Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/2.atalburua. Arrazoimen hutsaren kanona

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
2. atalburua. Arrazoimen hutsaren kanona
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

2. atalburua. Arrazoimen hutsaren kanona

Giza arrazoimenarentzat umilgarria da bere erabilera hutsean ezer ez lortzea eta, gainera, diziplina bat behar izatea bere bitxikeriak neurtu eta bertatik datozkion itxurapenak saihesteko. Bestalde, ordea, berriro goratzen du eta bere buruan konfiantza ematen dio diziplina hori norberak erabili ahal eta behar izateak bere gaineko beste zentsurarik onartu gabe, halaber, erabilera espekulatiboan ezartzera behartuta dagoen mugak, aldi berean, aurkako bakoitzaren handiuste sofistikoak zedarriztatzeak, eta beraz, aurretik puztu zituen eskakizunetatik gera ahal zitekeen guztia eraso ororen aurka segurtatu ahal izateak. Arrazoimen hutsaren Filosofia ororen onura handiena, eta agian bakarra, beraz, negatiboa besterik ez da; hain zuzen, ez organon gisa hedapenerako, baizik diziplina gisa mugen determinaziorako balio duela, eta egia aurkitu beharrean errakuntzak sahiestearen merezimendu isila baino ez duela.

Hala ere, nonbait arrazoimen hutsaren lurraldean kokatzen diren ezagutza positiboen iturri batek egon behar du eta hauek agian gaizki-ulertzeagatik baino ez dute ematen errakuntzak egiteko aukera, nahiz, egitatean, arrazoimenaren irrikaren xedea osatzen duten. Izan ere, zein arrazoiri egotzi behar zaio bestela esperientziaren mugez goiti nonbait irmoki oin hartzeko irrika aseezina? Aldean interes handia dakarten objektuak iragartzen ditu. Espekulazio soilaren bidea urratzen du haiei hurbiltzeko; baina haiek ihes egiten diote. Ustez itxaron ahal izango da geratzen zaion bide bakarrean zori hobeagoa izan dezan, hots, erabilera praktikoan.

Kanon batez oro har ezagumen jakin baten erabilera zuzenaren apriorizko oinarri-esakuneen multzoa ulertzen dut. Horrela, Logika orokorra bere zati analitikoan oro har adimenarentzako eta arrazoimenarentzako kanon bat da, baina formaren arabera besterik ez, izan ere, eduki oroz abstraitzen baitu. Horrela, Analitika transzendentala adimen hutsaren kanona zen; izan ere, berak baino ezin ditzake izan egiazkoak diren apriorizko ezagutza sintetikoak. Indar ezagutzaile baten erabilera zuzena ezinezkoa bada, ordea, orduan ez dago kanonik. Arrazoimen hutsaren ezagutza sintetiko oro bere erabilera espekulatiboan erabat ezinezkoa da orain arte aipatutako froga ororen arabera. Beraz, bere erabilera espekulatiboaren kanonik ez dago (izan ere, hau erabat dialektikoa baita), baizik Logika transzendental oro zentzu honetan diziplina baino ez da. Ondorioz, edonon arrazoimen hutsaren erabilera zuzenik badago, kasu horretan bere kanon batek egon beharko du, eta orduan honek ez du zerikusirik izango arrazoimenaren erabilera espekulatiboarekin, baizik praktikoarekin, eta hau da guk orain aztertu nahi duguna.

Arrazoimen hutsaren kanonaren Lehen atala Gure arrazoimenaren erabilera hutsaren azken helburuaz

[aldatu]

Arrazoimena bere izaeraren joerak bultzatzen du esperientzian duen erabileraz goiti joatera, erabilera huts batean eta ideia soilen bitartez ezagutza ororen muga urrunenez goiti ausartzera, eta atsedena lehen-lehenik bere zirkulua osatu ondoren soilik aurkitzera berez dirauen osoki sistematiko batean. Gura hau bere interes espekulatiboan soilik oinarritzen ahal da edo, aitzitik, praktikoan besterik ez?

Hemen alde batera utzi nahi dut arrazoimen hutsak alde espekulatiboan duen zoria, eta bere eginkizunez soilik galdetuko dut, zeinen osaketak arrazoimenaren azken helburua osatzen duen –hau lortu edo ez lortu-, eta beraz, beraien aldean beste denak baliabidearen balioa baino ez duen eginkizunez galdetuko dut. Arrazoimenaren izaerari jarraiki helburu goren hauek batasuna izan beharko dute era berean, honela gizatasunaren interesa, interes garaiago bati menperatzen ez zaion interesa, bateraturik sustatzeko.

Azkenik, arrazoimenaren espekulazioak erabilera transzendentalean begiztatzen duen azken asmoak hiru objektuekin du zerikusia: nahimenaren askatasuna, arimaren hilezkortasuna eta Jainkoaren izatea. Arrazoimenak hiru hauetan duen interes espekulatibo soila oso txikia besterik ez da, eta honi dagokionez zailki hartuko litzateke ikerkuntza transzendentalaren lan nekagarria, etengabeko oztopoekin borrokatu behar duen lana, zeren honen gainean egin ahal izango liratekeen aurkikuntza guztiak ezin baitute frogatu bere erabileraren onura in concreto, h. d., izadiaren ikerkuntzan. Nahimena askea izan daiteke, baina hau gure nahi izatearen kausa inteligiblearen kontua besterik ez da. Izan ere, bere adierazpenen fenomenoekin, h. d., ekintzekin zerikusia duenari dagokionez, hau ezin dugu inoiz izadiko beste agerpenen gisara baino, hots, bere lege aldagaitzen arabera baino argitu, alegia, oinarrizko maxima haustezin bati jarraiki, hau gabe ezingo baikenuke arrazoimena aplikatu erabilera enpirikoan. Baliteke, bigarrenik, arimaren espirituzko izaera (eta berekin batera bere hilezkortasuna) aditu ahal izatea, baina ezin da horregatik bizitza honen agerpenez argiztapenik eman, argiketa-oinarri gisa, ezta geroko egoeraren egitura bereziaz ere, zeren gorpuzgabeko izaera baten gure adigaia negatiboa baino ez baita eta honek gure ezagutza ez baitu deus ere hedatzen, ez du ondorioztapenetarako ekai egokirik ere eskaintzen, asmakuntzatzat jotzen direnentzat soilik izan ezik, Filosofiak, ordea, baimentzen ez dituenak. Hirugarrenik, inteligentzia goren baten izatea frogatu izan balitz, hortik abiatuta ulergarria egingo genuke munduaren egituraren eta ordenaren helburua orokorrean, baina inolaz ere ez litzaiguke zilegi hortik antolaketa eta ordena bereziren bat eratortzea, ezta hauek inferitzea ere hautematen ez badira, zeren arrazoimenaren erabilera espekulatiboaren beharrezko erregela baita izadiaren kausak ez saihestea eta esperientziaren bitartez irakatsia izan zaiguna uztea, horrela guk ezagutzen dugun zerbait gure ezagutza oro osoki gainditzen duen zerbaitetik abiatuta eratortzearren. Hitz batean, hiru esakune hauek beti transzendenteak diraute arrazoimen espekulatiboarentzat eta ez dute erabilera imanenterik, h. d., esperientziaren objektuentzat onargarria den, eta beraz, guretzat nolabait onuragarria litzatekeen erabilerarik, baizik beren baitan kontsideratuta gure arrazoimenaren ahaleginak dira, guztiz alferrikakoak, eta gainera, erabat nekezak diren ahaleginak.

