Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/Oharrak (amaiera)

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Oharrak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Oharrak

1   Arrazoimen hutsaren kritika

Immanuel Kant

Königsbergen irakaslea

Berlingo Zientzien Errege Akademiaren kidea

Bigarren argitaraldi hobetua

Riga, Johann Friedrich Hartknochengan

1787.

[Bigarren argitaraldiko lehen plama (hemendik aurrera bigarren argitaraldia B hizkiaz adieraziko da)(Itz. oh.)].

2   Baco Verulamgoa

Instauratio magna. Aitzinsolasa.

«Geure buruaz mutu geratzen gara. Hemen lantzen den gaiaz, berriz, zera eskatzen dugu: gizakiek beharrezko zeregintzat har dezatela eta ez iritzi soiltzat; eta segurutzat jo dezatela sekta edo doktrinaren baten oinarritzapenik ez dugula sortzen, gizakien ongizatea eta duintasunarena baizik. Beraz, beren onerako, (...) ongi orokorraz pentsa dezatela (...) eta lan horretan parte har dezatela eskatzen diegu. Horrez gain, itxaropentsu izan daitezela eta gure berrikuntza hau ez dezatela errepresenta eta senti amaigabea den eta hilkorra denaren gainetik dagoen zerbait balitz bezala, zeren benetan errakuntza amaigabe baten

amaiera eta bidezko bukaera baita». [Baconen aipamen hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

3   Bere desira neurrituen barnean bizimodu espekulatiboa maite duenarentzat epaile ilustratu eta duin baten onespena bere ahaleginen suspergarri indartsua da, ahalegin hauen onura handia baina urruna baita, eta horregatik, begirada arruntek osoro ezezagutzen baitute. [Lehenengo argitaraldian (hemendik aurrera A hizkiaren bidez adieraziko denean) paragrafo berri hau dator jarraian (Itz. oh.)].

4   Halako epaile bati eta bere begiramendu ongileari eskaintzen diot, bada, idazki hau, eta nire literatura ekimenen beste alderdi guztiak bere babespean jartzen ditut. [Paragrafo honen A-ko aldaera da (Itz. oh.)].

5   Königsbergen, 1781eko martxoaren 29an. [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

6   [A-ko aitzinsolasa da (Itz. oh.)].

7  «Orain arte, guztiaren gain handiena, hainbat suhi eta semeen artean nagusi; orain, erbestera baztertua, ene zoritxarrekoa». [Ovidio, Metamorfo- sia, XIII 508-510 (Itz. oh.)].

8   Noizean behin gure garaiko pentsamoldearen arinkeriari eta zientzia zehatzaren hondamenari buruzko arrangurak entzuten dira. Nolanahi ere, nik ez dut ikusten oinarria ondo ezarria duten zientziek, hau da, Matematikak, izadiaren irakaspenak, eta abarren gisakoek, gaitzespen hori batere merezi dutenik, baizik, aitzitik, zehaztasunaren ospe zahar osoa egiaztatzen dutela eta azkenengoan hau gainditu ere egiten dela iruditzen zait. Espiritu bera beste ezagueretan ere eragingarria izango litzateke, lehen-lehenik beren printzipioen zuzenketaz arduratuko bagina. Zuzenketarik ez badago, axolagabekeria eta zalantza eta, azkenik, kritika zorrotza pentsamolde zehatz baten frogak dira batik bat. Gure garaia dena menperatu behar zaion kritikaren benetako garaia da. Erlijioa bere santutasunaren bitartez eta lege-ematea bere maiestatearen bitartez kritika honetatik itzuri nahi dira eskuarki. Hau egitean, ordea, beren aurkako susmoa erakartzen dute bidezki eta ezin dute egiazko begirune bat lortzeko uzirik izan, hau arrazoimenak bere etsamina askea eta agerikoa gainditu ahal izan duenari soilik esleitzen baitio.

9   [Gure itzulpenean 128-129 orriak (Itz. oh.)].

10 «Zure kontuez ardura zaitez, eta zure baliabideen urritasunaz ohartuko zara» [Persio, Sat. IV, 52 (Itz. oh.)].

11  [Gue itzulpenean 341 orrian (Itz. oh.)].

12  [Gure itzulpenean 371-391 orriak (Itz. oh.)].

13  Hemen ez narraio zehazki metodo esperimentalaren historiaren hariari, bere hastapenak ez baitira oraindik ongi ezagutzen.

14  Honetan datza, beraz, izadiaren ikertzaileari imitatu diogun metodo hau: arrazoimen hutsaren osagaiak esperimentu baten bidez egiazta edo gezurta daitekeenean bilatzea. Halere, arrazoimen hutsaren esakuneak etsaminatu nahi badira, batez ere hauek esperientzia ahalgarriaren muga guztiez goiti ausartzen direnean, orduan ezin daiteke esperimenturik egin bere objektuekin (Natur Zientzian egiten den legez); beraz, esperimentu hori a priori onartutako adigai eta oinarri-esakuneekin soilik izango da egingarria, hauek honela antolatzen diren heinean: objektu berak, beraz, bi alderdiotatik kontsidera daitezkeela, batetik, sentsuen eta adimenaren objektu gisa esperientziarentzat, bestetik, ordea, pentsatzen diren objektu gisa soilik esperientziaren mugaz goiti lehiatzen den arrazoimen bakartuarentzat. Eta aurkitzen baldin badugu, ikuspegi bikoitz honetatik behatuz gero, arrazoimenaren printzipioarekin adostasunik badagoela, ikuspegi bakunetik behatuta, berriz, arrazoimenaren bere buruarekiko ezinbesteko aurkakotasuna sortzen dela, orduan esperimentuak bereizkuntza haren zuzentasunaren alde erabakitzen du.

15  Arrazoimen hutsaren esperimentu honek kimikariak egiten duenaren antza handia du, noizbehin erredukzioaren saialdia baina eskuarki jardunbide sintetikoa deitzen dioten esperimentuaren antza du beraz. Metafisikariaren analisiak bi osagai oso ez-uniformeetan banatzen zuen apriorizko ezagutza hutsa, hots, gauzen osagaiak agerpenak diren aldetik eta gauzen osagaiak berbaitan diren aldetik. Dialektikak, berriz, biok lotzen ditu berriro, honela baldintzatugabekiaren beharrezko arrazoimen-ideiarekin ados daitezen, eta horrela aurkitzen du adostasun hori ez dela inoiz gertatzen, bereizkuntza haren bidez izan ezik, zeinak, beraz, egiazkoa izan behar duen.

16  Zeruko gorputzen higiduren lege nagusiek erabateko ziurtasuna eman zioten Kopernikok hasieran hipotesitzat soilik hartu zuenari, eta aldi berean mundu-eraikina lotzen duen indar ikustezina frogatzen zuten (Newtonen erakarpena), betiko ezkutuan geratuko zatekeen indarra, baldin eta lehena ausartu izan ez balitz, sentsuei kontrajarritako baina egiazko era batean, behatutako higidurak begiralearengan bilatzera, hori zeruko gorputzetan egin beharrean. Nik ere aitzinsolas honetan era berean hipotesi soil gisa aurkezten dut kritikan hipotesi harekin analogian azaldutako pentsakera-eraldaketa, nahiz eta tratatuan barrena gure espazioaren eta denboraren errepresentazioen antolaeraren bi- dez eta gure arrazoimenaren oinarrizko adigaien bidez hipotetikoki ez ezik, apodiktikoki ere frogatua izango den, beti ere honela hipotetikoak diren halako eraldaketa baten lehendabiziko saialdiak ohargarriak bihurtzearren.

17  «Ez du ezer burututzat jotzen egitekorik geratzen den bitartean».

18  Objektu bat ezagutu ahal izateko bere ahalgarritasuna frogatu ahal izan behar dut (esperientziaren lekukotasunaren arabera bere errealitatetik abiatuz, edo a priori arrazoimenaren bidez). Baina pentsatu, nahi dudan guztia pentsa dezaket, neure buruarekin kontraesanean gertatzen ez naizen bitartean, h. d., nire adigaia pentsamendu ahalgarri bat besterik ez den bitartean, adigai horri ahalgarritasun guztien multzoan ea objekturik dagokion ez jakin arren. Halere, halako adigai bati baliotasun objektiboa esleitzeko (ahalgarritasun erreala, lehena logikoa baino ez baitzen) zerbait gehiago behar dut. Hala ere, behar den hori ezagutzaren iturburu teoretikoetan bilatzeko beharrik ez dago, iturburu praktikoetan ere egon daiteke.

19  «Nirekin batera ez dakiena berak bakarrik jakitearen itxura egin nahi du».

20Benetako eransketa 275 orrian [hemen 237-8] idealismo psikologikoaren errefusapen berriaz eta kanpoko begiespenaren errealitate objektiboaren froga hertsiaz (izan daitekeen bakarra, ene iduriko) egin dudanari baino ez nioke deituko, frogatzeko erari soilik badagokio ere. Idealismoa hain errugabetzat har badaiteke ere (egitatean errugabe ez izan arren) Metafisikaren funtsezko helburuei dagokienez, dena dela, Filosofia eta giza arrazoimen orokorraren eskandalua dirau gugandik kanpoko gauzen izatea sinesmenaz soilik onartu behar izateak (nahiz eta ezagutzen ekai guztia, baita gure barneko sentsuarentzat ere, kanpoko gauza haien eskutik hartzen dugun) eta, era berean, inori izate hori zalantzatan jartzea bururatuz gero, froga gogobetegarririk ezin kontrajarri izateak. Frogan erabilitako adierazpenetan hirugarren lerrotik seigarrena arte zenbait iluntasun aurkitzen ditudanez, pasarte hori honela aldatzea eskatuko nuke: «Baina iraunkorki honek ezin du nire barneko begiespen bat izan. Izan ere, nigan topa daitezkeen nire izatearen determinazio-oinarri guztiak errepresentazioak dira eta errepresentazioak diren aldetik beraietatik ezberdintzen den iraunkorkia behar dute, zeinaren arabera errepresentazio haien aldakuntza, eta beraz, haiek aldatzen diren denboran dudan izatea ere determinatuak izan daitezkeen». Agian zera esango du norbaitek froga honen aurka: ni neure baitan dagoenaz, hots, kanpoko gauzen nire errepresentazioaz besterik ez naiz kontziente zuzenki; ondorioz, erabaki gabe geratzen da oraindik ea nigandik at hari dagokion ezer baden ala ez den. Nik badut, ordea, denboran izateaz kontzientzia (ondorioz, baita neure izatea denboran determinatu ahal izateaz kontzientzia ere) barneko esperientziaren bitartez, eta azken hau nire errepresentazioaz soilik kontziente izatea baino gehiago da, baina bat dator nire izatearen kontzientzia enpirikoarekin, zeina nigandik at eta nire izatearekin loturik dagoen zerbaiten arabera baino ezin den determinatu. Denboran izateaz dudan kontzientzia, beraz, identikoki loturik dago nigandik kanpoko zerbaitekin dudan hartuemanaren kontzientziarekin, eta beraz, esperientzia da, ez asmakizuna, sentsua da, ez irudimena, kanpokoa nire barneko sentsuarekin bereiztezinki elkarlotzen duen kontzientzia da; izan ere, kanpoko sentsua bere baitan begiespenak nigandik kanpoko errealkiarekin duen harremana da jadanik, eta bere errealitatea, irudimenaren kasuan ez bezala, barneko esperientzia berarekin bereiztezinki loturik izatean besterik ez da funtsatzen honen ahalgarritasunerako baldintza gisa, hemen gertatzen den legez. Ni gai banintz neure izatearen kontzientzia intelektualari «banaiz» errepresentazioan, hots, nire judizio eta adimen-ekintza guztiei lagun egiten dien errepresentazioan, aldi berean begiespen intelektualaren bidezko nire izatearen determinazio bat lotzeko, orduan ez litzateke beharrezkoa izango azken honek nigandik kanpoko zerbaitekin duen hartuemanaren kontzientziarik edukitzea. Kontzientzia intelektual hura aurretik badoa ere, nire izatea determina dezakeen bakarra den begiespena, berriz, sentsuei eta denbora-baldintzari loturik dago, eta determinazio hau, eta beraz, barneko esperientza bera ere nire baitan ez dagoen zerbait iraunkorkiaren menpean, eta ondorioz, nigandik at dagoen zerbaiten menpean dagoenez gero, neure burua honekin erlazioan egonik kontsideratu behar dudala, orduan kanpoko sentsuaren errealitatea halabeharrez dago lotuta barneko sentsuaren errealitatearekin, esperientzia izan badaiteke oro har, h. d., nire sentsuari lotzen zaizkion nigandik kanpoko gauzen izateaz ni neu denboran existitzeaz bezain seguru naiz kontziente. Halere, zein begiespen jakini dagozkion benetan nigandik kanpoko objektuak, eta beraz, zein begiespen diren kanpoko sentsuen araberakoak, zein egozten zaizkion kanpoko sentsuari eta ez irudimenari, hau guztia kasu bakoitzean erabaki beharko da esperientzia oro har (baita barnekoa ere) irudimenetik ezberdintzen duten erregelei jarraiki, eta honen oinarrian beti ondoko esakunea datza, alegia, badagoela benetan kanpoko esperientzia. Hemen ohar bat erants daiteke oraindik: ez direla gauza bera izatean iraunkorra den zerbaiten errepresentazioa eta errepresentazio iraunkorra; izan ere, hura oso aldakorra eta ezegonkorra izan daiteke, gure errepresentazio guztiak diren bezala, baita materia beraren errepresentazioa ere, eta hala ere, iraunkorra den zerbaiti datxekio, beraz, nire errepresentazio guztietatik ezberdintzen den eta kanpoan dagoen gauza bat izan behar duenari, zeinaren existentzia halabeharrez nire izatearen determinazioan jasotzen den honekin batera esperientzia bakar bat osatuz, hau da, barnean ere ahalgarria izango ez litzatekeen esperientzia, aldi berean (aldez) kanpokoa ere izango ez balitz. Hemen ezin daiteke zehazkiago argitu hori nola gertatzen den, denboran oro har geldi irauten duena pentsatzeko modua ere argitu ezin daitekeen legez, honek aldakorrarekin duen aldiberekotasuna izaki aldaketaren adigaia sortzen duena.

