Edukira joan

Arrazoimen praktikoaren kritika/Metodoaren irakaspena

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Metodoaren irakaspena
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Metodoaren irakaspena

Arrazoimen praktiko hutsaren metodoaren irakaspenak ez du adierazten oinarrizko esakune praktiko hutsekin haren ezagutza zientifiko bat lortzeko asmotan jokatzeko era (gogoetan eta hitzaldian), bestelakoan filosofia teoretikoan benetan metodo baino deitzen ez dena (izan ere, ezagutza herrikoiak moduak behar ditu, zientziak, ordea, metodo bat, hau da, arrazoimenaren printzipioen arabera jokatzen duen prozedura bat, horren bidez baino ezin baita ezagutza baten aniztasuna sistema bihurtu). Aitzitik, irakaspenaren metodo horrek adierazten du arrazoimen praktiko hutsaren legeak giza gogamenerako bidea egiteko eta haren maximen gainean eragina lortzeko modua, hau da, objektiboki praktikoa den arrazoimena subjektiboki ere praktiko bihur ahal izateko modua.

Argi dago, noski, maximak benetan moral bihurtzen dituzten eta horiei balio etikoa esleitzen dien nahimenaren determinazio-oinarriek ekintzen benetako bultzagai bezala errepresentatu behar dituztela legearen bitartegabeko errepresentazioa eta horren objektiboki beharrezkoa den betetzea betebehar gisa, zeren bestela ekintzen legezkotasuna bai, baina jaiduren moraltasunik ez bailitzateke eragingo. Baina edonori ezin zaio hain argi izan, aitzitik lehen begiratuan guztiz nekez sinestekoa irudituko zaio ezen, subjektiboki ere bertute hutsaren aurkezpen hark botere gehiago izatea giza gogamenaren gain eta bultzagai askoz ere indartsuagoa eman ahal izatea, berez ekintzen legezkotasun hura eragiteko eta erabaki indartsuagoak hartzeko, legea berari zaion begiruneagatik beste ikuspegi orori lehenesteko, plazeren eta zorionaren osagai izan daitekeen beste edozeren antzezpenetik sortutako erakargarriek baino, edo baita mina eta ongiezaren mehatxu guztiek inoiz eragin dezaketena baino. Baina benetan horrela dira gauzak, eta giza izaera horrela eratuta ez balego, legearen ezein errepresentazio motak ez luke inoiz lortuko jaiduraren moraltasuna zeharbideen bidez eta zeharkako gomendioen bidez. Guztia zurikeria baino ez litzateke izango, legea gorrotatu egingo litzateke, edo mespretxatu ere bai, nahiz eta norberaren abantailagatik beteko den. Legearen idazkera (legezkotasuna) topatuko litzateke gure ekintzetan, baina ez litzateke haren espiriturik aurkituko gure jaiduretan (moraltasuna), eta guk ahalegin guztiak egin arren, gure judizioan arrazoimena baztertu ezin dugunez, ezinbestean gure begien aurrean gizaki ezduin, alferrik galdutakoa izatea iruditu beharko litzaiguke, nahiz eta barne epaimahaiaren aurrean egozpen hori dela eta kalterik gabe mantentzen saiatu, guk onartutako naturaren edo Jainkoaren lege batek gure asmamenaren arabera bere poliziaren mekanismoarekin (zeina egiten denari jarraitzen zaion, hori egiteko bultzatzaileez arduratu gabe) lot zezakeen plazeraz gozatuz.

