3.atalburua. Arrazoimen hutsaren arkitektonika
Arrazoimenaren menpean dauden gure oro harrezko ezagutzek ezin dute rapsodia bat osatu, sistema bat baizik, non haiek beren funtsezko helburuak babestu eta bultza ditzaketen. Sistemaz, ordea, ideia baten menpeko ezagutza anizkunen batasuna ulertzen dut. Hau osoki baten formaren arrazoimen-adigaia da, honen bitartez anizkunkiaren hedapena eta zatien elkarrenganako kokapena a priori determinatzen den heinean. Arrazoimen-adigai zientifikoak, beraz, helburua eta berekin bat datorren osokiaren forma barnebiltzen ditu. Helburuaren batasunari lotzen zaizkio zati guztiak, baita zatiak elkarren artean ere helburuaren ideian, eta helburuaren batasun honek eragiten du zati bakoitzaren falta sentitu ahal izatea gainerakoen ezagutzan, eta ezein beharbadako gaineraketarik edo a priori determinatuta dauden mugak ez dituen betegintzarrearen handitasun indeterminaturik ez sortzea. Osokia, beraz, artikulatua dago (articulatio) eta ez pilatua (coacervatio); barnetik (per intus suspectionem) haz daiteke, baina ez kanpotik (per appositionem), abere-gorputz bat hazten den modu berean, zeinaren hazkuntzak ez duen osakiderik gaineratzen, baizik eta osakide bakoitza proportzioaren aldaketarik gabe bere helburuari dagokionez indartsuagoa eta egokiagoa bihurtzen duen.
Ideiak eskema bat behar du egikaritzeko, h. d., helburuaren printzipioak determinatu duen zatien funtsezko anizkuntasuna eta ordena. Ez ideia baten arabera, h. d., arrazoimenaren helburu nagusietatik abiatuta, baizik enpirikoki ausaz eskaintzen diren asmoen arabera (hauen kopurua aurretik ezin da jakin) zirrimarrazten den eskemak batasun teknikoa eskuratzen du; aitzitik, ideia baten ondorio gisa baino sortzen ez denak (hemen arrazoimenak helburuak a priori ematen dituela, ez enpirikoki itxaron) batasun arkitektonikoa oinarritzen du. Zientzia deitzen dioguna ez da sortzen teknikoki, anizkunkiaren antzekotasunagatik edo ezagutzaz in concreto hautazko era guztietako kanpoko helburuetarako egiten den beharbadako erabileragatik, baizik arkitektonikoki, kidetasunagatik eta osokia lehen-lehenik ahalbidetzen duen barneko helburu goren bakarraren eratorpenagatik, eta zientziaren eskemak osokiaren zirrimarra (monograma) eta osakideen sailkaketa barnebildu behar ditu ideiaren arabera, h. d., a priori, eta osoki hau beste guztietatik seguru eta printzipioen arabera bereiztu behar du.
Inork ez du saiatzen zientzia baten sorketa ideia bat ezarri gabe oinarrian. Hala ere, bere landualdian eskema, baita hasieran ematen den zientzia honen definizioa ere, oso gutxitan egokitzen zaizkio ideiari; izan ere, hau arrazoimenean datza erro baten gisara, bertan zati guztiak ezkutatuta dautzala oraindik ernamuinak bezala eta behaketa mikroskopikoarentzat apenas ezagugarriak bezala. Horregatik, zientziak, guztiak interes orokor jakin baten ikuspegitik pentsatuak direnez, ez dira argitu eta determinatu behar beren sortzaileak ematen duen deskripzioaren arabera, baizik berak bildu dituen zatien berezko batasunetik abiatuta arrazoimenean bertan oinarrituta aurkitzen den ideiaren arabera. Izan ere, orduan aurkituko da bere sortzailea, baita sarri bere jarraitzaile urrunenak ere, argitu ezin duten ideia baten inguruan dabiltzala, eta horregatik, hauek zientziaren eduki berezia, artikulazioa (batasun sistematikoa) eta zientziaren mugak ezin izan dituztela determinatu.
