VIII. Arrazoimen hutsaren premiak eskatutako egiestea
***
Adigai hain bitxiaren erabileran, arrazoimen-sinesmen praktiko huts baten kasuan bezala, gaizki-ulertzeak ekiditeko, zilegi bekit are ohar bat gehiago gaineratzea. Badirudi ia arrazoimen-sinesmen horrek hemen agindu gisa iragarriko lukeela, hain zuzen, ongi gorena ahalgarri gisa onartzea. Baina agintzen den sinesmen bat zentzugabekeria da. Hala ere, gogora ekartzen badugu lehenago aipatutako eztabaida, ongi gorenaren adigaian zer onartu behar denari buruzkoa, ohartuko dugu ahalgarritasun hori onartzea ezin dela agindu inolaz ere, eta ez dela ezein jaidura praktikorik eskatzen hura onartzeko, baizik eta arrazoimen espekulatiboak hura eskakizunik jaso gabe ere onartzen duela; izan ere, inork ezin du baieztatu bere baitan ezinezkoa dela lege moralari egokitzen zaion zerizan arrazoidunaren duintasuna munduan zoriontsu izateko eta aldi berean horri lotuta zorion horren jabegoa izatea. Baina ongi gorenaren lehen osagaiari dagokionez, hots, etikotasunari dagokionez, lege moralak agindu bat baino ez digu ematen, eta osagai horren ahalgarritasuna zalantzan jartzea, lege morala bera zalantzan jartzea bezainbat litzateke. Baina objektu haren bigarren osagaiari dagokionez, hots, duintasun hari guztiz egokitzen zaion zorionari dagokionez, haren ahalgarritasuna oro har onartzeko ez dago agindu baten premiarik, arrazoimen teoretikoak berak ez baitu ezer horren aurka, baina natur legeak askatasunarekin harmonian pentsatzeko eran soilik sortzen zaigu aukera bat, zeren arrazoimen teoretikoak ez baitu ezer erabakitzen ziurtasun apodiktikoz, eta horri dagokionez azken erabakia hartzen duen interes moral bat izan daiteke.
Lehenago esan dut naturaren ibilera soilaren arabera munduan balio etikoari zehazki dagokion zoriona ezin daitekeela itxaron eta ezinezkotzat hartu behar dela, eta ongi gorenaren ahalgarritasuna ere alde horretatik munduaren egile moralaren aurresuposiziopean soilik onar daitekeela. Zuhurtasunez judizio hori murriztu nuen gure arrazoimenaren baldintza subjektiboetara, horrela haren egiestea zehazkiago determinatua izan ondoren hura erabiltzeko. Egitatean, aipatutako ezintasuna subjektiboa baino ez da, hau da, gure arrazoimenak ezinezkoa aurkitzen du hain lotura zehazki egokitua eta guztiz xedearen araberakoa ulergarri bihurtzea hain lege ezberdinen arabera diharduten munduko gertaera bien artean naturaren ibilbide soilaren arabera, nahiz eta horren ezintasuna natur lege orokorren arabera ezin duen frogatu, hau da, oinarri objektiboetatik abiatuta nahikoa azaldu, naturan xedeen araberakoa den guztiarekin gertatzen denez.
