Arrazoimen praktikoaren kritika/Ebazpena

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Ebazpena
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Ebazpena

Bi gauzek betetzen dute gogoa beti berriagoa eta gehigarriagoa den harridura eta adeitasunaz, zenbat eta maizago eta ekinkorrago jardun berarekin gogoeta: zeru izartua niregain eta lege morala niregan. Biak ezin ditut iluntasunean gorde, edo guztiaz haratago dagoenean nire ikusmugatik at bilatu edo soilik suposatu behar; nire aurrean ikusten ditut eta bitartekorik gabe nire izatearen kontzientziarekin uztartzen ditut. Lehenengoa kanpoko sentimenezko munduan nik betetzen dudan tokian hasten da eta kokatzen naizen uztardura zabaltzen du munduz munduko eta sistemaz sistemako kopuru neurgaitzekin, bere higidura periodikoaren denbora mugagabeetan, bere hasieran eta jarraipenean. Bigarrena nire nia ikusezinean hasten da, nire nortasunean, eta benetako mugagabetasuna duen mundu batean aurkezten nau, nahiz eta adimenak bakarrik ulertzen duen, zeinarekin (eta gainera, beste mundu ikusgarri haiekin ere) uztardura orokor eta beharrezkoan berrezagutzen naizen, ez ausazkoan soilik beste haren modura. Munduen kopuru neurgaitzaren lehenengo ikuskizunak birrindu egiten du, nolabait esateko, nire garrantzia animali sorkari gisa, zeinak (unibertsoko puntu soila) planetari itzuli behar dion bera osatzeko erabili den materia, denbora labur baterako (ez dakigu nola) bizi indarraz hornitua izan ondoren. Bigarrenak, berriz, nire balioa goratzen du adimendu gisa mugagabeki nire nortasunaren bitartez, non lege moralak animalitasunetik eta baita sentimenezko mundu osotik ere beregaina den bizitza erakusten didan, behintzat lege horretatik nire izateak jaso duen determinazio xedegarritik egiazta daitekeenez, bizitza honen baldintza eta mugek murrizten ez duten, baizik eta mugagabera doan lege horretatik.

Mirespenak eta errespetuak, ordea, ikerketa bultza dezakete, baina ezin dute bere gabezia ordezkatu. Zer egin behar da, bada, ikerketa modu erabilgarri batean eta objektuaren bikaintasunari dagokionean abiarazteko? Adibideak hemen ohar modura erabil daitezke, baina baita eredu gisa ere. Munduaren ikuspena giza sentsuei aurkez dakiokeen ikuskizun bikainenetik eta adimenak bere hedapen zabalean bildu ahal duenetik hasi zen, eta astrologian izan zuen helmuga. Morala giza naturaren ezaugarri nobleenetik hasi zen, bere bilakaera eta kultura mugagabeko erabilgarritasunera zuzenduz, eta gogo-berotasun eta sineskerietan izan zuen helmuga. Horrela gertatzen da gaiaren zati nagusia arrazoimenaren erabileraren menpe dagoen saiakera oraindaino zakar guztietan; erabilera hau ez baita lortzen ariketa sarriarekin, oinen erabilerarekin gertatzen den modura, batez ere esperientzia orokorrean hain bitartekorik gabe aurkezten uzten ez diren ezaugarriak daudenez. Baina berandu bada ere, arrazoimena ematera doan urrats guztien aurretiko hausnarketa egiteko maximak indarra lortu ondoren eta bere bidea aurretik pentsatutako metodoaren ibilbidetik bakarrik egiten utzirik, munduaren eraikuntzaren juzgaketan zuzenbide guztiz ezberdina ezarri zen eta horrekin batera emaitza paregabeki zoriontsuagoa lortu zen. Harri baten erorketak, habaila baten higidurak, bere osagaietan eta kanporatutako indarretan aztertuak eta matematikoki landuak, azkenean munduaren ikuspegi hori eragin zuten, garbia eta aldagaitza etorkizun osorako, zeina behaketa gehigarriekin zabalduko dela itxaron daitekeen inoiz atzerakadarik izateko beldur izan gabe.

Gure naturaren egitura moralari dagokionez bide berdinari ekitea, adibide horrek aholka dezake eta arrakasta zoriontsu berdinaren itxaropena eman. Moralki juzgatzen duen arrazoimenaren adibideak eskura ditugu. Bere oinarrizko osagaietan zatikatuz, matematikaren gabeziaz baina kimikaren antzerako prozeduraz, bertan aurki daitekeen alde enpirikoa eta arrazoizkoa bereiziz, giza adimen orokorraren gaineko saiakera errepikatuen bitartez, biak huts-hutsean eta bakoitzak bakarrik sor dezakeena ziurtasunez ezagugarri eginez eta horrela zera ekidinez, aldez oraindik zakarra eta aritu gabeko juzgaketaren errakuntza, aldez (eta hau askoz beharrezkoagoa da) jeinuaren ateraldiak, zeinek, filosofiaren harriaren jarraitzaileen modura, ikerketa metodiko oro eta naturaren ezagutzarik izan gabe ametsetako altxorrak agintzen dituzten, benetakoak xahutuz. Hitz batean, jakintza (kritikoki bilatua eta metodikoki bideratua) jakituriara daraman ate estua da, horrekin zera ulertzen bada, ez bakarrik egin behar dena, baizik eta maisuek eredutzat erabiltzen dutena denek bete behar duten jakintzaren bidea ongi eta ezagutzaz irekitzeko eta besteak bide txarretik babesteko; jakintza horren zaindaria beti filosofia izango da, eta jendeak ez du zertan horren ikerketa finean interesa hartu behar, baina bai horrelako lanaldiaren ondoren berari argitasun osoan agertu behar zaion irakaspenetan.