Edukira joan

Arrazoimen praktikoaren kritika/II. Arrazoimen praktikoaren antinomiaren gaindipen kritikoa

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
II. Arrazoimen praktikoaren antinomiaren gaindipen kritikoa
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

II. Arrazoimen praktikoaren antinomiaren gaindipen kritikoa

Arrazoimen espekulatibo hutsaren antinomian munduko gertaeren kausalitatea ukitzen duen antzeko gatazka dago natur beharrezkotasunaren eta askatasunaren artean. Gatazka hori gainditu zen egiazko gatazka ez zela frogatuz, gertaerak eta horien kokalekua den mundua bera ere agerpen gisa (egin behar den bezala) ikusten direnean; zerizan ekile bat eta berberak agerpen gisa (bere barne sentsuaren aurrean ere) sentsuen munduan beti natur mekanismoaren araberakoa den kausalitatea daukanez, baina gertaera berberari dagokionez, pertsona ekilea aldi berean noumeno gisa ikusten den heinean (adimendu huts gisa, denboraren arabera determinagarri ez den izatean), horrek natur legeen araberako kausalitate haren determinazio-oinarri bat barnebil dezake, bere aldetik natur lege orotatik aske izanik.

Hemen aurrean dugun arrazoimen praktiko hutsaren antinomiarekin ere gauza berbera gertatzen da. Bi esakuneen artean lehena, zoriona lortzeko ahaleginak jaidura bertutetsuaren oinarria sortzen duela, erabat faltsua da; bigarrena, ordea, jaidura bertutetsuak halabeharrez zoriona sortzen duela, ez da erabat faltsua, baizik eta sentsuen munduko kausalitatearen forma gisa ikusten den heinean besterik ez, eta beraz, nik bertan izatea zerizan arrazoidunaren existentzia-modu bakartzat hartzen badut, orduan era baldintzatuan baino ez da faltsua. Baina nire izatea adimenaren munduko noumeno gisa pentsatzeko eskumena ez ezik lege moralean nik (sentsuen munduan) dudan kausalitatearen determinazio-oinarri adimenduzkoa ere badudanez, orduan ez da ezinezkoa jaiduraren etikotasunak lotura bitartegabekoa ez bada gutxienez bitartekotua (naturaren egile adimenduzko baten bitartez) eta, gainera, beharrezkoa izatea, kausa den aldetik, zorionarekin, sentsuen munduko ondorio den aldetik, baina lotura hori sentsuen objektu baino ez den natura batean ausazkoa baino ez da izango beti, eta ezingo du lortu ongi gorena.

Arrazoimen praktiko batek bere buruarekin duen itxurazko gatazka hori alde batera utzita, ongi gorena moralki determinatuta dagoen nahimen baten xede goren eta beharrezkoa da, haren egiazko objektua; izan ere, praktikoki ahalgarri da, eta azken horren maximek, horrekin euren materiaren arabera harremantzen direnek, errealitate objektiboa dute, hasiera batean etikotasunaren eta zorionaren loturan gertatzen den antinomia haren bidez topatu zena lege orokor baten arabera, baina gaizki-ulertze batengatik besterik ez, zeren agerpenen arteko erlazioa berbaitango gauzek agerpen horiekin zuten erlaziotzat hartzen baitzen.

Behartuta baldin bagaude ongi gorenaren ahalgarritasuna, zerizan arrazoidun guztiei arrazoimenak euren desira moral ororen helburu gisa ezartzen dien hori, hain urrun bilatzera, hots, adimenduzko mundu batekiko elkarloturan, orduan bitxia izan behar zaigu antzinako eta egungo filosofoek zoriona eta bertutea oso proportzio egokian lotuta aurkitu izana dagoeneko bizitza honetan (sentsuen munduan), edo euren buruak limurtu izatea horretaz jabetu izateaz. Izan ere, Epikurok nahiz estoikoek zoriona, bizitzan bertutearen kontzientziatik sortzen dena, guztiaren gainetik ezarri zuten, eta lehenak ez zuen bere arau praktiko hutsetan bere teoriaren printzipioetatik ondorioztatuko litzatekeen jaidura baxua, argibideak emateko behar zuena eta ez ekintzarako, edo askok ulertu zuten moduan, gozamena adierazpena gustagarritasunaren zentzuan hartzean nahastuta, baizik eta ongiaren aplikazio interesgabea poz barnekoena gozatzeko moduen artean kokatzen zuen, eta plazeraren egitasmoan (beti kontent dagoen bihotza) kokatzen zituen joeren neurritasuna eta hertsapena, betiere filosofo moral zorrotzenak eska dezakeen moduan; baina estoikoetatik honetan aldentzen zen, hots, oinarri bultzatzailea plazer horretan ezartzen zuela, estoikoek ukatzen zutena, arrazoiz gainera. Izan ere, alde batetik Epikuro bertutetsuak akats bat egin zuen, orain ere jaidura moral ona izanik euren printzipioei buruz nahiko hausnarketa sakona egin ez duten gizonek bezala, hots, jaidura bertutetsua aurresuposatzen dute bertuterako bultzagaia lehenik eman nahi dien pertsonengan (eta egitatean pertsona zuzena ezin da zoriontsu sentitu, aurretik bere zuzentasunaz jabetzen ez bada, zeren jaidura hura urratzean bere pentsaerak egitera behartuko lukeen gaitzespenek eta norberaren buruaren madarikazio moralak bestela bere egoerak bilduko lukeen gustagarritasunaren gozo oro ostuko bailioke). Baina auzia hau da: zerk ahalbidetzen du lehenik halako jaidura eta pentsaera, horren izatearen balioa estimatzekoa, horren aurretik subjektuan ezin topatu ahal izango litzatekeenez oro har balio moral baten sentimendurik? Gizakia, bertutetsua denean, noski, ezin da pozik egon bizitzarekin ekintza bakoitzean bere zuzentasunaz jabetzen ez bada, egoera fisikoaren zoriona hain abantailatsua bazaio ere; baina hura lehenik bertutetsu bihurtzeko, eta beraz, hark bere existentziaren balio morala hain garai ezarri aurretik, goraipatu al zaio arimaren lasaitasun hori, zuzentasunaz jabetzetik sortzen dena, horretaz ohartu ez bada?

