Arrazoimen hutsaren kritika/2.saila. Dialektika transzendentala bi liburuetan eta hauen zenbait atalburu eta ataletan

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
2. saila. Dialektika transzendentala bi liburuetan eta hauen zenbait atalburu eta ataletan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

2. saila. Dialektika transzendentala bi liburuetan eta hauen zenbait atalburu eta ataletan

Sarrera I Itxura transzendentalaz[aldatu]

Gorago Dialektikari oro har itxuraren Logika deitu diogu. Honek ez du esan nahi egia-itxuratasunaren irakaspena denik; izan ere, egia-itxura duena egia da, oinarri askiezaren bitartez ezagutzen bada ere, beraz, bere ezagutza akasduna da, baina ez horregatik iruzurtia, eta beraz, ez da baztertu behar Logikaren zati analitikotik. Are gutxiago berdindu behar dira agerpena eta itxura. Izan ere, egia edo itxura ez daude objektuan hau begietsia den heinean, baizik berari buruzko judizioetan objektua pentsatua den heinean. Beraz, zuzenki esan daiteke sentsuek ez dutela erratzen, baina ez beti zuzenki juzgatzen dutelako, baizik inolaz ere ez dutelako juzgatzen. Horregatik, egia eta errakuntza, eta beraz, baita itxura ere errakuntzarantz doan desbideraketa gisa, judizioetan soilik aurki daitezke, h. d., objektuak gure adimenarekin duen hartuemanean besterik ez. Adimenaren legeekin osoro ados dagoen ezagutzan ez dago errakuntzarik. Sentsuen errepresentazio batean ere ez dago errakuntzarik (ez baitu judiziorik barnebiltzen). Izadiko ezein indarrek ezin die, ordea, berenez bere lege propioei ihes egin. Horregatik, ez adimenak bere baitan soilik (beste kausa baten eraginik gabe) ezta sentsuek ere ez lukete berez erratuko; lehenak ez luke erratuko bere lege soilen arabera jokatzen duenean, efektuak (judizioak) lege horiekin halabeharrez ados egon behar baitu. Adimenaren legeekin adostasunak, ordea, egia ororen alde formala osatzen du. Sentsuetan ez dago ezein judiziorik, ez egiazkorik, ezta faltsurik ere. Guk bi ezagutza-iturburu hauetatik at besterik ez dugunez gero, orduan zera ondorioztatzen da: errakuntza sentimenak adimenean duen eragin ohartugabetik sortzen dela, eta horren bidez judizioaren oinarri subjektiboak objektiboekin uztartzen dira eta azken hauek beren determinaziotik desbideratzen dituzte99, gorputz higituak berez beti lerro zuzena norabide berean atxikiko lukeen bezala, zeina higidura zirkularra bihurtzen den, ordea, beste indar batek beste norabide batetik aldi berean eragiten badu. Beharrezkoa izango da, beraz, adimenaren ekintza propioa tartekatzen den indarretik bereiztearren, judizio erratua judizioa bi norabideen arabera determinatzen duten bi indarren arteko diagonaltzat hartzea, hauek, nolabait esateko, angelu bat osatzen dutela eta elkarketazko efektu hura adimenaren eta sentimenaren efektu bakunetan banatzen dutela, zeina apriorizko judizio hutsetan gertatu behar den gogoeta transzendentalaren indarrez, honek errepresentazio bakoitzari dagokion indar ezagutzailean duen kokalekua erakusten duelarik, eta beraz, azken honek haiengan duen eragina ezberdintzen duelarik (erakutsi dugun legez).

Ez da gure zeregina hemen itxura enpirikoaz aritzea (adibidez, optikoaz), gainerakoan zuzenak diren adimenaren erregelen erabilera enpirikoan aurkitzen den eta juzgamena irudimenaren eraginaren bidez desbiderarazten duen itxuraz, baizik eta itxura transzendentala besterik ez da gure autugaia, esperientzian ere funtsatzen ez diren oinarri-esakuneetan eragiten duen itxura, zeren kasu horretan bere zuzentasunaren frogarria edukiko baikenuke behintzat, eta beraz, geu kritikaren oharpen guztien aurka erabat kategorien erabilera enpirikoaz goiti gidatzen gaituen eta adimen hutsaren hedapen baten lilurakeriarekin entretenitzen gaituen itxura da gure autugaia. Oinarri-esakuneen aplikazioa esperientzia ahalgarriaren zedarrien barne gertatzen denean, hauei imanenteak deituko diegu, muga hauek gainditzen badituzte, transzendenteak. Azken hauetaz ez dut, ordea, kategorien erabilera edo gaizki-erabilera transzendentala ulertzen, kritikak egokiro balaztatu ez duen juzgamenaren akats soila dena honek adimen hutsari baimentzen zaion jolastokiak dituen mugak ez dituelako askiro aintzat hartzen; baizik eta oinarri-esakune transzendenteak oinarri-esakune errealak dira, muga-habe haiek denak eraistera eta demarkaziorik ezagutzen ez duen lur erabat berria geuretzat hartzera bultzatzen gaituztenak. Horregatik, transzendentala eta transzendentea ez da gauza bera. Gorago azaldu ditugun adimen hutsaren oinarri-esakuneek erabilera enpiriko soila eduki behar dute, eta ez transzendentala, h. d., esperientziaren mugez goiti iristen den erabilera. Zedarri horiek kentzen dituen, areago, haiek gainditzea ere agintzen duen oinarri-esakuneak transzendentea izena du. Gure kritikak ustezko oinarri-esakune hauen itxura aurkitu ahal badu, ostera, orduan erabilera enpiriko soila duten oinarri-esakuneei adimen hutsaren oinarri-esakune imanenteak deitu ahal izango zaie.

Itxura logikoa, arrazoimenaren formaren imitazio soilaz osatzen den itxura (inferentzia iruzurtien itxura), erregela logikoei behar besteko arreta ez eskaintzeagatik soilik sortzen da. Arreta aurrean dugun kasuan areagotu ahala itxura erabat desagertzen da. Itxura transzendentala, aitzitik, ez da desagertzen, jadanik aurkitu eta bere hutsaltasuna kritika transzendentalaren bitartez nabariki ulertua izan arren. (Adibidez, «munduak denborari dagokionez hasiera bat izan behar du» esakunean dagoen itxura). Honen arrazoia hau da: gure arrazoimenean (subjektiboki, giza ezagumen gisa kontsideratuta) guztiz oinarri-esakune objektiboen ospea duten bere erabileraren oinarrizko erregela eta maximak dautzala, eta hauen kariaz gertatzen da adimenaren mesedetan egiten den gure adigaien elkarlotura jakin baten beharrezkotasun subjektiboa berbaitango gauzen determinazioaren beharrezkotasun objektibotzat hartzen dela. Eta hau saihets ezin daitekeen ilusioa da, guri itsasoa erdian kostaldean baino garaiagoa iruditzea bezain saihestezina, han hemen baino argi-izpi garaiagoen bitartez ikusten dugulako, edo, are gehiago, astronomo berari ilargia irteeran handiagoa dela iruditzea bezain ekidinezina, itxura horrek iruzurtzen ez duen arren.

Dialektika transzendentala, beraz, judizio transzendenteen itxura aurkitzearekin eta aldi berean hauek iruzur egin dezatela ekiditearekin askiesten da; baina ezingo du inoiz lortu gainera itxura transzendentala desagertzea (itxura logikoa bezala) eta honek itxura izateari uztea. Izan ere, berezko ilusio itzuriezina dugu hemen, oinarri-esakune subjektiboetan funtsatzen den eta hauek objektibotzat hartzen dituen ilusioa; aitzitik, Dialektika logikoaren autugaia inferentzia iruzurtien konponketan oinarri-esakuneen jarraipenean egindako hutsegitea edo beren imitazioan sortzen den itxura artifiziala da. Beraz, arrazoimen hutsaren berezko Dialektika itzuriezina dago, ez, ordea, pertsona ezjakin bat ezagutzen gabeziagatik bertan nahasteko modukoa, edo sofistaren batek jende arrazoiduna nahasteko artifizialki asmatu duen modukoa, baizik ezinbestean giza arrazoimenari datxekion eta bere lilurakeria bera aurkitu ondoren ere iruzurtzeari eta beti konpondu behar diren uneko nahasketak jarraituki sortzeari uzten ez dion Dialektika.

II Arrazoimen hutsaz itxura transzendentalaren egoitza gisa[aldatu]

A Arrazoimenaz oro har[aldatu]

Gure ezagutza oro sentsuetatik abiatzen da, hortik adimenera doa eta arrazoimenera iristen da, eta garaiago den beste ezer ez dago gugan, begiespenaren ekaia landu eta hau pentsatzearen batasun gorenari menperatzeko. Orain, indar ezagutzaile goren honen argipena eman behar dudanez, estualdi batean gertatzen naiz. Adimenarekin gertatzen den legez, arrazoimenaren erabilera formal soila dago, h. d., erabilera logikoa, arrazoimenak ezagutzaren eduki oroz abstraitzen duen heinean, baina baita erabilera erreal bat ere, ez sentsuetatik ezta adimenetik ere hartu ez dituen adigai eta oinarri-esakune jakinen jatorria barnebiltzen duelako. Lehen ahalmena, noski, logikariek aspaldi argitu zuten zeharbidez inferitzeko ahalmen gisa (inferentzia zuzenetik ezberdinduz, consequentiae immediatae); bigarrena, ordea, adigaiak sortzen dituen ahalmena, oraindik ezin da aditu horren bitartez. Hemen, arrazoimenaren sailkaketa dugunez gero ahalmen logikoan eta transzendentalean, orduan ezagutza-iturburu hauen adigai garaiagoa bilatu behar da, bi adigaiak bere baitan biltzen dituen adigaia, eta bitartean adigai logikoak aldi berean transzendentalerako gakoa eskuratuko duela itxaron dezakegu adimenaren adigaiekin duen analogiaren arabera, baita lehenengoaren funtzioen taulak aldi berean arrazoimenaren adigaien jatorri-gida eskuratuko duela ere.

Gure Logika transzendentalaren lehen zatian adimena erregelen ahalmen gisa definitu genuen; hemen, arrazoimena adimenetik bereizten dugu hari printzipioen ahalmena deituz.

Printzipio baten adierazpenak esanahi bikoitza du eta arrunki printzipio gisa erabil daitekeen ezagutza besterik ez du esan nahi, nahiz bere baitan eta bere jatorriari dagokionez ezagutza hau ezein printzipiorik ez izan. Halako edozein esakune orokor erabilgarria da arrazoimen-inferentzia bateko esakune nagusi gisa, esperientzia bertatik hartua izan arren (indukzio bitartez); ez da horregatik, ordea, printzipio bat. Axioma matematikoak (adibidez, «bi punturen artean lerro zuzen bakarra egon daiteke») apriorizko ezagutza orokorrak ere badira, eta horregatik, printzipioak deitzen zaie bidezki beraiei menperatu ahal zaizkien kasuei dagokienez. Ezin dut esan horregatik, ordea, lerro zuzenaren berekitasun hori oro har eta bere baitan printzipioetatik abiatuta ezagutzen dudanik, baizik eta begiespen hutsean soilik ezagutzen dut.

Horregatik, printzipioetatiko ezagutza berezia dena orokorra denean adigaien bitartez ezagutzen duenari deituko nioke. Horrela, halako arrazoimen-inferentzia bakoitza ezagutza bat printzipio batetik abiatuta eratortzeko forma da. Izan ere, esakune nagusiak beti adigai bat eskuratzen du, bere baldintzapean menperatzen zaion guztia bertatik printzipio baten arabera ezagutarazten duen adigaia, alegia. Edozein ezagutza orokor arrazoimen-inferentzia bateko esakune nagusi gisa erabilgarria izan daitekeenez eta adimenak halako esakune orokorrak a priori eskaintzen dituenez gero, orduan hauei ere printzipioak dei dakieke beren erabilera ahalgarriari begira.

Adimen hutsaren oinarri-esakune hauek, ordea, beren baitan beren jatorriaren arabera kontsideratzen baditugu, orduan ez dira adigaietatiko ezagutzak baino. Izan ere, ez lirateke inolaz ere a priori ahalgarriak izango begiespen hutsera (Matematikan) edo oro har esperientzia ahalgarriaren baldintzetara joko ez bagenu. «Gertatzen denak oro har kausa bat duela» ezin da inolaz ere inferitu gertatzen denaren adigaitik abiatuta; aitzitik, oinarri-esakuneak erakusten du lehen-lehenik nola lor daitekeen esperientzia-adigai determinatu bat gertatzen denetik abiatuta.

Adimenak, beraz, ezin ditu inolaz ere sortu adigaietatiko ezagutza sintetikoak, eta hauei deitzen diet nik benetan batik bat printzipioak, nahiz eta esakune orokor guztiei oro har alderaketaz printzipioak dei dakiekeen.

Aspaldiko desira da, behin agian, nork daki noiz, bete ahal izango dena, lege zibilen anizkuntasun amaigabearen ordez behingoz beren printzipioak bilatu ahal izatea; izan ere, bertan soilik egon daiteke lege-ematea errazteko sekretua, esaten den bezala. Halere, legeak hemen ere gure askatasunaren zedarriztapen soilak dira, hau bere buruarekin osoro adosteko baldintzetara zedarriztapenak; eta beraz, guztiz gure lan propioa den zerbaiti datxezkie, eta geu izan gaitezke horren kausa adigai haien bitartez. Dena dela, objektuak beren baitan nola diren, nola dagoen gauzen izaera printzipioen menpean eta honek adigai soilen bidez nola determinatua egon beharko lukeen jakitea ezinezkoa ez bada ere, oso eskakizun zentzugabea da bederen. Honetaz edozer gertatzen dela ere (izan ere, horri buruzko azterketa egiteko dugu oraindik), bertatik zera argitzen da bederen: printzipioetatiko (beren baitan) ezagutza adimenaren ezagutza soilaren guztiz bestelakoa dela, hau printzipio baten forman beste ezagutzen aurretik joan badaiteke ere, bere baitan (sintetikoa den heinean) ez baita pentsatze soilean funtsatzen, eta ez baitu adigaien arabera orokorra den ezer barnebiltzen bere baitan.

Adimena erregelen bidezko agerpenen batasunaren ahalmena bada, orduan arrazoimena printzipioen menpeko adimenaren erregelen batasunaren ahalmena da. Beraz, ez datxekio hasiera batean esperientziari edo objekturen bati, baizik adimenari, bere ezagutza anizkunari apriorizko batasuna ematearren adigaien bidez, eta batasun honek arrazoimen-batasuna izena jaso dezake, eta adimenak eskura dezakeen batasunaren erabat bestelako batasuna da.

Hau da arrazoimenaren adigai orokorra, adibideen gabezia osoan (ondoren soilik eman beharko direnak) ulergarria bihurtu ahal izan den heinean.

B Arrazoimenaren erabilera logikoaz[aldatu]

Zuzenki ezagutua denaren eta inferitua besterik ez denaren artean ezberdintzen da. Hiru lerro zuzenen bitartez mugatua dagoen figuran hiru angelu daudela zuzenki ezagutzen da; baina angelu hauek batera bi angelu zuzen direla inferitu baino ez da egiten. Inferitzea beti behar dugunez eta azkenean bertara erabat ohitzen garenez, orduan ezberdintasun hau ez dugu gehiago ohartzen, eta sarri zuzenki hautemandakotzat hartzen dugu egiatan, ordea, inferitu besterik egin ez dugun zerbait, sentsuen iruzurrak deitzen zaienetan gertatzen den legez. Inferentzia bakoitzean oinarrian datzan esakune bat dago, eta honetatik segitzen den beste bat, hots, ondorioztapena, eta azkenik, inferentziaren ondorioa (kontsekuentzia), zeinaren arabera azkenaren egia aurrenengoaren egiarekin ezinbestean elkarlotua baitago. Inferitutako judizioa jada lehenengoan halako moldez badago, non bertatik hirugarren errepresentazio baten arartekotzarik gabe erator baitaiteke, orduan inferentziak zuzena izena du (consequentia immediata); baina adimen-inferentzia deitzea hobetsiko nuke. Hala ere, oinarrian ezarritako ezagutzaz gain beste judizio bat behar bada ondorioa lortzeko, orduan inferentziak arrazoimen-inferentzia izena du. «Gizaki guztiak hilkorrak dira» esakunean beste esakune hauek daude jada: «gizaki batzuk hilkorrak dira», «hilkorra den zerbait gizakia da», «hilezkorra ez den ezer ez da gizakia», eta hauek lehenaren ondorioztapen zuzenak dira. Alderantziz, «jakintsu guztiak hilkorrak dira» esakunea ez datza menpeko judizioan (izan ere, jakintsuaren adigaia ez da inolaz ere agertzen bertan), eta tarteko judizio baten bitartez soilik ondoriozta daiteke aurrekotik abiatuta.

Arrazoimen-inferentzia bakoitzean, lehenik, adimenaren bitartez erregela (maior) bat pentsatzen dut. Bigarrenik, ezagutza bat erregelaren baldintzari (minor) menperatzen diot juzgamenaren bitartez. Azkenik, nire ezagutza determinatzen dut erregelaren predikatuaren bitartez (conclusio), eta beraz, a priori arrazoimenaren bitartez. Beraz, esakune nagusiak, erregela gisa, ezagutza bat eta bere baldintzaren artean errepresentatzen duen hartuemanak sortzen ditu arrazoimen-inferentziaren era ezberdinak. Hiru eratakoak dira inferentziak, beraz, oro har judizio guztiak diren bezala, adimeneko ezagutzaren hartuemana adierazteko eran ezberdintzen diren heinean, hots, arrazoimen-inferentzia kategorikoak, edo hipotetikoak, edo disjuntiboak.

Gehienetan gertatzen den legez konklusioa judizio gisa aurkezten bada, bera jadanik emandako judizioetatik –zeinen bitartez erabat bestelako objektua pentsatzen den– segitzen ez ote den ikustearren, orduan adimenean bilatzen dut ea konklusio horren asertzioa bertan baldintza jakinen menpean ez ote dagoen erregela orokorren arabera. Halako baldintza bat aurkitzen baldin badut eta konklusioaren objektua baldintza jakinari menpera badakioke, orduan hau ezagutzaren beste objektuentzat ere balio duen erregelatik ondorioztatzen da. Hortik ikusten da arrazoimenak inferitzean adimenaren ezagutzaren anizkuntasun handia printzipioen (baldintza orokorren) zenbaki txikienean biltzea eta horren bitartez beren batasun handiena lortzea saiatzen duela.

C Arrazoimenaren erabilera hutsaz[aldatu]

Arrazoimena bakartu al daiteke?, eta hainbestez, hark bertatik soilik sortzen diren adigai eta judizioen iturburu propioa izaten al dirau?, eta hauen bitartez objektuei lotzen al zaie?, edo menpeko ahalmen soila al da, ezagutza jakinei logikoa izena duen forma jakin bat emateko, eta horren bitartez, adimenaren ezagutzak beren artean eta menpeko erregelak garaiagoei menperatzeko (garaiagoen baldintzak lehenengoen baldintza jasotzen duela bere esferan), beren arteko alderaketaren bidez ahalgarria zen heinean? Galdekizun hau da orain landuko duguna, behin behineko moduan soilik egingo dugun arren. Egitatean, erregelen anizkuntasuna eta printzipioen batasuna arrazoimenaren eskakizuna da, adimena berekin bilkura osoan biltzeko, adimenak begiespenaren anizkunkia adigaien menpean, eta horren bidez, haiekin elkarloturan jartzen duen moduan. Hala ere, halako oinarri-esakuneak ez die ezein lege ezartzen objektuei, eta ez du barnebiltzen inolaz ere haiek oro harrezko objektu gisa ezagutzeko eta determinatzeko ahalgarritasunaren oinarririk, baizik eta gure adimenaren hornigaia kudeatzeko lege subjektiboa besterik ez da, bere adigaien alderaketaren bitartez beren erabilera orokorra beren kopuru ahalbait txikienean biltzeko, nahiz eta honek ez duen legeztatzen objektuei gure adimenaren erosotasuna eta hedapena susperrarazten duen elkarren arteko adostasuna eskatzerik, ezta aldi berean maxima hari baliotasun objektiboa ematerik ere. Hitz batean, galdekizuna hau da: ea arrazoimenak bere baitan, h. d., arrazoimen hutsak apriorizko oinarri-esakuneak eta erregela sintetikoak barnebiltzen dituen eta ea zertaz osatzen diren printzipio horiek.

Arrazoimenak arrazoimen-inferentzietan duen jardunbide formal eta logikoak askiro erakusten digu zein oinarritan funtsatuko den bere printzipio transzendentala arrazoimen hutsaren bidez lortutako ezagutza sintetikoan.

Lehenik, arrazoimen-inferentzia ez datxekie begiespenei, hauek erregelei menperatzearren (adimenak bere kategoriekin egiten duen moduan), baizik adigaiei eta judizioei. Beraz, arrazoimena objektuei badatxekie, orduan ez du harreman zuzenik hauekin eta beren begiespenarekin, baizik adimenarekin eta bere judizioekin besterik ez, zeinek hasiera batean sentsuetara eta beren begiespenetara jotzen duten hauei beren objektua determinatzearren. Arrazoimenaren batasuna, beraz, ez da esperientzia ahalgarriaren batasuna, baizik funtsean bereizten da honetatik, hau adimenaren batasuna den aldetik. «Gertatzen den guztiak kausa bat duela» ez da arrazoimenaren bidez ezagututako eta ezarritako ezein oinarri-esakunerik. Esperientziaren batasuna ahalbidetzen du eta ez du ezer hartzen arrazoimenetik, zeinak, esperientzia ahalgarriarekin harreman hau ez balu, ezingo lituzkeen agindu halako batasun sintetikoak adigai soiletatik abiatuta.

Bigarrenik, arrazoimenak bere erabilera logikoan bere judizioaren (konklusioaren) baldintza orokorra bilatzen du, eta arrazoimen-inferentzia bera judizio bat baino ez da, bere baldintza erregela orokorrari (esakune nagusia) menperatzearen bidez. Erregela hau, era berean, arrazoimenaren egoera berberan aurkitzen denez eta, horren bidez, baldintzaren baldintza bilatu behar denez (prosilogismo baten bidez) hori ahalgarria den bezain luze, orduan argi ikusten da oro har arrazoimenaren oinarri-esakunea hau dela (erabilera logikoan): adimenaren ezagutza baldintzatuarentzat bere batasuna osatzen duen baldintzatugabekia aurkitzea.

Maxima logiko hau, ordea, honako hau onartuz soilik bihurtzen da arrazoimen hutsaren maxima: baldintzatua emana dagoenean, orduan elkarri menperatzen diren baldintzen ilara eta, hainbestez, baldintzatugabea den ilara osoa ere emana dela (h. d., objektuan eta bere elkarloturan barnebildua).

Arrazoimen hutsaren halako oinarri-esakunea, ordea, sintetikoa da nabarmenki; izan ere, baldintzatukia baldintzaren bati lotzen zaio analitikoki, baina ez baldintzatugabekiari. Bertatik esakune sintetiko ezberdinak ere sortu behar dira eta adimenak ez daki ezer hauetaz, bere autugaia esperientzia ahalgarri baten objektuak besterik ez direlako, zeinen ezagutza eta sintesia beti baldintzatua den. Baldintzatugabekia, ordea, baldin eta benetan badago, orduan bereziki kontsidera daiteke baldintzatukitik ezberdintzen duten determinazio guztien arabera, eta horren bitartez, apriorizko zenbait esakune sintetikotarako ekaia eskuratu behar du.

Arrazoimen hutsaren printzipio goren honetatik abiatuta sortzen diren oinarri-esakuneak, ordea, transzendenteak izango dira agerpen guztiei dagokienez, h. d., ezingo da inoiz beren erabilera enpiriko egokirik egin. Beraz, adimenaren oinarri-esakune guztietatik ezberdinduko da erabat (beren erabilera osoro imanentea izaki, beren gaia esperientziaren ahalgarritasuna besterik ez den heinean). Ea, hortaz, «baldintzen ilara (agerpenen sintesian, edo baita oro harrezko gauzen pentsatzean ere) baldintzatugabekiraino luzatzen dela» dioen oinarri-esakuneak bere zuzentasun objektiboa duen ala ez duen; ea zein ondorioztapen segitzen den hortik adimenaren erabilera enpirikorako, edo, aitzitik, ea objektiboki baliogarria den arrazoimenaren halako esakunerik inon ez dagoen, baizik arau logiko soila dagoen, honela norbera baldintza gero eta garaiagoetara goratzean beren osotasunera hurbiltzeko, eta horren bitartez, gure ezagutzan ahalik eta arrazoimenaren batasun gorena lortzeko; ea, diot, arrazoimenaren behar hori gaizki-ulertze batengatik arrazoimen hutsaren oinarri-esakune transzendentaltzat hartu den, zeinak baldintzen ilararen halako osotasun zedarrigabea gauzetan bertan azkarregi postulatu duen; baina kasu honetan ere, ea zein sasi-interpretazio eta itsukeria sartu ahal izan diren amarruz arrazoimen-inferentzietan, hots, beren esakune nagusia (agian gehiago petizioa dena postulatua baino) arrazoimen hutsetik hartzen den eta esperientziaz goiti beren baldintzetara goratzen diren arrazoimen-inferentzietan: hau dena izango da gure zeregina Dialektika transzendentalean, orain giza arrazoimenean sakon ezkutatuta dauden bere iturburuetatik abiatuta garatu nahi duguna. Bi atal nagusietan zatituko dugu Dialektika: lehenak, arrazoimen hutsaren adigai transzendenteez, bigarrenak, arrazoimen hutsaren arrazomen-inferentzia transzendente eta dialektikoez jardungo du.

Dialektika transzendentalaren Lehen liburua Arrazoimen hutsaren adigaiez[aldatu]

Arrazoimen hutsaren adigaien ahalgarritasuna edozein dela ere, adigaiok ez dira soilik hausnartutako adigaiak, inferituak baizik. Adimenaren adigaiak ere a priori esperientziaren aurretik eta honen mesedetan pentsatzen dira; baina ez dute hausnarketaren batasuna baino barnebiltzen agerpenei dagokienez, hauek halabeharrez kontzientzia enpiriko ahalgarri bati egokitu behar zaizkion heinean. Adigai hauek soilik ahalbidetzen dute objektu baten ezagutza eta determinazioa. Beraz, hasiera batean inferitzeko ekaia ematen dute, eta beren aurretik ez dago objektuen apriorizko adigairik, zeinetatik haiek inferituak izan litezkeen. Aitzitik, beren errealitate objektiboa beren aplikazioa beti esperientzian erakutsi ahal behar izatean baino ez da oinarritzen, esperientzia ororen forma intelektuala osatzen baitute.

Arrazoimenaren adigai baten izendapenak, ordea, jadanik aurretiaz azaltzen du ez dela utzi nahi esperientziaren barnean zedarriztatzen, zeren ezagutza enpirikoak bere zati bat besterik osatzen ez duen ezagutza bati baitagokio (agian esperientzia ahalgarriaren edo bere sintesi enpirikoaren osokia); ezagutza horretaraino ez da inoiz ezein esperientzia errealik heltzen, baina hau beti hari dagokio. Arrazoimenaren adigaiak ulertzeko dira baliagarriak, adimenaren adigaiak (hautemapenak) aditzeko. Baldintzatugabekia barnebiltzen badute, esperientzia osoa jasotzen duen zerbaiti dagozkio, baina bera inoiz ez da esperientziaren ezein objekturik: zerbait horretara gidatzen du arrazoimenak esperientziatiko bere inferientzietan, eta berari jarraiki estimatzen eta neurtzen du arrazoimenak bere erabilera enpirikoaren maila, baina sintesi enpirikoaren osakide bat bihurtu gabe. Halako adigaiek, dena dela, baliotasun objektiboa baldin badute, orduan conceptus ratiocinati izena jaso dezakete (zuzenki inferitutako adigaiak); ez dutenean, itxurazko inferitze baten bitartez onartzen dira ezkutuan bederen eta conceptus ratiotinantes izena jaso dezakete (arrazoikeriaren adigaiak). Hau, ordea, lehen-lehenik arrazoimen hutsaren inferentzia dialektikoen atalburuan erabaki daitekeenez gero, orduan orain ezin diogu honi arretarik eskaini, baizik oraingoz arrazoimen hutsaren adigaiei izen berria emango diegu eta ideia transzendentalak deituko diegu, adigaiak kategoriak izendatu genituen moduan; izendapen hori, ordea, orain azaldu eta legeztatuko dugu.

Dialektika transzendentalaren Lehen liburukoLehen atala Ideiez oro har[aldatu]

Gure hizkuntzen aberastasuna handia den arren, buru gogoetatsua sarri estualdian gertatzen da bere adigaiari zuzenki dagokion adierazpena dela eta, eta honen gabezian ez besteak ez bere burua ere ezin ditu zuzenki ulertu. Hitz berriak galdatzea hizkuntzetan lege-emateko handiustea da, nekez arrakastatsu gertatzen den handiustea, eta gomendagarria da baliabide etsitu honetara jo aurretik kultur-hizkuntza batean begiratzea ea hor ez den adigai hura aurkitzen bere adierazpen egoki guztiekin batera, eta bere erabilera zaharra bere sortzaileen xalokeriagatik kulunkan balego ere, hobe da lehentasunez berezkoa zitzaion esanahia tinkatzea (nahiz zalantzagarria dirauen ea orduan zehazki esanahi bera ote zuten gogoan) norbere zeregina zapuztea baino, norberaren burua ulergaitz bihurtuz.

Horregatik, adigai jakin baterako hitz bakarra aurkituko balitz, jadanik onartutako esanahian adigaiari zehazki dagokion hitza, garrantzi handikoa izaki bere bereizkuntza beste adigai kideetatik, bada, orduan gomendagarria da hitz horrekin eskuzabalegi ez jokatzea, edo aldatzeko apetagatik soilik sinonimotzat ez erabiltzea beste hitzen ordez, baizik bere esanahi propioa arretaz gordetzea; zeren, bestela, errazegi gertatzen baita, ondoren adierazpenak arreta bereziki erakartzen ez duenean, baizik esanahi oso ezberdineko mordoaren artean galtzen denean, berak soilik gorde izan lezakeen pentsamendua ere galtzea.

Platonek «ideia» adierazpena horrela erabili zuen, eta ederki ikusten da berak honetaz hau ulertzen zuela: inoiz sentsuetatik hartzen ez den zerbait ez ezik, Aristotelesen arreta jaso zuten adigaiak ere askogatik gainditzen dituen zerbait, esperientzian horri dagokion ezer inoiz aurkituko ez den heinean. Platoni jarraiki, ideiak gauza beren jatorrizko irudiak dira, eta ez soilik esperientzia ahalgarrietarako gakoak, kategoriak diren legez. Bere iritziz arrazoimen gorenetik jariatzen ziren, eta hortik giza arrazoimenera igaro ziren, baina hau orain ez dago bere jatorrizko egoeran, baizik nekez deitu behar ditu berriro ideia zahar eta oso ilunduak oroitzapenaren bitartez (zeinak Filosofia izena duen). Ez dut literatura azterketarik hasi nahi hemen, filosofo bikainak bere adierazpenei lotzen zien zentzua erabakitzearren. Zera soilik oharrarazten dut: ez dela ezohikoa hizketaldi arruntean eta idazkietan autore batek bere objektuaz adierazten dituen pentsamenduen alderaketa eginez bera hark bere burua ulertu zuena baino hobeto ulertzea, bere adigaiak behar beste determinatu ez zituen, eta horren bitartez, bere asmo propioaren aurka hitz egin edo pentsatu ere egiten zuen heinean.

Platonek ederki ohartu zuen gure indar ezagutzaileak agerpenak batasun sintetikoaren arabera letraka esatea baino premia garaiagoa sentitzen duela, agerpenok esperientzia gisa irakurri ahal izateko, eta gure arrazoimena berez goratzen dela hain ezagutza garaietara, non esperientziak inoiz emango duen objekturen bat hauei inoiz ezingo baitzaie egokitu, nahiz eta ezagutza hauek beren errealitatea duten eta asmakizun soilak ez diren.

Platonek bere ideiak batez ere praktikoa den guztian aurkitu zituen100, h. d., askatasunean funtsatzen denean, zeina bere aldetik arrazoimenaren produktu propioak diren ezagutzen menpean dagoen. Bertutearen adigaiak esperientziatik abiatuta sortu nahiko lituzkeen pertsonak, edonola ere azalpen ezosoaren adibide gisa baliagarria izan daitekeena ezagutza-iturriaren eredu bihurtu nahiko lukeen pertsonak (benetan askok egin duten moduan), bertutea garaien eta egoeren arabera iragankorra den zerbait bihurtuko luke, ezein erregelatan erabilgarria ez den ezgauza ekibokoa. Aitzitik, edonork daki, norbait bertutearen eredu gisa aurkezten bazaio ere, benetako jatorrizko eredua bere buruan soilik duela, zeina ustezko eredu horrekin alderatzeko erabiltzen duen eta hau horren arabera soilik estimatzen duen. Hau, ordea, bertutearen ideia da, eta berari begira esperientziaren objektu ahalgarri orok adibide gisa balio du (arrazoimenaren adigaiak agintzen duena maila batean egingarria izatearen frogak), baina ez jatorrizko irudi gisa. Gizakiren batek bertutearen ideia hutsak barnebiltzen duenari egokituz inoiz ez ekiteak ez du frogatzen pentsamendu honetan zerbait kimerikoa dagoenik. Izan ere, balio edo balioeza moralari buruzko judizio oro ideia horren bitartez besterik ez da ahalgarria; eta beraz, betegintzarre moralerantz egindako hurbilketa ororen oinarrian datza halabeharrez, giza izaeraren oztopoek, mailari dagokionez determinatu ezin diren oztopoek, horretatik ahalbait urruti atxiki gaitzaketen arren.

Platoniar errepublika ezaguna bihurtu da amestutako betegintzarrearen ustezko adibide ohargarri gisa, zeinak egonean dagoen pentsalari baten burmuinean soilik izan dezakeen bere egoitza, eta Bruckerrek irrigarri deritzo filosofoak zera baieztatu izanari: printze batek inoiz ez lukeela egokiro gobernatuko, honek ideien berri izan ezean. Baina hobe litzateke pentsamendu honi jarraitzea eta ahalegin berrien bitartez bera argitara ekartzea (gizon bikainak laguntzarik gabe uzten gaituenean), egingaiztasunaren aitzakia eskas eta kaltegarriaren bidez erabilgaitz gisa alde batera uztea baino. Edonoren askatasuna besteenarekin batera izatea ahalbidetzen duten legeen araberako giza askatasun handienaren konstituzioa (ez zorion handienarena, izan ere, hau berez etorriko da jarraian) beharrezko ideia da bederen, zeinak estatu-konstituzio baten lehen egitasmoan ez ezik, lege guztien oinarrian ere egon behar duen, eta horretarako hasieratik eguneko oztopoez abstraitu behar da, alegia, agian ez ezinbestean giza izaeratik, baizik gehienbat lege-ematean gertatzen den egiazko ideien utzikeriagatik sortzen diren oztopoez. Izan ere, ezin da ustezko esperientzia kontrajarrira xumeki jotzea baino gauza kaltegarriagorik eta filosofo batentzat duinezik aurkitu, zeina ez litzatekeen existituko, erakunde haiek garaiz ideiaren arabera eratu izan balira eta haien ordez esperientziatik sortzen diren adigai landugabeek asmo on oro zapuztu ez balute. Zenbat eta lege-ematea eta gobernua ideia hauei hobeto egokitu, orduan eta bakanagoak bihurtuko lirateke zigorrak, eta horrela, erabat arrazoizkoa da (Platonek baieztatzen duen bezala)  zigorrik ez litzatekeela beharko, haien antolaketa betegina izanez gero. Azkena inoiz gertatuko ez bada ere, maximum hori jatorrizko irudi gisa aurkezten duen ideia erabat zuzena da, berari jarraiki gizakien legezko konstituzioa gero eta betegintzarre ahalbait handiagora hurbiltzearren. Izan ere, inork ezin du determinatu ea zein maila gorenean gelditu beharko den gizatasuna eta ea zein handia den halabeharrez ideiaren eta bere egikaritzaren artean geratuko den arrakala, eta ez du determinatzeko beharrik ere, zeren askatasuna baita aurretik ezarritako muga oro gaindi dezakeena.

Platonek, ordea, ideietatiko jatorriaren froga nabariak ez ditu bidezki giza arrazoimenak egiazko kausalitatea erakusten duen hartan soilik ikusten, hemen ideiak (ekintzen eta beren objektuen) kausa arazle bihurtzen direla, hots, etikaren sailean, baizik baita izadia berari dagokionean ere. Landare batek, abere batek, mundu-eraikinaren antolaketa erregularrak (ustez baita izadiaren ordena osoak ere) nabariki erakusten dute ideien arabera baino ez direla ahalgarriak; gainera, noski, bere espezieko beteginenaren ideiarekin bat datorren sorkari bakar bat bera ere ez dagoela, bere izatearen baldintza bakanen menpean (gizakia gizatasunaren ideiarekin bat ez datorren bezain gutxi, beraz, gizakiak bere ariman daraman bere ekintzen jatorrizko irudiarekin); hala ere, ideia haiek adimen gorenean bakarrak, aldaezinak, osoki determinatuak eta gauzen jatorrizko kausak direla, eta beren loturaren osokia unibertsoan soilik egokitzen zaiola osorik ideia hari. Adierazpenaren gehiegizkoa baztertzen bada, orduan mundu-ordenaren izaera fisikoa kopia izatea kontsideratzetik helburuen, h. d., ideien araberako bere elkarlotura arkitektonikora goratzen duen filosofoaren bultzada espirituala begirunea eta jarraipena merezi duen ahalegina da; merezimendu erabat berezia du, berriz, etikotasuna, lege-ematea eta Erlijioaren printzipioei dagokienean, hemen ideiek lehen-lehenik esperientzia bera (ongiarena) ahalbidetzen dutela, nahiz bertan inoiz osorik ezin diren adierazi, eta merezimendu hau ez da berrezagutzen, erregela enpirikoen bitartez juzgatzen baita, zeinen baliotasuna, printzipioak diren aldetik, ideia haien indarrez ezeztatua izan behar baitzen. Izan ere, izadiari dagokionez esperientziak ematen digu erregela eskura, eta bera da gainera egiaren iturburua; baina lege etikoei dagokienez esperientzia (tamalez!) itxuraren ama da, eta guztiz gaitzesgarria da egin behar denari buruzko legeak egiten denetik hartu edo honen bitartez zedarriztatzea.

Kontsiderazio hauen guztien ordez –zeinen egikaritza egokiak egitatean Filosofiaren ohorea osatzen duen– orain hain distiratsua ez den baina merezimendu gabekoa ere ez den lanaz jardungo dugu, hots, eraikin etiko maiestatiko harentzako lurraldea laua eta irmoa bihurtzea, lurralde honetan konfiantza handiz bada ere, alferrik altxor bila dabilen arrazoimen baten satorbide asko baitaude, eraiketa-lan hura arriskuan jartzen duten satorbideak. Orain zehazki ezagutu behar ditugu arrazoimen hutsaren erabilera transzendentala, bere printzipioak eta ideiak, horrela arrazoimen hutsaren eragina eta balioa egokiro determinatu eta estimatu ahal izateko. Hala ere, atariko sarrera hau alde batera utzi aurretik Filosofia bihotzean daramaten denei eskatzen diet (sarriago esaten dena arrunki agitzen dena baino) «ideia» adierazpena babespean hartzeko bere jatorrizko esanahian, baldin eta honi eta datorrenari esker uste osora heltzen direla aurkitzen badute, aurrerantzean eskuarki desordena nahasian dauden era guztietako errepresentazio-erak izendatzeko erabiltzen diren gainerako adierazpenen artean gerta ez dadin, eta hainbestez, zientzia kaltetu ez dadin. Ez zaizkigu errepresentazio-era haiei egokiro dagozkien izendapenik falta, eta ez zaigu beharrezkoa beste baten jabegoa indarrez hartzea. Hemen dugu haien mailaketa bat: generoa oro harrezko errepresentazioa da (repraesentatio). Bere menpean errepresentazio kontzientziaduna dago (perceptio). Subjektuari bere egoeraren modifikazio gisa lotzen zaion atzematea sentsazioa da (sensatio), atzemate objektiboa ezagutza da (cognitio). Hau begiespena edo adigaia da (intuitus vel conceptus). Lehena zuzenki lotzen zaio objektuari eta bakana da; bigarrena zeharbidez gauza ezberdinei arrunta izan dakiekeen ezaugarri bati esker. Adigaia enpirikoa edo hutsa da, eta adigai hutsak, jatorria adimenean soilik duen heinean (ez sentimenaren irudi hutsean), nozio izena hartzen du. Nozioetatik abiatuta esperientziaren ahalgarritasuna gainditzen duen adigaia ideia da, edo arrazoimenaren adigaia. Bereizkuntza honetara jadanik ohitu denari jasanezina izan behar zaio kolore gorriaren errepresentazioari ideia deitzen diotela entzutea. Ezin zaio nozio ere (adimenaren adigai) deitu.

Dialektika transzendentalaren Lehen liburuko Bigarren atala Ideia transzendentalez[aldatu]

Analitika transzendentalak gure ezagutzaren forma logiko soilek apriorizko adigai hutsen jatorria barnebiltzeko duten eraren adibidea ematen digu, alegia, esperientzia ororen aurretik objektuak errepresentatzen dituzten adigai hutsak edo, are gehiago, objektuen ezagutza enpirikoa ahalbidetzen duen batasun sintetikoa erakusten dutenak. Judizioen formak (begiespenen sintesiaren adigaian eraldatuta) adimenak esperientzian duen erabilera oro gidatzen duten kategoriak sortu zituen. Era berean itxaron dezakegu arrazoimen-inferentzien formak, hau begiespenen batasun sintetikoari aplikatzen baldin bazaio kategorien neurriaren arabera, apriorizko adigai berezien jatorria barnebilduko duela, eta hauei arrazoimenaren adigai hutsak edo ideia transzendentalak dei diezaiekegu, eta esperientzia guztiaren osokian adimenaren erabilera determinatuko dute printzipioen arabera.

Arrazoimenaren funtzioa bere inferentzietan adigaien araberako ezagutzaren orokortasuna zen, eta arrazoimen-inferentzia bera judizio bat da, bere baldintzaren hedapen osoan a priori determinatua dagoen judizioa. «Caius hilkorra da» esakunea adimen soilaren bidez esperientziatik sor nezakeen. Baina judizio honen predikatua (asertzioa oro har) emateko baldintza barnebiltzen duen adigaia bilatzen dut (h. d., hemen gizakiaren adigaia), eta predikatua baldintza honi bere hedapen osoan hartua menperatu ondoren («gizaki guztiak hilkorrak dira»), horren arabera determinatzen dut nire objektuaren ezagutza («Caius hilkorra da»).

Gero, arrazoimen-inferentzia baten konklusioan predikatu bat objektu jakin batera murrizten dugu, aldez aurretik esakune nagusian bere hedapen osoan baldintza jakin baten menpean pentsatu ondoren. Hedapenaren handitasun osatuari halako baldintzarekin harremanean orokortasuna (universalitas) deitzen zaio. Honi begiespenen sintesian orotasuna (universitas) edo baldintzen totalitatea dagokio. Beraz, arrazoimenaren adigai transzendentala baldintzatuki jakin baterako baldintzen totalitatearena besterik ez da. Baldintzatugabe– kiak soilik ahalbidetzen duenez baldintzen totalitatea, eta alderantziz, baldintzen totalitatea beti baldintzatugabea denez gero, orduan oro har arrazoimenaren adigaia baldintzatugabekiaren adigaiaren bidez argi daiteke, baldintzatukiaren sintesiaren oinarria barnebiltzen duen heinean.

Adimenak kategorien bitartez errepresentatzen dituen hartuemanen era anizkunak adina arrazoimen-adigai egongo da, eta beraz, lehenik, sintesi kategorikoaren baldintzatugabekia subjektu batean, bigarrenik, ilara baten kideen sintesi hipotetikoaren baldintzatugabekia, hirugarrenik, sistema bateko zatien sintesi disjuntiboaren baldintzatugabekia bilatu beharko dira.

Era berean, arrazoimen-inferentzien beste hainbat era daude, bakoitzak prosilogismoen bitartez baldintzatugabekirantz aurrera egiten duela, batak, predikatua ez den subjekturantz, besteak, gehiago aurresuposatzen ez duen aurresuposiziorantz, eta hirugarrenak, adigai baten sailkaketa osatzeko besterik behar ez duen sailkaketaren osakideen agregaturantz. Horregatik, baldintzen sintesiko totalitatearen arrazoimen-adigai hutsak arrazoimenaren izaeran oinarrituta daude ezinbestean, eginkizun gisa bederen, horrela adimenaren batasuna baldintzatugabekiraino jarraitzeko, ahal izanez gero, nahiz eta adigai transzendental hauek beraiei egokia zaien (in concreto) erabilerarik ez izan, eta beraz, onura hau baino ez izan, alegia, adimenari bere erabileran gehien hedarazten duen eta aldi berean bere buruarekin adosten duen norabidea ematea.

Hemen baldintzen totalitateaz eta baldintzatugabekiaz arrazoimen-adigai ororen izenburu komuna balitz bezala hitz egiten denez gero, orduan berriro ere saihestu ezin dugun baina gaizki-erabilera luzeagatik atxiki zaion zentzu-bikoiztasunagatik seguru erabili ezin dezakegun adierazpena aurkitzen dugu. «Absolutu» hitza bere jatorrizko esanahian adigai bati egokitzen zaion hitz gutxienen artean dago, zeinari hizkuntza berean zehazki beste hitzik ez dagokion, eta bere galerak, edo gauza bera dena, bere erabilera aldakorrak, adigaiaren galera eragiten du, eta gainera, arrazoimenak adigai honetaz asko jarduten duenez, juzgaketa transzendental ororentzako eragozpen handirik gabe utzi ezin daitekeen adigaiaren galera da hori. «Absolutu» hitza orain sarriago erabiltzen da zerbaitek gauza batez bere baitan soilik kontsideratuta, eta beraz, barnean balio duela erakusteko. Esanahi honetan absolutuki-ahalgarriak bere baitan (barnean) ahalgarria dena esan nahiko luke, egitatean hau objektu batez esan daitekeen gutxiena izaki. Aitzitik, zerbaitek harreman orotan (zedarririk gabe) balio duela (adibidez, nagusigo absolutua) erakusteko ere erabiltzen da, eta absolutuki-ahalgarriak esanahi honetan zentzu orotan eta harreman orotan ahalgarria dena esan nahiko luke, zeina bere aldetik gauza baten ahalgarritasunaz esan daitekeen gehiena den. Batzuetan bi esanahiak batera aurkitzen ditugu. Horrela, adibidez, barnean ezinezkoa dena harreman orotan ere ezinezkoa da, eta beraz, absolutuki ere ezinezkoa da. Hala ere, kasu gehienetan bata bestetik amaigabeki urrun dago, eta nik inolaz ere ezin dut inferitu zerbait bere baitan ahalgarria izatetik abiatuta era berean harreman orotan, eta beraz, absolutuki ahalgarria denik. Beharrezkotasun absolutuaz jarraian zera erakutsiko dut: inolaz ere ez dagoela barnekoaren menpean kasu guztietan, eta beraz, ezin dela onartu honen esanahi berbera duenik. Zerbaiten aurkakoa barnean ezinezkoa bada, bere aurkakoa zentzu orotan izango da ezinezkoa, noski, eta beraz, bera absolutuki beharrezkoa da; baina nik ezin dut alderantziz inferitu absolutuki beharrezkoa denaren aurkakoa barnean ezinezkoa denik, h. d., gauzen beharrezkotasun absolutua barneko beharrezkotasuna denik; izan ere, barneko beharrezkotasun hau kasu jakinetan adierazpen erabat kaskala da, eta guk ezein adigairik ezin diogu lotu honi; aitzitik, harreman orotan (ahalgarria den ororekin harremanean) balio duen gauza baten beharrezkotasunaren adierazpenak determinazio erabat bereziak dakartza berekin. Filosofia espekulatiboan aplikazio handia duen adigai baten galera filosofoari inoiz axolagabea izan ezin zaionez gero, orduan espero dut adierazpenaren determinazioa eta atxikipen arretatsua –zeinari adigaia lotzen zaion– ez zaiola era berean axolagabea izango.

Nik, beraz, esanahi hedatu honetan erabiliko dut «absolutu» hitza, eta alderagarria edo ikuspegi berezian baliogarria denari kontrajarriz besterik ez; izan ere, azken hau baldintzetara murrizten da, hark, ordea, murriztapenik gabe balio du.

Arrazoimenaren adigai transzendentala beti totalitatearen sintesiari baino ez datxekio baldintzen sintesian, eta inoiz ez da iristen erabat baldintzatugabekia, h. d., harreman orotan baldintzatugabekia denera. Izan ere, arrazoimen hutsak dena adimenaren eskuetan uzten du, eta hau hasiera batean begiespenaren objektuei edo, are gehiago, irudimeneko beren sintesiari lotzen zaio. Hark adimenaren adigaien erabileran emana den totalitate absolutua soilik gordetzen du beretzat, eta kategorian pentsatzen den batasun sintetikoa erabat baldintzatugabekira bidaltzea saiatzen du. Horregatik, honi agerpenen arrazoimen-batasuna dei dakioke, kategoriak adierazten duen hari, ostera, adimen-batasuna deitzen zaio. Beraz, arrazoimena adimenaren erabilerari soilik lotzen zaio, ez honek esperientzia ahalgarriaren oinarria barnebiltzen duen heinean (izan ere, baldintzen totalitate absolutua ez da esperientzia batean erabilgarria den adigairik, ezein esperientziarik ez baita baldintzatugabea), baizik berari batasun jakin bateranzko norabidea ezartzearren, zeinaz adimenak adigairik ere ez duen, eta batasun honek adimenaren ekintza oro objektu bakoitzari dagokionez osoki absolutu batean biltzea saiatzen du. Horregatik, arrazoimenaren adigai hutsen erabilera objektiboa beti da transzendentea, adimenaren adigai hutsen erabilerak, berriz, beren izaeraren arabera beti imanentea izan behar du, esperientzia ahalgarrira soilik zedarriztatzen den heinean.

Ideiaz sentsuetan objektu egokirik eman ezin zaion beharrezko arrazoimenaren adigaia ulertzen dut. Beraz, orain kontsideratzen ditugun arrazoimenaren adigai hutsak ideia transzendentalak dira. Arrazoimen hutsaren adigaiak dira; izan ere, esperientziaren ezagutza oro baldintzen totalitate absolutu baten bitartez determinatua den aldetik kontsideratzen dute. Ez dira hautaz asmatuak, baizik arrazoimenaren izaera berak eskuratzen ditu, eta beraz, adimenaren erabilera osoari lotzen zaizkio halabeharrez. Azkenik, transzendenteak dira eta esperientzia ororen muga gainditzen dute, eta bertan ezin da inoiz eman, beraz, ideia transzendentalari egokituko litzaiokeen objekturik. Ideia bat aipatzean benetan asko esaten da objektuaz (adimen hutsaren objektu gisa), subjektuaz (h. d., baldintza enpirikoen araberako bere errealitateari begira), ordea, arrazoi beragatik oso gutxi, zeren bera maximum baten adigaia den aldetik inoiz ezin baita in concreto egokiro eman. Azken hau benetan arrazoimenaren erabilera espekulatibo soilaren asmo osoa denez, eta praktikan inoiz lortzen ez den adigai batera hurbilketa adigaia osorik arrakastarik gabekoa izatea adina litzatekeenez gero, orduan halako adigaiaz zera esaten da: ideia besterik ez dela. Orduan, agerpen ororen osoki absolutua ideia soila dela esan ahal izango litzateke, izan ere, halako osokia inoiz marraztu ezin dugunez gero, bada, honek konponketarik gabeko arazoa dirau. Alderantziz, adimenaren erabilera praktikoan autugaia erregelen araberako erabilera denez gero, orduan arrazoimen praktikoaren ideia benetan in concreto eman daiteke, aldez soilik bada ere, eta bera arrazoimenaren erabilera praktiko bakoitzaren ezinbesteko baldintza da. Bere erabilera beti da mugatua eta akasduna, baina determinagarriak ez diren mugen menpean, eta beraz, osotasun absolutu baten adigaiaren eraginen menpean beti. Ondorioz, ideia praktikoa beti da emankorra eta benetako ekintzei dagokienez ezinbestean beharrezkoa. Bertan, arrazoimen hutsak bere adigaiak barnebiltzen duena sortzeko kausalitatea ere badu; horregatik, ezin da esan jakituriaz, nolabait esateko, gutxietsiz: bera ideia soila denik; baizik helburu ahalgarri ororen beharrezko batasunaren ideia denez gero, orduan praktikoa den orori erregela gisa erabilgarria izan behar zaio, jatorrizko baldintza edo behintzat baldintza zedarriztailea den aldetik.

Arrazoimenaren adigai transzendentalez, horratio, ideiak besterik ez direla esan behar dugun arren, hala ere, ez ditugu alferrikakotzat eta hutsaltzat jo behar. Izan ere, horren bitartez jadanik ezein objektu ezin bada determinatu ere, dena dela, oinarrian eta isilean adimenaren erabilera hedatu eta bateratuaren kanon gisa erabilgarriak izan daitezke, eta horren bitartez adimenak ez du, noski, bere adigaien bitartez ezagutuko lukeen baino objektu gehiago ezagutzen, baina hobeto eta urrunago gidatua da ezagutza honetan. Honetaz gain, agian izadiaren adigaietatik praktikoetara igarobidea ahalbidetzen dute, eta honela, ideia moralei sendotasuna eman diezaieke eta arrazoimen-ezagutza espekulatiboarekin lotura sor dezakete. Honi guztiari buruzko argipenak ondoren etorriko direla itxaron behar da.

Gure asmoari jarraiki, ordea, hemen ideia praktikoak alde batera uzten ditugu, eta hainbestez, arrazoimena bere erabilera espekulatiboan kontsideratzen dugu, eta honen barnean zehazkiago bere erabilera transzendentalean. Hemen, kategorien dedukzioan urratu genuen bide bera egin behar dugu, hots, arrazoimen-ezagutzaren forma logikoa kontsideratu eta ikusi ea agian horren bidez arrazoimena adigaien iturburu bihurtzen den, honela objektuak bere baitan arrazoimenaren funtzio bat edo besteari dagokionez a priori sintetikoki determinatutako objektutzat hartzeko.

Arrazoimena inferitzeko ahalmena da ezagutzaren forma logiko jakin baten ahalmen gisa kontsideratuta, h. d., zeharbidez juzgatzeko ahalmena da (judizio ahalgarri baten baldintza emandako judizioaren baldintzari menperatuz). Emandako judizioa erregela orokorra da (esakune nagusia, maior). Beste judizio ahalgarri baten baldintzaren erregelaren baldintzapeko menperaketa esakune txikia da (minor). Judizio erreala konklusioa da (conclusio), eta erregelaren asertzioa adierazten du menperatutako kasuan. Erregelak zerbait orokorra dio baldintza jakin batekin. Hortaz, kasu gertagarri batean erregelaren baldintza ematen da. Beraz, baldintza haren menpean orokorki balio zuena kasu gertagarrian ere (baldintza honek aldean dakarrena) baliogarritzat hartzen da. Erraz ikusten da arrazoimena ezagutza batera iristen dela baldintzen ilara bat osatzen duten adimenaren ekintzen bitartez. «Gorputz oro aldagarria da» esakunera ezagutza urrun honetatik hasita soilik iristen banaiz (non gorputzaren adigaia ez den oraindik agertzen, baina horren baldintza barnebiltzen duen): «elkartuki oro aldagarria da»; orduan honetatik abiatuta lehenengoaren baldintzapean dagoen ezagutza hurbilago batera noala: «gorputzak elkarketazkoak dira»; eta honetatik lehen-lehenik hirugarren batera, ezagutza urruna (aldagarria) aurrean dugunarekin elkarlotzen duenera: «ondorioz, gorputzak aldagarriak dira»; bada, orduan baldintzen (premisen) ilara baten bitartez ezagutza batera (konklusiora) iritsi naiz. Bere esponentea (judizio kategorikoarena edo hipotetikoarena) emana izan den edozein ilara, ordea, luza daiteke; eta beraz, arrazoimenaren ekintza honek berak ratiocinatio polysyllogistica-ra gidatzen du, zeina baldintzen aldetik (per prosyllogismos) edo baldintzatukiarenetik (per episyllogismos) urrunera indeterminaturaino luza daitekeen inferentzien ilara den.

Laster ohartzen da, ordea, prosilogismoen kateak edo ilarak, h. d., ondorioztatutako ezagutzak oinarriaren aldetik edo ezagutza jakin batentzako baldintzen aldetik, beste hitz batzuetan, arrazoimen-inferentzien ilara gorakorrak beste era batera jokatu behar duela arrazoimenaren ahalmenari dagokionez ilara beherakorraren aldean, h. d., arrazoimenak episilogismoen bitartez baldintzatukian duen aurrerapenean. Izan ere, lehen kasuan ezagutza (conclusio) baldintzatuta baino ez denez ematen, orduan aurresuposizio honi jarraiki soilik iristen gara bertara arrazoimenaren bitartez, alegia, ilararen osakide guztiak baldintzen aldetik emanak direla (totalitatea premisen ilaran), zeren aurresuposizio honi jarraiki soilik baita a priori ahalgarria aurrean dugun judizioa; aitzitik, baldintzatukiaren aldetik edo ondorioztapenen aldetik garatzen ari den ilara pentsatzen da, eta ez osorik aurresuposatua edo emandakoa, eta beraz, aurrerapen potentziala besterik ez da pentsatzen. Horregatik, ezagutza bat baldintzatutzat jotzen bada, orduan arrazoimena behartuta dago baldintzen ilara lerro gorakorrean osatutzat eta bere totalitatea emantzat jotzera. Baina ezagutza bera aldi berean beste ezagutza batzuen baldintzatzat jotzen bada, elkarrekin ondorioztapenen ilara osatzen dutela lerro beherakorrean, orduan arrazoimenari axolagabe izan dakioke aurrerapen hau a parte posteriori noraino hedatzen den edo oro har ilara honen totalitatea ahalgarria ote den; zeren ez baitu behar halako ilararik bere aurrean datzan konklusiorako, bere oinarrien bitartez a parte priori jadanik askiro determinatua eta segurtatua dagoen heinean. Baliteke baldintzen aldetik premisen ilarak lehenengo bat izatea baldintza goren gisa, edo ez izatea, eta beraz, a parte priori mugarik gabekoa izatea; horrela, ordea, baldintzen totalitatea barnebildu behar du, hau besarkatzera inoiz iritsiko ez den arren, eta ilara osoak baldintzatugabeki egiazkoa izan behar du, baldin eta bertatik sortzen den ondorioztapentzat hartzen den baldintzatukiak egiazkoa izan behar badu. Hau bere ezagutza a priori izanez determinatzen duen eta beharrezkoa izanez iragartzen duen arrazoimenaren eskakizuna da, edo bere baitan a priori eta beharrezkoa, eta orduan ez du oinarririk behar, edo ezagutza eratorria bada, orduan baldintzatugabeki egiazkoa den oinarrien ilara baten osakide gisa.

Dialektika transzendentalaren Lehen liburuko Hirugarren atala Ideia transzendentalen sistema[aldatu]

Gure autugaia ez da hemen ezagutzaren eduki oroz abstraitzen duen eta arrazoimen-inferentzien forman dagoen itxura faltsua soilik argitzen duen Dialektika logikoa, Dialektika transzendentala baizik, zeinak erabat a priori arrazoimen hutsetik abiatuta lortutako ezagutza jakinen jatorria eta enpirikoki inoiz eman ezin diren, eta beraz, osorik adimen hutsaren ahalmenetik at dautzan inferitutako adigaien jatorria ere barnebildu behar dituen. Inferentzietan eta judizioetan gure ezagutzaren erabilera transzendentalak erabilera logikoarekin izan behar duen berezko harremanetik abiatuta hau ulertu dugu: inferentzia dialektikoaren hiru era besterik ez daudela, arrazoimena printzipioetatik abiatuta ezagutzetara iritsi ahal izateko hiru inferentzia-erei lotzen zaizkienak, eta honetan guztian arrazoimenaren zeregina adimena hau beti lotzen zaion sintesi baldintzatutik honek inoiz lortuko ez duen sintesi baldintzatugabera goratzea dela.

Hortaz, gure errepresentazioek eduki dezaketen harreman ororen alde orokorra, 1) subjektuarekin harremana da, 2) objektuarekin harremana da, eta gainera, agerpenak diren aldetik edo oro har pentsatzearen objektuak diren aldetik. Azpisailkaketa hau goragokoarekin lotzen bada, orduan errepresentazioen hartueman guztiak hiru dira, eta honetaz adigai edo ideia bat bil dezakegu: 1. Subjektuarekin hartuemana; 2. Objektuaren anizkunkiarekin hartuemana agerpenean; 3. Oro harrezko gauza ororekin hartuemana.

Oro harrezko adigai huts ororen autugaia, ordea, errepresentazioen batasun sintetikoa da, arrazoimen hutsaren adigaiena (ideiena), berriz, baldintza ororen batasun sintetiko baldintzatugabekoa oro har. Ondorioz, ideia transzendental oro hiru klasetan bil daiteke: lehenak, subjektu pentsatzailearen batasun absolutua (baldintzatugabea) barnebiltzen du; bigarrenak, agerpenen baldintzen ilararen batasun absolutua; hirugarrenak, pentsatzearen objektu ororen baldintzaren batasun absolutua oro har.

Subjektu pentsatzailea Psikologiaren objektua da, agerpen ororen multzoa (mundua) Kosmologiaren objektua eta pentsa daitekeen guztiaren ahalgarritasunaren baldintza gorena barnebiltzen duen gauza (zerizan guztien zerizana) Teologiaren objektua da. Beraz, arrazoimen hutsak eskura ematen du arimaren irakaspen transzendentalerako ideia (psychologia rationalis), munduaren zientzia transzendentalerako ideia (cosmologia rationalis) eta, azkenik, baita Jainkoaren ezagutza transzendentalerako ideia ere (theologia transscendentalis). Zientzia hauetako edozeinentzat egindako egitasmo soilak ere ez du adimenean bere jatorria, ezta adimena arrazoimenaren erabilera logiko gorenekin, h. d., pentsa daitezkeen inferentzia denekin lotua balego ere, honela bere objektu batetik abiatuta (agerpena) beste denetara doan sintesi enpirikoen osakide urrunenetaraino aurrera egiteko, baizik eta egitasmoa arrazoimen hutsaren produktu edo arazo huts eta egiazkoa da.

Ondorengo atalburuetan aurkeztuko da arrazoimen-adigai hutsen nolako modi-ak aurkitzen diren ideia transzendental ororen hiru izenburu hauen baitan. Kategorien hariari jarraiki zaizkio. Izan ere, arrazoimena ez zaie inoiz zuzenki objektuei lotzen, beren adimen-adigaiei baizik. Era berean, hau osoki egikaritzean soilik bihurtu ahal izango da nabaria nola heltzen den arrazoimena halabeharrez subjektu pentsatzailearen batasun absolutu baten adigaira, arrazoimen-inferentzia kategorikorako erabiltzen duen funtzio beraren erabilera sintetikoaren bitartez soilik heldu ere; nola dakarren berekin arrazoimen-inferentzia hipotetikoetako jardunbide logikoak baldintza jakinen ilarako erabat baldintzatugabekiaren ideia; eta azkenik, nola erakarri behar duen halabeharrez bertara arrazoimen-inferentzia disjuntiboaren forma soilak zerizan ororen zerizanaren arrazoimen-adigaia; lehen begiradan guztiz paradoxala dirudien pentsamendua.

Ezinezkoa da benetan ideia transzendental hauen dedukzio objektiborik eskuratzea, kategoriez eskuratu ahal izan genuenaren moduko dedukzioa. Izan ere, egitatean, ez dute harremanik beraiei egokituz eman ahal izango litzatekeen ezein objekturekin, hain zuzen, ideiak besterik ez direlako. Hala ere, beren eratorketa subjektiboa egitea saia dezakegu gure arrazoimenaren izaeratik abiatuta, eta hau da atalburu honetan lortu duguna.

Erraz ikusten da arrazoimen hutsak ez duela sintesiaren totalitate absolutua baino beste asmorik baldintzen aldetik (izan dadin inherentzia, edo dependentzia, edo konkurrentziarena) eta, era berean, bere autugaia ez dela osotasun absolutua baldintzatukiaren aldetik. Izan ere, hura besterik ez du behar baldintzen ilara osoa aurresuposatzeko, eta horren bitartez, adimenari a priori emateko. Osoro (eta baldintzatugabeki) emandako baldintza jada baldin badago, ordea, orduan ez du arrazoimenaren adigairik behar ilararen jarraipenari begira; izan ere, adimenak berenez egiten du atzeranzko urrats bakoitza baldintzatik baldintzatukira. Honela, ideia transzendentalak baldintzen ilaran baldintzatugabekiraino, h. d., printzipioetaraino gora egiteko baino ez dira baliagarriak. Baldintzatukira beheratzeari dagokionez, berriz, badago gure arrazoimenak adimenaren legeez egiten duen erabilera logiko hedatua, baina ez transzendentala, eta halako (aurrerapenaren) sintesiaren totalitate absolutuaren ideia bat asmatzen baldin badugu, adibidez, etorkizuneko mundu-aldaketa guztien ilara osoaren ideia, orduan hau pentsamen-gauza da (ens rationis), hautaz pentsatzen dena eta arrazoimenaren indarrez halabeharrez aurresuposatua ez dena. Izan ere, baldintzatukiaren ahalgarritasunerako bere baldintzen totalitatea aurresuposatzen da, baina ez bere ondorioena. Ondorioz, halako adigaia ez da ideia transzendentala, eta hau soilik da hemen gure autugaia.

Azkenik, hau ere ohartzen da: ideia transzendentalen artean ere bilkura eta batasun jakin bat nabarmentzen dela, eta arrazoimen hutsak beren bitartez bere ezagutza guztiak sistema batean biltzen dituela. Norbere buruaren ezagutzatik (arimarena) munduaren ezagutzara, eta honen bitartez, jatorrizko zerizanaren ezagutzara aurrera egitea hain berezko aurrerapena da, non premisetatik konklusioetara doan arrazoimenaren aurrerapen logikoaren antzekoa baitirudi101. Ea hemen sekretuki oinarrian benetan jardunbide logikoaren eta transzendentalaren arteko kidetasunaren antzeko bat ote dagoen dioen galdekizuna erantzuna lehen-lehenik azterketaren jarraipenean soilik izango duen galdekizunetako bat da. Guk geure helburua lortu dugu oraingoz, zeren arrazoimenaren adigai transzendentalak, eskuarki filosofoek adimenaren adigaietatik ere egokiro ez ezberdintzean beren teorietan hauekin nahasten direnak, egoera ekiboko honetatik atera ahal izan baititugu, eta beren jatorria eta horren bitartez aldi berean beren kopuru determinatua, gainditu ezin den kopurua, zehaztu ahal izan baititugu eta beraiek bilkura sistematiko batean aurkeztu ahal izan baititugu, eta honi esker arrazoimen hutsaren alor determinatu bat markatzen eta zedarriztatzen da.

Dialektika transzendentalaren Bigarren liburua Arrazoimen hutsaren inferentzia dialektikoez[aldatu]

Ideia transzendental soil baten objektua beraz adigairik ez dugun zerbait dela esan daiteke, ideia hori erabat halabeharrez arrazoimenean bere jatorrizko legeen arabera sortua izan den arren. Izan ere, egitatean, arrazoimenaren eskakizunari egokitzen zaion objektu baten ezein adimen-adigairik ez da ahalgarria, h. d., esperientzia ahalgarri batean erakutsi eta begiesgarria egin daitekeen adigaia. Hobe litzateke eta gaizki-ulertuak sortzeko arrisku gutxiago izango genuke, zera esango bagenu: ideia bati egokitzen zaion objektuaren ezagupenik ezin dugula izan, baina bere adigai problematikoa izan dezakegula.

Arrazoimen-adigai hutsen errealitate (subjektibo) transzendentala bederen gu beharrezko arrazoimen-inferentzia baten bitartez halako ideietara gidatuak izatean funtsatzen da. Beraz, badira ezein premisa enpirikorik ez duten arrazoimen-inferentziak, eta hauen bitartez guk ezagutzen dugun zerbaitetik abiatuta ezagutzen ez dugun beste zerbait inferitzen dugu, honen adigairik izan gabe baina ezinbesteko itxura bat dela-eta errealitate objektiboa ematen diogula. Halako inferentziei beren emaitzari begira arrazoikeriaren inferentziak deitu behar zaie arrazoimen-inferentziak deitu ordez, nahiz eta aukeran azken izen hori jaso dezaketen, ez baitira asmatuak edo hautazkoak, arrazoimenaren izaeratik sortuak baizik. Ez dira gizakien sofistikazioak, arrazoimena berarenak baizik, eta gizakien artean jakintsuena ere ezin da haietaz libratu; agian neke handien ondoren errakuntza saihets dezake, baina etengabe jarraiki eta mofatzen zaion itxura inoiz ezin du guztiz baztertu.

Arrazoimen-inferentzia dialektiko hauen hiru era besterik ez daude, beren konklusioetako ideiak adina. Lehen klaseko arrazoimen-inferentzian anizkunkirik barnebiltzen ez duen subjektuaren adigai transzendentaletik subjektu horren batasun absolutua inferitzen dut, zeinaz era honetan ez dudan adigairik. Inferentzia dialektiko honi paralogismo transzendentala deituko diot. Arrazoikeriaren inferentzien bigarren klaseak oro har agerpen jakin baterako baldintzen ilararen totalitate absolutuaren adigai transzendentala bilatzen du, eta ilararen batasun sintetiko baldintzatugabeaz ilararen alde batean beti adigai kontraesankorra edukitzetik abiatuta honi aurkakotzen zaion batasunaren zuzentasuna inferitzen dut, baina honetaz ere ez dut ezein adigairik. Inferentzia dialektiko hauetan arrazoimenak jasaten duen egoerari arrazoimen hutsaren antinomia deituko diot. Azkenik, arrazoikeriaren inferentzien hirugarren klasearen arabera niri eman ahal zaizkidan oro harrezko objektuak pentsatzeko baldintzen totalitatetik abiatuta oro harrezko gauzen ahalgarritasunaren baldintzen batasun sintetiko absolutua inferitzen dut, h. d., beren adigai transzendental soilaren arabera ezagutzen ez ditudan gauzetatik abiatuta zerizan ororen zerizana inferitzen dut, zeina adigai transzendental baten indarrez are gutxiago ezagutzen dudan, eta bere beharrezkotasun baldintzatugabeaz ere ezin dut ezein adigairik osatu. Arrazoimen-inferentzia dialektiko honi arrazoimen hutsaren ideala deituko diot.

Dialektika transzendentalaren Bigarren liburuko Lehen atalburua. Arrazoimen hutsaren paralogismoez[aldatu]

Paralogismo logikoa formaren arabera gertatzen den arrazoimen-inferentziaren faltsutasuna da, edukia dena dela ere. Paralogismo transzendentalak, ordea, oinarri transzendentala du: formari dagokionez faltsuki inferitzea. Honela, halako inferentzia faltsuak bere oinarria giza arrazoimenaren izaeran izango du eta honek ilusio saihestezina bai baina konponezina ez dena dakar aldean.

Orain, gorago adigai transzendentalen zerrendan jaso ez den nahiz halakotzat onartu behar den adigaira gatoz, horregatik, ordea, taula hura deus ere aldatzeko eta akasduntzat adierazteko beharrik ez dugun arren. Adigai hau, edo nahiago bada, judizioa, hau da: «nik pentsatzen dut». Erraz ikusten da, ordea, oro harrezko adigai ororen eroalea dela, eta beraz, adigai transzendentalena ere bai, eta hortaz, hauen artean jaso behar dela, eta horregatik, transzendentala dela, baina ezin duela izenburu berezirik eduki, zeren pentsatze oro kontzientziari egokitua balego bezala azaltzeko besterik ez baitu balio. Dena dela, enpirikoa den oroz (sentsuen zirrarez) hain hutsa izan arren, gure indar errepresentatzailearen izaeran bi objektu ezberdintzeko balio du. Ni pentsatzailea naizen aldetik barneko sentsuaren objektua naiz eta arima izena dut. Kanpoko sentsuen objektua denak gorputza izena du. Beraz, «nia» adierazpenak, nia zerizan pentsatzailea den aldetik, arimaren irakaspen arrazionala izena jaso dezakeen Psikologiaren objektua adierazten du, baldin eta arimaz honako hau baino gehiago ez jakitea eskatzen badut, hots, (zehazkiago eta in concreto determinatzen nauen) esperientzia orotatik beregainki nia adigai honetatik inferi daitekeena, adigai hau pentsatze orotan agertzen den heinean.

