1.atalburua. Arrazoimen hutsaren diziplina
Logikoki nahi diren esakune guztiak adieraz daitezke era ezeztailean, baina gure oro harrezko ezagutzaren edukiari begira, hots, ea bera judizio baten bitartez hedatua edo zedarriztatua den, bada, judizio ezeztaileek errakuntza saihesteko zeregin berezia besterik ez dute. Horregatik, errakuntza bat inoiz ahalgarria ez denean, ezagutza faltsua saihestu beharko duten esakune ezeztaileak oso egiazkoak dira, baina kaskalak, h. d., ez dira beren helburuarentzat egokiak, eta horregatik, sarri barregarriak gertatzen dira. Hizlari haren esakunea, esaterako, Alexanderrek armadarik gabe ezin izango zuela ezein herri konkistatu.
Gure ezagutza ahalgarriaren zedarriak oso estuak, juzgatzeko tentazioa handia, eskaintzen den itxura oso iruzurtia eta errakuntzatik sortzen den kaltea neurritsua denean, hor irakaspenaren alderdi negatiboak errakuntzetatik askatzeko soilik balio badu ere, gure ezagutza haziarazi lezaketen zenbait irakaspen positibok baino are garrantzi handiagoa du. Erregela jakinetik saihesteko joera zedarriztatzen duen eta, azkenik, deuseztatzen duen hertsapenari diziplina deitzen zaio. Hau kulturatik ezberdintzen da, honek gaitasun bat sortu besterik ez baitu egin behar jadanik aldez aurretik zegoen beste bat ezeztatu gabe. Beraz, adierazpenerako joera duen talentu baten heziketarako diziplinak ekarpen negatiboa izango du140, kulturak eta doktrinak, berriz, positiboa.
Edonork erraz onartuko du, beren buruei gustura higidura aske eta zedarrigabea baimentzen dioten tenperamentuak eta talentuek (irudimenak eta asmamenak bezala) zentzu batean diziplina behar dutela. Bestalde, arrotza dirudi beste ahalegin osoei bere diziplina ezartzen dien arrazoimenak benetan halakorik behar izateak eta, egitatean, hark orain arte beheramendu horri ihes egin dio, zeren, handiki eta oinarrizko jatortasunarekin agertzen denez, inori ez baitzaio erraz bururatzen azaleko jolas baten susmoa, hots, irudiekin adigaien ordez eta hitzekin gauzen ordez dabilen jolasa.
Ez da behar arrazoimenaren kritikarik bere erabilera enpirikoari dagokionez, zeren bere oinarri-esakuneei esperientziaren frogarrian etsamina jarraitua egiten baitzaie; halaber, ezta Matematikan ere, non bere adigaiak berehala begiespen hutsean in concreto aurkeztu behar diren, eta oinarrigabekoa eta hautazkoa dena horren bitartez berehala nabarmentzen den. Baina ez begiespen enpirikoek ezta hutsek ere arrazoimena bide ikusgarrian atxikitzen ez dutenean, hots, bere erabilera transzendentalean adigai soilen arabera, hor arrazoimenak hainbeste behar du esperientzia ahalgarriaren muga estuez goitiko hedapenaren joera balaztatzen duen eta gehiegikeria eta errakuntzatik askatzen duen diziplina, non arrazoimen hutsaren Filosofia osoaren autugaia onura negatibo hau baino ez baita. Desbiderapen bakanak zentsura bidez gaindi daitezke, eta beren kausak kritikaren bidez. Arrazoimen hutsean gertatzen den legez, ordea, elkarrekin lotuak eta printzipio komunen menpean bateratuak dauden iruzurren eta itxurapenen sistema oso bat aurkitzen denean, hor osorik propioa eta negatiboa den lege-emateak beharrezkoa dirudi, diziplinaren izenpean arrazoimenaren eta bere erabilera hutsaren objektuen izaeratik abiatuta, nolabait esateko, zuhurtzia eta norberaren etsaminaren sistema bat antolatzen duen lege-emateak, eta honen aurrean ezin daiteke ezein itxura sofista faltsu atxiki, baizik honek berehala salatu behar du bere burua, bere estalketaren oinarria edozein izanda ere.
Oharrarazi behar da, ordea, nik kritika transzendentalaren bigarren atalburu honetan arrazoimen hutsaren diziplina ez dudala bideratzen edukira, baizik arrazoimen hutsetik abiatzen den ezagutzaren metodora besterik ez. Lehena jadanik osagaien irakaspenean gertatu da. Baina arrazoimenaren erabilerak antzekoa den hainbeste gauza dauka, edozein objekturi aplikatuta ere, eta aldi berean transzendentala izan behar duen heinean, beste guztitik hain ezberdina da, non bereziki horretarako antolatutako diziplina baten irakaspen negatibo oharrarazlerik gabe errakuntzak ezin baitira saihestu, hain zuzen, eskuarki arrazoimenari egokitzen zaizkion baina hemen desegokiak diren metodoen jarraipen traketsetik halabeharrez sortu behar duten errakuntzak.
Lehen atalburuko Lehen atala Arrazoimen hutsaren diziplina erabilera dogmatikoan
[aldatu]Matematikak esperientziaren laguntzarik gabe berez zoriontsuki hedatzen den arrazoimen hutsaren adibide distiratsua ematen du. Adibideak kutsagarriak dira, bereziki berezko eran kasu batean izandako arrakasta besteetan ere izateaz harrotzen den ahalmen berarentzat. Horregatik, arrazoimen hutsak erabilera transzendentalean matematikoan lortu duen adina arrakastaz eta oinarrizkotasunez heda daitekeela itxaroten du, bereziki bertan metodo berbera erabiltzen badu, hemen begi-bistako onura izan duen metodo bera. Beraz, garrantzizkoa da jakitea ea azken zientzian matematikoa deitzen zaion ziurtasun apodiktikora iristeko metodoa ziurtasun hori bera Filosofian bilatzeko metodo berbera ote den, dogmatikoa deitu beharko zaion metodoa, alegia.
Ezagutza filosofikoa adigaietatik abiatzen den arrazoimen-ezagutza da, ezagutza matematikoa adigaien eraikuntzatik abiatzen dena. Adigai bat eraikitzeak, ordea, zera esan nahi du: berari dagokion begiespena a priori aurkeztea. Adigai baten eraikuntzarako, beraz, begiespen ez-enpirikoa eskatzen da, zeina, ondorioz, begiespena den aldetik objektu bakana den, baina adigai (errepresentazio orokor) baten eraikuntza den aldetik adigai horren menpean kokatzen diren begiespen ahalgarri guztietarako baliotasun orokorra adierazi behar duen errepresentazioan. Horrela, hiruki bat eraikitzen dut adigai honi dagokion objektua aurkezten badut, edo irudimen soilaren bitartez, begiespen huts batean, edo berari jarraiki baita paperean ere begiespen enpirikoan, baina bi kasuetan osorik a priori eginez, horretarako eredua esperientziaren batetik alokatu gabe. Marraztutako figura bakana enpirikoa da eta, hala ere, adigaia adierazteko balio du bere baliotasun orokorra kaltetu gabe, zeren begiespen enpiriko honetan beti adigaiaren eraikuntzaren ekintza baino ez baita begiztatzen, zeinari determinazio asko osorik axolagabeak zaizkion, adibidez, handitasuna, aldeak eta angelua, eta bertan, beraz, hirukiaren adigaia aldatzen ez duten ezberdintasun hauetaz abstraitzen da.
Ezagutza filosofikoak berezia dena orokorra denean soilik kontsideratzen du, ezagutza matematikoak orokorra dena berezia denean, are gehiago, bakana denean, hala ere, hori a priori eta arrazoimenaren bitartez eginez, halako moldez, non bakana den hau eraikuntzaren baldintza orokor jakinen menpean determinatua dagoen bezala adigaiaren objektua ere, zeinari bakana den hori eskema gisa baino ez dagokion, orokorki determinatua balitz bezala pentsatu behar baita.
Honetan datza, beraz, arrazoimen-ezagutzaren bi era hauen arteko funtsezko bereizketa eta hau ez da funtsatzen materiaren edo objektuen bereizketan. Efektua kausatzat hartzen dute hau esanez Filosofia Matematikatik bereiztea uste dutenek: lehenaz kualitatea soilik duela objektutzat, bigarrenaz, berriz, kantitatea soilik duela objektutzat. Ezagutza matematikoaren forma da bera kantitateez soilik jardun ahal izatearen kausa. Izan ere, handitasunaren adigaia baino ezin daiteke eraiki, h. d., a priori begiespenean aurkeztu; kualitateak, berriz, ezin dira begiespen enpirikoan baino aurkeztu. Horregatik, bere arrazoimen-ezagutza oro adigaien bitartez baino ezin daiteke izan ahalgarria. Horrela, inork ezin du errealitatearen adigaiari dagokion begiespena esperientziatik baino hartu, inoiz ez, ordea, a priori norbere kabutik eta bere kontzientzia enpirikoaren aurretik hartu. Tankera konikoa adigaiaren arabera soilik bihur daiteke begiesgarria ezein laguntza enpirikorik gabe, baina konoaren kolorea aurretik esperientzia batean edo bestean emana izan behar zaigu. Oro har kausa baten adigaia ezin dut inolaz ere begiespenean aurkeztu, esperientziak eskuratzen didan adibide gisa, eta abar. Gainera, Filosofia ere handitasunaz arduratzen da Matematikak egiten duen bezala, adibidez, osotasunaz, amaigabetasunaz, eta abarrez. Matematikak ere jarduten du lerroaren eta azaleraren arteko bereizketaz, kualitate ezberdineko espazioak diren heinean, eta hedapenaren jarraitasunaz, hau bere kualitatea den aldetik. Baina kasu hauetan objektu komuna izan arren, dena dela, objektua arrazoimenaren bidez lantzeko era erabat ezberdina da kontsiderazio filosofikoan eta matematikoan. Hura, adigai orokorretan soilik geratzen da; honek, ezin du ezer antolatu adigai soilen bidez, baizik lasterka doa begiespenerantz, non adigaia in concreto kontsideratzen duen, baina ez enpirikoki, baizik eta hura a priori aurkeztuz, h. d., begiespenean eraikitzen du, eta bertan eraikuntzaren baldintza orokorretik ondorioztatzen denak eraikitako adigaiaren objektuaz ere balio behar du orokorki.
Bemakio filosofo bati hirukiaren adigaia, eta utz biezaio bere erara bila dezan ea bere angeluen batuketak nola jokatzen duen angelu zuzenari dagokionez. Ez dauka hiru lerro zuzenetan itxia dagoen figura baten adigaia baino, eta hainbeste angeluren adigaia. Hortaz, adigai honetaz gogoeta dezake nahi duen bezain luze, baina ez du ezer berria lortuko. Lerro zuzenaren, edo angeluaren, edo hiru zenbakiaren adigaiak analizatu eta nabariak bihur ditzake, baina ezin du adigaian ez dautzan beste berekitasunetara heldu. Geometrialariak soilik onartzen du arazo hori. Berehala hasten da hirukia eraikiz. Bi angelu zuzenek lerro zuzen batean ukitzen diren puntu batetik abiatuta marrazten diren angelu denak adina osatzen dutela badakienez gero, orduan bere hirukiaren alde bat luzatzen du eta ukitzen diren bi angelu lortzen ditu, bi angelu zuzenen balio berdina dutenak. Hortaz, bi angelu hauetatik kanpokoa dena zatitzen du hirukiaren aurkako aldeari paraleloa den lerroa marrazten duen heinean, eta hemen kanpotik ukitzen duen angelua sortzen dela ikusten du, barnekoaren berdina dena, eta abar. Honela lortzen da inferentzien kate baten bitartez eta beti begiespenaren gidarekin arazoaren konponketa erabat argigarria eta, aldi berean, orokorra.
Matematikak, ordea, Geometrian handitasunak (quanta) ez ezik, Algebran handitasun soila ere (quantitas) eraikitzen du, hemen halako handitasunaren adigaiaren bitartez pentsatu beharreko objektuaren antolaeraz osoki abstraitzen dela. Hainbestez, oro harrezko handitasunaren eraiketa ororen izendapen jakin bat aukeratzen du (zenbakiak), batuketa, kenketa, errodura eta abar diren bezala, eta, handitasunaren adigai orokorra bere hartueman ezberdinen arabera ezaugarritu ondoren handitasunaren bitartez sortzen edo aldatzen den landualdi oro aurkezten du begiespenean erregela orokor jakinen arabera; handitasun bat beste baten bitartez zatitua izan behar denean, zatiketaren forma ezagugarriak biak beren zeinuen arabera biltzen ditu, eta abar, eta eraikuntza sinboliko baten bitartez iristen da ezagutza diskurtsiboa adigai soilen bitartez inoiz iritsiko ez den puntura, Geometriak (objektua beraren) eraiketa ostentsiboarekin edo geometrikoaren bidez egiten duen bezala.
Zein izan daiteke arrazoimenaren bi artista hauek aurkitzen diren egoera hain ezberdin honen kausa, alegia, batek bere bidea adigaien arabera, besteak a priori adigaiei jarraiki aurkezten dituen begiespenen arabera hartzea eragiten duena? Kausa argia da, gorago azaldu den oinarrizko irakaspen transzendentalaren arabera. Kontua ez dira hemen adigaien analisi soilaren bitartez sor daitezkeen esakune analitikoak (hemen filosofoak ezbairik gabe aldea hartuko lioke bere aurkakoari), baizik esakune sintetikoak, eta gainera, a priori ezagutu behar direnak. Izan ere, nik ez dut begiratu behar hirukiaren nire adigaian errealki pentsatzen dudana (hau definizio soila besterik ez da), aitzitik, honetaz goiti joan behar dut adigaian ez dautzan baina berari dagozkion berekitasunetara. Hau, ordea, ez da ahalgarria, nire objektua begiespen enpirikoaren edo begiespen hutsaren baldintzen arabera determinatzen dudan heinean izan ezik. Lehenak, esakune enpirikoa baino ez luke eskuratuko (bere angeluen neurketaren bitartez), zeinak ezein orokortasunik eta are gutxiago beharrezkotasunik ez duen barnebiltzen, eta halakoa ez da gure solasgaia. Bigarren jardunbidea eraiketa matematikoa da, eta hemen gainera bereziki eraiketa geometrikoa, zeinaren bitartez nik begiespen hutsean, enpirikoan bezala, oro har hiruki baten eskemari dagokion, eta beraz, bere adigaiari dagokion anizkunkia gaineratzen diodan, eta honela eraiki behar dira, noski, esakune sintetiko orokorrak.
Alferrik filosofatuko nuke, h. d., diskurtsiboki gogoetatuko nuke hirukiari buruz, horren bitartez definizio soilera arte baino urrunago ez nintzateke iritsiko, arrazoizkoa bertatik hastea denean. Badago era berean filosofoak besterik lortzen ez duen adigaietatiko sintesi transzendentala, baina oro harrezko gauza bat baino gehiago ez du ukitzen inoiz, hots, bere hautemapena esperientzia ahalgarrian kokatu ahal izateko baldintzak. Zeregin matematikoan, ordea, ez da inolaz ere honetaz eta oro har existentziaz galdetzen, baizik objektuek beren baitan dituzten berekitasunez, baina hauek beren adigaiarekin lotuak dauden heinean soilik.
Aipatutako adibidean arrazoimenaren bi erabilera hauen artean dagoen bereizketa handia argitzea besterik ez dugu saiatu, diskurtsiboa adigaien arabera eta intuitiboa adigaien eraikuntzaren bidez. Hortaz, berezko eran galdetzen da ea zein den arrazoimenaren erabilera bikoitza beharrezkoa bihurtzen duen kausa eta zein baldintzarekin ezagut daitekeen ea lehena edo bigarrena gertatzen den.
Gure ezagutza oro azkenean begiespen ahalgarriei lotzen zaie; izan ere, hauen bitartez baino ez da ematen objektu bat. Hala ere, apriorizko adigai batek (enpirikoa ez den adigaiak) edo jadanik begiespen hutsa barnebiltzen du bere baitan eta, hainbestez, eraiki daiteke, edo a priori ematen ez diren begiespen ahalgarrien sintesiak baino ez ditu barnebiltzen eta, hainbestez, bere bidez ederki juzga daiteke sintetikoki eta a priori, baina diskurtsiboki besterik ez adigaien arabera, eta inoiz ez intuitiboki adigaien eraikuntzaren bitartez.
