Arrazoimen praktikoaren kritika/VII. Nola pentsa daitekeen arrazoimen hutsaren hedapen bat asmo praktikoan aldi berean hark espekulatiboa den aldetik duen ezagutza hedatu gabe?

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

VII. Nola pentsa daitekeen arrazoimen hutsaren hedapen bat asmo praktikoan aldi berean hark espekulatiboa den aldetik duen ezagutza hedatu gabe?

Galdera hori berehala erantzun nahi dugu kasu honetan aplikatuz, horrela abstraktuegi ez bihurtzearren. - Ezagutza huts bat praktikoki zabaltzeko, apriorizko asmo bat izan behar dugu, hau da, xede bat (nahimenaren) objektu gisa, zeina oinarrizko esakune teoretiko* orotatik beregainki errepresentatzen den praktikoki beharrezko gisa nahimena bitartegabe determinatzen duen agindu (kategoriko) baten bidez, eta hori da hemen ongi gorena. Hori, baina, ez da ahalgarri, hiru adigai teoretiko aurresuposatu gabe (ezin da aurkitu horiei dagozkion begiespenik eta, beraz, bide teoretikoan ez dute errealitate objektiborik, zeren haiek arrazoimen-adigai huts soilak baitira), hots, askatasuna, hilezkortasuna eta Jainkoa. Beraz, mundu batean ahalgarri den ongi gorenaren existentzia agintzen duen lege praktikoaren bidez, arrazoimen espekulatibo hutsaren objektu haien ahalgarritasuna, arrazoimen horrek haiei segurtatu ezin zien errealitate objektiboa postulatzen da; eta horren bidez arrazoimen hutsaren ezagutza teoretikoak handitze bat jasotzen du, baina honetan baino ez datza, hots, berez bestelakoan problematikoak (pentsagarriak baino ez) diren adigai haiek orain asertorikoki benetan objektuak dituzten adigai gisa adieraz daitezkeela, zeren arrazoimen praktikoak haien existentzia ezinbestean behar baitu bere objektuaren eta gainera praktikoki erabat beharrezko den objektuaren, ongi gorenaren, ahalgarritasunerako, eta horregatik arrazoimen teoretikoa legeztatuta dago haiek ontzat jotzeko. Arrazoimen teoretikoaren zabalpen hori, ordea, ez da espekulazioaren zabalpena, hau da, asmo teoretikoan horren erabilera positiboa egiteko. Izan ere, hemen arrazoimen praktikoaren bidez lortu den gauza bakarra adigai haiek errealak izatea eta benetan euren objektuak (ahalgarriak) izatea denez, baina guri horien begiespenik eskuratu gabe (eskatu ere ezin daitekeena), orduan horien errealitatearen onarpenaren bidez ezein esakune sintetiko ez da ahalgarri izango. Ondorioz, irekiera horrek ez gaitu laguntzen gutxienean ere asmo espekulatiboan, bai ordea arrazoimen hutsaren erabilera praktikoari dagokionez gure ezagutza hori hedatzeko. Lehenago aipatu diren arrazoimen espekulatiboaren hiru ideiok euren baitan ez dira oraindik ezein ezagutzarik, baina pentsamenduak dira (transzendenteak), non ezer ez den ezinezkoa. Baina horiek lege praktiko apodiktiko baten eskutik, horrek bere objektu bihurtzeko agintzen duen horren ahalgarritasunaren beharrezko baldintza gisa, errealitate objektiboa eskuratzen dute, hau da, haiek erakusten digute objektuak dituztela, euren adigaia objektu batekin nola harremantzen den erakutsi ezin badute ere, eta hori ez da oraindik objektu horien ezagutza; izan ere, horrela ezin da ezer ere juzgatu sintetikoki horiei buruz, ezta horien aplikazioa teoretikoki determinatu ere, eta beraz, arrazoimenaren erabilera teoretikorik ezin da egin horiekin, hori izaki benetan ezagutza espekulatibo ororen eginkizuna. Hala ere, ezagutza teoretikoa hedatu zen, ez objektu horiena, baizik eta arrazoimenarena oro har, postulatu praktikoen bidez ideia haiei egiatan objektuak eskuratu zaizkien heinean, pentsamendu problematiko soila zenak horren bidez lehen-lehenik errealitate objektiboa lortu zuen neurrian. Beraz, ez zen sentimenetik haratagoko objektu jakinen ezagutzaren ezein hedapenik, baina bai arrazoimen teoretikoaren eta horren ezagutzen hedapena sentimenetik haratago denari dagokionez oro har, hura behartua izan zen neurrian onartzera halako objektuak badaudela, haiek zehazkiago determinatu gabe, eta beraz, objektuen ezagutza hori (hari, dena den, arrazoi praktikoengatik eta erabilera praktikorako soilik eskuratu zaiona) hedatu ahal izatera, eta handitze hori, beraz, ideia haiek guztiak transzendente eta objekturik gabekotzat jotzen dituen arrazoimen teoretiko hutsak bere ahalmen praktiko hutsari baino ez dio eskertu behar. Hor immanenteak eta eratzaileak bihurtzen dira, arrazoimen praktiko hutsaren objektu beharrezkoa (ongi gorena) erreal bihurtzeko ahalgarritasunaren oinarri diren heinean, hori gabe arrazoimen espekulatiboaren printzipio erregulatzaile soil eta transzendenteak direnez, zeinek arrazoimen horri ez dioten ezartzen esperientziatik at dagoen objektua onartzea, baizik eta horien erabilera esperientzian osotasunari hurbiltzea besterik ez. Arrazoimena, ordea, behin handitze horren jabe baldin bada, orduan arrazoimen espekulatibo gisa (benetan bere erabilera praktikoa segurtatzeko soilik) negatiboki jokatuko du ideia haiekin, hau da, haiek hedatu beharrean argituz, horrela alde batetik antropomorfismoa oztopatzeko sineskeriaren iturri gisa, edo adigai haien itxurazko hedakuntza ustezko esperientziaren bidez, eta bestalde, fanatismoa oztopatzeko, hura sentimenetik haratagoko begiespenaren bidez edo antzeko sentimenduen bidez agintzen duena; eta hori dena arrazoimen hutsaren erabilera praktikoaren oztopoak dira, eta beraz, horien bazterketak gure ezagutzaren hedakuntza dakar asmo praktikoan, aldi berean honakoa, ordea, aitortzea kontraesan gabe*, hots, arrazoimenak asmo espekulatiboan horren bidez ezertxo ere ez duela irabazten.