Ondorioz, baldin eta hiru funtsezko esakuneak jakiteko inolaz ere behar ez baditugu eta, hala ere, gure arrazoimenak temati gomendatzen badizkigu, orduan beren garrantzia benetan alor pratikoaren kontua baino ezin da izan.

Praktikoa askatasunak ahalbidetzen duen guztia da. Gure hautamen askearen aplikazioaren baldintzak enpirikoak badira, orduan arrazoimenak hor erabilera erregulatzailea baino ezin du izan eta lege enpirikoen batasuna eragiteko baino ez du balio, adibidez, azkartasunaren irakaspenean gure joerek ematen diguten helburu ororen bateratasuna helburu batean biltzeko, hain zuzen, zoriontasunean biltzeko, eta bertara iristeko baliabideen adostasunak osatzen du arrazoimenaren zeregin osoa, zeinak, horregatik, jokaera askearen lege pragmatikoak baino ezin dituen hornitu sentsuek gomendatzen dizkiguten helburuen lorpenerako, ez, ordea, erabat a priori determinatuta dauden lege hutsak. Aitzitik, lege praktiko hutsak, arrazoimenak osoki a priori ematen duen helburua dutenak, ez enpirikoki baldintzaturik, baizik erabat agintzen duten legeak, arrazoimen hutsaren produktuak dira. Halakoak dira, ordea, lege moralak, eta beraz, hauek baino ez dagozkio arrazoimen hutsaren erabilera praktikoari, eta hauek kanon bat baimentzen dute.

Arrazoimenaren zuzkidura osoa Filosofia hutsa dei dakiokeen landualdian egitatean aipatu diren hiru arazoetara bideratzen da. Hauek berek, ordea, era berean asmo urrunagoa dute, hots, ea zer egin behar den, baldin eta nahimen askea, Jainkoa eta geroko mundua badaude. Honek helburu gorenaz dugun jokaera ukitzen duenez gero, orduan izadi jakintsu eta arduratsuaren azken asmoa benetan gure arrazoimenaren antolaketan arlo moralari baino ez dagokio.

Zuhur izatea beharrezkoa da, ordea, Filosofia transzendentalari arrotza zaion145 objektuari begi ematean, digresioetan ez sakabanatu eta sistemaren batasuna ez haustearren, bestalde, baita bere ekai berriaz gutxiegi dioen heinean ere, honi nabaritasuna edo uste osoan ezer falta ez dakion. Biak lortzea itxaroten dut, arlo transzendentaletik ahalbait gertu atxikiz eta bertan psikologikoa, h. d., enpirikoa izan litekeena guztiz baztertuz.

Eta hemen zera oharrarazi behar dut: oraingoz, askatasunaren adigaia adiera praktikoan besterik ez dudala erabiliko, eta hemen askatasuna esanahi transzendentalean, agerpenen argiketa-oinarri gisa enpirikoki aurresuposatu ezin dena, aitzitik, arrazoimenarentzat arazo bat den askatasuna alde batera uzten dut, gorago esan bezala. Hautamen bat, hain zuzen, aberezkoa besterik ez da (arbitrium butrum) sentsuzko estimuluen bitartez, h. d., patologikoki baino ezin bada determinatu. Halere, sentsuzko estimuluetatik beregainki, eta beraz, arrazoimenak errepresentatzen dituen kausa eragileen bitartez soilik determina daitekeenak hautamen askea (arbitrium liberum) izena du, eta honekin loturan dagoen guztiari, oinarri nahiz ondorio gisa, praktikoa deitzen zaio. Askatasun praktikoa esperientziaren bitartez froga daiteke. Izan ere, giza hautamena ez du zirraratzen duenak soilik determinatzen, h. d., sentsuak zuzenki afektatzen dituenak, baizik gure sentsuzko desiramenaren zirrarak gainditzeko ahalmena daukagu gutxi bada ere onuragarria edo kaltegarria zaigunaren errepresentazioen indarrez; gure egoera osoari begira desiragarria denari, h. d., onuragarria edo kaltegarria denari buruzko gogoetak arrazoimenean funtsatzen dira. Horregatik, honek legeak ere ematen ditu, inperatiboak direnak, h. d., askatasunaren lege objektiboak, eta gertatu behar duena adierazten dutenak, nahiz agian hau inoiz ez gertatu, eta horretan bereizten dira gertatzen denaz aritzen diren izadiaren legeetatik, eta hau da, era berean, haiei lege praktikoak deitzearen zergatia.

Ea, ordea, arrazoimena bera legeak ezartzeko ekintzetan era berean bestelako eraginengatik determinatua ez ote dagoen, eta sentsuzko estimuluei dagokienez askatasuna deitzen zaion hori ea goragoko eta urrunagoko kausa arazleei dagokienez ez ote den berriro izadia, hau ez da gure kontua arlo praktikoan, arrazoimenari jokaeraren arauari buruz soilik galdetzen diogun heinean, baizik galdekizun hau espekulatiboa besterik ez da, eta alde batera utz dezakegu, gure asmoa ekitera edo ekiteari uztera bideratzen den heinean. Beraz, askatasun praktikoa esperientziaren bitartez ezagutzen dugu izadiaren kausetako bat gisa, hots, arrazoimenaren kausalitatea nahimenaren determinazioan ezagutzen dugu; bestalde, ordea, askatasun transzendentalak arrazoimen hau bera sentsuen munduaren kausa determinatzaile orotatik beregaina izatea eskatzen du (bere kausalitateari dagokionez agerpenen ilara bat hastearren), eta hainbestez, izadiaren legeen aurka, eta beraz, esperientzia ahalgarri ororen aurka dagoela dirudi, eta beraz, arazo bat dirau. Halere, arazo hau ez dagokio arrazoimenari erabilera praktikoan, beraz, gure autugaia arrazoimen hutsaren kanon batean bi galdekizun besterik ez dira, arrazoimen hutsaren interes praktikoarekin zerikusia dutenak, hots, Jainkorik ba al dago? Geroko bizitzarik ba al dago? Galdekizun hauetan arrazoimenaren erabileraren kanon batek ahalgarria izan behar du. Askatasun transzendentalari buruzko galdekizunak jakintza espekulatiboa baino ez du ukitzen, eta guk axolagabe gisa alde batera bazter dezakegu arlo praktikoaz ari garenean, eta honi buruzko argiketa gogobetegarria arrazoimen hutsaren antinomian aurki daiteke.