21 I. Filosofia transzendentalaren ideia.

Esperientzia adimenak sortzen duen lehen produktua da ezbairik gabe, sentsuzko sentsazioen ekai soila lantzen duen heinean. Horregatik, lehen irakaspena da eta aurrerabidean informazio berritan hain agorrezina da, ezen etorkizuneko sorkarien elkar-kateatutako bizitzak inoiz ez baitu izango lur honen gainean bilduak izan daitezkeen ezagutza berrien gabeziarik. Hala eta guztiz ere, gure adimena ezin daiteke inolaz ere esperientziaren alorrera soilik zedarriztatu. Esperientziak esaten digu bai zer dagoen, baina ez honek halabeharrez honela eta ez bestela izan behar duenik. Beraz, ez digu ematen egiazko orokortasunik, eta halako ezagueraz hain irrika dagoen arrazoimena gehiago da zirraratua gogobetea baino. Aldi berean barneko beharrezkotasuna duten halako ezagutza orokorrek esperientziatik beregainak, berez argiak eta ziurrak izan behar dute; horregatik, apriorizko ezagutzak deitzen diegu, zeren, bestalde, esperientziatik soilik mailegatzen dena, adierazten den moduan, a posteriori edo enpirikoki baino ez baita ezagutzen.

Gure esperientzien artean ere beren jatorria a priori duten eta agian gure sentsuen errepresentazioetan bilkura sortzeko baino balio ez duten ezagutzak pilatzen direla gertatzen da, benetan ohargarria dena. Izan ere, lehenengoetatik sentsuei dagokien guztia alde batera utziz gero, nolanahi ere jatorrizko adigai jakinek eta hauetatik sortutako judizioek diraute oraindik, eta hauek osoki a priori esperientziatik beregainki sortuak izan behar dute, zeren sentsuei agertzen zaizkien objektuez esperientzia soilak irakatsiko lukeena baino gehiago esan ahal izatea eragiten baitute, edo behinik behin gehiago esan daitekeela sinestarazten baitute, eta era berean, baieztapenek ezagutza enpiriko soilak ezin eskain dezakeen egiazko orokortasuna eta beharrezkotasun hertsia barnebiltzea ere bai. [Honela dio A-n sarreraren hasierak orain artekoaren ordez (Itz. oh.)].

22  [Azkenengo bi esaldiek B-ko eransketa bat biltzen dute (Itz. oh.)].

23  [B-ko eransketa (Itz. oh.)].

24  Hemendik abiatuta zera argitzen da: 1) Judizio analitikoen bitartez gure ezagutza ez dela batere hedatzen, baizik eta nik jadanik daukadan adigaia xehetzen dudala eta niretzat ulergarria bihurtzen dela; 2) Judizio sintetikoetan subjektuaren adigaiaz gain beste zerbait (X) izan behar dudala, non adimena eusten den adigai hartan ez dagoen predikatua, hala ere, berea bailitz bezala ezagutzeko.

Judizio enpirikoetan edo esperientzia-judizioetan honek ez digu batere zailtasunik sortzen. Izan ere, X hori esperientzia honen zati bat besterik osatzen ez duen A adigaiaren bidez pentsatzen dudan objektuaren esperientzia osoa baita. Izan ere,... [Honela dio A-n paragrafoaren hasierak puntu honetaraino (Itz. oh.)].

25  Beraz, A adigaitik at geratzen den X haren esperientzia honetan oinarritzen da B pisuaren predikatuaren eta A adigaiaren arteko sintesiaren ahalgarritasuna. [A-n paragrafoa honela bukatzen da. Testu nagusiko paragrafoaren jarraipena B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

26  Hemen, beraz, sekretu jakin bat dago ezkutuan*, eta bere argiketak soilik bihur dezake aurrerapena segurua eta fidagarria adimen-ezagutza hutsaren alor mugagabean, hots, apriorizko judizio sintetikoen ahalgarritasunaren oinarria erakustea orokortasun askiaz, hauen modu bakoitza ahalbidetzen duten baldintzak aditzea eta ezagutza oso hau (bere genero propioa osatzen duena) sistema batean bere jatorrizko iturburu, atal, hedapen eta mugen arabera osoki eta erabilera orotarako ere askiro determinatzea, azaleko marrazketa baten bitartez ezaugarritua izan beharrean. Nahikoa esan dugu honekin, oraingoz, judizio sintetikoek beren baitan duten izaera bereziaz.

*Antzinakoen artean norbaiti otu balitzaio galdekizun bakar hau egitea, orduan bera bakarrik kontrajarriko litzaieke indartsuki gaurdainoko arrazoimen hutsaren sistema guztiei, eta horrela, autugaia zein den jakin gabe itsu-itsuan egindako alferrikako saialdiak saihestu ahal izango lituzke. [A-n jarraian datorren paragrafoa (Itz. oh.)].

27  Norbaitek zalantzatan jar lezake azkenengo puntu hau Natur Zientzia hutsari dagokionez. Hala eta guztiz ere, benetako Fisikaren (enpirikoaren) hasieran agertzen diren hainbat esakune begiratzea baino ez da egin behar: materiaren kantitatearen iraunkortasunarena, inertziarena, efektua eta aurkako efektuaren arteko berdintasunarena, eta abar; orduan, berehala lortzen dugu hauek physica pura bat (edo rationalis) osatzen dutelako uste osoa, zeinak ongi merezi duen zientzia propio gisa bereizita aurkeztua izatea bere hedapen txikian edo handian, baina, dena dela, osoan.

28  [V eta VI atalek B-ko eransketa bat biltzen dute (Itz. oh.)].

29  Aurreko guztiaren emaitza arrazoimen hutsaren kritikarako baliagarria izan daitekeen zientzia berezi baten ideia da. Ezagutza hutsa izena du, berriz, ezer arrotzik nahastuta ez duenak. Bereziki, ordea, ezagutza bat huts-hutsa deitzen da ezein esperientziarik edo sentsaziorik ez badu nahastuta, eta beraz, osorik a priori ahalgarria dena. Hortaz,... [Paragrafoaren hasieraren A-ko aldaera (Itz. oh.)].

30 II. Filosofia transzendentalaren sailkaketa. [A-n jarraian datorren izenburu berria. Aurreko bi esaldiek B-ko eransketa bat biltzen dute (Itz. oh.)].

31  [Esaldi hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

32  [«... egiatan ... gisa.» pasartea B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

33  [Estetika eta Analitikako paragrafoen zenbaketa B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

34  Alemanak dira besteek gustamenaren kritika deitzen diotena ezaugarritzko orain «estetika» hitza erabiltzen duten bakarrak. Honen oinarrian Baumgarten analista bikainak bildu zuen itxaropen erratua datza, ederraren juzgaketa arrazoimenaren printzipiopera ekartzeko eta bere erregelak zientzia bihurtzeko itxaropena, alegia. Halere, ahalegin hau alferrikakoa da. Izan ere, aipatutako erregelak edo irizpideak beren iturburu garaienen arabera enpirikoak besterik ez dira eta hauek ezin dute inoiz gure gustamenaren judizioa gidatzen duten apriorizko lege determinatuetarako balio; aitzitik, azken honek osatzen du lehenaren zuzentasunaren frogarria. Hortaz, gomendagarria da, edo izendapena uztea eta benetako zientzia den irakaspenarentzat gordetzea (honekin antzinakoen hizkuntzara eta zentzura hurbilduz, zeinengan ezagutzaren sailkaketa aisqhta`        kai` nohta´  artean oso entzutetsua baitzen), edo izendapena Filosofia espekulatiboarekin partekatzea eta Estetika, aldez, zentzu transzendentalean, aldez, esanahi psikologikoan ulertzea. [Parentesiaren ondorengoa B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

35  [Izenburu hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

36  [Paragrafoaren bukaera artekoa B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

37  3. Apriorizko beharrezkotasun honetan oinarritzen da oinarri-esakune geometriko ororen ziurtasun apodiktikoa eta hauen apriorizko eraikinen ahalgarritasuna. Espa- zioaren errepresentazio hau a posteriori bereganatutako adigaia balitz, kanpoko esperientzia orokorretik sortua balitz, orduan determinazio matematikoaren lehen oinarri-esakuneak hautemapenak besterik ez lirateke. Hauek, beraz, hautemapenaren beharbadakotasun osoa edukiko lukete eta ez litzateke beharrezkoa izango bi punturen artean lerro zuzen bakarra izatea, baizik eta hori esperientziak irakatsiko luke beti. Esperien-tziatik jasotakoak orokortasun alderagarria besterik ez du, hots, indukzioaren bitartez lortutako orokortasuna. Beraz, hau besterik ezingo litzateke esan: orain arte ohartutakoaren arabera hiru dimentsio baino gehiago lituzkeen espaziorik ez dela aurkitu. [A-ko paragrafo gehigarria (Itz. oh.)].

38  4. [A-ko zenbaketa (Itz. oh.)].

39  5. Espazioa emana den handitasun amaigabe gisa errepresentatzen da. Espazioaren adigai orokor batek (hanka bati eta beso bati komuna zaiena) ezin du handitasunari dagokion ezer determinatu. Begiespenaren aurrerabidean mu- gagabetasunik ez balego, orduan hartuemanen ezein adigaik ere ez luke bere amaigabetasunaren printzipiorik ekarriko aldean. [5 paragrafoaren A-ko aldaera (Itz. oh.)].