Arrazoimenaren erabilera bakoitzak objektu bati dagokionez adimenaren adigai hutsak (kategoriak) eskatzen ditu, horiek gabe ezin baita ezein objektu pentsatu. Horiek arrazoimenaren erabilera teoretikoan aplika daitezke, hau da, ezagutza teoretikoan, haiei aldi berean begiespena (betiere sentimenezkoa dena) eskuratzen zaien heinean soilik, eta beraz, horien bidez esperientzia ahalgarriaren objektu bat errepresentatzeko. Baina kategorien bidez pentsatu beharko nukeena ezagutu ahal izateko arrazoimenaren ideiak behar dira, ezein esperientziatan eskuratu ezin ditugunak. Baina hemen kontua ez da ideia horien objektuen ezagutza teoretikoa, baizik eta horiek oro har objektuak izatea besterik ez. Errealitate hori arrazoimen praktiko hutsak eskuratzen du, eta gai horretan arrazoimen teoretikoak ez du zer esanik, ez bada objektu haiek kategorien bidez pentsatzea, eta hori argi erakutsi dugunez begiespenen premiarik gabe (sentimenezkoak nahiz sentimenetik haratagokoak) egin daiteke, zeren kategoriek euren egoitza eta jatorria adimen hutsean baitute begiespen orotatik beregain eta begiespen oro izan aurretik, pentsatzeko ahalmen gisa, eta horiek betiere oro harrezko objektua baino ez dute adierazten, edonola jasotzen dugula ere. Ezin zaie kategoriei ezein objektu eman begiespenean, horiek ideia haietan aplikatu beharko liratekeen heinean; baina haiei nahikoa segurtatzen zaie halako objektua erreala dela, eta beraz, kategoria pentsamenduaren forma soil gisa hemen ez dela kaskala, baizik eta esanahia duela, arrazoimen praktikoak zalantzarik gabe ongi gorenaren adigaian eskaintzen duen objektu baten bidez, hots, ongi gorenaren ahalgarritasunari dagozkion adigaien errealitatearen bidez, hala ere handitze horren bidez ezagutzaren hedapen txikienik ere eragin gabe oinarrizko esakune teoretikoen arabera.