Arrazoimen hutsaren kanonaren Bigarren atala Ongi gorenaren idealaz, arrazoimen hutsaren azken helburuaren determinazio-oinarri gisa

[aldatu]

Arrazoimenak esperientzien alorrean zehar gidatu gintuen bere erabilera espekulatiboan, eta bertan bera inoiz osoki gogobete ezin denez gero, orduan hortik ideia espekulatiboetara gidatzen gintuen, zeinek, ordea, berriro esperientziara itzularazten gintuzten, eta beraz, beren asmoa era onuragarrian bai baina gure itxaropenari erantzun gabe betetzen zuten. Hortaz, saialdi bat geratzen zaigu: ea arrazoimen hutsa erabilera praktikoan ere aurki ote dezakegun, ea bertan orain aipatu ditugun arrazoimen hutsaren helburu gorenak lortzen dituzten ideietara gidatzen ote duen eta ea, beraz, arrazoimenak bere interes praktikoaren ikuspegitik ezin ote duen bermatu ikuspegi espekulatiboari dagokionez erabat ukatzen duena.

Nire arrazoimenaren interes oro (espekulatiboa zein praktikoa) datozen hiru galdekizunetan biltzen da:

1. Zer jakin dezaket?

2. Zer egin behar dut?

3. Zer itxarotea sori zait?

Lehen galdekizuna espekulatiboa baino ez da. Bere erantzun ahalgarri oro ahitu dugu (horrela izan dela uste dut) eta, azkenik, arrazoimena gogobetetzen duten erantzun haiek aurkitu ditugu, eta arlo praktikoa kontuan ez bada hartzen, orduan kontent izateko arrazoia ere badauka; hala ere, erantzunak arrazoimen hutsaren ahalegin osoak begiztatzen dituen bi helburu handienetatik urrun geratu dira, erosotasunagatik lan hau hasiera batetik ukatu izan bagenu bezain urrun. Beraz, autugaia jakintza denean, orduan hau bederen segurua da eta erabakita dago, alegia, jakintza inoiz ez zaigula emana izango bi eginkizun haiei dagokienez.

Bigarren galdekizuna praktikoa baino ez da. Praktikoa den heinean, arrazoimen hutsaren galdekizuna da, baina, hainbestez, ez da transzendentala, morala baizik, eta beraz, gure kritikak bere baitan ezin du honetaz jardun.

Hirugarren galdekizuna, hots, nik egin behar dudana egiten badut, hainbestez, zer itxarotea sori zaidan, praktikoa eta teoretikoa da aldi berean, halako moldez, non alde praktikoak gida-hari gisa soilik gidatzen baikaitu galdekizun teoretikoaren erantzunera, eta hau goratzen bada espekulatiboaren erantzunera. Izan ere, itxarote orok zorionarekin du zerikusia, eta bera arlo praktikoari eta ohituren legeari dagokienez jakintza eta izadiaren legea gauzen ezagutza teoretikoari begira diren gauza bera da. Hura, azkenean, inferentzia honetan biltzen da: zerbait dela (azken helburu ahalgarria determinatzen duena) zerbait gertatu behar delako; hau, berriz, honetan: zerbait dela (kausa goren gisa eragiten duena) zerbait gertatzen delako.

Zoriona gure joera guztien gogobetea da (bai extensive bere anizkuntasunaren arabera, bai intensive mailaren arabera, baita protensive ere luze-laburraren arabera). Zorionaren eragileetatik abiatzen den lege praktikoari pragmatikoa deitzen diot (azkartasunaren erregela); zoriontsu izateko duintasuna baino ez duenari eragiletzat, berriz, morala deitzen diot (ohituren legea). Lehenak zer egin behar den gomendatzen digu, baldin eta zoriona lortu nahi badugu; bigarrenak zorionaren duin bihurtzeko nola jokatu behar dugun baino ez du agintzen. Lehena printzipio enpirikoetan oinarritzen da; izan ere, ezin dut jakin zein joera diren gogobete behar direnak, ezta zein diren gogobetea eragin ahal dezaketen izadiaren kausak ere, esperientziaren bitartez izan ezik. Bigarrenak joerez eta hauek gogobetetzeko izadiaren baliabideez abstraitzen du, eta oro har arrazoizko zerizan baten askatasuna eta bera printzipioen araberako zorionaren banaketarekin bat etortzeko beharrezko baldintza bakarrak besterik ez ditu kontsideratzen, eta hainbestez, arrazoimen hutsaren ideia soiletan bederen funtsa daiteke, eta beraz, a priori ezagut daiteke.

Lege moral huts bat benetan badagoela onartzen dut, ekitea eta ekiteari uztea, h. d., arrazoizko zerizan baten askatasunaren erabilera guztiz a priori determinatzen duena (zio enpirikoak, h. d., zoriona kontuan hartu gabe), eta lege hauek absolutuki agintzen dutela (ez hipotetikoki soilik, beste helburu enpirikoen aurresuposiziopean), eta beraz, zentzu orotan beharrezkoak direla onartzen dut. Esakune hau bidezki aurresuposa dezaket, moralista ilustratuenen frogetara ez ezik, edozein gizakiren judizio etikora ere jotzen dudan heinean, honek halako legea nabariki pentsatu nahi duenean.

Beraz, arrazoimen hutsak esperientziaren ahalgarritasunaren printzipioak barnebiltzen ditu, hots, arau etikoen arabera gizakiaren historian gerta litezkeen ekintzak, ez bere erabilera espekulatiboan, baina bai erabilera praktiko jakin batean, hots, moralean. Izan ere, halakoak gertatu behar dutela agintzen duenez, orduan hauek gertatu ahal izan behar dute, eta beraz, batasun sistematikoaren era berezi batek, hots, batasun moralak ahalgarria izan behar du, baina arrazoimenaren printzipio espekulatiboen araberako izadiaren batasun sistematikoa ezin izan zen frogatu, zeren arrazoimenak kausalitatea baitu askatasunari dagokionez, baina ez izadia osoari dagokionez, eta arrazoimenaren printzipio moralak ekintza askeak sor baititzakete, baina ez izadiaren legeak. Beraz, arrazoimen hutsaren printzipioak errealitate objektiboa dute beren erabilera praktikoan eta, bereziki, moralean.

Munduari, lege etiko ororen araberakoa izango litzatekeen heinean, mundu morala deitzen diot (arrazoizko zerizanaren askatasunaren arabera izan daitekeen bezala eta etikotasunaren beharrezko legeen arabera izan behar duen bezala). Hau, hainbestez, mundu inteligible gisa soilik pentsatzen da, zeren bertan baldintza oroz (helburuez) eta moraltasunaren oztopo guztiez ere (giza izaeraren ahultasunaz edo ustelkeriaz) abstraitzen baita. Hainbestez, ideia soila da, baina praktikoa, eta benetan eragina izan ahal eta behar du sentsuen munduan, bera ideia horien ahalbait antzekoa bihurtzearren. Mundu moralaren ideiak, hainbestez, errealitate objektiboa du, ez begiespen inteligiblearen objektu baterantz joango balitz bezala (halakorik ezin dut pentsatu), baizik sentsuen mundurantz, baina arrazoimen hutsaren objektua bezala bere erabilera praktikoan eta arrazoizko zerizanaren corpus mysticum bat bezala bertan, bere hautamen askeak lege moralen menpean dagoenean bere buruarekin zein beste askatasun ororekin bere baitan batasun sistematiko osoa daukan heinean.

