ez dute zalantzarik kuraia horretaz, eta pentsatu arren gizonak eta emazteak ez dituztela adimena eta arrazoia beti era berean erabili behar, bataren arrazoia bestearena bezain ziurra dela uste dute gutxienez, eta adimena ere harena bezain argia honena.

Amerikarrek, emakumearen gutxiagotasunari gizartean irauten utzi diotenek, beren ahalmen guztiz gizonaren mailara jaso dute adimenaren eta moralaren arloan; eta horretan uste dut miresgarriro ulertu dutela aurrerapen demokratikoaren benetako nozioa.

Nik zalantzarik gabe esango dut: nahiz eta Estatu Batuetan emakumea ez den ia etxeko esparrutik irteten, eta gauza batzuetan mendekotasun handia izan arren bertan, bere posizioa inon ez zait iruditu han bezain goratua; eta orain, liburu honen bukaerara hurbiltzen ari naizenean, amerikarrek egindako hainbeste gauza garrantzitsu erakutsi dudalarik bertan, galdetuko balitzait nire ustez zeri egotzi behar zaion herri honen oparotasun berezia eta gero eta handiagoa duen indarra, emakumeei ematen zaien gehiagotasunari egotzi behar zaiola erantzungo nuke.

XIII. Nola berdintasunak berez banatzen dituen amerikarrak gizarte partikular txiki askotan

[aldatu]

Pentsa liteke erakunde demokratikoen azken ondorioa eta beharrezko efektua bizitza pribatuan nahiz publikoan hiritarrak bat egitea dela, eta guztiak behartzea bizimodu komuna eramatera.

Baina hori demokraziak sortarazten duen berdintasuna oso era zabar eta tiranikoan ulertzen izango litzateke.

Ez dago gizarte-egoerarik, ez legerik, gizakiak hain antzeko bihur ditzakeenik, heziketa, ondasun eta gustuek beraien artean ezberdintasunen bat ezin sortu ahal izateko; eta batzuetan pertsona diferenteei gauza berberak amankomunean egitea interesatu arren, pentsa liteke sekula ez dutela horretan atseginik izango. Beraz, zernahi eginda ere, horretan beti ihes egingo diote legegilearen eskuarki; eta, itxi nahi dituzteneko esparrutik nolabait ere ihes eginez, gizarte politiko handiaren ondoan gizarte pribatu txikiak ezarriko dituzte, horietan baldintza, aztura eta ohituren antzekotasuna izango dutelarik lokarri.

Estatu Batuetan hiritarrek ez dute inolako lehentasunik batzuek besteen gain; ez diote elkarri ez obedientziarik, ez begirunerik zor; elkarrekin administratzen dute justizia eta gobernatzen Estatua, eta, oro har, batu egiten dira guztiak destino komunean eragina duten arazoak aztertzeko; baina sekula ez dut entzun guztiak era berean dibertitzera bultzatu nahi zituztenik, ezta nahas-mahasian leku berberetan gozatzera ere.

Amerikarrak, batzar politiko eta auzitegietan hain erraz elkartzen direnak, arreta handiz banatzen dira elkarte txiki oso ezberdinetan, bizitza pribatuko atseginez aparte gozatzeko. Haietako bakoitzak gogotsu aitortzen ditu herrikide guztiak bere parekidetzat, baina oso kopuru txikia onartzen du bere adiskide eta gonbidatuen artean.

Oso naturala iruditzen zait hori. Gizarte publikoaren esparrua handituz doan neurrian, harreman pribatuen eremua estutu egingo dela espero behar da. Gizarte berrietako hiritarrak azkenean amankomunean biziko direla imajinatu ordez, beldur naiz azkenean ez ote diren oso lagun-talde txikiak osatzera iritsiko.

Herri aristokratikoetan, klaseak esparru zabalak bezala dira, horietatik ez dagoelarik irteterik, ezta horietan sartzerik ere. Klaseak ez dira beren artean komunikatzen; baina, bakoitzaren barnean, jendeak egunero ditu harremanak derrigorrez. Eta berez bat ez etorri arren, egoera bat beraren komenientzia orokorrak hurbiltzen ditu.

Baina, zenbait jenderen artean harreman ugari eta ohikoak ezartzeaz legea arduratzen ez denean, ezta ekandua ere, iritzi eta joeren antzekotasun akzidentalak egiten du hori; eta horrek mugagabeki ezberdintzen ditu elkarte partikularrak.

Demokrazietan, non hiritarrek ezberdintasun txikia duten beti beren artean eta, berez hain hurbil daudelarik, une oro gerta dakiekeen masa komun batean guztiek bat egitea, sailkapen artifizial eta arbitrario ugari sortzen da, eta horien laguntzaz bakoitzak aparte gelditu nahi izaten du, gogoz kontra jende artera herrestan eramango duten beldurrez.

Beti izango da horrela, alda baitaitezke giza erakundeak, baina ez gizakia. Nolanahikoa izanik ere gizartearen ahalegin orokorra hiritarrak berdin eta antzeko bihurtzeko, gizabanakoen harrotasun partikularra beti saiatuko da maila komunetik, gizabanakoen harrotasun partikularra beti saiatuko da maila komunetik ihes egiten, eta desberdintasunen bat sortu nahiko du nonbait, bere probetxurako.

Aristokrazietan, jendea banatuta egoten da bere artean hesi mugigaitz garaien bidez; demokrazietan, berriz, ia ikustezin diren hari txiki ugariz zatituta, une oro apurtzen eta etengabe lekuz aldatzen diren hariz.

Honela, edozelakoak izanik ere berdintasunaren aurrerapenak, herri demokratikoetan beti sortuko da elkarte txiki pribatu ugari gizarte politiko handiaren erdian. Baina horietako inork ez du, bere maneretan, aristokrazien gidari izaten den klase nagusiaren antzik izango.

XIV. Zenbait gogoeta amerikarren manerei buruz

[aldatu]

Lehen begiratuan ez dago ezer giza ekintzen kanpo-forma baino garrantzi txikiagokorik, baina ez dago jendeak gehiago baloratzen duen gauzarik ere; jendea edozertara ohitzen da, manerarik ez duen gizartean bizitzera izan ezik. Beraz, merezi du serio aztertzea egoera sozial eta politikoak maneretan zertzen duen eragina.

Oro har, ohituren barren-barrenetik sortzen dira manerak; eta, gainera, zenbait jenderen arteko hitzarmen arbitrariotik irteten dira batzuetan. Berezkoak eta eskuratuak izaten dira aldi berean.

Gizon batzuk ohartzen direnean lehenak direla, eztabaidarik eta nekerik gabe; egunero xede handiak dituztela aurrean beren ardurapean, xehetasunak beste batzuentzat utziz; berek lortu gabeko aberastasunean bizi direla, galtzeko beldurrik gabe, gainera; ulertzekoa da orduan nolabaiteko destaina harroa sentitzea bizitzako interes txiki eta ardura materialekiko, eta handitasun naturala izatea pentsamenduan, hitzek eta manerek adierazten dutena.

Herrialde demokratikoetan, manerek handitasun txikia dute normalean, bizitza pribatua oso txikia izaten delako horietan. Arruntak izaten dira sarri, adimenak okasio gutxi izaten duelako etxeko interesen arduraz gainetik goratzeko.

Maneren benetako duintasuna beti nor bere lekuan agertzea izaten da, ez gorago, ez beherago; hori nekazariaren nahiz printzearen esku dago. Demokrazietan, egoera guztiak gertatzen dira dudazkoak; hortik sortzen da manerak, sarri harroak, nekez izatea duinak demokrazietan. Gainera, sekula ez dira ongi erregulatuak izaten, ezta zuhurrak ere.

Demokrazietan bizi direnak mugikorregiak dira beraietako batzuk gizalegeen kodea ezarri eta jendea horri jarraitzera behartzeko. Bakoitzak bere gisara jokatzen du gutxi gora-behera, eta beti izaten da halako inkoherentzia bat maneretan, hauek bakoitzaren sentimendu eta ideia indibidualetara egokitzen baitira, eta ez guztiek imitatzeko aurrez eman den eredu idealera.

Edonola ere, hau nabariagoa izaten da aristokrazia erori berria denean, aspalditik suntsituta dagoenean baino.

Orduan erakunde politiko berriek eta ohitura berriek leku beretan biltzen eta sarri amankomunean bizitzera behartzen dituzte heziketak eta azturek oraindik harrigarriro ezberdintzen dituztenak, eta honek nahasten handiak agertarazten ditu une oro. Oraindik gogoan da izan dela kortesiaren kode zehatz bat, baina jada inork ez daki ez zer duen barruan, ezta non dagoen ere. Jendeak galdu egin du maneren lege komuna, eta oraindik ez du erabaki hori gabe bizitzea, baina bakoitza saiatzen da, antzinako usadioen hondarrekin, nolabaiteko erregela arbitrario eta aldakor bat egiten; horrela, manerek ez dute herri aristokratikoetan sarri agertzen duten ez erregulartasunik, ez handitasunik ere, ezta batzuetan demokrazian izaten duten jite sinple eta askerik ere; zurrunak eta malguak dira aldi berean.

Hori ez da egoera normala.

Berdintasuna erabatekoa eta antzinakoa denean, pertsona guztiek, gutxi gora-behera ideia berberak eduki eta gauza berberak egitean, ez daukate ados jarri edo elkarri kopiatu beharrik era berean jokatu eta hitz egiteko; ezberdintasun txiki asko ikusten da etengabe haien maneretan, baina ez da diferentzia handirik sumatzen. Inoiz ez dira erabat antz-antzeko izaten, ez baitute eredu bera; baina sekula ez dira oso ezberdin izaten, gizarte-egoera bera dutelako. Lehen begiratuan, esan liteke amerikar guztien manerak berdin-berdinak direla. Oso hurbiletik aztertzean sumatzen dira guztiak ezberdintzen dituzten berezitasunak.

Ingelesak asko dibertitu dira amerikarren manera horien kontura; eta bitxiena da manera horietaz hain deskribapen atsegina egin diguten gehientsuenak Ingalaterrako klase ertainetakoak zirela, eta beraiei ere oso ongi aplika dakiekeela deskribapen hori. Horrela, gaitzesale errukigabe horiek Estatu Batuei kritikatzen dietenaren exenplua beroriek aurkezten dute normalean; ez dira ohartzen beren buruaz ari direla iseka egiten, beren herrialdeko aristokraziaren poztasun handiz.

Ezerk ez dio demokraziari kalte handiagorik egiten bere ohituren kanpo-formak baino. Haien akatsetara gogo onez moldatuko litzatekeen jende askok ezin ditu beraien manerak jasan.

Hala ere, ezin dut onartu ezer laudagarririk ez dagoenik herri demokratikoen maneretan.

Nazio aristokratikoetan, lehen klasera hurbiltzen diren guztiak haren antzeko izaten saiatzen dira normalean, eta horrek oso imitazio barregarri eta zozoak sortzen ditu. Herri demokratikoek ez badute beren baitan manera bikainen eredurik, egunero kopia txarrak ikusi beharrik ere ez dute izaten, behintzat.

Demokrazietan manerak sekula ez dira herri aristokratikoetan bezain finak izaten; baina hain zabarrak ere inoiz ez. Han ez da entzuten ez jendailaren hitz zatarrik, ezta handikien adierazpen bikain eta aukeraturik ere. Sarritan arrunkeria izaten da ohituretan, baina ez zakarkeria edo kaskarkeriarik.

Esan dut demokrazietan ezin dela kode zehatzik sortu elkarbizitzaren arloan. Horrek bere eragozpenak eta abantailak ditu. Aristokrazietan, dezentziaren arauek itxura bera ezartzen diete guztiei; klase bereko kide guztiak antzeko bihurtzen dituzte, beren joera partikularrak gora-behera; berezko izaera apaindu eta ezkutatu egiten dute. Herri demokratikoetan, manerak ez dira hain zuhurrak, ezta hain erregularrak ere; baina zintzoagoak izaten dira sarri. Oihal arin eta gaizki ehundua bezala dira, hartan zehar erraz ikusten direlarik pertsona bakoitzaren benetako sentimenduak eta ideia indibidualak. Beraz, giza ekintzen forma eta fondoa erlazio estuan aurkitzen dira sarri, eta gizadiaren koadro handia, apaingarri gutxiago badu ere, egiazkoagoa da. Horrela, zentzu batean esan daiteke demokraziaren efektua ez dela hain zuzen jendeari manera batzuk ematea, manerak izan ditzan eragoztea baizik.

Batzuetan berraurki daitezke demokrazian aristokraziaren sentimendu, grina, bertute eta bizioak, baina ez haren manerak. Hauek iraultza demokratikoa erabatekoa denean, galdu eta desagertu egiten dira, itzulbiderik gabe.

Ematen du ez dagoela ezer iraunkorragorik klase aristokratiko baten manerak baino, zeren eta, bere ondasunak eta botere galdu ondoren ere, gorde egiten baitu denbora batez; ezta ezer hauskorragorik ere, zeren eta, desagertu orduko, jada ez baita haien arrastorik aurkitzen, eta zaila izaten da zer ziren esatea jadanik existitzen ez diren momenturik. Gizarte-egoeran aldaketa batek mirari hori eragiten du; belaunaldi gutxi batzuk aski dira horretarako.

Aristokraziaren ezaugarri nagusiak historian grabatuta gelditzen dira, aristokrazia suntsitu ostean ere;  baina haren ohituren forma delikatu eta arinak desagertu egiten dira jendearen oroimenetik, erori eta ia berehalaxe. Begi aurrean ez dauden momentutik, ezin dira imajinatu. Ihes egiten dute, beraiek ikusi edo sentitu gabe. Zeren eta, manera bikain eta aukeratuek ematen duten plazer errefinatu hori dastatzeko, beharrezkoa baita aztura eta heziketak bihotza aurrez  prestatzea, eta erabilerarekin erraz galtzen da berorren gustua ere.

Horrela, herri demokratikoek ezin dituzte aristokraziaren manerak izan, eta gainera ez zaizkie bururatzen, ezta desiratzen ere; ez dituzte imajinatzen, eta beraientzat sekula existitu ez balira bezala da.

Ez zaio garrantzi handiegirik eman behar galera horri; baina zilegi da deitoratzea.

Badakit behin baino gehiagotan gertatu dela pertsona berberek izatea ohitura oso bereziak eta sentimendu oso arruntak. Kanpo-itxura handiek sarritan bihotz oso kaskarrak ezkutatzen zituztela ikusi izan da gorteen barruan. Baina, aristokraziaren manerek ez bazuten bertutea gauzatzen, batzuetan bertutea bera apaintzen zuten. Ez zen batere ikuskizun arrunta klase ugari eta ahaltsuarena, zeinen bizitzako kanpo-egintza guztiek azaltzen baitzuten une oro sentimenduen eta pentsamenduen berezko goratasuna, gustuen delikadeza eta erregulartasuna, ohituren jendetasuna.

Aristokraziaren manerek lilura ederrak sortzen zituzten giza izaerari buruz; eta, sarritan koadroa gezurrezkoa izan arren, plazer bikaina sentitzen zen hura mirestean.

XV. Amerikarren seriotasunaz eta zergatik horrek ez dien eragozten sarri arinkeriak egitea

[aldatu]

Herrialde demokratikoetan bizi direnak ez dira murgiltzen herriak aristokrazietan izaten dituen dibertimendu inozo, zurrunbilotsu eta zabarretan; umekeriak edo zozoak iruditzen zaizkie. Klase aristokratikoen jostaketa intelektual eta finen zaletasunik ere ez dute ia azaltzen; zerbait emankorra eta funtsezkoa behar dute beren plazerretan, eta gozamenak nahastu nahi izaten dituzte beren alaitasunarekin.

Gizarte aristokratikoetan, herria gogotsu murgiltzen da alaitasun zirriparratsu eta zaratatsuan, horrek bere zorigaitzen kontenplaziorik ateratzen baitu bat-batean; demokrazietako jendeak ez du atsegin horrela bere baitatik bortizki ateratzea, eta beti gogoz kontra galtzen du bere buruaren kontrola. Arinkeriazko eramanaldi horiek baino nahiago izaten ditu jostaketa serio eta isilak, negozioen antzekoak izanik ez baitu hauek erabat ahantzi beharrik.

Bada amerikarrik, bere lanbidekoek oraindik ere Europako zati handi batean egiten duten bezala, aisialdietan herriko plazan alaiki dantza egitera joan ordez, bakar-bakarrik etxe barruan sartzen dena edatera. Gizon horrek bi plazer ditu aldi berean: bere negozioan pentsatzen du, eta dezentzia osoz mozkortzen da famili giroan.

Uste nuen ingelesena zela munduan zegoen naziorik serioena, baina amerikarrak ikusi ondoren, iritziz aldatu dut.

Ez dut esan nahi tenperamentuak ez duela eragin handirik Estatu Batuetako jendearen izaeran. Hala ere, pentsatzen dut erakunde politikoek handiagoa dutela horretan.

Uste dut amerikarren seriotasuna haien harrotasunetik sortzen dela neurri batean. Herrialde demokratikoetan, behartsuak berak ere oso goian edukitzen du bere buruaren balioa. Atseginez begiratzen dio bere buruari, eta besteek ere begiratzen diotela pentsatzen du gogotsu. Jarrera horrekin, arduraz zaintzen ditu bere hitz eta egintzak, eta ez dio bere buruari aske uzten, falta zaiona aurkitzeko beldurrez. Duin emateko, serio egon behar duela uste izaten du.

Baina beste kausa bat sakonagoa eta ahaltsuagoa ere sumatzen dut, harritzen nauen seriotasun hori amerikarren artean instintiboki sortzen duena.

Despotismoaren menpean, noizean behin alaitasun eroan murgiltzen dira herriak; baina normalean goibel eta beren baitan sarturik egoten dira, beldur direlako.

Monarkia absolutuetan, ekanduak eta ohiturek moderatzen dituztenez monarkia horiek, sarri umore erregular eta alaia erakusten dute herriek, zeren eta, askatasun pixka bat eta aski segurtasun handia dutenez, aparte baitaude bizitzako ardura garrantzitsuenetatik; baina herri aske guztiak serioak izaten dira, izpiritua proiektu arriskutsu edo zailen bati beha-beha izaten dute eta.

Hori horrela da demokrazia bihurturiko herri askeetan, batez ere. Klase guztietan aurkitzen da orduan jende-kopuru itzela gobernu-arazo serioez etengabe arduratzen dena, eta ongizate publikoa gidatzeko asmorik ez dutenak beren aberastasun pribatuak gehitzeaz arduratzen dira oso-osorik. Horrelako herri batean, seriotasuna ez da pertsona batzuen ezaugarria, baizik eta nazio-aztura bilakatzen da.

Antzinako demokrazia txikiez hitz egiten da: hiritarrek arrosakoroekin herriko plazara joan eta denbora gehientsuena dantza eta ikuskizunetan ematen omen zuten. Nik ez dut horrelako errepubliketan Platonenean baion gehiago sinesten; edo, gauzak kontatzen zaizkigun bezala gertatzen baziren, beldurrik gabe esan dezaket ustezko errepublika haiek gureen aldean oso elementu ezberdinez osaturik zeudela, eta hauekin zuten gauza komun bakarra izena zela.

Bestalde, ez da uste izan behar, demokrazietan bizi direnek, beren egiteko guztien erdian, beren buruak errukarritzat dauzkatenik; kontrakoa ikusten da. Beste inork ez du bere egoera horiek baino preziatuago. Bizitza zaporerik gabea irudituko litzaieke, atsekabetzen dituzten kezkak kenduko balitzaizkie, eta beren ardurei atxikiagoak agertzen dira herri aristokratikoak plazerrei baino.

Galdetzen diot neure buruari herri demokratiko horiek, hain serioak izanik, zergatik jokatzen ote duten sarri hain oharkabean.

Amerikarrek, ia beti hain jarrera pausatua eta itxura hotza dutelarik, hala ere, sarritan arrazoiaren mugak gainditzen dituzte bat-bateko grina edo hausnartu gabeko iritzi batengatik, eta zentzugabekeria bitxiak egiten dituzte serio-serio.

Kontraste honek ez gaitu harritu behar.

Bada ezjakintasun-mota bat muturreko publizitatetik sortzen dena. Estatu despotikoetan, jendeak ez daki nola jokatu, ez zaiolako ezer esaten; nazio demokratikoetan, itsumustuan jokatzen du sarri, dena esan nahi izan zaiolako. Lehenengoek ez dakite, eta besteek ahaztu egiten dute. Koadro bakoitzaren ezaugarri nagusiak desagertu egiten zaizkie xehetasun-pilaren erdian.

Harrigarria gertatzen da batzuetan zenbat adierazpen zuhurgabe egiten duen gizon publiko batek estatu askeetan eta, batez ere, estatu demokratikoetan, horregatik arriskuan sartu gabe; aitzitik, monarkia absolutuetan, kasualitatez ihes egindako hitz batzuk aski izaten dira betiko agerian gelditzeko eta erremediorik gabe bidea galtzeko.

Honek aurrekoan du bere esplikazioa. Jendetza handi baten erdian hitz egiten denean, hitz asko ez dira entzuten, edo berehala ezabatzen dira entzuleen oroimenetik; baina jendetza mutu eta mugigaitzaren erdian, txutxumutxurik txikienak ere belarria iristen dira.

Demokrazietan, jendea inoiz ez dago finko; mila ustekabek lekuz aldarazten du etengabe eta ia beti izaten da zerbait ustekabekoa eta, nolabait esateko, bat-batekoa jendearen bizitzan. Horrela, gaizki ikasi dutena egitera behartuta aurkitzen dira sarri, ia ulertzen ez dutenaz hitz egitera, eta zenbait lani ekitera, nahiz eta ikaskuntza luzeak ez dituen horretarako prestatu.

Aristokrazietan, bakoitzak helburu bakar bat du, etengabe lortu nahi izaten duena; baina, herri demokratikoetan, gizakiaren bizimodua konplikatuagoa izaten da; arraroa izaten da pertsona batek ez izatea helburu asko aldi berean, eta elkarrekiko oso helburu arrotzak sarritan. Guztiak ezin dituenez ongi ezagutu, nozio osagabez konformatzen da erraz.

Demokrazietan bizi dena bere beharrek premiatzen ez dutenean, bere desirek premiatzen dute gutxienez; zeren eta, inguratzen duten ondasun guztien artean, ez baitu bat ere ikusten bere irispidetik erabat kanpo dagoenik. Beraz, gauza guztiak presaz egiten ditu, gutxi gora-beherakoarekin konformatzen da, eta sekula ez da unetxo bat baino gehiago gelditzen bere egintzetariko bakoitzaz gogoeta egiteko.