Ezin da ukatu ezen, gogamen oraindik prestatugabea edo gogamen basatia lehenik ongi moralaren bidean jartzeko, gida prestatzaile batzuk behar direla, hori bere abantaila propioaren bidez erakarri edo kalteen bidez beldurtzeko; baina mekanismo horrek, eskorga horrek eragin pixka bat izan bezain pronto, orduan bultzatzaile moral hutsa arimara ekarri behar da, zeinak gogamenari itxaroten ez zuen indarra ematen dion sentimenezko menpekotasun orotatik askatzeko, nagusi bihurtu nahi duen heinean, eta, bere burua horretarako determinatua ikusten duela, bere izaera adimenduzkoaren eta arimaren tamainaren beregaintasunean sortzen dituen biktimentzat konpentsazio handia bilatzen du, ez soilik izaera bat oinarritzen duen bakarra delako (pentsaera praktiko kontsekuentea maxima aldaezinen arabera), baizik eta gainera gizakiei euren duintasuna sentitzen irakasten dielako. Beraz, gure gogamenaren ezaugarri hori, interes moral hutsaren hartze hori eta, beraz, bertutearen errepresentazio hutsaren indar higitzailea frogatu nahi dugu edonork egin ditzakeen behaketen bidez, egokiro giza bihotzera ekartzen bada ongiaren bultzagai boteretsuen gisa, eta maxima morala betetzean dugun iraupen eta puntualtasunari dagokionez, bultzagai bakar gisa; baina aldi berean ohartarazi behar da ezen, behaketa horiek halako sentimendu baten errealitatea soilik frogatzen badute, baina ez horren bidez sortutako hobekuntza etikoa, horrek ez diola oztoporik jartzen arrazoimen hutsaren praktikoki objektiboa den legea betebeharraren errepresentazio huts soilaren bidez subjektiboki praktiko bihurtzeko, hori asmakeria hutsala balitz ere. Izan ere, metodo hori inoiz abiarazi ez denez, orduan esperientziak ezin du haren arrakasta azaldu, baizik eta halako bultzagaien hartzearen frogapenak eskatu baino ezin du egin, nik hemen motzean aurkeztuko ditudanak, eta ondoren egiazko jaidura moralen oinarritzea eta jorratzea zirriborratuko dut hitz gutxitan.

Lagunarte nahastuan elkarrizketan ari garela, beraz, ez jende ikasi eta arrazoitzaile soilen artean, baizik eta negozio-gizon eta emakumeen artean, arreta eskaintzen bada, orduan ohartzen dugu kontaketez eta bromez gain hor elkarrizketa bat dagoela, hots, arrazoitze bat, zeren lehena, berriak eta horrekin batera interesa ekarri behar badu, berehala agortzen baita, eta bigarrenak azkar galtzen baitu gatza. Arrazoitze modu guztien artean, ordea, ez dago bestelakoan arrazoitze orotan aspertzen diren pertsonen parte hartzea gehiago pizten duenik eta lagunartean giro pixka bat sortzen duenik pertsonaren baten izaera azalaraziko lukeen ekintza horren edo haren balio etikoari buruzkoa baino. Arazo teoretikoen sotiltasuna eta iluntasuna lehor eta aspergarri zaien horiek berehala animatzen dira kontua aipatu den ekintza on edo txar baten eduki morala zehaztea denean, eta hain zehatzak, ilunak, sotilak dira asmoaren araztasuna eta, beraz, bertutearen maila gutxitu lezakeen edo soilik susmagarri bihurtu egin lezakeen oro hausnartzerakoan, espekulazioaren ezein objekturi dagokionez euren aldetik itxaron ezingo zena. Juzgaketa horietan sarri beste pertsonen gainean juzgatzen duten pertsonen izaera bera islatzen dela ikus daiteke, eta horietako batzuek itxuraz joera handia dute, epaile kargua bereziki hildakoen gainean aplikatzen dutenean, horien ekintza batez edo besteaz aipatzen den alde ona defendatzeko gezurteriaren egozpenen aurka eta, azkenik, pertsonaren balio etiko osoa iruzurraren eta ezkutuko gaiztotasunaren egozpenen aurka defendatzeko; beste batzuek, aitzitik, salaketa eta akusazioetan pentsatzen dute balio horren aurka egiteko. Hala ere, azken horiei ezin zaie beti egotzi bertutea gizakien adibide guztietatik erabat arrazoibidez erauzi nahi izateko asmoa, horrela izen hutsala lortzearren, baizik eta sarri eduki etiko egiazkoaren determinazioan erabiltzen den jaidura oneko zorroztasuna da lege ezinbesteko baten arabera, zeren horrekin alderatuta, eta ez adibideekin, moral gaietako hantustea asko hondoratzen baita, eta umiltasuna irakatsi besterik ez ezik, gainera, norberaren buruaren probaketa zorrotza egitean edonork sentitu ere egiten baitu. Hala ere, adibide jakin batzuetan asmoaren araztasuna defendatzen dutenengan ikusten da gehienetan, hark zuzentasunaren susmoa duenean ere berez orban txikiena ere gustura kenduko luketela, arrazoi honegatik hain zuzen, adibide guztiei euren egiazkotasuna eztabaidatu eta giza bertute orori zintzotasuna ukatuko balitzaio, hori azkenean asmakeria soiltzat har ez dezaten eta horrela hura lortzeko ahalegin guztiak gutxietsi ez daitezen edergarri hutsal eta hantuste iruzurti gisa.

