Lehen atala. Arrazoimen praktikoaren dialektikaz oro har
Arrazoimen hutsaren kritikan ikus daiteke bete-betean nola konpontzen den arrazoimen hutsaren erabilera espekulatiboan berezko dialektika hura eta nola ekidin daitekeen berezko lilura batetik sortzen den errakuntza. Baina arrazoimena ez dabil ezertxo ere hobeto erabilera praktikoan. Arrazoimen praktiko huts gisa praktikoki baldintzatua denarentzat baldintzatugabea bilatzen du era berean, eta gainera, ez nahimenaren determinazio-oinarri gisa, baizik eta, hori emanda dagoenean ere (lege moralean), arrazoimen praktiko hutsaren objektuaren osotasuna bilatzen du, ongi gorenaren izenpean.
Ideia hori praktikoki, hau da, gure arrazoizko jokaeraren maximarentzat nahikoa determinatzea da jakituriaren irakaspena, eta hori bere aldetik jakintza gisa filosofia da antzinakoek hitzari ematen dioten adieran, zeinentzat hura ongi gorena zein adigaitan jarri behar zen eta zein jokaeraren bidez lortzen zen irakastean zetzan. Ona litzateke hitz hori bere adiera zaharrean mantenduko bagenu, ongi gorenaren irakaspen gisa, arrazoimenak saiatzen duen heinean hori jakintza bihurtzea. Izan ere, alde batetik itsatsitako baldintza murriztailea adierazpen grekoari (jakituriari maitasuna esan nahi baitu) egokituko litzaioke eta aldi berean, hala ere, nahikoa litzateke jakintzari, eta beraz, arrazoimenaren ezagutza espekulatibo orori zaion maitasuna, adigai harentzat nahiz determinazio-oinarri praktikoarentzat erabilgarri den heinean, filosofiaren izenpean elkar biltzeko, eta hori dena jakituriaren irakaspena izena eman ahal dion xede nagusia begietatik galdu gabe. Bestalde, ez litzateke txarra bere buruari filosofoaren titulua emateko ausardia izango lukeen haren hantustea zapuztea hari bere uziak asko beheitituko lituzkeen norberaren estimuaren neurria definizioan bertan erakutsiz; izan ere, jakituriaren irakasle izateak ikasle bat izatea baino zerbait gehiago esan nahi beharko luke, azken horrek ez baitu lortu bere burua, are gutxiago besteena, hain xede garaira gidatzea itxaropen seguruz; hark adierazi beharko luke jakituriaren ezagutzan maisu dena, eta horrek gizon umil batek bere buruarentzat eskatuko lukeena baino gehiago esan nahi du, eta horrela filosofiak nahiz jakituriak ideal bat izaten iraungo lukete, zeina objektiboki arrazoimenean baino ez den errepresentatzen osoki, baina subjektiboki, pertsonarentzat, bere ahalegin etengabeen helburua baino ez den, eta filosofo baten izen puztua jasoz haren jabegoa hartu ahal izateko horrek norberarengan duen eragin ezinbestekoa erakutsi behar du adibide gisa (norberaren buruaren nagusi izatean, eta bereziki ongi orokorrean duen interes zalantzaezinean), hori eskatzen baitzuten antzinakoek ere ohorezko izen hura merezi ahal izateko.
Arrazoimen praktiko hutsaren dialektikari dagokionez, aurretik beste ohar bat egin behar dugu, ongi gorenaren adigaiaren determinazioa dela eta (horren konponketa arrakastatsua baldin bada, eragin ongileena itxaron daiteke alde teoretikoan gertatzen den moduan, arrazoimen praktiko hutsak bere buruarekin dituen kontraesanen aurkezpen zuzen eta argiak bere ahalmen propioaren kritika oso bat egitera behartzen baitu).
Lege morala da nahimen hutsaren determinazio-oinarri bakarra. Baina hori formala baino ez denez (hots, maximaren forma baino ez du sustatzen orokorki lege-emaile gisa), orduan determinazio-oinarri gisa materia oro baztertzen du, eta beraz, nahi izatearen objektu oro. Eta beraz, ongi gorena arrazoimen praktiko huts baten objektu osoa izan daiteke, hau da, nahimen huts batena, baina ezin da horregatik haren determinazio-oinarritzat jo, eta lege morala baino ez da hura eta haren eragina edo sustapena norberaren objektu bihurtzeko oinarria. Ohar horrek garrantzi izugarria du hain kasu labainean, printzipio etikoen determinazioa den moduan, non gaizki-ulertze txikienak ere jaidurak faltsutzen dituen. Izan ere, analitikari esker ikusiko zen lege moralaren aurretik objekturen bat objektu onaren izenpean nahimenaren determinazio-oinarri gisa onartzen bada eta horretatik, orduan, printzipio praktiko garaiena eratortzen bada, horrek beti heteronomia sortuko lukeela eta printzipio morala baztertuko lukeela.
Baina berez ulertzen da ezen, ongi gorenaren adigaian lege morala baldintza goren gisa jasotzen bada, orduan ongi gorena ez dela objektu soila, baizik eta haren adigaia, eta gure arrazoimen praktikoak ahalbidetzen duen haren existentziaren errepresentazioa aldi berean nahimen hutsaren determinazio-oinarria da, zeren egitatean adigai horretan dagoeneko jasota dagoen eta aldi berean pentsatzen den lege moralak determinatzen baitu nahimena autonomiaren printzipioaren arabera, ez beste ezein objektuk. Nahimenaren determinazioaren adigaien ordena hori ezin da begietatik galdu, zeren bestela norberaren burua gaizki ulertzen baita eta norberaren burua kontraesaten dela uste baita, dena elkarrekin harmonia beteginean dagoenean.