Bestalde, hemen beti ezkutuan sartzen den akats bat egiteko oinarria dago (vitium subreptionis) eta, era berean, ilusio optiko batena, egiten denaren autokontzientzian sentitzen denaren aldean, arituenak ere guztiz ekidin ezin duen ilusioa. Jaidura morala nahimenaren determinazioaren kontzientziarekin lotuta dago bitartegabe lege baten arabera halabeharrez. Baina desiramenaren determinazioaren kontzientzia beti horren bidez sortzen den ekintzan gustua hartzearen oinarri da; baina atsegin hori, gustu hori bere baitan, ez da ekintzaren determinazio-oinarria, baizik eta arrazoimenak egiten duen nahimenaren determinazio bitartegabekoa da atseginaren sentimenduaren oinarria, eta hark desiramenaren determinazio praktiko hutsa, ez estetikoa, izaten irauten du. Determinazio horrek barnean ekintzarako bultzada baten eragin berbera egiten duenez, desiratzen den ekintzatik espero den gustagarritasun sentimenduak egingo lukeen bezala, orduan erraz ikusten dugu geuk egiten duguna jasankorki baino sentitzen ez duguna bezala, eta bultzagai morala sentimenezko bultzatzailetzat hartzen dugu, betiere sentsuen (hemen barnekoaren) ilusio deitzen den horretan gertatzen ohi dena. Giza izaeran oso bikaina da bitartegabe arrazoimenaren lege huts baten bidez ekintzetara determinatua izatea, baita nahimenaren adimenduzko determinagarritasun horren alde subjektiboa zerbait estetikotzat hartzea eta sentimenezko sentimendu berezi baten eragintzat hartzea ere (izan ere, adimenduzko sentimendua kontraesan bat litzateke). Garrantzitsua da oso gure nortasunaren ezaugarri horri arreta eskaintzea eta arrazoimenak sentimendu horretan duen eragina albait hoberen lantzea. Baina, gainera, kontuan hartu behar da determinazio-oinarri moral horren bultzagai den aldetik goraipamen ez egiazkoen bidez, horri poz berezien sentimenduak oinarri gisa ezarriz (benetan ondorioak baino ez direnak), bultzagai benetakoa, egiazkoa, legea bera, erokeria faltsu baten bidez beheititu eta desitxura dezakegula. Begirunearentzat, ez zorionaren plazer edo gozamenarentzat, ezinezkoa da arrazoimenak oinarrian ezartzen duen eta aurretik doan sentimendurik izatea (zeren hori betiere estetikoa eta patologikoa izango bailitzateke), eta nahimena kontzientzia legearen bidez bitartegabe behartzea ez da atseginaren sentimenduaren analogoa, desiramenarekin erlazioan gauza berbera egiten duen heinean, beste iturrietatik abiatuta bada ere; baina errepresentatzeko era horren bidez baino ezin da lortu bilatzen den hori, hots, ekintza betebeharraren arabera ez ezik betebeharragatik gertatzea, zeinak hezkuntza moral ororen egiazko xedea izan behar duen.