Haren jakinmina aseezina eta erraz asetzeko modukoa izaten da aldi berean, nahiago izate baitu gauza bizkor jakitea, ongi jakitea baino.

Ia ez du astirik, eta laster galtzen du sakontzeko gustua.

Honela, bada, herri demokratikoak serioak izaten dira, beren gizarte- eta politika-egoerak gauza serioez arduratzera eramaten baititu etengabe, eta arinkeriaz jokatzen dute, denbora eta arreta gutxi ematen baitizkiote gauza horietako bakoitzari.

Arreta-ezaren aztura izpiritu demokratikoaren akatsik handienetakotzat jo behar da.

XVI. Zergatik den amerikarren harrokeria ingelesena baino urduriago eta liskartiagoa (D)

[aldatu]

Herri aske guztiak bere buruaz harro egoten dira; baina nazio-harrokeria ez da guztietan era berean azaltzen.

Amerikarrek, atzerritarrekiko harremanetan, pazientzia gutxikoak ematen dute kritikarik txikienaren aurrean eta aseezinak laudorioetarako. Gorespenik txikiena ere atsegin dute, eta handienak nekez asetzen ditu; une oro gainean izango dituzue laudorio bila; eta,. ez badiozue haien eskariari amore ematen, beren burua laudatuko dute. Esan liteke, beren merituaz zalantza dutelarik, momentu guztietan begien aurrean eduki nahi dutela deskribapena. Haien harrokeria gutiziatsua ez ezik, urduria eta bekaiztia ere bada. Ez du ezer ematen eta bai etengabe, eskatzen. Eskatzailea eta liskartia da aldi berean.

Esaten badiot amerikar bati bere herrialdea ederra dela, ihardetsiko du: “Egia da, ez dago parekorik munduan!”. Jendeak daukan askatasuna miresten badut, erantzungo dit: “Bai dohain ederra askatasuna! Baina oso herri gutxi dira horretaz gozatzeko duin”. Estatu Batuetako ohitura-garbitasuna azpimarratzen badut, esango dit: “Ulertzen dut beste nazio guztietan ageri den ustelkeriak txunditu duen atzerritarra harriturik egotea ikuskizun honekin”. Bere burua miresten uzten dut azkenean; baina berriro etortzen da niregana eta ez du alde egiten esan berri diodana errepikatzea lortu arte. Nekez imajina daiteke patriotismo ezerosoago eta berritsuagorik. Ohoratzen dutenak ere nekatzen ditu.

Ez da hori gertatzen ingelesekin. Ingelesak lasai gozatzen du bere herrialdeak bere begietara dituen abantaila benetako edo irudikatuez. Beste nazioei ez badie ezer ematen, eskatu ere ez du ezer egiten berearentzat. Atzerritarren kritikak ez du hunkitzen eta laudorioak ere apenas lausengatzen duen. Mundu osoaren aurrean destainaz eta ezjakintasunez beterik egoten da isil-gordeta. Haren harrokeriak ez du elikatu beharrik; bere kabuz bizi da.

Duela gutxi enbor beretik irtendako bi herri sentitzeko eta hitz egiteko eran elkarren artean hain ezberdinak izatea, hori ohargarria da.

Herrialde aristokratikoetan, handikiek pribilegio neurrigabeak dituzte, eta horietan oinarritzen dute beren harrokeria, eragiten dituzten abantaila txikiez elikatu beharrik gabe. Pribilegio horiek herentziaz iritsi zaizkielarik, nolabait ere beren partetzat dauzkate, edo beren pertsonari berez datxekion eskubidetzat, gutxienez. Beren nagusitasunaren sentimendu baketsua dute; ez zaie bururatze guztiek hautematen dituzten eta inork ukatzen ez dizkien prerrogatibez harrotzerik. Ez zaizkie horietaz hitz egiteko bezain harrigarri gertatzen. Mugigaitz gelditzen dira beren handitasun bakartian erdian, erakusten ibili beharrik gabe mundu guztiak ikusten dituelako ziurtasunaz, eta bertatik inork aterako ez dituelakoan.

Arazo publikoak aristokrazia batek gidatzen dituenean, haren nazio-harrokeriak berez hartzen du forma isil-gorde, axolagabe eta handiusteko hori, eta nazioko beste klase guztiek imitatu egiten dute.

Aitzitik, gizarte-baldintzak oso ezberdinak ez direnean, abantailarik txikienek garrantzia dute. Bakoitzak bere inguruan abantaila oso antzekoak dituen milaka pertsona ikusten duenez, harrokeria zorrotz eta jeloskor bihurtzen da; txikikeriei atxikitzen zaie eta setati defendatzen ditu.

Demokrazietan, gizarte-baldintzak oso mugikorrak direnez, jendeak ia beti berriki lortuak izaten ditu dauzkan abantailak; eta horregatik atsegin mugagabea sentitzen dute guztiei erakutsiz, besteei eta beren buruari ere frogatuz abantaila horietaz gozatzen dutela; eta, edozein momentutan gerta daitekeenez abantaila horiek ihes egitea, erne egoten dira etengabe eta oraindik badituztela ikusarazten saiatzen dira. Demokrazietan bizi direnek beren burua bezalaxe maite dute herrialdea, eta harrokeria pribatuaren azturak nazio-harrokeriara aldatzen dituzte.

Herri demokratikoen harrokeria urduri eta aseezina hain atxikia dago baldintzen berdintasun eta hauskortasunari, ezen nobleziarik sutsuenaren kideek ere grina berbera azaltzen baitute beren bizitzan, zerbait ezegonkor eta eztabaidatua duten zati txikietan.

Klase aristokratikoa nazioko beste klaseen aldean oso ezberdina izaten da beti prerrogatiben hedadura eta betikotasunagatik; baina batzuetan gertatzen da haren kideetako batzuk egunero galdu eta eskura ditzaketen abantaila txiki iheskorrengatik bakarrik bereizten direla beren artean.

Ikusi izan dira aristokrazia ahaltsuko kideak, hiriburu edo gorteren batean elkartuta, modaren kapritxo edo nagusiaren borondatearen menpe zeuden pribilegio hutsalengatik eztabaida bizian. Orduan, demokrazietako jendea mugiarazten duen ume-jelosia berbera erakusten zuten haiek ere elkarreganako, parekideek ukatzen zizkieten abantailarik txikienez jabetzeko sugar berbera, eta gozatzen zituzten guztiak besteei erakutsi behar berbera.

Gortesauei gertatuko balitzaie inoiz nazio-harrokeria izatea, ez dut dudarik herri demokratikoenaren guztiz antzekoa izango luketela.

XVII. Nola den gizartearen itxura Estatu Batuetan asaldatua eta monotonoa aldi berean

[aldatu]

Ezerk ez dirudi jakinmina piztu eta elikatzeko egokiagoa Estatu Batuen itxurak baino. Aberastasun, ideia eta legeak etengabe aldatzen dira han. Esan liteke natura mugigaitza bera ere mugikorra dela, hainbesterainoxe eraldatzen baita egunero gizakiaren eskupean.

Luzarora, ordea, gizarte hain asaldatu honek monotonoa dirudi eta, pixka batean begietsi ondoren hain mugikorra den koadro hori, ikuslea aspertu egiten da.

Herri aristokratikoetan, pertsona bakoitza gutxi-asko finko egoten da bere esparruan; baina jendea harrigarriro ezberdina da; grina, ideia, aztura eta gustu ezberdinek ditu. Ezer ez da mugitzen, dena da ezberdin han.

Demokrazietan, aitzitik, pertsona guztiak antzekoak dira eta gutxi gora-behera antzeko gauzak egiten dituzte. Egia da gora-behera handi eta etengabeen menpe daudela; baina zorion eta zorigaitz berak errepikatzen direnez etengabe, aktoreen izena bakarrik da ezberdina, pieza beti berbera da. Gizarte amerikarraren itxura asaldatua da, jendea eta gauzak etengabe aldatzen direlako; eta monotonoa da, aldaketa guztiak antzekoak direlako.

Garai demokratikoetan bizi direnek grina handiak izaten dituzte; baina grina gehientsuenak aberastasunen maitasunean amaitzen dira edo honek sortzen ditu. Hau ez da haien arimak kaskarragoak direlako, baizik eta diruaren garrantzia benetan handiagoa delako garai horietan.

Herrikideak guztiak independenteak eta elkarrekiko axolagabeak direnean, ordainduz bakarrik lor daiteke besteen laguntza; honek mugagabeki ugaltzen du aberastasunaren erabilera eta bere balioa gehitzen du.

Antzinako gauzei atxikiriko prestigioa desagerturik, jatorriak, egoerak edo lanbideak ez dute jada jendea bereizten, edo oso gutxi; ia diruak bakarrik sor ditzake jendearen artean oso diferentzia nabariak eta batzuk besteen gainetik jarri. Aberastasunetik sortzen den bereizketa areagotu egiten da beste guztiak desagertu eta gutxitu ahala.

Herri aristokratikoetan, desiren esparru zabalaren puntu batzuetara bakarrik eramaten du diruak; demokrazietan, badirudi guztietara eramaten duela.

Amerikarren ekintzetan, beraz, aberastasunen maitasuna aurkitzen da, normalean, eragile nagusi edo akzesoriotzat; horrek halako famili jite bat ematen die haien grina guztiei, eta berandura gabe nekagarri bihurtzen du egoera.

Grina beraren betiko itzultze hori monotonoa da, grina horrek bere burua asetzeko erabiltzen dituen prozedura partikularrak ere monotonoak dira.

Estatu Batuetakoa bezalako demokrazia egonkor eta baketsuan –non ezin daitekeen aberats ez gerragatik, ez kargu publikoengatik, ezta konfiskazio politikoengatik ere-, aberastasunen maitasunak batez ere industriarantz bideratzen ditu gizonak. Nolanahi ere, industriak, sarritan hain desordena eta hondamendi handiak eragiten dituenak, ezin du aurrera egin aztura oso erregular eta egintzatxo oso uniformeen segida luzearen laguntzarekin ez bada. Zenbat eta biziagoa grina, orduan eta erregularragoak azturak eta orduan eta uniformeagoak egintzak. Esan daiteke desiren bortxak berak bihurtzen dituela amerikarrak hain metodiko. Arima asaldatzen die, baina bizitza ordenatzen.

Amerikaz esaten ari naizena, gainerantzean, gaur egungo jende gehientsuenari aplikatzen zaio. Barietatea desagertzen ari da giza espeziearen baitatik; jokatzeko, pentsatzeko eta sentitzeko ere berberak aurkitzen dira munduko bazter guztietan. Hau ez da bakarrik herriek beren artean harreman gehiago dutelako eta hobeto kopiatzen diotelako elkarri; baita herrialde bakoitzean kasta, lanbide edo familia baten ideia eta sentimendu partikularretatik jendea gero eta gehiago aldentzean, aldi berean gizakiaren izaeratik hurbilen dagoenera, alde guztietan berbera den horretara, iristen delako ere. Horrela, antzeko bihurtzen dira, elkar ez imitatu arren. Oihan handi batean sakabanaturiko bidaiariak bezala dira, bertako bide guztiek puntu berera eramaten dituztelarik. Guztiek aldi berean begiztatzen badute erdigunea eta harantz bideratzen badituzte urratsak, oharkabean hurbiltzen dira elkarrengana, bilatu gabe, elkar ikusi eta ezagutu gabe; eta azkenean harritu egingo dira leku berean bildu direla ikustean. Beren aztergai eta imitaziogai ez gizaki jakin bat, gizakia bera baizik, hartzen duten herri guztiek azkenean elkarrekin topo egingo dute ohitura berberetan, bidaiariek bidegurutzean bezala

XVIII. Ohorea Estatu Batuetan eta gizarte demokratikoetan [5]

[aldatu]

Badirudi bi metodo oso ezberdin erabiltzen dituela jendeak hurkoen ekintzak publikoki epaitzerakoan: mundu osoa zabaldurik dauden bidezkoaren eta bidegabearen nozio sinpleen arabera epaitzen ditu, ala herrialde eta garai jakin batekoak bakarrik diren nozio oso partikularren laguntzaz baloratzen ditu. Sarritan bi erregela horiek ezberdinak izaten dira; batzuetan eraso egiten diote elkarri, baina sekula ez dute erabat bat egiten elkar suntsitzen.

Ohoreak, bere indar handienaren garaian, sinesmenak baino gehiago arautzen du borondatea, eta gizakiei, haren aginduetara zalantzarik eta marmarrik gabe makurtzen badira ere, nolabaiteko sen ilun baina ahaltsu batek sentiarazten die badela lege orokorrago bat, antzinakoagoa eta santuagoa, batzuetan desobeditzen dutena, gero eta hobeto ezagutzen badute ere. Badira ekintzak onest eta desohoragarritzat jo izan direnak aldi berean. Dueluari uko egitea sarri egon da egoera horretan.

Uste dut fenomeno hauek esplika daitezkeela bestela, eta ez pertsona eta herri batzuen kapritxoaren bidez, orain arte egin izan den bezala.

Gizadiak premia iraunkor eta orokorrak sentitzen ditu, lege moralak sortarazi dituztenak, eta lege hauek ez betetzearekin hobena eta lotsa lotu dituzte berez gizaki guztiek, leku eta garai guztietan. Lege horietatik ihes egiteari gaizki egitea esan izan diote, eta horietara makurtzeari ongi egitea.

Gainera, giza elkarte zabalaren baitan elkarte murritzagoak ezarri dira, herri deitzen direnak, eta, azken hauen erdian, beste batzuk txikiagoak, klase edo kasta deitzen direnak.

Elkarte hauetako bakoitza espezie berezi bat bezala da gizadian; eta, gaizki-masaren aldean funtsezko ezberdintasunik ez badu ere, pixka bat aparte geratzen da eta bere-bereak dituen premiak sentitzen. Premia berezi hauek aldatzen dute nolabait ere eta zenbait herrialdetan giza ekintzak kontsideratzeko era eta beraiei buruzko estima.

Gizadiaren interes orokor eta iraunkorra jendea elkar ez hiltzea da; baina gerta liteke zenbait kasutan herri edo klase baten interes partikular eta momentukoa homizidioa desenkusatzea izatea, baita ohoratzea ere.

Ohorea ez da egoera partikular batean oinarrituriko arau partikular hori baino, zeinen laguntzaz herri edo klase batek gaitzespena edo laudorioa banatzen baitu.

Ezer ez da giza espirituarentzat emankortasun gutxiagokoa ideia abstraktu bat baino. Beraz, banoa, presaka egitateetarantz. Adibide batek argi utziko du nire pentsaera.

Munduan inoiz izan den eta ongien ezagutzen dugun ohore-motarik bereziena aukeratuko dut: ohore aristokratikoa, gizarte feudalaren baitan sortua. Aurrekoaren laguntzaz esplikatu dut, eta aurrekoa, beronen laguntzaz.

Ez dut hemen ikertu nahi izan noiz eta nola sortu zen aristokrazia Erdi Aroan, zergatik zegoen hain sakon banatua nazioaren gainerakotik, zertan oinarritu zen eta zerk finkatu zuen haren boterea. Eraikita aurkitzen dut, eta ulertu nahi dut zergatik kontsideratzen zituen giza ekintza gehienak hain ikuspegi berezitik.

Lehenik harritzen nauena zara da, mundu feudalean ekintzak ez zituztela beti beren balio intrintsekoagatik laudatzen edo gaitzesten, baizik eta batzuetan egile edo xede izandakoaren arabera bakarrik hartzen ziren kontuan, eta hau gizadiaren kontzientzia orokorrari higuingarri gertatzen zaion zerbait da. Plebeioaren kasuan batere axola ez ziren zenbait egintzak desohoratu egiten zuten noblea; beste batzuen izaera aldatu egiten zen, jasaten zituena aristokraziaren baitakoa ala kanpokoa izan.

Iritzi ezberdin horiek sortu zirenean, noblezia aparteko gorputza zen herriaren erdian, eta bere erretiroko gailur iristezinetatik menperatzen zuen herria. Indarra ematen zion posizio partikular horri eusteko, ez zeukan pribilegio politikoen beharra bakarrik, berak erabiltzeko bertute eta bizioak ere behar zituen.

Bertute edo bizio jakin bat nobleziarena gehiago izatea plebeioena baino, ekintza jakin batek axola ez izatea objektutzat bilaua zuenean, edo gaitzesgarri izatea noblearen kasuan, horra hor sarri arbitrarioa zena; baina pertsona baten ekintzak bere izaeraren arabera ohoretsu edo lotsagarritzat jotzea, hori gizarte aristokratikoaren eraketaren ondorio zen. Izan ere, aristokrazia izan dute herrialde guztietan ikusi da hori. Beraren aztarna bakar bat gelditzen den bitartean, aurkituko dira berezitasun horiek. Neska beltz bat galbidera eramateak apenas kalterik egiten dion amerikarraren ospe onari; harekin ezkontzeak, desohoratu egiten du.

Zenbait kasutan, ohore feudalak mendekua agintzen zuen eta irainen barkazioa gaitzesten; beste batzuetan, nork bere buruari eustea agintzen zuen biziki, eta nor bere buruaz ahaztea manatzen zuen. Ez zuen lege bihurtzen ez gizatasuna, ez eztitasuna, baina bihotz-zabaltasuna goresten zuen; esku-zabaltasuna gehiago preziatzen zuen onegintza baino; jokoan edo gerran aberastea onartzen zuen, baina ez lanean; nahiago zituen krimen handiak irabazi txikiak baino.Haragi-irritsak gutxiago nazkatzen zuen diru-goseak baino; bortxa atsegin zuen sarri, baina azerikeria eta traizioa beti mesprezagarri iruditzen zitzaizkion.

Nozio bitxi horiek ez zituen asmatzaileen kapritxoak bakarrik sortarazi.

Beste guztien buru eta gainetik jartzea lortu duen klaseak, eta maila goren horretan irauteko ahalegin etengabeak egiten dituenak, handitasuna eta distira dituzten bertuteak ohoratu behar ditu bereziki, harrotasun eta boterearen maitasunarekin erraz konbina daitezkeenak. Bertute horiek beste guztien aurretik jartzeko, ez da kontzientziaren berezko ordena iraultzeko beldur. Zenbait bizio ausart eta distiratsu bertute baketsu eta apalen gainetik gogo onez jartzea ere ulertzen da. Nolabait ere, horretara behartzen du bere izaerak.

Bertute guztien aurretik eta haietako askoren lekuan, Erdi Aroko nobleek kuraia militarra jartzen zuten.

Hori ere gizarte-egoeraren berezitasunak derrigorrez sortarazten zuen iritzi berezia zen.

Aristokrazia feudala gerratik eta gerrarako sortua zen, bere boterea armetan aurkitua zuen eta arma bidez eusten zion horri; beraz, ezer ez zuen beharrezkoago kuraia militarra baino; eta normala zen beste guztiaren gainetik gorestea. Beraz, hori kanporantz adierazten zuen guztia, arrazoiaren eta gizatasunaren kaltetan izanda ere, onetsi egiten zuen, baita sarritan agindu ere. Jendearen fantasia xehetasunetan bakarrik aurkitzen zen.

Gizon batentzat masailekoa hartzea ikaragarrizko iraina izatea eta hain arinki jo zuena borroka berezian hil beharra sentitzea, horra hor arbitrarioa; baina noble batek iraina bake-bakean ezin jasan izatea eta borrokaz erantzun gabe jipoia onartzen bazuen ohorea galtzea, hori aristokrazia militarraren printzipioen eta premien ondorio zen.

Puntu bateraino, beraz, egia zen esatea ohoreak ibilera kapritxosoak zituela; baina ohorearen kapritxoak beharrezko zenbait mugaren barruan itxirik zeuden beti. Erregela berezi hau, arbasoek ohorea deitzen zutena, ez zait inola ere lege arbitrarioa iruditzen, eta erraz konprometituko nintzateke haren agindurik inkoherente eta arraroenak gizarte feudalen premia finko eta aldaezinen kopuru txiki batekin erlazionatzera.

Ohore feudala politika-arloan aztertuko banu ere, ez nuke eragozpenik izango bere urratsak esplikatzeko.

Erdi Aroko gizarte-egoera eta erakunde politikoak halako moldekoak ziren, ezen nazio-botereak sekula ez baitzituen hiritarrak zuzenean gobernatzen. Nolabait esateko, nazio-botere hori ez zen existitzen hiritarren begietara; bakoitzak gizon jakin bat bakarrik ezagutzen zuen, berari obeditu behar ziolarik. Eta, oharkabean, pertsona horren bidez lotzen zitzaien beste guztiei. Gizarte feudaletan, jaunaren pertsonaganako leialtasun-sentimenduaren inguruan ardazten zen ordena publiko osoa. Hau suntsitzen bazen, anarkia nagusitzen zen berehala.

Bestalde, buruzagi politikoaganako leialtasun-sentimenduaren balioa egunero preziatzen zuten aristokraziako kide guztiek, haietako bakoitza jaun eta basailu baitzen aldi berean, eta agindu nahiz obeditu beharra baitzeukan.

Jaunari leial izatea, behar izanez gero harengatik sakrifikatzea, haren zori on edo txarrean parte izatea, haren zereginetan –nolanahikoak izanik ere- laguntzea, horiek izan ziren ohore feudalaren lehen aginduak politika-arloan. Basailuaren traizioa oso zorrotza gaitzesten zuen iritzi publikoak. Izen bat bereziki iraingarria asmatu zen horretarako, felonia deitu zitzaion.

Aitzitik, antzinako gizarteei bizia eman zien grina baten arrasto gutxi dago Erdi Aroan. Abertzaletasuna esan nahi dut. Abertzaletasun hitza bera ere ez da zaharra gure hizkuntzan[6].

Erakunde feudalek bistatik kentzen zuten aberria; ez zuten hain beharrezko egiten haren maitasuna. Nazioa ahaztarazi egiten zuten pertsona batenganako grina sortaraziz. Horrela, ez da ikusten ohore feudalak inoiz lege estu bihurtu zuenik nork bere herrialdeari leial irautea.

Ezin da esan gure gurasoen bihotzean ez zegoenik aberri-maitasunik; baina nolabaiteko joera ahul eta iluna zen, klaseak suntsitu eta boterea zentralizatu den neurrian argiago eta indartsuago bilakatu dena.

Ongi ikusten da hau Europako herriek beren historiako zenbait gertakariri buruz ematen dituzten aurkako epaietan, epaitzen dituen belaunaldiaren arabera. Borboiko Kondestablea garaikideen begietara ohoregabetzen zuena erregearen aurka armak hartzea zen, batez ere; gure begietara gehien desohoratzen duena bere herrialdearen aurka gerra egitea zen. Guk gure arbasoek beste gaitzesten dugu, baina beste arrazoi batzuengatik.