Hau zen interes praktikoa ukitzen duten arrazoimen hutsaren bi galdekizun haietako lehenari erantzuna: egin ezazu zoriontsu izateko duin bihurtuko zaituena. Bigarrenak zera galdetzen du: zoriona izateko duineza ez naizen moduan jokatzen baldin badut, sori ahal zait horren bidez bera lortu ahal izango dudala itxarotea? Bere erantzuna honen menpean dago: ea legea a priori ezartzen duten arrazoimen hutsaren printzipioek itxaropen hori ere halabeharrez honekin elkarlotzen duten.

Ondorioz zera diot: printzipio moralak arrazoimenaren arabera beren erabilera praktikoan beharrezkoak direla eta era berean haiek arrazoimenaren arabera beren erabilera teoretikoan ere onartzea beharrezkoa gertatzen dela; edonork zoriona itxaroteko arrazoia bera jasotzeko duin bihurtu den neurri berberan duela, eta beraz, etikotasunaren sistema zoriontasunarekin bereiztezinki lotua dagoela, baina arrazoimen hutsaren ideian besterik ez.

Mundu inteligible batean, h. d., mundu moralean, bere adigaian etikotasunaren oztopo denez (joerez) abstraitzen dugunez, moraltasunarekin egokiro lotutako zorionaren sistema beharrezkoa dela pentsa daiteke, zeren lege etikoaren bitartez aldez bizkortutako eta aldez murriztutako askatasuna bera bailitzateke zorion orokorraren kausa, eta beraz, arrazoizko zerizan bera da halako prinzipioen gidarekin bere ongizate propioaren eta, aldi berean, besteen ongizate iraukorrenaren kausa. Hala ere, bere burua saritzen duen moraltasun honen sistema ideia bat besterik ez da, zeinaren egikaritza bakoitzak egin behar duena egitean funtsatzen den, h. d., arrazoizko zerizanen ekintza guztiak hautamen pribatu oro bere baitan edo bere menpean jasotzen dituen nahimen goren batetik sortuko balira bezala gertatzen direla. Halere, lege moraletik sortzen den beharrak baliogarria izaten irauten duenez gero askatasunaren erabilera berezi ororako, besteek lege horren arabera ez jokatu arren, orduan ez munduko gauzen izaerak ezta ekintza beren kausalitateak eta beraiek etikotasunarekin duten hartuemanek ere ez dute determinatzen ea bere ondorioak nola jokatzen duten zorionari dagokionez, eta zoriontsu izateko itxaropenak zorionaren duin bihurtzearen ezinbesteko ahaleginarekin duen beharrezko elkarlotura hori ezin da arrazoimenaren bitartez ezagutu, baldin eta izadia soilik ezartzen bada oinarrian, aitzitik, lege moralen arabera agintzen duen arrazoimen goren bat aldi berean izadiaren kausa gisa oinarrian ezartzen bada soilik sori da hori itxarotea.

Halako inteligentziaren ideiari, bertan moralki beteginena den nahimena zorion gorenarekin loturik munduko zorion ororen kausa denez, ongi gorenaren ideala deitzen diot, etikotasunarekin hartueman zehatzean dagoen heinean. Beraz, arrazoimen hutsak jatorrizko ongi gorenaren idealean baino ezin dezake aurkitu eratorritako ongi gorenaren bi osagaien beharrezko elkarlotura praktikoaren oinarria, hots, mundu inteligiblea, h. d., mundu morala. Halabeharrez, arrazoimenaren bitartez halako mundukoak bagina bezala errepresentatu behar garenez gero, nahiz sentsuek guri agerpenen mundua baino ez diguten aurkezten, orduan hura sentsuen munduko gure joeraren ondorio gisa onartu behar dugu, eta honek guri halako elkarlotura eskaintzen ez digunez, guretzat geroko mundua izango balitz bezala ere bai. Jainkoa, beraz, eta geroko mundua, arrazoimen hutsari jarraiki arrazoimen berak ezartzen digun beharretik banandu ezin diren bi aurresuposizio dira.

Etikotasunak sistema bat osatzen du bere baitan, baina ez zorionak, moraltasunari zehazki egokituz banatua izan ezean. Hau, ordea, mundu inteligiblean besterik ezin da gertatu sortzaile eta gobernari jakintsu baten menpean. Halakoa onartzera behartuta dago arrazoimena, halako munduko bizitzarekin batera, gerokoa bezala ikusi behar duguna, edo bestela lege moralak burutazio hutsal gisa begiztatzera behartuta legoke, zeren arrazoimen berak haiekin elkarlotzen duen bere beharrezko emaitzak aurresuposizio hura gabe desargertu egin behar baitu. Horregatik hartzen ditu edonork lege moralak era berean manamendutzat, ezin izango liratekeenak, a priori egokiak diren ondorioak beren erregelarekin elkarlotuko ez balituzte, eta beraz, aginduak eta amenazuak ez balekartzate aldean. Hau, ordea, ezin dute egin ongi gorena den beharrezko zerizanean ez badautza, honek soilik ahalbidetu baitezake halako batasun helburuduna.

Leibnizek munduari graziaren erresuma deitzen zion, bertan arrazoizko zerizana eta lege moralen araberako bere bilkura eta ongi gorenaren gobernua soilik kontsideratzen diren heinean, eta bera izadiaren erresumatik ezberdintzen zuen, non arrazoizko zerizan haiek lege moralen menpean badaude ere beren jokaeraren beste emaitzarik ez duten itxaroten, gure sentsuen munduko izaeraren ibilbidearen araberakoa izan ezik. Norbere burua, beraz, graziaren erresuman ikustea– non zorion orok itxaroten gaituen, bera lortzea zoriontsu izateko duintasun ezaren bitartez geuk murrizten ez badugu behintzat– arrazoimenaren beharrezko ideia praktikoa da.

Lege praktikoek, aldi berean ekintzen oinarri subjektiboak bihurtzen diren heinean, h. d., oinarri-esakune subjektiboek, maximak izena dute. Etikotasunaren juzgaketa bere araztasunari eta ondorioei dagokienez ideien arabera gertatzen da eta bere legeen betetzea maximen arabera.

Beharrezkoa da gure bizitzaren joan-etorri denak maxima etikoei menperatzea; aldi berean, ordea, hau gertatzea ezinezkoa da, arrazoimenak ideia soila den lege moralari kausa arazlea ez baldin badio elkarlotzen, zeinak joan-etorri haiei gure helburu gorenari dagokion emaitza determinatzen dien jokaeraren arabera, dela bizitza honetan, dela beste batean. Beraz, Jainkorik gabe eta guretzat orain ikustezina den baina itxaroten dugun beste mundurik gabe etikotasunaren ideia jatorrak onarpenaren eta mirespenaren objektuak dira, baina ez intentzioaren eta ariketaren eragileak, ez baitute betetzen arrazoizko zerizan bakoitza berez eta arrazoimen hutsa beraren bidez a priori determinatzen duen eta beharrezkoa den helburu osoa.