Ez dakit gazteriaren hezitzaileek zergatik ez duten erabili aspaldi arrazoimenaren aiher hau, hots, sortzen diren arazo praktikoetan proba sotilena ere plazerez jorratzea, eta, oinarrian morala baino ez den katixima ezarri ondoren, zergatik ez dituzten antzinako eta egungo biografiak bilatzen aurkeztutako betebeharren egiaztagarri gisa eskura izateko asmoz, horrela bereziki inguruabar ezberdinetan gertatzen diren antzeko ekintzen alderaketaren bidez euren apopiloen juzgaketa abiarazteko, horien eduki moral txikia edo handia ohartzeko, eta hor gaztetxoak, espekulazio orotarako umotugabeak direnak, berehala oso zorrotz bihurtzen dira, eta euren juzgamenaren aurrerapena sentitzen dutenez, interesa hartzen dute, eta garrantzitsuena dena, segurtasunez itxaron dezakete jokaera ona bere araztasun osoan ezagutzeko eta hori onesteko ariketa sarriak, horretatik baztertze txikiena penaz edo mespretxuz ohartarazten duenak, nahiz eta haurrek elkarrekin nor gehiago egin dezaketen juzgamen-joko gisa egiten den ariketa izan, hala ere, alde batetik estimazio handiaren inpresio iraunkorra utziko duela eta, bestetik, nazkarena, eta horrela halako ekintzak onespena edo gaitzespena jasotzeko duintzat hartzeko ohitura soilaren bidez oinarri on bat osatuko litzateke etorkizuneko jokaera zuzenerako. Baina nahiko nuke haiei gure idazki sentiberek gainezka dituzten ekintza noble (merezimenduz gaindiko) deitzen zaien adibideak aurreztea, eta dena betebeharren eta gizaki batek hori hautsi ez izateaz duen kontzientziaren bidez bere begien aurrean bere buruari eman diezaiokeen eta eman behar dion balioaren esku uztea, zeren desira hutsaletara eta betegintzarre gaindituezinen irriketara jotzeak eleberrietako heroiak baino ez ditu sortzen, zeintzuk, neurri oroz gaindi handia denarentzat duten sentimenduari pisu hain handia ematen dioten heinean, horren ordez garrantzi gabeko iruditzen zaizkien obligazio arrunt eta egingarriak betetzetik askatzen diren[1].