Nire pentsaera argitzeko ohore feudala aukeratu dut, ohore feudalak ezaugarri markatuago eta hobeak dituelako beste edozeinek baino; beste edonon har nezakeen nire adibidea, baina helburu berera iritsiko nintzatekeen beste bide batetik izanda ere.

Nahiz eta ez ditugun erromatarrak geure arbasoak bezain ongi ezagutzen, hala ere badakigu bazirela haien artean, loria eta desohore kontuan, iritzi bereziak, ongiaren eta gaizkiaren iritzi orokorretatik bakarrik ez zetozenak. Giza ekintza asko ikuspegi ezberdinetatik kontsideratzen zituzten hiritarra edo atzerritarra izan, pertsona libre edo esklaboa izan; zenbait bizio goretsi egiten zen, zenbait bertute beste guztien gainetik jartzen.

“Nolanahi ere, dio Plutarkok Koriolanoren bizitzan, garai hartan balentriak beste bertute guztien gainetik ohoratzen eta estimatzen ziren. Horren fede ematen du virtus deitzeak; bertutearen izena bera, genero komunaren izena espezie partikular bati emanez. Era horretan, latinez bertutea esatea balentria esatea zen"” Nork ez du hor munduaren konkistarako osatua zen giza talde berezi haren premia partikularra ikusten?

Nazio guztietan ikusi ahal izango lirateke antzerako gauzak; zeren eta, gorago esan dudan bezala, gizonak talde partikular batean biltzen diren guztietan, ohore bat ezartzen da beraien artean, hau da, beren iritzi-multzoa zer laudatu edo gaitzetsi behar den finkatuz; eta arau partikular hauek taldearen aztura eta interes berezietatik sortzen dira beti.

Hau, neurri batean, gizarte demokratikoei nahiz besteei aplikatzen zaie. Goazen horren froga amerikarren artean aurkitzera[7].

Oraindik aurkitzen dira barreiatuta, amerikarren iritzien artean, Europako antzinako ohore aristokratikoaren nozio solteren batzuk. Iritzi tradizional horiek oso gutxi dira kopuruz; sustrai txikia dute eta indar gutxi. Erlijio bat bezala da: uzten zaio tenpluren batzuk izaten, baina ez da horretan sinesten.

Ohore exotikoaren nozio erdi-ezabatu horien artean, iritzi berriren batzuk agertzen dira, gaur egun ohore amerikarra deituko genukeena osatuz.

Erakutsi dut nola amerikarrek etengabeko joera duten merkataritza eta industriarako. Haien jatorriak, gizarte-egoerak, erakunde politikoek eta bizi direneko lekuak berak alde horretara eramaten ditu halabeharrez. Beraz, gaur egun, ia soil-soilik industria eta merkataritzara emaniko gizartea osatzen dute, herrialde berri eta zabal-zabal batean erdian kokatua, hau ustiatzea izanik bere helburu nagusia. Gaur egun batez ere ezaugarri honek bereizten du herri amerikarra beste guztiengandik.

Beraz, gizarteari ibilera erregularra eman eta negozioa bultzatzera jotzen duten bertute baketsu guztiak bereziki ohoratu behar dituzte horrelako herri batean, eta ezin dira baztertu mesprezu publikoa jasan gabe.

Aitzitik, sarri gizartean distira, baina are sarriago arazoak, sortzen dituzten bertute guztiek beheragoko maila dute herri horren berorren iritzian. Ahantz daitezke herrikideen estima galdu gabe, eta agian estima hori galtzeko arriskua legoke bertute horiek lortuz gero.

Amerikarrek ez dituzte bizoak arbitrariotasun gutxiagoz sailkatzen.

Badira joera batzuk gaitzesgarriak gizadiaren arrazoimen orokor eta kontzientzia unibertsalaren ikuspegitik, baina elkarte amerikarraren premia berezi eta momentukoei egoki datozkienak; honek oso ahul gaitzesten ditu, eta batzuetan goretsi ere bai, aberastasunen maitasuna aipatuko dut bereziki, eta horri atxikiriko bigarren mailako joerak. Bere mendelur duen kontinente zabal jendegabe hura goldatu, emankortu eta eraldatzeko, amerikarrak grina kementsuren baten laguntza behar du egunero; grina hori ezin da aberastasunen maitasuna baino izan; Amerikarrak gutizia bikain eta estimagarritzat dauka, Erdi Aroko gure arbasoek jopuen diru-gosetzat zeukatena; era berean, sumin itsu eta barbarotzat dauka haiek egunero gudu berrietara bultzatzen zituen sugar konkistatzailea eta gerra gogoa.

Estatu Batuetan, aberastasunak oso erraz suntsitzen eta berregiten dira. Herrialdea mugagabea da eta baliabide agortezinez beterik dago. Herriak hazten ari den izaki baten premia eta gurari guztiak ditu, eta, edozelako ahaleginak egin arren, bereganatu ahal dituen baino ondasun gehiagoz inguratua dago beti. Horrelako herri batean beldurgarri dena ez da banako batzuen porrota, azkar konpontzen dena, guztien inaktibitatea eta nagikeria baizik. Industri enpresen ausardia da haren aurrerapen bizkor, indar eta handitasunaren lehen kausa. Amerikarrarentzat industria loteria handi bat bezala da: pertsona-kopuru txiki batek galdu egiten du, baina Estatuak irabazi etengabe; horrelako herriak, beraz, onginahiz ikusi eta ohoratu behar du ausardia industri arloan. Nolanahi ere, enpresa ausart orok berari ekiten dionaren aberastasuna arriskuan jartzen du, baita berataz fidatzen diren guztiena ere. Amerikarrek, merkataritza-ausardia bertute bihurtzen dutenez, ezin dituzte inola ere ausartak gaitzetsi.

Hortik dator Estatu Batuetan hain bihotz-samurtasun berezia izatea porrot egiten duen merkatariaganako: honen ohoreak ez du nozitzen izandako ezbeharraz. Honetan amerikarrak ezberdinak dira, bai Europako herrien aldean, bai gaur egungo nazio merkatari guztien aldean ere, halaber, beren egoera eta premiengatik, ez dute haietako inoren antzik.

Amerikan, munduaren gainerakoan ezagutzen ez den zorroztasunez tratatzen dituzte ohitura-garbitasuna aldatu eta ezkon-lotura suntsitzeko moduko bizio guztiak. Lehen begiratuan, horrek harrigarriro kontrastatzen du beste gai batzuetan duten jasankortasunarekin. Harrigarria gertatzen da herri bat beraren baitan hain moral laxatua eta hain zorrotza aurkitzea.

Gauza horiek ez dira ematen duten bezain inkoherenteak. Estatu Batuetan iritzi publikoak neurriz baino ez du erreprimitzen aberastasunen maitasuna, nazioaren industri handitasun eta oparotasunerako balio baitu; eta bereziki gaitzesten ditu ohitura txarrak, giza espiritua ongizatearen bilakuntzatik desbideratzen baitute, eta familiaren barne-ordena nahasten, negozioen arrakastarako hain beharrezkoa dena. Hurkoen estima izateko, aztura erregularretara makurtu behar dute amerikarrek. Zentzu horretan esan daiteke kastoak izatean datzala haien ohorea.

Ohore amerikarra puntu batean bat dator Europako antzinako ohorearekin: kuraia jartzen du bertute guztien buru, eta hori bihurtzen du gizonarentzat premia moraletako handiena; baina ez du kuraia ikuspegi beretik planteatzen.

Estatu Batuetan gudarako adorea gutxi estimatzen da, ongien ezagutzen eta gehien estimatzen den kuraia portura lehenago iristeko ozeanoren zakarraldiei aurre egitekoa da, basamortuko ezbeharrak eta bakardadea –ezbehar guztiek baino ankerragoa- kexarik gabe jasatekoa, nekez lorturiko aberastasuna bat-batean galtzea ia sentitu gabe gainditzeko behar den kuraia eta berreskuratzeko ahaleginak berehala sortarazten dituena. Honelako kuraia beharrezkoa da gizarte amerikarraren iraupen eta oparotasunerako batez ere, eta bereziki ohoratzen eta goresten du hark. Ezin hori gabe gelditu, desohorerik gabe.

Azken ezaugarri bat ere aurkitu dut; berak argituko du kapitulu honetako ideia.

Estatu Batuetakoa bezalako gizarte demokratikoan, non aberastasunak txikiak eta ziurgabeak baitira, mundu guztiak lan egiten du, eta lanak edozertara eramaten du. Horrek irauli egin du ohore-puntua eta nagikeriaren kontra zuzendu. du.

Batzuetan aurkitu ditut Amerikan pertsona aberatsak, gazteak, tenperamentuz ahalegin neketsu ororen etsai zirenak, eta lanbideren bat hartzera behartuak. Beren izaerak eta aberastasunak lanik egin gabe egoteko aukera ematen zien; iritzi publikoak, ordea, biziki debekatzen zien, eta obeditu beharrean zeuden. Aitzitik, Europako nazioetan, non aristokraziak oraindik borroka egiten baitu bera arrastaka daraman uholdearen kontra, sarri ikusi ditut pertsonak, beren premia eta gurariek etengabe eztenkatu arren, parekideen estima ez galtzeko lanik egin gabe zeudenak, eta asperdura eta estuasuna lana baino errazago onartzen zutenak.

Hain kontrako diren bi obligazio horietan nork ez ditu bi erregela ezberdin hautematen, nahiz eta biak, bata zein bestea, ohoreak sortarazi?

Gure gurasoek batez ere ohore deitzen zutena ez zen, egia esateko, haren formetako bat baizik. Izen generikoa eman zioten espezie bat bakarrik zenari. Ohorea, beraz, demokrazi mendeetan nahiz aristokrazi mendeetan aurkitzen da. Baina ez da zaila izango erakustea lehenengoetan beste fisionomia bat agertzen duela.

Haren aginduak ezberdinak izateaz gain, urriagoak eta ilunagoak ere badirela ikusiko dugu eta beraren legeei lasaiago jarraitzen zaiela.

Kasta bat herri bat baino askoz egoera bereziagoan egoten da beti. Ez dago ezer apartekoagorik munduan beti familia berberek osaturiko gizarte txiki bat –Erdi Aroko aristokrazia bezalakoa, adibidez- eta bere helburua jakintzargia, aberastasuna eta boterea bere baitan esklusiboki eta herentziaz bildu eta gordetzea duena baino.

Nolanahi ere, zenbat eta apartagoa izan gizarte baten posizioa, are ugariagoak izaten dira haren premia bereziak eta are gehiago hazten dira haren ohorearen nozioak, premia horiei dagozkienak.

Ohorearen aginduak beti izango dira urriagoak kastetan banaturik gabeko herri batean beste edozeinetan baino. Sortuko balira nazio batzuk, zeinetan klaseak aurkitzea zaila izango litzatekeen, ohorea agindu-kopuru txiki batera mugatuko litzateke haietan, eta agindu horiek gero eta gutxiago urrunduko lirateke gizadi osoak onarturiko lege moraletatik.

Beraz, ohorearen aginduak ez dira nazio demokratikoan aristokrazian bezain arraroak eta ugariak izango.

Ilunagoak  ere izango dira; hau aurrekoaren ondorio da halabeharrez.

Ohorearen ezaugarriak gutxiago izatean eta ez hain bereziak, sarritan zaila izan behar du bereiztea.

Badira beste arrazoi batzuk oraindik.

Erdi Aroko nazio aristokratikoetan, belaunaldiak alferrik etortzen ziren batzuk besteen segidan. Haietan familia bakoitza pertsona hilezkor eta beti mugiezina bezala zen; ideiak ere ez ziren gizarte-baldintzak baino gehiago aldatzen.

Gizon bakoitzak, beraz, beti gauza berberak zituen begien aurrean, ikuspegi beretik ikusten zituenak; haren begia pixkana-pixkana xehetasunik txikienetan sartzen zen, eta haren pertzepzioa luzarora argi eta zorrotz bihurtzen zen, derrigorrez. Honela, garai feudaletako jendeak oso iritzi apartekoak zituen bere ohoreari buruz, eta gainera iritzi horietako bakoitza oso garbi eta zehatz agertzen zen haren espirituan.

Sekula ezin gauza bera gertatu Amerika bezalako herrialde batean, hiritar guztiak mugitzen baitira han; gizarteak, bera ere egunero aldatzen delarik, premiekin batera aldatzen ditu bere iritziak. Horrelako herrialde batean, erdi-ikusi egiten da ohorearen erregela, baina nekez izaten da astirik geldi aztertzeko.

Gizarte mugigaitza izango balitz ere, halaz guztiz zail izango litzateke han ohore hitzari dagokion zentzua aukeratzea.

Erdi Aroan, klase bakoitzak bere ohorea zuelarik, iritzi bera sekula ez zuen batera jende-kopuru handiak onartzen, eta horrela forma mugatu eta zehatza eman zekiokeen; batez ere, onartzen zutenek, guztiek jarrera identikoa eta oso berezia izanik, berezko joera zutelako beraientzat bakarrik egina zen lege baten aginduetan elkar ulertzeko.

Honela, ohorea kode oso eta zehatz bilakatzen zen, dena aurrez ikusia eta ordenatua zuena, eta giza ekintzetarako arau finko eta beti agerikoa aurkezten zuena. Herri amerikarra bezalako nazio demokratikoan  -non gizarte-mailak nahasiak dauden eta gizarte osoak masa bakarra baizik osatzen ez duen, masa honen elementu guztiak analogoak badira ere, erabat antzekoak izan gabe- sekula ezin dira ados jarri ohoreak zehazki zer baimentzen eta zer debekatzen duen erabakitzeko.

Herri horren baitan badira zenbait behar nazional, ohore-kontuan iritzi komunak sortarazten dituztenak; baina horrelako iritziak sekula ez zaizkio aldi berean, era berean eta indar berdinaz aurkezten hiritar guztien espirituari; existitzen da ohorearen legea, baina interpretariak falta zaizkio sarri.

Nahasmena are handiagoa da gurea bezalako herrialde demokratikoan: bertan antzinako gizartea osatzen zuten klaseek –elkarrekin nahastu, bai, baina oraindik bat egitera iritsi gabeek- egunero sartzen dituzte batzuek besteen baitan beren ohorearen nozio ezberdinak, eta sarritan aurkakoak; bertan pertsona bakoitzak, bere kapritxoen arabera, gurasoen iritzietako batzuk baztertu eta beste batzuk gordetzen ditu; horrela, hainbeste neurri arbitrarioren erdian, sekula ezin da ezarri erregela komunik. Orduan ia ezinezkoa izaten da aurrez esatea zein ekintza izango den ohoratua eta zein gaitzetsia. Zorigaiztoko garaiak dira, baina ez dute iraungo.

Nazio demokratikoetan, ohorea, gaizki zehaztua dagoenez, ezin izan inola ere hain ahaltsua, zaila baita ziurtasun eta irmotasunez aplikatzea osagabeki ezagutzen den legea. Iritzi publikoak, ohore-legearen berezko interpretari subiranoa denak, garbi ikusten ez duenez zein aldetara bideratu gaitzespena edo gorespena, zalantzaz ematen du epaia. Batzuetan kontraesanetan ere erotzen da; sarritan mugitu gabe gelditzen da, eta egiten uzten du.

Ohoreak demokrazietan duen ahulezia erlatiboak badu beste hainbat kausa ere.

Herrialde aristokratikoetan, ohore berbera jende-kopuru jakin batek bakarrik onartzen du beti, sarritan talde murritza izaten delarik eta gainerako hurkoengandik banatua betiere. Beraz, haien espirituan, ohorea erraz nahasten eta bat egiten da  besteengandik bereizteko dituzten gauza guztien ideiarekin. Beren fisionomiaren ezaugarria dela iruditzen zaie; ohorearen arauak interes pertsonalaren gogo-berotasun osoz aplikatzen dituzte, eta, zilegi bazait honela esatea, grinaz obeditzen diete.

Egia hori argi eta garbi agertzen da Erdi Aroko kronikak irakurtzen direnean, duelu judizialei dagokienean. Hor ikusten denez, nobleak beharturik zeuden beren liskarretan lantzaz eta ezpataz baliatzera; bilauek, berriz, makila erabiltzen zuten beren artean, “kontuan izanik, esaten dute ekanduek, bilauek ez dutela ohorerik”. Horrek ez zuen esan nahi, gaur egun imajinatzen den bezala, jende hura mesprezagarria zenik; bakar-bakarrik horrek esan nahi zuen haien ekintzak ez zirela epaitzen aristokraziaren erregela berberen arabera.

Harritzen duena, lehen begiratuan, zera da: ohoreak bere indar guztiaz agintzen duenean, orokorrean oso arraroak izaten direla haren aginduak, eta zenbat eta gehiago urrundu arrazoitik, hobeto obeditzen zaiola ematen duela; hortik ondorioztatu da batzuetan ohorea bere arrarokeriagatik zela, hain zuzen ere, indartsua.

Bi gauza hauek jatorri berbera dute, izan ere; baina bata ez da bestetik ondorioztatzen.

Ohorea arraroa da, pertsona-kopuru txiki batek sentitzen dituen eta bereziak diren premiak errepresentatzen dituen neurrian; eta horrelako premiak errepresentatzen dituelako da indartsua ere. Beraz, ohorea ez da indartsua arraroa delako, baizik eta kausa beragatik da arraroa eta indartsua.

Beste oharpen bat egingo dut.

Herri aristokratikoetan gizarte-maila guztiak dira ezberdinak, baina guztiak dira finkoak; bakoitzak leku bat betetzen du bere eremuan eta ezin da hortik irten, eta bere inguruan ere berean loturik dauden beste batzuen artean bizi izaten da. Beraz, nazio horietan inork ezin du ez ikusia izateko esperantza edo beldurrik izan; ez dago pertsonarik hain behean kokaturik bere antzezlekua ez duenik, eta bere iluntasunagatik gaitzespenari edo gorespenari ihes egin behar dionik.

Estatu demokratikoetan, aitzitik, non hiritar guztiek bat egiten duten jendetza berean eta etengabe asaldatzen diren bertan, iritzi publikoak ez du nori heldu; haren xedea desagertu egiten da une oro, eta ihes egiten dio. Han ohorea inoiz ez da izango hain aginkoi eta premiatsua; zeren eta ohoreak publikoaren bistan bakarrik jokatzen baitu, bertute hutsak ez bezala, hau bere baitatik bizi baita eta bere testigantzaz asetzen.

Irakurleak ongi ulertu badu aurreko guztia, ulertuko zuen badela harreman estu eta beharrezkoa gizarte-baldintzen ezberdintasunaren eta guk ohorea deitu dugunaren artean, oker ez banago, oraindik garbi adierazia izan ez dena. Beraz, azken ahalegin bat egin behar dut hori argitzeko.

Nazio bat aparte kokatzen da gizadian. Giza espezieari datxezkion premia orokor batzuez gain, nazio horrek bere interes eta premia partikularrak ditu. Berehala ezartzen dira haren baitan, gaitzespen eta gorespen kontuan, bere-berea izango duen iritzi-multzoa, hiritarrek “ohorea” deitzen dutena.

Nazio horren berorren baitan, kasta bat ezarriko da, beste klase guztietatik banatzean, premia partikularren beharra sortzen duena, eta hauek, beren aldetik, iritzi bereziak sortarazten dituzte. Kasta honen ohorea, nazioaren nozio berezien eta are bereziagoak diren kasta-nozioen osaketa bitxia, imajina daitekeen bezainbat urrunduko da jendearen iritzi sinple eta orokorretatik. Iritsi gara muturreko puntura, egin dezagun berriro atzera.

Gizarte-mailak nahastu egiten dira, pribilegioak abolitu. Nazioa osatzen dutenak berriro antzeko eta berdinak direnez, beren interes eta premiek bat egiten dute, eta kasta bakoitzak ohorea deitzen zituen nozio berezi guztiak desagertu egiten dira segidan; ohorea ez da jada nazioaren beraren premia partikularretatik baizik sortzen; bere indibidualitatea errepresentatzen du herrien artean.

Azkenik, zilegi balitz uste izatea arraza guztiak batu egingo direla eta munduko herri guztiak interes eta premia berak izatera iritsiko direla eta batzuk besteengandik ez dituela inolako ezaugarrik bereiziko, orduan ez litzaieke batere balio konbentzionalik emango giza ekintzei; guztiek ikuspegi berberetik aztertuko lituzkete; gizadiaren premia orokorrak, kontzientziak pertsona bakoitzari azaltzen dizkionak, izango lirateke neurri komuna. Orduan, ez lirateke mundu honetan ongiaren eta gaizkiaren nozio sinple eta orokorrak baino aurkituko, eta horiei atxikiko litzaizkieke, berezko eta beharrezko loturaz, gorespen edo gaitzespenaren ideiak.

Honela, nire pentsamendua formula bakar batean laburtzeko, gizakien diferentzia eta desberdintasunek sortu dute ohorea; ahuldu egiten da ezberdintasun horiek ezabatu ahala, eta beroriekin desagertuko litzateke.

XIX. Zergatik dagoen Ameriketan hainbeste gutiziatsu eta hain gutizia handi gutxi

[aldatu]

Estatu Batuetan harritzen duen lehen gauza beren jatorrizko egoeratik irten nahi dutenen kopuru ugaria da; eta bigarrena, gutiziaren mugimendu unibertsal horren erdian sumatzen diren gutizia handien kopuru txikia. Ez dago amerikarrik handinahiak irensten ez duenik; baina itxaropen handi-handirik duenik, edo oso gora jo nahi duenik ez da ia inor ikusten. Guztiek ondasunak, ospea eta boterea lortu nahi dituzte etengabe; baina gauza horiek gutxik planteatzen dituzte eskala handian. Eta hori harrigarria gertatzen da lehen begiratuan, ez baita ezer ikusten Amerikako ohituretan, ez legeetan, desirak mugatu eta alde guztietarantz hedatzea eragotziko dienik.

Zaila dirudi gizarte-baldintzen berdintasunari egoztea gauzen egoera berezi hau; zeren eta, berdintasun hori  berori gure artean ezarri zen momentuan, gutizia ia mugagabeak sortarazi baitzituen berehala. Hala ere, uste dut amerikarren gizarte-egoeran eta ohitura demokratikoetan bilatu behar dela, batez ere, aurreko horren zergatia.

Iraultza orok areagotu egiten du jendearen gutizia. Eta hori aristokrazia botatzen duen iraultzaz da, batez ere, egia.

Jendea ospe eta boteretik banatzen zuten hesi zaharrak bat-batean erortzen direnean, gorako mugimendu indartsu eta unibertsala gertatzen da luzaroan gutiziaturiko handitasun horietarantz, azkenean aukera baitute horietaz gozatzeko. Arrakastaren lehen beroaldi horretan, ezer ez zaio ezinezkoa iruditzen inori. Gurariek mugarik ez izateaz gain, horiek asetzeko ahalmenak ere ez du ia. Ekanduen eta legeen berriztapen orokor eta bat-bateko horren erdian, gizaki guztien eta arau guztien nahasmen zabal horretan, hiritarrak sekula entzungabeko bizkortasunez igotzen eta erortzen dira, eta boterea hain arin igarotzen denez eskuz esku, inork ez du etsi behar berak ere eskuratzeaz.

