Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/Egilearen hitzaurrea lehenengo argitaraldiari

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Egilearen hitzaurrea lehenengo argitaraldiari
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Egilearen hitzaurrea lehenengo argitaraldiari

Instauratio magna. Praefatio

«De nobis ipsis silemus: De re autem, quae agitur, petimus: ut homines eam non Opinionem, sed Opus esse cogitent; ac pro certo habeant, non Sectae nos alicuius, aut Placiti, sed utilitatis et amplitudinis humanae fundamenta moliri. Deinde ut suis commodis aequi ... in commune consulant ... et ipsi in partem veniant. Praeterea ut bene sperent, neque Instaurationem nostram ut quiddam infinitum et ultra mortale fingant, et animo concipiant; quum revera sit infiniti erroris finis et terminus legitimus»2.


Berorren gorentasunari,

Zedlitz-eko baroia,

erregeren estatu-ministroa


Jauna!

Zientzien hazkuntza norberari dagokion mailan sustatzea Zure Gorentasunaren alde lan egitea da; izan ere, zure interes hau zientzia haiei era estuenean lotua baitago, ez babesle gisa duzun zure kargu bikainaren bidez, baizik maitale eta ezagutzaile argitu batek haiekin duen harreman estuagoa dela eta. Horregatik, nire eskumendean dagoen baliabide bakarra darabilt nire esker onak bihurtzeko Zure Gorentasunak ni ohoratzeko izan duen konfiantzagatik, zeregin honetan lagundu ahal banezake bezala3.

Zure Gorentasunak lan honen lehen argitaraldiarekin izandako begiramendu ongile berari eskaintzen diot bigarrena ere, eta honekin batera, nire literatura ekimenen beste alderdi guztiak4, eta mirespen sakonenarekin


Königsbergen,                                    Zure gorentasunaren

1787ko apirilaren 23an5                           zerbitzari mendekoena

                                                            Immanuel Kant

Egilearen hitzaurrea lehenengo argitaraldiari 6

[aldatu]

Giza arrazoimenak patu berezi hau du bere ezagutzen sail batean: baztertu ezin dituen galdekizunek zirikatzen dutela; izan ere, arrazoimenaren izaera berak ezarri dizkio galdekizunok, baina berak ezin ditu erantzun, giza arrazoimenaren ahalmen oro gainditzen baitute.

Arrazoimena ez da bere erruz gertatzen estualdi honetan. Bera esperientzian ezinbestean erabiltzen diren eta aldi berean honek askiro egiaztatzen dituen oinarri-esakuneetatik abiatzen da. Hauei esker gero eta gorago doa baldintza urrunagoetara (bere izaerak berekin dakarren legez). Baina honela bere zeregina betiko osagabe geratuko dela ohartuz, galdekizunak ez baitira inoiz amaitzen, esperientziazko erabilera enpiriko oro gainditzen dituzten oinarri-esakuneetara ihestera behartua gertatzen da, nahiz eta hauek itxuraz hain susmogabeak diren, ezen gizakien arrazoimen arrunt bera ere hauekin ados baitago. Horrela, ordea, iluntasunetan eta kontraesanetan nahasten da, eta hauetatik abiatuta oinarrian nonbait ezkutuko errakuntzek egon behar dutela ondoriozta dezake, hauek aurkitu ezin dituen arren, zeren erabiltzen dituen oinarri-esakuneek ez baitute esperientziaren ezein frogarririk berrezagutzen, esakuneok esperientzia ororen mugaz goiti baitoaz. Gatazka amaigabe hauen borroka-lekuak, bada, Metafisika izena du.

Aspaldi batean Metafisika zientzia guztien erregina deitzen zen, eta nahia egitatetzat hartuz gero, ederki mereziko luke ohorezko izen hori, bere gaiaren garrantzi bikaina dela eta. Egun boladan dagoen doinuak, ordea, hari erdeinu egitea dakar berekin, eta emagina kexu da, baztertua eta abandonatua, Hekuba bezala: «modo maxima rerum, tot generis natisque potens nunc trahor exul, inops»7 Ovid. Metam.