40  [Hirugarren atal oso hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

41  Horregatik, kanpoko agerpen ororen baldintza subjektibo hau ezin da beste ezein baldintzarekin alderatu. Ardoaren gustu ona ez da ardoaren determinazio objektiboetako bat, ezta objektu batena ere agerpen gisa kontsideratuta, bera gozatzen duen subjektuaren sentsuen antolaera bereziarena baizik. Koloreak ez dira gorputzen begiespenari lotzen zaizkion antolaerak, baizik eta argiagatik modu jakin batean afektatua den ikusmenaren sentsuaren modifikazioak besterik ez. Aitzitik, espazioa, kanpoko objektuen baldintza denez, halabeharrez dagokio hauen agerpenari edo begiespenari. Gustamena eta koloreak ez dira objektuak (Gegenstände) sentsuen objektu (Objekt) bihurtzea ahalbidetzen duten beharrezko baldintzak. Hauek organizazio bereziari ausaz eransten zaizkion efektuak direlako baino ez daude agerpenei lotuta. Horregatik, ez dira ezein apriorizko errepresentaziorik, baizik eta sentsazioan oinarritzen dira, eta gustu ona areago sentsazioaren eragina den (atsegina eta ezatseginaren) sentimenduan oinarritzen da. Inork ezin du, era berean, a priori kolore baten edo gusturen baten errepresentaziorik izan; espazioa, ordea, begiespenaren forma hutsari baino ez dagokio, ez du ezein sentsaziorik (ezer enpirikorik) biltzen beregan, eta espazioaren modu eta determinazio guztiak a priori errepresentatu ahal eta behar dira, baldin eta tankeren adigaiak eta hartuemanak sortu behar badira. Espazioak soilik ahalbidetzen du gauzak kanpoko objektuak izatea. [Azken bi esaldien ordezko testua A-n (Itz. oh.)].

42  [Izenburu hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

43  [Bosgarren puntu oso hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

44  Nik esan dezaket bai nire errepresentazioak elkarren segidan doazela; baina honek hau besterik ez du esan nahi: beraiez denborazko segida batean, h. d., barneko sentsuaren formaren arabera garela kontziente. Denbora ez da horregatik berbaitango zerbait, ezta gauzei objektiboki atxikitzen zaien determinaziorik ere.

45  [Zenbaketa B-ko eransketa da, bertan Kantek A-ko paragrafo bakarrari beste hiru gaineratu baitzizkion (Itz. oh.)].

46  [Azkenengo koma ondoren datozen hitzek B-ko eransketa bat biltzen dute (Itz. oh.)].

47  Agerpenaren predikatuak ob- jek tua berari egotz diezazkiokegu gure sentsuarekin hartuemanean, adibidez, arrosari kolore gorria edo usaina; baina itxura ezin zaie inoiz objektuei predikatu gisa atxiki, zeren honek objektuari bere baitan egozten baitio sentsuekin hartuemanean edo oro har subjektuarekin hartuemanean dagokiona, adibidez, Saturnori hasiera batean atxikitzen zitzaizkion bi hagak. Objektuan bere baitan inolaz ere ez, baina beti subjektuarekin hartuemanean aurki daitekeena eta lehenengoaren errepresentaziotik bereiztezina dena agerpena da, eta horrela, espazioaren eta denboraren predikatuak sentsuen objektuei halakoak diren aldetik egozten zaizkie bidezki, eta hemen ez dago ezein itxurarik. Aitzitik, arrosari bere baitan gorrikia, Saturnori hagak edo kanpoko objektu orori bere baitan hedadura egotziz gero objektu horiek subjektuarekin duten hartueman determinaturik kontuan hartu gabe eta nire judizioa horretara zedarriztatu gabe, bada, orduan sortzen da lehen-lehenik itxura.

48  [II, III eta IV zatiak eta ebazpena B-ko eransketak dira (Itz. oh.)].

49  Pentsatzea lehenengo kasuan adimenaren funtzioa, bigarrengoan juzgamenarena, eta hirugarrengoan arrazoimenarena izango balitz bezala. Ohar honek jarraian izango du lehen-lehenik bere argiztapena.

50  [11 eta 12 paragrafoek B-ko eransketa bat biltzen dute (Itz. oh.)].

51  Natur Zientziaren Hastapen Metafisikoak.

52  [Zati hau zenbakirik gabe agertzen bada ere, honek Kant beraren edo argitaratzailearen xalokeria izan behar du, aurretik 13a eta ondoren 15a baitauzkagu (Itz. oh.)].

53  Hiru dira, ordea, esperientzia ororen ahalgarritasunaren baldintzak barnebiltzen dituzten jatorrizko iturburuak (arimaren gaitasunak edo ahalmenak), gogamenaren beste ezein ahalmenetik eratorri ezin direnak, hots, sentsua, irudimena eta apertzepzioa. Beraietan oinarritzen da 1) anizkunkiaren sinopsia a priori sentsuaren bitartez; 2) anizkunki honen sintesia irudimenaren bitartez; eta azkenik, 3) sintesi honen batasuna jatorrizko apertzepzioaren bitartez. Ahalmen hauek guztiek erabilera enpirikoaz gain transzendentala ere badute, formari besterik ez dagokiona eta a priori ahalgarria dena. Honetaz gorago hitz egin dugu lehen zatian sentsuei dagokienez, baina orain beste bien izaera aditzea saiatu nahi dugu. [A-ko aldaera ondorengo hiru paragrafoen ordez (Itz. oh.)].

54  [Ondorengo zatia (§15-27) B-ko dedukzio transzendentala da (Itz. oh.)].

55  Hemen ez da kontsideratzen ea errepresentazioak berak identikoak diren eta bata bestearen bitartez analitikoki pentsa daitekeen. Solasgaia anizkunkia den heinean, bataren kontzientzia beti bestearen kontzientziatik bereizi behar da, eta hemen kontua kontzientzia (ahalgarri) honen sintesia da.

56  Kontzientziaren batasun analitikoa adigai komun guztiei datxezkie adigaiak diren aldetik, adibidez, nik oro har gorria pentsatzen badut, orduan horren bitartez antolaera bat errepresentatzen dut, zeina (ezaugarri gisa) nonbait aurki daitekeen edo beste errepresentazioekin lotua egon daitekeen; beraz, aldez aurretik pentsatutako batasun sintetiko ahalgarriaren bitartez baino ezin errepresenta dezaket batasun analitikoa. Errepresentazio ezberdinetan komuna izanik pentsatua izan behar den errepresentazioa bere baitan beraz gain oraindik zerbait ezberdina duen errepresentaziotzat begiztatzen da, eta ondorioz, bera aldez aurretik besteekin batasun sintetikoan egonik pentsatu behar da (beste hauek errepresentazio ahalgarriak baino ez izan arren) bertan conceptus communis bihurtzen dituen kontzientziaren batasun analitikoa pentsatu ahal izan baino lehenago. Eta horrela, apertzepzioaren batasun sintetikoa puntu gorena da eta honi atxiki behar zaio adimenaren erabilera oro, baita Logika osoa ere, eta honen ondoren Filosofia transzendentala, eta ahalmen hau adimena bera da.

57  Espazioa eta denbora eta beren zati guztiak begiespenak dira, eta beraz, banakako errepresentazioak, beren baitan barnebiltzen duten anizkunkiarekin batera (ikusi Estetika transzendentala), eta beraz, ez adigai soilak, hauen bitartez kontzientzia berbera errepresentazio askotan barnebilduta legokeela, baizik eta errepresentazio asko beren kontzientzia bakarrean barnebilduta balego bezala, eta beraz, elkarketazkoa balitz bezala, eta ondorioz, kontzientziaren batasuna sintetikoa baina jatorrizkoa da. Espazioaren eta denboraren banakotasun hau esanguratsua da aplikazioan (ikusi § 25).

58  Lau figura silogistikoen irakaspen zabala arrazoimen-inferentzia kategorikoei baino ez dagokie, eta hau lehen figuran dauden baino inferentzia-era gehiagoren itxura inferentzia zuzenen (consequentiae inmediatae) estalketaren bitartez arrazoimen-inferentzia hutsaren premisapean amarruz onartzeko antzea baino ez den arren, hala ere, irakaspenak horrekin bakarrik ez luke ezer berezirik lortu izango, baldin eta judizio kategorikoarentzat ospe esklusiboa erakarri ez balu, beste denak lotu behar zaizkion judizioa den aldetik, baina hau § 9ri jarraiki faltsua da.

59  [Edukiaren arabera § 10 aipatu nahi zuela dirudi, ez § 13 (Itz. oh.)].

60  Froga-oinarria aurkeztutako begiespenaren batasunean funtsatzen da, eta batasun honen bitartez objektu bat ematen da, zeinak begiespen batean emandako anizkunki jakin baten sintesia biltzen duen beti bere baitan eta anizkunki jakin honek apertzepzioaren batasunarekin duen harremana ere barnebiltzen duen.

61  Objektu baten higidura espazioan ez dagokio zientzia huts bati, ezta, beraz, Geometriari ere, zerbait higikorra dela esperientziaz baino ezin jakin baitezakegu, ez a priori. Ostera, higidura, espazio baten deskribapen gisa, irudimen produktiboaren bitartez oro har kanpoko begiespenean egiten den anizkunkiaren hurrenez hurrengo sintesiaren ekintza hutsa da, eta Geometriari soilik ez ezik, Filosofia transzendental berari ere badagokio.

62  Ez dut ulertzen nola aurki daitekeen hain zailtasun handia barneko sentsua gu geuk afektatzeko egitatean. Arretaren ekintza bakoitzak eman diezaguke horren adibidea. Bertan, adimenak beti determinatzen du barneko sentsua berak petsatzen duen loturaren arabera, eta adimenaren sintesian anizkunkiari dagokion barneko begiespenarentzat determinatzen du. Edonork hauteman ahal izango du bere baitan zein sarri den afektatua gogamena honela arrunki.

63  Nik pentsatzen dut’-ek nire izatea determinatzeko ekintza adierazten du. Izatea jadanik emana da horren bitartez, baina nik hura determinatu beharko nukeen era, h. d., berari dagokion anizkunkia nigan ezartzeko era oraindik ez. Horretarako norbere buruaren begiespena behar da, eta honek a priori emandako forma, h. d., denbora du oinarrian, sentsuzkoa dena eta determinagarrikiaren harmenari dagokiona. Baldin eta neure buruaren beste begiespenik ez badut, alegia, nigan determinatzailea dena (zeinaren berezkotasunaz kontziente besterik ez bainaiz) determinatzearen ekintzaren aurretik ematen didan begiespenik ez badut, denborak determinagarrikia ematen duen legez, orduan ezin dut nire izatea berenez ekilea den zerizan gisa determinatu, baizik eta neure pentsatzearen, h. d., neure determinatzearen berezkotasuna errepresentatzen dut, eta nire izateak beti ere sentsuzkoa den aldetik dirau determinagarri, h. d., agerpen baten izate gisa besterik ez. Hala ere, berezkotasun honegatik deitzen diot neure buruari inteligentzia.

64  Espazioak objektu gisa errepresentatuta (Geometrian benetan behar den moduan) begiespenaren forma soila baino gehiago barnebiltzen du, hots, anizkunkiaren bilkura, sentimenaren formaren arabera ematen dena errepresentazio begietsian, eta horrela, begiespenaren formak anizkunki soila ematen du, begiespen formalak, ostera, errepresentazioaren batasuna. Batasun hau Estetikan sentimenari soilik egotzi nion, adigai ororen aurretik doala oharrarazteko, nahiz eta sentsuei ez dagokien, baizik espazioaren eta denboraren adigai oro lehen-lehenik ahalbidetzen duen sintesia aurresuposatzen duen. Izan ere, sintesi honen bitartez ematen direnez lehen-lehenik espazioa eta denbora begiespen gisa (adimenak sentimena determinatzen duen heinean), orduan apriorizko begiespen horren batasuna espazioari eta denborari dagokie, eta ez adimenaren adigaiari (§ 24).