***

Ondoren Jainkoaren, adimenduzko munduaren (Jainkoaren erresumaren) eta hilezkortasunaren ideiak geure izaeratik jasotako predikatuen bidez determinatzen badira, determinazio hori ezin da arrazoimen-ideia huts haien sentimentze gisa hartu (antropomorfismoa), ezta sentimenetik haratagoko objektuen ezagutza transzendente gisa hartu ere; izan ere, predikatu horiek ez dira adimena eta nahimena baino, eta gainera euren arteko erlazioan hartuta, lege moralean pentsatu behar diren moduan, eta beraz, horien erabilera praktiko hutsa egiten den neurrian besterik ez. Adigai horiei psikologikoki itsasten zaien beste guztia baztertzen da, hau da, gure ahalmen hori bere aplikazioan enpirikoki begiratzen dugun heinean (adibidez, gizakien adimena diskurtsiboa dela, haren errepresentazioak pentsamenduak direla, ez begiespenak, eta horiek denboran elkarren ondoan lerratzen direla, bere nahimenaren poza beti objektu baten existentziaren menpe dagoela, eta abar, hori guztia zerizan gorenean ezin izaki horrela), eta beraz, guk adimen-zerizan bat pentsatzeko erabiltzen ditugun adigaietatik ez da ezer geratzen, salbu lege morala pentsatzeko ahalgarritasunerako behar dena, eta beraz, Jainkoaren ezagutza, baina soilik harreman praktikoan, eta saiatzen bagara hori ezagutza teoretikora hedatzen, orduan haren adimena lortzen dugu, pentsatzen ez duena baizik eta begiesten duena, eta nahimen bat lortzen dugu, bere askitasunerako gutxienean ere behar ez dituen objektuen existentziara zuzentzen dena (ez ditut predikatu transzendentalak aipatu ere egin nahi, esaterako, denboran ez dagoen existentziaren neurria, hau da, iraupena, hori izaki guk izatea neurri gisa errepresentatzeko dugun bitarteko ahalgarri bakarra); eta, beraz, ezaugarri horien guztien adigairik ezin dugu izan, objektuen ezagutzarako balioko lukeen ezein adigairik, eta horrek irakasten digu haiek inoiz ezingo direla erabili sentimenetik haratagoko zerizanen teoria baterako, eta beraz, alde horretatik ezin dutela ezagutza espekulatiborik oinarritu, baizik eta horren erabilera lege moralaren aplikaziora murriztu besterik ez.

