Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/4.atalburua. Arrazoimen hutsaren historia

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
4.atalburua. Arrazoimen hutsaren historia
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

4.atalburua. Arrazoimen hutsaren historia

Izenburu hau sisteman geratzen den eta etorkizunean bete egin beharko den leku bat ezaugarritzeko dago hemen. Orain arte burututako lanaren osotasunari ikuspegi transzendentaletik, hots, arrazoimen hutsaren izaeratik abiatzen denetik laburki begi ematea besterik ez dut egin, eta osoki honek nire begiei eraikinak aurkeztu dizkio, baina eraikin hondatuak.

Oso ohargarria da Filosofiaren haurtzaroan, berezko eran bestela gertatu izan ezin zen arren, gure helmuga bihur dadila nahi dugun tokitik hasi zirela, hots, Jainkoaren eta itxaropenaren ezagutza estudiatzetik, baita beste munduaren antolaera estudiatzetik ere. Herrien egoera zakarrean zirauten usadio zaharrek sartu nahi izan zituzten Erlijio-adigaiak hain trauskilak baziren ere, honek ez zuen eragotzi ilustratuek objektu hauei buruzko ikerkuntza askea jorratzea, eta laster ikusi zen modu errazean mundua eraentzen duen botere ikustezinari atsegina emateko modu sakon eta seguruena jokabide zuzena dela, horrela beste munduan bederen zoriontsu izateko. Horregatik, Teologia eta Morala izan ziren ondoren beti jorratu diren arrazoimenaren ikerketa eratorri ororen eragileak edo, hobeto, harreman-guneak. Lehena izan zen benetan, ordea, espekulatiboa baino ez den arrazoimena pixkanaka ondoren Metafisika izenarekin hain sonatua bihurtuko zen zereginera bideratu zuena.

Ez dut nahi orain bereiztu Metafisikaren aldaketa hau edo bestea noiz gertatu ziren, baizik eta iraultza nagusienek sortu dituzten ideien ezberdintasuna aurkeztu nahi dut azaleko zirrimarra batean. Eta gatazkaren antzeztokian gertatutako aldaketa izendagarrienak hiru asmorekin egin direla aurkitzen dut.

1. Gure arrazoimen-ezagutza ororen objektuari begira filosofo batzuk sentsualista soilak izan dira, besteak, filosofo intelektualista soilak. Epikurori sentimenaren filosofo nagusiena dei dakioke, Platoni, alderdi intelektualarena. Eskolen bereizketa hau, sotila izan arren, lehenengo garaietan hasi zen eta luzaro iraun du etenik gabe. Lehenengoek errealitatea sentsuen objektuetan baino ez zegoela baieztatzen zuten, gainerako guztia irudipena izaki; bigarrenek, aitzitik, zera zioten: «sentsuetan itxura besterik ez dago, adimenak baino ez du ezagutzen egia». Honek ez du esan nahi lehenengoek adimenaren adigaiei errealitatea ukatzen zietenik, baizik eta hura haientzat logikoa baino ez zela, besteentzat, ordea, mistikoa. Haiek adigai intelektualak onesten zituzten, baina objektu sentsibleak baino ez zituzten onartzen. Hauek benetako objektuak intelektualak besterik ez izatea eskatzen zuten, eta begiespena adimen hutsaren bidez baieztatzen zuten sentsuen laguntzarik gabe, hauek beren iritziz adimen hutsa nahastu baino ez baitzuten egiten.

2. Arrazoimen-ezagutza hutsen jatorriari begira kontua da ea hauek esperientziatik eratorri diren edo honetatik beregainki beren iturriak arrazoimenean dituzten. Aristoteles har daiteke enpiristen buru gisa, Platon noologistena. Locke garai berrietan lehenengoari jarraiki zaio, eta Leibniz, ordea, bigarrenari (nahiz bere sistema mistikotik aski urrunduta), baina gatazka honetan ez dira oraindik erabaki batera iritsi. Epikurok bederen bere sistema sentsualaren arabera Aristotelesek eta Lockek baino kontsekuentekiago jokatu zuen (bere inferentziek ez baitzuten inoiz esperientziaren muga gainditu), batez ere Lockeren aldean, adigai eta oinarri-esakune guztiak esperientziatik eratorri ondoren beren erabilerari dagokionez zera baieztatzen baitu: «Jainkoaren izatea eta arimaren hilezkortasuna Matematikako edozein teoremaren ebidentzia berberarekin froga daitezkeela» (nahiz eta bi objektuak guztiz esperientziaren mugetatik at dauden).

3. Metodoari begira. Zerbaitek metodoaren izena merezi izateko oinarri-esakuneen araberako jardunbidea izan behar du. Izadiaren ikerkuntzaren sail honetan orain gailentzen diren metodoak metodo naturalistan eta zientifikoan sailka ditzakegu. Arrazoimen hutsaren naturalistak ondorengo oinarri-esakunea hartzen du: «arrazoimen arruntaren bitartez (berak arrazoimen sendoa deitzen diona) zientziarik gabe gehiago lor daiteke espekulazioaren bitartez baino Metafisikaren eginkizuna osatzen duten galdekizun bikainenei dagokienez». Beraz, Ilargiaren handitasuna eta urruntasuna begiaren indarrez baliabide matematikoen bitartez baino hobeki determina dezakegula baieztatzen du. Hau oinarri-esakune bihurtutako misologia soila da, eta burugabekoena zera da: ezagutza hedatzeko baliabide artifizial guztiez duen axolagabezia metodo propio gisa goresten duela. Benetan naturalistei ezin zaie ezer leporatu, ikuskera hobeagoren gabezia dela eta. Beraiek arrazoimen arruntari jarraiki zaizkio, baina beren ezjakintasuna Demokritoren osin sakonetik egia ateratzeko sekretua barnebiltzen duen metodo gisa goretsi gabe. Persioren «quod sapio, satis est mihi; non ergo curo, esse quod Arcesilas aerumnosique Solones»149 hartu dute ikurritz gisa, eta berekin gogara eta era txalogarrian bizi daitezke zientziaz arduratu gabe eta bere zereginean nahastu gabe.

Metodo zientifikoaren jarraitzaileei dagokienez, hauek metodo dogmatikoaren edo eszeptikoaren arteko aukera dute, nahiz eta edozein kasutan sistematikoki jokatzeko beharra duten. Lehenari begira, Wolff sonatua, bigarrenean, David Hume aipatzen baditut, orduan gainerakoak aipatugabe utz ditzaket nire oraingo asmoen arabera. Bide kritikoak baino ez dirau oraindik irekita. Irakurleak hura nirekin zeharribiltzeko adikortasuna eta egonarria izan badu, orduan orain juzga dezake ea oinezkoen zaldain hau errege-bide bihurtzen lagundu nahiko lukeen, horrela mendea bukatu aurretik mende askotan oraindik erdietsi ez dena lortzeko, hots, giza arrazoimenari gogobete osoa ematea bere jakin-nahia beti nahiz eta orain arte alferrik piztu duten gauzei dagokienez150.