65  Honela frogatzen da: atzematearen sintesi enpirikoa halabeharrez a priori kategorian barnebildua dagoen apertzepzioaren sintesi intelektualari egokitu behar zaiola osorik. Berezkotasun bat eta berbera da han irudimenaren izenarekin eta hemen adimenaren izenarekin begiespenaren anizkunkiari lotura ezartzen diona.

66  Esakune honen ondorio arduragarriak eta kaltegarriak azkarregi ez topatzearren, kategoriak pentsatzean gure sentsuzko begiespenaren baldintzen bitartez zedarriztatuak ez daudela gogorarazi nahi dut, baizik eta alor mugagabe bat dutela, eta guk pentsatzen dugun horren ezagutzak, hots, objektuaren determinatzeak baino ez duela behar begiespena, non, azkenaren gabezian, objektuaren pentsamenduak oraindik beti ere benetakoak eta onuragarriak diren ondorioak izan ditzakeen subjektuaren arrazoimen-erabileran, baina hau hemen oraindik ezin da azaldu, arrazoimen-erabilera honen jomuga ez baita beti objektuaren determinazioa, eta beraz, ezagutza, baizik eta subjektuaren eta bere nahimenaren determinazioa ere bai.

67  [B-ko dedukzioaren bigarren atal honek (§15-27) ondoren datozen A-ko deduzkioa osatzen duten bigarren eta hirugarren atalak ordezkatu zituen (Itz. oh.)].

68  Esakune honi arreta eskaini behar zaio, garrantzi handikoa baita. Errepresentazio orok beharrezko harremana du kontzientzia enpiriko ahalgarri batekin; izan ere, ez balu, eta erabat ezinezkoa balitz errepresentazioez kontziente bihurtzea, orduan honek haiek existitzen ez direla adina esan nahiko luke. Kontzientzia enpiriko orok, ordea, kontzientzia transzendental batekin du beharrezko harremana (esperientzia berezi ororen aurretik doana), hots, neure kontzientziarekin jatorrizko apertzepzio gisa. Behar-beharrezkoa da, beraz, kontzientzia oro nire ezagutzan kontzientzia bati egokitzea (nireari). Hemen, anizkunkiaren batasun sintetiko bat dago (kontzientzia), a priori ezagutzen dena, eta horrela, pentsatze hutsari dagozkion apriorizko esakune sintetikoetarako oinarriak ematen dituena, espazioak eta denborak begiespen soilaren formaz aritzen diren esakuneetzat oinarriak eskuratzen dituzten bezala. «Kontzientzia enpiriko ezberdin oro autokontzientzia bakarrean lotu behar da» esakune sintetikoa oro har gure pentsatzearen oinarri-esakune lehen-lehena eta sintetikoa da. Ez da ahaztu behar, ordea, nia errepresentazio soila beste guztiekin (zeinen batasun kolektiboa berak ahalbidetzen duen) harremanean dela kontzientzia transzendentala. Errepresentazio hau argia (kontzientzia enpirikoa) edo iluna izan daiteke, hau ez da kontua hemen, ezta erreala denik ere; baizik eta ezagutza ororen forma logikoaren ahalgarritasuna apertzepzioarekiko hartuemanean funtsatzen dela halabeharrez, hau ahalmen bat den aldetik.

69  Psikologo bakar batek ere ez du oraindik pentsatu irudimena hautemapenaren beharrezko osagaia denik. Hau, aldez, ahalmen hau birprodukziora zedarriztatzetik dator, aldez, sentsuek zirrarak eman ez ezik, haiek elkartu ere egiten dituztela eta objektuen irudiak sortzen dituztela usteagatik; halere, honetarako zirraren harmenaz gain zerbait gehiago behar da ezbairik gabe, hots, zirraren sintesiaren funtzioa.

70  Juzgamenaren gabezia ergeltasuna deritzaiona da benetan eta halako gabezia ezin da osatu. Adimenaren maila egokia eta bere adigai propioak besterik falta ez zaizkion buru kamuts edo murriztu bat ikastearen ikastez ederki irits daiteke erudiziora ere. Baina kasu hauetan eskuarki juzgamena ere falta denez gero (secunda Petri), orduan ez da ezohikoa beren zientziaren erabileran inoiz hobetu ezin daitekeen gabezia hura maiz erakusten duten gizon oso ikasiak aurkitzea.

71  Lotura oro (coniunctio) edo elkarketa (compositio) edo elkarlotura (nexus) da. Lehena, anizkunkiaren sintesia da, bere osagaiak elkarri halabeharrez egokitzen ez direnean, adibidez, lauki bat diagonalean mozten duten bi hirukiak berez elkarri egokitzen ez diren moduan, eta halakoa da matematikoki kontsidera daitekeen orotan homogeneoa denaren sintesia (sintesi hau berriro agregazioa eta koalizioarenean bana daiteke, lehena, handitasun hedatuei doakiela, bigarrena, handitasun intentsiboei). Bigarren lotura (nexus) anizkunkiaren sintesia da, bere osagaiak halabeharrez elkarri egokitzen diren heinean, adibidez, akzidentea substantzia bati bezala, edo efektua kausari, eta beraz, heterogeneoa izanik ere a priori lotua errepresentatzen da, eta lotura honi, hautazkoa ez denez gero, dinamikoa deitzen diot, zeren anizkunkiaren izatearen loturari baitagokio (zeina, era berean, agerpenen elkarrekiko lotura fisikoan eta apriorizko ezagumenean gertatzen den lotura metafisikoan sailka daitekeen). [Oin-ohar hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

72  Adimen hutsaren oinarri-esakunea: agerpen oro handitasun hedatua da bere begiespenari dagokionez. [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

73  [Axiomen lehen paragrafo hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

74  Hautemapen guztiak hautemapenak diren aldetik aitzinatzen dituen oinarri-esakuneak honela dio: agerpen orotan sentsazioak eta berari objektuan dagokion errealkiak (realitas phaenomenon) handitasun intentsiboa du, h. d., maila bat du. [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

75  [Aitzinapenen lehen paragrafo hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

76  [Nabarmena da hau errakuntza dela eta «a posteriori» izan behar duela (Itz. oh.)].

77  Beren oinarri-esakune orokorra honakoa da: agerpen guztiak beren izatearen arabera a priori elkarren artean denboran duten determinazioaren erregelapean daude. [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

78  [Analogien lehen paragrafo hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

79  Agerpen orok iraunkorkia (substantzia) barnebiltzen du objektua bera gisa eta aldagarrikia haren determinazio soil gisa, h. d., objektuaren existentzia-era baten gisara. [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

80  Agerpen oro denboran dago. Honek b eratan determina dezake agerpenek izatean duten hartuemana, bata bestearen ondoren edo aldi berean diren heinean. Lehenari dagokionez, denbora denbora-ilara gisa kontsideratzen da, bigarrenari dagokionez, denbora-hedapen gisa. [Lehen analogiaren lehen paragrafo honen A-ko aldaera (Itz. oh.)].

81 «Ezerezetik ez da ezer sortzen, ezerezera ezin da ezer itzuli».

82  Sorketaren oinarri-esakunea.

Gertatzen den guztiak (izaten haste orok) zerbait aurresuposatzen du, zeinari erregela baten arabera jarraiki zaion. [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

83  [Bigarren analogiaren lehen bi paragrafo hauek B-ko eransketa bat biltzen dute (Itz. oh.)].

84  Zera ohartu behar da: ez dudala oro har erlazio jakinen aldaketaz hitz egiten, egoeraren aldaketaz baizik. Horregatik, gorputz bat erregularki higitzen bada, orduan (higiduraren) bere egoera ez da inolaz ere aldatzen; baina bai, noski, bere higidura gehitu edo gutxitzen denean.

85  Komunitatearen oinarri-esakunea.

Substantzia guztiak, aldi berean diren heinean, komunitate osoan daude (h. d., elkarrekintzan). [A-ko aldaera (Itz. oh.)].

86  [Hirugarren analogiaren lehen paragrafo hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

87  Agerpen denak elkartotuta jaso beharko lituzkeen mundu-osokiaren batasuna nabarmenki aldi berean diren substantzia ororen komunitatearen ezkutuzko oinarri-esakunearen ondorioztapen soila da; izan ere, bakartuak baleude, orduan ez lukete zati gisa osoki bat osatuko, eta beren elkarlotura (anizkunkiaren elkarrrekintza) aldi berean izateagatik jadanik beharrezkoa ez balitz, orduan ezingo litzateke honetatik, ideala besterik ez den hartuemanetik, beste hura inferitu, hots, hartueman erreala inferitu. Bere lekuan azaldu dugu komunitatea benetan izankidetasunaren ezagutza enpirikoaren ahalgarritasunaren oinarria dela, eta beraz, benetan izankidetasun honetatik soilik inferitzen dela komunitate hura bere baldintza gisa.

88  [Azken esaldi hau B-ko eransketa da eta berak iragartzen duen ondorengo idealismoaren errefusapenaren atal osoa ere bai (Itz. oh.)].

89  Baina iraunkorki honek ezin du nire barneko begiespen bat izan. Izan ere, nigan topa daitezkeen nire izatearen determinazio-oinarri guztiak errepresentazioak dira, eta errepresentazioak diren aldetik beraietatik ezberdintzen den iraunkorkia behar dute, zeinaren arabera errepresentazio haien aldakuntza, eta beraz, haiek aldatzen diren denboran dudan izatea ere determinatuak izan daitezkeen. [Esaldiaren berridazketa B-ko aitzinsolasaren arabera (Itz. oh.)].

90  Kanpoko gauzen izatearen kontzientzia zuzena ez da aurresuposatzen aurreko teoreman, baizik frogatu egiten da, kontzientzia honen ahalgarritasuna aditzeko gai izan ala ez izan. Azkenengoari dagokionez, galdekizuna zera litzateke: ea barneko sentsua bai, baina kanpoko sentsurik ez genukeen, baizik kanpoko irudikapena besterik ez. Argi dago, ordea, guk jadanik kanpoko sentsua ere badugula zerbait kanpokotzat soilik irudikatzeko, h. d., sentsuari begiespenean aurkezteko, eta honen bitartez kanpoko begiespenaren harmen soila irudikapen bakoitza ezaugarritzen duen berezkotasunetik zuzenki bereiztu behar dugula. Izan ere, kanpoko sentsua irudikatu baino ez egiteak irudimenak determinatzen duen begiespen-ahalmen bera deuseztatuko luke.

91  Gauza baten errealitatearen bidez ahalgarritasunaren bitartez baino gehiago ezartzen dut, noski, baina ez gauzan; izan ere, honek ezin du inoiz errealitatean bere ahalgarritasun osatuan barnebilduta zegoena baino gehiago barnebildu. Aitzitik, ahalgarritasuna gauzak adimenari begira duen kokalekua besterik ez zenez gero (adimenaren erabilera enpirikoari begira), orduan errealitatea gauzak aldi berean hautemapenarekin duen elkarlotura da.

92  [Atal hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

93  Erraz pentsa daiteke materiaren ez izatea, baina antzinakoek ez zuten hortik bere beharbadakotasuna ondorioztatzen. Gauza baten egoera jakinaren izatea eta ez izatearen aldakuntzak, hots, aldaketak, ez du inolaz ere frogatzen egoera horren beharbadakotasuna, nolabait esateko, higidurari jarraiki zaion bere aurkakoaren errealitatetik, adibidez, gorputz baten gelditasunetik ez da ondorioztatzen higidura beraren beharbadakotasuna, lehena azkenaren aurkakoa delako soilik. Izan ere, aurkako hau hemen logikoki besterik ez da aurkakoa, ez realiter besteari kontrajarria. Aurreko denbora-uneko higiduraren ordez gorputza orduan geldirik egon zitekeela frogatu behar zen, bere higiduraren beharbadakotasuna frogatzearren, ez ondoren geldirik dagoela; izan ere, honela aurkako biak batera izan baitaitezke.