Hasieran Metafisikaren nagusigoa despotikoa zen dogmatikoen eskumendean. Nolanahi ere, lege-emateak bere baitan antzinako basakeriaren aztarnak zituenez, pixkanaka anarkia oso batera endekatu zen barneko gerrak zirela eta, eta eszeptikoek, lurraren laborantza iraunkor oro gorrotatzen duten nomada antzekoek, hiritar batasuna zatikatzen zuten noizean behin. Hauek, ordea, zorionez gutxi izaki, ezin izan zuten galarazi dogmatiko haiek beti batasuna berriro osatzen saiatzea, hau elkarrekin adostutako planen arabera egiten ez zuten arren. Garai berriagoan bazirudien une batez giza adimenaren Fisiologia batek (Locke sonatuarenak) gatazka hauen guztien amaiera ekarri behar zuela eta uzi haien legezkotasuna erabat erabakiko zela; hala ere, ustezko erregina haren jaiotza esperientzia arrunta den jendailatik eratorria zen arren, eta horrenbestez, bere handiusteak bidezki susmagarria izan behar zuen arren, nolanahi ere, genealogia hori egitatean faltsuki egotzi zitzaionez, hark oraindik ere bere uziak baieztatzen jarraitu zuen, eta horren bitartez dena berriro ere dogmatismo zaharkitu eta harjotura itzuli zen eta zientzia hau ekidin nahi izan genion gutxiespenean hondoratu zen. Orain, bide guztiak (uste denez) alferrik saiatu eta gero, kaosaren eta gauaren amak diren nekea eta axolagabekeria osoa nagusitzen dira zientzien artean, baina aldi berean beren eraldaketa eta argiztapen hurbil baten jatorria ere bai, edo honen aurresaioa behinik behin, baldin eta gaizki aplikatutako ardura batek zientziok ilun, nahasi eta erabilgaitz bihurtu baditu.

Alferrikakoa da giza izaerari axolagabe izan ezin zaizkion gaien ikerkuntzen aurrean axolagabekeriaren itxurak egin nahi izatea. Axolagabeak omen diren haiek ere eskolaren hizkuntza doinu herrikoian eraldatzearen bidez mozorrotzeko asmoa duten arren, zerbait pentsatzearekin batera beti itzultzen dira berriro nahitaez baieztapen metafisikoetara, hauek hainbeste arbuiatzeaz harrotzen baziren ere. Hala eta guztiz ere, arreta eta gogoeta merezi duen fenomenoa da zientzia ororen loraldiaren erdian agertzen den eta, hain zuzen, lortu ahal izango balira gutxien uko egingo genieken zientziekin zerikusia duen axolagabekeria hori. Ez da nabarmenki azalkeriaren emaitza, itxurazko jakintza batean geratu nahi ez duen garai baten juzgamen8 helduarena baizik, eta bere zereginen artean zailena arrazoimenari egiten zaion eskakizun bat da, hots, norberaren ezagutzari berriro ekiteko, eta gainera, zilegiak diren bere uziak segurtatuko dizkion auzitegia ezartzeko, oinarrigabeko handiusteei bukaera eman ahal izango dien auzitegia, alegia, eta hau ez botere-hitz baten bidez, baizik bere betiereko lege aldagaitzen bidez ezartzeko, eta auzitegi hau arrazoimen hutsaren kritika bera baino ez da.

Hala ere, honetaz ez dut ulertzen liburuen eta sistemen kritika bat, arrazoimenaren ahalmenaren kritika baizik oro har, honek esperientzia orotatik beregainki bila ditzakeen ezagutza guztiei dagokienez, eta beraz, oro har Metafisika baten ahalgarritasunari edo ahalezintasunari buruzko erabakia eta bere iturburuen nahiz hauen hedapenaren eta mugen determinazioa ere ulertzen dut kritikaz, hau dena, ordea, printzipioetatik abiatuta.