Arimaren irakaspen arrazionala honelako jarduera da benetan; izan ere, nire pentsatzean egon daitekeen alde enpiriko txikiena edo nire barneko egoeraren hautemapen bereziren bat zientzia honen ezagutza-oinarrietan nahastua egongo balitz, orduan ez litzateke gehiago arrazionala izango, baizik arimaren irakaspen enpirikoa. Gure aurrean daukagu, beraz, «nik pentsatzen dut» esakune bakarraren gain eraikitzen den ustezko zientzia eta bere oinarria edo oinarri eza guk hemen egokiro eta Filosofia transzendentalaren izaeraren arabera azter dezakegu. Ez da urduritu behar norberaren hautemapena adierazten duen esakune horretan barneko esperientzia dagoelako, eta beraz, bere gain eraikitzen den arimaren irakaspen arrazionala hutsa izan beharrean aldez printzipio enpiriko batean oinarritua dagoelako. Izan ere, barneko hautemapen hau apertzepzio soila, «nik pentsatzen dut», besterik ez da, adigai transzendental guztiak ere ahalbidetzen dituena, eta bertan zera adierazten da: substantzia, kausa, eta abar pentsatzen ditut. Izan ere, oro har barneko esperientzia eta bere ahalgarritasuna, edo oro har hautemapena eta bere hartuemana beste hautemapenekin ezin dira ezagutza enpirikotzat jo beren bereizketa eta determinazioa enpirikoki eman ezean, baizik enpirikoa denaren ezagutza gisa hartu behar dira, eta edozein esperientziaren azterketaren ahalgarritasunari dagozkio, gainerakoan transzendentala den esperientziaren azterketaren ahalgarritasunari. Autokontzientziaren errepresentazio orokorrari erantsiko litzaiokeen hautemapenaren objektu txikienak (adibidez, atsegina eta ezatsegina besterik ez) Psikologia arrazionala berehala enpirikoan eraldatuko luke.

«Nik pentsatzen dut», beraz, Psikologia arrazionalaren testu bakarra da, eta honek bertatik abiatuta garatu behar du bere jakituria guztia. Erraz ikusten da pentsamendu horrek bere predikatu transzendentalak besterik ezin dituela barnebildu, objektu bati (neu) lotu behar baldin bazaio; zeren predikatu enpiriko txikienak araztasun arrazionala eta zientziaren esperientzia orotatik beregaintasuna zapuztuko bailituzke.

Hemen, beraz, kategorien gida-hariari jarraiki besterik ez gatzaizkio egin behar, baina hemen lehenik gauza bat, nia, zerizan pentsatzaile gisa ematen zaigunez gero, orduan ez dugu aldatuko kategorien goragoko ordena, beren taulan aurkeztua dagoen ordena, baizik eta hemen substantziaren kategoriatik abiatuko gara, zeinaren bitartez berbaitango gauza bat errepresentatzen den, eta orduan ilarari atzerantz jarraikiko gatzaizkio. Beraz, arimaren irakaspen arrazionalaren topika ondorengoa da, eta bertatik eratorri beharko da berak barnebil dezakeen gainerako guztia:


1.

Arima

substantzia da.


                        2.                                                           3.

  Bere kualitateari dagokionez           Bera deneko denbora ezberdinen

                 bakuna da.                            arabera zenbakiari dagokionez

                                                                identikoa da, h. d., batasuna

                                                                           (ez askotasuna).


4.

Objektu ahalgarriekin

hartuemanean dago

espazioan102.

Osagai hauetatik sortzen da arimaren irakaspen hutsaren adigai oro elkarketaren bidez soilik, beste ezein printzipiorik berrezagutu gabe. Substantzia honek barneko sentsuaren objektu soila den aldetik materiagabetasunaren adigaia eskuratzen du; substantzia bakuna den aldetik ustelezintasuna; bere identitateak, hura substantzia intelektuala den aldetik, pertsonatasuna; hiru atal hauek batera espiritutasuna; espazioan dauden objektuekin hartuemanak gorputzekin commercium-a eskuratzen du; eta beraz, substantzia pentsatzailea materian dagoen bizitzaren printzipio gisa aurkezten du, h. d., arima (anima) gisa eta aberetasunaren oinarri gisa; honek, espiritutasunaren bidez zedarriztatua, hilezkortasuna eskuratzen du.

Honi lotzen zaizkio arimaren irakaspen transzendental baten lau paralogismoak, faltsuki gure zerizan pentsatzailearen izaerari buruzko arrazoimen hutsaren zientziatzat hartzen den irakaspenaren paralogismoak, alegia. Bere oinarrian, ordea, nia errepresentazioa, hots, berez erabat kaskala den errepresentazio bakuna besterik ezin dugu ezarri, eta honetaz ezin da esan adigai bat denik ere, baizik adigai guztiei lagun egiten dien kontzientzia soila dela. Pentsatzen duen nia, edo Bera, edo Zera (gauza bat) horren bitartez ez da pentsamenduen subjektu transzendentala baino errepresentatzen = X, bere predikatuak diren pentsamenduen bitartez besterik ezagutzen ez dena, eta hortaz, honetaz inoiz ezin dugu ezein adigai bereizturik ere izan; eta horregatik, zirkulu jarraituan jiratzen gara bere inguruan, bere errepresentazioa jadanik beti erabili behar dugun heinean, beraz edozein judizio egitearren; beretik banandu ezin daitekeen deserosotasuna da hau, zeren kontzientzia bere baitan ez baita objektu berezi bat ezberdintzen duen errepresentaziorik, baizik bere forma oro har, honi ezagutza deitu behar zaion heinean; izan ere, honetaz soilik esan dezaket bere bitartez zerbait pentsatzen dudala.

Itxuraz hasiera-hasieratik bitxia izan behar du, ordea, pentsatzeko dudan baldintzak, eta beraz, nire subjektuaren antolaera soila denak, aldi berean pentsatzen duen ororentzat baliogarria izan beharrak, eta enpirikoa dirudien esakune batean judizio apodiktiko eta orokorra oinarritzeko handiustea eduki ahal izateak, hots, pentsatzen duen gauza oro kontzientziaren ahotsak nigan adierazten duen eran egituratua egoteak. Honen zergatia, ordea, honetan datza: apriorizko gauzei guk haiek pentsatu ahal izateko baldintzak osatzen dituzten berekitasun guztiak halabeharrez egotzi behar dizkiegula. Zerizan pentsatzaile batez, ordea, ezin dut batere errepresentaziorik izan kanpoko esperientziaren bitartez, baizik autokontzientziaren bitartez besterik ez. Beraz, halako objektuak ez dira nire kontzientzia beste gauzetara igortzeaz baino osatzen, zeinak honen bitartez soilik errepresenta daitezkeen zerizan pentsatzaile gisa. «Nik pentsatzen dut» esakunea, berriz, hemen problematikoki besterik ez da hartzen; ez izateren baten hautemapena barnebil dezakeen heinean (cogito, ergo sum kartesiarra), baizik bere ahalgarritasun soilaren arabera, hain esakune bakunetik bere subjektura zein berekitasun jaria daitezkeen ikustearren (halako subjektua existitu nahiz ez existitu).

Oro harrezko zerizan pentsatzaileaz gure arrazoimenak duen ezagutza hutsaren oinarrian cogito-a baino zerbait gehiago egongo balitz, gure pentsamenduen jolasa eta bertatik sortu behar diren Norbera pentsatzailearen izadia-legeen behaketak laguntza gisa hartuko bagenitu, orduan Psikologia enpirikoa sortuko litzateke, barneko sentsuaren Fisiologiaren antzeko zerbait litzatekeena, eta agian, bere agerpenak argitzeko balio ahal izango lukeena, baina honek inoiz ezingo lituzke argitu esperientzia ahalgarriari egokitzen ez zaizkion berekitasun horiek (bakunkiaren berekitasunak diren aldetik), ezta oro harrezko zerizan pentsatzaileaz bere zerizanari dagokion zerbait apodiktikoki irakatsi ere; ez liteke, beraz, ezein Psikologia arrazionalik.

«Nik pentsatzen dut» esakuneak (problematikoki hartuta) oro har halako adimenaren judizio ororen forma barnebiltzen duenez eta kategoria denei beren eroale gisa lagun egiten dienez gero, orduan argia da bertatik egindako inferentziek adimenaren erabilera transzendental soila barnebil dezaketela, eta honek esperientziaren eskusartze oro baztertzen du, eta bere aurrerabideaz ezin dugu adigai abantailatsurik izan, gorago erakutsi dugun legez. Beraz, begirada kritikoz jarraiki nahi gatzaizkio arimaren irakaspen hutsaren predikamentu guztien zehar103, bere etsamina laburtasunaren mesedetan azalpen jarraituan garatuko dugun arren.

Hasteko, datorren ohar orokorrak inferentzia-era honi eskaintzen diogun arreta zorroz dezake. Pentsatzen dudalako soilik ez dut objekturen bat ezagutzen, baizik eta begiespen jakin bat pentsatze oro osatzen duen kontzientziaren batasunerako determinatuz soilik ezagut dezaket objekturen bat. Beraz, neu ez naiz ezagutzen neure buruaz pentsatzaile naizen aldetik kontziente izateari esker, baizik neure buruaren begiespenaz kontziente naizenean pentsatzearen funtzioari begira determinatuta nagoen heinean. Autokontzientziaren modi denak pentsatzearen baitan ez dira objektuen adimen-adigaiak (kategoriak), baizik funtzio logiko soilak, pentsatzeari objekturik ematen ez diotenak ezagutzeko, eta beraz, ezta ni neu ere objektu gisa. Ez determinatzailea denaren kontzientzia, baizik Norbera determinagarriarena besterik ez da objektua, h. d., nire barneko begiespena (bere anizkunkia apertzepzioak pentsatzean duen batasunaren baldintza orokorraren arabera lot daitekeen heinean).

1) Judizio guztietan judizioa osatzen duen hartuemanaren subjektu determinatzailea naiz beti. Baina nia, pentsatzen duen nia, pentsatzean beti subjektu gisa eta ez predikatu gisa pentsatzeari atxikitzen zaion zerbaiten moduan kontsideratu ahal izanez onartu behar dudala esakune apodiktikoa eta identikoa da; honek ez du esan nahi, ordea, ni objektua naizen aldetik berez diraudan zerizan edo substantzia naizenik. Hau oso urrutira doa, eta horregatik honek pentsatzean aurkitzen ez diren datuak eskatzen ditu, eta agian (pentsatzailea pentsatzailea den aldetik soilik kontsideratzen dudan heinean) nik edonon (honengan) aurkitu ahal izango dudana baino gehiago eskatzen du.

2) Apertzepzioaren nia, eta ondorioz, nia pentsatze orotan banakoa izatea, subjektuen askotasun batean xehetu ezin dena, eta beraz, logikoki bakuna den subjektua ezaugarritzen duena, pentsatzearen adigaian datza jadanik, eta beraz, esakune analitikoa da; baina honek ez du esan nahi nia pentsatzailea substantzia bakuna denik, hau esakune sintetikoa bailitzateke. Substantziaren adigaia beti nigan sentsuzkoak baino ezin izan daitezkeen, eta beraz, adimenaren eta bere pentsatzearen alorretik erabat landa dautzan begiespenei lotzen zaie; baina benetan pentsatzeaz baino ez da hitz egiten hemen nia pentsatzean bakuna dela esaten denean. Harrigarria litzateke gainera guztien artean txiroena den errepresentazioan zuzenki emango balitzaidake, nolabait esateko, agerkunde baten bitartez bestela hainbeste zuhurtzia eskatzen duena begiespenak aurkezten duenean substantzia zer den bereizteko edo, are gehiago, hau bakuna izan daitekeen bereizteko (materiaren zatietan gertatzen den legez).

3) Kontzientzian dudan anizkunki ororen artean nire identitatea baieztatzen duen esakunea adigaietan datzan, eta beraz, analitikoa den esakunea da; baina subjektuaren identitate hau, zeinaz bere errepresentazio guztietan kontziente izan naitekeen, ez dagokio bera objektu gisa ematen duen begiespenari, eta beraz, ezin du pertsonaren identitatea adierazi; honen bitartez pentsatzen da norbere substantziaren identitatearen kontzientzia zerizan pentsatzaile gisa egoeren aldakuntza orotan, eta hau frogatzeko ez litzateke aski «nik pentsatzen dut» esakune analitiko soila, baizik eta begiespen jakinean oinarritzen diren hainbat judizio sintetiko beharko litzateke.

4) «Neure existentzia izaki pentsatzaile gisa nigandik kanpo dauden beste gauzetatik bereizten dut (nire gorputza ere hauetako bat izaki)» esakune analitikoa da era berean; izan ere, beste gauzak nik nigandik ezberdin gisa pentsatzen ditudanak dira. Hala ere, inolaz ere ez dakit horren bitartez ea neure kontzientzia hau ahalgarria ote den niri errepresentazioak ematen dizkidan kanpoko gauzarik gabe eta ea ni zerizan pentsatzaile gisa soilik existi naitekeen.

Beraz, oro har pentsatzean dudan neure buruaren kontzientziaren analisiaren bitartez ez da neure buruaren ezagutzari begira ezer irabazten objektu bat naizen aldetik. Pentsatzearen azalpen logikoa oro har objektuaren determinazio metafisikotzat hartzen da faltsuki.

Hau litzateke gure kritika osoaren oztopo handia, eta gainera, bakarra, baldin eta zera frogatzeko era bat balego: zerizan pentsatzaile oro bere baitan substantzia bakuna dela, eta bakuna den aldetik, beraz, aldean bereiztezinki pertsonatasuna dakarrela (aipatutako froga-oinarriaren ondorioa dena) eta materia orotatik bereizitako bere existentziaz kontziente dela a priori. Izan ere, honela sentsuen munduaz goiti ibili ahal izango ginateke, noumenoen munduan sartuko ginateke, eta orduan inork ez liguke ukatuko bertan gehiago hedatzeko, eraikitzeko eta hura jabegoan hartzeko eskubidea zoriaren izarrak bakoitza hobesten duen eran. Izan ere, «izaki pentsatzaile oro, pentsatzailea den aldetik, substantzia bakuna da» esakunea apriorizko esakune sintetikoa da, zeren, lehenik, bere oinarrian datzan adigaiaz goiti baitoa eta pentsatzeari oro har izatearen era eransten baitio, eta bigarrenik, adigai bakoitzari ezein esperientziatan ere emana izan ezin daitekeen predikatua eransten baitio (bakuntasuna). Beraz, apriorizko esakuneak ez dira, baieztatu dugun moduan, esperientzia ahalgarriaren objektuekin harremanean soilik, eta gainera, esperientzia hori beren ahalgarritasunaren printzipioa den heinean soilik egingarriak eta onargarriak, baizik haiek oro harrezko gauzetara eta berbaitango gauzetara ere jo dezakete, eta ondorioztapen honek kritika osoa deuseztatuko luke, eta bere aurreko egoerara itzuli beharko genuke. Gaia zehatzago aztertzen badugu, ordea, hemen arriskua hain handia ez dela ikusiko dugu.

Datorren arrazoimen-inferentziaren bitartez aurkezten den paralogismoa nagusitzen da Psikologia arrazionalaren jardunbidean:

Subjektu gisa baino ezin pentsa daitekeena, subjektu gisa baino ez da existitzen, eta beraz, substantzia da.

Hortaz, zerizan pentsatzaile bat, pentsatzailea den aldetik soilik kontsideratuta, ezin da subjektu gisa baino pentsatu.

Beraz, subjektu gisa soilik existitzen da, h. d., substantzia gisa.

Esakune nagusian oro har edozein zentzutan, eta ondorioz, begiespenean eman ahal den moduan ere pentsa daitekeen zerizan batez hitz egiten da. Esakune txikian ere bera da solasgaia, baina pentsatzeari eta kontzientziaren batasunari dagokienez besterik ez, ez aldi berean pentsatzeari zerizan hori objektu gisa ematen dion begiespenarekin harremanean kontsideratuta. Hortaz, per sophisma figurae dictionis, eta beraz, inferentzia iruzurti baten bitartez ondorioztatzen da konklusioa104.

Oinarri-esakuneen errepresentazio sistematikoei egindako ohar orokorra eta noumenoen atala hemen berriro begiratuz gero, orduan nabariki argitzen da argumentu sonatua paralogismo batera xehetxea zuzena dela, han zera frogatu baitzen: berez subjektu gisa bai baina predikatu soil gisa ezin existi daitekeen gauzaren adigaiak ez dakarrela berekin bere errealitate objektiboa, h. d., ezin dela oro har jakin ea objekturen bat egokitzen zaion, halako eran existitzeko ahalgarritasuna aditzen ez den heinean, eta ondorioz, ez duela inolaz ere ezagutzarik eskuratzen. Eman daitekeen objektu bat iragarri behar badu substantziaren izendapenarekin, ezagutza bihurtu behar badu, orduan oinarrian begiespen iraunkorra ezarri behar da adigai baten errealitate objektiboaren ezinbesteko baldintza gisa, hots, objektua ematen duena. Barneko begiespenean, ordea, ez daukagu iraunkorra den ezer; izan ere, nia nire pentsatzearen kontzientzia besterik ez da; beraz, pentsatze soilean geratzen bagara, substantziaren adigaia, h. d., berez dirauen subjektuaren adigaia norbere buruari zerizan pentsatzaile gisa aplikatu ahal izateko behar den baldintza falta zaigu, eta honi lotutako substantziaren bakuntasuna erabat desagertzen da adigai honen errealitate objektiboarekin batera, eta oro har pentsatzean dugun autokontzientziaren batasun kualitatibo eta logiko soilean eraldatzen da, bai subjektua elkarketazkoa bada, baita ez bada ere.


Mendelssohnek arimaren iraunkortasunaz egindako frogaren errefusapena

Filosofo buruargi honek laster ohartu zuen arimak (zerizan bakuna dela onartzen bada) atalbanaketa bidez izateari uzten ez diola frogatu behar duten ohiko argumentuetan akatsa datzala berari beharrezko iraupena segurtatzeko asmoari dagokionez, desagerketa bidezko bere izatearen amaiera ere onartu baitzitekeen. Bere Fedonean benetako deuseztapena litzatekeen iraungipen hori sahiesten saiatu zen, zerizan bakunak inoiz izateari utzi ezin diola frogatzera ausartuz, zeren gutxitu ezin daitekeenez, eta horrela, bere izatetik pixkanaka zerbait galdu, eta horrela, poliki ezerezean eraldatu ezin duenez gero (zatirik, eta beraz, bere baitan askotasunik ez duen heinean), orduan hura baden unea eta jadanik ez den hurrengo unearen artean ezingo litzateke denborarik aurkitu, ezinezkoa dena. – Hala ere, ez zuen aintzat hartu, arimari izaera bakun hori onartuz gero, bada, bere kanpoko anizkunkirik, eta beraz, hedapenezko handitasunik barnebiltzen ez duenez, orduan existitzen diren beste zerizanei bezain gutxi ukatu ahal diogula handitasun intentsiboa, h. d., errealitatearen maila bere ahalmen orori dagokionez, baita oro har izatea osatzen duen orori dagokionez ere, eta maila hau maila amaigabeki txikiagoen bitartez gutxitzen da, eta horrela ustezko substantzia (bere iraunkortasuna bestela segurtatua ez duen gauza) atalbanatzearen bidez ez bada ere bere indarren pixkanakako ahitzeaz (remissio), eta beraz, ahulduraren bidez, adierazpen hau erabiltzea sori bazait, ezerezean eralda daiteke. Izan ere, kontzientzia berak ere beti du maila bat, beti ere gutxi daitekeen maila105, eta ondorioz, baita norbere buruaz kontziente bihurtzeko ahalmenak ere, eta berdin gainerako ahalmen denek. – Beraz, arimaren iraunkortasunak, barneko sentsuaren objektu soila den aldetik, frogarik gabe dirau, eta frogaezina ere bada, nahiz eta bere iraunkortasuna bizitzan berez argia izan, zerizan pentsatzailea (gizakia den aldetik) aldi berean kanpoko sentsuen objektua baita; baina honek ez du gogobetetzen arimak bizitza ondoren duen iraunkortasun absolutua adigai soilen bitartez frogatzea saiatzen duen psikologo arrazionala106.

Orain goragoko esakuneak bilkura sintetikoan hartzen baditugu, Psikologia arrazionalean hau sistema bat den aldetik zerizan pentsatzaile guztientzat baliogarritzat jo behar diren moduan, eta «zerizan pentsatzaile oro pentsatzailea den heinean substantzia da» esakunearekin erlazioaren kategoriatik atzerantz egiten badugu kategorien ilaran, harik eta zirkulua itxi arte, bada, orduan, azkenik, zerizan pentsatzaileen existentzia aurkitzen dugu, eta hauek sistema honetan kanpoko gauzetatik beregainki existentzia honetaz kontziente izan ez ezik, beren baitatik abiatuta ere determina dezakete (substantziaren izaerari halabeharrez dagokion iraunkortasunari begira). Hemendik, ordea, zera ondorioztatzen da: sistema arrazionalistan ere idealismoa itzuriezina dela, idealismo problematikoa behinik behin, eta kanpoko gauzen izatea norberarena denboran determinatzeko beharrezkoa ez bada, hura ere alferrik onartzen dela, eta beraz, inoiz ezin dela bere frogarik eman.

Jardunbide analitikoari jarraitzen bagatzaizkio, ordea, bertan «nik pentsatzen dut» jadanik izate bat biltzen duen esakune gisa emana dagoela, eta beraz, modalitatea oinarrian datzala, eta esakunea analizatzen baldin badugu, bere edukia ezagutzearren, hots, ea eta nola determinatzen duen horren bitartez niak bere izatea espazioan edo denboran, bada, orduan arimaren irakaspen arrazionalaren esakuneak ez lirateke oro har zerizan pentsatzaile baten adigaitik abiatuko, baizik errealitate batetik, eta hau pentsatzeko eratik bertan enpirikoa den guztia baztertu ondoren zerizan pentsatzaile bati oro har dagokiona ondorioztatzen da, datorren taulak erakusten duen legez:


1.

«Nik pentsatzen dut»,

                               2.                                                    3.

                     Subjektu gisa,                          Subjektu bakun gisa,

4.

Subjektu identiko gisa,

nire pentsatzearen edozein egoeratan.

Hemen, bigarren esakunean determinatzen ez denez gero ea ni subjektu gisa soilik eta ez beste baten predikatu gisa ere existi naitekeen eta nik pentsa dezakedan, orduan hemen subjektuaren adigaia logikoki besterik ez da hartzen, eta indeterminatua dirau ea honetaz substantzia aditu behar den ala ez. Halere, hirugarren esakunean garrantzitsua bihurtzen da bere baitan apertzepzioaren batasun absolutua, pentsatzea osatzen duen lotura edo banaketa oro lotzen zaion errepresentazioko nia bakuna, nahiz eta nik oraindik subjektuaren antolaeraz edo subsistentziaz ezer erabaki ez izan. Apertzepzioa zerbait erreala da, eta bere bakuntasuna jadanik bere ahalgarritasunean datza. Espazioan, ordea, ez dago bakuna den gauza errealik; izan ere, puntuak (espazioan bakuna den bakarra osatzen dutenak) muga soilak dira, baina ez zati gisa espazioa osatzeko baliagarria den zerbait. Beraz, hortik ondorioztatzen da materialismoaren oinarrietatik abiatuta nire antolaera argitzeko ezintasuna, subjektu pentsatzailea naizen aldetik. Nire izatea, ordea, lehenengo esakunean emandakotzat hartzen denez gero, halako zerizan bakoitza (zeinak aldi berean beharrezkotasun absolutua, eta beraz, beraiez gehiegi esango lukeen) existitzen dela ez, baizik ni pentsatzen existitzen naizela besterik adierazten ez duen heinean, orduan esakunea enpirikoa da eta nire izatearen determinagarritasuna besterik ez du barnebiltzen denborazko neure errepresentazioei dagokienez. Nik, ordea, honetarako berriro zerbait iraunkorra behar dudanez gero, barneko begiespenean ematen ez zaidan zerbait, neu pentsatzen naizen heinean, bada, orduan ezinezkoa gertatzen da autokontzientzia bakunaren bitartez nire existentzia-era determinatzea, dela substantzia gisa edo akzidente gisa. Beraz, materialismoa alferrikakoa baldin bada nire izatearen argipen-era gisa, orduan espiritualismoa ere horretarako askieza da, eta inferentziaren ondorioa da gure arimaren antolaeraz ezin dela oro har bere existentzia bereiztuaren ahalgarritasunari dagokion ezer ezagutu.

Eta nola izango litzateke ahalgarria esperientziaren ahalgarritasunerako ezinbestean behar izateagatik soilik ezagutzen dugun kontzientziaren batasunaren bitartez esperientziaz (gure izateaz bizitzan) goiti joatea, eta gainera, gure ezagutza oro harrezko zerizan pentsatzaile ororen izaerara hedatzea «nik pentsatzen dut» esakune enpirikoaren bitartez begiespen-era orori dagokionez, ordea, esakune indeterminatua denaren bitartez?

Ez dago, beraz, norbere buruaren ezagutza osatuko lukeen ezein Psikologia arrazionalik irakaspen gisa, baizik diziplina gisa besterik ez, zeinak arrazoimen espekulatiboari alor honetan muga gaindiezinak ezartzen dizkion, alde batetik, arimarik gabeko materialismoaren altzoan ez erortzeko, bestalde, guretzat bizitzan oinarrigabekoa den espiritualismo gogoberoan ez galtzeko; aitzitik, gure arrazoimenak bizitza honetaz goiti doazen galdekizun begiluzeei erantzun gogobetegarria emateari egindako ukapena bere keinutzat hartu behar dugula oroitarazten digu, honela geure buruaren ezagutza espekulazio transzendente antzutik erabilera praktiko emankorrera gidatzeko, hots, beti esperientziaren objektuei soilik lotzen zaien arren, dena dela, bere printzipioak goragotik hartzen dituen eta jokaera gure determinazioa esperientziaz goiti amaigabeki urrun, eta beraz, bizitza honez goiti iritsiko balitz bezala determinatzen duen erabilerara.

Honetatik guztitik ikusten da Psikologia arrazionalak gaizki-ulertze soil batean duela jatorria. Kategorien oinarrian datzan kontzientziaren batasuna hemen subjektuaren begiespentzat hartzen da, hau objektua den aldetik, eta substantziaren kategoria aplikatzen zaio. Bera, ordea, pentsatzearen batasuna besterik ez da, eta honen bitartez soilik ez da objekturik ematen eta ezin zaio substantziaren kategoria aplikatu, zeinak beti begiespen jakin bat aurresuposatzen duen, eta beraz, subjektu hori inolaz ere ezin da ezagutu. Kategorien subjektuak ezin du bere buruaren adigai bat lortu kategoriak pentsatzearen bitartez, kategorien objektua balitz bezala; izan ere, hauek pentsatzeko bere autokontzientzia hutsa ezarri behar du oinarrian, hau izaki argitu behar zena. Era berean, denboraren errepresentazioak jatorriz oinarria subjektuan du eta honek ezin du horren bitartez denboran duen izatea determinatu, eta azken hau gertatu ezin denean, orduan lehenengoa ere ezin da gertatu, kategorien bidezko norbere buruaren determinazio gisa (oro harrezko zerizan pentsatzailea den aldetik)107.


*   *  *

Horrela, esperientzia ahalgarriaren mugez goiti bilatzen den eta gizatasunaren interes gorenari dagokion ezagutza itxaropen zapuztuan desegiten da, Filosofia espekulatiboari eskertu behar zaion heinean; hala eta guztiz ere, kritikaren zorroztasunak aldi berean esperientziaren objektu batez esperientziaren mugez goiti zerbait dogmatikoki erabakitzeko ezintasuna frogatzearen bitartez arrazoimenari bere interes praktiko horretan garrantzi gutxikoa ez den zerbitzua egiten dio aurkakoaren baieztapen ahalgarri guztietatik babestuz; eta hau ezin da bere esakunea apodiktikoki frogatuz edo, hau ezinezkoa gertatzen denean, ahalmen eza honen iturburuak bilatuz baino gertatu, zeinek, baldin eta gure arrazoimenaren beharrezko zedarrien barnean badaude, aurkako denak baieztapen dogmatikoaren uzi ororen ukapenaren legeei menperatu behar dizkien.

Hala eta guztiz ere, honen bitartez ez da hemen geroko bizitzaren onarpenaren eskuduntzatik deus ere galtzen, ezta bere beharrezkotasunetik ere, erabilera espekulatiboarekin lotuta dagoen arrazoimen-erabilera praktikoaren oinarri-esakuneei jarraiki; izan ere, froga espekulatiboak inoiz ezin izan zuen eduki eraginik giza arrazoimen arruntean. Hau halako sotiltasunetan oinarritzen da, ezen, eskolak hain luze atxikitzen badu, ziba baten gisara bere inguruan etengabe jirarazten duelako baita, eta eskolaren begientzat ere ez du oinarritzapen iraunkorrik ematen, honela bere gainean zerbait eraiki ahal izatearren. Munduarentzat erabilgarriak diren frogek beren balore gutxiagotugabean diraute hemen eta, are gehiago, handiuste dogmatiko haien bazterketari esker argitasuna eta artifiziorik gabeko uste osoa lortzen dute, arrazoimena bere eremu berezian ezartzen duten heinean, hots, helburuen ordena, aldi berean izadiaren ordena dena, eta orduan, aldi berean zilegi zaio ahalmen praktiko gisa helburuen ordena eta honekin batera gure existentzia propioa esperientziaren eta bizitzaren mugez goiti hedatzea bere baitan izadiaren ordenaren baldintzetara zedarriztatua izateko beharrik gabe. Mundu honetako zerizan bizidunen izaerarekin analogian, zeinengan arrazoimenak halabeharrez oinarri-esakunetzat hartu behar duen juzgatzerakoan organorik, ahalmenik, bultzadarik, eta beraz, ezer ezin dela aurkitu utzigarria edo erabileran proportziogabea, eta beraz, helburugabea denik, baizik dena bizitzan duen determinazioari zuzenki egokitzen zaiola, bada, orduan honen guztiaren azken helburua bere baitan barnebil dezakeen gizakiak sorkarien arteko salbuespen bakarra izan beharko luke. Izan ere, bere berezko joerek, ez talentu eta bultzaden arabera hauek erabiltzeko, baizik bereziki beregan dagoen lege moralak, hainbeste gainditzen dituzte gizakiak bizitzan hortik lor dezakeen onura eta abantaila oro, ezen lege moralak jarrera moralaren zuzentasunaren kontzientzia soila guztiaren gainetik estimatzen irakasten baitio, baita abantaila guztien gabezian ere, eta hil osteko ospearen hutsaltasunaren gainetik ere bai, eta abantaila asko utziz mundu honetan duen jokaeraren bidez ideian duen mundu hobeago baten hiritarra bihurtzeko deia sentitzen du. Inoiz kontraesan ezin daitekeen froga-oinarri boteretsu honek oraindik ere beti dirau, honi gure aurrean dakusagun guztiaren helburutasunaren ezagutza etengabeki gehigarriak eta sorkuntzaren neurrigabetasunaren ikuspegiak, eta beraz, gure ezagutzen hedapen ahalgarriaren mugagabetasun jakin baten kontzientziak lagun egiten diola, ezagutza hauei egokitzen zaien joera batekin batera, nahiz eta berehala baztertu behar dugun gure existentziaren beharrezko iraupena norbere buruaren ezagutza teoretiko soilaren bidez aditzeko asmoa.


Paralogismo psikologikoaren konponketaren ebazpena

Psikologia arrazionalean gertatzen den itxura dialektikoa arrazoimenaren ideiaren (inteligentzia huts batena) eta oro har atal guztietan indeterminatua den zerizan pentsatzailearen adigaiaren arteko nahasketan funtsatzen da. Ni neu pentsatzen naiz esperientzia ahalgarri baten mesedetan, esperientzia erreal oroz abstraitzen dudan heinean, eta bertatik inferitzen dut esperientzia eta bere baldintza enpirikoetatik at ere neure existentziaz kontziente izan naitekeela. Ondorioz, enpirikoki determinatuta dagoen nire existentziaren abstrakzio ahalgarria neure Norbera pentsatzailearen bakartutako existentzia ahalgarriaren ustezko kontzientziarekin nahasten dut, eta nigan substantziala dena subjektu transzendental gisa ezagutzen dudala uste dut, determinatze ororen oinarrian dagoen kontzientziaren batasuna besterik ez dudanean pentsamenduan ezagutzaren forma soil gisa.

Arimak gorputzarekin duen komunitatea argitzeko eginkizuna ez dagokio benetan hemen solasgaia den Psikologiari, zeren honek arimaren pertsonatasuna komunitate horretik at ere frogatzeko asmoa baitu (heriotzaren ondoren), eta beraz, benetako adieran transzendentea baita, nahiz eta esperientziaren objektu batez jarduten duen, esperientziaren objektu izateari uzten dionean besterik ez bada ere. Beraz, honi ere erantzun gogobetegarria eman diezaiokegu gure irakatsiari jarraiki. Eginkizun hau sortu duen zailtasuna barneko sentsuaren (arimaren) objektuaren eta kanpoko sentsuen objektuen artean aurresuposatzen den homogeneotasun eza da, ezaguna denez, zeren haiei denbora besterik ez, baina hauei gainera espazioa ere atxikitzen baitzaie begiespenaren baldintza formal gisa. Hala ere, aintzat hartzen bada bi eratako objektuak hemen barnean ez direla bereizten, baizik bata besteari kanpoan agertzen zaion heinean besterik ez, eta beraz, materiaren agerpenaren oinarrian berbaitango gauza gisa datzana agian hain inhomogeneoa ez litzatekeela, orduan zailtasun hori desagertzen da, eta substantzien komunitatearen zailtasuna izan ezik, gainerako zailtasunik ez da geratzen, eta hau konpontzea erabat Psikologiaren arlotik at geratzen da, eta giza ezagutza ororen alorretik at geratzen da era berean batere ezbairik gabe, irakurleak oinarrizko indarren eta ahalmenen Analitikan esan denaren arabera erraz juzgatuko duen bezala.

Ohar orokorra Psikologia arrazionaletik Kosmologiarako igarobideaz[aldatu]

«Nik pentsatzen dut», edo «ni pentsatzen existitzen naiz», esakunea esakune enpirikoa da. Halako baten oinarrian, ordea, begiespen enpirikoa, eta ondorioz, aipatutako objektua datza agerpen gisa, eta badirudi gure teoriaren arabera arima agerpenean eraldatu dela guztiz, baita pentsatzen duenean ere, eta honela, gure kontzientzia bera itxura soila den aldetik egitatean ezerezari lotu behar zaiola.

Pentsatzea bere baitan hartuta funtzio logiko soila da, eta beraz, begiespen ahalgarri soilaren anizkunkiaren loturaren berezkotasun soila, eta ez du inolaz ere kontzientziaren subjektua aurkezten agerpen gisa, hain zuzen, begiespenaren eraz deus ere ez delako arduratzen: ea sentsuzkoa ala intelektuala ote den. Horren bitartez ez naiz aurkezten, ez ni naizen moduan, ezta neure buruaren aurrean agertzen naizen moduan ere, baizik oro har bere begiespenaren eraz abstraitu dudan edozein objektu gisa pentsatzen naiz. Hemen neure burua pentsamenduen subjektu gisa edo pentsatzearen oinarri gisa aurkezten baldin badut, orduan errepresentazio-era hauek ez dute adierazten substantziaren kategoria, edo kausarena, izan ere, hauek jadanik sentsuzko begiespenari aplikatutako pentsatzearen (juzgatzearen) funtzio haiek dira, eta begiespen hau beharrezkoa litzateke, noski, ni neu ezagutu nahiko banintz. Pentsatzailea naizen aldetik soilik izan nahi badut, ordea, neure buruaz kontziente, alde batera uzten dut Neure Burua begiespenean nola ematen den, eta orduan, pentsatzen duen nia niretzat agerpen soila izan zitekeen, baina ez nik pentsatzen dudan heinean; pentsatze soileko Norberaren kontzientzian ni zerizan bera naiz, baina, noski, horren bitartez ez zaio ezer eskuratzen nire pentsatzeari.

«Nik pentsatzen dut» esakuneak, «ni pentsatzen existitzen naizela» dioen heinean, ezin du funtzio logiko soila izan, baizik subjektua (aldi berean objektua dena) determinatzen du existentziari begira, eta ezin da barneko sentsurik gabe gertatu, zeinaren begiespenak beti objektua ematen duen eskura, berbaitango gauza gisa ez, baina agerpen gisa. Bertan pentsatzearen berezkotasun soila ez ezik, begiespenaren harmena ere badago, h. d., neure buruaren pentsatzea subjektu berberaren begiespen enpirikoari aplikatuta. Azken honetan, hain zuzen, Norbera pentsatzaileak bere funtzio logikoen erabileraren baldintzak bilatu behar ditu kategorietarako, substantzia, kausa, eta abar, honela norbera berbaitango objektu gisa niaren bitartez ezaugarritu ez ezik, gainera bere izatearen era determinatzearren, h. d., bera noumeno gisa ezagutzearren, ezinezkoa dena, ordea, barneko begiespen enpirikoa sentsuzkoa den heinean eta eskura agerpenaren datuak baino ematen ez dituen heinean, hots, kontzientzia hutsaren objektuari bere existentzia bananduaren ezagupenerako ezer eskuratzen ez dioten datuak, baizik esperientziaren mesedetan soilik izan daitezkeenak baliagarriak.

Demagun jarraian, ordea, esperientzian ez baina a priori finkatutako eta gure existentziari dagozkion arrazoimen-erabilera hutsaren lege jakinetan (ez erregela logiko soiletan) geu a priori gure izatearen arabera lege-emaile gisa eta existentzia hau ere determinatzaile gisa aurresuposatzeko aukera bat legokeela, legokeela, bada, orduan horren bitartez gure errealitatea determinagarria bihurtuko lukeen berezkotasun bat aurkituko litzateke horretarako begiespen enpirikoaren baldintzarik behar izan gabe; eta orduan, gure izatearen kontzientzian a priori zerbait barnebiltzen dela ohartuko genuke, hots, osoro sentsuen arabera soilik determinagarria den gure existentzia barneko ahalmen jakin bati begira mundu inteligible bati dagokionez determinatzeko erabilgarria izan daitekeen zerbait (noski, mundu pentsatua besterik ez denari dagokionez).

Hala eta guztiz ere, honek ez lituzke Psikologia arrazionalaren saialdi guztiak urrats bat bera ere bultzatuko aurrerantz. Izan ere, lege moralaren kontzientziak lehen-lehenik agerrarazten didan ahalmen harrigarri haren bitartez nire existentziaren determinazioaren printzipioa izango nuke, intelektuala besterik ez den printzipioa; baina, zein predikaturen bitartez? Sentsuzko begiespenean eman behar zaizkidanen bitartez baino ez, eta horrela, Psikologia arrazionalean nengoen egoerara itzultzen naiz berriro, hots, sentsuzko begiespenen premia izatera nire adimenaren adigaiei, substantzia, kausa, eta abarrei esanahia ematearren, hauen bitartez soilik lor baitezaket neure buruaren ezagutza; begiespen haiek, ordea, inoiz ezin naute esperientziaren alorraz goiti joaten lagundu. Hala ere, zilegi litzaidake adigai hauek, dena dela, askatasunari eta bere subjektuari aplikatzea, beti ere esperientziaren objektuen arabera dabilen erabilera praktikoari dagokionez, erabilera teoretikoan duten esanahi analogikoari jarraiki, horretaz subjektua eta predikatua, oinarria eta ondorioaren funtzio logikoak soilik ulertzen ditudan heinean, zeinen arabera ekintzak edo eraginak lege haiei jarraiki honela determinatzen diren: izadiaren legeekin batera aldi berean substantziaren eta kausaren kategorien arabera argituak izan daitezkeela, guztiz bestelako printzipiotik sortu diren arren. Hau esan behar zen norbere begiespenaren irakaspenak bera agerpena den aldetik erraz izan ditzakeen gaizki-ulertzeak saihestearren. Ondoren hau erabiltzeko aukerarik izango dugu108.

Substantziatasunaren lehen paralogismoa

Zerbaiten errepresentazioa gure judizioen subjektu absolutua bada eta horregatik beste gauza baten determinazio gisa ezin erabil badaiteke, orduan gauza hori substantzia da.

Ni zerizan pentsatzailea naizen aldetik nire judizio ahalgarri guztien subjektu absolutua naiz eta neure buruaren errepresentazio hau ezin da beste gauzaren baten predikatu gisa erabili.

Beraz, ni zerizan pentsatzailea (arima) naizen aldetik substantzia naiz.

Psikologia hutsaren lehen paralogismoaren kritika[aldatu]

Logika transzendentalaren zati analitikoan erakutsi dugu kategoria hutsek (eta hauen artean era berean substantziarenak) beren baitan ezein esanahi objektiborik ez dutela, baldin eta begiespen batek sustatzen ez baditu, horrela honen anizkunkiari aplikatu ahal izateko batasun sintetikoaren funtzio gisa. Sustapen hau gabe edukirik gabeko judizio baten funtzio soilak dira. Oro harrezko edozein gauzaz esan dezaket substantzia dela, gauzen predikatu eta determinazio soiletatik bereizten dudan heinean. Gure pentsatze orotan, ordea, nia pentsamenduak determinazio gisa soilik atxikitzen zaizkion subjektua da, eta nia hau ezin da beste gauza baten determinazio gisa erabili. Beraz, edonork bere burua halabeharrez substantziatzat hartu behar du; pentsatzea, berriz, bere izatearen akzidentetzat eta bere egoeraren determinaziotzat besterik ez.

Nola erabili behar dut, ordea, substantziaren adigai hau? Bertatik ezin dut inolaz ere inferitu, zerizan pentsatzailea naizen heinean, berez irauten dudala, ez naizela ez sortzen ezta iraungitzen ere berezko eran, baina horretarako soilik izan dakidake onuragarria nire subjektu pentsatzailearen substantziatasunaren adigaia, eta onura honen gabezian adigai hau ederki utz nezake alde batera.

Hain urruti gaude berekitasun hauek substantzia baten kategoria huts soiletik inferitu ahal izateko, ezen, aitzitik, esperientziatik hartutako objektu jakin baten iraunkortasuna ezarri behar baitugu oinarrian, baldin eta honi enpirikoki erabilgarria den substantziaren adigaia aplikatu nahi badiogu. Gure esakunearen oinarrian ez dugu, ordea, ezein esperientziarik ezarri, baizik eta pentsatze orok niarekin, hots, hura atxikitzen zaion subjektu komunarekin duen harremanaren adigaitik inferitu dugu. Ahaleginduz gero ere, ezingo genuke ezein behaketa segururen bitartez halako iraunkortasunik frogatu. Izan ere, nia pentsamendu orotan dago; errepresentazio honi, ordea, ez zaio bera begiespenaren beste objektuetatik bereiziko lukeen ezein begiespenik lotzen. Errepresentazio hori pentsatze orotan beti berriro ere agertzen dela hauteman daiteke, ez, ordea, begiespen egonkorra eta geldikorra denik, bertan pentsamenduak aldatzen direlarik (aldakorrak diren aldetik).

Hemendik zera ondorioztatzen da: Psikologia transzendentaleko lehen arrazoimen-inferentziak ustezko ikuskera berria soilik eskaintzen digula, pentsatzearen subjektu logiko jarraikorra inherentziaren subjektu errealaren ezagutzatzat jotzen duen heinean, honetaz egiatan ezagupenik ez dugunean, ezta izan ahal dugunean ere, kontzientzia baita errepresentazio guztiak pentsamendu bihurtzen dituen bakarra, eta bertan egon behar baitute, subjektu transzendentala den heinean, gure hautemapen guztiak, eta niaren esanahi logiko horretatik at ez daukagu subjektuaz bere baitan beste ezagupenik, hots, bere oinarrian eta pentsamendu guztien oinarrian substratum gisa datzan subjektuaz. Dena dela, «arima substantzia da» esakunea onar dezakegu, baldin eta honekin aski badugu: gure adigai honek ez duela inolaz ere aurrerantz gidatzen, edo ezin dezakeela arimaren irakaspen sofistikoaren ohiko ondorioztapenetako bat bera ere irakatsi, adibidez, arimaren betiko iraupena aldaketa guztien zehar, baita gizakia hil ostean ere, eta beraz, adigaiak substantzia ideian soilik ezaugarritzen duela, baina ez errealitatean.

Sinpletasunaren bigarren paralogismoa[aldatu]

Zerbaiten ekintza inoiz gauza ekile anizkunen konkurrentziatzat hartu ezin badaiteke, orduan gauza hori bakuna da.

Baina arima, edo nia pentsatzailea, halakoa da.

Beraz, eta abar.

Psikologia transzendentalaren bigarren paralogismoaren kritika

Hau da arimaren irakaspen hutsaren inferentzia dialektiko guztien Akilesa, hots, dogmatiko batek bere baieztapenei itxurazkotasun arin bat ematearren asmatutako jolas sofistiko soila izateaz gain etsamina zorrotzenari eta ikerkuntzaren zehaztasun handienari aurka egiten diela dirudien inferentzia. Honako hau da.

Elkarketazko substantzia bakoitza substantzia askoren agregatua da, eta elkartuki baten ekintza, edo elkartuki gisa atxikitzen zaiona, substantzien kopuruaren artean banatuta dauden ekintza edo akzidente askoren agregatua da. Hortaz, substantzia ekile askoren konkurrentziatik sortzen den efektua ahalgarria da, eragin hori kanpokoa besterik ez bada (adibidez, gorputz baten higidura bere zati guztien higidura bateratua den bezala). Baina bestela gertatzen da pentsamenduekin, zerizan pentsatzaileari barnean dagozkion akzidenteak diren heinean. Izan ere, elkartukiak pentsatuko lukeela onartzen baldin badugu, orduan bere zati bakoitza pentsamenduaren zati bat litzateke, baina denak batera hartuta barnebilduko lukete pentsamendu osoa lehen-lehenik. Hau, ordea, kontraesankorra da. Izan ere, hainbat zerizanen artean banatuta dauden errepresentazioek (adibidez, bertso bateko banako hitzak) ez dutenez inoiz pentsamendu oso bat (bertsoa) osatzen, orduan pentsamendua ezin zaio elkartuki bati atxiki elkartukia den heinean. Beraz, pentsamendua substantzia askoren agregatua ez den substantzia bakar batean izan daiteke, eta beraz, erabat bakuna den substantzian109.

Argumentu honen nervus probandi-a esakune honetan datza: «errepresentazio askok egon behar dute subjektu pentsatzailearen batasun absolutuan barnebilduak, pentsamendu bat osatzearren». Esakune hau, ordea, ezin du inork adigaietatik abiatuta frogatu. Izan ere, nola hasi nahiko luke eginkizun hau? «Pentsamendu bat zerizan pentsatzailearen batasun absolutuaren efektua da» esakunea ezin da analitikotzat jo. Izan ere, errepresentazio askoz osatzen den pentsamenduaren batasuna batasun kolektiboa da, eta adigai soilei jarraiki, bai bertan batera eragiten duten substantzien batasun kolektiboari (gorputz baten higidura bere zati guztien elkarketazko higidura den bezala), baita subjektuaren batasun absolutuari ere lot dakieke. Identitatearen erregelaren arabera, beraz, ezin da aditu elkarketazko pentsamendu batean substantzia bakun bat aurresuposatzeko beharrezkotasuna. Gorago aurkeztu dugun apriorizko esakune sintetikoen ahalgarritasunaren oinarria ulertu duen inor ez da ausartuko, ordea, esakune bera sintetikoa dela eta a priori adigai soiletatik abiatuta ezagutu behar dela esateko erantzukizuna beregain hartzera.

Ezinezkoa da era berean, ordea, subjektuaren beharrezko batasun hori esperientziatik eratortzea, pentsamendu bakoitzaren ahalgarritasunaren baldintza den heinean. Izan ere, honek ez digu beharrezkotasunik ezagutarazten, eta gainera, batasun absolutuaren adigaia bere esfera baino askoz gorago dago. Nondik hartzen dugu, bada, arrazoimen-inferentzia psikologiko osoa sustatzen duen esakune hau?

Nabarmena da zerizan pentsatzailea errepresentatu nahi denean norbera jarri behar dela bere lekuan, eta beraz, kontsideratu nahi den objektua subjektu propioaz ordezkatu behar dela (ikerkuntzaren beste ezein kasutan gertatzen ez dena), eta nabarmena da pentsamendu bat izateko subjektuaren batasun absolutua eskatzen dugula, bestela ezingo bailitzateke esan: «nik pentsatzen dut» (anizkunkia errepresentazio batean). Izan ere, pentsamenduaren osokia zatitua balego eta subjektu anizkunen artean banatuko balitz ere, nia subjektiboa ezin da zatitua eta banatua izan, eta hau pentsatze orotan aurresuposatzen dugu.

Beraz, hemen ere, aurreko paralogismoan gertatzen den legez, «nik pentsatzen dut» apertzepzioaren esakune formalak dirau Psikologia arrazionalak bere ezagutzen hedapena egitera ausartzeko duen oinarri osoa, eta esakune hau, noski, ez da ezein esperientziarik, baizik eta esperientzia orori atxikitzen zaion eta bere aurretik doan apertzepzioaren forma, nahiz beti oro har ezagutza ahalgarritzat hartzen den bere baldintza subjektibo soil gisa, zeina guk arrazoirik gabe objektuen ezagutzaren ahalgarritasunaren baldintza bihurtzen dugun, hots, zerizan pentsatzailearen adigaia oro har, hau ezin baitugu errepresentatu, gure kontzientziaren formularekin beste zerizan inteligible bakoitzaren lekuan jarri ezean.

Hala ere, neure buruaren (arima naizen aldetik) bakuntasuna ez da benetan «nik pentsatzen dut» esakunetik inferitzen, baizik pentsamendu bakoitzean datza. «Ni bakuna naiz» esakunea apertzepzioaren adierazpen zuzen gisa ikusi behar da, «cogito, ergo sum» ustezko inferentzia kartesiarra egitatean tautologikoa den bezala, cogito-ak (sum cogitans) errealitatea zuzenki adierazten duen heinean. «Ni bakuna naiz» esakuneak hau besterik ez du esan nahi: nia errepresentazio honek anizkuntasunik ez duela jasotzen bere baitan eta batasun absolutua dela (batasun logikoa baino ez izan arren).

Beraz, froga psikologiko hain sonatua errepresentazio baten batasun zatiezinean soilik oinarritzen da, aditza besterik gidatzen ez duen errepresentazioan pertsona bati begira. Nabarmena da, ordea, inherentziaren subjektua pentsamenduari atxikitako niaren bitartez transzendentalki soilik ezaugarri daitekeela bere berekitasunik ohartu gabe edo honetaz oro har ezer ezagutu edo jakin gabe. Oro harrezko zerbait (subjektu transzendentala) esan nahi du, zeinaren errepresentazioak, dena dela, bakuna izan behar duen, zeren bertan ezer ez baita determinatzen; izan ere, Zerbait soilaren adigaiaren bitartez errepresentatzen dena baino ezer bakunagorik ezin daiteke errepresentatu. Subjektu baten errepresentazioaren bakuntasuna ez da horregatik subjektuaren bakuntasunaren ezagutza, izan ere, guztiz abstraitzen da bere berekitasunez edukiari dagokionez guztiz kaskala den «nia» adierazpenaren bitartez soilik ezaugarritzen denean (subjektu pentsatzaile orori aplika diezaiokedan adierazpena).

Ziurra da nik niaren bitartez beti subjektuaren batasun absolutua pentsatzen dudala (bakuntasuna), logikoa den arren, ez, ordea, horren bitartez nire subjektuaren benetako bakuntasuna ezagutzen dudanik. «Ni substantzia naiz» esakuneak kategoria hutsa soilik esan nahi du, in concreto (enpirikoki) erabili ezin dudan kategoria, eta era berean zilegi zait esatea: «substantzia bakuna naiz, h. d., bere errepresentazioak inoiz anizkunkiaren sintesia barnebiltzen ez duen substantzia»; baina adigai honek, edo esakune honek, ez digu deus ere irakasten geure buruari buruz esperientziako objektuak garen aldetik, zeren substantziaren adigaia bera sintesiaren funtzio gisa soilik erabiltzen baita sustatzen duen begiespenik gabe, eta beraz, objekturik gabe, eta orduan, gure ezagutzaren baldintzarako balio du, baina ez aipa daitekeen objekturen baterako. Saialdi bat egin nahi dugu esakune honen ustezko erabilgarritasunari buruz.

Edonork aitortu behar du arimaren izaera bakunaren baieztapenak balioa duela, baldin eta horren bitartez subjektu hau materiatik bereizi, eta ondorioz, bera materiak beti jasaten duen iraungipenetik aska badezaket. Erabilera honetaz arduratzen da benetan aurreko esakunea, eta horregatik, sarri honela adierazten da: «arima ez da gorpuzduna». Nik erakuts badezaket, ordea, arimaren irakaspen arrazionalaren errotiko esakune honi baliotasun objektibo oro onartzen bazaio arrazoimenaren judizio soil baten esanahi hutsean (kategoria hutsetatik), hala ere, ezin dela esakune honen erabilerarik egin bere homogeneotasun ezaz edo materiarekin duen kidetasunaz, orduan ustezko ikuskera psikologiko hau erabilera objektiboaren errealitate-gabezia duten ideia soilen alorrera bidaliko banu bezala izango litzateke.

Estetika transzendentalean modu ukaezinean frogatu dugu gorputzak gure kanpoko sentsuaren agerpen soilak direla, ez berbaitango gauzak. Honi jarraiki bidezki esan dezakegu gure subjektu pentsatzailea ez dela gorpuzduna, hau da, barneko sentsuaren objektu gisa errepresentatzen dugunez gero, orduan, pentsatzen duen heinean, ezin duela izan kanpoko sentsuen objekturik, h. d., ezin dela izan espazioan dagoen agerpenik. Honek hau adina esan nahi du: ezin ditugula inoiz zerizan pentsatzaileak kanpoko agerpenen artean aurkitu haiek pentsatzaileak diren aldetik, edo guk ezin ditugula beren pentsamenduak, kontzientzia, grinak, eta abar, kanpotik begietsi; izan ere, hau dena barneko sentsuari dagokio. Egitatean, argumentu hau berezkoa eta herritarra da, eta itxuraz adimen arruntenari ere aspalditik ezaguna zaio, eta horregatik goizik hasi izan ziren kontsideratzen arimak gorputzetatik erabat ezberdinak diren zerizanak direla.

Hortaz, nahiz eta hedadura, sarrezintasuna, kohesioa eta higidura, labur esanda, kanpoko sentsuek eman ahal diezaguketen dena, pentsamendurik, sentimendurik, joerarik edo erabakirik ez bada, edo kanpoko begiespenen objektuak ez diren hauek barnebiltzen ez badituzte ere, dena dela, kanpoko agerpenen oinarrian datzan Zerbait hura, hots, gure barneko sentsua halako moldez afektatzen duen zerbait, non honek espazioa, materia, tankera, eta abarren errepresentazioak lortzen baititu, bada, noumeno gisa kontsideratuta (edo hobeto, objektu transzendental gisa) aldi berean pentsamenduen subjektua izan liteke, nahiz eta gure kanpoko begiespena afektatua izateko eraren bitartez errepresentazioaren, nahimenaren eta abarren ezein begiespenik ez lortu, baizik espazioa eta bere determinazioena besterik ez. Zerbait hau, ordea, ez da hedatua, ez da sarrezina, ez da elkarketazkoa, zeren predikatu hauek sentimenarekin eta bere begiespenarekin soilik baitute zerikusia, halako (gainerakoan guretzat ezezagunak diren) objektuetatik afektatuak garen heinean. Adierazpen hauek, ordea, ez digute aditzera ematen zein objektu den, baizik, kanpoko sentsuekin harremanik gabe bere baitan kontsideratzen den zerbait den aldetik, kanpoko agerpenen predikatu hauek ezin zaizkiola egotzi besterik ez. Guztiarekin ere, barneko sentsuen predikatuek, errepresentazioek eta pentsatzeak ez dute kontraesaten. Horrenbestez, bere izaeraren bakuntasuna onartu arren, giza arima ez da askiro bereizten materiatik honen substratuari dagokionez, materia agerpen soil gisa kontsideratzen bada (egin behar den legez).

Materia berbaitango gauza balitz, orduan elkarketazko zerizan gisa erabat bereiziko litzateke arimatik, hau zerizan bakuna den aldetik. Kanpoko agerpena besterik ez da, ordea, eta bere substratua aipa daitekeen ezein predikaturen bitartez ez da ezagutzen; eta beraz, bere baitan bakuna dela suposa dezaket, nahiz eta gure sentsuak afektatzeko duen erak gugan hedatukiaren, eta beraz, elkartukiaren begiespena sortu; eta beraz, kanpoko sentsuari dagokionez, hedadura egozten zaion substantzian bere baitan bere barneko sentsu propioaren bitartez kontzientzia izanez errepresenta daitezkeen pentsamenduak daude. Honela, harreman batean gorpuzduna dena beste batean aldi berean zerizan pentsatzailea da, eta honen pentsamenduak ezin ditugu begietsi, baina bai honen aztarnak agerpenean. Horren bitartez, arimek soilik (substantziaren era bereziak diren heinean) pentsatzen dutela dioen adierazpena desagertuko litzateke; aldiz, ohiko moduan gizakiek pentsatzen dutela esango litzateke, h. d., kanpoko agerpen gisa hedatua eta barnean (bere baitan) subjektua denak, elkarketazkoa ez, baizik bakuna denak eta pentsatzen duenak.

Hala ere, honelako hipotesirik onartu gabe ere honakoa oharrarazi daiteke eskuarki: arimaz berbaitango zerizan pentsatzailea ulertzen baldin badut, orduan bere baitan desegokia litzateke ea hau materiaren (zeina ez den ezein berbaitango gauzarik, baizik gure errepresentazio-era bat soilik) era berekoa den ala ez den galdetzea; izan ere, berez ulertzen da berbaitango gauzak ez duela bere egoera soilik determinatzen duten determinazioen izaera bera.

Nia pentsatzailea, ordea, materiarekin ez, baina materia deitzen diogun kanpoko agerpenaren oinarrian datzan zera inteligiblearekin alderatzen baldin badugu, orduan ezin dugu esan arima barnean honetatik gutxienean ere bereizten denik, azken honetaz ezer ez dakigunez gero.

Hainbestez, kontzientzia bakuna ez da gure subjektuaren izaera bakunaren ezagupenik, hau horren bitartez materiatik bereiztu behar den heinean, hau elkarketazko zerizana den aldetik.

Adigai honek, ordea, bera erabilgarria den kasu bakarrean balio ez badu, hots, neure burua kanpoko esperientziarekin alderatzen dudanean, honela bere izaeraren alde berezia eta bereizgarria determinatzearren, orduan beti ere zera jakitea aldarrika dezaket: nia pentsatzailea arima (barneko sentsuaren objektu transzendentalaren izena) bakuna dela; adierazpen honek ez dauka, horregatik, objektu errealetara zabaltzen den erabilerarik, eta beraz, ezin du gure ezagutza inolaz ere hedatu.

Hainbestez, Psikologia arrazional osoa erortzen da bere zutabe nagusiarekin batera, eta hemen bezain gutxi itxaron dezakegu edonoiz adigai soilen bitartez esperientzia ahalgarriarekin harremanik gabe ikuskera hedatzea (are gutxiago gure adigai guztien forma subjektibo soilaren bitartez, kontzientziaren bitartez), bereziki izaera bakun baten oinarrizko adigai bera ezein esperientziatan ezin aurki daitekeen erakoa delako, eta beraz, bertara iristeko biderik ez dagoelako adigai objektiboki baliogarri gisa.

Pertsonatasunaren hirugarren paralogismoa[aldatu]

Denbora ezberdinetan bere zenbaki-identitateaz kontziente dena, hainbestez, pertsona da.

Baina arima eta abar.

Beraz, arima pertsona bat da.

Psikologia transzendentalaren hirugarren paralogismoaren kritika

Kanpoko objektu baten zenbaki-identitatea esperientziaren bidez ezagutu nahi badut, orduan agerpen horren iraunkorkia hartu beharko dut aintzat, zeinari, subjektua denez, gainerako guztia lotzen zaion determinazio gisa, eta iraunkorkiak denboran duen identitatea oharrarazi beharko dut determinazioak aldatzen diren bitartean. Ni, ordea, barneko sentsuaren objektua naiz eta denbora oro barneko sentsuaren forma soila da. Ondorioz, nire determinazio jarraitu oro eta bakoitza zenbaki-identitatea duen Norberari lotzen diot denbora orotan, h. d., nire buruaren barneko begiespenaren forman. Oinarri honekin, arimaren pertsonatasuna inoiz ere ez litzateke inferitutzat hartu beharko, baizik denboran osoki identikoa den autokontzientziaren esakunetzat, eta arrazoi honegatik balio du a priori. Izan ere, nitaz kontziente naizen denbora guztian denbora hau nire batasunari egokitzeaz kontziente naizela besterik ez du esaten benetan esakuneak, eta gauza bera da «denbora hau guztia Nigan dago banakako batasuna naizen aldetik» esatea edo «ni denbora orotan zenbaki-identitatea izanez aurkitzen naiz» esatea.

Pertsonaren identitatea, beraz, ezinbestean aurkitzen da nire kontzientzia propioan. Ni beste baten ikuspuntutik kontsideratzen banaiz (bere kanpoko begiespenaren objektu gisa), ordea, kanpoko behatzaile horrek ni lehen-lehenik denboran kontsideratzen nau, izan ere, apertzepzioan denbora benetan nigan soilik errepresentatzen baita. Beraz, errepresentazio orori denbora orotan nire kontzientzian eta gainera identitate osoz lagun egiten dien niatik abiatuta ez da oraindik neure buruaren iraunkortasun objektiboa inferitzen, hau onartu arren. Izan ere, behatzaileak denbora batean ezartzen nauenez, baina hau ez denez nire sentimenean dagoena, berean dagoena baizik, orduan nire kontzientziarekin halabeharrez lotuta dagoen identitatea ez dago horregatik berearekin lotuta, h. d., ez dago nire subjektuaren kanpoko begiespenarekin lotuta.

Beraz, Neure buruaren kontzientziaren identitatea denbora ezberdinetan nire pentsamenduen eta beren bilkuraren baldintza formala besterik ez da, baina honek ez du frogatzen nire subjektuaren zenbaki-identitatea, zeren honek hainbeste aldakuntza izan baititzake, niaren identitate logikoa izan arren, ezen honek ez baitu baimentzen bere identitatea gordetzerik, nahiz eta beti hots berbera duen nia atxiki ahal zaion, zeinak beste edozein egoeratan, baita subjektuaren eraldaketan ere, aurreko subjektuaren pentsamendua gorde dezakeen eta hurrengoari igor diezaiokeen110.

Dena jariakorra dela eta munduan iraunkorra eta geldikorra den ezer ez dagoela dioen antzinako eskola batzuen esakunea substantziak onartu ahala ezinezkoa gertatzen bada ere, dena dela, ez da autokontzientziaren batasunaren bitartez errefusatzen. Izan ere, geuk ezin dugu juzgatu geure kontzientziatik abiatuta ea arimak garen aldetik iraunkorrak garen ala ez, zeren gure Norbera identikoan kontzientzian jaso dezakeguna soilik onartzen baitugu, eta horrela, dena dela, halabeharrez juzgatu behar dugu: gutaz kontziente garen denbora guztian berberak garela. Beste baten ikuspuntutik, ordea, ezin dugu hau oraindik baliogarritzat adierazi, zeren ariman ezein agerpen iraunkorrik aurkitzen ez dugunez gero, nia errepresentazioa izan ezik, orduan inoiz ezin baitugu erabaki ea nia hau (pentsamendu soila) ez ote den jariatzen, berak elkar kateatzen dituen gainerako pentsamenduak jariatzen diren bezala.

Bitxia da, ordea, pertsonatasuna eta bere aurresuposizioa den iraunkortasuna, eta beraz, arimaren substantziatasuna orain frogatu behar izatea lehen-lehenik. Izan ere, hau aurresuposatu izan bagenu, orduan hortik ez litzateke oraindik kontzientziaren iraupena ondorioztatuko, baina bai kontzientzia iraunkor baten ahalgarritasuna, bere eragina denbora tarte batean mozteagatik berehala geratzen ez den moduko pertsonatasunerako aski dena. Iraunkortasun hau, ordea, ez zaigu inolaz ere emana apertzepzio identikotik ondorioztatzen dugun geure buruaren zenbaki-identitatearen aurretik, baizik hortik ondorioztatzen da lehen-lehenik (eta zuzenki jokatuz gero, honi enpirikoki soilik erabilgarria den substantziaren adigaia jarraiki beharko litzaioke lehen-lehenik). Pertsonaren identitate hori ni ezagutzen naizen denbora guztiko kontzientzian niak duen identitatetik ondorioztatzen ez denez gero, orduan gorago arimaren substantziatasuna ere ezin izan zen bertan oinarritu.

Dena dela, pertsonatasunaren adigaia gorde daiteke, substantziaren eta bakunkiaren adigaiak gordetzen diren bezala (transzendentala besterik ez den heinean, h. d., subjektuaren batasuna, bestalde guri ezezaguna zaiguna, baina bere determinazioetan apertzepzioaren bidezko elkarlotura osoa duena), eta hein horretan adigai hau erabilera praktikorako ere beharrezkoa eta askigarria da, baina adigai hau bere inguruan jiratzen denez eta berak ezagutza sintetikoa ukitzen duen galdekizun bakar batean ere laguntzen ez digunez gero, orduan ezin dugu inoiz arrazoimen hutsaren bidezko norbere ezagutzaren hedapen gisa aurkeztu arrazoimenak subjektuaren aurrerapen etengabea islatzen duen Norbera identikoaren adigai soiletatik abiatuta. Erabat ezezaguna zaigu ea materia zer ote den berbaitango gauza gisa (objektu transzendentala); hala eta guztiz ere, bere iraunkortasuna beha daiteke, agerpena den aldetik, kanpoko zerbait gisa errepresentatzen den heinean. Hala ere, nia soila errepresentazio guztien aldakuntzan behatu nahi dudanean nire alderaketen korrelatorik ez dudanez gero, berriro ni neu izan ezik nire kontzientziaren baldintza orokorrarekin, orduan erantzun tautologikoak baino ezin dizkiet eman galdekizun guztiei, hain zuzen, nire adigaiari eta bere batasunari ezkutuan niri objektu gisa atxikitzen zaizkidan berekitasunak ematen dizkiedan heinean eta jakin behar dena aurresuposatzen dudan heinean.

Idealtasunaren laugarren paralogismoa (kanpoko hartuemanarena)[aldatu]

Zerbaiten izatea hautemapen jakinen kausa gisa soilik inferitu badaiteke, orduan gauza honek existentzia zalantzagarria besterik ez du.

Baina kanpoko agerpen guztiak honelakoak dira: beren izatea ezin da zuzenki hauteman, baizik eta inferitu besterik ezin daitezke egin, hautemapen jakinen kausak diren heinean.

Beraz, kanpoko sentsuen objektu guztien izatea zalantzagarria da. Ziurtasun-eza honi kanpoko agerpenen idealtasuna deitzen diot eta idealtasun honen irakaspenari idealismoa deitzen zaio, eta kanpoko sentsuen objektuen ziurtasun ahalgarriaren baieztapenari, bestetik, dualismoa deitzen zaio.

Psikologia transzendentalaren laugarren paralogismoaren kritika

Hasteko, premisak etsaminatu nahi ditugu. Bidezki baiezta dezakegu gugan dagoena baino ezin daitekeela hauteman zuzenki eta nire existentzia propioa hautemapen soil baten objektua izan daitekeela. Beraz, nigandik kanpoko objektu erreal baten izatea (hitz hau esanahi intelektualean hartzen bada) ezin da inoiz zuzenki hautemapenean eman, baizik eta beretik kanpo dagoen kausa gisa barneko sentsuaren modifikazioa den honi gainpentsa dakioke, eta beraz, inferitua soilik izan daiteke. Horregatik, Descartesek hautemapen oro esanahi hertsian esakune honetara zedarriztatzen zuen bidezki: «ni naiz» (zerizan pentsatzailea naizen aldetik). Izan ere, argia da, kanpokoa nigan ez dagoenez gero, orduan ezin dudala nire apertzepzioan aurkitu, eta beraz, ezta egiatan apertzepzioaren determinazioa baino ez den ezein hautemapenetan ere.

Nik, beraz, kanpoko gauzak benetan ezin ditut hauteman, baizik eta nire barneko hautemapenetik abiatuta beren izatea soilik inferi dezaket, hau kanpoko zerbaiten kausa hurbilaren efektutzat hartzen dudan heinean. Hala ere, efektu jakin batetik kausa determinatu batera doan inferientzia ez da inoiz segurua; zeren efektua kausa bat baino gehiagok sortu baitezake. Hainbestez, hautemapen baten kausarekin harremanak beti zalantzagarria dirau: ea barnekoa ala kanpokoa den, ea kanpoko hautemapenak deritzatenak gure barneko sentsuaren jolas soilak diren, edo ea kanpoko objektu errealei lotzen zaizkien beren kausa gisa. Azkenengoen izatea behinik behin inferitua besterik ez da eta inferentzia ororen arriskua du; aitzitik, barneko sentsuaren objektua (neu, nire errepresentazio ororekin batera) zuzenki hautematen da eta bere existentziak batere zalantzarik ez du jasaten.

Idealistatzat ez dira hartu behar, beraz, sentsuen kanpoko objektuen izatea ukatzen dutenak, baizik hautemapen zuzenaren bitartez ezagutzen direla onartzen ez dutenak eta hortik abiatuta esperientzia ahalgarri ororen bitartez beren errealitateaz inoiz guztiz ziur ez garela izango inferitzen dutenak.

Gure paralogismoa bere itxura iruzurtian aurkeztu aurretik bi idealismo bereizi behar direla oharrarazi behar dut halabeharrez: transzendentala eta enpirikoa. Agerpen ororen idealismo transzendentalaren irakatsiaz agerpenak osotara errepresentazio gisa soilik begiztatzen dituen irakaspena ulertzen dut, ez berbaitango gauzak gisa, eta honen arabera espazioa eta denbora gure begiespenaren sentsuzko formak besterik ez dira, ez, ordea, berez ematen diren determinazioak edo objektuen baldintzak hauek berbaitango gauzak diren aldetik. Idealismo honi espazioa eta denbora beren baitan (gure sentimenetik beregainki) emandako zerbait gisa hartzen dituen errealismo transzendental bat kontrajartzen zaio. Errealista transzendentalak, beraz, kanpoko agerpenak berbaitango gauzak balira bezala errepresentatzen ditu, gugandik eta gure sentimenetik beregainki existitzen direnak, eta beraz, adimenaren adigai hutsen arabera liratekeenak gugandik at. Benetan, errealista transzendental hau da gero idealista enpiriko gisa jokatzen duena, eta sentsuen objektuez faltsuki aurresuposatu ondoren beren baitan sentsurik gabe ere beren existentzia gorde behar dutela, baldin eta kanpokoak izan behar badute, orduan honek ikuspuntu honetan sentsuen gure errepresentazio denak beren errealitatea ziurtatzeko askiezak direla aurkitzen du.

Aitzitik, idealista transzendentala errealista enpirikoa izan daiteke, eta beraz, deitzen zaion moduan, dualista bat, h. d., materiaren existentzia onar dezake autokontzientzia soiletik irten gabe, eta nigan dauden errepresentazioak baino zerbait gehiago, eta beraz, «cogito, ergo sum» onar dezake. Izan ere, berak materia hau eta bere barneko ahalgarritasuna agerpen gisa soilik onartzen dituenez, gure sentimenetik bereiztuta ezer ez den agerpen gisa, bada, orduan materia kanpokoak izendatzen diren errepresentazioen era bat (begiespena) da beretzat, ez bere baitan ere kanpoko objektuei lotuko balitzaioke bezala, baizik hautemapenak espazioarekin harremanean jartzen dituztelako, espazioan dena beste denetik at dagoela, baina espazioa bera gure baitan.

Hasieratik adierazi dugu idealismo transzendental honen alde gaudela. Beraz, gure irakatsiari esker materiaren izatea gure autokontzientzia soilaren lekukotasunaren bidez onartzeko eta horren bitartez neure buruaren izatea zerizan pentsatzaile gisa frogatutzat adierazteko ezbai oro desagertzen da. Izan ere, nire errepresentazioez kontziente naiz; beraz, hauek existitzen dira eta errepresentazio hauek dituen nia bera ere bai. Hala ere, kanpoko objektuak (gorputzak) agerpen soilak dira, eta beraz, nire errepresentazioen era bat baino ez, eta beren objektuak errepresentazio hauen bitartez dira zerbait, baina hauetatik bereizita ezer ez. Beraz, kanpoko gauzak existitzen dira, ni existitzen naizen bezala, eta biak nire autokontzientziaren lekukotasun zuzenarekin, baina bereizketa honekin: Norberaren errepresentazioa subjektu pentsatzailearen errepresentazio gisa barneko sentsuari soilik lotzen zaiola, zerizan hedatuak ezaugarritzen dituzten errepresentazioak, ordea, kanpoko sentsuari. Kanpoko objektuen errealitateari dagokionez inferitzea nire barneko sentsuaren (nire pentsamenduen) objektuaren errealitateari dagokionez inferitzea bezain gutxi behar dut, izan ere, biak errepresentazioak baino ez dira, zeinen hautemapen zuzena (kontzientzia) aldi berean beren errealitatearen froga gogobetegarria den.