Baina galdetuko balitz, ordea, zer den bada benetan etikotasun hutsa, non proba-harri gisa ekintza ororen eduki morala probatu behar den, orduan aitortu behar dut filosofoek baino ezin dutela auzi horren erabakia zalantzagarri bihurtu; izan ere, giza arrazoimen arruntean aspalditik erabaki baita, eskuin eta ezker eskuen arteko aldea bezala, ez noski formula orokor garaien bidez, baizik eta erabilera arruntaren bidez. Beraz, orain lehenik bertute hutsaren proba-ezaugarria adibide batean erakutsi nahi dugu eta ikusten dugu, hamar urte inguruko mutil bati aurkezten zaiola juzgatzeko errepresentatzen dugun heinean, ea horrek bere kabuz, irakasleak hori erakutsi gabe, halabeharrez horrela juzgatu behar ote zuen. Gizon zintzo baten istorioa kontatzen da, zeina bultzatu nahi den pertsona inozo eta gainera txiro baten iraintzaileekin bat egitera (Bolenako Ana adibidez Ingalaterrako Henry VIII.aren akusaziopean). Irabaziak eskaintzen zaizkio, hau da, opari ederrak edo goi karguren bat, baina uko egiten die. Horrek onespen eta onarpen soila sortuko dute entzulearen ariman, kontua irabazia delako. Baina has gaitezen galeraren mehatxuarekin. Iraintzaile horien artean bere lagun onenak daude, orain laguntasun hori ukatzen diotenak, senitartekoak ere bai, edozein leku eta egoeratan jarraitu eta zirikatu diezaioketenak, baita lurraldeko printzea ere, askatasunaren galerarekin, are bizitzarenarekin ere mehatxatzen duena. Hari, ordea, jasapenaren neurriak lepo egiteko, bihotz etikoki onak soilik barne-barnean senti dezakeen mina sentiarazteko, irudika dezakegu bere familiak amore emateko eskatzen diola premia izugarriak eta beharrak mehatxatuta, eta hark zuzen izaten dirauen arren, sentimenduaren organo irmo, sentigaitzik izan gabe errukia eta norberaren premiei dagokienez, min adierazezina sortu zaion egun hori inoiz bizi ez zuela desiratzen zuen une batean, eta hala ere bere zintzotasun-jaidurei eusten diela, zabunkatu gabe eta zalantzarik ere egin gabe; orduan nire entzule gazteek pixkanaka onarpen soiletik miresmenera egingo dute gora eta hortik harridurara, eta azkenean ohoratze handienera eta desira bizi batera, norbera horrelako gizona izateko desirara (noski, haren egoeran egon gabe); eta, hala ere, hemen bertuteak hain balio handia du hori lortzeak lan handia ematen duelako, ez abantailarik ematen duelako. Miresmen osoa eta izaera horren antza izateko ahaleginak ere oinarrizko esakune etikoaren araztasunean oinarritzen dira osorik, zeina zuzenean begien aurrean errepresenta daitekeen gizakiak zorionari soilik egokitu ahal dion guztia ekintzaren bultzagaietatik kentzen den heinean. Beraz, etikotasunak giza bihotzean hainbat indar gehiago izan du hura aratzago aurkezten den heinean. Eta hortik ondorioztatzen da ezen, ohituren legea eta santutasunaren eta bertutearen irudiak gure arimaren gain eraginen bat izan behar badu, hori egin dezaketela bihotzean ezartzen direnean bultzagai gisa aratzak, euren ongizatearen asmoekin nahastugabeak diren heinean, jasaten duenean azaltzen delako era bikainenean. Zerbaiten bazterketak indar higitzaile baten eragina indartzen badu, hark oztopo bat izan behar zuen. Ondorioz, norberaren zorionean jatorria duen bultzagaien nahasketa orok oztopo izan behar du lege moralari giza bihotzaren gaineko eragina emateko. Eta, gainera, baieztatzen dut ekintza miresgarri hartan ere, haren bultzatzailea bere betebeharrari zitzaion begirune handia zenean, legeari zaion begirune horrek duela indar handiena ikuslearen gogamenaren gain, ez bada handitasunaren eta pentsaera noble, merezimenduzkoaren barne iritziaren gaineko uzi bat, eta ondorioz, betebeharrak, eta ez merezimenduak, izan behar duela gogamenaren gainean eragin determinatuena, eta gainera, bere haustezintasunaren argi onean errepresentatzen denean, eragin sakonena.

Gure garai honetan metodo horren aurkezpena inoiz baino garrantzitsuagoa da, zeren sentimendu samurren, sentiberen bidez, edo hantuste hegalari, puztu eta bihotza indartu beharren zapuzten dutenen bidez gogamenean eragin gehiago izatea itxaroten baita, giza betegintzarre ezari eta ongian egiten den aurrerabideari hobeto egokitzen zaion betebeharraren errepresentazio lehor eta serioaren bidez baino. Haurrei ekintzak noble, eskuzabal, merezimenduzko gisa erakusteak eredu gisa, pentsatuz gogo bizi baten bidez eskuratuz onartuko dituztela, inolaz ere ez du bere xedea lortzen. Izan ere, haiek betebehar arruntenaren betetzean eta, gainera, horren juzgaketa zuzenean hain atzeratuta daudenez, horrek goizegi amesle bihurtzea adina esan nahi du. Baina gizakien zati ikasienen eta esperientzia handikoenen artean ere ustezko bultzagai horrek eragin kaltegarria ez badu ere, ez du egiazko eragin moralik bihotzean, hori izaki lortu nahi zena.