Geratzen zen bide bakar hau da nik urratu dudana eta bertan arrazoimena esperientziarik gabeko erabileran orain arte bere baitan zatikatu zuten oker guztien konponketa aurkitu izanaz ilarraintzen naiz. Bere galdekizunak ez ditut sahiestu giza arrazoimenaren ahalmen eza aitzakiatzat hartuz; aitzitik, haiek printzipioen arabera konplituki espezifikatu ditut eta, arrazoimenak bere buruarekin zuen gaizki-ulertzearen gunea aurkitu ondoren, bere gogobete osorako konpondu ditut. Galdekizun haiei ihardespena ez da, noski, dogmatiko gogoberoaren jakin-nahiak nahiko lukeen modukoa gertatu; izan ere, jakin-nahi hau ezingo litzateke aztikerien bitartez baino gogobete, eta nik ez dakit ezer honetaz. Nolanahi ere, ez zen hau gure arrazoimenaren izaeraren determinazioaren asmoa, eta Filosofiaren eginbeharra sasi-interpretaziotik sortutako itxurapena gainditzea zen, horrek hainbeste goraipatzen eta maitatzen diren lilurakeriak apurtuko baditu ere. Jarduera honetan barrena xehetasunari eskaini diot nire aditasun handiena eta zera esatera ausartzen naiz: hemen konpondu ez den edo bere konponketarako giltza bederen eman ez den arazo metafisiko bat bera ere ez dagoela. Egitatean, arrazoimen hutsa hain da batasun betegina, non, bere printzipioa arrazoimenari bere izaeraren arabera ezartzen zaizkion galdekizun guztien arteko bat bakarrari dagokionez askieza balitz, orduan hura baztertu egin beharko bailitzateke, zeren, hainbestez, printzipioak ez bailuke beste galdekizun guztiei konfiantza osoz erantzuteko mailarik.

Hau esatean irakurlearen aurpegian erdeinuarekin nahastutako sumindura hautematen dudala dirudit antzaz hain uzi hanpurutsu eta harroak direnei dagokienez, nahiz eta uzi hauek arimaren izaera bakuna edo munduaren hasiera baten beharrezkotasuna frogatzea nahi duten programa arruntenen edozein autoreren uziak baino neurrituagoak diren alde handiz. Izan ere, autore honek giza ezagutza esperientzia ahalgarriaren muga guztiez goiti hedatuko duela agintzen du, eta nik apalki aitortzen dut horrek nire ahalmena beteki gainditzen duela; horren ordez, arrazoimena bera eta bere pentsatze hutsa soilik dira nire autugaia, eta hauen ezagupen xehea ez dut nigandik urrun bilatu behar, nigan aurkitzen baititut, eta Logika arruntak ere jadanik honen adibidea ematen dit, alegia, bere ekintza bakun oro osoki eta sistematikoki zenba daitekeela; baina hemen galdekizuna hau da: ea behin esperientziaren ekai eta laguntza oro kenduz gero, arrazoimenaren bidez zenbat lortzeko itxaropena izatea sori zaidan.

Nahikoa esan dugu honekin, beraz, ezagutzaren izaera berak –ez ausazko asmo batek– gure azterketa kritikoaren materiatzat ematen digun helburu bakoitzaren lorpenaren osotasunaz  eta helburu hauen guztien lorpenaren xehetasunaz.

Gainera, ziurtasuna eta nabaritasuna ditugu, azterketaren formari dagozkion bi puntuak, hain ekintza labaina egitera ausartzen den autoreari bidezki egin ahal zaizkion funtsezko eskakizuntzat hartu behar direnak.

Ziurtasunari dagokionez, neure buruari irizpide hau ezarri diot, alegia, honelako kontsiderazioetan ez dela zilegi iritzirik izatea, eta bertan hipotesi baten antzekoa dirudien oro merkantzia debekatua dela, salmentan ezin jar daitekeen merkantzia, merke bada ere, baizik aurkitu ahala bahitu egin behar dena. Izan ere, a priori finkatuta egon behar duen edozein ezagutzak iragartzen du behar-beharrezkotzat hartua izan dadila nahi duela eta apriorizko ezagutza huts ororen determinazioa, are gehiago, ziurtasun apodiktiko (filosofiko) ororen izari-araua, eta beraz, adibidea bera izan behar duela. Irakurleari dagokio osorik neure agindu hau lan honetan bete dudan juzgatzea, egileari dagokiona oinarriak aurkeztea besterik ez baita, ez bere epaileengan duen eraginaz juzgatzea. Baimen bekio egileari, ordea, oinarrien ahultzearen nahigabeko kausa ez izatearren, mesfidantza sor dezaketen pasarteak norberak oharraraztea, nahiz eta pasarte hauek bigarren mailako helburua soilik ukitu, horrela irakurlearen ezbai txikienak puntu honetan bere judizioaren gain helburu nagusiari dagokionez izan lezakeen eragina garaiz saihesteko.