Begiespen orotatik bat bera ere ez da a priori ematen, agerpenen forma soilak izan ezik, hots, espazioa eta denbora, eta hauen adigaia quantum gisa zenbakiaren bitartez aurkez daiteke a priori begiespenean, h. d., eraiki daiteke, edo bere kualitatearekin aldi berean (bere tankera), edo baita bere kantitatearekin soilik ere (homogeneoki anizkunkia denaren sintesi soila). Agerpenen materia, ordea, espazioan eta denboran diren gauzak ematen dizkiguna, hautemapenean soilik errepresenta daiteke, eta beraz, a posteriori. Agerpenen eduki enpiriko hau a priori errepresentatzen duen adigai bakarra gauzaren adigaia da oro har eta bere ezagutza sintetikoak hautemapenak a posteriori eman dezakeenaren sintesiaren erregela soila baino ezin du hornitu a priori, inoiz ez, ordea, objektu errealaren begiespena a priori, zeren honek enpirikoa izan behar baitu halabeharrez.
Begiespena a priori ezin eman zaien oro harrezko gauzei lotzen zaizkien esakune sintetikoak transzendentalak dira. Ondorioz, esakune transzendentalak inoiz ezin daitezke eman adigaien eraikuntzaren bitartez, baizik adigaien arabera a priori. Hauek erregela hau baino ez dute barnebiltzen: «a priori begiespenean errepresentatu ezin daitekeenaren (hautemapena) batasun sintetiko jakinak enpirikoki bilatu behar dira». Hauek ezin dute, ordea, beren adigaietako bat bera ere a priori kasuren batean aurkeztu, baizik hau a posteriori baino ez dute egiten esperientziaren bitartez, eta esperientzia oinarri-esakune sintetiko haien arabera bihurtzen da lehen-lehenik ahalgarria.
Adigai batez sintetikoki juzgatu behar bada, orduan adigai horretatik irten behar da, eta gainera, bera eman digun begiespenera irten behar da. Izan ere, adigaian barnebildua dagoenean geratuz gero, orduan judizioa analitikoa litzateke, hots, bertan errealki barnebildua dagoenaren araberako pentsamenduaren argiketa bat besterik ez litzateke. Ni, ordea, adigaitik berari dagokion begiespen huts edo enpirikora joan naiteke, bera hor in concreto kontsideratzeko eta bere objektuari egozten zaiona a priori edo a posteriori ezagutzeko. Lehena, ezagutza arrazional eta matematikoa da adigaien eraikuntzaren bitartez, bigarrena, enpirikoa (mekanikoa) baino ez den ezagutza, inoiz beharrezko esakune apodiktikoak eman ezin dituena. Horrela, urrearen nire adigai enpirikoa analiza dezaket, hitz bertan errealki pentsatzen dudan guztia zenbatu ahal izatea baino beste ezer gehiago irabazi gabe, eta horren bitartez nire ezagutzan hobekuntza logikoa sortzen da, baina ez da ezein gehikuntza edo eransketarik bereganatzen. Izen honekin agertzen den materia hartzen badut, bere hautemapenak lortzen ditut, sintetikoak baina enpirikoak diren esakune ezberdinak eskuratuko dizkidaten hautemapenak. Hiruki baten adigai matematikoa eraikiko nuke, h. d., a priori begiespenean emango nuke, eta bide honetatik ezagutza sintetikoa baina arrazionala lortuko nuke. Halere, errealitatearen, substantziaren, indarraren, eta abarren adigai transzendentalak ematen zaizkidanean, honek ez du ez begiespen enpirikoa ezta hutsa ere ezaugarritzen, baizik begiespen enpirikoen sintesia besterik ez (beraz, a priori eman ezin daitekeena), eta bertatik ezin da sortu ezein esakune sintetiko determinatzailerik, baizik begiespen enpiriko ahalgarrien sintesiaren oinarri-esakune bat besterik ez141, zeren sintesiak ezin baitu a priori berari dagokion begiespenera irten. Beraz, esakune transzendentala adigai soilen araberako arrazoimen-ezagutza sintetikoa da, eta beraz, ezagutza diskurtsiboa da, ezagutza enpirikoaren batasun sintetiko oro lehen-lehenik ahalbidetzen baitu, a priori ezein begiespen ematen ez duen arren.
Horrela, arrazoimenaren erabilera bikoitza dago, ezagutzaren orokortasuna eta apriorizko sorketa komunean duten arren, hala ere, aurrerabidean oso ezberdinak diren bi erabilera, eta gainera, honegatik, guri objektuak emateko baliabidea den agerpenean bi zati daudelako: begiespenaren forma (espazioa eta denbora), osorik a priori ezagutua eta determinatua izan daitekeena, eta materia (fisikoa) edo edukia, espazioan eta denboran aurkitzen den zerbait esan nahi duena, gainera izate bat barnebiltzen duena eta sentsazioari dagokiona. Enpirikoki izan ezik inoiz era determinatuan eman ezin daitekeen materiari dagokionez ezin dugu ezer a priori izan, sentsazio ahalgarrien sintesiaren adigai indeterminatuak izan ezik, apertzepzioaren batasunari dagozkion heinean (esperientzia ahalgarri batean). Formari dagokionez, gure adigaiek begiespenean a priori determina ditzakegu, espazioan eta denboran objektu berak sintesi erregularraren bitartez sortzen ditugun heinean eta hauek quanta gisa soilik kontsideratzen ditugun heinean. Hark adigaien araberako arrazoimenaren erabilera izena du, agerpenak eduki errealaren arabera adigaiei menperatzea besterik egin ezin dugun heinean, zeinak, orduan, enpirikoki, h. d., a posteriori baino ezin daitezkeen determinatu (baina adigai haien arabera sintesi enpirikoaren erregela gisa); hau adigaien eraikuntzaren bitartez egindako arrazoimenaren erabilera da, hauek jadanik apriorizko begiespenari lotzen zaizkion heinean, eta horregatik datu enpirikorik gabe ere begiespen hutsean determinatuta eman daitezke. Hau dena filosofikoa deitzen zaion adigaietatiko arrazoimen-ezagutzari dagokio: den guztiari dagokionez (gauza bat espazioan edo denboran), ea eta noraino quantum bat den ala ez den, ea bertan izatea edo gabezia errepresentatu behar den, zerbait hori (zeinak espazioa edo denbora betetzen duen) lehen substratu bat den ala determinazioa baino ez den, ea bere izateak beste zerbaitekin harremanik duen, kausa edo efektu gisa, eta, azkenik, izatearen arabera ea bakartua edo besteekin elkarren menpekotasunean dagoen eta izate honen ahalgarritasuna, errealitatea eta beharrezkotasuna edo beren aurkakoak kontsideratzea. Bestalde, espazioan apriorizko begiespena determinatzea (tankera), denbora zatitzea (luze-laburra), edo gauza bat eta berberaren sintesiaren alderdi orokorra denboran eta espazioan ezagutzea, eta hortik sortzen den begiespen baten handitasuna oro har (zenbakia) ezagutzea arrazoimenak adigaien eraikuntzaren bitartez betetzen duen zeregina da, eta matematikoa izena du.
Arrazoimenak Matematikaren bitartez lortzen duen arrakasta handiak erabat berezko eran susmo hau dakar berekin: berak ez bada ere, bere metodoak bederen handitasunaren alorretik at ere arrakasta lor dezakeela, bere adigai guztiak berak a priori eman ditzakeen begiespenetara ekarri, eta horren bitartez, nolabait esateko, izadiaren maisua bihurtzen den heinean; aitzitik, Filosofia hutsa apriorizko adigai diskurtsiboekin izadiaren inguruan dabil, bere errealitatea a priori begiesgarria egin, eta horren bitartez, baieztatu ezinik. Badirudi antze honen maisuei ez zaiela falta beren buruan konfiantzarik, ezta publikoari itxaropen handiak haien trebetasunagatik ere, baldin eta inoiz honetaz aritu behar badute. Izan ere, beren Matematikaz ia inoiz ez dutenez filosofatu (zeregin zaila!), orduan inolaz ere ez zaie bururatzen arrazoimenaren erabilera bat eta bestearen arteko bereizketa espezifikoa. Arrazoimen arruntetik alokatzen dituzten erregela arruntak eta enpirikoki erabiliak baliagarriak zaizkie axiomen ordez. Ez dute batere interesik lantzen dituzten espazioaren eta denboraren adigaien jatorriaz (jatorrizko quanta bakar gisa), eta badirudi, orobat, onuragabekoa zaiela adimenaren adigai hutsen jatorria eta honekin batera beren baliotasunaren hedapena ikertzea; aitzitik, haiek erabiltzea besterik ez zaie interesatzen. Zuzenki jokatzen dute honi buruz, markatutako muga, hots, izadiaren muga gainditzen ez duten heinean. Hala ere, sentimenaren alorretik adigai huts eta transzendentalen lur ez segurura igarotzen dira hau ohartu gabe, non lurrak (instabilis tellus, innabilis unda) ez dien baimentzen zutik egotea, ezta igeri egitea ere, baizik urrats iheskorrak egitea besterik ez, zeinetatik denborak batere arrastorik gordetzen ez duen; Matematikan duen ibilerak, aitzitik, errege-bidea egiten du, bertan ondorengo urrunenak ere konfiantzaz ibili ahal izango direla.
Arrazoimen hutsaren mugak erabilera transzendentalean zehazki eta ziurtasunez determinatzeko betebeharra gure gain hartu dugunez, baina halako asmoak bere baitan berezitasun hau duenez gero, alegia, oharpen bizi eta argienak egin arren, beti ere itxaropenek distraitzen dutela esperientziaren mugez goiti intelektualaren lurraldera iristeko asmoa osorik utzi aurretik, bada, orduan, oraindik beharrezkoa da, nolabait esateko, fantasiaz betetako itxaropen baten azken aingura jasotzea eta metodo matematikoari jarraitzeak ezagutza era honetan batere alderik ezin duela hartu erakustea, bere ahultasuna nabariago aurkitzea ez bada behintzat; eta Geometria eta Filosofia bi gauza erabat ezberdinak direla erakustea, Natur Zientzian eskuak estutzen dituzten arren, eta beraz, batak ezin duela inoiz bestearen jardunbidea imitatu.
Matematikaren oinarrizkotasuna definizio, axioma eta demostrazioetan funtsatzen da. Hemen zera besterik ez dut nahi erakutsi: Filosofiak hauetako bat bera ere ezin duela lortu edo imitatu matematikariak ulertzen dituen zentzuan. Geometrialariak bere metodoaren arabera Filosofian karten eraikina baino ezin du sortu, filosofoak berearen arabera Matematikaren aldean hitzontzikeria baino ezin du eragin, Filosofia bere mugak ezagutzeaz osatu arren, eta matematikari berak, baldin eta bere talentua jadanik izadiagatik mugatua eta bere sailean zedarriztatua ez badago, bada, Filosofiaren oharpenak ezin ditu saihestu, ezta hauen gainetik jauzi egin ere.
1. Definizioez. Adierazpen berak dioen bezala definitzeak gauza baten adigai xehea bere mugen barnean jatorrizko eran aurkeztea baino ez du esan nahi142. Halako eskakizunaren arabera adigai enpirikoa ezin da inolaz ere definitu, baizik esplizitatu besterik ezin da egin. Izan ere, bertan sentsuen objektuen era jakin bateko ezaugarri batzuk soilik ditugunez gero, orduan ez da inoiz segurua ea objektua ezaugarritzen duen hitzan batzuetan bere ezaugarri gehiago pentsatzen ote diren eta besteetan gutxiago. Horrela, batek urrearen adigaian pisuaz, koloreaz eta gogortasunaz gain ez herdoiltzearen berekitasuna pentsa dezake, besteak, ordea, agian ez daki ezer horretaz. Ezaugarri jakin batzuk erabiltzen dira, ezberdintzeko aski diren heinean; ohar berriek ezaugarri batzuk kendu eta besteak gaineratzen dituzte, eta adigaia ez dago inoiz muga seguruen artean. Eta zertarako balioko luke halako adigaia definitzeak, adibidez, ura eta bere berekitasunak direnean solasgaia, baldin eta ura hitzarekin pentsatzen denean geratu beharrean, saialdiak egitera aurrera egiten bada, eta hitzak atxikitzen zaizkion ezaugarri gutxiekin ezaugarripen bat soilik osatu behar badu, eta ez gauzaren adigaia, eta beraz, ustezko definizioa hitzezko determinazioa baino ez bada? Bigarrenik, gainera, zehazki hitz eginez, a priori emandako ezein adigai ezin da definitu, adibidez, substantzia, kausa, eskubidea, zuzentasuna, eta abar. Izan ere, inoiz ezin dut seguru jakin (oraindik nahastutako) adigai jakinaren errepresentazio nabaria xeheki garatua izan den, objektuari egokia zaiola badakit izan ezik. Bere adigaiak, ordea, emana denez, guk analisian ezikusi baina aplikazioan beti erabiltzen ditugun errepresentazio ilun asko barnebil ditzakeenez gero, orduan nire adigaiaren analisiaren xehetasuna beti zalantzagarria da eta adibide egoki askoren bitartez baino ezin daiteke ustez ziurra bihurtu, baina inoiz ez apodiktikoki ziurra. «Definizioa» adierazpena baino gusturago erabiliko nuke «esposizioa», beti ere zuhurragoa dena, eta honekin kritikoak definizioa onartzen du maila batean, nahiz eta xehetasunari dagokionez oraindik zalantzak izan. Ez enpirikoki ezta a priori ere adigai jakinak definitu ezin direnez gero, orduan ez dira hautaz pentsatutakoak baino geratzen, beraietan artifizio hau saiatzearren. Nire adigaia beti defini dezaket halako kasuan; izan ere, nik zer pentsatu nahi nuen jakin behar dut, adigaia berariaz egin baitut eta ez baitzait eman ez adimenaren izaeraren bitartez, ezta esperientziaren bitartez ere, alabaina, nik ezin dut esan horren bitartez egiazko objekturik definitu dudanik. Izan ere, adigaia baldintza enpirikoetan funtsatzen bada, adibidez, itsaserlojua, orduan objektua eta bere ahalgarritasuna ez dira oraindik emanak hautazko adigai honen bitartez; hortik abiatuta, ez dakit era berean ea berak edonon objekturik baduen, eta hobe litzateke nire argiketari (nire proiektuaren) deklarazioa deitzea objektuaren definizioa deitzea baino. Beraz, definitzeko balio duten beste ezein adigairik ez da geratzen, a priori eraiki daitekeen hautazko sintesia barnebiltzen dutenak izan ezik, eta beraz, Matematikak besterik ez ditu definizioak. Izan ere, berak pentsatzen duen objektua gainera a priori begiespenean aurkezten du, eta honek ezin du adigaiak baino gehiago ezta gutxiago ere barnebildu, zeren objektuaren adigaiaren argiketaren bitartez eman baitzen jatorrizko moduan, h. d., beste zerbaiten argiketatik eratorri gabe. Hizkuntza alemanak «esposizioa», «esplikazioa», «deklarazioa» eta «definizioa» adierazpenetarako hitz bakarra dauka: «argiketa» (Erklärung), eta horregatik eskakizunaren zorroztasuna pixka bat leundu behar dugu, zeren guk, hain zuzen, argiketa filosofikoei definizioaren izen ohoretsua ukatzen baikenien, eta ohar oso hau honetara zedarriztatu nahi dugu: definizio filosofikoak emanak diren adigaien esposizio gisa sortzen direla, matematikoak, berriz, jatorriz sortutako adigaien eraikuntzen gisa; haiek analitikoki baino ez direla sortzen analisiaren bitartez (beren osotasuna apodiktikoki ziurra izan gabe), hauek sintetikoki, eta beraz, adigaia bera eginez, besteek, aitzitik, adigaia argitu besterik egiten ez duten bitartean. Hemendik zera ondorioztatzen da:
a) Filosofian ez dela Matematika imitatu behar definizioak aurretik jarriz, saialdi soil bat egiteko izan ezik. Izan ere, hauek adigai jakinen analisiak direnez gero, orduan adigai hauek aurretiaz doaz, oraindik nahastuta bada ere, eta esposizio ezosoa halako moldez doa osoaren aurretik, non oraindik osatugabe dagoen analisi batetik ateratako ezaugarri batzuetatik abiatuta zenbait gauza esposizio osora, h. d., definiziora iritsi baino lehenago inferi baititzakegu; hitz batean, Filosofian definizioak, nabaritasun neurtua den heinean, lana hasi beharrean itxi egin behar du143. Aitzitik, Matematikan definizioaren aurretik ez dugu ezein adigairik, definizioak ematen baitu adigaia lehen-lehenik, eta beraz, Matematika beti bertatik has daiteke eta gainera Matematikak bertatik hasi behar du.
b) Definizio matematikoek ez dute inoiz erratzen. Izan ere, adigaia lehen-lehenik definizioaren bitartez emana denez gero, orduan berak ez du barnebiltzen definizioak bere bitartez pentsatu nahi izan duena baino. Bertan, ordea, edukiari dagokionez okerra den ezer ez dagoen arren, hala ere, (janzkeraren) forman, h. d., doitasunari dagokionez huts egin daiteke, oso gutxitan bada ere. Horrela, zirkulua puntu guztiak beste puntu batetik (erdipuntua) distantzia berberan dituen lerro okerra dela dioen ohiko argiketak «okerra» determinazioa halabeharrez erabiltzeko hutsegitea du. Izan ere, definiziotik ondorioztatzen den eta erraz froga daitekeen teorema berezi bat dugu: «edozein lerro okerra da (bere ezein zatirik ez dela zuzena), bere puntuak puntu batetik distantzia berberera badaude». Definizio analitikoek, ordea, era ezberdinetan erra dezakete, benetan adigaian ez dautzan ezaugarriak erabiltzen dituzten heinean edo xehetasunaren gabezia duten heinean, definizio batean funtsezkoa dena, zeren bere analisiaren osotasunaz ezin baitaiteke beteki ziur izan. Horregatik, Filosofian ezin da imitatu Matematikak definitzean erabiltzen duen metodoa.
