Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/Sarrera

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Sarrera
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Sarrera

I. Ezagutza hutsa eta enpirikoaren arteko bereizketaz

[aldatu]

Ez dago zalantzan jartzerik gure ezagutza oro esperientziarekin hasten dela; izan ere, zeren indarrez iratzarriko litzateke bestela ezagumena ariketarako, gure sentsuak ukitzen dituzten objektuen bidez ez bada, zeinek, aldez, berenez errepresentazioak sortzen dituzten, aldez, gure adimen-ekimena higitzen duten errepresentazioak alderatzeko, elkarlotzeko edo bereizteko eta, horrela, sentsuen zirraren ekai soila esperientzia izena duen objektuen ezagutza batean bihurtzeko? Denboraren arabera, beraz, ezein ezagutza ez doa gugan esperientziaren aurretik, eta honekin hasten da dena.

Hala ere, gure ezagutza guztia esperientziarekin hasten bada ere, ez da dena esperientziatik sortzen. Izan ere, baliteke gure esperientzia-ezagutza bera ere zirraren bidez jasotzen dugunaren eta (sentsuzko zirraren bitartez suspertua besterik ez den) gure ezagumen berak sortzen duenaren elkartukia izatea, eta orduan gehiketa hau oinarrizko ekai hartatik ez dugu bereizten, harik eta ariketa luzeak hori oharrarazi eta bere banaketarako trebe bihurtzen gaituen arte.

Beraz, gutxienez azterketa zehatzagoa behar duen eta lehen begiradan berehala konpondu ezin den galdekizuna da ea halako esperientziatik eta sentsuen zirrara orotatik beregaina den ezagutza badagoen. Halako ezagutzei apriorizkoak deitzen zaie eta ezagutza enpirikoetatik ezberdintzen dira, beren iturburuak a posteriori, hots, esperientzian dituzten ezagutzetatik.

Adierazpen hori ez da oraindik nahikoa determinatua aurkeztutako galdekizunaren zentzu osoa egokiro ezaugarritzeko. Izan ere, esperientziaren iturburuetatik eratorritako zenbait ezagutzaz esaten ohi da a priori haien gai garela edo eskura ditugula, ez baititugu zuzenki esperientziatik eratortzen, baizik benetan esperientziatik atera dugun erregela orokor batetik. Horrela, bere etxearen oinarriak azpijan dituen norbaitez honakoa esaten da: a priori jakin zezakeela eroriko zela, h. d., benetan erortzearen esperientziaren zain egoteko beharrik ez zuela. Nolanahi ere, hau ezin zuen erabat a priori jakin. Izan ere, gorputzak pisuak direla, eta ondorioz, euskarria kenduz gero, erortzen direla, lehendik izan behar zitzaion ezaguna esperientziaren bitartez.

Datorrenean, beraz, apriorizko ezagutzaz ez dugu ulertuko esperientzia hau edo beste hartatik beregainki gertatzen dena, baizik eta erabat esperientzia orotatik beregainki gertatzen dena. Hauei ezagutza enpirikoak kontrajartzen zaizkie, edo a posteriori baino ez, h. d., esperientziaren bidez ahalgarriak diren ezagutzak. Apriorizko ezagutzen artean hutsak izena dute ezer enpirikoa nahasturik ez dutenak. Horrela, adibidez, «aldaketa bakoitzak bere kausa du» esakunea apriorizko esakunea da, baina ez hutsa, zeren aldaketa esperientziatik baino ezin lor daitekeen adigaia baita.

II. Apriorizko ezagutza jakin batzuk ditugu eta adimen arruntak ere baditu beti halakoak

[aldatu]

Hemen kontua ezagutza hutsa ezagutza enpirikotik seguru ezberdindu ahal izateko ezaugarria da. Esperientziak irakasten digu bai zerbait honela edo hala antolatua dagoela, baina ez bestela antolatua ezingo lukeela izan. Aurkitzen bada, beraz, lehenik, aldi berean bere beharrezkotasunarekin batera pentsatzen den esakune bat, orduan hau apriorizko judizioa da; horrez gain, ez bada era berean beharrezko esakune gisa balio duen beste batetik eratortzen, orduan absolutuki apriorizkoa da. Bigarrenik, esperientziak ez die bere judizioei inoiz egiazkoa edo hertsia den orokortasuna ematen, baizik ustezkoa edo alderagarria soilik (indukzioaren bitartez), eta hau halako moldez ematen die, non zera esan behar baita: orain arte hautemandakoaren arabera erregela honen edo haren salbuespenik ez dela aurkitu. Judizio bat, beraz, orokortasun hertsian pentsatzen bada, h. d., balizko salbuespenik baimendu gabe, orduan ez da esperientziatik eratorria, baizik eta absolutuki a priori balio du. Orokortasun enpirikoa, beraz, kasu gehienetan balio duenetik kasu denetan balio duenera egiten den baliotasunaren hautazko goraketa da, «gorputz guztiak pisuak dira» esakunean gertatzen den bezala, adibidez; aitzitik, orokortasun hertsia judizio bati funtsean dagokionean, orduan honek bere ezagutza-iturburu berezia erakusten du, hots, apriorizko ezagutzaren ahalmena. Beharrezkotasuna eta orokortasun hertsia dira, beraz, apriorizko ezagutza baten ezagugarri seguruak eta elkarrekin bereiztezinki lotuak daude gainera. Halere, erabileran beren zedarritasun enpirikoa erakustea noizbehinka judizioen beharbadakotasuna erakustea baino errazagoa denez, edo batzuetan argigarriagoa denez judizio bati egozten diogun orokortasun zedarrigabea bere beharrezkotasun gisa erakustea, orduan gomendagarria da aipatutako bi irizpideak –bakoitza bere baitan hutsezina izaki– zein bere aldetik erabiltzea.