Zoriona bere kabuz ez da inolaz ere ongi konplitua gure arrazoimenarentzat. Arrazoimenak halakorik ez du onartzen (joerak hau hainbeste desiratzen duen arren), harik eta zoriontsu izateko duintasunarekin, h. d., jokaera on etikoarekin bateratzen ez den arte. Etikotasuna bere kabuz eta zoriontsu izateko duintasun soila ez dira inolaz ere ongi osoa. Hau osatzeko, era duinezean jokatu ez duenak zoriona lortzea itxaron ahal izan behar du. Asmo pribatu orotatik aske dagoen arrazoimen berak ezingo luke bestela juzgatu bere interes propioa baztertu eta zoriontasun guztia besteei banatuko liekeen zerizan baten lekuan jartzen bada; izan ere, ideia praktikoan bi aldeak funtsezko moduan daude lotuak, baina intentzio moralak, baldintza den aldetik, zoriona lortzea ahalbidetzen duelarik, eta ez alderantziz, zorionaren ikuspegiak intentzio morala. Izan ere, azken kasuan intentzioa ez litzateke morala, eta beraz, ezta zoriontasun guztia izateko duina ere; zoriontasunak arrazoimenaren aurrean ez du beste zedarriztapenik ezagutzen, etikoa ez den gure jokaeratik sortzen dena izan ezik.

Beraz, mundu baten ongi gorena arrazoizko zerizanaren etikotasunarekin proportzio zuzenean dagoen zoriontasunak eratzen du, horrela arrazoizko zerizanak zorionaren duin bihurtzen direla, eta mundu horretan kokatu behar gara arrazoimen huts baino praktikoaren arauen arabera, eta mundu hau, noski, inteligiblea besterik ez da, sentsuen munduak gauzen izaeraz halako batasun sistematikoa ez baitigu agintzen, honen errealitatea jatorrizko ongi goren baten aurresuposizioan soilik oinarritzen denez, zeren arrazoimen beregainak oinarritu, atxiki eta betetzen baitu kausa goren baten onargarritasunarekin hornituta eta helburutasun beteginenaren arabera gauzen ordena orokorra, sentsuen munduan oso ezkutatua badago ere.

Teologia moral honek espekulatiboaren aldean abantaila berezi hau du: berak ezinbestean jatorrizko zerizan bakar, orobetegina eta arrazoizkora gidatzen duela; Teologia espekulatiboak, aitzitik, oinarri objektiboetatik abiatuta ere ezingo gintuen inoiz hau erakutsi, are gutxiago honetaz konbentzitu. Izan ere, ez Teologia transzendentalean, ezta Natur Teologian ere, ez dugu aurkitzen oinarri esanguratsurik, arrazoimenak beraietan hain urrun gida gaitzakeen arren, izadiaren kausa ororen aurretiazko zerizan bakar bat onartzeko, zeinari, aldi berean, izadiaren kausa hauek zati guztietan menperatzeko arrazoi aski izango genukeen. Aitzitik, batasun etikoaren ikuspuntutik, munduaren beharrezko legea den heinean, honi efektu egokia soilik eman diezaiokeen kausa, eta beraz, behartzen gaituen indarra eman diezagukeen kausa kontsideratzen badugu, orduan lege hauek denak bere baitan jasotzen dituen nahimen goren bakar batek izan behar du. Izan ere, nola nahiko genuke aurkitu helburuen batasun betegina nahimen ezberdinen artean? Nahimen honek ahalguztiduna izan behar du, izadi osoa eta honek munduan etikotasunarekin duen harremana berari menperatzeko; orojakilea, intentzioen alde barnekoena eta bere balio morala ezagutzeko; oropresentea, munduaren ongi gorenak eskatzen dituen behar denetatik hurbil-hurbil egoteko; betierekoa, ezein denboratan izadia eta askatasunaren adostasun hau falta ez izateko, eta abar.

Hala ere, izadi soila gisa sentsuen mundua baino ez den eta askatasunaren sistema gisa mundu inteligiblea, h. d., morala (regnum gratiae) dei dakiokeen inteligentzien mundu honetako helburuen batasun sistematiko honek osoki handi hau osatzen duten gauza ororen batasun helburudunera gidatzen du ezinbestean izadiaren lege orokorraren arabera, lehenak ohituren lege orokor eta beharrezkoen arabera egiten duen legez, eta arrazoimen praktikoa espekulatiboarekin bateratzen du. Mundua ideia batetik sortua balitz bezala errepresentatu behar da, arrazoimenaren erabilera honekin adostu behar badu, h. d., erabilera moralarekin, hau gabe arrazoimena izateko duintasunik ez genukeela pentsatuko baikenuke, eta beraz, osorik ongi gorenaren ideian funtsatzen den erabilerarekin adostu behar du. Horren bitartez, izadiaren ikerketa orok norabide bat hartzen du helburuen sistema baten formaren arabera eta bere hedapen handienean Teologia fisikoa bihurtzen da. Hau ordena etikotik abiatu denez, ordea, askatasunaren funtsean oinarritutako batasun gisa, eta ez kanpoko manamenduez ausaz eratutako batasun gisa, orduan izadiaren helburutasuna a priori gauzen barneko ahalgarritasunarekin bereiztezinki elkarlotuta izan behar duten oinarrietara bideratzen du eta horren bitartez Teologia transzendental batera, zeinak betegintzarre ontologiko gorenaren ideala izadiaren lege orokor eta beharrezkoen arabera gauza guztiak elkarlotzen dituen batasun sistematikoaren printzipio bat balitz bezala hartzen duen, zeren gauza horiek denek jatorria jatorrizko zerizan baten beharrezkotasun absolutuan baitute.

Gure adimena nola erabil dezakegu, baita esperientziari dagokionez ere, geure buruari helbururik ez badiogu ezartzen? Helburu gorenak, ordea, moraltasunarenak dira eta hauek arrazoimen hutsak baino ezin diezazkiguke ezagutarazi. Helburu hauek izan ahala, eta beren gida-hariarekin, izadi beraren ezagupenaren ezein erabilera helburudun ezin dugu egin ezagutzari dagokionez, izadia berak batasun helburuduna sortu ezean; izan ere, hau gabe ez genuke arrazoimenik, zeren beretzako eskolarik ez baikenuke eta halako adigaientzako ekaia eskain liezaguketen objektuen bidezko kulturarik ere ez. Halere, batasun helburudun hura beharrezkoa da eta hautamenaren funtsean bertan oinarritzen da, beraz, bere aplikazioa in concreto egiteko baldintza barnebiltzen duen honek ere izan behar du, eta horrela, gure arrazoimen-ezagutzaren goraketa transzendentala ez litzateke arrazoimen hutsak ezartzen digun helburutasun praktikoaren kausa izango, baizik efektua besterik ez.