94  Gorago kategorien taularen aurkezpenean hauetako bakoitzaren definizioa ematea alde batera utzi genuen, beren erabilera sintetikora soilik zuzentzen zen gure asmoak ez duelako beharrezkoa egiten, eta beharrezkoa ez den jardunaren erantzukizunik ez delako hartu behar hau utz daitekeenean. Hau ez zen aitzakia, baizik berehala definitzera eta adigaien determinazioan osotasuna eta zehaztasuna saiatzera edo hori uste izatera ez ausartzeko zuhurtasun-erregela garrantzitsua, beren ezaugarri bat edo bestea aski izan ahal zaigunean, horretarako adigaiak osatzen dituzten ezaugarri guztien kontaketa osoa egiteko beharrik izan gabe. Orain, ordea, hau gertatzen da: zuhurtasun honen oinarria sakonagoa dela, hots, nahi izanez gero ere ezingo genituela definitu*, baizik sentimenaren baldintza guztiak alde batera uzten baldin badira, haiek erabilera enpiriko ahalgarrirako ezaugarritzen dituzten baldintzak, hain zuzen, eta oro har gauzen adigaitzat hartzen baditugu, orduan beraietan ezin direla judizioetako funtzio logikoak gauzen ahalgarritasunaren baldintzak balira bezala baino kontsideratu, baina inolaz ere ezin daitekeela azaldu ea non duten beren aplikazioa eta objektua, eta beraz, nola izan dezaketen esanahia eta baliotasun objektiboa adimen hutsean sentimenik gabe.

*Hemen definizio errealaz ari naiz, gauza baten izena beste hitz ulergarriagoen ordez aldatu ez ezik, beti objektua (definitum) ezagutarazten duen ezaugarri argia eta aplikaziorako erabilgarria bihurtzen duen adigai argitua ere barnebiltzen duena. Argipen erreala, beraz, adigaia nabaria bihurtzen duena ez ezik, bere errealitate objektiboa ere nabaria bihurtzen duena da. Azken era honetakoak dira argipen matematikoak, objektua adigaiaren arabera begiespenean aurkezten dutenak. [A-ko paragrafoaren jarraipena (Itz. oh.)].

95  Hitz batean, adigai hauek guztiek ez dute ezer beren berme gisa, horrela beren ahalgarritasun erreala frogatzeko, sentsuzko begiespena (guk dugun bakarra) kenduz gero, eta orduan, ahalgarritasun logikoa soilik geratzen da, h. d., adigaia (pentsamendua) ahalgarria dela, hemen solasgaia ez dena, ordea, baizik eta ea adigaia objektu bati lotzen zaion, eta beraz, zerbait esan nahi duen. [Oin-ohar hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

Zerbait bitxia eta absurdua du bere baitan esanahi bat izan behar duen baina argipenik jaso ezin duen adigaiak izan beharrak. Hemen, ordea, gauza berezi hau gertatzen da kategoriekin: sentsuzko baldintza orokorpean baino ezin dezaketela izan esanahi determinatua eta objekturen batekin harremana. Kategoria hutsetik baldintza hau kenduz gero, orduan honek anizkunkia adigai bati menperatzeko funtzio logikoa baino ezin du barnebildu. Funtzio honetatik, h. d., adigaiaren formatik soilik abiatuta ezin da ezer ezagutu edo berari zein objektu dagokion bereizi, zeren objektuak oro har berari egokitu ahal izateko sentsuzko baldintzaz abstraitu baita. Horregatik, kategoriek adimenaren adigaiaz gain oraindik oro har sentimenari aplikatzeko determinazioa (eskema) behar dute eta hauek gabe ez dira objektu bat ezagutu eta besteetatik bereiz dezaketen adigairik, baizik begiespen ahalgarrietarako objektu bat pentsatzeko eta berari adimenaren funtzioren baten arabera bere esanahia emateko (oraindik behar diren baldintzapean), h. d., beraiek definitzeko erak besterik ez; kategoriak berak, beraz, ezin dira definitu. Judizioen funtzio logikoak oro har, hots, batasuna eta askotasuna, baieztapena eta ukapena, subjektua eta predikatua, ezin dira definitu zirkulu bat egin gabe, zeren definizioa bera judizio bat baita, eta beraz, funtzio horiek barnebildu beharko bailituzke. Kategoria hutsak, ordea, oro harrezko gauzen errepresentazioak baino ez dira, beren begiespenaren anizkunkia funtzio logiko bat edo bestearen bitartez pentsatu behar den heinean: handitasuna, kantitatea soilik duen judizioaren (iudicium commune) bitartezko determinazioa da; errealitatea, judizio baieztaile baten bitartez soilik pentsatua dena; substantzia, begiespenarekin harremanean beste determinazio denen azken subjektua izan behar duena. Hala ere, hemen indeterminatua geratzen da ea zein gauzen aurrean erabili behar den funtzio bat beste baten aldean, eta beraz, sentsuzko begiespenaren baldintzarik gabe hauentzako sintesia barnebiltzen duten kategoriek ezin dute ezein objektu determinaturekin harremanik izan, eta beraz, ezin dute bat bera ere definitu, eta ondorioz, ez dute beren baitan adigai objektiboen baliotasunik. [A-ko testu nagusiko paragrafo berria (Itz. oh.)].

96  Agerpenek, kategorien batasunaren arabera objektu gisa pentsatzen diren heinean, fenomenoak izena dute. Baina adimenaren objektu soilak diren gauzak onartzen baditut, gainera begiespen bati eman ahal zaizkionak, hau sentsuzkoa izan arren (coram intuitu intellectuali gisa), orduan halako gauzak noumeno (inteligibleak) deituko lirateke.

Orduan, zera pentsatu beharko litzateke: Estetika transzendentalaren bitartez zedarriztatutako agerpenaren adigaiak jadanik berez ematen duela eskura noumenoen errealitate objektiboa, eta objektuen sailkaketa legeztatzen duela fenomenoetan eta noumenoetan, eta beraz, munduarena ere bai sentsuen munduan eta adimenaren munduan (mundus sensibilis et intelligibilis); eta gainera, honela egiten du: bereizketa ez da hemen gauza bat eta bakarraren ezagutza ez nabari eta nabariaren forma logikoa soilik, baizik bereizketak ezberdintasun hau ukitzen du: ea bi munduak gure ezagutzari jatorriz nola eman ahal zaizkion, eta ondorioz hauek beren baitan generoaren arabera beren artean bereizten ditu. Izan ere, sentsuek Zerbait agertzen den moduan errepresentatzen badute, orduan honek bere baitan gauza bat izan behar du, eta sentsuzkoa ez den begiespen baten objektua, h. d., adimenarena, h. d., sentimenik gabeko ezagutzak ahalgarria izan behar du, eta honek soilik du absolutuki errealitate objektiboa, eta bere bitartez errepresentatzen ditugu, hain zuzen, objektuak hauek diren moduan; gure adimenaren erabilera enpirikoan, ostera, gauzak beraiek agertzen diren moduan ezagutzen dira. Beraz, kategorien erabilera enpirikoaz gain (sentsuzko baldintzetara zedarriztatzen dena) erabilera hutsa eta objektiboki balioduna egongo litzateke, eta ezingo genuke baieztatu orain arte onartutakoa, alegia, gure adimenaren ezagutza hutsak agerpenen esposizioaren printzipioak baino ez liratekeela, zeinak a priori ere esperientziaren ahalgarritasun formalera baino ez liratekeen iritsiko, zeren hemen gure aurrean erabat bestelako alorra irekiko bailitzateke, nolabait esateko, espirituan pentsatutako mundua (agian baita begietsia ere), zeinak gure adimena, gutxiago ez, baizik agian era askoz nobleagoan ere bete ahal izango lukeen.

Egitatean, gure adimenak gure errepresentazio guztiak objekturen bati lotzen dizkio, eta agerpenak errepresentazioak besterik ez direnez gero, orduan adimenak Zerbaiti lotzen dizkio, sentsuzko begiespenaren objektua den Zerbaiti; baina Zerbait hau, hainbestez, objektu transzendentala besterik ez da. Honek, ordea, Zerbait = X bat izan behar du, baina ez dakigu ezer honetaz, jakin ere ezin dugu egin oro har (gure adimenaren antolaketaren arabera), baizik hau apertzepzioaren batasunaren korrelato gisa soilik izan daiteke baliagarria anizkunkiaren batasunerako sentsuzko begiespenean, eta horren bitartez adimenak hura objektu baten adigaian bateratzen du. Objektu transzendental hau sentsuzko datuetatik ezin da bereizi, zeren orduan ez baita ezer geratzen horren bitartez hura pentsatzeko. Ez da, beraz, ezagutzaren objekturik bere baitan, baizik agerpenen errepresentazioa besterik ez oro harrezko objektu baten adigaiaren menpean, alegia, agerpenen anizkunkiaren bitartez determinagarria den objektua.

Horregatik, kategoriek ez dute adimenari baino ematen ez zaion objektu berezirik errepresentatzen, baizik eta kategoriak objektu transzendentala (zerbaiten adigaia oro har) sentimenean ematen denaren bitartez determinatzeko besterik ez dira erabilgarriak, horren bitartez agerpenak objektuen adigaien menpean enpirikoki ezagutzearren.

Sentimenaren substratuak gu ez gogobetetzearen eta fenomenoei adimen hutsak soilik pentsa ditzakeen noumenoak gaineratzearen zergatia honetan besterik ez da funtsatzen. Sentimena eta bere alorra, hots, agerpenen alorra, adimenak honetara zedarriztatzen du: haiek berbaitango gauzez ez, baina gauzak guri agertzen zaizkigun eraz besterik ez dira aritzen gure antolaera subjektiboari esker. Hau zen Estetika transzendental osoaren emaitza, eta berezko eran ondorioztatzen da oro harrezko agerpen baten adigaitik berari bere baitan agerpena ez den zerbait egokitu behar zaiola, zeren agerpena ezin baita ezer izan bere aurretik eta gure errepresentatzeko eratik at, eta beraz, gurpil zoro batean gertatu nahi ez badugu, orduan agerpen hitzak Zerbaitekin harremana azaltzen du, zeinaren errepresentazio zuzena sentsuzkoa den, baina gure sentimenaren antolaera hori gabe ere (gure begiespenaren forma bertan oinarritzen dela) Zerbait izan behar duen, h. d., sentimenetik beregaina den objektua.

Hemendik sortzen da noumenoaren adigaia, baina honek ez du esanahi positiborik, gauzaren baten ezagutza determinatua ere ez du adierazten, baizik oro harrezko Zerbait pentsatzea besterik ez, non nik sentsuzko begiespen oroz abstraitzen dudan. Noumenoak fenomeno guztietatik bereizi behar den egiazko objektuaren esanahia izatearren, ordea, ez da aski nik nire pentsamendua sentsuzko begiespenen baldintza orotatik askatzea, horretaz gain oinarri bat izan behar dut sentsuzkoa ez den beste begiespen-era onartzeko, eta horrela, halako objektua honen menpean eman ahal izateko; bestela, izan ere, nire pentsamendua kaskala da, nahiz kontraesanik gabekoa izan. Lehenago ezin izan genuen frogatu sentsuzko begiespena begiespen ahalgarri bakarra dela oro har, baizik guretzat besterik ez dela; baina ezin izan genuen frogatu era berean beste begiespen era bat izan daitekeenik, eta gure pentsatzeak sentimen oroz abstrai badezake ere, dena dela, galdekizun hau geratzen da: ea ez den adigai baten forma soila, eta ea banaketa hau egin ondoren objekturik geratzen den.