Penagarria da, gugan ezkutatua datzan ideiaren gomendioaren arabera berari lotzen zaizkion ezagutza asko denbora luzez rapsodikoki eraikin materialak bezala bildu eta teknikoki elkartu ondoren soilik gertatzea ahalgarria lehen-lehenik ideia argi gardenagoan begiratzea eta osoki bat arrazoimenaren helburuaren arabera arkitektonikoki zirrimarraztea. Sistemek harren moduan eratuak daudela dirudite, hasieran akasdunak, denborarekin osatuak, generatio aequivoca baten indarrez bildutako adigaien uztardura soiletik abiatuta, nahiz denek osotara beren eskema jatorrizko erro gisa garatzen ari den arrazoimenean izan zuten, eta horregatik, bakoitza berez ideia baten arabera artikulatua egoteaz gain denak elkarrekin giza ezagutzaren sistema batean berriro osoki baten osakide gisa modu helburudunean bateratuak daude eta giza jakintzaren arkitektonika bat baimentzen dute, gaur egun ahalgarria ez ezik, zaila ere ez izango ez litzatekeen arkitektonika, dagoeneko hainbeste ekai bildu denez edo eraikin zahar erorien arrastoetatik har daitekeenez gero. Hemen gure zereginaren osaketarekin askiesten gara, hots, ezagutza ororen arkitektonika arrazoimen hutsetik abiatuta zirrimarraztearekin, eta gure indar ezagutzailearen erro orokorra zatitzen den eta bi enbor botatzen dituen puntutik hasten gara, hauetako bat arrazoimena izaki. Hemen, ordea, arrazoimenaz ezagumen goren osoa ulertzen dut eta arrazionala dena enpirikoa denari kontrajartzen diot.
Ezagutzaren eduki oroz abstraitzen badut, objektiboki kontsideratzen den aldetik, orduan ezagutza oro, subjektiboki, historikoa edo arrazionala da. Ezagutza historikoa cognitio ex datis da, arrazionala cognitio ex principiis. Ezagutza bat jatorriz emana izan daiteke, edonondik izanda ere, baina bere jabearengan historikoa da, baldin eta berak kanpotik ematen zaion mailan soilik ezagutzen badu, dela esperientzia zuzenaren edo kontaketaren bitartez, dela (ezagutza orokorren) irakaspenaren bitartez. Horregatik, Filosofiaren sistema bat, adibidez, wolffiar sistema benetan ikasi duenak, oinarri-esakune, argiketa eta froga denak irakaspen-eraikin osoaren sailkaketarekin batera buruan dituen eta dena behatzekin zenbatu ahal izan duen arren, ez du wolffiar Filosofiaren ezagutza historiko osoa besterik lortzen; eman zaion adina daki eta juzgatzen du. Definizio bat eztabaidatzen bazaio, ez daki nondik atera behar duen beste bat. Arrazoimen arrotzaren arabera eratua dago, baina ahalmen imitatzailea ez da sortzailea, h. d., ezagutza ez zen sortu bertan arrazoimenetik, eta objektiboa izan arren, hala ere, arrazoimen-ezagutza bazen ere, dena dela, subjektiboa zen, historikoa besterik ez. Ongi ulertu eta gorde du, h. d., ikasi du, eta gizaki bizidun baten argizarizko kopia da. Objektiboak diren arrazoimen-ezagutzek (h. d., hasiera batean gizakiaren arrazoimen propiotik soilik sor daitezkeenek) subjektiboki baino ezin dezakete jaso izen hori, baldin eta arrazoimenaren iturri orokorretatik sortzen badira, h. d., printzipioetatik, era berean kritika eta ikasitakoaren bazterketaren iturriak izan daitezkeen printzipioetatik.
Arrazoimenaren ezagutza oro adigaietatik edo adigaien eraikuntzatik abiatzen da; lehenak filosofikoa izena du, bigarrenak matematikoa. Bien barneko bereizketaz aritu naiz jadanik lehen atalburuan. Ezagutza bat, beraz, objektiboki filosofikoa izan daiteke eta historikoki, hala ere, subjektiboa, hasberri gehienetan eta inoiz eskolatik at begiratzen ez duten eta bizitza osoa hasberri irauten dutenengan gertatzen den legez. Beraz, harrigarria da ezagutza matematikoak, ikasia izan den moduan, baita subjektiboki ere arrazoimen-ezagutzatzat balio ahal izatea eta bertan ezagutza filosofikoan gertatzen den moduko bereizketa ez gertatzea. Zergatia hau da: maisuak zerbait sortu ahal izateko dituen ezagutzaren iturri bakarrak arrazoimenaren funtsezko eta egiazko printzipioetan baino ez dautzala, eta beraz, hasberriak beste inondik ezin dituela hartu, ezta eztabaidatu ere, eta hau honegatik gertatzen da, alegia, hemen arrazoimenaren erabilera in concreto gertatzen delako, a priori izan arren, hots, begiespen hutsean, eta horregatik, akatsik gabekoan, eta iruzur eta errore guztiak baztertzen dituelako. Beraz, arrazoimenaren zientzia guztien artean (a priori) Matematika baino ezin daiteke ikasi, inoiz ez, ordea, Filosofia (historikoki ez bada), baizik arrazoimenari dagokionez gehienez ere filosofatzen besterik ezin da ikasi.