Azken hori hain begi-bistakoa da eta hain argiki froga daiteke egitateen bidez ezen berezko teologian ustez ikasiak diren guztiei (izen harrigarria[1]) konfiantzaz eska baitiezaiekegu euren objektu hori determinatzen duen ezaugarri bakarra izendatzeko, agian adimena edo nahimena, non modu kontraezinean argitu ahal izango litzatekeen ezen, horri antropomorfikoa den oro kentzen bazaio, hitz soila besterik ez bailitzaiguke geratuko, horri ezein adigai lotu ahal izan gabe, horren bidez ezagutza teoretikoaren hedapen bat itxaron ahal izateko. Alderdi praktikoari dagokionez, ordea, adimen baten eta nahimen baten ezaugarrietatik oraindik geratzen zaigu erlazio baten adigaia, zeinari lege praktikoak (hain zuzen adimenak nahimenarekin duen erlazio hori a priori determinatzen duenak) errealitate objektiboa eskuratzen dion. Hori gertatu bada, orduan moralki determinatutako nahimen baten objektuaren adigaiari (ongi gorenarenari) eta horrekin batera horren ahalgarritasunaren baldintzei, Jainkoaren, askatasunaren eta hilezkortasunaren ideiei, errealitatea eskuratuko zaie, baina betiere lege moralaren aplikaziorekin harremanean (ezein asmo espekulatibotarako).

Ohar horiek egin ondoren erraz aurki daiteke orain galdera garrantzitsuenari erantzuna, ea Jainkoaren adigaia fisikari (eta beraz, metasifikari, horren apriorizko printzipio hutsak euren esanahi orokorrean barnebiltzen dituen heinean) edo moralari dagokion adigaia den. Naturaren antolamenduak edo haren aldaketak argitzea Jainkoarenganako ihesbidea hartuz gauza guztien egile gisa, gutxienez ez da argibide fisikoa, eta filosofiarekin azkenekotan egotearen aitorpena da oro har, zeren behartuta baikaude zerbait onartzera, berez horren ezein adigai izan gabe, horrela begien aurrean ikusten denaren ahalgarritasunaren adigai bat osatu ahal izateko. Metafisikaren bidez, ordea, mundu honen ezagutzatik abiatuta Jainkoaren adigaira eta horren existentziaren frogara arrazoiketa seguruen bidez iristea honegatik da ezinezkoa, hots, guk mundu hau osotasun albait beteginen gisa, eta beraz, horretarako mundu ahalgarri guztiak ezagutu beharko genituzkeelako (hura horiekin alderatzeko), eta beraz, orojakile izan beharko genukeelako, horrela esan ahal izateko hura Jainko baten bidez baino ez zela ahalgarri (adigai hori edonola pentsatzen dugula ere). Baina erabat ezinezkoa da zerizan horren existentzia adigai soiletatik abiatuta ezagutzea, zeren halako existentzia-esakune oro, hau da, zerizan batez esaten duena existitzen dela nik horren adigaia dudalako, esakune sintetikoa da, hau da, horren bidez adigai hartatik irteten naiz eta hartaz bere adigaian pentsatzen zena baino gehiago esaten dut, hots, adimenean dagoen adigai horri adimenetik at berari egokitzen zaion objektua ezartzen zaiola, ezinezkoa dena nabarmenki arrazoiketaren baten bidez argitzea. Beraz, ezagutza horiek lortzeko arrazoimenari prozedura bakarra geratzen zaio, hark hain zuzen arrazoimen huts gisa, bere erabilera praktiko hutsaren printzipio garaienetik abiatuz (hori, dena den, zerbaiten existentziara zuzentzen den heinean, arrazoimenaren ondorio gisa) bere objektua determinatzen duenez. Eta hor nabarmentzen da bere ezinbesteko eginkizunean, hots, nahimena halabeharrez ongi gorenera zuzentzea, munduko ongi horren ahalgarritasunarekin harremanean halako oinarrizko zerizana onartzeko beharrezkotasuna eta, gainera, harrigarriena dena, arrazoimenaren ibilbideari naturaren bidean guztiz falta zitzaiona, hots, oinarrizko zerizan horren zehazki determinatutako adigaia. Guk mundu honen zati txiki bat baino ezagutzen ez dugunez, eta mundu ahalgarri guztiekin are gutxiago aldera dezakegunez, orduan horren ordena, xedetasuna eta tamainatik abiatuta egile jakintsu, onbera, boteretsu bat, eta abar arrazoitu dezakegu, baina ez horren orojakintasuna, ontasun osoa, eta oroahalmena, eta abar. Onar daiteke, gainera, ezinbesteko gabezia hori hipotesi baimendu, guztiz arrazoizko baten bidez osatzeko eskubidea dugula, hots, gure ezagutze hurbilagoari eskaintzen zaion moduan hainbat alderditan jakituriak, onberatasunak, eta abarrek dirdiratzen badute, gainera beste alderdietan antzerakoa gertatuko dela, eta beraz, arrazoizkoa dela munduaren egileari betegintzarre ahalgarri denak egoztea; baina horiek ez dira gure ulermenaz harrotzeko moduko arrazoiketak, baizik eta onartu ahal zaizkigun eskumenak baina beste nonbaitetik datorren gomendioa behar dutenak, horien erabilera egiteko. Jainkoaren adigaiak, beraz, (fisikaren) bide enpirikoan lehen zerizanaren betegintzarrearen zehazki determinatugabeko adigaia izaten dirau, horri jainkotasunaren adigaiarentzat egoki irizteko (metafisikaren bidez ezin da ezer lortu bere alderdi transzendentalean).