Erraza da giza ezagutzan benetan beharrezkoak eta zentzu hertsian orokorrak diren judizioak, eta beraz, apriorizko judizio hutsak badaudela erakustea. Zientzietatiko adibide bat nahi bada, Matematikako esakune orori begiratu besterik ez zaio egin behar; adimenaren erabilera arruntetiko adibidea nahi bada, orduan «aldaketa orok kausa bat izan behar du» esakunea baliagarria izan daiteke; azken honetan, kausaren adigaiak hain nabarmenki barnebiltzen du efektuarekin duen elkarloturaren beharrezkotasunaren adigaia eta erregelaren orokortasun hertsiaren adigaia, ezen erabat galduko bailitzateke, Humek egin zuen legez kausaren adigaia gertatzen dena eta bere aurretiaz denaren uztarketa sarritik eta bertatik sortzen den errepresentazioak lotzeko ohituratik (eta beraz, beharrezkotasun subjektibo soiletik) eratorri nahiko balitz. Gure ezagutzak dituen apriorizko oinarri-esakune hutsen errealitatea frogatzeko halako adibideen beharrik gabe ere erakuts dezakegu esakune hauek esperientzia beraren ahalgarritasunerako ezinbestekoak direla, eta beraz, a priori aurkez ditzakegu. Izan ere, nondik nahiko luke esperientziak bere ziurtasuna jaso, bera jarraiki zaien erregela guztiak beti ere enpirikoak, eta beraz, beharbadakoak balira? Horregatik, hauek zailki hartu ahal izango dira lehen oinarri-esakunetzat. Nolanahi ere, hemen gure ezagumenaren erabilera hutsa egitate gisa eta bere ezagugarria aurkeztu izatearekin askiets gaitezke. Hala ere, judizioetan ez ezik, adigaietan ere azaltzen da hauetako batzuen apriorizko jatorria. Utz ezazue «gorputz» esperientzia-adigaitik pixkanaka bertan enpirikoa den guztia alde batera: kolorea, gogortasuna edo biguntasuna, pisua, sarrezintasuna bera; orduan hark (honenbestez erabat desagertu denak) betetzen zuen espazioak dirau oraindik eta hau ezin duzue desagerrarazi. Era berean, objektu gorpuzdun edo gorpuzgabeko batez duzuen adigai enpirikotik esperientziak irakasten dizkizuen berekitasun guztiak alde batera uzten badituzue, orduan hari ezin diozue, dena dela, hura substantzia gisa edo substantzia bati atxikitako zerbait gisa pentsatzeko erabiltzen duzuen berekitasuna kendu (nahiz eta adigai honek oro harrezko objektu bat izatea baino determinazio gehiago barnebildu). Aitortu egin behar duzue, beraz, adigai horretan jazartzen zaizuen beharrezkotasunak sinestarazita, adigai honek zuen apriorizko ezagumenean duela bere egoitza.

III. Filosofiak ezagutza ororen ahalgarritasuna, printzipioak eta hedapena a priori determinatzen dituen zientzia baten premia du21

[aldatu]

Aurreko guztia baino garrantzitsuagoa da ezagutza jakin batzuk esperientzia ahalgarri ororen alorra ere uztea eta adigaien bitartez, alegia, esperientzian beraiei egokitzen zaien ezein objektu eman ezin den gisako adigaien bitartez, gure judizioen hedapena itxuraz bere muga oroz goiti hedatzea.

Eta gure arrazoimenaren ikerkuntzak, bere garrantziagatik adimenak agerpenen arloan ikas dezakeen guztia baino askoz bereziagotzat eta azken asmoari begira bikainagotzat jotzen ditugun ikerkuntzak, sentsuen munduaz goiti doazen azken ezagutza hauetan dautza, non esperientziak ez gida-haririk, ezta zuzenketarik ere ezin duen eman, eta horregatik, beraz, edozertara ausartzen gara, erratzeko arriskua izan arren, hain premiazko azterketak ezbairen batengatik, edo gutxiespenagatik, edota axolagabekeriagatik ez uztearren. Arrazoimen hutsaren ezinbesteko arazo horiek Jainkoa, askatasuna eta hilezkortasuna dira. Eta Metafisika izena du bere gertakuntza guztiak aldean eramanik azken asmo gisa arazo hauek konpontzea duen zientziak, eta bere jardunbidea hasieran dogmatikoa da, h. d., halako ekintza handiaren egikaritza konfiantzaz onartzen duena arrazoimenaren ahalmenaren edo ahalezintasunaren aldez aurretiko etsaminarik egin gabe22.