Ezagutza filosofiko ororen sistema Filosofia da. Objektiboki hartu behar da, baldin eta horretaz filosofatzeko saialdi ororen juzgaketaren jatorrizko irudia ulertzen bada, zeinak edozein Filosofia subjektibo juzgatzeko lagundu behar duen, bere eraikina maiz hain anizkuna eta aldakorra izaki. Honela, Filosofia zientzia ahalgarri baten ideia soila da, inon in concreto ematen ez dena, zeinari, ordea, bide ezberdinen bitartez hurbiltzea saiatzen den, harik eta sentimenak ezkutatutako oinezkoen zaldain bakarra aurkitu arte eta ordu arteko kopia akasduna jatorrizko irudiari berdintzea lortu arte, gizakiei ahalgarria zaien heinean. Ordu arte ezin da ezein Filosofiarik ikasi; izan ere, non dago, nor da bere jabea eta non ezagutzen da? Filosofatzen baino ezin daiteke ikasi, h. d., arrazoimenak bere printzipio orokorrak betetzeko duen talentua aurrean ditugun saialdi jakinetan praktikatzen, beti ere arrazoimenak haiek beren iturrietan aztertzeko eta egiaztatzeko edo ukatzeko duen eskubidea gordez.
Ordu arte, ordea, Filosofiaren adigaia eskolako adigaia baino ez da, hots, ezagutzaren sistema baten adigaia, zientzia den heinean baino bilatzen ez dena, helburu gisa jakintza honen batasun sistematikoa, eta beraz, ezagutzaren betegintzarre logikoa baino zerbait gehiago izan gabe. Hala ere, gainera mundu-adigai bat ere badago (conceptus cosmicus), zeina beti deitura horren oinarrian ezarri den, bereziki, nolabait esateko, bera pertsonifikatzen zenean eta filosofoaren idealean jatorrizko irudi gisa errepresentatzen zenean. Zentzu honetan Filosofia ezagutza orok giza arrazoimenaren funtsezko helburuekin duen harremanen zientzia da (teleologia rationis humanae) eta filosofoa ez da arrazoimenaren artista, baizik giza arrazoimenaren lege-emailea. Harrokeria handia litzateke norbere buruari «filosofo» izena ematea, izena halako adieran hartuz gero, eta ideian besterik ez datzan jatorrizko irudiari berdindu nahi izatea.
Matematikaria, naturalista, logikaria, arrazoimenaren artistak besterik ez dira, lehenak oro har arrazoimen-ezagutza hain bikainak dituen arren eta bigarrenak bereziki ezagutza filosofikoetan aurrera egin duen arren. Idealean maisu bat ere badago, hauek denak batu eta tresna gisa erabiltzen dituena, giza arrazoimenaren funtsezko helburuak sustatzearren. Maisu honi soilik deitu beharko genioke filosofoa; bera inon ez egon arren, bere lege-ematearen ideia beti edozein giza arrazoimenean aurkitzen da, eta horrela, azkenengoari atxiki nahi gatzaizkio eta zehazkiago determinatu nahi dugu Filosofiak helburuen ikuspuntutik zein batasun sistematiko ezartzen duen mundu-adigai honen arabera147.
