Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/Egilearen hitzaurrea bigarren argitaraldiari

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Egilearen hitzaurrea bigarren argitaraldiari
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Egilearen hitzaurrea bigarren argitaraldiari

Berehala jakin daiteke emaitzaren arabera ea arrazoimenaren zereginari dagozkion ezagutzen landualdia zientzia baten ibilera seguruari jarraiki zaion ala ez. Zuzemen eta prestaketa anizkunak egin ondoren helburura iritsi ahala aurrera egin ezinik gertatzen baldin bada, edota helburua betetzeko maiz itzuli egin behar baldin badu, beste bide bat urratzeko; halaber, ezinezkoa gertatzen bada lankideak ados jartzea asmo komunera iristeko moduaz, orduan beti ere uste oso hau atxiki daiteke: halako estudio batek oraindik inolaz ere ez duela zientzia baten ibilera segurua urratu, baizik eta itsumustuka ibiltze bat besterik ez dela, eta arrazoimenaren merezimendua da bide hori ahalbait aurkitzea, lehenago ongi gogoetatu gabe onartu eta helburuan barnebildu ziren zenbait gauza alferrikakotzat joz baztertu behar dituen arren.

Logika antzina-antzinatik abiatu zela aipatutako ibilera segurutik zeran ikusten da: Aristotelesengandik hasi eta gaur egun arte atzeranzko urrats bat bera ere egiteko beharrik ez duela izan, zientziaren segurtasunari baino gehiago dotoretasunari dagozkion eta ezinbestekoak ez diren sotiltasun batzuen baztertzea edota azaldutakoaren determinazio nabariagoa hobekuntzatzat hartu nahi ez badira behintzat. Ohargarria da berebat Logikak orain arte ez duela aurreranzko urrats bat bera ere egin ahal izan, eta beraz, itxura guztien arabera erabat bukatua eta osatua dagoela. Izan ere, egungo autore batzuek hura hedatzea pentsatzen bazuten, aldez, indar ezagutzaile ezberdinei buruzko atal psikologikoak (irudimenaz, zolitasunaz), aldez, ezagutzaren jatorriari edota objektuen ezberdintasunaren araberako zenbait ziurtasun-motari buruzko atal metafisikoak (idealismoaz, eszeptizismoaz, eta abar), eta aldez, aurreiritziei buruzko atal antropologikoak eratxikiz (hauen kausaz eta konponbideaz), orduan hori zientzia honen izaera berezia ez ezagutzean errotzen da. Zientziak ugaldu ez ezik, itxuragabetu ere egiten dira beren arteko mugak nahasi nahi direnean; Logikaren muga, ordea, oso zehazki determinatzen da, pentsatze ororen erregela formalak xeheki aurkeztu eta hertsiki frogatu baino egiten ez duen zientzia baita (pentsatzea apriorizkoa nahiz enpirikoa dela ere, edozein jatorri edo objektu duela ere, edota gure gogamenean beharbadako oztopoak edo berezko oztopoak aurkitzen dituela ere).

Logikak bere zedarriztapenari besterik ez dio zor lortu duen abantaila hori, eta horregatik zaio zilegi, eta eginbeharra ere badu, ezagutzaren objektu denez eta beren arteko bereizketaz abstraitzea, eta adimena, beraz, Logikan bere buruaz eta formaz baino ez da arduratzen. Askoz ere zailagoa gertatu behar zaio arrazoimenari, berezkoa denez, zientziaren bide segurutik abiatzea bere buruarekin soilik ez ezik, objektuekin ere jardun behar duenean; horregatik, Logikak propedeutika gisa zientziaren ataria besterik ez du osatzen, nolabait esateko, eta solasgaia ezagupenak direnean, Logika bat aurresuposatzen da hauek juzgatzeko, noski, baina ezagupenon bereganatzea zientzia izena propioki eta objektiboki duten jakintzetan bilatu behar da.

Zientziotan arrazoimenak egon behar duen heinean, beraietan zerbait a priori ezagutu behar da, eta beren ezagutza hori bi eratan lotzen zaio bere objektuari: edo objektua eta beronen adigaia determinatzeko besterik ez (beste nonbaiten emana izan behar zaigun adigaia), edota bera erreala bihurtzeko. Lehena, arrazoimenaren ezagutza teoretikoa da, bigarrena, ezagutza praktikoa. Bi ezagutzetan zati hutsa dena, hots, arrazoimenak bere objektua erabat a priori determinatzen duen zatia, bere aldetik azaldu behar da lehendabizi, zati honetatik gutxi nahiz asko barnebildu, eta ondoren soilik beste iturburuetatik datorren zatia, biak ez nahastearren; izan ere, tratu ustela gertatzen da, sartzen dena itsu-itsuan gastatzen bada, zeren geroago estualdian gertatzean ezin baita bereizi diru-sarreren zein kopuruk jasan dezakeen gastua eta hau zenbatean murriztu behar den.

Matematika eta Fisika beren objektuak a priori determinatu behar dituzten arrazoimenaren bi ezagutza teoretikoak dira, eta lehenengoak era huts-hutsean egiten du hori, bigarrenak, berriz, aldez behintzat era hutsean, eta beraz, arrazoimenaz gain beste ezagutza-iturburuen arabera ere bai.