Orain adigai hori arrazoimen praktikoaren objektuan probatzen saiatzen naiz, eta orduan aurkitzen dut oinarrizko esakune moralak ahalgarritzat onartzen duela betegintzarre gorena duen munduaren egile baten aurresuposiziopean. Orojakilea izan behar du, nire jokaera ezagutzeko nire jaiduraren barne-barneraino kasu guztietan eta etorkizun osoan; oroahalduna, horri ondorio egokiak esleitzeko; era berean beti presentea, betikoa, eta abar. Eta beraz, lege moralak ongi gorenaren adigaiaren bidez, arrazoimen praktiko huts baten objektu gisa, oinarrizko zerizanaren adigaia determinatzen du zerizan goren gisa, eta arrazoimenaren ibilbide fisikoak (eta hori gorago jarraituz metafisikoak) eta, beraz, ibilbide espekulatibo osoak ezin zuen hori lortu. Beraz, Jainkoaren adigaia jatorriz ez fisikari, hau da, arrazoimen espekulatiboari, baizik eta moralari dagokion adigaia da, eta horixe bera esan daiteke gainerako arrazoimen-adigaiei buruz, arrazoimenaren postulatu gisa horren erabilera praktikoan lehenago jorratu ditugunei buruz.

Filosofia grekoaren historian Anaxagorasengan salbu arrazoimenaren teologia huts baten aztarna argiak topatzen ez badira, horren arrazoia ez da antzinako filosofoei adimena eta ulermena falta zitzaiela hori lortzeko espekulazioaren bidetik gutxienez hipotesi erabat arrazoizko baten laguntzarekin; zer litzateke errazago, berezkoago, berez edonori aurkezten zaion pentsamendua, hots, munduaren hainbat kausaren betegintzarre maila determinatugabeak onartu beharrean betegintzarre osoa duen arrazoizko kausa bakarra onartzea baino? Baina munduko alderdi txarrak pisu gehiegiko objekzio ziren haientzat, halako hipotesia onartzea zilegi izateko. Eta beraz, honela erakutsi zuten adimena eta ulermena, hots, hura ez zuten baimendu eta natur kausen artean bilatu zuten han-hemenka ea ez zuten topatzen horien artean oinarrizko zerizanarentzat behar diren eraketa eta ahalmena. Baina herri zorrotz hura euren ikerketetan hain aurreratua zegoenean, objektu etikoak filosofikoki jorratzerainoko mailan, beste herriek horretaz berriketa baino egiten ez zutenean, bada, orduan premia berri bat aurkitu zuten, hots, premia praktikoa, zeinak ez zuen kale egin haiei oinarrizko zerizanaren adigaia era determinatuan eskuratzerakoan, eta hor arrazoimen espekulatiboak begiratu baino ez zuen egin, gehienez ere bere soroan hazi ez zen adigaia edertzeko merezimendua zuen, eta orain lehenengoz agertu ziren naturaren behaketatik zetozen baiespenen ilara baten bidez ez zuen haren errespetua sustatu (hori oinarrituta baitzegoen), baizik eta edergailuak gehitu besterik ez zuen egin ustezko arrazoimenaren ulermen teoretikoen bidez.