Funtsezko helburuak ez dira horregatik jadanik gorenak, gorena hauetako bat bakarra izan daiteke (arrazoimenaren batasun sistematiko beteginean). Horregatik, haiek azken helburua dira edo honi baliabide gisa halabeharrez egokitzen zaizkion menpeko helburuak dira. Lehena ez da gizakiaren determinazio osoa baino, eta Morala da berari buruzko Filosofia. Filosofia moralak arrazoimenaren beste bereganatze ororen aldean duen abantaila honegatik pentsatzen zen antzinakoen artean beti bereziki moralistan «filosofo» izena erabiltzean, eta arrazoimenaren bidez nork bere burua menperatzearen sortzen den kanpoko itxurak eragiten du norbait, bere jakintza zedarriztatua bada ere, analogia jakin baten arabera filosofo deitzea oraindik ere.
Giza arrazoimenaren lege-emateak (Filosofiak) bi objektu ditu, izadia eta askatasuna, eta beraz, izadiaren legea eta ohituren legea barnebiltzen ditu, hasieran bi sistema berezietan, azkenean, ordea, sistema filosofiko bakarrean. Izadiaren Filosofia den guztiaz arduratzen da; ohituren Filosofia izan behar duenaz besterik ez.
Beraz, Filosofia oro edo arrazoimen hutsetik abiatzen den ezagutza edo printzipio enpirikoetatik abiatzen den arrazoimen-ezagutza da. Lehenak, Filosofia hutsa izena du, bigarrenak, Filosofia enpirikoa.
Arrazoimen hutsaren Filosofia edo propedeutika da (ariketa), zeinak arrazoimenaren ahalmena aztertzen duen apriorizko ezagutza huts orori dagokionez, eta kritika izena du, edo bigarrenik, arrazoimen hutsaren sistema da (zientzia), hots, ezagutza filosofiko osoa (egiazkoa eta itxurazkoa) arrazoimen hutsetik abiatuta bilkura sistematikoan, eta Metafisika izena du; hala ere, izen hau Filosofia huts osoari ere eman diezaiokegu, kritika barnean hartuta, bai inoiz a priori ezagut daitekeen guztiaren azterketa biltzeko, baita honelako ezagutza filosofiko hutsaren sistema osatzen duen baina arrazoimenaren erabilera enpiriko eta matematiko orotatik ezberdintzen denaren aurkezpena biltzeko ere.
Metafisika arrazoimen hutsaren erabilera espekulatiboaren eta praktikoaren Metafisikan sailkatzen da, eta beraz, izadiaren Metafisika edo ohituren Metafisika da. Hark gauza ororen ezagutza teoretikoen adigai soiletik abiatzen den (eta beraz, Matematika baztertuz) arrazoimenaren printzipio huts denak barnebiltzen ditu; honek ekitea eta ekiteari uztea a priori determinatzen dituzten eta beharrezkoak bihurtzen dituzten printzipioak. Moraltasuna da osorik a priori printzipioetatik erator daitekeen ekintzen legetasun bakarra. Horregatik, ohituren Metafisika benetan Moral hutsa da, eta ezein Antropologia (ezein baldintza enpiriko) ezin daiteke hartu bere oinarritzat. Arrazoimen espekulatiboaren Metafisika adiera hertsian Metafisika deitu ohi zaiona da; baina ohituren irakaspen hutsa, dena dela, arrazoimen hutsetik abiatzen den giza ezagutza filosofikoaren enbor bereziari dagokion heinean, berarentzat gordeko dugu deitura hori, nahiz eta hemen alde batera uzten dugun, uneko gure helburuari ez dagokiolako.
