Bigarren zatia. Logika transzendentala
Sarrera Logika transzendental baten ideia
[aldatu]I Logikaz oro har
[aldatu]Gure ezagutza gogamenaren bi oinarrizko iturburuetatik sortzen da; lehena, errepresentazioak jasotzeko ahalmena da (zirraren harmena), bigarrena, errepresentazio horien bitartez objektu bat ezagutzeko ahalmena (adigaien berezkotasuna); lehenaren bitartez objektu bat ematen zaigu, bigarrenaren bitartez hau errepresentazio harekin hartuemanean pentsatu egiten dugu (gogamenaren determinazio soil gisa). Begiespenak eta adigaiak dira, beraz, gure ezagutza ororen osagaiak, eta ondorioz, adigaiek ezin dezakete ezagutzarik sortu moduren batetan dagozkien begiespenik gabe, ezta adigai gabeko begiespenek ere. Biak hutsak edo enpirikoak dira. Enpirikoak dira beraietan sentsazioa barnebiltzen bada (objektuaren presentzia erreala aurresuposatzen duena); hutsa, aldiz, errepresentazioan ezein sentsaziorik ez bada nahasten. Azken honi sentsuzko ezagutzaren materia dei dakioke. Horregatik, begiespen hutsak zerbait begiestea ahalbidetzen duen forma besterik ez du barnebiltzen eta adigai hutsak oro harrezko objektu baten pentsatzearen forma. Hala ere, begiespen edo adigai hutsak soilik izan daitezke a priori ahalgarriak, enpirikoak a posteriori besterik ez.
Gogamenak nolabait afektatua den heinean errepresentazioak jasotzeko duen harmenari sentimena deitzen badiogu, orduan norberak errepresentazioak sortzeko ahalmena edo ezagutzaren berezkotasuna adimena da. Gure izaerak berekin dakar begiespena sentsuzkoa soilik izan daitekeela, h. d., honek gu objektuen bidez afektatuak garen era baino ez duela barnebiltzen. Aitzitik, sentsuzko begiespenaren objektua pentsatzeko ahalmena adimena da. Ezin da bietako berekitasun bat hobetsi. Sentimenik gabe ez litzaiguke objekturik emango eta adimenik gabe ezingo lirateke pentsatu. Edukirik gabeko pentsamenduak kaskalak dira, adigairik gabeko begiespenak itsuak dira. Horregatik, adigaiak sentsuzkoak bihurtzea (h. d., beraiei begiespenean objektua gehitzea) bezain garrantzitsua da begiespenak adimenezkoak bihurtzea (h. d., adigaiei meneratzea). Bi ahalmen edo gaitasunek ezin dituzte beren funtzioak elkar trukatu. Adimenak ezin du begiestsi eta sentsuek ezin dute pentsatu. Biak bateratzen direnean soilik sor daiteke ezagutza. Ezin dira horregatik, ordea, beren ekarpenak nahasi, baizik eta bakoitza bestetik arretaz banantzeko eta bereizteko arrazoi ona dugu. Horregatik, oro harrezko sentimenaren erregelen zientzia, h. d., Estetika, oro harrezko adimenaren erregelen zientziatik ezberdintzen dugu, h. d., Logikatik.
Logika, berriz, bi asmoen arabera kontsidera daiteke, adimenaren erabilera orokorraren edo bereziaren Logika gisa. Lehenengoak pentsatzearen erregela behar-beharrezkoak barnebiltzen ditu, eta bera gabe adimenaren erabilera oro ezinezkoa litzateke, eta adimenera igortzen du honen objektuen ezberdintasunari arretarik emateke. Adimenaren erabilera bereziaren Logikak objektuen era jakin bati buruz zuzenki pentsatzeko erregelak barnebiltzen ditu. Hura osagaien Logika dei daiteke, hau, berriz, zientziaren baten organona. Lehenengoa gehienetan eskoletan erabiltzen da zientzien propedeutika gisa, nahiz eta giza arrazoimenaren ibileraren arabera azkena lortzen dena izan, zientzia aspalditik jadanik bukatua dagoenean eta bere zuzenketarako eta betegintzarrerako azken ukitua besterik behar ez duenean. Izan ere, objektuak maila aski garaian ezagutu behar dira, beren zientzia bideratzeko eraren erregelak eman nahi baldin badira.