Berezkoa dirudi esperientziaren lurra utzi ahala ezin dela berehala eraikin bat antolatu gure ezagutzak nondik datozen jakin gabe eta jatorri ezezaguneko oinarri-esakuneetan funtsatuz, aurretik azterketa arretatsuaz bere oinarritzapena segurtatu ezean; eta beraz, berezkoa dirudi aldez aurretik honako galdekizunak egin behar direla, alegia, ea adimena ezagutza hauetara guztietara nola iristen den eta ea hauek zein hedapen, baliotasun eta baliagarritasun duten. Egitatean, ezer ez da berezkoagoa, «berezkoa» hitzaz zera ulertzea baino: bidezki eta arrazoiz gertatu beharko lukeena; aitzitik, honetaz eskuarki gertatzen dena ulertzen bada, orduan ezer ez da berezkoagoa eta ulergarriagoa azterketa hori denbora luzez landugabea geratu izanaren beharra baino. Izan ere, ezagutza hauen zati bat, ezagutza matematikoak alegia, aspalditik da konfiantzaren jabe, eta horren bidez itxaropen onuragarria iragartzen du besteentzat ere, hauek izaera erabat ezberdinekoak diren arren. Horrez gain, esperientziaren eremuaz goiti gaudenez, seguru gaude esperientziak ez gaituela errefusatuko. Bere ezagutzak hedatzeko irrika hain da handia, non kontraesan argi bat aurkitzeak soilik gera baitezake bere aurrerapena. Hala ere, hau saihets daiteke, baldin eta bere asmakizunak arretaz egiten badira behintzat, asmakizun izateari utzi gabe. Matematikak honen adibide distiratsua ematen digu: noraino irits gaitezkeen apriorizko ezagutzan esperientziatik beregainki. Berak objektuez eta ezagutzez jarduten du, baina hauek begiespenean aurkez daitezkeen heinean soilik. Halere, egoera hau aise ezikusten da, zeren aipatutako begiespen bera a priori eman baitaiteke, eta beraz, adigai huts soil batetik apenas bereizten baita. Arrazoimenaren boterearen halako frogak suspertzen duen hedapenerako joerak ez du inolako mugarik. Hegaldi askean airea bereizi eta bere kontrajarpena sentitzen duen uso arinak airerik gabeko espazioan hegan hobeto egin ahal izango lukeela errepresenta lezake. Era berean, Platonek sentsuen mundua utzi zuen honek adimenari hain zedarri hertsiak ezartzen dizkiolako, eta hartaz haraindi ausartu zen ideien hegoen gainean adimen hutsaren lurralde hustuan barrena. Ez zuen ohartzen bere ahalegin guztiekin ere ez zuela biderik egiten, izan ere, ez zuen euskarririk, nolabait esateko, eustazpi gisa bertan eutsi eta bertan bere indarrak aplikatu ahal izateko, horrela adimena higiaraztearren. Giza arrazoimenak espekulazioan duen patu arrunta da, ordea, bere eraikina ahalbait azkarren egitea eta ondoren soilik aztertzea lehen-lehenik ea bere oinarria ondo ezarria zegoen. Orduan, era guztietako aitzakiak bilatzen dira bere sendotasunaz ziurtasuna lortzeko, edo baita halako etsamina berantiar eta arriskutsua saihesteko ere. Baina hau da eraiketan zehar ardura eta susmo orotatik libratzen gaituena eta itxurazko oinarrizkotasunarekin balakatzen gaituena: gure arrazoimenaren zereginen zati handi bat, agian handiena, guk jadanik objektuez ditugun adigaien analisia dela. Honek ezagutzen kopuru handia ematen digu, zeinak, gure adigaietan (nahiz eta oraindik era nahasian) jadanik pentsatuta dagoenaren argiztapen edo azalpenak baino ez izan arren, formaren arabera bederen ikuskera berritzat hartzen diren, nahiz eta materia edo edukiaren arabera dauzkagun adigaiak hedatu beharrean xehetu besterik ez dituzten egiten. Jardunbide honek aurrerabide seguru eta onuragarria duen apriorizko ezagutza ematen duenez gero, orduan arrazoimenak itxura honen bidez era guztiz ezberdineko baieztapenak sartzen ditu ezkutuan berak ohartu gabe, eta arrazoimenak hemen adigai jakinei arrotz-arrotzak zaizkien besteak gaineratzen dizkie, a priori gaineratu ere, hori nola egin dezakeen jakin gabe eta arazo hau aintzat hartu ere egin gabe. Horregatik, bi ezaguera hauen bereizketa jorratu nahi dut hasiera-hasieratik.

IV23. Judizio analitikoen eta sintetikoen arteko bereizketaz

[aldatu]

Subjektuak predikatuarekin duen hartuemana pentsatzeko ditugun judizio guztietan (baieztaileak soilik hartuz, ondoren ezeztaileei aplikazioa erraza baita) hartuemana bi eratara gerta daiteke. Edota B predikatua A subjektuari dagokio, A adigai horretan (ezkutuan) barnebilduta dagoen zerbait gisa; edo B erabat A adigaitik at geratzen da, berekin elkarloturan badago ere. Lehenengo kasuan, judizioari analitikoa deitzen diot, bigarrenean, sintetikoa. Judizio analitikoak (baieztaileak), beraz, predikatuak subjektuarekin identitatezko elkarlotura duenean ditugu, elkarlotura hori identitaterik gabe pentsatzen duten judizioek, aldiz, judizio sintetiko izena jaso behar dute. Lehenengoak, azalpen-judizioak, bigarrenak, hedapen-judizioak dei daitezke, zeren haiek predikatuaren bitartez ez baitiote ezer gehitzen subjektuari, baizik eta analisiari esker subjektuaren adigaia jadanik bertan pentsatuta dauden (nahasiki bada ere) azpi-adigaietan xehetzen baitute; aitzitik, bigarrenek subjektuaren adigaiari bertan pentsatua ez zegoen predikatu bat gehitzen diote, bertatik ezein analisiren bitartez lortu ezin izango zen predikatua. Adibidez, «gorputz guztiak hedatuak dira» badiot, orduan hau judizio analitikoa da. Izan ere, nik ez dut gorputzarekin lotzen dudan adigaiaz goiti joan behar hedadura berekin elkarlotuta dagoela aurkitzeko, baizik eta adigai hori analizatu besterik ez dut egin behar, h. d., bertan pentsatzen dudan anizkunkiaz kontziente bihurtu besterik ez dut egin behar predikatu hori bertan aurkitzeko; beraz, judizio analitikoa da. Aitzitik, «gorputz guztiak pisuak dira» badiot, orduan predikatua oro harrezko gorputz baten adigai soilean pentsatzen dudan zerbaiten erabat bestelakoa da. Halako predikatuaren eransketak, beraz, judizio sintetiko bat sortzen du.