Bestalde, gogoratu beharra dago aristokrazia suntsitzen dutenak haren legepean bizi izan direla; ikusi izan dituzte haren distirak, eta berak sorturiko sentimendu eta ideiak barneratuak dituzte, oharkabean. Aristokrazia desegiten den momentuan, beraz, haren espirituak jendemasaren gainean jarraitzen du oraindik, eta haren joerak luzaroan gordetzen dira garaitua izan ondoren.

Horregatik, iraultza demokratikoak iraun bitartean, gutiziak oso handiak izaten dira beti; eta bukatu eta denboraldi bat geroago ere izango dira oraindik.

Ikusi behar izan dituzten aparteko gertakarien oroitzapena ez da egun batean ezabatzen gizakien oroimenetik. Iraultzak sorturiko grinak ez dira berarekin batera desagertzen. Ezegonkortasunaren sentimendua betikotu egiten da ordenaren erdian. Arrakasta erraza delako ideiak, sortarazi zuten gora-behera bitxiek baino luzaroago irauten du. Gurariek oso zabalak izaten jarraitzen dute, horiek asetzeko baliabideak egunero gutxituz doazen bitartean. Aberastasun handien gustuak iraun egiten du, nahiz eta aberastasun handiak oso bakanak bilakatu, eta alde guztietan pizten dira proportziorik gabeko eta zoritxarreko gutiziak, ezkutuan eta emaitzarik gabe bihotza erretzen dutenak.

Poliki-poliki, ordea, borrokaren azken arrastoak ezabatu egiten dira; aristokraziaren hondarrak ere, desagertu. Ahaztu egiten dira haren erorketarekin batera izan ziren gertakari handiak; atsedena etortzen da gerra ostean, arauaren agintea birsortzen da mundu berriaren baitan; gurariak baliabideen proportziozko bihurtzen dira; premiak, ideiak eta sentimenduak kateatu egiten; gizakiak berdintzera iristen dira: finkaturik dago azkenik gizarte demokratikoa.

Egoera iraunkor eta normal horretara iritsitako herri bat hartzen badugu aztergai, ikusi berri dugunaren aldean oso bestelako ikuskizuna agertuko digu, eta erraz ohartuko gara, gutizia handitu egiten bada gizarte-baldintzak berdindu ahala, izaera hori galdu egiten duela berdinak direnean.

Aberastasun handiak banatu eta zientzia zabaldu egiten denez, inor ez da batere jakintzargi edo ondasunik gabe gelditzen; klaseen pribilegioak eta ezintasunak abolitzean, eta gizakiak mugitu gabe edukiarazten zituzten lokarriak betiko apurtzean, aurrerabidearen ideia agertzen zaio bakoitzaren espirituari; gora egiteko gogoa sortzen da aldi berean bihotz guztietan; bakoitzak bere lekutik irten nahi du. Gutizia da sentimendu unibertsala.

Baina baldintza-berdintasunak hiritar guztiei baliabideren batzuk ematen badizkie, aldi berean eragotzi egiten du inork oso baliabide zabalak izatea; eta horrek halabeharrez muga aski estuetan ixten ditu gurariak. Herri demokratikoetan, gutizia sutsu eta iraunkorra izaten da, beraz; baina normalean ezin du oso gora jo; eta eskueran ikusten diren gauzatxoak gogo beroz irrikatzen ematen da eskuarki bizitza.

Demokrazietako gizonak gutizia handitik ez ditu, batez ere, beren aberastasunaren urritasunak desbideratzen, hobetzeko egunero egiten duten ahalegin bortitzak baizik. Erdipurdiko gauzak egiteko indar guztiak erabiltzera behartzen dute arima, eta horrek haien ikuspegia mugatzen du laster eta boterea mugatzen. Haiek izan litezke behartsuago eta, hala ere, askoz handiago.

Demokraziaren baitan aurkitzen den hiritar aberatsen kopuru txikia ez da arau horrekiko salbuespen bat. Aberastasun eta botererantz mailaka igotzen denak lan luze horretan zuhurtzi eta moderazio-azturak bereganatzen ditu, gero utzi ezin dituenak. Haren arima ez da pixkanaka zabaltzen, etxea bezala.

Antzeko zerbait esan daiteke gizon horren berorren semeez. Egia da hauek goi-mailan jaio direla, baina gurasoak apalak izan ziren; sentimendu eta ideia batzuen artean haziak dira, eta geroago zail gertatzen zaie horietatik libratzea; eta pentsatu behar da aitaren joerak eta ondasunak heredatuko dituztela aldi berean.

Aitzitik, gerta daiteke aristokrazia indartsu baten kimurik pobreenak gutizia handia agertzea, bere arrazaren iritzi tradizionalek eta bere kastaren espiritu orokorrak oraindik aldi batez eusten diotelako bere aberastasunaren gainetik.

Demokrazi garaietako jendea gauza handiak gutiziatzen erraz hastea beste zerbaitek ere eragozten du: beraien ustez, lortzeko egoeran egon aurretik pasatu behar den denborak. “Abantaila handia da –zioen Pascalek- hemezortzi edo hogei urterekin pertsona batek lortzea beste batek berrogeita hamarrekin duen egoera; nekerik gabe irabazitako hogeita hamar urte dira”. Hogeita hamar urte horiek normalean falta egiten zaizkie demokrazietako gutiziei. Berdintasunak, edozertara iristeko ahalmena uzten diolarik bakoitzari, bizkor haztea eragozten du.

Gizarte demokratikoan, beste edonon bezala, aberastasun handien kopuru mugatua bakarrik egin daiteke; eta horietara doazen bideak hiritar guztientzat bereizketarik gabe zabalik daudenez, beharrezkoa da guztien aurrerapena mantsotzea behintzat. Izangaiek gutxi gora-behera antzekoak ematen dutenez, eta gizarte demokratikoen lege gorena den berdintasunaren printzipioa hautsi gabe haien artean aukeratzea zaila denez, agertzen den ideia guztiak pauso berean ibilaraztea da, eta guztiei proba berak pasaraztea.

Beraz, jendea elkarren antzekoago bihurtu ahala, eta berdintasunaren printzipioa erakundeetan eta ohituretan baketsuago eta sakonkiago sartu ahala, aurrerapenaren arauak zurrunago bihurtzen dira, aurrerapena mantsoago; handitasun-maila batera bizkor iristeko zailtasuna areagotu egiten da.

Pribilegioaren gorrotoz eta aukeraren zailtasunagatik, pertsona guztiak, beraien tamaina gora-behera, galbahe beretik pasatzera behartzen dira, eta atariko ariketa txiki ugari egitera behartzen dira guztiak bereizketarik gabe, horietan gaztetasuna galdu eta irudimena itzaltzen zaielarik; eta, horrela, etsi egiten dute eskaintzen zaizkien ondasunak inoiz bete-betean gozatu ahal izateaz; eta, azkenean, aparteko gauzak egin ahal izatera iristen direnean, galdua dute horretarako gustua.

Txinan, non baldintza-berdintasuna oso handia eta oso antzinakoa baita, pertsona bat funtzio publiko batetik bestera lehiaketa jasan ostean bakarrik igarotzen da. Proba hori haien karrerako urrats bakoitzean aurkitzen da, eta, ideia hori hain sartua dagoenez ohituretan, gogoan dut Txinako eleberri bat irakurri izana, non heroiak, gora-behera askoren ondoren, azkenean bere maitalearen bihotza hunkitzen baitu proba on bat eginez. Horrelako giro batean nekez har dezakete arnasa gutizia handiek.

Politikaz esaten ari naizena gauza guztietara hedatzen da; berdintasunak ondorio berberak eragiten ditu alde guztietan; jendearen mugimendua arautu eta atzeratzeaz legea arduratzen ez den tokian, konkurrentziak egiten du hori.

Ongi ezarririko gizarte demokratikoan, igoera handi eta bizkorrak gutxi izaten dira; hauek arau komunarekiko salbuespenak izaten dira. Haien berezitasunak ahantzarazten du beraien kopuru txikia.

Demokrazietako gizonak azkenerako gauza horiek guztiak sumatzen ditu; luzarora, ohartzen dira legegileak mugagabeko alorra zabaltzen duela beraien aurrean, eta alor horretan guztiek eman ditzaketela urrats batzuk, baina inor ezin daitekeela harrotu bizkor ibiltzeaz. Beren artean eta beren gurarien xede zabal eta azkenaren artean, bitarteko hesi txiki ugari ikusten dituzte, astiro-astiro igaro behar dituztenak; ikuspegi honek aurrez nekatzen du haien gutizia, eta geldiarazi egiten du. Beraz, uko egiten diete urrutiko eta dudazko itxaropen horiei, beraiengandik hurbil gozamen apalago eta errazagoak bilatzeko. Legeak ez du haien horizontea mugatzen, haiek berek murrizten dute.

Esan dut gutizia handiak urriagoak zirela demokrazi mendeetan aristokrazi mendeetan baino; gainera, berezko eragozpen horiek gorabehera, hala ere sortu egiten badira, beste fisionomia bat izaten dute.

Aristokrazietan, handinahitasunaren lasterketa zabala izaten da sarri, baina muga finkoak izaten ditu. Herrialde demokratikoetan, alor estuan mugitzen da normalean, baina hortik irteten bada, ezerk ez duela mugatzen esan liteke. Gizakiak ahul, isolatu eta mugikorrak direnez, aurrekariek indar gutxi eta legeek iraupen laburra dutenez, berritasunen aurkako erresistentzia motela izaten da eta gizarte-gorputzak sekula ez du ematen oso zuzen dagoenik, ezta oso irmo ere bere oinarrian. Horrela, gutiziatsuek inoiz boterea beren esku izaten badute, edozertara ausart daitezkeela uste dute; eta ihes egiten dienean, berehala pentsatzen dute Estatua iraultzea, berreskuratzeko.

Honek izaera bortitz eta iraultzailea ematen dio gutizia politiko handiari, nekez ikusten dena maila berean gizarte aristokratikoetan.

Zuhurtasun handiko gutizia txiki asko, beraien erdian noizbehinka sortzen direlarik gaizki erregulaturiko desira handiren batzuk: horra hor normalean nazio demokratikoek erakusten duten koadroa. Apenas aurkitzen den beraietan gutizia proportzionatu, neurritsu eta zabalik.

Erakutsi dut beste nonbait berdintasunak zien indar ezkutuz nagusiarazten zuen giza bihotzean gozamen materialen grina eta orainaren maitasun esklusiboa; joera ezberdin hauek nahastu egiten dira gutiziaren sentimenduan, eta, nolabait esateko, beren kolorez tintatzen dute.

Pentsatzen dut demokrazietako gutiziatsuak beste guztiak baino gutxiago arduratzen direla etorkizunaren interes eta epaiez: soilik oraingo momentuaz kezkatzen dira, eta horrek bereganatzen ditu. Eginkizun asko bukatzen dute bizkor, monumentu oso iraunkorrak eraiki ordez; arrakasta maiteago dute aintza baino. Obedientzia da, batez ere, jendeari eskatzen diotena. Agintea da nahi dutena, ororen gainetik. Haien ohiturak ia beti beraien egoera-mailaren azpian gelditzen dira; eta horren ondorioz, sarri oso gustu arruntak izaten dituzte aparteko aberastasunaren erdian, eta ematen du plazer txiki eta zabarrak errazago eskuratzeko bakarrik hartzen dutela aginte subiranoa.

Uste dut gaur egun beharrezkoa dela gutiziaren sentimendua garbitu, arautu eta proportziozko bihurtzea, baina oso arriskutsua litzatekeela pobretu nahi izatea eta neurriz kanpo eustea. Lehenik ertzetako mugak jartzen ahalegindu behar da, gaindiezinak izango direnak; baina berorren garpena ere ez da gehiegi oztopatu behar onarturiko mugen barruan.

Aitor dut gizarte demokratikoetan beldur gutxiago ematen didala ausardiak desiren kaskartasunak baino; eta beldurgarriena zera iruditzen zait: bizitza pribatuko okupazio txiki etengabeen erdian, goranahiak bere bulkada eta handitasuna galtzea: aldi berean giza grinak ez apaltzea eta beheratzea, horrela egunetik egunera gizarte-gorputzaren ibilera lasaiagoa eta apalagoa izan dadin..

Pentsatzen dut gizarte berri hauetako buruzagiek oker jokatuko luketela hiritarrak zoriontasun uniformeegi eta baketsuegian lotan eduki nahi izango balituzte, eta on dela batzuetan eginkizun zail eta arriskutsuak ematea, gutizia mailaz igo eta antzezleku berria eskaintzeko.

Moralistak etengabe kexatzen dira gure garaiko bizio kutuna harrokeria izateaz.

Hori egia da zentzu batean. Egia esateko, ez dago pertsonarik auzokoa baino gehiago balio duela uste ez duenik eta bere nagusiari obeditzea onartuko duenik; baina hau zeharo faltsua da beste zentzu batean; zeren eta, hala ere, pertsona horrek berorrek –ez menpekotasuna, ez berdintasuna jasan ezin duenak- bere burua gutxiesten baitu, plazer arruntez bakarrik gozatzeko egina delakoan. Desira kaskarretan gelditzen da gogotsu, eginkizun handiei ekitera ausartu gabe. Apenas imajinatu ere egiten dituen.

Inola ere uste izan gabe gure garaikideei apaltasuna gomendatu beharko litzaiekeenik, beren buruaz eta espezieaz ideia zabalagoa ematen ahalegindu nahi nuke; apaltasuna ez zaie batere osasungarri; nire iritziz, harrotasuna da gehien falta zaiena. Nik gogotsu aldatuko nituzke gure bertute txikietako batzuk bizio horren truke.

XX. Enplegu publikoen negozioa zenbait nazio demokratikotan

[aldatu]

Estatu Batuetan hiritar batek, jakintzargi eta baliabide batzuk dituen momentuan, aberastu egin nahi izaten du merkataritzan eta industrian, edota basoz estalitako landa bat erosi eta pionero bihurtzen da. Estatuari eskatzen dion guztia bere lanean eragozpenik ez jartzea eta emaitza ziurtatzea izaten da.

Europako herri gehientsuenetan, gizon bat bere indarra sentitzen eta bere gurariak zabaltzen hasten denean, lehenengo bururatzen zaiona enplegu publikoa lortzea izaten da. Ondorio ezberdin horiek, kausa beretik irtenak, une batez hemen gelditzea merezi dute azter ditzagun.

Funtzio publikoak gutxi direnean, gaizki ordainduak eta egonkortasun txikikoak, eta, bestalde, negozio industrialak ugariak eta emankorrak direnean, alde guztietatik industriarantz jotzen dute –eta ez administraziorantz- berdintasunak egunero sortarazten dituen desira berri eta urduriek.

Baina, gizarte-mailak berdintzen diren aldi berean, jakintzargiak osagabe edo espirituak herabe gelditzen badira, edo merkataritzak eta industriak, beren garapenean oztopatuak, aberasteko bide zail eta geldoak bakarrik eskaintzen badituzte, hiritarrek, beren zoria beren kabuz hobetzeaz etsita, estatu-buruarengana jotzen dute zalapartatsu, laguntza eske. Iruditzen zaie altxor publikoaren kontura erosoago bizitzea dela, bide bakarra ez bada ere, gutxienez bide errazen eta guztientzako irekiena, asebetetzen ez dituen egoeratik irteteko: lanpostu publikoak bilatzea bihurtzen da industriarik landuena.

Honela izan behar du monarkia zentralizatu handietan batez ere, non funtzio ordainduen kopurua ikaragarria baita eta funtzionarien existentzia aski ziurtatua; horrela inork ez du enplegu bat lortzeko eta berorretaz, ondare batez bezala, bakean gozatzeko itxaropena galtzen.-

Ez dut esango funtzio publikoen nahi unibertsal eta neurrigabe hori gizarte-gaitz handi bat dela; edo hiritar bakoitzaren baitan, independentzi espiritua suntsitzen duela eta nazioaren gorputz osoan morroi-izaera salkorra hedatzen duela; edo bertute indartsuak itoarazten dituela; ez dut esango ere horrelako industriak emankor ez den jarduera sortzen duela eta herrialdea astintzen duela ernaldu gabe. Hori guztia erraz ulertzen da.

Nik esan nahi dudana da horrelako joera bultzatzen duen gobernuak arriskuan jartzen duela bere lasaitasuna, eta arrisku handian bere bizia ere.

Badakit, gurea bezalako garaian, antzina botereari edukitzen zitzaion maitasuna eta begirunea pixkanaka itzaltzen ari direnean, gobernariei beharrezko irudi dakiekeela gizon bakoitza estuago kateatzea bere interesetik, eta erosoa irudi dakiekeela beraren grinez baliatzea ordenan eta isilpean edukitzeko; baina ezin da luzaroan honela jokatu, eta aldi batez indar-kausatzat har daitekeena luzarora arazo eta ahulezi eragile handi bihurtzen da ziur aski.

Herri demokratikoetan, beste guztietan bezala, enplegu publikoen kopuruak mugak izaten ditu azkenerako; baina, herri horietan berorietan, gutiziatsuen kopuruak ez du mugarik izaten; gizarte-baldintzak berdindu ahala, etengabe hazten da mugimendu gradual eta jarkiezinean; jendea falta denean bakarrik mugatzen da.

Hortaz, gutiziak administraziokoa beste irtenbiderik ez duenean, gobernuak halabeharrez aurkakotasun iraunkorra aurkitzen du azkenerako; zeren eta bere eginkizuna mugagabeki ugaltzen diren desirak baliabide mugatuez asetzea izaten baita. Konbentzitu beharra dago, munduko herri guztien artetik, eusteko eta gidatzeko zailena eskatzaileen herria izaten dela. Buruzagiek eginahalak egin arren, ezingo dituzte inoiz asetu, eta beldur izan behar da beti, kargu bakanteak lortu beharragatik bakarrik, azkenean ez ote duten herrialdearen eraketa irauli eta Estatuaren itxura aldatuko.

Oker ez banabil,  gure garaiko printzeak, berdintasunak sortarazten dituen desira berri guztiak berengana erakartzen eta asebetetzen saiatzen direnak, azkenerako damu izango dira horrelako eginkizunetan sartu izanagatik; egun batean konturatuko dira beren agintea  arriskatu dutela hain beharrezko bihurtzean, eta zintzoago eta ziurragoa izango zatekeela menpeko bakoitzari bere buruaz baliatzeko artea irakastea.

XXI. Zergatik iritsiko diren bakanak izatera iraultza handiak

[aldatu]

Mendeetan zehar kasta eta klase-sistemaren menpe bizi izan den herria gutxi-asko neketsuak diren eraldakuntzen segida luzearen bidez bakarrik iristen da gizarte-egoera demokratikora, eta ahalegin bortitzen eta gora-behera askoren ondoren, berauetan zehar ondasunak, iritziak eta boterea bizkor aldatzen direlarik lekuz.

Iraultza handi hori bukatu eta gero, artean luzaroan irauten dute beroriek sortaraziko aztura iraultzaileek, eta astinaldi sakonak izaten dira jarraian.

Hori guztia gizarte-baldintzak berdintzen diren momentuan gertatzen denez, ondorioztatu behar da badela erlazio ezkuturik eta lotura sekreturik berdintasunaren eta iraultzaren artean, ezin delarik bata existitu besteak sortarazi gabe.

Puntu honetan, arrazoiketa esperientziarekin bat datorrela ematen du.

Gizarte-mailak gutxi gora-behera berdinak diren herri batean, ez dago lokarri nabaririk gizakiak batu eta beren lekuan irmo edukitzen dituenik. Beraietako inork ez du agintzeko eskubide iraunkorrik, ez ahalmenik, eta inor ez dago bere egoeragatik obeditu beharrean ere; baina bakoitzak, jakintzargi eta baliabide batzuen jabe denez, bere bidea aukera dezake eta beste guztiengandik aparte aurrera egin.

Hiritarrak  batzuk besteengandik independente bihurtzen dituzten kausa horiek beroriek bultzatzen dituzte egunero desira berri eta urdurietara, eta etengabe akuilatzen dituzte.

Beraz, badirudi normala dela sinestea gizarte demokratikoan ideia, gauza eta gizakiek formaz eta lekuz aldatu behar dutela egunero, eta demokrazi mendeak eraldakuntza bizkor eta etengabeen garaiak izango direla.

Baina horrela al da benetan? Baldintza-berdintasunak, ohikotasunez eta iraunkorki, iraultzetarantz eramaten al du jendea? Printzipio nahasgarriren bat ote du, gizarteari finkatzea eragozten diona eta hiritarrak beren lege, doktrina eta ohiturak etengabe berritzera bultzatzen dituena? Ez dut uste. Gaia garrantzizkoa da; ongi jarrai diezadan erregutzen diot irakurleari.

Herrien itxura aldatu duten iraultza ia guztiak ezberdintasuna finkatzeko ala suntsitzeko egin izan dira. Ken itzazue gizakien asaldura handiak eragin dituzten bigarren mailako kausak, eta ezberdintasunera iritsiko zarete ia beti. Behartsuek aberatsei kendu nahi izan dizkiete ondasunak, edo aberatsak behartsuak kateatzen saiatu izan dira. Beraz, gizarte-egoera bat sortuko bazenute, non bakoitzak zerbait izango lukeen gordetzeko eta gutxi hartzeko, asko egingo zenukete munduko bakearen alde.

Badakit herri demokratiko handietan beti egoten direla hiritar oso behartsuak eta hiritar oso aberatsak; baina behartsuak, nazioaren gehien-gehiengoa izan ordez –gizarte aristokratikoetan beti gertatzen den bezala-, gutxi izaten dira, eta legeak ez ditu lotzen erremediorik gabeko eta herentziazko lazeriaren lokarriekin.

Aberatsak, berriz, banaka batzuk eta ahalgabeak izaten dira; ez dute begirada erakartzen duen pribilegiorik; haien aberastasuna bera, jada ez dagoenez lurrari lotua eta honek irudikatua, ukiezina da eta ikusezina bezala. Jada behartsu-arrazarik ez dagoen bezalaxe, ez dago aberats-arrazarik ere; hauek jendearen baitatik irteten dira egunero, eta bertara itzultzen etengabe. Ez dute, beraz, klase bat osatzen, erraz mugatu eta bipil daitekeenik; eta, bestalde, mila hari ezkuturen bidez herrikideei loturik daudenez, herriak ezin die eraso egin, bere burua harrapatu gabe. Gizarte demokratikoen bi mutur horien artean, ia berdinak diren gizakien kopuru izugarria dago, oso aberats edo behartsu izan gabe, ordena nahi izateko adina ondasun dutenak, baina ez bekaizkeria pizteko beste.

