Edukira joan

Andoaingo asto apustua

Wikitekatik

Oharra: Pello Errotaren bertso guztiak jabetza publikokoak dira, duela 100 urte baino gehiago hil zelako. Hemengo bertsoak Klasikoen gordailua bildumatik hartutakoak dira, jabetza publikoa dena.

Andoaingo asto apustua  (1892) 
Pello Errota

Andoaingo asto apustua


1
Milla zortzireun larogei eta
amabigarren urtian,
Uztako illaren amaikian zan
ori señalamentian,
asto-apustu bat jokatuba da
or Andoaiñgo partian,
bide luzian, San Estebandik
Iyuiara bitartian.

2
Uztako illaren amarrian zan
apustu ori zerratu,
Jose Antoniok ginduelako
astuarekin markatu,
obia nun zan banerakien,
nik ere ez nion barkatu,
bosna pezeta siñale bota,
ontzako bana jokatu.

3
Jose Antonio astoarekin
oso zeguan arrotuta,
obia nun zan orduko berriz
Matias akordatuta,
San Estebandik Iyuiaraño
bidia siñalatuta,
zein azkarrago ara allegatu
zortzina arroa artuta.

4
Esan dan gisan prestatu gera
apustuba jokatzeko,
azkena ara iristen danak
ontzaku ori galtzeko,
armoni txarrik izan ez dediñ
ondoren iñorentzako,
bien partetik juzkalaritzan
Toledo ori jartzeko.

5
Orla izketak egiñagatik
gertatu dira alperrik,
Jaungoikuari graziak eman:
ez degu izan okerrik;
mesede ustez ibilli eta
zenbaitek ez du eskerrik,
Jose Antonio ez da piatu
Toledorekin bakarrik.

6
Toledo ori gizon prestuba
bere bizitza osuan,
arentzat ere armoni txarrak
egin ditue auzuan
arren astuak azkar juteko
biar aiñ indar etzuan,
ametituko zitzaion pozik
lan egin izan bazuan.

7
Bekaistikuak alimalia
abieran bai listua,
utsikan ariñ zebillen baño
karga aundia eziñ jasua,
piña zeukala ark uste arren
ateria du bastua,
Arimaloko bire-gutzian
erori zaio astua.

8
Matias orrek asto txikia
bañan ibildun trebia,
bost minutuz atzetik asi,
laster jo dio paria,
ots egin zion arrentzat azkar
libra zezala bidia,
estu artuta bertan erori,
etzan kontentu jabia.

9
Asto txikiak zortzi arroa
eraman biar sakuban,
San Estebandik Iyuiaraño
gañera mendi altuban,
baña ori allegatu da
an berrogei minutuban,
egon aundirik ark eztu egin,
ankak dantzatu zituban.

10
Atzetik ori asi zan baño
allegatu da aurrena,
zortzi arroa bizkarrian da
mendi guziak barrena,
aundiagorik ez baldin bada
probintzian dan onena,
jabia zeiñ dan esan biar det,
astua Zozberrirena.

11
Guk apustuba irabazita
alare geunden serio,
zergatik eze panparreriak
iñun eztuben balio,
galtzalliaren pamili orrek
setari segitu dio,
gero baikuntza egin digue
lan ori dala medio.

12
Asto-baikuntza egin digue
Uztaren amazazpian,
aurtengu ontan igandian zan,
ori nere iritzian,
gure tartian deretxo gabe
asi nai zuben auzian,
orrelakorik len ezta pasa
eguzkiaren azpian.

13
Guk aziendak lan bezelaxe
bialdu'itugu larrera,
ataka zabal ikusi eta
alimaliak aurrera,
kulparik ezta gureganako
oiek daukaten kolera,
lau astorekin bi emakume
or juan dira kalera.

14
Asto oiekin juan dirade
ebia ari duala,
batek gerrira jasoa zuen
bere gonaren egala,
an dabillela puntara askatu,
manera zeukan zabala,
itxura ederra ematen zuben
kamixa agiri zuala.

15
Asto oiekin alkatiari
juan zitzaizkan aurrena,
bere manera zabal zuala
kale guziak barrena,
testigu gabe artubak izan,
ori gauzarik txarrena,
ark lege onez bialdu ditu
andikan juezarena.

16
Oiek ez ditu ibilli-azi
iñork galtzeko perezak,
edozein gauza libre dala uste
emakume alrebesak,
baikuntzarekin etxeratu nai
apustuko interesak,
azkar astuak entregatzeko
agindu due juezak.

17
Atrebitu aiek besteren gauza
kaleraño ekartzia,
juez jaun orrek agindu eta
kosta zaie entregatzia,
kaso txarra da alimalia
testigu gabe artzia,
emakumi oik merezi zuten
biak kartzelan sartzia.

18
Bi emakume lau astorekin
kalera dira abitu,
nere etxekuak izatezkero
biarko zuen gelditu,
ibilli pranko egiñagatik
eztue asko serbitu,
gizonik ezta ondo biziko
andriak galtzak baditu.

19
Berri onikan eztu sekulan
gaizki lanian astiak,
bi asto ziran Estebanenak,
Matiasenak bestiak,
erromeria kalera eginda
apenas dauden tristiak,
kastigatzia nai zuen baño
eztira asko kostiak.

20
Mingain gaiztoak eragiten du
munduban asko erida,
beragatikan papera onetan
ipiñi degu segida,
zer pasatzen dan ikasitzia
askorentzat komeni da,
bertso berririk etzan jarriko
ixilik egon balira.

21
Apustuba ta baikuntzari guk
orra bertsuak atera,
al dan guztia zabaldutzeko
Euskalerriko partera,
kasua zer dan ikasitzeko
emen badago aukera,
gusto duanak artu dezala
bost zentimuan papera.