Garrantzi handieneko kontua da beren generoa eta jatorriaren arabera besteetatik ezberdintzen diren ezagutzak bakartzea, eta arretaz saihestea eskuarki erabileran lotzen zaizkien besteekin nahaste batean uztar daitezela. Kimikariek materien banaketan, matematikariek handitasunen irakaspen hutsean egiten dutena, are gehiago egin behar du filosofoak, honela ezagutzaren era berezi batek adimenaren erabilera kulunkarian duen parte hartzea, bere balio propioa eta eragina seguru determinatu ahal izateko. Horregatik, giza arrazoimenak pentsatu edo, are gehiago, gogoetatzen hasi zenetik ezin izan du inoiz Metafisika bat izatea ekidin, ezta arrotza zaion guztitik araztua aurkeztu ere. Halako zientziaren ideia giza arrazoimen espekulatiboa bezain zaharra da; eta zein arrazoimenek ez du espekulatzen, era eskolastikoan edo herrikoian gertatzen dela ere? Hala ere, gure ezagutzaren bi osagaien bereizkuntza, bata osorik a priori gure eskumendean dagoela, bestea a posteriori baino ezin daitekeela hartu esperientziatik, ofiziozko pentsalarientzat ere oso iluna gertatu zela aitortu behar da, eta horregatik, inoiz ezin izan zela ezagutza era berezi baten muga-determinazioa, eta hainbestez, giza arrazoimenari hain denbora luzez eta hainbeste lan eman dion zientzia baten egiazko ideia sortu. Metafisika giza ezagutzaren lehen printzipioen zientzia dela esango balitz, orduan ez da ezagutza-era oso berezi bat azpimarratzen, baizik orokortasunari dagokion maila besterik ez, eta horren bitartez, beraz, bera ezin zen argiki ezagutzeko moduan bereiztu enpirikoa denetik; izan ere, printzipio enpirikoen artean badaude besteak baino orokorragoak, eta horregatik, garaiagoak diren batzuk, eta halako menperaketaren ilaran (osorik a priori dena a posteriori baino ezagutu ezin daitekeenetik bereizten ez denez) non egin beharko da lehen zatia eta osakide gorena azkenengotik eta menpekotik bereizten duen ebaketa? Zer esango litzateke honetaz, kronologiak munduaren garaiak lehen mendeetan eta ondorengo mendeetan banatuz soilik ezaugarritu balitu? Bosgarrena, hamargarrena, eta abar lehenengoetakoak ote diren galdetuko litzateke; berdin galdetzen dut nik: hedaduraren adigaia Metafisikari al dagokio? Baietz! erantzuten duzue; eta gorputzarena ere bai? Bai! Eta gorputz jariakorrarena? Orain harritzen zarete, izan ere, horrela jarraitzen baldin bada, orduan dena baitagokio Metafisikari. Hemendik ikusten da menperaketaren maila soilak (berezia dena orokorra denaren menpean) zientzia baten ezein muga ezin duela determinatu, baizik gure kasuan jatorriaren homogeneotasun eza eta ezberdintasuna. Hala ere, Metafisikaren oinarrizko ideia beste alde batetik ilundu duena, apriorizko ezagutza den aldetik, Matematikarekin homogeneotasun jakin bat erakusten duela izan da; honek apriorizko jatorriari dagokionez biak adiskidetzen dituen arren, bestalde ezagutza filosofikoaren eta matematikoaren arteko bereizketa zehazten duenez, batean adigaietatiko ezaguera dena bestearen adigaien eraikuntzaren bitartez a priori juzgatzeko erarekin alderatuz, orduan homogeneotasun eza erabakigarria azaltzen da, beti sentitzen dena, nolabait esateko, baina inoiz irizpide nabarietan bildu ezin zena. Filosofoek beren zientziaren ideiaren garapenean huts egin zutenez, zientzia honen landualdiak ezin zuenez helburu determinaturik eta gidaritza segururik izan, eta filosofoak ezjakin zirenez erabat hautaz egindako egitasmoan urratu beharko luketen bideaz, eta nork bere aldetik egin ote lituzkeen aurkikuntzei buruz beti elkarrekin eztabaidan zeudenez, horrenbestez, beren zientziari mesprezua erakarri zioten, lehenik besteena eta azkenik beren mesprezua ere bai.
Apriorizko ezagutza huts orok batasun berezi bat osatzen du, beraz, bere egoitza den ezagumen bereziari esker, eta Metafisika ezagutza hura batasun sistematiko batean aurkeztu behar duen Filosofia da. Ondorengo eran sailkatzen da izen hau bereziki bereganatu duen bere zati espekulatiboa, hots, izadiaren Metafisika deitzen dioguna eta den guztia (ez izan behar duena) apriorizko adigaietatik abiatuta kontsideratzen duena.