Hauek, berez, mugimendu bortitzen etsai dira; beraien mugiezintasunak geldi edukitzen du beraien gainetik eta azpitik dagoen guztia eta gizarte-gorputza bere oinarrian finkatzen du.

Hauek ez daude konforme bere oraingo zoriaz, eta ez diote berezko ikararik ere iraultzari, beronen harrapakinez gozatuko bailukete, gaitzak jasan beharrik gabe; aitzitik, aberastu egin nahi dute, irrika paregabez; baina hori noren kontura egin jakitean datza arazoa. Etengabe desirak iradokitzen dizkien gizarte-egoera berak beharrezko mugen barnean ixten ditu desira horiek. Aldatzeko askatasun handiagoa ematen dio jendeari eta interes txikiagoa aldaketan.

Demokrazietako jendeak ez du berez iraultzarik nahi izaten, eta horien beldur ere izaten da. gainera.

Ez dago iraultzarik lehendik finkatutako jabetza gutxi-asko mehatxatzen ez duenik. Herrialde demokratikoetan bizi diren gehienak jabeak izaten dira; ez dituzte jabetzak bakarrik; jendeak bere jabetzari baliorik handiena ematen dion egoeran bizi dira.

Gizarte osatzen duten klaseetako bakoitza arretaz aztertzen bada, erraz ikusten da jabetzak sortarazten dituen grinak ez direla beste inon biziago eta setatiagoak klase ertainetan baino.

Sarritan behartsuak apenas arduratzen diren daukatenaz, falta zaienagatik askoz gehiago sufritzen baitute daukaten apurraz gozatzen dutena baino. Aberatsek ase beharreko beste grina asko dute aberastasunarenaz gain, eta, bestalde, aberastasun handiaren erabilera luze eta neketsuak batzuetan haren gozotasunekiko sorgortu bezala egiten ditu azkenerako.

Baina oparotasunetik nahiz lazeriatik urruntasun berdinean bizi denak izugarrizko balioa ematen die bere ondasunei. Oraindik pobreziatik oso hurbil daudenez, hurbiletik ikusten dituzte haren laztasunak eta beldur izaten dira; pobreziaren eta beraien artean ondare txiki bat besterik ez dago, eta hartan finkatzen dituzte beren beldur eta itxaropenak. Une oro gero eta gehiago interesatzen dira berataz, sortarazten dien ardura etengabeagatik, eta berari atxikitzen zaizkio gehitzeko egunero egiten dituzten ahaleginengatik. Zatirik txikiena emateko ideia jasangaitza zaie, eta erabat galtzea zorigaitzik handiena. Nolanahi ere, jabe txiki sutsu eta kezkati horien kopurua etengabe gehitzen du baldintzen berdintasunak.

Honela, gizarte demokratikoetan, hiritarrik gehienek ez dute argi ikusten zer irabaz lezaketen iraultzarekin, eta une oro eta mila eratara sentitzen dute zer gal lezaketen.

Azaldu dut obra honen beste toki batean nola baldintza-berdintasunak berez bultzatzen zituen gizonak industri eta merkataritzako eginkizunetara, eta nola gehitzen eta dibertsifikatzen zuen lur-jabetza; azkenik erakutsi dut nola sortarazten zion bakoitzari ongizatea areagotzeko desira sutsu eta etengabea. Ezer ez dago grina iraultzaileen aurkakoagorik gauza hauek guztiak baino.

Gerta liteke bere azken emaitzagatik iraultza bat industria eta merkataritzarako mesedegarri izatea; baina bere lehen ondorioa industriari eta merkatariei porrot eragitea izango da ia beti, zeren eta, hasieran, kontsumoaren egoera orokorra aldatuko baitu derrigorrez eta produkzioaren eta premien artean zegoen proportzio irauliko baitu momentuz.

Bestalde, ez dakit ohitura iraultzaileen ezer aurkakoagorik dagoen merkataritza-ohiturak baino. Merkataritza grina bortitz guztien etsai da berez. Amore ematea maite du, atsegin ditu konpromezuak eta kontu handiz ihes egiten dio suminari. Egonarria du, malgua da, aierukorra, eta premiarik erabatekoenak hartaratzen duenean bakarrik jotzen du muturreko baliabideetara. Merkataritzak gizonak independente bihurtzen ditu batzuk besteengandik; beste ideia bat ematen die beren balio indibidualaz; beren negozio propioak egin nahi izatera eramaten ditu, eta arrakasta izaten irakasten die; beraz, askatasunerako prestatzen ditu, baina iraultzetatik urruntzen ditu.

Iraultza batean, ondasun higigarrien jabeek beste guztiek baino arrazoi gehiago dute beldur izateko; zeren eta, alde batetik, beraiei jabetza kentzea erraza izaten da sarri, eta, bestalde, jabetza hori erabat desager daiteke edozein momentutan. Beldur izateko motibo gutxien dutenak lur-jabeak dira, beren lurren errenta galtzean, gutxienez lurra bera gordetzea espero baitute, gora-behera guztien artean. Honela, ikusten da batzuek besteek baino beldur handiagoa dietela mugimendu iraultzaileei.

Beraz, ondasun higigarriak ugaldu eta dibertsifikatu ahala eta ondasun horiek dauzkatenak kopuruz ugaldu ahala, herriek joera txikiagoa izaten dute iraultzetarako.

Bestalde, zeinahi izanik gizonek hartzen duten lanbidea eta gozagai dituzten ondasunen mota, badute ezaugarri komun bat.

Inor ez dago erabat pozik egungo bere aberastasunarekin eta guztiak, mila eratara, hori gehitzen saiatzen dira egunero. Beraietako bakoitza bizitzako edozein momentutan aztertzen baduzue, plan berriren batzuez arduratuta ikusiko duzue, bere aisetasuna areagotzea izanik horien helburua; ez iezaiozue hitz egin gizadiaren interes eta eskubideei buruz; momentuz bere etxeko eginkizun txiki horrek bereganatzen ditu bere pentsamendu guztiak, eta zirriparra publikoak beste garai baterako uzteko gogoa sortarazten dio.

Horrek ez die iraultzak egitea bakarrik eragozten, nahi izateko gogoa ere kentzen die. Grina politiko bortitzek erakarpen gutxi dute honela beren arima osoa ongizatearen bila erabili dutenentzat. Arazo txikietan jartzen duten gogo-berotasunak lasaitu egiten ditu handietan.

Egia da, tarteka-marteka, hiritar ekintzaile eta gutiziatsuak sortzen direla gizarte demokratikoetan, eta haien desira neurrigabeak ezin direla asebete ohiko bideari jarraituz. Hauek iraultzak maite eta eskatu egiten dituzte; baina asko kostatzen zaie sortaraztea, aparteko gertakariek ez badiete laguntzen.

Ez da abantailaz borroka egiten norberaren mende eta herrialdeko espirituaren aurka; eta gizon batek, oso ahaltsua izanda ere, nekez parte harrarazten die garaikideei hauen desira eta sentimenduek oro har errefusatu egiten dituzten sentimendu eta ideietan. Ez da, beraz, sinetsi behar, behin baldintza-berdintasunak, egitate zahar eta eztabaidaezin bihurturik, ohituretan bere izaera ezarri duenean, jendeak erraz onartzen duenik menturatan sartzea, zuhurtziarik gabeko buruzagi edo berritzaile ausarten bati jarraituz.

Ez diote ageri-agerian kontra egiten, konbinazio burutsuen laguntzaz edota erresistitzeko aurrez pentsaturiko egitasmoaren bidez. Ez diote kementsu erasotzen, batzuetan txalotu ere bai, baina ez diote jarraitzen. Haren sugarrari beren inertzia kontrajartzen diote ezkutuan; haren joera iraultzaileei, beren interes kontserbadoreak; haren grina abenturariei, beren gustu etxezaleak,; haren jeinuaren noraezari, beren zentzua; haren poesiari, beren prosa. Mila ahaleginekin altxarazten ditu momentu batean, eta laster ihes egiten diote, eta, beren pisuaz herrestatuak bezala, berriro jausten dira. Ahitu egiten da jendetza axolagabe eta distraitu hori animatu nahirik, eta azkenean ezintasunean gelditzen da, ez garaitua dagoelako, bakarrik dagoelako baizik.

Ez dut esan nahi gizarte demokratikoetan bizi direnak berez mugiezinak direnik; aitzitik, uste dut horrelako gizarte batean betiereko mugimendua dagoela, eta inork ez duela atsedena ezagutzen; baina uste dut ia inoiz gainditzen ez dituen muga batzuen artean jarduten duela jendeak gizarte horietan. Bigarren mailako gauzak bariatzen, aldatzen edo berritzen dituzte egunero; kontu handia izaten dute garrantzitsuenak ez ukitzen. Maite dute aldaketa, baina iraultzen beldur dira.

Nahiz eta amerikarrek etengabe aldatu edo derogatu beren legeetako batzuk, inola ere ez dute grina iraultzailerik agertzen. Asaldura publikoa mehatxagarri bihurtzen hastean eta grinek kilikatuen diruditen momentuan zien bizkor gelditzen eta baretzen diren ikusita, erraz ohartzen da iraultzaren beldur direla, zorigaitzik handiena balitz bezala, eta bakoitza prest dagoela bere barnean sakrifizio handiak egiteko iraultza eragoztearren. Munduan inon ez da jabetza-sentimendua aktiboago eta urduriago agertzen Estatu Batuetan baino, eta bertan du gehiengoak ondasunen eraketa zertxobait aldatuz arriskuan jar lezaketen doktrinetarako zaletasunik txikiena ere.

Sarritan ohartu naiz izaeraz iraultzaile diren teoriek, jabetzaren eta pertsonen egoeran erabateko aldaketarik eta batzuetan bat-batekorik gabe ezin direnez gauzatu, askoz eta arrakasta gutxiago dutela Estatu Batuetan Europako monarkia handietan baino. Batzuek horien aldeko badira ere, instintuzko izu-ikaraz errefusatzen ditu masak.

Beldurrik gabe esango dut Frantzian demokratikoak deitu ohi ditugun maxima gehienak proskribitu egingo lituzkeela Estatu Batuetako demokraziak. Erraz ulertzen da hau. Amerikan ideia eta grina demokratikoak dituzte; Europan, oraindik grina eta ideia iraultzaileak dauzkagu.

Amerikan inoiz iraultza handirik izaten bada, Estatu Batuetako lurrean beltzak daudelako sortuko dira horiek; alegia, ez ditu baldintzen berdintasunak eragingo, horien desberdintasunak baizik.

Baldintzak berdinak direnean, bakoitza bere baitan isolatzen da gogotsu eta publikoa ahazten du. Herri demokratikoetako legegileak joera kaltegarri hau zuzentzen saiatuko ez balira edota bultzatu egingo balute, horrek hiritarrak grina politikoetatik desbideratu eta horrela iraultzetatik aldendu egiten dituela pentsatuz, gerta liteke azkenerako berek sortzea eragotzi nahi duten gaitza, eta momentu bat iristea pertsona batzuen grina desordenatuek, gehiengoaren berekoikeria burugabearen eta epelkeriaren laguntzaz, gizartea behartu lezaketena gora-behera bitxiak jasatera.

Gizarte demokratikoetan, gutxiengo txiki batzuek bakarrik desiratzen dituzte iraultzak; baina gutxiengoek egin ditzakete batzuetan.

Nik ez dut esaten nazio demokratikoak iraultzetatik libre daudenik; diodana da nazio horien gizarte-egoerak ez dituela behintzat horietara eramaten, baizik eta urrundu gehiago egiten dituela. Herri demokratikoak, beren kasara utziak, ez dira erraz murgiltzen abentura handietan; oharkabean herrestatzen dituzte iraultzetarantz, jasan egiten dituzte batzuetan, baina ez dituzte berek egiten. Eta gaineratuko dut, jakintzargiak eta esperientzia lortu ahal izan badituzte, iraultzak egiten ere ez dutela uzten.

Ongi dakit gai honetan erakunde publikoek berek ere asko egin dezaketela, aurrera bultza egin edo atzera euts diezaiekete gizarte-egoeratik sortzen diren joerei. Beraz, ez dut esaten, berriro diot, herri bat iraultzetatik libre dagoenik bere baitan baldintzak berdinak direlako arrazoi bakarragatik; baina uste dut, horrelako herri baten erakundeak nolanahikoak izanda ere, iraultza handiak uste baino askoz bortizkeria txikiagokoak eta bakanagoak izango direla bertan; eta erraz begiztatzen dut egoera politiko bat, berdintasunarekin konbinatuz, gizarte geldikorrago bihurtuko lukeena gure Mendebaldean inoiz izan dena baino.

Egitateei buruz esan berri dudana ideiei ere aplikatzen zaie neurri batean.

Bi gauza dira harrigarri Estatu Batuetan: giza ekintza gehienen mugikortasun handia eta zenbait printzipioren finkotasun berezia. Jendea etengabe mugitzen da, giza espirituak ia mugigaitz ematen du.

Amerikako lurretan iritzi bat hedatu eta behin sustraitu ondoren, esan liteke ez dagoela munduan botererik hori erauzteko gai denik. Estatu Batuetan erlijio-, filosofi, moral- eta politika-arloko doktrina orokorrak ez dira aldatzen, edota behintzat lan ezkutu eta sarritan sumagaitzaren ondoren bakarrik aldatzen dira; aurreiritzi zabarrenak berak ere imajinaezineko gelditasunez aldatzen dira hamaika aldiz errepikaturiko gauza eta pertsona arteko igurzketa horien erdian.

Entzuten dut sentimenduz eta pentsaeraz une oro aldatzea dagokiela demokrazien izaera eta azturei. Hori izan daiteke egia nazio demokratiko txikietan, antzinakoak bezalakoetan, haietan guztiak herriko plazan bildu eta hizlari baten gogara mugitzen baitziren gero. Nik ez dut antzeko ezer ikusi gure ozeanoaren beste aldeko ertzetan dagoen herri demokratiko handiaren baitan. Estatu Batuetan harritu nauena zera da: zein nekeza gertatzen den zerturiko ideiaren bati buruz gehiengoa desengainatzea, edota bereganatu duen norbaitengandik ideia hori apartatzea. Idazkiek eta hitzaldiek ez dute horretan arrakastarik izaten; esperientziak bakarrik lortzen du hori; hala ere, batzuetan errepikatu egin behar izaten da.

Hau harrigarria gertatzen da lehen begiratuan, baina azterketa arretatsuagoak esplika dezake.

Ez dut uste imajinatu bezain erraza denik herri demokratiko batean aurreiritziak erauztea, sineskizunak aldatzea, garai batean ezarritakoen ordez printzipio erlijioso, filosofiko, politiko eta moralak jartzea; hitz batean, adimenetan iraultza handiak sarri egitea. Eta ez da giza espiritua geldi egoten delako; etengabe mugitzen da; baina, batez ere, printzipio ezagunen ondorioak mugagabeki bariatzera eta berriak aurkitzera dedikatzen da, eta ez printzipio berriak bilatzera. Arintasunez bihurtzen da bere buruari begira, ahalegin bizkor eta zuzenaren bidez aurrera egin baino errazago; pixkanaka bere esparrua hedatzen du mugimendu txiki etengabe eta oldartsuen bidez; ez du bat-batean desplazatzen.

Eskubidez, heziketaz, aberastasunez berdinak direnek eta, dena hitz batean esateko, antzeko egoeran daudenek ezberdintasun handirik gabeko premia, aztura eta gustuak izaten dituzte. Gauzak ikuspegi beretsutik hartzen dituztenez, haien espirituek ere ideia antzekoetarantz jotzen dute berez, eta, bakoitzak bere garaikideengandik aldendu eta bere ideia propioak zertu ditzakeen arren, azkenerako guztiak bat etortzen dira, jakin gabe eta nahi izan gabe, zenbait iritzi komunetan.

Zenbat eta arretatsuago aztertu berdintasunak adimenean duen eragina, orduan eta gehiago komentzitzen naiz gu ikusten ari garen anarkia intelektuala ez dela, askok uste duten bezala, herri demokratikoen egoera naturala. Uste dut beraien gaztetasunari zor zaion ezbehar berezitzat hartu behar dela areago, eta trantsizio-garai honetan bakarrik agertzen dela, non gizakiek apurtuak baitituzte jada elkarren arteko lokarri zaharrak, eta oraindik oso ezberdinak baitira bere jatorri, heziketa eta ohituretan; horrela, ideia, joera eta gustu oso ezberdinak gorde dituztelarik, jadanik ezerk ez die horiek aitortzea eragozten. Gizonen iritzi nagusiak antzeko bihurtzen dira gizarte-baldintzak antzekotu ahala. Hori iruditzen zait egitate orokor eta iraunkorra; gainerakoa ustekabekoa da eta pasakorra.

Iruditzen zait nekez gertatuko dela, gizarte demokratikoaren baitan, gizon batek, kolpe bakar batean, ideia-sistema bat asmatzea, bere garaikideek onarturikorik oso urruti dagoena; eta, horrelako berritzailerik agertuko balitz, pentsatzen dut nekez lortuko lukeela inork entzutea, eta are gutxiago inork sinestea.

Baldintzak ia berdinak direnean, pertsonak ez du erraz onartzen beste batek esandakora makurtzea. Guztiek oso hurbiletik ikusten dutenez elkar, gauza berak elkarrekin ikasi dituztenez eta bizimodu bera dutenez, berez ez dute izaten beraien arteko bat gidaritzat hartu eta hari itsu-itsuan jarraitzeko joerarik. Antzekoari edo parekideari apenas sinesten zaion bere hitzagatik.

Nazio demokratikoetan ez da zenbait gizabanakoren jakintzargiekiko konfiantza bakarrik ahultzen; beste nonbait esan dudan bezala, edozein gizonek beste guztien gain lor dezakeen nagusitasun intelektualaren ideia orokorra ere berandura gabe iluntzen da.

Jendeak bere artean antz handiagoa duen neurrian, adimenen berdintasunaren dogma pixkanaka adierazten da haien sineskizunetan, eta zailago bihurtzen da berritzailearentzat, nornahi izanda ere, herriaren espirituaren gain botere handia lortu eta horretaz baliatzea. Antzeko gizarteetan, bat-bateko iraultza intelektualak bakanak izaten dira, beraz; zeren eta, munduko historiari begiratu bat ematen bazaio, ikusten da arrazoiketaren indarrak izen baten autoritateak baino gutxiago sortzen dituela giza iritzien aldaketa handi eta bizkorrak.

Ohartu, bestalde, gizarte demokratikoetan bizi direnak ez daudenez inolako lokarriz elkartuak, haietako bakoitza konbentzitu behar izaten dela. Gizarte aristokratikoetan, berriz, aski izaten da batzuen espirituan eragitea; beste guztiek hari jarraitzen diote. Lutero berdintasun-garaian bizi izan balitz eta jaunak eta printzeak ez balitu izan entzule, zailago gertatuko zitzaiokeen Europaren itxura aldatzea.

Demokrazietako gizonak ez daude berez oso konbentzituta beren iritzien ziurtasunaz, ezta oso tinko ere beren sineskizunetan; sarri izaten dituzte zalantzak, bere ikuspegitik inork argitu ezin dizkienak. Horrelako garaietan batzuetan gertatzen da giza espiritua gogoz aldatuko litzatekeela lekuz; baina, ezerk ez duenez indartsu bultzatzen, ezta gidatzen ere, bere buruaren gian kulunkatzen da eta ez da mugitzen[8].

Herri demokratiko baten konfiantza lortu eta gero, artean arazo handia izaten da bere arreta lortzea. Oso zaila izaten da demokrazietan bizi direnei entzunaraztea, berei buruz ez bazaie hitz egiten behintzat. Ez dute entzuten esaten zaiena, beti oso arduraturik ibiltzen baitira egiten dutenaz.

Izan ere, jende astitsu gutxi egoten da nazio demokratikoetan. Horietan mugimenduaren eta zarataren artean igarotzen da bizitza, eta gizonek, hain lanpeturik daudenez zerbait egiten, asti gutxi izaten dute pentsatzeko. Batez ere azpimarratu nahi dudana hau da: okupaturik egoteaz gain, grinaz hartzen dituztela beren okupazioak. Beti dihardute zerbaitetan, eta ekintzetariko bakoitzak zurrupatzen die arima; negozioetan jartzen duten garrak ideiengatik sutzea eragozten die.

Pentsatzen dut oso zaila dela herri demokratiko baten gogo-berotasuna piztea, beren bizitzako eguneroko praktikarekin erlazio nabari, zuzen eta berehalakorik ez deun edozein teoriaren alde. Horrelako herri batek ez ditu erraz abandonatzen bere antzinako sineskizunak. Zeren eta gogo-berotasuna izaten baita irekitako bideetatik kanpo giza espiritua abiarazten duena eta iraultza intelektual handiak nahiz iraultza politiko handiak eragiten dituena.

Honela, herri demokratikoek ez dute ez astirik, ez gusturik, iritzi berrien bila joateko. Nahiz eta zalantzak sortu dauzkatenei buruz, gorde egiten dituzte hala ere, horiek aldatzeko denbora eta azterlan gehiegi beharko bailukete; gorde egiten dituzte, ez ziurtzat dauzkatelako, ezarritzat baizik.

Bada oraindik beste arrazoirik, eta indartsuagorik, herri demokratiko baten doktrinetan aldaketa handia erraz gauzatzea eragozten duenik. Jada adierazi dut liburu honen hasieran.

Horrelako herri baten baitan eragin indibidualak ahulak eta ia ezdeusak badira, gizabanako bakoitzaren espirituan masak zertzen duen agintea oso handia izaten da. Horren arrazoiak eman ditut beste nonbait. Orain esan nahi dudana zera da, okerra litzatekeela pentsatzea hori gobernu-formaren menpe bakarrik dagoela eta gehiengoak bere aginte intelektuala galduko lukeela botere politikoarekin batera.

Aristokrazietan, gizonek beren handitasuna eta indar propioa izaten dituzte sarri. Beren hurkoetako gehienekin kontraesanean aurkitzen direnean beren baitara bihurtzen dira, elkarri eusten diote eta elkar kontsolatzen. Ez da gauza bera gertatzen herri demokratikoetan. Hauetan, arnasten den airea bezain beharrezkoa dirudi onginahi publikoak, eta, nolabait esateko, ez-bizitzea da masarekin desakordioan egotea. Honek ez dauka legeez baliatu beharrik bera bezala pentsatzen ez dutenak makurrarazteko. Aski zaio horiek gaitzestea. Isolamendu eta ezintasunaren sentimenduak berehala abailtzen eta etsiarazten ditu.