Oro harrezko agerpenari dagokion objektua objektu transzendentala da, h. d., oro har Zerbaiten pentsamendu osoro indeterminatua. Honi ezin zaio noumeno deitu; izan ere, ez dakit ezer bere baitan denaz eta ez dut bere adigairik, oro harrezko sentsuzko begiespenaren objektuarena izan ezik, zeina, beraz, agerpen ororentzat berbera den. Hau ezin dut ezein kategoriaren bitartez pentsatu; izan ere, honek begiespen enpirikoaz balio du, hau oro har objektu baten adigaiari menperatzeko. Kategoriaren erabilera huts soila ahalgarria da bai, h. d., kontraesanik gabekoa da, baina ez du ezein baliotasun objektiborik, bere bitartez objektuaren batasuna lortuko lukeen ezein begiespeni ez baitzaio lotzen; izan ere, kategoria pentsatzearen funtzio soila da eta bere eskutik ez zait ezein objekturik ematen, aitzitik, begiespenean eman ahal zaidana pentsatzen dut. [Azken lau paragrafoen A-ko ordezkoa (Itz. oh.)].

97  «Adierazpen horren ordez ez da mundu intelektualarena erabili behar, azalpen alemanetan eskuarki egiten den moduan; izan ere, intelektualak edo sensitiboak ezagutzak besterik ez dira. Begiespen-era bat edo bestearen objektua (Gegenstand) baino ezin izan daitekeenari, objektuei (Objekte), beraz, (gogorra badirudi ere) inteligibleak edo sensibleak deitzen zaie». [Oin-ohar hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

98  Hemen realitates noumena hauek elkarren aurka ekiten ez dutela dioen ohiko ihesbidea erabili nahi izanez gero, orduan halako errealitate hutsetik eta sentsuetatik askea denaren adibidea aurkeztu beharko litzateke, errealitate horrek zerbait oro har ala ezer ez duen errepresentatzen ulertu ahal izateko. Adibidea, ordea, ezin da esperientziatik baino hartu, fenomenoak baino eskaintzen ez dituen esperientziatik, eta orduan, esakune honek ez du hau baino esan nahi: «baieztapen soilak barnebiltzen dituen adigaiak ezeztailea den ezer ez duela barnebiltzen»; guk esakune hau ez dugu inoiz zalantzatan jarri.

99  Sentimena adimenari menperatua, honek bere funtzioa aplikatzeko duen objektu gisa, ezagutza errealen iturburua da. Sentimena bera, ordea, errakuntzaren oinarria da, adimenaren ekintzan eragiten duen heinean eta bera juzgatzera determinatzen duen heinean.

100 Noski, bere adigaiak ezagutza espekulatiboetara ere hedatu zituen, baldin eta hutsak eta erabat a priori emanak baziren, baita Matematikara ere, nahiz honek bere objektua esperientzia ahalgarrian baino ez izan. Honi dagokionez ezin natzaio Platoni jarraiki, ideia hauen dedukzio mistikoan jarraiki natzaion bezain gutxi, ezta haiek, nolabait esateko, hipostasiatzeko gehiegikerian ere ez; nahiz eta alor honetan erabiltzen zuen hizkuntza bikaina leunagoa eta gauzen izaerari egokiagoa den interpretazioa jasotzeko gai den.

101 Metafisikak hiru ideia besterik ez ditu bere ikerkuntzaren benetako helburu gisa: Jainkoa, askatasuna eta hilezkortasuna, bigarren adigaiak lehenarekin lotuta hirugarrenera gidatu behar duela beharrezko konklusio gisa. Zientzia honek lantzen duen beste guztia hiru ideia hauetara eta beren errealitatera iristeko baliabide modura baino ez zaio baliagarria. Metafisikak ez ditu ideiak behar Natur Zientziaren mesedetan, baizik izadiaz goiti joateko. Bere ikuskerak Teologia, Morala, eta bien loturaren bidez, Erlijioa, eta beraz, gure izatearen helburu gorenak arrazoimenaren ahalmen espekulatiboaren menpean jarriko lituzke, eta ez beste ezeren menpean. Ideia haien errepresentazio sistematiko batean aipatutako ordena sintetikoa litzateke egokiena; baina bere aurretik halabeharrez joan behar duen landualdian alderantzizko ordena analitikoa egokiagoa litzaieke helburuei, esperientziak zuzenki eskura ematen digunetik abiatuta arimaren irakaspenera, munduaren irakaspenera, eta hortik, Jainkoaren ezagutzara aurrera egiten dugun heinean, honela gure egitasmo handia osatzearren. [Oin-ohar hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

102 Adierazpen hauetatik abiatuta beren abstrakzio transzendentalagatik beren zentzu psikologikoa eta arimaren azken atributua existentziaren kategoriari egokitzearen arrazoia hain erraz asmatzen ez duen irakurleak arrazoi hori jarraian aurkituko du askiro argitua eta legeztatua. Bestalde, esanahi bera duten adierazpen alemanen ordez gustu oneko idazkeraren aurka bai atal honetan, baita lan osoan ere erabili diren latindarrei buruz zera esan behar dut desenkusa gisa: usaia pedagogikoa ulertezintasun txikienarekin zailtzea baino nahiago izan dudala hizkuntzari dotorezia pixka bat kentzea.

103 [Hemendik aurrerakoa B-ko paralogismoen teoria da. A-koa ondoren dator (Itz. oh.)].

104 Pentsatzea bi premisetan esanahi erabat ezberdinean hartzen da: esakune nagusian, oro harrezko objektu bati lotzen zaion moduan (eta beraz, begiespenean emana izan daitekeela); esakune txikian, autokontzientziarekin harremanean da- goen moduan besterik ez, eta beraz, ez da ezein objektutan pentsatzen, baizik norberarekin harremanean soilik errepresentatzen da subjektu gisa (pentsatzearen forma gisa). Lehenengoan, subjektu gisa baino ezin pentsa daitezkeen objektuez hitz egiten da; bigarrenean, gauzez ez, baina pentsatzeaz (objektu oroz abstraitzen den heinean), bertan nia beti kontzientziaren subjektu gisa erabilgarria delarik; horregatik, konklusioan ezin da honela ondorioztatu: ezin dut subjektu gisa baino existitu; baizik honela besterik ez: nire existentzia pentsatzean neure burua judizioaren subjektu gisa erabil dezaket, eta hau nire izatearen eraz ezer ere argitzen ez duen esakune identikoa da.

105 Argitasuna ez da errepresentazio baten kontzientzia, logikariek esaten duten bezala; izan ere, zenbait errepresentazio ilunetan kontzientziaren maila jakin bat aurkitu behar da, maila hau oroitzapenerako aski ez izan arren, zeren batere kontzientziarik gabe ezingo baikenuke bereizketarik egin errepresentazio ilunetan, zenbait adigairen ezaugarrietan egin dezakegun bitartean (zuzenbidea eta zuzentasunaren adigaienetan bezala, eta musikoarenean, honek musikatzean nota asko aldi berean hartzen dituenean). Aitzitik, errepresentazio bat argia da bere kontzientzia aski bada berak besteetatik duen bereizketaren kontzientzia izateko. Hau bereizkuntzarako aski baina ezberdinketaren kontzientziarako aski ez bada, orduan errepresentazioari oraindik ere iluna deitu beharko litzaioke. Beraz, kontzientziaren maila amaigabe asko daude desagerketa arte.

106 Ahalgarritasun berri bat abian jartzeko unean beren aurresuposizioetan ezein kontraesanik erakutsi ezin zaiela tematzearekin aski egin dutela uste dutenak (pentsatzearen ahalgarritasuna bizitza bukatzean ere aditzea uste dutenekin gertatzen den moduan osotara, giza bizitzaren begiespen enpirikoan besterik ez dagoenean honen adibidea) estuasun handian gerta daitezke, inolaz ere ausardia handiagokoak ez diren beste ahalgarritasunak direla eta. Halakoa da substantzia bakun bat substantzia askotan zatitzeko ahalgarritasuna, eta alderantziz, substantzia anizkunen uztardura (koalizioa) substantzia bakun batean. Izan ere, zatigarritasunak elkartuki bat aurresuposatzen badu ere, ez du halabeharrez substantzien elkartukirik eskatzen, baizik substantzia bat eta bakarraren (ahalmen ezberdinen) mailena besterik ez. Arimaren indar eta ahalmen guztiak, baita kontzientzia berarenak ere, erdiraino ahulduta pentsa daitezkeen era berean, nahiz arimak beti ere substantzia iraun; orduan xahututako erdi hori gordetzat errepresenta daiteke kontraesanik gabe, baina ez bertan, baizik bertatik kanpo, eta bertan erreala den guztia erdibitzen baldin bada, eta ondorioz, maila bat duena, eta beraz, bere existentzia osoa, ezer falta ez zaiola, orduan substantzia berezia sortuko litzateke bertatik kanpo. Izan ere, zatitua izan den askotasuna aurretik zegoen, baina ez substantzien askotasuna balitz bezala, baizik errealitate bakoitzaren askotasuna bertako existentziaren quantum gisa, eta substantziaren batasuna existitzeko era bat besterik ez zen, zeina zatiketa horren bitartez soilik eraldatuko zen subsistentziaren anizkuntasunean. Horrela, hainbat substantzia bakun bakar batean uztartu ahal izango lirateke era berean, eta subsistentziaren anizkuntasuna baino ez da galtzen horrela, batak aurreko denen errealitatearen maila bere baitan barnebiltzen duen heinean, eta agian materia baten agerpena eskuratzen diguten substantzia bakunek (noski, ez elkar eragin mekaniko edo kimikoaren bitartez, baina bai ezezaguna zaigun baten bitartez, hura honen agerpena soilik litzatekeela) handitasun intentsiboa duten gurasoen arimaren halako zatiketa dinamikoaren bitartez semeen arimak sor ditzakete gurasoen arimek utzitakoa osatuz ekai berriekin koalizioan batzearen bitartez. Ez noa halako ameskeriei balore edo baliotasun txikienik ere onartzera: gorago Analitikako printzipioek askiro erakutsi dute kategoriez (substantziarenaz bezala) esperientzian egiten den erabilera besterik ezin dela egin. Baina arrazionalista apertzepzioaren batasunak pentsatzean elkartukitik abiatutako argipenik baimentzen ez diolako soilik pentsamenduaren ahalmen soila objektu bat eman ahal izango lukeen begiespen iraunkorrik gabe berez dirauen zerizana bihurtzeko bezain ausarta bada, horren ordez hobe lukeenean izaera pentsatzaile baten ahalgarritasuna argitzen ez dakiela aitortzea, orduan zergatik ez luke materialistak ausardia berbera izateko baimena, nahiz eta bere ahalgarritasunen mesedetan era berean esperientzia oso gutxi aldarrika dezakeen, honela bere oinarri-esakuneaz kontrajarritako erabilera egiteko bere batasun formala gordez?

107 «Nik pentsatzen dut» esakune enpirikoa da, jadanik esan den moduan, eta «ni existitzen naiz» esakunea barnebiltzen du. Baina ezin dut esan: «pentsatzen duen gauza oro existitzen da»; izan ere, pentsatzearen berekitasunak bera duten zerizan denak beharrezko zerizan bihurtuko lituzke. Horregatik, nire existentzia ezin dut hartu «nik pentsatzen dut» esakunetik ondorioztatua balitz bezala, Descartesek uste zuen legez (zeren, bestela, «pentsatzen duen gauza oro existitzen da» esakune nagusiak aurretik joan beharko bailuke), baizik berekin identikoa da. Begiespen enpiriko indeterminatua adierazten du, h. d., hautemapena (eta beraz, existentzia-esakune horren oinarrian sentsazioa dagoela frogatzen du, zeina, ondorioz, sentimenari dagokion), baina hautemapenaren objektua kategoriaren bitartez denboraren arabera determinatu behar duen esperientziaren aurretik doa, eta existentzia hemen ez da oraindik ezein kategoriarik, ez baitauka indeterminatuki emandako objektu batekin harremanik, baizik objektu batekin bere adigaia dugun heinean, eta honetaz ea adigai horretatik kanpo ezarria dagoen ala ez jakin nahi da. Hautemapen indeterminatuak hemen emana izan den errealkia besterik ez du adierazten, eta gainera, oro har pentsatzeari soilik emana, eta beraz, ez agerpen gisa, ezta berbaitango gauza gisa ere (noumenon), baizik egitatean existitzen den Zerbait gisa, eta halakoa den aldetik «nik pentsatzen dut» esakunean ezaugarritzen den zerbait gisa. Izan ere, oharrarazi behar da «nik pentsatzen dut» esakuneari esakune enpirikoa deitu diodanean ez nuela esan nahi izan esakune honetako nia errepresentazio enpirikoa denik; aitzitik, errepresentazio intelektual hutsa da, zeren pentsatzeari baitagokio oro har. Halere, pentsatzeari ekaia ematen dion errepresentazio enpirikorik gabe «nik pentsatzen dut» ekintza ez litzateke gertatuko, eta enpirikoa dena ahalmen intelektual hutsaren aplikazioaren edo erabileraren baldintza besterik ez da.