2. Axiomez. Hauek apriorizko oinarri-esakune sintetikoak dira, zuzenki ziurrak diren heinean. Adigai bat besteekin ezin da lotu sintetikoki eta, hala ere, zuzenki, zeren adigai bat gainditu ahal izateko hirugarren ezagutza arartekaria beharrezkoa baita. Filosofia adigaietatiko arrazoimen-ezagutza baino ez denez gero, orduan bertan ez da axioma baten izena merezi duen ezein oinarri-esakunerik aurkituko. Matematikak, aitzitik, axiomak izan ditzake, zeren berak adigaien eraikuntzaren bitartez objektuaren begiespenean bere predikatuak a priori eta zuzenki elkarlot baititzake, adibidez, «hiru puntu beti plano batean daude». Aitzitik, adigaietatikoa besterik ez den oinarri-esakune sintetiko batek ezin du inoiz zuzenki ziurra izan, adibidez, «gertatzen den guztiak kausa bat du» esakunea, hain zuzen, hirugarren bat bilatu behar dudalako, hots, denboraren determinazioaren baldintza esperientzian, eta halako oinarri-esakunea ezin da zuzenean adigaietatik soilik abiatuta ezagutu. Oinarri-esakune diskurtsiboak, beraz, oinarri-esakune intuitiboen, h. d., axiomen guztiz bestelakoak dira. Haiek oraindik beti ere lehenengoek alde batera utz dezaketen dedukzio bat behar dute, eta hauek arrazoi beragatik ebidenteak direnez gero, oinarri-esakune filosofikoek beren ziurtasun ororekin ere inoiz esan ezin dezaketena, orduan amaigabeki asko falta da arrazoimen huts eta transzendentalaren esakune sintetikoa esakune hau bezain begi-bistakoa izateko (egoskorki adierazi ohi den bezala): «bi bider bi berdin lau da». Analitikako adimen hutsaren oinarri-esakuneen taulan begiespenaren axioma jakinak aipatu ditut; baina bertan aipatutako oinarri-esakunea bera ez zen axioma bat, baizik oro har axiomen ahalgarritasunaren printzipioa erakusteko soilik balio zuen, eta bera adigaietatiko oinarri-esakunea baino ez zen. Izan ere, Filosofia transzendentalean Matematikaren ahalgarritasuna bera ere erakutsi behar da. Filosofiak, beraz, ez dauka axiomarik eta ezin ditu inoiz bere oinarri-esakuneak a priori horrela absolutuki agindu, baizik hauek erabiltzeko eskuduntza dedukzio zehatzaren bitartez legeztatzearekin ados egon behar du.
3. Demostrazioez. Froga apodiktikoari soilik dei dakioke demostrazioa, froga hau intuitiboa den heinean. Esperientziak ederki irakasten digu zerbait dela, baina ez digu erakusten inolaz ere den hori ezin dela bestela izan. Horregatik, froga-oinarri enpirikoek ezin dute ezein froga apodiktikorik sortu. Apriorizko adigaietatik abiatuta, ordea, (ezagutza diskurtsiboan) inoiz ezin da ziurtasun begiesgarririk sortu, h. d., ebidentziarik sortu, gainerakoan judizioa apodiktikoki oso ziurra izan daitekeen arren. Matematikak baino ez ditu barnebiltzen, beraz, demostrazioak, zeren honek bere ezagutza ez baitu adigaietatik eratortzen, baizik beren eraikuntzatik, h. d., begiespenetik, a priori eman daitekeena adigaiei egokituz. Algebraren jardunbidea bera, bere ekuazioekin, beraietatik erredukzioaren bitartez egia frogarekin batera sortzen dela, ez da eraikuntza geometrikoa, baina bai karakteristikoa, bertan zeinuei esker adigaiak aurkezten direla begiespenean, bereziki handitasunen hartuemanenak, eta alde heuristikoari batere begiratu gabe inferentzia oro huts egitetik segurtatzen du hauetako bakoitza begi-bistan jartzean. Aitzitik, ezagutza filosofikoak abantaila hau alde batera utzi behar du, orokorra dena beti in abstracto (adigaien bitartez) kontsideratu behar duen heinean, Matematikak bere aldetik orokorra dena in concreto (begiespen bakanean) eta, hala ere, apriorizko errepresentazio hutsen bitartez kontsidera dezakeenean, hori egitean hanka-sartze bakoitza ikusgarria bihurtzen delarik. Horregatik, hobe litzateke lehenei froga akroamatikoak deitzea (diskurtsiboak), hitz soilen bitartez (objektua pentsamenduan) bideratzen direnez, demostrazioak deitzea baino, objektuaren begiespenaz jarduten dutenak, adierazpenak jadanik iragartzen duen bezala.
Hemendik ondorioztatzen da Filosofiaren izaerari ez dagokiola bereziki arrazoimen hutsaren alorrean ibilera dogmatiko egoskorra hartzea eta Matematikaren tituluekin eta ezaugarriekin apaintzea, ez baita zientzia honen ordena bereko kidea, nahiz eta berekin anai-arreba antzeko bateratzea itxaroteko arrazoi guztiak dituen. Handiuste hutsalak dira, inoiz arrakastarik izan ezin dezaketenak, aitzitik, bere mugak ezezagutzen dituen arrazoimen baten itxurapenak aurkitzeko eta gure adigaien argiztapen gogobetegarriaren bitartez espekulazioaren harrotasuna norbere buruaren ezagutza apala baina sendoagoan eraldatzeko asmoa atzeratzen dutenak. Arrazoimenak, beraz, bere saialdi transzendentaletan ezingo du hain konfiantza handiz aurrera begiratu, berak urratu duen bideak xedera zuzenduko balu bezala, eta bere oinarrian ezarritako premisak ezin ditu hain ausarki ontzat hartu, beharrezkoa ez balitz bezala sarri atzera begiratzea eta honi arreta eskaintzea: ea inferentzien aurrerabidean hutsegiteak aurkitzen diren, printzipioetan igarri ez diren eta hauek gehiago determinatzea edo osoki aldatzea beharrezkoa egiten duten hutsegiteak.
Esakune apodiktiko guztiak (frogagarriak zein zuzenki ziurrak direnak) dogmetan eta matemetan sailkatzen ditut. Adigaietatiko esakune sintetiko zuzena dogma da; aitzitik, adigaien eraikuntzaren bitartez osatutako esakunea halakoa matema da. Judizio analitikoek benetan ez digute objektuaz daukagun adigaian jadanik barnebildua dagoena baino irakasten, zeren subjektuaren adigaiaren ezagutza ez baitute hedatzen, aitzitik, hau azaldu besterik ez dute egiten. Horregatik, ezin zaie dogmak deitu egokiro (hitz hau agian irakats-esaera gisa itzuli genezake). Hala ere, aipatutako apriorizko esakune sintetikoen bi eren artean, ohiko hizkeraren arabera ezagutza filosofikoari dagozkionak soilik jaso dezakete izen hau, eta zailki dei lekieke dogmak Aritmetikaren edo Geometriaren esakuneei. Beraz, erabilera honek ematen genuen argiketa egiaztatzen du, alegia, adigaietatiko judizioak baino ez direla dogmatikoak, ez adigaien eraikuntzatik sortzen direnak.
Arrazoimen huts osoak espekulatiboa besterik ez den bere erabileran ez du adigaietatiko judizio sintetiko zuzen bat bera ere barnebiltzen. Izan ere, erakutsi dugun eran ideien bidez ezin du baliotasun objektiborik luketen ezein judizio sintetikorik izan; adimenaren adigaien bitartez oinarri-esakune seguruak lortzen ditu, baina inolaz ere ez zuzenki adigaietatik abiatuta, baizik beti ere zeharbidez, adigai hauek erabat beharbadakoa denarekin harremanean jarriz, hots, esperientzia ahalgarriarekin; zeren hau (esperientzia ahalgarrien objektu gisa agian) aurresuposatzen bada, beraz, oinarri-esakuneak apodiktikoki ziurrak dira, bere baitan, ordea, (zuzenki) ezin dira a priori ezagutu. Orduan inork ezin du «gertatzen den guztiak bere kausa du» esakunea adigai jakin hauetatik soilik abiatuta irmoki aditu. Horregatik, ez da dogma bat, nahiz eta beste ikuspuntu batetik, hots, bere erabilera ahalgarriaren alor bakarraren, h. d., esperientziaren ikuspuntutik oso ederki eta apodiktikoki froga daitekeen. Oinarri-esakune izena du, eta ez teorema, frogatu egin behar den arren, zeren berak berekitasun berezi hau baitu: bere froga-oinarria, hots, esperientzia, berak ahalbidetzen duela lehen-lehenik eta bertan beti aurresuposatua izan behar dela.
Baldin eta arrazoimen hutsaren erabilera espekulatiboan edukiaz ere dogmarik ez badago, orduan metodo dogmatiko oro desegokia zaio, dela matematikariari alokatua, dela berezia izan behar duen beste bat. Izan ere, hutsegiteak eta errakuntzak ezkutatzen ditu eta benetan arrazoimenaren urrats denak modu argienean erakusteko asmoa duen Filosofia iruzurtzen du. Hala eta guztiz ere, metodoa beti ere sistematikoa izan daiteke. Izan ere, gure arrazoimena sistema bat da (subjektiboki), baina adigai soilen bitartez duen erabilera hutsean ikerkuntzarako sistema besterik ez da batasunaren oinarri-esakuneen arabera, eta esperientziak baino ezin dezake eman bertarako ekaia. Hemen ezin da asko esan Filosofia transzendental baten metodo bereziaz, autugaia gure ahalmenen egoeraren kritika bat besterik ez baita, alegia, ea guk nonbait eraiki dezakegun oro har eta ea eraikina noraino altxa dezakegun dauzkagun ekaiekin (apriorizko adigai hutsekin).
Lehen atalburuko Bigarren atala Arrazoimen hutsaren diziplina bere erabilera polemikoari begira
[aldatu]Arrazoimena bere enpresa orotan kritikari menperatu behar zaio eta bere askatasuna ezein debekuren bitartez ezin da hautsi norbera kaltetu gabe eta susmo kaltegarririk erakarri gabe. Ezer ez da hain garrantzitsua onurari dagokionez, ezer ez da hain sakratua, non pertsonaren autoritaterik ezagutzen ez duen bilaketa etsaminatzaile eta aztertzailea saihets dezakeela. Askatasun honetan funtsatzen da arrazoimenaren existentzia, eta honek ez du autoritate diktatorialik, baizik bere agindua beti hiritar askeen adostasuna besterik ez da, eta hauetako bakoitzak bere ezbaiak, baita bere betoa ere, ahoskatu ahal izan behar du beldurrik gabe.
Arrazoimenak inoiz kritika ukatu ezin badu ere, hala ere, ez dauka beti beraren beldur izateko arrazoirik. Halere, arrazoimen hutsa bere erabilera dogmatikoan (ez matematikoan) ez da bere lege gorenen betetze zehatzenaz hain kontziente, non arrazoimen garaiago eta epaile baten begirada kritikoaren aurrean beldurrik izan gabe eta bere buruari emandako autoritate dogmatiko oro alde batera utzita agertu beharko lukeela.
Erabat bestela gertatzen da kontua bere hiritar lagunen uziek osatzen dutenean, ez epailearen zentsurak, eta uzi hauen aurka babestu besterik egin behar ez duenean. Izan ere, hauek ere dogmatikoak izan nahi badute, ezeztaketan bada ere, haiek baieztaketan ziren bezala, bada, orduan legeztapena kat’ anqrvpon gertatzen da, eta honek kalte ororen aurka babesten du eta jabetza baieztatua sortzen du, zeinak ezein handiuste arrotzen aurrean beldurtzeko beharrik ez duen, nahiz eta kat’ a` l h´ qeian askiro ezin froga daitekeen.
Arrazoimen hutsaren erabilera polemikoaz, bada, ukapen dogmatikoaren aurkako esakuneen defentsa ulertzen dut. Hemen kontua ez da bere baieztapenak agian faltsuak izan ote daitezkeen, baizik inork aurkakoa inoiz ziurtasun apodiktikoz (baita itxura handiz soilik) baiezta ote dezakeen besterik ez. Izan ere, gu ez gaude, hainbestez, eskaleak bagina bezala gure jabegoan, gogobetegarria ez den bere titulua dugunean gure aurrean, eta osorik ziurra da inork ez duela inoiz jabego honen zuzengabetasuna frogatuko.
Arduragarria eta etsigarria da oro har arrazoimen hutsaren antitetika bat egotea eta gatazka ororen epaimahai gorena ordezkatzen duen arrazoimena bere buruarekin gatazkan gertatu beharra. Gorago itxurazko bere antitetika halakoa genuen begi-bistan; baina gaizki-ulertze batean funtsatzen zela erakutsi da, ohiko aurreiritzien arabera agerpenak berbaitango gauzatzat hartzen baitira, eta orduan, beren sintesiaren osotasun absolutua eskatzen baitute era batera edo bestera (bi eratara, ordea, era berean ezinezkoa izaki), hau agerpenen aldetik, ordea, inolaz ere itxaron ezin daitekeenean. Orduan, esakune hauetan arrazoimenak ez zuen bere burua benetan kontraesaten: «agerpen jakinen ilarak bere baitan lehen hasiera absolutua du», eta «ilara hau erabat eta bere baitan hasierarik gabekoa da»; izan ere, bi esakuneak ederki elkartzen dira, zeren agerpenak bere izatearen arabera (agerpen gisa) beren baitan ez baitira ezer, h. d., zerbait kontraesankorra baitira, eta beraz, beren aurresuposizioak berezko eran ondorioztapen kontraesankorrak izan behar baititu.
Halako gaizki-ulertzea, ordea, ezin da aipatu eta horren bidez ezin da arrazoimenaren gatazka baztertu, teistek egiten duten legez, zera baieztatuko balitz bezala: «zerizan gorena badago»; eta horren aurka ateistek egiten duten legez: «ez dago zerizan gorenik»; edo Psikologian egiten denez: «pentsatzen duen orok batasun iraunkor absolutua du, eta beraz, hau materiazko batasun iragankor horretatik ezberdina da», eta honi beste hau kontrajartzen zaio: «arima ez da materiagabeko batasuna eta ezin da iragankortasunetik askatu». Izan ere, galdekizunaren gaia hemen bere izaera kontraesaten duen gauza arrotz orotatik aske dago eta adimenak berbaitango gauzekin du zerikusia, ez agerpenekin. Hemen, beraz, egiazko aurkakotasuna aurkituko litzateke, noski, baldin eta arrazoimen hutsak alde ezeztailean baieztapen baten oinarriaren antzeko zerbait litzatekeena esango balu; izan ere, dogmatikoki baieztatzen duenaren froga-oinarrien kritikari dagokionez, hau ederki onar dakioke horregatik esakune horiek utzi gabe, zeinak arrazoimenaren interesa jasotzen duten bederen, aurkakoak esan ezin duena.