Adiera hertsian Metafisika deitzen zaiona Filosofia transzendentalaz eta arrazoimen hutsaren Fisiologiaz osatzen da. Lehenak, adimena eta arrazoimena bera baino ez ditu kontsideratzen oro harrezko objektuei lotzen zaizkien adigai eta oinarri-esakune ororen sistema batean, emanak liratekeen objekturik onartu gabe (Ontologia); bigarrenak, izadia kontsideratzen du, h. d., emanak diren objektuen multzoa (sentsuei ematen zaizkiela, edo begiespenaren beste era bati), eta beraz, Fisiologia da (nahiz Fisiologia rationalis besterik ez izan). Hala ere, arrazoimenaren erabilera izadiaren kontsiderazio arrazional honetan fisikoa edo hiperfisikoa da edo, hobeto esanda, imanentea edo transzendentea da. Lehena izadiaz arduratzen da, bere ezagutza esperientzian (in concreto) aplika daitekeen heinean; bigarrena, esperientzia oro gainditzen duen esperientziaren objektuen elkarloturaz. Horregatik, Fisiologia transzendente honek barneko edo kanpoko elkarlotura dauka objektutzat, biek, ordea, esperientzia ahalgarria gainditzen dute; hura, izadi osoaren Fisiologia da, h. d., munduaren ezagutza transzendentala, hau, berriz, izadi osoak izadiaz goitiko zerizan batekin duen bilkuraren Fisiologia, h. d., Jainkoaren ezagutza transzendentala.
Fisiologia imanenteak, aitzitik, izadia sentsuen objektu ororen multzo gisa kontsideratzen du, eta beraz, bera guri ematen zaigun moduan, baina bera oro har soilik eman ahal duten apriorizko baldintzen arabera. Halere, bi objektu besterik ez ditu. 1. Kanpoko sentsuenak, eta beraz, beren multzoa, izadi gorpuzduna. 2. Barneko sentsuaren objektua, arima, eta oro har bere oinarri-esakuneen arabera, izadi pentsatzailea. Izadi gorpuzdunaren Metafisikak Fisika izena du, baina bere ezagutzaren printzipioak a priori baino barnebiltzen ez dituenez, Fisika arrazionala. Izadi pentsatzailearen Metafisikak Psikologia izena du eta aipatutako arrazoiagatik hemen honetaz ezagutza arrazionala ulertzen da.
Ondorioz, Metafisikaren sistema osoa lau zati nagusiez osatzen da. 1. Ontologia. 2. Fisiologia arrazionala. 3. Kosmologia arrazionala. 4. Teologia arrazionala. Bigarren zatiak, hots, arrazoimen hutsaren izadiaren irakaspenak, bi sail barnebiltzen ditu, physica rationalis148 eta psychologia rationalis.
Arrazoimen hutsaren Filosofia baten jatorrizko ideiak ezartzen du sailkaketa hau; beraz, arkitektonikoa da bere funtsezko helburuen arabera, eta ez teknikoa soilik, ausaz hautemandako kidetasun eta, nolabait esateko, zoriaren araberakoa, eta horregatik, aldagaitza eta legegilea da. Hemen, ordea, ezbaiak sortzen dituzten eta bere legetasunaren uste osoa ahul dezaketen puntu batzuk aurkitzen dira.
Lehenik, nola itxaron dezaket apriorizko ezagutza, eta beraz, Metafisika, gure sentsuei ematen zaizkien, eta beraz, a posteriori ematen diren objektuez? Eta nola ezagut daiteke gauzen izaera apriorizko printzipioen arabera eta irits daiteke Fisiologia arrazionalera? Erantzuna: esperientziatik ez dugu guri objektu bat emateko beharrezkoa dena baizik hartzen, aldez, kanpoko sentsuen objektua, aldez, barneko sentsuaren objektua dena. Hura, materiaren adigai soilaren bitartez gertatzen da (hedadura bizigabe eta sartuezina), hau, zerizan pentsatzaile baten adigaiaren bitartez (barneko errepresentazio enpirikoan: «nik pentsatzen dut»). Gainerakoan, objektu hauetaz zerbait juzgatzearren adigaiari oraindik beste esperientziaren bat gaineratu nahiko lioken printzipio enpiriko oro erabat ekidin behar dugu objektu hauen Metafisika osoan.