Beraz, idealista transzendentala errealista enpirikoa da eta materiari, hau agerpena den aldetik, inferitu ezin den baina zuzenki hauteman daitekeen errealitate bat egozten dio. Aitzitik, errealismo transzendentala estualdian gertatzen da halabeharrez, eta idealismo enpirikoari lekua egitera behartua aurkitzen da, zeren kanpoko sentsuen objektuak sentsuetatik ezberdinak diren zerbait gisa eta gure kanpoan dauden zerizan beregain baterako agerpen soil gisa hartzen baititu; izan ere, gauza hauen gure errepresentazioaren kontzientzia onena izanda ere, ez da ziurra, errepresentazioa existitzen baldin bada, berari dagokion objektua ere existitzen denik; alderantziz, gure sisteman kanpoko gauza horiek, materia, beraz, beren tankera eta aldaketa guztietan agerpen soilak dira, h. d., gugan dauden errepresentazioak, zeinen errealitateaz zuzenki garen kontziente.

Nik dakidan heinean, idealismo enpirikoari lotzen zaizkion psikologo guztiak errealista transzendentalak direnez gero, orduan kontsekuenteki jokatu dut idealismo enpirikoari garrantzi handia ematean, giza arrazoimenari gainditzen zaila gertatzen zaion arazoetako bat baita. Izan ere, egitatean, kanpoko agerpenak objektuek gugan eragiten dituzten errepresentaziotzat hartzean, objektu hauek beren baitan gugandik at dauden gauzak diren aldetik, ezin da ulertu ea bere izate hori efektutik kausa inferituz baino beste zein eratara ezagut daitekeen, eta beti ere zalantzagarria izaten iraun behar du ea azkena gure baitan ala gugandik at den. Onar daiteke bai adiera transzendentalean gugandik kanpo dagoen zerbait dela gure kanpoko begiespenen kausa, baina hau ez da materiaren eta gauza gorpuzdunen errepresentazioaz ulertzen dugun objektua; izan ere, hauek agerpen soilak dira, h. d., errepresentazio-era soilak, beti ere gugan baino ez direnak, eta beren errealitatea kontzientzia zuzenean funtsatzen da, nire pentsamendu propioaren kontzientzia ere funtsatzen den bezala. Objektu transzendentala barneko zein kanpoko begiespenari dagokionez ezezaguna da era berean. Hemen, ordea, ez da bera solasgaia, objektu enpirikoa baizik, zeinari kanpokoa deitzen zaion espazioan dagoenean, eta barneko objektua denbora-hartuemanetan soilik errepresentatzen denean; espazioa eta denbora, ordea, gugan besterik ez daude.

Hala ere, «gugandik at» adierazpenak saihets ezin daitekeen zentzu-bikoiztasuna daukanez, behin berbaitango gauza gisa gugandik ezberdina izanik existitzen dena esan nahi duela, behin kanpoko agerpenari dagokiona, bada, orduan adigai honi azkenengo esanahian, alegia, gure kanpoko begiespenaren errealitateaz egindako galdekizun psikologikoan hartzen den esanahian duen segurtasun eza kentzearren, enpirikoki kanpokoak diren objektuak zentzu transzendentalean kanpokoak dei dakizkiekeenetatik bereizi nahi ditugu haiei zuzenki espazioan aurkitzen diren gauzak deituz.

Espazioa eta denbora apriorizko errepresentazioak dira, gugan gure sentsuzko begiespenen formen gisa daudenak, baita objektu erreal batek gure sentsua sentsazio baten bitartez determinatu aurretik egon ere, bera sentsuzko hartueman haien arabera errepresentatzearren. Materialki edo errealki honek, ordea, espazioan begietsi beharko litzatekeen Zerbait honek hautemapena aurresuposatzen du halabeharrez eta hau ezin da ezein irudimenen bidez asmatu edo sortu espazioan zerbaiten errealitatea erakusten duen hautemapen honetatik beregainki. Sentsazioa da, beraz, errealitate bat espazioan eta denboran ezaugarritzen duena sentsuzko begiespenaren era bati edo besteari lotzen zaionean. Behin sentsazioa eman baldin bada (zeinari hautemapena deitzen zaion, oro harrezko objektu bati aplikatzen baldin bazaio hau determinatu gabe), orduan bere anizkuntasunaren bitartez zenbait objektu asma daitezke irudimenean, honetatik at kokaleku enpirikorik ez duten objektuak espazioan edo denboran. Hau ziurra da ezbairik gabe, zeren bai sentsazioak hartzen baditugu, hots, atsegina eta mina, bai kanpoko sentsazioak, hots, kolorea, beroa, eta abar, beti ere hautemapena baita lehenik sentsuzko begiespenaren objektuak pentsatzeko ekaia eman behar duena. Hautemapen honek, beraz, zerbait erreala errepresentatzen du espazioan (orain kanpoko begiespenez soilik dihardugu). Izan ere, lehenik, hautemapena errealitate baten errepresentazioa da, espazioa elkarrekin egotearen ahalgarritasun soilaren errepresentazioa den bezala. Bigarrenik, errealitate hau kanpoko sentsuaren aurrean errepresentatzen da, h. d., espazioan. Hirugarrenik, espazioa bera ez da errepresentazio soila baino, eta beraz, bertan errepresentatzen denak besterik ez du balio bertan erreala bezala111, eta alderantziz, bertan emana dena, h. d., hautemapenaren bitartez errepresentatzen dena, erreala ere bada bertan; izan ere, bertan erreala ez balitz, h. d., begiespen enpirikoaren bidez zuzenki emango ez balitz, orduan ezingo litzateke asmatu, begiespenen errealkia ezin baita a priori asmatu.

Kanpoko hautemapen orok, beraz, zuzenki frogatzen du espazioan erreala den zerbait edo, are gehiago, hura errealkia bera da, eta hainbestez, errealismo enpirikoa zalantzaezina da, h. d., gure kanpoko begiespenei zerbait erreala dagokie espazioan. Noski, espazioa bera bere agerpen guztiekin batera nigan besterik ez da, errepresentazioa den aldetik; baina espazio honetan dago, dena dela, errealkia, edo bertan ematen da benetan eta asmakuntza guztitik beregainki gainera kanpoko begiespenen objektu ororen ekaia; eta ezinezkoa da espazio honetan gugandik kanpokoa den ezer ematea (zentzu transzendentalean), zeren espazioa bera ez baita ezer gure sentimenetik at. Beraz, idealista zorrotzak ezin du eskatu hau frogatzeko beharra dagoenik: gure hautemapenari objektua dagokiola gugandik at (esanahi hertsian). Izan ere, halakorik balego, orduan ezingo litzateke gugandik at errepresentatu eta begietsi, zeren honek espazioa aurresuposatzen baitu, eta espazioan den errealitatea, errepresentazio soila den aldetik, hautemapena bera baino ez da. Kanpoko agerpenen errealkia, beraz, hautemapenean besterik ez da egiazkoa, eta ezin du beste ezein modutan izan egiazkoa.

Hautemapenetatik abiatuta objektuen ezagutza irudimenaren jolas soilaren bidez edo esperientziaren bidez sor daiteke. Eta hor objekturik egokitzen ez zaizkien errepresentazio iruzurtiak ager daitezke, eta iruzurra behin irudimenaren itxurapenari (ametsean), behin juzgamenaren hanka-sartzeari (sentsuen iruzurra deitzen zaion horretan) egozten zaio. Eta hemen erregela honen arabera jokatzen da, ilusio faltsua saihestearren: erreala da hautemapen batekin lege enpirikoen arabera elkartuta dagoena. Iruzur horrek eta berari buruzko ardurak, ordea, idealismoa zein dualismoa ukitzen dituzte, hemen autugaia esperientziaren forma baino ez den heinean. Gure kanpoko hautemapenen errealitate objektiboaz dugun ezbai faltsua den idealismo enpirikoa errefusatzeko, aski da kanpoko hautemapenak errealitate bat espazioan zuzenki frogatzea, espazio hau, bere baitan errepresentazioen forma soila izan arren, hala ere, kanpoko agerpen orori dagokionez (hauek ere errepresentazio soilak besterik ez direnak) errealitate objektiboa izaki; halaber, hautemapenik gabe asmakuntza eta ametsa bera ezinezkoak dira, eta kanpoko gure sentsuek, beraz, beraiei egokitzen zaizkien objektu errealak dituzte espazioan esperientzia ahalbidetzen duten datuei dagokienez.

Idealista dogmatikoa materiaren izatea ukatzen duena litzateke, idealista eszeptikoa, zalantzan jartzen duena, bere izatea frogaezintzat duelako. Lehena, oro har materiaren ahalgarritasunean kontraesanak aurkitzea uste delako soilik sor daiteke, eta hau ez da oraindik gure autugaia. Inferentzia dialektikoen ondorengo atalak, arrazoimenaren barneko gatazka aurkeztuko duenak, esperientziaren testuinguruan kokatzen denaren ahalgarritasunaren adigaiei dagokien zailtasun hau gainditzen lagunduko du. Idealista eszeptikoa, ordea, gure baieztapenaren oinarria soilik ukatzen duen eta hautemapen zuzenean oinarritzen dela uste dugun materiaren izatearen gure limurtzea askieztzat adierazten duen idealista, hainbestez, giza arrazoimenaren ongile bat da, esperientzia arruntaren urrats txikienean ere begiak ondo irekitzera eta agian amarruz soilik lortzen duguna bidezki lortua bailitzan berehala jabegoan ez hartzera behartzen gaituelako. Objekzio idealista hauek hemen sortzen duten onura begi-bistakoa da orain. Bortizki bultzatzen gaituzte, baieztapen arruntenetan nahastu nahi ez badugu, hautemapen denak, barnekoak zein kanpokoak, gure sentimenari atxikitzen zaion kontzientzia soiltzat hartzera, eta kanpoko objektuak ez berbaitango gauzatzat, baizik errepresentaziotzat soilik hartzera, eta hauetaz zuzenki izan gaitezke kontziente beste edozein errepresentaziorekin gertatzen den legez, baina kanpokoak izena dute guk kanpoko sentsuak deitzen diegun sentsuei egozten zaizkielako, hauen begiespena espazioa izaki, zeina, bestalde, berez errepresentazio-era bat besterik ez den, bertan hautemapen jakinak elkarlotzen direlarik.

Kanpoko objektuak berbaitango gauzatzat hartzen baditugu, orduan erabat ezinezkoa da ulertzea ea nola iritsiko ginatekeen gugandik kanpo duten errealitatearen ezagutzara, gugan dagoen errepresentazio soilean eusten garen heinean. Izan ere, ezin da norberatik at sentsaziorik izan, baizik norberaren baitan besterik ez, eta autokontzientzia osoak gure determinazio propioak baino ez ditu eskuratzen. Beraz, idealismo eszeptikoak geratzen den ihes bakarra hartzera behartzen gaitu, hots, agerpenen idealtasunera ihesa, Estetika transzendentalean aurkeztu duguna aurrez ikusi ezin izan genituen ondorio hauetatik beregainki. Hortaz, zera galdetzen bada: ea, bada, honen ondorioz dualismoa arimaren irakaspenean soilik gertatzen den; orduan erantzuna hau da: noski! baina adiera enpirikoan besterik ez, h. d., materia, agerpeneko substantzia den aldetik, benetan esperientziaren bilkuran ematen zaie kanpoko sentsuei, nia pentsatzailea barneko sentsuei ematen zaien bezala, hau era berean agerpeneko substantzia den aldetik, eta agerpenok bi kasutan gure kategoriak kanpoko zein barneko esperientziako hautemapenen bilkuran ezartzen dituen erregelen arabera izan behar dira elkarlotuak. Dualismoaren adigaia hedatu nahi bada, ordea, eskuarki gertatzen den bezala, eta adiera transzendentalean hartu nahi bada, orduan ez berak, ez berari kontrajarritakoek ere, alde batetik, pneumatismoak, bestetik, materialismoak, ez lukete oinarririk izango, gure adigaien determinazioan huts egin delako eta beren baitan direnaren arabera ezezagunak zaizkigun objektuen errepresentazio-eraren ezberdintasuna gauza beren ezberdintasuntzat hartzen delako. Nia barneko sentsuaren arabera errepresentatua eta objektuak espazioan nigandik at benetan espezifikoki erabat ezberdinak diren agerpenak dira, baina ez dira pentsatzen horregatik gauza ezberdin gisa. Objektu transzendentala, kanpoko agerpenen zein barneko begiespenen oinarrian datzan objektua, ez da materia, ezta zerizan pentsatzailea bere baitan ere, baizik guri ezezaguna zaigun agerpenen oinarria, hots, lehen eta bigarren erako adigai enpirikoak eskura ematen dituzten agerpenen oinarria.

Kritika honek nabarmenki behartzen gaituen eran gorago finkatutako erregelari atxikitzen bagatzaizkio, alegia, gure galdekizunak esperientzia ahalgarriak bere objektuak eskura eman ditzakeen bezain urrun soilik hedatzea, orduan ez zaigu behin ere bururatuko gure sentsuen objektuei dagokienez hauek beren baitan direnaz informazioa bilatzea, h. d., sentsuekin harremanik gabe izan daitezkeenaz. Hala ere, psikologoak agerpenak berbaitango gauzatzat hartzen baldin baditu, orduan bere irakatsian materia soilik onar dezake, materialista den aldetik, edo zerizan pentsatzaile soila (hots, gure barneko sentsuaren formaren araberako zerizana), espiritualista den aldetik, edo biak, berez existitzen diren gauzak bezala, dualista den aldetik, baina beti ere galarazi zaio, gaizki-ulertzea dela eta, honetaz arrazoikerietan aritzea: ea berbaitango gauza ez baina oro harrezko gauza baten agerpena soilik dena bere baitan nola existi ote daitekeen.

Arimaren irakaspen huts osoari buruzko kontsiderazioa, paralogismo hauen ondorioz[aldatu]

Barneko sentsuaren Fisiologia den arimaren irakaspena, kanpoko sentsuaren objektuen Fisiologia den gorputzaren irakaspenarekin alderatzen badugu, orduan bietan asko enpirikoki ezagutu ahal izateaz gain beste bereizketa ohargarri hau aurkitzen dugu: bigarren zientzian asko ezagut daitekeela a priori zerizan sarrezin hedatu baten adigai soiletik abiatuta, lehenean, ordea, zerizan pentsatzaile baten adigaitik abiatuta ezin dela ezer a priori sintetikoki ezagutu. Zergatia hau da. Biak agerpenak izan arren, kanpoko sentsuaren agerpenak badu gerakorra edo geldikorra den zerbait, determinazio aldakorren oinarrian dagoen substratuaren, eta beraz, adigai sintetiko baten, hots, espazioaren eta bertako agerpen baten adigaia eskura ematen duen zerbait, baina denborak bere aldetik, gure barneko begiespenaren forma bakarra izaki, ez du ezer geldikorrik, eta beraz, determinazioen aldakuntzaren ezagutza besterik ez du eskuratzen, ez, ordea, objektu determinagarriarena. Izan ere, arima deitzen diogun horretan dena jario jarraituan dago, eta ezer ez da geldikorra, agian hain bakuna den nia izan ezik (horrela deitu nahi badiogu), errepresentazio honek edukirik, eta beraz, anizkunkirik ez duelako, alegia, eta horregatik objektu bakun bat errepresentatzen duela edo, hobeto esanda, ezaugarritzen duela dirudi. Nia honek begiespena izan beharko luke, pentsatzean oro har (esperientzia ororen aurretik) aurresuposatua izango litzatekeenez, eta apriorizko begiespen gisa esakune sintetikoak eskuratuko lituzke, baldin eta oro har zerizan pentsatzaile baten izaeraren arrazoimen-ezagutza sortzea ahalgarria balitz. Nia hau, ordea, objektu baten adigaia ez den bezain gutxi da begiespena, aitzitik, kontzientziaren forma soila da, bi eratako errepresentazioei lagun egiten diena eta horrela ezagutzak bihurtzen dituena, horretarako begiespenean objektu baten errepresentaziorako ekaia hornitzen duen zerbait ematen den heinean. Beraz, Psikologia arrazional guztia desagertzen da giza arrazoimenaren indar oro gainditzen duen zientzia gisa, eta gure arima esperientziaren gida-hariaren arabera estudiatzea eta barneko esperientzia ahalgarriak aurkez dezakeen edukiaz goiti ez doazen galdekizunen zedarriari atxikitzea baino beste biderik ez dugu.

Nahiz eta Psikologia arrazionalak ezagutza hedatzaile gisa onurarik ez duen, baizik, hainbestez, paralogismo soilen elkarketaz osatzen den, dena dela, berari ezin zaio onura negatibo garrantzitsua ukatu gure arrazoimen arrunt eta berezkoaren inferentzia dialektikoen landualdi kritikotzat soilik hartzen bada.

Zertarako behar dugu arrazoimenaren printzipio hutsetan besterik oinarritzen ez den arimaren irakaspena? Ezbairik gabe, batez ere geure Norbera pentsatzailea materialismoaren arriskuaren aurka segurtatzeko. Hau, ordea, guk eman dugun geure Norbera pentsatzailearen arrazoimen-adigaiak lortzen du. Izan ere, erabat oker geundeke ondoren beldur honek iraungo balu, hots, materia kenduz gero, horrekin pentsatze oro eta zerizan pentsatzaileen existentzia ezeztatuak liratekeela, eta alderantziz, argi azaltzen dela: subjektu pentsatzailea kenduz gero, orduan gorputzen mundu osoak desagertu behar duela, alegia, gure subjektuaren sentimeneko agerpena eta bere errepresentazioen era bat besterik ez den munduak desagertu behar duela.

Horren bitartez ez dut hobeto ezagutzen, noski, Norbera pentsatzailea bere berekitasunei dagokienez, ezin dut era berean bere iraunkortasuna aditu, ezta bere existentziaren beregaintasuna ere kanpoko agerpenen balizko substratu transzendentaletik abiatuta, izan ere, hau beste hura bezain ezezaguna baitzait. Dena dela, ahalgarria denez gero oinarri espekulatibo soila ez den beste nonbaitetik nire egoeraren aldakuntza ahalgarri orotan nire izaera pentsatzailearen existentzia iraunkorra dela itxaroarazten didaten arrazoiak hartzea, orduan asko aurreratzen da, nire ezjakintasun propioaren aitorpen askea egin arren, aurkari espekulatibo baten eraso dogmatikoak baztertu ahal izateko eta berari zera azaltzeko bidean, alegia, ezin duela inoiz nire subjektuaren izaeraz gehiago jakin nire itxaropenei ahalgarritasuna ukatzearren nik itxaropen horiei atxikitzearren dakidana baino.

Gure adigai psikologikoen itxura transzendental honetan hiru galdekizun dialektiko ere oinarritzen dira oraindik, Psikologia arrazionalaren benetako xedea osatzen dutenak eta, goragoko azterketen bidez izan ezik, inon ezin erabaki direnak, hots, 1) arimak gorputz organiko batekin duen komunitatearen ahalgarritasunaz, h. d., aberetasuna eta arimaren egoeraz gizakiaren bizitzan; 2) komunitate honen hasieraz, h. d., arimaz gizakiaren jaiotzan eta jaiotzaren aurretik; 3) komunitate honen amaieraz, h. d., arimaz gizakiaren heriotzean eta ondoren (hilezkortasunaren galdekizuna).

Hau baieztatzen dut, beraz: halako galdekizunetan aurkitzen omen den, hots, objekzio dogmatikoak diren aldetik adimen arruntak eduki dezakeena baino gauzen izaeraren ikuskera sakonagoa izateko asmoa azaltzen duten galdekizunetan aurkitzen omen den zailtasun oro itxurapen batean funtsatzen da, zeinaren arabera pentsamenduan soilik existitzen dena hipostasiatu egiten den eta subjektu pentsatzailetik at dagoen objektu erreal gisa onartzen den, hots, agerpena besterik ez den hedadura gure sentimena gabe ere kanpoko gauzen berekitasun iraunkortzat hartzeko eta higidura gure sentsuetatik at bere baitan errealki gertatzen den beren efektutzat hartzeko itxurapena. Izan ere, materia, arimarekin duen komunitateagatik hainbeste ezbai sortzen dituena, ez da forma soila baino, edo kanpoko sentsua deitzen zaion begiespenaren bidez ekiten duen objektu ezezagun baten errepresentazio-era baino. Baliteke gugandik at materia deitzen diogun agerpen horri egokitzen zaion zerbait izatea; baina agerpena den heinean, ez da gugandik at, baizik pentsamendu soil bat gugan, nahiz eta pentsamendu hau aipatutako sentsuaren bitartez gugandik at balitz bezala errepresentatzen dugun. Materiak ez du esan nahi, beraz, barneko sentsuaren objektutik (arima) hain ezberdina eta heterogeneoa den substantzien era bat, baizik (beren baitan ezezagunak zaizkigun) objektuen agerpenen homogeneotasun eza besterik ez, zeinen errepresentazioei, barneko sentsukoei ez bezala, kanpokoak deitzen diegun, nahiz eta gainerako pentsamendu oro gisa subjektu pentsatzailearen errepresentazioak diren, beren baitan, ordea, osagai iruzurti hau jasoz: objektuak espazioan errepresentatzen dituztenez gero, nolabait esateko, hauek arimatik askatzen dira eta beretik kanpo airean igeri daudela dirudite, zeren begietsiak direneko espazioa bera ez baita errepresentazio bat baino, bere parekorik ezin aurki daitekeela arimatik at, bera ere errepresentazioa den aldetik. Beraz, ez da galdetzen arimak gugandik kanpoko substantzia ezagun eta arrotzekin duen komunitateaz, baizik barneko sentsuaren errepresentazioek gure kanpoko sentimenaren modifikazioekin duten elkarloturaz besterik ez, eta hauek lege iraunkorren arabera elkarlotuak izan daitezkeen eraz, horrela esperientzia batean elkar daitezen.

Barneko eta kanpoko agerpenak esperientziako errepresentazio soil gisa batera atxikitzen ditugun artean, bada, ez dugu ezer absurdurik eta sentsuen bi eren komunitatea bitxia bihurtzen duenik aurkitzen. Kanpoko agerpenak hipostasiatu ahala hauek errepresentazio gisa ez, baina gugan daukaten kualitate berean baita gugandik kanpo ere berez diren gauza gisa hartzen baditugu, eta beren ekintzak, berriz, haiek agerpen gisa elkarrekin hartuemanean erakusten dituztenak, gure subjektu pentsatzaileari lotzen bazaizkio, bada, orduan gugandik kanpoko kausa arazleen izaera bat dugu, hots, berak gugan dituen efektuekin bat etorri nahi ez duen izaera, zeren haiek kanpoko sentsuari soilik lotzen baitzaizkio, hauek, berriz, barnekoari, inolaz ere homogeneoak ez diren sentsuei, beraz, subjektu batean bateratuak egon arren. Ez dugu, bada, lekuaren aldaketa ez den beste kanpoko efekturik, eta joera soilak ez diren beste indarrik, alegia, espazio-hartueman bihurtzen diren joerak beren efektu gisa. Gugan, ordea, efektuak pentsamenduak dira, eta bertan ez dago ezein lekuren, higiduraren, tankeraren edo espazioaren determinazioaren hartuemanik, eta guk kausen gida-haria erabat galtzen dugu barneko sentsuan erakutsi behar ziren beren efektuetan. Hala ere, aintzat hartu behar dugu gorputzak ez direla gugan present dauden objektuak beren baitan, baizik inork ezagutzen ez duen objekturen baten agerpen soilak, halaber, higidura ez dela kausa ezezagun horren eragina, baizik gure sentsuetan duten eraginaren agerpena besterik ez, eta ondorioz, biak ez direla zerbait gugandik at, baizik gugan dauden errepresentazioak besterik ez, eta beraz, materiaren higidurak ez ditu gugan errepresentazioak eragiten, baizik bera (eta beraz, horren bitartez ezagugarria bihurtzen den materia) errepresentazio soila da, eta azkenik, norberak sortutako zailtasun osoa honetan biltzen da: nola eta zein kausaren bitartez dauden elkar lotuta kanpoko begiespenak deitzen diegun gure sentimenaren errepresentazioak, horrela lege enpirikoen arabera gugandik kanpoko errepresentazio gisa errepresenta ditzakegun. Galdekizun honek ez du barnebiltzen gugandik at dauden kausa arazle erabat arrotzen errepresentazioen jatorria argitzeko zailtasuna, kausa ezezaguna gugandik kanpoko kausatzat hartzen dugun heinean, honek nahasketa baino ezin baitu sortu. Ohitura luzearen indarrez errotu den sasi-interpretazioa azaltzen duten judizioen zuzenketari berehala beste kasuetan eskatzen den argitasuna ematea ezinezkoa gertatzen da, hauetan ez baitago adigaia nahasten duen era honetako ilusio itzuriezinik. Horregatik, arrazoimena teoria sofistikoetatik askatze honek zailki lortuko du bere gogobete osorako behar den nabaritasuna.

Hau ondorengo era honetan sustatu ahal izango dudala uste dut.

Objekzio denak objekzio dogmatiko, kritiko eta eszeptikoetan sailka ditzakegu. Objekzio dogmatikoa esakune baten aurka zuzentzen dena da, kritikoa esakune baten frogaren aurkakoa. Lehenak, objektuaren izaeraren antolaeraren ikuskera behar du, esakuneak objektu horretaz aipatzen duenaren aurkakoa baieztatu ahal izatearren; horregatik da dogmatikoa, eta autugaia den antolaera aurkakoak baino hobeto ezagutzen duela dio. Objekzio kritikoak esakunea bere balio edo balioezan ukitugabe uzten duenez eta froga soilik ukatzen duenez gero, orduan ez du objektua hobeto ezagutzerik behar edo bere ezagutza hobearen asmorik izan behar; baiztapenak oinarririk ez duela besterik ez du azaltzen, ez hura okerra denik. Objekzio eszeptikoak esakunea eta bere aurkakoa elkarren aurrean jartzen ditu garrantzi bereko objekzio gisa, bata dogma gisa eta bestea bere objekzio gisa, eta alderantziz; kontrajarritako bi aldeen arabera dogmatikoa dela eta objektuaz egindako judizio oro deuseztatzen duela dirudi. Objekzio dogmatikoak zein eszeptikoak objektuari zerbait baieztatuz edo ukatuz atxikitzeko beharrezkoa den adina ikuskera erakutsi behar dute. Objekzio kritikoa besterik ez da, ordea, teoria eraisten duena, bere baieztapenaren mesedetan ezereza eta irudikatua soilik dena onartzen dela azaltzen duen heinean, baita teoriari ustezko oinarritzapena kentzen diona ere, gainerakoan objektuaren antolaeraz ezer erabaki nahi izan gabe.

Gure arrazoimenaren adigai arruntei jarraiki dogmatikoak gara gure subjektuak gugandik kanpoko gauzekin duen komunitateari dagokionez, eta egiazko objektu hauek gugandik beregaintzat hartzen ditugu dualismo transzendental jakin bati jarraiki, zeinak ez dizkion subjektuari egozten kanpoko agerpen haiek, errepresentazioak diren heinean, aitzitik, sentsuen begiespenak ematen dizkigun bezala gugandik at objektu gisa ezartzen ditu eta subjektu pentsatzailetik erabat baztertzen ditu. Subrepzio hau da arimaren eta gorputzaren arteko komunitatearen teoria ororen oinarritzapena, eta ez da inoiz galdetzen ea agerpenen errealitate objektibo hori osorik zuzena den, baizik hau onartutzat aurresuposatzen da, eta bera argitu eta ulertu beharreko eraz soilik jarduten dugu arrazoikerietan. Eskuarki honi buruz asmatu diren eta benetan ahalgarriak diren hiru sistema bakarrak ondorengo hauek dira: eragin fisikoarena, aurrez determinatutako harmoniarena eta izadiaz goitiko laguntzarena.

Arimaren eta materiaren arteko komunitatearen azken bi argipen-erak adimen arruntaren errepresentazioa osatzen duen lehenaren aurkako objekzioetan oinarritzen dira, hots, materia gisa agertzen dena ezin dela izan eragin zuzen baten bitartez errepresentazioen kausa, hau efektuen era erabat heterogeneoa baita. Hauek ezin dute, orduan, kanpoko sentsuen objektutzat ulertzen dutena agerpena besterik ez den materiaren adigaiarekin lotu, eta beraz, bere baitan jadanik kanpoko objekturen batek eraginda sortu den errepresentazio soila den materiaren adigaiarekin lotu, izan ere, bestela hau esango lukete: kanpoko objektuen errepresentazioak (agerpenak) ezin direla izan gure gogameneko errepresentazioen kanpoko kausak, objekzio zentzugabea litzatekeena, inori ez baitzaio bururatuko behin errepresentazio soiltzat berrezagutu duena gero kanpoko kausatzat hartzea. Gure oinarri-esakuneen arabera, beraz, beren teoria ondorengoari jarraiki antolatu behar dute: gure kanpoko sentsuen egiazko objektu (transzendentala) dena ezin daitekeela izan materia izenpean jasotzen ditugun errepresentazioen (agerpenen) kausa. Inork funtsaz ezin aldarrika dezakeenez gero kanpoko sentsuen gure errepresentazioen kausa transzendentalaz zerbait ezagutzen duela, orduan bere baieztapena erabat oinarrigabea da. Eragin fisikoaren irakaspenaren ustezko hobetzaileek dualismo transzendental baten errepresentazio-era arruntari jarraiki materia berez berbaitango gauzatzat hartu nahiko balute (eta ez gauza ezezagun baten agerpen soil gisa) eta beren objekzioa hau azaltzera zuzendu nahiko balute: bere baitan higidurena baino beste kausalitaterik erakusten ez duen kanpoko objektua halakoa inoiz ezin daitekeela errepresentazioen kausa arazlea izan, baizik hirugarren zerizana hartu behar dela baliabide moduan, bien artean, elkarreragina ez bada ere, behinik behin korrespondentzia eta harmonia eratzeko, bada, orduan beren errefusapena eragin fisikoaren pr~v ton je~u  doz hau bere dualismoan onartzearekin hasiko lukete, eta beraz, beren objekzioarekin berezko eragina ez ezik, beren aurresuposizio dualistiko propioa ere errefusatuko lukete. Izan ere, izaera pentsatzailearen eta materiaren arteko loturari dagokion zailtasun oro amarruz sartutako errepresentazio dualistiko hartatik soilik sortzen da: materia berez ez dela agerpena, h. d., ez dela objektu ezezagun bati dagokion gogamenaren errepresentazio soila, baizik objektua dela bere baitan, gugandik at eta sentimen orotatik beregainki existitzen den objektua.

Ezin da arrunki onartutako eragin fisikoaren aurkako ezein objekzio dogmatikorik egin. Izan ere, baldin eta aurkakoak onartzen badu materia eta bere higidura agerpen soilak, eta beraz, errepresentazio soilak direla, orduan zailtasuna honetan soilik ezar dezake: gure sentimenaren objektu ezezaguna ezin daitekeela izan gugan dauden errepresentazioen kausa, baina ezerk ez dio ematen hau onartzeko eskubiderik, zeren inork ezin baitu objektu ezezagun batek egin dezakeena edo egin ezin dezakeena erabaki. Gure goragoko frogen arabera, ordea, idealismo transzendental hori halabeharrez onartu behar du, errepresentazioak nabarmenki hipostasiatu eta egiazko gauza gisa beren baitatik kanpo ezarri nahi ezean.

Hala eta guztiz ere, eragin fisikoaren iritzi-irakaspen arruntaren aurka ongi oinarritutako objekzio kritikoa egin daiteke. Bi eratako substantzien ustezko komunitateak, substantzia pentsatzailearen eta hedatuaren artekoak, dualismo zakar bat ezartzen du oinarrian, eta azkenak, subjektu pentsatzailearen errepresentazio soila izaki, substantziok berez irauten duten gauzak bihurtzen ditu. Beraz, gaizki-ulertutako eragin fisikoa erabat bazter daiteke, bere froga-oinarria erabat hutsala eta amarruz sartutakoa dela azaltzen baldin bada.

Pentsatzailea dena eta hedatua denaren arteko komunitateaz egiten den galdekizun ezaguna honetan bilduko litzateke, irudikatutako guztia baztertuz gero: ea nola egon daitekeen subjektu pentsatzaile batean oro har kanpoko begiespena, hots, espazioaren begiespena (bere beteketa, tankera eta higidura). Ezein gizakik ezin du, ordea, galdekizun honen erantzuna aurkitu, eta gure jakintzaren zulo hau ezin da inoiz bete, baizik eta kanpoko agerpenei errepresentazio-era honen kausa den objektu transzendental bat atxikiz ezaugarritu besterik ezin da egin, nahiz eta guk bera ez dugun ezagutzen, eta beraz, inoiz bere adigairik ez dugun jasoko. Esperientziaren alorrean ager daitezkeen eginkizun denetan agerpen haiek berbaitango objektutzat hartzen ditugu, beren ahalgarritasunaren lehen oinarriaz axolarik izan gabe (agerpenak diren aldetik). Esperientziaren mugaz goiti bagoaz, ordea, orduan objektu transzendental baten adigaia beharrezkoa bihurtzen da.

Izaera pentsatzailearen eta hedatuaren arteko komunitate horren aurretiko (bizitzan) edo komunitatea ezeztatu ondorengo (heriotzean) egoerei dagozkien gatazka eta objekzio guztiez erabakia komunitate honi buruzko oharpen hauen ondorio zuzena da. Subjektu pentsatzaileak gorputzekin edozein komunitate izan aurretik pentsa zezakeela dioen iritzia horrela adieraziko litzateke: zerbait espazioan agerrarazten duen sentimen-era honen hasiera baino lehenago egungo egoeran gorputz gisa agertzen diren objektu transzendental berak era erabat ezberdinean begietsiak izan zitezkeela. Arimak mundu gorpuzdunarekin duen komunitate oro ezeztatzean hark oraindik iraun dezakeela pentsatzen duen iritzia honela iragarriko litzateke: baldin eta oraingoz ezezagunak zaizkigun objektu transzendentalak materiazko mundu gisa azaltzen dizkigun sentimen-era desagertuko balitz, orduan ez litzateke beren begiespen oro ukatuko, eta jarraian subjektu pentsatzaileak ezagutzea ahalgarria litzateke, gorputz gisa ez izan arren, noski.

Inork ezin du eman halako baieztapenen oinarririk printzipio espekulatiboetatik abiatuta, ezta beren ahalgarritasuna frogatzeko ere, baizik hau aurresuposatzeko besterik ez; baina, era berean, inork ezin du objekzio dogmatiko baliodunik eman beren aurka. Izan ere, pertsona hori edonor dela ere, nik edo beste edonork bezain gutxi daki kanpoko agerpen gorpuzdunen barneko kausa absolutuaz. Ezin du jakin nahi izan oinarri onekin ea kanpoko agerpenen errealitatea egungo egoeran (bizitzan) non funtsatzen ote den, eta beraz, ea kanpoko begiespen ororen baldintza, edo subjektu pentsatzailea bera, egungo egoeraren ondoren (heriotzean) desagertuko ote litzatekeen.

Beraz, gure esentzia pentsatzailearen izaerari eta gorputzen munduarekin duen elkarloturari buruzko gatazka oro ezer ez jakitetik sortzen den zuloa arrazoimenaren paralogismoekin betetzearen ondorio soila da, gure pentsamenduak gauzak bihurtuz eta hauek hipostasiatuz bete ere, eta hortik irudikatutako zientzia sortzen da baieztatuz nahiz ezeztatuz onartutakoaz, zeren hala jokatzen duenak, edo ezein gizakiren adigairik ez duen objektuez zerbait ezagutzen duela uste baitu, edo bere errepresentazio propioak objektuak bihurtzen baititu, eta horrela zentzu-bikoiztasunaren eta kontraesanen zirkulu amaigabean jiraka baitabil. Kritika zorrotz baina zuzen baten zuhurtasunak soilik libra gaitzake itxurapen dogmatiko hauetatik, hots, hainbat pertsona zorion irudikatuen bitartez teoria eta sistemen menpean lotzen dituen itxurapen hauetatik, eta kritika honek soilik zedarrizta dezake gure asmo espekulatibo oro esperientzia ahalgarriaren alorrera, ez hainbat saialdi arrakastagaberi buruzko burla hutsaren bitartez, edo gure arrazoimenaren zedarriengatiko erruki-negarren bitartez, baizik oinarri-esakune seguruez osatutako bere mugen determinazioaren bitartez, zeinak bere nihil ulterius-a konfiantza handienaz izadiak berak ezarri dituen zutabe herkuleoei lotzen dien, honela gure arrazoimenaren bidaia etengabe luzatzen diren esperientziaren kostaldetaraino soilik jarraitzeko, utzi ezin dugun bidaia, kostarik gabeko ozeano batera ausartu ezean, beti iruzurtiak diren ikuspegiekin azkenean ahalegin neketsu eta luze oro itxaropenik gabekotzat jo eta hauek uztera behartzen gaituen ozeanora bidaia, hain zuzen.


*  *  *

Arrazoimen hutsaren paralogismoetako itxura transzendental nahiz berezkoaren argiketa nabari eta orokor baten eta, era berean, sistematikoa den eta kategorien taulari paraleloki darion antolamenduaren legeztapenaren zordun gara oraindik. Atal honen hasieran ezingo genukeen argiketa honetaz arduratu, iluntasunaren arriskuan erori edo geu desegokiro aitzinatu ezean. Orain obligazio hori betetzen saiatuko gara.

Itxura oro hemendik dator: pentsatzearen baldintza subjektiboa objektuaren ezagutzatzat hartzetik. Horrez gain, Dialektika transzendentalaren sarreran azaldu dugu arrazoimen hutsak baldintzatuki jakin baterako baldintzen sintesiaren totalitateaz soilik jarduten duela. Arrazoimen hutsaren itxura dialektikoa ezagutza enpiriko determinatuetan gertatzen den ezein itxura enpiriko izan ezin daitekeenez gero, orduan itxura pentsatzearen baldintzen alde orokorrari dagokio eta arrazoimen hutsaren erabilera dialektikoaren hiru kasu besterik ez daude:

1. Pentsamendu baten baldintzen sintesia oro har;

2. Pentsatze enpirikoaren baldintzen sintesia;

3. Pentsatze hutsaren baldintzen sintesia.

Hiru kasu hauetan arrazoimen hutsak sintesi honen totalitate absolutuaz soilik jarduten du, h. d., baldintzatugabea den baldintzaz. Sailkaketa honetan oinarritzen da itxura transzendental hirukoitza ere, Dialektikaren hiru atalak osatzeko aukera ematen duen eta arrazoimen hutsetik abiatutako beste hainbat itxurazko zientzien ideia eskura ematen duen itxura: Psikologia, Kosmologia eta Teologia transzendentala. Hemen lehenengoa besterik ez da gure autugaia.

Oro harrezko pentsatzearen edozein objekturi dagokionez (sentsuena zein adimen hutsarena dela ere) pentsamenduaren harremanez abstraitzen denez gero, orduan oro harrezko pentsamendu baten baldintzen sintesia (1 zenbakia) ez da objektiboa, baizik faltsuki objektu baten errepresentazio sintetikotzat hartzen den pentsamenduaren sintesi soila subjektuarekin.

Hemendik zera ere ondorioztatzen da: berez baldintzatugabea den oro harrezko pentsatze ororen baldintzaren inferentzia dialektikoak ez duela edukiaz hutsik egiten (izan ere, eduki edo objektu oroz abstraitzen du), baizik formaz besterik ez, eta huts honi paralogismoa deitu behar zaio.

Gainera, pentsatze orori lagun egiten dion baldintza bakarra nia denez gero «nik pentsatzen dut» esakune orokorrean, orduan arrazoimenak baldintza honekin du zerikusia, bera baldintzatugabea den heinean. Bera, ordea, baldintza formala besterik ez da, hots, halako pentsamendu bakoitzaren batasun logikoa, eta bertan nik objektu oroz abstraitzen dut eta, hala ere, hau nik pentsatzen dudan objektu gisa errepresentatzen da, hots, nia bera eta bere batasun baldintzatugabea.

Norbaitek galdetzen badit: zer antolaera du pentsatzen duen gauzak? Orduan ez dakit zer erantzun diezaiokedan horri a priori, zeren erantzunak sintetikoa izan beharko bailuke (izan ere, erantzun analitikoak agian pentsatzea argitzen du, baina ez du ematen ezagutza hedaturik pentsatze hori bere ahalgarritasunean funtsatzen duenaz). Konponketa sintetiko bakoitzerako, ordea, eginkizun hain orokorrean erabat baztertu dugun begiespena eskatzen da. Era berean, inork ezin du galdekizun hau bere orokortasunean erantzun: nolakoa izan behar du higikorra den gauza batek? Izan ere, hedadura sarrezina (materia) ez da emana. Nik orokorrean galdekizun harentzat erantzunik ez dakidan arren, dena dela, kasu bakanetan eman nezakeela dirudit autokontzientzia adierazten duen esakunean, «nik pentsatzen dut». Izan ere, nia hau lehen subjektua da, h. d., substantzia da, bakuna da, eta abar. Hauek, ordea, esperientzia-esakune soilak izan beharko lukete, halako ezein predikatu (enpirikoak ez direnak) barnebildu ezin dituztenak, oro har eta a priori pentsatzeko ahalgarritasun-baldintzak aipatzen dituen erregela orokorrak eduki ezean. Honela, esentzia pentsatzaile baten izaerari buruz juzgatzeko ikuskera, eta gainera, adigai soiletatik abiatuta juzgatzeko ikuskera, hasiera batean hain onargarria iruditzen zitzaidana, orain susmagarria bihurtzen da, bere hutsegitea oraindik aurkitu ez den arren.

Nik neure buruari oro har zerizan pentsatzailea naizen aldetik egozten dizkiodan atributu hauen jatorriaren ikerkuntza sakonagoak soilik aurki dezake hutsegitea. Atributuak ez dira kategoria hutsak baino, eta hauen bitartez inoiz ezin dut pentsatu objektu determinatu bat, baizik errepresentazioen batasuna besterik ez, horrela beren objektu bat determinatzearren. Oinarrian datzan begiespenik gabe kategoriak soilik ezin du objektu baten adigairik sortu; izan ere, begiespenaren bitartez soilik ematen zait objektua, hots, ondoren kategoriaren arabera pentsatzen den objektua. Nik gauza bat agerpeneko substantziatzat adierazten badut, orduan aldez aurretik bere begiespenaren predikatuak eman behar zaizkigu, eta nik hauetan iraunkorra dena aldakorra denetik eta substratua (gauza bera) berari atxikitu besterik egiten ez zaionetik bereizten ditut. Gauza bat agerpenean bakuna dela badiot, orduan horretaz zera ulertzen dut: bere begiespena agerpenaren zatia dela, baina ezin dela zatitu, eta abar. Zerbait, ordea, adigaian bakuna bezala berrezagutzen bada, baina ez agerpenean, orduan horren bitartez ez dut objektuaren ezagutzarik, baizik Zerbaitez oro har egiten dudan adigaiaz besterik ez, ezein begiespen propiotarako gai ez den adigaiaz. Erabat bakuna den zerbait pentsatzen dudala besterik ez diot, zeren benetan Zerbait badela baino gehiago ez baitakit esaten.

Apertzepzio soila (nia), ordea, substantzia da adigaian, bakuna da adigaian, eta abar, eta horrela, teorema psikologiko haiek guztiek beren zuzentasun eztabaidaezina dute. Honen bitartez ez da, alabaina, arimaz beraz benetan jakin nahi dena ezagutzen, izan ere, predikatu hauek guztiek ez dute balio begiespenez, eta ondorioz, ezin dute esperientziako objektuei aplikatuko litzaiekeen ondoriorik izan, eta beraz, erabat kaskalak dira. Izan ere, substantziaren adigai hark ez dit irakasten arimak berez irauten duenik, ezta kanpoko begiespenen era berean zatitu ezin den zatia denik ere, eta beraz, izadiaren ezein aldaketaren bitartez sortu edo desagert daitekeenik; berekitasun hauek arima ezagugarria bihur dezakete esperientziaren testuinguruan, eta bere jatorria eta etorkizuneko egoeraz zerbait jakinarazi ahal izango lukete. Nik, ordea, orain kategoria soilen bitartez arima substantzia bakuna dela esaten baldin badut, orduan argi dago: substantziaren adimen-adigai gordinak gauza bat berbaitango subjektu gisa errepresentatu behar izatea besterik barnebiltzen ez duenez, bere aldetik beste baten predikatu bat izan gabe, orduan hortik ez dela ezer ondorioztatzen iraunkortasunaz, eta bakuna izatearen atributuak ezin duela ziurki iraunkortasun hau gaineratu, eta beraz, ez dela deus ere irakasten arimak munduaren aldaketetan aurki dezakeenaz. Norbaitek arima materiaren zati bakuna dela esan ahal izango baligu, orduan honetatik iraunkortasuna eta, izaera bakunarekin batera, bere deuseztaezintasuna erator genezakeen esperientziak beraz irakasten duenetik abiatuta. Niaren adigaiak, ordea, ez digu hitz bat bera ere esaten honetaz oinarri-esakune psikologikoan («nik pentsatzen dut»).

Ondorengoan oinarritzen da, ordea, gugan pentsatzen duen zerizanak bere burua kategoria hutsen bitartez, eta gainera, bere batasun absolutua bere izenburu bakoitzaren menpean adierazten dutenen bitartez ezagutzen duela uste izatea. Apertzepzioa bera da kategorien ahalgarritasunaren oinarria, zeinek beren aldetik begiespenaren anizkunkiaren sintesia besterik errepresentatzen ez duten, anizkunki honek bere batasuna apertzepzioan duen heinean. Horregatik da oro har autokontzientzia batasun ororen baldintza denaren errepresentazioa, bera, aldiz, baldintzatugabea izaki. Hau esan daiteke, beraz, nia pentsatzaileaz (arimaz), hots, substantzia gisa, bakun gisa, denbora orotan zenbakiari dagokionez identiko gisa, eta beste izate oro inferiarazten duen izatearen korrelato gisa pentsatzen denaz: bera ez dela ezagutzen kategorien bitartez, baizik berak ezagutzen dituela kategoriak eta hauen bitartez objektu guztiak apertzepzioaren batasunean, eta beraz, bere bitartez ezagutzen dela. Argitzailea da oro har objektu bat ezagutzearren aurresuposatu behar dudan gauza bera ezin dela objektu gisa ezagutu eta Norbera determinatzailea (pentsatzea) ezin dela Norbera determinagarritik (subjektu pentsatzailea) bereizi, ezagutza eta bere objektua bereizten diren bezala. Dena dela, ez dago ezer berezkoagorik eta erakargarriagorik pentsamenduen sintesiko batasuna pentsamendu hauen subjektuan hautemandako batasuntzat hartzeko itxura baino. Honi kontzientzia hipostasiatuaren subrepzioa dei dakioke (apperceptionis substantiatae).

Arimaren irakaspen arrazionalaren arrazoimen-inferentzia dialektikoetako paralogismoari izenburua logikoki eman nahi bazaio, inferentziek premisa zuzenak dituzten heinean, bada, orduan irakaspena sophisma figurae dictionis gisa har daiteke, eta bertan kategoriaren esakune nagusiak erabilera transzendental soila du bere baldintzari dagokionez, esakune txikiak, ordea, eta konklusioak, baldintza horri menperatzen zaizkion heinean, kategoria berberaren erabilera enpirikoa egiten dute arimari dagokionez. Horrela, adibidez, substantziaren adigaia sinpletasunaren paralogismoan adigai intelektual soila da, zeinak sentsuzko begiespenaren baldintzarik gabe erabilera transzendentala besterik ez duen, h. d., batere erabilerarik ez duen. Esakune txikian, ordea, adigai berbera barneko esperientzia ororen objektuari aplikatzen zaio, bere aplikazioaren baldintza, hots, bere iraunkortasuna, aldez aurretik in concreto finkatu eta oinarrian ezarri ez izan arren, eta horregatik bere erabilera enpirikoa egiten da, hemen onartezina dena.

Eta azkenik, zera oharrarazten da, honela arimaren irakaspen sofistikoaren baieztapen dialektiko hauen guztien bilkura sistematikoa arrazoimen hutsaren bilkura batean azaltzearren, eta beraz, bere osotasuna azaltzearren: apertzepzioa kategorien klase ororen bitartez egikaritzen dela, baina kategoria bakoitzean gainerakoentzat hautemapen ahalgarri baten batasunaren oinarriak diren adimenaren adigaiei soilik lotzen zaiela, eta ondorioz, subsistentzia, errealitatea, batasuna (ez askotasuna) eta existentziari, arrazoimenak hemen hauek guztiak baldintzatugabea den zerizan pentsatzaile baten ahalgarritasunaren baldintzatzat errepresentatzen dituela. Beraz, arimak bere baitan zera ezagutzen du:


1.

Hartuemanaren

batasun baldintzatugabea, h. d.,

norbere burua, ez inherentea, baizik

subsistentea den aldetik


                     2.                                                            3.

           Kualitatearen                               Askotasunaren batasun

                batasun                                 baldintzatugabea denboran,

   baldintzatugabea, h. d.,                  h. d., ez denbora ezberdinetan

         ez osoki erreala,                     zenbakiari dagokionez ezberdina,

baizik bakuna den aldetik112                          baizik subjektu Bat eta

                                                                     berbera den aldetik


4.

Izatearen batasun

baldintzatugabea espazioan, h. d.,

ez nigandik kanpoko gauza anizkunen kontzientzia,

baizik norberaren izatearena besterik ez,

beste gauzena, ordea,

beren errepresentazio gisa besterik ez

Arrazoimena printzipioen ahalmena da. Psikologia hutsaren baieztapenek ez dituzte arimaren predikatu enpirikoak barnebiltzen, baizik, baldin eta agitzen badira, objektua bere baitan esperientziatik beregainki, eta beraz, arrazoimen soilaren bitartez determinatu behar duten predikatuak. Jakina, beraz, izaera pentsatzaileen printzipio eta adigai orokorretan oinarritu behar dutela oro har. Hala ere, horren ordez zera aurkitzen da: «ni naiz» errepresentazio bakanak eraentzen dituela osotara, hots, zerizan pentsatzaile denentzat balio duen esakune orokor gisa iragartzen den errepresentazioak, nire esperientzia ororen formula hutsa (indeterminatuki) adierazten duelako, eta bera zentzu orotan bakana denez gero, orduan berekin dakar pentsatzearen baldintzen batasun absolutuaren itxura oro har, eta horren bitartez esperientzia ahalgarria hedatuko litzatekeen puntura baino urrunago iristen da.

Dialektika transzendentalaren Bigarren liburuko Bigarren atalburua Arrazoimen hutsaren antinomia[aldatu]

Gure lanaren zati honen sarreran azaldu dugu arrazoimen hutsaren itxura transzendental oro inferentzia dialektikoetan funtsatzen dela oro har, zeinen eskema Logikak ematen duen eskura arrazoimen-inferentzien hiru era formaletan, kategoriek beren eskema logikoak judizio ororen lau funtzioetan dituzten bezala. Inferentzia sofistiko hauen lehen erak errepresentazio ororen baldintza subjektiboen batasun baldintzatugabearekin zuen zerikusia (subjektuaren edo arimaren errepresentazioarekin), arrazoimen-inferentzia kategorikoei egokituz, zeinen esakune nagusiak, printzipio gisa, predikatu batek subjektuarekin duen harremana adierazten duen. Argumentu dialektikoaren bigarren erak baldintza objektiboek agerpenean duten batasun baldintzatugabea bihurtzen du bere edukia arrazoimen-inferentzia hipotetikoekin analogian, eta hirugarren erak, datozen atalburuetan aurkituko dugunak, oro harrezko objektuaren ahalgarritasunaren baldintza objektiboen batasun baldintzatugabea du bere gai gisa.

Bitxia da, ordea, paralogismo transzendentalak itxura aldebakarra soilik sortu izana gure pentsatzearen subjektuaren ideiari dagokionez, eta gainera bertan aurkakoaren baieztapenerako itxura txikienik ere ez aurkitzea arrazoimen-adigaietatik abiatuta. Abantaila pneumatismoaren aldean dago guztiz, baina honek ezin du jaraunspen-akats bat ukatu, alegia, bere aldeko itxura oro dela ere, kritikaren suzko proban lurrun soila bihurtzea.

Erabat bestela gertatzen da arrazoimena agerpenen sintesi objektiboari aplikatzean, zeinengan berak batasun baldintzatugabearen bere printzipioa itxuratsuki balioaraztea pentsatzen duen, baina laster hain kontraesan handietan nahasten den, ezen Kosmologiaren sailean dituen eskakizunak bertan behera uztera behartua gertatzen baita.

Hemen, giza arrazoimenaren fenomeno berria azaltzen da, hots, erabat berezkoa den antitetika, inork hausnartu eta artifizialki ehuntzeko beharrik ez duena, baizik arrazoimena bertan berez eta gainera ezinbestean azaltzen dena, eta horren bitartez itxura aldebakarra soilik sortzen duen uste oso irudikatuaren loturatik askatzen duen antitetika, nahiz eta aldi berean, edo etsipen eszeptikoan erortzeko, edo irmotasun dogmatikoa onartzeko eta egoskorki baieztapen jakin batzuen alde egiteko tentaldira eramaten duen, aurkakoaren oinarriak entzun gabe eta bere eskubiderik gorde gabe. Biak dira Filosofia osasuntsu baten heriotza, nahiz eta lehenengoari, dena dela, arrazoimen hutsaren eutanasia dei dakiokeen.

Arrazoimen hutsaren legeen (antinomien) gatazka honek sortzen dituen banaketa eta desordena erakutsi aurretik, gure gaiaren landualdian erabiltzen dugun metodoa azal eta legezta dezaketen argipen jakin batzuk eman nahi ditugu. Ideia transzendental denei mundu-adigaiak deitzen diet, hauek agerpenen sintesian totalitate absolutua ukitzen duten heinean, aldez, beren totalitate baldintzatugabeagatik, hemen ideia bat besterik ez den mundu-osotasunaren adigaia funtsatzen dela, aldez, agerpenen sintesiari, eta beraz, sintesi enpirikoari datxezkiolako; totalitate absolutuak gauza ahalgarri guztien baldintzen sintesian, ostera, oro har arrazoimenaren ideal bat sortuko du, mundu-adigaietatik erabat ezberdina dena beraiekin harremanean dagoen arren. Horregatik, arrazoimen hutsaren paralogismoek Psikologia dialektiko baterako oinarria ezarri zuten era berean arrazoimen hutsaren antinomiak ustezko Kosmologia (arrazional) huts baten oinarri-esakune transzendentalak jartzen ditu begi-bistan, ez oinarri-esakune baliodunak aurkitzeko eta bereganatzeko, baizik, jadanik arrazoimenaren aurkakotasunaren izendapenak azaltzen duen bezala, agerpenekin bateratu ezin daitezkeen ideia gisa beren itxura distiratsu baina faltsuan aurkezteko.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Lehen atala. Ideia kosmologikoen sistema[aldatu]

Ideia hauek orain printzipio baten arabera zehaztasun sistematikoaz zenbatu ahal izatearren, lehenik, adigai huts eta transzendentalak adimenean soilik sor daitezkeela oharrarazi behar dugu, eta arrazoimenak benetan ez duela adigairik sortzen, baizik gehienez ere adimenaren adigaia esperientzia ahalgarriaren zedarriztapen itzuriezinetatik askatzen duela, eta beraz, bera enpirikoa denaren mugez goiti hedatzen saiatzen dela, nahiz eta berekin elkarloturan izan. Hau honela gertatzen da: baldintzatuki jakin baterako totalitate absolutua eskatuz baldintzen aldetik (adimenak berari menperatzen dizkiola batasun sintetikoaren agerpen denak), eta horrela kategoria ideia transzendentala bihurtuz, honela sintesi enpirikoari bere osotasun absolutua emateko baldintzatugabekira arteko bere jarraipenaren bitartez (zeina inoiz ez den esperientzian gertatzen, baizik ideian besterik ez). Arrazoimenak hau oinarri-esakune honen arabera eskatzen du: «baldintzatukia ematen bada, orduan baldintzen batura osoa ere bai, eta beraz, erabat baldintzatugabea dena ere ematen da», eta hura honen bitartez baino ez zen ahalgarria. Beraz, hasteko, ideia transzendentalak ez dira baldintzatugabekira hedatutako kategoriak baino izango, eta haiek taula bat osatu ahal izango dute azkenengo hauen izenburuen arabera. Bigarrenik, ordea, kategoria denek ez dute horretarako balio, baizik beraietan sintesiak ilara bat osatzen duten haiek besterik ez, eta gainera baldintzatuki batera doan elkarri menperatutako (ez koordinatutako) baldintzen ilara. Arrazoimenak totalitate absolutua bera baldintzatuki jakin baterako baldintzen ilara gorakorrari lotzen zaion heinean soilik bultzatuko du, ez, ordea, solasgaia ondorioen lerro beherakorra edo ondorio hauen baldintza koordinatuen agregatua bada. Izan ere, baldintzak jadanik baldintzatuki jakin bati dagozkionez aurresuposatzen dira eta honekin batera emanak balira bezala hartzen dira; aitzitik, ondorioek beren baldintzak ahalbidetu ez, baina aurresuposatzen dituztenez gero, orduan aurrerapenean (edo baldintza jakinetik baldintzatura beheratzean) arduragabe izan ahal zaio ondorioei dagokienez, ea ilara mozten den ala ez, eta bere totalitateaz egiten den galdekizuna bera ez da arrazoimenaren ezein aurresuposiziorik.

Horrela, une jakin bat arte guztiz igarotako denbora halabeharrez emandakotzat hartzen da (nahiz ez gugandik determinagarritzat). Etorkizunari dagokionez, berriz, gaurkotasunera iristeko baldintza ez denez gero, orduan hau ulertzeko erabat axolagabea da etorkizuneko denborarekin nola jokatzen dugun, ea noizbait bukatzen den edo amaigaberaino jarraitzen duen. «M», «n», «o» ilara izan dadin, non «n» «m»-ri dagokionez baldintzatua dagoen, baina aldi berean «o»-ren baldintza den; ilara gorakorra izan dadin «n» baldintzatutik «m»-ra («l», «k», «i», eta abar), halaber, beherakorra «n» baldintzatik «o» baldintzatura («p», «q», «r», eta abar); orduan nik lehen ilara aurresuposatu behar dut «n» emandakotzat hartzeko, eta «n» arrazoimenaren arabera (baldintzen totalitatearen arabera) ilara haren bitartez besterik ez da ahalgarria, baina bere ahalgarritasuna ez da funtsatzen ondorengo ilaran, «o», «p», «q», «r», zeina, hainbestez, emandakotzat ez, baizik dabilis (emangarri) gisa soilik har daitekeen.

Baldintzen aldetiko ilara baten sintesiari, hots, agerpen jakinaren baldintza hurbilenetik urrunenera doanari, itzulkorra deitu nahi diot, baldintzatuaren aldetikoari, berriz, ondorio hurbilenetik urrunenera doanari, sintesi aurrerakorra. Lehena in antecedentia doa, bigarrena in consequentia. Ideia kosmologikoek, beraz, sintesi itzulkorraren totalitateaz jarduten dute, eta in antecedentia doaz, ez in consequentia. Azken hau gertatzen bada, hau arrazoimen hutsaren hautazko arazoa da eta ez beharrezkoa, zeren agerpenean ematen denaren ulergarritasun osorako bere oinarriak behar baititugu, ez, ordea, ondorioak.

Hortaz, kategorien taularen ondoren ideien taula antolatzearren, lehenik, gure begiespen ororen bi jatorrizko quanta hartzen ditugu, espazioa eta denbora. Denbora bere baitan da ilara bat (eta ilara ororen baldintza formala), eta horregatik, bertan emandako gaurkotasunari dagokionez a priori bereiztu behar dira antecedentia-k (iragana) consequentia-tik (etorkizuna). Ondorioz, baldintzatuki jakin baterako baldintzen ilararen totalitate absolutuaren ideia transzendentala iragandako denborari soilik datxekio. Igarotako denbora guztia arrazoimenaren ideiaren arabera halabeharrez pentsatzen da emandakotzat une jakinaren baldintza gisa. Espazioari dagokionez, bertan ez dago bere baitan aurrerakorraren eta itzulkorraren arteko ezberdintasunik, zeren berak agregatu bat osatzen baitu, baina ezein ilararik ez, bere zatiak osotara aldi berean diren heinean. Egungo denbora-unea baldintzatutzat baino ezin dut hartu denbora iraganari dagokionez, inoiz ez baldintzatzat, zeren une hori lehen-lehenik jariatutako denboraren bitartez soilik sortzen baita (edo, are gehiago, aurretik igarotako denboraren jariatzearen bitartez). Halere, espazioaren zatiak elkarren menpekoak ez, baina elkar koordinatuak direnez gero, orduan zati bat ez da bestearen ahalgarritasunaren baldintza, eta ez du osatzen, beraz, ilara bat denborak egiten duen legez. Baina espazioaren zati anizkunen sintesia, zeinaren bitartez bera hautematen dugun, hurrenez hurrengoa da, denboran gertatzen da, beraz, eta sintesi hark ilara bat barnebiltzen du. Agregatutako espazioen ilara honetan (adibidez, oinak bara batean) espazio jakin batetik aurrera ondoren gainpentsatutako espazioak beti aurrekoen mugen baldintzak dira, eta orduan espazio baten neurtzea ere baldintzatuki jakin baterako baldintzen ilara baten sintesitzat hartu behar da, baina baldintzen aldea eta baldintzatutakoaren aldea bere baitan bereiztu gabe, eta ondorioz, itzultzea eta aurrera egitea espazioan gauza berbera direla dirudi. Hala eta guztiz ere, espazioaren zati bat bestearen bitartez ematen ez denez, baizik mugatua besterik ez denez, espazio mugatu bakoitza baldintzatutzat hartu behar dugu, eta honek beste espazio bat aurresuposatzen du bere mugaren baldintza gisa, eta horrela ondoren ere. Mugapenari begira, beraz, espazioan aurrerapena itzultze bat ere bada, eta sintesiaren totalitate absolutuaren ideia transzendentala baldintzen ilaran espazioari ere badagokio, eta espazioan ematen diren agerpenen totalitate absolutuaz galde dezaket igarotako denborarenaz galde dezakedan bezala. Datorrenean determinatu ahal izango da, ordea, ea oro har erantzunik egon daitekeen.

Bigarrenik, errealitatea espazioan, h. d., materia, baldintzatua da, bere barneko baldintzak bere zatiak eta zatien zatiak urruneko baldintzak izaki, eta hemen sintesi itzulkorra gertatzen da, zeinaren totalitate absolutua arrazoimenak sustatzen duen, zatiketa osatu baten bitartez soilik gerta daitekeena, eta honen indarrez materiaren errealitatea edo ezerezean edo jadanik materia ez den, baizik bakuna den zerbaitetan desagertzen da. Ondorioz, hemen ere baldintzen ilara bat eta baldintzatugabekira doan aurrerapena dauzkagu.

Hirugarrenik, agerpenen arteko hartueman errealen kategoriei dagokienez, substantziaren kategoria bere akzidenteekin batera ez da egokia gertatzen ideia transzendental baterako, h. d., arrazoimenak ez du oinarririk beraiei dagokienez itzulkorki baldintzetara joateko. Izan ere, akzidenteak elkar koordinatzen dira (substantzia bakarrari atxikitzen bazaizkio) eta ez dute ilararik osatzen. Substantziari dagokionez, ordea, ez daude berari menperatuak, baizik substantziaren existitzeko erak dira. Hemen, oraindik arrazoimen transzendentalaren ideia izatea dirudiena substantzialkiaren adigaia litzateke. Baina honek oro harrezko objektuaren adigaia besterik esan nahi ez duenez gero, bertan batere predikaturik ez duen subjektu transzendental soila pentsatzen den heinean, eta hemen, berriz, solasgaia agerpenen ilarako baldintzatugabekia denez gero, orduan argi dago substantzialkiak ezin duela bertako osakidea izan. Gauza berak balio du komunitatean dauden substantziez, agregatuak besterik ez direnez eta ilara baten esponenterik ez dutenez, beren ahalgarritasunaren baldintza gisa elkarri menperatuak ez daudelako; hau espazioez esan ahal izan genuen ordea, beren muga inoiz ez baitzen bere baitan determinagarria, baizik beti beste espazio baten bitartez. Kausalitatearen kategoria baino ez zaigu geratzen, zeinak kausen ilara bat eskaintzen duen efektu jakin baterako, zeinengan azken honetatik abiatuta baldintzatuki gisa hartara igo daitekeen baldintza gisa, eta hainbestez, arrazoimenaren galdekizuna erantzun daitekeen.

Laugarrenik, ahalgarria, erreala eta beharrezkoa denaren adigaiek ez dute gidatzen gugandik at dagoen ezein ilaratara, beharbadakoa dena izatean beti baldintzatutzat hartu behar den heinean, eta baldintza batera igortzen du adimenaren erregelari jarraiki, eta honen arabera beharrezkoa gertatzen da hau baldintza garaiagora igortzea, harik eta arrazoimenak ilara honen totalitatean baldintzatugabeko beharrezkotasuna aurkitzen duen arte.

Beraz, kategorien lau izenburuen araberako lau ideia kosmologiko besterik ez daude, baldin eta aldean halabeharrez anizkunkiaren sintesiaren ilara bat dakartenak aukeratzen badira.

1.

Agerpen ororen osoki jakinaren

elkarketaren

osotasun absolutua

                         2.                                                           3.

                Agerpeneko                                         Oro harrezko

            osoki jakin baten                                    agerpen baten

                 zatiketaren                                           sorketaren

          osotasun absolutua                              osotasun absolutua


4.

Agerpeneko aldakorkiaren

izatearen menpekotasunaren

osotasun absolutua

Lehenik, hemen zera oharrarazi behar da: totalitate absolutuaren ideia agerpenen esposizioari soilik dagokiola, ez oro harrezko gauzen osoki baten adimenaren adigai hutsari. Hemen, agerpenak emanak balira bezala kontsideratzen dira, eta arrazoimenak beren ahalgarritasunaren baldintzen osotasun absolutua sustatzen du, hauek ilara bat, eta beraz, sintesi oso-osoa osatzen duten heinean (h. d., zentzu orotan osoa), eta honen bitartez agerpena adimenaren legeen arabera azal daiteke.

Bigarrenik, baldintzatugabekia baino ez da benetan arrazoimenak ilararen gisako baldintzen sintesi itzulkor eta jarraitu honetan bilatzen duena, nolabait esateko, osotara hartuta beste ilararik aurresuposatzen ez duten premisen ilararen osotasuna. Baldintzatugabeki hau beti ilararen totalitate absolutuan barnebildua dago, irudimenean errepresentatzen baldin bada. Erabat osatutako sintesi hau, ordea, era berean ideia bat besterik ez da; izan ere, ezin baita jakin, aldez aurretik behinik behin, ea halakoa agerpenetan ere ahalgarria ote den. Dena adimenaren adigai soilen bitartez errepresentatzen baldin bada, sentsuzko begiespenaren baldintzarik gabe, orduan benetan esan dezakegu: baldintzatuki jakin baten elkarren menpeko baldintzen ilara osoa ere ematen dela; izan ere, hura honen bitartez baino ez da ematen. Hala ere, agerpenetan baldintzak emateko eraren zedarriztapen berezi bat aurkitzen da, hots, begiespenaren anizkunkiaren hurrenez hurrengo sintesiaren indarrez itzultzean osatu behar dena. Oraindik arazotsu dirau ea osotasun hau ahalgarria den sentsuzko osotasun gisa. Osotasunaren ideia hau, ordea, arrazoimenean datza jadanik, adigai enpirikoak berekin egokiro elkarlotzeko ahalgarritasuna edo ahalezintasuna alde batera utziz. Beraz, agerpeneko anizkunkiaren sintesi itzulkorraren totalitate absolutuan (kategorien gidaren arabera, zeinek sintesia baldintzatuki jakin baterako baldintzen ilara gisa errepresentatzen duten) baldintzatugabekia halabeharrez barnebildua dagoenez, erabakitzeke utz daiteke ea eta nola sor daitekeen totalitate hau; hortaz, hemen arrazoimenak totalitatearen ideiatik abiatzea aukeratzen du, nahiz eta benetan baldintzatugabekia izan bere azken asmoa, edo ilara osoaren baldintzatugabekia, edo bere zati batena.

Baldintzatugabekia ilara osoa osatuz pentsa daiteke, zeinengan, beraz, osakide guztiak salbuespenik gabe baldintzatuak liratekeen eta beren osokia baino ez litzatekeen absolutuki baldintzatugabea, eta orduan itzultzeak amaigabea izena du; edota baldintzatugabeki absolutua ilararen zati bat besterik ez da, bere gainerako osakideak berari menperatzen zaizkiola, bera beste ezein baldintzaren menpean ez dagoen bitartean113. Lehen kasuan, ilarak ez du mugarik a parte priori (hasierarik gabekoa da), h. d., amaigabea da, eta hala ere, osorik emana, baina bertan itzulera ez da inoiz osatzen, eta potentzialki amaigabea soilik dei dakioke. Bigarren kasuan, ilararen Lehen bat dago, zeinak igarotako denborari begira mundu-hasiera izena duen, espazioari begira mundu-muga, bere mugen barne emandako osokiaren zatiei begira bakuna, kausei begira berezkotasun absolutua (askatasuna) eta gauza aldakorren izateari begira izadi-beharrezkotasun absolutua.

Nahasten diren bi adierazpen ditugu, mundua eta izadia. Lehenak, agerpen ororen osoki matematikoa eta bere sintesiaren totalitatea esan nahi du, handian eta txikian, h. d., bai elkarketaren bidezko, bai zatiketaren bidezko bere aurrerapenean. Mundu honi berari, ordea, izadia114 deitzen zaio, osoki dinamiko gisa kontsideratzen bada eta espazioan edo denboran ematen den agregazioa ez bada begiratzen, bera handitasun gisa sortzearren, baizik agerpenen izatean gertatzen den batasuna. Hor, gertatzen denaren baldintzak kausa izena du, eta agerpeneko kausaren kausalitate baldintzatugabeak askatasuna, baldintzatuak, berriz, adiera hertsian izadiaren kausa. Oro har izatean gertatzen den baldintzatukiak beharbadakoa izena du, eta balditzatugabekiak beharrezkoa. Agerpenen beharrezkotasun baldintzatugabeak izadi-beharrezkotasun izena jaso dezake.

Orain gure jardunaren gaia diren ideiei gorago ideia kosmologikoak deitu diet, aldez, munduaz agerpen ororen multzoa ulertzen delako eta gure ideiak ere agerpenen arteko baldintzatugabekiaren arabera soilik dabiltzatelako; aldez, «mundu» hitzak adiera transzendentalean existitzen diren gauzen multzoaren totalitate absolutua esan nahi duelako, eta gure arreta sintesiaren osotasunari soilik eskaintzen diogulako ere bai (nahiz eta hau benetan baldintzetara doan itzuleran baino ez egin). Horrez gain, ideia hauek osotara transzendenteak direnez gero, eta objektua, hots, agerpenak, moduaren arabera gainditzen ez dituzten arren, aitzitik, sentsuen munduarekin soilik duten arren zerikusia (ez noumenoekin), hala ere, sintesia esperientzia ahalgarri oro gainditzen duen mailara bultzatzen dela kontsideratzen bada, orduan nire iritziz ideiei osotara erabat egokiro dei dakieke mundu-adigaiak. Itzultzeak oharrarazten duen baldintzatugabeki matematikoaren eta dinamikoaren arteko bereizketari dagokionez, bi lehenei esanahi hertsian mundu-adigaiak (munduaren adigaiak handian eta txikian), gainerako biei, ordea, izadi-adigai transzendenteak deituko nieke. Bereizkuntza honek ez du garrantzi berezirik oraingoz, baina aurrera egitean garrantzitsuagoa bihur daiteke.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Bigarren atala Arrazoimen hutsaren antitetika[aldatu]

Tetika irakaspen dogmatikoen multzo bakoitza baldin bada, orduan antitetikaz ez ditut ulertzen aurkakoaren baieztapen dogmatikoak, baizik itxuraz dogmatikoak diren ezagutzen aurkakotasuna (thesis cum antithesi), non batak besteak baino uzi bereziagorik ez duen onartua izateko. Antitetikak, beraz, ez du jarduten inolaz ere baieztapen aldebakarrez, baizik arrazoimen-ezagutza orokorrak hartzen ditu aintzat, beraiek elkarrekin duten aurkakotasunari eta beren kausei dagokienez besterik ez bada ere. Antitetika transzendentala arrazoimen hutsaren antinomiaren azterketa da, bere kausena eta bere emaitzarena. Gure arrazoimena adimenaren oinarri-esakuneen erabileran esperientziako objektuei soilik aplikatzea ez ezik, haiek esperientziaren mugez goiti hedatzera ere ausartzen baldin bagara, orduan teorema sofistikoak sortzen dira, esperientzian baieztatuak izatea itxaroten ez dutenak, errefusapenaren beldurrik ere ez dutenak, eta hauetako bakoitza bere baitan kontraesanik gabea izan ez ezik, arrazoimenaren izaeran bere beharrezkotasunaren baldintzak ere aurkitzen ditu; zoritxarrez, ordea, aurkako teoremak ere hain baliogarriak eta beharrezkoak diren baieztapenerako oinarriak ditu bere alde.