Ni ez naiz gizon gailen eta gogoetatsuek (adibidez, Sulzerrek) sarri ahoskatu duten iritzikoa, orain arteko frogen ahultasuna ikusi dutela eta: oraindik inoiz gure arrazoimen hutsaren bi esakune nagusien demostrazio ebidenteak asmatzea itxaron daitekeela, alegia, «Jainkoa badago», «geroko bizitza badago». Aitzitik, ziur nago hau ez dela inoiz gertatuko. Izan ere, nondik nahi ditu atera arrazoimenak esperientziaren objektuei eta hauen barneko ahalgarritasunari lotzen ez zaizkien baieztapen sintetiko hauetarako oinarriak? Hala ere, apodiktikoki ziurra da era berean inoiz ez dela aurkakoa itxura apur batekin, are gutxiago dogmatikoki, baieztatu ahal izango duen gizakiren bat azalduko. Izan ere, hau arrazoimen hutsaren bitartez soilik erakutsi ahal izango lukeenez, orduan zera frogatu beharko luke: zerizan gorena eta gugan pentsatzen duen subjektua ezinezkoak direla inteligentzia huts gisa. Nondik nahi ditu atera, ordea, gauzez esperientzia ahalgarri oroz goiti sintetikoki juzgatzea baimentzen duten ezagupenak? Ez dugu arduratu beharrik inoiz norbaitek aurkakoa frogatzeaz; ezta eskolak egiten dituen moduko frogarik bururatzea beharrezkoa ez izateaz ere, baizik beti ere erabilera enpirikoan gure arrazoimenaren interes espekulatiboarekin ederki elkartzen diren esakuneak onar ditzakegu, eta gainera, hauek interes praktikoarekin bateratzeko baliabide bakarrak dira. Aurkakoarentzat (hemen kritiko gisa soilik kontsideratu behar ez dena) gure non liquet-a prest daukagu, hura nahastu egin behar duena, baina bera guregana bihurtzea galarazi gabe, aurkakoari halabeharrez falta zaizkion arrazoimenaren maxima subjektiboak iraunkorki erreserban ditugun heinean, zeinen babespean hark aireari ematen dizkion kolpeak lasai eta axolagabe ikus ditzakegun.
Bada, ez dago benetan arrazoimen hutsaren antitetikarik. Izan ere, bere borroka-leku bakarra Teologia eta Psikologia hutsaren alorrean bilatu ahal izango litzake: lur honek, ordea, ezin du eutsi bere hornidura osoa eta arma beldurgarriak dituen borrokalaririk. Burlaz eta harrokeriaz soilik aurkez daitezke eta honi iseka egin dakioke haurren jolasa balitz bezala. Hau ohar kontsolagarria da, arrazoimena berriro bizitzen duen oharra; izan ere, zertan konfida dezake bestela errakuntza guztiak kentzera deitua denak, baldin eta bere baitan nahastua balego, bakerik eta jabego lasairik itxaron ezinean?
Izadia berak ordenatzen duen guztia ona da zentzuren batean. Pozoiek ere gure humore propioetan sortutako beste pozoiak deuseztatzeko balio dute, eta beraz, sendagaien bilduma oso batean (botikan) ezin dira falta. Arrazoimenaren izaera berak egiten ditu espekulatiboa baino ez den arrazoimenaren limurtzearen eta harrokeriaren aurkako objekzioak, eta beraz, hauek beren determinazio eta asmo ona izan behar dute eta ezin dira alde batera utzi. Zertarako jarri ditu probidentziak zenbait objektu hain goian –gure interes gorenarekin bil daitezkeen arren-, non ia baimendu ere ez baitzagu egiten haiek nabaria ez den eta geuk ere zalantzan jartzen dugun hautemapenean aurkitzea ere, horrela begirada bilatzaileak gehiago estimulatzen dituela gogobete baino; zalantzagarria da bederen, agian kaltegarria ere bai, ea halako ikuspegien aurrean determinazio zakarrak egitera ausartzea onuragarria den. Dena dela, ordea, onuragarria da ezbairik gabe arrazoimen ikertzaileari eta etsaminatzaileari askatasun osoa ematea, horrela oztoporik gabe bere interesa bilatu ahal dezan, eta gainera hau sustatua izango da, bai bere ikuskerari zedarriak ezarriz, baita hauek hedatuz ere, baina beti kalte egin zaio esku arrotzek muturra sartzen dutenean, horrela arrazoimena asmo hertsatuen arabera bere interesaren berezko ibileraren aurka gidatzeko.
Utz iezaiozue, beraz, zuen aurkakoari arrazoimenaren bidez hitz egin dezan eta arrazoimenaren armekin baino ez ezazue borrokatu. Gainerakoan, kausa onaz (interes praktikoaz) ez zaitezte arduratu, izan ere, espekulatiboa besterik ez den gatazkan ez dago inoiz arriskuan. Gatazkak, beraz, ez du arrazoimenaren antinomia jakin bat baino aurkitzen, eta hau halabeharrez entzun eta etsaminatu behar da, arrazoimenaren izaeran funtsatzen baita. Gatazkak arrazoimena garatu egiten du bere objektua bi aldeetatik kontsideratuz, eta bere judizioa zuzentzen du hau zedarriztatuz. Hemen eztabaigarria gertatzen dena ez da gauza bera, baizik tonua. Izan ere, jakintzaren hizkuntza alde batera utzi behar den arren, gainerakoan aski geratzen da arrazoimen zorrotzenaren aurrean legeztatu den sinesmen irmo baten hizkuntza gordetzeko.
Judizioaren oreka gordetzeko prestutasuna zuen David Hume lasaiari galdetuz gero: «zerk higitu zintuen nekez pentsatutako ezbaien bitartez gizakientzat hain lasaigarria eta onuragarria den limurtzeari oinarria kentzera, alegia, bere arrazoimenaren ikuskera gai dela zerizan goren baten baieztapena eta adigai determinatua lortzeko?» Bada, hark honela erantzungo luke: «ezerk ez, arrazoimenak bere buruaren ezagutzan aurrera egiteko asmoak izan ezik, eta aldi berean arrazoimenari ezarri nahi zaion hertsapen bati buruzko haserreak, beraz harrotu arren aldi berean oztopoak jartzen zaizkion heinean, honela bere buruaren etsaminan nabarmentzen zaizkion ahultasunen aitorpen askea egin dezan». Aitzitik, arrazoimenaren erabilera enpirikoaren oinarri-esakuneei emana den eta espekulazio transzendente ororen aurkakoa den Priestleyri galdetuz gero ea zein izan diren gure arimaren askatasuna eta hilezkortasuna, hots, Erlijio ororen bi zutabe horiek, deuseztatzeko bere zioak (geroko bizitzaren itxaropena beretzat berpizkundearen mirakuluaren itxaropena besterik ez da), orduan Erlijioaren maisu onbera eta bizi honek ezingo luke honela baino erantzun: «arrazoimenaren interesa, galdu egiten dena zehazki ezagutu eta determina dezakegun bakarra den materiazko izadiaren legeei objektu jakinak kendu nahi zaizkionean». Itxuraz zuzengabea litzateke bere baieztapen paradoxala Erlijioaren asmoekin bateratzen dakien honen aurka ohiukatzea eta gizon onbera kaltetzea, izadiaren alorretik at galdu ahala orientatu ezin delako. Hala ere, mesede hau era berean onbera eta izaera etikoari dagokionez orbanik gabekoa den Humeri ere egin behar zaio, hots, bere espekulazio abstraktua utzi ezin duenari, zeren bidezki baitio bere objektua Natur Zientziaren mugetatik at datzala osorik ideia hutsen alorrean.
Zer egin behar da bereziki guztion ongiari amenazu egiten diola dirudien arriskuari dagokionez? Ezer ez da berezkoagoa, ezer ez arrazoizkoagoa, honi buruz hartu behar duzuen erabakia baino. Utz iezaiezue pertsona hauei ekiten; talentua, ikerkuntza sakon eta berria, hitz batean, arrazoimena bederen erakusten badute, orduan beti arrazoimenak irabaziko du. Hertsapenik gabeko arrazoimenaz gain beste baliabideak hartzean traizio gorena egin dela oihukatzen baduzue, landualdi sotilak inolaz ere ulertzen ez dituen zerizan komunari, nolabait esateko, sua itzaltzera deitzen badiozue, orduan zeuen burua barregarri egiten duzue. Izan ere, solasgaia ez da guztion ongiari hemen onurazkoa edo kaltegarria zaiona, baizik ea arrazoimena noraino ekarri daitekeen bere interes oroz abstraitzen duen espekulazioan, eta ea arrazoimenetik oro har zerbait itxaron daitekeen edo praktikoa denaren truke utzi egin behar den. Bertan, beraz, ezpatarekin erasotu baino hobe duzue gatazka hau lasai begiratu kritikaren aulki segurutik, alegia, borrokalarientzat leihatsua, zuentzat entretenigarria izango den gatazka, ziurki odoltsua izango ez den bukaera izanik zuen ikuskerarako probetxuzkoa izango den gatazka. Izan ere, burugabea da arrazoimenak argiztapena emango duela itxarotea eta, hala ere, aurretik berari zein aldetara egin behar duen ezartzea. Gainera, arrazoimenak jadanik bere kabuz bere burua lotzen du eta zedarrien barne atxikitzen du, eta beraz, ez zaizue beharrezkoa guardia egitea gehiegizko botere arduratsua dutela dirudizuen zatiari aurkakotasun hiritarra kontrajartzearren. Dialektika honetan ez da gertatzen, beraz, arduratzeko kariarik ematen dizuen garaipenik.
Horrez gain, arrazoimenak halako gatazka asko behar ditu, eta desiragarria litzateke gatazka lehenago eta baimen publiko zedarrigabearekin bideratzea. Izan ere, orduan eta lehenago burutuko litzateke kritika heldu bat, eta bere agerpenarekin gatazka hauek denek berez desagertu beharko lukete, gatazkalariek elkar banandu dituen itsukeria eta aurreiritziak aditzen ikasten duten heinean.
Araztasun gabezia jakin bat dago giza izaeran, zeinak, azkenean, izaditik datorren guztiak bezala, helburu onerako jarrera bat barnebildu behar duen, hots, bere egiazko asmoak ezkutatzeko eta ontzat eta ohoretsutzat hartzen diren beste onartutako asmo jakin batzuk erakusteko joera. Norbere burua ezkutatzeko eta onuragarria zaien itxura onartzeko joera honen bitartez gizakiak ziurki erabat zibilizatu ez ezik, pixkanaka hein batean moralizatu ere egiten dira, inork ezin baitu jatortasun, ohoretasun eta etikotasunaren apainduren zehar ikusi, eta beraz, bakoitzak bere inguruan ikusten zuen ongiaren ustezko adibide jatorretan beretzako hobekuntzaren eskola aurkitzen baitzuen. Hala ere, norbere burua dena baino hobea balitz bezala azaltzeko eta berak ez daukan kontzientzia morala ahoskatzeko joera horrek behin behinean baino ez du balio, gizakiak zakartasunetik ateratzeko eta berari lehendabizikoz ezagutzen dituen ongiaren manerak onarrarazteko; izan ere, ondoren, egiazko oinarri-esakuneak garatu eta hauek pentsamoldera igaro direnean, faltsutasun hura indartsuki borrokatu behar da pixkanaka, zeren bestela bihotza zapuzten baitu eta itxura ederraren belarren artetik intentzio onak ateratzea galarazten baitu.
Araztasun gabezia, disimulu eta zuritasun berbera pentsamolde espekulatiboaren adierazpenetan ere hautemateak mintzen nau, hemen ezein abantailarik ematen ez baitute, eta gizakiek beren pentsamenduaren aitorpena bidezki era irekian eta estaligabean azaltzeko askoz oztopo gutxiago baitute. Izan ere, zer izan daiteke ikuskerarentzat kaltegarriagoa elkarri pentsamendu soilak faltsututa komunikatzea baino, gure baieztapen propioez dugun zalantza ezkutatzea baino eta gogobetetzen ez gaituzten froga-oinarriei ebidentziaren itxurak ematea baino? Hutsalkeria pribatu soilak nahasketa sekretu hauek sortzen dituen artean (hau gertatzen da eskuarki interes berezirik ez duten eta modu errazean ziurtasun apodiktikoaren gai ez diren judizio espekulatiboetan), besteen hutsalkeriak egingo dio aurre baimen publikoarekin eta, azkenean, gauzak intentzio eta jatortasun aratzenak askoz lehenago eramango lituzkeen toki berberarantz doaz. Komunitateak uste badu, ordea, arrazoikerizale sotilek ongizate publikoaren oinarriak zabunkatu nahi dituztela, orduan ez dirudi zuhurtziari soilik dagokionik, baizik baimendua ere badagoela eta gainera ohoretsua dela kausa onari itxurazko oinarriekin laguntzea ustezko aurkakoari aldea eman beharrean eta gure tonua praktikoa baino ez den uste oso baten apaltasunera jeistea eta geure burua ziurtasun espekulatibo eta apodiktikoaren gabezia aitortzera behartzea. Hala ere, pentsatu beharko nuke kausa on bat baieztatu nahi bada, munduan ez dela ezer txarragorik iruzurra, disimulua eta engainua bateratzea baino. Eska daitekeen gutxiena da espekulazio soilaren arrazoimen-oinarrien pisaketan denak jatorki gertatu beharra. Baina gutxi hau seguru itxaron ahal izango balitz, orduan Jainkoa, (arimaren) hilezkortasuna eta askatasunari buruzko galdekizun garrantzitsuez arrazoimen espekulatiboak duen gatazka, edo aspaldidanik erabakia legoke, edo laster bukatuko litzateke. Horrela, intentzioaren araztasuna kausa beraren ontasunarekin alderantzizko hartuemanean dago maiz, eta kausa honek agian aurkari egiati eta jator gehiago ditu aldeztaileak baino.
Kausa zuzenaren alde egiteko zuzengabetasuna erabiltzen dela ikusi nahi ez duten irakurleak aurresuposatzen ditut. Hauei dagokienez zera erabakia dago kritikaren gure oinarri-esakuneen arabera: baldin eta gertatzen dena ez bada begiztatzen, baizik bidezki gertatu beharko lukeena, orduan benetan arrazoimen hutsaren ezein polemikarik ez lukeela egon behar. Izan ere, nola izan dezakete bi pertsonak gauza bati buruzko gatazka, bere errealitatea bietako inork ezin duenean aurkeztu esperientzia erreala edo ahalgarria besterik ez den batean, eta gauzaren ideia inkubatu besterik egiten ez duenean bertatik ideia baino zerbait gehiago sortzearren, hots, objektuaren errealitatea? Zein baliabideren bitartez nahi dute gatazka bukatu, bietako inork bere kausa zuzenki ulergarria eta ziurra bihurtu ezin duenean, baizik bere aurkakoarena eraso eta errefusatu baino ezin dezakeenean? Izan ere, arrazoimen hutsaren baieztapen ororen patua da aurkakoari beti ahultasuna erakuts diezaiokeela eta, alderantziz, aurkakoaren ahultasuna erabilgarria bihur dezakeela, zeren esperientzia ahalgarri ororen baldintzez goiti baitoa, bertatik at inon egiaren agiririk ezin aurki daitekeenean, eta, hala eta guztiz ere, erabilera enpirikoa baino izan ezin dezaketen adimenaren legeak erabili behar baititu, beraiek gabe pentsatze sintetikoan urrats bat bera ere ezin baitu egin.
Arrazoimen hutsaren kritika bere gatazka orotarako egiazko epaimahaitzat har daiteke; izan ere, bera ez da nahasten zuzenki objektuekin zerikusia duten gatazketan, baizik arrazoimenaren eskubideak oro har bere lehen erakundearen arabera determinatu eta juzgatu behar ditu.
Hau gabe arrazoimena izadiaren egoeran dago, nolabait esateko, eta bere baieztapenak eta uziak ezin ditu gerraren bitartez baino balioarazi edo segurtatu. Aitzitik, erabakiak bere konstituzio propioaren oinarrizko eta autoritate zalantzaezineko erregeletatik ateratzen dituen kritikak legezko egoera baten lasaitasuna sortzen du, non gure gatazkak prozesuaren bitartez baino ez ditugun bideratu behar. Lehen kasuan, ekimena bukatzen duena garaipena da, eta bi aldeak harrotzen dira honetaz, honi gehienetan tartean sartzen diren goiburuek ezartzen duten bake ez segurua besterik ez zaiola jarraiki; bigarren kasuan, sententzia, gatazkaren iturria bera ukitzen duenez gero, betiko bakea bermatu behar duena. Horrez gain, dogmatikoa baino ez den arrazoimenaren amaigabeko gatazkek azkenean arrazoimen hau bere kritikaren batean eta bertan oinarritzen den lege-ematean egona bilatzera behartzen dute; Hobbesek baieztatzen duen legez: «izadiaren egoera zuzengabetasunaren eta bortizkeriaren egoera da eta utzi egin behar da, honela halabeharrez legezko hertsapenari menperatzearren, zeinak gure askatasuna beste edozein askatasunekin eta, horregatik, guztion ongiarekin bateratu ahal izateko besterik ez duen zedarriztatzen».
