Arrazoimen hutsaren kritika/II.Metodoaren irakaspen transzendentala

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
II.Metodoaren irakaspen transzendentalaan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

II.Metodoaren irakaspen transzendentala

Arrazoimen huts eta espekulatiboaren ezagutza ororen multzoa eraikin bat balitz bezala begiratzen badut, horren ideia bederen gugan dugularik, orduan esan dezaket osagaien irakaspen transzendentalean eraiketa-osagaien ikuspegi orokorra aurkeztu dugula eta zein motatako eraikuntza, zein altuera eta irmotasunekoa izango den determinatu dugula. Noski, zeruraino luzatuko litzatekeen dorre bat egiteko asmoa bagenu ere, materialen edukiak etxebizitza bat egitea soilik ahalbidetzen zuela aurkitu zen, esperientziaren mailan egiten ditugun zereginetarako aski zabala eta gainbegiratzeko aski altua zena; baina enpresa ausart hark ekaiaren gabeziagatik huts egin behar zuen, baita hizkuntzen nahasketagatik ere, zeinak langileak planari buruz ezinbestean banatu zituen eta hauek mundu osoan sakabanatu behar zituen, horrela bakoitzak eraikina bere egitasmoaren arabera lantzeko. Orain, gure autugaia ez da materiala, baizik plana bera, eta agian gure ahalmen osoa gainditu ahal izango lukeen hautazko egitasmo itsurik egiten ez ausartzeko oharraraziak izan garenez, baina etxebizitza finko baten antolaketa ezin dugunez alde batera utzi, orduan eraikina egiteko saialdia eman zaigun eta aldi berean gure beharrari egokitzen zaion horniduraren araberakoa izango da.

Metodoaren irakaspen transzendentalaz arrazoimen hutsaren sistema osoaren baldintza formalez determinatua dagoena ulertzen dut. Hemen gure autugaia arrazoimen hutsaren diziplina, kanona, arkitektonika eta, azkenik, historia bat izango da eta zentzu transzendentalean Logika praktikoaren izenpean oro har adimenaren erabileraz eskoletan bilatzen den, baina desegokiro lortzen den bera lortuko dugu; Logika orokorra adimenaren ezagutzaren era berezira ez denez zedarriztatzen (adibidez, ezagutza hutsera), ezta objektu jakinetara ere, zeren berak ezin baitu, beste zientzietatik ezagutzarik alokatu gabe, metodo ahalgarrietarako tituluak eta zientzia guztietan sistematikoa denaz erabiltzen diren adierazpen teknikoak azaldu baino egin, eta honek ikasberriari izenak ezagutarazten dizkio aldez aurretik, zeinen esanahia eta erabilera lehen-lehenik gerora ikasi beharko dituen.