Matematikak giza arrazoimenaren historiaren lehenengo garaitik hasita urratu zuen greziar herri miresgarriaren baitan zientzia baten bide segurua. Nolanahi ere, ez da pentsatu behar arrazoimena bere buruaz baino arduratzen ez den Logikari bezain erraza egin zitzaionik errege-bide hori aurkitzea edo, hobeto esanda, norberak urratzea; zera sinesten dut nik, aitzitik: itsumustuka aritu dela luze (bereziki egiptiarren artean oraindik), eta eraldaketa hura iraultza bati egotzi behar diogula, gizon bakar baten zorioneko burutazioak saialdi batean gauzatu zuen iraultza, eta ordutik aurrera hartu behar zen ildoaz ezin zen huts egin eta zientziaren ibilera segurua betiko eta urrunera amaigabeetaraino ere urratu eta erakutsi zen. Gaur egun, ez pentsakeraren iraultza horren historia, Esperantza Oneko lurmutur ospetsuaren aurkikundea baino garrantzitsuagoa izan zena, ezta hori bideratu zuen zorionekoaren historia ere ez zaizkigu ezagunak. Guztiarekin ere, laertziar Diogenesek helarazi digun kondairak, alegia, demostrazio geometrikoen osagai txikienen eta iritzi arruntarentzat frogarik behar ez dutenen ustezko aurkitzailea aipatzen duen kondairak erakusten du matematikariek bide berriaren aurkikuntzaren lehen aztarnek eragindako aldaketaren oroitzapenari hain aparteko garrantzia eman ziotela, non ahaztezina bihurtu baitzen. Argi bat piztu zitzaion hiruki aldekidea demostratu zuen lehenengoari (Tales nahiz bestela izena duela ere); izan ere, aurkitu baitzuen ezen, ez zitzaiola figuran ikusten zuenari edo honen adigai hutsari jarraiki behar, bertatik, nolabait esateko, haren berekitasunak ikasteko, baizik eta hauek sortarazi egin behar zituela berak adigaien arabera a priori pentsatutakoaren eta aurkeztutakoaren bidez (eraiketaz), eta ez ziola ezer egotzi behar gauzari, zerbait a priori seguru jakitearren, berak adigaiaren arabera gauzan ezarritakotik halabeharrez ondorioztatzen zena izan ezik.

Natur Zientziak, aldiz, askoz luzeago behar izan zuen zientziaren bide zabala aurkitu arte; izan ere, mende bat eta erdi besterik ez dira igaro Verulamgo Baco burutsuak egin zuen proposamen hark aurkikuntza hori, aldez, bultzatu, eta aldez, lehendik bere atzetik zebiltzanez gero, batik bat suspertu zuenetik, eta aurkikuntza hau ere lehenago jazo zen pentsakeraren iraultza azkar baten eskutik soilik argi daiteke. Hemen, Natur Zientzia printzipio enpirikoetan oinarritzen den heinean besterik ez dut hartu nahi aintzat.

Galileok berak aukeratutako pisua zuten bolak plano makurretik eraitsi zituenean, edota Torricellik ur kopuru batek zuen pisua, aldez aurretik ezaguna zitzaion pisua, aireari eutsarazi zionean, edo baita geroago ere Stahlek metalak kare bihurtu zituenean eta hau berriro metalean, honi zerbait kenduz eta atzera emanez13; orduan argi bat piztu zitzaien natur zientzialari guztiei. Arrazoimenak bere egitasmoaren arabera sortzen duena baino besterik ez duela aditzen ulertu zuten, arrazoimenak lege iraunkorren araberako bere judizioaren printzipioen bidez aurrea hartu behar duela izadia bere galdekizunei erantzutera behartuz, baina izadiari gidaritza bereganatzen utzi gabe, nolabait esateko; izan ere, bestela, aurretik ezein egitasmorik gabe burutzen diren beharbadako behaketa horiek ezin baitira beharrezko lege batean bildu, azken hau izaki arrazoimenak beti ere bilatzen duena eta behar duena. Arrazoimena honela hurbildu behar zaio izadiari: esku batean printzipioak dituela, zeinen arabera soilik har daitezkeen legetzat elkarrekin ados dauden agerpenak, eta beste eskuan printzipio haien arabera asmatutako esperimentua duela, horrela izadiak irakats diezaion, noski, baina ez irakasleak dioen guztia entzuteko prest dagoen ikaslearen gisara, baizik lekukoak egiten zaizkien galdekizunak ihardestera behartzen dituen izendatutako epailearen gisara. Honela, bada, Fisikak ere bere pentsakeraren onerako iraultza hura burutazio honi soilik zor dio: arrazoimenak berak izadiari ezarritakoari jarraiki bilatu behar duela (ez asmatu) izadiaz ikasi behar duena, zeinaz arrazoimenak bere kabuz ezer ezin ezagut lezakeen. Honi esker ezarri da Natur Zientzia lehen-lehenik zientziaren ibilera seguruan, hainbeste mendetan itsumustuka soilik ibili ondoren.

Erabat bakartutako arrazoimen-ezagutza espekulatiboa den eta adigai hutsei esker (ez Matematika bezala adigaiak begiespenari aplikatuz) esperientziaren irakatsi ororen gainetik goratzen den Metafisikak, non arrazoimenak, beraz, bere buruaren ikaslea izan behar duen, ez du orain arte zientzia baten ibilera segurua urratu ahal izateko patu aproposik izan, beste zientzia guztiak baino zaharragoa izan arren, eta berak iraungo lukeen arren, beste guztiak osotara dena suntsituko lukeen basakeriaren leizera amilduko balira ere. Izan ere, bertan arrazoimena behin eta berriz gertatzen da aurrera egin ezinean, baita esperientziarik arruntenak baieztatzen dituen legeak (uste duen moduan) a priori aditu nahi dituenean ere. Bertan, hamaika aldiz aurkitzen gara itzulera-bidea hartzeko beharrean, bideak nahi dugun lekura ez daramala dakusagulako, eta bere jarraitzaileen baieztapenei buruzko adostasunari dagokionez, hain urrun dugu oraindik Metafisika adostasun horretatik, ezen, aitzitik, borroka-leku baten itxura hartu baitu, zeinak itxuraz benetan norbere indarrekin jolas-borrokan ariketak egiteko eginkizuna betetzen duen, nahiz eta bertan orain arte borrokalari bat bera ere ez den gai izan lurralde txikienik ere konkistatzeko, ezta bere garaipenaren gainean jabego iraunkorrik eraikitzeko ere. Beraz, Metafisikaren jardunbidea gaurdaino itsumustuka aritze hutsa baino ez da izan ezbairik gabe eta, okerrena dena, adigai soilen artean itsumustuka aritzea.