Askatasun honi dagokio era berean norbere pentsamenduak eta norberak konpondu ezin dituen zalantzak publikoki juzgaketarako aurkeztea, hau egiten duena hiritar ardurati eta arriskutsutzat jo izan behar gabe. Hau giza arrazoimenaren jatorrizko eskubidean datza jadanik eta honek ez du giza arrazoimen orokorra baino beste epailerik ezagutzen, eta bertan bakoitzak bere ahotsa du; eta gure egoerak izan dezakeen hobekuntza orok bertatik etorri behar duenez gero, orduan halako eskubidea sakratua da eta ezin da ahuldu. Oso ezjakina da baieztapen ausarten edo komunitatearen zati handi eta onena jadanik bere alde duen zerbaiten aurkako eraso neurtugabe jakinak arriskutsutzat jotzea; izan ere, honek beraiei izan behar ez zuten garrantzia ematea esan nahi du. Entzuten baldin badut arrunta ez den buru batek giza nahimenaren askatasunaren, geroko bizitzaren itxaropenaren eta Jainkoaren izatearen aurkako demostrazioak eman dituela, orduan liburua irakurtzeko jakinmina sortzen zait, izan ere, bere talentuari esker nire ikuskera hobetu egingo dela itxaroten dut. Aurretik badakit, erabat ziurki, dioen hori ez duela inolaz ere lortu, ez jadanik esakune garrantzitsu hauen froga gaindiezinaren jabegoan nagoela uste izan nezakeelako, baizik gure arrazoimen hutsaren hornidura osoa azaldu didan kritika transzendentalak uste oso hau eman didalako: bera alor honetan adierazpen baieztaileak egiteko erabat ezgaia den bezala, hain gutxi eta are gutxiago jakingo duela galdekizun hauetaz zerbait ezeztatuz adierazteko gai izateko moduan. Izan ere, nondik nahi du atera ustezko espiritu aske horrek bere ezagupena, adibidez, zerizan gorenik ez dagoela? Esakune hau esperientzia ahalgarriaren mugez goiti datza eta, horregatik, giza ikuskera ororen mugaz at ere bai. Etsai honen aurka dagoen kausa onaren aldeztaile dogmatikoa ez nuke inolaz ere irakurriko, zeren aurretiaz baitakit bestearen itxurazko oinarriak bereak sartu ahal izateko baino ez dituela erasotzen, eta horrez gain, eguneroko itxura batek ez du ematen ohar berrietarako hainbeste ekairik arrotzak eta argiki asmatutakoak diren itxuren aldean. Alderantziz, bere erara era berean Erlijioaren aurkako dogmatikoa denak nire kritikari desiratutako jarduera eta bere oinarri-esakuneen zuzenketa asko egiteko aukera emango lizkioke bere aldetik ezerren beldur izan beharrik gabe.
Halere, irakasaldi akademikoetara ohitua dagoen gazteria halako idatziei buruz bederen ohartu eta hain esakune arriskutsuen ezagutza goiztiarretik babestu behar ahal da, bere juzgamena heldu edo, are gehiago, beraietan oinarritu nahi den irakaspena irmoki sustraitu artean, aurkakoaren limurtze orori indartsuki aurka egitearren, edonondik datorrela ere?
Jardunbide dogmatikoan arrazoimen hutsaren gaiei eutsi behar baldin bazaie eta aurkakoaren egozketa benetan polemikoa bada, h. d., kontrajarritako baieztapenetarako froga-oinarriekin armatuta borrokan hasteko antolatua badago, orduan, noski, ezer ez litzateke zuhurragoa izango motxean, baina era berean ezer ere ez hutsalagoa eta antzuagoa luzean gazteriaren arrazoimena denbora batez tutoretzapean ezartzea eta denbora horretan bederen tentalditik askatzea baino. Ondoren jakinminak edo garaiko modak idazki horiek eskuetan jartzen badizkie, orduan eutsiko ahal dio gaztaroko limurtze honek? Arma dogmatikoak baino ez dakartzanak bere aurkakoaren erasoei kontrajartzeko eta bere mantalean aurkakoarenean baino gutxiago ez dagoen Dialektika ezkutatua garatzen ez badaki, orduan berritasunaren abantaila duten itxurazko oinarriak agertzen ikusten ditu abantaila hori ez duten itxurazko oinarrien aurka, baizik, aitzitik, gazteriaren sineskortasun erraz eta gaizki-erabiliaren susmoa sortzen dutenen aurka. Uste du ezin duela era egokiagoan erakutsi intentzio oneko ohar haiek baztertuz haur-heziketari ihesi zaiola, eta dogmatismoari ohituta dagoenez, bere oinarri-esakuneak ere dogmatikoki zapuzten dituen pozoina edaten du zurrut luzeetan.
Hemen gomendatzen denaren zuzenki aurkakoa egin behar da irakaskuntza akademikoan, baina, noski, arrazoimen hutsaren kritikaren irakaskuntza zehatzaren aurresuposizioarekin besterik ez. Izan ere, bere printzipioak ahalbait azkar aplikatzeko eta beren onargarritasuna itxura dialektiko handienean ere erakusteko, behar-beharrezkoa da dogmatikoarentzat hain fruitukorrak diren erasoak oraindik ahula den baina kritikaren bitartez argiztatua den arrazoimenaren aurka zuzentzea, eta berari aurkakoaren oinarrigabeko baieztapenak zatiz zati oinarri-esakune haietan etsaminatzeko saialdia egiten uztea. Ezin zaio zaila izan haiek lurrun bihurtzea, eta horrela, azkar sentitzen du azkenean bere burua itxura oro galdu behar duten itxurapen kaltegarrien aurka babesten duen indar propioa. Etsaiaren eraikina eraisten duten kolpe berak zapuzgarriak lirateke era berean beren eraikin espekulatiboei dagokienez, halakoak antolatzea pentsatuko balu, baina horretaz ez da batere arduratzen, eraikin honetan ez baitu bizi behar, oraindik beste aukera daukanez alor praktikoan, non berak arrazoiz itxaron dezakeen lur irmoago bat aurkitzea, honen gainean bere arrazoizko sistema sendagarria eraikitzeko.
Bada, ez dago benetako polemikarik arrazoimen hutsaren alorrean. Bi aldeak ezpataka dabiltza airean beren itzalekin, izan ere, izadiaz goiti doaz, non beren atzapar dogmatikoek heldu eta atxiki daitekeen ezer ez duten beren aurrean. Hauen borroka alferrikakoa da; hausten dituzten itzalak berriro sortzen dira Walhallan heroiek egiten duten bezala, odolgabeko borrokekin berriro olgatu ahal izateko.
Gatazka guztietako neutraltasunaren oinarri-esakunea deitu ahal izango liezaiokeen arrazoimen hutsaren erabilera eszeptiko onargarririk ere ez dago. Arrazoimena bere buruaren aurka bultzatzea, berari bi aldeetatik armak ematea, eta hainbestez, bere borroka beroenak lasai eta burlaz begiratzeak ez du itxura onik ikuspuntu dogmatikotik, baizik bere baitan gogamenaren modu sadiko eta gaiztoaren itxura dauka. Hala ere, arrazoikerizalearen itsukeria gaindiezina eta harrokeria ikusten bada, ezein kritikaren bitartez leundu ezin direnak, orduan ez dago beste aukerarik, alde batetiko harropuzkeriari eskubide berberetan eusten den beste aldekoarekin gogor egitea baino, horrela arrazoimena etsai baten aurkakotasunaren bitartez gutxienez nahasteko, bere handiusteetan zalantza batzuk ezartzearren eta kritikari entzutea ematearren. Alferrikako egitasmoa da, ordea, guztiz zalantza hauetan geratzea eta bere ezjakintzaren uste osoa eta aitorpena egitera aholkatu nahi izatea, harrokeria dogmatikoaren aurkako sendagai gisa ez ezik, aldi berean arrazoimenak bere buruarekin duen gatazka bukatzeko era gisa, eta hau inolaz ere ez da baliagarria arrazoimenari egoera lasai bat emateko, baizik gehienez ere bera bere amets dogmatiko gozoetatik iratzartzeko baliabide bat besterik ez da, bere egoeraren etsamina arretatsuagoa egitearren. Hala ere, arrazoimenaren ekimen penatzailetik askatzeko manera eszeptikoak, nolabait esateko, lasaitasun filosofiko iraunkorrera iristeko bide motzena izatea dirudienez, edo errege-bidera iristeko bederen, hain zuzen, honelako ikerkuntza ororen gutxiespen isekariaren bidez norberaren buruari autoritate filosofikoa ematen diotela uste dutenek gustura urratzen duten bidera iristeko, orduan beharrezkoa dirudit pentsamolde hau bere argi berezian aurkeztea.
Bere buruarekin bat ez datorren arrazoimen hutsaren gogobetetasun eszeptiko baten ezintasuna
Nire ezjakintzaren kontzientzia (hau aldi berean beharrezkotzat ezagutzen ez denean) nire azterketak bukatzearen kausa baino gehiago hauek iratzartzearen benetako kausa da. Ezjakintasun oro, edo gauzen ezjakintasuna, edo nire ezagutzaren determinazioaren eta mugen ezjakintasuna da. Ezjakintasuna beharbadakoa denean, orduan berak bultzatu behar nau, lehen kasuan, gauzak (objektuak) dogmatikoki, bigarrenean, nire ezagutza ahalgarriaren mugak kritikoki ikertzera. Nire ezjakintasuna behar-beharrezkoa dela, ordea, eta horregatik beste ikerketa orotatik askatzen nauela ezin da erabaki enpirikoki behaketaren bidez, baizik kritikoki besterik ez gure ezagutzaren lehen iturrien oinarriketaren bidez. Beraz, gure arrazoimenaren mugen determinazioa apriorizko oinarrien arabera baino ezin daiteke gertatu; bere zedarriztapena, berriz, inoiz osoki deuseztatu ezin den ezjakintasunaren ezagutza indeterminatua baino ez den arren, a posteriori ere ezagut daiteke jakintza orotan oraindik jakiteko geratzen zaigunaren bitartez. Arrazoimenaren kritikaren bidez soilik ahalgarria den ezjakintasunaren ezagutza hura, beraz, zientzia da, hau, berriz, ez da hautemapena baino, eta honetaz ezin daiteke esan bertatik abiatzen den inferentzia noraino iristen den. Lurraren luze-zabala (sentsuzko itxuraren arabera) plater baten gisara errepresentatzen badut, orduan ezin dut jakin noraino hedatzen den. Baina hau irakasten dit esperientziak: edonora joanda ere, nire inguruan espazioa ikusten dudala, oraindik bertara aurrera naitekeela; eta beraz, beti erreala den Geografiaren zedarriak ezagutzen ditut, baina ez lurraren deskripzio ahalgarri ororen mugak. Baina lurra esfera bat dela eta bere gainazala esferikoa dela jakitea lortzen badut, orduan bere zati txiki batetik, adibidez, gradu baten handitasunetik, diametroa eta honen bitartez lurraren mugapen osoa, h. d., bere azalera determinatuta eta apriorizko printzipioen arabera ezagut dezaket; eta gainazalak barnebil ditzakeen objektuei dagokienez ezjakina banaiz ere, ez naiz ezjakina, ordea, objektuok barnebiltzen dituen hedapenari eta bere handitasunari eta zedarriei dagokienez.
Gure ezagutzaren objektu ahalgarri ororen multzoa itxurazko ikusmuga bat duen gainazal leuna dela dirudigu, hots, bere hedapen osoa jasotzen duen gainazala, guk baldintzatugabeko osotasunaren arrazoimen-adigaia deitzen dioguna. Bera enpirikoki lortzea ezinezkoa da eta printzipio jakin baten arabera bera a priori determinatzeko saialdiak alferrikakoak izan dira. Hala ere, gure arrazoimen hutsaren galdekizun guztiek ikusmuga honetatik at edo, dena dela, bere muga-lerroan egon daitekeenarekin dute zerikusia.
David Hume sonatua izan zen giza arrazoimenaren geografo hauetako bat eta galdekizun haiek osotara askiro baztertu zituela uste izan zuen, hauek determinatu ezin zuen ikusmugatik landa bidaliz. Kausalitatearen oinarri-esakuneaz arduratu zen bereziki, eta honetaz erabat zuzenki oharrarazi zuen bere egia (ezta oro har kausa arazle baten adigaiaren baliotasun objektiboa ere) ez dela oinarritzen ezein apriorizko ikuskeratan, h. d., ezagutzan eta, horregatik, bere autoritate osoa ez duela sortzen inolaz ere legearen beharrezkotasunak, baizik bere erabilgarritasun orokor soilak esperientziaren ibilbidean eta bertatik sortutako beharrezkotasun subjektiboak, zeinari berak ohitura deitzen dion. Gure arrazoimenak oinarri-esakune hau esperientzia oro gainditzen duen moduan erabiltzeko zuen ahalmen ezatik abiatuz oro harrezko arrazoimenak enpirikoa denaz goiti joateko duen handiuste ororen hutsaltasuna inferitu zuen.
Arrazoimenaren egitateak etsaminari eta, beharbada, gaitzespenari menperatzeko honelako jardunbideari arrazoimenaren zentsura dei dakioke. Ezbairik gabekoa da zentsura honek oinarri-esakuneen erabilera transzendente ororen aurkako zalantza eragiten duela ezinbestean. Baina hau lana oraindik osatzen ez duen bigarren urratsa da. Arrazoimen hutsaren gaietan lehen urratsa, bere haurtzaroa ezaugarritzen duena, dogmatikoa da. Aipatutako bigarren urratsa eszeptikoa da eta esperientziak zentzatu duen juzgamenaren zuhurtziak sortzen du. Hala ere, juzgamen heldu eta sendoari baino ez dagokion hirugarren urratsa ere beharrezkoa da, zeinak maxima irmoak eta bere orokortasunean bermatutakoak dituen oinarrian; hots, ez arrazoimenaren egitateak estimazioari menperatzeko, baizik arrazoimena bera apriorizko ezagutza hutsak izateko bere ahalmen eta egokitasun osoaren arabera; hau ez da arrazoimenaren zentsura, baizik bere kritika, eta honen bitartez zedarriak ez ezik, bere muga determinatuak ere frogatzen dira, eta beraz, ezjakintza frogatzen da, ez zati bat edo bestean, baizik era jakin bateko galdekizun ahalgarri orori begira ere bai, eta ez agian ustez soilik, baizik printzipioetatik abiatuta frogatzen da. Horrela, eszeptizismoa giza arrazoimenarentzako atsedenlekua da, non bere ibilaldi dogmatikoei buruz gogoetatu eta aurkitzen den lurraldearen eskema egin dezakeen, honela bere bidea aurrerantzean segurtasun gehiagorekin aukeratu ahal izateko, baina ez da egonaldi iraunkorra egiteko moduko etxebizitza; izan ere, hau ziurtasun osoan baino ezin daiteke gertatu, dela objektuen ezagutzan, dela gure ezagutza ororen objektuak barnean jasota dituen mugen ezagutzan.
Gure arrazoimena ez da urrunera indeterminaturantz hedatzen den planoa, bere zedarriak orokorki soilik ezagutzen direla, aitzitik, esfera batekin alderatu behar da eta bere erradioa bere azaleraren okerduratik abiatuta aurkitzen da (apriorizko esakune sintetikoen izaerakoa), horrela gainera bere edukia eta mugapena ere zehaz daitezkeelarik segurtasunez. Esfera honetatik at (esperientziaren alorra) ezer ezin da bere objektua izan, eta gainera, ustezko objektuez halakoez egindako galdekizunak esfera honen barneko adimenaren adigaien arteko hartuemanen determinazio oso baten printzipio subjektiboak soilik ukitzen ditu.
Apriorizko ezagutza sintetikoen jabeak gara benetan, esperientzia aitzinatzen duten adimenaren oinarri-esakuneek frogatzen duten legez. Norbaiti beren ahalgarritasuna ez bazaio ulergarria, orduan hasieran zalantzan jarri dezake ea guk benetan a priori baditugun, baina ezin du oraindik beren ahalezintasuna hutsaltzat jo adimenaren indar soilen bitartez eta arrazoimenak bere neurriaren arabera ematen dituen urrats guztien bitartez. Hau besterik ezin dezake esan: beren jatorria eta egiazkotasuna adituko bagenu, orduan gure arrazoimenaren hedapena eta mugak determinatu ahal izango genituzkeela; hau gertatu aurretik, ordea, arrazoimenaren baieztapen guztiak ausartzen dira itsuki. Eta honela, arrazoimenaren kritika gabe bere ibilera jarraitzen duen Filosofia dogmatiko orori buruzko zalantza osoa ongi oinarritua egongo litzateke; baina horregatik ezin zaio erabat ukatu arrazoimenari halako aurrerabidea, baldin eta hau oinarritzapen hobearen bidez prestatu eta segurtatuko balitz. Izan ere, adigai guztiak, baita arrazoimenak aurkezten dizkigun galdekizun guztiak ere, ez dautza agian esperientzian, baizik berriro arrazoimenean besterik ez, eta horregatik konpondu ahal izan behar dira eta beren baliotasun edo hutsaltasunaren arabera ulertu behar dira. Ez zaigu zilegi zeregin hauek gure ahalmen ezaren aitzakiaren bidez baztertzea beren konponketa gauzen izaeran balego bezala, eta beren ondorengo ikerketari uko egitea, arrazoimenak baino ez baititu sortu ideia horiek bere altzoan, eta hainbestez, honek eman behar du kontu beren baliotasunaz edo itxura dialektikoaz.