Arrazoimen hutsaren halako Dialektika batean berez aurkezten diren galdekizunak hauek dira: 1. Zein esakunetan gertatzen den benetan arrazoimen hutsa antinomia baten menpean ezinbestean. 2. Zein kausatan funtsatzen den antinomia hau. 3. Ea kontraesan horien artean arrazoimenari, dena dela, ziurtasunerantz doan bide ireki bat geratzen zaion, eta ea bide hau nolakoa den.

Arrazoimen hutsaren teorema dialektikoak, beraz, esakune sofistiko orotatik bereizten duen hau izan behar du bere baitan, alegia, ez dagokiola balizko asmo jakin batekin egiten den hautazko galdekizun bati, baizik giza arrazoimen orok bere aurrerapenean halabeharrez aurkitu behar duenari; eta bigarrenik, berak bere aurkako esakunearekin batera ez dakarrela berekin aditu ahala desagertzen den itxura artifiziala, baizik berezkoa eta ezinbestekoa den itxura, gehiago iruzurtzen ez digunean ere oraindik amarru egiten duena, nahiz ez engainatu, eta beraz, kalterik egin ez duen itxura bihurtzen den arren, inoiz desagertarazi ezin daitekeena.

Halako irakaspen dialektikoa ez zaio lotzen adimenaren batasunari esperientziako adigaietan, baizik arrazoimenaren batasunari ideia soiletan, zeren bere baldintzak, lehenik, erregelen araberako sintesi gisa adimenarekin, baina aldi berean, bere batasun absolutu gisa arrazoimenarekin bateratu behar direnez gero, orduan arrazoimenaren batasunarentzat egokia bada, adimenarentzat handiegia gertatzen da, eta adimenarentzat egokia bada, arrazoimenarentzat txikiegia gertatzen da; hortik, bada, saihets ezin daitekeen aurkakotasuna sortzen da halabeharrez, edonola hasita ere.

Baieztapen sofistiko hauek borroka-leku dialektiko bat aurkezten dute, non erasotzeko baimena duen alderdi bakoitzak irabazten duen eta babesean jarriz jokatzera behartua denak ziur galtzen duen. Horregatik, zaldun indartsuak ere, kausa on edo gaiztoaren alde egiten badute ere, irabazlearen koroa lortzeaz seguru dira, baldin eta azken erasoa egiteko abantaila lortzen badute eta aurkakoaren eraso berria jasotzera behartuak ez badaude. Erraz irudika daiteke, enparantza hau aspalditik oso erabilia izan denez, garaipen asko lortu dituztela bi alderdiek, baina azkenari, gauza erabakitzen zuenari dagokionez, beti saiatu da kausa onaren aldeko borrokalariak enparantza gorde zezan, aurkakoari aurrerantzean armak eskuan hartzea debekatuz. Alderdikeriari ematen ez gatzaizkion epaileak garenez, alde batera utzi behar dugu ea gatazkatzaileek kausa ona edo gaiztoaren alde borrokatzen ote duten, eta gauza beren artean erabaki dezaten utzi behar diegu. Agian, berez ikusiko dute beren gatazka-ekimenaren hutsaltasuna kaltetu baino gehiago nekatu diren ondoren, eta lagun on bezala bananduko dira.

Baieztapenen gatazka behatzeko edo, are gehiago, bera sortzeko metodo hau, ez azkenean alde baten edo bestearen alde erabakitzearren, baizik bere gaia ea agian itxurapen soila ez ote den aztertzearren, hots, alferrik bilatzen den eta berekin ezer irabazi ezin den itxurapena, ezerk aurka egiten ez badio ere; jardunbide honi, diot, metodo eszeptikoa dei dakioke. Eszeptizismotik erabat ezberdina da, ezjakintasun artifizial eta zientifiko baten oinarri-esakunea, beraz, ezagutza ororen oinarritzapena hondoratzen duena, horrela ahalbait batere konfiantzarik eta segurtasunik ez uztearren oro har. Izan ere, metodo eszeptikoa ziurtasunari datxekio, bi aldeek egia eta adimenaren bidez bideratzen duten gatazka honetan gaizki-ulertzearen puntua aurkitzearren, lege-emaile jakintsuek egiten duten legez, zuzenbide arazoetan epaileek dituzten estualdietatik beren legeetan akasduna denari eta zehazki determinatuta ez dagoenari buruzko irakaspena lortzearren. Legeen aplikazioan nabarmentzen den antinomia nomotetikaren etsamina-saialdi onena da gure jakituria zedarriztatuan, honela bere espekulazio abstraktuan bere hanka-sartzeez erraz ohartzen ez den arrazoimenari horren bitartez bere oinarri-esakuneen determinazioaren uneak aditzera ematearren.

Metodo eszeptikoa, ordea, Filosofia transzendentalari soilik dagokio funtsean, eta azterketen beste alor denetan utz daiteke, honetan soilik ez. Bera Matematikan erabiltzea burugabea litzateke, zeren bertan ezein baieztapen faltsu ezin baita ezkutatu eta ikustezina bihurtu, frogak beti begiespen hutsaren hariari jarraiki behar zaizkion heinean, beti ebidentea den sintesiaren bitartez jarraiki ere. Filosofia esperimentalean atzerapenaren zalantza onuragarria izan daiteke, baina bertan ezinezkoa gertatzen da azkar gainditu ezin daitekeen gaizki-ulertzerik, eta esperientzian egon behar dute azkenean tirabiraren erabakirako azken baliabideek, goiz edo berandu aurki daitezkeela ere. Moralak bere oinarri-esakuneak osotara in concreto eman ditzake ondorio praktikoekin batera, esperientzia ahalgarrian bederen, eta horren bitartez abstrakzioaren gaizki-ulertzea saihets dezake. Aitzitik, esperientzia ahalgarri ororen alorraz goiti hedatzen diren ikuskerak izateko handiustea duten baieztapen transzendentalek ezin dute eman bere sintesi abstraktua a priori begiespen batean eta ez daude gaizki-ulertzea esperientziaren baten bitartez aurkitu ahal izateko moduan antolatuak. Arrazoimen transzendentalak, beraz, baieztapen beren arteko bateratzearen saialdia baino beste frogarririk ez du baimentzen, eta beraz, batez ere beren arteko lehiaketa aske eta oztopogabearen bateratzea, eta hau aurkeztu nahi dugu hemendik aurrera115.

goratzen den heinean, bere duintasuna erakusten du, zeinak, baldin eta bere handiusteak egiaztatu ahal balitu, beste giza zientzia ororen balioa gaindituko lukeen, azken helburua lortzeko gure itxaropen eta ikuspegi handienen oinarritzapena agintzen digun heinean, bertan arrazoimenaren ahalegin guztiak azkenean bateratu behar direla. Ea munduak espazioan hasiera bat eta bere hedaduraren mugarik duen; ea nonbait, eta agian neure Norbera pentsatzailean, batasun zatiezin eta deuseztaezinik dagoen, edo zatigarria eta iragankorra soilik dena besterik ez dagoen; ea nire ekintzetan askea, edo beste zerizanen gisara izadiaren eta patuaren hariak zuzendua naizen; ea, azkenik, munduaren kausa gorena dagoen, edo izadiaren gauzek eta beren ordenak azken objektua osatzen duten, bertan gure kontsiderazio guztiak geratu egin behar direla: galdekizun hauen guztien konponketa lortzearen truke matematekariak gustura emango luke bere zientzia osoa; izan ere, Matematikak ezin ditu gogobete gizatasunaren helburu gorenak eta barnekoenak. Matematika beraren duintasuna (giza arrazoimenaren harrotasun hori), izadia handian eta txikian, bere ordenan eta erregulartasunean, halaber, bera higitzen duten indarren batasun harrigarrian aditzearren esperientzia arruntean oinarritzen den Filosofiaren itxaropenetatik askoz goitiago joanez, arrazoimenari gida ematean funtsatzen da, eta honen bidez esperientzia ororen goiti hedatzen den arrazoimenaren erabileran eragiten du eta hau bultzatzen du, halaber, horretaz jarduten duen Filosofiari (Weltweisheit) material bikainak ematen dizkio, bere ikerkuntza begiespen egokiekin sustatzearren, ikerkuntzaren antolaerak baimentzen duen heinean.

Espekulazioaren zoritxarrerako (agian, ordea, gizakiaren determinazio praktikoaren zorionerako) arrazoimena bere itxaropen gorenen erdian oinarriei eta aurkako oinarriei hain lotua gertatzen da, non bere ohoreagatik eta bere segurtasunagatik ezinezkoa zaionez atzera egitea eta gatazka hori ezpata-jolas soil gisa axolagabeki begiratzea, are gutxiago absolutuki bakea agintzea, gatazkaren gaia asko interesatzen baitzaio, hainbestez, arrazoimenak bere buruarekin duen bateratze-ezaren jatorriari buruz gogoetatzea baino beste aukerarik ez baitzaio geratzen, erruduna agian gaizki-ulertze soil bat ote den aztertzeko, bere argiketaren ondoren agian bi aldetatiko uzi harroak desagertuko liratekeelarik, nahiz horren ordainez arrazoimenak adimenaren eta sentsuen gaineko eraentza lasai eta iraunkor bat hasiko lukeen.

Oraingoz, argiketa zorrotz hori utziko dugu, lehenago hau kontsideratzeko: alde batera jotzera behartuak baginateke, ea zein aldetara joko genukeen hoberen. Kasu honetan egiaren frogarri logikoari ez, baina gure interesari soilik galdetzen diogunez gero, orduan halako azterketak bi zatien eskubide eztabaidatuari buruz ezer erabakitzen ez badu ere, partehartzaileek gatazka honetan alde batera eta ez bestera jotzeko duten zergatia ulergarria bihurtzeko onura du, horren kausa objektuaren ikuskera berezia izan gabe, eta era berean beste gauzak argitzeko onura ere badu, adibidez, alde baten bero gartsua eta bestearen baieztapen hotza, edo alderdi bati gustura onarpen kontenta eman eta aurretiaz bestearen aurka amorratuki ekitearen zergatia.

Behin behineko juzgaketa honetan badago hau dagokion zorroztasunaz egin ahal izateko ikuspuntua determinatzen duen zerbait, eta bi aldeen abiapuntua den printzipioaren alderaketa da. Antitesiaren baieztapenen azpian pentsamoldearen erregulartasun perfektua eta maximen batasun osoa dagoela ohartzen da, hots, enpirismo hutsaren printzipioa munduko agerpenen argipenean ez ezik, unibertsoaren ideia transzendentalen konponketan ere bai. Aitzitik, tesiaren baieztapenek agerpenen ilararen barneko argipen-era enpirikoaz gain hastapen intelektualak ezartzen dituzte oinarrian, eta hainbestez, maxima ez da bakuna. Bere funtsezko bereizgarritasun-ezaugarria dela eta, ordea, tesiari arrazoimen hutsaren dogmatismoa deituko diot.

Beraz, dogmatismoaren aldetik arrazoimenaren ideia kosmologikoen determinazioan, edo tesiaren aldetik, zera daukagu:

Lehenik, interes praktiko jakin bat, pertsona onbera orok bihotzez onartzen duena, baldin eta bere benetako interesa ulertzen badu. Munduak hasiera bat duela, nire Norbera pentsatzaileak izaera bakuna, eta beraz, iraungigaitza duela, bera aldi berean bere hautazko ekintzetan askea dela eta izadiaren hertsapenez goiti dagoela, eta azkenik, mundua osatzen duten gauzen ordena osoa jatorrizko zerizan batetik datorrela, eta helburuzko batasuna eta elkarlotura oro bertatik hartzen dela, hauek guztiak Morala eta Erlijioaren oinarrizko hainbeste zutabe dira. Antitesiak eustazpi hauek guztiak lapurtzen dizkigu, edo horrela egiten duela dirudi.

Bigarrenik, alde honetan arrazoimenaren interes espekulatiboa ere agertzen da. Izan ere, ideia transzendentalak honela onartu eta erabiltzen badira, orduan baldintzen kate osoa erabat a priori jaso eta baldintzatugabekitik hasiz baldintzatukiaren eratorpena uler daiteke. Antitesiak ezin du hau egin, eta bere sintesiaren baldintzen buruzko galdekizunari beti amaierarik gabe galdetzeko aukerarik uzten ez duen erantzunik ezin emateak kalte handia egiten dio. Berari jarraiki, hasiera jakin batetik garaiago batera igo behar dugu, zati bakoitzak txikiagoa den batera gidatzen du, jazoera bakoitzak beste bat dauka oraindik bere kausa gisa, eta izatearen baldintzak beste batzuetan eusten dira, inoiz jatorrizko zerizana den gauza beregain batean baldintzatugabeko egona eta eustazpia lortu ezinean.

Hirugarrenik, tesiak herrikoitasunaren abantaila ere badauka, eta honek ez du osatzen ziurrenik bere onarpenaren alde txikiena. Adimen arruntak ez du batere zailtasunik aurkitzen sintesi ororen baldintzatugabeko hasieraren ideietan, ohituagoa baitago ondorioetara atzera egiten oinarrietara igotzen baino, eta lehen-lehenaren adigaian (ez du burua hausten bere ahalgarritasunari buruz) erosotasuna eta aldi berean bere urratsen gida-haria berari lotzeko puntu irmoa lortzen du, zeren, alderantziz, baldintzatukitik baldintzarako etengabeko goraketan ezin baitu atseginik aurkitu, bertan beti hanka bat airean duenez gero.

Enpirismoaren aldean ideia kosmologikoen determinazioan, edo antitesiarenean, zera daukagu:

Lehenik, arrazoimenaren printzipio hutsetatik abiatuta ez da Moralak eta Erlijioak berekin dakarten adina interes praktiko aurkitzen. Aitzitik, badirudi enpirismo soilak biei indar osoa eta eragina kentzen diela. Mundutik ezberdina den jatorrizko zerizanik ez bada, mundua hasierarik gabekoa, eta beraz, sortzailerik gabekoa ere bada, gure nahimena askea ez bada eta arimak materia beraren zatigarritasuna eta iraungikortasuna badu, orduan ideia eta oinarri-esakune moralek baliotasun oro galtzen dute eta beren eustazpi teoretikoa osatzen zuten ideia transzendentalekin batera hondoratzen dira.

Aitzitik, enpirismoak abantailak eskaintzen dizkio arrazoimenaren interes espekulatiboari, oso erakargarriak direnak eta arrazoimenaren ideien maisu dogmatikoak agindu ditzakeenak askogatik gainditzen dituzten abantailak. Honen arabera, adimena beti bere lur propioan dago, hots, esperientzia ahalgarri soilen alorrean, eta bere legeak iker ditzake eta horren bitartez bere ezagutza segurua eta ulergarria amaierarik gabe heda dezake. Hemen, objektua bere baitan zein bere hartuemanetan begiespenari aurkeztu egin ahal eta behar dio edo, gutxienez, antzeko begiespen jakinetan argiki eta nabarmenki eman daitezkeen irudien adigaietan. Izadiaren ordenaren kate hau uzteko beharrik ez du, horrela ezagutzen ez dituen objektuen ideiei lotzearren, hain zuszen, objektuok pentsamen-gauza gisa inoiz eman ezin daitezkeelako; gainera, ez zaio behin ere baimentzen bere zeregina uztea eta bukatua dagoelako aitzakiaz arrazoimen idealizatzaile eta adigai transzendenteen eremura igarotzea, non ez duen behatzeko eta izadiaren legeen arabera ikertzeko beharrik, baizik pentsatzeko eta asmatzeko beharra besterik ez, segurua baita izadiaren egitateek ez dutela errefusatuko, zeren ez baitago haien lekukotasunari lotua, aitzitik, haiek alde batera utz ditzake, edo goragoko autoritate bati menpera diezazkioke, hots, arrazoimen hutsaren autoritateari.

Horregatik, enpiristak ez du inoiz baimenduko izadiaren garairen bat lehen-lehengotzat onartzea, edo bere ikusmenaren mugaren bat bere hedapenari dagokionez urrunentzat hartzea, edo behaketa eta Matematikaren bitartez analizatu eta begiespenean sintetikoki determina ditzakeen izadiaren objektuetatik (hedatukia) ez sentsuak ezta irudimenak ere inoiz in concreto aurkeztu ezin ditzakeen haietara igarotzea (bakunkia); ez du onartzen era berean izadian oinarrian izadiaren legeetatik beregainki ekiteko ahalmena datzala (askatasuna), eta horren bitartez adimenaren zeregina agerpenen beharrezko sorrera-erregelen gida-harira murrizten duela; ez du onartzen, azkenik, orobat, zerbaiten kausa izaditik at bilatzea (jatorrizko zerizana), zeren izadia besterik ez baitugu ezagutzen, guri objektuak eskaintzen dizkigun eta hauen legeak irakatsi diezazkigukeen bakarra dena.

Filosofo enpirikoak bere antitesien bidez bere benetako determinazioa ezezagutzen duen arrazoimenaren lotsagabekeria eta neurrigabekeria apurtzea baino beste asmorik ez badu, ikuskeraz eta jakintzaz harrotzen den arrazoimenarena, alegia, egiatan ikuskera eta jakintza bukatzen diren tokian, eta interes praktikoari dagokionez soilik balio duena interes espekulatiboaren sustapenerako balioarazi nahi badu bere erosotasunerako ongi dagokionean, azterketa fisikoen haria hautsiz, eta bera ideia transzendentalekin elkartuz ezagutza hedatzearren, hauen bitartez egiatan ezer ez dakigula baino ezagutzen ez denean; enpiristak honekin aski izango balu, diot, orduan bere oinarri-esakunea uzietan neurritasuna izateko maxima litzateke, baieztapenetan umiltasunarena eta aldi berean gure adimenaren hedapen ahalbait handienarena, guri gainjartzen zaigun maisuaren bitartez, hots, esperientziaren bitartez. Izan ere, halako kasuan ez litzaizkiguke kenduko aurresuposizio intelektualak eta sinesmena gure egiteko praktikoaren mesedetan; baina ezingo litzateke zientziaren eta arrazoimenaren ikuskeraren titulu eta ponparekin agerrarazi, zeren benetako jakintza espekulatiboak esperientziaren objektuak baino ez baititu ukitzen, eta bere mugak gainditzen badira, orduan ezagutza berriak eta esperientziatik beregainak saiatzen dituen sintesiak ez baitu begiespenaren substraturik, haiek bertan aplikatu ahal izateko.

Horrela, ordea, ideiei dagokien enpirismoa (sarri gertatzen denez) dogmatikoa bihurtzen bada eta bere ezagutza begiesleen esferaz goiti dagoena zakarki ukatzen badu, orduan bera apaltasun ezaren hutsegitean erortzen da, hemen hainbat kritikagarriagoa dena, horren bitartez arrazoimenaren interes praktikoari desabantaila osaezina sortzen zaiolako.

Honegatik kontrajartzen zaio epikureismoa124 platonismoari.

Dakiena baino gehiago dio bietako bakoitzak, baina lehenak jakintza suspertuz eta sustatuz, praktikoa denaren desabantailarako bada ere, bigarrenak, ordea, praktikoa denari printzipio bikainak eskuratuz, baina honen bitartez jakintza espekulatiboa soilik izan dezakegun une orotan izadiaren agerpenen argipen idealetara jotzea eta horri buruzko ikerketa fisikoa bertan behera uztea baimenduz arrazoimenari.

Azkenik, eztabaidan dabiltzan bi alderdien artean aurretiaz egin beharreko aukeran begiztatu behar den hirugarren uneari dagokionez, erabat bitxia da enpirismoak herrikoitasunik ez izatea, nahiz eta berehala sinetsi ahal izango zitekeen adimen arruntak gogoz onartuko lukeela bera esperientzia-ezagutza eta arrazoizko bilkuraren bitartez gogobetetzea agintzen duen egitasmoa, dogmatika transzendentalak bera pentsatzean gehien aritutako buruen ikuskera eta arrazoimena askoz gainditzen dituzten adigaietara igotzera behartu beharrean. Hau bera da, ordea, bere eragilea. Izan ere, hainbestez, adimen hau pertsona jakintsuena ere bere gainetik altxa ezin den egoeran aurkitzen da. Berak gutxi edo ezer ez badu ulertzen, orduan inor ezin da harrotu horretaz gehiago ulertzeaz, eta horri buruz besteek egiten duten bezala eskolaren gisara hitz egin ezin badu ere, dena dela, horri buruz besteek egiten dutena baino askoz gehiago jardun daiteke arrazoikerietan, zeren ideia soilen artean baitabil, eta hauetaz beraiez ezer ez jakitean hitz egin baitaiteke gehien, izadiaren ikerkuntzari buruz erabat isildu eta bere ezjakintasuna aitortu ordez. Erosotasuna eta hutsalkeriak oinarri-esakune hauen alde egitera gomendatzen dute indartsuki. Gainera, filosofo bati zaila egiten bazaio zerbait oinarri-esakune gisa onartzea, bere burua legeztatu ezinean, edo adigaiak onartzea, bere errealitate objektiboa aditu ezin duenean, bada, adimen arruntarentzat ez dago ohikoagoa den ezer. Konfiantzaz uler dezakeen zerbait eduki nahi du. Halako aurresuposizioa bera ulertzeko zailtasunak ez du arduratzen, ez baitzaio inoiz bururatzen (ulertzeak zer esan nahi duen ez dakien honi), eta ezagutzatzat jotzen du erabilera sarriaren bidez ohikoa bihurtu dena. Azkenik, beregan interes espekulatibo oro desagertzen da praktikoaren ondoan, eta zera irudikatzen du: bere ardurek edo itxaropenek onartu edo sinestera bultzatzen duten hori aditzen duela edo badakiela. Horrela, enpirismoari arrazoimen transzendental-idealizatzailearen herritartasun oro lapurtzen zaio eta oinarri-esakune praktiko gorenen aurka hainbeste gauza kaltegarri barnebildu baditzake ere, ez da arduragarria enpirismoak inoiz eskolaren mugak gainditzea eta gizartean hein batean soilik handia den ospea eta jendetza handiaren faborea bereganatzea.

Giza arrazoimena berez da arkitektonikoa, h. d., ezagutza guztiak sistema ahalgarri baterako egokitzat kontsideratzen ditu, eta horregatik, bilatzen den ezagutza besteekin batera sistema batean egoteko ezgauza bihurtzen ez duten printzipioak soilik baimentzen ditu. Antitesiaren esakuneak, ordea, ezagutzen eraikin baten osaketa erabat ezinezkoa bihurtzen duten erakoak dira. Beraiei jarraiki, munduaren egoera baten gainetik zaharragoa den beste bat dago, zati bakoitzean beti zatigarria dena, jazoera bakoitzaren aurretik bestela sortua izan den beste bat, eta oro har den guztia beti baldintzatua besterik ez da eta lehen izate baldintzatugaberik ez da berrezagutzen. Antitesiak ezein Lehenengorik eta eraikinaren oinarria izan zitekeen hasierarik ere onartzen ez dituenez gero, orduan halako aurresuposizioarekin ezagutzaren eraikin osoa ezinezkoa gertatzen da. Horregatik, arrazoimenaren interes arkitektonikoak (batasun enpirikoa ez, baina apriorizko arrazoimen-batasun hutsa eskatzen duenak) berekin dakar tesiaren baieztapenaren aldeko berezko gomendioa.

Gizaki bat interes orotatik aska baliteke eta arrazoimenaren baieztapenak ondorio ororen ardurarik izan gabe bere oinarrien eduki soilen arabera kontsidera balitzake, orduan gizaki hau etengabeko egoera kulunkarian legoke, baldin eta arazoari ihes egiteko eztabaidan dauden irakaspenetako bat edo bestea onartzea ez den beste irteerarik ez badaki. Gaur konbentzigarria otuko litzaioke giza nahimena askea dela; bihar, izadiaren kate disolbaezina kontsideratu ondoren, askatasuna norbere buruari egindako iruzurra besterik ez dela eta izadia baino ez dagoela usteko luke. Ekimenaren unea iristean, ordea, arrazoimen espekulatibo soilaren jolas hau amets baten itzal-irudien gisara desagertuko litzateke, eta bere printzipioak interes praktikoaren arabera soilik aukeratuko lituzke. Alabaina, zerizan hausnartzaile eta ikertzaile bati berezkoa zaionez denbora jakinak bere arrazoimenaren etsaminan soilik ematea, hori egitean, ordea, alderdikeria oro alde batera utziz, eta horrela, bere oharrak besteei publikoki juzgaketarako komunikatuz, bada, orduan inori ezin zaio aurpegiratu, ezta ukatu ere, esakuneak eta aurkako esakuneak amenazurik gabe bere mailakoen aurrean aldez daitezkeen gisan aurkeztea (hots, gizaki ahulen mailan).

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Laugarren atala. Arrazoimen hutsaren eginkizun transzendentalez, hauek nahitaez konpondu behar diren heinean[aldatu]

Eginkizun guztiak konpontzea eta galdekizun guztiak erantzun nahi izatea harropuzkeria lotsagabea eta hain handiuste bitxia izango litzateke, non berehala konfiantza osoa galduko bailitzateke. Hala eta guztiz ere, badaude zientziak zeinen izaerak aldean dakarrren beraietan agertzen den galdekizun bakoitzak dakigunetik abiatuta absolutuki erantzungarria izan behar duela, erantzunak galdekizuna sortu den iturri beretik sortu behar baitu, eta bertan ez da zilegizkoa ezjakintasun itzuriezina aipatzea, baizik konponketa eskatzen da. Kasu denetan zuzena edo zuzengabea dena erregelaren arabera jakin ahal izan behar da, gure eginbeharrekin zerikusia baitu, eta eginbeharrik ez baitugu ezagutu ezin dugunaz. Izadiaren agerpenen argipenean askok eziurra iraun behar du eta galdekizun batzuk konpondugabe geratu behar zaizkigu, zeren izadiaz dakiguna ez baita aski kasu guztietan argitu behar dugun guztiari dagokionez. Zera galdetzen da, ordea, ea Filosofia transzendentalean arrazoimenari aurkeztutako objektuari dagokion galdekizunik bai ote den arrazoimen horren bitartez erantzungaitza denik, eta ea erantzun erabakigarritik bidezki libra gaitezkeen, hau absolutuki ez-ziur gisa (ezagut dezakegun guztitik) egoera honi egotziz: galdekizun bat egiteko adina adigai badugula, nahiz eta bera inoiz erantzuteko baliabideak edo ahalmena osorik falta zaizkigun.

Filosofia transzendentalak ezagutza espekulatibo ororen artean berezitasun hau duela baieztatzen dut: arrazoimen hutsari emandako objektuarekin zerikusia duen galdekizunik ez dagoela giza arrazoimen berarentzat konpongabea denik, eta ezjakintasun saihestezina eta eginkizunaren sakonera iristezinaren aitzakiek galdekizuna sakonki eta osoki erantzuteko beharretik ez dutela askatzen; zeren galdetzeko jarreran ezartzen gaituen adigai berak galdekizuna erantzuteko gai egin behar baikaitu osoro, objektua ez baitago adigaitik at (zuzena eta zuzengabearekin gertatzen den legez).

Filosofia transzendentalean galdekizun kosmologikoek baino ezin dute eskatu bidezki objektuaren antolaerarekin zerikusia duen erantzun gogobetegarria, eta filosofoari ez zaio zilegi izan iluntasun sarrezinaren aitzakiarekin beraietatik askatzea, eta galdekizun hauek ideia kosmologikoak soilik ukitu ditzakete. Izan ere, objektuak enpirikoki emandakoa izan behar du, eta galdekizuna objektuak ideiarekin duen egokitzapenera besterik ez da zuzentzen. Objektua transzendentala baldin bada, eta hainbestez, berez ezagutezina bada, adibidez, ea bere agerpena (gure baitan) pentsatzea den Zerbait hori (arima) bere baitan zerizan bakuna ote den, ea osotara gauza guztien kausa bat badagoen, behar-beharrezkoa den kausa, eta abar, orduan gure ideiarentzako objektua bilatu behar dugu, zeinaz aitortu ahal izango dugun ezezaguna zaigula, baina ez horregatik ezinezkoa dela125. Ideia kosmologikoek berezitasun hau dute beren baitan: beren objektua eta beren adigairako beharrezkoa den sintesi enpirikoa emandakotzat aurresuposa dezaketela, eta beraietatik sortzen den galdekizunak sintesi honen aurrerabidearekin soilik duela zerikusia, baldin eta honek osotasun absolutua barnebildu behar badu, zeina ez den ezer enpirikoa, ezein esperientziatan ere ezin baita eman. Hemen, solasgaia gauza bat denez, hau esperientzia ahalgarriaren objektua den aldetik, eta ez berbaitango gauza den aldetik, orduan galdekizun kosmologiko transzendenteen erantzuna ezin da ideian baino aurkitu, izan ere, ez du ezein berbaitango objekturekin zerikusirik; eta esperientzia ahalgarriari dagokionez, ez da in concreto esperientziaren batetan eman ahal daitekeenaz galdetzen, baizik ideian datzanaz, zeina sintesi enpirikoari hurbildu besterik ez zaion egin behar; beraz, galdekizuna ideiatik abiatuta soilik izan behar da konpongarria; izan ere, ideia arrazoimenaren sorkari soila da, zeinak, beraz, erantzukizuna ezin duen saihestu hau objektu ezezagunari egotziz.

Ez da hasieran dirudien bezain bitxia zientzia batek bere barnean kokatzen diren galdekizun ororen (quaestiones domesticae) konponketa ziur soilak eskatu eta itxaron ahal izatea, nahiz eta oraingoz agian ez diren aurkitu. Filosofia transzendentalaz gain oraindik beste bi arrazoimen-zientzia daude, batak eduki espekulatiboa soilik, besteak praktikoa besterik ez duela: Matematika hutsa eta Moral hutsa. Inoiz entzun al da, nolabait esateko, baldintzen beharrezko ezjakintasunagatik eziurtzat jo denik zein hartueman zehatz duen diametroak zirkuluarekin zenbaki arrazionaletan edo irrazionaletan? Lehenengoen bitartez kongruenteki eman ezin denez, bigarrenaren bitartez, berriz, oraindik aurkitu ez denez gero, orduan halako konponketaren ahalezintasuna bederen ziurtasunez ezagut daitekeela juzgatu zen, eta Lambertek horren froga eman zuen. Ohituren printzipio orokorretan ezerk ezin du ez-ziurra izan, zeren, edo esakuneak osoki hutsalak eta zentzurik gabekoak dira, edo gure arrazoimen-adigaietatik soilik isuri behar dira. Aitzitik, izadiaren ikerketan susmo amaigabeak daude eta inoiz ezin da ziurtasunik itxaron hauetaz, zeren izadiaren agerpenak gure adigaietatik beregainki emandako objektuak baitira, eta beraz, beren gakoa ez dago gugan eta gure pentsatze hutsean, baizik eta gugandik at datza, eta horregatik, maiz ezin da aurkitu, eta beraz, ezein konponbide ziurrik ezin da itxaron. Gure ezagutza hutsaren dedukzioarekin zerikusia duten Analitika transzendentalaren galdekizunak ez ditut hemen sartzen, orain hemen judizioen ziurtasunaz ari baikara objektuei dagokienez, eta ez gure adigai beren jatorriaz.

Aurkeztutako arrazoimenaren galdekizunaren konponketa kritikoaren (gutxienez kritikoaren) beharra ezingo dugu saihestu gure arrazoimenaren zedarri estuak salatuz, ezta norbere buruaren ezagutza apalaren itxurarekin ere gure arrazoimena gainditzen duela aitortuz ea mundua betitik hor dagoen edo hasiera bat duen erabakitzea; ea espazioa amaigabetasuneraino zerizanez betea edo muga batzuen barnean jasoa dagoen; ea mundu honetan zerbait bakuna baden edo dena amaigabeki zatitu behar den; ea askatasunezko sorketa eta produkzioa dagoen edo dena izadiaren ordenaren katean lotua dagoen; eta azkenik, ea erabat baldintzatugabea eta bere baitan beharrezkoa den zerizana dagoen edo dena bere izatean baldintzatua, eta beraz, kanpotik menperatua eta bere baitan beharbadakoa den. Izan ere, galdekizun hauek denek gure pentsatzean soilik eman daitekeen objektuarekin dute zerikusia, hots, agerpenen sintesiaren osotasun absolutuki baldintzatugabearekin. Baldin eta gure adigaiekin horretaz ezer ziurrik esan eta erabaki ezin badugu, orduan errua ezin diogu guri ezkutatzen zaigun gauza berari egotzi; izan ere, halako gauzarik ezin zaigu eman (ez baitago inoiz gure ideiatik at), baizik bere kausa gure ideia bertan bilatu behar dugu, hau konponketarik onartzen ez duen arazoa denez, alegia, egoskorki onartzen dugun objektu erreal bati dagokion arazoa denez. Gure adigaietan datzan Dialektikaren aurkezpen nabarmenak berehala emango liguke ziurtasun osoa halako galdekizunaz juzgatu behar dugunari buruz.

Arazo hauei begira egiten duzuen ziurtasun-ezaren objekzioari hasteko galdekizun hau kontrajar dakioke, zuek bederen nabariki erantzun beharko zenuketen galdekizuna: nondik datozkizue ideia hauek, zeinen konponketak hemen halako zailtasunetan nahasten zaituzten? Agerpenak al dira agian, beren argipena behar duzuela, eta beraiez gainera ideia hauen arabera printzipioak soilik edo beren esposizioaren erregelak bilatu behar dituzuela? Emazue izadia osoki agertzen zaizuela; zuen sentsuei eta zuen begiespenari aurkezten zaion ororen kontzientziari ez zaiola ezer ezkutatzen; orduan ezein esperientziaren bitartez ezingo duzue zuen ideien objektua in concreto ezagutu (izan ere, begiespen oso horretaz gain sintesi osatua eta bere osotasun absolutuaren kontzientzia behar dira, ezein ezagutza enpirikoren bitartez ahalgarria ez dena), eta beraz, zuen galdekizuna ezin da inolaz ere beharrezkoa gertatu agerpen baten argipenerako, eta beraz, nolabait esateko, ezin da objektua beraren bitartez ezarria izan. Izan ere, objektua ezin zaizue inoiz azaldu, ezein esperientzia ahalgarriren bitartez ezin baita emana izan. Zuen hautemapen ahalgarri oro beti baldintzen menpean harrapatuta geratzen da, espazioan zein denboran, eta ez duzue baldintzatugabea den ezer lortzen, horrela baldintzatugabeki hau ea sintesiaren hasiera absolutuan edo ilararen osotasun absolutuan hasierarik gabe ezarri behar den erabakitzeko. Orotasuna, ordea, adiera enpirikoan beti alderagarria besterik ez da. Handitasunaren orotasun absolutuak (unibertsoa), zatiketarenak, jatorriarenak, izatearen baldintzarenak oro har, ea sintesi mugatuaren ala mugagabeki jarraituaren bitartez sortzen diren dioen galdekizun guztiekin batera, ez dute zerikusirik ezein esperientzia ahalgarrirekin. Ezingo zenukete, adibidez, gorputz baten agerpenak gutxienez hobeto edo soilik beste era batera argitu, zati bakunez edo osorik beti elkarketazko zatiez osatzen direla onartuz gero; izan ere, inoiz ezin da agerpen bakun bat gertatu, ezta elkarketa amaigabea ere. Agerpenek argituak izatea eskatzen dute, beren argipenaren baldintzak hautemapenean emanak diren heinean, baina inoiz beraietan osoki absolutu batean bilduta eman daitekeena ez da ezein hautemapen. Orotasun honen argipena da, ordea, arrazoimenaren arazo transzendentalean benetan eskatzen dena.

Arazo hauen konponketa bera esperientzian inoiz gertatzen ez denez gero, orduan ezin duzue esan hemen objektuari egotzi behar zaiona ez-ziurra denik. Izan ere, zuen objektua zuen burmuinean besterik ez dago eta ezin da bertatik at emana izan; horregatik, zuen buruarekin ados egoteaz arduratu behar duzue, baita zuen ideia enpirikoki emandako objektu baten ustezko errepresentazioa, eta beraz, esperientziaren legeen arabera ezagut daitekeen objektua bihurtzen duen anfibologia saihesteaz ere. Konponketa dogmatikoa, beraz, ez da ez-ziurra, ezinezkoa baizik. Guztiz ziurra izan daitekeen konponketa kritikoak, berriz, arazoa ez du inolaz ere objektiboki kontsideratzen, baizik bere oinarria den ezagutzaren funtsaren arabera kontsideratzen du.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Bosgarren atala. Galdekizun kosmologikoen aurkezpen eszeptikoa lau ideia transzendentalen arabera[aldatu]

Gustura utziko genukeen alde batera gure galdekizunak dogmatikoki erantzunak izateko eskaera, aldez aurretik ulertuko bagenu, erantzuna edozein izanda ere, gure ezjakintasuna gehitu besterik ez zela egingo, ulertezintasun batetik bestera eta iluntasun batetik beste handiago batera eramanak izango ginatekeela eta agian kontraesanetan nahastuko ginatekeela. Gure galdekizuna baieztapenera edo ezeztapenera soilik bideratzen bada, orduan zuhurra da erantzunaren ustezko oinarriak alde batera uztea eta aurretik kontsideratzea ea zer irabaziko litzatekeen, erantzunak alde batera ala aurkakora joko balu. Bi kasuetan zentzugabekeria (nonsens) soila gertatuko balitz, orduan oinarritutako bultzada jasotzen dugu gure galdekizuna bera kritikoki aztertzeko, eta ikusteko ea bera ez ote den oinarrigabeko aurresuposizio batean funtsatzen, eta ea bere faltsutasuna aplikazioan eta bere ondorioetan errepresentazio bakartuan baino hobeto erakusten duen ideiarekin jolasten duen. Hau da arrazoimen hutsak arrazoimen hutsari egindako galdekizunekin jokatzeko era eszeptikoak duen onura handia, eta horren bitartez nahasketa dogmatiko handia lan gutxirekin gaindi daiteke bere ordez kritika zuhurra ezarriz, zeinak, egiazko katartikoa denez, zorionez lilurakeria deuseztatuko duen bere ondorioarekin batera, hots, orojakintasunaren handiustearekin batera.

Baldin eta, beraz, ideia kosmologiko batez aldez aurretik aditu ahal izango banu agerpenen sintesi itzulkorraren baldintzatugabekiak zein aldetara egitea erabaki duen, aldea edozein izanda ere, hainbestez, hura adimenaren adigai bakoitzari dagokionez handiegia edo txikiegia izango litzateke; orduan ulertuko nuke, dena dela, haren autugaia adimenaren adigai ahalgarri bati egokitu behar zaion esperientziaren objektu bat soilik denez, hark erabat kaskala izan behar duela eta esanahirik gabea izan behar duela, zeren objektua ez baita berekin adosten, berari nahi dudan moduan egokituz ere ez. Eta hau gertatzen da mundu-adigai guztiekin, eta honegatik hauek arrazoimena nahitaezko antinomian nahasten dute, haiei atxikitzen zaien heinean. Izan ere, emazue:

Lehenik, munduak ez duela hasierarik; orduan bera zuen adigaiarentzat handiegia da; izan ere, hurrenez hurrengo itzuleraz osatzen den adigai hau ezin da inoiz jariotako betikotasun osora iritsi. Hasiera bat duela aurresuposatuz gero, orduan txikiegia da beharrezko itzulera enpirikoan duzuen adimenaren adigaiarentzat. Izan ere, hasierak beti ere aurretik doan denbora bat aurresuposatzen duenez gero, orduan ez da oraindik baldintzatugabea, eta adimenaren erabilera enpirikoaren legeak oraindik ere goragoko denbora-baldintza batez galdetzera behartzen gaitu, eta mundua, beraz, nabarmenki txikiegia da lege honentzat.

Gauza bera gertatzen da munduak espazioaren arabera duen handitasunaz egiten den galdekizunaren erantzun bikoitzarekin. Izan ere, amaigabea eta mugagabea baldin bada, orduan adigai enpiriko ahalgarri ororentzat handiegia da. Amaiduna eta mugatua baldin bada, orduan oraindik zera galdetzen duzue bidezki: zerk determinatzen du muga hori? Espazio kaskala ez da berez existitzen den gauzen korrelatua, eta ezin da izan zuek bertan gera zaitezketen moduko baldintza, eta are gutxiago izan daiteke esperientzia ahalgarri baten zati bat osatzen duen baldintza enpirikoa. (Izan ere, nork izan dezake kaskal-kaskala denaren esperientzia?). Sintesi enpirikoaren osotasun absoluturako baldintzatugabekia beti ere esperientzia-adigaia izatea eskatzen da. Beraz, mundu mugatua txikiegia da zuen adigaiarentzat.

Bigarrenik, espazioan dagoen edozein agerpen (materia) hainbat zati amaigabez osatzen baldin bada, orduan zatiketaren itzulera zuen adigaiarentzat beti handiegia da; eta espazioaren zatiketa bere osakide baten (bakunkia) geratuko balitz, orduan baldintzatugabekiaren ideiarentzat txikiegia da. Izan ere, osakide honek oraindik bertan barnebildutako hainbat zatitara doan itzulera baimentzen du.

Hirugarrenik, onar ezazue munduan gertatzen den guztian ez dagoela izadiaren legeen araberako emaitza baino; orduan kausaren kausalitatea ere gertatzen den zerbait da, eta kausa garaiagoetara doan zuen itzulera, eta beraz, baldintzen ilararen luzaketa a parte priori etenik gabe beharrezkoa bihurtzen duen zerbait da. Ekilea baino ez den izadia, beraz, munduko jazoeren sintesian duzuen adigai guztientzat handiegia da.

Noizbehin berez eragindako jazoerak aukeratzen badituzue, eta beraz, askatasunezko produkzioa aukeratzen baduzue, orduan Zergatia jarraiki zaizue ezinbesteko izadiaren lege baten arabera, eta puntu honetaz goiti joatera behartzen zaituzte esperientziaren kausazko legearen arabera, eta halako elkarloturaren osotasuna zuen beharrezko adigai enpirikoarentzat txikiegia dela aurkitzen duzue.

Laugarrenik. Behar-beharrezko zerizana onartzen baduzue (izan dadin mundua bera, edo munduan den zerbait, edo munduaren kausa), orduan denbora puntu jakin orotatik amaigabeki urruti ezartzen duzue, zeren bestela beste izate zaharrago baten menpean egongo bailitzateke. Baina, orduan, existentzia hau zuen adigai enpirikoarentzat lortezina litzateke, eta inoiz itzulera jarraitu baten bitartez bertara iritsi ahal izateko handiegia ere bai.

Zuen iritziz, ordea, munduari dagokion oro (izan dadin baldintzatu edo baldintza gisa) beharbadakoa baldin bada, orduan zuei emana zaizuen existentzia oro txikiegia da zuen adigaiarentzat. Izan ere, existentzia honek beste existentzia bat bilatzera behartzen baitzaituzte beti, bera beste existentzia honen menpean egonik.

Kasu hauetan guztietan munduaren ideia itzulera enpirikoarentzat, eta beraz, edozein adimen-adigai enpirikorentzat handiegia edo baita berarentzat txikiegia ere badela esan dugu. Zergatik ez gara alderantziz adierazi eta esan: lehen kasuan adigai enpirikoa ideiarentzat txikiegia, bigarrenean, ordea, handiegia dela, eta beraz, nolabait esateko, errua itzulera enpirikoan datzala, horren ordez ideia kosmologikoa bere helburutik, hots, esperientzia ahalgarritik gehiegi edo gutxiegi saihesten dela salatu beharrean? Zergatia honako hau da. Esperientzia ahalgarria da gure adigaiei errealitatea eman diezaiekeen bakarra; hau gabe adigai oro ideia soila litzateke, egiarik eta objektu batekin harremanik izan gabe. Horregatik, adigai enpiriko ahalgarria zen ideiaz juzgatzeko behar zen neurria: ea ideia soila eta pentsamen-gauza den, edo ea bere objektua munduan aurkitzen duen. Izan ere, zerbait handiegia edo txikiegia dela gauza hau beste batekin hartuemanean jartzean esaten da, baldin eta azken hau haren arrazoiz soilik onartzen bada eta haren arabera moldatu behar bada. Eskola dialektiko zaharren jolasen artean zegoen galdekizun hau ere: bola bat zulo batetik ezin bada pasa, zer esan behar da, bola handiegia dela edo zuloa txikiegia dela? Kasu honetan zuen adierazpideak ez dio axolarik; izan ere, ez dakizue zein dagoen hor bestearen arrazoiz. Aitzitik, ez duzue esango gizona bere jantziarentzat luzeegia denik, baizik jantzia dela gizonarentzat motzegia.

Beraz, oinarria duen susmo onetara bultzatuak gara bederen: ideia kosmologikoen, eta beraiekin batera, elkarrekin gatazkan ezarritako baieztapen sofistikoen oinarrian agian ideia horien objektua guri emateko eraren adigaia datzala, kaskala eta irudikatua besterik ez den adigaia, eta susmo honek denbora luzez galduta eduki gaituen asmakeria aurkitzeko bide egokira eraman gaitzake.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Seigarren atala Idealismo transzendentala Dialektika kosmologikoaren konponketarako gako gisa[aldatu]

Estetika transzendentalean askiro frogatu dugu espazioan edo denboran begiesten den guztia, eta beraz, izan dezakegun esperientzia baten objektu guztiak agerpenak baino ez direla, h. d., errepresentazio soilak, gure pentsatzetik at beren baitan oinarritutako existentziarik ez dutenak zerizan hedatuen edo aldaketen ilaren gisara errepresentatuak diren moduan. Irakatsi honi idealismo transzendentala deitzen diot126. Adiera transzendentalean errealista denak gure sentimenaren modifikazio hauek beren baitan subsistitzen duten gauzak bihurtzen ditu, eta beraz, errepresentazio soilak berbaitango gauzak bihurtzen ditu.

Zuzengabekeria egingo litzaiguke aspalditik baztertutako idealismo enpirikoa egotzi nahiko balitzaiguke, hots, espazioaren errealitate propioa onartzen duen heinean bertako zerizan hedatuen izatea ukatzen duen idealismoa, edo zalantzagarria aurkitzen duena behinik behin, eta puntu honetan ametsa eta egiaren artean askiro froga daitekeen bereizkuntzarik onartzen ez duena. Denboran ematen diren barneko sentsuaren agerpenei dagokienez, idealismo enpirikoak ez du zailtasunik aurkitzen hauek gauza errealak diren aldetik; eta horrez gain, bere objektuaren izate erreala barneko esperientziak soil-soilik frogatzen duela askiro baieztatzen du (bere baitan, denbora-determinazio hauekin guztiekin).

Gure idealismo transzendentalak, aitzitik, kanpoko begiespenaren objektuak espazioan begietsiak diren modu berean, eta aldaketa guztiak denboran barneko sentsuak errepresentatzen dituen modu berean errealak izatea baimentzen du. Izan ere, espazioa jadanik guk kanpokoa deitzen diogun begiespen haren forma denez eta bertan objekturik gabe ezein errepresentazio enpiriko emango ez litzatekeenez gero, orduan bertan zerizan hedatuak onartu ahal eta behar ditugu, eta gauza bera gertatzen da denborarekin. Espazio hura, ordea, denborarekin batera, eta aldi berean agerpen oro aurreko biekin batera, ez dira berbaitango ezein gauzarik, baizik errepresentazioak besterik ez, eta ezin dute inolaz ere gure gogamenetik at existitu, eta gure gogamenaren (kontzientziaren objektu gisa) barneko eta sentsuzko begiespena ere, zeinaren determinazioa egoera ezberdinek denboran duten segidaren bitartez errepresentatzen den, ez da benetako Norbera, hau bere baitan existitzen den moduan, edo subjektu transzendentala, baizik guri ezezaguna zaigun zerizan honen sentimenari ematen zaion agerpen bat besterik ez. Ezin da onartu barneko agerpen honen izatea, bere baitan existitzen den gauzarena den aldetik, bere baldintza ezein berbaitango gauzen determinazioa izan ezin daitekeen denbora baita. Espazioan eta denboran, ordea, agerpenen egia enpirikoa askiro segurtatua eta ametsekiko kidetasunetik aski bereizia dago, baldin eta biak esperientzia batean lege enpirikoen arabera zuzenki eta osoki bilduak badaude.

Beraz, esperientziaren objektuak ezin zaizkigu inoiz beren baitan eman, baizik esperientzian besterik ez, eta ez dira bertatik at existitzen. Ilargiak biztanleak izan ditzakeela inoiz ezein gizakik hauteman ez duen arren, dena dela, onartu egin behar da, baina hau besterik ez du esan nahi: esperientziaren aurrerapen ahalgarrian biztanle horiek topatu ahal izango genituzkeela; izan ere, aurrerabide enpirikoaren legeen arabera hautemapen baten testuinguruan datzan dena da erreala. Objektu horiek, beraz, errealak dira nire kontzientzia errealarekin lotura enpirikoan badautza, nahiz eta horregatik beren baitan, h. d., esperientziaren aurrerapen horretatik at errealak ez izan.

Guri ez zaigu benetan ezer ematen, hautemapena eta hautemapen honetatik beste hautemapen ahalgarrirantz doan aurrerapen enpirikoa izan ezik. Izan ere, agerpenak beren baitan, errepresentazio soil gisa, hautamepenean soilik dira errealak, egitatean errepresentazio enpirikoaren, h. d., agerpenaren errealitatea besterik ez denean. Agerpenari bere hautemapena izan aurretik gauza erreala deitzeak, edo esperientziaren aurrerabidean halako hautemapena aurkitu behar dugula esan nahi du, edo bestela ez du batere esanahirik. Izan ere, solasgaia berbaitango gauza denean soilik esan ahal izango genuke bere baitan existitzen dela gure sentsuekin eta esperientzia ahalgarriarekin batere harremanik izan gabe. Solasgaia, ordea, espazioan eta denboran ematen den agerpen bat besterik ez da, biak berbaitango gauzen determinazioak ez, baina gure sentimenarenak soilik izaki; horregatik gertatzen da bertan dagoena (agerpenak) bere baitan ezer ez dela, baizik agerpenok errepresentazio soilak direla, inon ezin aurki daitezkeenak, gugan ematen ez badira (hautemapenean).

Sentsuzko begiespen-ahalmena benetan era jakin batean errepresentazioez afektatua izateko harmena besterik ez da, errepresentazioek elkarrekin duten hartuemana espazioaren eta denboraren begiespen hutsa izaki (gure sentimenaren forma soilak), eta errepresentaziook (espazioaren eta denboraren) hartueman honetan esperientziaren batasunaren legeen arabera elkarlotuta eta determinatuta badaude, orduan objektuak izena dute. Sentsuzkoa ez den errepresentazio hauen kausa erabat ezezaguna zaigu, eta horregatik hauek ezin ditugu objektu gisa begietsi; izan ere, halako objektua ez espazioan ezta denboran ere (sentsuzko errepresentazioaren baldintza soil gisa) ez litzateke errepresentatu beharko, eta baldintza hauek eduki gabe ezin dugu ezein begiespen pentsatu. Oro harrezko agerpenen kausa inteligible soilari objektu transzendentala dei diezaiokegu, sentimenari harmen gisa egokitzen zaion zerbait edukitzearren besterik ez. Objektu transzendental honi gure hautemapen ahalgarrien hedapen eta bilkura osoa egotzi diezaiokegu eta esperientzia ororen aurretik bere baitan emana dela esan dezakegu. Agerpenak, ordea, haren arabera ez dira bere baitan, baizik esperientzia horretan besterik ez dira ematen, errepresentazio soilak baitira, objektu erreal bat hautemapen gisa soilik adierazten dutenak, baldin eta hautemapen hau beste guztiekin lotzen bada esperientziaren batasunaren legearen arabera. Horrela, zera esan daiteke: lehenaldiko gauza errealak esperientziaren objektu transzendentalean ematen dira; baina niretzat soilik dira objektuak eta lehenaldian errealak, hautemapen ahalgarrien ilara itzulkorra (izan dadin historiaren gida-harian, edo kausen eta ondorioen urratsetan) lege enpirikoen arabera errepresentatzen dudan heinean, hitz batean, munduaren ibilbideak igarotako denbora-ilara batera gidatzen duen heinean, zeina egungo denboraren baldintza den aldetik esperientzia ahalgarriarekin bilkuran soilik errepresentatzen dena erreal gisa, ez bere baitan, halako moldez, non denbora pentsaezin batetik hasita nire izatearen aurretik igarotako jazoerek esperientziaren katearen egungo hautemapenetik gorantz hau denboraren arabera determinatzen duten baldintzetara luzatzearen ahalgarritasuna besterik ez baitute adierazten.

Nik, beraz, existitzen diren sentsuen objektu guztiak denbora orotan eta espazio orotan osotara errepresentatzen baditut, orduan ez ditut objektuak objektu gisa bietan esperientziaren aurretik ezartzen, baizik errepresentazio hau ez da esperientzia ahalgarri baten pentsamendua baino bere osotasun absolutuan. Bertan soilik ematen dira objektu haiek (errepresentazio soilak besterik ez direnak). Nire esperientzia ororen aurretik existitzen direla esateak, ordea, ni hautemapenetik abiatuta lehen-lehenik aurreratu behar naizen esperientziaren zatian aurkitzen direla besterik ez du esan nahi. Aurrerapen honen baldintza enpirikoaren kausa transzendentala da, eta beraz, ea zein osakide aurki ditzakedan edo ea halako baldintzen itzuleran noraino irits naitekeen galdetzea ere bai, eta horregatik, niretzat halabeharrez ezezaguna. Hau ez da, ordea, gure autugaia hemen, baizik esperientziaren aurrerapenaren erregela besterik ez, bertan niri objektuak, hots, agerpenak ematen zaizkidala. Emaitzari dagokionez, erabat berdin dio espazioan gertatzen den aurrerabide enpirikoan nik ikusten ditudan urrunenak baino ehundaka aldiz urrutiago dauden izarrak aurki daitezkeela esatea edo agian halakoak espazioan aurki daitezkeela esatea, inoiz gizaki batek hauteman ez dituen arren edo hautemanduko ez dituen arren; izan ere, berbaitango gauzak bezala oro har esperientzia ahalgarriarekin harremanik izan gabe emango balira, orduan ez lirateke ezer izango niretzat, eta beraz, ezta objektuak ere, baldin eta itzulera enpirikoaren ilaran barnebilduak ez badaude bederen. Hala ere, beste ikuspuntu batetik agerpen horiek osoki absolutu baten ideia kosmologikorako erabili behar badira, eta autugaia esperientzia ahalgarriaren mugak gainditzen dituen galdekizun bat baldin bada, orduan aipatutako sentsuen objektuen errealitatea kontsideratzeko eraren bereizkuntza garrantzitsua gertatzen da, gure esperientzia-adigaien interpretazio okerretik ezinbestean sortu behar den lilurakeria iruzurtia saihestearren.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Zazpigarren atala Arrazoimenak bere buruarekin duen gatazka kosmologikoaren ebazpen kritikoa[aldatu]

Arrazoimen hutsaren antinomia osoa argumentu dialektiko honetan funtsatzen da: baldintzatukia emana bada, orduan bere baldintza ororen ilara osoa ere emana da; guri sentsuen objektuak baldintzatu gisa ematen zaizkigu, ondorioz, eta abar. Arrazoimen-inferentzia honen bitartez –zeinaren esakune nagusiak hain berezkoa eta argia dirudien– baldintzen ezberdintasunaren arabera (agerpenen sintesian), hauek ilara bat osatzen duten heinean, beste hainbeste ideia kosmologiko sortzen dira, ilara horien osotasun absolutua postulatzen duten eta horregatik arrazoimena bere buruarekin gatazkan jartzen duten ideia kosmologikoak. Argumentu sofistiko honen iruzurra aurkitu aurretik, ordea, horretarako prestatu behar gara bertan aurkitzen diren adigai jakinen zuzenketaren eta determinazioaren bitartez.

Lehenik, ondorengo esakunea argia eta modu zalantzaezinean ziurra da: baldintzatukia emana denean, guri horren bitartez baldintza ororen ilaran bertara doan itzulera ezartzen zaigula; izan ere, baldintzatukiaren adigaiak berekin dakar jadanik zerbait baldintza bati lotzea, eta hau berriro baldintzatua baldin bada, beste baldintza urrunagoari lotzea, eta horrela ilararen osakide guztiekin ere. Esakune hau analitikoa ere bada eta kritika transzendental baten beldur oroz goiti dago. Arrazoimenaren postulatu logikoa da adigai batek bere baldintzekin duen elkarlotura, alegia, jadanik adigaiari atxikitzen zaion elkarloturari adimenaren bitartez segitzea eta ahalbait urrun jarraitzea.

Gainera: baldintzatukia eta bere baldintza berbaitango gauzak baldin badira, orduan lehena ematen denean, bigarrenera doan itzulera ezarri ez ezik, hau horren bitartez benetan jadanik batera ere ematen da, eta honek ilararen osakide guztientzat balio duenez gero, orduan baldintzen ilara osoa, eta beraz, baita baldintzatugabekia ere horren bitartez aldi berean ematen da edo, are gehiago, ilara horren bitartez ahalgarria zen baldintzatua soilik ematen dela aurresuposatzen da. Hemen, baldintzatukiak bere baldintzarekin duen sintesia adimen soilaren sintesia da, zeinak gauzak diren bezala errepresentatzen dituen, beren ezagupenera ea eta nola iritsi ahal izateari arretarik eskaini gabe. Aitzitik, autugaia agerpenak direnean, hots, errepresentazio soilak direnez inolaz ere ematen ez diren agerpenak, baldin eta beren ezagupenera (h. d., beraietara, izan ere, ez dira ezagupen enpirikoak baino) ez banaiz iristen, bada, orduan ezin dut esanahi berean esan: baldintzatukia ematen baldin bada, orduan bere baldintza oro ematen dela (agerpen gisa), eta beraz, bere ilararen osotasun absolutua ezin dut inolaz ere inferitu. Izan ere, atzematean agerpenak ez dira sintesi enpirikoak baino (espazioan eta denboran), eta beraz, honetan besterik ez dira ematen. Ez da ondorioztatzen, ordea, baldintzatukia (agerpenean) ematen baldin bada, bere baldintza enpirikoa osatzen duen sintesia ere batera ematen eta aurresuposatzen denik, baizik eta hau itzuleran gertatzen da lehen-lehenik, eta inoiz ez hau gabe. Hala ere, kasu honetan ederki esan daiteke baldintzetarantz doan itzulera, h. d., sintesi enpiriko jarraitua, alde honetatik agindua edo ezarria dela, eta itzulera honen bitartez emandako baldintzak ezin direla falta.

Hemendik abiatuta argitzen da arrazoimen-inferentzia kosmologikoaren esakune nagusiak baldintzatukia kategoria huts baten adiera transzendentalean hartzen duela, esakune txikia, berriz, agerpen soilei aplikatutako adimenaren adigai baten zentzu enpirikoan, eta ondorioz, bertan sophisma figurae dictionis deitzen zaion iruzur dialektikoa aurkitzen dela. Hala ere, iruzur hau ez da artifiziala, baizik arrazoimen arruntaren erabat berezkoa den iruzurra. Izan ere, bere bitartez (esakune nagusian) baldintzak eta beren ilara aurresuposatzen ditugu eragozpenik gabe, nolabait esateko, zerbait baldintzatu gisa ematen baldin bada, zeren hau ez baita konklusio jakin baten premisa osoak onartzeko eskakizun logikoa baino, eta baldintzatukiak hor bere baldintzarekin duen elkarloturan ez dago denbora-ordenarik; bere baitan aldi berean emanak balira bezala aurresuposatzen dira. Gainera, (esakune txikian) agerpenak berbaitango gauzak eta adimen soilari emandako objektuak balira bezala begiztatzea esakune nagusian gertatzen zen bezain berezkoa da, objektuak eman ditzakeen gauza bakarra den begiespenaren baldintza oroz abstraitzen bainuen. Hemen, ordea, adigaien arteko bereizketa ohargarria ezikusi genuen. Baldintzatukiaren sintesiak bere baldintzarekin eta baldintzen ilara osoak (esakune nagusian) ez zekarten berekin denboraren bidezko ezein zedarriztapenik, ezta segidaren adigairik ere. Aitzitik, sintesi enpirikoa eta baldintzen ilara agerpenean (esakune txikiari menperatzen zaiona) halabeharrez hurrenez hurrengoak dira, eta denboran besterik ez dira ematen, elkarren ondoren beraz; ondorioz, hemen ezin dut han bezala sintesiaren osotasun absolutua eta horren bitartez errepresentatutako ilara aurresuposatu, zeren han ilararen osakide denak beren baitan ematen badira ere (denboraren baldintzarik gabe), hemen, aldiz, hurrenez hurrengo itzuleraren bitartez soilik baitira ahalgarriak, alegia, benetan egikaritzean soilik ematen den itzuleraren bitartez.

Komunki baieztapen kosmologikoen oinarrian dagoen argumentuaren halako hanka-sartzea gainditu ondoren gatazkan dauden bi aldeak arrazoiz uka daitezke, beren eskakizunak titulu irmoetan oinarritzen ez diren heinean. Horren bitartez, ordea, oraindik ez da bukatzen beren arteko tirabira, biek edo bietako batek baieztatzen duen gauza beraz (konklusioan) zuzengabea zela erakutsiz, froga-oinarri egokietan eraikitzen ez zekielako. Batak baieztatzen badu munduak hasiera bat duela, besteak, munduak ez duela hasierarik, baizik betitik dela, ezerk ez dirudi argiagoa batek arrazoia izan behar duela baino. Hau horrela bada, argitasuna bi aldeetan berbera denez gero, orduan ezinezkoa gertatzen da inoiz arrazoia zein aldetan dagoen erabakitzea, eta gatazkak lehengo moduan jarraitzen du, bi alderdiek arrazoimenaren epaimahaitik lasaitzeko agindua jaso arren. Ez da geratzen, beraz, gatazka zehazki eta bi aldeen gogobeterako bukatzeko beste baliabiderik, hau izan ezik: biek hain ederki elkar kontraesan dezaketenez, konbentzi daitezela ezertaz ere ez direla ari gatazkan eta itxura transzendental jakin batek errealitate bat margotu diela halakorik ezin aurki daitekeen lekuan. Bide hau urratu nahi dugu orain, azken epaia jaso ezin duen gatazka hau konpontzearren.


* *  *


Platonek jadanik kritikatu zuen Eleatar Zenon dialektiko sotila bera sofista gaiztotzat joz, zeren bere antzea erakustearren edozein esakune itxurazko argumentuen bitartez frogatu eta berehala hain indartsuak diren besteen bitartez berriro ukatzea saiatzen baitzuen. Jainkoa (ustez, beretzat ez zen mundua baino izango) ez dela ez amaiduna, ezta amaigabea ere, ez dagoela ez higiduran, ezta geldi ere, beste gauzen antzarik ez duela, baina antzagabea ere ez dela baieztatzen zuen. Honi buruz juzgatzen zutenei guztiz elkar kontraesaten diren esakuneak ukatu nahi zituela ziruditen, gauza burugabea dena. Hala ere, nik ez dut uste hau berari bidezki egotzi ahal zaionik. Esakune hauetako lehena laster argituko dut zehazkiago. Gainerakoei dagokienez, Jainkoa izenaz unibertsoa ulertzen bazuen, orduan zera esan behar zuen: hau ez dagoela bere lekuan iraunkorki present (geldi), ezta lekua aldatzen duenik ere (higitzen denik), zeren leku guztiak unibertsoan badaude ere, unibertsoa bera ez baitago ezein lekutan. Unibertsoak existitzen dena bere baitan biltzen badu, orduan, hainbestez, bere antzekoa den edota antzagabekoa den beste gauzarik ez dago, zeren beretik at beste gauzarik ez baitago bera honekin alderatu izateko moduan. Elkarri kontrajarritako bi judizioek baldintza onartezina aurresuposatzen badute, orduan biak erortzen dira aurkakotasuna aintzat hartu gabe (benetako kontraesanik ez dena), zeren bi esakuneak balio ahal izateko behar den baldintza desagertzen baita.

Norbaitek esango balu, gorputz batek edo usain ona duela edo ez duela usain onik, orduan hirugarren aukera bat ere badago, hots, gorputzak batere usainik ez izatea, eta horrela, elkarren aurka egiten duten bi esakuneak faltsuak izan daitezke. Esaten baldin badut, gorputz bat edo usain atseginekoa dela edo ez duela usain atseginik (vel suaveolens vel non suaveolens), orduan bi esakuneak elkarri kontraesankorki kontrajarriak dira, eta lehena besterik ez da faltsua, baina bere aurkako kontraesankorrak, hots, gorputz batzuk ez direla usain atseginekoak, bere baitan jasotzen ditu usainik ez duten gorputzak. Aurreko kontrajarpenean (per disparata) gorputzaren adigaiaren beharbadako baldintza (usaina) geratzen zen oraindik elkarren aurkako judizioetan, eta ez zen hauekin batera ezeztatua izan; horregatik, azkena ez zen aurrenekoaren aurkako kontraesankorra.

Horrez gain, esaten baldin badut mundua espazioari dagokionez amaigabea dela edo ez dela amaigabea (non est infinitus), orduan lehen esakunea faltsua baldin bada, bere aurkako kontraesankorrak egia izan behar du: mundua ez da amaigabea. Horren bitartez mundu amaigabea soilik ezeztatuko nuke amaiduna den beste bat ezarri gabe. Esango balitz, ordea, mundua amaigabea edo amaiduna dela (ez- -amaigabea), orduan biak faltsuak izan zitezkeen. Izan ere, hainbestez, mundua bere baitan handitasunaren arabera determinatutzat begiztatzen dut, aurkakoan amaigabetasuna eta berekin batera agian bere existentzia bereiztu osoa ezeztatzen dudan heinean ez ezik, munduari determinazio bat gaineratzen diodanean ere bai bere baitan den gauza erreal gisa, eta hau faltsua izan daiteke, hots, baldin eta mundua inolaz ere ez berbaitango gauza gisa, eta beraz, ezta bere handitasunaren arabera ere ematen ez bada, ez amaigabe gisa ezta amaidun gisa ere. Baimen bekit halako kontrajarpenari dialektikoa deitzea eta kontraesanarenari oposizio analitikoa deitzea. Beraz, elkarri dialektikoki kontrajarritako judizioak biak izan daitezke faltsuak, batak bestea kontraesan ez ezik, kontraesanerako behar dena baino zerbait gehiago ere esaten baitu.

«Mundua handitasunaren arabera amaigabea da» eta «mundua handitasunaren arabera amaiduna da» esakuneak kontraesankorki aurkakotutzat hartzen baldin badira, orduan mundua (agerpenen ilara osoa) berbaitango gauza dela onartzen da. Izan ere, berak iraun egiten du, bere agerpenen ilarako itzulera amaigabe edo amaiduna ezeztatu arren. Aurresuposizio edo itxura transzendental hau kentzen badut, eta mundua berbaitango gauza dela ukatzen baldin badut, orduan bi baieztapenen aurkakotasun kontraesankorra aurkakotasun dialektikoa besterik ez den batean eraldatzen da, eta mundua bere baitan inolaz ere existitzen ez denez gero (nire errepresentazioen ilara itzulkorretik beregainki), orduan ez da existitzen ez bere baitan amaigabea den, ezta bere baitan amaiduna den osoki gisa ere. Hau agerpenen ilararen itzulera enpirikoan soilik aurkitzen da eta inolaz ere ez bere baitan. Horregatik, hau beti baldintzatua bada, orduan inoiz ez da konplituki emana, eta mundua ez da, beraz, osoki baldintzatugabea, eta ez da existitzen osoki baldintzatugabe gisa, ez handitasun amaigabea bada, ezta amaiduna bada ere.

Hemen lehen ideia kosmologikoaz esan denak, hots, agerpeneko handitasunaren osotasun absolutuaz esan denak, gainerako ideiez ere balio du. Baldintzen ilara sintesi itzulkorrean bertan aurkitzen da, ez, ordea, bere baitan agerpenean itzulera ororen aurretik emandako gauza propio gisa. Horregatik, hau ere esan behar dut: zatien kopurua agerpen jakin batean bere baitan ez da amaiduna ezta amaigabea ere, zeren agerpena ez baita bere baitan existitzen den ezer, eta zatiak sintesi deskonposatzailearen itzuleraren bitartez eta itzulera bertan ematen baitira lehen-lehenik, eta itzulera hau ez baita inoiz erabat osoki ematen, ez amaidun gisa, ezta amaigabe gisa ere. Gauza berak balio du elkarren menpeko kausen ilaraz, edo existentzia baldintzatutik baldintzatugabeki beharrezkoa den existentziara doan ilaraz, zeinak ezin daitezkeen begiztatu inoiz beren baitan beren osotasunaren arabera, ez osotasun amaidun gisa, ezta osotasun amaigabe gisa ere, zeren menpeko errepresentazioen ilara bezala itzulera dinamikoaz soilik osatzen badira ere, ezin baitira existitu inolaz ere beren baitan honen aurretik eta berez irauten duen gauzen ilara gisa.

Horrela, beraz, arrazoimen hutsaren antinomia bere ideia kosmologikoetan dialektikoa dela eta itxura baten aurkakotasuna dela erakustean soilik gainditzen da, hots, berbaitango gauzen baldintza soilik den osotasun absolutuaren ideia agerpenei aplikatzen zaienean sortzen den itxura, eta beraz, errepresentazioan soilik existitzen diren agerpenei, gainerakoan ilara bat osatzen dutenean hurrenez hurrengo itzuleran existitzen diren, baina bestela inolaz ere existitzen ez diren agerpenei aplikatzean. Baina, alderantziz, antinomia honetatik egiazko erabilera lor daiteke, ez dogmatikoa, kritikoa eta doktrinala baizik, hots, agerpenen idealtasun transzendentala horren bitartez zeharka frogatzea, Estetika transzendentaleko froga zuzenek agian norbait gogobete ez balute. Froga dilema honetaz osatzen da. Mundua bere baitan existitzen den osokia bada, orduan amaiduna edo amaigabea da. Baina lehena zein bigarrena faltsuak dira (lehenago aipatutako antitesiaren frogaren arabera alde batetik, eta tesiaren frogaren arabera beste aldetik). Beraz, era berean faltsua da mundua (agerpen ororen multzoa) bere baitan existitzen den osokia denik. Hortik ondorioztatzen da oro harrezko agerpenak gure errepresentazioetatik at ezer ez direla, hau izaki beren idealtasun transzendentalaren bidez adierazi nahi genuena.

Ohar hau garrantzitsua da. Berari esker ikusten da antinomia laukoitzaren lehenengo frogak ez direla itxurapenak, froga irmoak baizik, hain zuzen, agerpenak edo hauek osotara bere baitan biltzen dituen sentsuen mundu bat berbaitango gauzak direla dioen aurresuposiziopean. Hortik ateratako esakuneen aurkakotasunak azaltzen du, ordea, aurresuposizioan faltsutasuna datzala, eta gauzen egiazko antolaeraren aurkikuntza dakarkigu, hauek sentsuen objektuak diren aldetik. Dialektika transzendentalak, beraz, ez dio eszeptizismoari babesik ematen, baina bai metodo eszeptikoari, zeinak bertan bere onura handiaren adibide bat erakuts dezakeen arrazoimenaren argumentuak bere askatasun handienean elkarren aurka jokatzen uztean, eta argumentu hauek azkenean bilatzen zena eskuratzen ez badute ere, dena dela, beti onuragarria eta gure judizioen zuzenketarako zerbitzagarria den zerbait eskuratzen dute.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Zortzigarren atala Arrazoimen hutsaren printzipio erregulatzailea ideia kosmologikoei begira[aldatu]

Osotasunaren oinarri-esakune kosmologikoaren bitartez baldintzen ilararen maximorik ematen ez denez sentsuen mundu batean berbaitango gauza gisa, baizik bere itzuleran soilik ezartzen denez gero, orduan arrazoimen hutsaren aipatutako oinarri-esakuneak bere baliotasuna atxikitzen du esanahi honetan zuzenduta: noski, ez osotasuna objektuan erreala balitz bezala pentsatzeko axioma gisa, baizik adimenarentzat arazo gisa, eta beraz, subjektuarentzat arazo gisa, ideian dagoen osotasunaren arabera emandako baldintzatuki batera doan baldintzen ilarako itzulera hasi eta jarraitzearren. Izan ere, sentimenean, h. d., espazioan eta denboran emandako agerpenen esposizioan lor dezakegun edozein baldintza era berean baldintzatua da; zeren hauek ez baitira berbaitango objektuak, beraietan absolutuki baldintzatugabea aurki litzatekeela, baizik eta beti begiespenean beren baldintza aurkitu behar duten errepresentazio enpiriko soilak dira, hauek espazioaren eta denboraren arabera determinatzen dituen baldintza, hain zuzen. Arrazoimenaren oinarri-esakunea, beraz, benetan agerpen jakinen baldintzen ilaran itzulera bat agintzen duen erregela besterik ez da, itzulera honi inoiz ez zaiolarik baimentzen absolutuki baldintzatugabean gelditzea. Ez da, beraz, esperientziaren ahalgarritasunaren eta sentsuen objektuen ezagutza enpirikoaren printzipiorik, eta beraz, ezta adimenaren oinarri-esakunerik ere; izan ere, esperientzia bakoitza bere mugen barnean jasoa dago (begiespen jakinaren arabera), eta beraz, ezta arrazoimenaren printzipio eratzailerik ere, sentsuen munduaren adigaia esperientzia ahalgarri oroz goiti hedatzeko, baizik esperientziaren jarraipen eta hedapen ahalbait handienaren oinarri-esakunea, eta honen arabera ezein muga enpirikok ere ez du balio behar muga absolututzat, beraz, arrazoimenaren printzipiotzat, zeinak erregela gisa itzuleran egin behar duguna postulatzen duen eta ez duen aitzinatzen objektuan bere baitan itzulera ororen aurretik ematen den ezer. Horregatik, arrazoimenaren printzipio erregulatzailea deitzen diot, zeren, aitzitik, baldintzen ilararen osotasun absolutua, objektuan (agerpenetan) bere baitan emana dena, printzipio kosmologiko eratzailea bailitzateke, zeinaren hutsaltasuna bereizkuntza honen bidez erakutsi nahi izan dudan, horrela erregela gisa soilik balio duen ideiari errealitate objektiboa ematea saihesteko, bestela ezinbestean gertatzen dena (subrepzio transzendentalaren bitartez).