Beraz, giza arrazoimenaren historian ere zera aurkitzen dugu: adigai moralak askiro araztu, determinatu eta beren araberako helburuen batasun sistematikoa aditu ziren aurretik ere, beharrezko printzipioetatik abiatuta aditu ere, izadiaren ezagupenak eta arrazoimenaren kulturaren maila garrantzitsuak beste zenbait zientziatan, aldez, jainkotasunaren adigai zakar eta xaloak soilik sor ditzaketela, aldez, galdekizun hauei dagokienez oro har axolagabetasun harrigarria besterik ez dutela sortzen. Gure Erlijioaren ohituren lege zeharo hutsaren bidez beharrezkoa bihurtuko litzatekeen ideia etikoen landualdi handiagoak arrazoimena zorroztuko luke objektuari dagokionez, beraz interesa izatea behartuz, eta izadiaren ezagutza hedatuaren eta ikuskera transzendental zuzen eta konfiantzazkoaren laguntzarik gabe (garai orotan falta izan zaizkigunak) jainkotiar zerizan baten adigaia sortu zuten, guk orain zuzentzat jotzen duguna, ez arrazoimen espekulatiboak bere zuzentasunaren uste osoa ematen digulako, baizik bera arrazoimenaren printzipio moralekin osorik ados dagoelako. Eta horrela, azkenean, arrazoimen hutsak baino ez dauka, bere erabilera praktikoan izan arren, espekulazioak soilik irudikatu bai baina onartu ezin duen ezagupena gure interes gorenarekin elkartzeko merezimendua, eta horren bitartez, ez dogma demostratu bat, baina bai bere funtsezko helburuetan behar-beharrezkoa den aurresuposizioa bihurtzeko merezimendua.

Arrazoimen praktikoak puntu goren hau lortu duenean, hots, jatorrizko zerizan baten adigaia ongi goren gisa, orduan ez du pentsatu behar bere aplikazioaren baldintza enpiriko oro gainditu denik eta objektu berrien ezagutza zuzenera igo denik, adigai honetatik abiatu eta lege moral beraiek bertatik eratortzearren. Izan ere, hauen barneko beharrezkotasun praktikoak gidatu gaituzte, hain zuzen, kausa beregain baten edo munduaren gobernari jakintsuaren aurresuposiziora, lege haiei eragina ematearren, eta horregatik, hau egin ondoren, ezin ditugu berriro beharbadako eta nahimen soiletik eratorritako lege gisa begiztatu, bereziki beraz ezein adigairik izango ez genukeen nahimen batetik eratorriak balira bezala, baldin eta nahimen hau lege haien arabera eratu ez bagenu. Arrazoimen praktikoak gu gidatzeko eskubidea duen heinean, ekintzak ez ditugu behartuak bezala ikusiko Jainkoaren manamenduak direlako, aitzitik, Jainkoaren manamendutzat hartuko ditugu gure barnetik horretara behartuak garelako. Askatasuna batasun helburudunaren menpean estudiatuko dugu arrazoimenaren printzipioen arabera, eta arrazoimenak ekintzen izaeraren bidez irakasten digun ohituren legea sakratutzat dugun heinean soilik sinestuko dugu jainkotiar nahimenaren araberakoa dela; munduaren ongi gorena gugan eta besteengan sustatzen dugun heinean soilik sinestuko dugu horren bidez bera zerbitzatzen dugula. Teologia moralak, beraz, erabilera imanentea baino ez du, hots, gure determinazioa hemen munduan betetzea, helburu ororen sistemara moldatzen garen heinean, eta arrazoimen lege-emaile moral baten bizimodu onaren gida-haria gogoberoki edo sukartsuki uzten ez dugun heinean, bera zuzenki zerizan gorenaren ideiari lotuz, zeinak erabilera transzendente bat eskuratu lezakeen, baina espekulazio soilak bezala arrazoimenaren azken helburuak halabeharrez bihurtuz eta alferrikalduz.

Arrazoimen hutsaren kanonaren Hirugarren atala Iritziaz, jakintzaz eta sinesmenaz

[aldatu]

Ustea gure adimenean agitzen den jazoera bat da, oinarri objektiboetan funtsa daitekeena, baina juzgatzen duenaren gogamenean kausa subjektiboak ere eskatzen dituena. Edonorentzat balio badu, honek arrazoimena duen heinean, orduan bere oinarria objektiboki gogobetegarria da, eta usteak, hainbestez, uste osoa izena du. Bere oinarria subjektuaren antolaera berezian badu, orduan limurtzea deitzen zaio.

Limurtzea itxura soila da, zeren subjektuan baino ez datzan judizioaren oinarria objektiboa balitz bezala hartzen baitu. Horregatik, halako judizioak baliotasun pribatua baino ez du eta ustea ezin da komunikatu. Egia, ordea, objektuarekin adostasunean funtsatzen da, eta ondorioz, adimen guztiek objektuaz egiten duten judizioek bat etorri behar dute («consentientia uni tertio, consentiunt inter se»). Ustea uste osoa edo limurtze soila dela zehazteko frogarria kanpotik dator, eta bera komunikatzeko eta gizaki ororen arrazoimenarentzat baliogarria aurkitzeko ahalgarritasuna da; izan ere, hainbestez, judizio ororen bat etortzearen arrazoia, subjektuen elkarren ezberdintasuna alde batera utziz, oinarri komunean, hots, objektuan funtsatzen dela, eta beraz, denak objektuarekin bat etortzen direla, eta horren bitartez, judizioaren egia frogatzen dutela susma daiteke bederen.

Uste osoa, beraz, ezin da limurtzetik ezberdindu subjektiboki, baldin eta subjektuak ustea begi-bistan badu, bere gogamen propioaren agerpena baino ez den aldetik; baliogarriak diren gure oinarriekin beste adimenetan egiten den saialdi hau, alegia, ea berak arrazoimen arrotzean guregan duen eragin berbera duen, ez uste osoa eragiteko, baizik judizioaren baliotasun pribatu soila aurkitzeko, h. d., bertan limurtze soila dena aurkitzeko baliabidea da.

Horrez gain, judizioaren kausa subjektiboak gara baditzakegu, bere oinarri objektibotzat hartzen ditugunak, eta beraz, uste iruzurtia gure gogameneko jazoera gisa argitzen badugu, horretarako objektuaren antolaera beharrezkoa izan gabe, orduan itxura nabarmenduko genuke eta horren bitartez ez gara gehiago iruzurtuak izango, nahiz eta beti ere maila jakin batean tentatuak izango garen, baldin eta itxuraren kausa subjektiboa gure izaerari atxikitzen bazaio.

Uste osoa eragiten duena soilik baiezta dezaket, h. d., edonorentzat halabeharrez balio duen judizio gisa adieraz dezaket. Limurtzea niretzat gorde dezaket, bertan ondo sentitzen banaiz, baina nigandik at ezin dut baliogarria bihurtu nahi izan, eta ez dut baliogarria bihurtu behar ere.

Usteak edo judizioaren baliotasun subjektiboak hiru maila hauek ditu uste osoari dagokionez (zeinak aldi berean objektiboki balio duen): iriztea, sinestea eta jakitea. Iriztea subjektiboki zein objektiboki askieza izateko kontzientzia duen ustea da. Azken honek sinestea izena du, subjektiboki gogobetegarria bada eta aldi berean objektiboki askieza gisa hartzen bada. Azkenik, subjektiboki zein objektiboki gogobetegarria den ustea jakitea da. Onargarritasun subjektiboak uste osoa izena du (niretzat), objektiboak ziurtasuna (edonorentzat). Ez nahiz luzatuko hain adigai ulerterrazen azalpenean.