Zer dela eta ez da Metafisika, orainokoan, zientziaren bide segurua aurkitzeko gai izan? Ezinezkoa ote al da? Zergatik zigortu du izadiak, beraz, gure arrazoimena bide hura bilatzeko grina antsiatu batekin, bere kontu garrantzitsuenetako bat bailitzan? Are gehiago, zein arrazoi gutxi dugun guk, geure arrazoimenean konfiantzarik izateko, gure jakin-nahiaren puntu garrantzitsuenetako batean bertan behera utzi ez ezik, gainera itxuretan gerarazten eta, azkenik, iruzurtzen gaituenean! Edo orain arte bideari dagokionez soilik huts egin baldin badugu, zein iragarpen erabil dezakegu, berriro ere bilatzeari ekinez gero, geure aurrekoak baino arrakastatsuagoak izango garela itxaroteko?

Ene iduriko, orain direna bat-batean buruturiko iraultza baten bitartez bihurtu ziren Matematika eta Natur Zientzia hain onurazkoa suertatu zaien pentsakeraren eraldaketaren funtsezko puntuaz gogoetatzeko adibide aski ohargarriak lirateke, baita haiek imitatzeko ere, saialdi gisa bederen, arrazoimenaren ezagutzak diren hauek Metafisikarekin duten analogiak baimentzen duen neurrian. Gaurdaino gure ezagutza orok objektuen arabera ibili behar zuela onartzen zen; halere, aurresuposizio honi jarraiki, objektuoi buruzko gure ezagutza heda zezaketen adigaien bidez zerbait a priori erabakitzeko egin diren saialdi guztiek porrot egin dute. Horregatik, saia gaitezen behin ikusten ea ez ote dugun aurrerapauso handiagorik egingo Metafisikaren arazoetan objektuek geure ezagutzaren arabera ibili behar dutela suposatuz –objektuen apriorizko ezagutza irrikagarri baten ahalgarritasunarekin hobeto bateratzen den suposizioa–, ezagutza hau guri objektuak eman aurretik hauetaz zerbait finkatzeko gai izan behar duena izaki. Hemen Kopernikoren lehen pentsamenduekin bezala gertatzen da: izarren armada osoa ikuslearen inguruan jiraka zebilela suposatuz zeruko higiduren azalpenean aurrera egin ezin zuenez gero, orduan saiatu zuen ea ez litzatekeen hobe izango ikuslea jirarazi eta, alderantziz, izarrak geldirik utziko balitu. Metafisikan ere antzeko zerbait egiten saia gaitezke objektuen begiespenari dagokionez. Begiespena objektuen antolaerari egokitu beharko balitzaio, orduan ez dut ikusten nola jakin litekeen zerbait antolaera horretaz; objektua (sentsuen objektua den aldetik) gure begiespen-ahalmenaren antolaerari egokitzen bazaio, berriz, orduan ederki errepresenta dezaket nik horren ahalgarritasuna. Halere, begiespen hauek ezagutza bihurtu behar badute, beraietan ezin gera naitekeenez gero, baizik eta haiek errepresentazioak diren heinean beren objektua den zerbaiti lotu behar dizkiodanez eta hauek begiespenen bitartez determinatu behar ditudanez gero, orduan onar dezaket: edo determinazio hori gauzatzeko erabiltzen ditudan adigaiok ere objektuaren arabera ibiltzen direla, eta honela estualdi berarekin egiten dut topo, hots, ea nola jakin daitekeen hauetaz zerbait a priori; edo bestela objektuok adigaion arabera ibiltzen direla onartzen dut, edo gauza bera denez, esperientzia, objektuak bertan besterik ezagutu ezin diren heinean (emanak diren objektuak diren aldetik), adigaion arabera ibiltzen dela, eta kasu honetan berehala aurkitzen dut argibide bat, zeren esperientzia bera adimena eskatzen duen ezaguera bat baita eta niri objektuak eman aurretik adimenaren erregela suposatu behar baitut neure baitan, eta beraz, a priori. Aipatutako erregela a priori adierazten da adigaietan, eta esperientziaren objektu guztiak, beraz, halabeharrez ibili behar dira adigaien arabera eta hauekin bat ere egin behar dute. Bestalde, esperientzian ezin eman daitezkeen eta halabeharrez arrazoimenaren bidez baino ezin pentsa daitezkeen objektuei dagokienez (arrazoimenak pentsatzen dituen moduan behintzat), esan dezagun hauek pentsatzeko saialdiek (izan ere, pentsagarriak izan behar baitute) guk pentsamoldearen metodo eraldatutzat onartzen dugunaren frogarri bikaina eskuratzen dutela, hots, gauzez guk beraietan ezarritakoa baino ez dugula ezagutzen a priori14.