Baldintzak berdinak diren kasu guztietan, iritzi orokorrak ikaragarrizko pisua du gizabanako bakoitzaren espirituan; berak biltzen, gidatzen eta zapaltzen du. Honek zerikusi handiagoa du gizartearen eraketarekin lege politikoekin baino. Gizaki guztiak elkarren antzekoago diren neurrian, bakoitza gero eta ahulago sentitzen da guztien aurrean. Besteen gain-gainetik jasotzen eta bereizten duen ezer aurkitzen ez duenez, bere buruaz mesfidatzen da erasotzen diotenean; bere indarrarekiko dudaz gain, bere eskubidea ere dudan jartzen du, eta oker dabilela onartzeko prest egoten da, gehiengoak horrela esaten duenean. Gehiengoak ez dauka behartu beharrik; konbentzitu egiten du.

Gizarte demokratiko baten botereak nolanahi antolatzen eta orekatzen direla ere, oso zaila izango da beti masak errefusatzen duena sinestea, eta hark gaitzesten duena aitortzea.

Honek ikaragarri jokatzen du sineskizunen egonkortasunaren alde.

Iritzi batek, herri demokratiko batean finkatu denean eta gehiengoaren espirituan ezarri denean, gero bere kabuz irauten du eta ahaleginik gabe betikotzen, inork ez baitio eraso egiten. Hasieran faltsutzat errefusatu zutenek azkenerako onartu egiten dute iritzi orokortzat, eta bihotzaren barrenean erasotzen jarraitzen dutenek ez dute ezer agertzen; kontuz ibiltzen dira borroka arriskutsu eta alferrean ez murgiltzeko.

Egia da, herri demokratiko baten gehiengoak iritziz aldatzen duenean, adimen-munduan iraultza arraro eta bat-batekoak eragin ditzakeela bere gogara; baina oso zaila da bere iritzia aldatzea, eta ia hori bezain zaila aldatu dela konstatatzea.

Batzuetan gertatzen da denborak, gertakariek edo adimenen ahalegin indibidual eta solidarioak pixkanaka hautsi edo suntsitu egiten dutela sineskizun bat, kanpora ezer agertu gabe. Ez zaio agerian erasotzen. Jendea ez da biltzen berorri gerra egiteko. Bere jarraitzaileek banan-banan bakarrik uzten dute, zaratarik gabe; baina batzuen batzuek egunero uzten dute bertan behera, azkenean gutxiengoa bakarrik atxikitzen zaiolarik sineskizun horri.

Egoera horretan, nagusi da oraindik.

Etsaiek isilik jarraitzen dutenez, edo beren pentsamenduak ezkutuan bakarrik komunikatzen dituztenez, luzaroan egoten dira iraultza handi bat gauzatu dela ziurtatu ezinik, eta, zalantzaren aurrean, mugitu gabe gelditzen dira. Beha egon eta isilik geratzen dira. Gehiengoak ez du jada sinesten, baina sinesten duen itxurak egiten ditu, eta iritzi publikoaren mamu hutsal hori aski da berritzaileak geldiarazteko, eta isiltasunean eta errespetuan edukitzeko.

Bizitzea egokitu zaigun aro honek jendearen espirituan aldaketarik bizkorrenak zertzen ikusi du. Hala ere, gerta liteke giza iritzi nagusiak laster egonkorragoak izatea gure historiaren aurreko mendeetan baino; garai hori ez da iritsi, baina hurbiltzen ari da agian.

Herri demokratikoen premiak eta berezko joerak hurbilagotik aztertzen ditudan neurrian, konbentzitzen naiz, noizbait berdintasuna era orokor eta iraunkorrean ezartzen bada munduan, iraultza intelektual eta politiko handiak uste baino zailagoak eta bakanagoak bihurtuko direla.

Demokrazietako jendea beti egonezinean, ziurtasunik gabe, irrikatsu, borondatez eta lekuz aldatzeko prest agertzen denez, beren legeak bat-batean abolituko dituztela pentsatzen da, sineskizun berriak onartu eta ohitura berriak bereganatuko dituztela.  Ez da pentsatzen berdintasunak jendea aldaketetara eramaten badu, sortarazten dizkion interes eta gustuek egonkortasuna behar dutela asebetetzeko; jendeari bultza egiten dio eta, aldi berean, geldiarazi; akuilatu eta lurrari lotu; desirak pizten dizkio eta indarra mugatzen.

Hori da lehen begiratuan ikusten ez dena. Demokrazian hiritarrak elkarren artean banatzen dituzten grinak beren kabuz agertzen dira. Baina lehen begiratuan ez da ikusten horiei eusten dien eta elkartzen dituen indar ezkutua.

Ausartuko ote naiz esatera inguratzen nauten hondakinen erdian? Etorkizuneko belaunaldientzako gauzarik beldurgarrienak ez zaizkit iraultzak iruditzen.

Hiritarrek etxeko interes txikien esparruan gero eta estuago ixten eta bertan atseden gabe mugitzen jarraitzen badute, pentsa daiteke azkenerako sentiezin bihurtuko direla herriak astindu –baina baita garatu eta berritu- ohi dituzten emozio publiko eta ahaltsu horiekiko. Jabetza hain mugikor bihurtzen ikusten dudanean eta jabetzaren maitasuna hain egonezin eta sutsu, beldurtzen nau pentsatzeak jendea ez ote den iritsiko teoria berri oro arriskutzat hartzera, berrikuntza oro arazo gogaikarritzat, gizarte-aurrerapen oro iraultzarako lehen urrastzat, eta erabat uko egingo ote dion mugitzeari arrakasta eramango duten beldurrez. Beldur naizela aitortu behar dut, azkenean erabat harrapatuko ote dituen oraingo gozamenen maitasun ziztrinak, desagertu egingo ote den beren eta ondorengoen etorkizunarekiko interesa, eta nahiago izango ote duten nagi-nagi beren patuari jarraitu, behar izanez gero patu hori berbideratzeko ahalegin bat-bateko eta kementsua egin baino.

Uste da gizarte berriak itxuraz aldatzen direla egunero, baina ni beldur naiz azkenean ez ote diren aldatu gabe erakunde, aurreiritzi eta ohitura berberetan finkatuegi geldituko; horrela gizadia gelditu eta mugatu egingo litzateke; espiritua beti bere gainera itzuliko litzateke ideia berririk sortu gabe, gizakia ahitu, mugimendu bakarti eta antzuetan; eta gizadiak, etengabe mugituz, ez luke aurrera egingo.

XXII. Zergatik berez herri demokratikoek bakea nahi izaten duten eta armada demokratikoek gerra

[aldatu]

Herri demokratikoak iraultzetatik urruntzen dituzten interes berek, beldur berek, grina berek urrunarazten dituzte gerretatik ere; espiritu militarra eta espiritu iraultzailea aldi berean ahultzen dira eta kausa berberen ondorioz.

Bakezale diren jabeen kopuru beti hazkorra, aberastasun higigarriaren garapena gerrak hain bizkor irensten duena, ohituren mantsotasuna, bihozberatusana, berdintasunak errukirako sortzen duen joera, arma artean sortzen diren emozio poetiko eta bortitzekiko sentigaitz bihurtzen duen buru-hoztasuna, kausa horiek guztiak batzen dira espiritu militarra iraungitzeko.

Nire ustez, onar daiteke arau orokor eta iraunkortzat, herri zibilizatuetan gerra-grinak bakanagoak eta motelagoak izaten direla gizarte-baldintzak berdindu ahala.

Gerra, hala ere, herri guztietan gerta daitekeen zerbait da, herri demokratikoetan nahiz besteetan. Nolanahikoa izanik ere nazio horiek duten bake-zaletasuna, prest egon behar dute gerrari kontra egiteko, edo, beste hitz batzuekin esanda, armada bat edukitzeko.

Zoriak, Estatu Batuetako biztanleen alde hain gauza bereziak egin dituenak, basa eremu baten erdian jarri ditu, non, nolabait esateko, ez duten auzokorik. Milaka soldadu batzuk aski dituzte, baina hau Amerikan ezaugarri bat da, ez demokraziarena.

Gizarte-baldintzen berdintasunak, ohiturek eta hauen ondoriozko erakundeek ez dute herri demokratiko bat armadak eduki beharretik libratzen, eta armada horiek eragin handia zertzen dute beti haien zorian. Beraz, armadak osatzen dituztenen berezko joerak zein diren ikertzea axola zaigu, batez ere.

Herri aristokratikoetan, gizarte-maila jaiotzak bakarrik erabakitzen duenetan batez ere, desberdintasuna armadan nahiz nazioan aurkitzen da; ofiziala noblea da, soldadua jopua. Bata agintzera deitua dago derrigorrez, bestea obeditzera. Armada aristokratikoetan, soldaduaren gutiziak oso muga estuak ditu, beraz.

Ofizialena ere da mugagabea.

Gorputz aristokratiko bat ez da hierarkiaren parte bakarrik; beti eramaten du hierarkia bere baitan ere; osatzen duten kideak elkarren gainean kokatuta egoten dira, aldatzen ez den era jakin batean. Batzuk jaiotzaz erregimentuari agintzeko izaten dira berez, eta beste batzuk, konpainiari; beren itxaropenen puntu goren horietara iritsitakoan, gelditu egiten dira beren kabuz eta pozik gelditzen dira beren zoriarekin.

Lehenik, aristokrazietan bada kausa handi bat ofizialari aurrera egiteko gogoa epeltzen diona.

Herri aristokratikoetan, ofizialak, armadan duen mailaz aparte, goiko maila izaten du gizartean ere; bere ikuspegitik, lehena ez da ia bigarrenaren akzesorio bat baizik izaten; nobleak, armen karrera hartzen duenean, bere gutiziari gutxiago obeditzen dio jaiotzak ezartzen dion nolabaiteko betebeharrari baino. Armadan sartzen bada, bere gaztaroko urte astitsuak ohorez erabiltzeko sartzen da, eta bere etxean eta antzekoen artean bizitza militarraren oroitzapen ohoretsuak eduki ahal izateko; baina helburu nagusia ez da ondasunak, begiramena eta boterea lortzea, abantaila hauek bai baititu berez ere, eta etxetik irten gabe gozatzen du horietaz.

Armada demokratikoetan, soldadu guztiak bilaka daitezke ofizial, eta honek aurrera egiteko gogoa orokortzen du eta ia infinituraino zabaltzen gutizia militarraren mugak.

Bestalde, ofizialak ez du ikusten berez eta derrigorrez ezerk gradu batean gerarazten duenik beste baino gehiago, eta gradu bakoitzak ikaragarrizko balioa du haren ikuspegitik, gizartean duen maila armadan duen mailaren araberakoa izaten baitu ia beti.

Herri demokratikoetan, sarri gertatzen da ofizialak ez izatea beste ondasunik bere soldata baizik, eta ezin du begirunerik espero izan bere ohore militarrengatik baizik. Funtzioz aldatzen den bakoitzean, aberastasunez ere aldatu egiten da, eta beste gizon bat da, nolabait ere. Armada aristokratikoetan akzesorioa zen zerbait, hemen nagusiena, guztia, existentzia bera bilakatu da horrela.

Antzinako monarkia frantsesaren menpean, noblezia titulua bakarrik ematen zitzaien ofizialei. Gaur egun, titulu militarra bakarrik ematen zaie. Lengoaia-formen aldaketa txiki hau aski da adierazteko iraultza handia zertu dela gizartearen eta armadaren eraketan.

Armada demokratikoetan, goranahia ia unibertsala da; sutsua, tematia, etengabea da; beste desira guztiekin hazten da, eta bizitzarekin bakarrik iraungitzen da. Nolanahi ere, erraz ikusten da, munduko armada guztien artean, gorakadak armada demokratikoetan izango direla mantsoenak bake-garaian. Graduazioen kopurua berez mugatua izanik, lehiakideen kopurua ia zenbatezina, eta berdintasunaren lege zorrotza guztien gain egonik, inork ezin du aurrerapen bizkorrik egin, eta asko ezin dira lekuz mugitu. Honela, aurrera egin beharra beste inon baino handiagoa da, baina horretarako erraztasuna txikiagoa.

Armada demokratikoan dauden gutiziatsu guztiek, beraz, sutsu nahi dute gerra, gerrak husten baititu postuak, eta azkenean antzinatasun-eskubidea, demokraziari berezko zaion pribilegio bakarra, hausteko aukera ematen du.

Ondorio bitxi batera iristen gara honela; alegia, armada guztietatik, armada demokratikoak dira gerra sutsuen desiratzen dutenak, eta, herrien artean, herri demokratikoak dira bakea gehien maite dutenak; eta gauza zeharo ezohiko bihurtzen duena zera da, berdintasuna dela aurkako bi ondorio horiek aldi berean eragiten dituena.

Hiritarrek, berdinak izanik, egunero sentitzen dute desira, eta aukera ikusten dute, beren egoera aldatu eta ongizatea areagotzeko. Horrek bakea maitatzera bultzatzen ditu, industriari aurrera eragin eta bakoitzari aukera ematen baitio bere eginkizun txikiak lasai gauzatzeko; eta, bestalde, berdintasun horrek, armen karreran dabiltzanen begietara ohore militarren balorea areagotzean eta ohore horiek guztien eskueran jartzean, gudu-zelaiak ametsarazten dizkie soldaduei. Bi aldeetan, bihotzaren egonezina berdina da, gozamen-zaletasuna ere aseezina bietan, gutizia ere berdina; asetzeko bidea bakarrik da ezberdina.

Nazioaren eta armadaren jarrera aurkako horiek arrisku handiak pasarazten dizkiete gizarte demokratikoei.

Herri batek espiritu militarra galtzen duenean, karrera militarrak berehala uzten dio ohoratua izateari, eta gerra-gizonak funtzionari publikoen azken mailaraino jausten dira. Jadanik gutxi estimatzen dituzte eta ez dituzte ulertzen. Aristokrazi mendeetan ikusten denaren kontrakoa gertatzen da orduan. Armadan ez dira garrantzi handieneko hiritarrak sartzen, arruntenak baizik. Besterik ezin duenak heltzen dio gutizia militarrari. Horrek gurpil zoroa sortzen du eta nekeza da hortik irtetea. Nazioko eliteak baztertu egiten du karrera militarra, karrera hori ez delako ohoretsua; eta ez da ohoretsua, nazioko elitea ez delako jada hor sartzen.

Ez da, beraz, harritzekoa armada demokratikoak sarri egonezinik, marmarti eta kexati samar agertzen badira beren zoriaz, nahiz eta beraien artean egoera fisikoa normalean askoz gozoagoa izan beste guztietan baino, eta diziplina ez hain zurruna. Soldadua posizio kaskarragoan sentitzen da, eta bere harrotasun zaurituak azkenean gerrarako gustua ematen dio –bera beharrezkotzat hartuko duen gerrarako, alegia-, edo iraultza-zaletasuna, iraultzetan, armak eskuetan dituela, espero izaten duelarik ukatzen zaizkion eragin politikoa eta begiramen indibiduala konkistatuko dituela.

Armada demokratikoen osaerak oso beldurgarri bihurtzen du azken arrisku hau.

Gizarte demokratikoan ia hiritar guztiek dituzte iraunarazi nahi dituzten jabetzak, baina armada demokratikoek normalean proletarioak dituzte gidari. Eta hauetako gehienek zer galdu gutxi dute matxinada zibiletan. Nazioaren gehiengoak askoz beldur handiagoa die iraultzei aristokrazi mendeetan baino; armada-buruek, berriz, askoz beldur txikiagoa.

Gainera, lehen esan dudan bezala, herri demokratikoetan hiritarrik aberatsen, eskolatuen eta gaituenak ia sartzen ez direnez karrera militarrean, gertatzen da azkenerako armadak oro har nazio txiki bat osatzen duela aparte, non buru-argitasuna ez den hain zabala eta bai azturak zabarragoak nazio handian baino. Nolanahi ere, zibilizatu gabeko nazio txiki honek dauzka armak, eta berak bakarrik daki horietaz baliatzen.

Izan ere, armadaren izpiritu militar eta zurrunbilotsuak herri demokratikoei pasarazten dien arriskua areagotzen duena hiritarren umore baketsua izaten da; ez dago ezer arriskutsuagorik gerrazale ez den herriaren baitan kokaturiko armada baino; honelakoetan hiritar guztiek lasaitasunari dioten maitasun gehiegizkoak konstituzioa soldaduen menpe jartzen du egunero.

Beraz, oro har esan daiteke, herri demokratikoek beren interes eta joerengatik berez bakerantz jotzen badute ere, beraien armadek gerra eta iraultzetarantz erakartzen dituztela etengabe.

Iraultza militarrak, aristokrazietan ia inoiz beldurgarri ez direnak, beti dira beldurgarri nazio demokratikoetan. Arrisku horiek beraien etorkizunak gorde ditzakeen arriskutsuenen artean jarri behar dira beti; estatu-gizonek horiei erremedioren bat aurkitzen saiatu behar dute atsedenik gabe.

Armadaren gutizia egonezinagatik nazio bat bere baitan atsekabetua sentitzen denean, gutizia ezeroso horri helburutzat gerra ematea izaten da lehen pentsamendua.

Ez dut gaizki-esaka jardun nahi gerraz; gerrak ia beti handitu egiten du herriaren pentsamendua eta bihotza goratzen dio. Kasu batzuetan berak bakarrik geldiaraz dezake berdintasunak berez sortarazten dituen joera batzuen gehiegizko garapena, eta batzuetan beharrezkotzat jo behar da gizarte demokratikoek jasaten dituzten zenbait gaitz zaharren aurrean.

Gerrak abantaila handiak ditu; baina ez da harrotu behar, aipatu berri dudan arriskua gutxitzen duelako. Momentuz bertan behera uzten du arrisku hori, baina are beldurgarriago itzultzen da gero, armadak askoz pazientzia gutxiagoz jasaten baitu bakea gerra dastatu ondoren. Beti aintza nahi duen herriarentzat bakarrik izango litzateke gerra erremedio bat.

Aurreikusten dudanez, nazio demokratiko handien baitan sortuko diren printze gerlari guztiak ohartuko dira errazago zaiela beren armadarekin garaile izatea, garaipenaren ostean armadari bakean biziaraztea baino. Badira bi gauza herri demokratiko batek beti oso nekez egingo dituenak: gerra  hastea eta bukatzea.

Alde batetik, gerrak abantaila bereziak baldin baditu herri demokratikoentzat, beste aldetik, zenbait arrisku ere pasarazten die, aristokraziek pasatu behar izaten ez dituztenak, maila berean behintzat. Horietako bi bakarrik aipatuko ditut.

Gerrak armada asetzen badu ere, bestalde gogait eragin eta sarritan etsiarazi egiten dio bere grina txikiak asetzeko egunero bakea behar duen hiritar-kopuru handi horri. Beraz, eragotzi behar duen desordena beste forma batean sortarazteko arriskua du.

Ez dago gerra luzerik herri demokratiko batean, askatasuna arrisku bizian jartzen ez duenik. Hain zuzen ere, arriskua ez da, garaipen bakoitzaren ostean, jeneral garaileak indarrez jabetu ahal izatea aginte subiranoaz, Sila eta Zesar bezala. Arriskua beste era batekoa da. Gerrak ez ditu beti herri demokratikoak gobernu militarraren menpe jartzen; baina herri horietan halabeharrez ikaragarri gehitzen ditu gobernu zibilaren eskurantzak; ia ezinbestean zentralizatzen du honen eskuetan pertsona guztien zuzendaritza eta gauza guztien erabilera. Nahiz eta bat-batean ez eraman bortxaz despotismorantz, azturen bidez eramaten du eztiki.

Nazio demokratikoaren baitan askatasuna suntsitu nahi duten guztiek jakin behar dute hori lortzeko biderik ziur eta laburrena gerra dela. Hau da zientziaren lehen axioma.

Ofizial eta soldaduen gutizia beldurgarri bihurtzen denean, badirudi erremedio bat agertzen dela berez: beraientzako postuen kopurua gehitzea, horrela armada handituz. Honek momentuko gaitza arindu egiten du, baina are arrisku handiagoan jartzen du etorkizuna.

Armada gehitzeak efektu iraunkorra eragin dezake gizarte aristokratikoan, horrelako gizarteetan gutizia militarra gizon-mota bakar batera mugatua baitago, eta, gizon bakoitzarentzat, muga jakin batean gelditzen da; horrela, irits daiteke gutizia hori sentitzen duten guztiak asetzera gutxi gora-behera.

Baina herri demokratiko batean ez da ezer irabazten armada gehituz, zeren eta gutiziatsuen kopurua era armadaren proportzio berean gehitzen baita beti. Enplegu berriak sortuz gurariak asebete dizkiezuen horien lekua laster hartzen du asebete ezin duzuen jendetza berri batek, eta lehenak ere berriro hasten dira kexatzen; zeren eta demokrazia bateko hiritarren artean dagoen izpiritu-asaldura bera agertzen baita armadan ere; hor ez da gradu jakin bat lortu nahi izaten, beti gora egin baizik. Desirak ez dira oso zabalak, baina etengabe sortzen dira berriro. Beraz, armada gehitzen duen herri demokratikoak ez du gerra-jendearen gutizia momentuz baizik baretzen; baina laster beldurgarriago bihurtzen da, sentitzen dutenak ugariago direlako.

Nire aldetik, pentsatzen dut espiritu egonezin eta zurrunbilotsua armada demokratikoen izaerari berari datxekion gaitza dela, eta uko egin behar zaiola sendatzeari. Demokrazietako legegileek ez dute nahi izan behar gerra-jendeari eutsi eta horiek baretzeko indarra duen erakunde militar bat aurkitzea; alferrikako ahaleginetan ahituko lirateke lortu baino lehen.

Armadaren gaitzei ezin zaie armadan bertan sendabidea aurkitu, herrialde baizik.

Herri demokratikoak nahastearen eta despotismoaren beldur dira berez. Instintu horiek joera hausnartu, inteligente eta egonkor bihurtzea bakarrik da kontua. Hiritarrek askatasunaren erabilera baketsu eta onuragarria egiten ikasi eta horren mesedeak sentitu dituztenean, ordenaren maitasun indartsua berenganatu eta beren borondatez erregelaren menpe jarri direnean, hiritar horiek beroriek, armen karreran sarturik, oharkabean eta gogoz kontra bezala, beren aztura eta ohiturak eramaten dituzte armadara. Nazioaren espiritu orokorrak, armadaren espiritu partikularrean sartuz, egoera militarrak sortarazten dituen iritziak eta desirak moderatzen ditu, edo, iritzi publikoaren indar guztiahaldunaren bidez, zapaldu egiten ditu. Hiritar ilustratu, ordenatu, irmo eta askeak baldin badituzue, soldadu diziplinatu eta esanekoak ere izango dituzue.