Hortaz, arrazoimen hutsaren erregela honen zentzua egokiro determinatzearren, aldez aurretik oharrarazi behar da ezin duela esan objektua zer den, baizik itzulera enpirikoa nola egin daitekeen, honela objektuaren adigai osoa lortzearren. Izan ere, lehena gertatuko balitz, orduan hura printzipio eratzailea litzateke, halakoa arrazoimen hutsetik abiatuta inoiz ahalgarria ez denean. Honekin, beraz, ezin daiteke inolaz ere baldintzatuki jakin batera doan baldintzen ilara bere baitan amaiduna ala amaigabea ote den esateko asmorik izan; izan ere, horren bitartez bere baitan itxia dagoen osotasun absolutuaren ideia soilak ezein esperientziatan eman ezin daitekeen objektua pentsatuko luke, agerpenen ilarari sintesi enpirikotik beregaina den errealitate objektiboa ematen zaion heinean. Arrazoimenaren ideiak baldintzen ilarako sintesi itzulkorrari soilik ezarriko dio erregela bat, zeinaren arabera bera baldintzatukitik baldintzatugabekira aurrera egiten duen elkarren menpeko baldintza ororen bitartez, baldintzatugabekia inoiz lortuko ez den arren. Izan ere, absolutuki baldintzatugabea dena inolaz ere ez da aurkitzen esperientzian.

Honetara iristeko, lehenik, ilara baten sintesia zehazki determinatu behar da, bera inoiz osoa ez den heinean. Honetarako bi adierazpen erabiltzen dira eskuarki, bertan zerbait ezberdindu beharko luketenak, bereizkuntza honen oinarria zuzenki ematen ez jakin arren. Matematikariek progressus in infinitum batez soilik hitz egiten dute. Adigaien ikertzaileek (filosofoek) horren ordez progressus in indefinitum adierazpena soilik onartu nahi dute. Adigai hauek nire asmoari dagokionez zehazki determinatzea saiatu nahi dut hauei halako bereizkuntza egitea gomendatu dien ezbaiaren eta honen erabilera onaren edo antzuaren etsaminan geratu gabe.

Lerro zuzen batez bidezki esan daiteke amaigaberaino luza daitekeela, eta hemen aurrerabide amaigabea eta indeterminatuaren (progressus in indefinitum) arteko bereizkuntza egitea sotiltasun hutsala litzateke. Izan ere, «lerroa luza ezazue» esaten denean, noski, zuzenago litzateke in indefinitum gehitzea in infinitum esatea baino; zeren lehenak ez baitu hau baino esan nahi: «luza ezazue nahi duzuen bezainbat»; bigarrenak, berriz: «inoiz ezin duzue geratu bera luzatzeko ekintza» (hemen nahi ez dena); eta orduan, solasgaia ahal izatea bada, lehenengoa osorik zuzena da; izan ere, amaigaberantz beti eta handiagoa egin dezakezue; eta horrela gertatzen da aurrerapenaz hitz egiten den bakoitzean, h. d., baldintzatik baldintzatukira doan aurrerapenaz hitz egitean; aurrerabide ahalgarri hau amaigabera doa agerpenen ilaran. Guraso pare batetik sorketaren beheranzko lerroan amaierarik gabe aurrera egin daiteke, eta ederki pentsa dezakezue ilara horrek munduan benetan horrela egiten duela aurrerantz. Izan ere, hemen arrazoimenak ez du inoiz behar ilararen osotasun absolutua, zeren honek halakoa inoiz ez baitu aurresuposatzen baldintza gisa eta emana den zerbait gisa (datum), baizik baldintzatua den zerbait gisa soilik behar du, emangarria besterik ez den (dabile) eta amaigabeki gaineratzen den zerbait.

Erabat bestela gertatzen da beste eginkizun honekin: baldintzatuki jakinetik baldintzetara ilaran goratzen den itzulera noraino heltzen den, hau da, ea esan dezakedan amaigaberantz doan itzulera-bidea dela edo indeterminatuki urrunera (in indefinitum) hedatzen den itzulera-bidea besterik ez dela, eta ea ni orain bizi diren gizakietatik abiatuta beren aurreko gurasoen ilaran amaigaberaino igo naitekeen edo hau besterik ezin esan daitekeen, alegia, itzulera-bidean hain urrun iritsi arren, inoiz ez dela ilara inon mugatutzat jotzeko oinarri enpirikorik aurkituko, eta horrenbestez, zilegi zaidala eta behartua nagoela jatorrizko gurasoen aurretikoak bilatzera, baina ez hauek aurresuposatzera.

Ondorioz, zera diot: osokia begiespen enpirikoan ematen bada, orduan itzulera bere barneko baldintzen segidan amaigaberantz doa. Segidaren osakide bakarra ematen baldin bada, hainbestez, itzulerak bertatik jarraitu behar duela lehen-lehenik osotasun absoluturantz, orduan urrunera indeterminatura doan itzulera-bidea gertatzen da (in indefinitum). Hortaz, bere mugen barnean emandako materia baten (gorputza) zatiketaz amaigabera doala esan behar da. Izan ere, materia hau osorik ematen da begiespen enpirikoan, eta ondorioz, bere zati ahalgarri guztiekin batera. Baina osoki honen baldintza bere zatia denez eta zati honen baldintza zatiaren zatia, eta abar, eta deskonposaketaren itzulera honetan inoiz baldintzen ilararen baldintzatugabeko osakiderik (zatigaitzik) aurkituko ez denez gero, orduan inon zatiketa geratzeko ezein oinarri enpiriko ez egoteaz gain zatiketa jarraituaren osakide urrunenak enpirikoki ere ematen dira aurrera doan zatiketa horren aurretik, h. d., zatiketa amaigaberantz doa. Aitzitik, gizaki jakin baten gurasoen ilara ez da ezein esperientzia ahalgarritan ematen bere osotasun absolutuan, baina itzulera sorketa honen osakide bakoitzetik goragoko osakide baterantz doa, eta hainbestez, osakide bat absolutuki baldintzatugabe gisa aurkeztuko lukeen muga enpirikorik aurkitu gabe. Honetarako baldintza eskura zezaketen osakideak, ordea, jadanik osokiaren begiespen enpirikoan ez dautzanez itzuleraren aurretik, orduan hau ez doa (emandakoaren zatiketaren) amaigaberantz, baizik eta urrunera indeterminaturantz doa emandako osakideez gain osakide ezberdinen bilaketan, zeinak era berean beti baldintzatuta soilik ematen diren.

Bi kasuetako bat beran ere ez da begiztatzen baldintzen ilara objektuan amaigabe balitz bezala emandakotzat, ez regressus in infinitum, ezta in indefinitum-en kasuan ere. Ez dira gauzak beren baitan soilik itzulera bertan ematen direnak, baizik agerpenak besterik ez, elkarren baldintzak diren aldetik. Beraz, galdekizuna ez da ea zein handia den baldintzen ilara bere baitan, ea amaiduna edo amaigabea den, izan ere, ez da ezer bere baitan; baizik, ea nola egiten dugun itzulera enpirikoa eta ea noraino jarraitu behar dugun. Eta orduan, bereizketa aipagarria dugu aurrerapen honen erregelari dagokionez. Osokia enpirikoki ematen baldin bada, orduan ahalgarria da bere barneko baldintzen ilaran amaigaberantz itzultzea. Hura ematen ez bada, baizik lehen-lehenik itzulera enpirikoaren bitartez ematen baldin bada, orduan hau soilik esan dezaket: ahalgarria da ilararen baldintza garaiagoetara aurrera egitea amaigaberaino. Lehen kasuan, zera esan nezakeen: nik (deskonposaketaren) itzuleraren bitartez lor ditzakedanak baino enpirikoki emanak diren osakide gehiago daude; bigarrenean, ordea: itzuleran beti aurrera joan naitekeela, zeren absolutuki baldintzugabe gisa enpirikoki emana den ezein osakiderik ez baitago, eta beraz, osakide garaiago bat ahalgarria dela, eta beraz, honek bere bilaketa halabeharrez onartzen duela. Han beharrezkoa zen ilararen osakide gehiago aurkitzea, hemen, berriz, beti beharrezkoa da gehiagoz galdetzea, ezein esperientziak ez baitu mugatzen absolutuki. Izan ere, edo zuen itzulera enpirikoa absolutuki mugatzen duen ezein hautemapenik ez duzue, eta orduan zuen itzulera ezin duzue osatutzat jo, edo zuen ilara  mugatzen duen halakoa hautemapena baduzue, orduan honek ezin du izan zuen itzulera-ilararen zatia (zeren mugatzen duenak horren bitartez mugatua denetik ezberdina izan behar baitu), eta orduan zuen itzulera baldintza honetaraino ere jarraitu behar duzue, eta horrela aurrerantzean.

Ondorengo atalak ohar hauek egokiro argituko ditu beren aplikazioaren bitartez.

Arrazoimen hutsaren antinomiaren Bederatzigarren atala. Arrazoimenaren printzipio erregulatzailearen erabilera enpirikoaz ideia kosmologiko orori begira[aldatu]

Sarri erakutsi dugun moduan, ez adimenaren adigai hutsen ezta arrazoimenaren adigai hutsen erabilera transzendentalik ez dagoenez; sentsuen munduko baldintzen ilaren osotasun absolutua arrazoimenaren erabilera transzendentalean eusten denez, zeinak berbaitango gauza gisa aurresuposatzen duenaren osotasun baldintzatugabea eskatzen duen; sentsuen munduak, ordea, horrelakorik barnebiltzen ez duenez gero, orduan solasgaia ezin da izan beren ilaren handitasun absolutua, alegia, ea ilarak mugatuak edo beren baitan mugagabeak izan daitezkeen, baizik hau besterik ez: ea itzulera enpirikoan noraino egin behar dugun atzera esperientzia bere baldintzetan biltzen dugunean, horrela arrazoimenaren erregelaren arabera ezein galdekizunen erantzunean ez geratzeko, objektuari dagokionean izan ezik.

Beraz, esperientzia ahalgarriaren jarraipenaren eta handitasunaren erregela den arrazoimen-printzipioaren baliotasuna besterik ez zaigu geratzen agerpenen berbaitango oinarri-esakune eratzaile gisa duen balio eza askiro frogatu ondoren. Hura zalantzarik gabe begi-bistan jarri badezakegu, orduan arrazoimenak bere buruarekin duen gatazka ere bukatuko litzateke osorik, ez soilik hau bere buruarekin banatzen zuen itxuraren konponketa kritikoaren bitartez gainditzen den heinean, baizik bere ordez arrazoimenak bere buruarekin zein zentzutan bat egiten duen erakutsiko delako, sasi-interpretazio honek soilik sortu baitzuen gatazka, eta gainera dialektikoa den oinarri-esakunea doktrinalean eraldatuko delako ere bai. Egitatean, oinarri-esakune honi bere esanahi subjektiboaren arabera adimen-erabilera ahalbait handiena egokiro determinatzea onartuko balitzaio objektu beren esperientzian, orduan berak axioma gisa (arrazoimen hutsetik abiatuta ezinezkoa dena) berbaitango objektuak a priori determinatuko balitu bezala litzateke; izan ere, axioma honek ere esperientziaren objektuei dagokienez gure ezagutzaren hedapenean eta zuzenketan izan lezakeen eragin handiena gure adimenaren esperientzia-erabilera hedatuenean ekile gisa agertzea izango litzateke.

I Mundu-osoki bateko agerpenen elkarketaren totalitatearen ideia kosmologikoaren konponketa[aldatu]

Hemen eta gainerako galdekizun kosmologikoetan arrazoimenaren printzipio erregulatzailearen oinarria esakune hau da: itzulera enpirikoan muga absolutu baten esperientziarik ezin daitekeela aurkitu, eta beraz, ezta baldintza gisa enpirikoki erabat baldintzatugabea den ezein baldintzarik ere. Horren zergatia, berriz, hau da: halako esperientziak ezerezaren bidezko edo hutsunearen bidezko agerpenen mugaketa barnebildu beharko lukeela, hots, itzulera jarraituak hautemapenen bitartez aurki lezakeen mugaketa, ezinezkoa dena.

Esakune honek, beraz, hau adina dio: itzulera enpirikoan beti era berean enpirikoki baldintzatua bezala begiztatu behar den baldintzara soilik iristen naizela, eta erregela hau barnebiltzen du in terminis, alegia, ilara gorakorrean hain urrun iritsi naitekeen arren, nik beti ere ilararen osakide garaiago batez galdetu behar dudala, hau esperientziaren bidez ezaguna izan edo ez izan.

Lehen arazo kosmologikoaren konponketarako zera erabakitzea besterik ez da behar: ea mundu-osokiaren (espazioaren eta denboraren arabera) baldintzatugabeko handitasunaren itzuleran inoiz mugatua ez den igotze honek amaigaberanzko itzulera-bidea izena jaso dezakeen edo indeterminatuki jarraitutako itzulera (in indefinitum) izena besterik ez.

Iraganeko mundu-egoera ororen ilararen errepresentazio orokorra, halaber, espazioan aldi berean dauden gauzena, nik pentsatzen dudan itzulera enpiriko ahalgarria baino ez da, indeterminatuki bada ere, eta horren bitartez soilik sor daiteke hautemapen jakinaren halako baldintza-ilararen adigaia127. Mundu-osokia, hortaz, beti adigaian soilik daukat, inolaz ere ez begiespenean (osoki gisa). Beraz, ezin dut bere handitasunetik abiatuta itzuleraren handitasuna inferitu eta hau haren arabera determinatu, baizik lehen-lehenik munduaren handitasunaren adigaia sortu behar dut itzulera enpirikoaren handitasunaren bitartez. Honetaz, ordea, baldintzen ilaren osakide jakin bakoitzetik beti ere oraindik beste osakide garaiagora (urrunagora) aurrera egin behar duela baino gehiago ez dakit inoiz. Beraz, horren bitartez inolaz ere ez da absolutuki determinatzen agerpenen osokiaren handitasuna, eta beraz, ezin da esan itzulera hau amaigaberantz doanik, zeren honek itzulera oraindik iritsi ez den puntuko osakideak aitzinatuko bailituzke eta beren kopurua hain handia errepresentatuko bailuke, non ezein sintesi enpiriko horretara ezingo bailitzateke iritsi, eta ondorioz, munduaren handitasuna itzuleraren aurretik determinatuko bailuke (nahiz eta negatiboki besterik ez izan), ezinezkoa dena. Izan ere, hau ez zait ezein begiespenen bitartez emana (bere osotasunaren arabera), eta beraz, ezta bere handitasuna ere itzuleraren aurretik. Beraz, munduaren handitasunaz ezin dugu ezer esan, ezta bertan regressus in infinitum bat gertatzen denik ere, baizik bere handitasunaren adigaia bilatu baino ez dugu egin behar itzulera enpirikoak bertan determinatzen duen erregelaren arabera. Erregela honek ez du, ordea, zera baino esaten: baldintza enpirikoen ilaran hain urrun iritsi ahal izan bagara ere, inon ez dugula muga absoluturik onartu behar, baizik agerpen bakoitza, baldintzatua den aldetik, beste bati bere baldintza gisa menperatu behar zaiola, eta gainera, regressus in indefinitum bat den honetara aurrera egin behar dugula, zeina regressus in infinitum-etik aski nabarmenki ezberdin daitekeen, hark ez baitu ezein handitasunik determinatzen objektuan.

Beraz, ezin dut esan mundua lehenaldiari dagokionez edo espazioari dagokionez amaigabea denik. Izan ere, handitasunaren halako adigaia, amaigabetasun jakinaren adigaia denez, enpirikoa da, eta beraz, munduari dagokionez erabat ezinezkoa ere bai sentsuen objektu gisa. Ez dut esango era berean: hautemapen jakin batetiko itzulera, hau espazioan eta denbora iraganean ilara batean mugatzen duen guztirantz doa, hots, amaigaberantz; izan ere, honek munduaren handitasun amaigabea aurresuposatzen du; ezta ere: amaiduna da; izan ere, muga absolutua era berean ezinezkoa da enpirikoki. Beraz, ezingo dut ezer esan (sentsuen munduaren) esperientziaren objektu osoaz, baizik erregela batez besterik ez, zeinari jarraiki esperientzia egin eta jarraitu behar den bere objektuari egokituz.

Munduaren handitasunaz egindako galdekizun kosmologikoaren lehen erantzuna, hortaz, eta erantzun ezezkorra, hau da: munduak ez dauka lehen hasierarik denborari dagokionez, ezta kanpoko mugarik ere espazioari dagokionez.

Izan ere, aurkako kasuan, alde batetik denbora kaskalaz eta bestetik espazio kaskalaz mugatua izango litzateke. Berak agerpen gisa bere baitan bietako batere izan ezin duenez gero, orduan mugapenaren hautemapen batek ahalgarria izan beharko luke erabat kaskala den denboraren edo espazioaren bitartez, eta honen bidez munduaren amaiera emango litzateke esperientzia ahalgarri batean. Halako esperientzia, ordea, ezinezkoa da, bere edukia erabat kaskala baita. Beraz, munduaren muga absolutua ezinezkoa da enpirikoki, eta beraz, absolutuki ere bai128.

Hemendik ondorioztatzen da erantzun baiezkorra ere: munduko agerpenen ilararen itzulera in indefinitum doa, munduaren handitasunaren determinazioa denez, eta honek hau adina esan nahi du: sentsuen munduak ez dauka handitasun absoluturik, baizik itzulera enpirikoak (horren bitartez soilik eman daitekeela bere baldintzen aldetik) bere erregela du, hots, ilararen osakide bakoitzetik, baldintzatukia den aldetik, beti osakide urrunago batera aurrera egitea (izan dadin norbere esperientziaren bitartez, edo historiaren gida-hariaren bitartez, edo ondorioen eta beren kausen katearen bitartez), eta bere adimenaren erabilera enpiriko ahalgarriaren hedapena inon alde batera ez uztea, arrazoimenaren benetako zeregin bakarra baita bere printzipioei dagokienez.

Agerpenen era jakin batean etengabe aurrera egingo lukeen itzulera enpiriko determinatua ez da honen bitartez ezartzen dena, adibidez, gizaki bizi batetik beti gurasoen ilaran gorantz igo behar dela, lehen pare bat itxaron behar gabe, edo munduko gorputzen ilaran, eguzki urrunenik onartu behar gabe; baizik agerpenetik agerpenetara aurrerapena besterik ez da agintzen, nahiz eta hauek hautemapen errealik ez eskuratu (maila ahulegia badu esperientzia bihurtu ahal izateko gure kontzientziarentzat), zeren hori aintzat hartu gabe ere esperientzia ahalgarriari baitagozkio.

Hasiera oro denboran gertatzen da, eta hedatua denaren muga oro espazioan. Espazioa eta denbora, ordea, sentsuen munduan besterik ez dira aurkitzen. Eta beraz, munduan baldintzatuki mugatutako agerpenak dira, baina mundua bera ez da mugatua, ez era baldintzatuan, ezta baldintzatugabean ere.

Horregatik, mundua inoiz osorik ematen ez denez, eta baldintzatuki jakin baterako baldintzen ilara bera, munduko ilara gisa, inoiz osorik eman ezin daitekeenez gero, orduan munduaren handitasunaren adigaia itzuleraren bitartez soilik da emana, eta ez bere aurretik begiespen kolektibo batean. Itzulera hori, ordea, beti handitasunaren determinatzea da eta ez du, beraz, ezein adigai determinaturik ematen, ezta, beraz, handitasun baten adigairik ere, neurri jakin bati dagokionez amaigabea litzatekeen adigaia, eta ez doa, beraz, amaigaberantz (nolabait esateko, emandako amaigaberantz), baizik urrunera indeterminaturantz, horrela itzulera horren bitartez lehen-lehenik erreala bihurtzen den (esperientziaren) handitasun bat eskuratzeko.

II Begiespeneko osoki jakin baten zatiketaren totalitatearen ideia kosmologikoaren konponketa[aldatu]

Begiespenean ematen den osokia zatitzen baldin badut, orduan baldintzatukitik bere ahalgarritasunaren baldintzetara noa. Zatien zatiketa (subdivisio edo decompositio) itzulera bat da baldintza horien ilaran. Ilara horren osotasun absolutua emana izango litzateke, baldin eta itzulera zati bakunetara iritsi ahal izango balitz. Jarraituki aurrera egiten duen deskonposaketan zatiak beti berriro ere zatigarriak baldin badira, orduan zatiketa, h. d., itzulera, baldintzatukitik bere baldintzara doa in infinitum; zeren baldintzak (zatiak) baldintzatukian bertan barnebilduak daudenez eta hau bere mugetan jasotako begiespenean osorik ematen denez gero, orduan era berean osotara batera emanak baitaude. Itzulerari ezin zaio, beraz, in indefinitum doan itzulera-bidea soilik deitu, aurreko ideia kosmologikoak baimentzen zuen gauza bakarra gisa, zeren baldintzatukitik hasita beretik at, eta beraz, berekin aldi berean emanak ez zeuden, baizik lehen-lehenik itzulera enpirikoan eransten ziren bere baldintzetara aurrera egin behar bainuen. Hau aintzat hartu gabe ere, ez da inolaz ere zilegi amaigaberaino zatigarria den halako osokiaz zera esatea: zati anizkun amaigabeez osatzen da. Izan ere, nahiz eta zati guztiak osokiaren begiespenean barnebilduak izan, hala ere, bertan ez dago zatiketa osoa barnebildua, beraz, ilara lehen-lehenik erreala egiten duen deskonposaketa aurrerakorraz edo itzulera beraz besterik osatzen ez den zatiketa. Itzulera hau amaigabea denez gero, orduan bera heltzen den puntuko osakide (zati) guztiak agregatu gisa barnebilduak daude osoki jakinean, baina ez zatiketaren ilara osoa, hurrenez hurren amaigabea dena eta inoiz ez osoa, eta ondorioz, kopuru amaigabea ere ez dena, eta ezein elkarkuntza aurkeztu ezin duena osoki batean.

Oharpen orokor hau erraz aplika dakioke espazioari lehenik. Bere mugetan begietsitako edozein espazio halako osokia da, non bere zatiak deskonposaketa orotan beti berriro ere espazioak baitira, eta horregatik, espazioa amaigaberaino zatigarria da.

Hemendik berez ondorioztatzen da bigarren aplikazioa ere, hots, bere mugen barnean jasotzen den kanpoko agerpen bati aplikazioa (gorputzari). Bere zatigarritasuna espazioaren zatigarritasunean oinarritzen da, eta espazioak gorputzaren ahalgarritasuna osatzen du hau osoki hedatua den aldetik. Hau, beraz, amaigaberaino zatigarria da, baina ez da horregatik zati anizkun amaigabeez osatzen.

Badirudi, gorputz bat substantzia gisa espazioan errepresentatua izan behar denez, bera espaziotik ezberdinduko dela espazioaren zatigarritasunaren legeari dagokionez; izan ere, dena dela, ederki onar daiteke deskonposaketak azkenengoan ezin duela inoiz elkarketa oro deuseztatu, horrela bestela beregaina den ezer ez duen espazio orok izateari utziko liokeen heinean (ezinezkoa dena); hala ere, badirudi ondokoa ezin dela substantzia baten adigaiarekin bateratu, hots, benetan elkarketa ororen subjektua izan behar duen eta gorputz bat osatzeko osagaien elkarlotura espazioan ezeztatua izango balitz ere iraungo lukeen substantziaren adigaiarekin bateratu: materiaren elkarketa oro pentsamenduan ukatzen bada, ezerk ez dirauela. Hala ere, agerpenean substantzia deitzen zaionarekin ez da gertatzen berbaitango gauza beraz adimenaren adigai hutsen bidez ederki pentsatuko litzatekeen gauza bera. Hura ez da subjektu absolutua, baizik sentimenaren irudi iraunkorra eta begiespena besterik ez, eta bertan ez dago inon baldintzatugabea den ezer.

Espazioaren beteketa soilaren gisako agerpenaren azpizatiketan amaigaberanzko aurrerapenaren erregela hau zalantzarik gabe betetzen denez gero, orduan erregelak ez du balio, hala ere, guk era jakin batean emandako osokian jadanik halako moldez bakartuta dauden zatien kopurura hedatu nahiko bagenu, non zatiok quantum discretum bat osatzen baitute. Osoki artikulatu (organizatu) orotan zati bakoitza berriro artikulatua dela eta honela zatien analisi amaigabearen bitartez beti zati artifizial berriak aurkitzen direla onartzea, hitz batean, osokia amaigaberaino artikulatua dela onartzea, ezin da pentsatu, nahiz eta ederki pentsa daitekeen materiaren zatiak beren amaigaberainoko deskonposaketan artikulatuak izan zitezkeela. Izan ere, espazioan emandako agerpen jakin baten zatiketaren amaigabetasuna agerpenaren bitartez zatigarritasuna besterik ez ematean soilik oinarritzen da, h. d., bere baitan erabat indeterminatua den zatien kopurua, zatiak berak, ostera, azpizatiketaren bitartez soilik ematen eta determinatzen direnean, hitz batean, osokia bere baitan jadanik zatitua ez egotean oinarritzen da. Horregatik, zatiketak bertan zatiketaren itzuleran aurrera egin nahi den bezain urrun joan daitekeen kopuru bat determina dezake. Aitzitik, amaigaberaino artikulatutako gorputz organikoan osokia adigai horren bitartez jadanik zatitua errepresentatzen da eta bertan bere baitan determinatuta dagoen baina amaigabea den zatien kopurua aurkitzen da zatiketaren itzulera ororen aurretik, eta horren bitartez norbere burua kontraesaten da, garapen amaigabe hau inoiz osatzen ez den ilaratzat (amaigabea) eta hala ere multzo batean osatutzat hartzen den heinean. Zatiketa amaigabeak agerpena soilik izendatzen du quantum continuum gisa eta espazioaren beteketatik bereizgaitza da, beteketa horretan baitatza zuzenki bere zatigarritasun amaigabearen oinarria. Zerbait quantum discretum gisa onartu ahala bertan batasunen kopurua determinatua dago; horregatik berdintzen da beti era berean zenbaki batekin. Esperientziak baino ezin dezake erabaki gorputz artikulatu baten organizazioa noraino irits daitekeen, eta ziurtasunez ezein zati inorganikotara iritsiko ez balitz ere, dena dela, hauek esperientzia ahalgarrian egon beharko lukete bederen. Ez da, ordea, esperientziaren gaia ea agerpen baten zatiketa transzendentala oro har noraino hedatzen den, baizik arrazoimenaren printzipioa, hedatukiaren deskonposaketan ematen den itzulera enpirikoa agerpen horren izaeraren arabera inoiz erabat osatutzat jotzen ez duen printzipioa.


* *  *


Azken oharra ideia matematiko-transzendentalen konponketari,

eta atariko oharpena ideia dinamiko-transzendentalen konponketari

Ideia transzendental guztien bitartez sortutako arrazoimen hutsaren antinomia taula batean aurkeztu genuenean, bertan aurkakotasun honen oinarria eta bera gainditzeko baliabide bakarra erakusten genuela, kontrajarritako bi baieztapenak faltsutzat hartuak izatean zetzan baliabidea; orduan, dena dela, baldintzak beren baldintzatukiei zegozkiela errepresentatzen genituen espazioaren eta denboraren hartuemanetan, giza adimen arruntaren ohiko aurresuposizioa dena, hain zuzen, eta bertan funtsatzen zen era berean osorik aurkakotasun hura. Ikuspegi honetatik begiratuta, osotasunaren errepresentazio dialektiko denak ere guztiz era berekoak dira baldintzatuki jakin baten baldintzen ilaran. Ilara bat bazen beti, bertan baldintza baldintzatukiarekin elkarlotua zegoela bere osakide gisa, eta horren bitartez biak homogeneoak ziren, zeren itzulera inoiz ez baita pentsatzen osatua balitz bezala, edo honek gertatu beharko balu ere, bere baitan baldintzatutako osakidea faltsuki lehen osakide bat balitz bezala, eta beraz, baldintzatugabeki gisa onartu beharko bailitzateke. Beraz, ez zen beti objektua kontsideratzen, h. d., baldintzatukia, baina bai bertara doan baldintzen ilara bere handitasun soilaren arabera, eta hemen zetzan zailtasuna, ezein alderaketaz gainditu ezin den zailtasuna, korapiloa osoki moztuz izan ezik, alegia, arrazoimena adimenarentzat edo luzeegia edo motzegia zela, halako moldez, non adimenak arrazoimenaren ideia inoiz ezin baitzuen berdindu.

Hemen, ordea, objektuetan, h. d., arrazoimenak ideiak bihurtzen saiatzen dituen adimenaren adigaietan nagusitzen den funtsezko bereizketa ahaztu dugu, hots, goragoko gure kategorien taularen arabera beraietako biek agerpenen sintesi matematikoa, gainerako beste biek, ordea, dinamikoa adierazten dutela. Orain arte ederki izan zitekeen horrela, ideia transzendental ororen errepresentazio orokorrean beti ere agerpeneko baldintzetan geratu ginen bezala matematiko-transzendental bietan ere agerpenekoak direnak baino beste objekturik ez baikenuke izango. Orain, ordea, adigai dinamikoetara aurrera egiten dugunez gero, adigaiok arrazoimenaren ideiei egokitu behar zaizkien heinean, orduan bereizkuntza hura garrantzitsua bihurtzen da eta arrazoimena nahastua dagoen gatazkaz jarduteko ikuspegi erabat berria ahalbidetzen digu. Gatazka lehenago ezeztatua izan zen, bi aldeetatik aurresuposizio faltsuetan oinarritzen zelako, orain, ordea, antinomia dinamikoan arrazoimenaren asmoarekin batera daitekeen halako aurresuposizioa gertatzen denez gero, bi aldeen arteko adostasuna lor daiteke ikuspegi honetatik eta epaileak bi aldeek ezezagutu zuten zuzenbidezko oinarriaren gabezia osatuz, antinomia matematikoaren gatazkan egin izan ezin zena.

Baldintzen ilarak, noski, homogeneoak dira denak, hauen hedapena soilik begiztatzen den heinean: ea ideiari egokitzen zaizkion edo harentzat handiegiak ala txikiegiak diren. Hala ere, ideia hauen oinarrian datzan adimenaren adigaiak edo homogeneoaren sintesi soila (edozein handitasunetan aurresuposatzen dena, bai bere elkarketan, baita zatiketan ere) edo baita homogeneoa ez denarena ere barnebiltzen du, bai kausazko loturaren sintesi dinamikoan, baita beharrezkoa denak beharbadakoa denarekin duen loturaren sintesi dinamikoan ere onartu behar dena behinik behin.

Hortik dator agerpenen ilaren elkarlotura matematikoan sentsuzko baldintza baino ez aurkitzea, h. d., ilararen zatia den baldintza bat; aitzitik, sentsuzko baldintzen ilara dinamikoak ilararen zatia ez den, baizik inteligiblea soilik izanik ilaratik at datzan baldintza ez-homogeneoa onartzen du, eta horren bitartez arrazoimena gogobetetzen da eta baldintzatugabekia aurrezartzen zaie agerpenei, beti ere baldintzatuak diren agerpen hauen ilaran horregatik nahasketarik eragin gabe eta adimenaren oinarri-esakunerik hautsi gabe.

Ideia dinamikoek beren ilaratik at agerpenen baldintza onartzen dutenez gero, h. d., agerpena ez den baldintza onartzen dutenez gero, orduan antinomiaren emaitzatik erabat ezberdina den zerbait gertatzen da. Honek, alegia, aurkako bi baieztapenak faltsutzat hartzera behartzen zuen. Aitzitik, agerpenak diren hauetatik bereiztezina den ilara dinamikoetako baldintzatuki osoak baldintza enpirikoki baldintzatugabearekin elkarlotuta, baina baita ez-sentsuzkoarekin elkarlotuta ere, alde batetik adimena, baina bestetik baita arrazoimena129 ere gogobetzen ditu, eta argumentu dailektikoak desagertu egiten dira, era batera edo bestera agerpenetan osotasun baldintzatugabea bilatzen zuten heinean, arrazoimenaren esakuneak, aitzitik, era horretan zuzendutako esanahian biak egiazkoak izan daitezkeenean; hau ezin gerta daiteke inoiz batasun matematiko-baldintzatugabearekin soilik zerikusia duten ideia kosmologikoetan, zeren bertan bera ere agerpena den, eta beraz, ilararen osakidea osatzen duena baino beste agerpenen ilararen baldintzarik ez baita aurkitzen.

III Mundu-jazoeren beren kausetatiko eratorketaren totalitatearen ideia kosmologikoaren konponketa [aldatu]

Gertatzen denari dagokionez, bi kausalitate-era soilik pentsa daitezke: edo izadiaren araberakoa, edo askatasunetik abiatzen dena. Lehena, egoera batek sentsuen munduan aurreko batekin duen elkarlotura da, hura honi erregela baten arabera jarraiki zaiola. Agerpenen kausalitatea denbora-baldintzetan funtsatzen denez, eta aurreko egoera beti izan balitz, lehen-lehenik denboran sortzen den ezein efektu ezin sortuko lukeenez gero, orduan gertatzen denaren edo sortzen denaren kausaren kausalitatea ere sortua da, eta honek berriro kausa bat behar du adimenaren oinarri-esakuneen arabera.

Aitzitik, askatasunaz zera ulertzen dut adiera kosmologikoan: egoera bat berez hasteko ahalmena, zeinaren kausalitatea ez dagoen, beraz, era berean beste kausa baten menpean izadiaren legeen arabera, kausalitate hura denboraren arabera determinatzen duen kausaren menpean, alegia. Askatasuna esanahi honetan ideia transzendental hutsa da, eta honi dagokionez, lehenik, esperientziatik hartutako ezer ez du, bigarrenik, bere objektua ezin daiteke ezein esperientziatan emana izan era determinatuan, zeren lege orokorra baita, esperientzia ororen ahalgarritasunarena ere bai, gertatzen den guztiak kausa bat izan behar duela, eta beraz, gertatu edo sortu denaren kausaren kausalitateak era berean kausa bat izan behar duela; horren bitartez, esperientziaren alor osoa izadi soilaren multzo bat bihurtzen da, hau nahi den adina hedatzen dela ere. Horrela, ordea, kausazko hartuemanetan baldintzen osotasun absoluturik lortzerik ez dagoenez gero, orduan arrazoimenak berez ekiten has daitekeen berezkotasun baten ideia sortzen du, aurretik beste kausa bat jartzeko beharrik gabe bera berriro kausazko elkarloturaren legearen arabera ekintzara determinatzeko.

Erabat ohargarria da askatasunaren ideia transzendentala bere adigai praktiko honetan oinarritzea, eta hark honetan bere ahalgarritasunari buruzko galdekizuna betidanik inguratu duen zailtasunaren benetako unea osatzea. Bere adiera praktikoan askatasuna hautamenak sentimenaren eraginen beharpenetik duen beregaintasuna da. Izan ere, hautamena sentsuzkoa da patologikoki afektatua den heinean (sentimenaren kausa eragileen bitartez); aberezkoa (arbitrium brutum) deitzen zaio, patologikoki behartua denean. Giza hautamena, beraz, arbitrium sensitivum da, baina ez brutum, baizik eta liberum, zeren sentimenak hautamenaren ekintza ez baitu beharrezkoa bihurtzen, baizik eta gizakiak ahalmen bat du norbere burua sentsuen irriken beharpenetik beregainki determinatzeko.

Erraz ikusten da, sentsuen munduko kausalitate oro izadia besterik ez baldin balitz, orduan jazoera bakoitza beste baten bitartez denboran beharrezko legeen arabera determinatua legokeela, eta beraz, agerpenek hautamena determinatzen duten heinean ekintza bakoitza beren berezko emaitza gisa beharrezkoa bihurtu beharko zutenez gero, orduan askatasun transzendentalaren ezeztapenak aldi berean askatasun praktiko oro deuseztatuko lukeela. Izan ere, honek zera aurresuposatzen du: zerbait gertatu ez bada ere, gertatu behar zuela, eta bere kausa agerpenean ez zela gure hautamenean kausalitate bat ez egoteko bezain determinatzailea, alegia, izadiaren kausa haietatik beregainki eta bere botere eta eragin beraren aurka izanda ere, denbora-ordenan lege enpirikoen arabera determinatua dagoen zerbait sortzeko, eta beraz, jazoeren ilara bat osorik berez hasteko kausalitatea.

Hemen, beraz, esperientzia ahalgarriaren mugetatik at ausartzen den arrazoimenaren aurkakotasunean aurkitzen dena gertatzen da, alegia, eginkizuna benetan ez dela fisiologikoa, transzendentala baizik. Horregatik, askatasunaren ahalgarritasunari buruzko galdekizunak Psikologiarekin du zerikusia, baina arrazoimen huts soilaren argumentu dialektikoetan funtsatzen denez gero, orduan bera eta bere konponketa Filosofia transzendentalak soilik landu behar ditu. Eta honi buruzko erantzun gogobetegarria ukatu ezin duen Filosofia transzendentala horretarako prestatzearren, aurretiaz eginkizun honetan izango duen jardunbidea ohar baten bitartez zehazkiago determinatzea saiatu behar dut.

Agerpenak berbaitango gauzak balira, eta beraz, espazioa eta denbora berbaitango gauzen izatearen forma berak balira, orduan baldintzak baldintzatukiarekin batera beti ilara bat eta berberari legozkioke osakide gisa, eta hortik kasu honetan ideia transzendental guztiei komuna zaien antinomia sortuko litzateke, ilara honek ezinbestean adimenarentzat handiegia edo txikiegia gertatu beharko bailuke. Zenbaki honetan eta hurrengoan landuko ditugun arrazoimenaren adigai dinamikoak, ordea, bereizgarri hau dute: objektu batekin zerikusia dutenez, baina ez handitasuna den heinean, baizik bere izatearekin zerikusia soilik dutenez gero, orduan baldintzen ilararen handitasunaz ere abstrai daitekeela, eta hemen gaia baldintzak baldintzatukiarekin duen hartueman dinamikoa besterik ez da, eta hainbestez, izadiari eta askatasunari buruzko galdekizunean jadanik zailtasun hau aurkitzen dugu: ea askatasuna edonon ahalgarria besterik ez den, eta ea ahalgarria baldin bada, orduan kausalitatearen izadi-legearen orokortasunarekin batera daitekeen; eta beraz, ea esakune disjuntibo zuzena den, munduko eragin bakoitza edo izadiatik edo askatasunetik sortua izan behar dela, edo, aitzitik, ez ote daitezkeen biak harreman ezberdinean jazoera bat eta berberan aldi berean gertatu. Sentsuen munduko jazoera ororen bilkura osoaren oinarri-esakunearen zuzentasuna izadiaren lege aldaezinen arabera dago finkatua Analitika transzendentalaren oinarri-esakune gisa eta ez du hausketarik jasaten. Galdekizuna hau besterik ez da: ea, dena dela, izadiaren arabera determinatua dagoen ondorio berari dagokionez askatasuna ere egon daitekeen, edo aukera hau erregela haustezin harengatik osoki baztertzen den. Eta agerpenen errealitate absolutuaren aurresuposizio arrunt baina iruzurtiak hemen erakusten du bere eragin kaltegarria arrazoimena nahastuz. Izan ere, agerpenak berbaitango gauzak balira, orduan askatasuna ezingo litzateke salbatu. Horrela, izadia da jazoera bakoitzaren kausa osoa eta bere baitan aski determinatua dagoen kausa, eta bere baldintza beti agerpenen ilaran soilik dago barnebildua, zeina beharrezkoa den bere ondorioarekin batera izadiaren legeen menpean. Aitzitik, agerpenak, egitatean, direna baino beste ezertzat onartzen ez badira, hots, ez berbaitango gauzak, baizik lege enpirikoen arabera lotzen diren errepresentazio soilak baldin badira, orduan beraiek oraindik agerpenak ez diren oinarriak izan behar dituzte. Halako kausa inteligiblea, ordea, ez da agerpenen bitartez determinatzen bere kausalitateari begira, nahiz eta bere efektuak ager daitezkeen, eta horrela, beste agerpenen bitartez determinatuak izan daitezkeen. Hau, beraz, ilaratik at dago bere kausalitatearekin batera; aitzitik, bere efektuak baldintza enpirikoen ilaran aurkitzen dira. Efektua, beraz, bere kausa inteligibleari begira askea balitz bezala begizta daiteke, eta hala ere, aldi berean, agerpenei begira beren emaitza gisa izadiaren beharrezkotasunaren arabera begizta daiteke; bereizkuntza hau orokorrean eta erabat abstraktuki azaltzen bada, orduan berak erabat sotila eta iluna iruditu behar du, baina aplikazioan argituko da. Hemen ohar hau soilik egin nahi izan dut: agerpen ororen bilkura osoa lege utziezina denez gero izadiaren testuinguruan, orduan honek askatasun oro deuseztatuko luke, burugogorki agerpenen errealitateri eutsi nahiko bagenio. Horregatik, puntu honetan iritzi arruntari jarraiki zaizkionek ere ezin izan dute inoiz lortu izadia eta askatasuna elkarrekin bateratzea.

Askatasunaren bidezko kausalitatea izadiaren beharrezkotasunaren lege orokorrarekin bateratzeko ahalgarritasuna

Sentsuen objektu batean agerpena ez denari inteligiblea deitzen diot. Ondorioz, sentsuen munduan agerpen gisa hartu behar den horrek bere baitan sentsuen begiespenaren ezein objektu ez den ahalmen bat badu, horren bitartez, ordea, agerpenen kausa izan daitekeelarik, bada, orduan zerizan horren kausalitatea bi aldetatik kontsidera daiteke, inteligible gisa bere ekintzaren arabera, berbaitango gauza batena den aldetik, eta sentsible gisa bere ondorioen arabera, sentsuen munduko agerpenarena den aldetik. Halako subjektu baten ahalmenaz, beraz, bere kausalitatearen adigai enpiriko eta intelektuala lortuko genituzke, efektu bat eta berberan batera gertatzen direnak. Sentsuen objektu baten ahalmena pentsatzeko dugun halako modu bikoitzak ez du kontraesaten agerpenez eta esperientzia ahalgarri batez egin behar dugun ezein adigairik. Izan ere, berbaitango gauzarik ez direlako oinarrian hauek errepresentazio soil gisa determinatzen dituen objektu transzendentala datzanez gero, orduan ezerk ez du galarazten objektu transzendental honi bera agertzeko berekitasunaz gain agerpena ez den kausalitatea ere egoztea, bere efektua agerpenean aurkitzen den arren. Kausa arazle hauetako bakoitzak, ordea, izaera bat izan behar du, h. d., bere kausalitatearen lege bat, eta hau gabe inolaz ere ezingo litzateke kausa izan. Eta horrela, sentsuen munduko subjektu batean, lehenik, izaera enpiriko bat izango genuke, zeinaren bitartez agerpenen gisako bere ekintzak erabat beste agerpenekin loturan egongo liratekeen izadiaren lege jarraituen arabera, eta beraietatik eratorri ahal izango liratekeen beren baldintza gisa, eta beraz, hauekin lotuta izadiaren ordenaren ilara bakarra osatuko luketen. Bigarrenik, izaera inteligible bat ere onartu behar zaio, zeinaren bitartez subjektua agerpenen gisako ekintza haien kausa den, baina bera sentimenaren ezein baldintzaren menpean egon gabe eta agerpena izan gabe. Lehenari agerpeneko gauzaren izaera dei dakioke, bigarrenari berbaitango gauzaren izaera.

Subjektu ekile hau ez legoke bere izaera inteligiblearen arabera ezein denboraren baldintzaren menpean, izan ere, denbora agerpenen baldintza baita, ez, ordea, berbaitango gauzena. Bertan ez litzateke ezein ekintza sortu edo desagertuko, eta beraz, ez litzaioke menperatuko denbora-determinazio ororen legeari, aldagarria den guztiaren legeari, alegia, gertatzen den guztiak bere kausa (aurreko egoeraren) agerpenean duela dioen legeari. Hitz batean, bere kausalitatea intelektuala den heinean, hau ez datza inolaz ere jazoera sentsuen munduan beharrezkoa bihurtzen duten baldintza enpirikoen ilaran. Izaera inteligible hau ezin da inoiz zuzenki ezagutu, agertzen dena baino ezin baitugu hauteman, baina izaera enpirikoaren arabera pentsatu ahal izan behar da, oro har pentsatzean agerpenen oinarrian objektu transzendentala ezarri behar dugun bezala, nahiz eta bere baitan denari buruz ezer ez dakigun.

Bere izaera enpirikoaren arabera, beraz, subjektu hau, agerpena den aldetik, kausazko loturari menperatuko litzaioke determinazioaren lege ororen arabera, eta hainbestez, ez litzateke sentsuen munduko zatia baino izango, eta bere efektuak, beste edozein agerpen bezala, ezinbestean izaditik isuriko lirateke. Kanpoko agerpenek bertan eragin lezaketen modu berean eta bere izaera enpirikoa, h. d., bere kausalitatearen legea esperientziaren bitartez ezagutuko litzatekeen modu berean, bere ekintza denak ere izadiaren legeen arabera argitu ahal izango lirateke eta beren determinazio osoaren eta beharrezkoaren baldintza guztiak esperientzia ahalgarri batean aurkitu beharko lirateke.

Bere izaera inteligiblearen arabera (horretaz bere adigai orokorra baino eduki ezin daitekeen arren), ordea, subjektu berak sentimenaren eragin orotatik eta agerpenen bidezko determinazioetatik aske geratu behar du, eta bertan noumenoa den heinean ezer gertatzen ez denez eta denbora-determinazio dinamikoa eskatzen duen ezein aldaketa aurkitzen ez denez gero, ezta agerpenekin elkarloturarik ere, hauek kausak diren aldetik, orduan zerizan ekile hori hainbestez bere ekintzetan sentsuen munduan soilik dagoen izadiaren beharrezkotasun orotatik beregaina eta askea litzateke. Beraz, zuzenki esango litzateke bere efektuak berez hasten dituela sentsuen munduan, ekintza bertan hasi gabe; eta hau baliogarria litzateke, horregatik sentsuen munduko efektuek berez hasteko beharrik izan gabe, zeren hauek bertan beti baldintza enpirikoen bitartez aurreko denboran determinatuak baitaude aurretiaz, baina izaera enpirikoaren arabera soilik (izaera inteligiblearen agerpen soila dena), eta izadiaren kausen ilararen jarraipen gisa besterik ez dira ahalgarriak. Horrela, askatasuna eta izadia bakoitza bere esanahi osoan beren kausa inteligiblearekin edo sentsiblearekin alderatu ondoren aldi berean eta aurkakotasunik gabe aurkitzen dira ekintza berberetan.

Izadiaren beharrezkotasun orokorrarekin loturan dagoen askatasunaren ideia kosmologikoaren azalpena[aldatu]

Ongi iruditu zait lehenik gure arazo transzendentalaren konponketa zirrimarraztea, horrela arrazoimenak bere konponketan duen ibilera hobeto ikusi ahal izateko. Orain bere erabakiaren uneak xehetuko ditugu, hau izaki benetako autugaia, eta une bakoitza bereziki kontsideratuko dugu.

Gertatzen den guztiak kausa bat duela dioen izadiaren legea, alegia, kausa honen kausalitateak, h. d., ekintzak bera determinatzen duen kausa ere agerpenen artean duela, denboran aurretik doalako eta han sortu den ondorioari dagokionez bera beti izan ezin zitekeelako, baizik gertatu egin behar duelako, eta ondorioz, izadiaren ordena bateko gertaera guztiak enpirikoki determinatuak direla dioen legea, hots, bere eskutik agerpenek lehen-lehenik izadi bat osatzen duten eta esperientzia baten objektuak eman ditzakeen lege hau adimenaren legea da, eta ezein aitzakiak ez du baimentzen bertatik ihestea edo agerpenen bat salbuespentzat hartzea; zeren, bestela, hauek esperientzia ahalgarritik at ezartzen baitira, eta horren bitartez, esperientzia ahalgarriaren objektu denetatik ezberdintzen baitira eta haiek pentsamen-gauza soil eta ameskeriak bihurtuko bailirateke.

Hemen bere baldintzetara doan itzuleran osotasun absoluturik baimentzen ez duen kausen kate baten itxura soila badugu ere, ezbai honek ez gaitu geldiarazten; izan ere, jadanik arrazoimenaren antinomiaren juzgaketa orokorrean gainditua izan baita arrazoimenak agerpenen ilaran baldintzatugabekia bilatzen duenean. Errealismo transzendentalaren iruzurraren aurrean amore ematen badugu, orduan ez dira geratzen ez izadia ezta askatasuna ere. Galdekizuna hemen zera da: jazoera ororen ilara osoan izadiaren beharrezkotasun soila berrezagutzen baldin bada, ea hau bera, alde batetik izadiaren efektu soila dena, bestalde askatasunetik sortutako efektu gisa onar daitekeen, edo ea bi kausalitate-era hauen artean kontraesan zuzenik dagoen.

Agerpeneko kausen artean ezin da ilara bat absolutuki eta berez has dezakeen ezer izan. Ekintza bakoitza, agerpen gisa, jazoera bat sortzen duen heinean bera ere jazoera edo gertakaria da, beste egoera bat aurresuposatzen duena, bertan bere kausa aurkitzen dela, eta horrela gertatzen den guztia ilararen jarraipen soila da, eta bertan ezin da egon berez jazotzen den ezein hasierarik. Beraz, izadiaren kausen eragin guztiak denbora-segidan efektuak dira era berean, hain zuzen, beren kausa denboraren ilaran aurresuposatzen duten efektuak. Ezin da itxaron agerpenen kausazko elkarloturatik jatorrizko ekintza bat sortzea zeinari esker aurretik ez zen zerbait gertatzen den.

Beharrezkoa ahal da, ordea, efektuak agerpenak badira, era berean agerpena den beren kausaren kausalitateak enpirikoa baino ez duela izan behar? Eta ez ahal da, aitzitik, ahalgarria, agerpeneko efektu orotarako bere kausarekin kausalitate enpirikoaren legeen arabera duen elkarlotura eskatu arren, hala ere, kausalitate enpiriko hau bera, izadiaren kausekin duen bilkura inolaz ere moztu gabe, dena dela, ez kausalitate enpiriko baten efektua, baizik inteligiblearen efektua izatea?, h. d., agerpenei begira kausa baten jatorrizko ekintza dena, hainbestez, ez agerpena, baizik inteligiblea dena ahalmen horren arabera, nahiz eta gainerakoan osorik sentsuen munduan kokatu behar den izadiaren katearen osakide gisa?

Agerpenen elkarrenganako kausalitatearen esakunea behar dugu, izadiaren jazoeretatik izadiaren baldintzak, h. d., kausak, agerpenean bilatu eta azaldu ahal izateko. Hau onartzen bada eta ezein salbuespenengatik ahuldua ez bada, orduan bere erabilera enpirikoan gertakari guztietan izadia baino ikusten ez duen eta horretarako baimendua dagoen adimenak eska dezakeen dena dauka, eta argiketa fisikoek beren ibilera oztopogabea jarraitzen dute. Hala ere, ez dio ezein hausturarik sortzen, asmatua besterik ez dela ere suposatuz, izadiaren kausen artean inteligiblea soilik den ahalmena dutenak ere badaudela onartzeak, ekintzarako bere determinazioa inoiz baldintza enpirikoetan funtsatzen ez den heinean, adimenaren oinarri soiletan baizik, nahiz eta kausa horren ekintza agerpenean kausalitate enpirikoaren lege ororen araberakoa den. Izan ere, honela subjektu ekilea, causa phaenomenon gisa, izadiarekin kateatua legoke bere ekintza ororen menpekotasun bereizezinean, eta subjektu honen phaenomenon-ak soilik barnebilduko lituzke baldintza jakinak (bere kausalitate ororen agerpenean), zeinak baldintza inteligible soiltzat begiztatu beharko liratekeen, objektu enpirikotik transzendentalera igo nahi bada. Izan ere, agerpenen artean kausa izan daitekeenean besterik ez bagatzaizkio jarraiki izadiaren erregelari, orduan ez dugu arduratu behar enpirikoki ezezaguna zaigun subjektu transzendentalean agerpen hauen eta beren bilkuraren zein oinarri dagoen pentsatzeaz. Oinarri inteligible honek inolaz ere ez ditu ukitzen galdekizun enpirikoak, baizik eta adimen hutseko pentsatze soilarekin du zerikusia, eta adimen hutsaren pentsatze eta ekimen honen efektuak agerpenetan aurkitzen badira ere, horrek ez du oztopatuko agerpenean duten kausatik abiatuta konplituki argituak ahal izatea izadiaren legeen arabera, beren izaera enpiriko soilari argiketa-oinarri goren gisa jarraitzen zaion heinean, eta haren kausa transzendentala den izaera inteligiblea osorik ezezaguntzat uzten den heinean, izaera enpirikoaren bitartez bere sentsuen zeinu gisa azaltzen denean izan ezik. Aplika diezaiogun hau esperientziari. Gizakia sentsuen munduko agerpen bat da, eta hainbestez, izadiaren kausetako bat ere bai, eta bere kausalitateak lege enpirikoen menpean egon behar du. Agerpen bat denez, izaera enpiriko bat ere izan behar du, beraz, izadiko gauza guztiek duten bezala. Guk hau bere efektuetan erakusten dituen indarren eta ahalmenen bitartez ohartzen dugu. Izadi bizigabean, edo abere bizitza besterik ez duenean, ez dugu sentsuen arabera baldintzatutakoa baino beste ahalmenik pentsatzeko oinarririk aurkitzen. Gizakiak, hots, izadi osoa sentsuen bitartez ezagutzen duen zerizanak soilik ezagutzen du bere burua era berean apertzepzio soilaren bitartez, eta gainera berak sentsuen zirraratzat hartu ezin dituen ekintzetan eta barneko determinazioetan, eta bera, noski, alde batetik, fenomenoa da, bestalde, ordea, hain zuzen, ahalmen jakinen arabera objektu inteligible soila, zeren bere ekintza ezin baita sentimenaren harmenean kokatu. Ahalmen honi adimena eta arrazoimena deitzen diogu, eta bereziki azkena bereizten da benetan eta lehentasunez enpirikoki baldintzatutako indar guztietatik, bere objektuak ideien arabera soilik kontsideratzen dituelako eta adimena hauen arabera determinatzen duelako, adimenak, orduan, (era berean hutsak diren) bere adigaien erabilera enpirikoa egiten duelarik.

Arrazoimen honek kausalitatea duela edo, gutxienez, guk bertan horrelakoa errepresentatzen dugula, praktikoa den orotan indar aplikagarriei erregela gisa ematen diegun inperatibotik abiatuta argitzen da. Beharrak (Sollen) beharrezkotasun moduekiko eta oinarriekiko elkarloturaren era bat adierazten du, bestela izadi osoan aurkitzen ez den elkarloturaren era bat. Adimenak honetaz bertan dena, edo izan dena, edo izango dena soilik ezagut dezake. Ezinezkoa da bertan zerbait denbora-hartueman hauetan guztietan egitatean den eran ez den bestelako era batean izan beharra, eta gainera behar honek ez du ezein esanahirik izadiaren ibilbidea soilik badugu begi-bistan. Ezin dugu galdetu izadian zerk gertatu beharko lukeen; ezta ere, era berean zein berekitasun izan beharko lituzkeen zirkulu batek, baizik bertan zer gertatzen den, edo zirkuluak zein berekitasun dituen.

Behar honek ekintza ahalgarri bat adierazten du, oinarritzat adigai soila besterik ez duen ekintza; aitzitik, agerpen batek izan behar du beti izadiaren ekintza soil baten oinarria. Ekintzak, hala ere, ahalgarria izan behar du izadiaren baldintzaren menpean, beharra berari aplikatzen bazaio; baina izadiaren baldintza hauek ez dute zerikusirik hautamen beraren determinazioarekin, baizik agerpenean duten eraginarekin eta emaitzarekin besterik ez. Izadiaren hainbat oinarri izan daitezke nahi izatera bultzatzen nautenak, gainera sentsuen hainbat estimulu, eta hala ere, ezin dute beharra sortu, baizik inolaz ere beharrezkoa ez den, baizik beti baldintzatua den nahi bat besterik ez, eta arrazoimenak ahoskatzen duen beharrak horri neurria eta xedea, baita debekua eta autoritatea ere kontrajartzen dio. Hau sentimen soilaren objektua izan daiteke (atsegina), edo arrazoimen hutsarena (ongia); dena dela, arrazoimenak ez du amore ematen enpirikoki emandako oinarriaren aurrean, eta ez zaio gauzen ordenari jarraiki hauek agerpenean aurkezten diren moduan, baizik berezkotasun osoz ordena propioa sortzen du ideien arabera, bertan baldintza enpirikoak kokatzen dituela, eta hauen arabera gertatu ez diren eta agian gertatuko ez diren ekintzak beharrezkotzat adierazten dituela, hala ere, hainbestez, hauez guztiez arrazoimenak ekintza hauei dagokienez kausalitatea izan dezakeela aurresuposatuz; izan ere, hau egin ezean, ezingo luke itxaron bere ideietatik efektuak sortzea esperientzian.

Gera gaitezen hemen eta onar dezagun, ahalgarria gisa bederen, arrazoimenak benetan kausalitatea duela agerpenei dagokienez; orduan, arrazoimena den heinean, bere izaera enpirikoa erakutsi behar du, zeren kausa bakoitzak erregela bat aurresuposatzen baitu, zeinari agerpen jakinak ondorio gisa jarraiki zaizkion, eta erregela bakoitzak ondorioen erregulartasuna eskatzen baitu, zeinak kausaren adigaia (ahalmen baten adigai gisa) oinarritzen duen, bere izaera enpirikoa izenda dezakegun adigaia, hau agerpen soiletatik abiatuta argitzen den heinean, eta iraunkorra dena, ondorioak, aldiz, tankera aldakorretan agertzen diren bitartean baldintza laguntzaileen eta (aldez) zedarriztaileen arabera.

Bada, gizaki bakoitzak bere hautamenaren izaera enpirikoa du, bere arrazoimenaren kausalitate jakin bat besterik ez den izaera, honek agerpenean dituen efektuetan erregela bat erakusten duen heinean, zeinaren arabera bere arrazoimen-oinarriak eta ekintzak bere era eta mailaren arabera erator daitezkeen eta bere hautamenaren printzipio subjektiboa juzga daitekeen. Izaera enpiriko hau bera agerpenetatik atera behar denez, hauek ondorioak diren aldetik, eta gainera, esperientzia eskura ematen duen beren erregelatik abiatuta egiten duenez, orduan gizakiaren ekintza guztiak agerpenean bere izaera enpirikoaz eta batera eragiten duten beste kausez determinatuak daude izadiaren ordenaren arabera, eta bere hautamenaren agerpen denak oinarriraino ikertu ahal izango bagenitu, orduan ez legoke guk ziurtasunez aurresan eta bere aurretik doazen baldintzetatik abiatuta beharrezkotzat ezagutu ezingo genukeen ekintza bakarren bat ere. Izaera enpiriko honi dagokionez, beraz, ez dago askatasunik, eta bere arabera soilik kontsidera dezakegu gizakia, hau behatu eta, Antropologian gertatzen den moduan, bere ekintzen kausa eragileak fisiologikoki ikertu besterik nahi ez dugunean.

Guk, ordea, ekintza berberak arrazoimenarekin harremanean kontsideratzen baditugu, eta ez arrazoimen espekulatiboarekin, ekintza horiek beren jatorriaren arabera argitzearren, baizik arrazoimenarekin, haiek sortzen dituen kausa den heinean besterik ez; hitz batean, ekintzak arrazoimenarekin alderatzen baditugu bere zentzu praktikoan, orduan izadiaren ordena ez den erabat bestelako erregela eta ordena aurkitzen ditugu. Izan ere, izadiaren ibilbidearen arabera gertatu den eta bere oinarri enpirikoen arabera ezinbestean gertatu behar zuen guztiak agian ez zuen gertatu behar. Hala ere, arrazoimenaren ideiek benetan kausalitatea erakutsi dutela aurkitzen dugu gizakien ekintzei dagokienez, hauek agerpenak diren aldetik, edo gutxienez aurkitu izan dutela sinesten dugu, eta gainera ekintzok ez kausa enpirikoengatik, baizik arrazoimenaren oinarriengatik determinatuak zirelako gertatu direla.

Arrazoimenak agerpenei dagokienez kausalitatea duela esan daitekeela onartuz gero, bere ekintzak hartu ahal dezake «aske» izena, (sentsuen eraren) bere izaera enpirikoa erabat zehazki determinatua eta beharrezkoa bada? Hau era berean (pentsamoldearen) izaera inteligiblean determinatua dago. Azkena, ordea, ez dugu ezagutzen, baizik benetan sentsuen erak (izaera enpirikoak) zuzenki aditzera ematen dituen agerpenen bitartez ezaugarritu besterik ez dugu egiten130. Ekintza, beraz, pentsamoldeari egotzi ahal zaion heinean, bere kausa gisa, ez da bertatik ondorioztatzen lege enpirikoen arabera, h. d., arrazoimen hutsaren baldintzak aurretik doazela, baizik bere ondorioak barneko sentsuaren agerpenean aurretik doazela besterik ez. Arrazoimen hutsa, ahalmen inteligible soila den aldetik, ez zaio menperatzen denboraren formari, eta beraz, ezta denbora-segidaren baldintzei ere. Arrazoimenaren kausalitatea izaera inteligiblean ez da sortzen, edo ez da hasten denbora batean, honela efektu bat sortzearren. Izan ere, bestela, agerpenen kausazko legearen menpean legoke, lege honek kausazko ilarak denboraren arabera determinatzen dituen heinean, eta kausalitatea, hainbestez, izadia litzateke, eta ez askatasuna. Beraz, zera esan ahal izango dugu: arrazoimenak agerpenei dagokienez kausalitatea izan badezake, orduan bera efektuen ilara enpirikoaren sentsuzko baldintza lehenik hasten duen ahalmena dela. Izan ere, arrazoimenean datzan baldintza ez da sentsuzkoa eta bera ez da hasten. Ondorioz, hemen aurkitzen dugu ilara enpiriko guztietan miraz jartzen gintuena: jazoeren hurrenez hurrengo ilara baten baldintza bera enpirikoki baldintzatugabea izan daitekeela. Izan ere, hemen baldintza agerpenen ilaratik at dago (inteligiblearen eremuan), eta beraz, ez dago ezein sentsuzko baldintzaren eta ezein denbora-determinazioren menpean aurretik doan kausa baten indarrez.

Hala eta guztiz ere, kausa bera beste ikuspegi batetik agerpenen ilaran kokatzen da. Gizakia bera agerpena da. Ekintza ororen kausa (enpirikoa) den bere hautamenak izaera enpirikoa du. Gizakia izaera honen arabera determinatzen duen ezein baldintzarik ez dago izadiaren efektuen ilaran barnebildua ez legokeenik eta bere legea jarraituko ez lukeenik, eta lege honen arabera denboran gertatzen denaren enpirikoki baldintzatugabeko kausalitaterik ez da aurkitzen. Horregatik, ezein ekintza jakinak ezin du berenez absolutuki hasi (agerpen gisa besterik ezin baitaiteke hauteman). Arrazoimenaz, ordea, ezin da esan berak hautamena determinatzen duen egoeraren aurretik beste egoera bat doala, bertan egoera hori bera determinatzen delarik. Izan ere, arrazoimena ezein agerpen ez denez eta ezein sentimenaren baldintzari menperatzen ez zaionez gero, orduan bertan ez da denbora-segidarik gertatzen, ezta bere kausalitateari dagokionez ere, eta beraz, berari ezin zaio aplikatu denbora-segida erregelen arabera determinatzen duen izadiaren lege dinamikoa.

Arrazoimena, beraz, hautazko ekintza ororen baldintza iraunkorra da, eta gizakia hauetan agertzen da. Hauetako bakoitza aurretik determinatua dago gizakiaren izaera enpirikoan, baita gertatu aurretik ere. Izaera inteligibleari dagokionez, izaera enpirikoa honen sentsuzko eskema besterik ez izaki, bertan ez dago aurretik edo atzetik bat, eta ekintza bakoitza, beste agerpenekin duen denbora-hartuemana kontuan hartu gabe, arrazoimen hutsaren izaera inteligiblearen efektu zuzena da, zeinak, hainbestez, askatasunez ekiten duen, izadiaren kausen katean kanpoko edo barneko oinarriak diren baina denboran aurretiaz doazenen bitartez dinamikoki determinatua izan gabe, eta bere askatasun hau ezin da negatiboki soilik begiztatu baldintza enpirikoetatiko beregaintasun gisa (izan ere, horren bitartez arrazoimena ez litzateke izango agerpenen kausarik), baizik positiboki ere ezaugarritu behar da jazoeren ilara bat berez hasteko ahalmen gisa, halako moldez, non bertan ezer ez baita hasten, baizik eta berak, hautazko ekintza ororen baldintzatugabeko baldintza den aldetik, denboran aurretik doan bere gaineko baldintzarik ez du baimentzen, bere efektua agerpenen ilaran hasten den arren, nahiz bertan inoiz lehen-lehenengo hasiera bat izan gabe.

Arrazoimenaren printzipio erregulatzailea bere erabilera enpirikoaren adibide baten bitartez azaltzearren, ez bera baieztatzearren (izan ere, halako frogek ez dute balio baieztapen transzendentalentzat), har dezagun hautazko ekintza bat, adibidez, gezur gaizto bat, zeinaren bitartez gizaki batek gizartean nahasketa jakin bat sortu duen, eta hau lehenik bera sortu duen eragileen arabera aztertzen da, eta ondoren hori bere ondorio denekin batera ea berari nola egotzi ahal zaion juzgatzen da. Lehen asmoari dagokionez, bere izaera enpirikoari haren iturrietaraino jarraitzen gatzaizkio, zeina hezkuntza kaskarrean, lagun gaiztoetan, aldez, baita lotsa sentigaitza zaion izaera baten gaiztotasunean ere bilatzen den, aldez, azalkeria eta zuhurtasun ezari egozten zaion, hor uneko kausa eragileak ere aintzat hartuz. Honetan guztian izadiaren efektu jakin baterako kausa determinatzaileen ilararen azterketan egiten den moduan jokatzen da oro har. Ekintza arrazoi hauengatik determinatua dagoela sinetsi arren, ez zaio indar gutxiagoz gaitzesten egileari, ez bere zoritxarreko izaeragatik, ezta beregain eragiten duten egoerengatik ere, ezta aurretik egin duen bizimoduagatik ere, izan ere, hori nolakoa izan den osorik alde batera utz daitekeela aurresuposatzen da, eta baldintzen igarotako ilara gertatugabekoa balitz bezala begizta daiteke, baina ekintza hori aurreko egoerari dagokionez osorik baldintzatugabea balitz bezala begiztatzen da, egileak horrekin ondorioen ilara bat berez hasi balu bezala. Gaitzespen hau arrazoimenaren lege batean oinarritzen da, bertan arrazoimena gizakien jokaera bestela determina ahal eta behar zuen kausatzat hartzen dela, lehen aipatutako baldintza enpiriko oro kontuan hartu gabe. Eta arrazoimenaren kausalitatea ez da ikusten laguntza soil gisa, baizik bere baitan osoa balitz bezala, sentsuzko eragileek inolaz ere bere alde egiten ez duten arren, eta aurka ere egiten duten arren; ekintza bere izaera inteligibleari egozten zaio eta gezurra dioen unean erabat erruduna da; eta beraz, arrazoimena erabat askea zen, ekintzaren baldintza enpiriko guztiak alde batera utzita, eta berak egindakoa berari egotzi behar zaio osorik.

Judizio egozle honen bidez erraz ikusten da bertan zera pentsatzen dela: arrazoimena ez dela sentimen harengatik afektatua, ez dela aldatzen (nahiz bere agerpenak aldatu, hots, bere efektuetan erakusten den modua), bertan ez dagoela aldez aurretik hurrengo egoera determinatzen duen ezein egoerarik, eta beraz, ez dagokiola inolaz ere agerpenak izadiaren legeen arabera beharrezkoak bihurtzen dituen sentsuen baldintzen ilarari. Arrazoimena gizakien ekintza guztietan eta denbora orotan present dago eta berbera da; bera, ordea, ez dago denboran eta aurretik ez zegoen egoera berri batean gertatzen da; bera determinatzailea da, baina ez determinagarria ekintzei dagokienez. Horregatik, ezin da galdetu ea arrazoimena zergatik ez den bestela determinatu, baizik ea agerpenak bere kausalitatearen bitartez bestela zergatik ez dituen determinatu besterik ez. Ezinezkoa da, ordea, honentzako erantzunik ematea. Izan ere, beste izaera inteligible batek beste izaera enpirikoa emango luke, eta esaten baldin badugu, ordu arte egindako bere bizimodua dela ere, egileak gezurra esatea saihets zezakeela, honek ondokoa besterik ez du esan nahi: zuzenki arrazoimenaren menpean dagoela eta arrazoimena bere kausalitatean ez zaiola ezein agerpenen baldintzari edo denboraren ibilbideri menperatzen. Denboraren bereizketa agerpenen elkarren arteko bereizketa nagusia da, baina hauek gauzak (Sache) ez direnez, eta beraz, ezta kausak (Ursache) ere beren baitan, orduan ezin dute ekintzaren bereizketarik egin arrazoimenari dagokionez.

Beraz, ekintza askeen juzgaketan beren kausalitateari dagokionez kausa inteligiblera arte irits gaitezke, baina ezin dugu beraz goiti joan; ezagut dezakegu askea dela, h. d., sentimenetik beregainki determinatua eta honela sentsuen arabera baldintzatugabekoa den agerpenen baldintza izan daitekeela. Galdera honek, alegia, zergatik ematen ote dituen izaera inteligibleak zuzenki agerpen horiek eta izaera enpiriko hori egungo egoeretan, gure arrazoimenak bera erantzuteko duen ahalmen oro gainditzen du askogatik, baita galdetzeko soilik duen eskuduntza oro ere, honela galdetuko balu bezala: zergatik ematen dizkion objektu transzendentalak gure kanpoko eta sentsuzko begiespenari espazioan gertatzen diren begiespenak soilik, eta ez beste era batekoak. Hala ere, konpondu nahi genuen arazoak ez gaitu behartzen erantzutera, izan ere, hau besterik ez zen: ea askatasunak ekintza bat eta berean izadiaren beharrezkotasuna eztabaidatzen duen, eta honi askiro erantzun diogu bertan erabat bestelako baldintza-moduarekin harremana ahalgarria dela, izadiaren legeak askatasuna ez baitu afektatzen, eta beraz, biak elkarrengandik beregainak direla eta elkarri oztopatu gabe gerta daitezkeela erakutsi dugunean


* *  *


Oharrarazi behar da honen bitartez ez dugula askatasunaren errealitatea frogatu nahi izan gure sentimenaren agerpenen kausa barnebiltzen duten ahalmenetako baten gisa. Izan ere, hau adigaiekin soilik zerikusia duen kontsiderazio transzendentalik ez izateaz gain, dena dela, ez genukeen inoiz lortu izango, esperientziatik inoiz ezin baita inferitu esperientziaren legeen arabera pentsatu behar ez dena. Horrez gain, ez dugu askatasunaren ahalgarritasuna frogatu nahi izan; izan ere, hau ez genukeen lortuko, zeren guk oro har ezein oinarri errealen eta kausalitateren ahalgarritasuna ezin baitugu ezagutu apriorizko adigai soilen bitartez. Askatasuna hemen ideia transzendental gisa soilik hartzen da, zeinaren bitartez arrazoimenak baldintzen ilara agerpenean sentsuzko baldintzatugabekiaren bitartez absolutuki hastea pentsatzen duen, bertan, ordea, adimenaren erabilera enpirikoari ezartzen dizkion bere lege propioekin antinomia batean nahasten delarik. Antinomia hori itxura soil batean funtsatzen dela eta izadia askatasunetik sortutako kausalitateari ez zaiola kontrajartzen behinik behin, hau da guk lor genezakeen gauza bakarra, eta hau zen baita ere lortu nahi genuen gauza bakar eta soila.

IV Agerpenek oro har beren izatearen arabera duten menpekotasunaren totalitatearen ideia kosmologikoaren konponketa[aldatu]

Aurreko zenbakian sentsuen munduko aldaketak kontsideratu ditugu beren ilara dinamikoan, non halako bakoitza beste baten menpean dagoen hau bere kausa den aldetik. Orain, egoeren ilara horrek aldakorra den guztiaren baldintza gorena izan daitekeen izate batera iristeko, hots, beharrezko zerizanera iristeko gida soil gisa balio digu. Hemen ez gara ari baldintzatugabeko kausalitateaz, baizik substantziaren baldintzatugabeko existentzia beraz. Eta beraz, gure aurrean dugun ilara adigaien ilara besterik ez da, ez begiespenena, bata bestearen baldintza den heinean.