Saialdi honek desiratzen genuen emaitza du eta zientziaren ibilera segurua agintzen dio Metafisikari bere lehenengo zatian, honek bertan apriorizko adigaiez jarduten baitu; hauei dagozkien objektuak esperientzian beraiei egokiturik emanak izan daitezke. Izan ere, ederki azal daiteke apriorizko ezagutzaren ahalgarritasuna pentsakeraren aldaketa honen arabera eta, are gehiago, esperientziaren objektuen multzoa den izadiaren oinarrian dautzan apriorizko legeak froga gogobetegarriez horni daitezke, bi gauzok orain arteko jardunbide-erarekin ezinezkoak izaki. Hala ere, a priori ezagutzeko gure ahalmenaren dedukzio honetatik emaitza arrotz bat ondorioztatzen da Metafisikaren lehenengo zatian, itxura guztien arabera bere bigarren zatia ukitzen duen Metafisikaren helburu orokorrerako kaltegarria den emaitza, hots, gure ezagumenaren indarrez ez garela inoiz esperientzia ahalgarriaz goiti iristeko gai izango, azken hau izan arren, hain zuzen, zientzia honen kontu funtsezkoena. Hemen datza, ordea, gure apriorizko arrazoimen-ezagutzaren lehen balioztapen hark zuen emaitzaren egiaren aurkako etsaminaren esperimentua, hots, gure ezagutza agerpenei buruzkoa baino ez dela, berbaitango gauzak, ostera, bere baitan erreala izan arren, guretzat ezezagun dirauela. Izan ere, halabeharrez esperientziaren eta agerpen guztien mugaz goiti joatera bultzatzen gaituena baldintzatugabekia da, arrazoimenak berbaitango gauzetan dagoen baldintzatuki ororentzat halabeharrez eta eskubide osoz eskatzen duena, honen bidez baldintzen ilara osatua ere eskatuz. Gure esperientzia-ezagutza objektuen arabera ibiltzen dela onartzean, hauek berbaitango gauzak diren heinean, baldintzatugabekia kontraesanik gabe ezin pentsa daitekeela gertatzen baldin bada; alderantziz, gauzen gure errepresentazioa gauzak emanak zaizkigun moduan hauen arabera ez dabilela onartzean, gauzok berbaitango gauzak diren heinean, baizik eta objektuok, aitzitik, agerpenak diren aldetik gure errepresentazio-eraren arabera dabiltzala onartzean kontraesana desagertzen dela gertatzen baldin bada, eta ondorioz, gertatzen baldin bada, badintzatugabekia ez dugula gauzetan guk ezagutzen ditugun heinean aurkitu behar (guri emanak zaizkigun heinean), baina bai berbaitango gauza gisa ezagutzen ez ditugun heinean, orduan hasieran saialdia baino ez zena, oinarritua dagoela nabarmentzen da15. Halere, arrazoimen espekulatiboari sentsuez goitikoaren arloan aurrerapena ukatu zaion ondoren, oraindik saia dezakegu ea ez ote dugun haren ezagutza praktikoan daturik aurkitzen baldintzatugabekiaren arrazoimen-adigai transzendente hura determinatzeko, eta honela, Metafisikaren desirari jarraiki, esperientzia ahalgarri guztiaren mugaz goiti iristeko gure apriorizko ezagutzaren bidez, zentzu praktikoan soilik gerta badaiteke ere. Eta honelako jardunbide bati esker arrazoimen espekulatiboak leku egiten du bederen halako hedapen batentzat, nahiz eta lekua berehala utzi egin behar duen, eta guri bera arrazoimenaren datu praktikoez betetzeko aukera geratzen zaigu ahal dugun heinean, eta arrazoimenak berak horretaratzen gaitu16.

Arrazoimen huts eta espekulatiboaren kritika honen zeregina Metafisikaren orainoko jardunbidea eraldatzeko saialdi honetan datza, geometrialarien eta izadiaren ikertzaileen arabera Metafisika- ren iraultza osoari ekinez. Metodoaren tratatu bat dugu hau, ez zientzia beraren sistema, baina zientziaren ingerada taxutzen du bere mugari eta barneko atal-egitura osoari begira. Izan ere, bereizgarri hau dauka arrazoimen espekulatiboak bere baitan: bere ahalmena taxutu ahal eta behar duela pentsamenaren objektuak aukeratzeko duen moduaren ezberdintasunaren arabera, eta bere buruari zereginak ezartzeko moduen zerrenda osoa eman eta, honela, Metafisikaren sistemaren ingerada taxutu ahal eta behar duela; zeren, lehenengoari dagokionez, apriorizko ezagutzan objektuei ezin baitzaie subjektu pentsatzaileak bere burutik hartzen duena baino esleitu, eta bigarrenari dagokionez, arrazoimenak ezagutzaren printzipioen berezko batasun erabat bakartua osatzen baitu, non osakide bakoitza –gorputz organizatu batean gertatzen den legez– beste guztiengatik dagoen bertan, baita beste guztiak harengatik ere, eta ez dago harreman bakar batean segurtasunez onar daitekeen printzipiorik, aldi berean honek arrazoimenaren erabilera huts osoarekin duen harreman betea aztertzen ez bada. Halere, ezohiko zori ona du Metafisikak, objektuez arduratzen diren beste arrazoimen-zientziek ez duten zori ona (izan ere, Logikak oro har pentsatze hutsaren formaz baino ez du jarduten), alegia, kritika honen bidez zientziaren ibilera segurura helduz gero, orduan gai izango dela berari dagokion ezagutzen arlo osoa besarkatzeko, eta beraz, bere lana buru dezakeela eta ondorengoei eskain diezaiekeela, hauek ezer gehitu ezin zaion ondore gisa erabil dezaten, zeren bere autugaia printzipioak eta hauen erabileraren zedarriztapena besterik ez baita, printzipio horiek determinatzen dituzten zedarriztapenak hain zuzen. Horregatik, oinarrizko zientzia denez, osotasun hau bilatzera behartua dago, eta beraz, hau esan ahal izan behar da: «nil actum reputans, si quid superesset agendum»17.

