Edukira joan

Arrazoimen praktikoaren kritika/III. Arrazoimen praktiko hutsaren lehentasunaz espekulatiboarekin duen loturan

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
III. Arrazoimen praktiko hutsaren lehentasunaz espekulatiboarekin duen loturan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

III. Arrazoimen praktiko hutsaren lehentasunaz espekulatiboarekin duen loturan

Arrazoimenak lotzen dituen bi edo gauza gehiagoren arteko lehentasunaz zera ulertzen dut, hots, bata lehenestea beste guztiekin duen loturan determinazio-oinarri izateko. Adiera hertsiagoan, praktikoan, bataren interesa lehenestea esan nahi du, horri (beste inoren atzean jar ezin daitekeena) bestearen interesa menpekotzen zaion heinean. Gogamenaren edozein ahalmeni interes bat egotz dakioke, hau da, interes haren sustapena aplikarazten duen baldintza barnebiltzen duen printzipioa. Arrazoimenak printzipioen ahalmen gisa gogamenaren gaitasun ororen interesak determinatzen ditu, eta bere interesa ere bai. Bere erabilera espekulatiboaren interesa objektuen ezagutzan datza, apriorizko printzipio gorenetara heldu arte, eta erabilera praktikoarena nahimenaren determinazioan datza azken xede osatuari dagokionez. Arrazoimenaren erabileraren ahalgarritasunerako oro har behar dena, hots, haren printzipioak eta baieztapenak euren artean ezin kontraesatea ez da haren interesaren ezein zatirik, baizik eta baldintza da oro har arrazoimena izateko; hedapena baino ez da kontuan hartzen haren interes gisa, ez bere buruarekin ados egote soila.

Arrazoimen praktikoak ezin badu onartu eta ezin badu pentsatu dagoeneko hor dugula arrazoimen espekulatiboak bere kabuz hari bere ikuspuntutik eskura eman diezaiokeena baino, orduan horrek dauka lehentasuna. Jotzen bada, ordea, hark jatorrizko printzipio apriorizkoak lituzkeela berez, horiekin jarrera teoretiko jakin batzuk era bereiztezinean lotzen direla, baina hala ere arrazoimen espekulatiboaren ulermen ahalgarri orori ihes egiten diotenak (nahiz eta hura ez luketen kontraesan behar), orduan galdera da zein den interes garaiena (ez zeinek egin behar duen atzera, batak bestea ez baitu ukatzen halabeharrez), ea arrazoimen espekulatiboak, praktikoak onartzeko eskaintzen dionaz ezer ez dakienak, esakune horiek onartu behar dituen eta horiek, harentzat transzendenteak badira ere, ezarri zaion jabego arrotz gisa bere adigaiekin bateratzen saiatu behar duen, edo ea baimena duen bere interes propio eta bakartuari burugogor eusteko eta, Epikuroren kanonikaren arabera, arrazoikeria hutsal gisa baztertu behar duen errealitate objektiboa esperientzian azaltzen diren adibide begi-bistakoen bidez egiazta ezin duen guztia, nahiz eta erabilera praktiko (hutsaren) interesarekin hain lotuta egon, bere baitan erabilera teoretikoa kontraesango ez balu ere, zeren eta benetan arrazoimen espekulatiboaren interesari oztopo egiten baitio bere buruari ezartzen dizkion mugak gaindiaraziz eta irudimenaren zentzugabekeria edo ameskeria ororen aurren amore emanaraziz.

Egitatean, arrazoimen praktikoa oinarrian ezartzen den heinean, patologikoki baldintzatuta dagoen aldetik, hau da, joeren interesa zorionaren sentimenezko printzipioaren menpe kudeatu baino egiten ez duen heinean, hori ezin zaio inolaz ere eskatu arrazoimen espekulatiboari. Mahomaren paradisuak edo teosofoek eta mistikoek irudikatzen duten Jainkoarekiko bateraketa barne-barnekoak, arrazoimenari euren izugarrikeria ezarriko liokete horietako bakoitzaren ideiaren arabera, eta hobe litzateke arrazoimenik ez izatea era horretara ameskeria horien guztien aurrean amore ematea baino. Baina arrazoimen hutsa bere kabuz praktikoa izan badaiteke, eta bada benetan, lege moralaren kontzientzian erakusten duenez, orduan arrazoimen bat eta berbera da, dela asmo teoretikoan dela praktikoan, apriorizko printzipioen arabera juzgatzen duena, eta beraz, argi dago ezen, haren ahalmenak lehen asmoaren arabera ezin baditu esakune jakin batzuk baieztatuz finkatu, nahiz eta hura ez duten kontraesaten, bada, hala ere, esakune horiek modu bereiztezinean arrazoimen hutsaren interes praktikoari dagozkion bezain pronto, horiek bere soroan hazi ez diren eskakizun arrotz gisa onartu behar ditu, nahikoa bermatuta baitaude, eta horiek arrazoimen espekulatibo gisa bere esku duen guztiarekin alderatzen eta elkarlotzen saiatu behar du; baina onartuz horiek ez direla bere ikuspegiak, baizik eta bere erabileraren hedapenak beste asmo baterako, hots, asmo praktikorako, zeina ez doan inolaz ere haren interesaren aurka, gehiegikeria espekulatiboaren murriztapena izaki hori.

Beraz, arrazoimen espekulatibo hutsa eta arrazoimen praktiko hutsa ezagupen batean lotzen direnean lehenak du lehentasuna, aurretik onartuz, hain zuzen, lotura hori ez dela ausazkoa eta nahierazkoa, baizik eta a priori arrazoimenean oinarritua eta, beraz, beharrezkoa. Izan ere, menpekotasun hori gabe arrazoimenak bere buruarekin duen gatazka bat sortuko litzateke, zeren biak bata bestearen aldamenean baino ez balira egongo (koordinatuta), lehenak bere kabuz bere mugak estuki itxi eta bere eremuan bigarrengoari dagokion ezer ez bailuke onartuko, eta bigarren horrek bere mugak guztiaren gainetik zabalduko lituzkeelako eta bere premiak horretara bultzatuz gero haiek bere mugen barne jasoko lituzkeelako. Baina arrazoimen praktiko hutsari inolaz ere ezin zaio eskatu arrazoimen espekulatiboari menpekotua izatea, eta beraz, ordena iraultzea, zeren interes praktiko oro azken burua praktikoa baita, eta arrazoimen espekulatiboarena ere baldintzatua baino ez baita eta erabilera praktikoan osatzen baita.