Ez al dugu, bada, hitz bat, zeinak zorionak ez bezala gozamen bat izendatu gabe haren existentzian gustua erakusten duena, bertutearen kontzientziak halabeharrez aldean duen zorionaren analogoa? Jakina! Hitz hori norbere buruaren asebetea da, zeinak bere benetako adieran beti norberaren existentzian dugun gustu negatiboa adierazten duen, ezeren premia ez izateaz jabetzen garenean. Askatasuna eta horren kontzientzia jaidura indartsuz lege moralari jarraitzeko ahalmen gisa, joeretatik beregain izatea da, gutxienez gure irrikatzearen bultzatzaile determinatzaile gisa (afektatzaile gisa ez bada ere), eta, nire maxima morala betetzean horretaz jabetzen naizen heinean, horrekin halabeharrez lotuta dagoen, ezein sentimendu berezitan oinarritzen ez den poztasun aldaezin baten iturri bakarra da, eta horrek adimenduzko izena har dezake. Poztasun estetikoa (okerki horrela deitzen dena), joeren asebetetzean oinarritzen dena, horiek betiere hain fin irudikatzen diren arren, ezin zaio inoiz horri buruz pentsatzen denari egokitu. Izan ere, joerak aldatzen dira, hazi egiten dira haiei eskaintzen zaien sustapenaren bidez, eta betiere betetzea pentsatzen zena baino zulo handiagoa uzten dute. Horregatik, betiere zama bat dira zerizan arrazoidun batentzat, eta haiek berehala baztertzeko gai ez bada ere, ezarri egiten diote haietatik askatzeko desira. Betebeharraren araberakoa den joerak berak (adibidez, ongiletasunak) maxima moralen eraginkortasuna erraz dezake, bai, baina ez du halakorik sortzen. Izan ere, hor dena legearen errepresentazioaren menpe dago determinazio-oinarri gisa, baldin eta ekintzak legezkotasun soila ez ezik, gainera, moraltasuna barnebildu behar badu. Joera itsua eta jopua da, mota onekoa izan ala ez, eta arrazoimenak, kontua etikotasuna denean, ez du haren zaintzailearen ordezko gisa jokatu behar, baizik eta hari arretarik eskaini gabe arrazoimen praktiko huts gisa bere interes propioaz arduratu behar du. Errukiaren eta gupida bihozberaren sentimendua bera, betebeharrari buruzko hausnarketaren aurretik doanean eta determinazio-oinarri bihurtzen denean, zuzen pentsatzen duten pertsonentzat ere zama bat da, haien maxima gogoetatsuak nahasten ditu eta haietatik askatzeko eta arrazoimen lege-emaileari soilik menpekotzeko desira eragiten du.

Hori dela eta uler daiteke nola sor dezakeen arrazoimen praktiko huts baten ahalmen horren kontzientziak ekintzaren bidez (bertutearen bidez) bere joeren gaineko nagusitasunaren kontzientzia, eta horren bidez haietatik beregain izateko kontzientzia, eta ondorioz, horrek beti aldean daraman poztasun eza, eta beraz, gustu negatiboa bere egoeraz, hau da, poztasuna, bere jatorrian norberarekiko poztasuna dena. Askatasuna bera era horretara (hots, zeharka) gozamen baten gai bihurtzen da, zorion deitu ezin dena, sentimendu baten parte hartze positiboaren menpe ez baitago, ezta santutasuna ere zehazki hitz egiten badugu, joeretatiko eta premietatiko beregaintasun osoa ez baitu barnebiltzen, baina azken horren antzekoa dena, hain zuzen gutxienez bere nahimenaren determinazioa haien eraginetik aske mantentzen duen heinean, eta, gutxienez bere jatorriari dagokionez, zerizan gorenari soilik egotz diezaiokegun buruaskitasunaren antzekoa dena.

Arrazoimen huts praktikoaren antinomiaren konponbide horretatik ondorioztatzen da oinarrizko esakune praktikoetan gutxienez pentsa daitekeela ahalgarri gisa etikotasunaren kontzientziaren eta horren araberako zoriona (haren ondorio gisa) baten itxaropenaren arteko berezko lotura beharrezko bat (baina horregatik hori ez da oraindik ezagutzen eta ulertzen); eta, aitzitik, ondorioztatzen da zoriona lortzeko oinarrizko esakuneek inolaz ere ezin dutela etikotasuna sortu; eta, beraz, ongi garaiena etikotasuna dela (ongi gorenaren lehen baldintza gisa), baina zoriona haren bigarren osagaia dela, halako moldez non hori lehenaren beharrezko ondorioa baita, moralki baldintzatutako ondorioa. Menpekotasun horren arabera soilik da ongi gorena arrazoimen praktiko hutsaren objektu osoa, horrek halabeharrez ahalgarri gisa errepresentatu behar duena, haren agindua baita hori egikaritzeko ahal den guztia egitea. Baina baldintzatuak bere baldintzarekin duen lotura halakoaren ahalgarritasuna erabat gauzen sentimenetik haratagoko egoerari dagokionez eta sentsuen munduko legeen arabera ezin gerta daitekeenez, nahiz eta ideia horren ondorio praktikoak, hots, xedetzat ongi gorena egikaritzea duten ekintzak sentsuen munduan kokatzen diren, bada, orduan saiatuko gara ahalgarritasun haren oinarriak aurkezten lehenik bitartegabe gure esku dagoenari dagokionez eta bigarrenik ongi gorenaren (printzipio praktikoen arabera beharrezkoa den) ahalgarritasuna dela eta arrazoimenak gure ahalmen eza osatzeko eskaintzen digunari eta gure esku ez dagoenari dagokionez.