Logika orokorra, hortaz, Logika hutsa edo aplikatua da. Lehenengoan, gure adimena erabiltzeko baldintza enpiriko oroz abstraitzen dugu, adibidez, sentsuen eraginaz, irudimenaren jolasaz, oroimenaren legeez, ohituraren botereaz, grinez, eta abarrez, eta beraz, aurreiritzien iturburuez eta oro har ezagutza jakinak sortu dituen edo amarruz sartu ahal izan zaizkigun kausa oroz, zeren adimenari besterik ez baitagozkie bere aplikazioaren egoera jakin batzuen menpean, eta hauek ezagutzeko esperientzia behar baita. Logika orokor baina huts baten autugaia apriorizko printzipio soilak dira, eta adimena eta arrazoimenaren kanon bat da, baina bere erabileraren alde formalari begira besterik ez, edukia edozein izanda ere (enpirikoa edo transzendentala). Logika orokor batek, ordea, aplikatua izena du Psikologiak irakasten dizkigun baldintza subjektibo-enpirikopeko adimenaren erabileraren erregelekin zerikusia duenean. Logika orokorrak, beraz, printzipio enpirikoak ditu, orokorra den arren objektuen bereizketarik gabe adimenaren erabilerara jotzen duen heinean. Eta horregatik, ez da oro harrezko adimenaren kanona, ezta zientzia berezien organona ere, baizik eta adimen arruntaren katartikoa besterik ez.
Logika orokorrean, beraz, arrazoimenaren irakaspena osatu behar duen zatia zehatz-zehazki bereizi behar da Logika aplikatua osatzen duen zatitik (nahiz eta Logika aplikatua beti ere orokorra izan). Lehenengoa soilik da benetan zientzia, nahiz eta laburra eta lehorra izan, adimenaren osagaien irakaspenaren eskolak egiten duen moduko aurkezpenak eskatzen duen legez. Hemen, beraz, logikariek bi erregela izan behar dituzte begi-bistan:
1. Orokorra den aldetik, Logikak adimenaren ezagutzaren eduki oroz eta bere objektuen ezberdintasunaz abstraitzen du, eta bere autugaia pentsatzearen forma soila besterik ez da.
2. Hutsa den aldetik, Logikak ez du ezein printzipio enpirikorik, eta beraz, ez du ezer hartzen Psikologiatik (noizbehin pentsatu den legez), eta honek, beraz, ez du eraginik adimenaren kanonean. Logika hutsa irakaspen demostratua da eta bertan denak a priori ziur-ziurra izan behar du.
Nik Logika aplikatua deitzen diodana (hitzaren esanahi arruntaren aurka, zeren esanahi honen arabera ariketa jakinak barnebildu beharko bailituzke, hauentzako erregelak Logika hutsak ematen dituela) adimenaz eta bere erregelez in concreto egiten den erabileraren errepresentazioa da, hots, erabilera hau oztopa edo susta dezakeen subjektuaren beharbadako baldintzen menpean, osotara enpirikoki besterik ezin eman daitezkeen baldintzen menpean, hain zuzen. Arretaz jarduten du bere oztopoez eta ondorioez, errakuntzaren sorreraz, zalantza, kezka eta uste osoaren egoerez, eta abarrez, eta hauei dagokienez Logika orokorra eta hutsak Moral hutsaren gisara jokatzen du, zeinak nahimen aske baten beharrezko lege etikoak soilik barnebiltzen dituen benetako bertutearen irakaspenari dagokionez, eta honek lege horiek sentimendu, grina eta irriken oztopopean kontsideratzen ditu, gizakiak hauen menpean daudela gehiago edo gutxiago, eta ezin du inoiz egiazko zientzia demostratua eskuratu, Logika aplikatu haren antzera printzipio enpirikoak eta psikologikoak behar baititu.
II Logika transzendentalaz
[aldatu]Logika orokorrak ezagutzaren eduki oroz abstraitzen du, azaldu dugunez, h. d., objektuarekin duen harreman oroz, eta forma logikoa baino ez du kontsideratzen ezagutzek elkarrekin duten hartuemanean, h. d., pentsatzearen forma oro har. Hala ere, begiespen hutsak eta enpirikoak daudenez gero (Estetika transzendentalak erakutsi duenez), orduan objektuen pentsatze hutsaren eta enpirikoaren arteko bereizketa ere ederki egon daiteke. Kasu honetan, ezagutzaren eduki oroz abstraitzen ez duen Logika bat legoke; izan ere, objektu baten pentsatze hutsaren erregela soilak barnebilduko lituzkeen Logikak eduki enpirikoa izango lukeen ezagutza oro baztertuko luke. Horrez gain, objektuen gure ezagutzaren jatorria begiztatuko luke, hau objektuei egotzi ezin zaien heinean; aitzitik, Logika orokorraren autugaia ez da ezagutzaren jatorri hau, baizik eta honek errepresentazioak adimenak haiek beren arteko hartuemanetan pentsatzean erabiltzen dituen legeen arabera kontsideratzen ditu, hasiera-hasieratik a priori gugan edo enpirikoki emanak izanda ere, eta Logika orokorrak, hortaz, errepresentazioei eman dakiekeen adimenaren formaz besterik ez du jarduten, haien jatorria edozein izanda ere.