Ezin naiz inoiz ausartu iritzia ematera, zerbait bederen jakin ezean, zeinaren bitartez bere baitan problematikoa baino ez den judizioak egiarekin elkarlotura lortzen duen, hots, elkarlotura osoa ez den arren, hautazko asmaketa baino gehiago den elkarlotura. Halako elkarloturaren legeak, beraz, ziurra izan behar du. Izan ere, nik beraz iritzia soilik badut, orduan dena ez da irudimenaren jolasa baino, egiarekin batere harremanik ez duen jolasa. Arrazoimen hutsaren juzgatzean ez dago inolaz ere baimendua iriztea. Izan ere, esperientziaren oinarrietan eusten ez direnez, baizik dena a priori ezagutua izan behar denez, dena beharrezkoa delarik, orduan elkarloturaren printzipioak orokortasuna eta beharrezkotasuna eskatzen ditu, eta beraz, ziurtasun osoa, eta bestela ez genuke egiarako gidarik aurkituko. Horregatik, burugabea da Matematika hutsean iritziak izatea; jakin egin behar da, edo bestela juzgatze orori utzi egin behar zaio. Berdin gertatzen da etikotasunaren oinarri-esakuneekin, bertan ez baitzait sori ekintza bat egitera ausartzea zerbait baimendua dela dioen iritzia dudalako, baizik baimendua dela jakin egin behar da.

Arrazoimenaren erabilera transzendentalean, aitzitik, iritzia izatea gutxiegi da, noski, baina jakitea gehiegi. Asmoa espekulatiboa baino ez denean, beraz, hemen ezin dugu juzgatu; ustearen oinarri subjektiboek, sinestea eragin dezaketenek bezala, galdekizun espekulatiboetan ez dute onarpenik merezi, zeren laguntza enpiriko orotatik aske ezin baitaitezke atxiki, ezta neurri berdinean besteei komunikatu ere.

Hala ere, eskuarki, harreman praktikoan baino ez bada, uste teoretiko askiezari sinestea dei dakioke. Asmo praktiko hau edo trebetasunarena edo etikotasunarena da, lehena, ausazko eta beharbadako helburuetarako, bigarrena, berriz, behar-beharrezkoetarako.

Helburu bat jarriz gero, orduan bere lorpenaren baldintzak hipotetikoki beharrezkoak dira. Beharrezkotasun hau subjektiboa da, baina alderaketaz besterik ez da gogobetegarria, baldin eta helburua lortu ahal izateko beste baldintzarik ez badakit; baina bera erabat eta edonorentzat gogobetegarria da, baldin eta ziur badakit inork jarritako helburura bideratzen duen beste baldintzarik jakin ezin duela. Lehen kasuan, nire aurresuposizio eta baldintza jakinen ustea beharbadako sinesmena besterik ez da, bigarren kasuan, ordea, beharrezko sinesmena. Mediku batek arriskuan dagoen gaisoa tratatu behar du, baina gaisotasuna ez du ezagutzen. Agerpenak begiratzen ditu, eta hobeagorik ezagutzen ez duenez, tisia dela juzgatzen du. Bere sinesmena bere judizio propioan beharbadakoa besterik ez da, agian beste batek hobeto asmatuko luke. Honelakoei beharbadako sinesmenak deitzen diet, baina ekintza jakinetarako baliabideen benetako erabilera oinarrian dutenei sinesmen pragmatikoak.

Ea zerbait limurtze soila den edo gutxienez uste oso subjektiboa den, h. d., norbaitek baieztatzen duena sinesmen irmoa den zehazteko frogarria apostua da. Sarri, norbaitek bere esakuneak egoskortasun seguru eta bihurtezinarekin esaten ditu, itxuraz errakuntzaren ardura oro baztertuz. Apostu batek harritzen du. Batzuetan gertatzen da dukatu baten balioan estima daitekeen limurtze askiaren jabe dela, baina ez hamar dukatu balio duenarena. Izan ere, lehenengora ausartzen da oraindik, baina hamar dukatuen kasuan ohartzen du lehendabizi aurretik ohartu ez zuena, hots, agian erra zezakeela. Pentsamenduan errepresentatzen bada horren gainean gure bizitza osoaren zorionaz apostu egin beharko genukeela, orduan gure judizio garailea desagertzen da, erabat nerabeak bihurtzen gara eta, horrela, lehen-lehenik aurkitzen dugu gure sinesmena ez dela hain urrun iristen. Horrela, sinesmen pragmatikoak kolokan dagoen interesaren ezberdintasunaren arabera handia edo txikia izan daitekeen maila baino ez du.

Objektu bati dagokionez ezer egin ezin dugun arren, eta beraz, ustea teoretikoa baino ez den arren, dena dela, kasu askotan zerbait pentsamenduan sortzen dugunez eta irudika dezakegunez, honentzat oinarri nahikoa izatea uste izan genezakeen bere ziurtasuna osatzeko baliabide bat balego, eta horrela judizio teoretikoan praktikoaren analogoa den zerbait dago, eta bere usteari sineste hitza dagokio, eta guk sineste doktrinala dei diezaiokegu. Esperientziaren baten bitartez erabakitzea ahalgarria balitz, orduan nirea den guztia jokatuko nuke dakusagun planetaren batean bederen biztanleak baietz egon. Horregatik diot, iritzia ez ezik, sinesmen indartsua ere badela (bere zuzentasunaren alde bizitzaren erosotasun asko jarriko nituzke arriskuan) beste munduetako biztanleak daudela baieztatzea.

Hortaz, Jainkoaren izatearen irakaspena sinesmen doktrinalari dagokiola aitortu behar dugu. Izan ere, munduaren ezagutza teoretikoari dagokionez pentsamendu hori munduko agerpenen nire argiketen baldintza gisa halabeharrez aurresuposatzen duen ezer ere ez badut eskumenean, baizik, aitzitik, behartua banago nire arrazoimena dena izadia balitz bezala erabiltzera, orduan batasun helburuduna arrazoimena izadiari aplikatzeko hain baldintza handia da, ezen nik ezin baitut sahiestu, esperientziak gainera horren adibide anizkunak eskaintzen baitizkit. Baina batasun hori izadiaren ikerketaren nire gida-haria bihurtuko lukeen bere beste baldintzarik ez dut ezagutzen, nik inteligentzia goren batek dena helburu jakintsuenen arabera horrela ordenatu duela aurresuposatzea izan ezik. Ondorioz, beharbadakoa baina garrantzigabea ez den asmo baten baldintza da, hots, munduaren sortzaile jakintsua aurresuposatzea izadiaren ikerkuntzan gida bat izatearren. Nire saialdien emaitzek ere sarri baieztatzen dute aurresuposizio honen erabilgarritasuna, eta ezer ezin da era erabakigarrian bere aurka aipatu, eta nik gutxiegi diot nire usteari iriztea deitu nahi diodanean, aitzitik, hartueman teoretiko hauetan ere nik irmoki Jainkoan sinesten dudala esan daiteke; baina, hainbestez, sineste hori esanahi hertsian ez da, hala ere, praktikoa, baizik sineste doktrinala deitu behar zaio, izadiaren Teologiak (Teologia fisikoak) halabeharrez beti sortu behar duena. Jakintza berari begira, giza izaeraren zuzkidura bikaina eta berari hain gaizki egokitzen zaion bizitzaren laburtasuna hor ditugunez, giza arimaren geroko bizitzaren sineste doktrinalaren aldeko oinarri gogobetegarria aurki daiteke.

