Edukira joan

Biblia/1 Joan

Wikitekatik
Biblia
1 Joan
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

JOANEN LEHEN GUTUNA

Begizko testiguaren iragarpena


1. atala

[aldatu]

1 Hasieratik zen biziaren hitza, entzun eta geure begiz ikusi duguna, begiratu eta geure eskuz ukitu duguna, iragartzen dizuegu. 2 Izan ere, bizia agertu egin zen, ikusi egin dugu eta beronen lekuko gara; Aitarekin zegoen eta guri agertu zitzaigun betiko bizia iragartzen dizuegu. 3 Ikusi eta entzun duguna dizuegu zuei ere iragartzen, zuek ere gurekin elkartasunean bizi zaitezten. Eta gure elkartasuna Aitarekin eta honen seme Jesu Kristorekin da. 4 Eta gauzok idatzi, gure poza bete-betea izan dadin idazten ditugu.

Jainkoa argia da

5 Hona hemen Jesu Kristogandik entzuna dugun mezua eta zuei iragartzen dizueguna: Jainkoa argia da, eta berarengan ez da inolako ilunik. 6 Berarekin elkartasunean bizi garela esan eta ilunpetan baldin bagabiltza, gezurra diogu eta ez gara egiaren arabera ari. 7 Baina argitan bagabiltza, Jainkoa ere argitan dagoen bezala, elkartasuna dugu geure artean, eta haren Seme Jesusen odolak bekatu guztitik garbitzen gaitu.

Bekatuari uko egin

8 Bekaturik ez dugula esaten badugu, geure burua engainatzen dugu, eta egia ez dago gure baitan. 9 Geure bekatuak aitortzen baditugu, ordea, leiala eta zuzena den Jainkoak bekatuak barkatu eta gaiztakeria orotatik garbituko gaitu. 10 Bekaturik ez dugula egin esaten badugu, gezurti egiten dugu bera, eta haren mezua ez dugu geuregan.


2. atala

[aldatu]

1 Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo. 2 Hark bere burua eskaini zuen gure bekatuak barkatzeko, eta ez gureak bakarrik, bai eta mundu osoarenak ere.

Bete aginduak, maitasunarena batez ere

3 Jainkoaren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu bera ezagutzen dugula. 4 <<Ezagutzen dut Jainkoa>> esan eta haren aginduak betetzen ez dituena gezurti da, eta egia ez du beregan. 5 Haren mezua onartzen duenarengan, berriz, Jainkoaren maitasuna bere betera iritsi da: horrela dakigu berarekin bat eginik gaudena. 6 Jainkoarekin bat eginda dagoela dioenak, Jesusek jokatu zuen bezalaxe jokatu behar du. 7 Ene maiteok, ez dizuet agindu berririk adierazten, antzinakoa baizik, hasieratik izan duzuena. Entzun zenuten mezua da antzinako agindu hau. 8 Hala ere, adierazten dizuedan agindua berria da; hori egia dela Kristorengan eta zuengan agertzen da, desagertzen ari baita iluna eta argi egiten du jadanik egiazko argiak. 9 Argitan dagoela esan eta senideari gorroto diona ilunpetan dago oraindik. 10 Senidea maite duena argitan dago eta ez du ezerk eroraraziko. 11 Bere senideari gorroto diona, berriz, ilunpetan dago, ilunpetan dabil eta ez daki nora doan, ilunak itsutu egin baitizkio begiak.

Sinestedunak munduaren aurrean

12 Zuei, seme-alabatxooi, diotsuet: Barkatu zaizkizue bekatuak Jesusen bitartez. 13 Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura. Zuei, gazteoi, diotsuet: Garaitu duzue gaiztoa. 14 Zuei, seme-alaboi, diotsuet: Ezagutzen duzue Aita. Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura. Zuei, gazteoi, diotsuet: Indartsu zarete eta Jainkoaren mezua zuengan tinko dago eta garaitu duzue gaiztoa. 15 Ez maitatu mundua, ez eta munduko gauzak ere. Mundua maite duenak ez du bere baitan Aitarenganako maitasunik. 16 Izan ere, munduan dagoen guztia --grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria-- ez dator Aitarengandik, mundutik baizik. 17 Mundua eta beronen grinak iragan egiten dira; Jainkoaren nahia betetzen duenak, berriz, betiko irauten du.