Erraz ikusten da, ordea, agerpenen multzoan dena aldakorra denez, eta beraz, izatean baldintzatua denez gero, orduan menpeko izateen ilaran inon ezin dela behar-beharrezko existentzia duen baldintzatugabeko osakiderik aurkitu, eta beraz, agerpenak berbaitango gauzak balira eta horregatik beren baldintza baldintzatukiarekin batera beti begiespenen ilara bat eta berberan egongo balitz, orduan inoiz ez legoke beharrezko zerizan bat sentsuen munduko agerpenen izatearen baldintza gisa.

Itzulera dinamikoak, ordea, gauza berezi hau du bere baitan, itzulera matematikotik bereizten duen gauza: azken honen autugaia benetan, edo gauzen elkarketa denez osoki bat osatzeko, edo osoki baten zatikapena denez bere zatietan, orduan ilara honen baldintzak beti bere zati gisa, eta beraz, uniforme gisa, eta ondorioz, agerpen gisa hartu behar direla; aitzitik, itzulera dinamikoan, honek ez duenez zerikusirik zati jakinetatik sortutako baldintzatugabeko osoki baten ahalgarritasunarekin, edo osoki jakin bat osatzeko baldintzatugabeko zati batenarekin, baizik egoera bat bere kausatik eratortzearekin edo substantzia beraren beharbadako izatea beharrezko izatetik abiatuta eratortzearekin zerikusia duenez gero, orduan baldintzak ezin du halabeharrez ilara enpiriko bat osatu baldintzatukiarekin batera.

Gure aurrean dugun itxurazko antinomian ihesbide bat geratzen zaigu oraindik, hots, elkarren aurka dauden bi esakuneak harreman ezberdinean aldi berean egiazkoak izatea, halako moldez, non sentsuen munduko gauza guztiak erabat beharbadakoak, eta beraz, beti enpirikoki soilik baldintzatutako existentziak baitira, nahiz ilara osoa dela eta, baldintza ez enpirikoak, h. d., baldintzatugabeki beharrezko zerizanak izan. Izan ere, hau baldintza inteligiblea den aldetik, ez legokio ilarari bere osakide gisa (ezta bere osakide goren gisa ere), eta ez luke ilararen ezein osakide osakide enpirikoki baldintzatugabea bihurtuko, baizik sentsuen mundu osoa bere osakide guztiek duten enpirikoki baldintzatutako izatean utziko luke. Beraz, baldintzatugabeko izatea agerpenei oinarrian ezartzeko era hori honetan ezberdintzen da enpirikoki baldintzatugabea den aurreko artikuluko (askatasunaren) kausalitatetik: askatasunean gauza bera kausa gisa (substantia phaenomenon) baldintzen ilaran kokatzen dela, eta bere kausalitatea besterik ez dela pentsatzen inteligiblea izango balitz bezala; hemen, ordea, beharrezko zerizana sentsuen munduaren ilaratik erabat at izanik (ens extramundanum gisa) eta inteligiblea izango balitz bezala soilik pentsatu behar dela, agerpen ororen beharbadakotasun eta menpekotasun legeei menperatua izatea saihesteko era bakarra den heinean.

Arrazoimenaren printzipio erregulatzailea, beraz, honako hau da gure eginkizunari dagokionez: sentsuen munduan denak enpirikoki determinatutako existentzia duela, eta bertan inon ez dagoela baldintzatugabeko beharrezkotasunik ezein berekitasuni dagokionez; ez dagoela baldintzen ilararen osakiderik, zeinaz beti itxaron behar den baldintza enpirikoa esperientzia ahalgarri batean duela eta, ahal den heinean, hau bilatu behar dela; eta ezerk ez digula legeztatzen baldintzaren baten izatea ilara enpirikotik at eratortzea, ezta ilaran bertan erabat beregaintzat eta berezkotzat hartzea ere, hala ere, horregatik, ilara osoa zerizan inteligibleren batean oinarri daitekeela ukatu gabe (horregatik baldintza enpiriko orotatik aske dagoena eta, are gehiago, agerpen horien guztien ahalgarritasunaren oinarria barnebiltzen duena).

Gure iritzia ez da hemen inolaz ere zerizan baten baldintzatugabeki beharrezkoa den izatea frogatzea, edo sentsuen munduaren agerpenen existentziaren baldintza inteligiblea honetan oinarritzea, baizik arrazoimena zedarriztatzen dugun moduan besterik ez, baldintza enpirikoen haria utz ez dezan, eta bere argiketa oinarri transzendenteetan eta in concreto ezein aurkezpenen gai ez direnetan ez gertatzearren, beraz, oro har adimenaren erabilera enpirikoa zedarriztatzearren ere bai, gauzen ahalgarritasunaz erabaki ez dezan eta inteligiblea dena horregatik ezinezkotzat adierazi ez dezan, agerpenen argiketarako erabili ez arren. Horren bitartez, beraz, izadiko gauzen beharbadakotasun osoa eta beren baldintza (enpiriko) ororena beharrezko baldintza nahiz baldintza inteligiblea soilik denaren hautazko aurresuposizioarekin batera ondo gerta daitekeela besterik ez da erakusten, eta beraz, ezein egiazko kontraesanik ez dagoela baieztapen hauen artean, eta ondorioz, biak beren aldetik egiazkoak izan daitezkeela. Behar-beharrezko adimen-zerizan halakoa beti bere baitan ezinezkoa izan badaiteke ere, ezin da inolaz ere sentsuen munduan kokatzen den guztiaren beharbadakotasun eta menpekotasun orokorretik inferitu, halaber, ezta bere osakideren batean ez geratzeko ere, hau beharbadakoa den heinean, eta mundutik kanpoko kausa batera ez jotzeko dioen printzipiotik ere ez. Arrazoimenak bere ibilera egiten du erabilera enpirikoan eta bere ibilera berezia erabilera transzendentalean.

Sentsuen munduak agerpenak baino ez ditu barnebiltzen, hauek, ordea, era berean sentsuen arabera baldintzatuak diren errepresentazio soilak dira, eta guk hemen berbaitango gauzak inoiz ez ditugunez gero gure objektu gisa, orduan ez da harritzekoa inoiz legeztatuak ez izatea ilara enpirikoaren osakide batetik, hau edozein izaki, sentimenaren arlotik kanpora jauzia egitera, bere oinarri transzendentaletik at existitzen diren berbaitango gauzak baleude bezala, alde batera utz litezkeenak beren izatearen kausa beraietatik at bilatzeko; hau gertatu beharko zen, dena dela, azkenean beharbadako gauzetan, baina ez gauzen errepresentazio soiletan, zeinen beharbadakotasuna bera fenomenoa besterik ez den; errepresentazio hauek ezin dute fenomenoak determinatzen dituen itzulerara baino gidatu, h. d., enpirikoa den itzulerara. Agerpenen, h. d., sentsuen munduaren oinarri inteligible bat, eta gainera, azkenaren beharbadakotasunetik askea dena pentsatzea ez zaio kontrajartzen ez agerpenen ilararen itzulera enpiriko zedarrigabeari, ezta bere beharbadakotasun osoari ere. Hau da, ordea, itxurazko antinomiaren gaindipenerako lortu behar genuen bakarra, honela baino egin ezin zitekeena. Izan ere, edozein baldintzatuki baten baldintza beti sentsuzkoa baldin bada (izatearen arabera), eta horregatik ilarari badagokio, orduan baldintza hori era berean baldintzatua da (laugarren antinomiaren antitesiak azaltzen duenez). Orduan, edo baldintzatugabekia eskatzen duen arrazoimenarekin aurkakotasunak iraun behar zuen, edo baldintzatugabekia ilaratik at inteligiblea denean ezarri behar zen, hots, bere beharrezkotasunak ezein baldintza enpirikorik eskatzen eta onartzen ez duen, eta beraz, agerpenei dagokienez beharrezko baldintzatugabekia denean ezarri behar zen.

Arrazoimenaren erabilera enpirikoa (izatearen baldintzei dagokienez sentsuen munduan) ez da afektatua gertatzen zerizan inteligible soil baten onarpenagatik, baizik beharbadakotasun osoaren printzipioaren arabera beti ere era berean enpirikoak diren baldintza enpirikoetatik abiatuta garaiagoetarantz doa. Era berean, oinarri-esakune erregulatzaile honek ez du baztertzen ilaran ez dagoen kausa inteligible baten onarpena, autugaia arrazoimenaren erabilera hutsa denean (helburuei dagokienez). Izan ere, horrek ez du adierazten oro har guretzat transzendentala eta ezezaguna soilik den sentsuzko ilararen ahalgarritasunaren oinarria baino, zeinaren izatea –azkenaren baldintza orotatik beregaina eta honi begira baldintzatugabeki beharrezkoa dena– ez zaion inolaz ere kontrajartzen lehenaren beharbadakotasun mugagabeari, eta horregatik, ezta inoiz gelditzen ez den baldintza enpirikoen ilararen itzulerari ere.

Azken oharra arrazoimen hutsaren antinomia osoari[aldatu]

Gure arrazoimenaren adigaien gaia sentsuen munduko baldintzen osotasuna eta, beraiei dagokienez, arrazoimenaren zerbitzuan gerta daitekeena besterik ez den bitartean gure ideiak transzendentalak baina kosmologikoak dira. Hala ere, baldintzatugabekia (benetan hemen autugaia dena) erabat sentsuen mundutik at dagoen zerbaitetan ezarri ahala, eta beraz, esperientzia ahalgarri orotatik at ezarri ahala, bada, ideiak transzendenteak bihurtzen dira; ez dute balio arrazoimenaren erabilera enpirikoaren osaketarako soilik (inoiz lortu ezin den baina jarraitu behar zaion ideia dirauenak), baizik hortatik osoki bereizten dira, eta berak objektuak egiten ditu, zeinen ekaia ez den esperientziatik hartzen, ezta beren errealitate objektiboa ilara enpirikoaren osaketatik ere, baizik apriorizko adigai hutsetan funtsatzen dira. Halako ideia transzendenteek objektu inteligible soila dute, objektu transzendental gisa onartzea zilegi dena, gainerakoan beraz ezer ez jakin arren; baina ez ahalgarritasunaren oinarriak (esperientzia-adigai orotatik beregain gisa), ezta halako objekturik onartzeko legeztapen txikienik ere ez dugu gure alde hura bere predikatu bereizgarri eta barnekoen bitartez determinatutako gauza gisa pentsatzearren, eta hura, beraz, pentsamen-gauza soila da. Hala ere, ideia kosmologiko guztien artean laugarren antinomia sortu zuenak bultzatzen gaitu urrats hau egiten ausartzera. Izan ere, bere baitan inolaz ere oinarritutakoa ez den, baizik beti baldintzatua den agerpenen izateak bultzatzen gaitu agerpen orotatik ezberdina den zerbait, eta beraz, objektu inteligiblea den zerbait bilatzera, zeinengan beharbadakotasun hori bukatzen den. Hala eta guztiz ere, behin sentimen osoaren alorretik at berez den errealitate bat onartzeko bidea hartuz gero, orduan agerpenak inteligentziak soilik diren halako zerizanen objektu inteligibleen beharbadako errepresentazio-era gisa ikusten dira; eta orduan, analogia bat baino ez zaigu geratzen, honen arabera esperientzia-adigaiak erabiltzen ditugula horrela beren baitan ezagutzen ez ditugun gauza inteligibleez adigairen bat egitearren. Beharbadakoa dena esperientziaren bitartez soilik ezagutzen dugunez, hemen solasgaia, ordea, esperientziaren ezein objektu ez diren gauzak direnez gero, orduan beren ezagupena bere baitan beharrezkoa denetik eratorri beharko dugu, hots, oro harrezko gauzen adigai hutsetatik. Horregatik, sentsuen mundutik at egiten dugun lehen urratsak behartzen gaitu behar-beharrezko zerizanaren azterketaren gure ezagupen berria hastera eta bere adigaitik abiatuta gauza guztien adigaiak eratortzera, hauek inteligibleak besterik ez diren heinean, eta ondorengo atalburuetan egin nahi dugu saialdi hau.

Dialektika transzendentalaren Bigarren liburuko Hirugarren atalburua Arrazoimen hutsaren ideala[aldatu]

Lehen atala Idealaz oro har[aldatu]

Gorago ikusi dugu adimenaren adigai hutsen bitartez ezin dela ezein objektu ere errepresentatu sentimenaren baldintzarik gabe, bere errealitate objektiboaren baldintzak falta direlako eta bertan pentsatzearen forma soila baino ez delako aurkitzen. Hala eta guztiz ere, in concreto errepresenta ditzakegu, agerpenetan aplikatzen baditugu; izan ere, bertan dute benetan esperientzia-adigaietarako ekaia, in concreto den adimenaren adigai bat besterik ez dena. Ideiak, ordea, kategoriak baino askoz urrunago daude errealitate objektibotik; izan ere, ezin da haiek in concreto errepresentaraziko lituzkeen ezein agerpen aurkitu. Osotasun jakin bat barnebiltzen dute eta bertara ez da ezein ezagutza enpiriko ahalgarririk iristen, eta arrazoimenak hor batasun sistematiko bat soilik du buruan, eta enpirikoki ahalgarria den batasun hau berari hurbiltzen saiatzen da, inoiz osorik lortu gabe.

Errealitate objektibotik ideia baino oraindik urrunago dagoela dirudi, ordea, nik ideala deitzen diodana, horretaz ideia in concreto ez ezik, in individuo, h. d., ideiaren bitartez soilik determinagarria edo determinatua den gauza bakana ere ulertzen bada.

Gizatasunak bere betegintzarre osoan bere izaerari dagokion eta bere adigaia osatzen duen funtsezko berekitasun ororen hedapena barnebildu ez ezik –bere helburuekiko kongruentzia osoraino iritsiz, gizatasun beteginaren gure ideia izango litzatekeena-, adigai horretatik at ideiaren determinazio osoari dagokion guztia ere barnebiltzen du; izan ere, kontrajarritako predikatu orotatik bakarra soilik egokitzen zaio gizaki beteginenaren ideiari. Guretzat ideal bat dena Platonentzat jainkotiar adimenaren ideia zen, objektu bakana bere begiespen hutsean, zerizan ahalgarrien espezie bakoitzean beteginena eta erreprodukzio ororen jatorrizko oinarria agerpenean.

Gorantz hain urrun joan gabe, ordea, giza arrazoimenak ideiak ez ezik, idealak ere barnebiltzen dituela aitortu behar dugu, platonikoen moduan indar sortzailea ez, baina indar praktikoa duten (printzipio erregulatzaile gisa) eta ekintza jakinen betegintzarrearen ahalgarritasunaren oinarrian dautzan idealak. Adigai moralak ez dira osorik arrazoimenaren adigai hutsak, zeren oinarrian enpirikoa den zerbait baitute (atsegina eta ezatsegina). Hala eta guztiz ere, arrazoimenak bere baitan legegabea den askatasunari zedarriak ezartzeko erabiltzen duen printzipioari dagokionez (beraz, bere forma besterik ez denean aintzat hartzen) ederki balio dezakete arrazoimenaren adigaien adibide gisa. Bertutea, eta berekin batera giza jakinduria, bere araztasun osoan ideiak dira. Baina jakintsua (estoikoaren) ideal bat da, h. d., pentsamenduan soilik existitu arren jakinduriaren ideiarekin osorik bat datorren gizakia. Ideiak erregela ematen du eta idealak bere aldetik halako kasuetan erreprodukzioaren determinazio osoaren jatorrizko irudi gisa balio du, eta ez dugu gure ekintzen neurririk, gugan dagoen jainkotiar gizaki horren jokaera izan ezik, eta berekin alderatzen gara, berari jarraiki juzgatzen dugu, eta horren bitartez hobetzen gara, inoiz bertara iritsi ezin garen arren. Ideal hauek, berehala errealitate objektiboa (existentzia) onartu nahi ez zaien arren, ez dira horregatik ameskeriatzat jotzen, baizik arrazoimenaren ezinbesteko neurria ematen dute, bere moduan erabat osoa den adigaiaren neurria, horren arabera osatugabekiaren maila eta gabezia estimatu eta neurtzearren. Ideala, ordea, adibide batean, h. d., agerpenean egikaritu nahi izatea egingaitza da, jakintsua eleberri batean errealizatzea ere egingaitza den bezala, eta gainera, zerbait absurdua eta onbide gutxi duena da bere baitan, ideiaren osotasuna jarraituki mozten duten berezko zedarriek halako saialdien ilusio oro ezinezkoa eta horren bitartez ideian datzan ongia bera susmagarria eta asmakuntza baten antzeko zerbait bihurtzen duten heinean.

Horrela gertatzen da beti adigai determinatuetan funtsatzen den eta erregelatzat eta jatorrizko iruditzat balio behar duen arrazoimenaren idealarekin, honela bera jarraitzearren edo juzgaketak egitearren. Erabat bestela gertatzen da irudimenaren sorkariekin, hauetaz inork ezin baitu bere burua argitu eta inork ezin baitu eman hauen adigai ulergarri bat, nolabait esateko, banakako trazuak diren monogramekin, zeinak, eman daitekeen ezein erregelaren arabera determinatzen ez diren arren, esperientzia ezberdinen erdian igeri dauden zeinuak diren, nolabait esateko, ez irudi determinatuak, margolariek eta fisionomistek buruan omen dituztenen antzeko irudiak, beren produktuen edo juzgaketen zirriborro komunikaezinak omen direnak. Sentimenaren idealak dei dakizkieke, desegokiro bada ere, zeren begiespen enpiriko ahalgarrien eredu lortezinak izan beharko bailukete eta, hala eta guztiz ere, argiketa eta etsaminerako gai diren erregelarik ez baitute eskuratzen.

Arrazoimenaren asmoa bere idealetan, aitzitik, apriorizko erregelen araberako determinazio osoa da; horregatik, arrazoimenak printzipioen arabera osoki determinagarria izan behar duen objektu bat pentsatzen du, nahiz eta horretarako baldintza askigarriak falta zaizkion esperientzian eta adigaia bera, beraz, transzendentea den.

Hirugarren atalburuko Bigarren atala Ideal transzendentalaz (Prototypon transscendentale)[aldatu]

Adigai bakoitza bertan barnebildua ez dagoenari begira indeterminatua da, eta determinagarritasunaren oinarri-esakunearen menpean dago: «kontraesankorki elkarren aurka dauden edozein bi predikatutatik bakarra egoki dakioke», kontraesanaren oinarri-esakunean funtsatzen den eta horregatik printzipio logiko soila den oinarri-esakunea, zeinak ezagutzaren eduki oroz abstraitzen duen eta bere forma logikoa baino ez duen begi-bistan.

Edozein gauza, ordea, bere ahalgarritasunaren arabera determinazio osoaren oinarri-esakunearen menpean dago, zeinaren arabera gauzen predikatu ahalgarri orotatik berari bat egokitu behar zaion, bere aurkakoekin alderatzen den heinean. Hau ez da kontraesanaren oinarri-esakunean soilik funtsatzen; izan ere, elkarren aurka dauden bi predikatuen hartuemanaz gain gauza bakoitza ahalgarritasun osoarekin hartuemanean ere kontsideratzen da oro harrezko gauzen predikatu ororen multzo gisa, eta oinarri-esakuneak apriorizko baldintza apriorizkoa den heinean aurresuposatzen duenez gero, orduan halako gauza bakoitza errepresentatzen du, ahalgarritasun oso hartan duen partehartzetik bere ahalgarritasuna eratorriko balu bezala131. Determinazio osoaren printzipioak, beraz, edukiarekin du zerikusia, ez forma logikoarekin soilik. Gauza baten adigai osoa eratu behar duten predikatu ororen sintesiaren oinarri-esakunea da, eta ez soilik errepesentazio analitikoaren oinarri-esakunea kontrajarritako bi predikaturen bitartez, eta aurresuposizio transzendentala barnebiltzen du, hots, ahalgarritasun orotarako materiarena, zeinak a priori gauza bakoitzaren ahalgarritasun bereziarentzako datuak barnebiltzen dituen.

Existitzen den guztia osoki determinatua dagoela dioen esakuneak elkarri kontrajarrita emandako predikatu pare batetik ez ezik, harentzat ahalgarria den predikatu orotatik ere bat dagokiola esan nahi du; esakune honen bitartez predikatuak elkarrekin logikoki alderatu ez ezik, gauza bera ere alderatzen da transzendentalki predikatu ahalgarri ororen multzoarekin. Esakuneak hau adina esan nahi du: gauza bat osorik ezagutzeko gauza ahalgarri oro ezagutu behar dela eta horren bitartez determinatu behar dela baieztatuz edo ezeztatuz. Determinazio osoa, ondorioz, bere osotasunaren arabera inoiz in concreto aurkeztu ezin dugun adigaia da, eta egoitza arrazoimenean duen ideian soilik oinarritzen da, zeinak adimenari bere erabilera osoaren erregela ezartzen dion.

Ahalgarritasun ororen multzoaren ideia hau, halako gauza bakoitzaren determinazio osoaren oinarrian datzan heinean, bera osatzen duten predikatuei dagokienez oraindik indeterminatua den arren eta horren bitartez oro har predikatu ahalgarri ororen multzoa baino pentsatzen ez den arren, dena dela, azterketa zehatzagoan zera aurkitzen dugu: ideia horrek, jatorrizko adigai gisa, predikatuen kopuru handi bat baztertzen duela, besteetatik eratorriak bezala jadanik emanak direnak edo elkarren ondoan izan ezin daitezkeenak, eta ideia hori osorik a priori determinatutako adigairaino arazten dela, eta horren bitartez objektu bakar baten adigaia bihurtzen dela, ideia soilaren bitartez osoki determinatua den, eta beraz, arrazoimen hutsaren ideala deitu behar zaion adigaia.

Predikatu ahalgarri denak logikoki ez ezik, transzendentalki ere kontsideratzen baditugu, h. d., beraietan a priori pentsa daitekeen edukiaren arabera kontsideratzen baditugu, orduan beraietatik batzuen bitartez izate bat, besteen bitartez ez-izate soila errepresentatzen dela aurkitzen dugu. «Ez» hitz motzak soilik iragartzen duen ezeztapen logikoa ez zaio benetan inoiz adigai bati atxikitzen, baizik judizio batean beste batekin duen hartuemanari besterik ez, eta beraz, ez da inolaz ere aski adigai bat bere edukiaren arabera ezaugarritzeko. «Hilezkorra» adierazpenak ezin du ezagutarazi bere bitartez ez-izate soila errepresentatzen dela objektuan, baizik eduki oro ukitugabe uzten du. Ezeztapen transzendental batek, aitzitik, ez-izatea esan nahi du bere baitan, zeinari baieztapen transzendentala kontrajartzen zaion, eta hau adigaiak bere baitan jadanik izate bat adierazten duen zerbait da, eta horregatik errealitate (gauzatasun) deitzen zaio, zeren objektuak bere bitartez soilik eta bera iristen deneraino baitira Zerbait (gauzak), aurrean duen negazioak, aitzitik, gabezia soila esan nahi duen bitartean, eta hau soilik pentsatzen denean, gauza ororen ezeztapena errepresentatzen da.

Inork ezin du, ordea, ezeztapen bat determinatutzat pentsatu kontrajarritako baieztapena oinarrian ezarri gabe. Jaiotzez itsua denak ezin du iluntasunaren errepresentaziorik izan, zeren argiarena ere ez baitu; basatiak ezin du txirotasunarena izan, ez baitu ongizatea ezagutzen132. Ezjakinak ez du bere ezjakintasunaren adigairik, jakintzarena ez baitauka, eta abar. Beraz, ukapenen adigai guztiak eratorriak dira eta errealitateek gauza guztien ahalgarritasunaren eta determinazio osoaren datuak eta, nolabait esateko, materia edo eduki transzendentala barnebiltzen dituzte.

Beraz, determinazio osoari gure arrazoimenean substratu transzendentala ezartzen zaionean oinarrian, zeinak, nolabait esateko, ekaiaren gordailu osoa barnebiltzen duen, bertatik gauzen predikatu ahalgarri denak hartzen direlarik, bada, orduan substratu hau ez da errealitatearen orotasun baten ideia baino (omnitudo realitatis). Egiazko ezeztapen guztiak, beraz, zedarriak besterik ez dira, eta hau ezingo litzateke esan beraiez, oinarrian zedarririk ez duena (orotasuna) egongo ez balitz.

Errealitatearen jabego oso honen bitartez, ordea, berbaitango gauzaren adigaia ere errepresentatzen da osoki determinatu gisa, eta ens realissimum baten adigaia zerizan bakar baten adigaia da, zeren kontrajarritako predikatu ahalgarri orotatik bat aurkitzen baita bere determinazioan, hots, erabat izateari dagokiona. Beraz, ideal transzendental bat da, existitzen den guztian halabeharrez aurkitzen den determinazio osoaren oinarrian datzan eta bere ahalgarritasunaren materiazko baldintza gorena eta osoa osatzen duen ideala, eta hau oro harrezko objektuen pentsatze orok bertan bildu behar du bere edukiaren arabera. Giza arrazoimenak eduki dezakeen benetako ideal bakarra ere bada; zeren kasu honetan soilik gertatzen baita, gauza baten bere baitan orokorra den adigaia bere buruaren bitartez osoki determinatzen eta banako baten errepresentazio gisa ezagutzen duela.

Arrazoimenak sortzen duen adigai baten determinazio logikoa arrazoimen-inferentzia disjuntiboan funtsatzen da, non esakune nagusiak sailkaketa logikoa barnebiltzen duen (adigai orokorraren esferen zatiketa), esakune txikiak esfera hori zati batera zedarriztatzen duen eta konklusioak adigaia honen bitartez determinatzen duen. Errealitate baten adigai orokorra ezin da oro har a priori zatitu, zeren genero bakoitzaren menpean barnebilduko liratekeen errealitatearen era determinatuak ez baitira ezagutzen esperientziarik gabe. Beraz, gauza guztien determinazio osoaren esakune nagusi transzendentala ez da errealitate ororen multzoaren errepresentazioa baino, predikatu guztiak beren eduki transzendentalaren arabera bere menpean ez ezik, bertan ere jasotzen dituen adigaia, eta halako gauza bakoitzaren determinazio osoa errealitatearen orotasun honen zedarriztapenean funtsatzen da, hauetako batzuk gauzei egotziak, gainerakoak, ordea, baztertuak diren heinean, eta hau esakune nagusiaren «edo...edo»-rekin eta esakune txikiko zatiketa honen osakide baten bidezko objektuaren determinazioarekin adosten da. Honen arabera, arrazoimenaren erabilera honek gauza ahalgarri guztien bere determinazioaren oinarrian ideal transzendentala ezartzen duenean berak arrazoimen-inferentzia disjuntiboan duen jokaeraren analogoa da; eta esakune hau ezarri nuen lehenago ideia transzendental ororen sailkaketa sistematikoaren oinarrian, zeinari jarraiki ideiok arrazoimen-inferentzien hiru moduei paraleloki eta hauei egokituz sortzen diren.

Berez ulertzen da arrazoimenak hau lortzeko asmoz, hots, gauzen beharrezko determinazio osoa soilik errepresentatzeko asmoz, idealaren araberakoa den halako zerizanaren existentzia ez ezik, bere ideia ere aurresupoatzen duela, horrela determinazio osoaren baldintzatugabeko osotasun batetik baldintzatutako osotasuna, h. d., zedarriztatua denarena eratortzearren. Ideala, beraz, gauza ororen jatorrizko irudia da (prototypon), eta gauzek osotara beren ahalgarritasunerako ekaia bertatik hartzen dute, kopia akasdunak (ectypa) diren aldetik, eta berari gehiago edo gutxiago hurbiltzen diren arren, beti bera lortzetik amaigabeki urrun geratzen dira.

Horrela, bada, gauzen ahalgarritasun oro (anizkunkiaren sintesiarena bere edukiaren arabera) eratorritzat hartzen da eta errealitate osoa bere baitan jasotzen duen ahalgarritasuna besterik ez da jatorrizkoa. Izan ere, ezeztapen guztiak (zeinak, ordea, beste guztia zerizan errealenetik bereizaraz dezaketen predikatuak diren) errealitate handiago baten eta, azkenik, errealitate gorenaren zedarriztapen soilak dira, eta beraz, hauek aurresuposatzen dituzte eta edukiari dagokionez beraietatik eratorriak besterik ez dira. Gauzen anizkuntasun oro ere era berean beraiei komuna zaien substratua den errealitate gorenaren adigaia zedarriztatzeko era ezberdin bat da, figura guztiak espazio amaigabea zedarriztatzeko era ezberdinak bezala soilik izan daitezkeen legez. Horregatik, arrazoimenean soilik aurkitzen den idealaren objektuari jatorrizko zerizana deitzen zaio (ens originarium), bere gainean beste zerizanik ez dagoen heinean zerizan gorena (ens summum), eta guztia baldintzatutako zerbait gisa bere menpean dagoen heinean zerizan guztien zerizana (ens entium). Honek guztiak, ordea, ez du adierazten objektu erreal batek beste gauzekin duen hartueman objektiboa, baizik ideiak adigaiekin duena, eta ezjakintasun osoan uzten gaitu hain abantaila harrigarriak dituen zerizan baten existentziaz.

Jatorrizko zerizana eratorritako zerizan askoz osatzen dela esan ezin daitekeenez, haietako bakoitzak hura aurresuposatzen duen heinean, eta beraz, hura eratu ezin duenez gero, orduan jatorrizko zerizanaren ideala bakuna balitz bezala ere pentsatu beharko da.

Horregatik, zehazki hitz eginez, jatorrizko zerizan honetatik abiatutako beste ahalgarritasun ororen eratorketa ezin da hartu bere errealitate gorenaren zedarriztapentzat eta, nolabait esateko, bere zatiketatzat; izan ere, hainbestez, jatorrizko zerizana eratorritako zerizanen agregatu soiltzat hartuko litzateke, ezinezkoa dena gorago esandakoaren arabera, guk hasieran lehen zirrimarra zakarrean horrela errepresentatu genuen arren. Aitzitik, gauza guztien ahalgarritasunaren oinarrian errealitate gorena egongo litzateke oinarri gisa, eta ez multzo gisa, eta lehenaren anizkuntasuna ez da jatorrizko zerizanaren zedarriztapen berberan funtsatzen, baizik bere ondorio osoan, non gure sentimen osoa, beraz, zati bat izango litzatekeen agerpeneko errealitate oro den bezala, hauek osagai gisa ezin baitzaizkio egokitu zerizan gorenaren ideiari.

Gure ideia hau orain hipostasiatzen dugun heinean aurrera egiten baldin badugu, orduan jatorrizko zerizana errealitate gorenaren adigai soilaren bitartez zerizan bakar, bakun, oroaskidun, betierekoa, eta abarren gisa, hitz batean, predikamentu guztien bitartez bere baldintzatugabeko osotasunean determinatu ahal izango da. Halako zerizan baten adigaia Jainkoaren adigaia da, adiera transzendentalean pentsatua, eta horrela, arrazoimen hutsaren ideala Teologia transzendental baten objektua da, gorago aipatu nuen legez.

Hala ere, ideia transzendentalaren erabilera honek jadanik bere determinazioaren eta onargarritasunaren mugak gaindituko lituzke. Izan ere, arrazoimenak errealitate ororen adigai gisa besterik ez zuen jarri oro harrezko gauzen determinazio osoaren oinarrian, errealitate objektibo hori guztia objektiboki ematea eta gainera gauza bat bihurtzea eskatu gabe. Azken hau asmakizun soila da, zeinaren bitartez gure ideiaren anizkunkia ideal batean zerizan berezi gisa biltzen eta egikaritzen dugun horretarako eskuduntzarik izan gabe, ezta halako hipotesiaren ahalgarritasuna onartzekoa ere; orobat, idealetik segitzen diren ondorioztapen denek ez dute zerikusirik oro harrezko gauzen determinazio osoarekin, hauentzat soilik behar zenean ideia, eta ez dute eraginik bertan.

Ez da aski gure arrazoimenaren jardunbidea eta bere Dialektika deskribatzea, bere iturriak aurkitzea ere saiatu behar da, itxura hori bera argitu ahal izatearren, hau adimenaren fenomenoa den aldetik; izan ere, gure solasgaia den ideala berezko ideian oinarritzen da, eta ez soilik hautazkoan. Horregatik, zera galdetzen dut: nola ikusten du arrazoimenak gauzen ahalgarritasun oro bere oinarrian datzan gauza bakar batetik eratorria balego bezala, hots, errealitate gorenetik, eta nola aurresuposatzen du hau, hainbestez, jatorrizko zerizan berezi batean barnebildua balego bezala?

Erantzuna berez datorkigu Analitika transzendentalean aipatutakotik. Sentsuen objektuen ahalgarritasuna hauek gure pentsatzearekin duten hartuemanean dago, non zerbait (hots, forma enpirikoa) a priori pentsa daitekeen, baina materia osatzen duena, hots, agerpeneko errealitatea (sentsazioari dagokiona), eman egin behar den, eta hau gabe inolaz ere ezingo litzateke pentsatu, eta beraz, bere ahalgarritasuna ezingo litzateke errepresentatu. Sentsuen objektu bat osorik determina daiteke, baina agerpenen predikatu guztiekin alderatu eta horien bitartez baieztatuz edo ezeztatuz errepresentatzen baldin bada soilik. Bertan, ordea, gauza bera (agerpenean) osatzen duena, hots, errealkia, eman behar denez, hau gabe ezingo bailitzateke inoiz pentsatu ere egin; agerpen ororen errealkia emana den gune hori, ordea, esperientzia orobateratzaile bakarra denez gero, orduan sentsuen objektu ororen ahalgarritasunerako materia multzo batean emana balego bezala aurresuposatu behar da, eta objektu enpirikoen ahalgarritasun oro, beren arteko bereizketa eta beren determinazio osoa haren zedarriztapenean soilik funtsa daitezke. Egitatean, guri ezin zaizkigu sentsuen objektuak baino eman, eta inon ez gainera, esperientzia ahalgarriaren testuinguruan izan ezik, eta ondorioz, ezer ez da guretzat objektua, errealitate enpiriko ororen multzoa ez badu aurresuposatzen bere ahalgarritasunaren baldintza gisa. Berezko ilusio baten arabera, benetan gure sentsuen objektu gisa ematen diren gauzez balio duen hau oro harrezko gauza guztiez balio izan behar duen oinarri-esakune gisa hartzen dugu. Ondorioz, zedarriztapen hau baztertuz gero, gauzen ahalgarritasunaren gure adigaien printzipio enpirikoa, gauzak agerpenak diren aldetik, oro harrezko gauzen ahalgarritasunaren printzipio transzendentaltzat hartuko dugu.

Ondorioz, guk errealitate ororen multzoaren ideia hau honegatik hipostasiatzen dugu, alegia, adimenaren esperientziazko erabileraren batasun distributiboa esperientziaren osokiaren batasun kolektiboa bihurtzeagatik dialektikoki, eta agerpenaren osoki honetan errealitate enpiriko oro bertan barnebiltzen duen gauza bakarra pentsatzeagatik, zeina, horrela, jadanik aipatutako subrepzio transzendentalaren bitartez gauza guztien ahalgarritasunaren buruan dagoen gauza baten adigaiarekin nahasten den, hots, gauza haien guztien determinazio osorako baldintza errealak ematen dituen gauzaren adigaiarekin133.

Hirugarren atalburuko Hirugarren atala Arrazoimen espekulatiboak zerizan goren baten izatea inferitzeko dituen froga-oinarriez[aldatu]

Arrazoimenak adimenaren adigaien determinazio osorako beteki honen oinarrian egon daitekeen zerbait aurresuposatzeko duen premia larri hau kontuan hartu gabe ere, arrazoimen berak azkarregi ohartzen du halako aurresuposizioaren izaera ideala eta asmatua eta, hainbestez, horrek ez dio bultzatzen bere pentsatzearen sorkari soila berehala zerizan errealtzat onartzera, beste zerbaitek bultzatu ezean nonbait bere lasaitasuna bilatzera baldintzatuki jakinetik baldintzatugabekira doan itzuleran, hots, bere baitan eta bere adigai soilean errealtzat ematen ez den baldintzatugabekira doanean, nahiz honek soilik osa dezakeen bere oinarrietara gidatzen duen baldintzen ilara. Hau da giza arrazoimen bakoitzak hartzen duen berezko bidea, baita arruntenak ere, halako bakoitzak bertan irauten ez duen arren. Ez da abiatzen adigaietatik, baizik esperientzia arruntetik, eta beraz, existitzen den zerbait ezartzen du oinarrian. Lur hau, ordea, hondoratu egiten da, baldin eta behar-beharrezkoa denaren arkaitz higiezinaren gainean funtsatzen ez bada. Hau bera, ordea, igeri dabil eustazpirik gabe, baldin eta beretik at eta azpian oraindik espazio kaskala badago, eta berak dena ez badu betetzen eta horren bitartez gainerako leku gehiago ez badio uzten zergatiari, h. d., errealitateari dagokionez amaigabea bada.

Zerbait, edozer izanda ere, existitzen bada, orduan zerbait halabeharrez existitzen dela onartu behar da. Izan ere, beharbadakoa dena beste zerbaiten baldintzaren menpean soilik existitzen da, hau bere kausa den aldetik, eta honetaz berriro balio du inferentziak, harik eta beharbadakoa ez den, eta horregatik, baldintzarik gabe halabeharrez den kausara iritsi arte. Argumentu honetan oinarritzen du arrazoimenak jatorrizko zerizanerantz doan bere aurrerapena.

Arrazoimenak zerizan baten adigaia bilatzen badu, hots, baldintzatugabeko beharrezkotasunaren gisako existentziaren abantailetara moldatzen den adigaia, ez da bere adigaitik a priori bere izatea inferitzearren (izan ere, hau egitera ausartuko balitz, orduan oro har adigaien artean soilik ikertu ahal izango luke eta izate jakin bat ezarri beharko luke oinarrian), baizik bertan gauza ahalgarrien adigai guztien artean beharrezkotasun absolutuari aurka egiten ez dion ezer ez duena aurkitzearren besterik ez. Izan ere, lehen inferentziaren arabera erabakita dagoela onartzen baitu zerbaitek erabat halabeharrez existitu behar duela. Beharrezkotasun horrekin bateratzen ez den guztia deusezta badezake gauza bat izan ezik, orduan hau behar-beharrezko zerizana da, bere beharrezkotasuna ulertu ahal izan, h. d., bere adigaitik abiatuta soilik eratorri ahal izan nahiz ezin izan.

Gauza baten adigaiak «zergati» ororentzat bere «honegatik» bat barnebiltzen badu bere baitan, ezein zatitan eta ezein zentzutan akatsik ez duen gauza hau, beti baldintza gisa aski den gauza, badirudi beharrezkotasun absolutua izateko zerizan aproposa dela, zeren, ahalgarria den ororen baldintza guztien jabe izanik bere baitan, ez baitu ezein baldintzarik behar, eduki ere ezin ditu egin, eta ondorioz, puntu batean bederen beharrezko baldintzatugabekiaren adigaia gogobetetzen du, hortan beste ezein adigaik berdindu ezin duela, akasduna den eta osaketaren beharra duen heinean, honek bere baitan beste gainerako baldintzetatik beregaina izateko halako ezaugarria ez baitu erakusten. Egia da hemendik abiatuta oraindik seguru ezin daitekeela ondorioztatu bere baitan baldintza gorena eta zentzu orotan osoa barnebiltzen ez duenak horregatik bere existentziaren arabera baldintzatua izan behar duenik; baina ez dauka bere baitan baldintzatugabeko izatearen zeinu ezaugarri bakarra, zeinari esker arrazoimena zerizan bat baldintzatugabe gisa ezagutzeko gai den apriorizko adigai baten bitartez.

Errealitate gorena duen zerizan baten adigaia hoberen egokituko litzaioke gauza ahalgarrien adigai guztien artean baldintzatugabeki beharrezkoa den zerizan baten adigaiari, eta honek hura ez badu osorik gogobetetzen, guk ez dugu hau baino beste aukerarik: behartuta gaude berari jarraitzera, zeren beharrezko zerizanaren existentzia ezin baitugu besterik gabe ukatu; hau onartzen baldin badugu, berriz, orduan ahalgarritasunaren alor osoan ezin dugu izateari begira halako abantailaren uzi oinarritua edukiko lukeen ezer aurkitu.

Horrela dago antolatua, beraz, giza arrazoimenaren berezko ibilera. Lehenik, beharrezko zerizan baten izatearen uste osoa lortzen du. Bertan baldintzatugabeko existentzia ezagutzen du. Orduan, baldintza orotatik beregain denaren adigaia bilatzen du eta beste guztiaren baldintza askia denean aurkitzen du, h. d., errealitate oro barnebiltzen duen hartan. Zedarririk gabeko orotasuna, ordea, batasun absolutua da eta berekin dakar zerizan bakarraren adigaia, hots, zerizan gorenaren adigaia, eta horrela inferitzen du arrazoimenak zerizan gorena erabat halabeharrez dela, gauza ororen jatorrizko oinarria den aldetik.

Adigai honi oinarrizkotasun jakin bat ezin zaio ukatu, baldin eta solasgaia erabakia bada, hots, behin beharrezko zerizan baten izatea onartuz gero eta hura non ezarri nahi izateaz erabakia hartzeko beharraz ados jarriz gero; izan ere, kasu honetan ezin da modu egokiagoan aukeratu edo, are gehiago, ez dago beste ezein aukerarik, baizik behartuta gaude errealitate osoaren batasun absolutuari bere ahotsa ematera, ahalgarritasunaren oinarrizko iturria den aldetik. Ezerk ez bagaitu behartzen erabakia hartzera, eta gai hau guztia atzean utzi nahi badugu, harik eta froga-oinarrien pisu osoaren bitartez bat etortzera behartuak izan arte, h. d., autugaia eginkizun honetaz zenbat dakigun eta zer jakitea uste dugun juzgatzea besterik ez bada, orduan goragoko inferentzia ez da agertzen inolaz ere hain tankera onean, eta onberak izan behar dugu, bere eskubide-uzien gabezia osatzeko.

Izan ere, hemen gure aurrean duguna ontzat emango bagenu, hots, lehenik, existentzia jakin batetik abiatuta (behar bada neurea besterik ez) baldintzatugabeki beharrezkoa den zerizanaren existentziaren inferentzia zuzena dela; bigarrenik, nik errealitate oro, eta beraz, baldintza oro barnebiltzen duen zerizana erabat baldintzatugabetzat hartu behar dudala, eta ondorioz, beharrezkotasun absolutuarentzat egokia den gauzaren adigaia honen bitartez aurkitzen dela, bada, orduan hortik ezin da inolaz ere inferitu errealitate gorena ez duen zerizan zedarriztatu baten adigaiak horregatik beharrekoztasun absolutua kontraesaten duenik. Izan ere, nik berehala bere adigaian baldintzatugabekia aurkitu ez arren, baldintzen orotasunak hau jadanik berekin badakar ere, orduan hortik ezin da inolaz ere ondorioztatu bere izateak horregatik baldintzatua izan behar duenik; arrazoimen-inferentzia hipotetiko batean esan ezin dudan bezala: baldintza jakin bat ez dagoenean (hots, hemen osotasunarena adigaien arabera), hor baldintzatukia ere ez dagoela. Aitzitik, gainerako zerizan zedarriztatu denak era berean baldintzatugabeki beharrezkoak balira bezala onartzea baimentzen zaigu, nahiz eta beren beharrezkotasuna ezin den inferitu berehala beraiez dugun adigai orokorretik abiatuta. Honela, ordea, argumentu honek ez liguke emango beharrezko zerizan baten berekitasunen adigairik eta ez luke oro har ezer lortuko.

Hala eta guztiz ere, argumentu honek garrantzi jakin bat gordetzen du, baita onartezintasun objektibo honegatik berehala kendu ezin zaion autoritatea ere. Izan ere, demagun arrazoimenaren ideian osorik zuzenak baina geuri aplikatzeko errealitaterik gabeak, h. d., eragilerik gabeak liratekeen beharrak daudela, zeinetan lege praktikoei eragina eta irmotasuna emango lieken zerizan gorenik ez litzatekeen aurresuposatuko; orduan guk ere adigaiei jarraitzeko beharra izango genuke, eta hauek objektiboki onargarriak ez izan arren, hala ere, gure arrazoimenaren neurriari dagokionez pisua dute, eta beraiekin alderatuz ez dugu ezer hobeagorik eta konbentzigarriagorik ezagutzen. Aukeratzeko betebeharrak espekulazioaren erabakiezintasuna orekatik aterako luke hemen osagarri praktiko baten bitartez, eta arrazoimenak, epaile zorrotzenen gisara, ez luke bertan legeztasunik aurkituko, baldin eta bera premiazko kausa eragileen menpean –ikuskera akasdunarekin bada ere– bere judizioaren oinarri honi jarraituko ez balitzaio, bere gainetiko beste hobeagorik ezagutzen ez dugunez.

Argumentu hau egitatean transzendentala den arren, bera beharbadakoa denaren barneko onartezintasunean funtsatzen den heinean, dena dela, hain sinplea eta berezkoa da, non gizakien zentzu arruntenarentzat aproposa gertatzen baita hau bertara gidatu ahala. Gauzak aldatzen direla ikusten da, sortzen eta iraungitzen direla; hauek edo beren egoerek behinik behin kausa bat izan behar dute. Inoiz esperientzian eman daitekeen kausa bakoitzaz, ordea, era berean hau galde daiteke. Non jarri behar dugu kausalitate garaiena (oberste) bidezkiago kausalitate gorena (höchste) ere badagoen lekuan baino, h. d., efektu ahalgarrirako onargarritasuna bere baitan jatorriz barnebiltzen duen zerizanean, zeinaren adigaia ere betegintzarre orobateratzaile baten ezaugarri bakarraren bitartez erraz sortzen den? Kausa goren hau, beraz, behar-beharrezkotzat jotzen dugu, absolutuki beharrezkoa aurkitzen dugulako bertaraino goratzea, eta ezein arrazoirik ere ez dugulako beraz goiti oraindik urrunago joateko. Horregatik, herri guztietan beren politeismo itsuenean zehar ere monoteismoaren txinparten distirak ikusten ditugu, eta horretara ez ditu gidatzen gogoetak eta espekulazio sakonak, baizik pixkanaka ulergarria bihurtu den adimen arruntaren berezko ibilerak besterik ez.

Jainkoaren izatearen hiru froga-era besterik ez dira

ahalgarriak arrazoimen espekulatibotik abiatuta.

Asmo honekin urra daitezkeen bide guztiak, edo esperientzia determinatutik eta bere indarrez ezagututako gure sentsuen munduaren antolaera berezitik abiatzen dira, eta bertatik kausalitatearen legearen arabera mundutik at dagoen kausa gorenera igotzen dira; edo esperientzia indeterminatua soilik ezartzen dute oinarrian, h. d., izateren bat enpirikoki; edo, azkenik, esperientzia oroz abstraitzen dute eta osorik a priori adigai soiletatik abiatuta kausa goren baten izatea inferitzen dute. Lehen froga fisiko-teologikoa da, bigarrena, kosmologikoa, hirugarrena, froga ontologikoa da. Froga gehiago ez dago, eta ezin da egon gainera.

Arrazoimenak ezer ez duela lortzen erakutsiko dut, ez bide batetik (enpirikoa), ez bestetik (transzendentala), eta hegoak alferrik zabaltzen dituela erakutsiko dut espekulazioaren botere soilaren indarrez sentsuen munduaz goiti joatearren. Froga-era hauek etsaminarako aurkezteko ordenari dagokionez, hau pixkanaka hedatzen doan arrazoimenak hartzen duen ordenaren eta guk lehen jarri dugun ordenaren zuzenki aurkakoa izango da. Izan ere, argituko da adigai transzendentalak soilik gidatzen duela arrazoimena bere ahalegin honetan, lehen aukera esperientziak ematen badu ere, eta saialdi hauetan guztietan bere buruari ezarri dion xedea adierazten duela. Beraz, froga transzendentalaren etsamina egiten hasiko naiz, eta ondoren ikusiko dut ea osagarri enpirikoak zer egin dezakeen bere froga-indarra areagotzearren.

Hirugarren atalburuko Laugarren atala Jainkoaren izatearen froga ontologiko baten ezintasunaz[aldatu]

Orain arte esandakotik erraz ikusten da zerizan absolutuki beharrezkoaren adigaia arrazoimenaren adigai hutsa dela, h. d., ideia soil bat dela, zeinaren errealitate objektiboa ez den frogatzen arrazoimenak bera behar duelako, eta honek gainera osotasun jakin nahiz lortezina soilik iragartzen du, eta benetan gehiago balio du adimena mugatzeko bera objektu berrietara hedatzeko baino. Hemen gauza bitxi eta absurdu hau gertatzen da, alegia, oro harrezko izate jakin batetik behar-beharrezko izateren batera doan inferentziak premiazkoa eta zuzena izatea dirudiela eta, hala ere, halako beharrezkotasun baten adigaia egiteko unean adimenaren baldintza guztiak erabat gure aurka ditugula.

Garai guztietan hitz egin da zerizan absolutuki beharrezkoaz, eta honelako gauza bat ea eta nola pentsa daitekeen ulertzeko ez da egin bere izatea frogatzeko adina ahalegin. Adigai honen izen-definizioa ematea oso erraza da, hots, bere ez-izatea ezinezkoa den gauza; baina honek ez gaitu argitzen gauza baten ez-izatea erabat pentsaezintzat hartzea ezinezkoa egiten duten baldintzei dagokienez, eta benetan jakin nahi dena zera da, hain zuzen, ea guk adigai honen bitartez edonon zerbait pentsatzen dugun ala ez. Izan ere, adimenak zerbait beharrezkotzat onartzeko beti behar dituen baldintza guztiak «baldintzatugabea» hitzaren bitartez ukatzeak ez dit ulergarria bihurtzen, hainbestez, ea nik baldintzatugabeki beharrezkoa den zerbaiten adigaiaren bitartez oraindik zerbait pentsatzen dudan edo agian ezer ez dudan pentsatzen.

Are gehiago: ausaz onartu eta ondoren ohikoa bihurtu den adigai hau adibide kopuru handi baten bitartez halako moldez argitu dela uste izan da, non bere ulergarritasunari buruzko gainerako galdeketa guztiek erabat alferrikakoak baitirudite. Geometriaren edozein esakune, «hiruki batek hiru angelu ditu», adibidez, behar-beharrezkoa da, eta horrela hitz egiten zen gure adimenaren esferatik erabat at datzan objektu batez, bere adigaiarekin esan nahi dena oso ongi ulertuko balitz bezala.

Eskainitako adibide denak judizioetatik soilik hartu dira salbuespenik gabe, baina ez gauzetatik eta beren izatetik. Judizioaren baldintzatugabeko beharrezkotasuna, ordea, ez da gauzen beharrezkotasun absolutua. Izan ere, judizioaren beharrezkotasun absolutua gauzaren beharrezkotasun baldintzatua besterik ez da, edo predikatuak judizioan duen beharrezkotasuna. Aurreko esakuneak ez zuen esaten hiru angeluak behar-beharrezkoak direnik, baizik hiruki bat badela dioen baldintzapean (ematen delako) hiru angelu daudela (bertan) halabeharrez. Hala eta guztiz ere, halako beharrezkotasun logikoak frogatu duen ilusioaren boterea hain handia da, non, norbere iritziz izatea ere bere zabaleran jasotzen den gisara moldatua dagoen gauza baten apriorizko adigaia sortu zen heinean, hortik abiatuta adigai honen objektuari izatea halabeharrez dagokiola inferi zitekeela uste baitzen, h. d., gauza hau emandako gauza gisa (existitzen dela) ezartzearen baldintzapean bere izatea ere halabeharrez ezartzen dela (identitatearen erregelaren arabera), eta zerizan hau horregatik behar-beharrezkoa dela, zeren bere izatea ere batera pentsatzen baita ausaz onartutako adigai batean eta bere objektua ezartzen dudala dioen baldintzapean.

Judizio identiko batean predikatua ezeztatu eta subjektua gordetzen badut, orduan kontraesan bat sortzen da, eta horregatik zera diot: hura honi halabeharrez dagokio. Subjektua, ordea, predikatuekin batera ezeztatzen badut, orduan honek ez da kontraesanik sortzen; izan ere, ez da hura kontraesan lezakeen beste ezer geratzen. Hiruki bat ezartzea eta bere hiru angeluak ezeztatzea kontraesankorra da; baina hirukia bere hiru angeluekin batera ezeztatzea ez da inolako kontraesanik. Horrela gertatzen da zerizan absolutuki beharrezkoaren adigaiarekin. Bere izatea ezeztatzen baduzue, orduan gauza bera bere predikatu ororekin ezeztatzen duzue; nondik etorriko da, hainbestez, kontraesana? Kanpotik ez da ezer kontraesaten, izan ere, gauzak ez du kanpotik beharrezkoa izan behar; barnetik ere ez, izan ere, zuek gauza beraren ezeztapenarekin aldi berean bere barnean dagoen gauza oro ukatu baituzue. Jainkoa ahalguztiduna da; hau beharrezko judizioa da. Ahalguztiduntasuna ezin da ezeztatu jainkotasun bat, h. d., zerizan amaigabe bat ezartzen baduzue, hura honen adigaiarekin identikoa baita. Baina esaten baduzue, orduan «Jainkoa ez da» ez da ahalguztiduntasuna ematen, ezta bere beste predikaturik ere; izan ere, denak subjektuarekin batera ezeztatu dira eta pentsamendu honek ez du kontraesan txikienik ere erakusten.

Zuek ikusi duzue era berean nik judizio baten predikatua subjektuarekin batera ezeztatzen badut, orduan ezin dela inoiz barneko kontraesanik sortu, predikatua edozein izanda ere. Orduan zera esatea baino beste ihesbiderik ez zaizue geratzen: inolaz ere ezeztatu ezin diren subjektuak daude, beraz, geratu egin behar duten subjektuak. Halere, honek hau adina esan nahiko luke: behar-beharrezko subjektuak daude; hain zuzen, bere zuzentasuna zalantzan jarri dudan eta bere ahalgarritasuna erakutsi nahi didazuen aurresuposizioa. Izan ere, ezin dut gauza batez adigairik sortu, honek, bere predikatu guztiekin batera ezeztatua izango balitz, oraindik ere kontraesan bat sortuko balu, eta kontraesanik gabe ez dut ahalezintasunaren ezaugarririk lortzerik apriorizko adigai huts soilen bitartez.

Inferentzia orokor hauen guztien aurka (inork ukatu ezin dituenak) erronka egiten didazue froga gisa egitate honen bitartez aurkezten duzuen kasu batekin: badela adigai bat eta soilik Bakar bat, zeinaren ez-izatea edo bere objektuaren ezeztapena bere baitan kontraesankorra den, eta hau zerizan oroerrealaren adigaia dela. Errealitate oro duela diozue, eta halako zerizana ahalgarritzat onartzea zilegi zaizuela (oraingoz onartzen dudana, nahiz eta bere burua kontraesan ez duen adigaiak oraindik objektuaren ahalgarritasunik ez duen frogatzen)134. Hala ere, «errealitate oro» esaten denean bertan izatea ere biltzen da; eta beraz, izatea gauza ahalgarri baten adigaian datza. Hortaz, gauza hau ezeztatzen baldin bada, orduan gauzaren barneko ahalgarritasuna ezeztatzen da, kontraesankorra dena.

Honela erantzuten dut: jadanik kontraesan bat sortu duzue bere ahalgarritasunaren arabera soilik pentsatu nahi duzuen gauza baten adigaian jadanik bere existentziaren adigaia sartzean, edozein ezkutuko izenpean izanda ere. Hau onartzen bazaizue, orduan itxuraz jokoa irabazi duzue, egitatean, ordea, ezer ez duzue esan; izan ere, tautologia soila egin duzue. Zera galdetzen dizuet: «gauza hau edo bestea existitzen da» esakunea esakune analitikoa ala sintetikoa al da? Lehena baldin bada, orduan gauzaren izatearen bitartez ez diozue ezer gaineratzen gauzaren zuen pentsamenduari, baina, hainbestez, edo zuengan dagoen pentsamenduak gauza bera izan beharko luke, edo izate bat ahalgarritasunari dagokiola aurresuposatu duzue, eta, hainbestez, izatea ustez barneko ahalgarritasunetik inferitu duzue, tautologia merke bat besterik ez dena. Hori ez du erabakitzen «errealitate» hitzak, gauzaren adigaian existentziak predikatuaren adigaian duenaren bestelako hotsa duen hitzak. Izan ere, zuek ezarpen orori errealitate deitzen badiozue (ezarritakoa indeterminatua izanik), orduan gauza bere predikatu guztiekin batera subjektuaren adigaian ezartzen duzue eta errealtzat onartzen duzue jadanik, eta predikatuan errepikatu besterik ez duzue egiten. Aitortzen baldin baduzue, aitzitik, eskuarki pertsona zentzudun orok aitortu behar duen bezala, existentziari buruzko halako edozein esakune esakune sintetikoa dela, orduan nola nahi duzue baieztatu existentziaren predikatua kontraesanik gabe ezin dela ezeztatu? Izan ere, abantaila hau esakune analitikoei besterik ez dagokie bereziki, eta beren izaera bera ere bertan funtsatzen da.

Itxarongo nuke bai argumentazio sofistiko hau behin betiko zinez deuseztatzea existentziaren adigaiaren determinazio zehatz baten bitartez, baldin eta aurkitu izan ez banu predikatu logiko bat erreal batekin (h. d., gauza baten determinazioarekin) nahasteko ilusioak ia irakaspen orori aurka egiten diola. Edozerk balio du predikatu logikoa izateko, subjektua bera ere predika daiteke bere buruaz; izan ere, Logikak eduki oroz abstraitzen du. Baina determinazioa subjektuaren adigaiari gaineratzen zaion eta bera hedatzen duen predikatua da. Beraz, ez du jadanik bertan barnebildua egon behar.

Izatea ez da nabarmenki ezein predikatu errealik, h. d., gauza baten adigaiari gaineratu ahal zaion zerbaiten adigaia. Gauza baten edo determinazio jakinen ezarpen soila da bere baitan. Erabilera logikoan judizio baten kopula besterik ez da. «Jainkoa ahalguztiduna da» esakuneak beren objektua duten bi adigai barnebiltzen ditu: Jainkoa eta ahalguztiduntasuna; «da» hitz laburra ez da beste predikatu bat, baizik predikatua subjektuarekin harremanean jartzen duen zerbait besterik ez. Subjektua (Jainkoa) bere predikatu guztiekin batera biltzen badut (hor ahalguztiduntasuna ere hartuta) eta Jainkoa dela edo Jainko bat dela esaten badut, orduan Jainkoaren adigaiari ez diot predikatu berririk ezartzen, baizik subjektua bera besterik ez dut ezartzen bere predikatu guztiekin batera, eta gainera objektua nire adigaiarekin harremanean ere bai. Biek berbera barnebildu behar dute zehazki, eta horregatik, ahalgarritasuna soilik adierazten duen adigaiari ezin zaio ezer gehiago gaineratu, bere objektua erabat emana bezala pentsatzen baitut («bera da» adierazpenaren bitartez). Eta horrela, erreala denak ez du barnebiltzen ahalgarria besterik ez denak baino gehiago. Ehun talero errealek ez dute ehun ahalgarriek baino ezer gehiago barnebiltzen. Izan ere, honek adigaia, hark, ordea, objektua eta bere ezarpena bere baitan esan nahi duenez gero, orduan nire adigaiak ez luke objektu osoa adieraziko honek hark baino gehiago barnebilduko balu, eta ez litzateke gainera bere adigai egokia izango. Hala ere, nire jabegoari dagokionez, gehiago dago ehun talero errealetan bere adigai soilean baino (bere ahalgarritasunean). Izan ere, errealitatean objektua nire adigaian analitikoki barnebildua egoteaz gain nire adigaiari (nire egoeraren determinazioa denari) sintetikoki gaineratzen zaio, hala ere, nire adigaitik at izate honi esker aipatutako ehun taleroak deus ere ugaldu gabe.

Nik, beraz, gauza bat nahi adina predikatuen bitartez pentsatzen badut (determinazio osoan ere bai), orduan gauzari ez zaio ezer gehitzen, gauza hori badela gaineratzen badut. Izan ere, bestela ez litzateke nik adigaian pentsatu nuen berbera existituko, gehiago baizik, eta ezingo nuke esan zehazki nire adigaiaren objektua existitzen denik. Gauza batean errealitate oro pentsatzen badut bat izan ezik, halako gauza akasduna existitzen dela esanez ez zaio gaineratzen falta zaion errealitatea, baizik gabezia horrek jota dirau, nik pentsatu dudan gisara, zeren bestela nik pentsatu nuenaren bestelako zerbait existituko bailitzateke. Zerizan bat errealitate goren gisa (akatsik gabea) pentsatzen badut, orduan oraindik ea existitzen den ala ez den existitzen galdetzea geratzen da. Izan ere, oro harrezko gauza baten eduki erreal ahalgarriaren nire adigaian ezer falta ez bada ere, hala ere, zerbait falta da oraindik pentsatzearen nire egoera osoaren hartuemanari dagokionez, hots, objektu haren ezagutza a posteriori ere ahalgarria izatea. Eta hemen agertzen da bertan aurkitzen dugun zailtasunaren zergatia. Solasgaia sentsuen objektu bat baldin balitz, orduan ezingo nuke gauzaren existentzia gauzaren adigai soilarekin nahastu. Izan ere, adigaiaren bitartez objektua oro har ezagutza enpiriko ahalgarri baten baldintza orokorrarekin adostasunean besterik ez da pentsatzen; existentziaren bitartez, ordea, esperientzia osoaren testuinguruan barnebildua dagoela pentsatzen da; esperientzia osoaren edukiarekin duen elkarloturagatik objektuaren adigaia deus ere ugaltzen ez bada ere, gure pentsatzeak, dena dela, bere bitartez hautemapen ahalgarri bat gehiago lortzen du. Aitzitik, existentzia kategoria hutsaren bitartez soilik pentsatzen badugu, orduan ez da harritzekoa existentzia ahalgarritasun soiletik bereizteko ezein ezaugarri ezin aipatzea.

Objektu baten gure adigaiak berak nahi duena eta nahi duen adina barnebildu badezake ere, dena dela, beretik kanpora irten behar dugu berari existentzia emateko. Sentsuen objektuetan hau nire hautemapenetako batekin elkartuz gertatzen da lege enpirikoen arabera; baina ez dago pentsatze hutsaren objektuen izatea ezagutzeko ezein baliabiderik, zeren erabat a priori ezagutu beharko baikenituzke; existentzia ororen gure kontzientzia (izan dadin hautemapenari esker zuzenki edo inferentzien bitartez zerbait hautemapenarekin elkarlotuz), berriz, esperientziaren batasunari dagokio guztiz, eta alor honetatik at dagoen existentzia bat ezin-ezinezkotzat adierazi ezin bada ere, hau inolaz ere legeztatu ezin dugun aurresuposizioa da.

Zerizan goren baten adigaia oso ideia onuragarria da zentzu batzuetan; baina horregatik, ideia delako, erabat ezgaia da bere kabuz gure ezagutza hedatzeko existitzen denari dagokionez. Askotasun baten ahalgarritasunari buruz ere ezin digu ezer irakatsi. Ezin zaio eztabaidatu ahalgarritasunaren ezaugarri analitikoa, ezarpen soilek (errealitateek) ezein kontraesanik sortu ez izatean datzan ezaugarria; baina berekitasun erreal ororen elkarlotura gauza batean sintesi bat denez, zeinaren ahalgarritasunaz a priori ezin dugun juzgatu, guri errealitateak ez zaizkigulako espezifikoki ematen, eta, hau gertatuko balitz ere, bertan edonon ezein judiziorik ez denez gertatuko, ezagutza sintetikoen ahalgarritasunaren ezaugarria beti esperientzian soilik bilatu behar baita, bertan, bestalde, ideia baten objekturik ezin dela egon; bada, orduan, Leibniz sonatuak ez du lortu inolaz ere harrotzen zuen gauza hura, hots, hain zerizan bikainaren eta idealaren ahalgarritasuna a priori aditu nahi izatea.

Ahalegin eta lan oro galdu da zerizan goren baten adigaietatik abiatutako izatearen froga ontologiko (kartesiar) sonatuan, eta gizaki batek ideia soilen bitartez ikuskeran aberatsago bihurtu nahiko lukeen bezain gutxi nahiko luke dendari batek jabegoan aberatsago bihurtu bere egoera hobetzearren bere kontuei zenbait zero gehituz.

Hirugarren atalburuko Bosgarren atala Jainkoaren izatearen froga kosmologikoaren ezintasunaz[aldatu]

Erabat hautaz zirrimarratutako ideiatik abiatuta berari dagokion objektuaren izatea lortu nahi izatea ez da inolaz ere berezko jokabidea, zorroztasun akademikoaren berritze soila da. Egitatean, inoiz ez litzateke bide honetatik saiatuko, baldin eta aurretik gure arrazoimenak beharrezkoa den zerbaiten existentzia (bertan goraketak egona lor zezakeela) onartzeko duen premia ez balego eta, beharrezkotasun honek baldintzatugabeki a priori ziurra izan behar duenez, arrazoimena halako eskakizuna gogobeteko lukeen eta izate bat osorik a priori ezagutaraziko lukeen adigaia bilatzera behartua izan ez balitz. Hau zerizan oroerreal baten ideian aurkitu izan zela uste izan zen eta, horrela, ezagupen determinatuagorako erabili zen, hots, beharrezko zerizanaren ezagupenerako, zeinaren existentziaz lehendik jadanik beste era batera konbentzituta edo limurtuta geunden. Hala ere, arrazoimenaren berezko ibilera hau ezkutuan gorde zen, eta adigai honetara iritsi beharrean, bertatik abiatzen saiatu zen, honela izatearen beharrezkotasuna bertatik eratortzearren, nahiz eta hau bera osatzeko soilik determinatua izan. Hemendik sortu zen zoritxarreko froga ontologikoa, ez berezko adimen sendoa, ezta eskolak egiten duen moduko etsamina ere gogobetetzen ez duen froga.

Orain aztertu nahi dugun froga kosmologikoak beharrezkotasun absolutuak errealitate gorenarekin duen elkarlotura atxikitzen du, baina aurreko frogan ez bezala, errealitate gorenetik izatearen beharrezkotasuna inferitu beharrean, aurretik emandako zerizan baten baldintzatugabeko beharrezkotasunetik bere errealitate mugagabea inferitzen du, eta honenbestez, dena inferentzia-era baten bidera ekartzen du behinik behin, ez dakit arrazoizkoa edo sofistikoa, baina gutxienez berezkoa dena, zeinak adimen arruntarentzat ez ezik, espekulatiboarentzat ere uste oso beteena ekartzen duen berekin; horrez gain, Natur Teologiaren froga guztietarako ere beti erabili diren eta ondoren erabiliko diren oinarrizko lehen lerroak marrazten ditu ikusgarriki, hauek nahi den guztia apaintzen eta ezkutatzen diren arren hostoen eta apainduren bitartez. Leibnizek a contingentia mundi deitu zion froga hau orain begi-bistan jarri eta etsaminatu nahi dugu.

Frogak honela dio: zerbait existitzen baldin bada, orduan behar-beharrezko zerizanak existitu behar du. Baina ni neu existitzen naiz behinik behin, eta beraz, behar-beharrezko zerizana existitzen da. Esakune txikiak esperientzia bat barnebiltzen du, esakune nagusiak beharrezkoa denaren izatearen inferentzia-ondorioa135 oro harrezko esperientzia batetik abiatuta. Beraz, froga benetan esperientziatik abiatzen da, eta beraz, ez da osorik a priori edo ontologikoki burutzen, eta esperientzia ahalgarri ororen objektuak mundua izena duenez gero, orduan froga kosmologikoa deitzen zaio. Honek mundu hau ahalgarria den beste batetik ezberdintzen duen esperientziaren objektuen berekitasun berezi oroz abstraitzen duenez gero, orduan bere izendapenean bertan ere froga fisiko-teologikotik bereizten da, zeinak gure sentsuen munduaren antolaera bereziaren behaketak behar dituen froga-oinarri gisa.

Frogak zera inferitzen du gainera: beharrezko zerizana era bakar batean soilik determina daiteke, h. d., kontrajarritako predikatu ahalgarri guztiei dagokienez hauetako baten bitartez soilik determina daiteke, eta ondorioz, osoki determinatu behar da bere adigaiaren bitartez. Gauza baten adigai bakarrak determina dezake hura a priori osoki, hots, ens realissimum-en adigaiak; beraz, zerizan oroerrealaren adigaia beharrezko zerizan bat pentsatzea ahalbidetzen duen adigai bakarra da, h. d., zerizan goren bat existitzen da halabeharrez.

Argumentu kosmologiko honetan hainbeste oinarri-esakune sofistiko biltzen dira, ezen baitirudi arrazoimen espekulatiboak hemen bere antze dialektiko guztia eskaintzen duela, itxura transzendental ahalbait handiena sortzearren. Bere etsamina, beraz, alde batera utzi nahi dugu une batez bere iruzur bat nabarmenarazteko, zeinaren bidez hark argumentu zahar bat jantziz aldatuta berria balitz bezala aurkezten duen eta horrela bi lekukoen adostasunera jotzen duen, hots, arrazoimenaren lekuko hutsera eta baieztapen enpirikoaren beste batera, lehena soilik izaki bere jantzia eta ahotsa aldatzen duena bestetzat hartua izatearren. Froga hau esperientzian sustatzen da bere oinarria ondo seguru ezartzeko, eta horren bitartez bere konfiantza osoa apriorizko adigai huts soiletan jartzen duen froga ontologikotik ezberdina izateko itxura ematen dio bere buruari. Froga kosmologikoak, ordea, esperientzia hori urrats bakar bat egiteko baino ez du erabiltzen, hots, oro har beharrezko zerizan baten izaterantz doan urratsa. Froga-oinarri enpirikoak ezin du irakatsi honek zein berekitasun dituen, baizik hor arrazoimenak hura alde batera uzten du eta adigai soilak erabiliz ikertzen du: ea zein berekitasun izan behar dituen oro har zerizan absolutuki beharrezkoak, h. d., gauza ahalgarri guztien artean zerk barnebiltzen dituen bere baitan beharrezkotasun absoluturako behar diren baldintzak (requisita). Halere, hauek zerizan oroerreal baten adigaian besterik ez direla aurkitzen sinesten da, eta horrela inferitzen da: hau da behar-beharrezko zerizana. Argi dago, ordea, hemen errealitate gorena duen zerizanaren adigaiak izatearen beharrezkotasun absolutuaren adigaia osorik gogobetetzen duela aurresuposatzen dela, h. d., handik hau inferi daitekeela; esakune hau argumentu ontologikoak baieztatzen zuen, zeina, beraz, froga kosmologikoan onartzen den eta bere oinarrian ezartzen den, hori saihetsi nahi izan zen arren. Izan ere, beharrezkotasun absolutua adigai soiletatik inferitutako izatea da. Baina esaten baldin badut: ens realissimum-en adigaia beharrezko zerizanari atxikitzen eta egokitzen zaion adigaia da, eta gainera, halakoen artean bakarra dela, orduan bertatik azkenengoa ere inferi daitekeela ere onartu behar dut. Orduan, benetan adigai soiletatik abiatzen den froga ontologikoa besterik ez da hala deitutako kosmologikoaren barneko froga-indar oro barnebiltzen duena, eta ustezko esperientzia alferrikakoa da, zeren agian beharrezkotasun absolutuaren adigaira soilik gida ahal bagaitu ere, ezin baitu hau gauza determinatu batean frogatu. Izan ere, honetarako asmorik izan ahala esperientzia oro utzi eta adigai hutsen artean bilatu behar dugu ea zeinek barnebiltzen dituen beren artean zerizan absolutuki beharrezkoaren ahalgarritasun-baldintzak. Honela, ordea, halako zerizanaren ahalgarritasuna soilik aditzen bada ere, dena dela, bere izatea ere erakusten da; izan ere, hau adina adierazten du: ahalgarria den ororen artean beharrezkotasun absolutua aldean dakarren Bat badago, h. d., zerizan hau erabat halabeharrez existitzen da.

Inferitzean gertatzen diren itxurapen guztiak eskolak egiten duenaren arabera begi-bistan jarriz azaltzen dira modu errazenean. Hemen dator halako auzkezpen bat.

«Behar-beharrezko zerizan oro aldi berean zerizan oroerreala da» esakunea (froga kosmologikoaren nervus probandi-a dena) zuzena baldin bada, orduan judizio baieztaile ororekin gertatzen den bezala per accidens bederen esakunea itzuli ahal izan behar da; eta beraz, «zerizan oroerreal batzuk aldi berean behar-beharrezko zerizanak dira». Hala ere, ens realissimum bat ez da zati batean ere ezberdintzen beste batetik, eta adigai honen menpean barnebildutako batzuez balio duenak denez ere balio du. Eta beraz, nik (kasu honetan) esakunea erabat itzuli ahal izango dut, h. d., «zerizan oroerreal bakoitza beharrezko zerizana da». Esakune hau bere adigaietatik abiatuta soilik a priori determinatzen denez gero, orduan zerizan oroerrealaren adigai soilak bere beharrezkotasun absolutua ere ekarri behar du berekin; froga ontologikoak ere baieztatzen zuena eta kosmologikoak berrezagutu nahi ez zuena, nahiz eta bere inferentzietan amarruz sartu zen.