Sinestearen adierazpena halako kasuetan apaltasunarena da zentzu objektiboan, baina aldi berean konfiantzaren finkotasunarena da zentzu subjektiboan. Nik, hemen, uste teoretiko soilari hipotesia deitu nahiko banio, bera onartzea sori litzaidakeelarik, orduan horren bitartez benetan erakutsi dezakedana baino munduaren kausaren eta beste munduaren antolaeraren adigai hobeagoa dudala hitz emango nuke; izan ere, nik hipotesi gisa baino onartzen ez dudan zerbaitez bere adigaia ez ezik, bere izatea asmatu ahal izateko adina bederen ezagutu behar dut bere berekitasunez. «Sineste» hitzak, ordea, ideia batek ematen didan gidarekin eta nire arrazoimenaren ekintzen sustapenaren gaineko eragin subjektiborekin soilik du zerikusia, bertara irmo eusten nauen eraginarekin, alegia, nahiz eta honetaz kontu emateko gai ez naizen zentzu espekulatiboan.

Hala ere, sineste doktrinala baino ez denak zerbait zalantzagarria du bere baitan; espekulazioan aurkitzen diren zailtasunak direla eta, sarri sineste hura galdu egiten da, nahiz beti ezinbestean bertara itzultzen garen.

Erabat bestela gertatzen da sinesmen moralarekin. Izan ere, hor behar-beharrezkoa da zerbait gertatu behar izatea, hots, nik lege etikoa puntu guztietan betetzea. Helburua hemen itzuriezinki finkatua dago eta nire ikuskera ororen arabera helburu honek beste helburu guztiekin osotara adosteko baldintza bakarra egon daiteke, eta horren bitartez, baliotasun praktikoa du, hots, Jainkoa eta geroko mundua badaudela; erabat ziur dakit era berean, inork ez duela ezagutzen lege moralen menpean dauden helburuen batasun berberara gidatzen duen beste baldintzarik. Baina, aldi berean, arau etikoa nire maxima denez gero (arrazoimenak agintzen duenez hala izan behar duela), orduan ezinbestean Jainkoaren izatean eta geroko bizitzan sinestuko dut eta seguru nago sineste hau ezerk ez duela zalantzan jarriko, zeren horren bitartez nire oinarri-esakune etikoak deuseztatuak izango bailirateke, zeinak ezin ditudan ukatu neure begientzat gorrotagarri bihurtu gabe.

Honela, esperientzia ororen mugaz goiti igeri dagoen arrazoimenaren asmo leihatsu oro hustu ondoren oraindik aski geratzen zaigu alde praktikoan horretaz kontent izateko arrazoia izateko. Noski, inor ezin da harrotu Jainkoa eta geroko bizitza dagoela jakiteaz; izan ere, hau baldin badaki, bera da aspaldidanik bilatzen nuen gizona. Jakintza oro komunika daiteke (arrazoimenaren objektua ukitzen badu behintzat) eta bere irakaspenaren bitartez nire jakintza hain maila miresgarrian hedatua ikustea itxaron ahal izango nuke. Ez, uste osoa ez da ziurtasun logikoa, morala baizik, eta oinarri subjektiboetan funtsatzen denez gero (intentzio morala), orduan ez du esan behar: moralki ziurra da Jainkoa badela, eta abar, baizik ni moralki ziur nago, eta abar. Hau da: Jainko batean eta beste mundu batean sinesmena nire intentzio moralarekin hain ehundua dago, ezen, lehena galtzeko arrisku gutxi dudanez, arriskuak bezain gutxi arduratzen bainau bigarrena inoiz kenduko ote didaten.

Hemen aurkitzen den ezbai bakarra arrazoimenaren sinesmen hau intentzio moraletan oinarritzea da. Hauek utzi eta lege etikoez osorik axolagabe litzatekeena hartuko bagenu, orduan arrazoimenak egiten duen galdekizuna espekulazioarentzako zeregina baino ez litzateke, eta hainbestez, analogiatik abiatutako oinarri indartsuekin susta genezake, baina ez zalantza-irrika egoskorrena itzaliko luketen oinarriekin146. Hala ere, galdekizun hauei dagokienez ezein gizaki ez dago interes orotatik aske. Izan ere, intentzio onen gabeziagatik Moraletik banandua egongo balitz, kasu honetan ere aski geratzen da hura jainkotiar izateaz eta etorkizunaz beldurtzea lortzeko. Izan ere, horretarako ez da zera baino eskatzen: berak gutxienez ezein ziurtasun ez aipatzea halako zerizanik eta geroko bizitza halakorik ez izateaz, eta hori arrazoimen soilaren bitartez egitea; eta beraz, apodiktikoki frogatu beharko lukeenez gero, orduan bien ezintasuna frogatu beharko luke, baina ezein gizaki ez da engaiatuko ziurki hau egitera. Hau sinesmen negatiboa litzateke, moraltasuna eta intentzio ona sortu gabe ere hauen analogoa sortzen duena, hots, intentzio gaiztoen sorrera boteretsua saihets dezakeen sinesmena.

Hau ahal da, esango da, arrazoimen hutsak lortzen duen guztia, berak esperientziaren mugez goitiko ikuspegiak ahalbidetzen dituen heinean? Bi sinesmen-artikulu besterik ez? Adimen arruntak ere hau adina lor zezakeen horri buruz filosofoengan aholkua bilatu gabe!

Hemen ez dut nahi Filosofiak giza arrazoimenari dagokionez bere kritikaren ahalegin nekagarriaren bitartez lortzen duen merezimendua goretsi, emaitza negatiboa baino ez dela gertatzen suposatzen badugu gainera; izan ere, honetaz hurrengo atalean oraindik zerbait azalduko da. Hala ere, zer eskatzen duzue, gizaki orori interesatzen zaion ezagutza batek adimen arrunta gainditzea eta zuek soilik, filosofoek, hura aurkitu behar izatea? Zuek kritikatzen duzuen hau da orain arteko baieztapenen zuzentasunaren egiaztapen onena, hasieran aurrez ikusi ezin zitekeena azaltzen duenez, hots, izadiari ezin zaiola aurpegiratu bere dohaien banaketa alderdikoia egitea gizakiei salbuespenik gabe interesatzen zaionari begira, eta Filosofia gorenak giza izaeraren funtsezko helburuei dagokienez ezin du honek adimen arruntenari ere eman dion gidak baino urrunago iritsi.