Esperientzia-judizioak, halakoak diren aldetik, osotara sintetikoak dira. Izan ere, burugabea litzateke judizio analitikoa esperientzian oinarritzea, zeren ez baitzait sori nire adigaitik irtetea judizioa egiteko, eta beraz, esperientziaren lekukorik ez baitut behar horretarako. «Gorputz bat hedatua da» a priori irmo dagoen esakunea da, eta ez da ezein esperientzia-judiziorik. Izan ere, esperientziara jo aurretik jadanik nire judizioaren baldintza guztiak nire adigaian ditut, eta bertatik atera dezaket predikatua kontraesanaren oinarri-esakunearen arabera, eta horren bitartez, aldi berean, esperientziak inoiz irakatsiko ez lidakeen judizioaren beharrezkotasunaz kontziente bihur naiteke. Aitzitik24, oro harrezko gorputz baten adigaian pisuaren predikatua biltzen ez badut ere, hark esperientziaren objektu bat ezaugarritzen du bere zati baten bitartez, eta honi lehen zatiari dagozkion esperientzia beraren beste zatiak ere gehitu diezazkioket. Nik gorputzaren adigaia aldez aurretik analitikoki ezagut dezaket adigai honetan pentsatutako ezaugarrien bitartez, hedadura, sarrezintasuna, tankera, eta abarren bitartez. Nire ezagutza hedatuz gero eta gorputzaren adigai hori lortzeko erabili dudan esperientziari atzera begiratuz gero, orduan aipatutako ezaugarriekin batera elkarlotua aurkitzen dut beti pisua ere,25 eta beraz, hau predikatu gisa adigai hari sintetikoki eransten diot. Beraz, pisuaren predikatua eta gorputzaren adigaiaren arteko sintesiaren ahalgarritasuna esperientzian oinarritzen da, zeren bi adigaiok, bata bestean barnebilduta ez badaude ere, osotasun baten zati gisa, hots, begiespenen lotura sintetikoa den esperientziaren zati gisa elkarri egokitzen baitira, nahiz eta ausaz besterik ez izan.

Hala ere, judizio sintetikoetan baliabide hori erabat falta da. A adigaiaz goiti joan nahi badut B beste adigai bat harekin lotua balego bezala ezagutzeko, zer da nik euskarritzat erabiltzen dudana eta sintesia ahalbidetzen duena? Hemen ez baitaukat ondoren esperientziaren arloan aztertzeko abantailarik. Esakune hau har dezagun: «gertatzen den guztiak bere kausa du». Gertatzen den zerbaiten adigaian izate bat pentsatzen dut, bere aurretik denbora bat igaro dela, eta abar, eta hortik judizio analitikoak lor daitezke. Halere, kausa baten adigaia adigai hartatik at dago erabat eta gertatzen denetik ezberdina den zerbait iragartzen du, eta ez dago, beraz, gertatzen denaren errepresentazio honetan barnebildua. Nola esan dezaket, orduan, oro har gertatzen denaz beretik erabat ezberdina den zerbait, eta nola ezagut dezaket kausaren adigaia hari dagokiola, eta gainera halabeharrez dagokiola, benetan bertan barnebilduta ez egon arren? Zer da hemen X = ezezagunkia, adimenaren euskarria dena honek A adigaitik at B predikatu arrotza aurkitu duela uste duenean, hots, adigai hartatik at egon arren harekin elkarlotua dagoela estimatzen duen predikatua aurkitu duela uste duenean? Ezin izan da esperientzia, zeren aipatutako oinarri-esakuneak bigarren errepresentazio hau lehenari eransten baitio, orokortasun handiarekin ez ezik, baita beharrezkotasuna adieraziz ere, eta beraz, a priori eta adigai hutsen bitartez. Hortaz, gure apriorizko ezagutza espekulatiboaren azken asmo osoa halako oinarri-esakune sintetikoetan, h. d., hedapenezko oinarri-esakuneetan funtsatzen da; izan ere, oinarri-esakune analitikoak erabat garrantzitsuak eta beharrezkoak dira, baina eskuratze benetan berria den sintesi seguru eta zabalerako behar den adigaien nabaritasuna lortzeko besterik ez26.

V. Arrazoimenaren zientzia teoretiko orotan apriorizko judizio sintetikoak barnebiltzen dira printzipio gisa

[aldatu]

1. Judizio matematikoak sintetikoak dira osotara. Badirudi esakune hau giza arrazoimenaren analizatzaileen oharrei orain arte itzuri egin zaiela, eta beren susmoei zuzenki kontrajartzen zaiela ere bai, nahiz eta kontraesan ezin den eran ziurra eta ondorioetan oso garrantzitsua den. Izan ere, matematikariaren inferentzia oro kontraesanaren oinarri-esakunearen arabera gertatzen dela aurkitu zenez gero (ziurtasun apodiktikoaren izaerak eskatzen duena), orduan oinarri-esakuneak ere kontraesanaren esakunetik abiatuta ezagutzen direla uste izan zen; eta horretan erratzen zuten; izan ere, esakune sintetikoa kontraesanaren esakunearen arabera adi daiteke, baina inolaz ere ez bere baitan, baizik eta beste esakune sintetikoa aurresuposatzen baldin bada besterik ez, hura orduan honetatik abiatuta ondorioztatu ahal izateko.