Horrela, arrazoimen espekulatiboak zerizan gorenaren izatea frogatzeko urratzen duen bigarren bidea lehena bezain faltsua izateaz gain puntu kritikagarri hau ere badu bere baitan, hots, ignoratio elenchi bat egiten duela, zeren, oinezkoen zaldain berrira gidatzea agintzen digun arren, desbideraketa txiki bat egin ondoren berriro utzi genuen bide zaharrera itzultzen baikaitu honela bide berriari jarraitzearren.

Oraintxe esan dut argumentu kosmologiko honetan kritika transzendentalak erraz aurki eta deusezta ditzakeen handiuste dialektikoen kabi osoa dagoela ezkutatuta. Orain aipatu besterik ez ditut egingo, eta jadanik aritua den irakurleari utzi nahi diot oinarri-esakune faltsuak ondoren ikertzea eta haiek ezeztatzea.

Bertan zera aurkitzen dugu, adibidez, 1) beharbadakoa denetik kausa bat inferitzeko oinarri-esakune transzendentala, zeinak sentsuen munduan besterik ez duen esanahia, beretik at, ordea, zentzurik ere ez duelarik. Izan ere, beharbadakoa denaren adigai intelektual soilak ezin du kausalitatearen adigaiaren gisako esakune sintetikorik sortu, eta azkenaren oinarri-esakuneak ez du esanahirik eta erabileraren ezaugarririk, sentsuen munduan izan ezik; hemen, ordea, sentsuen munduaz goiti joateko balio behar zuen. 2) Elkarren menpeko kausa jakinen ilara amaigabearen ahalezintasunetik lehen kausa bat inferitzea, arrazoimenaren erabileraren printzipio beraiek esperientzian egitea baimentzen ez dutena; are gutxiago, oinarri-esakune hau hartaz goiti hedatu ahal izatea (katea ezin luza daiteke inolaz ere bertaraino). 3) Arrazoimenaren askitasun faltsua ilara honen osaketari dagokionez, hots, azkenean baldintza guztiak baztertuz lortzen den askitasuna, beraiek gabe beharrezkotasunaren adigairik izan ezin den arren, eta hainbestez, ezer gehiago ulertu ezin daitekeenez gero, hau bere adigaiaren osaketatzat hartzen da. 4) Errealitate bateratu ororen adigaiaren ahalgarritasun logikoa (barneko kontraesanik gabekoa) transzendentalarekin nahastea, hain zuzen, halako sintesiaren egingarritasunaren printzipioa behar duenarekin, hots, bere aldetik esperientzia ahalgarriaren alorrari soilik atxiki ahal zaion printzipioa behar duenarekin nahastea, eta abar.

Froga kosmologikoaren artifizioak xede hau besterik ez du: a priori adigai soiletatik abiatuta burutzen den beharrezko zerizanaren izatearen froga saihestea, ontologikoki bideratu beharko litzatekeen froga, hain zuzen, nahiz horretarako batere ahalmenik gabe sentitzen garen. Hau lortzeko asmoz oinarrian jarri den izate erreal batetik (oro harrezko esperientzia bat) ahal den modu onenean bere behar-beharrezko baldintza bat inferitzen dugu. Hainbestez, ez dugu bere ahalgarritasun hau argitzeko beharrik. Izan ere, bera dela frogatu baldin bada, orduan bere ahalgarritasunaz galdetzea osorik alferrikakoa gertatzen da. Hala ere, beharrezko zerizan hau bere antolaerari dagokionez zehazkiago determinatu nahi badugu, orduan ez dugu bilatzen bere adigaitik abiatuta izatearen beharrezkotasuna ulertzeko aski dena; izan ere, hau egin ahal izango bagenu, orduan ez genuke aurresuposizio enpirikorik beharko; ez, baldintza negatiboa besterik ez dugu bilatzen (conditio sine qua non), eta hau gabe zerizan bat ez litzateke absolutuki beharrezkoa izango. Hortaz, hau zuzena litzateke ondorio jakin batetik bere oinarria inferitzeko beste edozein erari legokionez; hemen, ordea, beharrezkotasun absoluturako eskatzen den baldintza zerizan bakarrean aurki daitekeela gertatzen da zoritxarrez, zeinak, horregatik, bere adigaian beharrezkotasun absoluturako eskatzen den guztia barnebildu beharko lukeen, eta beraz, bere apriorizko inferentzia ahalbidetzen duen; h. d., alderantziz ere inferitu ahal izan beharko nuke: errealitate gorenaren adigai hau egokitzen zaion edozein gauza behar-beharrezkoa da, eta horrela inferitu ezin badut (eta hau aitortu behar dut, froga ontologikoa ekidin nahi badut), orduan nire bide berrian huts egin dut eta berriro ere hasi nintzen lekuan nago. Zerizan gorenaren adigaiak ederki gogobetetzen ditu a priori gauza baten barneko determinazioaz egin daitezkeen galdekizun guztiak, eta horregatik antzekorik gabeko ideala da, zeren bere adigai orokorrak aldi berean gauza ahalgarri ororen artean banakoa bezala ezaugarritzen baitu. Bere izate propioaz galdekizuna ez du gogobetetzen inolaz ere, ordea, hau besterik ez denean benetan autugaia, eta beharrezko zerizanaren izatea onartu eta gauza ahalgarri guztien artean ea halakotzat zein hartu behar den soilik jakin nahi duenaren galdeketa ezingo litzateke honela erantzun: hemengo hau da beharrezko zerizana.

Zilegi izan daiteke onargarritasun gorena duen zerizanaren izatea ondorio ahalgarri ororen kausa gisa onartzea, honela arrazoimenari berak bilatzen duen argiketa-oinarrien batasuna erraztearren. Alabaina, bertatik halako zerizana halabeharrez existitzen dela esatera iristea ez da hipotesi zilegi baten adierazpen apala, baizik ziurtasun apodiktikoaren handiuste lotsagabea; izan ere, ezagutzak beharrezkotasun absolutua ere ekarri behar du berekin zerbait behar-beharrezkoa bezala ezagutzea aldarrikatzen dugunean.

Ideal transzendentalaren arazo osoa honetan datza: edo beharrezkotasun absoluturako adigai bat, edo gauzaren baten adigairako bere beharrezkotasun absolutua aurkitzean. Bata egin badaiteke, orduan bestea ere bai; izan ere, arrazoimenak bere adigaietatik abiatuta beharrezkoa dena besterik ez du ezagutzen absolutuki beharrezko gisa. Halere, gure adimena puntu honetan gogobetetzeko behar den ahalegin handienak biak gainditzen ditu, baita bera ahalmen eza honegatik lasaitzeko saialdi guztiak ere.

Gauzen azken eramale gisa ezinbestean behar dugun baldintzatugabeko beharrezkotasuna giza arrazoimenaren egiazko amildegia da. Betikotasunak ere ez du zirrara ahulgarriagorik sortzen gogamenean, Haller batek hain beldurgarriki bikaina marrazten badu ere; izan ere, gauzen igarotzea besterik ez du neurtzen, baina ez ditu hauek eramaten. Ezin dugu pentsamendu hau saihestu, ezta jasan ere, alegia, zerizan batek, ahalgarriak diren guztien artean gorenen gisa errepresentatzen dugun zerizanak, nolabait esateko, bere buruari hau esatea: «betikotasunetik betikotasunera naiz, nigandik at ez dago ezer, nire nahimenaren arabera soilik izan ezik»; baina, nondik nator ni orduan? Hemen dena hondoratzen da gure azpian, eta betegintzarre handiena, txikiena bezala, sustapenik gabe igeri dago arrazoimen espekulatiboaren aurrean, zeinari nekerik ez dion sortzen bata zein bestea oztopo txikienik gabe desagertarazteak.

Bere izatea efektu jakinen bitartez adierazten duten izadiko indar askok ikergaitz dirau guretzat; izan ere, behaketaren bitartez ezin gatzaizkie behar adina urrun jarraiki. Agerpenen oinarrian dagoen objektu transzendentala, eta honekin batera, gure sentimenak baldintza goren hau eta ez bestea izatearen oinarriaren zergatia ikergaitzak dira eta diraute, gauza bera emana izan arren, aditua ez bada ere. Arrazoimen hutsaren idealari, ordea, ezin zaio ikergaitza deitu, zeren arrazoimenaren beharra baino bere beste errealitatearen baieztapenik ez baitu aurkeztu behar bere bitartez batasun sintetiko oro osatzeko. Baina objektu pentsagarri gisa ere ematen ez denez gero, orduan pentsagarria den aldetik ere ez da ikergaitza; aitzitik, ideia soila den aldetik arrazoimenaren izaeran aurkitu behar du bere egoitza eta konponketa, eta beraz, ikertu ahal izan behar da; izan ere, horretaz osatzen da arrazoimena, alegia, guk gure adigai, iritzi eta baieztapen oroz kontu eman ahal izateaz, oinarri objektiboetatik abiatuta edo subjektiboetatik abiatuta oinarriok itxura soilak direnean.

Beharrezko zerizan baten izatearen froga transzendental orotako itxura dialektikoaren aurkikuntza eta argipena

Orain arte egindako bi frogak transzendentalak dira, h. d., printzipio enpirikoetatik beregainki saiatuak. Izan ere, kosmologikoak oro har esperientzia bat jartzen duen arren oinarrian, dena dela, froga ez da bideratzen bere antolaera berezi batetik abiatuta, baizik arrazoimenaren printzipio hutsetatik abiatuta, kontzientzia enpirikoaren bitartez oro har existentzia jakin batekin harremanean, eta gida hau ere uzten du adigai huts soiletan eusteko. Zer da, hortaz, froga transzendental hauetan itxura dialektiko baina berezkoaren kausa, zeinak beharrezkotasuna eta errealitate gorenaren adigaiak elkarlotzen dituen, eta ideia soilik izan daitekeena egikaritzen eta hipostasiatzen duen? Zein da existitzen diren gauzen artean bere baitan beharrezkoa den bat onartzeko ezinbestekotasunaren kausa, eta hala ere, aldi berean halako zerizanaren izatearen aurrean amildegiaren aurrean balego bezala atzera egitearen kausa? Eta nola lortzen da arrazoimenak berak honetaz uler dezan, eta onarpen zuhur nahiz behin eta berriro ukatutako baten egoera zabunkaritik abiatuta ikuskera lasaira irits dadin?

Erabat ohargarria da zerbait existitzen dela aurresuposatzean zerbait halabeharrez ere existitzen dela dioen ondorioztapena ezin saihestea. Erabat berezkoa den inferentzia honetan (nahiz ez horregatik jadanik seguruan) funtsatzen zen argumentu kosmologikoa. Aitzitik, edozein gauzaren adigai bat onartzen badut, orduan bere izatea inoiz behar-beharrezkoa bezala ezin dudala errepresentatu aurkitzen dut, eta ezerk ez didala galarazten, edozer gauza existitzen dela ere, bere ez-izatea pentsatzea, eta beraz, existitzen denarentzat oro har beharrezkoa den zerbait onartu behar dut, baina gauza bat bakarra ere ezin dut bere baitan beharrezkoa balitz bezala pentsatu. Hau da: inoiz ezin dut existitzen denaren baldintzetaraino itzulera osatu beharrezko zerizan bat onartu gabe; bertatik, ordea, ezin dut inoiz hasi.

Existitzen diren gauzetarako oro har beharrezkoa den zerbait pentsatu behar badut, baina ezein gauza bere baitan beharrezkotzat pentsatzea baimentzen ez bazait, orduan hortik ezinbestean ondorioztatzen da beharrezkotasunak eta beharbadakotasunak ezin dutela gauzekin zerikusirik izan, zeren bestela kontraesan bat sortuko bailitzateke; eta beraz, bi oinarri-esakune hauetako bat bera ere ez dela objektiboa, baizik gehienez ere arrazoimenaren printzipio subjektibo soilak direla, hots, alde batetik, existituz emana den ororentzat beharrezkoa den zerbait bilatzeko, h. d., inoiz a priori osatutako argiketa batean ez bada, beste inon ez geratzeko, eta beste aldetik, ordea, osaketa hau inoiz ez itxarotea, h. d., enpirikoa den ezer ez onartzea baldintzatugabea balitz bezala, eta horren bitartez, ondorengo eratorketak ukatzea. Esanahi honetan hartuta ederki ados daitezke arrazoimenaren interes formala baino ukitzen ez duten bi oinarri-esakuneak, heuristikoak eta erregulatzaileak soilik direnak. Izan ere, batak zera dio: «izadiaz honela filosofatu behar duzue, existentziari dagokion guztiarentzat beharrezko lehen oinarri bat balego bezala zuen ezagutzara batasun sistematikoa ekartzeko, halako ideiari, hots, irudikatutako oinarri gorenari jarraiki zatzaizkion heinean»; besteak, ordea, zera oharrarazten dizue: «gauzen existentziarekin zerikusia duen determinazio bakar bat bera ere ez onartzeko halako oinarri goren gisa, h. d., absolutuki beharrezkoa bezala, baizik ondorengo eratorketetarako bidea beti irekia atxikitzeko, eta bera horregatik beti baldintzatutzat hartzeko». Gauzetan hautematen dugun guztia, ordea, baldintzatuki beharrezkoa den zerbait bezala kontsideratu behar badugu, orduan ezin da ezein gauza (enpirikoki emana izan daitekeena) absolutuki beharrezkotzat jo.

Hemendik, ordea, zera ondorioztatzen da: absolutuki beharrezkoa dena mundutik at onartu behar duzuela; zeren agerpenen batasun ahalbait handienaren printzipio baterako bere oinarri goren gisa balio behar baitu, eta zuek munduan ezin zarete inoiz horretaraino iritsi, zeren bigarren erregelak agintzen baitizue batasunaren kausa enpiriko denak beti eratorriak balira bezala begiztatzea.

Antzinako filosofoek izadiaren forma oro beharbadakotzat dute, materia, berriz, jatorrizkotzat eta beharrezkotzat arrazoimenaren judizio arruntaren arabera. Materia, ordea, bere baitan bere izatearen arabera kontsideratu izan balute, eta ez agerpenen substratu gisa erlatiboki, orduan beharrezkotasun absolutuaren ideia berehala desagertuko litzateke. Izan ere, ez dago arrazoimena izate honekin erabat lotzen duen ezer, baina arrazoimenak hura beti eta gatazkarik gabe ezezta dezake pentsamenduan; pentsamenduan zetzan era berean, ordea, beharrezkotasun absolutua. Limurtze honen oinarrian printzipio erregulatzaile jakin batek egon beharko luke. Egitatean, hedadura eta sarrezintasuna dira (batera materiaren adigaia osatzen dutenak) agerpenen batasunaren printzipio enpiriko gorenak eta hauek printzipio erregulatzailearen berekitasun bat dute beren baitan, enpirikoki baldintzatugabeak diren heinean. Hala eta guztiz ere, materiaren errealkia osatzen duen bere determinazio bakoitzak, eta beraz, baita sarrezintasunak ere, bere kausa izan behar duenez, eta hau horregatik beti ere eratorria den efektu bat (ekintza) denez gero, orduan materia ez da egokia gertatzen beharrezko zerizanaren ideiarentzat, eratorritako batasun ororen printzipioa den heinean; bere berekitasun erreal bakoitza, eratorria den aldetik, baldintzatuta soilik baita beharrezkoa, eta beraz, bere baitan ezeztatua izan baitaiteke, honekin, ordea, materiaren izate osoa ezeztatuko litzatekeelarik; bestalde, hau gertatuko ez balitz, batasunaren oinarri gorena enpirikoki lortuko genukeenez, bigarren printzipio erregulatzaileak debekatzen duena; bada, orduan zera ondorioztatzen da: materia, eta oro har munduari dagokiona, ez dela egokia jatorrizko eta beharrezko zerizanaren ideiarentzat, hau batasun enpiriko handienaren printzipio soila den aldetik, baizik mundutik at ezarri behar dela, hainbestez, munduko agerpenak eta bere izatea beti konfiantzaz beste agerpenetatik eratorri ditzakegulako, beharrezko zerizanik ez balego bezala, eta hala ere, eratorketaren osotasuna etengabe bilatu dezakegulako, halakoa oinarri goren baten gisara aurresuposatua balego bezala.

Kontsiderazio hauen arabera zerizan gorenaren ideala ez da arrazoimenaren printzipio erregulatzailea baino, munduko lotura oro beharrezko kausa oroaskidun batetik sortua balitz bezala ikusteko, bertan bere argiketan lege orokorren arabera existitzen den beharrezko batasun sistematikoaren erregela oinarritzearren, eta hura ez da bere baitan beharrezkoa den existentziaren baieztapenik. Aldi berean, ordea, ezin da saihestu subrepzio transzendental baten bitartez printzipio formal hau printzipio eratzaile gisa errepresentatzea eta batasun hau hipostatikoki pentsatzea. Izan ere, espazioak bere zedarriztapen ezberdinak diren tankera guztiak jatorriz ahalbidetzen dituen bezala, sentimenaren printzipioa besterik ez izan arren, hala ere, horregatik erabat berez den beharrezko zerbait gisa eta a priori bere baitan emandako objektu gisa hartzen dela, bada, era berean berez gertatzen da izadiaren batasun sistematikoa inolaz ere ezin dela bihurtu gure arrazoimenaren erabilera enpirikoaren printzipioa, zerizan oroerreal baten ideia kausa goren gisa oinarrian ezartzen dugun heinean, ideia hori horren bitartez objektu erreal gisa, eta hau berriro, baldintza gorena denez, beharrezkoa bezala errepresentatzen baita, eta beraz, printzipio erregulatzailea eratzailea bihurtzen baita; subrepzio hau honegatik nabarmentzen da: nik munduari dagokionez behar-beharrezkoa (baldintzatugabeki) zen zerizan goren hau berbaitango gauzatzat kontsideratzen badut, beharrezkotasun hori ezein adigai izateko gai ez dela, eta beraz, nire arrazoimenean soilik pentsatzearen baldintza formala gisa aurkitu behar zela, baina ez, ordea, izatearen materiazko baldintza hipostatiko gisa.

Hirugarren atalburuko Seigarren atala Froga fisiko-teologiko baten ezintasunaz[aldatu]

Eskatzen dena ez gauzen adigaiak oro har ezta izateren baten esperientziak oro har ere ezin duenez lortu, orduan baliabide bat geratzen da oraindik esperientzia determinatu batek, hain zuzen, egungo munduaren gauzen esperientziak, beren antolaerak eta ordenaketak ea froga-oinarria ematen duten saiatzeko, hain zuzen, zerizan goren baten izatearen uste osoa lortzen lagundu ahal izango digun froga-oinarria. Halako frogari fisiko-teologikoa deituko genioke. Hau ezinezkoa izango balitz, orduan edonon gure ideia transzendentalari dagokion zerizan baten izatearen ezein froga gogobetegarririk ez zen ahalgarria izango arrazoimen espekulatibotik abiatuta.

Laster ulertuko da goragoko oharmenen arabera galdekizun honen erantzun oso erraza eta erabakigarria itxaron daitekeela. Izan ere, nola eman daiteke inoiz ideia bati egokitu beharko litzaiokeen esperientziarik? Hortan datza, ordea, azkenaren bereizgarria, inoiz esperientziaren bat ezin zaiola egokitu. Jatorrizko zerizan oroaskidun eta beharrezko baten ideia transzendentala hain izugarri handia da, hain garai dago beti ere baldintzatua den gauza enpiriko ororen gainean, hain bikaina da, non, aldez, inoiz ezin baitu aski ekai bildu esperientzian halako adigaia betetzeko, eta aldez, beti baldintzatukiaren artean baikabiltza eta beti alferrik baldintzatugabekia bilatzen baitugu, zeinaz sintesi enpirikoren baten ezein legek ez duen ematen adibiderik edo bera lortzeko gidarik.

Zerizan gorena baldintzen kate batean balego, orduan bera ilararen osakide bat litzateke eta, horrela, nagusitzen zaien beheko osakideek bezala bere oinarri garaiagoaren azterketa sakonagoa eskatuko luke. Kate honetatik banandu nahi bada, aitzitik, eta ez bada zerizan inteligible soil gisa izadiaren kausen ilaran batera jasotzen, orduan zein zubi jar ditzake arrazoimenak oraindik bertara iristeko? Efektuetatik kausetarako igarobidearen lege guztiak, baita oro har gure ezagutzaren sintesi eta hedapen oro ere, esperientzia ahalgarrira besterik ez baitira bideratzen, eta beraz, sentsuen munduko objektuetara baino ez, eta beraiei begira soilik izan baitezakete esanahia.

Egungo munduak anizkuntasun, ordena, helburutasun eta edertasunaren antzoki hain neurtezina erakusten digu, hau espazioaren amaigabetasunean edo bere zatiketa mugagabean kontsideratuta ere, ezen, gure adimen ahulak hortik lortu ahal izan dituen ezagupenen ondoren ere hizkuntzak bere adierazkortasuna galtzen baitu hainbeste mirakulu handien aurrean, zenbaki guztiek neurtzeko duten indarra galtzen baitute, eta gure pentsamenduek ere mugapen oro galtzen baitute, halako moldez, non osokiaren gure judizioa hitzik gabeko baina esangura gehiago duen harridura bihurtzen baita. Edonon efektuen eta kausen katea ikusten dugu, helburuen eta baliabideen katea, sortzearen eta iraungitzearen erregulartasuna, eta ezer ez denez berenez iristen orain aurkitzen den egoerara, orduan gauza bakoitzak beti beste gauza bat erakusten du bere kausa gisa, zeinak beharrezkoa egiten duen galdekizunarekin jarraitzea, eta halako moldez egiten du, non honela orotasun osoak ezerezaren amildegian hondoratu beharko bailuke, baldin eta ez balitz onartuko beharbadako gauza amaigabe honetatik at berez jatorrizkoa eta beregaina den zerbait dagoela, hots, hura eusten duena eta bere jatorriaren kausa gisa aldi berean bere jarraipena segurtatzen duen zerbait. Zein handia pentsatu behar da kausa goren hau (munduko gauza guztiei dagokienez)? Mundua ez dugu ezagutzen bere eduki guztian, are gutxiago dakigu bere handitasuna estimatzen, ahalgarria den guztiarekin alderatuz. Zerk galarazten digu, ordea, kausalitateari dagokionez zerizan azkena eta gorena behar badugu, aldi berean, betegintzarrearen mailaren arabera ere ahalgarria den beste guztiaren gainean ezartzea? Hau erraz egin dezakegu, baina adigai abstraktu baten zirrimarra ahularen bitartez soilik, noski, baldin eta bertan, substantzia bakar bat den aldetik, betegintzarre ahalgarri oro bateratua errepresentatzen badugu; adigai hau gure arrazoimenak printzipioak aurrezteko egiten duen eskakizunari dagokio, kontraesanik ez du jasotzen bere baitan eta arrazoimenaren erabileraren hedapenarekin bateragarria da esperientzia bertan halako ideiak ordenari eta helburutasunari ematen dien gidaren bitartez eta, bestalde, inon ez dio aurka egiten esperientzia bati era erabakigarrian.

Froga honek beti begirunez aipatua izatea merezi du. Zaharrena, argiena eta giza arrazoimen arruntari gehien egokitzen zaiona da. Izadiaren estudioa bizitzen du, bere izatea izaditik jasotzen du eta horren bitartez beti indarberritzen da. Helburuak eta asmoak ekartzen ditu gure behaketak berez aurkitu ez zituen tokira, eta printzipioa izaditik at duen batasun berezi baten gida-hariaren bitartez gure izadiaren ezagupena hedatzen du. Ezagupen hauek, ordea, era berean beren kausan eragiten dute, hots, sortu zituen ideietan, eta sortzaile goren batean sinesmena uste oso baztergaitzeraino arte areagotzen dute.

Beraz, etsitua ez ezik, erabat alferrikakoa ere izango litzateke froga honen autoritateari zerbait kendu nahi izatea. Arrazoimena goratzen da etengabe hain boteretsuak diren eta bere eskuetan beti hazten doazen nahiz eta enpirikoak besterik ez diren froga-oinarrien bitartez, eta ezin da sotilki asmatutako zalantzen bitartez hainbeste hondoratu, non ezingo bailuke bere erabakiezintasun hausnartzaile hartatik atera izadiaren mirakuluari eta mundu-eraikinaren maiestateari egindako begirada baten bitartez, harik eta handitasunetik handitasunera sortzaile handieneraino goratu arte, halaber, baldintzatukitik baldintzara sortzaile goren eta baldintzatugaberaino goratu arte.

Nahiz eta jardunbide honen arrazoizkotasunaren eta erabilgarritasunaren aurka ezer ez dugun, baizik, aitzitik, bera gomendatu eta sustatzen dugun, horregatik, ordea, ezin ditugu froga-era honek dituen uziak onartu ziurtasun apodiktikoaz eta faborerik edo sustapen arrotzik behar ez duen onarpenaz, eta kausa onari inolaz ere ezin dio kalterik egin arrazoikerizale harro baten hizkuntza dogmatikoa lasaitasunerako aski den baina baldintzatugabeko menpekotasuna agintzen ez duen sinesmenaren neurketa eta apaltasun tonura jaisteak. Honenbestez, zera baieztatzen dut: froga fisiko-teologikoak zerizan goren baten izatea inoiz ezingo duela berak bakarrik frogatu, baizik beti froga ontologikoari (berak sarrera gisa soilik erabiltzen duenari) bere gabezia osatzen utzi behar diola, eta beraz, azken froga honek oraindik ere giza arrazoimenak saihestu ezin duen froga-oinarri ahalgarri bakarra barnebiltzen duela (nonbait froga espekulatiborik baldin badago).

Aipatutako froga fisiko-teologikoaren une nagusiak hauek dira: 1) Munduan edonon aurkitzen dira jakintza handiarekin eta asmo determinatuen arabera egindako ordenaketa baten zeinu nabarmenak, bai edukiaren anizkuntasun deskribaezinaren osoki batean, baita hedapenaren handitasun mugagabean ere. 2) Munduko gauzei ordenaketa helburudun hau erabat arrotza zaie, eta ausaz baino ez zaie atxikitzen, h. d., gauza ezberdinen izaerak ezin du berez bateratzen diren hainbeste baliabideren bitartez asmo determinatuetan bat etorri, baldin eta benetan arrazoizko printzipio ordenatzaile baten bitartez oinarrian dautzan ideien arabera horretarako aukeratuak eta antolatuak ez badira izan. 3) Kausa bikain eta jakintsu bat (edo gehiago) existitzen da, beraz, itsuki ekiten duen izadi ahalguztidun gisa, emankortasunaren bitartez ez ezik, inteligentzia gisa askatasunaren bitartez ere munduaren kausa izan behar duena. 4) Kausa honen batasuna eraikin artifizial bateko osakideak diren munduko zatiek elkarrekin duten harremanaren batasunetik abiatuta inferi daiteke, eta gainera ziurtasunez inferi daiteke gure behaketaren objektuetan, baina egia-itxuraz analogiaren oinarri-esakune guztien arabera.

Arrazoimenak izadiaren produktu batzuek giza antzeak sortzen duen produktuarekin duten analogiatik (etxe, itsasontzi, erlojuekin duen antzekotasuna dela eta), antze honek izadiari bortxaz eragiten dionean eta hura behartzen duenean bere helburuen arabera jokatu beharrean guretara moldatzera, halako kausalitatea, hots, adimena eta nahimena, izadiaren oinarrian dautzala inferitzen duenez, baldin eta askatasunez arazlea den izadiaren (antze oro eta agian arrazoimena bera lehenik ahalbidetzen duena) barneko ahalgarritasuna gizatiarretik gain dagoen beste antze batetik eratortzen badu, agian kritika transzendental zorrotzenak jasan ezingo lukeen inferentzia-era dena; bada, hemen, dena dela, zera aitortu behar da berezko arrazoimenarekin bere inferentziari buruz eztabaidatu gabe: behin kausa bat aipatu beharko bagenu, hemen halako sorketa helburudunekin analogian baino seguruago ezingo genukeela jokatu, zeinaren kausa eta efektuaren era osorik ezagunak zaizkigun bakarrak diren. Arrazoimenak ezingo luke bere burua legeztatu, berak ezagutzen duen kausalitatetik berak ezagutzen ez dituen argiketa oinarri ilun eta frogagaitzetara igaro nahiko balu.

Izadiaren hainbeste egoeraren helburutasunak eta harmoniak inferentzia honen arabera formaren beharbadakotasuna soilik frogatu beharko lukete, baina ez materiarena, h. d., substantziarena munduan; izan ere, azken hau lortzeko, oraindik munduko gauzak beren baitan halako ordena eta adostasunerako ezgaiak direla frogatu ahal izan beharko litzateke lege orokorren arabera, baldin eta bere substantziaren arabera ere jakintza goren baten produktuak ez balira; horretarako, ordea, giza antzearekin analogia baino erabat bestelako froga-oinarriak beharko lirateke. Frogak, beraz, gehienez munduaren antolatzailea frogatuko luke, berak lantzen duen ekaiaren baliogarritasunaz oso zedarriztatua egongo litzatekeena, ez, ordea, munduaren sortzailea, zeinaren ideiari dena menperatzen zaion, inolaz ere aski izango ez litzatekeena aurrean dugun asmo handiarentzat, hots, jatorrizko zerizan oroaskiduna frogatzea. Materiaren beharbadakotasun bera frogatu nahiko bagenu, orduan argumentu transzendental batera ihes egin beharko genuke, hau izaki, ordea, hemen saihestu behar zena.

Inferentzia, beraz, erabat beharbadako egitura den munduan hain osoki behatzen den ordenatik eta helburutasunetik berari dagokion kausa baten izatera doa. Kausa honen adigaiak, ordea, oso determinatua den zerbait eman behar digu aditzera kausa beraz, eta berak ezin du izan, botere, jakintza, eta halako ezaugarri oro baino, hitz batean, zerizan oroaskidunaren gisa betegintzarre ororen jabe den zerizana baino. Izan ere, botere eta bereizgarritasun oso handia, harrigarria eta neurtezinaren predikatuek ez dute ezein adigai determinaturik eskuratzen, eta benetan ez dute esaten berbaitango gauza zer den, baizik objektuaren handitasunaren hartueman-errepresentazioak besterik ez dira, zeinak (munduaren) behatzaileak berekin eta bere ulermen-indarrarekin alderatzen dituen, eta goratzaileak suertatzen dira, bai objektua handitzen bada, baita subjektu behatzailea berekin hartuemanean txikiagoa bihurtzen bada ere. Gauza baten (betegintzarrearen) handitasunari dagokionez ez dago oro har ezein adigai determinaturik, betegintzarre ahalgarri oro jasotzen duena izan ezik, eta errealitatearen orotasuna (omnitudo) besterik ez da osoki determinatzen adigaian.

Ez dut onartu nahi inor berak behatzen duen munduaren handitasunak (hedapena zein edukiari dagokienez) ahalguztiduntasunarekin duen hartuemana, munduaren ordenak jakintza gorenarekin duena, munduaren batasunak sortzailearen batasun absolutuarekin duena, eta abar aditzera ausartuko denik. Beraz, Teologia fisikoak ezin du munduaren kausa gorenaren ezein adigai determinaturik eman, eta horregatik, ezin du nahikoa izan era berean Erlijioaren oinarritzapena osatu beharko lukeen Teologiaren printzipioa izateko.

Osotasun absoluturantz aurreratzea erabat ezinezkoa da bide enpirikotik. Baina, hala ere, froga fisiko-teologikoetan egiten da. Zein baliabide erabiltzen da hain amildegi zabala gainditzeko?

Munduaren sortzailearen jakintza, boterea, eta abarren handitasunaren harridurara iritsi ondoren bat-batean froga enpirikoen bitartez bideratutako argumentu hau uzten da eta hasiera bertan munduaren ordenatik eta helburutasunetik inferitutako bere beharbadakotasunera jotzen da. Baina beharbadakotasun honetatik, hortaz, adigai transzendentalen bitartez soilik behar-beharrezkoa denaren izatera jotzen da, eta lehen kausaren beharrezkotasun absolutuaren adigaitik osorik determinatuta dagoen edo determinatzailea den bere adigaira, hots, errealitate orobateratzaile batera. Beraz, froga fisiko-teologikoa bere enpresan trabatzen da, bat-batean estualdi horretatik irteteko froga kosmologikora jauzia egiten du, eta hau ezkutuko froga ontologikoa baino ez denez gero, orduan bere asmoa benetan arrazoimen hutsaren bitartez soilik betetzen du, nahiz eta hasieran honekin izan lezakeen kidetasun oro ukatu zuen eta dena esperientziazko froga argiari esleitu izan zion.

Teologo fisikoek, beraz, ez dute kariarik froga-era transzendentalaren aurka hain zakarrak izateko eta bera izadiaren ezagule igarleek duten harrokeriarekin pentsalari ilunen armiarma balitz bezala mesprezatzeko. Izan ere, haiek etsaminatu nahiko balira, orduan zera aurkituko lukete: izadiaren eta esperientziaren lurraldean tarte on bat ibili ondoren eta, hala ere, beti bere arrazoimenaren aurrean agertzen den objektua hain urrun ikusi arren, bat-batean lurralde hori uzten dutela eta ahalgarritasun soilen erresumara igarotzen direla, non ideien hegoen gainean beren azterketa enpirikoei ihes egin zien guztira hurbiltzeko itxaropena zuten. Azkenean, halako jauzi boteretsuari esker sendoki oin hartu zutela uste izan ondoren jadanik determinatutako adigaia (bere jabegora iritsi direla, nola jakin gabe) sorkuntzaren alor osora hedatzen dute, eta arrazoimen hutsaren produktua besterik ez zen ideala erakusten dute esperientziaren bitartez, nahiz eta hau desegokiro eta objektuaren duintasunak eskatzen duen mailaren azpitik egiten duten, ezagutza edo aurresuposizio horretara esperientzia bera ez den beste oinezkoen zaldainetik iritsi direla aitortu nahi izan gabe.

Hainbestez, zerizan gorena den jatorrizko zerizan bakar baten froga egiterakoan froga fisiko-teologikoaren oinarrian kosmologikoa datza, honen oinarrian, ordea, ontologikoa, eta hiru bide hauez gain arrazoimen espekulatiboari besterik geratzen ez zaionez gero, orduan arrazoimenaren adigai huts soiletatik abiatutako froga ontologikoa da arrazoimenaren froga ahalgarri bakarra, baldin eta adimenaren erabilera enpiriko orotatik hainbeste goratzen den esakunearen froga nolabait ahalgarria bada.

Hirugarren atalburuko Zazpigarren atala Arrazoimenaren printzipio espekulatiboetatiko Teologia ororen kritika [aldatu]

Teologiaz jatorrizko zerizanaren ezagutza ulertzen badut, orduan hau edo arrazoimen hutsetikoa (theologia rationalis) edo agerkuntzatikoa da (theologia revelata). Lehen ezagutzak bere objektua arrazoimen hutsaren bitartez soilik jasotzen du, adigai transzendental soilen bidez (ens originarium, realissimum, ens entium) eta Teologia transzendentala izena du edo bere objektua (gure arimaren) izaeratik ateratzen duen adigai batetik jasotzen du, inteligentzia goren gisa, eta Natur Teologia izena beharko luke. Teologia transzendentala besterik onartzen ez duenari deista deitzen zaio, Natur Teologia ere onartzen duenari teista. Lehenak, edonola ere jatorrizko zerizanaren izatea arrazoimen soilaren bitartez ezagut dezakegula onartzen du, baina horren adigaia transzendentala soilik izaki, hots, errealitate oro duen zerizan batena besterik ez, zehazkiago determinatu ezin den zerizan batena. Bigarrenak baieztatzen du arrazoimena objektua honek izadiarekin duen analogiaren bitartez zehazkiago determinatzeko gai dela, hots, adimenaren eta askatasunaren bitartez beste gauza ororen jatorrizko oinarria bere baitan barnebiltzen duen zerizan gisa. Hark, beraz, munduaren kausa bat soilik errepresentatzen du (erabakitzeke geratzen da ea bere izaeraren beharrezkotasunaren edo askatasunaren bitartez ote den), honek, berriz, munduaren sortzaile bat.

Teologia transzendentala edo jatorrizko zerizanaren izatea oro har esperientzia batetik eratortzea pentsatzen duena da (hau gertatzen deneko munduari buruz zerbait zehazkiago determinatu gabe), eta Kosmoteologia izena du, edo bere izatea adigai soilen bitartez esperientziaren laguntzarik gabe ezagutzen duela sinesten du, eta Ontoteologia deitzen zaio.

Natur Teologiak munduaren sortzailearen berekitasuna eta izatea inferitzen ditu mundu honetan aurkitzen den antolaera, ordena eta batasunetik abiatuta, bertan bi eratako kausalitatea eta beren erregela onartu direla, hots, izadia eta askatasuna. Horregatik, mundu honetatik izadiaren edo etikaren ordena eta betegintzarre ororen printzipioa den inteligentzia gorenera goratzen da. Lehen kasuan Teologia fisikoa izena du, azkenengoan, Teologia morala136.

Eskuarki Jainkoaren adigaiaz gauzen erro gisa itsuki ekiten duen betiereko izadia ez ezik, adimenaren eta askatasunaren bitartez gauzen sortzailea izan behar duen zerizan gorena ere ulertzen denez, eta adigai hau soilik interesatzen zaigunez gero, orduan zorrozki jokatuz deistei Jainkoan sinesmena ukatu ahal izango genieke, jatorrizko zerizanaren edo kausa gorenaren baieztapena soilik utziz. Hala ere, inor salatu ezin daitekeenez zerbait baieztatzen ez ausartzeagatik hori ukatu nahi izateaz, orduan onberagoa eta zuzenagoa da esatea: deistak Jainkoan sinesten duela, teistak Jainko bizi batean (summa intelligentia). Orain arrazoimenaren saialdi hauen guztien iturri ahalgarriak aztertu nahi ditugu.

Hemen ezagutza teoretikoa eta praktikoa honela ezaugarritzearekin askiesten naiz: lehenaren bitartez existitzen dena ezagutzen dut, bigarrenaren bitartez, berriz, izan behar duena errepresentatzen dut. Honen arabera arrazoimenaren erabilera teoretikoaren bitartez zerbait dela a priori ezagutzen dut (beharrezkoa bezala); praktikoaren bitartez, ordea, gertatu behar duena a priori ezagutzen dut. Zerbait dela, edo gertatu behar duela, zalantza barik ziurra baina baldintzatua besterik ez bada, orduan edo baldintza determinatu jakina horretarako behar-beharrezkoa da edo hautazkoa eta ausazkoa balitz bezala soilik aurresuposa daiteke. Lehen kasuan, baldintza postulatu egiten da (per thesin), bigarrenean, suposatu egiten da (per hypothesin). Behar-beharrezkoak diren lege praktikoak (moralak) daudenez gero, orduan hauek izateren bat aurresuposatzen baldin badute bere indar behartzailearen ahalgarritasunaren baldintza gisa, hainbestez, izate hau postulatu egin behar da, zeren baldintza determinatu hori inferitzeko erabiltzen den baldintzatukia bera a priori behar-beharrezkoa bezala ezagutzen baita. Etorkizunean lege moralaz erakutsiko dugu: zerizan goren baten izatea aurresuposatu ez ezik, gainera beste ikuspuntu batetik behar-beharrezkoa denez postulatu ere egiten duela bidezki, nahiz praktikoki besterik ez egin noski; baina inferentzia-era hau oraingoz alde batera uzten dugu.

Solasgaia existitzen dena bada (eta ez izan behar duena), esperientzian soilik ematen den baldintzatukia beti ere beharbadako zerbait gisa pentsatzen denez gero, orduan berari dagokion baldintza ezin da hortik abiatuta absolutuki beharrezkoa bezala ezagutu, baizik erlatiboki beharrezko aurresuposizio gisa besterik ez du balio edo, are gehiago, baldintzatukiaren arrazoimen-ezagutzarako beharrezkoa baina bere baitan a priori hautazkoa den aurresuposizio gisa. Gauza baten beharrezkotasun absolutua ezagutza teoretikoan ezagutuko balitz, orduan hau apriorizko adigaietatik abiatuta soilik gerta liteke, inoiz ez, ordea, esperientziaren bitartez emandako izate baten kausaren eskutik.

Ezagutza teoretikoa espekulatiboa da objektu bati edo objektu baten halako adigaiari badoakio, bertara ezein esperientziatan ere ezin daitekeelarik iritsi. Honi izadiaren ezagutza kontrajartzen zaio, esperientzia ahalgarrian eman daitezkeen objektu edo beren predikatuei besterik ez doakiena.

Gertatzen denetik (enpirikoki beharbadakoa dena) efektua den aldetik kausa inferitzeko oinarri-esakunea izadiaren ezagutzaren printzipioa da, ez ezagutza espekulatiboarena. Izan ere, beraz abstraitzen bada oro har esperientzia ahalgarriaren baldintzak barnebiltzen dituen oinarri-esakune gisa, eta enpirikoa den oro uzten den heinean, oro har beharbadakoa denari aplikatu nahi bazaio, orduan ez da halako esakune sintetikoaren legeztapenik geratzen, hor den zerbaitetik osorik ezberdina denera (kausa deitzen zaiona) nola igaro naitekeen ikustearren; gainera, kausa baten adigaiak, beharbadakoarenak bezala, bere errealitate objektiboa in concreto ulergarria bihur lezakeen esanahi oro galtzen du halako erabilera espekulatibo soilean.

Hortaz, munduko gauzen izatetik beren kausa inferitzen bada, orduan hau ez dagokio arrazoimenaren berezko erabilerari, baizik espekulatiboari; zeren hark gauzak berak (substantziak) ez, baina gertatzen dena soilik, beraz, beren egoerak, enpirikoki beharbadakoak direnak, jartzen baititu kausaren batekin harremanean; substantzia bera (materia) izateari dagokionez beharbadakoa izateak arrazoimen-ezagutza espekulatibo soila izan beharko luke. Solasgaia, ordea, munduaren forma, bere loturaren era eta bere aldakuntza ere izango balitz, eta hortik mundutik osoki ezberdina den kausa bat inferitu nahiko banu, orduan hau berriro ere arrazoimen espekulatibo soilaren judizio bat izango litzateke, zeren objektua (Gegenstand) hemen ezein esperientzia ahalgarriren objekturik (Objekt) ez bailitzateke izango. Baina, hainbestez, esperientziaren alorraren barnean baino balio ez duen eta bertatik at erabilerarik gabekoa den eta gainera esanahirik gabekoa ere baden kausalitatearen oinarri-esakunea erabat desbideratuko litzateke bere determinaziotik.

Arrazoimenaren erabilera espekulatibo soilaren saialdi oro, beraz, Teologiari dagokionez osorik antzua dela eta bere barneko antolaerari dagokionez ere ezer ez eta hutsala dela baieztatzen dut; baina bere berezko erabileraren printzipioek inolaz ere Teologiaren batera igortzen ez dutenez gero, ondorioz, baldin eta lege moralak oinarrian ezartzen ez badira edo gida-hari gisa erabiltzen ez badira, orduan inon ezin da arrazoimenaren Teologiarik izan. Izan ere, adimenaren oinarri-esakune sintetiko guztiek erabilera imanentea dute; zerizan goren baten ezagutzarako, ordea, beren erabilera transzendentea behar da, baina gure adimenak ez du horretarako hornidurarik. Enpirikoki balio duen kausalitatearen legeak jatorrizko zerizanera gidatuko balu, orduan hau esperientziako objektuen katean kokatuko litzateke; hainbestez, bera ere baldintzatua litzateke agerpen oro bezala. Baina esperientziaren mugez goiti jauzi egitea zilegi balitz efektuek beren kausekin duten harremanaren lege dinamikoaren indarrez: zein adigai eman diezaguke jardunbide horrek? Inolaz ere ez zerizan goren baten adigaia, zeren esperientziak inoiz ez baitigu eskuratzen efektu ahalgarri ororen artean handiena dena (bere kausaren lekukotasuna emango lukeen efektu gisa). Zilegi balitzaigu, gure arrazoimenean hutsunerik ez uztearren soilik, determinazio osoaren gabezia hori betegintzarre gorena eta jatorrizko beharrezkotasunaren ideiaren bitartez betetzea, orduan hau fabore gisa onar liteke, baina ezin da eskatu froga ukaezinaren eskubidetik abiatuta. Froga fisiko-teologikoak, beraz, agian beste frogei (halakoak lor badaitezke) eragingarritasuna eman diezaieke, espekulazioa begiespenarekin elkarlotzen duen heinean; bere baitan, ordea, berak bakarrik zeregina osatu ahal izan baino gehiago adimena prestatzen du ezagutza teologikorako, eta norabide zuzen eta berezkoa ematen dio, hori lor dezan.

Hemendik ederki ikusten da galdekizun transzendentalek erantzun transzendentalak soilik baimentzen dituztela, h. d., enpirikoa den ezer ez duten apriorizko adigai soiletatik abiatzen diren erantzunak. Hemen, ordea, galdekizuna sintetikoa da nabarmenki eta gure ezagutzaren hedapena eskatzen du esperientziaren muga oroz goiti, hots, gure ideia soilari dagokion eta inoiz esperientzia bati berdindu ezin zaion zerizan baten izaterantz. Gure goragoko frogen arabera, ordea, apriorizko ezagutza sintetiko oro esperientzia ahalgarri baten baldintza formalak adieraziz baino ezin daiteke izan, eta oinarri-esakune guztiek, beraz, baliotasun imanentea besterik ez dute, h. d., ezagutza enpirikoaren objektuei edo agerpenei soilik lotzen zaizkie. Beraz, jardunbide transzendentalaren bitartez ez da ezer lortzen arrazoimen espekulatibo soilaren Teologiaren mesedetan.

Nahiago izango balitz, ordea, gorago Analitikan emandako froga denak zalantzan jartzea aspalditik erabilitako froga-oinarrien pisuaren indar limurtzailea kentzen uztea baino, orduan ezin zaio uko egin eskakizun hau gogobetetzeari, nik zera eskatzen baldin badut: legeztatu egin beharko litzatekeela bederen ea nola eta zein argipenen bitartez ausartzen den inor hegan eginez ideia soilen boterearen indarrez esperientzia ahalgarri oro gainditzera. Inor froga berriekin edo froga zahar hobetuekin niregana ez etortzea eskatuko nuke. Izan ere, nahiz eta hemen aukera handirik ez izan, azkenean froga espekulatibo soil denak batean biltzen baitira, hots, froga ontologikoan, eta hainbestez, ez dut beldurrak egon behar bereziki sentsuetatik askatutako arrazoimenaren aldeztaile dogmatikoen emankortasunagatik zirikatua izateaz; honelako saialdi bakoitzean inferentzia faltsua aurkitzeko eskakizuna saihestu eta horren bitartez bere handiustea hustu nahi ez dudan arren, horregatik oso eztabaidazalea naizela pentsatu gabe; baina horrela ez da inoiz osorik ezeztatuko behin limurtze dogmatikoetara ohitu direnen zori hobearen itxaropena, eta horregatik arrazoizko eskakizun bakarrari eusten natzaio, hots, orokorrean eta giza adimenaren izaeratik abiatuta, gainerako ezagutza iturri denekin batera, zera legeztatu behar dela: ea nola hasi nahi den ezagutza erabat a priori hedatzen eta puntu bateraino luzatzen, non ezein esperientzia ahalgarririk, eta beraz, ezein baliabiderik ere ez den nahikoa geuk pentsatutako adigairen bati bere errealitate objektiboa segurtatzeko. Adimena adigai honetara edozein modutan iritsi dela ere, bere objektuaren izatea ezin da bertan analitikoki aurkitu, zeren objektuaren existentziaren ezagutza bera bere baitan pentsamendutik at ezarria izateaz osatzen baita. Erabat ezinezkoa da, ordea, adigai batetik berenez irtetea eta elkarlotura enpirikoari jarraiki gabe (honen bitartez, ordea, beti agerpenak soilik ematen direla) objektu berrien aurkikuntzara eta zerizan transzendenteetara iristea.

Arrazoimena bere erabilera espekulatibo soilean asmo hain handi honetarako inolaz ere gai ez den arren, hots, zerizan goren baten izatera iristeko, dena dela, bertan onura handia lortzen du bere ezagutza zuzentzeko –baldin eta hau beste nonbaitetik sortu ahal izango balitz-, baita berekin eta beste edozein asmo inteligiblerekin bateratzeko eta jatorrizko zerizan baten adigaiaren aurka egon litekeen guztitik eta zedarriztapen enpiriko ororen nahasketatik arazteko ere.

Teologia transzendentalak, beraz, bere ezgaitasun oro dela ere, oraindik erabilera negatibo garrantzitsua du, eta gure arrazoimenaren zentsura jarraitua da neurri transzendentala baino onartzen ez duten ideia hutsekin soilik zerikusia duenean. Izan ere, noizbehin beste ikuspuntu batetik, agian harreman praktikoan, zerizan goren eta oroaskidunaren aurresuposizioak bere baliotasuna aurkakotasunik gabe baieztatuko balu inteligentzia goren gisa, orduan garrantzi handienekoa litzateke adigai hau bere alde transzendentalean beharrezko zerizan oroerrealaren adigai gisa zehazki determinatzea, eta errealitate gorenaren aurka dagoena, hots, agerpen soilari dagokiona (antropomorfismoari dagokiona adiera zabalean) deuseztatzea, eta aldi berean kontrajarritako baieztapen denak gainditzea, ateistak, deistak edo antropomorfistak direla ere; hau honelako landualdi kritikoan oso erraza gertatzen da, halako zerizanaren izatearen baieztapenari dagokionez giza arrazoimenaren ahalmen eza begi-bistan jartzeko oinarri beraiek halabeharrez era berean kontrajartzen diren halako baieztapen ororen ezintasuna frogatzeko balio duten heinean. Izan ere, nondik nahi du norbaitek arrazoimenaren espekulazio hutsetik abiatuta ikuskera hau lortu, alegia, ez dagoela halako zerizanik guztiaren jatorrizko oinarri gisa, edo hari hauetako berekitasunik ez zaiola egokitzen, hots, guk bere ondorioen arabera zerizan pentsatzaile baten errealitate dinamikoarekin analogian errepresentatzen ditugun berekitasunak, edo, azken kasu honetan, haiek ezinbestean sentimenak esperientziaren bitartez ezagutzen ditugun inteligentziei ezarritako zedarriztapenen menpean egon behar dutela.

Zerizan gorenak arrazoimenaren erabilera espekulatibo soilarentzat ideal soil baina akatsik gabekoa dirau, giza ezagutza osoa bukatu eta burutzen duen adigaia, eta bere errealitate objektiboa honela frogatu ezin badaiteke ere, ezin da kontraesan ere egin, eta gabezia hau osa dezakeen Teologia moral batek egon beharko balu, orduan, honenbestez, aldez aurretik problematikoa besterik ez zen Teologia transzendentalak haren ezinbestekotasuna frogatzen du bere adigaiaren determinazioaren bitartez eta sentimenak sarri iruzurtu duen eta bere ideiekin beti bat etortzen ez den arrazoimenaren etengabeko zentsuraren bitartez. Beharrezkotasuna, amaigabetasuna, batasuna, mundutik at izatea (ez munduaren arima gisa), betikotasuna denboraren baldintzarik gabe, oropresentzia espazioaren baldintzarik gabe, ahalguztiduntasuna, eta abar, predikatu transzendental soilak dira, eta horregatik, beren adigai araztuak, Teologia orok oso beharrezkoak dituenak, Teologia transzendentaletik soilik lor daitezke.

Eranskina Dialektika transzendentalari Arrazoimen hutsaren ideien erabilera erregulatzaileaz[aldatu]

Arrazoimen hutsaren saialdi dialektiko ororen emaitzak ez du guk jadanik Analitika transzendentalean frogatu genuena soilik baieztatzen, hots, esperientzia ahalgarriaren alorraz goiti joan nahi duten gure inferentzia denak iruzurtiak eta oinarrigabekoak direla, baizik gauza berezi hau ere irakasten digu aldi berean: giza arrazoimenak hemen muga hori gainditzeko berezko joera bat duela, ideia transzendentalak adimenari kategoriak bezain berezkoak zaizkiola, nahiz bereizketa honekin, alegia, azkenek egiara gidatzen badute ere, h. d., gure adigaien eta objektuen bat etortzera, lehenek, berriz, itxura soil baina ukaezina sortzen dutela, zeinaren iruzurra kritika zorrotzenaren bitartez apenas ezezta daitekeen.

Gure indarren izaeran oinarritua dagoen guztiak helburuduna izan behar du eta bere erabilera zuzenarekin bat etorri behar du, baldin eta gaizki-ulertze jakin bat saihestu eta bere benetako norabidea aurkitu nahi badugu. Beraz, ideia transzendentalek, uste ororen arabera, beren erabilera on eta ondorioz imanentea izango dute, nahiz eta, beren esanahia ezezagutzen bada eta gauza errealen adigaitzat hartzen badira, orduan aplikazioan transzendenteak, eta horregatik, iruzurtiak izan daitezkeen. Izan ere, ez ideia bera bere baitan, baizik bere erabilera besterik ez da esperientzia ahalgarri osoari dagokionez hegalaria (transzendentea) edo etxetiarra (imanentea) dena, berak bere autugaia diren objektuei begira hartzen duen bidearen arabera, edo zuzenki ustez dagokion objektu baterantz, edo soilik adimenaren erabilerarantz oro har, eta subrepzioaren hutsegite denak beti juzgamenari leporatu beharreko gabeziak dira, inoiz ez, ordea, adimenari edo arrazoimenari.

Arrazoimena ez zaio inoiz objektu bati zuzenean lotzen, baizik adimenari besterik ez, eta honen bitartez bere erabilera enpiriko propioari, eta beraz, ez du ezein (objektuen) adigairik sortzen, baizik eta hauek ordenatu besterik ez ditu egiten, eta hauei beren hedapen ahalbait handienean izan dezaketen batasuna ematen die, h. d., ilaren osotasunari dagokionean, eta adimena ez da honetaz inolaz ere arduratzen, baizik adigaien arabera edonon baldintzen ilarak sortzen dituen elkarloturaz besterik ez. Arrazoimenak, beraz, benetan adimena eta bere jarrera helburuduna soilik ditu objektutzat, eta adimenak anizkunkia objektuan adigaien bitartez bateratzen duen bitartean arrazoimenak bere aldetik adigaien anizkunkia bateratzen du ideien bitartez, batasun kolektibo jakin bat ezartzen duen heinean adimenaren ekintzen xede gisa, zeinak gainerakoan batasun distributiboaz soilik jarduten duten.

Hainbestez, zera baieztatzen dut: ideia transzendentalek ez dute inoiz erabilera eratzailerik, objektu jakinen adigaiak eskuratuko lituzkeen erabilerarik, eta halakotzat ulertzen diren kasuan adigai sofistikoak (dialektikoak) besterik ez dira. Bestalde, ordea, erabilera erregulatzaile aipagarria dute, ezinbestean beharrezkoa dena, hots, adimena xede jakin batera gidatzea, bere erregela guztien norabide-lerro denak puntu baten biltzen direlarik bere bila, zeinak, ideia soila izan arren (focus imaginarius), h. d., benetan adimenaren adigaien abiapuntua ez den arren, osorik esperientzia ahalgarriaren mugetatik at datzan heinean, dena dela, beraiei batasun handiena hedapen handienarekin batera emateko balio duen. Hemendik sortzen da iruzur hau, hain zuzen, norabide-lerro hauek ezagutza enpiriko ahalgarriaren alorretik at egongo litzatekeen objektu beretik etorriko liratekeela (objektuak ispiluaren azalaren atzean ikusten diren legez), baina ilusio hori (iruzur dezan saihets daitekeela), dena dela, ezinbestean da beharrezkoa, baldin eta begi-bistan ditugun objektuez gain gure atzean urruti daudenak ikusi nahi baditugu, h. d., gure kasuan adimenari esperientzia jakin bakoitzaz (esperientzia ahalgarri osoaren zatiaz) goiti doan hedapena, eta beraz, hedapen ahalbait handiena eta urrunena eman nahi badiogu.

Gure adimenaren ezagutzak bere hedapen osoan gainbegiratzen baditugu, arrazoimenak erabat berezia duen eta sortzen saiatzen duen hori ezagutzaren alde sistematikoa dela aurkitzen dugu, h. d., ezagutzaren bilkura printzipio batetik abiatuta. Arrazoimenaren batasun honek beti ideia bat aurresuposatzen du, hots, zatien ezagutza determinatuaren aurretik doan eta zati bakoitzari bere kokapena eta gainerakoekin duen hartuemana a priori determinatzeko baldintza barnebiltzen duen ezagutzaren osoki batek duen formaren ideia. Hainbestez, ideia horrek adimenaren ezagutzaren batasun osoa postulatzen du, zeinaren indarrez ezagutza hau beharbadako agregatua ez ezik, beharrezko legeen arabera lotutako sistema ere bihurtzen den. Ezin da esan benetan ideia hori objektu baten adigaia denik, baizik adigai horren batasun osoarena, hau adimenari erregela gisa baliagarria zaion heinean. Halako arrazoimenaren adigaiak ez dira izaditik sortzen, aitzitik, izadiari galdetzen diogu ideia horiei buruz, eta gure ezagutza akasduntzat jotzen dugu, hau ideiei egokitua ez dagoen artean. Lur hutsa, ur hutsa, aire hutsa, eta abar, zailki aurkitzen direla aitortzen da. Hala eta guztiz ere, adigai horiek beharrezkoak dira (arrazoimenean soilik dutenak jatorria hustasun osoari dagokionez) izadiaren kausa hauetako bakoitzak agerpenean duen parte hartzea egokiro determinatzearren, eta horrela, materia guztiak lurrean biltzen dira (pisu soilean, nolabait esateko), gatzean eta erregaietan (indar gisa), azkenik uran eta airean eroaleak diren aldetik (makinetan, nolabait esateko, aurrekoen eraginaren baliabide gisa), materien efektu kimikoak mekanismo baten ideiari jarraiki argitzearren. Izan ere, benetan horrela adierazten ez den arren, oso erraz aurkitzen da arrazoimenak izadiaren ikertzaileen sailkaketetan duen halako eragina.

Arrazoimena berezia dena orokorra denetik eratortzeko ahalmena baldin bada, orduan, edo orokorra dena jadanik bere baitan ziurra eta emana da, eta hainbestez, menperaketa egiteko juzgamena soilik eskatzen du, eta berezia dena horren bitartez halabeharrez determinatzen da. Honi arrazoimenaren erabilera apodiktikoa deitu nahi diot. Edo bestela orokorra dena problematikoki soilik onartzen da eta ideia soila da, baina berezia dena ziurra da, nahiz eta ondorio horren erregelaren orokortasuna oraindik arazotsua izan; horrela, osotara ziurrak diren hainbat kasu berezi saiatzen dira erregela honetatik segitzen ote diren ikusteko, eta hainbestez, aipatu beharreko kasu berezi denak itxuraz bertatik ondorioztatzen badira, orduan erregelaren orokortasuna inferitzen da eta honetatik, ondoren, bere baitan emanak ez diren kasu guztiak. Honi arrazoimenaren erabilera hipotetikoa deitu nahi diot.

Arrazoimenaren oinarrian ezarritako ideietatik abiatutako bere erabilera hipotetikoa, ideia hauek adigai problematikoak diren aldetik, ez da benetan eratzailea, hots, bere eskutik zorroztasun osoz juzgatu nahi bada, orduan hipotesi gisa onartua izan den erregela orokorraren egia ondorioztatzen den moduan antolatua dagoen erabilera; izan ere, nola nahi dira jakin ondorio ahalgarri denak, hauek frogatzen baldin badute oinarri-esakune honen orokortasuna onartutako oinarri-esakune berberatik ondorioztatzen diren heinean? Arrazoimenaren erabilera erabilera erregulatzailea besterik ez da, horrela ezagutza bereziei batasun ahalbait handiena emateko eta horren bitartez erregela orokortasunera hurbiltzeko.

Arrazoimenaren erabilera hipotetikoa, beraz, adimenaren ezagutzen batasun sistematikorantz doa, hau, berriz, erregelen egiaren frogarria da. Alderantziz, batasun sistematikoa (ideia soil gisa) batasun proiektatua besterik ez da, zeina ezin den begiztatu emana balego bezala, baizik arazo gisa besterik ez; honek anizkunkiarentzat eta adimenaren erabilera bereziarentzat printzipio bat bilatzeko balio du, eta hau horren bitartez eman ez diren kasu guztiez goiti gidatzeko eta hauek biltzeko ere bai.

Hemendik adimenaren ezagutza anizkunaren batasun sistematikoa edo arrazoimen-batasuna printzipio logikoa dela besterik ez da ikusten, honela adimenari ideien bitartez laguntzeko bere kabuz erregeletara iristen ez denean, eta aldi berean bere erregelen ezberdintasunari printzipio baten menpeko bateratasuna emateko (sistematikoa), eta horren bitartez, bilkura emateko, hau ahalgarria den heinean. Ea objektuen antolaera, edo hauek objektu gisa ezagutzen dituen adimenaren izaera, bere baitan batasun sistematikorako determinatua dagoen, eta ea hau a priori maila jakin batean postula daitekeen, baita arrazoimenaren halako interesa aintzat hartu gabe ere, eta beraz, ea esan daitekeen adimenaren ezagutza ahalgarri orok (hauen artean enpirikoak) arrazoimenaren batasuna duela eta printzipio komunen menpean daudela, zeinetatik ezagutzok eratorriak izan daitezkeen beren ezberdintasuna aintzat hartu gabe; hau arrazoimenaren oinarri-esakune transzendentala litzateke, zeinak batasun sistematikoa metodo gisa subjektiboki eta logikoki ez ezik, objektiboki ere beharrezkoa bihurtuko lukeen.

Hau arrazoimenaren erabileraren kasu baten bitartez azaldu nahi dugu. Adigaien araberako batasunaren era ezberdinen artean substantzia baten kausalitatearena ere aurkitzen da, zeinari indarra deitzen zaion. Substantzia beraren agerpen ezberdinek lehen begirada batean hainbesteko homogeneotasun eza erakusten dute, non hasieran ia sortzen diren efektuak adina indar onartu behar baitira, giza gogamenean sentsazioa, kontzientzia, irudimena, gogoramena, asmamena, bereizmena, atsegina, irrika, eta abarrekin gertatzen den legez. Hasieran maxima logiko batek agintzen du itxurazko ezberdintasun hori modu ahalbait zabalenean gutxitzea alderaketaren bitartez ezkutuko identitateak aurkituz eta aztertuz ea irudimena kontzientziarekin lotuta gogoramena, asmamena, bereizmena eta agian adimena eta arrazoimena ere ez ote den. Oinarrizko indar baten ideia (Logikak ez du esaten ea halakoa existitzen den) indarren anizkuntasunaren errepresentazio sistematikoaren arazoa da behinik behin. Arrazoimenaren printzipio logikoak batasun hau sortzeko eskatzen du ahal den heinean, eta indar baten eta bestearen agerpenak hainbat eta identikoagoak direla aurkitzen denez, orduan eta egia-itxura gehiago du haiek indar bat eta berberaren adierazpen ezberdinak baino ez izateak, zeinak (konparatiboki) beren oinarrizko indarra izena jaso dezakeen. Berdin jokatzen da gainerako indarrekin.

Oinarrizko indar alderatzaileak beren artean alderatu behar dira era berean, beren bateratasuna aurkituz, honela oinarrizko indar erradikalera, h. d., absolutura hurbiltzearren. Arrazoimenaren batasun hau, ordea, hipotetikoa baino ez da. Ez da baieztatzen halako batasuna egitatean aurkitu behar denik, baizik arrazoimenaren mesedetan bilatu behar dela, hots, esperientziak eskura ditzakeen erregela anizkunentzako printzipio jakinen antolaketarako bilatu behar dela, eta egingarria denean ezagutzari batasun sistematikoa eman behar zaiola.

Hala ere, adimenaren erabilera transzendentala ohartzen dugunean, oro har oinarrizko indar honen ideia hau erabilera hipotetikoaren arazo gisa determinatu ez ezik, honek beretzat errealitate objektiboa ere hartzen duela erakusten da, horren bitartez substantzia baten indar anizkunen batasun sistematikoa postulatu eta arrazoimenaren printzipio apodiktikoa eratuz. Izan ere, indar anizkunen bateratasuna aurkitzea saiatu gabe ere, halaber, saialdi guztien ondoren bera aurkitu ezin badugu ere, halako bateratasun batek izan behar duela aurresuposatzen dugu, eta hau ez da aipatutako kasuan soilik aurresuposatzen, substantziaren batasuna dela eta, baizik eta arrazoimenak indar anizkunen batasun sistematikoa aurresuposatzen du substantzia asko aurkitzen direnean ere, nahiz eta hauek maila jakin batean homogeneoak izan, oro har materian gertatzen den legez, zeren izadiaren lege bereziak orokorragoen menpean baitaude, eta printzipioen aurrezketa arrazoimenaren oinarri-esakune ekonomikoa ez ezik, izadiaren barneko legea ere bihurtzen baita.

Egitatean, ezin da ikusi ea erregelen arrazoimen-batasunaren printzipio logikoa nola izan daitekeen transzendentala aurresuposatu gabe, zeinaren bitartez objektu beraiei atxikitzen zaien moduko batasun sistematikoa a priori beharrezkotzat onartzen den. Izan ere, zein eskuduntzarekin eska dezake arrazoimenak erabilera logikoan izadiak aditzera ematen digun indarren anizkuntasuna ezkutuko batasun gisa soilik hartzeko eta bera oinarrizko indar batetik eratortzeko, arrazoimenaren menpean dagoen heinean, baldin eta bere esku balego onartzea era berean ahalgarria litzatekela indar denak ez-homogeneoak izatea eta beren eratorketaren batasun sistematikoa izadiari ez egokitzea? Izan ere, hainbestez, arrazoimenak bere determinazioaren aurka jokatuko luke, bere xedetzat izadiaren antolaketa beteki kontraesango lukeen ideia bat ezarriko balu. Ezin daiteke esan berak batasun hori aldez aurretik hartu duenik izadiaren beharbadako antolaeratik arrazoimenaren printzipioen arabera. Izan ere, bera bilatzen duen arrazoimenaren legea beharrezkoa da, zeren guk hura gabe ez baikenuke izango arrazoimenik, hau gabe, ordea, ezta adimenaren erabilera zentzudunik ere, eta honen gabezian egia enpirikoaren ezaugarri gogobetegarririk ere ez, eta azkenari dagokionez, beraz, izadiaren batasun sistematikoa aurresuposatu behar dugu, objektiboki balioduna eta beharrezkoa den batasuna.

Aurresuposizio transzendental hau filosofoen oinarri-esakuneetan ezkutatua aurkitzen dugu harrigarriki, beraiek bertan beti ezagutu edo aitortu ez badute ere. Eskolaren erregela edo printzipio logikoa da gauza bakanen anizkuntasun orok espeziearen identitatea ez duela baztertzen; espezie ezberdinak genero gutxien determinazio ezberdintzat soilik hartu behar direla eta hauek, ordea, oraindik eta enda garaiagoenak balira bezala, eta abar; beraz, adigai enpiriko ahalgarri ororen batasun sistematiko jakin bat bilatu behar dela, bera adigai garaiago eta orokorragoetatik eratorria izan daitekeen heinean, eta printzipio hau gabe ez legoke arrazoimenaren ezein erabilerarik, zeren guk orokorra denetik berezia dena inferitu baitezakegu, gauzen berekitasun orokorrak oinarrian ezartzen diren heinean, bereziak hauen menpean daudelarik.

Filosofoek izadian ere halako bateratasuna aurkituko dela aurresuposatzen dute hastapenak (printzipioak) beharrik gabe ez direla ugaldu behar dioen eskolaren erregela ezagun honetan («entia praeter necessitatem non esse multiplicanda»). Horren bitartez zera esan nahi da: gauza beren izaerak eskaintzen duela arrazoimenaren batasunerako ekaia, eta itxurazko ezberdintasun amaigabeak ez digula galarazi behar bere atzean oinarrizko berekitasunen batasuna somatzea, alegia, determinazio askoren bitartez azkenean anizkutasuna eratortzea ahalbidetzen duten berekitasunen batasuna. Batasun hau ideia soila bada ere, garai orotan halako irrikaz jarraiki zaio, non arrazoi gehiago aurkitzen baitira bere desira leuntzeko bera bizitzeko baino. Lorpen handia izan zen jadanik kimikariek (Scheidekünstler) gatz guztiak bi genero nagusietara murriztu ahal izatea, azidoak eta alkalinoak, eta gainera, bereizketa hau oinarrizko ekai bat eta berberaren aldaera edo adierazpen ezberdina balitz bezala soilik onartzea saiatzen dute. Lurraren modu anizkunak (harrien eta metalen ekaia ere bai) pixkanaka hirutan, azkenik bitan biltzen saiatu dira; baina honekin oraindik ere gogobete gabe, aldaera hauen atzean genero bakarra dagoela eta gainera lurra eta gatzen printzipio komun bat dela susmatzen duen pentsamendua ezin dute alde batera utzi. Agian sinets liteke hau arrazoimenaren maniobra ekonomikoa besterik ez dela, ahalbait ahalegin gehien aurrezteko, eta saialdi hipotetikoa dela, zeinak, ondo irteten bada, aurresuposatutako argiketa-oinarri horiei egia-itxura emango lieken batasun horren bitartez. Hala ere, halako asmo interesatua oso erraz bereizten da arrazoimenaren batasun hori izadiari egokia dela aurresuposatzeko edonork erabiltzen duen ideiatik, eta arrazoimena hemen ez dago eskarian, baizik agindu egiten du, batasun honen mugak ezin determina ditzakeen arren.

Eskaintzen zaizkigun agerpenetan hain ezberdintasun handia balego, ez dut esan nahi formaren arabera (izan ere, forman antzekoak izan daitezke), baizik edukiaren arabera, h. d., existitzen diren zerizanen anizkuntasunaren arabera, non giza adimen zorrotzenak ere batzuk besteekin alderatuz antzekotasunik ezingo bailuke aurkitu (ederki pentsa daitekeen kasua), orduan ez zen egongo generoen lege logikorik inolaz ere, eta ez zen generoaren ezein adigairik edo adigai orokorren baten adigairik egongo, ezta adimenik ere, honek haiekin besterik ez baitu zerikusia. Generoen printzipio logikoak, beraz, transzendentala den beste bat aurresuposatzen du, baldin eta izadiari aplikatu behar bazaio (izadiaz, hemen, eman ahal zaizkigun objektuak ulertzen ditut). Printzipio honen arabera esperientzia ahalgarri baten anizkunkian homogeneotasuna aurresuposatzen da halabeharrez (nahiz eta bere maila ezin determina daitekeen a priori), zeren bera gabe ezein adigai enpiriko, eta beraz, ezein esperientzia ere ez bailitzateke ahalgarria izango.

Identitatea postulatzen duen generoen printzipio logikoari beste bat kontrajartzen zaio, hots, espezieena, zeinak gauzen anizkuntasuna eta ezberdintasuna behar duen genero berberaren menpeko adostasuna alde batera utziz, eta honek adostasunari ezberdintasunari baino arreta gutxiago ez eskaintzeko araua ezartzen dio adimenari. Buruargitasunaren (edo bereizmenaren) oinarri-esakune honek lehenaren xalotasuna (asmamenarena) asko zedarriztatzen du, eta arrazoimenak hemen elkarren aurka dauden bi alderdien interesa erakusten du, alde batetik, hedapenaren interesa (orokortasunarena) generoei dagokienez, beste aldetik, edukiarena (determinatutasunarena) espezieen anizkuntasunari dagokionez, zeren adimenak lehen kasuan asko pentsatzen baitu bere adigaien azpian, bigarrenean, ordea, are gehiago beraietan. Hau izadiaren ikertzaileen pentsamolde oso ezberdinetan ere adierazten da, hauen artean batzuek (aipagarriki espekulatiboak direnek), homogeneotasunaren etsaiek, nolabait esateko, beti generoaren batasuna begiztatzen badute ere, besteek (aipagarriki buru enpirikoek) izadia etengabe hain anizkuntasun handian banatzea saiatzen dute, non bere agerpenak printzipio orokorren arabera juzgatzeko itxaropena ia utzi beharko bailitzateke.

Azken pentsamolde honen oinarrian printzipio logiko bat datza nabarmenki, ezagutza ororen osotasun sistematikoaren asmoa duena generotik hasita bere azpian bernebilduta egon daitekeen anizkunkira jeisten naizenean, eta horrela sistemari hedapena ematea saiatzen dugu lehen kasuan generora goratzen nintzenean batasuna ematea saiatzen genuen bezala. Izan ere, ea generoaren zatiketa bera ezaugarritzen duen adigaiaren esferatik abiatuta noraino irits daitekeen materiak betetzen duen espaziotik honen zatiketa noraino irits ote daitekeen bezain gutxi ulertzen da. Horregatik, genero bakoitzak espezie ezberdinak eskatzen ditu, hauek, ordea, azpi-espezie ezberdinak eskatzen dituzte, eta era berean esfera bat (hedapena conceptus communis gisa) ez lukeen azken hauetako bat bera ere ez dagoenez gero, orduan arrazoimenak zera eskatzen du bere hedapen handienean: ezein espezie ez dela begiztatuko bere baitan behekoena balitz bezala, zeren hau beti ere bere baitan gauza ezberdinei arrunta zaiena barnebiltzen duen adigai bat baita, hau osoki determinatzen ez duena, eta beraz, hasiera batean banako bati lotu ezin zaiona, eta ondorioz, beti beste adigaiak, h. d., azpi-espezieak bere azpian barnebildu behar dituena. Espezifikazioaren lege hau honela adieraz daiteke: «entium varietates non temere esse minuendas».