Armadaren espiritu zurrunbilotsua zapalduz, nazioaren baitan askatasun zibilaren espiritua gutxitzera eta zuzenbidearen eta eskubideen ideia iluntzera daraman lege oro bere helburuaren aurka joango litzateke. Tirania militarra ezartzen lagunduko luke, eragozten baino askoz gehiago.

Azken finean, eta egiten dena egiten dela, armada handi bat herri demokratikoaren baitan arrisku handia izango da beti; eta arrisku hori gutxiesteko biderik eraginkorrena armada murriztea izango da; baina herri guztiak ezin dira erremedio horretaz baliatu.

XXIII. Zein den armada demokratikoetan klaserik gerlarien eta iraultzaileena

[aldatu]

Armada demokratikoari funtsezkoa zaio oso ugaria izatea, bera hornitzen duen herriarekin konparatuz, behintzat; aurrerago aipatuko ditut zergatiak.

Bestalde, demokrazi garaietan bizi direnek apenas aukeratzen duten karrera militarra.

Beraz, herri demokratikoek laster uko egiten diote borondatezko erreklutamenduari, beharturiko zerrendatzera jotzeko. Beren egoeraren premiak behartzen ditu azken bide hori hartzera, eta erraz aurresan daiteke guztiek hartuko dutela.

Zerbitzu militarra derrigorrezkoa izatean, zama hori bereizketarik gabe eta berdin banatzen da hiritar guztien gain. Hau ere herri horien izaeraren eta berorien idien ondorio beharrezkoa da. Gobernuak gutxi gora-behera nahi duena egin dezake, aldi berean guztiengana zuzentzen bada, behintzat; pisuaren desberdintasunak, eta ez pisuak berak, sortzen du gobernuaren aurkako erresistentzia.

Nolanahi ere, zerbitzu militarra hiritar guztientzat komuna izatean, garbi dago bakoitzak urte-kopuru txikia ematen duela soldadutzan.

Honela, gauzen izaerari dagokio armada behin-behineko egoera izatea soldaduarentzat; nazio aristokratiko gehienetan, ordea, egoera militarra soldaduak bizitza osorako hartzen duen edo ezartzen dioten lanbidea izaten da.

Ondorio handiak ditu honek. Armada demokratikoa osatzen duten soldaduen artean, batzuk bizitza militarrari atxikitzen zaizkio; baina gehienek, soldadutzara gogoz kontra eramanak eta beti prest etxera itzultzeko, ez dute beren burua karrera militarrari serioski lotua ikusten eta handik irtetea besterik ez dute buruan izaten. Hauek ez dituzte karrerak sortarazitako premiak berenganatzen, eta beti erdizka bakarrik konpartitzen dituzte grinak. Makurtzen dira beren eginbehar militarretara, baina arimak bizitza zibilean zituen interes eta desirei lotua jarraitzen du. Ez dut, beraz, armadaren espiritua hartzen; baizik eta armadaren baitara gizartearen espiritua eramaten dute, eta han iraunarazten. Herri demokratikoetan, soldadu arruntek jarraitzen dute hiritar-hiritarrenak izaten; nazio-azturek haien gain izaten dute aginte handiena, eta iritzi publikoak beraien gaien botere handiena. Batez ere, soldaduen bidez sarrarazten da armada demokratikoan herriari berari sortarazi zaizkion askatasunaren maitasuna eta eskubideen begirunea. Nazio aristokratikoetan kontrakoa gertatzen da, azkenerako soldaduek ez baitute ezertxo ere amankomunean izaten beren herrikideekin, eta arrotz bezala, eta sarritan etsai bezala, bizi izaten dira haien artean.

Armada aristokratikoetan, ofiziala izaten da elementu kontserbadorea, ofizialak bakarrik gorde baititu lotura estuak gizarte zibilarekin, eta sekula ez du baztertzen lehen edo geroxeago bere lekua berriro bertan hartzeko nahia; armada demokratikoetan, soldadua izaten da, eta oso antzeko arrazoiengatik.

Aitzitik, sarri gertatzen da armada demokratiko hauetan ofizialak zenbait gustu eta desira bereganatzen duela, nazioarenak ez bezalakoak guztiz. Ulergarria da hau.

Herri demokratikoetan, ofizial bihurtzen denak bizitza zibilarekin lotzen zuten lokarri guztiak apurtzen ditu; betiko irteten da handik eta ez du inolako interesik berriro han sartzeko. Benetako aberria armada du, ez baita ezer han daukan milagatik izan ezik; beraz, armadaren zoriari jarraitzen dio, harekin batera goratzen edo beheratzen da, eta aurrerantzean harengana bakarrik bideratzen du bere itxaropena. Ofizialaren eta herrialdearen premiak oso desberdinak direnez, gerta daiteke gerra sutsu desiratzea edo iraultza lantzen jardutea, hain zuzen ere, nazioaren guraririk biziena egonkortasuna eta bakea diren une berean.

Hala ere, badira kasuak espiritu gerlari eta urduria berarengan moderatzen dutenak. Herri demokratikoetan gutizia unibertsala eta etengabea bada ere, gutxitan izaten da handia, ikusi dugunez. Nazioko bigarren mailako klaseetatik irten eta armadako maila beherenetatik hasita, ofizial-graduraino iristen den gizonak jada emana du ikaragarrizko urratsa. Gizarte zibilaren baitan zeukanaren aldean goragoko esparru batean hanka jartzea lortu du, eta nazio demokratiko gehienek beti besterenganaezintzat joko dituzten eskubideak lortu ditu[9]. Ahalegin handi horren ondoren, geldi geratzen da erraz, eta bere konkistaz gozatzea amesten du. Daukana arriskuan jartzeko beldurrak moteldu egiten du haren bihotzean ez daukana lortzeko gogoa. Haren aurrerabidea geldiarazten zuen oztoporik lehen eta handiena gainditu ondoren, urduritasun txikiagoarekin etsitzen du martxaren geldotasunaz. Gutiziaren epeltze hori areagotu egiten da graduz igo ahala, edozein ustekabetan zer galdu gehiago baitu. Oker ez banago, armada demokratikoetan burua izango da beti gerra-zaletasuna txikieneko partea, baita iraultza-zaletasuna txikienekoa ere.

Ofizialaz eta soldaduaz esan berri dudana ezin zaio aplikatu, armada guztietan bi horien artean egon ohi den klase ugariari; azpiofizialei buruz ari naiz.

Azpiofizialen klase hau, mende honetara arte historian agertu gabea, aurrerantzean bere papera jokatzera deitua dagoela iruditzen zait.

Ofizialak bezalaxe, azpiofizialak ere hautsi egin ditu bere pentsamenduan sozietate zibilarekin lotzen zuten lokarri guztiak; hark bezalaxe, egoera militarra bere karrera bihurtu du, eta, hark baino gehiago agian, alde horretara bakarrik bideratu ditu bere desira guztiak; baina oraindik ez du lortu, ofizialak bezala, goi-mailako postu tinkorik, bertan atsedena eta arnasa eroso hartu ahal izateko, gorago igotzeko zian betiere.

Bere egitekoen izaeragatik beragatik, ezin baititu aldatu, azpiofiziala beharturik egoten da bizimodu ilun, estu, ezeroso eta prekarioa eramatera. Egoera militarraren arriskuak bakarrik ikusten ditu oraindik. Gabeziak eta obedientzia baino ez du ezagutzen, arriskuak baino ere jasangaitzagoak direnak. Are gehiago sufritzen du oraingo ezbeharrekin, bai baitaki gizartearen eta armadaren eraketak horietatik libratzeko aukera ematen diola; izan ere, egun batetik bestera ofizial bilaka daiteke. Agindu egingo du orduan, ohoreak izango ditu, independentzia, eskubideak, gozamenak, bere itxaropenen helburu hori ikaragarria iruditzeaz gain, erdietsi baino lehen ez du ziurtzat jotzen eskuratuko duela. Bere gradu-maila ez da batere kontraerabakiezina; egunero buruzagien arbitrariotasunaren menpe egoten da erabat; diziplinaren premiek horrela izatea eskatzen dute derrigorrez. Hutsegite arin edo kapritxo batek beti galaraz diezaioke momentu batean hainbat urtetako lan eta ahaleginen emaitza. Gutiziatzen duen gradura iritsi arte, ez du ezer lortu. Orduan bakarrik ematen du karreran sartu dela. Gaztetasunak, premiek, grinek, bere garaiko espirituak, itxaropen eta beldurrek horrela akuilatzen duten gizonaren baitan derrigorrez piztu behar gutizia etsia.

Beraz, azpiofizialak gerra nahi du, beti nahi izaten du kosta ahala kosta, eta gerra ukatzen bazaio, arauen aginpidea eteten duten iraultzak desiratzen ditu, iraultzen erdian espero izaten baitu, nahasmendu eta grina politikoez baliatuz, bere aurreko ofiziala ehizatu eta haren lekua hartzea; ezinezkoa ez da berak iraultza horiek sortaraztea, eragin handia baitu soldaduengan jatorri eta azturen komunitateagatik, nahiz eta grina eta desiretan haien aldean oso ezberdina izan.

Okerra litzateke ofizialaren, azpiofizialaren eta soldaduaren joera ezberdin horiek garai edo herrialde jakin bati dagokiola pentsatzea. Aro guztietan eta nazio demokratiko guztietan agertuko dira.

Armada demokratiko orotan, azpiofiziala izango da beti herrialdearen espiritu baketsu eta erregularra gutxien ordezkatuk duena, eta soldadua ongien ordezkatuko duena. Soldaduak nazio-ohituren indarra edo ahulezia eramango du karrera militarrera; nazioaren benetako irudia erakutsiko du. Nazioa ezjakin eta ahula bada, buruzagiek desordenarantz eramango dute soldadua, oharkabean edota gogoz kontra. Nazioa ilustratu eta kementsua bada, soldaduak berak eutsiko die ordenan.

XXIV. Zerk bihurtzen dituen armada demokratikoak beste armadak baino ahulago kanpainan sartzean eta beldurgarriago gerra luzatzen denean

[aldatu]

Bakealdi luzearen ondoren kanpainan sartzen den armada orok menperatua izateko arriskua du; luzaroan gerra egin duen armada orok garaitzeko aukera handia du. Egia hau bereziki aplika dakieke armada demokratikoei.

Aristokrazietan egoera militarra karrera pribilegiatua denez, bake-garaian ere ohoratu egiten da. Talentu, jakintzargi eta gutizia handiko gizonek hartzen dute karrera hori; armada nazioaren mailan dago gauza guztietan; gainetik ere bai, sarri.

Herri demokratikoetan, aitzitik, ikusi dugu nazioko elitea poliki-poliki aldendu egiten dela karrera militarretik, begiramena, boterea eta, batez ere, aberastasuna beste bide batzuetatik bilatzeko. Bake luzearen ondoren –eta garai demokratikoetan bekealdiak luzeak izaten dira-, armada gizartea bera baino kaskarragoa izaten da beti. Eta egoera horretan aurkitzen du gerrak; eta, gerrak aldatzen duen arte, arriskua dago herrialdearentzat eta armadarentzat.

Erakutsi dut armada demokratikoetan eta bake-garaian antzinatasunaren legea zela gora egiteko lege nagusi eta zorrotza. Esan dudan bezala, hau ez da armada horien eraketaren ondorio bakarrik, baita  herriaren eraketaren ondorio ere, eta beti aurkituko da.

Gainera, herri horietan ofiziala ez duenez ezer bere posizio militarragatik baizik, eta bere begiramen eta aisetasun guztia hortik ateratzen duenez, ez da armadarik erretiratzen edota ez dute baztertzen adinaren azken-azken muga baizik.

Bi kausa horien ondorioz, atsedenaldi luzearen ostean herri demokratiko batek azkenean armak hartzen baditu, armada-buru guztiak zaharrak izaten dira. Ez naiz ari jeneralez bakarrik, baita menpeko ofizialez ere, hauetako gehienak mugitu gabe egon baitira, edo pausoz pauso bakarrik egin baitute aurrera. Armada demokratiko bat bakealdi luzearen ondoren aztertzen bada, ikusiko da harriduraz soldadu guztiak ia haurrak direla eta buruzagi guztiak gainbeheran daudela; horrela, lehengoei eskarmentua falta zaie, eta bigarrengoei, kemena.

Zorigaitzen kausa handia izaten da hau, gerra ongi zuzentzeko lehen baldintza gaztea izatea baita; ni ez nintzen hori esatera ausartuko, garai modernoetako kapitainik handienak esan ez balu.

Bi kausa hauek ez dute ere berean eragiten armada aristokratikoetan.

Horietan antzinatasun-eskubidez baino gehiago jaiotza-eskubidez egiten denez gora, beti aurkitzen da gradu guztietan gazte-kopuru bat, gorputz eta arimaren lehen kemena gerran jartzen duena.

Gainera, herri aristokratikoetan ohore militarrak bilatzen dituztenek gizarte zibilean posizio ziurtatua dutenez, nekez egoten dira zahartzarora arte armadan itxaroten. Gaztaroko urterik indartsuenak arma-karrera eman ondoren, beren kabuz erretiratzen dira etxean igarotzeko gainerako heltzaroa.

Bakealdi luzeak armada demokratikoak ofizial zaharrez betetzeaz gain, gerrarako batere gai egiten ez dituen gorputz- eta espiritu-azturak ematen dizkie ofizial guztiei. Ohitura demokratikoen giro baketsu eta epelean luzaroan bizi izan den hasieran ez da batere gustura egokitzen gerrak ezartzen dituen lan zakar eta eginbehar latzetara. Arma-zaletasuna erabat galtzen ez badu ere, gutxienez garaitzea eragozten dioten bizierak hartzen ditu.

Herri aristokratikoetan, bizitza zibileko biguntasunak eragin txikiagoa du ohitura militarretan, herri horietan aristokraziak zuzentzen baitu armada. Nolanahi ere, aristokraziak, plazerretan murgildua egon arren, beti izaten du ongizateaz gain beste zenbait grina, eta, gogo onez egiten du bere ongizatearen momentuko sakrifizioa beste grina horiek hobeto asetu ahal izateko. (E)

Erakutsi dut nola, armada demokratikoetan, bake-garaian, oso-oso geldi egiten den aurrera. Hasieran pazientzia gutxiz jasaten dute ofizialek egoera hori; asaldatu, kezkatu eta itxaropena galtzen dute; baina luzarora gehienek etsi egiten dute. Gutizia eta baliabide gehien dutenak irten egiten dira armadatik; besteek, beren gustu eta desirak beren zoriaren kaskartasunera egokituz, azkenerako egoera militarra ikuspegi zibiletik kontsideratzen dute. Gehien baloratzen dutena egoera horrek berekin dituen aisetasuna eta egonkortasuna dira; aberastasun txiki horren ziurtasunean oinarritzen dute etorkizunaren irudi osoa, eta horretaz bakean gozatzea besterik ez dute eskatzen.

Honela, bakealdi luzeak armada demokratikoak ofizial zaharrez betetzeaz gain, sarri zaharren joerak ere ematen dizkie oraindik adinik onenean daudenei.

Erakutsi dut, halaber, nola nazio demokratikoetan, bake-garaian, ohore gutxikoa eta gutxi jarraitua izaten den karrera militarra.

Jendearen arbuio hori zama oso astuna da, armadaren espirituan eragiten duena. Arimak abailduta uzten ditu; eta, azkenean gerra iristen denean, ezin dituzte momentu batean beren malgutasuna eta kemena berreskuratu.

Ahultze moralaren horrelako kausarik ez da ematen armada aristokratikoetan. Ofizialak sekula ez dira gutxietsirik egoten ez beren, ez besteen begietara; zeren eta, beren handitasun militarra gora-behera, handiak baitira berez.

Bakearen eragina ere berean sentiaraziko balitz bi armaden gain, hala ere, emaitzak ezberdinak izango lirateke.

Armada aristokratikoko ofizialei, gerla-espiritua eta arma bidez goratzeko desira galdu dituztenean, artean gelditzen zaie beren ordenaren ohorearekiko nolabaiteko begirunea, eta lehenak izan eta jarraibidea erakusteko aztura zaharra. Baina armada demokratikoko ofizialei, gerra-maitasunik eta gutizia militarrik ez dutenean, ezer ez zaie geratzen.

Pentsatzen dut, beraz, bakealdi luzearen ondoren gerrari ekiten dion herri demokratikoak beste edozeinek baino arrisku handiagoa duela garaitua izateko; baina ez du onartu behar zorigaitzek erraz abailaraz dezaten, armada horren aukerak gehitu egiten baitira gerrak iraun ahala.

Gerrak, luzatuz, hiritar guztiak beren lan baketsuetatik atera eta horien eginkizun txikiei porrot eragin dienean, gertatzen da bakea hainbeste balorarazten zieten grina berberak armetarantz bihurtzen direla. Gerra, industria guztiak suntsitu ondoren, bera bihurtzen da industria handi eta bakarra, eta orduan bertara bakarrik bideratzen dira alde guztietatik berdintasunak sortaraziko desira sutsu eta gutiziatsuak. Horregatik, gudu-zelaietara hainbeste kostata eramaten diren nazio demokratiko horiek beroriek, batzuetan, gauza miragarriak egiten dituzte bertan, lortzen bada azkenean armak eskuetan harraraztea.

Gerrak begirada guztiak gero eta gehiago armadarantz erakartzea lortzen duen neurrian, denbora laburrean ospe handiak eta aberastasun handiak sortzen dituen neurrian, nazioko eliteak armen karrera hartzen du; berez ekinzale, harro eta gerlari diren espiritu guztiek, aristokraziak ez ezik, herrialde osoak sorturikoek, alde horretarantz jotzen dute.

Ohore militarren konkurrentzian sartzen direnen kopurua zenbatezina izanik, eta gerrak zakar bultzatzen duenez bakoitza bere lekura, azkenerako jeneral handiak aurkitzen dira beti. Iraultzak herriarengan eragiten duena eragiten du gerra luze batek armada demokratikoaren baitan. Arauak hautsi eta aparteko gizon guztiak agerrarazten ditu. Bakealdian arimaz eta gorputzez zahartu diren ofizialak baztertu egiten dituzte, edo erretiratu edo hil egiten dira. Haien lekuan jadanik gerrak gogorturiko gazte-pila biltzen da, gerrak zabaldu eta sutu dizkielarik desirak. Hauek handi bihurtu nahi dute kosta ahala kosta eta etengabe; atzetik beste batzuk datoz grina eta desira berberak dituztenak; eta hauen atzetik, beste batzuk, armadaren mugak bakarrik dituztenak. Berdintasunak gutiziaren atea zabaltzen die guztiei, eta heriotzak beren aukera ematen die gutizia guztiei. Heriotzak ilarak irekitzen ditu etengabe, postuak husten, karrera itxi eta zabaltzen.

Bada, bestalde, ohitura, militar eta ohitura demokratikoen artean, gerrak agerian jartzen duen erlazio ezkutu bat.

Demokrazietako gizonek gutiziatzen dituzten ondasunak bizkor lortzeko eta horietaz eroso gozatzeko desira grinatsua izaten dute berez. Horietako gehienek gurtu egiten dute ustekabea eta beldur txikiagoa diote heriotzari nekeari baino. Espiritu horrekin jokatzen dute merkataritza eta industrian; eta espiritu horrek berorrek, gudu-zelaietara eramana, bizia gogotsu arriskatzera eramaten ditu, momentu batean garaipenaren saria eskuratu ahal izateko. Ez dago beste handitasunik herri demokratikoaren irudimena gehiago asetzen duenik handitasun militarra baino, lanik gabe eta bizia bakarrik arriskatuz lortzen den handitasun distiratsu eta bat-batekoa.

Honela, interesak eta gustuek gerratik aldendu arren demokraziako hiritarrak, haien arimako azturek gerra ongi egiteko prestatzen dituzte; soldadu on bihurtzen dira erraz, beren negozio eta ongizatetik atera ahal izan dituztenez gero.

Bakea bereziki kaltegarria bada armada demokratikoentzat, beste armadek sekula ez dituzte abantailak ziurtatzen dizkie gerrak; eta abantaila hauek, hasieran oso nabarmenak ez izan arren, luzarora garaipena emango diete derrigorrez.

Herri aristokratiko batek, nazio demokratiko baten aurka borrokan, ez badu lehen  kanpainetan suntsitzea lortzen, beti du menperatua izateko arrisku handia.

XXV. Diziplina armada demokratikoetan

[aldatu]

Oso iritzi zabaldua da, herri aristokratikoetan, batez ere, demokrazien baitan dagoen gizarte-berdintasun handiak luzarora soldadua ofizialagandik independente bihurtzen duela, eta diziplinaren lokarria suntsitzen duela.

Ez da zuzena. Izan ere, badira bi diziplina-mota, nahastu behar ez direnak.

Ofiziala noblea denean eta soldadua jopua, bata aberatsa eta bestea behartsua, lehena ilustratua eta indartsua eta bigarrena ezjakin eta ahula, erraza da bi gizon horien artean obedientziaren lokarririk estuena ezartzea. Armadan sartu aurretik, soldadua diziplina militarraren menpe egoten da, nolabait ere; edota, hobeto esanda, diziplina militarra gizarte-morrontzaren perfekzionamendua baino ez da. Armada aristokratikoetan, soldadua aski erraz iristen da gauza guztiekiko axolagabe bezala izatera, buruzagien aginduarekiko izan ezik. Pentsatu gabe jarduten du, gogo-berotasunik gabe izaten du arrakasta eta kexatu gabe hiltzen da. Egoera horretan ez da jada gizona, animalia beldurgarri bat baizik, gerrara zuzendua.

Herri demokratikoek ez dute inoiz espero behar beren soldaduen obedientzia itsua, zehatza, etsia eta beti berdina izatea, herri aristokratikoek nekerik gabe ezartzen badiete ere. Gizartearen egoerak ez du horretarako biderik ematen. Beren abantaila naturalak galtzeko arriskuan jarriko lirateke besteak artifizialki lortu nahi izatean. Herri demokratikoetan, diziplina militarrak ez du arimen hegada askea deusezten saiatu behar; gidatzea baino ez du irrikatu behar; berak sorturiko obedientzia ez da hain zehatza, baina bai oldarkor eta inteligenteagoa. Sustraia obeditzen duenaren borondatean bertan datza; ez da haren senean bakarrik oinarritzen, arrazoian baizik; sarritan estuago bihurtzen da bere kabuz, arriskuak beharrezko egiten duen neurrian. Armada aristokratikoaren diziplina erraz laxatzen da gerran, diziplina hori azturetan oinarritzen baita, eta gerrak aztura horiek nahastu egiten baititu. Aitzitik, armada demokratikoaren diziplina sendotu egiten da arerioaren aurrean, orduan soldadu bakoitzak oso garbi ikusten baitu isildu eta obeditu egin behar duela garaitu ahal izateko.