Aldez aurretik zera ohartu behar da: benetako esakune matematikoak beti apriorizko judizioak direla, eta ez enpirikoak, esperientziatik lortzen ez den beharrezkotasuna baitakarte aldean. Hau onartu nahi ez bada, orduan nire esakunea Matematika hutsera zedarriztatzen dut; bere adigaiak aldean dakar apriorizko ezagutza huts soilak barnebiltzen dituela, eta ez enpirikoak.

Hasiera batean pentsa zitekeen «7+5=12» esakunea zazpi eta bosten batuketa baten adigaitik kontraesanaren esakunearen arabera ondorioztatzen den esakune analitikoa besterik ez dela. Hala eta guztiz ere, zehatzago kontsideratzen bada, orduan zera aurkitzen da, 7 eta 5en batuketaren adigaiak ez duela bi zenbakiok beste bakar batean bateratzea besterik barnebiltzen, eta honen bitartez ez dela pentsatzen zein den biak biltzen dituen zenbaki bakar hori. Hamabi zenbakiaren adigaia ez dago inolaz ere jadanik pentsatua zazpi eta bosten bateratzea pentsatzen dudanean, eta halako batuketa ahalgarri baten nire adigaia luze analizatu arren, ez dut bertan inoiz hamabia aurkituko. Adigai hartatik irten behar da bietako bati dagokion begiespena laguntzatzat hartuz, adibidez, bost hatzak, edo bost puntu (Segnerrek bere Aritmetikan egiten duen legez), eta horrela, pixkanaka begiespenean emandako bosta zazpiaren adigaiari gehituz. Izan ere, lehenik 7 zenbakia hartzen dut, eta 5aren adigaia osatzeko nire eskuko hatzak begiespen gisa laguntzatzat hartzen baditut, orduan 5 zenbakia eratzeko lehendik bildutako banakoak 7 zenbakiari gehitzen dizkiot pixkanaka nire irudi hartan, eta horrela, 12 zenbakia agertzen dela dakusat. 7a 5ari gehitu behar zitzaiola batuketa baten (=7+5) adigaian pentsatu dut, baina ez batuketa hori 12 zenbakia denik. Esakune aritmetikoa, beraz, beti da sintetikoa; hau are era nabariagoan ohartzen da zenbaki handiagoak hartuz gero, orduan garbi argitzen baita gure adigaiaren analisiaren bitartez soilik batuketa inoiz ezin dugula aurkitu begiespenaren laguntzarik gabe, gure adigaiak nahi ditugun moduan jiratu eta bihurtu arren.

Era berean, Geometria hutsaren ezein oinarri-esakune ere ez da analitikoa. «Bi punturen arteko lerro zuzena motzena da» esakune sintetikoa da. Izan ere, zuzenkiaren nire adigaiak ez du handitasunik barnebiltzen, baizik eta kualitate bat besterik ez. Motzenaren adigaia erantsi egiten da osorik eta ezin da lerro zuzenaren ezein analisiren bitartez lortu. Begiespenaren laguntza onartu behar da hemen, beraz, sintesia honen bitartez baino ez baita ahalgarria.

Geometrialariek aurresuposatzen dituzten oinarri-esakune gutxi batzuk besterik ez dira benetan analitikoak eta hauek kontraesanaren esakunean funtsatzen dira; hala ere, esakune identikoak diren aldetik metodoaren kateari baino ez zaizkio baliagarri, eta ez printzipio gisa, adibidez, «a=a», «osokia bere buruaren berdina da», edo «(a+b)>a», h. d., «osokia bere zatia baino handiagoa da». Hauek ere adigai hutsen arabera balio duten arren, begiespenean aurkez daitezkeelako soilik onartzen dira Matematikan. Adierazpenaren esangura bikoitza baino ez da eskuarki judizio apodiktiko horien predikatua jadanik gure adigaian dagoela, eta beraz, judizioa analitikoa dela sinestarazten gaituena. Adigai bati, beraz, predikatu jakin bat gainpentsatu behar diogu, eta beharrezkotasun hau adigaiei atxikia dago jadanik. Hala ere, kontua ez da adigaiari zer gainpentsatu behar diogun, baizik eta bertan ilunki bada ere benetan zer pentsatzen dugun, eta orduan, zera azaltzen da: predikatua adigai haiei benetan halabeharrez lotzen zaiela, baina ez adigaian bertan jadanik pentsatuta bezala, adigaiari erantsi behar zaion begiespenaren bitartez baizik.

2. Natur Zientziak (Physica) apriorizko judizio sintetikoak barnebiltzen ditu bere baitan printzipio gisa. Esakune pare bat besterik ez dut aurkeztu nahi adibide gisa: «mundu gorpuzdunaren aldaketa orotan materiaren kantitateak aldagaitz dirau», edota «higiduraren igorpen orotan efektuak eta aurkako efektuak beti elkarren berdinak izan behar dute». Bi esakune hauen beharrezkotasuna, eta beraz, beren jatorria apriorizkoa dela ez ezik, esakune sintetikoak direla ere argia da. Izan ere, materiaren adigaian ez dut bere luze-laburra pentsatzen, baizik bere presentzia espazioan besterik ez honen beteketaren bitartez. Beraz, benetan materiaren adigaiaz goiti noa, berari bertan pentsatu ez nuen zerbait a priori gainpentsatzearren. Esakunea ez da, beraz, analitikoa, sintetikoa baizik, eta, hala ere, a priori pentsatua da, eta horrela gertatzen da Natur Zientziaren zati hutseko gainerako esakuneetan.