Baina orain beste motako erabaki-oinarria sartzen da jokoan, arrazoimen espekulatiboaren kulunka horretan azken erabakia hartzeko. Ongi gorena sustatzeko agindua objektiboki oinarrituta dago (arrazoimen praktikoan), eta horren ahalgarritasuna oro har ere bai (arrazoimen teoretikoan, ez baitauka ezer horren aurka). Baina ahalgarritasun hori errepresentatzeko modua da arrazoimenak objektiboki erabaki ezin duena, ea natur lege orokorren arabera egin behar den naturaren buru den egile jakintsurik gabe, edo hori aurresuposatuz egin behar den. Hemen arrazoimenaren baldintza subjektiboa sortzen da: harentzat teoretikoki ahalgarri den modu bakarra, aldi berean moralitateak (arrazoimenaren lege objektibo baten menpe dagoenak) onar dezakeen modua naturaren erresuma eta ohituren erresumaren arteko bateratasuna pentsatzeko ongi gorenaren ahalgarritasunaren baldintza gisa. Horren sustapena eta, beraz, horren ahalgarritasunaren aurresuposizioa objektiboki (baina soilik arrazoimen praktikoari jarraiki) beharrezkoa denez, aldi berean ordea hori ahalgarri gisa pentsatzeko modua gure esku dagoenez, hor arrazoimen praktiko hutsaren interes aske batek munduaren egile jakintsu baten onarpenaren alde erabakiz, orduan gure judizioak hemen determinatzen duen printzipioa, subjektiboki bada ere premia gisa, baina aldi berean objektiboki (praktikoki) beharrezkoa dena sustatzeko bitarteko gisa, egiazkotzat hartzeko maxima baten oinarria da asmo moralean, hau da, arrazoimen sinesmen praktiko hutsa. Hori, beraz, ez da agintzen, baizik eta berez sortu da jaidura moraletik existentzia hori onartzeko eta arrazoimenaren erabileran oinarrian ezartzeko gure judizioaren determinazio aske gisa, asmo moralarekin (agindutakoarekin) erka daitekeena, eta gainera arrazoimen-premia teoretikoarekin ados daitekeena; beraz, sarri gerta daitezke kulunkak jaidura oneko pertsonetan, baina hori inoiz ezin daiteke erori sinesmen ezan.
[1] Baina hemen ere ezingo genuke arrazoimenaren premia baten aitzakia aipatu, begien aurrean arrazoimenaren adigai problematiko baina ezinbesteko bat ez bagenu, hots, erabat beharrezkoa den zerizanarena. Adigai hori determinatu behar da orain, eta hori, hedapenerako bultzada gaineratzen denean, arrazoimen espekulatiboaren premia baten oinarri objektiboa da, hots, zerizan beharrezko baten adigaia, besteen jatorrizko oinarri gisa balioko duena horiek zehazkiago determinatzeko eta azken hori horren bidez ezagutarazteko. Aurretik sortzen diren halako beharrezko arazorik gabe ez dago premiarik, gutxienez ez dago arrazoimen hutsaren premiarik; gainerakoak joeraren premiak dira.
[2] Deutsches Museum aldizkarian, 1787ko otsailekoan, buru oso fin eta argi baten idazkia dator, Wizenmann zenarena, zeinaren heriotza goiztarra deitoratu behar den, eta idazkian ukatu egiten du premia batetik horren objektuaren errealitate objektiboa arrazoitzeko eskumena, eta kontu hori maitemindu baten adibidea erabiliz argitzen du, zeinak bere ameskeria baino ez zen edertasunaren ideia batekin erotuz, arrazoitu nahi baitzuen halako objektua benetan nonbait existitzen zela. Arrazoi guztia ematen diot premia joeran oinarritzen den kasu guztietan, horrek ezin baitu eragiten dionari bere objektuaren existentzia halabeharrez postulatu, are gutxiago barnebilduko du edonorentzat balio duen eskakizuna, eta horregatik desiren oinarri subjektiboa baino ez da. Baina orain arrazoimenaren premia dugu, nahimenaren determinazio-oinarri objektibo batetik sortzen dena, hots, lege moraletik, zeinak zerizan arrazoidun oro lotzen duen halabeharrez, eta beraz, naturan berari dagozkion baldintzen aurresuposizioa a priori egiteko eskubidea du, eta azken hori arrazoimenaren erabilera praktiko osatutik bereiztezin bihurtzen du. Betebeharra da ongi gorena gure ahalmen handienaren arabera egikaritzea; horregatik, ahalgarri ere izan behar du; eta beraz, ezinbestekoa zaio munduko zerizan arrazoidun orori horren ahalgarritasun objektiborako beharrezkoa dena aurresuposatzea. Aurresuposizioa lege morala bezain beharrezkoa da, horrekin loturan baino ez izaki balioduna.