Eta hemen bere eragina datozen kontsiderazioetara luzatzen duen eta begi-bistan izan behar den ohar bat egiten dut, hots, apriorizko ezagutza orok ez duela transzendentala (h. d., ezagutzaren ahalgarritasuna edo bere erabilera a priori) deitu beharrik, baizik eta errepresentazio jakin batzuk (begiespenak edo adigaiak) a priori aplika daitezkeen eta nola aplika daitezkeen edo ahalgarriak diren ezagutarazten duten ezagutzek besterik ez. Horregatik, ez espazioa, ezta bere determinazio geometrikoren bat ere, ez dira a priori errepresentazio transzendentalak, baizik eta errepresentazio hauek inolaz ere jatorri enpirikoa ez dutela dioten ezagutzak, eta hauek esperientziaren objektuei a priori lotzeko ahalgarritasunak besterik ez du jasotzen transzendental izena. Halaber, espazioaren erabilera oro harrezko objektuei dagokienez transzendentala izan liteke; hala ere, sentsuen objektuetara zedarriztatzen bada, orduan enpirikoa izena du. Transzendentala eta enpirikoaren arteko bereizketa, beraz, ezagutzen kritikari soilik dagokio, eta ez du zerikusirik ezagutzak bere objektuarekin duen harremanarekin.
Beraz, objektuei a priori lotzen zaizkien adigaiak agian badirela itxaroten dugunez, aldez aurretik adimen eta arrazoimen hutsaren ezagutzaren zientzia baten ideia sortzen dugu objektuak erabat a priori pentsatzeko, baina ez adigaiok hutsak edo sentsuzkoak diren begiespenak balira bezala, baizik eta pentsatze hutsaren ekintzak diren aldetik, eta beraz, adigaiak direnak, nahiz eta ez jatorri enpirikokoak, ezta estetikokoak ere ez izan. Ezagutza horien jatorria, hedapena eta baliotasun objektiboa determinatuko lituzkeen halako zientziak Logika transzendentala izena beharko luke, adimenaren eta arrazoimenaren legeak soilik baitira bere autugaia, baina apriorizko objektuei lotzen zaizkien heinean besterik ez, eta ez Logika orokorraren gisa ezagutza enpirikoei eta arrazoimen hutsaren ezagutzei lotuz bereizketarik gabe.
III Logika orokorraren sailkaketaz Analitikan eta Dialektikan
[aldatu]Logikariak estualdian jartzen omen zituen galdekizun zahar eta sonatua, haiek, edo dialexe txiro bati heldu behar izatera, edo beren ezagutza-gabezia eta beren antze osoaren hutsaltasuna berrezagutu behar izatera behartzen zituen galdekizuna, hau da: Zer da egia? Egiaren izen-definizioa, hots, ezagutza bere objektuarekin bat etortzea, hemen onartu eta aurresuposatu egiten da; baina eskatzen dena ezagutza bakoitzaren egiaren irizpide orokorra eta segurua jakitea da.
Jadanik azkartasunaren eta ikuskeraren froga handia eta berezia da arrazoizko galdekizuna zein den jakitea. Izan ere, galdekizuna bere baitan burugabea bada eta behargabeko erantzunak eskatzen baditu, orduan bera egiten duena lotsatzeaz gain beste eragozpena ere badauka, alegia, entzule babesgabea erantzun burugabeetara desbideratzea eta halako irudi barregarria ematea: batek akerra jezten duela, besteak azpian baheari eusten dion bitartean (antzinakoek zioten legez).
Egia ezagutza bere objektuarekin ados jartzean baldin badatza, orduan horren bitartez objektu hori besteetatik bereizi behar da; izan ere, ezagutza bat faltsua da bera lotzen zaion objektuarekin ados ez badago, beste objektuez ederki balio lezakeen zerbait barnebildu arren. Hortaz, egiaren irizpide orokorra objektuen bereizketarik egin gabe ezagutza oroz balioko lukeena litzateke. Hala ere, bertan ezagutzaren eduki oroz abstraitzen denez gero (bere objektuarekin harremanaz), eta egiak eduki hori zuzenki ukitzen duenez gero, argi dago, hortaz, ezin-ezinezkoa eta erabat burugabea dela ezagutzaren eduki horren egiaren ezaugarriaz galdetzea, eta beraz, ezinezkoa dela egiaren ezagugarri gogobetegarria baina aldi berean orokorra dena eman ahal izatea. Gorago jadanik ezagutza baten edukiari bere materia deitu diogunez gero, orduan zera esan behar da: ezin dela ezagugarri orokorrik eskatu ezagutzaren egiaz materiari dagokionez, hau bere baitan kontraesankorra baita.