3. Metafisikak apriorizko ezagutza sintetikoak barnebildu beharko lituzke, orain arte zientzia saiatu soiltzat baino ez bada hartzen ere, nahiz eta giza arrazoimenaren izaeraren arabera ezinbestekoa izan, eta bere autugaia ez da inolaz ere gauzez a priori egiten ditugun adigaiak analizatzea eta horren bitartez analitikoki azaltzea, baizik eta gure ezagutza a priori hedatu nahi dugu eta horretarako adigai jakin bati bertan barnebildua ez zegoen zerbait eransten dioten oinarri-esakuneak erabili behar ditugu, zeinak apriorizko judizio sintetikoen bitartez hain urrun doazen, ezen esperientzia bera ere ezin baitzaigu jarraiki, adibidez, «munduak lehen hasiera bat izan behar du» esakunean eta antzekoetan, eta horrela, Metafisika apriorizko esakune sintetiko soilez osatzen da bere helburuaren arabera bederen.

VI. Arrazoimen hutsaren arazo orokorra

[aldatu]

Asko irabazten da hainbat azterketa arazo bakar baten formulapean bildu ahal izanez gero. Izan ere, horrekin norbere zeregina erraztu ez ezik, hau zehazki determinatzen den heinean, gure asmoa ere gogobete dugun ala ez dugun etsaminatu nahiko lukeen edonorena ere errazten da. Arrazoimen hutsaren benetako arazoa, hortaz, galdekizun honetan jasotzen da: nola dira ahalgarriak apriorizko judizio sintetikoak?

Orain arte Metafisikak ziurtasun-ezaren eta kontraesanaren hain zalantzazko egoeran iraun izana arrazoi honi baino ez zaio egotzi behar, hots, arazo hau bera eta agian judizio analitikoen eta sintetikoen arteko bereizketa lehenago ez pentsatu izateari. Metafisikaren iraupena edo hondamena arazo honen konponketan edo berak argitzea eskatzen duen ahalgarritasuna egitatean halakorik ez dela dioen froga gogobetegarrian funtsatzen da. David Hume izan zen arazoari gehien hurbildu zitzaion filosofoa, baina inolaz ere ez zuen askiro determinatu eta bere orokortasunean pentsatu, baizik eta efektuaren eta bere kausaren elkarloturaren (principium causalitatis) esakune sintetikoan besterik ez zen geratu, eta apriorizko esakunea halakoa ezin-ezinezkoa zela erakutsi izana uste zuen, eta bere inferentzien arabera Metafisika deitzen dioguna benetan esperientziatik datozen eta beharrezkotasunaren itxura ohituragatik jaso duten arrazoimenaren ustezko ikuskeren lilurakeria soila litzateke; inoiz ez litzateke Filosofia oro deuseztatzen duten baieztapen hauetara iritsi izango, gure arazoa bere orokortasun osoan izan balu begi-bistan, zeren orduan aditu ahal izango bailuke bere argumentuen arabera Matematika hutsa ere ezinezkoa litzatekeela, honek, noski, apriorizko esakune sintetikoak barnebiltzen baititu, eta hainbestez, bere adimen sendoak halako baieztapen bat egitea galaraziko lioke.

Goragoko arazoaren konponketak aldi berean arrazoimenak objektuen apriorizko ezagutza teoretikoa bere baitan barnebiltzen duen zientzia ororen oinarritzapenean eta egikaritzan duen erabilera hutsaren ahalgarritasuna barnebiltzen du, h. d., galdekizun hauen ihardespena:

Nola da ahalgarria Matematika hutsa?

Nola da ahalgarria Natur Zientzia hutsa?

Benetan badauden zientzia hauetaz ea nola ote diren ahalgarriak baino ezin galde daiteke egokiro; izan ere, ahalgarriak izan behar dutela beren errealitateak frogatzen du27. Metafisikari dagokionez, berriz, orain arte izan duen zorigaitzeko aurrerabideak eta orain arte aurkeztu den Metafisika oroz bere funtsezko helburuari dagokionez benetan badagoela ezin esateak bere ahalgarritasuna zalantzatan jarrarazten dio edonori arrazoiz.

Dena dela, ezaguera hau zentzu jakin batean benetan badagoela onartu behar da, eta Metafisika, zientzia gisa ez bada ere, berezko joera gisa erreala da (metaphysica naturalis). Izan ere, giza arrazoimena geldiezinki doa bere premia propioak bultzatuta, asko jakitearen hantustearen bidez higiarazia izan gabe, arrazoimenaren ezein esperientzia-erabilerak, eta beraz, bertatik lortutako printzipioek erantzun ezin dituzten galdekizunetarantz, eta horrela, garai orotan izan da Metafisikaren bat benetan gizaki guztiengan, eta honek beti iraungo du, beraiengan arrazoimena espekulazioa arte hedatzen den heinean. Eta orain Metafisikaz ere galdetzen da: Nola da ahalgarria Metafisika berezko joera gisa?, h. d., nola sortzen dira giza arrazoimenaren izaera orokorretik arrazoimenak bere buruari egiten dizkion galdekizunak, bere premiak bultzatzen duela hura hauek ahalbait hobekien erantzutera?

Berezko galdekizun hauek erantzuteko unean, adibidez, ea munduak hasiera bat duen ala betitik den, eta abar, orainoko saialdi guztiek ezinbesteko kontraesanak aurkitu dituztenez gero, Metafisikara jotzeko berezko joerak soilik ezin gaitu gogobete, h. d., beti ere Metafisikaren bat (hau dena dela ere) sortzen duen arrazoimen hutsak ezin gaitu gogobete, baizik eta objektuen jakintzaz edo ezjakintzaz ziurtasuna lortu ahal izan behar da, h. d., edo bere galdekizunen objektuez edo beraiez juzgatzeko arrazoimenaren ahalmenaz ala ahalezintasunaz erabakia lortu ahal izan behar da, eta beraz, edo gure arrazoimen hutsa konfiantzaz hedatu ahal izan behar da edo berari zedarri determinatu eta seguruak ezarri ahal izan behar zaizkio. Goragoko arazo orokorretik segitzen den azken galdekizuna hau izango litzateke bidezki: nola da ahalgarria Metafisika zientzia gisa?