108 [Jarraian paralogismoen atalaren A-ko aldaera dator (Itz. oh.)].

109 Oso erraza da froga honi ohiko egokitasun akademikoaren janzkera ematea. Baina nire helbururako askigarria da froga-oinarri soila begi-bistan jartzea, era herrikoian bada ere.

110 Bola elastiko batek zuzen-zuzenean bola berdin batekin talka egiten badu, honi komunikatzen dio bere higidura osoa, eta beraz, bere egoera osoa (espazioaren kokalekuak baino ez badira hartzen aintzat). Halako gorputzekin analogian, har itzazue orain errepresentazioak eta hauen kontzientzia elkar trukatzen duten substantziak, eta orduan, substantzien ilara osoa pentsa daiteke, lehenak bere egoera honen kontzientziarekin batera bigarrenari komunikatzen diola, honek bere egoera eta aurreko substantziarena hirugarrenari, eta honek aurreko egoera denak eta berea bere kontzientziarekin komunikatzen duela. Azkenengo substantzia hau, beraz, bere aurretik aldatu diren substantzia ororen egoerez kontziente izango litzateke, bereak balira bezala, zeren haiek kontzientziarekin batera bertara igorriak izango bailirateke, eta, dena dela, bera ez litzateke pertsona bera izango egoera hauetan guztietan zehar.

111 Esakune paradoxal baina zuzen hau oharrarazi behar da: «espazioan bertan errepresentatutakoa besterik ez dagoela«. Izan ere, espazioa ez da errepresentazioa baino, eta ondorioz, bertan dagoenak errepresentazioan barnebildua egon behar du, eta espazioan ez dago ezer, bertan errealki errepresentatua dena izan ezik. «Gauza bat bere errepresentazioan besterik ez dela existitzen» dioen esakuneak bitxia dirudi, baina hemen bitxitasuna galtzen du, zeren hemen gure autugaia diren gauzak ez baitira berbaitango gauzak, baizik agerpenak besterik ez, h. d., errepresentazioak.

112 Orain ezin dut erakutsi nola dagokion hemen bakunkia era berean errealitatearen kategoriari, baizik eta hau ondorengo atalburuan frogatuko da arrazoimenak duen adigai beraren beste erabilera bat aztertzean.

113 Baldintzatuki jakin baten baldintzen ilararen osoki absolutua beti baldintzatugabea da; zeren bertatik at ez baitago baldintzatua izan litekeen baldintza gehiagorik. Baina halako ilara baten osoki absolutua ideia besterik ez da edo, are gehiago, adigai problematikoa da, eta ondorioz, bere ahalgarritasuna aztertu behar da, eta gainera hemen gaia osatzen duen baldintzatugabekia, benetako ideia transzendentala den aldetik, bertan barnebildua egon daitekeen erarekin harremanean.

114 Izadiak (Natur), adiective hartuta (formaliter), kausalitatearen barneko printzipio baten araberako gauza baten determinazioen bilkura esan nahi du. Aitzitik, izadiaz, substantive (materialiter), agerpenen multzoa ulertzen da, hauek kausalitatearen barneko printzipioari esker osorik bilduak dauden heinean. Lehen adieran materia jariakorraren izaeraz (Natur) hitz egiten da, suaz, eta abarrez, eta hitza adiective soilik erabiltzen da; aitzitik, izadiko (Natur) gauzez hitz egiten denean, orduan osoki egonkor bat dugu gogoan.

115 Antinomiak elkarren ondoren datoz gorago aipatutako ideia transzendentalen ordenaren arabera.

116 Quantum indeterminatua osoki bat balitz bezala begiets dezakegu, baldin eta mugen barnean itxia badago, bere totalitatea neurketaren bitartez, h. d., bere zatien hurrenez hurrengo sintesia eraikitzeko beharrik gabe. Izan ere, mugek jadanik osotasuna determinatzen dute, bera beste guztitik banatzen duten heinean.

117 Totalitatearen adigaia kasu honetan ez da bere zatien sintesi osatuaren errepresentazioa baino, zeren adigaia osokiaren begiespenetik ezin atera dezakegunez gero (kasu honetan ezinezkoa denez), orduan hau zatien sintesiaren bitartez soilik uler dezakegu, harik eta amaigabekiaren osaketa lortu arte ideian bederen.

118 Espazioa kanpoko begiespenaren forma besterik ez da (begiespen formala), baina ez kanpotik begiets daitekeen objektu erreala. Espazioa bera determinatzen (betetzen edo mugatzen) duen edo, are gehiago, bere formari egokia zaion begiespen enpirikoa ematen duen gauza ororen aurretik espazio absolutuaren izenpean kanpoko agerpenen ahalgarritasun soila baino ez da, agerpenok, edo bere baitan existitzen diren, edo agerpen jakinei gaineratu ahal zitzaizkien heinean. Begiespen enpirikoa, beraz, ez dago agerpenez eta espazioaz osatua (hautemapen eta begiespen kaskalez). Bata ez da bestearen sintesiaren korrelatoa, baizik begiespen enpiriko bat eta bakarrean baino ez dago lotua, bere materia eta forma den aldetik. Bi zati hauetako bat bestetik at ezarri nahi bada (espazioa agerpen denetatik at), orduan era guztietakoak diren eta kaskalak diren kanpoko begiespenen determinazioak sortzen dira hortik, begiespen ahalgarriak ez diren determinazioak. Adibidez, munduaren higidura edo gelditasuna espazio kaskal amaigabean bien arteko hartuemanaren determinazioa da, hots, inoiz hauteman ezin den, eta beraz, pentsamen-gauza soil baten predikatua den determinazioa.

119 Honek, hainbestez, zenbaki oro baino handiagoa den (batasun jakinaren) kopuru bat barnebiltzen du, eta hau amaigabekiaren adigai matematikoa da.

120 Erraz ohartzen da honekin hau esan nahi dela: espazio kaskalak, agerpenen bitartez mugatua den heinean, eta beraz, munduaren barnekoa denak, printzipio transzendentalak ez dituela kontraesaten bederen, eta onartua izan daitekeela hauei dagokienez (horregatik bere ahalgarritasuna berehala baieztatzen ez den arren).

121 [Badirudi «tesiari» idatzi beharko litzatekeela hemen (Itz. oh.)].

122 Aldaketen ahalgarritasunaren baldintza formala den denbora ahalgarritasun honen aurretik doa objektiboki, baina errepresentazio hori subjektiboki eta kontzientziaren errealitatean hautemapenen bidez da emana, beste denak bezala.

123 «Hasi» hitza esanahi bikoitzean hartzen da. Lehena, aktiboa da, kausak egoeren ilara bat hasten baitu bere efektu gisa (infit). Bigarrena, pasiboa, kausalitatea kausa bertan hasten baita. Hemen, bigarrena lehenengotik abiatuta inferitzen dut.

124 Hala ere, Epikurok oinarri-esakune hauek ea baieztapen objektibo gisa inoiz azaldu zituen galdetu behar da oraindik. Arrazoimenaren erabilera espekulatiboaren maximak baino ez balira, orduan Epikurok bertan antzinako edozein filosoforena (Weltweise) baino espiritu filosofiko egiazkoagoa erakutsiko luke. Agerpenen argipenean azterketaren alorra munduaren ezein mugak edo hasierak moztuko ez balu bezala aritu behar badugu; munduaren ekaia esperientziaren bitartez irakatsiak gareneko eran izan behar duen moduan onartzen badugu; jazoeren beste sorrerarik ez badugu onartzen, izadiaren lege aldaezinen bitartez determinatua izan ezik, eta azkenik, mundutik ezberdina den kausarik onartzen ez bada, orduan hauek oraindik ere Filosofia espekulatiboa hedatzeko oinarri-esakune oso zuzenak dira, nahiz gutxi jarraituak, halaber, moralaren printzipioak iturri laguntzaile arrotzetatik beregainki bilatzeko oinarri-esakuneak dira, baina honek ez du esan nahi horregatik, espekulazio soilaz jarduten dugun heinean, esakune dogmatiko haiek alde batera uztea eskatzen duena, hortaz, haiek ukatu nahi izateaz sala daitekeenik.

125 Ea objektu transzendental batek zer antolaera duen, hots, bera zer ote den, galdekizunari ezin zaio erantzunik eman baina galdekizuna bera ezer ez dela esan dezakegu, bere objekturik ez zaigulako eman. Horregatik, arimaren irakaspen transzendentalaren galdekizun guztiak erantzungarriak dira eta benetan erantzunak izan dira; izan ere, barneko agerpen ororen subjektu transzendentalarekin dute zerikusia, zeina agerpenik ez den, eta beraz, objektu gisa ez den ematen, eta bertan ezein kategoriak (galdekizuna benetan hauei buruzkoa baita) ez ditu aurkitzen bere aplikazioaren baldintzarik. Beraz, hemen ohiko adierazpen honek balio duela gertatzen da: erantzunik ez ematea erantzun bat dela, hots, ezein predikatu determinaturen bitartez pentsa ezin daitekeen Zerbait haren antolaeraz galdekizuna guztiz hutsala dela, guri eman ahal zaizkigun objektuen esferatik erabat at ezarria baitago.

126 Artean idealismo formala ere deitu diot bera materialetik, h. d., kanpoko gauzen existentzia bera zalantzan jarri edo ukatzen duen idealismo arruntetik bereizteko. Kasu batzuetan gomendagarria dirudi adierazpen hauek gorago aipatutakoen ordez erabiltzea, honela sasi-interpretazio oro saihestearren. [Oin-ohar hau B-ko eransketa da (Itz. oh.)].

127 Mundu-ilara hau, beraz, ezin da izan itzulera enpiriko ahalgarria baino, ez handiagoa ezta txikiagoa ere, eta bertan soilik funtsatzen da bere adigaia. Eta honek amaigabeki determinaturik eman ezin duenez, ezta orobat amaidunki determinaturik ere (absolutuki mugatua), hortik argi gertatzen da guk munduaren handitasuna ez amaiduntzat ezta amaigabetzat ere ezin onar dezakegula, zeren itzulerak (honen bidez errepresentatzen baita hura) bietako bat ere ez baitu baimentzen.

128 Hemen froga gorago lehen antinomiaren antitesian erabilitako era dogmatikoaren aldean erabat ezberdina den modu batean egin dela ohartuko da. Bertan, sentsuen mundua bere baitan itzulera ororen aurretik bere osotasunari dagokionez emana zen gauzatzat hartu genuen errepresentazio era arruntaren eta dogmatikoaren arabera, eta espazioan eta denboran edozein leku hartzea ukatu genion oro har, denbora oro eta espazio oro hartu ezean. Horregatik, ondorioztapena ere hemengoaren aldean beste bat izan zen, hots, bere amaigabetasun erreala inferitu zen.