Sentimendu guztiek, bereziki gehiegizko nekeak sortu ohi dituztenek, bizienean daudenean eta lasaitu aurretik eragin behar dute, bestela ez dute eraginik, bihotza berez bere berezko higidura lasaiera itzultzen den heinean eta, horrela, aurretik zuen lasaitasunarena itzultzen den heinean, hura kitzikatzen zuen zerbait bai baina hura indartzen zuen ezer ez zegoelako. Oinarrizko esakuneak adigaien gainean eraiki behar dira, beste edozein oinarriren gainean arinkeriak baino ez dira sortzen, pertsonari ezein balio moral eskuratu ezin diotenak, ezta bere buruan konfiantza gutxienik ere, hori gabe bere jaidura moralaren eta halako izaeraren kontzientziak, gizakian ongi gorena denak, ezin duenean gertatu. Baina adigai horiek subjektiboki praktikoak bihurtu behar badute, ez dute etikotasunaren lege objektiboan geratu behar, hori miresteko eta gizatasunari lotuta goraipatzeko, baizik eta gizakiekin eta bere banakotasunarekin erlazioan ikusi behar dugu; bada, orduan lege hura begirune handiena merezi duen tankeran agertzen da, baina ez berez ohituta dagoen eremuan kokatuko balitz izango lukeen bezain atseginean; behartuta dago hori sarri norberaren ukazioa eginez uztera eta beste garaiago batera joatera, non erorketaren ardura etengabea izanik neke handiz mantendu ahal den. Hitz batean, lege moralak betetzea eskatzen du betebeharragatik, ez aurresuposatu ezin den eta ezin beharko litzakeen hobespenagatik.

Ikus dezagun orain adibide batean ea ekintza baten errepresentazioan ekintza noble eta eskuzabal gisa bultzagai subjektibo baten indar higitzaile gehiago dagoen betebehar gisa errepresentatzen denean baino lege moral serioari lotuta. Norbaitek bizitza erabat arriskuan jarriz saiatzen badu jendea ontzi hondoratu batetik salbatzen, eta azkenean hor bizitza ere galtzen badu, ekintza hori alde batetik betebeharrari egozten zaio, baina bestetik eta nagusiki merezimenduzko ekintzatzat hartzen da, baina guk egiten dugun haren goraipamena norberarekiko betebeharraren adigaiaren bidez ahuldu egiten da, horrek itxuraz oztopoa jasaten duelako. Erabakigarriagoa da norberaren bizitzaren sakrifizioa aberriaren defentsan, eta hala ere, betebehar hain betegina bada ere norberaren kabuz eta inoren agindupean egon gabe asmo horri ematea, horri buruzko eragozpen batzuk geratzen dira, eta ekintzan ez du bere baitan eredu baten indar osoa eta imitaziorako bultzada. Baina betebehar utziezina bagenuke, zeinaren hausturak lege morala bere baitan eta gizakien ongizateari begiratu gabe urratzen duen eta horren santutasuna zapaltzen duen (halako betebeharrak ohiz Jainkoaren aldera ditugun betebehar deitzen dira, zeren horretan santutasunaren ideala substantzian pentsatzen baitugu), orduan hori betetzeari ematen gatzaizkio gure joera guztien barnekoarentzat betiere balio izan dezakeen guztia sakrifikatuz, begirune beteginena, eta gure arima halako adibidearen bidez indartu eta goratu egiten da, horretan konbentzitu ahal bagara giza izaera gai dela naturak betiere aurkako bultzagai gisa azal dezakeen guztiaren gainetik hainbeste goratzeko. Juvenal-ek aurkezten du halako adibidea goranzko mailaketa batean, irakurleari betebeharraren lege hutsean betebehar gisa dagoen bultzagaiaren indarra biziki sentiarazten dion adibidea:

Izan zaitez soldadu on, tutore on, baita epaile

Zuzena ere; autu anbiguo eta zalantzagarri batean

Lekuko bezala deitzen bazaituzte, Phalarisek

Agintzen badizu ere faltsu izateko eta zina

Hausteko zezena zuregana ekarriz, sinets ezazu

Kalte handiena dela bizitza ohoreari lehenestea,

eta bizitzagatik bizitzeko arrazoiak galtzea*.