Arrazoimenaren kritikak, beraz, azkenean halabeharrez gidatzen du zientziara; kritikarik gabeko bere erabilera dogmatikoak, aitzitik, oinarrigabeko baieztapenetara, zeinei era berean itxurazkoak direnak kontrajarri ahal baitzaizkie, eta beraz, eszeptizismora.

Zientzia honek ezin du luzera ikaragarri handikoa izan, zeren ez baitu amaigabeki anizkunak diren arrazoimenaren objektuekin zerikusirik, baizik eta bere buruarekin besterik ez, beraz, bere altzotik sortzen diren arazoekin, beretik ezberdinak diren gauzen izaerak aurkeztu beharrean norbere izaerak aurkezten dizkion arazoekin; izan ere, esperientzian aurkeztu ahal zaizkion objektuei begira duen ahalmen propioa aldez aurretik osoki ezagutu duenez gero, erraza izan behar zaio esperientziaren muga oroz goiti saiatutako erabileraren hedapena eta mugak konplituki eta seguru determinatzea.

Beraz, orain arte Metafisika dogmatikoki eraikitzeko egin diren saialdi guztiak gertatugabekotzat jo ahal eta behar dira; izan ere, helburua ez da oraindik puntu batean edo bestean analitikoa dena, hots, gure arrazoimenean a priori dautzan adigaien analisi soila, baizik eta benetako Metafisikarako prestaketa besterik ez, hots, bere ezagutza a priori sintetikoki hedatzeko prestaketa, eta beraz, analisi soilak hau ezin du lortu, gure adigaietan barnebildua dagoena baino ez baitu erakusten, ez, ordea, adigai horietara a priori iristeko modua, ondoren oro harrezko ezagutza ororen objektuei begira duen erabilera balioduna ere determinatu ahal izatearren. Ez da pairamen asko jasan behar uzi hauek denak uzteko, zeren arrazoimenak bere buruarekin dituen kontraesanek, ukaezinak eta metodo dogmatikoan saihestezinak ere badirenek, aspalditik kendu baitiote orain arteko Metafisikari bere izen ona. Irmotasun gehiago beharko da barneko zailtasun eta kanpoko kontrajarpenen aurrean etsitu gabe orain artekoari kontrajarria den beste trataera baten bitartez azkenean zientzia hau hazkuntza oparo eta emankorrera ekartzeko, giza arrazoimenarentzat ezinbestekoa den zientzia, hain zuzen, bere enbor berri guztiak moztuak izan daitezkeen arren, erroak ezin erauzi zaizkion zientzia28.

VII. Arrazoimen hutsaren kritika izeneko zientzia berezi baten ideia eta sailkaketa

[aldatu]

Aurreko guztiaren emaitza arrazoimen hutsaren kritika dei daitekeen zientzia berezi baten ideia da. Izan ere29, arrazoimena da ezagutzaren printzipioak a priori eskura ematen dituen ahalmena. Horregatik, arrazoimen hutsa da zerbait erabat a priori ezagutzeko printzipioak barnebiltzen dituena. Arrazoimen hutsaren organona ezagutza huts oro a priori lortu eta benetan sor dezaketen printzipioen multzoa litzateke. Halako organon baten aplikazio xeheak arrazoimen hutsaren sistema bat eraikiko luke. Hau, ordea, gogoz bilatzen denez eta oraindik ikusteko dagoenez ea hemen gure ezagutzaren hedapena oro har ahalgarria den eta zein kasutan den ahalgarria, orduan arrazoimen hutsaren zientzia, bere jatorri eta mugen juzgaketa soilaren zientzia, arrazoimen hutsaren sistemarako propedeutikatzat har daiteke. Halakoak arrazoimen hutsaren irakaspena ez, baizik kritika izena jaso beharko luke, eta bere onura benetan negatiboa besterik ez litzateke izango espekulazioari begira, hots, ez litzateke gure arrazoimenaren hedapenerako baliagarria izango, baizik eta hau argitzeko eta bera errakuntzetatik askatzeko besterik ez, hau asko irabaztea izaki jadanik. Transzendentala deitzen diot objektuez ez, baina oro har beraiek ezagutzeko gure eraz diharduen ezagutza orori, hau a priori ahalgarria den heinean. Honelako adigaion sistema Filosofia transzendentala deituko litzateke. Hau, ordea, hasiera batean gehiegizkoa da. Izan ere, halako zientzia batek ezagutza analitikoaz gain sintetikoa ere a priori osorik barnebildu beharko lukeenez gero, orduan hedapen handiegia luke gure asmoari dagokionez, zeren analisia gure autugai bakarra osatzen duten apriorizko sintesiaren printzipioak bere hedapen osoan aditzeko behar-beharrezkoa den bezain urrun besterik ezin luza baitezakegu. Azterketa honetaz dihardugu orain, benetan irakaspen transzendentala ez, baina kritika dei diezaiokeguna, zeren bere asmoa ez baita ezagutza beraren hedapena, baizik eta ezagutzaren zuzenketa besterik ez, eta ezagutza ororen balio edo balioezaren frogarria a priori eman beharko bailuke. Halako kritika, beraz, organon baterako prestaketa da ahalbait eta hau lortuko ez balitz, bere kanon baterako prestaketa bederen, eta horrela, berari jarraiki egun batean agian arrazoimen hutsaren Filosofiaren sistema osoki aurkeztu ahal izango da analitikoki nahiz sintetikoki, bere ezagutzen hedapenaz nahiz mugapen soilaz osatzen bada ere. Izan ere, aldez aurretik jakin daiteke hau ahalgarria dela eta, areago, bere hedapena hain handia ezin dela izan, ezen halako sistema bat erabat osatzea ezin itxaron daitekeen, hemen objektua ez baita gauzen izaera agortezina, baizik eta gauzen izaerari buruz juzgatzen duen adimena, eta gainera bere apriorizko ezagutzari begira besterik ez, eta objektu honen hornidura gugandik landa bilatu beharrik ez dugunez gero, orduan ezin zaigu ezkutatu, eta uste guztien arabera hornidura hau osoro hartuta aski txikia da, honela bere balioa edo balioeza juzgatu eta balioztapen zuzena egin ahal izateko. Are gutxiago itxaron behar da hemen liburuen eta arrazoimen hutsaren sistemen kritika bat, arrazoimen hutsaren ahalmen berarena baizik. Hau oinarrian datzanean baino ez dugu izango sail honetako lan zahar eta berrien eduki filosofikoa balioztatzeko frogarri segurua; bestela, historiografo eta epaile ezgaiek besteen oinarrigabeko baieztapenak orobat oinarrigabeak diren beren baieztapenen bidez juzgatzen dituzte30.