Ez dut ezagutzen nik Analitika transzendentalaren bigarren atalburuan adigai hutsen dedukzioaren izenburupean egindakoa baino azterketa garrantzitsuagorik adimena deitzen diogun ahalmena oinarritzeko eta aldi berean bere erabileraren erregela eta mugak determinatzeko; neke handiena sortu didatenak ere izan dira, nahiz eta hau alferrikakoa ez izatea itxaroten dudan. Aski sakona den kontsiderazio honek, ordea, bi alde ditu. Bata, adimen hutsaren objektuei buruzkoa da eta adigaien baliotasun objektiboa a priori erakutsi eta ulergarria bihurtu behar du; horregatik da funtsezkoa nire helburuetarako. Bestea, adimen hutsa bera bere ahalgarritasunaren arabera eta oinarrian dituen indar-ezagutzaileen arabera kontsideratzetik, eta beraz, bera harreman subjektiboan kontsideratzetik abiatzen da, eta argiketa hau nire helburu nagusirako garrantzi handikoa den arren, dena dela, ez da bere funtsezko zatia; zeren galdekizun nagusia beti ere honek baitirau: ea adimenak eta arrazoimenak esperientzia orotatik aske zer eta zenbat ezagut dezaketen, eta ez pentsatzeko ahalmena bera nola ote den ahalgarri. Azken hau, nolabait esateko, efektu jakin baten kausaren bilaketa denez, eta horrenbestez, hipotesi baten antzeko zerbait duenez bere baitan (nahiz eta egitatean horrela ez duen jokatzen, beste une batean azalduko dudan moduan), orduan hemen itxuraz gertatzen da ezen, iritzi bat ematera ausartzen naizela, eta beraz, irakurleari ere aske izan behar zaiola bestelako iritzia izatea. Irakurleari oharpen hau egin behar diot honi buruz, alegia, aurretik nire dedukzio subjektiboak beregan nik itxaroten nuen uste osoa sortu ez balu, nolanahi ere, hemen bereziki nire autugaia den dedukzio objektiboak bere indar osoa hartzen duela, eta edonola ere horretaz 92 eta 93 orrialdeetan9 esaten dena aski izan daiteke.

Azkenik, nabaritasunari dagokionez, irakurleak zera eskatzeko eskubidea du: lehenik, nabaritasun diskurtsiboa (logikoa) adigaien bitartez, gero, ordea, nabaritasun intuitiboa (estetikoa) ere bai begiespenen bitartez, h. d., adibideen edo bestelako azalpenen bidezkoa in concreto. Lehenengoaz askiro arduratu naiz. Nire egitasmoaren funtsari zegokion hori, baina, bestalde, hain zorrotza ez, baina bidezkoa baden bigarrengo eskakizunari ezin erantzun izatearen beharbadako kausa ere izan da. Nire lanaren aurrerabidean honi buruz nola jokatu erabaki ezinik ibili naiz ia etengabe. Adibideak eta azalpenak beti beharrezkoak iruditzen zitzaizkidan, eta benetan lehen egitasmoan zenbait pasartetara egokiro ere isurtzen ziren. Hala ere, nire eginkizunaren tamaina eta landu beharreko gaien kopurua berehala ikusi nuen eta idazketa lehor, eskolastiko soil honekin lana jadanik aski hedatuko zela ohartzen nuenez, asmo herrikoian soilik behar diren adibideekin eta azalpenekin puztutzea zuhurra ez zela neritzon, batik bat lan hau inolaz ere ezingo litzatekeelako erabilera herrikoirako aproposa bihurtu, eta zientziaren benetako ezagutzaileek arindura hau hain beharrezkoa ez dutelako, nahiz eta beti ere atsegina den; hemen, ordea, kaltegarria ere izan zitekeen. Terrasson abadeak badio, bai, liburu baten tamaina orrien kopuruaren ordez hura ulertzeko behar izandako denboraren arabera neurtuz gero, orduan zenbait liburuz zera esan daitekeela: «laburragoak izango liratekeela, hain laburrak ez balira». Bestalde, ordea, kontua ulergarritasuna bada, hau da, luzea izan arren printzipio batean lotua dagoen ezagutza espekulatiboaren osokiaren ulergarritasuna bada, orduan arrazoi on beraz esan daiteke: zenbait liburu nabariagoak bihurtuko liratekeela, hain nabariak izan nahi ez balute. Izan ere, nabaritasunaren baliabideek zatietan laguntzen dute, baina gehienetan osokian arreta galtzea dakarte, irakurleari osokiaren gainbegiradara behar bezain azkar iristen uzten ez dioten heinean, eta bere kolore nabarrekin sistemaren artikulazioa edo atal-egitura ezkutatzen eta ezagugaitza bihurtzen duten heinean, bera izan arren garrantzitsuena sistemaren batasunaz eta irmotasunaz juzgatu ahal izateko.