Bigarrenik: non geratu da Psikologia enpirikoa, betidanik Metafisikan bere lekua baieztatu duena, eta zerbait a priori lortzeko itxaropena utzi ondoren gure garaian Metafisika argiztatzeko lanean hainbeste lagundu ahal zezakeena? Zera erantzuten dut: benetako izadiaren irakaspenak (enpirikoa) duen lekua dagokio, hots, Filosofia aplikatuaren aldea, zeinaren printzipioak Filosofia hutsak barnebiltzen dituen, eta beraz, harekin lotua dago, baina ez da berekin nahastu behar. Beraz, Psikologia enpirikoa Metafisikatik osorik erbesteratu behar da, eta bere ideiaren bitartez jadanik erabat baztertzen da. Hala ere, berari beti ere bertan lekutxo bat onartu beharko zaio eskolaren ohituraren arabera (nahiz behin behingoz besterik ez izan), eta gainera kausa ekonomikoengatik onartu beharko zaio, zeren ez baita oraindik berak bakarrik estudio bat osatzeko bezain aberatsa, nahiz eta bestalde bera osorik deuseztatzeko edo Metafisikarekin duena baino kidetasun gutxiago aurkituko lukeen beste nonbaiten atxikitzeko garrantzitsuegia den. Beraz, denbora baterako egona baino onartzen ez zaion arrotza da, harik eta Antropologia xehe batean (izadiaren irakaspen enpiriko baten parekoan) bere egoitza propioa lor dezakeen arte.
Hau da, beraz, Metafisikaren ideia orokorra. Hasieran bidezki eska liezaiokeena baino gehiago itxaroten zenez beretik eta denbora batez itxaropen atseginak dastatu dituenez, azkenean mesprezu orokorrean erori da, bere itxaropenean iruzurtua gertatu zelako. Gure kritikak egin duen bide guztia dela eta, honetaz aski konbentzitu izango ginateke: Metafisikak, Erlijioaren oinarria izan ezin den arren, hala ere, bere defentsa-arma gisa iraun behar duela; jadanik bere izaeraren norabidearen indarrez dialektikoa den giza arrazoimenak bera balaztatzen duen halako zientzia bat inoiz ezin duela itzuri, eta zientifikoa eta osoki argigarria den norbere buruaren ezagutzaren bitartez arrazoimen espekulatibo legegabeak bestela Moralean eta Erlijioan seguru egingo lituzkeen kalteak saihesten dituela. Beraz, honetaz seguru izan gaitezke: zientzia bat bere izaeraren arabera juzgatu beharrean bere beharbadako ondorioen arabera baino juzgatzen ez dakitenen axolagabekeria edo gutxiespena hainbestekoa izan arren, beti ere bertara itzuliko garela, maitalearengana itzultzen garen modu berean, berekin haserretxoa izan ondoren; zeren arrazoimenak, hemen funtsezko helburuekin zerikusia duenez, edo ikuskera zorrotzak lortzeko edo jadanik dauden ikuskera onen deuseztapena lortzeko lan egin behar baitu etengabe.
Guk egiazko adieran Filosofia dei diezaiokeguna Metafisikak osatzen du benetan, beraz, bai izadiarenak, baita ohiturarenak ere, eta bereziki bere hego propioekin ausartzen den arrazoimenaren kritikak, hots, ariketa gisa (propedeutikoki) aurretiaz doan kritikak. Honek dena jakinduriari lotzen dio, baina zientziaren bidearen bitartez, behin urratu ondoren inoiz ixten ez den eta desbideraketarik baimentzen ez duen bide bakarraren bitartez. Matematikak, Natur Zientziak, gizakien ezagutza enpiriko berak balio handia dute, gehienbat beharbadakoak diren baina azkenean beharrezkoak eta funtsezkoak gertatzen diren gizatasunaren helburuetarako baliabideak diren aldetik, baina, hainbestez, adigai soiletik abiatzen den arrazoimen-ezagutzaren arartekaritzaren bitartez besterik ez, nahi den moduan deitzen bazaio ere benetan Metafisika baino ez denaren bitartez.
Horregatik, Metafisika giza arrazoimenaren kultura ororen osaketa da, eta bera ezinbestekoa da, zientzia gisa helburu determinatu jakin batzuengan duen eragina alde batera utzi arren. Izan ere, arrazoimena kontsideratzen du zientzia batzuen ahalgarritasuna eta denen erabileraren oinarrian egon behar duten bere osagai eta maxima gorenen arabera. Espekulazio soila den aldetik, ez dio kalterik egiten bere balioari errakuntzak saihesteko ezagutza hedatzeko baino gehiago balio izateak, baizik duintasuna eta autoritatea ematen dio zentsura-karguaren bitartez, zeinak ordena orokorra eta harmonia segurtatzen dituen, baita zerizan komun zientifikoaren ongizatea ere, eta bere landualdi ausarta eta emankorra zorion orokorraren helburu nagusitik urruntzea saihesten duen.