Merezimenduzkoaren limurgarria den zerbait sartzen badugu gure ekintzan, orduan bultzagaia dagoeneko norberaren maitasunarekin nahasten da zertxobait, eta beraz, laguntza pixka bat du sentimenaren aldetik. Baina betebeharrean dena santutasunaren atzera bidaltzea eta ohartzea hori egin daitekeela gure arrazoimenak hori bere agindu gisa berrezagutzen duelako eta esaten duelako hori egin beharko litzatekeela, bada, horrek esan nahi du sentsuen mundutik gain goratzea erabat, eta hori legearen kontzientzian sentimenari nagusitzen zaion ahalmen baten bultzagai gisa era bereiztezinean lotuta dago, eta beti ondorioak ez baditu ere, hura sarri lantzeak eta hasieran haren erabileraren saio txikiak direnek ondorioa lortzeko itxaropena ematen dute, horrela gugan pixkanaka horretan hartzen dugun interes moral huts handiena sortzeko.

Metodoak honako bide hau hartzen du. Lehen ardura da lege moralen araberako juzgaketa berezko eginkizun bihurtzea, gure ekintza guztiekin eta besteen ekintza askeen behaketarekin batera doan eginkizuna, eta era berean ohitura bihurtzea eta hura zorroztea, lehenik galdetzen den heinean ea ekintza objektiboki lege moralari egokitzen zaion eta zeini; eta lotespenaren oinarria baino ematen ez duen legeari arreta egitatean lotzaile den legeari emandakotik ezberdintzen da (leges obligandi a legibus obligantibus), (esaterako, gizakiaren premiak nigandik eskatzen duenaren legea horren eskubideak eskatzen duenaren aldean, azkenak funtsezko betebeharrak, lehenak funtsezkoak ez direnak ezarriz) eta horrela ekintza batean elkartzen diren hainbat betebehar ezberdintzen irakasten du. Arreta eskaini behar diogun beste puntua galdera hau da: ea ekintza (subjektiboki) lege moralagatik gertatu den, eta beraz, zuzentasun etikoa izateaz gain ekintza gisa ea gainera balio etikoa duen jaidura gisa, horren maximaren arabera. Zalantzarik gabe ariketa horrek eta hortik sortzen den praktikoari denari buruz baino juzgatzen ez duen arrazoimena lantzearen kontzientziak pixkanaka interes jakin bat sortu behar dute horren legean eta, beraz, etikoki onak diren ekintzetan. Izan ere, guk azkenean gustua hartzen diogu aztertzean gure ezagumenen erabilera hedatua sentiarazten digunari, eta hori bereziki sustatzen du zuzentasun morala duen horrek, zeren arrazoimenak gauzen halako ordenan baino ezin baitu lortu asebetea gertatu behar duena a priori printzipioen arabera determinatzeko duen ahalmenarekin. Naturaren behatzaile batek bere sentsuei hasieran iraintzen dien objektuari gustua hartzen dio, hor haren antolamenduaren xedetasun handia aurkitzen duenean eta horrela bere arrazoimenak horren azterketan elikatzen denean, eta Leibnizek mikroskopioarekin arretatsu behatu zuen intsektua kontuz bere orrira itzuli zuen, haren ikuspegia irakasgarria zitzaiolako eta horren eskutik era berean ekintza on bat jaso zuelako.