Filosofia transzendentala zientzia baten ideia da eta arrazoimen hutsaren kritikak zientzia honen plan osoa arkitektonikoki, h. d., printzipioen arabera zirriborratu behar du eraikina osatzen duten zati guztien osotasunarekin eta segurtasunaren berme osoarekin. Bera arrazoimen hutsaren printzipio ororen sistema da31. Kritika honek jadanik Filosofia transzendentala izena ez izatearen arrazoia sistema osoa izatekotan giza ezagutza osoaren apriorizko analisi xehea barnebildu beharko lukeela besterik ez da. Gure kritikak, hala ere, aipatutako ezagutza hutsa osatzen duten funtsezko adigaien zenbaketa jarri behar du begi-bistan. Halere, adigai hauen analisi xehea eta beraietatik eratorritakoen laburpen osoa alde batera utz dezake, aldez, analisi hau helburugabea litzatekeelako, analisiak ez baititu sintesiak aurkitzen dituen eragozpenak, hots, benetan kritika osoa sortarazi duten eragozpenak, aldez, planaren batasunaren aurka legokeelako halako analisiaren eta eratorketaren osotasunaren erantzukizunari buruz aritzea, benetan bere asmoari begira alde batera utz daitekeenean. Analisiaren osotasun hau eta etorkizunean eman behar diren apriorizko adigaien eratorketa osatzea erraza da, baldin eta aurretiaz eskueran badaude sintesiaren printzipio xehe gisa eta funtsezko asmo honi begira ezer falta ez bada.

Beraz, arrazoimen hutsaren kritikari Filosofia transzendentala osatzen duen guztia dagokio eta bera Filosofia transzendentalaren ideia osoa da, baina ez oraindik zientzia bera; zeren analisiari dagokionez apriorizko ezagutza sintetikoaren judizio osorako beharrezkoa den bezain urrun besterik ez baitoa.

Halako zientziaren sailkaketan begiramendu berezia eskaini behar zaio bertan zerbait enpirikoa barnebiltzen duten adigaiak inolaz ere sartzeari; edo apriorizko ezagutza osorik hutsa izateari. Horregatik, moraltasunaren oinarri-esakune gorenak eta bere oinarrizko adigaiak apriorizko ezagutzak izan arren, hala ere, ez dagozkio Filosofia transzendentalari, zeren esakune hauek osotara jatorri enpirikoa duten atsegina eta ezatsegina, irrika eta joera, eta abarren adigaiak egiatan beren arauen oinarrian ezartzen ez badituzte ere, dena dela, etikotasun hutsaren sistemaren sorkuntzan halabeharrez jaso beharko bailituzkete eginbeharraren adigaian gainditu beharreko oztopo gisa edo eragingarri bihurtu beharko ez lukeen bizigarri gisa32. Horregatik, Filosofia (Philosophie) transzendentala arrazoimen espekulatibo huts soilaren Filosofia da (Weltweisheit). Izan ere, praktikoa den guztiak, eragileak dituen heinean, ezagutzaren iturburu enpirikoei dagozkien sentimenduekin baitu zerikusia.

Orain oro harrezko sistema baten ikuspuntu orokorretik aurkezten dugun zientzia honen sailkaketa egitekotan, honek, lehenik, arrazoimen hutsaren osagaien irakaspen bat, bigarrenik, metodoaren irakaspen bat barnebildu behar du. Atal nagusi hauetako bakoitzak bere azpisailak izango lituzke, beren oinarriak hemen oraindik aipatu ezin badira ere. Badirudi hau besterik ez dela aipatu behar sarrera edo atariko oharpen gisa: giza ezagutzaren bi enbor daudela, zeinak agian komuna zaien baina ezezaguna zaigun erro batetik sortzen diren, hots, sentimena eta adimena, eta lehenaren bitartez objektuak ematen zaizkigula, bigarrenaren bitartez hauek pentsatuak direla. Hala ere, sentimenak guri objektuak eman ahal izateko baldintzak diren apriorizko errepresentazioak barnebildu behar dituen heinean, sentimena Filosofia transzendentalari dagokio. Sentsuen irakaspen transzendentala osagaien zientziaren lehen zatian kokatu beharko litzateke, zeren giza ezagutzari objektuak eman ahal izateko baldintzak objektuok pentsatzeko baldintzen aurretik baitoaz.