Hala ere, zein altxor mota da, galdetuko da, Metafisika hori, halako kritika baten bidez hain garbitua, baina aldi berean egoera aldaezin batera ekarria, ondorengoei uztea pentsatzen duguna? Lan honi gainbegirada azkar bat emanez gero, bere onura negatiboa besterik ez dela sinestuko da agian, hots, inoiz esperientziaren mugaz goiti joaten ez ausartzea arrazoimen espekulatiboaren eskutik, eta egitatean hori da bere lehen onura. Baina hau laster bilakatzen zaigu positiboa, baldin eta kontuan hartzen badugu, arrazoimen espekulatiboak bere mugaz goiti ausartzeko dituen oinarri-esakuneen ezinbesteko emaitza ez dela arrazoimenaren erabilera hedatzea, baizik eta, zehazkiago aztertzen bada, erabilera estutzea, oinarri-esakune horiek benetan sentimenaren mugak –esakuneok benetan honi dagozkionean– gauza oroz goiti hedatu eta horrela arrazoimenaren erabilera (praktiko) hutsa baztertzea mehatxatzen duten heinean. Horregatik, Metafisika zedarriztatzen duen kritika bat negatiboa da hainbestez, baina aipatutako erabilera zedarriztatzeko eta suntsitzeko mehatxua egiten duen oztopoa aldi berean deuseztatzen duenez gero, egitatean garrantzizko onura positiboa du arrazoimen hutsaren behar-beharrezko erabilera praktiko (moral) bat badagoelako uste osoa lortu ahala, eta arrazoimena erabilera honetan sentimenaren mugez goiti hedatzen da nahitaez, horretarako arrazoimen espekulatiboaren laguntzaren beharrik izan gabe, baina haren aurkako eraginaren aurrean babesa behar duela bere buruarekin kontraesanean ez gertatzearren. Kritikaren zerbitzu honi bere onura positiboa ukatzea poliziak balio positiborik ez duela baieztatzea adina litzateke, bere zeregin nagusia hiritarren artean elkarrenganako beldurra sortzen duen bortizkeria eragoztea besterik ez delako, honela hiritar guztiak beren egitekoak lasaitasunez eta segurtasunez burutzeko gai izan daitezen. Kritikaren zati analitikoan frogatzen da espazioa eta denbora sentsuzko begiespenaren formak baino ez direla, beraz, gauzen existentziaren baldintzak besterik ez direla, hauek agerpenak diren heinean; horrez gain, ez dugula adimenaren adigairik, ezta gauzen ezagutzarako batere osagairik ere, adigaioi dagokien begiespena eman dakiekeen heinean izan ezik, eta ondorioz, ezin ezagut dezakegula objektua berbaitango gauza gisa, baizik begiespen enpirikoaren objektua den heinean besterik ez, h. d., agerpen gisa; hemendik ondorioztatzen da, noski, arrazoimen-ezagutza espekulatibo ahalgarri oro esperientziaren objektuetara zedarriztatu behar dela. Hala eta guztiz ere, oharrarazi behar den eragozpen honekin beti: objektu beroiek berbaitango gauzen gisara ezagutu ezin ditugun arren, pentsatu ahal izan behar ditugula18. Izan ere, bestela esakune burugabe hau izango genuke ondoriotzat, alegia, agerpenik balegokeela agertzen den ezer egon gabe. Halere, demagun egin gabe dagoela geure kritikaren bidez beharrezkoa bihurtu dugun gauzen bereizkuntza, hau da, esperientziaren objektu gisa, batetik, eta berbaitango gauza gisa, bestetik; orduan kausalitatearen oinarri-esakuneak, eta beraz, baita kausalitatea determinatzen duen izadiaren mekanismoak ere, gauza guztientzat balio beharko luke, gauzok kausa arazleak diren aldetik. Zerizan berberari buruz ezingo nuke esan, beraz, kontraesan nabarmenean gertatu gabe, adibidez, giza arimari buruz, bere nahimena askea dela, baina izadiaren beharrezkotasunari menperatzen zaiola aldi berean, h. d., ez dela askea; zeren arima esanahi berean hartu baitut esakune biotan, hots, oro harrezko gauza gisa (berbaitango gauza gisa), eta aurretik kritikarik egin gabe ezingo nuke honela baino hartu. Hala ere, kritikak huts egin ez badu objektua bi esanahietan hartzen irakatsi digunean, hots, agerpen gisa edo berbaitango gauza gisa; bere adimenaren adigaien dedukzioa zuzena baldin bada, eta beraz, kausalitatearen oinarri-esakuneak gauzak lehenengo zentzuan begiztatzen baditu, hots, esperientziaren objektuak diren heinean, objektu berak, aldiz, bigarren esanahian, oinarri-esakune hari menperatu gabe, orduan guk nahimen berbera agerpenean bertan (ekintza ikusgarrietan) izadiaren legearen araberakotzat hartuko dugu halabeharrez, eta hainbestez, ez-asketzat, eta hala ere, bestalde, berbaitango gauza bati dagokionez, ez dugu izadiaren legeari menperatuta pentsatuko, askea balitz bezala baizik, horrela hemen ezein kontraesanik sortu gabe. Neure arima azken alde honetatik kontsideratuta ezein arrazoimen espekulatiboren bitartez ezin ezagut badezaket ere (are gutxiago behaketa enpirikoaren bitartez), eta beraz, ezta askatasuna ere sentsuen munduko eraginak egozten dizkiodan zerizan baten berekitasun gisa, zeren halako zerizana bere existentziaren arabera determinatuta ezagutu beharko bailitzateke, ez, ordea, denboran (ezinezkoa dena, nire adigaiaren oinarrian ezin baitut ezein begiespen ezarri); orduan, hala ere, askatasuna pentsa dezaket, h. d., bere errepresentazioak ez du bere baitan kontraesanik barnebiltzen, bi errepresentazio-eren arteko gure bereizkuntza kritikoa (sentsuzkoa eta intelektuala) eta bertatik ondorioztatzen den adimenaren adigaien zedarriztapena, eta beraz, adigaiotatik isurtzen diren oinarri-esakuneak ere onetsiz gero. Demagun, orain, Moralak halabeharrez askatasuna (zentzu hertsienean) aurresuposatzen duela gure nahimenaren berekitasun gisa, arrazoimenean ditugun eta askatasunaren aurresuposiziorik gabe ezin-ezinezkoak liratekeen jatorrizko oinarri-esakune praktikoak arrazoimenaren apriorizko datu gisa erantsiz, eta demagun, bestalde, arrazoimen espekulatiboak askatasuna ezin pentsa daitekeela frogatu zuela, bada, orduan aurresuposizio hark, Moralarenak, alegia, leku egin beharko lioke halabeharrez besteari, bere aurkakoak ageriko kontraesan bat barnebiltzen duenari, eta ondorioz, askatasunak eta, berekin batera, etikotasunak (izan ere, hauen aurkakoek ez dute kontraesanik barnebiltzen, aurretik askatasunik suposatu ez baldin badugu) leku egin beharko liokete izadiaren mekanismoari. Halere, Moralerako askatasunak bere buruarekin kontraesanik ez izatea besterik behar ez dudanez, eta gehiago aditu behar gabe gutxienez pentsagarria gertatzen denez, eta izadiaren mekanismoaren (beste ikuspegi batetik begiratutako) ekintza berari oztoporik jartzen ez dionez gero, orduan etikotasunaren irakaspenak bere lekua segurtatzen du, baita izadiarenak ere; hau, ordea, ez zatekeen gertatuko, kritikak aurretik berbaitango gauzei buruzko gure ezinbesteko ezjakintasuna irakatsi ez baligu eta teoretikoki ezagut dezakegun oro agerpen soiletara zedarriztatu ez balu. Arrazoimen hutsaren oinarri-esakune kritikoen onura positiboari buruzko argiketa hau bera Jainkoaren eta gure arimaren izaera bakunaren adigaiei begira ere erakuts daiteke, baina hau alde batera uzten dut orain laburtzearren. Nik ezin ditut, beraz, Jainkoa, askatasuna eta hilezkortasuna suposatu ere egin neure arrazoimenaren beharrezko erabilera praktikoaren mesedetan, baldin eta aldi berean arrazoimen espekulatiboari neurriz gaineko ikuskeren handiustea kentzen ez badiot, zeren horietara iristeko egitatean esperientzia ahalgarriaren objektuetara soilik heda daitezkeen oinarri-esakuneez baliatzen baita arrazoimena, nahiz eta, dena dela, oinarri-esakune hauek esperientziaren objektua ezin izan daitekeenari aplikatzean benetan hau agerpen bihurtzen duten eta honela arrazoimen hutsaren hedapen praktiko oro ezinezkotzat jotzen duten. Nik, beraz, jakintza ezeztatu behar izan nuen, honela sinesmenarentzat leku egin ahal izateko, eta Metafisikaren dogmatismoa, h. d., arrazoimen hutsaren kritikarik gabe Metafisikan aurrera egiteko aurreiritzia da moraltasunari aurkakotzen zaion sinesmen-ezaren benetako iturburua, beti ere oso dogmatikoa dena. – Beraz, arrazoimen hutsaren kritikaren arabera egindako Metafisika sistematiko baten jarauntsia ondorengoei uztea oso zaila ez bada ere, gutxietsi behar ez den oparia da; aski da arrazoimenaren landualdia zientziaren ibilera segurutik abiatzen ikustea eta kritikarik gabeko bere joan-etorri itsu eta zabunkariarekin alderatzea, edota jakinduriaren egarri den gazteriaren denbora-erabilera hobea ikustea, goizik ohiko dogmatismoaren eskutik hainbeste sustapen jasotzen duen gazteriarena, hain zuzen, honela ulertzen ez dituen eta ez berak ezta munduan beste inork ere inoiz adituko ez dituen gauzei buruz erosoki arrazoikerietan aritzeko, baita pentsamendu eta iritzi berriak asmatzeko ere, eta hainbestez, zientzia zehatzen ikasketa arbuiatzen duen gazteriaren denbora-erabilera; hala ere, aintzat hartu behar da batik bat zein abantaila neurrigabea daukan etikotasunaren eta Erlijioaren aurkako objekzio guztien auzia era sokratikoan behin betiko bukatzeak, hots, aurkakoaren ezjakintzaren froga argienaren bitartez. Izan ere, beti izan baita munduan Metafisikaren bat, baita izango ere, eta arrazoimen hutsaren Dialektika bat ere bai orobat, azken hau berezkoa baitzaio arrazoimenari. Beraz, Filosofiaren lehenengo egitekoa, eta behinena, bere errakuntzen iturburua itxi eta horrela eragin kaltegarri guztiak behin betiko bere baitatik urrutiratzea da.