Polemika eszeptiko oro benetan dogmatikoaren aurka baino ez doa, hots, bere jatorrizko printzipio objektiboetan mesfidantza ezarri gabe, h. d., kritikarik gabe handikiro bere ibilera jarraitzen duenaren aurka, haren eskema hautsi eta bere buruaren ezagutza lor dezan. Bere baitan ez du ezer erabakitzen jakin dezakegunaz eta jakin ezin dezakegunaz. Huts egin duten arrazoimenaren saialdi dogmatiko guztiak egitateak dira, eta hauek zentsurari menperatzea beti onuragarria gertatzen da. Honek ezin du erabaki, ordea, arrazoimenak bere etorkizuneko ahaleginen emaitza hobea espero izateko eta horren uzia izateko duen itxaropenaz; zentsura soilak, beraz, ezin du inoiz giza arrazoimenaren eskubideei buruzko gatazka amaitu.
Hume agian eszeptikoen artean zorrotzena denez eta zalantzarik gabe jardunbide eszeptikoak arrazoimenaren etsamina zehatz baten iratzarpenean izan dezakeen eraginari dagokionez pertsona bikainena izan denez gero, orduan merezi du egiaren arrastoaren bila hasi ziren bere inferentzien ibilera eta hain ikuskera handikoa eta estimagarria den gizon honen nahasketak aurkezteko ahalegina egitea, hau nire asmoarentzat egokia den heinean.
Humek agian buruan zuen, baina inoiz ez zuen osoki garatu gu juzgatzeko era jakin batean objektuen gure adigaiez goiti goazela. Juzgatzeko era honi sintetikoa deitu diot. Ez du arazorik sortzen ordu arte nuen adigaitik esperientziaren bitartez irten naitekeela onartzeak. Esperientzia bera halako hautemapenen sintesia da eta haiek hautemapen baten bitartez dudan adigaia honi gaineratzen zaion beste baten bitartez ugaltzen dute. Dena dela, a priori ere gure adigaitik irten gaitezkeela eta horrela gure ezagutza heda dezakegula sinesten dugu. Hau, edo adimen hutsaren bitartez saiatzen dugu, esperientziaren objektua bederen izan daitekeenari begira, edo baita arrazoimen hutsaren bitartez ere, gauzen halako berekitasunari begira, edo baita esperientzian inoiz gertatu ezin diren objektu horien izateari begira ere. Gure eszeptikoak ez zituen bereiztu bi judizio mota hauek, egin behar izan zuen legez, eta zuzenean ezinezkotzat jotzen zuen adigaien berezko gehikuntza hori eta, nolabait esateko, gure adimenak (arrazoimenarekin batera) bere burua erditzea esperientziak ernaldua izan gabe, eta beraz, bere ustezko printzipio denak irudikatutzat jotzen zituen a priori, eta esperientziatik eta bere legeetatik sortutako ohitura baino ez zirela aurkitu zuen, eta hainbestez, guk ustezko beharrezkotasuna eta orokortasuna egozten dizkiegun erregelak enpirikoak baino ez direla, h. d., beren baitan beharbadakoak direla. Orokorki berrezagutzen den kausaren eta efektuaren arteko hartuemanaren oinarri-esakunera jo zuen esakune arrotz hau baieztatzearren. Izan ere, ezein adimen-ahalmenek ezin gaituenez gidatu gauza baten adigaitik beste zerbaiten izatera, horrenbestez, orokorra eta beharrezkoa bezala ematen den izatera, orduan hortik zera ondoriozta zezakeela sinetsi zuen: esperientzia gabe gure adigaia gehituz berez a priori hedatzen den halako judizioa baimen liezagukeen ezer ez daukagula. Ezein adimenek ezin du guk aurretik ditugun gauza hauen adigaietatik abiatuta asmatu, are gutxiago legearen arabera inferitu argizaria argitzen duen eguzkiaren argiak, aldi berean, bera urtzen duela, buztina berriz gogortu egiten duelarik, eta esperientziak baino ez digu irakatsi ahal izango halako legea. Aitzitik, Logika transzendentalean ikusi dugu beste gauzekiko elkarloturaren legea a priori ezagut dezakegula, zuzenki ematen zaigun adigaiaren edukia inoiz gainditu ezin dugun arren, hala ere, osoki a priori baina hirugarren osagai batekin harremanean, hots, esperientzia ahalgarriarekin harremanean ezagut dezakegula. Lehenago gogortua zen argizaria urtzen bada, orduan a priori ezagut dezaket zerbaitek aurretik izan behar zuela (adibidez, eguzkiaren beroak), hura honi lege iraunkor baten arabera jarraiki zaiola, nahiz nik esperientziarik gabe ez kausa ezta kausatik efektua ere ezingo nukeen a priori eta esperientziaren irakaspenik gabe determinatuta ezagutu. Beraz, faltsuki inferitu zuen legearen araberako gure determinazioaren beharbadakotasunetik legea beraren beharbadakotasuna, eta gauza baten adigaitik esperientzia ahalgarria ateratzea (a priori gertatzen dena eta bere errealitate objektiboa osatzen duena), noski, beti ere enpirikoa den esperientzia errealaren objektuen sintesiarekin nahastu zuen; horren bitartez, ordea, egoitza adimenean duen eta beharrezko elkarlotura iragartzen duen kidetasunaren printzipio bat asoziazioaren erregelan eraldatu zuen, irudimen imitatzailean soilik aurkitzen dena eta beharbadakoak soilik diren loturak aurkez ditzakeena, inoiz ez, ordea, lotura objektiboak.
Gainerakoan oso buruargia zen gizon honen nahasketa eszeptikoak bereziki pertsona dogmatiko orok ere baduen gabezia batetik sortu ziren, hots, adimenaren sintesiaren era guztiak ez zituela a priori sistematikoki gainbegiratu. Izan ere, orduan, gainerakoak aipatu gabe, adibidez, iraunkortasunaren oinarri-esakunea aurkituko luke, zeinak esperientzia aitzinatzen duen, kausalitatearenak ere egiten duen legez. Horren bitartez a priori hedatzen diren adimenari eta arrazoimen hutsari muga determinatuak marraztu ahal izango zitzaizkien. Berak, ordea, gure adimena zedarriztatu baino egiten ez duenez, bera mugatu gabe, eta gainera, mesfidantza orokorra bai baina guri saihestezina zaigun ezjakintzaren ezein ezagupen determinaturik sortzen ez duenez, halaber, adimenaren oinarri-esakune batzuek zentsurari menperatzen dizkionez, nahiz adimen hau bere ahalmen osoari dagokionez kritikaren balantzan jarri gabe, eta adimenari benetan lortu ezin duena ukatzen dionez, eta aurrera eginez a priori hedatzeko ahalmen oro ezeztatzen dionez, ahalmen osoaren estimazaio egiten ez duen arren, bada, orduan beti eszeptizismoa deuseztatzen duela gertatzen zaio, hots, bera zalantzan jartzen duela, bere egitasmoa beharbadakoak baino ez diren egitateetan funtsatzen delako, ez baieztapen dogmatikoen eskubidearen beharrezko utziketa eragin zezaketen printzipioetan.
Humek adimenaren oinarritutako uzien eta arrazoimenaren handiuste dialektikoen arteko bereizketarik ezagutzen ez duenez gero, bere erasoak batez ere azken hauetara zuzentzen dituela, orduan bere bultzada berezia deus ere aldatua ez, baizik oztopatua besterik izan ez den arrazoimenak ez du sentitzen bere hedapenerako espazioa itxia dagoenik, eta ezin ditu bere saialdiak utzi, nahiz eta han-hemenka zailtasunak dituen. Izan ere, erasoen aurka hornitzen da defentsarako eta are modu egoskorragoan ekiten du bere eskakizunak lortzearren. Bere ahalmen osoaren kalkulu osoak eta bertatik sortzen den jabego txiki baten ziurtasunaren uste osoak –goragoko uzien hutsalkeria dela ere– gatazka oro bukatzen du eta jabego zedarriztatu baina eztabaidagabea baketsuki onartzearekin askiestera bultzatzen du.
Bere adimenaren esfera neurtu ez duen, eta beraz, bere ezagutza ahalgarriaren mugak printzipioen arabera determinatu ez dituen dogmatiko ez-kritikoaren aurkako eraso eszeptiko hauek, beraz, zenbat lor dezakeen aurretik ez dakien, baizik saialdi soilen bitartez aurkitzea pentsatzen duen dogmatikoaren aurkako erasoak, arriskutsuak izan ez ezik, kaltegarriak ere badira. Izan ere, legeztatu ezin duen, bere itxura printzipioetatik ere garatu ezin duen baieztapen bakar bat aurkitzen badu, orduan susmoa baieztapen denetara hedatzen da, hauek gainerakoan beti ere hain limurtzaileak izan badaitezke ere.
Eta horrela, eszeptikoa arrazoikerizale dogmatikoaren hezitzailea da eta hau adimenaren eta arrazoimenaren kritika sendo bat egitera bultzatzen du. Bertara iristean ez du beste kritikaren beldurrik izan behar; izan ere, hainbestez, bere jabegoa beretik kanpo geratzen denetik guztiz bereizten du, ez du honen uzirik eta ezin da horri buruzko gatazketan nahastu. Horrela, jardunbide eszeptikoa ez da gogobetegarria bere baitan arrazoimenaren galdekizunari dagokionez, baina bai ikasgarria, bere zuhurtasuna iratzartzeko eta bere legezko jabegoa segurtatuko lioketen baliabide sendoak erakusteko.
Hirugarren atalburuko Hirugarren atala Arrazoimen hutsaren diziplina hipotesiei begira
[aldatu]Gure arrazoimenaren kritikaren bitartez azkenean bere erabilera hutsean eta espekulatiboan egitatean ezer ezin dugula jakin adina badakigunez, ez ahal luke ireki beharko kritika honek alor zabalagoa hipotesientzat, baieztatzea onartzen ez duen arren, asmatzea eta iritziak izatea bederen onar daitekeenez?
Irudimenak gogoa berotu beharrean arrazoimenaren begirada zorrozpean asmatu behar badu, orduan lehenago osoki ziurra den eta asmaketa edo iritzi soila ez den zerbaitek izan behar du, eta hau objektua beraren ahalgarritasuna da. Hortaz, objektuaren errealitateari dagokionez iritzira ihes egitea baimentzen da, baina hau oinarrigabea ez izatearren benetan emandakoa denarekin, eta ondorioz, ziurra denarekin elkarlotu behar delarik argiketa oinarri gisa, eta hainbestez, hipotesi izena du.
Apriorizko elkarlotura dinamikoaren ahalgarritasunaren ezein adigairik sortu ezin dugunez eta adimen hutsaren kategoriak ahalgarritasun hori pentsatzeko balio ez duenez, baizik eta hura esperientzian aurkitzen denean ulertzeko besterik ez duenez balio, bada, orduan ezin dugu objektu bat bera ere jatorriz irudikatu kategoria hauen arabera antolaera berria denari eta enpirikoki erakutsi ezin daitekeenari dagokionez, eta ezin dugu bera hipotesi baimenduaren oinarrian ezarri; izan ere, honek arrazoimenari gauzen adigaien ordez ameskeria hutsalak amarruz ematea adina esan nahiko luke. Horrela, ez da zilegizkoa jatorrizko indar berriren bat pentsatzea, adibidez, bere objektuak sentsurik gabe begiets ditzaken adimena, edo ukiturik gabeko erakarpena, edo substantzien espezie berri bat, adibidez, sartuezintasunik gabe espazioan egongo litzatekeena, ondorioz, ezta esperientziak eskuratzen duen guztitik ezberdintzen diren substantzien komunitaterik ere: presentziarik ez, espazioan izan ezik; iraupenik ez, denboran izan ezik. Hitz batean, gure arrazoimenak soilik erabil ditzake esperientzia ahalgarriaren baldintzak gauzen ahalgarritasunaren baldintzak bezala; ezin ditu inolaz ere ez, ordea, hauetatik guztiz beregainki gauza batzuk, nolabait esateko, sortu, zeren halako adigaiak kontraesanik gabekoak diren arren, objekturik gabekoak ere izango bailirateke.
Arrazoimenaren adigaiak, esan bezala, ideia soilak dira eta, noski, ez dute objekturik esperientziaren batean, baina ez dituzte horregatik asmatutako objektuak eta aldi berean ahalgarritzat onartutakoak ezaugarritzen. Problematikoki baino ez dira pentsatzen, berekin harremanean (fikzio heuristikoak bezala) adimenaren erabilera sistematikoaren printzipio erregulatzaileak esperientziaren alorrean oinarritzeko. Alor honetatik irtenez gero, ahalgarritasun frogaezina duten pentsamen-gauzak besterik ez dira eta, horregatik, hipotesi baten bitartez agerpen errealen argiketaren oinarrian ezarri ezin daitezkeen gauzak dira. Arima bakuna pentsatzea baimentzen zaigu, horrela ideia honen arabera gogamenaren indar ororen batasun osoa eta beharrezkoa bere barneko agerpenen gure juzgaketaren printzipio gisa ezartzeko, in concreto aditu ezin den arren. Baina arima substantzia bakun gisa onartzea (adigai transzendentala), frogaezina ez ezik (hainbat hipotesi fisiko diren bezala), osoki hautaz eta itsuki ausartutako esakunea ere izango litzateke, zeren bakunkia ezin baita ezein esperientziatan aurkitu, eta hemen substantziaz sentsuzko begiespenaren objektu iraunkorra ulertzen baldin bada, orduan ezin da inolaz ere agerpen bakun baten ahalgarritasuna aditu. Arrazoimenak ez dauka oinarritutako baimenik inteligibleak baino ez diren zerizanak edo sentsuen munduko gauzen berekitasunak iritzi gisa onartzeko, ezta ustezko ikuskera hobeago baten bitartez haiek ukatzeko ere (beren ahalgarritasunaren edo ahalezintasunaren adigairik ez baitu).
Agerpen jakinen argiketarako ezin da beste gauzarik eta argiketa-oinarririk aipatu, jadanik ezagunak diren agerpenen legeen arabera agerpen jakin hauekin elkarloturan ezarritakoak izan ezik. Arrazoimenaren ideia soila izadiko gauzen argiketarako erabiltzen duen hipotesi transzendentala, beraz, ez litzateke ezein argiketarik izango, zeren printzipio enpiriko ezagunetik abiatuta askiro ulertzen ez dena batere ulertzen ez den beste zerbaiten bitartez argitu beharko bailitzateke. Halako hipotesiaren printzipioa, gainera, benetan arrazoimena gogobetetzeko baino ezin izan daiteke baliagarria, baina ez adimenaren erabilera sustatzeko objektuei dagokienez. Izadiaren ordena eta helburutasuna izadiaren oinarrien eta izadiaren legeen bitartez argitu behar da eta, hemen, hipotesi ausartenak ere, fisikoak baino ez direnean, hiperfisikoak baino jasangarriagoak dira, h. d., honen mesedetan aurresuposatzen den jainkotiar sortzailera jotzea baino jasangarriagoak. Izan ere, hau arrazoimen alferraren printzipioa litzateke (ignava ratio), kausa oro bat-batean baztertzen duen printzipioa, alegia, bere errealitate objektiboa ahalgarritasunaren arabera behinik behin esperientzia jarraitu baten bitartez ezagut litekeen kausa oro baztertzen duena, arrazoimenari oso erosoa zaion ideia soil batean lasai geratzearren. Hala ere, argiketa-oinarriaren ilararen osotasun absolutuari dagokionez, honek ezin die oztoporik sortu munduko objektuei, zeren hauek agerpenak baino ez direnez, beraietan ezin baita inoiz itxaron baldintzen ilararen sintesian osatua den zerbait lortzea.