Kontuz Kristoren etsaiekin

18 Seme-alabok, azken ordua da. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela. Hara bada, antikristo asko agertu da dagoeneko, eta hori da azken orduaren seinalea. 19 Gure artetik atera dira, baina ez ziren benetan guretarrak. Guretarrak izan balira, gurekin jarraituko zuketen. Alabaina argi gelditu behar zuen guztiak ez zirela guretarrak. 20 Zuek, ordea, Kristok emandako Espiritu Santua duzue zeuen baitan eta denok ezagutzen duzue egia. 21 Idazten badizuet, ez da egia ez dakizuelako, badakizuelako baizik, eta badakizue egiatik gezurrik batere ez datorrela. 22 Nor da gezurtia Jesus Mesias dela ukatzen duena baizik? Horixe da antikristoa, Aita eta Semea ukatzen dituena. 23 Semea ukatzen duenak Aita ere ukatu egiten du. Semea aitortzen duenak Aita ere berekin du. 24 Zuek eutsi tinko hasieratik entzun duzuen mezuari. Hasieratik entzun duzuenari eusten badiozue, Aitarekin eta Semearekin bat eginda egongo zarete. 25 Eta hau da Kristok egin zigun agintzaria: betiko bizia. 26 Engainatu nahi zaituztenei buruz idatzi dizuet hau. 27 Baina zuei dagokizuenez, Jesusengandik hartu duzuen Espirituak zuengan irauten du eta ez duzue inork irakatsi beharrik, zeren haren Espirituak dena irakasten baitizue, eta irakaspen hau egiazkoa da eta ez gezurrezkoa. Beraz, hark irakatsiaren arabera, zaudete Kristorekin bat eginda.

Sinestedunen itxaropena

28 Beraz, semetxook, zaudete Kristorekin bat eginda, bera agertzean konfiantza osoa izan dezagun, eta etorriko denean, lotsaturik, harengandik urrun geldi ez gaitezen. 29 Hark Jainkoaren nahia egiten duela baldin badakizue, jakizue halaber Jainkoaren nahia egiten duen oro harengandik jaioa dela.


3. atala

[aldatu]

1 Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu. 2 Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura. 3 Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala.

Bekatuari uko egin

4 Bekatu egiten duen orok gaizki jokatzen du, bekatua gaiztakeria baita. 5 Eta badakizue, bekatuak kentzeko agertu zela Kristo, eta harengan ez da bekaturik. 6 Harekin bat eginik dagoenak ez du gehiago bekaturik egiten. Bekatu egiten duenak hura ez duela ez ikusi, ez ezagutu, erakusten du. 7 Seme-alabatxook, ez zaitzatela inork engaina. Jainkoaren nahia egiten duena zuzena da, Kristo zuzena den bezalaxe. 8 Bekatu egiten duena, berriz, deabruarena da, hasieratik ari baita deabrua bekatu egiten. Hain zuzen, honetarako agertu zen Jainkoaren Semea, deabruaren egintzak deusezteko. 9 Jainkoarengandik jaio denak ez du bekatu egiten jarraitzen, mezuaren hazia bere barruan baitu; ezin du gehiago bekaturik egin, Jainkoarengandik jaioa delako. 10 Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme-alaba, eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme-alaba.

Elkar maitatu

11 Hauxe da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagula; 12 ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen. Eta zergatik hil zuen? Beraren egintzak gaiztoak zirelako, eta anaiarenak zuzenak. 13 Ez harritu, senideok, mundukoek gorroto badizuete. 14 Guk badakigu heriotzatik bizira iragan garena, eta hau jakin, senideak maite ditugulako dakigu. Maite ez duena heriotzaren menpe dago. 15 Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak bere baitan betiko bizirik ez duena. 16 Maitasuna zer den, Kristok gure alde bizia eman duelako jakin dugu. Guk ere senideen alde behar dugu geure bizia eman. 17 Norbaitek lur honetako ondasunak baditu eta, bere senidea premian ikusirik, ez badio errukiz laguntzen, nola izan dezake bere baitan Jainkoaren maitasunik? 18 Seme-alabatxook, ez dezagun hitzez eta ahoz maita, egitez eta egiaz baizik. 19 Horrelaxe jakingo dugu egiarenak garela, eta lasaitu ahal izango dugu geure barrua Jainkoaren aurrean; 20 zeren eta geure kontzientziak kondenatzen bagaitu ere, gure kontzientziaren gainetik baitago Jainkoa eta dena ezagutzen baitu. 21 Ene maiteok, geure kontzientziak kondenatzen ez bagaitu, berriz, uste osoz jo dezakegu Jainkoarengana, 22 eta eskatutako guztia hartuko dugu harengandik, haren aginduak betetzen baititugu eta atsegin zaiona egiten. 23 Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar, berak agindu bezala. 24 Agindu hauek betetzen dituena Jainkoarekin bat eginik dago, eta Jainkoa beronekin. Jainkoa gurekin dagoen seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.