Zientzien arloan funtsezko aldaketa hau gertatu den arren, eta arrazoimen espekulatiboak bere orainoko ustezko jabegoa galdu behar izan duen arren, hala ere, beti izan duen egoera abantailatsu berberan dirau giza egiteko orokorrei dagokion guztiak, baita munduak gaurdaino arrazoimen hutsaren irakaspenetatik lortutako onurak ere, eta galera horrek eskolen monopolioan baino ez du eragiten, inolaz ere ez, ordea, giza interesean. Dogmatikorik amorratuenari galdetzen diot ea ondoko frogak eskoletatik irten ondoren inoiz publikoarenganaino heltzeko eta beronen uste osoan eragin txikienik izateko gai izan diren: heriotzaren ondoren gure arimak duen iraupenaren froga substantziaren bakuntasunaren bidez, edo nahimenaren askatasunaren froga, mekanismo orokorraren aurka beharrezkotasun objektiboa eta subjektiboaren arteko bereizkuntza sotil baina baliogabea eginez, edota Jainkoaren izatearen froga zerizan oroerrealaren adigai baten bidez (aldakorra denaren beharbadakotasunaren eta lehen higiarazle baten beharrezkotasunaren adigaiaren bidez). Baina horrelakorik gertatu ez bada eta giza adimen arruntaren espekulazio sotilerako ezgaitasuna dela-eta inoiz gertatuko denik ezin itxaron badaiteke; aitzitik, arimaren iraupenari dagokionez, gizaki orok mundu honetako gauzekin inoiz ez gogobetetzeko duen joera ohargarriak soilik sortu behar badu heriotzaren ondorengo bizitzaren itxaropena (mundu hau bere determinazio osoaren egokerarentzat askieza den aldetik), bestalde, nahimenaren askatasunari begira, betebeharren aurkezpen argi soila izan bada grinen uzi guztiei kontrajarririk askatasunaren kontzientzia sortarazi duena, eta azkenik, Jainkoaren izateari dagokionez, izadian edonon azaltzen den ordena zoragarria, edertasuna eta ardura izan badira munduaren sortzaile jakintsu eta handi batean sinesmena sortu dutenak, arrazoimen-oinarrietan funtsatzen diren heinean publikoaren artean hedatzen diren hiru uste oso izaki hauek, bada, orduan jabego hau ukitugabe geratu ez ezik, berak entzutea ere irabazten du, orain eskolei irakasten baitzaiei giza egiteko orokorrei buruzko puntu batean, (begiramen handiena merezi digun) jendetzaren eskueran dagoen batean, hain zuzen, ikuskera garaiago eta hedatuagoaren handiusterik ez izatea, eta beraz, eskuarki ulergarriak diren eta zentzu moralean gogobetegarriak diren froga-oinarrien landualdira zedarriztatzea. Aldaketa hau, beraz, eskolen uzi harroei buruzkoa baino ez da, zeren eskolok honetan ere (bidezki, beste puntu askotan bezala) halako egien zaindari eta ezagutzaile bakartzat har ditzaten nahiko bailukete, nahiz eta publikoari egia hauen erabilera besterik ez dioten erakusten, hauen gakoa, ordea, beraientzat gordez («quod mecum nescit, solus vult scire videri»)19. Hala eta guztiz ere, filosofo espekulatiboek duten uzi bidezkoago batez arduratuko gara. Honek baino ez du irauten beti ere publikoari onurazkoa zaion zientzia baten jagole, berak ez jakin arren, hots, arrazoimenaren kritikaren zientziak; izan ere, kritikak ezingo du inoiz herrikoia izan, ezta horren beharrik ere; zeren egia onuragarrien aldeko argumentu landuak herriari buruan sartzen ez zaizkion era berean honi ez baitzaizkio inoiz aurkako objekzio sotilak ere bururatzen; aitzitik, eskolak, espekulaziora iristen diren gizaki guztiek bezala, ezinbestean bi alderdi hauekin topo egiten duenez gero, orduan eskola behartua dago lehenago edo geroago herritarren artera ere iritsiko den eskandalua arrazoimen espekulatiboaren eskubideen azterketa zehatzaren bidez aurretiaz behin betiko eragoztera, hots, metafisikariak (eta azken batean, apaizak ere bai, metafisikariak diren aldetik) kritikarik gabe nahitaez gatazketan nahastetik eta hauek gero gainera beren irakaspenak gezurtatzetik sortzen den eskandalua. Kritika da eskuarki kaltegarriak izan daitezkeen materialismoari, fatalismoari, ateismoari, librepentsalarien sinesgogortasunari, gogoberotasunari eta sineskeriari erroak ebaki diezazkiokeen bakarra, baita azkenik idealismoari eta eszeptizismoari ere, zeinak eskolentzat diren arriskutsuak batik bat eta nekez heltzen diren publikoarenganaino. Gobernuek, berriz, jakintsuen egitekoez arduratzea komenigarritzat jotzen badute, orduan hobeto egokitzen zaio zientziaz eta gizakiez duten ardura zuhurrari honelako kritika baten askatasunaren alde egitea –kritika arrazoimenaren lanak irmo finkatzeko bide bakarra denez– eskolena despotismo barregarria sustatzea baino, beren armiarma-sareak desegin ahala arrisku publikoaz iskanbila ozena sortzen duten eskolena, hain zuzen, publikoak inoiz jaramonik egin ez dien arren, eta beraz, galera horretaz inoiz damurik ezin izan duen arren.