Irakurlearentzat erakargarri handia izan daitekeela uste dut bere ahaleginak egilearenekin bateratzea, baldin eta aurkeztutako egitasmoaren araberako lan handi eta garrantzitsu bat konplituki eta iraunkorki osatzeko asmoa badu. Hala ere, zientzia guztien artean Metafisikari besterik ez zaio sori halako osaketa agintzea hemen honetaz emango ditugun adigaien arabera, eta gainera, denbora laburrean eta neke gutxi baina bateratuaren bidez, eta horrenbestez, ondorengoei dena beren asmoen arabera era didaktikoan antolatzea baino ez zaie geratuko, baina horregatik edukia deus ere ez da ugaltzen. Izan ere, ez baita arrazoimen hutsaren eskutik datorkigun gure jabego ororen inbentarioa baino, sistematikoki ordenatutako inbentarioa. Hemen ezerk ezin digu itzuri, zeren arrazoimenak osoro bere baitatik sortzen duena ezin baitzaio berari ezkutatu, aitzitik, arrazoimen berak dakar argitara bere printzipio komuna aurkitu ahala. Ezaguera honetako batasun beteginak baldintzatugabeko osotasun hori egingarria ez ezik, beharrezkoa ere bihurtzen du, eta gainera, adigai huts soiletatik abiatuta egiten du hau, esperientziako ezerk bertan eraginik izan ezin duela, ezta esperientzia determinatu batera gidatuko lukeen begiespen bereziak ere, honela osotasun hori hedatu eta ugaltzearren. «Tecum habita et noris, quam sit tibi curta supellex»10. Persius.

Halako arrazoimen (espekulatibo) hutsaren sistema neuk ematea itxaroten dut Izadiaren Metafisika izenburupean, luzeran erdia ere izan gabe aurretik bere ahalgarritasunaren iturburu eta baldintzak erakutsi beharko dituen eta erabat landugabeko lurra garbitu eta zelaitu beharko duen Kritika honen edukia baino askoz aberatsagoa izan beharko lukeen sistema. Hemen, nire irakurlearengandik epaile baten egonarria eta alderdikeria eza itxaroten dut; han, berriz, laguntzaile baten onginahia eta laguntza; izan ere, sistemaren printzipioak Kritikan beteki aurkeztu badira ere, sistemaren xehetasunari gainera adigai eratorririk ez faltatzea ere badagokio, a priori gutxi gorabehera taxutu ezin direnak, baizik pixkanaka bilatu behar direnak, eta, halaber, Kritikan adigaien sintesi osoa osatzen denez, orduan hori sisteman analisiaren aldetik ere gertatzea eskatzen da, hau guztia erraza eta lana baino gehiago denbora-pasa izaki.

Inprimaketaz ohar batzuk egitea besterik ez zait geratzen. Bere hasiera pixka bat atzeratu zenez, liburuaren erdia baino ez nuen jaso berrikusteko, eta bertan zentzua nahasten ez duten hutsegiteak soilik topatu ditut, hau izan ezik, 379 orrian behetik hasita 4. lerroan «espezifiko» irakurri behar dela «eszeptiko»-ren ordez11. Arrazoimen hutsaren antinomia, 425 orritik 461 orriraino12, taula baten gisara egokitu da, tesiari dagokiona ezkerrean, antitesiari dagokiona eskuinean doalarik beti, eta hau esakunea eta aurkako esakunea errazago alderatu ahal izateko antolatu nuen honela.