Arrazoimenaren erabilera espekulatiboaren hipotesi transzendentalak eta argiketa-oinarri fisikoen gabezia osatzeko oinarri hiperfisikoak erabiltzea ezin da baimendu, aldez, horren bitartez arrazoimena ez delako aurrera bultzatzen, aitzitik, bere erabileraren aurrerabidea mozten delako, aldez, lizentzia honek azkenik bere lur propioaren, hots, esperientziaren landualdiaren fruitu oro kenduko liokeelako. Izan ere, izadiaren argiketa hemen eta han zaila gertatzen bazaigu, orduan beti daukagu argiketa-oinarri transzendentea eskura, azterketa hura aurrezten digun eta gure ikerkuntza bukatzen duen argiketa-oinarria, ez ikuskeraren bitartez, baizik printzipio baten ulertezintasun osoaren bitartez, zeina aldez aurretik asmatu zen, Lehenengo absolutuaren adigaia barnebiltzen zuelarik.
Hipotesi baten onargarritasunerako behar den bigarren puntua bertatik abiatuta emandako ondorioak a priori determinatzeko duen askitasuna da. Helburu hau lortzeko hipotesi lagungarrietara jotzera behartua egonez gero, orduan asmaketa soil bat direlako susmoa sortzen dute, zeren haietako bakoitzak oinarrian ezarritako pentsamenduak behar zuen legeztapen berbera behar baitu, eta horregatik, ezin baitu lekukotasun egokirik eman. Kausa betegin eta zedarrigabe bat aurresuposatzean, munduan dagoen helburutasun, ordena eta handitasun ororen argiketa-oinarririk falta ez bada ere, hark hipotesi berriak behar ditu gure adigaiaren arabera behinik behin agertzen diren bazterketei eta kalteei dagokienez, honela objekzio hauek saihesteko. Giza arimaren agerpenen oinarrian ezartzen den bere beregaintasun bakunari materia baten aldakuntzaren antzeko fenomenoen zailtasunaren bitartez eraso egiten bazaio (hazkuntza eta gutxitzea), orduan hipotesi berriak deitu behar dira, lagun dezaten, hots, itxuragabekoak izan gabe egiaztapenik ez duten hipotesiak, beraiei oinarri nagusitzat onartutako iritziak ematen dien egiaztapena izan ezik, haiek honen alde hitz egin behar duten arren.
Hemen adibide gisa aipatu diren arrazoimenaren baieztapenek (arimaren gorpuzgabeko batasuna eta zerizan goren baten izatea) hipotesi gisa balio beharrean a priori frogatutako dogmak bezala balio beharko balute, orduan, hainbestez, hauek ez lirateke gure solasgaia inolaz ere. Kasu honetan, ordea, frogak demostrazio baten ziurtasun apodiktikoa duela aurrez ikusten da. Izan ere, halako ideen errealitatea itxurazkoa soilik bihurtu nahi izatea asmo burugabea da, Geometriaren esakune bat itxuraz soilik frogatzea saiatzea bezala. Esperientzia orotatik bakartutako arrazoimenak dena a priori eta beharrezkoa bezala baino ezin du ezagutu edo, bestela, ezin du ezer ezagutu; horregatik, bere judizioa ez da inoiz iritzia, baizik judizio ororen utziketa edo ziurtasun apodiktikoa da. Gauzei dagokienari buruzko iritziak eta itxurazko judizioak, benetan ematen denaren argiketa-oinarriak edo errealak diren aldetik, oinarrian datzanaren lege enpirikoen araberako ondorio gisa soilik ager daitezke, eta beraz, esperientziaren objektuen ilaran besterik ez. Alor honetatik at iritzia izatea pentsamenduekin jolastea adina da, segurua ez den judizioaren bide batean agian egia aurkituko dugula uste izan ezean.
Espekulatiboak baino ez diren arrazoimen hutsaren galdekizunetan ezein hipotesi ez badago ere, esakuneak bertan oinarritzeko, hala ere, osorik onargarriak dira hauen alde egiteko, h. d., onargarriak dira erabilera polemikoan, erabilera dogmatikoan, noski, ez diren arren. Defentsaz, ordea, ez dut ulertzen bere baieztapenaren froga-oinarrien ugalketa, baizik baieztatutako gure esakuneari kalte egin liezaioketen aurkakoaren itxurazko ikuskeren hustuketa. Arrazoimen hutsetik abiatzen diren esakune sintetiko denek, ordea, gauza berezi hau dute beren baitan, alegia, ideia jakinen errealitatea baieztatzen duenak inoiz ez dakiela bere esakune hori ziurra egiteko adina, bestalde, aurkakoak aurrekoak bezain gutxi jakin dezakeela honek dioenaren aurkakoa baieztatzeko. Giza arrazoimenaren zoriaren berberatasun honek ez du bietako inor sustatzen ezagutza espekulatiboetan, eta hau inoiz bukatu ezin den tirabiraren borroka-leku aproposa da. Ondorengoan erakutsiko da, ordea, erabilera praktikoari begira arrazoimenak zerbait onartzeko eskubide bat duela, espekulazio soilaren alorrean aurresuposatzea inolaz ere zilegi izango ez litzaiokeena froga-oinarri gogobetegarririk gabe; hori halako aurresuposizioek espekulazioaren betegintzarrea kaltetzen dutelako da horrela, baina interes praktikoa ez da batere arduratzen hauetaz. Han bere zuzentasuna frogatu ezin duen jabego bat du eta horren frogarik ezingo luke egitatean burutu. Aurkakoak frogatu beharko luke, beraz. Honek, ordea, zalantzan jarritako objektuaz bere ez-izatea frogatu ahal izateko bere errealitatea baieztatzen duen lehenak bezain gutxi dakienez gero, orduan hemen abantaila bat agertzen da zerbait beharrezko aurresuposizio praktiko gisa baieztatzen duenaren alde (melior est conditio possidentis). Hain zuzen, aske zaie, nolabait esateko, bidezko defentsa dela eta, kausa onaren alde aurkakoak bere aurka erabiltzen dituen baliabide berak erabiltzea, h. d., hipotesiak erabiltzea, zeinek ez duten balio behar bere froga indartzeko, baizik aurkakoak gatazkaren objektua gutxiegi ulertzen duela azaltzeko besterik ez, hain gutxi, non ikuskera espekulatiboak gurearen aldean duen abantaila batez ezin baita harrotu.
Hipotesiak arrazoimen hutsaren alorrean guda-arma gisa soilik baimentzen dira, ez honen gainean eskubide bat oinarritzeko, baizik bera babesteko besterik ez. Aurkakoa, ordea, hemen beti ere gugan bilatu behar dugu. Izan ere, arrazoimen espekulatiboa bere erabilera transzendentalean bere baitan dialektikoa da. Beldurtu ahal gintuzketen objekzioak gugan daude. Asmo zahar baina inoiz preskribitzen ez direnak agerrarazi behar ditugu beren deuseztapenaren gainean betiko bakea oinarritzeko. Kanpoko lasaitasuna itxurazkoa baino ez da. Giza arrazoimenean datzan arazoen erroa eraizi behar da; nola eraizi dezakegu bera, ordea, ez badiogu askatasunik ematen, ezta elikagairik ematen gainera, bere orriak bota ditzan eta horren bitartez aurkitua izan dadin, orduan sustraiak erauzteko? Pentsa itzazue, beraz, ezein aurkakori ere bururatu ez zaizkion objekzioak, eta armak mailegatu iezazkiezue eta berak desira dezakeen leku egokiena utz iezaiezue. Hemen ez da beldurrik egon behar, baizik etorkizun osoan inoiz gehiago eztabaidatuko ez zaizuen jabegoa lortuko duzuela itxaron behar da.
Zuen hornidura osoari arrazoimen hutsaren hipotesiak ere badagozkio, zeinak berunezko armak baino ez izan arren (zeren ezein esperientzia-legek ere ez baititu altzairu bihurtu), dena dela, edozein aurkakok zeuen aurka erabil ditzakeen armen indar berbera duten. Zuek, beraz, onartutako arimaren materiagabeko izaeraren aurkako eta gorputzaren ezein aldakuntzari menperatzen ez zaienaren aurkako (ikuspegi espekulatiboa ez den beste edozeinean) zailtasun hau aurkitzen baduzue, dena dela, esperientziak itxuraz gure espirituaren indarren goraketa zein beheraketa gure organoen modifikazio ezberdinak bezala frogatzen dituelarik, bada, orduan froga honen indarra ahul dezakezue gure gorputza funtsezko agerpena baino ez dela onartzen baduzue, zeinari, baldintza den aldetik, egungo egoeran (bizitzan) sentimenaren ahalmen osoa eta honekin batera pentsatze oro lotzen zaizkion. Gorputzetik banaketa zuen indar ezagutzailearen sentsuzko erabilera honen bukaera da eta erabilera intelektualaren hasiera. Gorputza, beraz, ez litzateke pentsatzearen kausa, baizik bere baldintza murriztaile soila, eta beraz, sentsuzko bizitza animikoaren bultzatzaile gisa bai baina, are gehiago, bizitza huts eta espiritualaren oztopo gisa hartu behar da, eta lehenaren antolaera gorpuzdunetik menpekotasunak ez du ezer frogatzen bizitza orok gure organoen egoeraz duen menpekotasunaz. Aurrerago ere joan zintezkete eta zalantza berriak aurki ditzakezue, aipatu ez direnak edo aski landu ez direnak.
Gizakiengan, baita sorkari irrazionaletan ere, sorketaren beharbadakotasuna egoeraren menpean dago, baina baita sarri elikaduraren menpean ere, gobernuaren menpean, bere gogartearen eta burutazioen menpean, sarri gainera bizioaren menpean ere badago, eta hain garrantzi gutxiko eta guztiz gure askatasunaren eskuetan utzitako egoeran bizitzen hasi den sorkari batek zailtasun handia sortzen dio honek betiko iraunkortasuna duela dioen iritziari. Genero osoaren iraupenari dagokionez (hemen lurrean) zailtasunak ez du garrantzirik, kasu bakanean beharbadakoa dena beti erregela bati menperatzen baitzaio osotara; baina zalantzagarria dirudi banako bakoitzaz hain kausa txikietatik hain efektu boteretsua itxarotea. Honen aurka, ordea, hipotesi transzendental hau eman dezakezue: bizitza oro benetan inteligiblea baino ez dela, inolaz ere denboran ematen diren aldaketen menpean ez dagoela, eta ez dela jaiotzarekin hasten, ezta heriotzarekin bukatuko ere; bizitza hau agerpen soila baino ez dela, h. d., espirituzko bizitza hutsaren sentsuzko errepresentazioa dela, eta sentsuen mundu osoa irudi soil bat dela, zeina gure egungo ezagueran igeri dagoen eta amets baten gisara errealitate objektiborik ez duen bere baitan; gauzak eta geure burua hauek diren bezala begietsi behar baditugu, orduan espirituzko izaera duen mundu batean ikusiko ginateke, eta mundu honekin dugun egiazko komunitate bakarra ez da jaiotzarekin hasi, ezta soinaren heriotzarekin bukatuko ere (agerpen soila den heinean), eta abar.
Hemen erasoaren aurka egiteko hipotetikoki erabiltzen dugun honetaz guztiaz ezer ez baldin badakigu eta serioski baieztatzen ez baldin badugu, baizik dena arrazoimenaren ideia ere ez baldin bada, aitzitik, defentsarako asmatutako adigaia besterik ez bada, orduan hemen oso arrazionalki jokatzen dugu, ahalgarritasun denak ahitu dituela uste duen aurkakoari, bere baldintza enpirikoen gabezia guk sinetsitakoaren ahalezintasun osoaren frogatzat jotzen duen heinean, hau besterik ez badiogu erakusten: berak esperientziaren lege soilen bitartez gauza ahalgarrien alor osoa bere baitan ezin duela bildu, guk esperientziatik at gure arrazoimenarentzat oinarritua dagoen zerbait bereganatu ezin dugun bezala. Ez da pentsatu behar zakar ezeztatzen duen aurkakoaren handiusteen aurka halako antidoto hipotetikoak erabiltzen dituenak hauek bere egiazko iritziak bezala bereganatu nahi dituenik. Hauek berehala uzten ditu aurkakoaren harrokeria dogmatikoa gainditu ondoren. Izan ere, norbaitek baieztapen arrotzei dagokienez ukatuz eta ezeztatuz soilik jokatzea hain gauza apal eta neurritutzat hartu ahal bada ere, bere objekzioak aurkakoaren frogak bezala balioarazi nahi dituenean, uzia beti berak alderdi baieztailea eta bere baieztapena hartu balu bezain harroa eta puztua gertatzen da.
Hemendik abiatuta ikusten da, beraz, arrazoimenaren erabilera espekulatiboan hipotesiek ez dutela baliotasunik berbaitango iritzi gisa, baizik kontrajarritako handiuste transzendenteei dagokienez besterik ez. Izan ere, oro harrezko gauzen ahalgarritasunera luzatzen den esperientzia ahalgarriaren printzipioen hedapena bere objektua esperientzia ahalgarri ororen mugetatik at baino aurkitu ezin duten adigaien errealitate objektiboaren baieztapena bezain transzendentea da. Arrazoimen hutsak asertorikoki juzgatzen duen horrek beharrezkoa izan behar du (arrazoimenak ezagutzen duen guztia bezala) edo hori ez da inolaz ere. Beraz, egitatean ez du batere iritzirik barnebiltzen. Aipatutako hipotesiak, ordea, judizio problematikoak baino ez dira, kontraesan ezin direnak bederen, nahiz eta, noski, ezein modutan frogatu ere ezin diren, eta beraz, iritzi pribatu hutsak144 dira, nahiz arrazoizkoa ez izan (ezta barneko lasaitasunerako ere) beren aurkako kezken aurrean hauek baztertzea. Modu honetan gorde behar dira, eta arretaz zaindu behar da era berean bere baitan baieztatuak eta baliotasun absolutua izanez ager ez daitezen, eta arrazoimena asmakeria eta itxurapenen azpian ito ez dezaten.
Hirugarren atalburuko Laugarren atala Arrazoimen hutsaren diziplina bere frogei begira
[aldatu]Esakune transzendental eta sintetikoen frogek gauza berezi hau dute beren baitan apriorizko ezagutza sintetiko baten froga ororen artean, alegia, arrazoimenak beraietan bere adigaien bitartez ezin duela objektura jo, baizik aurretik adigaien baliotasun objektiboa eta beren sintesiaren ahalgarritasuna a priori frogatu behar duela. Hau ez da beharrezko zuhurtzia-erregela bat, baizik frogen funtsa eta ahalgarritasuna ukitzen du. Objektu baten adigaia a priori gainditu beharko banu, hau ezinezkoa gertatzen da adigai honetatik at dagoen gida-hari berezirik gabe. Matematikan apriorizko begiespena da nire sintesia gidatzen duena eta hor inferentzia denak zuzenki begiespen hutsean egin daitezke. Ezagutza transzendentalean honek adigaiekin soilik zerikusia duen artean gida-soka esperientzia ahalgarria da. Frogak ez du erakusten, hain zuzen, adigai jakinak (adibidez, gertatzen denaren adigaiak) zuzenki beste adigai batera (kausa baten adigaira) gidatzen gaituenik; izan ere, halako igarobidea legeztatu ezin den jauzia litzateke; baizik esperientzia bera, eta beraz, esperientziaren objektua halako elkarloturarik gabe ezinezkoa litzatekeela erakusten du. Beraz, frogak aldi berean bere adigaian barnebilduta ez dauden gauzen ezagutza jakinera sintetikoki eta a priori iristeko ahalgarritasuna erakutsi beharko luke. Hau kontuan hartzen ez bada, orduan frogak kostan gainezka egiten duen ura bezala jariatzen dira, basatiki eta zuzenki asoziazio ezkutuaren aldapak ausaz gidatzen dituen norabidean. Asoziazioaren kausa subjektiboetan funtsatzen den eta berezko kidetasun baten ikuskeratzat jotzen den uste osoaren itxurak ezin du orekatu halako urrats ausartei buruz arrazoiz azaldu behar den zalantza. Horregatik, oinarri askiaren esakunea frogatzeko saialdi denak alferrikakoak izan dira adituen aitorpen orokorren arabera, eta kritika transzendentala agertu zen arte oinarri-esakune hori utzi ezin zenez gero, orduan nahiago izan zen egoskorki giza adimen sendora jotzea (ihesbide honek zera frogatzen duela beti: arrazoimenaren kausa etsitua dela) froga dogmatiko berriak saiatzea baino.