Kritika ez zaio kontrajartzen arrazoimenak zientziaren gisako ezagutza hutsean duen jardunbide dogmatikoari (arrazoimenak beti izan behar baitu dogmatikoa, hots, apriorizko printzipio seguruetatik abiatuta hertsiki frogatu behar baitu), baizik eta dogmatismoari, h. d., printzipioei jarraiki zaion adigaietatiko ezagutza hutsaz (filosofikoaz) soilik baliaturik aurrera egiteko handiusteari, arrazoimenak aspalditik egiten duen moduan, nola eta zein eskubidez horretaratu den aztertu gabe. Beraz, dogmatismoa arrazoimenaren ahalmenari aldez aurretiko kritikarik egiten ez dion arrazoimenaren jardunbide dogmatikoa da. Kontrajartze honek, horregatik, ez du azalkeria berritsuaren alde hitz egiteko beharrik herrikoitasunaren handigurazko izenpean, ezta Metafisika oro baztertzen duen eszeptizismoaren alde ere; aitzitik, kritika hau aldez aurretik egiten den beharrezko prestakuntza da, honela Metafisika zehatz bat sustatu ahal izateko, hots, zientzia den aldetik eskakizunik hertsienen arabera dogmatikoa eta sistematikoa izan behar duen, eta beraz, eskolak egiten duen moduan gauzatu behar den Metafisika (era ez-herritarrean), zeren utziezina gertatzen baita eskakizun hau, Metafisikak bere zeregina erabat a priori, eta beraz, arrazoimen espekulatiboaren gogobete osorako gauzatzea agintzen duenez. Kritikak agintzen duen egitasmoaren gauzapenean, beraz, h. d., Metafisikaren etorkizuneko sisteman, filosofo dogmatiko guztien buru izan zen Wolff sonatuaren metodo zehatzari jarraiki behar gatzaizkio, alegia, zientziaren ibilera segurua bihurtzeko moduaren adibidea eman zuen lehenari (adibide horri esker gaurdaino Alemanian itzali ez den zehaztasun-espirituaren sortzaile bihurtu zela) printzipioen legezko finkapenaren bitartez, adigaien determinazio nabarien bitartez, frogetan zehaztasuna bilatuz eta ondorioztapenetan jauzi ausartiak saihestuz, eta horregatik zatekeen Wolff pertsona bereziki egokia Metafisika zientzia baten egoera horretara eramateko, aurretik arloa organoaren kritikaren bitartez prestatzea otu balitzaio, hots, arrazoimen hutsaren kritikaren bitartez; gabezia hau ez zaio berari soilik leporatu behar, garaiko pentsamolde dogmatikoari baizik gehienbat, eta filosofoek, haren garaikideek zein aurreko denek, ez dute elkarri zer aurpegiratu beharrik. Wolffen irakaspidea eta aldi berean arrazoimen hutsaren jardunbidea bera ere arbuiatzen dituztenek zientziaren girgiluetatik askatzeko asmoa besterik ez dute, eta lana jolas, ziurtasuna iritzi eta Filosofia filodoxia bihurtzeko asmoa.