Gerraren bidez gauzarik harrigarrienak egin dituzten herriek ez dute beste diziplinarik ezagutu aipatzen ari naizena baizik. Antzinakoen artean, gizon askeak eta hiritarrak bakarrik onartzen ziren armadetan; haiek gutxi ezberdintzen ziren elkarren artean, eta ohituta zeuden elkar parekide bezala hartzen. Honen ildotik, esan daiteke antzinako armadak demokratikoak zirela, nahiz eta aristokraziatik irten; armada haietan bazen nolabaiteko anaikidetasun familiar bat ofizialaren eta soldaduaren artean. Horretaz konbentzitzeko aski da Plutarkoren Kapitain handien bizitza irakurtzea. Bertan soldaduek etengabe eta askatasun handiz hitz egiten diete jeneralei, eta hauek gogo onez entzuten dituzte soldaduek esanak, baita erantzuten ere. Hitz eta exenpluen bidez gehiago gidatzen dituzte, bortxaz eta zigor bidez baino. Buruzagiak adina lagunak direla esan liteke.

Ez dakit soldadu greziar eta erromatarrek inoiz perfekzionatu dituzten errusiarren puntu bereraino diziplina militarreko xehetasun txikiak; baina horrek ez zion eragotzi Alexandrori Asia konkistatzea, eta Erromari mundua.

XXVI. Gogoeta batzuk gerrari buruz gizarte demokratikoetan

[aldatu]

Berdintasunaren printzipioa nazio batean bakarrik ez, baizik eta zenbait auzo-herritan aldi berean garatzen denean, gaur egun Europan gertatzen den bezala, herrialde horietan bizi direnak, hizkuntza, usadio eta lege-ezberdintasuna gora-behera, puntu batean antzeko dira, hala ere: guztiak gerraren beldur dira eta bakearen maitasun berbera dute[10]. Gutiziak edo suminak alferrik armatzen ditu printzeak; halako apatia eta onginahi unibertsal batek otzandu egiten ditu, eurek ez nahi izan arren, eta eskuetatik ezpata erorarazten die. Bakanago bihurtzen dira gerrak.

Berdintasunak, zenbait herrialdetan batera garatu ahala, beraietan bizi direnak aldi berean industria eta merkataritzarantz bultzatzen dituen neurrian, ez bakarrik haien gustuak izaten dira antzekoak, haien interesak ere nahastu eta elkarlotu egiten dira, eta horrela ez dago naziorik bere gain erortzen ez den gaitzik besteei jasanarazten dienik, eta guztiek zoritxar handitzat hartzen dute gerra, garaituarentzat bezain handia ia garailearentzat ere.

Honela, alde batetik, zaila da demokrazi mendeetan herriak borrokara eramatea; baina, beste aldetik, ia ezinezkoa da haietako bik beren artean gerra egitea isolatuki. Guztien interesak hain elkarloturik daudenez, beraien iritzi eta premiak hain antzekoak direnez, inor izango litzateke atsedenean egon besteak asaldatuta dabiltzanean. Hortaz, bakanagoak izaten dira gerrak; baina sortzen direnean, eremu zabalagoa dute aurrean.

Auzoko diren herri demokratikoak ez dira puntu bakar batzuetan bakarrik izaten antzeko, esan dudan bezala; azkenerako ia puntu guztietan izaten dute elkarren antza[11].

Nolanahi ere, herrien antzekotasun honek garrantzi handiko ondorioak ditu gerrari dagokionez.

Neure buruari galdetzen diodanean XV. mendeko konfederazio helbetikoak zergatik eragiten ote zien dar-dar Europako naziorik handien eta ahaltsuenei, gaur egun beraren boterea erlazio zuzen-zuzenean baitago duen biztanleriarekin, konturatzen naiz suitzarrak inguruko guztien antzeko bihurtu direla, eta hauek suitzarren antzeko; horrela, kopurua izanik batzuen eta besteen arteko ezberdintasun bakarra, garaipena gudalosterik handienei dagokie derrigorrez. Europan zertzen ari den iraultza demokratikoaren emaitzetako bat gudu-zelai guztietan kopuruaren indarra nagusiaraztea da, eta nazio txiki guztiak handietan sartzera behartzen dituela, edota azken hauen politikan sartzera, gutxienez.

Kopurua izanik garaipenaren faktore erabakigarria, herri bakoitzak ahalegin guztiak egin behar ditu ahalik eta gizonik gehien gudu-zelaira eramateko.

Beste guztiak baino hobeak ziren gudalosteak banderapean bil zitezkeenean, XVI. mendeko oinezko suitzarrak edo zaldun frantsesak adibidez, ez zen beharrezkoa oso armada handiak eratzea; baina ez da hori gertatzen soldadu guztiak antzekoak direnean.

Premia berri hori sortarazten duen kausa berak ematen ditu asetzeko baliabideak ere. Zeren eta, esan dudan bezala, gizon guztiak berdinak direnean, ahulak izaten dira guztiak. Gizarte-boterea berez askoz indartsuagoa da herri demokratikoetan beste inon baino. Herri hauek, gizonezko guztiei armatara dei egiteko desira sentitzen duten aldi berean, jende hori biltzeko ahalmena ere badute; eta ondorioz, berdintasun-mendeetan espiritu militarra itzali ahala armadak hazi egiten direla ematen du.

Mende horietan, gerra egiteko era ere aldatu egiten da kausa berengatik.

Printzea liburuan Makiavelok dio “askoz zailagoa dela printzea eta baroiak buruzagitzat dituen herria menperatzea, printzeak eta esklaboek gidatzen duten nazioa baino”. Inor ez iraintzeko, jar dezagun funtzionari publikoak esklaboen ordez, eta egia handi bat izango dugu horrela, gure gaiari oso aplikagarria.

Herri aristokratiko handi batentzat oso zaila da bere auzokoak konkistatzea, edota haiek bera konkistatzea. Ezin ditu konkistatu, ezin dituelako inoiz bere indar guztiak bildu eta elkartuta luzaroan eduki; eta besteek ezin dute bera konkistatu, etsaiak edonon aurkitzen dituelako geldiarazten duten erresistentzi gune txikiak. Herrialde aristokratikoan egindako gerra herrialde menditsuan egindakoarekin alderatuko nuke; garaituek beti aurkitzen dute aukera posizio berrietan elkartu eta horietan irmo eusteko.

Hain zuzen ere, kontrakoa ikusten da nazio demokratikoetan.

Hauek erraz eramaten dituzte gudu-zelaira beren indar erabilgarri guztiak, eta nazioa, aberats eta kopurutsua denean, erraz  bihurtzen da konkistatzaile; baina, inoiz garaitu eta haren lurraldean sartzen badira, baliabide gutxi gelditzen zaio eta, bere hiriburuaz jabetzera iristen badira, nazioa galdurik dago. Azalpen erraza du honek: hiritar bakoitza indibidualki oso isolatua eta ahula izanik, ezin du nork bere burua defendatu, ezta besteei laguntza punturik eskaini ere. Herrialde demokratikoan Estatua bakarrik da indartsua; Estatuaren indar militarra armadaren suntsipenak murriztuta egonik, eta botere zibila hiriburuaren okupazioak geldiarazita, gainerakoa araurik eta indarrik gabeko jendetza besterik ez da, eraso egiten dion indar antolatuaren aurka borrokatu ezin dena; badakit arriskua gutxitu daitekeela askatasuna zabalduz, eta ondorioz erakunde probintzialak sortuz, baina erremedio hau inoiz ez da nahikoa izango.

Biztanleriak ezingo du orduan gerran jarraitu, eta ziur aski ez du horretan saiatu ere egin nahiko.

Nazio zibilizatuek onarturiko nazioarteko zuzenbidearen arabera, gerren helburua ez da partikularren ondasunez jabetzea, soilik botere politikoaz jabetzea baizik. Oso noizean behin eta bigarren helburua lortzeko bakarrik suntsitzen da jabetza pribatua.

Bere armadaren porrotaren ondoren nazio aristokratiko bat inbaditzen dutenean, nobleek, nahiz eta aldi berean aberatsak izan, nahiago izaten dute indibidualki defendatzen jarraitu makurtu baino; zeren eta, garaile herrialdeko nagusi bihurtuko balitz, botere politikoa kenduko bailieke, eta hori maiteago dute beren ondasunak baino ere. Beraz, nahiago dute borroka konkista baino, hau baita zorigaitzik handiena beraientzat, eta berekin erraz eramaten dute herria ere, herria aspaldidanik ohituta baitago beraiei jarraitu eta obeditzera, eta, bestalde, ezer gutxi baitu gerran arriskatzeko.

Gizarte-baldintzen berdintasuna nagusi den nazioan, aitzitik, hiritar bakoitzak parte txiki bat bakarrik izaten du botere politikoan, eta sarritan batere ez; bestalde, guztiak independenteak dira eta badute ondasunik galtzeko; horregatik, beldur txikiagoa diote konkistari eta askoz handiagoa gerrari herri aristokratikoetan baino. Oso zaila izango da beti herri demokratikoa armak hartzera bultzatzea, gerra haren lurraldera iristen denean. Horregatik da beharrezkoa herri hauei eskubideak eta espiritu politikoa ematea, aristokrazietan nobleei jardunarazten dieten interesetako batzuk hiritar bakoitzari ere sortarazteko.

Nazio demokratikoetako printzeek eta beste buruzagiek oso gogoan izan behar dute hau: askatasunaren grina eta aztura dira abantailaz borroka egin dezaketenak ongizateren aztura eta grinaren aurka. Ezbeharra gertatuz gero, ez dut uste ezer dagoenik konkistatua izateko hobeto prestatua erakunde librerik gabeko herri demokratikoa baino.

Lehen, soldadu gutxirekin ekiten zitzaion gerrari; gudu txikiak egiten ziren, baina setiaketa luzeak. Orain, gudu handiak egiten dira, eta, oztoporik gabe aurrera egin daitekeen momenturik, hiribururantz jotzen da, gerra kolpe bakar batean bukarazteko.

Diotenez, Napoleonek asmatu zuen sistema berri hau. Baina ez zegoen gizon baten esku, zeinahi izanik hori, horrelako sistema bat sortzea. Napoleoni gerra egiteko era bere garaiko gizartearen egoerak erakutsi zion, eta arrakasta izan zuen oso ongi egokitzen zitzaiolako egoera horri eta bera izan zelako praktikan jarri zuen lehena. Napoleon izan zen armadaren buruan hiriburu guztietako bidea egin zuen lehena. Baina gizarte feudalaren porrotak ireki zion bide hori. Pentsa daiteke aparteko gizon hori hirurehun urte lehenago jaio izan balitz, ez zituzkeela emaitza berberak lortuko bere metodoaz, edota, hobeto esanda, beste metodo bat izango zukeela.

Gerra zibilei buruz hitzerdi bat besterik ez dut esango, beldur bainaiz irakurlearen pazientzia agortzeko.

Atzerriko gerrei buruz esan dudan gehiena are arrazoi handiagoz aplikatzen zaie gerra zibilei. Herrialde demokratikoetan bizi direnek ez dute berez espiritu militarrik. Batzuetan, gogoz kontra gudu-zelaira eramaten dituztenean lortzen dute; baina bere kabuz masan altxatzea eta gerraren zorigaitzetara, eta batez ere gerra zibilak ekartzen dituenetara, bere borondatez arriskatzea, hori demokrazietako jendeak hartzen ez duen irtenbidea izaten da. Hiritarrik abenturarienek bakarrik onartzen dute horrelako abenturatan sartzea; biztanleen gehiengoa geldi geratzen da.

Honek zerbait egin nahi balu ere, ez luke erraz lortuko, ez baitu bere baitan antzinako eraginik ongi ezarririk aurkitzen, horietara makurtu nahi izateko, ezta buruzagi ezagunik ere, pozik ez daudenak bildu, arautu eta gidatzeko; ezta botere nazionalaren azpitik kokaturiko botere politikorik ere, jartzen zaion erresistentzia eraginkorki bultzatuko duenik.

Eskualde demokratikoetan, gehiengoaren indar morala ikaragarria da, eta bere esku dituen indar materialak, proportziorik gabeak, printzipioz beraren kontra bil daitezkeenen aldean. Gehiengoaren aulkian esertzen den alderdiak, haren izenean hitz egin eta beraren botereaz baliatzen delarik, une batean eragozpenik gabe menperatzen ditu erresistentzia partikular guztiak. Sortzeko astirik ere ez die uzten; hazia bera suntsitzen du.

Beraz, herri horietan iraultza armaz egin nahi dutenek ez dute beste biderik gobernuaren makina antolatuaz ezustean jabetzea baino, eta hori esku-kolpe batez gerraz baino hobeto egin daiteke; zeren eta, gerra erregular bat dagoen momenturik, Estatuaren ordezkari den alderdiak garaituko duen ziurtasuna izaten du ia beti.

Gerra zibila sor liteken kasu bakarra, armada zatitu eta zati batek erreboltaren alde egin eta besteak leial jarraitzen duenekoa izango litzateke. Armada gizarte txiki bat da, estu-estu lotua eta oso bizia, denbora batez bere buruarekin aski izateko egoeran dagoena. Gerra odoltsua izan liteke, baina ez luzea, zeren eta, altxatu den armadak bere indarrak erakutsi hutsez edo lehen garaipenaz gobernua bereganatuko bailuke eta gerra bukatu egingo bailitzateke; edota, bestela, borrokari ekin, eta Estatuaren indar antolatua oinarritu gabeko armada-zatia bere kabuz sakabanatuko litzateke edo suntsitua izan berehala.

Beraz, onar daiteke egia orokortzat berdintasun-mendeetan gerra zibilak askoz bakanago eta laburragoak izango direla[12].


[1] Azken txantxa honek adierazi nahi duena ulertzeko, gogoratu Mme. de Grignan Probentzako gobernari zela.

[2]  Hurbiletik eta zehazki aztertzen baditugu gizon hauen gidari diren ideia nagusiak, are nabarmenagoa bihurtzen da analogia, eta harrigarria gertatzen da berorien artean aurkitzea, hierarkia feudal bateko burgoienen artean bezalaxe, jaiotzaren harrotasuna, arbasoen eta ondorengoenganako begirunea, gutxiago denarenganako mesprezua, kontaktuaren beldurra, eta etiketaren eta antzinako tradizioen zaletasuna.

[3] Hala ere, amerikarrei oraindik ez zaie bururatu, guk Frantzian egin dugun bezala, gurasoei boterearen elementurik nagusienetako bat kentzea, hiltzerakoan beren ondasunez erabakitzeko askatasuna kentzea, alegia. Estatu Batuetan testamentu egiteko ahalmena mugagabea da.

Honetan, ia gainerako guztian bezala, erraza da ohartzea amerikarren legeria politikoa gurea baino askoz demokratikoagoa bada, gure legeria zibila haiena baino askoz ere demokratikoagoa dela. Erraz ulertzen da hau.

Gure legeria zibilaren autoreari garaikideen grina demokratikoak asetzea interesatu zitzaion, zuzenean eta berehala bere boterearen kontrako ez zen guztian behintzat. Gogotsu onartzen zuen herri-printzipio batzuek ondasunak zuzendu eta familiak gobernatzea, Estatuaren zuzendaritzan sartu nahi ez zuten bitartean. Uholde demokratikoak lege zibilen gain gainezka egiten zuen bitartean, berak lege politikoen atzean erraz babestea espero zuen. Ikuspegi hau iaiotasunez eta berekoikeriaz betea da aldi berean; baina horrelako konpromezua ezin zitekeen iraunkorra izan. Zeren eta, luzarora, gizarte politikoak gizarte zibilaren adierazpide eta irudi izan behar baitzuen derrigorrez; eta zentzu honetan esan daiteke herri batean ez dagoela ezer politikoagorik legeria zibila baino.

[4]  Erraza da egia honetaz konbentzitzea Europako literaturak aztertuz.

Europar batek bere fikzioetan gure artean ezkon-bizitzaren baitan hain sarri ikusten diren katastrofe handi horietako batzuk azaldu nahi dituenean, aurrez irakurlearen errukia pizten saiatzen da, elkar gaizki hartzen duten edo elkarrekin bizitzera beharturiko pertsonak erakutsiz. Nahiz eta tolerantzia luzeak gure ohiturak laxatu dituen aspaldidanik, nekez lortuko luke pertsonaia horien zorigaitzetan interesaraztea, berorien hutsegitea desenkusatuz hasiko ez balitz. Trikimailu honek ez du hutsik egiten. Egunero aurrean izaten dugun ikuskizunak urrutirik prestatzen gaitu bihozberatasunera.

Idazle amerikarrek ezin dizkiete irakurleei horrelako aitzakiak egiantzez azaldu; beraien usadioek eta legeek uko egiten diote horri eta, desordena maitagarri bihurtzerik ez dutenez, ez dute horrelakorik pintatu ere egiten. Neurri batean, kausa horri egotzi behar zaio Estatu Batuetan argitaratzen diren eleberrien kopuru txikia.

[5]  Ohore hitza ez da beti zentzu berean hartzen frantsesez. 1ª Lehenik, hurkoengandik hartzen den estima, aintza, begirunea esan nahi du; zentzu honetan esaten da ohorea konkistatu. 2.ª Ohoreak, halaber, aintza, estima eta begirune hori lortzen laguntzen duen arau-multzoa esan nahi du. Eta horrela esaten da pertsona bat beti zorrotz egokitu dela ohorearen legeetara, edota ohoreari huts egin diola. Kapitulu hau idazterakoan, azken zentzu honetan hartu dut beti ohore hitza.

[6] Aberri hitza bera ez da autore frantsesetan XVIII. mendetik aurrera baizik aurkitzen.

[7] Esklabotzarik ez dagoen eskualdeetan bizi diren amerikarrez ari naiz hemen. Horiek bakarrik eman dezakete gizarte demokratiko baten irudi osoa.

[8] Adimenaren iraultza handietarako gizarte-egoerarik mesedegarriena zein den bilatzen badut, gertatzen zait hiritar guztien erabateko berdintasunaren eta klase-banaketa absolutuaren bitarteko punturen batean aurkitzen dela.

Kasta-erregimenaren menpean, jendeak postuz aldatu gabe igarotzen dira belaunaldiak; batzuek ez dute ezer gehiago espero, eta besteek ez dute ezer hoberik espero. Irudimena lokartu egiten da isiltasun eta mugiezintasun orokor horren erdian, eta mugimenduaren ideia bera ere ez da giza espirituan sartzen.

Klaseak abolitu direnean eta baldintzak ia berdinak izatera iritsi direnean, gizaki guztiak etengabe astintzen dira, baina horietako bakoitza isolatua, independentea eta ahula da. Azken egoera hau oso ezberdina da lehenengoaren aldean; hala ere, antzekoa da puntu batean. Giza espirituaren iraultza handiak oso bakanak izaten dira bietan.

Baina herrien historiaren bi mutur horien artean, bitarteko aro bat egoten da, garai aintzatsu eta zurrunbilotsua, non baldintzak ez diren adimena lokartzeko bezain finkoak, eta bai aski ezberdinak gizakiek gizakiek elkarren espirituaren gain botere handia zertzeko, eta batzuek guztien sineskizunak aldatu ahal izateko. Orduan sortzen dira erreformatzaile handiak, eta ideia berriek bat-batean aldatzen dute munduaren aurpegia.

[9]  Hain zuzen ere, ofizialaren posizioa askoz ziurragoa da herri demokratikoetan besteetan baino. Zenbat eta gutxiago balio izan ofizialak bere kabuz, konparazioz orduan eta baliotsuagoa haren gradua, eta orduan eta bidezko eta beharrezkoago iruditzen zaio legegileari berorren gozamena ziurtatzea.

[10] Europako herriek gerrari dioten beldurra ez da bakarrik beren artean berdintasunak egin duen aurrerapenagatik egin duen aurrerapenagatik; ez dut uste hori azpimarratu behar diodanik irakurleari. Kausa iraunkor horretatik aparte, badira beste batzuk akzidentalak, oso ahaltsuak direnak. Beste guztien aurretik, Iraultzako eta Inperioko gerrek utzitako neke izugarria aipatuko nuke.

[11]  Hau ez da gertatzen herriek gizarte-egoera berbera izateagatik bakarrik, baita gizarte-egoera horrek jendea elkar imitatzera eta bat egitera eramaten duelako ere.

Hiritarrak kasta eta klasetan banaturik daudenean, elkarren artean ezberdinak izateaz gain, ez dute antzeko izateko ez gusturik, ez desirarik izaten; aitzitik, bakoitzak gero eta gehiago jotzen du bere iritziak eta aztura propioak aldatu gabe gordetzera, eta bereari eustera. Indibidualitate espiritua oso bizia izaten da.

Herri batek gizarte-egoera demokratikoa duenean –alegia, bere baitan ez dagoenean ez kastarik, ez klaserik, eta hiritar guztiak gutxi gora-behera berdinak direnean jakintzargi eta ondasunetan-, giza espiritua kontrako zentzuan ibiltzen da. Gizakiek elkarren antza izaten dute, eta, gainera, nolabait ere sufritu egiten dute antzeko ez izatearekin. Bakoitza bereiz dezakeena gordetzeko inolako gogorik gabe, hori galtzea besterik ez dute eskatzen masa komunean bat egiteko, beraien begietara horrek bakarrik ordezkatzen baitu zuzenbidea eta indarra. Indibidualitate espiritua ia suntsiturik dago.

Aristokrazi garaietan, berez antzeko direnek beren artean irudizko desberdintasunak sortu nahi izaten dituzte. Demokrazi garaietan, berez antzeko ez direnek antzeko bihurtzea besterik ez dute eskatzen eta elkarri kopiatzen diote; izan ere, pertsona bakoitzaren espiritua herrestan eramaten du gizadiaren mugimendu orokorrak.

Antzeko zerbait gertatzen da herrien artean. Bi herrik izan dezakete gizarte-egoera aristokratiko berbera eta, hala ere, oso ezberdin eta diferente izan, aristokrazi espirituak indibidualizatzera jotzen baitu. Baina bi auzoherrik ezin dute gizarte-egoera demokratiko berbera izan, berehala antzeko iritzi eta ohiturak ere hartu gabe, demokrazi espirituak gizakiak antzeko bihurtzeko joera baitu.

[12] Noski, banako nazio demokratikoei buruz ari naiz hemen, eta ez nazio demokratiko konfederatuei buruz. Konfederazioetan, botere nagusia beti, fikzioak gora-behera, estatu-gobernuetan egoten denez eta ez gobernu federalean, gerra zibilak atzerri-gerra disimulatuak baino ez dira izaten.