Gure ezagumenek sentiarazten diguten juzgamenaren betekizun hori ez da oraindik ekintzetan eta euren moraltasunean dugun interesa. Juzgaketa horrekin gustura aritzea baino ez du eragiten, eta bertuteari edo lege moralaren araberako pentsaerari edertasun forma bat ematen dio, miresten duen forma, baina ez horregatik bilatzen dena (laudatur et alget); eta berdin sortzen du ongizatea aztertzean subjektiboki gure errepresentazio ahalmenen harmoniaren kontzientzia eragiten duen orok, non guk gure ezagumen guztia indartua sentitzen dugun (adimena eta irudimena), besteei ere jakinarazi daitekeen ongizatea, objektuaren existentzia axolagabe zaigun arren, abagunetzat baino ez baita hartzen gugan aberetasunetik gaindi dagoen talentuen egitura ohartzeko. Orain, ordea, bigarren ariketa dator, hots, jaidura moralaren aurkezpen bizian adibideetan nahimenaren araztasuna azpimarratzea, hasiera batean haren betegintzarre negatibo gisa baino ez, betebeharragatik egiten den ekintza batean joeren ezein bultzagaik ezin duen heinean harengan eragin determinazio-oinarri gisa; baina horren bidez ikasleak bere askatasunaren kontzientziari arreta eskainiko dio, eta, uko egite horrek hasieran minaren sentsazioa sortzen duen arren, hala ere, ikasle hari egiazko premien hertsapena kentzen dion heinean, aldi berean hari iragartzen dio premia horiek sortzen dioten poztasun eza askotariko horietatik askapena, eta gogamena poztasuna beste iturrietatik sentitzeko gai bihurtzen da. Ezkutuan beti hertsatzen dion zama batetik askatzen eta arintzen da horrela bihotza, aurkezten diren erabaki moral hutsen adibideek gizakiari erakusten diotenean hari ongi ezaguna ere ez zitzaion ahalmena, joeren jazarpen ozenetik hain urrun ihes egiteko barne askatasuna, non horietako ezeinek, ezta maitatuenak ere, ez baitu eraginik gure arrazoimena erabili beharko genukeen erabaki baten gain. Kasu batean, non nik bakarrik dakidan okerra nire aldetik datorrela, eta, horren aitorpen askeak eta asebetearen eskaintzak harrokerian, berekoikerian, eskubidea urratu zaionaren aurkako antipatian, bestelakoan legeztatugabea ez denean, hain aurkakotasun handia aurkitzen duen arren, hala ere eragozpen horietatik guztietatik aska banaiteke, hor joeretatik eta zorion egoeretatik eta norberaren burua asebetetzeko ahalgarritasunetik beregain izateko kontzientzia barnebiltzen da, niri osasungarri zaidana, baita beste asmotarako ere. Eta horrela betebeharraren legeak hori betetzeak sentiarazten digun balio positiboaren bidez sarrera errazagoa aurkitzen du geure buruari diogun begirunearen bidez gure askatasunaren kontzientzian. Hori ongi oinarrituta dagoenean, gizakiak ezeren beldur gehiago ez duenean bere barne probaketan bere begien aurrean ziztrin eta alferrikako aurkitzea baino, hor itsats daiteke jaidura etiko on oro, zeren hori baita gogamenean bultzatzaile ez noble eta alferrik galtzaileak sartzea galaraziko duen zaindari onena, baita bakarra ere.

Aurrekoaren bidez formazio eta praktika moralaren irakaspen-metodoaren maxima orokorrenak aipatu baino ez nuen nahi. Betebeharren aniztasunak horietako mota bakoitzarentzat determinazio bereziak behar dituenez eta horrek, beraz, zeregin zabalago bat osatuko lukeenez, barkatuko zaidala pentsatuko dut, honelako idazki batean, ariketa baino ez denean, hori oinarrizko ezaugarri horiek emanez uzten badut.


[1] Jaidura eta gizatasun handi, interesgabeko eta errukarria adierazten duten ekintzak goraipatzea aholkagarria da. Baina hori egitean ez zaio hainbeste arreta eskaini behar arima-goratzeari, oso iheskorra eta behin-behinekoa denari, baizik eta bihotza betebeharrari menpekotzeari, horretatik eragin luzeagoa espero daitekeenez, horrek oinarrizko esakuneak dakartzalako berarekin (hark, ordea, puztuketak besterik ez). Pixka bat hausnartu besterik ez dugu egin behar, beti aurkitzen da gizateriaren aurrean nolabait jaso dugun hoben bat (agian bakar hau da, gizakiek gizartearen eraketaren arabera duten ezberdintasunaren bidez abantailak izatea, horiengatik besteek are gabezia gehiago jasoz), horrela merezimenduzkoaren irudikazio subjektiboaren bidez betebeharrean pentsatzea ez baztertzeko.

* Esto bonus miles, tutor bonus, arbiter idem

Integer; ambiguae si quando citabere testis

Incertaeque rei, Phalaris licet imperet, ut sis

Falsus, et admoto dictet periuria tauro:

Summum credo nefas animam praeferre pudori,

Et propter vitam vivendi perdere causas,

Juvenal, Satirak.