Kristoren Espiritua eta etsaiaren espiritua


4. atala

[aldatu]

1 Ene maiteok, ez fidatu edozeinekin; aztertu lehenengo Jainkoarengandik datorren ala ez, sasiprofeta asko sortu baita munduan. 2 Honela jakingo duzue norbaitek Jainkoaren Espiritua duen ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dela aitortzen duenak Jainkoaren Espiritua du; 3 Jesusen izaera hau ukatzen duenak, ordea, ez du Jainkoaren Espiritua, antikristoarena baizik. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela; hara bada, munduan da jadanik. 4 Seme-alabatxook, zuek Jainkoarenak zarete, eta garaituak dituzue sasiprofeta horiek, zuengan dagoena munduan dagoena baino handiagoa baita. 5 Mundukoak dira horiek; horregatik, munduaren arabera mintzo dira, eta mundukoek entzun egiten diete. 6 Gu, berriz, Jainkoarenak gara, eta Jainkoa ezagutzen duenak entzun egiten digu; Jainkoarena ez denak, aldiz, ez digu entzuten. Honetatik atera dezakegu nork duen egiaren espiritua eta nork gezurraren espiritua.

Maite duenak ezagutzen du Jainkoa

7 Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. 8 Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita. 9 Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun. 10 Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna. 11 Ene maiteok, Jainkoak horrela maite izan bagaitu, guk ere maitatu egin behar dugu elkar. 12 Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; elkar maitatzen badugu, Jainkoa gurekin bat eginik dago eta beraren maitasuna bere betera iritsi da guregan. 13 Jainkoa eta gu elkarrekin bat eginik gauden seinalea hau da: berak eman digun Espiritua. 14 Eta guk ikusia dugu eta aitortzen Aitak Semea bidali zuela munduaren salbatzaile. 15 Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzen duenarengan dago Jainkoa eta hura Jainkoarengan. 16 Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak digun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin. 17 Hau da maitasuna guregan bere betera iritsi den seinalea: auzi-egunerako guk konfiantza osoa dugula; Kristoren izaera berekoak baikara mundu honetan. 18 Maitasunean ez dago beldurrarentzat tokirik, baizik eta maitasun beteak kanpora botatzen du beldurra, beldurra zigorra espero duenari baitagokio; beldur dena ez da maitasun betera iritsi. 19 Beraz, maita dezagun, Jainkoak maitatu baikintuen lehenik. 20 <<Jainkoa maite dut>> esan eta senideari gorroto diona gezurti da; izan ere, ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa. 21 Hauxe da harengandik hartu dugun agindua: Jainkoa maite duenak maita dezala bere senidea ere.

Sinesmenak mundua garaitu


5. atala

[aldatu]

1 Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoarengandik jaioa da, eta aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu. 2 Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna. 3 Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak, 4 Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua. Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da. 5 Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik? 6 Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita. 7 Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak: 8 Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz. 9 Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza. 10 Jainkoaren Semearengan sinesten duenak bere baitan du testigantza hori; Jainkoari sinesten ez dionak, berriz, gezurti egiten du bera, ez baitu sinesten Jainkoak bere Semearen alde egin duen testigantza. 11 Hauxe da testigantza: Jainkoak betiko bizia eman digula, eta bere Semearen bidez eman ere. 12 Semea berekin duenak bizia du; Jainkoaren Semea ez duenak ez du bizirik.

Azkena: konfiantza osoa

13 Zuei, Jainkoaren Semearengan sinetsi duzuenoi, idatzi dizkizuet gauza hauek, betiko bizia duzuela jakin dezazuen. 14 Konfiantza osoa dugu Jainkoarengana jotzeko, ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula. 15 Eta, gure eskariak entzuten dituela jakinik, ziur gaude eskuan daukagula eskatutako guztia. 16 Norbaitek, heriotzara ez daraman bekaturen bat egiten ikusten badu bere senidea, egin beza otoitz eta Jainkoak bizia emango dio; heriotzara ez daraman bekatua egiten dutenei buruz diot hau. Izan ere, bada heriotzara daraman bekatua ere, eta ez dut esaten horren alde eskatzeko. 17 Gaiztakeria oro bekatu da, baina bada heriotzara ez daraman bekaturik. 18 Badakigu Jainkoarengandik jaio denak ez duela bekatu egiten, Jainkoaren Semeak zaintzen baitu, eta Gaiztoak ezin dio inolako kalterik egin. 19 Badakigu Jainkoarenak garela eta mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela. 20 Badakigu Jainkoaren Semea etorri dena eta adimena eman diguna egiazko Jainkoa ezagutzeko. Egiazko Jainkoarekin bat eginik gaude, beraren Seme Jesu Kristorekin bat eginda egonik. Hauxe dugu egiazko Jainkoa eta betiko bizia. 21 Seme-alabatxook, ibili kontuz idoloekin. \z