Edukira joan

Arrazoimen praktikoaren kritika/Bigarren atala. Arrazoimen praktikoaren dialektikaz ongi gorenaren adigaiaren determinazioan

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Bigarren atala. Arrazoimen praktikoaren dialektikaz ongi gorenaren adigaiaren determinazioan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Bigarren atala. Arrazoimen praktikoaren dialektikaz ongi gorenaren adigaiaren determinazioan

Gorenaren adigaiak bi zentzu barnebiltzen ditu eta horrek behargabeko gatazkak sor ditzake arretarik eskaintzen ez bazaio. Gorenak garaiena (supremum) esan nahi dezake edo osatua (consummatum) esan nahi dezake. Lehena baldintzatugabea den baldintza da, beste baldintza bati menpekotzen ez zaiona (originarium); bigarrena era berbereko osotasun handiago baten zati ez den osotasuna (perfectissimum). Analitikan frogatu dugu bertutea (zoriontsu izateko duintasun gisa) desiragarria iruditzen zaigun guztiaren eta zoriona lortzeko egiten dugun ahalegin guztiaren baldintza garaiena dela, eta beraz, ongi garaiena dela. Horrenbestez, ez da oraindik ongi oso eta osatua, ordea, zerizan mugatu arrazoidunen desiramenaren objektu gisa; izan ere, hori izateko zoriona ere eskatzen da eta ez bere burua xede bihurtzen duen pertsonaren begi alderdikoietan, baizik eta alderdirik ez duen arrazoimen baten judizioan, hura oro har munduan bere horretan ikusten duena. Izan ere, zorionaren premia izatea, hura izateko duin izatea, baina hura ez izatea ezin da bateratu aldi berean botere osoa lukeen zerizan arrazoidun baten nahi izate beteginarekin, horrelakorik saiatzeko besterik gabe pentsatuko bagenu ere. Bertuteak eta zorionak elkarrekin pertsona batean ongi gorenaren jabegoa osatzen duten heinean, eta hor zorionak zehatz-mehatz etikotasunaren proportzioan banatuta (pertsonaren balio gisa eta haren zoriontsu izateko duintasunarena) mundu ahalgarri baten ongi gorena osatzen duenez, orduan horrek osotasuna, ongi osatua esan nahi du, non bertutea beti baldintza gisa ongi garaiena den, horrek bere gainean beste baldintzarik ez duelako, baina zoriona hura duenarentzat beti gustagarri da, ez bere kabuz eta oro har eta ikuspegi orotan ona, ordea, baizik eta beti legezko jokaera morala aurresuposatzen du baldintza gisa.

Adigai batean halabeharrez lotzen diren bi determinazio oinarri eta ondorio gisa elkarlotzen dira, eta gainera halako moldez non batasun hori analitiko bezala (elkarlotura logikoa) ikusten baita edo sintetiko bezala (lotura erreala), hura identitatearen legearen arabera, beste hori kausalitatearen legearen arabera. Bertutea eta zorionaren arteko elkarlotura bi eratara uler daiteke: bertutetsu izateko ahalegina eta zoriona lortzeko arrazoizko ahalegina ekintza berbera balira bezala, ez bi ekintza ezberdin, lehenaren oinarrian azkenaren oinarrian ezarri beharreko maxima ez den beste bat ezartzeko beharrik ez dagoenez, edo elkarlotura hura honetan datza, hots, bertuteak zoriona sortzen duela lehenaren kontzientziatik ezberdintzen den zerbait bezala, kausa ondoriotik bezala.

Antzinako eskola grekoen artean benetan bi besterik ez ziren ongi gorenaren adigaiaren determinazioan metodo berbera jarraitzen zutenak, bertutea eta zoriona ongi gorenaren bi osagai ezberdin bihurtu gabe, eta beraz, printzipioaren batasuna bilatuz identitatearen erregelaren arabera, baina honetan ezberdintzen ziren, hots, bien artean oinarrizko adigai ezberdina aukeratu zutela. Epikuroarrak zioen zorionera daraman norberaren maximaz jabetzea zela bertutea; estoikoak zioen norberaren bertuteaz jabetzea dela zoriona. Lehenarentzat zuhurtasuna zen etikotasuna; bigarrenarentzat, bertutearentzat izendapen garaiago bat aukeratu zuenarentzat, etikotasuna soilik zen egiazko jakituria.