129 Izan ere, adimenak ez du baimentzen agerpenen artean enpirikoki baldintzatugabea litzatekeen baldintzarik. Baina baldintzatuki batentzako (agerpenean) baldintza inteligiblea pentsatu ahal baliteke, beraz, agerpenen ilaran osakide gisa kokatuko ez litzatekeen baldintza, horregatik baldintza enpirikoen ilara inolaz ere moztu gabe, orduan halako baldintza onar liteke enpirikoki baldintzatugabeko baldintza gisa, horren bitartez itzulera enpiriko jarraitua inon moztu gabe.

130 Ekintzen benetako moraltasuna (merezimendua eta kulpa), beraz, erabat ezkutuan geratzen zaigu, baita geure jokaerarena ere. Gure egozpena izaera enpirikoari soilik lotzen zaio. Inork ezin du oinarritu, ordea, zenbat egozten zaion askatasunaren efektu hutsari, zenbat izadi soilari eta adiurrearen akats errugabeari, edo bere antolaera zoriontsuari (merito fortunae), eta hainbestez, inork ezin du zuzentasun osoaren arabera epaitu.

131 Oinarri-esakune honen bitartez, beraz, gauza bakoitza korrelato komunarekin harremanean jartzen da, hots, ahalgarritasun osoarekin, zeinak (h. d., predikatu ahalgarri ororentzako ekaiak), gauza bakarraren ideian aurkitzen bada, gauza ahalgarri ororen afinitatea frogatuko lukeen bere determinazio osoaren oinarriaren identitatearen bitartez. Halako adigai bakoitzaren determinagarritasuna kontrajarritako bi predikaturen artean legokeen erdiko baten bazterketaren oinarri-esakunearen orokortasunari (universalitas) menperatzen zaio; gauza baten determinazioa, ostera, orotasunari (universitas), edo predikatu ahalgarri ororen multzoari.

132 Izarren aztertzaileen behaketek eta zenbaketek hainbat gauza miresgarri irakatsi digute, baina garrantzitsuena ezjakintasunaren amildegia erakutsi digutela izan da, giza arrazoimenak ezagupen hauek gabe inoiz hain handia errepresentatu ezin izango lukeen amildegia, eta berari buruzko gogoetak aldaketa handia sortu behar du gure arrazoimenaren erabileraren azken asmoen determinazioan.

133 Izaki oroerrealaren ideal hau errepresentazio soila den arren, lehenik, egikaritua da, h. d., objektua bihurtzen da, gainera hipostasiatua da, azkenik, batasunaren osaketarantz doan arrazoimenaren berezko aurrerapen baten bitartez pertsonifikatua ere bada laster ikusiko dugun moduan; zeren esperientziaren batasun erregulatzailea (soilik sentimenaren) agerpen beraietan ez baita funtsatzen, baizik adimenaren bidezko bere anizkunkiaren elkarloturan (apertzepzio batean), eta beraz, errealitate gorenaren batasuna eta gauza guztien determinagarritasun (ahalgarritasun) osoa adimen goren batean, eta beraz, inteligentzia batean dautzala dirudi.

134 Adigaia beti ahalgarria da, baldin eta bere burua kontraesaten ez badu. Hau da ahalgarritasunaren ezaugarri logikoa eta horren bitartez bere objektua nihil negativum-etik bereizten da. Baina, hainbestez, adigai kaskala izan daiteke, baldin eta adigaia sortzen duen sintesiaren errealitate objektiboa bereziki erakusten ez bada; zeina, ordea, gorago azaldu dugun bezala beti esperientzia ahalgarriaren printzipioetan funtsatzen den eta ez analisiaren oinarri-esakunean (kontraesanaren esakunean). Adigaien ahalgarritasunetik (logikoa) berehala gauzen ahalgarritasunera (errela) ez inferitzeko oharkizuna da hau.

135 Inferentzia-ondorio hau ezagunegia da eta beraz ez da beharrezkoa hemen bera zabalean azaltzea. Ustez transzendentala den kausalitatearen izadi-legean funtsatzen da, «beharbadako gauza orok bere kausa du», zeinak, berriro ere beharbadakoa baldin bada, era berdinean kausa bat izan behar duen, harik eta elkarri menperatutako kausen ilara behar-beharrezko kausa batera iritsi arte, zeren hau gabe ilarak ez bailuke osotasunik izango.

136 Ez Moral teologikoa; izan ere, honek munduaren gobernari goren baten izatea aurresuposatzen duten lege etikoak barnebiltzen ditu; Teologia morala, ostera, lege etikoetan oinarritzen den izaki goren baten izatearen uste osoa da.

137 Lurraren tankera esferikoak sortzen duen abantaila aski ezaguna da; baina gutxik dakite, esferoide batek duenaren antzeko zapalketak soilik galarazten duela lur irmoaren goraketek edo agian lurrikarek sortutako mendi txikiagoek ere lurraren ardatza jarraituki eta luze gabe nabarmenki higiaraztea, hau gertatuko baitzen, ekuadorreko lurraren puztuketa hain mendi izugarria ez balitz, non beste edozein mendiren bultzadak inoiz ohargarriki ardatzari begira duen kokapenetik higitu ezingo lukeen modukoa baita. Eta egoera zuhur hau lehenago isurkaria zen lurraren masaren orekagatik argitzen da ezbairik gabe.

138 Horrela deitzen zioten antzinako dialektikoek inferentzia iruzurti honi: zure patuak berekin badakar gaisotasun hori gaindituko duzula, orduan hori gertatuko da, mediku bat deitu ala ez deitu. Cicerok dioenez inferitzeko era honi hemendik datorkio bere izena: berari jarraikiz gero, bizitzan arrazoimena gehiago erabiltzerik ez dagoelako. Hau da arrazoimen hutsaren argumentu sofistikoari nik izen bera ematearen zergatia.

139 Lehen ideia psikologikoaz eta honek arrazoimenaren erabilera erregulatzailerako printzipioa den aldetik duen benetako determinazioaz esandakoak barneko sentsuaren anizkuntasun ororen batasun sistematikoa hipostatikoki errepresentatzeko ilusio transzendentala oraindik bereziki azalduz luzatzeko lana aurrezten dit. Bertako jardunbidea kritikak ideal teologikoan erabili duenaren oso antzekoa da.

140 Ondo dakit eskolaren hizkuntzan diziplina izena irakaskuntzaren (Unterweisung) baliokide bezala erabiltzen dela. Baina, bestalde, lehen adierazpena hezkuntza gisa (Zucht) bigarrenetik irakaspen gisa (Belehrung) arretaz ezberdintzen duten beste hainbat kasu daude, eta gauzen izaera berak eskatzen du bereizketa honetarako adierazpen egoki bakarrak gordetzea, ezen desiratzen baitut inoiz ez baimentzea hitz hura esanahi negatiboa ez denean erabiltzea.

141 Kausaren adigaiaren bitartez jazoera baten adigai enpirikotik benetan irteten naiz (zerbait gertatzen dela), baina ez kausaren adigaia in concreto aurkezten duen begiespenera, baizik denboraren baldintzetara oro har, zeinak esperientzian kausaren adigaiaren arabera aurki daitezkeen. Beraz, adigaien arabera baino ez dut jokatzen, eta ezin dut adigaien eraikuntzaren bidez jokatu, zeren adigaia begiespen hutsak ez diren, eta beraz, a priori eman ezin diren hautemapenen sintesiaren erregela baita.

142 Xehetasunak ezaugarrien argitasuna eta askitasuna esan nahi du; mugak adigai xeheari dagozkionak baino ezaugarri gehiago ez egotearen zehaztasuna; jatorrizkoa izatea mugaren determinazioa nonbaitetik eratorria ez izatea, eta beraz, oraindik frogarik behar ez izatea da, honek ustezko argiketa objektu batez egindako judizio ororen buruan egoteko ezgaia bihurtuko bailuke.

143 Filosofia definizio akasdunez betea dago, bereziki benetan definiziorako osagaiak barnebildu bai baina era ez osoan egiten dutenez betea. Adigai bat ezingo balitz erabili hura definitu arte, orduan filosofatze oro oso zaila litzateke. Halere, (analisiaren) osagaiez, hauek balio duten artean, beti erabilera on eta segurua egin daitekeenez gero, orduan definizio akasdunak ere, h. d., benetan oraindik definizioak ez diren, baina egiazkoak diren eta definizioetara hurbiltzen diren esakuneak onura handiz erabil daitezke. Matematikari definizioa ad esse dagokio, Filosofiari ad melius esse. Ederra da bertara iristea, baina oso zaila gertatzen da maiz. Juristak oraindik ere eskubideaz duten adigaiarentzat definizioa bilatzen ari dira.

144 [Testuak «keine» dioen arren, irakurketa horrek zentzurik ez duenez, hau akatsa dela eta «reine» irakurri behar dela dirudit (Itz. oh.)].

145 Adigai praktiko orok ongi edo gaizki sentitzearen objektuekin, h. d., atsegina edo ezatseginarekin du zerikusia, eta beraz, zeharka bederen gure sentimenduaren objektuekin. Hau, ordea, gauzen indar errepresentatzailerik ez denez, baizik indar ezagutzaile osotik at datzanez gero, orduan, gure judizioaren osagaiak atsegina eta ezatseginari, eta beraz, judizio praktikoari lotzen zaizkien heinean, osagai hauek ez dira apriorizko ezagutza hutsez soilik arduratzen den Filosofia transzendentalaren multzokoak.

146 Giza gogamenak berezko interesa hartzen du moraltasunean (edozein izaki arrazoidunengan halabeharrez gertatzen den bezala, sinesten dudanez), nahiz eta interesa zatitua dagoen eta praktikoki garailea ez den. Interes hau finkatu eta handitzen baduzue, arrazoimena oso esanekoa eta ilustratuagoa aurkituko duzue, interes praktikoa eta espekulatiboa bateratzeko. Ez bazarete arduratzen, ordea, aldez aurretik bide-erdian bederen gizaki onak egiteaz, orduan haiek ez dituzue inoiz gizaki sinistun jatorrak bihurtuko!.

147 Hemen mundu-adigaia izena du halabeharrez edonoren interesa ukitzen duenak; eta beraz, zientzia baten asmoa eskolako adigaien arabera determinatzen dut, bera hautazko helburu jakinetarako ditugun trebetasunetako bat soilik balitz bezala begiztatzen denean.

148 Ez da pentsatu behar honetaz eskuarki physica generalis deitzen zaiona ulertzen dudanik, izadiaren Filosofia baino gehiago Matematika dena. Izan ere, izadiaren Metafisika

Matematikatik osorik bakartzen da, inolaz ere ez ditu eskaintzen gainera honek bezain ikuskera hedatzaileak; oso garrantzitsua da, ostera, oro har izadiari aplikatzen zaion adimenaren ezagutza hutsaren kritikari dagokionez; honen gabezian matematikariek beraiek ere, ohikoak baina egitatean metafisikoak diren adigaiei atxikitzen zaizkien heinean, izadiaren irakaspena hipotesiez bete dute oharkabean, alegia, printzipio hauen kritika batekin desagertzen diren hipotesiez, horren bitartez Matematikak alor honetan duen erabilerari (erabat ezinbestekoa denari) batere kalterik egin gabe.

149 Dakidana nahikoa zait; ez naiz arduratzen Arkesilaos eta Solon jasankorra direna izateaz. [Persio, Sat. III 78 (Itz. oh.)].

150 [Terminologiari buruzko ohar orokorra. Kanten hizkuntza filosofikoak oso adierazpen bereziak  ditu, hala nola, berbaitango gauza (Ding an sich) eta antzekoak; oro harrezko objektua (Gegenstand überhaupt) eta antzekoak; gainera, izenlagunetatik adigai orokorrak sortzeko duen joera aipatu behar da bereziki: osokia (das Ganze), anizkunkia (das Mannigfaltige), eta era honetan sortutako hainbat hitz (Itz. oh.)].