Frogatu behar den esakunea arrazoimen hutsaren baieztapena bada eta ideia soilen bitartez nire esperientzia-adigaiak gainditu nahi baditut, orduan honek are gehiago barnebildu behar du sintesiaren halako urrats baten legeztapena (ahalgarria balitz) bere froga-indarraren beharrezko baldintza gisa. Ondorioz, hain itxurazkoa bada ere, apertzepzioaren batasunetik abiatzen den gure substantzia pentsatzailearen izaera bakunaren ustezko frogari, dena dela, ezbai hau kontrajartzen zaio ezinbestean: bakuntasun absolutua zuzenki hautemapen bati lot diezaiokeen ezein adigairik ez denez gero, baizik ideia gisa inferitua izan behar dena besterik ez, orduan ezin dela inolaz ere ulertu pentsatze orotan barnebildua dagoen edo behinik behin egon daitekeen kontzientziak (errepresentazio bakuna izan arren) nola gida nazakeen pentsatzea baino barnebildu ezin dezakeen gauza baten kontzientziara eta ezagutzara. Izan ere, nire gorputzaren indarra higiduran errepresentatzen badut, orduan, hainbestez, niretzat batasun absolutua da eta bere errepresentazioa nigan bakuna da; horregatik, hau puntu baten higiduraren bitartez adieraz dezaket, bere bolumenak garrantzirik ez baitu hemen eta, indarren ahultzerik gabe, nahi den bezain txikia, eta beraz, puntu batean balego bezala pentsa baitaiteke. Hemendik abiatuta, ordea, ez dut oraindik zera inferituko: gorputz baten indar higitzailea besterik ez zaidanean ematen, gorputza substantzia bakuna bezala pentsa daitekeela, bere errepresentazioak espazioaren edukiaren handitasun oroz abstraitzen duelako, eta beraz, bakuna delako. Bakunkia abstrakzioan eta bakunkia objektuan osoki ezberdinak direnez, eta lehen adieran bere baitan ezein anizkuntasunik jasotzen ez duen niak, bigarrenean, arima esan nahi duenez, adigai oso konplexua izan daitekeenez, hots, bere azpian asko barnebildu eta ezaugarritzen duenez gero, orduan paralogismo bat aurkitzen dut. Hala ere, hau aldez aurretik saihestearren (izan ere, halako behin behineko susmorik gabe ez zen inoiz frogaren aurkako susmorik sortuko) behar-beharrezkoa da esperientziak eman dezakeena baino gehiago frogatu behar duen esakune sintetikoen ahalgarritasunaren betiko irizpidea eskuan izatea, alegia, honako hau: froga ez doala zuzenki eskatzen den predikatura, baizik ahalgarritasunaren printzipio baten bitartez besterik ez, honela gure adigai jakina a priori ideiaraino hedatzeko eta hau egikaritzeko. Froga saiatu aurretik burutsuki honetaz aholkua bilatzeko zuhurtzia izaten bada: ea nola eta itxaropena izateko zein oinarrirekin espero daitekeen arrazoimen hutsaren bidezko hedapena, eta nondik hartu nahi diren ikuskera hauek halako kasuan, adigaietatik garatzen ez direnez eta, era berean, ezin direnez aitzinatu esperientzia ahalgarriari dagokionez; eta orduan ahalegin zail baina antzu asko aurrez daitezke, arrazoimenari bere ahalmena gainditzen duena eskatzen ez zaion heinean edo, are gehiago, bere hedapen-irrika espekulatiboaren ateraldietan gustura zedarriztatzen uzten ez den arrazoimena abstinentziaren diziplinari menperatzen zaion heinean.
Lehen erregela, beraz, hau da: «ezein froga transzendental ez saiatzea, aldez aurretik gogoetatu eta legeztatu gabe ea nondik hartu nahi diren froga eraikitzeko erabili nahi diren oinarri-esakuneak eta zein eskubiderekin itxaron daitekeen beraiez inferentzien emaitza ona». Adimenaren oinarri-esakuneak baldin badira (adibidez, kausalitatearena), orduan alferrik da beren bitartez arrazoimen hutsaren ideietara iristea; izan ere, haiek esperientzia ahalgarriaren objektuentzat soilik balio dute. Arrazoimen hutsetik datozen oinarri-esakuneak izan behar badute, orduan ahalegin oro alferrikakoa da era berean. Izan ere, arrazoimenak baditu oinarri-esakuneak, baina oinarri-esakune objektibo gisa osotara dialektikoak dira, eta hainbestez, esperientziaren erabilera sistematiko-biltzailearen printzipio erregulatzaile gisa baino ez dute balio. Ustezko froga halakoak, ordea, hor baditugu jadanik, orduan uste oso iruzurtiari zuen juzgamen helduaren non liquet-a kontrajartzen zaio eta bere itxurapena aurkitu ezin baduzue ere, dena dela, eskubide osoa duzue bertan erabilitako oinarri-esakuneen dedukzioa eskatzeko, inoiz eskuratu ezingo zaizuen dedukzioa, alegia, oinarri-esakuneak arrazoimen soiletik sortu badira. Eta, horrela, ez zaizue beharrezkoa izango halako itxura oinarrigabe bakoitzaren garapenaz eta errefusapenaz aritzea, baizik artifizioetan agortezina den Dialektika uka dezakezue osotara bat-batean legeak eskatzen dituen arrazoimen kritiko baten epaitegian.
Froga transzendentalaren bigarren bereizgarritasuna hau da: esakune transzendental bakoitzarentzat froga bakarra aurki daitekeela. Ez adigaietatik, baizik adigai bati dagokion begiespenetik abiatuta begiespen hutsa inferitzen badut, Matematikan bezala, edo begiespen enpirikoa, Natur Zientzian bezala, orduan oinarrian ezarritako begiespenak ekai anizkuna ematen dit esakune sintetikoetarako, zeinak nik era bat baino gehiagotara elkarlot ditzakedan, eta puntu bat baino gehiagotik abia naitekeen heinean, bide ezberdinetatik esakune berberara irits naiteke.
Esakune transzendental bakoitza, ordea, adigai Batetik soilik abiatzen da eta objektuaren ahalgarritasunaren baldintza sintetikoa adierazten du adigai honen arabera. Froga-oinarria, beraz, bat bakarra izan daiteke, zeren adigai honetatik at besterik ez baitago horren bitartez objektua determinatu ahal izateko; frogak, beraz, ez du oro harrezko objektu baten determinazioa baino barnebiltzen adigai honen arabera eta hau ere bat bakarra da. Analitika transzendentalean, adibidez, oro har gertatzen denaren adigai baten ahalgarritasun objektiboaren baldintza bakarretik abiatuta oinarri-esakune hau atera dugu: «gertatzen den guztiak kausa bat du»; hain zuzen, denboran gertatzen den jazoera baten determinazioa, eta beraz, (gertakari) hau esperientziari egokitzea halako erregela dinamikoen menpean egon ezean ezinezkoa izatetik abiatuta atera dugu. Hau da froga-oinarri ahalgarri bakarra; izan ere, adigaiari kausalitatearen legearen bitartez objektu bat determinatzean soilik hartzen du jazoera errepresentatuak baliotasun objektiboa, h. d., egia. Oinarri-esakune honen beste frogak saiatu dira, noski, adibidez, beharbadakotasunetik abiatuta; baina hau argitan kontsideratzen bada, ezin da beharbadakotasunaren ezagugarririk aurkitu, gertakaria izan ezik, h. d., objektuaren ez-izateari jarraiki zaion izatea, eta beraz, behin eta berriro aipatutako froga-oinarrira itzultzen gara. «Pentsatzen duen gauza oro bakuna da» esakunea frogatu behar bada, orduan ez gara geratzen pentsatzearen anizkunkian, baizik niaren adigaian besterik ez, hots, bakuna den eta pentsatze oro lotzen zaion adigaian. Gauza bera gertatzen da Jainkoaren izatearen froga transzendentalarekin, zerizan oroerrealaren eta beharrezkoaren adigaien elkartrukagarritasunean soilik funtsatzen den eta beste inon bilatu ezin denarekin.
Ohar honen bitartez arrazoimenaren baieztapenen kritika asko leuntzen da. Arrazoimenak bere zeregina adigai soilen bitartez egiten duenean, hor froga bakarra da ahalgarria, edonon ere baten bat ahalgarria baldin bada. Horregatik, dogmatikoa hamar frogarekin datorrela ikusten denean, seguru sinets daiteke bat bera ere ez duela. Izan ere, apodiktikoki frogatuko lukeen bat bakarra balu (arrazoimen hutsaren gaietan gertatu behar duen legez), zertarako beharko lituzke gainerakoak? Bere asmoa legebiltzarreko abokatuarena besterik ez da: argumentu bat honetarako, bestea hartarako, hots, sakondu gabe eta zereginetik laster askatzearren bururatzen zaien lehen argumentu onena hartzen duten eta honen arabera erabakitzen duten epaileen ahultasuna erabiltzeko.
Hau da arrazoimen hutsaren hirugarren erregela bereizgarria, bera froga transzendentalei dagokienez diziplinari menperatzen zaionean: bere frogak beti ostentsiboak izan behar dutela, inoiz ez apagogikoak. Froga zuzena edo ostentsiboa ezagutzaren era guztietan egiaren uste osoa aldi berean bere iturrien ikuskerarekin lotzen duena da; aitzitik, apagogikoak ziurtasuna sor dezake, baina ezin du egiaren ulergarritasunik sortu egiak frogaren ahalgarritasunaren oinarriekin duen bilkurari dagokionez. Horregatik, azken hauek gehiago dira premiazko laguntza arrazoimenaren asmo oro gogobetetzen duten jardunbidea baino. Hala ere, hauek froga zuzenen aldean ebidentziaren lehentasun bat dute, hots, kontraesanak beti argitasun gehiago dakarrela berekin errepresentazioan elkarlotura onenak baino, eta horren bitartez demostrazio baten alde begiesgarrira gehiago hurbiltzen dela.
Froga apagogikoa zientzia ezberdinetan erabiltzearen benetako zergatia hau da: ezagutza jakin bat eratortzeko oinarriak anizkunegiak badira edo sakonegi ezkutatuak badaude, orduan froga ondorioen bitartez lortuko ez ote den saiatzen dela. Modus ponens, hots, ezagutza baten egia bere ondorioen egiatik abiatuta inferitzea, bertatik sortutako ondorio ahalgarri guztiak egia balira soilik baimenduko litzateke; izan ere, hainbestez, honen oinarri bakarra baino ez da ahalgarria, beraz, era berean egiazkoa ere baden oinarria. Jardunbide hau, ordea, egingaitza da, zeren gure indarrak gainditzen baititu onartutako esakuneren baten ondorio ahalgarri denak aditzeak; hala ere, inferitzeko era hau erabiltzen da eskuzabaltasun pixka batekin bada ere kontua zerbait hipotesi gisa soilik frogatzea denean, inferentzia analogia honen arabera onartzen den heinean: beti saiatu diren hainbeste ondorio onartutako oinarriarekin bat etorri badira, gainerako ondorio ahalgarri denak ere bat etorriko direla berekin. Horregatik, honela inoiz ezin da hipotesi bat egia demostratuan eraldatu. Arrazoimen-inferentzien modus tollens, hots, ondorioetatik oinarria inferitzeak, zorrozki frogatu ez ezik, errazki ere egiten du. Izan ere, esakune batetik ondorio faltsu bakarra atera badaiteke, orduan esakune hau faltsua da. Bere ahalgarritasunaren ikuskera osoaren bitartez ezagutza baten egiara gida dezakeen froga ostentsibo batean oinarrien ilara osoari jarraiki beharrean bere aurkakotik segitzen diren ondorioen artean faltsua den bat bakarra aurkitu badaiteke, orduan aurkako hau ere faltsua da, eta beraz, frogatu behar zen ezagutza egiazkoa da.
Froga-era apagogikoa, ordea, gure errepresentazioen alde subjektiboa alde objektiboari, hots, objektuan dagoenaren ezagutzari zerbait amarruz sartzea ezinezkoa gertatzen den zientzietan besterik ez da zilegizkoa. Alde objektiboa garailea denean, ordea, askotan gertatzen da esakune jakin baten aurkakoak pentsatzearen baldintza subjektiboak soilik kontraesaten dituela, baina ez objektua, edo esakune biak elkar kontraesaten dutela objektibotzat baino hartzen ez den baldintza subjektibo baten menpean, eta baldintza faltsua denez gero, orduan biak izan daitezke faltsuak, nahiz baten faltsutasunetik ezin den bestearen egia inferitu.
Subrepzio hori ezinezkoa gertatzen da Matematikan; horregatik daukate froga hauek bertan beren benetako lekua. Natur Zientzian amarruz sartze hura gehienetan saihets daiteke ondo alderatutako behaketa askoren bitartez, bertan dena begiespen enpirikoan oinarritzen baita; baina froga-era hau bertan munta gutxikoa da gehienetan. Hala ere, arrazoimen hutsaren saialdi transzendentalak osotara itxura dialektikoaren benetako ingurunearen barnean gertatzen dira, h. d., arrazoimenari bere premisetan objektibotzat eskaintzen zaion edo ezartzen zaion alde subjektiboan. Hemen, beraz, esakune sintetikoei dagokienez ezin da inolaz ere baimendu baieztapenak aurkakoa errefusatzearen bitartez legeztatzea. Izan ere, edo errefusapen hau kontrajarritako iritziak gure arrazoimenaren bidezko ulergarritasunaren baldintza subjektiboarekin duen gatazkaren errepresentazio soila besterik ez da, eta horregatik ezer ez du egiten gauza bera ukatzeko (horrela, adibidez, zerizan baten izatearen baldintzatugabeko beharrezkotasuna ezin dugu absolutuki ulertu, eta horregatik, beharrezko zerizan goren baten froga espekulatibo bakoitzari subjektiboki kontrajartzea arrazoizkoa da, jatorrizko zerizan honen ahalgarritasunari bere baitan kontrajartzea, ordea, arrazoigabea), edo biak, alde baieztaileak zein ezeztaileak, itxura transzendentalak iruzurtuak, objektuaren ezinezko adigaia dute oinarrian eta hor erregela honek balio du: «non entis nulla sunt praedicata», h. d., objektuaz baieztatuz nahiz ezeztatuz esaten dena okerra da eta ezin da apagogikoki aurkakoaren errefusapenaren bitartez egiaren ezagutzarik lortu. Horrela, adibidez, sentsuen mundua bere baitan bere osotasunari dagokionez ematen dela aurresuposatzen denean, orduan faltsua da edo espazioari dagokionez amaigabea edo amaiduna eta mugatua izan behar duela, zeren bi baieztapenak faltsuak baitira. Izan ere, beren baitan (objektu gisa) emango liratekeen agerpenak (errepresentazio soil gisa) ezinezkoa den zerbait dira eta irudikatutako osoki honen amaigabetasuna baldintzatugabea litzateke, baina amaigabetasun honek adigaian aurresuposatzen den handitasunaren baldintzatugabeko determinazioa kontraesango luke (agerpenean dagoen guztia baldintzatua baita).
Froga-era apagogikoa da arrazoikerizale dogmatikoen sakontasunaren miresleak lotzeko erabiltzen den benetako itxurapena. Bera, nolabait esateko, hartutako alderdiaren ohorea eta eskubide eztabaidagabea hau zalantzan jarri nahi duen edonoren aurka borroka egingo duela aginduz frogatu nahi duen txapelduna da, nahiz eta halako hitzontzikeriaren bidez gauzari buruz ezer ez erabaki, aurkakoaren indar erlatiboa ezagutzea izan ezik, eta gainera, erasotzaile gisa jokatzen duenaren aldetik besterik ez. Ikusleek, nor bere ilaran orain garailea, orain galtzailea dela ikusten duten heinean, gatazkaren objektua bera eszeptikoki zalantzan jartzeko arrazoia aurkitzen dute. Baina ez dute horretarako ziorik, eta aski da hauei oihukatzea: «non defensoribus istis tempus eget». Nork bere kausa gidatu behar du froga-oinarrien dedukzio transzendentalaren indarrez bideratutako legezko frogaren bitartez, h. d., zuzenki, honela arrazoimenaren uziek beren alde zer aipa dezaketen ikusteko. Izan ere, bere aurkakoa oinarri subjektiboetan eusten bada, orduan, noski, erraz errefusatu ahal izango dugu, baina dogmatikoari alderik eman gabe, zeina era berean eskuarki judizioaren kausa subjektiboen menpean dagoen eta aurkakoak zokora dezakeen. Bi aldeek zuzenki jokatzen badute, ordea, orduan, edo berez ohartuko dute beren baieztapenen titulua aurkitzeko zailtasuna, baita ezintasuna ere, eta, azkenik, preskripziora besterik ezingo dute jo, edo kritikak itxura dogmatikoa erraz azalduko du eta arrazoimen hutsa erabilera espekulatiboan bere gehiegizko handiusteak uztera eta bere lur bereziaren mugen barnera atzera egitera behartuko du, hots, oinarri-esakune praktikoetara.