Arrazoimen praktikoaren kritika/VI. Arrazoimen praktiko hutsaren postulatuez oro har

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
VI. Arrazoimen praktiko hutsaren postulatuez oro har
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VI. Arrazoimen praktiko hutsaren postulatuez oro har

Horiek denak moraltasunaren oinarrizko esakunetik abiatzen dira, postulatu ez dena, baizik eta lege bat, zeinaren bidez arrazoimenak bitartegabe nahimena determinatzen duen, eta nahimen horrek, horrela determinatuta dagoelako, nahimen huts gisa, bere araua betetzearen baldintza beharrezko hori sustatzen du. Postulatu horiek ez dira dogma teoretikoak, baizik eta aurresuposizioak praktikoki beharrezkoa den ikuspegian, eta beraz, ez* dute hedatzen ezagutza espekulatiboa, nahiz eta arrazoimen espekulatiboaren ideiei orokorrean errealitate objektiboa ematen dieten (praktikoa denarekin duten harremanaren bidez) eta bestela euren ahalgarritasuna baieztatzea ere ausartuko ez liratekeen adigaiak izateko baimena ematen dieten.

Postulatu horiek hilezkortasunarena, askatasunarena (positiboki hartuta, zerizan baten kausalitatearena gisa, adimenduzko munduan kokatzen den heinean), eta Jainkoaren izatearena dira. Lehena, iraupena lege moralaren betetzearen osotasunarekin adostearen beharrezko baldintza praktikotik isurtzen da; bigarrena, sentsuen mundutiko beregaintasunaren beharrezko aurresuposiziotik eta bere nahimena adimenduzko mundu baten adigaien arabera determinatzeko ahalmenaren aurresuposiziotik, hau da, askatasunarenatik; hirugarrena, adimenduzko mundu halako baterako baldintzaren beharrezkotasunetik, ongi gorena izateko, ongi goren beregainaren, hau da, Jainkoaren izatearen aurresuposizioaren bidez.

Lege moralari diogun begiruneagatik beharrezkoa den ongi gorena lortzeko asmoak eta horretatik jariatzen den haren errealitate objektiboaren aurresuposizioak gidatzen gaitu arrazoimen praktikoaren postulatuen bidez arrazoimen espekulatiboak arazo gisa azaldu zituen baina konpon ezin zituen adigaietara. Eta beraz, 1) arrazoimen espekulatiboak bete nahi zuenean paralogismoak baino egin ezin zituen horretara (hots, hilezkortasunera), zeren hari iraunkortasunaren ezaugarria falta baitzitzaion, azken subjektu baten adigai psikologikoa, zeina halabeharrez egozten zaion arimari autokontzientzian, substantzia baten errepresentazio errealeraino osatzeko, eta hori arrazoimen praktikoak ongi gorenean, arrazoimen praktikoaren xede oso gisa, lege moralarekin adosteko behar den iraupenaren postulatuaren bidez egiten du. Eta gainera, 2) arrazoimen espekulatiboari antinomiak baino eskuratzen ez zionera gidatzen gaitu, eta horren konponbidea problematikoki pentsa daitekeen baina bere errealitate objektiboaren arabera harentzat frogaezina eta determinaezina den adigaian soilik oinarri zezakeen, hots, adimenduzko mundu baten ideia kosmologikoan eta horretan izateko dugun kontzientzian, askatasunaren postulatuaren bidez (horren errealitatea lege moralaren bidez aurkezten du eta horrekin batera adimenduzko mundu baten legea, zeina arrazoimen espekulatiboak erakutsi erakusten duen baina haren adigaia determinatu ahal izan gabe). 3) Arrazoimen espekulatiboak pentsatu behar zuen baina ideal transzendental soil gisa determinatugabe utzi behar izan zuenari esanahia ematen dio, oinarrizko zerizanaren adigai teologikoari (asmo praktikoan, hau da, lege haren bidez determinatutako nahimenaren objektuaren ahalgarritasunaren baldintza gisa) adimenduzko mundu bateko ongi gorenaren printzipio garaien gisa lege-emate moral boteretsuaren bidez.

Gure ezagutza, ordea, era horretara arrazoimen praktiko hutsaren bidez benetan zabaltzen al da eta espekulatiboarentzat transzendentea zena praktikoarentzat immanentea al da? Bai, noski, baina asmo praktikoan besterik ez. Izan ere, horren bidez ez dugu ezagutzen gure arimaren izaera, ezta adimenduzko mundua ere, ezta zerizan garaiena ere, euren baitan direnaren arabera, baizik eta horien adigaiak ongi gorenaren adigai praktikoan bateratu ditugu, gure nahimenaren objektu gisa, eta guztiz a priori egin ere arrazoimen hutsaren bidez, baina lege moralaren bidez baino ez, eta gainera harekin harremanean besterik ez, hark agintzen duen objektuari dagokionez. Askatasuna, ordea, nola den ahalgarri, eta nola errepresentatu behar den kausalitate mota hori teoretikoki eta positiboki, hori ez da horren bidez ulertzen, baizik eta hori lege moralaren bidez eta horren mesederako postulatzen dela besterik ez. Berdin gertatzen da ezein giza adimenek euren ahalgarritasunari dagokionez inoiz oinarritu ezin dituen baina aldi berean ezein sofistikeriak gizaki arruntenari ere egiazko adigaiak direla dioen konbentzimendua inoiz kenduko ez dion ideiekin.


* “Ez” hori ez da agertzen jatorrizkoan, baina behar du.