Penagarri da gizon horien zorroztasuna (nahiz eta aldi berean harrigarria izan haiek antzinako garai haietan lorpen filosofikoetara iristeko pentsa zitezkeen bide guztiak probatu izana) zorigaiztoko eran aplikatu izana guztiz ezberdinak diren adigaien artean, zorionaren eta bertutearen artean, identitatea asmatzeko. Haien garaiko espiritu dialektikoari ongi zegokion orain ere buru sotilak batzuetan nahasten dituen hau, hots, printzipioetan dauden bereizketa funtsezko eta inoiz batera ezin daitezkeenak honela gainditzea, alegia, haiek hitzezko gatazka bihurtzen saiatuz eta horrela itxuraren arabera izendapen ezberdinen azpian adigaiaren batasuna asmatuz, eta horrek arrunki honako kasuak ukitzen ditu, oinarri ezberdinen bateraketa hain sakonean edo hain goian datzanean, edo sistema filosofikoan bestelakoan onartzen diren irakaspenen eraldaketa hain osoa eskatuko lukeenean, non beldur baikara bereizketa errealean sakontzeko eta nahiago baita hori alderdi formalen bateratasun eza gisa jorratzea.

Bi eskolak bertutearen eta zorionaren printzipio praktikoen berberatasuna asmatzen saiatzen ziren arren, ez zeuden ados identitate hori hertsatzeko moduari zegokionez, baizik eta izugarri ezberdintzen ziren euren artean, batak printzipioa alde estetikoan, besteak alde logikoan ezarriz, batak sentimenezko premiaren kontzientzian, besteak arrazoimen praktikoak sentimenezko determinazio-oinarri orotatik duen beregaintasunean. Epikuroarren arabera bertutearen adigaia norberaren zoriona sustatzeko maximan dago jasota; zorionaren sentimendua, ordea, estoikoen arabera norberaren bertutearen kontzientzian dago jasota. Baina beste adigai batean jasota dagoena jasotzen duenaren zati batekin berdintzen da, baina ez haren osotasunarekin, eta bi osotasun gainera zehazki ezberdinak izan daitezke, eduki berbera izan arren, hain zuzen, horien zatiak osotasunarekin modu erabat ezberdinetan lotzen direnean. Estoikoak baieztatzen zuen bertutea zela ongi goren osoa eta zoriona haren jabegoaren kontzientzia soila subjektuaren egoerari dagokion heinean. Epikuroarrak baieztatzen zuen zoriona zela ongi goren osoa, eta bertutea hura lortzeko maximaren forma besterik ez zela, hots, hura lotzeko bitarteko arrazoizkoena.

Baina analitikak argitu du bertutearen maxima eta norberaren zorionaren maxima oso ezberdinak direla euren printzipio praktiko garaienari dagokionez, eta inolaz ere ez dira berbera baizik eta subjektu berberean elkar murrizten eta oztopatzen dira, nahiz eta ongi goren bati dagozkion, azken hori ahalbidetzeko. Beraz, galdera honek, hau da, nola da praktikoki ahalgarri ongi gorena?, erantzunik gabeko eginkizun izaten irauten du orain arte egin diren bateratze-saiakuntza guztiak gorabehera. Baina analitikan aipatu da zerk bihurtzen duen hori betetzeko eginkizun zaila, hots, zoriona eta etikotasuna ongi gorenaren bi osagai erabat ezberdinak direla, eta euren lotura ezin dela analitikoki ezagutu (adibidez, norberaren zoriona bilatzen duenak bere jokaera horretan bere adigaien analisi soilaren bidez bertutea aurkituko balu bezala, edo bertuteari jarraiki zaionak jokaera horretaz jabetuz dagoeneko ipso facto zoriona aurkituko balu bezala), baizik eta adigaien sintesi bat dela. Baina lotura hori a priori eta, beraz, praktikoki beharrezko gisa eta, ondorioz, esperientziatik eratorri ez den lotura gisa ezagutzen denez, eta ongi gorenaren ahalgarritasuna ezein printzipio enpirikotan oinarritzen ez denez, orduan adigai horren dedukzioak transzendentala izan beharko du. A priori (moralki) beharrezkoa da ongi gorena lortzea nahimenaren askatasunaren bidez; eta, beraz, horren ahalgarritasun-baldintzak apriorizko ezagutza-oinarrietan hartu behar du oin.