Hala ere, argi dago orobat ezagutzaz bere formari dagokionez (eduki oro baztertuz): Logika batek adimenaren erregela orokorrak eta beharrezkoak aurkezten dituen heinean, erregela beraietan egiaren irizpideak aurkeztu behar dituela. Izan ere, hauek kontraesaten dituena faltsua da, zeren, orduan, adimenak pentsatzearen bere erregela orokorrak, eta beraz, bere burua kontraesaten baitu. Irizpide hauek, ordea, egiaren formari buruzkoak baino ez dira, h. d., pentsatzearen formari buruzkoak oro har, eta hainbestez, erabat zuzenak dira, ez, ordea, gogobetegarriak. Izan ere, ezagutza bat guztiz forma logikoaren araberakoa bada ere, h. d., honek bere burua kontraesango ez balu ere, orduan beti ere objektuak kontraesan ditzake. Beraz, egiaren irizpide logiko soila, hots, ezagutza batek adimenaren eta arrazoimenaren lege orokorrekin eta formalekin duen adostasuna, egia ororen conditio sine qua non da, eta beraz, baldintza negatiboa da, baina Logikak ezin du haruntzago joan eta formari ez baina edukiari dagokion errakuntza ezin du ezein frogarriren bidez aurkitu.
Logika orokorrak adimenaren eta arrazoimenaren zeregin formal guztiak bere osagaietan xehetzen ditu eta gure ezagutzaren juzgaketa logiko ororen printzipio gisa aurkezten ditu. Logikaren zati honek, beraz, Analitika izena jaso dezake, eta horregatik, negatiboki bederen, egiaren frogarria osatzen du, aldez aurretik ezagutza oro bere formaren arabera erregela hauei dagokienez etsaminatu eta balioztatu behar duen heinean, bere edukiaren arabera aztertu aurretik, horrela ezagutzak objektuari dagokionez egia positiborik barnebiltzen ote duen zehazteko. Hala ere, ezagutzaren forma soila, honek lege logikoekin bat egin badezake ere, ezagutzaren egia materiala (objektiboa) osatzeko aski ez denez gero, orduan inor ezin da ausartu Logikaren eskutik soilik objektuez juzgatzera eta zerbait baieztatzera, aldez aurretik beraietatik abiatuta Logikatik at ongi oinarritutako informazioa lortu gabe, honela ondoren bere erabilera eta elkarlotura osoki elkartu batean lege logikoen arabera saiatzeko edo, oraindik hobeto, hauek haien arabera etsaminatzeko bederen. Hala eta guztiz ere, gure ezagutza orori adimenaren forma emateko hain itxurazko antzean hain tentagarria den zerbait dago, bere edukiari begira kaskala eta txiroa izan daitekeen arren, ezen juzgatzeko kanon soila den Logika orokor hura, nolabait esateko, baieztapen objektiboen edo gutxienez horren itxurapenaren benetako sorkuntzarako organon gisa erabiltzen baita, eta beraz, horren bitartez egitatean gaizki erabilia baita. Logika orokorrak, ustezko organona den aldetik, Dialektika izena du.
Antzinakoek zientzia edo antze honen izendapen hau erabiltzean berari ematen zioten esanahia hain ezberdina izan daitekeen arren, dena dela, beren benetako erabilerak seguru erakusten du beraientzat itxuraren Logika besterik ez zela. Beren ezjakintasunari, baita beren asmatutako itxurapenei ere egiaren antza emateko antze sofistikoa zen, Logikak oro har ezartzen duen zehaztasunaren metodoa kopiatzen zuen eta bere topika asmo hutsal oro estaltzeko erabiltzen zuen antzea. Hau aipa daiteke oharpen seguru eta erabilgarri gisa: Logika orokorra organon gisa kontsideratuz gero, beti itxuraren Logika dela, h. d., dialektikoa dela. Izan ere, ezagutzaren edukiaz ezer irakasten ez digunez, aitzitik, adimenarekiko adostasunaren baldintza formalak besterik ez dizkigunez irakasten, gainerakoan objektuei begira erabat axolagabeak diren baldintzak, hortaz, hura ezagupenak ustez behintzat hedatzeko eta gehitzeko tresna gisa (organon) erabiltzeko handiustea edozer gauza egia-itxura pixka batekin baieztatzeko edo apetaz ukatzeko hitzontzikeria besterik ez da bihurtzen.
Halako irakaspena ez dagokio inolaz ere Filosofiaren duintasunari. Eta horregatik, Dialektikaren izendapen hori Logikari ematea hobetsi da, hau itxura dialektikoaren kritika den aldetik, eta hemen ere hala ulertua izan dadila nahi dugu.