***

Ohar horietatik abiatuta Arrazoimen espekulatibo hutsaren kritikaren irakurlea erabat konbentzituko da honetaz: zein beharrezkoa, zein ezinbestekoa zen teologia eta moralarentzat kategorien dedukzio lantsu hura. Izan ere, horren bidez baino ezin da eragotzi haiek, arrazoimen hutsean ezartzen direnean, Platonekin batera jaiotzetikotzat hartzea eta horren gainean handigura transzendenteak oinarritzea sentimenetik haratago denari buruzko teoriekin, horren amaierarik aurreikusi ezin daitekeelarik, baina horren bidez teologia mamuen linterna magikoa bihurtuz; haiek, ordea, eskuratutakotzat hartzen badira, dedukzio horrek eragozten du Epikurorekin batera haien erabilera guztiak, baita asmo praktikoan ere, sentsuen objektu eta determinazio-oinarrietara murriztea. Baina kritikak dedukzio hartan frogatu zuenez lehenik haiek ez dutela jatorri enpirikorik, baizik eta a priori adimen hutsean dutela euren egoitza eta iturria; bigarrenik, objektuei oro har lotzen zaizkienez, haien begiespenetik beregain, haiek noski objektu enpirikoei aplikatzean baino ez dutela sortzen ezagutza teoretikoa, baina, hala ere, arrazoimen praktiko hutsaren bidez ematen zaigun objektu bati aplikatuta, sentimenetik haratagokoa era determinatuan pentsatzeko balio dutela, baina soilik hori halabeharrez a priori dugun asmo praktiko hutsari eta horren ahalgarritasunari dagokien predikatuen bidez determinatzen den heinean. Arrazoimen hutsaren murriztapen espekulatiboak eta horren zabalpen praktikoak arrazoimena berdintasun erlazio batera ekartzen dute, non arrazoimena oro har bere xedeari begira erabil daitekeen, eta adibide horrek frogatzen du beste edozeinek baino hobeto jakituriarako bideak, segurua bihurtuko bada eta ez ibiltezina edo nahasgarria, gizakiongan ezinbestean jakintza zeharkatu behar duela, baina horrek helburu hartara eramango gaituela, nahiz eta horretaz bidea osatzean baino ezingo garen konbentzitu.


* Jatorrizkoan “teologiko” (theologisch) esaten du, baina “teoretiko”  (theoretisch) irakurketa hobesten dut.

* Jatorrizkoan oder esaten du, “edo”, baina ohne irakurketa egin dut, zentzuari jarraiki.

[1] Ikaskuntza jakintza historikoen bilkura baino ez da benetan. Ondorioz, agerkundearen teologiaren irakasleari soilik dei dakioke teologian ikasia. Arrazoimen-jakintzen (matematika eta filosofiaren) jabe denari ikasi deitu nahiko balitzaioke, hori hitzaren esanahiaren (izan ere, ikaskuntzaren zati da betiere irakatsi egin behar dena eta, beraz, ez arrazoimenaren bidez berez asma daitekeena) aurka balego ere, orduan filosofoak itxura txarregia izango luke, jainkoaz duen ezagutza horrekin jakintza positibo gisa, ikasia izena merezi ahal izateko.