Bigarren argitaraldi honetan ez dut aukera galdu nahi izan zailtasunak eta alde ilunak ahalbait zuzentzeko, bidezkoa denez, hauek direla-eta liburu honen juzgaketan zenbait sasi-interpretazio sortu baitzazkie, neure erruz agian, gizon buruargi batzuei. Bestalde, ez dut alda litekeen ezer aurkitu, ez esakuneetan eta berauen froga-oinarrietan, ezta egitasmoaren forman eta osotasunean ere; hori, aldez, lana publikoari aurkeztu aurretik etsamina luzepean ezartzeari egotzi behar zaio, aldez, gaia beraren antolaerari, hots, arrazoimen espekulatibo huts baten izaerari, arrazoimenak egiazko atal-egitura bat daukalako, non dena organo bat den, hots, dena bertan batengatik dagoen eta bat hori denarengatik, eta beraz, ahultasun txikiena nahitaez agertzen zaigun erabileran, hutsegite (errakuntza) nahiz gabezia izaki. Aldaezintasun horri eutsiko dio nire sistemak aurrerantzean ere, espero dudanez. Konfiantza hau izateko eskubidea ez dit neure hutsalkeriak ematen, baizik eta emaitza berdina duen esperimentuak eragiten duen ebidentziak besterik ez, osagai txikienetatik abiaturik arrazoimen hutsaren osokiraino edota osokitik (izan ere, osoki hau emana baita arrazoimenak bere alde praktikoan duen azken asmoaren bitartez) atzera zati bakoitzeraino itzultzean zati txikiena ere aldatzeko saialdiak berehala kontraesanak sortarazten dituen heinean, sisteman ez ezik, giza arrazoimen orokorrean ere bai. Oraindik badago zereginik, ordea, aurkezpenari dagokionez, eta alde honetan saiatu ditut hobekuntzak bigarren argitaraldian, aldez, Estetikako gaizki-ulertzeak, batik bat denboraren adigaiari dagokionez, aldez, adimenaren adigaien dedukzioaren iluntasunak, aldez, adimen hutsaren oinarri-esakuneen frogetako ebidentzia gogobetegarriari buruz omen zeuden gabeziak, eta aldez, Psikologia arrazionalean sartutako paralogismoen sasi-interpretazioak baztertu beharko lituzketen hobekuntzak. Honaino besterik ez dira hedatzen aurkezpen-eran egindako aldaketak (hots, Dialektika transzendentalaren lehenengo atalburuaren amaieraraino soilik)20, zeren denbora laburregi izan baitut, eta gainerakoan ez baitut etsaminatzaile aditu eta inpartzialengan gaizki-ulertzerik aurkitu, eta etsaminatzaile hauek merezi duten laudorioz aipatu ezin ditudan arren, beren kabuz ikusiko dute zuzendutako pasarteetan egin zizkidaten oharrei lotu natzaiela. Zuzenketa honekin batera galera txiki bat jasango du irakurleak, ezinbestekoa gertatzen zena liburua lodiegia bihurtu ezean, hots, osokiaren osotasunerako funtsezkoak ez diren zenbait gauza kendu edo laburbildu behar izan ditudala, irakurle batzuek hauek peituko dituzten arren, bestela ere erabilgarriak diren heinean, eta espero dudanez orain ulergarriagoa den nire aurkezpen honi leku egitearren gertatu da hori, hots, esakuneei eta berauen froga-oinarriei begira funtsean deus ere aldatu ez den aurkezpenari, nahiz eta bere azalpenaren metodoa aurreko argitaraldian erabilitakotik han-hemenka hainbeste urruntzen den, ezen tartekapen soilen bitartez ezin izan baitut konpondu. Nahi izanez gero lehen argitaraldiarekin alderatuz osa daitekeen galera txiki hau, hala ere, ulergarritasun handiago batek kitatuko du gehienbat, espero dudanez. Zenbait idazki publikotan eskerroneko atseginez ohartu dudanez (zenbait libururen berriematean nahiz tratatu berezietan), Alemanian ez da zehaztasun-espiritua hil oraindik, baizik eta ixilarazi egin dute epe laburrez jeinuzko pentsamendu-askatasunaren aldeko modazko oihuek, eta eskolaren gisakoa den baina horrexegatik soilik iraunkorra, eta hainbestez, behar-beharrezkoa den arrazoimen hutsaren zientziara daraman kritikaren arantzaz betetako bideak ez die galarazi buru argitsu eta ausart batzuei haren jakitun bihurtzea. Meritu handiko gizon horiek ikuskeraren sakontasuna aurkezpen argi baten trebetasunari lotzen diote zoriontsuki (ez baitakit ni trebetasun horren jabe naizen) eta haien esku uzten dut auzkezpenari begira tarteka oraindik ere zenbait gabezia dituen nire lan hau osatzea; izan ere, ez baitago errefusatua izateko arriskurik, ez ulertua izatekoa baizik. Nik neuk ezin izango dut aurrerantzean gatazketan murgildu, arreta handiz gogoan hartuko ditudan arren lagun zein aurkakoengandik datozen iradokizun guztiak, honela etorkizunean sistemaren gauzapenean erabiltzearren propedeutika honen arabera. Lan hauek egin artean zahar samarra bihurtu naizenez (65 urte beteko ditut hil honetan), denbora aurreztuz jokatu beharko dut, neure egitasmoa burutuko badut, hots, izadiaren Metafisika eta ohituren Metafisika arrazoimen espekulatibo nahiz praktikoaren kritikaren zuzentasunaren egiaztapen gisa, eta lan honetaz jabetu diren merituzko gizonengandik itxaron beharko dut hasieran ia nahitaezkoak ziren iluntasunak argi ditzaten, baita egitasmo osoaren aldeztaile bihur daitezen ere. Azalpen filosofiko oro puntu bakanetan beti ere erasogarria gerta daitekeen arren (ezin baita azalpen matematikoetan bezain korazaturik azaldu), sistemaren atal-egitura, aldiz, batasun gisa kontsideratuta ez dago inolaz ere arriskuan, eta gutxi dira sistema doiesteko joera dutenak sistema berria denean, are gutxiago, ordea, horretarako gogorik daukatenak, berrikuntza guztiak desegokitzat jotzen ohi dituzten horietakoak baitira. Bereziki azalpen aske gisa zertutako idazki orotan gertatzen den bezala banakako pasarte batzuk testuingurutik atera eta elkarrekin alderatzen badira, itxurazkoak baino ez diren kontraesanak agertu ahal izango dira eta hauek argi kaltegarria jaurtitzen dute idazkiaren gainera beste norbaiten juzgaketaz fidatzen denaren begietan, baina ideia bere osotara bereganatu duenak aise konpontzen daki kontraesan hauek. Dena dela, teoria bat berez tinkoa baldin bada, orduan hasieran arrisku handiarekin mehatxu egiten zioten eraginek eta aurkako eraginek teoriaren koskak ezabatzeko balioko dute denborak aurrera egitearekin batera, baita denbora laburrean teoriari behar duen dotoretasuna emateko ere, baldin eta inpartzialak, adimentsuak eta egiazki herrikoiak diren gizonek hartaz jarduten badute.

Königsbergen, 1787ko apirilean