Erraz ikusten da lege logiko hau ere zentzurik eta aplikaziorik gabea izango litzatekeela oinarrian espezifikazioaren lege transzendentalik ez balu, zeinak, noski, gure objektuak bihur daitezkeen gauzen (ezberdintasunari dagokion) amaigabetasun erreala ez digun eskatzen; izan ere, sailkaketa ahalgarriari dagokionez esfera logikoaren indeterminatutasuna soilik baieztatzen duen printzipio logikoak ez du horretarako aukerarik ematen; hala ere, guri azaltzen zaigun espezie bakoitzaren azpian azpi-espezieak eta ezberdintasun bakoitzerako ezberdintasun txikiagoak bilatzea agintzen dio adimenari. Izan ere, azpiko adigairik ez balego, goragokorik ere ez legoke. Adimenak, ordea, dena adigaien bitartez soilik ezagutzen du, ondorioz, inoiz ez begiespen soilen bitartez, baizik beti berriro ere azpiko adigaien bitartez, sailkaketan hauetara iristen den heinean. Agerpenak bere determinazio osoan ezagutzeak (adimenaren bitartez soilik dena ahalgarri) bere adigaien etenik gabeko espezifikazio jarraitua eta oraindik geratzen diren ezberdintasunetarantz doan aurrerabidea eskatzen ditu, zeinaz abstraitu egin den espeziearen adigaian eta, are gehiago, generoaren adigaian.

Espezifikazioaren lege hau ezin da esperientziatik hartu era berean; izan ere, honek ezin du hain urrun iristen den ikuspegirik eman. Espezifikazio enpirikoa laster gelditzen da anizkunkiaren bereizkuntzan, baldin eta jadanik aurretik doan eta arrazoimenaren printzipioa den espezifikazioaren lege transzendental baten bitartez gidatua ez bada halakoa bilatzeko eta halakoa dagoela susmatzeko, berehala sentsuei agertzen ez bazaie ere. Lur absorbatzaileak espezie ezberdinen araberakoak (karedunak eta muriatikoak) direla aurkitzeko arrazoimenaren erregela bat behar dugu, adimenari ezberdintasuna bilatzeko eginkizuna ematen dion erregela, izadia hura susmatzeko bezain aberatsa dela aurresuposatzen duen heinean. Izan ere, izadian dagoen ezberdintasunaren aurresuposiziopean soilik dugu adimena, baita bere objektuek beren baitan homogeneotasuna duten baldintzapean ere, zeren adigai baten menpean jasoa egon daitekeenaren anizkuntasunak osatzen baitu adigai honen erabilera eta adimenaren jarduera.

Arrazoimenak, beraz, adimenaren alorra prestatzen du: 1. genero garaiagoen azpian dagoen anizkunkiaren homogeneotasunaren printzipio baten bitartez; 2. azpiko espezieen arteko homogeneokiaren aniztasunaren oinarri-esakunearen bitartez; eta gainera, batasun sistematikoa osatzeko, 3. adigai ororen kidetasunaren legearen bitartez, zeinak igarobide jarraitua eskaintzen duen espezie bakoitzetik beste edozeinetara ezberdintasunaren hazkuntza mailakatuaren bidez. Homogeneotasun, espezifikazio eta formen kontinuitatearen printzipioak dei diezaiekegu. Azkena lehenengo biak bateratzean sortzen da, bai genero garaiagoetara goratzean, baita azpiko espezietara beheratzean ere, bilkura sistematikoa ideian osatu ondoren; izan ere, hainbestez, anizkuntasun ezberdinak elkarren kideak dira, zeren dena osotara determinazio hedatuaren maila ororen bitartez genero goren bakarretik baitator.

Hiru printzipio logikoen menpean dagoen batasun sistematikoa honela bihur daiteke ikusgarria: adigai bakoitza puntu bat balitz bezala begizta daiteke, zeinak, ikusle baten ikuspuntua den aldetik, bere ikusmuga duen, h. d., bertatik errepresentatuak eta, nolabait esateko, gainbegiratuak izan daitezkeen gauzen kopuru handi bat duen. Ikusmuga horren barnean amaigabera iristen den puntuen kopurua aipa daiteke, hauetako bakoitzak bere aldetik berriro ikuseremu estuagoa duela; h. d., espezie bakoitzak azpi-espezieak barnebiltzen ditu espezifikazioaren printzipioaren arabera, eta ikusmuga logikoa ikusmuga txikiagoez soilik osatzen da (azpi-espezieak), ez, ordea, hedapenik ez duten puntuez (banakoez). Hala ere, hainbeste adigaitatik abiatuta determina daitekeen ikusmuga pentsa daiteke, h. d., genero ezberdinen ikusmuga komun bat pentsa daiteke, eta bertatik denak bilduta pentsa daitezke osotara genero garaiagoa den erdigune batetik gainbegiratuta baleude bezala, azkenik, genero gorena ikusmuga orokorra eta egiazkoa izaki, adigai gorenaren ikuspuntutik determinatzen dena eta anizkuntasun oro jasotzen duena bere azpian, generoak, espezieak eta azpi-espezieak.

Homogeneotasunaren printzipioak gidatzen nau ikuspuntu goren honetara, azpiko denetara eta beren aniztasun handienera, berriz, espezifikazioaren legeak gidatzen nau. Honela, ordea, adigai ahalgarri ororen hedapen osoan hutsunerik ez dagoenez, eta bertatik at ezer aurkitu ezin daitekeenez gero, orduan ikuseremu orokorraren eta bere sailkaketa osoaren aurresuposiziotik oinarri-esakune hau sortzen da: «non datur vacuum formarum», h. d., ez daude jatorrizko lehen genero ezberdinak, zeinak, nolabait esateko, bakartuak eta elkarren artean bereiziak dauden (tarteko espazio kaskal baten bitartez), baizik genero anizkun denak genero goren eta orokor bakarraren atalak besterik ez dira; eta oinarri-esakune honetatik bere ondorio zuzena segitzen da: «datur continuum formarum», h. d., espezieen ezberdintasun denek elkar ukitzen dute eta ez dute baimentzen jauzi baten bitartez egindako elkarren arteko igarobiderik, baizik bereizketaren maila txikiago guztien bitartez egindakoa besterik ez, horren bitartez batzuetatik besteetara irits daitekeelarik; hitz batean, ez daude (arrazoimenaren adigaian) elkarren hurbilenak liratekeen ezein espezie edo azpi-espezierik, baizik eta beti ere horietatik beraiek elkarren artean bereizten direna baina gutxiago bereizten diren tarteko espezieak ahalgarriak dira.

Lehen legeak, beraz, jatorrizko genero ezberdinen anizkuntasunaren gehiegikeria saihesten du eta homogeneotasuna gomendatzen du; bigarrenak, aitzitik, berriro zedarriztatzen du bateratasuneranzko joera hori eta azpi-espezieen bereizkuntza agintzen du norberaren adigai orokorrekin banakoetara jo aurretik. Hirugarrenak lehenengo biak bateratzen ditu, anizkuntasun handiena izanda ere homogeneotasuna agintzen duen heinean espezie batetik besterako igarobide mailakatuaren bitartez, eta honek adar ezberdinen kidetasun-era bat erakusten du, hauek osotara enbor batetik ernetu diren heinean.

«Continuum specierum (formarum logicarum)»-en lege logikoak lege transzendental bat aurresuposatzen du (lex continui in natura), eta hau gabe lehen arau hark adimenaren erabilera nahasi besterik ez luke egingo, honek agian izadiari zuzenki kontrajarritako bideetako bat hartuko lukeen heinean. Lege hau, beraz, oinarri transzendental hutsetan funtsatu behar da, eta ez enpirikoetan. Izan ere, azken kasuan sistemen ondoren etorriko litzateke; benetan, ordea, berak sortu du lehen-lehenik izadiaren ezagutzaren alde sistematikoa. Lege hauen atzean ez dago agian beraiekin probak egiteko asmorik, saialdi soilak balira bezala, nahiz, noski, bilkura honek, gertatzen denean, hipotetikoki pentsatutako batasuna oinarritua balego bezala hartzeko arrazoi boteretsua ematen duen, eta lege hauek zentzu honetan ere bere onura duten, baizik eta beraietan nabarmenki ikusten da legeok oinarrizko kausen aurreztasuna, efektuen anizkuntasuna eta bertatik datorren izadiaren osakideen kidetasuna bere baitan arrazoizkoak direla jotzen dutela eta izadiarentzat egokiak direla juzgatzen dutela, eta oinarri-esakune hauek, beraz, zuzenki dakarte beraiekin beren aldeko gomendioa, ez metodoaren baliabide gisa soilik.

Erraz ikusten da, ordea, formen jarraitasun hau esperientzian objektu egokirik erakutsi ezin duen ideia soila dela, ez soilik espezieak izadian benetan eratorriak direlako eta horregatik quantum discretum bat osatu behar dutelako, zeren beren kidetasunean aurrerabide mailakatua jarraitua balitz, orduan honek bi espezie jakinen barnean egongo litzatekeen tarteko osakideen egiazko amaigabetasuna ere barnebildu beharko bailuke, ezinezkoa dena, baizik eta lege horretaz erabilera enpiriko determinaturik ezin dugulako egin ere bai, horren bitartez kidetasunaren ezaugarririk iragartzen ez den heinean, horrela berari jarraiki bere ezberdintasunaren mailaketa puntu bateraino bilatzeko, aitzitik, hura bilatu behar dela dioen gomendio orokor bat besterik ez da iragartzen.

Guk orain aipatutako printzipioak beren ordenari dagokionez aldatzen baditugu, esperientzian duten erabileraren arabera antolatzearren, orduan batasun sistematikoaren printzipioak azkenean hauek lirateke: anizkuntasuna, kidetasuna eta batasuna, hauetako bakoitza, ordea, ideia gisa bere osotasunaren maila gorenean hartua. Arrazoimenak adimenaren ezagutzak aurresuposatzen ditu, lehenik esperientziari aplikatzen zaizkionak, eta bere batasuna bilatzen du ideien arabera, hots, esperientzia iristen den puntura baino askoz urrunago doan batasuna. Batasunaren printzipio baten menpean dagoen anizkunkiaren kidetasunak, bere osagaien ezberdintasuna aintzat hartu gabe ere, ez du gauzekin soilik zerikusia, baizik are gehiago gauzen berekitasun eta indar soilekin. Horregatik, (oraindik osoki zuzendua izan ez den) esperientzia batek planeten ibilbidea zirkulartzat jotzen badu eta ezberdintasunak aurkitzen baditugu, orduan hauek zirkulua lege iraunkor baten arabera tarteko maila amaigabe guztien bitartez beretik ezberdintzen den ibilbidera alda dezakeenean daudela susmatzen dugu, h. d., zirkuluak ez diren planeten higidurak gehiago edo gutxiago hurbiltzen dira beren berekitasunetara elipse bat bihurtuz. Kometek bere ildoaren ezberdintasun are handiagoa erakusten dute, hauek ez baitira zirkuluan itzuli ere egiten (behaketak esan dezakeen heinean); baina hor ibilbide parabolikoa susmatzen dugu, elipsearekin kidetasuna duena, eta gure behaketa guztietan elipsetik bereiztu ezin dena azkenaren ardatz luzea asko luzatzen denean. Printzipio haien gidaritzarekin ildo hauek beren tankeran duten generoen batasunera iristen gara, horren bitartez oraindik gainera beren higiduraren lege ororen kausaren batasunera (grabitazioa), eta hortik, ondoren, gure konkistak hedatzen ditugu, eta erregela haien aldaera denak eta itxurazko saihesketak printzipio hartatik argitzea saiatzen dugu, eta azkenik, horretaz gain esperientziak inoiz baiezta dezakeena baino gehiago eransten dugu, hots, kidetasunaren erregelen arabera kometen ildo hiperbolikoak pentsatzen ditugu, bertan gorputz horiek gure eguzkiaren mundua uzten dutela eta beraiek guretzat mugagabea den eta indar higitzaile bat eta bakarraren bitartez lotuta dagoen mundu-sistemaren zati urrunenak beren ibilbidean bateratzen dituztela, eguzki batetik bestera doazen heinean.

Printzipio hauetan ohargarria dena eta arduratzen gaituen gauza bakarra hau da: printzipiook printzipio transzendentalak diruditela, eta arrazoimenaren erabilera enpirikoaren jarraipenerako ideia soilak barnebiltzen dituzten arren, erabilera hau haiei, nolabait esateko, asinptotikoki soilik, h. d., hurbilketaz soilik jarrai dakieke, bera inoiz lortu gabe; hala ere, apriorizko esakune sintetiko gisa baliotasun objektiboa baina indeterminatua dute, eta esperientzia ahalgarriaren erregelatzat balio dute, eta benetan bere landualdian ere oinarri-esakune heuristiko gisa arrakastatsuak dira, beren dedukzio transzendentala sortu ezin den arren, ideiei dagokienez beti ezinezkoa dena, gorago frogatu dugun legez.

Analitika transzendentalean adimenaren oinarri-esakuneen artean dinamikoak direnak, begiespenaren printzipio erregulatzaile soilak izaki, matematikoetatik ezberdindu ditugu, zeinak begiespenari dagokionez eratzaileak diren. Hau horrela izanda ere, aipatutako lege dinamikoak eratzaileak dira, dena dela, esperientziari dagokionez, adigaiak a priori ahalbidetzen dituzten heinean, hauek gabe ez bailitzateke egongo esperientziarik. Aitzitik, arrazoimen hutsaren printzipioek adigai enpirikoei dagokienez ere ezin dute izan eratzaileak, zeren beraiei sentimenaren eskema egokirik ezin baitzaie eman, eta beraz, ezin baitute ezein objektu izan in concreto. Baldin eta, hortaz, beren halako erabilera enpirikoa alde batera uzten badut, oinarri-esakune eratzaileak diren aldetik, nola nahiko dut orduan erabilera erregulatzailea eta honekin batera baliotasun objektiboa segurtatu, eta zer esanahi izan dezake erabilera honek?

Adimena arrazoimenaren objektua da sentimena adimenarena den bezala. Adimenaren ekintza enpiriko ahalgarri ororen batasuna sistematikoa bihurtzea arrazoimenaren zeregina da, adimenak agerpenen anizkunkia adigaien bitartez elkarlotu eta lege enpirikoei menperatzen dien bezala. Adimenaren ekintzak, ordea, indeterminatuak dira sentimenaren eskemarik gabe; era berean, arrazoimenaren batasuna indeterminatua da bere baitan adimenak bere adigaiak sistematikoki lotzeko dituen baldintzei dagokienez eta lotura honen mailari dagokionez. Hala ere, adimenaren adigai ororen batasun sistematiko osoarentzat ezein eskema aurkitu ezin den arren begiespenean, dena dela, halako eskemaren analogoa eman daiteke eta eman behar da, eta hau printzipio batean gertatzen den adimenaren ezagutzaren zatiketaren eta bateratzearen maximoaren ideia da. Izan ere, handiena eta absolutuki osoa dena determinatua dagoela pentsa daiteke, zeren anizkuntasun indeterminatua ematen duten baldintza zedarriztaile guztiak alde batera uzten baitira. Beraz, arrazoimenaren ideia sentimenaren eskema baten analogoa da, baina bereizketa honekin, alegia, adimenaren adigaien aplikazioa arrazoimenaren eskemari ez dela era berean objektua beraren ezagutza (kategoriak beren sentsuzko eskemei aplikatzean gertatzen den legez), baizik adimenaren erabilera ororen batasun sistematikoaren printzipioa edo erregela besterik ez. Adimenari bere erabileraren batasun osoa a priori finkatzen dion oinarri-esakune hark, era berean, zeharbidez izan arren, esperientziaren objektuaz ere balio duenez gero, orduan arrazoimen hutsaren printzipioek azken hauei begira ere errealitate objektiboa dute, baina ez beraietan zerbait determinatzeko, baizik adimenaren esperientziazko erabilera enpirikoa eta determinatua bere buruarekin osoki adostu ahal izateko jardunbidea erakusteko besterik ez, adimenaren erabilera batasun ahalbait osoaren printzipioarekin bildu eta bertatik eratortzen den heinean lor dezakeen adostasuna, hain zuzen.

Objektuaren antolaeratik ez, baina arrazoimenaren interesetik objektu honen ezagutzaren betegintzarre ahalgarri jakin bati begira hartzen diren oinarri-esakune subjektibo denei arrazoimenaren maximak deitzen diet. Bada, arrazoimen espekulatiboaren maximak daude, zeinak bere interes espekulatiboan soilik funtsatzen diren, printzipio objektiboak direla dirudien arren.

Oinarri-esakune erregulatzaile soilak eratzaileak bezala kontsideratzen baldin badira, orduan kontraesankorrak izan daitezke, printzipio objektiboak diren heinean; maximak bezala soilik kontsideratzen baldin badira, orduan ez dago egiazko aurkakotasunik, baizik arrazoimenaren interes ezberdina besterik ez, zeinak pentsamoldearen banaketa eragiten duen. Egitatean, arrazoimenak interes bakarra du eta bere maximen gatazka interes hau gogobetetzeko asmoa duten metodoen ezberdintasuna eta elkarren arteko zedarriztapena baino ez da.

Era honetara, arrazoikerizale hauengan anizkuntasunaren interesa nabarmentzen da (espezifikazioaren printzipioaren arabera), haiengan, ordea, batasunaren interesa (agregazioaren printzipioaren arabera). Hauetako bakoitzak bere judizioa objektuaren ikuskeratik lortu duela sinesten du eta, egiatan, bi oinarri-esakuneetako bati gehiago edo gutxiago atxikitzean soilik oinarritzen da, bietako bat bera ere ez baita oinarri objektiboetan funtsatzen, baizik arrazoimenaren interesean besterik ez, eta horregatik, hobeto dei dakieke maximak printzipioak baino. Gizon burutsuak elkarrekin gatazkan ikusten ditudanean, gizakiak, abereak edo landareak direla eta, baita gainera mundu mineraleko gorputzak direla ere, batzuek adibidez herri-izaera bereziak eta jatorrian oinarrituak onartzen dituztela, edo baita familien, arrazen, eta abarren bereizketa erabakigarriak eta izugarriak, besteek, aitzitik, izadiak puntu honetan berdinak diren joerak sortu dituela azpimarratzen duten bitartean, hainbestez, bereizketa oro kanpoko beharbadakotasunetan funtsatuz, bada, orduan objektuaren antolaera kontsideratu besterik ez dut egin behar, ulertu nahi badut hau bientzat hain sakonki ezkutatua geratzen dela, non haiek ezin baitute hitz egin objektuaren izaeraren ikuskeran oinarrituta. Ez dago arrazoimenaren interes bikoitz hau baino, zati hau bat dela, hura besteak hartzen duela, edo hartzen duelakoa egiten duela, eta beraz, izadiaren anizkuntasunaren maximen ezberdintasuna edo izadiaren batasunarena, zeinak ederki batera daitezkeen, baina ikuskera objektibotzat hartzen badira, gatazka ez ezik, oztopoak ere sortzen dituzten, egiari denbora luzez eusten dioten oztopoak, harik eta baliabide bat aurkitu arte interes eztabaidatua bateratzeko eta arrazoimena puntu honetan gogobetetzeko.

Horrela gertatzen da Leibnizek abian jarri eta Bonnet-ek egokiro sustatu zuen sorkarien eskala jarraituaren lege hain ezagunaren baieztapena edo ukapenarekin, arrazoimenaren interesean funtsatutako kidetasunaren oinarri-esakunearen ondorioztapena baino ez denarekin; izan ere, behaketak eta izadiaren antolaketaren ikuskerak ezin du ezer eskura eman baieztapen objektibo gisa. Halako eskalaren mailak urrunegi daude elkarrengandik esperientziak eman ditzakeen moduan, eta gure ustezko bereizketa txikiak izadian bertan eskuarki amildegi hain zabalak dira, non behaketa hauek (bereziki gauzen anizkuntasun handi batean, beti erraza izan behar baitu antzekotasun eta hurbilketa jakinak aurkitzeak) ezin har baitaitezke izadiaren asmotzat. Aitzitik, izadian halako printzipioaren arabera ordena bilatzeko metodoa, eta hura, indeterminatuki izan arren, izadian oro har non edo noraino oinarritua dagoen ikusteko maxima, dena dela, arrazoimenaren printzipio erregulatzaile zuzen eta egokia da; hala ere, printzipio gisa hain urruti doa, ezen esperientziak edo behaketak ezin baitute berekin bat egin; baina ez du ezer determinatzen, baizik arrazoimenari batasun sistematikorantz doan bidea erakutsi besterik ez dio egiten.

Giza arrazoimenaren berezko dialektikaren azken asmoaz[aldatu]

Arrazoimen hutsaren ideiek inoiz ezin dute beren baitan dialektikoak izan, baizik beren gaizki-erabilerak soilik eragiten du beraietatik itxura iruzurtia sortzea; izan ere, gure arrazoimenaren izaeraren bitartez ematen zaizkigu, eta gure espekulazioaren eskubide eta uzi ororen epaitegi goren honek jatorrizko iruzurrak eta itxurapenak barnebiltzea ezinezkoa da. Ustez, beraz, beren determinazio on eta helburuduna gure arrazoimenaren berezko joeran izango dute. Arrazoikerizaleen jendailak, ordea, ohi duenez burugabekeria eta kontraesana dela ohiukatzen du, eta gobernuari irain egiten dio honen barneko planak ulertu gabe, bere eragin onberari eskerrak bihurtu beharrean bere mantenuagatik eta hura kritikatu eta epaitzeko egoeran jartzen duen kultura beragatik.

Ezin da ezein apriorizko adigairik erabili segurtasunarekin, bere dedukzio transzendentala egin ezean. Arrazoimen hutsaren ideiek ez dute baimentzen kategorien moduko dedukziorik; baina baliotasun objektiboa eduki behar badute behinik behin, indeterminatua izan arren, eta pentsamen-gauza kaskalak soilik errepresentatu behar ez badituzte (entia rationis ratiocinantis), orduan beren dedukzioak erabat ahalgarria izan behar du, kategoriekin egin daitekeen dedukziotik oso ezberdina dela eman ondoren. Hau da arrazoimen hutsaren zeregin kritikoaren osaketa, eta hau da orain egitera goazena.

Bereizketa handia da zerbait nire arrazoimenari objektu gisa absolutuki edo objektu gisa ideian soilik emana izatea. Lehen kasuan, nire adigaiak objektua determinatzera doaz; bigarrenean, benetan eskema bat besterik ez dugu, zeinari zuzenki objekturik ez dagokion, ezta hipotetikoki ere, baizik honek beste objektuak ideia honekin duten harremanaren bitartez bere batasun sistematikoaren arabera, eta beraz, zeharbidez errepresentatzeko besterik ez du balio. Horrela, inteligentzia goren baten adigaia ideia soila dela diot, h. d., bere errealitate objektiboa ez duela osatzen zuzenki objektu bati lotzeak (izan ere, esanahi horretan ezingo genuke bere baliotasun objektiboa legeztatu), baizik arrazoimenaren batasun handienaren baldintzen arabera ordenatutako eskema besterik ez da, oro harrezko gauza baten adigaiarena, zeinak batasun sistematiko handiena atxikitzeko baino ez duen balio gure arrazoimenaren erabilera enpirikoan, honela esperientziaren objektua, nolabait esateko, ideia honen irudikatutako objektutik bere oinarri edo kausa gisa eratortzen den heinean. Hainbestez, adibidez, munduko gauzak beren izatea inteligentzia goren batetik jaso balute bezala kontsideratu behar direla esaten da. Honela, ideia benetan adigai heuristikoa baino ez da, ez ostentsiboa, eta ez du erakusten objektu bat nola antolatua dagoen, baizik esperientziako objektuen antolaera eta elkarlotura oro har nola bilatu behar dugun bere gidaritzari jarraiki. Erakutsi badaiteke hiru ideia transzendentalek (psikologikoa, kosmologikoa eta teologikoa), zuzenki dagozkion ezein objekturi eta bere determinazioari lotu ezin zaizkien arren, dena dela, arrazoimenaren erabilera enpirikoaren erregelak diren aldetik, halako objektua ideian aurresuposatuz batasun sistematikora gidatzen dutela eta esperientzia-ezagutza beti hedatzen dutela, inoiz, ordea, bere aurka egin ezin dutelarik, bada, orduan halako ideiaren arabera jokatzeko arrazoimenaren maxima beharrezkoa badago. Eta hau da arrazoimen espekulatiboaren ideia ororen dedukzio transzendentala, ez gure ezagutzaren hedapenaren printzipio eratzaile gisa, hots, esperientziak eman ditzakeen baino objektu gehiagoetara iristen den hedapenaren printzipio gisa, baizik oro har ezagutza enpirikoaren anizkunkiaren batasun sistematikoaren printzipio erregulatzaile gisa, eta horren bitartez gehiago lantzen eta zuzentzen du ezagutza enpirikoa bere muga propioen barnean halako ideiarik gabe adimenaren oinarri-esakunearen erabilera soilaren bitartez landu eta zuzendu ahal izango lukeena baino.

Hau argitu nahi dut. Aipatutako ideiak printzipio gisa hartuz gero, lehenik (Psikologian), gure gogamenaren agerpen, ekintza eta harmen oro barneko esperientziaren gida-harian elkarlotu nahi dugu gogamena substantzia bakuna balitz bezala, pertsona-identitatearekin iraunkorki existitzen dena (bizitzan bederen), bere egoerak, berriz, gorputzarenak, kanpoko baldintza bezala soilik egokitzen zaizkiolarik, jarraituki aldatu arren. Bigarrenik (Kosmologian), izadiaren barneko zein kanpoko agerpenen baldintzei jarraiki behar gatzaizkie inoiz osatuko ez den azterketa batean bera bere baitan amaigabea balitz bezala eta lehen osakide edo goren bat ez balu bezala, nahiz eta horregatik ezin den ukatu agerpen orotatik at bere lehen oinarri inteligible soilak daudenik, inolaz ere ezagutzen ez ditugulako, ordea, inoiz izadiaren argiketaren bilkurara ekarri ezin ditugun oinarriak. Azkenean hirugarrenik (Teologiari dagokionez), beti esperientzia ahalgarriaren bilkuran soilik koka daitekeen guztia honek batasun absolutua baina erabat menpekoa osatuko balu bezala, eta beraz, beti sentsuen munduaren barnean batasun baldintzatua osatuko balu bezala kontsideratu behar dugu, aldi berean, ordea, agerpen ororen multzoa (sentsuzko mundu bera) oinarri goren eta oroaskidun bakarra balu bezala bere hedapenetik at, nolabait esateko, arrazoimen beregain, jatorrizko eta sortzailea, eta honekin harremanean gure arrazoimenaren erabilera enpiriko oro bere hedapen handienean objektuak berak arrazoimen haren jatorrizko irudi hartatik sortu balira bezala antolatzen dugu, hau da, ez substantzia pentsatzaile bakun batetik arimaren barneko agerpenak eratorriz, baizik zerizan bakun baten ideiaren arabera haietako batzuk besteetatik eratorriz; ez inteligentzia goren batetik munduaren ordena eta bere batasun sistematikoa eratorriz, baizik kausa erabat jakintsuaren ideiatik erregela bat lortuz, zeinaren arabera arrazoimena munduko kausen eta ondorioen elkarloturan bere gogobeterako hoberen den moduan erabiltzen den.

Ezerk ez digu galarazten ideia hauek objektiboak eta hipostatikoak bezala onartzea, ideia kosmologikoa izan ezik, zeinengan arrazoimenak antinomia bat aurkitzen duen halako ideia egikaritu nahi duenean (ideia psikologikoek eta teologikoek ez dute halakorik barnebiltzen). Izan ere, beraietan kontraesanik ez dagoenez gero, nola eztabaidatu liezaguke inork bere errealitate objektiboa, hark bera ezeztatzeko ahalgarritasunaz guk bera baieztatzeko bezain gutxi badaki? Hala eta guztiz ere, zerbait onartzeko ez da aski aurkako ezein oztopo positibo ez egotea, eta ezin zaigu zilegi izan gure adigai oro gainditzen duten pentsamen-zerizanak, ezer kontraesaten ez duten arren, objektu erreal eta determinatu gisa aipatzea, bere zeregina gustura osatzen duen arrazoimen espekulatiboaren babes soila dela eta. Beraz, beren baitan ez dira onartu behar, baizik beren errealitateak izadiaren ezagutza ororen batasun sistematikoaren printzipio erregulatzailearen eskema gisa baino ez dute balio, eta beraz, gauza errealen analogoen gisa soilik ezarri behar dira oinarrian, baina ez berbaitango gauzen gisa. Ideiaren objektutik ezeztatu egiten ditugu gure adimenaren adigaiak zedarriztatzen dituzten baldintzak, haiek gauzaren baten adigai determinatu bat izatea ahalbidetzen duten bakarrak ere badiren baldintzak. Eta, hortaz, Zerbait pentsatzen dugu inolaz ere jakin gabe bera zer den, baina agerpenen multzoarekin duen hartuemanean pentsatzen dugu, hain zuzen, agerpenek beren artean duten hartuemanaren analogoa den hartuemanean.

Hainbestez, halako zerizan idealak onartzen baditugu, orduan ez dugu hedatzen benetan esperientzia ahalgarriaren objektuen gure ezagutza, baizik esperientziaren batasun enpirikoa besterik ez, batasun sistematikoaren bitartez gainera, zeinaren eskema ideiak ematen digun, beraz, ez printzipio eratzaile gisa, baizik erregulatzaile gisa baino balio ez duen ideiak. Izan ere, ideiari dagokion gauza, Zerbait, edo zerizan erreala ezartzeak ez du esan nahi guk gure gauzen ezagutza adigai transzendenteen bitartez hedatu nahi dugunik; izan ere, zerizan hau ideian soilik ezartzen da oinarrian eta ez bere baitan, eta beraz, arrazoimenaren erabilera enpirikoaren gida gisa balio behar digun batasun sistematikoa adieraztearren besterik ez, hala ere, batasun honen oinarria zein den edo batasun hau kausa gisa funtsatzen duen zerizanaren barneko berekitasuna zein den erabaki gabe.

Horrela, arrazoimen espekulatibo soilak Jainkoaz ematen digun adigai transzendental eta determinatu bakarra adiera zehatzenean deistikoa da, h. d., arrazoimenak ez du ematen halako adigaiaren errealitate objektiborik, baizik zerbaiten ideia besterik ez du ematen eskura, bertan errealitate enpiriko orok bere batasun gorena eta beharrezkoa oinarritzen duela, eta ideia hau ezin dugu pentsatu, arrazoimenaren legeen arabera gauza ororen kausa den substantzia erreal batekin analogian izan ezik, eta hau edonon objektu berezi gisa pentsatzen dugu, eta ez dugu nahiago, arrazoimenaren printzipio erregulatzailearen ideiarekin askietsiz, pentsatzearen baldintza ororen osaketa alde batera uztea, giza adimenarentzat transzendentea den heinean, nolanahi ere hau ezin baita bateratu gure ezagutzen batasun sistematiko betegin bat lortzeko asmoarekin, zeinari arrazoimenak behinik behin zedarririk ez dion ezartzen.

Horregatik gertatzen da jainkotiar zerizan bat onartzen dudanean ez dudala bere betegintzarre gorenaren barneko ahalgarritasunaren adigairik, ezta bere izatearen beharrezkotasunaren adigairik ere, baina, hainbestez, beharbadakoa denarekin zerikusia duten beste galdekizun guztiak gogobete ditzaket eta arrazoimenari gogobete beteginena eman diezaioket bere erabilera enpirikoan batasun ikertzaile gorenari dagokionez, baina ez aurresuposizio honi berari dagokionez; honek frogatzen du bere interes espekulatiboak legeztatzen duela, eta ez bere ikuskerak, bere esferaz goiti hain urrun dagoen puntu batetik abiatzera, hortik bere objektuak osoki konplitu batean kontsideratzearren.

Hemen, aurresuposizio bat eta berberan pentsamoldearen bereizketa bat azaltzen da, aski sotila dena, baina, dena dela, Filosofia transzendentalean munta handikoa ere badena. Aski arrazoi izan dezaket zerbait erlatiboki onartzeko (suppositio relativa) hori erabat onartzera baimendua izan gabe (suppositio absoluta). Bereizketa hau zuzena da autugaia printzipio erregulatzaile bat besterik ez denean, zeinaren beharrezkotasuna bere baitan ezagutzen dugun, baina ez bere jatorria, eta horretarako oinarri goren bat onartzen dugu printzipioaren orokortasuna modu determinatuago batean pentsatzeko asmo soilarekin, adibidez, nik ideia transzendental soil bati dagokion zerizan bat existitzen dela pentsatzen dudanean. Izan ere, hor gauza horren izatea inoiz ezin dut onartu bere baitan, objekturen bat determinatuki pentsatu ahal izatea ezein adigaik ez baitu lortzen, eta nire adigaien baliotasun objektiboaren baldintzak ideia beraren bitartez dira baztertuak. Errealitateak, substantziak, kausalitateak, baita izatearen beharrezkotasunak ere, objektu baten ezagutza enpirikoa ahalbidetzeko erabileraz gain ez dute objekturen bat determinatuko lukeen esanahirik. Erabil daitezke bai gauzen ahalgarritasunaren argiketarako sentsuen munduan, baina ez mundu-osokiaren ahalgarritasunaren argiketan, zeren argiketa-oinarri hau mundutik at baitago, eta beraz, esperientzia ahalgarriaren objektua ezingo bailuke izan. Hala ere, halako zerizan ulertezina, hots, ideia soil baten objektua, erlatiboki onar dezaket sentsuen munduari dagokionez, baina ez bere baitan. Izan ere, nire arrazoimenaren erabilera enpiriko ahalbait handienaren oinarrian (batasun sistematiko-osoarena, honetaz laster zehazkiago hitz egingo dudala) ideia bat baldin badago, bere baitan esperientzian inoiz egokiro aurkeztu ezin dena, nahiz eta bera batasun enpirikoa maila ahalbait gorenera hurbiltzeko ezinbestean beharrezkoa den, orduan baimendua izateaz gain, behartua ere izango naiz ideia hori egikaritzera, h. d., berari objektu erreal bat ezartzera, baina Zerbait oro har gisa besterik ez, bere baitan inolaz ere ezagutzen ez dudan zerbait, zeinari batasun sistematiko haren oinarria den heinean soilik ematen dizkiodan batasun honi dagokionez adimenaren adigaien erabilera enpirikoaren analogoak diren berekitasunak. Munduko errealitateekin, substantziekin, kausalitatea eta beharrezkotasunarekin analogian hau dena betegintzarre gorenean jabetzen duen zerizan bat pentsatuko dut, eta ideia hori nire arrazoimenean soilik funtsatzen den heinean, zerizan hori arrazoimen beregaina bezala pentsa dezaket, harmonia eta batasun handienaren ideien bitartez mundu-osokiaren kausa dena, eta halako moldez egin dezaket, non nik ideia zedarriztatzen duten baldintza guztiak baztertzen baititut, honela jatorrizko oinarri honen babesean mundu-osokiaren anizkuntasunaren batasun sistematikoa, eta bere bitartez, arrazoimenaren erabilera enpiriko ahalbait handiena ahalbidetzeko besterik ez, lotura guztiak arrazoimen goren baten ordenaketak balira bezala ikusten ditudan heinean, gurea horren kopia ahula izaki. Hainbestez, zerizan goren hau adigai soilen bitartez pentsatzen dut, aplikazioa benetan sentsuen munduan soilik duten adigaien bitartez; aurresuposizio transzendental hark erabilera erregulatzailea baino ez duenez, hots, esperientziaren batasun ahalbait handienaren substratua eman behar duenez gero, orduan ederki pentsa dezaket mundutik bereizten dudan zerizan bat sentsuen munduari soilik dagozkion berekitasunen bitartez. Izan ere, nik ez dut inolaz ere eskatzen, eta ez nago baimendua ere eskatzera, nire ideiaren objektu hau bere baitan denaren arabera ezagutzea; izan ere, ez dut horretarako adigairik, eta errealitateak, substantziak, kausalitatearen eta baita izatearen beharrezkotasunaren adigaik berak ere esanahi oro galtzen dute eta adigai kaskalen izenburuak dira, batere edukirik gabeak, ni beraiekin sentsuen alorretik at ausartzen banaiz. Berez erabat ezezaguna den zerizan batek mundu-osokiaren batasun sistematiko handienarekin duen erlazioa pentsatzen dut nire kaburako, honela bera nire arrazoimenaren erabilera enpiriko ahalbait handienaren printzipio erregulatzailearen eskema bihurtzeko besterik ez.

Gure ideiaren objektu transzendentalari begiratzen badiogu orain, orduan bere errealitatea (Wirklichkeit) bere baitan ezin dugula aurresuposatu dakusagu errealitatea (Realität), substantzia, kausalitatea, eta abarren adigaien arabera, zeren adigai hauek ezin baitzaizkio inolaz ere aplikatu sentsuen mundutik erabat bereizten denari. Beraz, zerizan goren baten arrazoimenaren suposizioa kausa goren gisa erlatiboki besterik ez da pentsatzen sentsuen munduaren batasun sistematikoaren mesedetan, eta Zerbait besterik ez da ideian, eta ez dakigu inolaz ere ea bere baitan zer ote den. Honen bitartez argitzen da era berean ea zergatik behar dugun bere baitan beharrezkoa den jatorrizko zerizanaren ideia existituz sentsuei emana zaionari dagokionez, honetaz eta bere beharrezkotasun absolutuaz, aldiz, inoiz adigairik ezin izan dezakegunean.

Orain Dialektika transzendental osoaren emaitza nabariki jar dezakegu begi-bistan eta arrazoimen hutsaren ideien azken asmoa zehazki determina dezakegu, zeinak gaizki-ulertzeagatik eta zuhurtzia gabeziagatik soilik bihurtzen diren dialektikoak. Arrazoimen hutsak, egitatean, ez du bere buruaz baino jarduten, eta ezin du bestelako zereginik izan, zeren berari ez baitzaizkio ematen objektuak esperientzia-adigaiaren batasunerako, baizik adimen-ezagutzak arrazoimen-adigaiaren batasunerako, h. d., printzipio batean batuta biltzeko. Arrazoimenaren batasuna sistemaren batasuna da eta batasun sistematiko honek ez dio balio arrazoimenari objektiboki oinarri-esakune baterako, honela objektuetara hedatzeko, baizik subjektiboki maxima gisa objektuen ezagutza enpiriko ahalgarri orotara hedatzeko. Hala eta guztiz ere, arrazoimenak adimenaren erabilera enpirikoari eman diezaiokeen bilkura sistematikoak ez du bere hedapen soila eskatzen, baizik aldi berean bere zuzentasuna segurtatzen du, eta halako batasun sistematikoaren printzipioa objektiboa ere bada, nahiz era indeterminatuan izan (principium vagum), ez printzipio eratzaile gisa zerbait bere objektu zuzenari dagokionez determinatzearren, baizik oinarri-esakune erregulatzaile eta maxima soil gisa arrazoimenaren erabilera enpirikoa adimenak ezagutzen ez dituen bide berriak irekiz amaigaberantz (indeterminaturantz) bultzatzearren eta finkatzearren, inoiz, ordea, erabilera enpirikoaren legeen aurka egin gabe.

Arrazoimenak, ordea, batasun sistematiko hau ezin du bere ideiari aldi berean objektu bat emanez baino pentsatu, zeina, bestalde, ezein esperientziaren bitartez ezin den eman; izan ere, esperientziak inoiz ez du eskuratzen batasun sistematiko beteginaren adibiderik. Arrazoimenaren zerizan hau (ens rationis raciocinatae) benetan ideia soila da, eta ez da, beraz, erabat eta bere baitan erreala den zerbait bezala onartzen, baizik problematikoki baino ez da ezartzen oinarrian (adimenaren ezein adigairen bitartez ezin dugulako lortu), horrela sentsuen munduko gauzen elkarlotura oro bere oinarria arrazoimenaren zerizan honetan balu bezala ikusteko, baina bertan batasun sistematikoa oinarritzeko asmoarekin besterik ez, arrazoimenari ezinbestekoa zaiona, adimenaren ezagutza enpirikoari, ordea, edozein kasutan sustagarria eta, hala ere, inoiz oztopogarria izan ezin zaiona.

Ideia honen esanahia berehala ezezagutzen da gauza erreal baten baieztapentzat edo aurresuposizio soiltzat ere hartzen baldin bada, zeinari munduaren egitura sistematikoaren oinarria egoztea pentsa zitekeen; aitzitik, guztiz erabakitzeke uzten du gure adigaiei ihesten dien bere oinarriak zein antolaera duen, eta ideia bat ezartzen da arrazoimenari hain funtsezkoa eta adimenari hain sendagarria zaion batasun hura hedatu ahal izateko ikuspuntu gisa; hitz batean, gauza transzendental hau arrazoimenak esperientzian batasun sistematikoa era ahalbait zabalean hedatzeko duen printzipio erregulatzaile haren eskema soila da.

Halako ideia baten lehen objektua ni neu naiz izaera pentsatzaile gisa (arima) soilik kontsideratua. Zerizan pentsatzailea bere baitan zein berekitasunekin existitzen den aztertu nahi badut, orduan esperientziari galdetu behar diot, eta kategoria guztietatik bat bera ere ezin diot aplikatu objektu honi, baldin eta bere eskema sentsuzko begiespenean ematen ez bazait. Honekin, ordea, ez naiz inoiz iristen barneko sentsuaren agerpen ororen batasun sistematikora. Urrun eraman ezin gaituen esperientziaren adigaiaren ordez (arima benetan denaren adigaiaren ordez), beraz, arrazoimenak pentsatze ororen batasun enpirikoaren adigaia hartzen du, eta batasun hori baldintzatugabea eta jatorrizkoa bezala pentsatuz, bertatik abiatuta substantzia bakunaren arrazoimenaren adigaia (ideia) sortzen du, zeina, bere baitan aldaezina izatean (pertsonari dagokionez identikoa), beretik at dauden beste gauza errealekin komunitatean dagoen; hitz batean, inteligentzia beregain bakun baten adigaia hartzen du. Hemen, ordea, arimaren agerpenen argiketako batasun sistematikoaren printzipioak baino ez ditu begi-bistan, hots, determinazio oro subjektu bakar batean balego bezala kontsideratzea, indar oro, ahal den heinean, jatorrizko indar bakarretik eratorria balitz bezala kontsideratzea, aldakuntza oro zerizan iraunkor bat eta berberaren egoeretakoa balitz bezala kontsideratzea, eta agerpen oro espazioan pentsatzearen ekintzetatik osorik ezberdina balitz bezala errepresentatzea. Substantziaren bakuntasun hark eta beste ezaugarriek printzipio erregulatzaile honentzako eskemak izan behar dute, eta ez da aurresuposatzen arimen berekitasunen oinarri errealak direnik. Izan ere, hauek osoki ezagutzen ez ditugun beste oinarrietan funtsa daitezke, guk arima onartutako predikatu horien bitartez benetan bere baitan ezagutu ezin dugun bezala, berehala aplikatu nahi dizkiogun predikatuen bitartez, hain zuzen, in concreto inolaz ere errepresentatu ezin daitekeen ideia soil bat osatzen duten heinean. Halako ideia psikologiko batetik ezin da aldea baino hartu, bera ideia soila baino gehiagotzat hartzea galarazten bada behintzat, h. d., arrazoimenaren erabilera sistematikoari soilik aplikatzea gure arimaren agerpenei dagokienez. Izan ere, erabat bestelakoak diren agerpen gorpuzdunen lege enpirikorik ez da sartzen barneko sentsuari soilik dagokionaren argiketan; hor ez dira arimen sorketa, deuseztapena eta palingenesia eta abarren hipotesi kaskarinak onartzen; beraz, barneko sentsuaren objektu honen kontsiderazioa huts-hutsik eta homogeneoak ez diren berekitasunekin nahastu gabe egiten da, eta horrez gain arrazoimenaren azterketa subjektu honetako argiketa-oinarriak, ahal den heinean, printzipio bakar batean biltzera zuzentzen da; hau dena halako eskema zerizan erreal bat balitz bezala hartuz egin daiteke hoberen, eta horrela bakarrik egin daiteke gainera. Ideia psikologikoak ezin du adigai erregulatzaile baten eskema baino adierazi. Izan ere, galdetu nahiko banu ea arimak bere baitan izaera espirituala duen, orduan galdekizun honek ez luke ezein zentzurik izango. Izan ere, halako adigaiaren bitartez izadi gorpuzduna deuseztatu ez ezik, izadi osoa ere deuseztatzen da oro har, h. d., esperientzia ahalgarriren baten predikatu oro, eta beraz, halako adigaiarentzat objektu bat pentsatzeko baldintza guztiak deuseztatzen dira, honek bakarrik eta soilik eragiten duenean hark zentzurik baduela esatea.

Arrazoimen espekulatibo soilaren bigarren ideia erregulatzailea munduaren adigaia da oro har. Izan ere, izadia benetan emana den objektu bakarra da, eta berari dagokionez arrazoimenak printzipio erregulatzaileak behar ditu. Izadi hau bikoitza da, izadi pentsatzailea edo gorpuzduna da. Azkenengoari dagokionez, ordea, ez dugu ezein ideiarik behar, h. d., esperientzia gainditzen duen errepresentaziorik, bera bere barneko ahalgarritasunaren arabera pentsatzeko, h. d., kategoriak nola aplikatzen zaizkion determinatzeko; berari dagokionez ezein ideia ere ez da ahalgarria, zeren bertara sentsuzko begiespenaren bitartez soilik baikara gidatuak, eta ez oinarrizko adigai psikologikoan gertatzen den legez (Nia), zeinak pentsatzearen forma jakin bat barnebiltzen duen, hots, bere batasuna. Beraz, arrazoimen hutsarentzat ez zaigu oro harrezko izadia baino geratzen, eta printzipioren baten araberako baldintzen osotasuna bertan. Baldintza hauen ilaren osotasun absolutua bere osakideen eratorketan ideia bat da, arrazoimenaren erabilera enpirikoan inoiz osorik ezin lor daitekeena, baina bereganako jokabidearen erregelatzat balio duen ideia: agerpen jakinen argiketan (itzuleran edo goraketan) ilara bere baitan amaigabea balitz bezala, h. d., in indefinitum balitz bezala; baina arrazoimena bera kausa determinatzailetzat kontsideratzen denean (askatasunean), printzipio praktikoetan, beraz, gure aurrean sentsuena ez, baina adimen hutsaren objektua bagenu bezala, bertan baldintzak ezin daitezkeela agerpenen ilaran ezarri, baizik hauetatik at, eta egoeren ilara bera absolutuki (kausa inteligible baten bitartez) hasi balitz bezala ikus daitekeela; honek guztiak ideia kosmologikoak printzipio erregulatzaileak baino ez direla frogatzen du, eta inolaz ere ezin dutela, nolabait esateko, eratzaile gisa halako ilaren osotasun erreala ezarri. Gainerakoa arrazoimen hutsaren antinomian dagokion lekuan bila daiteke.

Zerizan baten suposizio erlatiboa baino barnebiltzen ez duen arrazoimen hutsaren hirugarren ideia ilara kosmologiko ororen kausa bakarra eta oroaskidun gisa Jainkoaren arrazoimen-adigaia da. Ideia honen objektua erabat onartzeko (bere baitan suposatzeko) batere oinarririk ez dugu; izan ere, zerk bultza gintzake, edo baita besterik gabe eskubidea eman lezake, betegintzarre gorena duen zerizana, bere izaeraren arabera behar-beharrezkoa dena, bere adigai soiletik abiatuta sinesteko, edo mundua ez balitz, berekin harremanean soilik denean suposizio hau beharrezkoa dela baieztatzeko; eta hor garbi agertzen da, bere ideiak, ideia espekulatibo denak bezala, hau baino gehiago ez duela esan nahi: arrazoimenak munduko elkarlotura oro batasun sistematiko baten printzipioen arabera kontsideratzea agintzen duela, eta beraz, denak osotara zerizan orobateratzaile bakar batetik sortu balira bezala kontsideratzea agintzen duela, hau kausa gorena eta oroaskiduna den aldetik. Hemendik argitzen da arrazoimenak hemen bere erregela formal propioa baino ezin duela izan asmotzat bere erabilera enpirikoaren hedapenean, inoiz ez, ordea, erabilera enpirikoaren muga oroz goitiko hedapena, eta ondorioz, ideia honen azpian ez dagoela ezkutatuta esperientzia ahalgarrira bideratzen den bere erabileraren printzipio eratzailerik.

Arrazoimenaren adigaietan soilik funtsatzen den batasun formal goren hau gauzen batasun helburuduna da, eta arrazoimenaren interes espekulatiboak beharrezkoa egiten du ordenaketa oro munduan arrazoimen gorenen baten asmotik sortu balitz bezala begiztatzea. Halako printzipioak esperientzien alorrari aplikatzen zaion gure arrazoimenari ikuspegi erabat berriak ematen dizkio, honela munduko gauzak lege teleologikoen arabera elkarlotzeko eta horren bitartez beren batasun sistematiko gorenera iristeko. Inteligentzia gorenaren aurresuposizioa, mundu-osokiaren kausa bakarra den heinean, beti zaio baliagarria arrazoimenari, eta inoiz ezin dio kalterik egin. Izan ere, baldin eta lurraren (biribila baina pixka bat zapaldua)137, mendien eta itsasoen, eta abarren figura aldez aurretik sortzaile baten asmo jakintsu soiltzat hartzen baditugu, orduan bide honetan aurkikuntza kopuru handi bat egin dezakegu. Aurresuposizio honetan geratzen bagara, printzipio erregulatzaile soil gisa, orduan errakuntzak ere ezingo gaitu kaltetu. Izan ere, hainbestez, hortik ezin da hau baino ondorioztatu: guk bilkura teleologikoa (nexus finalis) itxaroten genuenean, mekanikoa edo fisikoa (nexus effectivus) soilik gertatu zela, eta halako kasuan batasun bat gehiago galdu besterik ez dugu egin, baina arrazoimenaren batasuna zapuztu gabe bere erabilera enpirikoan. Dena dela, oztopo honek ere ez du ukitzen legea bera asmo orokorrean eta teleologikoan oro har. Izan ere, anatomista bat konbentzi dezakegu bere erroreaz abere gorputz baten organoa helburu bati lotzen dionean helburua nabariki bertatik ez dela ondorioztatzen erakuts badezakegu, baina osorik ezinezkoa da kasu batean frogatzea izadiaren antolaketa batek ezein helbururik ez duela, antolaketa edozein izanda ere. Horregatik, (medikuen) Fisiologiak gorputz organiko baten estrukturaren helburuen bere ezagupen enpiriko oso zedarriztatua hainbeste hedatzen du arrazoimen hutsak soilik ematen duen oinarri-esakune baten bitartez, non bertan berehala eta gainera adituen adostasunarekin onartzen baita abereetan denak bere balioa eta asmo ona duela; aurresuposizio honek eratzailea izan behar badu, egungo behaketak baimentzen diguna baino askoz urrunago doa; eta hortik ikusten da arrazoimenaren printzipio erregulatzailea baino ez dela  munduaren kausa gorenaren kausalitate helburudunaren ideiaren bitartez batasun sistematiko gorenera iristeko, hura inteligentzia goren gisa asmo jakintsuenen arabera guztiaren kausa balitz bezala.

Ideia hau erabilera erregulatzaile soilera murrizteari uko egiten badiogu, ordea, orduan arrazoimena era ezberdinean nahasten da, berak, hainbestez, ibilera baten zeinua barnebildu behar duen esperientziaren lurra uzten duen heinean, eta honetaz goiti ulertezina eta ikertezina denera ausartzen den heinean, garaiera horretan halabeharrez zorabiatu egiten delarik, zeren ikuspuntu horretatik bere burua esperientziari egokitutako erabilera orotatik osorik moztua ikusten baitu.

Zerizan goren baten ideia erregulatiboki ez ezik eratzaileki ere (ideia baten izaeraren aurka doana) erabiltzetik sortzen den lehenengo huts egitea arrazoimen alferra da (ignava ratio)138. Horrela dei dakioke bere izaeraren azterketa puntu batean, edonon izanda ere, erabat osatua ikustarazten duen eta arrazoimena gerarazten duen oinarri-esakuneari, bere zeregina osorik bete balu bezala. Horregatik, ideia psikologiko bera printzipio eratzailea bezala erabiltzen denean gure arimaren agerpenen argiketarako eta ondoren, gainera, subjektu honen gure ezagutzaren hedapenerako esperientzia oroz goiti (bere egoera heriotzaren ondoren), orduan arrazoimenaren lana erosoa bihurtzen da, baina era berean esperientzien gidaren araberako bere izaeraren erabilera oro ere osorik zapuztuz eta deuseztatuz. Horrela, espiritualista dogmatikoak egoeren aldakuntza orotan aldaezin dirauen pertsonaren batasuna bera nian zuzenki hautematea uste duen substantzia pentsatzailearen batasunetik abiatuta argitzen du; lehen-lehenik gure heriotzaren ondoren gertatuko diren gauzengatik hartzen dugun interesa gure subjektu pentsatzailearen materiagabeko izaeraren kontzientziatik abiatuta argitzen du, eta abar, eta argiketa-oinarri fisikoetatik abiatzen den gure barneko agerpenen kausen izaeraren azterketa oro saihesten du, berak, nolabait esateko, arrazoimen transzendente baten botere-erabaki baten bitartez esperientziaren ezagutza-iturri imanenteak ezikusten dituelako bere erosotasunaren mesedetan, baina ikuskera ororen kalterako. Are argiago gertatzen da ondorio kaltegarri hau inteligentzia goren baten gure ideiaren dogmatismoan eta bertan faltsuki oinarritutako izadiaren sistema teologikoan (Teologia fisikoa). Izan ere, hor, izadian agertzen diren eta sarri guk horretarako soilik sortutako helburuak kausen ikerketa ongi erosoa bihurtzeko dira baliagarriak, hots, hauek materiaren mekanismoaren lege orokorrean bilatu beharrean, zuzenki jakintza gorenaren asmo ikertezinera jotzeko eta arrazoimenaren ahalegina osatutzat ikusteko bere erabilera aurrezten dugunean, zeinak inon ez duen gida-hari bat aurkitu, izadiaren ordenak eta aldaketen ilarak bere barneko lege orokorren arabera eskuratzen digunean izan ezik. Hutsune hau saihets daiteke izadiaren zati batzuk, adibidez, lur irmoaren banaketa, bere landualdia, mendien antolaera eta egoera, baita landare eta abere erresumen organizazioa ere, helburuen ikuspuntutik kontsideratzeaz gain izadiaren batasun sistematikoa inteligentzia goren baten ideiari dagokionez osorik orokorra bihurtzen badugu. Izan ere, hainbestez, helburutasun bat ezartzen dugu oinarrian izadiaren lege orokorren arabera, bertatik antolaketa berezirik baztertu gabe, aitzitik, hauek gehiago edo gutxiago ezagugarria den eran guretzat ezaugarritu besterik ez dira egin, eta guk elkarlotura teleologiko baten batasun sistematikoaren printzipio erregulatzailea dugu, aldez aurretik determinatzen ez duguna, ordea, baizik bera lortzeko itxaropenean elkarlotura fisiko-mekanikoari soilik jarraiki ahal gatzaizkio lege orokorren arabera. Izan ere, horrela baino ezin heda dezake beti batasun helburudunaren printzipioak arrazoimenaren erabilera esperientziari dagokionez berari kasu bakar batean ere kalterik eragin gabe.

Batasun sistematikoaren printzipio honen gaizki-ulertzetik sortzen den bigarren hutsegitea arrazoimen erratuarena da (perversa ratio, usteron pr´o teron rationis). Batasun sistematikoaren ideia, printzipio erregulatzaile gisa, gauzen loturan batasun hura izadiaren lege orokorren arabera bilatzeko da baliagarria, eta batasun honetatik abiatuta bide enpirikoan zerbait aurki daitekeen heinean, bere erabileraren osotasunera hurbildu garela sinesteko ere bai, noski, bera inoiz lortu ez arren. Honen ordez jokabidea iraultzen da eta batasun helburudunaren printzipioren baten errealitatea, hipostatikoa den heinean, oinarrian ezarriz hasten da, halako inteligentzia goren baten adigaia, bere baitan osoki ikertezina den adigaia, antropomorfikoki determinatuz eta izadiari helburuak bortxaz eta diktatorialki ezarriz hauek izadiaren ikerkuntza fisikoaren bidetik bilatu beharrean, arrazoizkoa izango litzatekeen moduan, eta horrenbestez, izadiaren batasuna lege orokorren arabera osatzeko soilik balio beharko lukeen teleologiak, orain, aitzitik, hura ezeztarariz gain arrazoimena bere helburutik baztertzen du, alegia, halako kausa goren eta inteligible baten izatea helburu honen arabera izadiatik abiatuta frogatzea. Izan ere, helburutasun handiena izadian a priori ezin aurresuposa daitekeenean, h. d., bere esentziarentzat aproposa bezala ezin aurresuposa daitekeenean, nola nahi da bera bilatzeko eta bere eskalan sortzaile baten betegintzarre gorenera hurbiltzeko beharra izan, hots, behar-beharrezkoa, eta beraz, a priori ezagugarria denera hurbiltzeko? Printzipio erregulatzaileak batasun sistematikoa izadiaren batasun gisa aurresuposatzea eskatzen du, enpirikoki ezagutua ez ezik, a priori nahiz oraindik indeterminatuki aurresuposatua ere badena, absolutuki, eta beraz, gauzen esentziatik ondorioztatu balitz bezala. Aurretiaz zerizan ordenatzaile gorena ezartzen badut oinarrian, orduan izadiaren batasuna egitatean ezeztatu egiten da. Izan ere, gauzen izaerari erabat arrotza eta beharbadakoa zaio, eta ezin da beren lege orokorretatik abiatuta ezagutu. Horregatik, zirkulu akasduna sortzen da frogan, benetan frogatu behar zena aurresuposatzen baita.

Izadiaren batasun sistematikoaren printzipio erregulatzailea eratzailetzat hartzeak eta ideian arrazoimenaren erabilera harmoniatsuaren oinarrian baino ezartzen ez dena kausa gisa hipostatikoki aurresuposatzeak arrazoimena nahastea besterik ez du esan nahi. Izadiaren ikerketak bere ibilera besterik ez du egiten izadiaren kausen katean bere lege orokorren arabera, hots, sortzaile baten ideiaren arabera, noski, baina ez edonon bilatzen duen bere helburutasuna eratortzeko, baizik bere izatea izadiko gauzetako esentzian ezagutzeko, baita oro har gauza ororen esentzian ere bilatzen den helburutasun honetatik ezagutzeko, eta beraz, behar-beharrezkotzat ezagutzeko, ahal izanez gero. Azken hau lor daiteke ala ezin daiteke, baina ideiak beti zuzena izaten dirau, baita bere erabilerak ere printzipio erregulatzailea baino ez den baten baldintzetara murrizten denean.

Batasun helburudun osoa betegintzarrea da (absolutuki kontsideratuta). Hau ez baldin badugu aurkitzen esperientziaren objektu osoa osatzen duten gauzen esentzian, h. d., gure ezagutza objektiboki baliogarri ororen gauzen esentzian, eta beraz, izadiaren lege orokor eta beharrezkoetan, orduan nola nahi izango dugu hortik zuzenki kausalitate ororen jatorria den jatorrizko zerizan baten betegintzarre behar-beharrezko eta goren baten ideia inferitu? Batasun sistematiko gorena eta, ondorioz, helburuduna ere badena giza arrazoimenaren erabilera gorenaren ahalgarritasunaren eskola eta oinarritzapena bera da. Bere ideia, beraz, gure arrazoimenaren esentziarekin bereiztezinki lotua dago. Ideia berbera guretzat lege-emailea da eta, horrela, berezkoa da berari dagokion arrazoimen lege-emaile bat onartzea (intellectus archetypus), bertatik izadiaren batasun sistematiko oro eratorri behar dela gure arrazoimenaren objektu gisa.

Arrazoimen hutsaren antinomia landu dugunean, zera esan dugu: arrazoimen hutsak egiten dituen galdekizun guztiek absolutuki erantzungarriak izan behar dutela eta gure ezagutzaren zedarrien aitzakia, izadiko arazo askotan saihestezina eta bidezkoa dena, hemen ezin dela baimendu, zeren hemen galdekizunak ez baitira gauzen izaeraz egiten, baizik arrazoimenaren izaeraz eta bere barneko antolaketaz besterik ez. Orain lehen itxuraren arabera baieztapen ausarta den hau arrazoimen hutsak bere interes handiena eskaintzen dien bi galdekizunei begira baiezta dezakegu, eta horren bitartez, arrazoimenaren Dialektikaren gure kontsiderazioa konplituki osa dezakegu.

Beraz, lehenik galdetzen bada (Teologia transzendentalari dagokionez)139, ea mundutik ezberdina den zerbait badagoen, munduaren ordena eta bere bilkuraren oinarria barnebiltzen duen zerbait lege orokorren arabera, orduan erantzuna zera da: ezbairik gabe. Izan ere, mundua agerpenen batuketa bat denez gero, orduan bere oinarri transzendental batek, h. d., adimen hutsari soilik pentsagarria zaionak izan behar du. Bigarrenik, galdekizuna zera bada: ea zerizan hau substantzia den, errealitate gorena duen, beharrezkoa, eta abar den, orduan hau erantzuten dut: galdekizun honek ez du esanahirik. Izan ere, halako objektu baten adigaia egiten saiatzean erabiltzen ditudan kategoria guztiak ez dute erabilera enpirikoa baino eta ez dute batere zentzurik esperientzia ahalgarriko objektuei, h. d., sentsuen munduari ez bazaizkio aplikatzen. Alor honetatik at adigaientzako izenburuak besterik ez dira, onar daitezkeenak, baina beren bitartez ezer ezin delarik ulertu. Azkenik, hirugarrenik, galdekizuna zera bada: ea guk gutxienez mundutik ezberdintzen den zerizan hau ezin pentsa dezakegun esperientziako objektuekin duen analogia baten arabera, orduan erantzuna hau da: noski, baina objektu gisa ideian besterik ez, eta ez errealitatean, hots, bera guretzat munduaren antolaketaren batasun sistematikoaren, ordenaren eta helburutasunaren substratu ezezaguna bada besterik ez, zeina arrazoimenak bere izaeraren ikerketaren printzipio erregulatzailea bihurtu behar duen. Are gehiago, ideia honetan printzipio erregulatzailearentzat beharrezkoak diren antropomorfismo jakinak baimen ditzakegu lotsarik eta oztoporik izan gabe. Izan ere, beti ere ideia bat besterik ez da, mundutik ezberdina den zerizanari zuzenki lotzen ez zaion ideia, baizik munduaren batasun sistematikoaren printzipio erregulatzaileari, nahiz eta hau bere eskemaren bitartez besterik ez egin, hots, asmo jakintsuen arabera batasun horren sortzailea den inteligentzia gorenaren bitartez. Horren bitartez ez da pentsatu nahi izan munduaren batasunaren jatorrizko oinarri hau ea bere baitan zer ote den, baizik ea guk bera edo, are gehiago, bere ideia nola erabili behar dugun munduko gauzei begira arrazoimenaren erabilera sistematikoari dagokionez.

Onartu ahal dezakegu (jarraituko da galdetzen) munduaren sortzaile jakintsu eta ahalguztidun bakarra? Batere zalantzarik gabe; eta ez hau soilik, baizik guk halakoa aurresuposatu egin behar dugu. Hala ere, hainbestez, gure ezagutza esperientzia ahalgarriaren alorraz goiti hedatzen ahal dugu? Inolaz ere ez. Izan ere, Zerbait aurresuposatu dugu bere baitan denaz adigairik izan gabe (objektu transzendental soila), baina mundu-eraikinaren ordena sistematikoa eta helburudunarekin harremanean, zeina izadia estudiatzen dugunean aurresuposatu behar dugun, eta guri ezezaguna zaigun zerizan hura inteligentzia batekin (adigai enpirikoa) analogian soilik pentsatzen dugu, h. d., bertan oinarritzen diren helburuari eta betegintzarreari begira zuzenki gure arrazoimenaren baldintzen arabera halako batasun sistematikoaren oinarria barnebil dezaketen berekitasunekin hornitua. Ideia hau, beraz, konplituki determinatua dago gure arrazoimenaren mundu-erabilerari dagokionez. Baliotasun absolutuki objektiboa eman nahi badiogu, orduan guk pentsatzen dugun ideian baino ez den zerizana dela ahaztuko genuke, eta hainbestez, munduaren kontsiderazioaren bitartez determinagarriak ez diren oinarrietatik abiatzen bagara, orduan printzipio hau arrazoimenaren erabilera enpirikoari egokiro aplikatzeko ezgaiak bihurtuko ginateke.

Baina erabili ahal dezaket honela zerizan goren baten adigaia eta aurresuposizioa (oraindik galdetuko da) munduaren arrazoizko kontsiderazioan? Bai, horretarako ezarri zen benetan oinarrian arrazoimenaren ideia hau. Hala ere, helburuen antza duten ordenaketak asmotzat hartu ahal ditzaket, jainkotiar nahimenetik eratortzen ditudan heinean, nahiz eta munduan horretarako eratu den joera berezi baten bitartez izan? Bai, hau ere egin dezakezue, baina berdin balio behar baldin badu norbaitek esatea jainkotiar jakintzak dena horrela bere helburu gorenerako ordenatu duela, edo jakintza gorenaren ideia erregulatzailea dela izadiaren ikerkuntzan eta bere batasun sistematikoaren eta helburudunaren printzipioa dela izadiaren lege orokorren arabera, baita hura ohartzen ez dugunean ere, h. d., hura hautematen duzuenean ere, eta beraz, erabat berdin izan behar zaizue esatea: «Jainkoak zuhurki horrela nahi izan du» edo «izadiak zuhurki ordenatu du». Izan ere, batasun sistematiko eta helburudun gorena baitzen zuen arrazoimenak izadiaren ikerketa ororen oinarrian ezartzea eskatzen zuena printzipio erregulatzaile gisa, zuei inteligentzia gorenaren ideia printzipio erregulatzailearen eskema gisa oinarrian ezartzeko eskubidea ematen zizuena, eta printzipioaren arabera munduan zenbat eta helburutasun gehiago aurkitu, orduan eta zuen ideiaren zuzentasunaren baieztapen gehiago lortuko dituzue; baina aipatutako printzipioak izadiaren batasun ahalbait handiena eta beharrezkoa bilatzea baino ez duenez asmotzat, orduan zerizan goren baten ideia honi eskertu beharko diogu, hura lortzen dugun heinean; izadiaren lege orokorrak ezin ditugu, ordea, alde batera utzi, ideiak bera lortzeko baino ez baitira ezartzen oinarrian geure buruarekin kontraesanean erori gabe, horrela izadiaren helburutasun hori bere jatorriaren arabera beharbadakoa eta hiperfisikoa den zerbait bezala ikusteko, zeren ez baikeunden baimenduta aipatutako berekitasunak dituen izadiaren gaineko zerizan bat onartzera, baizik bere ideia oinarrian ezartzera besterik ez, agerpenak sistematikoki elkarrekin elkarlotuta ikustearren kausazko determinazioaren analogiaren arabera.

Horregatik, munduaren kausa ideian pentsatzeko baimena dugu, ez antropomorfismo sotil baten arabera soilik (hau gabe, beraz, ezer pentsatu ezingo litzatekeelarik), hots, hura adimena, atsegina eta ezatsegina, baita hauei dagozkien irrika eta nahimena eta abar duen zerizana den aldetik, baizik gainera berari betegintzarre amaigabea egozteko baimena dugu, zeinak askogatik gainditzen duen munduaren ordenaren ezagutza enpirikoaren bitartez baimendua izango genukeena. Izan ere, batasun sistematikoaren lege erregulatzaileak nahi du guk izadia horrela estudiatzea, edonon anizkuntasun ahalbait handienaren ondoan batasun sistematiko eta helburuduna egongo balitz bezala amaigaberaino. Izan ere, guk munduaren betegintzarre honetatik hain gutxi somatu edo lortu dugun arren, dena dela, gure arrazoimenaren lege-emateari dagokio bera edonon bilatzea eta susmatzea, eta beti onerako izan behar zaigu, inoiz ez, ordea, kaltegarria, izadia printzipio honen arabera kontsideratzea. Era berean da argia, ordea, oinarrian ezarritako sortzaile goren baten errepresentazio honen arabera ez dudala halako zerizanaren izatea eta ezagupena ezartzen oinarrian, baizik bere ideia besterik ez, eta beraz, zerizan horretatik ezer ez dela eratortzen, baizik bere ideiatik besterik ez, h. d., munduko gauzen izaeratik halako ideiari jarraiki. Badirudi gure arrazoimenaren adigai honen erabileraren egiazko kontzientzia jakin baina garatugabeak garai guztietako filosofoen hizkuntza apala eta arrazoizkoa eragin duela, zeren izadiaren jakintzaz eta arretaz eta jainkotiar jakintzaz esanahi berdineko adierazpenak bailiran hitz egiten baitute, eta lehen adierazpena ere nahiago dute, arrazoimen espekulatibo soilaren autugaia den bitartean, zeren honek baimendua zaiguna baino baieztapen handiagoa egitea ekiditen baitu, eta aldi berean arrazoimena bere alor propiora, izadira, igortzen baitu.

Horrela, hasieran esperientziaren muga oroz goitiko ezagupenen hedapena bera agintzen zuela zirudien arrazoimen hutsak, guk hura zuzen ulertzen badugu, printzipio erregulatzaileak baino ez ditu barnebiltzen, adimenaren erabilera enpirikoak lor dezakeena baino batasun handiagoa eskaintzen duten printzipioak, baina hauek, hainbestez, beren hurbilketaren xedea hain urruti jartzen dutenez, bere buruarekin bat etortzearen maila gorena lortzen dute batasun sistematikoaren bitartez, nahiz eta, bera gaizki-ulertzen bada eta bera ezagutza transzendenteen printzipio eratzailetzat hartzen bada, limurtze eta jakintza irudikatua sortzen duten itxura distiratsua baina iruzurtiaren bitartez eta honekin batera, bestalde, kontraesan eta gatazka amaigabeak ere bai.


* *  *

Horrela, giza ezagutza oro begiespenekin hasten da, hortik adigaietara doa eta ideietaraino iristen da. Berak hiru osagaiei dagokienez apriorizko ezagutza-iturriak dituen arren, lehen begiradan esperientziaren mugak saihestea diruditenak, dena dela, kritika osatu batek honetaz konbentzitzen du: arrazoimen orok erabilera espekulatiboan ezin duela inoiz osagai hauekin esperientzia ahalgarriaren alorraz goiti joan, eta ezagumen goren honen benetako determinazioa metodo guztiak eta bere oinarri-esakuneak soilik erabiltzea dela izadia bere alderdi barnekoenak arte aztertzeko batasunaren printzipio ahalgarri ororen arabera, hauen artean aipagarriena helburuena izaki, inoiz ez, ordea, bere mugak hegaz gainditzeko, beraietatik at guretzat espazio kaskala baino ez baitago. Gure ezagutza esperientzia errealaz goiti heda dezaketen esakune guztien azterketa kritikoak honetaz konbentzitu gaitu askiro Analitika transzendentalean: hauek inoiz esperientzia ahalgarri batera baino ezin direla gidatu; eta irakaspen abstraktu eta orokor argienen aurkako susmorik ez bagenu, baldin eta ikuspegi erakargarri eta itxurazkoek lehenen hertsapena ukatzera behartuko ez bagintuzke, orduan arrazoimen transzendentalak bere handiusteen mesedetan agerrarazten dituen lekuko dialektiko ororen galdeketa saihestu ahal izango genuke; izan ere, bagenekien jadanik aldez aurretik ziurtasun osoz bere asmoak agian jatorrak zirela, baina hutsal-hutsalak izan behar dutela, zeren ezein gizakik inoiz lortu ezin dezakeen ezagutzari baitagozkio. Hala ere, pertsona arrazoizkoena iruzur dezakeen itxuraren egiazko kausa aurkitzen ez bada, hizketak bukaerarik ez duenez eta gure ezagutza transzendental ororen deskonposaketak bere osagaietan (gure barneko izaeraren estudio gisa) bere baitan balio txikia ez duenez, eta filosofoentzat betebeharra ere badenez, orduan arrazoimen espekulatiboaren landualdi osoa baina hutsala bere lehen iturrietaraino xehetasunez aztertzea beharrezkoa izateaz gain –hemen itxura dialektikoak etorkizun guztian horrela iraungo duenez, judizioaren arabera iruzurtia eta gainera hemen judizioan jartzen den interesaren arabera ere erakargarria eta beti berezkoa den heinean-, gomendagarria ere bazen, nolabait esateko, prozesu honen aktak xehetasunez idaztea eta berak giza arrazoimenaren artxiboan gordetzea etorkizunean antzeko errakuntzak saihestearren